Ekaineko Azterketa 2002-06-21
Irakasleak betetzekoak:
1) Argudioaren Erretorika: Kausa argudioa.
Hurrengo
testua irakurri eta deskribatu zelan darabilen kausa argudioa: bai ikusten
dituzun kausa motak deskribatuz, bai kausa argudioaren taktikak azalduz
Azkenean,
hainbat ziklo bete ostean kolpea jotzen eta gero atzera egiten, zorne izurria
desagertu egin zen Europatik. Londresek gaixotasun horrekin izandako azken
esperientzia, Izurrite Handia, 1665ean hasi eta modu ikusgarrian amaitu zen
1666ko Sute Handiarekin. Garai hartan londrestarrentzat gauza naturala zen
pentsatzea su garbitzaile hari zor ziotela gaixotasunetik libratu izana.
Geroago, baten batzuek esan izan dute sutearen ostean hiria berreraiki zen
moduari esker ez zutela londrestarrek gaixotasuna gehiago harrapatu: hiri
berria adreiluzko etxez eginda zegoen, eta zaramarik gabeko kale zabalez, Erdi
Aroko egitura nahaspilatu eta kalexka kirastuez betetakoaren ordez.
Azalpen
hori erakargarria da, baina gertutik aztertuz gero ez dirau zutunik. Hori
esateko arrazoi bat zera da, suak Londresen erdialdea baino ez zuela suntsitu,
mende harexen hasieran izurrite kolpeek gutxien jotako alderdian, alegia.
Beraz, aurreko garaietan gehien kaltetutako kanpoalde jendetsuak ukitu barik
utzi zituen izurriteak oraingoan. Bigarren arrazoia da Londres izurritetik
libre egon zen garai berean Europako beste hiri batzuk ere egon zirela izurritetik
libre, adibidez Paris eta Amsterdam, eta hori ezin daiteke lotu Londresko Sute
Handiarekin.
Beste
teoria betegarriago (baina hala ere oker) batek proposatzen du izurritearen
desagerpena osasun eta higiene maila apurka-apurka igotzen joatearekin etorri zela.
Ezin daiteke higienearen faktorea baztertu, baina horrek ez du azaltzen
zergatik izurritearen hurrengo kolpeek betiko eskema bete zuten, hau da,
heriotza tasa handiak eraginez, baina Europaren erdialdetik gero eta urrunago
joaz bakoitzean. Ia ematen du Europa zelanbaiteko immunitatea garatzen ari
zela, eta horrek eragotzi egiten ziola gaixotasunari betiko moduan hedatzen
jarraitzea. Iparraldean atzera jotze hori ekialderantz izan zen;
Mediterraneoan, berriz, hegoalderantz. Zenbat eta beranduago sortu gaixotasuna,
orduan eta zailagoa bide zitzaion zabaltzea. Gainera, datu guztien arabera,
sasoi hartan trafikoa ugaltzen ari zen bai lehorrean eta bai itsasoan.
Azkenik,
XIX. mendean arratoiak aipatu ziren azalpen gisa. Zera proposatu zen, arratoi
beltzaren (Rattus rattus) populazio dinamikan izandako
aldaketei zor zitzaiela izurritearen amatatzea. XVIII. mendean dagoeneko
ohartuta zeuden arratoi espezie berri batek —arratoi marroiak (Rattus norvegicus)— lekua hartua ziola,
neurri handi batean, gaixotasunaren betiko eroalea izandako arratoi beltzari.
Arratoi marroia askoz ere eroale eskasagoa izango zen: arratoi marroiak beltzak
bezalaxe harrapa dezake izurriaren baziloa, baina normalean ez da gizakien
inguruan bizi. Arratoi marroiak normalean soto ilunetan edo estoldetan bizi
dira, eta arratoi beltzak, aldiz, etxeetako goiko geletatik eta teilatuko
habietatik ibiltzen dira. Ekialdeko arratoi-arkakusoak gehienez ere 90 mm-ko
jauziak egin ditzakeenez, habitat preferentziak beharbada nahiko izango ziren
gizakiak libratzeko izurria harrapatua zeukaten arkakusoetatik.
Arratoi
marroiaren teoriak onargarria dirudi, baina ez dator bat datu geografikoekin:
arratoi marroia Europako ekialdetik mendebaldera zabaldu zen XVIII. mendean,
eta izurritea, berriz, mendebaldetik ekialderantz erretiratu zen. Arratoi
marroiak denbora luzea zeraman Moskun izurriak kolpe gogorra jo zuenean hiri
hartan 1770etan. Ez zen Londresera iritsi 1727ra arte, hiri horretan izurriak
azkenekoz jo baino 60 urte luze geroago, alegia.
San
Diegoko Unibertsitate Publikoko irakasle Andrew B. Appleby zenak teoria
alternatiboa proposatu zuen, hots, arratoi beltzaren ehuneko jakin bat
immunizatu egin zela XVII. mendean barrena. Immunizatutako animaliok ugaldu eta
Europatik zabaldu bide ziren hurrengo ehun urteetan zehar. Arratoiok
gaixotasunaren baziloa eduki zezaketen artean ere, baina ez ziren hilko, eta,
beraz, arkakusoen populazio handia eduki ahal izango zutenez, arkakusoek ez
zuten beste ostalari batzuen bila abiatu beharrik izango. Teoria hori, alabaina,
ez dator bat animali populazioak izurriteen kontra immunizatzeko prozesuez
dakigunarekin. Oxfordeko Unibertsitateko irakasle Paul Slackek adierazi duenez,
arratoiak sarritan immunizatzen dira bakterio edo birus patogeniko batekin
harremanetan jartzen direnean, baina denbora gutxirako, eta beraz segurutik
horrek ezin du esplikatu izurritearen kontrako immunizazio orokorra.
Beste
teoria sendoago batek proposatzen du izurritearen bazilo espezie berri bat
garatu zela, Yersinia pestis
izenekoa, eta hori ez zela izan aurrekoa bezain gogorra. Hain gogorra ez
izanik, “bakuna” moduan jokatuko zuen beharbada, eta gaixotutako animali eta
gizakiei nolabaiteko immunitatea emango zien bakterioaren oinordeko gogorragoen
kontra.
Teoria
bakteriologiko hori onargarria da hainbat aldetatik. Lehendabizi, bat dator
Theobold Smith patologistak proposatutako legearekin. Honelaxe dio lege horrek:
“manifestazio patologikoak zera besterik ez dira: garatuz doan parasitismo
baten gorabeherak”, eta, ondorioz, epe luzean gaixotasunen forma ahulagoek
lekua kendu ohi diete gogorragoei. Bigarrenik, teoria honek azaltzen du
zergatik gertatu ziren batera bi fenomenook: alde batetik, izurritea ahultzea,
eta, bestetik, leku batean agertzen zenean, urrunago ezin hedatzea. Izan ere,
gaixotasun bat ezin daiteke urrun hedatu baldin eta berori harrapa dezaketen
izakien kopurua txikia bada. Hirugarrenik, badago, egon, izurritearen
baziloaren senide hurbileko bat, Yersinia
pseudotuberculosis deritzona. Horrek ez die gaixotasunik kutsatzen
arratoiei, baina izurritearen kontrako immunitate maila handia ematen die.
Zabaldu
ote zen apurka-apurka modernitatearen hasierako Europako arratoien artean Yersinia pseudotuberculosis hura, edo
antzeko ezaugarriak zeuzkan beste senideren bat, eta horrek eragotzi egin ote
zion Yersinia pestis-i Europan
finkatzea? Froga zuzenik ez dugu hipotesia egiaztatzeko, baina beste hipotesi
guztiak baino arrazoizkoagoa ematen du...
ZORNE IZURRIA Colin McEnedy
2) Hizkuntzaren adierazkortasuna: Metaforaren Teoria
(Lakoff 1993)
Hurren
esamolde eta atsotitz batzuk agertuko zaizkizu, azaldu zein den sorburua eta
zein xedea Metaforaren Teoriaren arabera; saiatu azalpentxo batez hornitzen
bion arteko lotura
-
Begietara eman
-
Bururik ez
duenak, hankak ibili behar
-
Hilketa leporatu
zioten
-
Irabaziak oinak
arin
-
Lehengo lepotik
burua
-
Neguaren
gerri-gerrian
-
Norbaitek zerbait
bere esku izan.
-
Norbaiten esku
egon konponbidea
-
Norbaiten lepotik
bizi
-
oin makalak ditu
uste honek
-
Oinezkorik gura
ez, zaldizkorik etorri ez
-
Plaza lepo zegoen
3) Irakurketa kontrola (Emakumezko idazleren baten
lana aurkeztu ez dutenentzat)
A)
Eman ahalik eta informaziorik gehien Mr Collinsi buruz: nor zen, zelan irizten
zion Janen aitak, ezaugarriren bat bere berba moduaz, eta abar.
B)
Azaldu zelakoak diren Elizabethen aita eta amak
4) Planteamendu lexikala (Emakumezko idazleren baten
lana aurkeztu ez dutenentzat) Azaldu
zer den Pusketatzea Hizkuntz irakaskuntzan
Kurtso osoa
duzuenontzat
5) Argudioaren Erretorika: Gauzen nolakotasuna
A)
Bilatu hurrengo testuan zein den baieztapen nagusia eta azaldu zelan datorren
emanda lehen lauhilabetean landutakoaren arabera
Sorginak jende enpirizista ziren; euren zentzuez
fidatzen ziren, eta ez fedeaz edo doktrinaz. Saio eta errorean sinesten zuten,
kausa eta ondorioan. Euren jarrera ez zen erlijiosoki pasiboa, aktiboa eta
galde egitekoa baino. Fidatzen ziren euren trebeziaz gaixotasunei, haurdunaldiei
eta erditzeari aurre egiteko, dela medikazioaren bidez edo xarmak erabiliz.
Labur esanda, euren magia garai hartako zientzia zen.
B)
Esan nolakoak diren hurren datozen definizioak; hausnartu eta azaldu zergatik
(Lehen lauhilabetean Gramatika lana aurkeztu ez zenutenontzat)
i.
Alienatzea ematea
edo saltzea da. (Jean Jacques Rousseau, The
Social Contract)
ii.
Estoizismoa
filosofia helenikoa zen, gizakien bizitza pertsonalak eta politikoak kosmosa
bezain ordenatu bilakatu nahi zituena. (Encyclopedia
of Philosophy)
iii.
Fisika modernoa
diodanean oso zehatza izan naiteke: 1896 osteko fisika, lehen urratzea egin
zenean, eta egin ere, harrigarriro asko, ez teorikoki, esperimentalki baino,
Röntgenek X-izpiak idoro zituenean. (J. D. Bernal, The Extension of Man)
iv.
Gehiengoa,
taldean hartuta, izakitzat jo daiteke, eta pentsatu haren iritziak, eta batez
ere, haren interesak, aurrez aurre daudela gutxiengo izena ematen zaion beste
izaki baten interesekin. (Alexis de Tocqueville, Democracy in America)
v.
Gizakia ihia
baino ez da, naturako gauzarik hauskorrena, baina adimena duen ihia da. (Blaise
Pascal Thoughts).
vi.
Heziera ona ez da
bakarrik guk esatea gugandik espero dena, baizik eta benetan barru-barrutik
esan nahi duguna esatetik geure burua gibeleratzea, besteak mindu litzakeelako.
Norbaitek dioskunean, “zelan zabiltza?”, erantzuten diogu “ederto batean,
eskerrik asko, eta zu zeu?” (Daniel J. Boorstin, Democracy and Its Discontents)
vii.
Historiaurrea…
Ameriketan Kolon baino lehenagoko denari esaten zaio, Cortez baino
lehenagokoari, Pizarro baino lehenagokoari, Raleigh baino lehenagokoari, Aita
Erromesak eta Penn baino lehenagokoari. (Nikolaus Pevsner, An Outline of European Architecture)
6) Planteamendu lexikalaz
A)
Azaldu zer den hizkuntzaren esamoldezkotasunaren
espektroa
B)
Azaldu zer den trinkotasun lexikala
(Lehen lauhilabetean Gramatika lanik aurkeztu ez zutenentzat)