Euskara eta Bere Didaktika II

Etxean egiteko azterketa

Ekaineko deialdia

TALDEA.................................................... (Heziketa Fisikoa / Lehen Hezkuntza)

ABIZENA.........................................................

IZENA...............................................................

 

Irakasleak betetzekoak:

Iritzi orokorra:.................................................

Edukiak ezagutu................................................

Zelan eman........................................................

 

Oharra: Azterketa hau etxean egiteko da, nahi duzuena kontsultatu, baina oso kontuan har azterketa pertsonala dela, eta ez talde lana; hau da, bi azterketetan esaldi bera aurkitzen badut azterketa bioi jarriko diet gutxiegia.

Argudioaren Erretorika: Kausa argudioa

1)       Aztertu testua kausa argudioaren arabera:

a.        Kausa motak identifikatu kausa ereduen arabera

b.        Kausa estrategiez edo aurkezteko moduez, begiratu ea Millen metodoetatik zein dagokion bakoitzari

c.        Beste kausa estrategiak ere aipatu

2)       Ez eman eskemarik, hau da, idatzi idazlan bat zuen azterketa jasoko duena modu ordenatu eta koherentean

3)       Gogoratu aurretik ikasitakoak ere balio duela testua aztertzeko (hau da definiziorik aurkituz gero edo adibiderik esan zein motatakoak diren, konparaketarik aurkituz gero azaldu zein den hurrenkera, egiaztatzerik baldin badago eman horren gaineko berri, etab.).

4)       Ez egin akats gramatikalik, errepasatu ortografia ere, unibertsitate mailako testua sortu mesedez.

 

 

Azkenean, hainbat ziklo bete ostean kolpea jotzen eta gero atzera egiten, zorne izurria desagertu egin zen Europatik. Londresek gaixotasun horrekin izandako azken esperientzia, Izurrite Handia, 1665ean hasi eta modu ikusgarrian amaitu zen 1666ko Sute Handiarekin. Garai hartan londrestarrentzat gauza naturala zen pentsatzea su garbitzaile hari zor ziotela gaixotasunetik libratu izana. Geroago, baten batzuek esan izan dute sutearen ostean hiria berreraiki zen moduari esker ez zutela londrestarrek gaixotasuna gehiago harrapatu: hiri berria adreiluzko etxez eginda zegoen, eta zaramarik gabeko kale zabalez, Erdi Aroko egitura nahaspilatu eta kalexka kirastuez betetakoaren ordez.

Azalpen hori erakargarria da, baina gertutik aztertuz gero ez dirau zutunik. Hori esateko arrazoi bat zera da, suak Londresen erdialdea baino ez zuela suntsitu, mende harexen hasieran izurrite kolpeek gutxien jotako alderdian, alegia. Beraz, aurreko garaietan gehien kaltetutako kanpoalde jendetsuak ukitu barik utzi zituen izurriteak oraingoan. Bigarren arrazoia da Londres izurritetik libre egon zen garai berean Europako beste hiri batzuk ere egon zirela izurritetik libre, adibidez Paris eta Amsterdam, eta hori ezin daiteke lotu Londresko Sute Handiarekin.

Beste teoria betegarriago (baina hala ere oker) batek proposatzen du izurritearen desagerpena osasun eta higiene maila apurka-apurka igotzen joatearekin etorri zela. Ezin daiteke higienearen faktorea baztertu, baina horrek ez du azaltzen zergatik izurritearen hurrengo kolpeek betiko eskema bete zuten, hau da, heriotza tasa handiak eraginez, baina Europaren erdialdetik gero eta urrunago joaz bakoitzean. Ia ematen du Europa zelanbaiteko immunitatea garatzen ari zela, eta horrek eragotzi egiten ziola gaixotasunari betiko moduan hedatzen jarraitzea. Iparraldean atzera jotze hori ekialderantz izan zen; Mediterraneoan, berriz, hegoalderantz. Zenbat eta beranduago sortu gaixotasuna, orduan eta zailagoa bide zitzaion zabaltzea. Gainera, datu guztien arabera, sasoi hartan trafikoa ugaltzen ari zen bai lehorrean eta bai itsasoan.

Azkenik, XIX. mendean arratoiak aipatu ziren azalpen gisa. Zera proposatu zen, arratoi beltzaren (Rattus rattus) populazio dinamikan izandako aldaketei zor zitzaiela izurritearen amatatzea. XVIII. mendean dagoeneko ohartuta zeuden arratoi espezie berri batek —arratoi marroiak (Rattus norvegicus)— lekua hartua ziola, neurri handi batean, gaixotasunaren betiko eroalea izandako arratoi beltzari. Arratoi marroia askoz ere eroale eskasagoa izango zen: arratoi marroiak beltzak bezalaxe harrapa dezake izurriaren baziloa, baina normalean ez da gizakien inguruan bizi. Arratoi marroiak normalean soto ilunetan edo estoldetan bizi dira, eta arratoi beltzak, aldiz, etxeetako goiko geletatik eta teilatuko habietatik ibiltzen dira. Ekialdeko arratoi-arkakusoak gehienez ere 90 mm-ko jauziak egin ditzakeenez, habitat preferentziak beharbada nahiko izango ziren gizakiak libratzeko izurria harrapatua zeukaten arkakusoetatik.

Arratoi marroiaren teoriak onargarria dirudi, baina ez dator bat datu geografikoekin: arratoi marroia Europako ekialdetik mendebaldera zabaldu zen XVIII. mendean, eta izurritea, berriz, mendebaldetik ekialderantz erretiratu zen. Arratoi marroiak denbora luzea zeraman Moskun izurriak kolpe gogorra jo zuenean hiri hartan 1770etan. Ez zen Londresera iritsi 1727ra arte, hiri horretan izurriak azkenekoz jo baino 60 urte luze geroago, alegia.

San Diegoko Unibertsitate Publikoko irakasle Andrew B. Appleby zenak teoria alternatiboa proposatu zuen, hots, arratoi beltzaren ehuneko jakin bat immunizatu egin zela XVII. mendean barrena. Immunizatutako animaliok ugaldu eta Europatik zabaldu bide ziren hurrengo ehun urteetan zehar. Arratoiok gaixotasunaren baziloa eduki zezaketen artean ere, baina ez ziren hilko, eta, beraz, arkakusoen populazio handia eduki ahal izango zutenez, arkakusoek ez zuten beste ostalari batzuen bila abiatu beharrik izango. Teoria hori, alabaina, ez dator bat animali populazioak izurriteen kontra immunizatzeko prozesuez dakigunarekin. Oxfordeko Unibertsitateko irakasle Paul Slackek adierazi duenez, arratoiak sarritan immunizatzen dira bakterio edo birus patogeniko batekin harremanetan jartzen direnean, baina denbora gutxirako, eta beraz segurutik horrek ezin du esplikatu izurritearen kontrako immunizazio orokorra.

Beste teoria sendoago batek proposatzen du izurritearen bazilo espezie berri bat garatu zela, Yersinia pestis izenekoa, eta hori ez zela izan aurrekoa bezain gogorra. Hain gogorra ez izanik, “bakuna” moduan jokatuko zuen beharbada, eta gaixotutako animali eta gizakiei nolabaiteko immunitatea emango zien bakterioaren oinordeko gogorragoen kontra.

Teoria bakteriologiko hori onargarria da hainbat aldetatik. Lehendabizi, bat dator Theobold Smith patologistak proposatutako legearekin. Honelaxe dio lege horrek: “manifestazio patologikoak zera besterik ez dira: garatuz doan parasitismo baten gorabeherak”, eta, ondorioz, epe luzean gaixotasunen forma ahulagoek lekua kendu ohi diete gogorragoei. Bigarrenik, teoria honek azaltzen du zergatik gertatu ziren batera bi fenomenook: alde batetik, izurritea ahultzea, eta, bestetik, leku batean agertzen zenean, urrunago ezin hedatzea. Izan ere, gaixotasun bat ezin daiteke urrun hedatu baldin eta berori harrapa dezaketen izakien kopurua txikia bada. Hirugarrenik, badago, egon, izurritearen baziloaren senide hurbileko bat, Yersinia pseudotuberculosis deritzona. Horrek ez die gaixotasunik kutsatzen arratoiei, baina izurritearen kontrako immunitate maila handia ematen die.

Zabaldu ote zen apurka-apurka modernitatearen hasierako Europako arratoien artean Yersinia pseudotuberculosis hura, edo antzeko ezaugarriak zeuzkan beste senideren bat, eta horrek eragotzi egin ote zion Yersinia pestis-i Europan finkatzea? Froga zuzenik ez dugu hipotesia egiaztatzeko, baina beste hipotesi guztiak baino arrazoizkoagoa ematen du...

ZORNE IZURRIA Colin McEnedy

Planteamendu Lexikala

1)     Azaldu nola irakats daitekeen lexikoa

2)     Azaldu zer den pusketatzea, eta horrekin lotuta zergatik ez duzun Emakumezko idazleen gaineko laneko testua pusketatzea lortu

3)     Zuk landutako emakumezkoen testutik aipatu esapide instituzionalizatu batzuk eta sintagma lexikal batzuk

4)     Azaldu zure hitzekin, eta liburuan ageri ez den adibide banaz, zer diren “kokamendu kutxak”, “Ereduen diagramak” eta “Berbaldiaren egiturak”

5)     Cloze prozedurak egitean, zergatik dio Lewisek onena kokamenduetako hitzak ezabatzea dela? Eta zergatik ez dira item lexikalak irakasteko baliagarri? Zertarako izan daitezke orduan?

6)     Lewisek gramatika preskribatzaileez eta deskribatzaileez zerbait dio zortzigarren atalean; saiatu zure berbetan komentatzen eta erlazionatzen estilo liburuekin (adibidez apunteetan dituzue Xabier Alberdiren apunteekin)

7)     Hurrengo puntuan “Gramatika ez da ondo mugatutako gauza bat”, jarri harremanetan zuzentasun gramatikala eta “litekeenaren espektroa”

8)     Lewisek dio: “Zorigaitzez , hizkuntz irakasle askorentzat (hots, azken 30 urteotan) euskara ikasteko funtsezkotzat jo izan diren ustezko “arauen” multzoa da euskararen gramatika. Hori guztiz ikuspegi desitxuratua da eta, areago, primitiboa.”[1]. Azaldu zergatik, eta eman ahal baduzu hori egiten duen gramatika libururen baten adibideren bat

9)     Azaldu berbaren gramatika zure hitzekin, eta saiatu eskolan ikasturtean zehar egindako lanarekin harremanetan jartzen

10)Lewisek badauka azentu-ereduez eta azentu-andanez azpiatal bat; guk iaz euskararen azentu sistema ikasi genuen; saiatu hausnartzen zer-nolako eragina daukan batuaren “forma osoak” irakasteak hasierako mailetan, eta hortik ondorioztatu ea zein abiapuntutik (hizkuntz eredu) irakatsi beharko zitzaien euskalduntzen doazenei. Saiatu halaber, arrazoitzen zein izan litezkeen nire arrazoiak iaz horrelako gaia sartzeko zuen programan.

11)Zertarako balio dute gramatika ariketak batik bat?

Adierazkortasuna                   

Esamolde eta atsotitz hauek aztertu Lakoffen teoriaren arabera; hau da, atera zein den sorburua eta zein xedea, eta saiatu biak lotzeko motibazio moduren bat atzematen.

 

·        Aho meharreko leizea

·        Alu horrek ez dit berriro joko ogiaren begia

·        Ardorik gozoena, lagunaren lepotik edaten dena

·        Barnerako on dena ez de beti on ahorako

·        Begi bete ardo eman zidaten

·        Belarri zintzoak

·        Belarria eman

·        Belaunez behetiko gizona

·        Beso luzeak dituen gizonak

·        Horrek beti oin bat airean du

·        Ehun libera? Horrenbeste eskatzeko bekokia daukazu, duzun makurrarentzat?

·        Emadazu laranja izterren bat.

·        Esku biekin jantzi

·        Eskuinetarik hiruzpalau karrika laburren ahoak gurutzatzen ditugu

·        Eskutik nago

·        Ez du ahorik aski zu laudatzeko

·        Ez du bekokirik ezetza esateko

·        Ez haizela emana zintzurrari

·        Gaiztoa beti da gibelbeldurti.

·        Gibel aire bat badu

·        Gorputzean hedatzen dituelarik zalutasuna eta indarra, garai-nahia sorrarazten du eta bekokia eta duen ahalaren ezagutza ematen dizkio.

·        Gure heriotza da eternitate baten eztarria

·        Gure txakurrak sudur onak ditu

·        Hanka hoztu

·        Haragiari gibela emanik

·        Hurbildurik gibeletik hunki zezan haren arropa ezpaina

·        Kirioetaraino sartu zait mina

·        Lapurreta egin zuen, eta gero hanka

·        Lur lanetan ari dira gehienak, baina ezti eztia, hemengo bero handiak ez du zainik ematen

·        Mailegatu nahi dizunari ez jar bizkarrez

·        Mihi duena, heltzen Parisera

·        Mihi luzeak eskua labur

·        Neguaren gerri gerrian

·        Negu–neguaren bihotzean

·        Nehor guti ere lur-lanetan gu bezain gibela denik.

·        Ogiaren bihotza

·        Oniritziak izan dira, eta laurak batean ez ezik, banaka ere agertzeko ba omen dute mami eta kiriorik.

·        Sabel batetik ilki, sabel batera jo, Jainko onaren altzora.

·        Sudurrera eman

·        Lagun hark sudurrera eman zion atzo berak esandakoa

·        Sudurretik gora ez daki edukitzen

·        Sudurretik mintzatu

·        Tolosara heltzean, ukondo bat egiten duke ibaiak

·        Zaharra naiz ni, neuk ere ez dakit zenbat urte dauzkadan sorbalden gainean.

Euskal Testuak

1)      Ekarri gaurko idatzizko eredura testu hauxe:

 

Eta orretan beré Cristiñaüac, eztago munduan eriotzea bashen juez artezagoric. Berac dirauscu mundu onetaco anditasun anditasun eta naguitasuna eztala satz pusca bat bashen, ondasunac auts zati bat, gorputzeco edertasuna guzurtia, honra eta lecu altuac ashea, eta munduco guizonac anditzat dauqueen guztia ecer bere ez. Mundu onetan gagozan artean uste dogu guizon batzuc zori galducoac dacuscuzalaco lenengoac yairegui edo palacio zoragarrietan, bigarrenac barriz burua non sartu eztauqueela; areec dagoz yanari gozoz aseric, oneec ateric ate esquean ogui copau bat cer yan baleuqueela; batzuc dagoz soñeco zoragarriz apainduric, eta beste batzu araguiac aguirian: batzuc ondasunez yosiric, otseinez inguraturic olgura eta gozotasun artean, eta beste batzuc pobreric bacarric, neque lan eta naibaguepean macurturic. Baya ez eguizue sinistu eurenac dituezala diru, ondasun, yauregui eta yanci eder oreec, iñoenac dira, prestaduac dira (eta ondasun, yauregui, eta yanci eder areec besteganic artuta dauquez), eta baderichazu au eguia eztala yarraitu eguiezu euren etsera cein dan obia edo lurpea, eta anche ezagutuco dozu cer direan. Ainche icusico dozuez guztiac nastauric aberatzac pobreacaz, andiac chiquiacaz, aguintariac esquecoacaz, ugazabac otseinacaz, yauregui apainduetan bici cireanac chaboleetan echuten cireanacaz. Eztozue or ezagutuco cein dan coroe urregorrizcoagaz egon oi zan burua, eta cein estalgui zaarragaz, nor dan erregue eta nor menpeco, ez nor guizon arro erropa arrigarrizcoz jancia, ez nor alsi osoric ez eucana, ez cein dan principe ez cein dan achurlari: guztiac dagoz bardinduric, guztiac nastauric, calaberac calaberacaz, azurrac azurracaz, autsa autsagaz. ¿Non dira orain araco olgura atsegin, ondasun eta arrotasun artean bici cirean Erregue, Duque, Conde, eta Jaun andiac? Yl cirean, eta yatzi cirean luurpera, obi batera sepultura batera.

Mateo Zabala

 

2)      Aztertu hurrengo testuan azpimarratutako egiturak, behar izanez gero jo EGLU-V.ra laguntza bila; Esan zer diren (izena ahal baduzu) eta zer esan nahi duten

 

Nahiez egin zerbaitxo ene Nagusi onaren zerbitzutan hitzarekin bederen, eta ez dakien agi dioena profetak: “Txipitxoek ogi eskatu, eta ez izatea nork eman”, eskribitu ditut hitz-gai hurrengoak, izateko prest zerbait errateko neuronek; eta bertze norbaitek, ni hilaz geroz, nahi badu baliatu zerbait hauetaz: ez erranez hala, nola dauden, baizik izan dezan zeri eutsi, eta nondik atera hitz-gaia behar orduan, kenduz, atxikiz eta aldatuz, nola duen plazer.

Ez ditut eskribitu zergatik dauden ongi hala, baizik zergatik hobe den nahiz hala ezi bat ere ez.

 

Ø   Hurrengo adibideetan “ezi” agertu zaigu hainbatetan, saiatu esaten zer esan nahi duen:

 

A)                       Bai sinets bai, Jainko ofenditua denaren graziaz, nahi izan baita mendekatu prestukiro guziz, garaituz gure gaizki egina bere ongi eginez, ezi dioen bezala S. Pablok, non ere handia izan zen kulpa eta perdizioa, han gehiago agertu zen Jainkoaren grazia eta miserikordia.

B)                       Ezagutzean sartzen da amatzea eta zerbitzatzea ere, zeren ezi inposible da ezagutuaz geroz Jainkoa ez amatzea, eta ez zerbitzatzea.

C)                       Hau aurkitu zuten, eta erran zioten, Adio Nebardo, hor gelditzen dira etxe eta azienda guzia zuretako, ezi gu bagoaz erlijiora. Mutikoak errespondatu zien zentzu handiarekin, hola, zer tratu gisa da hori?

D)                       Hainbertze inporta da, ezi hori da bakarrik inporta dena, erran zion gisan Jesus onak S. Martari, “...” zinez gauza bat bakarrik da prezixo.

E)                        eta gehiago kosta zaiela haiei infernura joatea, ezi ez hauei zerura joatea.

F)                        Bai, Jaunaren begiratze amoros bat aski da, eta mila aldiz hobeago ezi munduko alegrantzia guziak.



[1] Etzanaz emandako terminoak aldatuta daude, gertuago egite aldera.