Hirugarren Zatia: Esamoldeak

Gramatika eta adierazkortasun sortzailea

 

Moldatzailea: Koldo J. Garai

 

Cacciari Cristina eta Patrizia Tabossi (arg.). Idioms: Processing, Structure, and Interpretation. New Jersey: Lawrence Erlbaum Associates. 1993.

Andrew Ortony (arg.) Metaphor and thought. 2nd ed. Cambridge [England] ; New York, NY, USA: Cambridge University Press, 1993.

 

1.      Esamoldeen esangura eta alusiozko edo erezkako edukia_ 3

1.1.      Esamoldeen esangura: artez eta osotara eskuratu ala mailaka eta osagaika. 3

1.1.1.     Esangura Osotara eta behingoan_ 3

1.1.2.     Esangura konposatua edo osagaikakoa 4

1.2.      Zelan ulertzen ditugun esamoldeak_ 4

1.2.1.     Esamoldeak hitz luzetzat 4

1.2.2.     Esamoldeak adierazpen linguistiko gisa 5

1.2.3.     Eskuragarritasun arteza eta hizkuntz prozesamendua berriro ere aintzat harturik 5

1.3.      Esamoldeak eta euren aldakiak ulertuz: kasu argigarri bat 6

1.4.      Kateen esangurak eta hitz osagaien esangurak_ 6

1.4.1.     Esamoldeak sortzeko inplikazioak 7

1.5.      Esamoldeen sailkapen funtzionala 8

1.5.1.     Osagaitasuna eta gardentasuna 8

1.1.1.     Esamoldeen malgutasuna eta emankortasuna 8

1.2.      Esamoldeen esangurak: linguistikoa, estipulatua eta alusiozkoa 9

1.2.1.     Esangura linguistikoa eta bestelakoak bateratu_ 9

Ariketa 9

2.      Esamoldeen lekua esangura literalaren eta metaforikoaren munduan_ 10

2.1.      Esangura literalaren kontzeptua 10

2.2.      Esamoldeak eta Metaforak_ 11

2.3.      Esamoldeak unitate ez osagaidun gisa 12

2.4.      “Ideia Axiomatiko” baten pitzadura zenbait 12

2.5.      Motibazioaren kontzeptua esamoldeetan_ 13

2.6.      Hitz osagaien rola esamoldeak interpretatzerakoan_ 13

3.      Gaur egungo Metaforaren Teoria_ 14

3.1    Eskema 14

3.2    Sarrera 14

3.2.1      Reddyri gorazarre 15

3.2.2      Tradiziotiko Uste ustelak 15

3.2.3      Zer ez den metaforikoa 16

3.3    Gaur egungo teoria: adibide zenbait 16

3.3.1      Metafora kontzeptuala 16

3.3.2      Metaforak ez dira hitz hutsak 17

3.3.3      Orokortasunak 17

3.3.4      Ekanduzko metaforen hedadura berriak 17

3.3.5      Eragilea edo motibazioa 18

3.3.6      Esamolde irudizkoak 18

3.3.7      Kidetzeak gorengo belaunetik egingo dira 18

3.4    Oinarriko kontzeptu Semantikoak metaforikoak direnak_ 18

3.4.1      Sailak edo kategoriak 18

3.4.2      Kantitatea eta lerrozko eskalak 19

3.4.3      Aldaezintasunaren araua (inbariantzia) 19

3.4.4      Inferentzia abstraktuak metaforazko inferentzia espazialak baitira 19

3.4.5      Gertaera egitura 20

3.4.6      Metafora berriak 23

3.5    Emaitzen laburpena 24

3.5.1      Metaforaren nolakotasuna 24

3.6    Ondoriozko iruzkinak_ 24

3.6.1      Esangura literalarekiko aginduak 24

 


 

1.    Esamoldeen esangura eta alusiozko edo erezkako edukia

Sam Glucksberg

Princetoneko Unibertsitatea

 

 

“Beirazko teilatua duenak auzoari harrika ez egin”

“Bere etxea beirez daukanak estalirik ez beza aurtiki bertzerenera harririk”

(Garate 1998)

 

 

Goiko atsotitzak sorraraziko dizkigu mota bateko baino gehiagoko esangurak. Glucksbergek esangura diferente batzuk bereiziko ditu:

1)      Esaldiaren beraren esangura edo literala; euskaraz irakurtzen dakien edonork atera lezakeena

2)      Atsotitzaren esangura; atsotitz hori ezagun duenak aterako duena. Adierazpidea ez dabil beiraz estaliriko etxeaz edo beirazko teilatuez, baizik eta besteak kritikatzen ari den jendearen egoera ahulaz; beirazko teilatua, edo beira bera, hauskortasunaren metafora baita.

3)      Irakurle gutxi batzuek beste esangura bat ere aurkituko diote: zein da idazle edo igorlearen helburua atsotitz hori bota duenean?

 

Gluckesbergek dio atsotitza hitzez eta esaldiez gainerako esangura duten adierazpen motatako bat dela. Continuum edo mugarririk gabeko erreskada batean kokatzen dira, eta mutur bietan hauexek daude: alde batean “ez eta hurrik eman ere” bezalako esamoldeak daude, hitz luzeak baizik ematen ez dutenak; areago, iritzi batean, adierazpide honek bere hitzez bestelako esangura izateaz gain, adierazpidearen esangurak ez du bere osagaiekin inongo loturarik.

Beste muturrean berriz, ezagun ditugun atsotitzak eta esamoldeak daude, gertaera apokrifoak ahotan erabiltzen dituztenak. Baina adierazpen horien esangura bere osagaiez bestelako gauza bat ez ezen, bere osagaien esangurez gaindiko gauza bat ere bada. Adierazpenak berak aiputan hartzen du tipifikatzen dituen gertaeren saileko kasu arketipokoa, adibidez: “Behin Maria elizara, eta bertan ipurdiaz aldarera”. Berdin da “mariarik” ezagutzen dugun, horrek ez du ardura. Pentsa ezazue “Artzainari ardi larrua erregalatu” bezalako atsotitz batez. Adierazpen hauek tipifikatzen dituzten egoera edo gertaera orokorretarako metaforak ditugu. Bi mutur horien artean lotzen edo geratzen direnak nola aztertu, horrek bultzatuko gaitu teoria batera ala bestera.

1.1.  Esamoldeen esangura: artez eta osotara eskuratu ala mailaka eta osagaika.

Esamoldeak aztertzeko bi eredu proposatu izan dira:

1)      interpretazio talde batak diosku esamoldeak arbitrarioki ezarritako esangura dutela (“estipulatua”); ikuskera honen arauz, esamoldearen esangura osotara eskuratzen dugu oroimenetik, “ez eta hurrik eman ere” bezalakoak kautan harturik.

2)      Interpretazio bigarren taldeak esamoldeon esangura hitzen semantika eta, arau pragmatikoekin batera, joskeraren konbinaketa arauetatik datorrela esango digu; “artzainari ardi larrua erregalatu” taldekoak dira hauek, eta osagaikakoak bezala ezagutuko ditugu.

1.1.1.     Esangura Osotara eta behingoan

Osotarako ereduaren hiru azpi eskola daude, eta hirurok suposatzen dute esangura memoriatik artez eskuratzen dela, eta ez hizkuntza prozesatzetik:

a)      Esamoldeen zerrenda hipotesia

b)      Lexikalizatzearen hipotesia

c)      Artez eskuratzearen hipotesia

1.1.1.1.          Esamoldeen zerrenda

Hipotesi honen arabera, esamoldeak gogoan dugun esamoldeen zerrenda batean islatzen dira, hau da, hiztegi bat bezalako gauza bat daukagu buruan, hitzen lexikoiaren antzekoa dena eta hitzen hiztegiarekin batera eta aldi berean darabilguna. Esamolde esangura hau martxan jartzen da prozesamendu linguistikoak huts egiten duenean: norbaiten lepotik txarto esaka zabiltzala, lagun batek botatzen dizu beiraren atsotitza, eta konturatzen zara ez dela beiraz ari... eta orduan oroimenetik ateratzen duzu esamolde horretarako gordeta duzun esangura hori. Hizkuntz azterketak edo prozesatze linguistikoak huts ematen duenean jendeak gogoan duen hiztegi horretara joko luke.

Hipotesi honekin dagoen arazoa zera da, jendeak antzeko adierazpen literalak bezain azkar ulertzen dituela esamoldeak. Esamoldea lehenago literalki (linguistikoki) aztertu behar izan bagenu, esamoldearen esangura ulertzeko askoz ere denbora luzeagoa emango genukeen beste edozein adierazpen arrunt literalki ulertzeko baino. Baina hau ez da inoiz gertatzen, esamoldeak eta adierazpen arruntak denbora berdin antzeratsuan ulertzen baititugu.

1.1.1.2.          Lexikalizatzearen hipotesia, edo lasterketarena

Hipotesi honen arabera, esamoldeak hitz luzeak balira bezala ispilatzen dira gogoan, baina ez aparteko hiztegi batean —aurrekoan esan zaigun bezala—, hitz arruntekin batera baino (adibidez: antzar, antzarrak, antzarrak ferratzera...).

Esamolde osoaren esangura aurkitzen dugunean hiztegi horretan, azterketa linguistikoak aurrera jarraitzen du. Hiztegiaren eskuratze hori prozesamendu linguistikoaren edo hizkuntza azterketaren partea baino ez da, eta esamolde lexikalizatuak (antzarrak ferratzera, pikutara, artaburuak urkultzera...) gogoan dugun hiztegi horretan aurkituko dira beste barik.

Esangura posible biotatik, literala edo esamoldezkoa, zein hautatu?, ba segun eta zein eskuratzen dugun lehenago. Gehienetan lehenago esamolde osoaren esangura idiomatikoa eskuratuko dugu esamolde hori ezagun dugunean, ez baititugu joskera, hitzak banan-banaka eta semantika prozesatu behar. Hartara, ezagun dugun esamoldea, antzekoa izan litekeen adierazpen literala baino azkarrago ulertuko dugu.

1.1.1.3.          Eskuratze arteza

Esamolde esangura eskuratzearen eta hizkuntza atalka prozesatzearen arteko lasterketa barik, hipotesi honek dio hizkuntzaren azterketaren gainetik egin daitekeela jauzi, behin adierazpen bat esamoldetzat ezagutu ezkero. Esamoldearen esangura eskuratzea hain izan daiteke arina ezen ez dugun bat ere azterketa linguistikoaren beharrik.

1.1.2.     Esangura konposatua edo osagaikakoa

Eguneroko hizkuntza osagaikakoa omen da, ikuspegi tradizionalean. Ikuspegi honen arabera, edozein hizkuntz adierazpenen esangura bere zatiki edo osagaien esanguraren batuketa da, osagaiok euron artean eduki ditzaketen harremanak ere kautan harturik.

Esamoldetik esamoldera bada alderik, ustez sintagma unitariotik (“ez eta hurrik eman ere”), esangura literala eta esamoldezkoa batera hartzetik eratorritako esangura duten adierazpenetarainokoa (“artzainari ardi larrua erregalatu”). Beraz esamoldeok arako jarraikia edo erreskada baten arabera sailka daitezke.

Jendea barren, ederto batean moldatzen da esamoldeen osagaitasuna epaitzen. Edozein kasutan, hizkuntzaren prozesamendua parez pare doa esangura artez eskuratzearekin, artez eskuratzea sarri gehientsuenetan azkarrago doalarik hizkuntzaren prozesamendua baino.

1.2.  Zelan ulertzen ditugun esamoldeak

1.2.1.     Esamoldeak hitz luzetzat

Esamoldeen esangura artez eskuratzen dela baieztatzeko dugun daturik nabarmenena hauxe da: esamoldearen esangura ulertzeko behar den denbora motz nahikoa dela. Esamoldeei arinago antzematen zaie esangura idiomatikoa edo esamoldezkoa esangura literala baino. Datu hauek iradokitzen dute esamoldearen esangura oroimenetik eskuratu daitekeela, azterketa linguistiko osoa gauzatu barik; hori onarturik oroimenetik artez eskuratzeak hizkuntzaren usuko prozesamenduak baino denbora laburragoa hartzen duela.

1.2.2.     Esamoldeak adierazpen linguistiko gisa

Edozelan ere, esamoldeak hitzez osaturik daude, eta hitzok sintagmak eta perpausak eratzen dituzte. Oro har, jendeak ezin du bere hizkuntz prozesamendu sistema gelditu; beraz, ez litzateke harritzekoa aurkituko bagenitu esamoldeak ulertzeko jendeak joskera eta lexikoari eragiten diela demostratzen duten ebidentzia ugari.

1.2.2.1.          Sintagmak ala hitzak

Glucksbergek dio dena den ikusiz gero esamolderen batek barruko ezezkakorik onartzen duela (“ez da hurrik eman ere” “baita hurra emanda ere??”) hitzez bestelakotzat hartu beharko genukeela esamolde hori, hau da, sintagmatzat edo egituratzat.

1.2.2.2.          Hitzek ba ote garrantzirik? Bateragarritasun semantikoaren efektuak

Esamolde batzuek ez dute belarrira ondo ematen jatorrizko berben ordez haien sinonimoak jarritakoan; eta areago, ez ditugu esamoldetzat jo ere egiten: “abel zuriaren gauerdiko asaia” ez genuke ahuntzaren gauerdiko eztularekin identifikatuko[1]. Beste esamolde sintagma batzuek berriz, batez ere osagaika eraikitakotzat jotzen direnek, hitzen ordezkatze hori jasan lezakete. Guztiarekin ere esamoldearen esangurak eta hitzen euren semantikak gidatuko luke hitzen ordezkatze hori, hau da, ezin da edozein hitz eta edozein eratara aldatu. Glucksbergek ematen duen adibidea ingelesezkoa da: “izotza apurtu”, ezezagunen arteko hasierako harremanen tentsioa laxatu, malgutu edo samurtu esateko. Orduan galdera hauxe da, esan al daiteke izotza urtu? Edo pitzatu? Badirudi zelanbaiteko betekizun edo murrizketaren bat daukagula hor.

Dena den —eta hau Koldoren eranskina da— uste dut dagoen murrizketa metaforaren sorburuaren eta xedearen arteko harremanean gertatzen dela, eta ez lexiko mailan. Hau da, erraz esan nezake “ardoaren epelak urtua zuen hasierako izotza aspalditik” edota “egoerak berak sorturiko barre algarak pitzatu zuen betikotz gure arteko izotza” eta ez dut uste txarto dagoenik (Koldoren glosa bukatu da).[2]

Glucksbergek dio ordezkatze lexikala bidezkoa ez ezen semantikak manatua edo gidatua ere badela, hain juxtu esamoldeak eurak ere linguistikoki prozesatzen direlako, esamolde esangura zehazteko prozesamendu hori beharrezkoa ez den arren.

1.2.2.3.          Semantikaren murrizketak esamoldeen erabileran

Ahuntzaren gauerdiko eztula bezalakoak ez dute erraz onartzen hitzen aldaketa; hala ere euren osagaien semantikaren ezaugarriak inportanteak izan daitezke atsotitzak ulertu eta erabili ahal izateko. Goiko puntuan Glucksberg aritu bazitzaigun sorburuaren manipulatzeko posibilitateaz, oraingoan xedea da arazo. (Cf. “Kick the bucket” “to die”).

1.2.2.4.          Esamoldeen aldakiak: emankortasun semantikoa

Esamolde ezagunak forma kanonikoen aldaki gisa erabiltzen direnean, jatorrizko hitzetaratzearen eta berriaren arteko aldeak osa lezake esamoldearen esangura berri baterako oinarria. Hau ez da malgutasun lexikalaren adibidea, ekoizpen semantikoarena baizik.

1.2.3.     Eskuragarritasun arteza eta hizkuntz prozesamendua berriro ere aintzat harturik

            Eskuragarritasun zuzenerako ebidentzia agerikoa da, baina, hala ere, ez erabatekoa:

a)      Esamolde ezagunak euren jatorrizko bertsioan pareko adierazpen literalak baino azkarrago ulertzen dira

b)      Esamolde ezagunak euren bertsio kanonikoan arinago ulertzen dira lituzketen aldakietan baino (Hemen arazoa sor daiteke zeri deitzen diogun “kanonikoa” edo “jatorrizkoa”; Badirudi Glucksbergek aldakia dionean momentuan sortutako aldakiaz ari dela, eta ez atsotitz berak izan ditzakeen aldakiez)

Datuok iradokitzen dutena, popertza behartu ez arren, ondorio hauxe da: esamolde ezagunak ez dute prozesamendu linguistikorik behar, haien esanahia oroimenetik zuzenean eskura baitaiteke. Ordea, adierazpen ez esamoldezkoak edota esamolde ezagunen aldakiak itxuraz linguistikoki prozesatu beharko dira, haien esangura ez dagoelako erabat finkaturik eta oroimenean gordeta.

Era berean, esamolde ezagunak ere linguistikoki prozesatzen dira, hasierako esangura hizkuntzaren prozesamendutik nahikoa askea izan arren. Esamolde ezagunak ere guztiz aztertzen ditugulako ebidentziak hurrengoan dautza: esamoldeen erabilerak murrizketak edo betebeharrak ezartzen dituela bai esamolde esanguran eta bai esangura literalean, eta arin eta erraz asko ulertzen dituela jendeak esamoldeen aldakiak. Hala eta guztiz ere, galdera hauxe da: zelan eraikitzen du jendeak aldaki horien esangura? Zelan ulertzen ditu jendeak esamoldeak?

1.3.  Esamoldeak eta euren aldakiak ulertuz: kasu argigarri bat

Zelan ulertuko luke jendeak “ez zuen eltzetik baba bat bera ere atera” esamoldea? Esamolde honen esangura ezin da oroimenean gorde adierazpena berria delako, nahiz eta oinarritua izan ezagunagoa datekeen “eltzetik babak atera” (=arrakasta izan) esamoldean. Oroimenetik ezin denean eskuratu esamolde baten esangura, hitz osagaien esangura erabili beharko da aldakiaren esangura zehazteko. Glucksbergek bi bide ematen ditu horretarako:

1)      jatorrizkoaren eta aldaki berriaren osagaien esangurak elkarrekin erkatzea, behatuz zein den esangura horien arteko erlazioa, eta analogiaz inferituaz aldakiaren esangura. Bide honek sei belaun edo urrats eskatzen dizkigu:

a)      Esamolde berria esamolde zaharraren aldakitzat ezagutzea

b)      Jatorrizko esamoldetik esangura eskuratzea

c)      Hitzen esangura bietan identifikatzea, aldakian eta jatorrizkoan

d)      Bakoitzaren hitzen esangura bestearenekin erkatzea

e)      Bi esanguron arteko erlazioa identifikatzea

f)        Hitzen esanguren arteko erlazio hori analogiaz aplikatu ateratzeko zein den bi esamoldeen esanguren arteko erlazioa.

2)      Bigarren azterbideak, askoz modu sinpleago batean, aldakiaren esangurari heltzeko bakarrik darabil aldakiaren hitzen esangura (eta ez konparaketa). Bide honen suposamendua hauxe da: esamolde ezagunetako hitzak polisemiko edo esangura anitzeko bilakatu direla esamolde tankerara erabiltzearen erabiltzeaz.

 

Testuinguru esamoldezkoan edo idiomatikoan hitzok esangura bikoitza edo duala dute, euren esangura literala mantenduko dute, baina baita esangura idiomatikoa edo esamoldezkoa ere: gure kasuan indabak edo babak, babak izateaz gain, “lortu beharreko helburuak” ere izango lirateke. Behin esamoldeak eta bere berba osagaiek ezaugarri hori garatuta eduki eta gero, esamoldearen aldakiak prozesa daitezke beste edozein esaldi edo perpaus balitz bezala. Esamolde ezagunen kasuan, gutxienez bi ekoizpen izango genituzke: esangura literala eta esangura idiomatikoa edo esamoldezkoa. Azterketa eredu honen iritzian, “ez zuen baba bat bera ere atera eltzetik” sasi-esamoldea ulertzeak denbora gehiago hartuko luke, bere jatorrizko aldakiak baino (“horrek atera ditun babak eltzetik), hain zuzen prozesamendu linguistikoa ere egin behar delako.

1.4.  Kateen esangurak eta hitz osagaien esangurak

Orain begiratu diezaiogun esamoldearen esanguraz jabetzeko izan ditzakegun bideez: batzuk diote esamolde esangura arbitrarioki ezarritako esangura ikasiz lortzen dela (“estipulatua”); hau da, “babak eltzetik atera” esamoldeak “arrakastatsua izan” esan nahi du. Beraz, esamoldezko testuinguru batean “baba” hitza agertuko balitzaigu, martxan jarriko genuke “helburu” esangura. Behin berbak esangura esamoldezkoa bereganatu duenean, esamolde ezagunen esangura eskuratu zein sortu egin daiteke. Sintagmak sortarazitako polisemiaren hipotesia laburtuko dugu.

-         Esamolde ezagunen berba osatzaileak esamoldezko testuinguruan erabiltzearen erabiltzeaz esamoldeak berezko duen esangurak berenganatzen dituzte.

-         Sintagmari lotutako esangura horiek eskuratu eta gero, kontzeptu idiomatikoen osagaien arteko erlazioak mantentzen dituzten esamolde aldakiak prozesamendu linguistiko arruntaren bitartez uler daitezke.

1.4.1.     Esamoldeak sortzeko inplikazioak

1.4.1.1.          Osagaitasuna eta intentzio komunikatiboa

Esamolde orok ez dakar halabeharrez sintagmak induzituriko hitzen esangura. Kontsideratu ditzagun “babak eltzetik atera”eta “errekadua egin” (sexuzko/maitasunezko helburuekin irteteko eskatu). Osagaika eratuta egotean ala ez egotean bereiztuko dira esamoldeok. Erabat osagaikakoak direnean, hitzak banan-banan kidetu daitezke esamoldearen erreferentearekin[3]. Baina, hitza/erreferentea kidetzeko biderik ematen duen esamoldeak bere osagaietan kantitatea onartuko luke[4]. Aldiz, osagaika urkuldu ezin diren esamoldeak ezin izango dira kidetu esamoldearen erreferenteekin, sintagma bere osotara baino ezin da kidetu.

Alabaina, osagaitasuna ez da ezinbesteko baldintza esamoldea emankorra izan dadin, zeren esamoldeak emankorrak izan baitaitezke nahiz eta euren hitzak lortu ez sintagmari legokiokeen esamolde esangura. Hurrengoa lako esamoldeak sortzaileak edo emankorrak izan daitezke, sintagmaren semantikak berak esamolde esangurarekin erlazio funtzionalik baduelako: “ez bururik ez hankarik” eta konparatu “bururik ez duenak hanka”rekin, orain saia zaitez erabakitzen zein den hankaren esanahia, eta zenbakia aldatzen badugu: “buru baten ordez hanka asko horrek”.

Hona hemen ba Glucksbergek ematen digun araua: Esamolde baten osagaiek esamoldearen esangurarekin harreman funtzionalak dituztenean, zenbait eragiketa egin dakizkioke, hala nola zenbateko aldatu, antonimoaz ordezkatu, eta ezezka jarri, hori bai, beti suposaturik intentzio komunikatiboren bat dagoela. Munduaren ezagutzak ezartzen dituen murrizketak edo baldintzak, hizketaldiarenekin batera, osagaitasuna bezain inportanteak dira esamoldeen malgutasun eta emankortasunerako.

1.4.1.2.          Bi esamolde antzeko, zergatik ez diren gauza bera

Ordezkapen lexikal batzuk sortzaileak edo emankorrak dira, beste batzuk ez. Ea igartzen dugun zergatik. Kontsidera dezagun zergatik erabiliko lukeen hiztun batek esamolde ezagun baten aldakia, jatorrizkoaren ordez. Batzuetan erratu egin delako beste barik. Normalean, nahiaz bestera gertatzen diren lexiko ordezkapenak hitz zuzenarekin daude erlazionaturik (intentzioan edo gurarian bederen), eta jatorrizko esamoldea gogora ekarri dugunez, entzuleak automatikoki zuzenduko du; areago, batzuetan aldakia dela entzun duena ohartu ere ez da egingo.

Aldaerarako motibaziorik edo helbururik agerian ez denean, entzuleek, lehen esan bezala, edo erabat nahasturik ez dute piperrik ere ulertuko, edo gogoratuz zein zen jatorrizko esamoldea aldaki berria hutsegitetzat joko dute. Hiztunek aldakia jatorrizkoaren bertsiotzat onartu badute, orduan esan genezake esamolde hori lexikalki malgua dela. Lexikalki malguak diren esamoldeetan, ia-ia sinonimoak diren berbak erabil daitezke jatorrizkoen lekuan, askotan jakin gabean ere, esamoldea ezagugaitz egitera heldu barik (gogoratu eztularen ordez aharrausia genuen aldaki hura).

Nahita eginiko aldaketak besterik dira. Hiztunek nahita sor ditzakete esamoldearen aldaki berriak jatorrizkoarekiko erlazio interpretagarria duten formak erabiliz. Demagun “eltzetik babak xurgatu edo lapurtu” diogula. Entzuleak erabakitzen badu ‘lapurtu’ nahita jarri dela hor, dendatuko da interpretatzen: adibidez, atera ‘arrakastatsua’ izatea baldin bada, lapurtuk ‘arrakastatsua baina metodo badaezpadakoekin’ esan nahi izango du.

Honez, hiztunek bi eratara sortu ei dituzte aldakiak:

a)      Jakin gabean, intentzio komunikatibo barik, eta

b)      Esamoldearen esangura konbentzionalaren aldaketa motibatua.

Lehenak malgutasun lexikala dakar, eta badirudi esamoldearen ezagutugarritasunak manatzen duela aldakia aldakitzat jo ahal izatea. Aditz-gehi-osagaidun sintagma bakarreko esamolde batean, horietako bakarra aldatzeak lanak erraztuko dizkio entzuleari, biak aldatzen baditugu, nekezagoa izango da jatorrizkoa gogoratzea.

Bigarren kasuan, hots, hiztunak nahita aldatu nahi duenean esamoldea beste zerbait esateko, honek emankortasun edo ekoizpen semantikoa dakar. Emankortasun semantikoak zera eskatzen du: jatorrizko osagaien eta ordezko osagaien arteko harremana intentzio komunikatiboa inferitzeko lain izatea. Produktibitatea edo emankortasun semantikoa esamolde baten osagai banakoak aldatuz esangura idiomatiko berriak sortzeko jendeak duen gaitasuna da.

1.5.  Esamoldeen sailkapen funtzionala

1.5.1.     Osagaitasuna eta gardentasuna

Esamolde guzti, osagaitasuna gorabehera, linguistikoki prozesatuko da beti, hots, lexikalki, semantikoki eta sintaxiaren aldetik. Esamolde ez osagaidunetan, esangura linguistikoak eta estipulatuak talka egingo dute, eta beraz, ulermenak lan gaitzagoa izango du. Esamolde osagaidunetan, hizkuntza azterketaren emaitzak bateratsu etorriko dira esamoldezko esangura estipulatuarekin, batez ere sintagmak induzitutako polisemia garatu denean.

Osagaidun esamoldeetan, esamoldearen hitz osagaiek izango dute erlazioren bat esamoldearen esangura estipulatuarekin; erlazio horrexek, kontsiderazio pragmatikoekin batera, erabakiko du zelan ulertu eta erabili behar den esamoldea. Hitzen esangurak eta esamoldearen esangurak bat datoz behintzat hiru eratara:

a)      Osagaidun esamolde ilunak

b)      Osagaidun esamolde gardenak

c)      Erdi metaforikoak

Osagaidun esamolde ilunetan, nahiz eta loturarik ez egon esamoldearen eta bere hitzen esanguren artekorik, hitzen esangurak esamoldearen interpretazioa eta erabilera baldintzatuko dituzte.

Bigarren motatakoetan, osagaidun baina gardenetan alegia, bada kidetze semantikorik hitzen eta esamoldearen esanguraren osagaien artean, normalean kidetze metaforikoak direlako. Areago, hitzak eurak eskuratu dute esangura idiomatikoa.

Hirugarren motatakoak esamoldearen erreferente literala esamoldearen esanguraren gauzatze konkretua edo instantzietako bat baino ez da. (Artzainari ardi larrua oparitu). Esamolde erdi metaforiko hauek esangura erezkako edukiaren bitartez sortzen dute; jende, gertaera, egoera edo ekintza sail oso baten instantzia konkretu prototipokoa dakartelako gogora.

1.1.1.     Esamoldeen malgutasuna eta emankortasuna

Esamoldeak aldakiak izango dituzte ordezkapen lexikalik, eragiketa sintaktikorik, eta ekoizpen semantikorik onartzen badute. Oro har, zenbat eta osagaitasun handiago izan esamolde batek halan eta errazago onartuko ditu aldakiak.

Emankortasun semantikoa gertagarria izango da, esamolde baten osagaien eta esamoldearen esanguraren arteko erlazioren bat dagoen heinean. Esamolde bat benetan aztertu ezina baldin bada aldaketarako esparrua mugatua egongo da. Egia esatera, agian ez dago esamolderik aldez edo moldez bere osagaietara hein batean bederen ekartzea erabat ezinezkoa denik.

Esamoldearen osagairen bat alda daitekeen neurrian, esamolde hori osagaiduna da eta beraz ekoizpen semantikoa lor daiteke. Esamolde bati sintaktikoki eragin ahal zaio baldin eta interpretatzeko orduan bereizketaren bat sortzen badu, hau da, igarri ahal bazaio eragiketa horri jatorrizkoaz beste intentzio komunikatiboren bat.

Esamolde ilunen eta gardenen arteko bereizketa garrantzitsu bat hauxe da: gardenen osagaiak esamoldearen esangura zatikiekin kidetu daitezkeela.

1.2.  Esamoldeen esangurak: linguistikoa, estipulatua eta alusiozkoa

1.2.1.     Esangura linguistikoa eta bestelakoak bateratu

Esamolde guztiek behintzat bi esangura hauek dituzte:

1)      hitzen eta sintagmen esangura linguistikoa, eta

2)      esamoldearen esangura estipulatua

Are ustez aztertu ezinak ziren esamoldeetan euretan ere hizkuntzaren azterketa ezin da gelditu eta, beraz, egin ohi du lanik asko. Esangura linguistikoa automatikoki ekoizten da, eta hortxe lotzen da berbaldiaren testuinguruan erabiltzeko prest. Beraz, bai esangura estipulatua eta bai linguistikoa, biak sortuko dira eta bateratu beharko berbaldiaren testuinguruan hiztunak gogoan erabili duen esangura interpretatu ahal izateko.

1.2.1.1.          Alusiozko edo erezkako edukia

Esangura linguistikoaz eta estipulatuaz gainera erezkako edukia daukagu. Hiztunak zerbaiti aipu egiten dionean, entzuleak hiztunaren intentzio komunikatiboa induzitu edo asmatu beharko du. Atsotitz bat ekartzea, edo bertso lerroren bat, edo abestiren bat aipuak edo erezka aipatzea dira. Erezkako adierazpen baten esangura literala beti egiten da nahita, baina ez da nahikoa izaten hiztunaren intentzioa bere osotasunean jasotzeko.

Beraz, entzuleek bateratu beharko dituzte bai esangura literala, bai esamoldearen esangura estipulatua eta bai erezkako edukia berbaldiaren testuinguruarekin. Hiru hauetakotik zein izan den funtsezkoena ezin dugunez aurretiaz jakin, hiztunak bada ezpada hirurak sortuko ditugu beti.

Ariketa

Egokitu zaizkizun atsotitzak gogoan erabilita,

1)       Saia zaitez asmatzen egoera bat erabiltzeko

2)       Atera hiru esangurak: a) estipulatua, b) hitzek diotena edo literala, eta c) asmatu duzun egoeran izan ditzaketen erezkako esangura

3)       Saia zaitez erlazioren bat aurkitzen esangura estipulatuaren eta hitzenaren artean (motibazioa).


 

2.    Esamoldeen lekua esangura literalaren eta metaforikoaren munduan

Cristina Cacciari

Bolognako Unibertsitatea, Italia

 

Esamolde adierazpenak sintagma hormatuen, klixeen, atsotitzen, formulen eta holakoen familia berekoak dira; holakoek esangura ezarrita dute maila diferentetan, baina, era berean, ezaugarri semantiko eta sintaktiko bereiziak dituzte. Egile askok esan dutenez, gure eguneroko hizkuntz altxorra gauzak esateko era konbentzionalizatu hauetan oinarritzen da. Esamolde adierazpenon erabilera badirudi hitz egin ezazu esamoldeka horrelakorik ez egiteko arrazoi sendoren bat egon ezean dioen arau informalak gobernatzen duela, bai eta testuinguruak eta funtzio linguistikoek ere.

Honen harian hurrengo arazo hau ere badaukagu, esamolde adierazpenen eta literalen arteko muga lausoa alde batetik, eta, bestetik, esamolde adierazpenen eta metaforikoen artekoa. Gauzak argitzeko zailtasunak zor zaizkio esamoldea izatea egoera zurruna izan beharrean, esamolde bihurtzea prozesu edo jarduna izateari. Egitura bat ez da esamolde betirako eta betidanik, aitzitik apurka-apurka joan ohi da eskuratuz bere esamoldezkotasun hori. Areago, esamoldeak aldi berean ditugu osotasun eta atalgarri. Zatikiez osatuta egoteaz gain, osotasunaren esangura ezin da erabat atera zatiki horien batuketatik. Eta, hala ere, jendeari senak argitzen dizkio hitz osagaien esangura eta esamoldearen erreferentearen arteko erlazioaren gainekoak. Azkenik, esamolde guztiak ez dira berdinak, taldearen barruan sartu ohi ditugu hainbat gauza: egitura aldez hormatuetatik (zeinetan hitzek mantentzen duten gutxi gora behera egitura horretatik landan eduki daroaten esangura bera), bere osagaietatik erabat esangura bereizia duten egituretara, aditz multzo eta aditz perifrasietatik (cf. “egin ahal uste du”) hitz multzo eta elkartuetara (ume lapurra vs. ume irtena[5]), eta abar.

2.1.  Esangura literalaren kontzeptua

Esamoldezko hizkera definitu izan ohi da hizkera literaletik bereiziaz, eta, hein berean, hizkera literalak suster edo lokarri bezala balio izan du hizkera metaforikoa definitzeko.

Hizkera literalaren nozio arruntena eta ezagunena, hizkuntzalaritzan eta psikologian oraindik erabilia dena, Katz eta Fodorrena da (1963). Berori “gutun anonimoan” oinarritzen da, hau da, imajinatu heldu zaizula gutun bat igorlearen izenik gabe, eta gutun horretan esaldi bakarra dago; ez da azalpenik ez zioen ez zirkunstantzien ez beste testuinguruko kontuez. Gutuna eskuratzen duenak ulertuko lukeena horixe litzateke esaldiaren esangura (esangura literala). Beraz, hemendik esaldiaren esangura esangura literaltzat har genezake. “Testuinguru zero” suposamendu hau zalantzatan jarri izan da diziplina askotatik. Adibidez, esan izan zaie ez zituztela kautan hartu presuposizio edo aieru linguistikoak, ez eta oinarriko ezagutza, ez eta munduaren ezagutzak egiten duen lana ulerkuntzan ere.

Gibbs beste muturrean dago; bere aburuz, psikolinguistikatik ekarritako ebidentziek dioskute jardunbide kognitibo berberak daudela martxan hizkuntza mota bi-biak aztertzean. Beraz, oso konbentziozko hitzen zerrendetako esangura zuzenean eskuratzen dugula, ondorioztatu zuen, esangura literalak konputatzeko bat ere beharrik gabe.

Goiko bion tartean Dascal dugu. Dascalek zioen irudipenezko adierazpen baten esangura literalaren zatikiek izan lezaketela eskuartzerik esanguraren eraikuntzan, azken interpretaziorako beharrezkoak ez izanik ere (adib. Ironia “bai zera!”, “hobe ez!”). “Literaltasun moderatuaren hipotesia” proposatu zuen; horren arabera, esangura literalaren nozioa zabaldu beharra dago adierazpen zenbaiti atxikitako esangura konbentziozkoa barruan sartu ahal izateko.

Arazoa badirudi “literal” adjektiboak dituen esangura anitzetan datzala:

1)      Literala1: konbentziozko literaltasuna, eguneroko hizkera literala, hizkera poetikoari jazartzen zaiona.

2)      Literala2: Gaiaren literaltasuna, esparru jakin batez hitz egiteko darabilgun hizkera

3)      Literala3: Literaltasun ez metaforikoa, berez, inongo esparrutik, ez kontzeptualik ez esperientziazkorik, mailegatu barik adierazten duen hizkera. Ez dute ez metaforak ez metonimiak parte hartzen.

4)      Literala4: Egia-baldintzazko Literaltasuna, munduarekin akort datorren hizkera.

Hizkuntzan adierazpen bat semantikoki independentea izango da baldin eta berezko terminoetan esanguratsua bada, hau da, ez badu bere esanahia beste esparru edo arlo batzuetatik mailegatzen (cf. birus informatikoa ez litzateke semantikoki independentea), ez bada sustatzen oinarriko metafora kontzeptualetan. (Hirugarren interpretazioa). Baina, hala ere, hiztunak badu epaitzeko senik, badaki uste jakin zer den literala eta zer figuratua edo irudipenezkoa. Sen hori erabil daiteke esamoldeak aztertzerakoan edo sortzerakoan.

2.2.  Esamoldeak eta Metaforak

Esamoldeak aldi berean hitzen moduan eta hitzaz haraindiko unitate bezala dabiltza. Esamolderik hormatuenean ere hitz osagai soilen semantika eskura dago oraindik orain ere, nahiz eta esamoldeok hitz oso gisa jokatzen duten, euren esangura eskuratu eta akorduan gordea delarik. Baina esamoldezko adierazpenek erakusten digute, halaber, aurkeztu den dikotomia baino harago joan beharra.

Makkaik eta beste egile batzuek erakutsi digute esamoldezkotasuna gradu kontua dela, dena ala ezer ere ez bainoago. Beraz, esan izan da, berriro ere, literaltasuna eta metaforikotasuna jarrai bateko buruak direla, eta erreskada horretan koka genitzakeela adierazpen mota diferenteak adierazpenok leukaketen literaltasun, esamoldezkotasun edo metaforikotasun mailaren arabera. Baina, nork esango digu maila hori zertan den? Erabat subjektiboa izango ote da delako marra hori? Berriz ere mugen eta mugarrien arazoa dugu, hortaz.

Beste egile batzuek argudiatu dute bereizketa posible bakarra pragmatikoa da, esateko, esamoldezko adierazpenen erabilera zehatza hiztun natiboek ezarri legez, erabilera hori hiztunek duten hizkuntzaren senean egongo baita sustaturik.

Crusek literala, esamoldezkoa eta metaforikoa bereiztea jauki zuen lokuzioek luketen gardentasun eta iluntasun erlatiboen mailaren arabera. Iluntasun maila bi osagairen arabera erabaki daiteke:

1-     Adierazpen ilun baten osagaiak “semantika adierazle erabatekoak” diren neurrian (hau da, euren esangurak osotasunaren esangurari badakarkiote zerik): “itsastxoria” gardenagoa da “erresiñola” baino.

2-     Adierazle konbinatuen semantika eta esamolde osoaren esanguraren arteko aldea.

 

Kokamendu lotuak (elkarren ondoan usu gertatzen diren item lexikalak) tipologia honetatik kanpo geratzen dira, osagai bakoitzak bere esangura mantentzen baitu. Era berean, metafora hilak ere kanpoan lotuko lirateke, entzuleak atzera hartu ahal baitie sunda jatorri metaforikoei[6].

Beste era bat auzia erabakitzeko hauxe litzateke: begiratzea esamoldeen jatorri irudipenezkoaren sorrerari. Hobbsek honetara ematen zuen metaforatik esamoldera ei doan bidea:

-         Arlo kontzeptual bateko termino bat beste arlo batean erabili da eta horrela inferentziaz egiteko bideek zabaldu dute metafora ulertzeko posibilitatea

-         Ordurako metafora ezaguna da eta interpretatzeko bideak urraturik eta ezarrita daude, eta ulermena arinago eta errazago doa

-         Oraingorako metafora akiturik dago, lokarri arteza dugu bi arlo horien artean.

-         Azken urratsean metafora hilotziturik dago. Ez dago metafora izan zeneko aztarrenik aurkitzerik. Adierazpena objektua, ekintza edo gertaera izendatzeko modutzat hartzen da (adibidez testa, tête erderaz edo “saila” edo “hausnar” euskaraz).

 

Esamolde adierazpenen irudipenezko sorreraz jabetzea garrantzizkoa izan daitekeen arren, oraindik ez dakigu garrantzi horren norainokoa zein den, zer da jakin nahi duguna?:

a)      Zelan heldu garen ezereza edo hutsa Ahuntzaren gauerdiko eztularen arabera ulertzera, ala

b)      Hizkera literalaren konkretutasunetik hizkera esamoldezkoaren abstraktutasunerako esanguraren higidura da ulertu nahi duguna, ala

c)      Sinetsita ote gaude esamolde gehienetarako hitz osagaien esangura eta euren barne egitura (metaforikoa, metonimiakoa, analogian oinarritua, eta holakoak) eskura daudena eta oraindik eskuartze handia dutela esamoldeak interpretatzen eta ulertzen.

 

Batek pentsa lezake behin jatorri metaforikoa izan zuten esamoldeek denboraren igaroaz metaforikotasuna galtzen dutela eta, esapide hormatu bihurturik, gaur egun lexikoian zuzenean daudela, eta eurekin ezin dela erabili hitz osagaien semantika. Alabaina, bada uste hori atzera botatzeko ebidentziarik.

Hiztunek esamoldearen aztergarritasunaren gaineko intuizio zorrotzak eta sendoak izan ohi dituzte, intuizio horiek eskuartzen dute esamoldeen jokamolde sintaktikoa zehazten, ulermen erraztasunean, eta emankortasun semantikoaren hedaduran. Beraz esamolde mota batzuk berba erreskada motibatutzat har daitezke, eta motibazio horiek, asmakeria etimologikoa izan ordez, ulertze eta interpretatze lanetan dihardute.

2.3.  Esamoldeak unitate ez osagaidun gisa

Lehen uste zen esamoldea bere hitz osagaien esanguratik sortu ezin zitekeen adierazpidea zela, eraikuntza hori hizkuntzaren arau morfosintaktiko batzuei jarraiki egin behar zelarik. Uste hau hurrengo puntuotan zetzan:

Bat: “Sagarra jan zuen” bezalako adierazpen bat ulertzeko arauak eta lexikoia baino ez dira behar, aldiz “berba jan zuen” ulertzeko beste zerbait gehiago behar dugu. Zerbait hori irudipenezko esangurari zor omen zaio, eta ez osagaikako hipotesiaren arabera, irudipenezko esangura hori zuzenean oroimen lexikaletik eskuratu beharra dago.

Bi: esamolde eta metaforaren artean bereizteko modu bakarra osagarritasun horretan datza; metafora berba osagaien esanguraz baliatuko da entzuleari begietaratzeko irudiren bat (sorburua edo xedea manipulatu), esamolde baten hitz osagaiak semantikoki hutsik daude.

Baieztapen horrek islatzen du beste bereizketa bat: emankorrak diren metaforen eta esangura finkoa duten eta hormaturik dauden esamoldeen artekoa. Emankortasun eta finkotasunaren arteko jazarpen hau hurrengoari zaio zor: irudipenezko formuletan (atsotitzak, esamoldeak, klitxeak) egitura metaforikoa edo sorreraren historia orain ez ei dela ikusten. Alabaina, oraintsu berri hasi dira esaten gure berbaldia aldez aurretik ezarritako hezurduran oinarritzen dela, baina horrek ez du esangura hizkuntza lotua eta “nekatuta” dagoenik. Aldez aurretik ezarritako hizkuntzaren oholtza horretan bada berritasunaren eta lotutasunaren arteko joko pragmatikoa. Joko hori eguneroko elkarrizketan parte handia hartzen du.

Hirugarren argudioa: esamoldezko adierazpenen ez-osagaitasuna sustatzeko esaten da duten barruko lotura, kohesio edo hormatutasuna berba askotako unitate lexikalak izateagatik dela, berba bat ezin baita barrutik aldatu, salbu eta morfologikoki, bere esangura aldatu barik. Gauza bera izan behar da esamoldeei dagokienez, beraz.

Esan beharra dago, hain direla esamoldeak anitzak eta barrutik heterogeneoak ezaugarri bat sail osoari hedatzea oso zalantzazkoa izan daitekeela. Esamoldearen definizio sofistikatuago bat beharko genuke, ez-osagaitasuna kontuan hartzeaz gain, gardentasun semantikoa ere erabiliko lukeena gogoan.

2.4.  “Ideia Axiomatiko” baten pitzadura zenbait

Goian azaldu den ideiak huts ematen du. Axioma horrek ez du hurrengoaren berri ematen: a) esamoldearen alderdi eta zati batzuk aldatu daitezke adjektiboen bitartez, edo kuantifikatu, edota zatikiak isildu.

Gainera esamoldeak izan ohi ditu esangura identifikagarriak zeinek elkarri josi ezkero irudipenezko esangura osotasun batean sortzen dutenak. Esamoldezko esangura hitz osagaien esangura literaletik eratortzen da, era konbentziozko baina ez erabat arbitrario batean, guztiz espezifikatuta ez dagoen esangura transferentziaren bitartez.

Lehen urratsean, hortaz, zera aitortzean datza: esamoldeak aldez aztergarriak direla, hau da, esamolde batzuetan dituzten esangura literalarekiko harreman biziak oraindik ere antzeman genitzakeela.

Gainera, hiztunek izan ohi dituzte esamoldeen gaineko azalpen intuitiboak, eta azalpen horiek lagundu egiten dute esamoldea ulertzeko orduan.

2.5.  Motibazioaren kontzeptua esamoldeetan

Esamoldea semantikoki osagaikakoa da bere esangura erabat erator daitekeenean hitz osagaien esanguraz jabetu ezkero eta esamoldeak azpian izan lezakeen egitura erretorikoa inferitzeko lanabesa erabiltzeko gauza bagara. (Egitura erretorikoa: erlazio metaforikoak, metonimiakoak analogiakoak, eta abar.)

Esamolde baten aztergarritasuna honetan datza: esangura literal eta lokalaren eta irudipenezko eta osoaren arteko erlazioaren lorratzari noraino hartu ahal dion antza hiztunak.

Igarritasuna da giltzarrizko beste terminoa: hitz arrunta igar daiteke hiztun baten iritziz hiztun horrek sinesten badu arrazoizkoa dela, hau da, hitzak jarraitzen badio bere uste eta erabilera agintzen dituen konbentzioei. Erabat konbentziozko hitzaren erabilerak ez du igarritasunik bat ere, ez baita erregularra.

Idazle batzuek esan dute esamoldeak ez direla metafora hilak esangura arbitrarioki ezarri zaienak; Esamoldeen irudipenezko esangura esamoldeok azpian dituzten metafora kontzeptualen ezagutzak motibaturik da. Oinarriko metafora kontzeptual hauek esamoldearen eta bere irudipenezko esanguraren arteko lotura ezartzen dute. Hauen arabera, motibazio metaforikoa maila kontzeptualean dago, eta ez lexiko mailan.

2.6.  Hitz osagaien rola esamoldeak interpretatzerakoan

Idazle batzuek aztertu dute zein den berbek duten rola edo eginbeharra esamoldezko adierazpenetan. Adibidez, esamoldearen emankortasun semantikoa, hau da, jendeak duen gaitasuna esamoldezko esangura berriak sortu eta ulertzeko aldatuz, pragmatikari jarraituz (hau da, intentzio komunikatibo batekin), esamoldearen osagai batzuk. Hala erakutsi dute berbaldia prozesamenduan erabiltzen diren printzipio berberen arabera, esamoldeak bietara aztertzen direla, bai semantikoki eta baita sintaktikoki ere.

Opakotasunetik edo iluntasunetik gardentasunerako bideak lau esamolde tipo daudela proposatzera garamatza: (1) erabat ilunak; (2) atzera begiratuz gardenak diren esamoldeak, hau da, bai esanguraren jatorria ezagutzen duzulako, edo esanguraren jatorri horren aztarnak geratzen direlako oraindik; (3) zuzenean gardenak diren esamoldeak, metaforaren bitartez edo bestetara baina hitzen esangurak esamolde osoaren esangurarekin lotura dutenean; (4) irudipenezko esangura gardena dutenak: esamolde horretan ageri diren zatikiak beste esamolde batzuetako esangura dakartenean.

 

3.    Gaur egungo Metaforaren Teoria

George Lakoff 1993

3.1 Eskema

1.      Sarrera

1.1.   Reddyri Gorazarre

1.2.   Tradiziotiko Uste Ustelak

1.3.   Zer Ez Den Metaforikoa

2.      Gaur egungo teoria: adibide zenbait

2.1.   Metafora Kontzeptuala

2.2.   Metaforak Ez Dira Hitz Hutsak

2.3.   Orokortasunak

2.4.   Ekanduzko Metaforen Hedadura Berriak

2.5.   Eragilea Edo Motibazioa

2.6.   Esamolde Irudizkoak

2.7.   Kidetzeak Gorengo Belaunetik Egingo Dira

3.      Oinarriko kontzeptu Semantikoak metaforikoak direnak

3.1.   Sailak Edo Kategoriak

3.2.   Kantitatea Eta Lerrozko Eskalak

3.3.   Aldaezintasunaren Araua (Inbariantzia)

3.4.   Inferentzia Abstraktuak Metaforazko Inferentzia Espazialak Baitira

3.4.1.      Denbora

3.4.2.      Bitarakotasuna

3.4.3.      Aldibereko kideketa

3.5.   Gertakarien Egitura

3.5.1.1.            Gertakari egituraren metafora

3.5.2.      Herentzia hierarkiak

3.5.3.      Bitarakotasuna Gertaera egituraren sisteman

3.5.4.      Aldaezintasuna ostera ere

3.6.   Metafora Berriak

3.6.1.      Irudizko metaforak

3.6.2.      Orokortasun mailako metaforak

3.7.   Metaforaren Bizipenezko Oinarria

4.      Emaitzen laburpena

4.1.   Metaforaren Nolakotasuna

4.1.1.      Metaforaren egitura

4.1.2.      Metaforaren aspektu zenbait

5.      Ondoriozko iruzkinak

5.1.   Esangura Literalaren zama astunak

 

3.2 Sarrera

Hizkuntzaren teoria klasikoetan, metafora gogamenari beharrean hizkuntzari zegokiola uste izan da. Metaforazko esamolde edo adierazpenak eta eguneroko hizketa elkarri jazarri eta elkar kanpoan uzten zutela uste zen: eguneroko hizketak ez omen du metaforarik, eta metaforak erabiltzen dituen baliabideak eguneroko hizketa konbentzionaletik landakoak dira. Eta horrelaxe metafora definizioz ezartzen zen. Horren sendo eutsi zitzaion ikusmolde horri, ahaztu ere egin zitzaigula teoria bat baino ez zela, eta metafora definizio batez azaltzera heldu ginen. Adibidez honetara esango genuke lehen: metafora adierazpen berri edo poetikoa da zeinetan kontzeptu baterako berba bat edo gehiago bere adiera arruntetik kanpo erabiltzen den.

Baina kontu hauek ez dira definizio bitartez garbitu daitezkeenak, galdera enpirikoak baino. Galdera enpirikoa hauxe izan daiteke: zeintzuk dira tradizioan "metafora poetiko"tzat jo izan den adierazpen linguistikoa manatzen duten generalizazioak. Metafora adierazpen poetikoak gobernatzen dituzten hatsarreak ez dira hizkuntzan, gogamenean baizik: kontzeptu arloen arteko kidetze orokorrak dira. Areago, hatsarre orokor hauek, kidetze kontzeptualetan mamitzen direnak, ez dabiltza bakarrik hizkera poetikoan, baizik eta eguneroko hizketaren alderdi asko eta askotan.

Labur eman, metaforaren lekua ez datza hizkuntzan, baizik eta arlo mental batekoak zelan kontzeptualizatzen ditugun beste arlo baten arabera. Metaforaren teoriak arlo-arteko kidetzeak deskribatzeari eutsiko dio. Horretan gabiltzala, ondorioa da eguneroko kontzeptu abstraktuak, denbora, egoera, aldaketa, kausa eta helburua bezalakoak erabat metaforikoak direla. Ondorioz, metafora poetikoak eguneroko metaforari jarraitzen dio, haren hedadura besterik ez dela.

Emaitza enpiriko hauek direla eta, "metafora" hitzak oso bestelako esangura bereganatu du egungo metafora ikerketa arloan, alegia sistema kontzeptualean gertatzen den arlo-arteko kidetzea. Honez, metafora eguneroko hizkuntza naturaleko semantikaren ardatza funtsezkoa eta berebizikoa dugu. "Adierazpen metaforiko" terminoa metafora horrek hartzen duen azaleko hizkuntzazko itxurari dagokio. Hau da, metafora batek eta berak izan litzake adierazpen linguistiko zenbait: "begi-bistakoa" edo "agerikoa" edo "ez dut argi ikusten" edo Kardaberazen "ja dakusa edozeinek" metafora beraren adierazpen diferenteak dira: Ikustea Jakitea da metafora alegia (hau da, jakin arloaz pentsatu eta hitz egiteko ikusi arlotik ateratzen ditugu kontzeptualizazioak). Teoria klasikoak metafora dioenean, guk hemen metaforaren adierazpen linguistikoa diotsogunari buruz dihardu.

3.2.1       Reddyri gorazarre

1977-78an Michael J. Reddyk aztertu zuen zehatz-mehatz zelan ulertzen dugun komunikazio prozesua, bai eguneroko jardunean zein jardun teknikoan, eta erakutsi zuen zelan erabili ohi dugun igorle-hartzaile-kodearen eskema ez den "tutuaren metafora" baizik, hau da, "conduit metaphor." Metafora honetan hitzak esangura daramate, esangura edo komunikatu nahi den edukia objektu bezala kontzeptualizatzen da, hartzailea ontzi bezala kontzeptualizatzen da, hitzak destolestu behar dira eta barruko objektua atera, eta kontrara. Reddyk, kasu bakarrerako baina, hala ere demostratu egin zuen eguneroko hizkuntza metaforikoa dela. Hurrengo puntuak halaber demostratu egin zituen, kasu bakar hori azterketarekin batera,

1-     metaforaren egonlekua pentsamendua dela, eta ez hizkuntza,

2-     mundua kontzeptualizatzeko dugun tresna nagusienetakoa dela,

3-     Eguneroko jokaerak ditugun bizipenen ulermen metaforikoa ispilatzen duela

3.2.2       Tradiziotiko Uste ustelak

Hauexek dira uste ustel horietako batzuk:

·        Eguneroko hizketa bere osoan literala da, ez da metaforikoa

·        Mintza gai guztiei (konturatu zaitezte euskaraz "hizpide" esaten zaiola) literalki "hurrera dakieke," metaforaren beharrik gabe

·        Hizketa literala bakarrik izan daiteke egia ala gezurra

·        Hizkuntzaren lexikoian emandako definizio guztiak literalak dira, ez dira metaforikoak (hiztegietan dauden definizioa literalak dira, "egia" dira).

·        Hizkuntzaren gramatikan erabilitako kontzeptu guztiak literalak dira, bat ere ez dago metaforikoa denik.

Goiko aurresuposamendu horiexetan datza Reddy baino lehenagoko metafora ikerkuntzen eta teoria modernoaren arteko aldea. Eta alde hori eraiki da eguneroko hizketaren azterketak ekarri dituen metafora kontzeptualen idorotzearen eskutik. Metafora sistemak antolatzen ditu gure eguneroko sistema kontzeptualak, kontzeptu abstraktuetaraino guztiak. Esangura literala badagoelakoak dakarren beste gauza bat zera da, esangura metaforikora helduko garela esangura literaletik hasita.

3.2.3       Zer ez den metaforikoa

Goian aipatu daroagun literala vs metaforikoa bereizketa faltsua dela demostratuta dagoen arren, beste era bateko literala vs metaforiko bereizketa badaiteke egin: metafora kontzeptualen bitartez ulertzen ez diren kontzeptuei literalak esan lekieke. Alabaina, bizipen fisikotik urruntzen goazen heinean, eta abstrakzioez edo emozioez dihardugun neurrian, ulermen metaforikoa da araua.

3.3 Gaur egungo teoria: adibide zenbait

Oinarriko metafora kontzeptualik badelako ebidentzia bost eratakoa da:

1)      Polisemia gobernatzeko edo antolatzeko orokortasunak; hau da, berba baten adierak (metaforikoki) erlazionaturik daude

2)      Inferitzeko patroiak gobernatzeko edo antolatzeko orokortasunak; hau da, arlo kontzeptual batean inferitzeko erabiltzen diren eskemak beste arlo kontzeptual batean erabiltzea (adib. birus informatikoa)

3)      Hizkera metaforiko berria gobernatzeko edo antolatzeko orokortasunak: Metafora literarioek eguneroko hizkuntzan erabiltzen diren metaforei jarraituko die, ez du beste ezer "asmatuko," bestela ez ziren ulertuko.

4)      Aldaketa semantikoa gobernatzeko orokortasunak (aldaketa eta hedapen semantikoak polisemiaren bitartez zabaldutako bideren bati jarraituko dio).

5)      Esperimentu psikolinguistikoak

Hemen lehen hirurak eztabaidatuko ditugu.

3.3.1       Metafora kontzeptuala

Imajinatu honetara deskribatutako maitasun harreman bat:

“Gure harremana kale itsu batera sartu da” (gureak horma jo du, erreka jo du...).

Hemen maitasuna bidaia balitz bezala kontzeptualizatu da. Hau da maitaleek ezin dute aurrera egin, harremana lotu da, atzera egin beharko dute, edo “erreka jo badute, errekatik ateratzeko ahaleginak egin beharko dituzte, eta beste. Esamolde hauek maitasunaz, edo harremanez hitz egiteko ez ezen maitasunaz pentsatzeko ere balio digute. Har itzazue kautan hurrengokoak:

-         Zein urrun heldu garen

-         Bide gurutzean gaude

-         Bide luze bezain malkarrak dira

-         Bakoitzak bere bideari oratu zion

-         Ezkon bizitzak erreka jo zuen

Esateko modu hauek guztiak ez dira poesia, egunerokoak baino. Honek bi eratako galdera sorrarazten dizkigu:

1)              Ba ote da hatsarre edo arau orokorrik maitasuna ispilatzeko erabiltzen diren bidaiari buruzko adierazpen linguistiko hauek antolatzeko?

2)              Ba ote da hatsarre edo arau orokorrik maitasunaz hausnar egiteko erabiltzen diren bidaiari buruzko inferentzia patroiak antolatzeko?

 

Hatsarre edo arau hori metafora da: Metaforak hauxe dakar:

 

Bizipen arlo bat (=esperientzia arlo bat) oso bestelako bizipen arlo baten arabera ulertzea,

 

Eta teknikoago metafora honetara ere uler daiteke:

 

kideketa (=mapping, zentzu matematikoan) sorburuko arlo batetik xede-arlo batera

 

 

Kideketa oso lotu eta estu egituratuta dago: korrelazio ontologikoak edo izatezkoak badira; maitasunaren arloko entitateek badute beren korrelazioa bidaiaren arloko beste izaki edo entitateekin:

 

Maitasuna

Bidaia

Maitaleak

Bidaideak

Helburuak

Bidaiaren amaiera edo “helmuga”

zailtasunak

Bideko oztopoak

Harremana

Garraioa

 

Erabiliko dugun tresneria, lehenago argitu behar da metafora ez dela esaldi bat, edo perpausa, azpian legokeen kideketa baino, inferentzia patroiak. Metafora honetara notatzen da: Xede arloa Sorburuko arloa da. Kontuz!, hau da kideketarako erabiliko den izena, baina ez kideketa bera. Maitasuna Bidaia da kideketak bidea emango digu bidaiaz daukagun ezagutza osoa maitasunari aplikatzea, eta horretara maitasunaren gaineko ezagutza bidaiaren gainekoaren arabera antolatzea. Haramen adibide bat:

 

Bibidaide beribil batean daude, jomuga berarekin bidaitzen dute. Beribilak oztopo bat aurkitu du, trokara joan da, hau da, ez dabil ez atzera ez aurrera. Bidaideek ez badute zerbait egiten ez dira helmugara iritsiko. Honakoak dituzte aukeran:

- Saia daitezke beribila mugi dadin zerbait egiten,

- edo erabaki ez dutela helmugara iritsi nahi, eta autoaren barruan geratu

- edo autoa bertan behera utzi eta bakoitzak bere bideari ekin.

 

Orain saia zaitez goikoa maitasunaren arlora aplikatzen, ikusiko duzu zein erraz...

3.3.2       Metaforak ez dira hitz hutsak

Metafora ez da ez hitza ez adierazpen linguistikoa, arlo kontzeptualetan zehar egiten diren kideketa ontologikoak baino. Mapaketa edo kidetzea oinarrizkoa da: erabakitzen dituelako sorburu arloko hizkeraren erabilera eta xede arlorako inferentzia eskemak. Mapaketa edo kideketa ekanduzkoa da: gure sistema kontzeptualaren parte lotu edo tinkoa delako, maitasuna kontzeptualizatzeko bideetako bat. Metaforak hitz hutsak balira adierazpen linguistiko diferenteak ezin lirateke metafora bera izan

3.3.3       Orokortasunak

Maitasuna Bidaia da bi eratako orokortasunak erakusten dizkigu:

-         Polisemiari buruzko orokortasunak: adierazpen linguistikoen erlazionaturiko adieren gainean: kale itsua, estualdi, bide gurutzean, langak, behaztopagarri, bidezidorrak, ez atzera ez aurrera, behor zaharrari orgabidean nekez da irakasten... Bestela esan, zergatik erabil daitezke bidaiari buruzko hitzak maitasunaz hitz egiteko?

-         Inferentziei buruzko orokortasunak: arlo kontzeptualetan zehar egin daitezkeen inferentzien gainekoak. Bestela esan, zergatik erabil daitezke, normalean bidaiari buruz pentsatzeko erabiltzen diren inferentzia eskemak maitasunari buruz pentsatzeko ere?

3.3.4       Ekanduzko metaforen hedadura berriak

Maitasuna Bidaia da kideketa gure sistema kontzeptualaren parte tinko edo lotua izateak dakar kideketa horren erabilera berri eta sortzaileak ere ulertu ahal izatea. Adib. “We are driving in the fast lane on the freeway of love” (Maitasunaren autobideko bide arinetik goaz gidatzen).

 

Sorburuko arloari dagokionez:

Bide arinetik zoazenean bide luzea tarte txikian egiten duzu, eta kilikagarria bezain bestean arriskutsua ere izan daiteke.

Xedeko arloari dagokionez:

Arriskua hemen izan daiteke harremanari kidetua, eta beraz harremanak ez du iraungo, edota maitaleei, eta beraz maitaleak zauriturik suerta daitezke

Abiadurak sortutako kilika maitasunaren arloan sexuari dagokio, eta abar.

 

Ulertu egin dugu metafora berria hain zuzen dugun kideketa tinkoarekin bat datorrelako, ondorioz esan genezake metafora ez dela hizkuntzari dagokion figura, pentsamenduarena baino. Metaforak hiru ezaugarri hauek ditu:

-         Hizkuntz kideketen sistematikotasuna

-         Arrazoiketa, eta arrazoiketa horretan oinarritutako portaera antolatzeko metafora erabiltzea

-         Hedapen berriak ekanduzko kideketetan oinarriturik ulertzeko posibilitatea

3.3.5       Eragilea edo motibazioa

Ekanduzko kideketa guzti da kontzeptu arloen arteko kontzeptu korrespondentzia tinkoa, eta hala, kideketa bakoitzak inferentzia eskemetan zehar litezkeen korrespondentziak definituko ditu, hau da, zeintzuk inferentzia eskema diren posible eta zeintzuk ez. Martxan jartzen denean, kideketa sorburu berri batera aplika geniezaioke, eta hola xede arloko ezagutza haren arabera berrantolatu. Beraz, xede bati aplika dakioke sorburu bat edo beste (ez edozein). Sorburuan ekanduzkoak diren item lexikal guztiek ez dute zertan izan ekanduzkoak xedean ere. Adibidez, “bidea” bai maitasunaren arloan bai bidaiarenean ekanduzko item lexikala izan daiteke, baina aldiz, autobidea ekanduzkoa izan arren bidaiaren arloan ez da maitasunarenean izango (eta hortik berrikuntza semantikoa).

3.3.6       Esamolde irudizkoak

Ekanduzko metaforaren gaineko ikerketan sarri metafora adierazpen asko esamoldeak dira. Ikuspegi klasikoetan esamoldeak esangura estipulatua dute, baina linguistika kognitiboan, bada biderik estipulatu edo arbitrarioak izan ez daitezen; hau da, ez datoz automatikoki arau ekoizleak aplikatuz (esangura linguistikoa), baina sistema kontzeptualeko eskema batekin edo gehiagorekin bat etor daitezke. Adibidez: Harri ibilokiak goroldiorik ez, erle uxatuak abagarik ez.

3.3.7       Kidetzeak gorengo belaunetik egingo dira

Maitasuna Bidaia da kideketan, maitasun harremanari garraioa dagokio. Garraioa gorengo belauna da, eta berriz, beribila, trena, itsasontzia eta hegazkina oinarriko maila. Garraioen adibideak normalean oinarriko maila honetatik atera ohi dira: trena burdinbidetik atera da, itsasontzia kai bare batera heldu da, itsaso handiak hautsita gaude gu, haitzen kontra joan da gure artekoa, eta abar, oinarriko belauna oso aberatsa baita detaile eta zehetasunetan. Baina, hain zuzen, elkarren ondoan oinarriko mailatiko hainbat adibide jarri ahal izateak diosku kideketa berez gorengo mailatik gauzatu dela.

3.4 Oinarriko kontzeptu Semantikoak metaforikoak direnak

Normalean erraz onartuko dugu sentimenduei buruzko kontzeptuek jatorri metaforikoa izatea. Nekezago onartzekoa egiten zaigu berriz semantikako hainbat eta hainbat kontzeptuk ere jatorri metaforiko bera izatea. Guztiarekin ere, gehienak hala dira: denbora, kantitatea, egoera, aldaketa, ekintza, kausa, helburua, modua, era.

3.4.1       Sailak edo kategoriak

Kategoria klasikoak mugadun eremu (esparru = hesi barru) bezala ulertzen ditugu. Beraz gauza bat kategoria baten barruz ala kanpoan egon daiteke. Nik euli bat titare batean baldin badaukat, eta titarea edalontzi baten barruan, orduan eulia edalontziaren barruan daukat. Hau hala da, ez dedukzio logikoa erabiliz, baizik eta edukiontzien gainean dakidana aplikatzetik. Eta antzera silogismo famatua: Sokrates gizakia da; gizakiak hilkorrak dira, beraz Sokrates hilkorra da. Ondorioz, esan genezake kategoria klasikoen ezaugarri logikoek jarraitzen diote edukiontzien ezaugarri topologikoei, alde batera, eta edukiontzietatik kategorietara egindako kideketa metaforikoari, bestera.

3.4.2       Kantitatea eta lerrozko eskalak

Kantitatearen kontzeptuak bi metafora behintzat erabiliko ditu: Gehiago Gora da, bata: adib. “prezioek gora egin dute”. Bia eskala linearrak bideak dira: ezta hurrik eman ere, luze itxaron nuen, “askoz ere atzerago jo beharko dugu...” Metaforak, hasierako puntua eskalako beheko puntuarekin kidetuko du, eta “ibilitako bidea” kantitatearekin.(Ikertu beharreko kontua litzateke, “aurrea hartu” bezalako kokamenduak zer-nolako esangura izan litzakeen testuinguru diferenteetan.

3.4.3       Aldaezintasunaren araua (inbariantzia)

Kideketa metaforikoek sorburu arloko topologia kognitiboa gordeko dute baina xede arlokoarekin bat etor dadin; ostera antzean, aldatu ezin daitekeena xedeko topologia da. Bestela esan, xedeko topologiak aginduko du zein den kidetzeko izan daitekeen sorburuko topologia, eta zein utziko den bertan. Adibidez, norbaiti ostiko bat ematen diozu, baina ez dago objektu transferentziarik, edota informazioa ematen diozu, baina zuk ez duzu informaziorik galtzen, euro bat ematen badiozu bai ordea. Hau da, “eman”en sorburuko arlotik gauza batzuk alde batera utziko dituzu, hain zuzen, xedearekin kontraesanean leudekeenak (txiste asko honetan dautza).

3.4.4       Inferentzia abstraktuak metaforazko inferentzia espazialak baitira

Inferentzia abstraktu asko, denak ez badira, irudi-eskemaren topologia egiturari berezko zaizkion inferentzia espazialen bertsio metaforikoak dira. Kategoriak edukiontziak dira eta Lerrozko eskalak bideak dira. Bideari eta edukiontziari berezkoak zaizkion inferentzia espazialak proiektatuko dira inferentzia abstraktuetara.

3.4.4.1            Denbora

Euskararako aztertzear dagoen arren, ingeleserako hauexek lirateke denbora espazioaren arabera ulertzearen xehetasunak:

a)                          Ontologia: denbora gauza bat balitz bezala ulertzea (entitate eta kokagune bezala), eta mugimendua bezala

b)                         Atzeko edo azpiko baldintzak: orainaldia behatzailearen kokagune berean dago

c)                          Kideketa:

a.       Aldiak gauzak dira

b.      Denboraren igarotzea mugimendua da

c.       Geroaldia, etorkizuna edo izangoa behatzailearen aurrean dago; lehenaldia, edo iragana edo izandakoa atzean

d.      Gauza bat mugitzen da, bestea geldirik dago; geldirik dagoena erreferentzia puntutzat joko da.

d)                         Ondorioa: mugimendua jarraia denez (etenik gabea), eta dimentsio bakarrekoa, denboraren iragatea ere etengabekoa eta dimentsio bakarrekoa izango da (“mila urte igarota urak bere bidean”)

e)                          Kasu berezia 1: behatzailea lotuta dago; denbora entitateak dira behatzailearekiko mugitzen direnak; aldiak bideratuta daude: euren aurre aldea mugimenduaren norabidean

f)                           Ondorioak: 1aldiak 2aldiari jarraitzen badio, 2aldia etorkizunean egongo da 1aldiarekiko. Behatzaileak igarotzen duen denbora orainaldia da. Denborak behatzailearekiko abiadura jakin bat dauka.

g)                          Kasu berezia 2: aldiak kokamendu tinkoak (lotuak) dira; behatzailea denborarekiko mugitzen dabil

h)                          Ondorioak: Denborak luze-zabalak ditu eta neurtu daiteke. Denbora hedatua (edo luzatua) eremu espaziala bezala, mugadun esparrutzat har daiteke

Adibideak:

Helduko da maiatza (jango duguna legatza). Maiatz luzea... Denborak aurrera egin ahala...zerbait egiteko ordua iritsi da. Datozen / hurrengo asteetan...(datozen Xean aldia mugitzen da, hurrengo asteetan, geu hurbiltzen gatzaizkio).

 

Beraz, Denboraren iragatea mugimendua da metaforak bi kasu berezi ditu: lehenak hauxe dakar: Denboraren iragatea objektu baten mugimendua da eta bigarrenak: Denboraren iragatea eremu batean zehar mugitzea da.

Lehen kasua izango da hurrengoak azalduko dituen hatsarre orokorra: etorri, igaro, jarraitu, aurretiaz, aurretik, buruan, atzean, gibeleratu, hegaz, iragan. Hatsarre horrek balio digu ez bakarrik azaltzeko zergatik erabil daitezkeen bietarako, espaziorako eta denborarako, baizik eta zergatik esan gura duten esan gura dutena.

Bigarren kasuak honelako adierazpenak azalduko ditu: bidean aurrera arazoak izango ditugu, han geratu zen hamar urtean. Egonaldia luzatu zuen. Bere orduan heldu zen. Udara hurbiltzen goaz. Minutu bat barru egongo naiz zuekin, eta abar.

Xehetasunak kasuotan bereziak dira, barren; berez ez datoz bat. Ezin da beste barik esan espazioa denboraz hitz egiteko erabiltzen dena; zehaztu behar da zein eratara erabiltzen diren adierazpenok eta non sartzen den adierazpen bakoitza.

3.4.4.2            Bitarikotasuna

Denbora mugimendua da metaforaren kasu berezi biak (kokagune bezala eta objektu bezala) ez dira denboraz dugun ulerkeraren ezaugarri lokabeak, beste barik. Hurren ikusiko dugunez badira beste zenbait metafora kokagune/objektu bikoteka datozkigunak; bikoteok bitarikoak dira, eta gertaera orokorrari bitarikotasuna esango diogu.

3.4.4.3            Aldibereko kidetzea

Garrantzizkoa dugu gogoratzea kideketa metaforikoak aktiba daitezkeen korrespondentzia lotuak direla, eta ez, berriz, inputak har emaitzak eman egiten duten mekanismoak. Hau da, ez da inondik ere egia, ekanduzko metaforak euren baitan dituzten esaldiak esangura literaletik abiatu eta metaforikorakoa prozesatzen dituguna. Ekiteko garaia heldu da entzuten dugunean, ez diogu lehenago “garaia heldu da”ri zentzu literala bilatzen eta gero, huts emakeran, denborari lotutako esangura metaforikoa ehizatzen. Ordea, Denbora igaroa mugimendua da metafora denbora eta espazio arloen arteko kideketa tinko eta lotua da, eta “heldu” (cf. “erdu” “erdutu” hartzen duten esangura maizena) aditzak badu hedaduraz atxikitako denborazko zentzua.

Beraz, esaldiaren bi alde diferentek atera lezakete zentzua kideketa metaforiko desberdinetatik eta aldi berean eta behingo batean gainera. Har dezagun kontua hurrengo esaldi hauxe: datozen asteen barruan. “Barruan” horrek geldirik dagoen eta mugak ditun eremua erakusten digu; luze-laburrerak ditu, eta mugak. “Datozen” aditzak aldiz asteak osotasun gisa hartu, eta mugitzen den objektua legez erakusten digu: objektua eta badator behatzailearengana. “Barruan” hark osotasun horren barruan begiratzen du, osotasunak mugak eta dimentsioak ditu. Bestela esan, Kideketa bakoitza aldez bakarrik gauzatu da. Kideketak euren osotasunean bat ez letozkeen arren, kideketa partzialak gainezar dakioke elkarri. Aldaezintasunaren printzipioak horixe eskatzen baitigu, xede arloko topologia edo egitura gorde dezagula.

Aldibereko kideketak oso arruntak dira poesian.

3.4.5       Gertaera egitura

Gertaeraren egituraren ulermen metaforikoari buruz hitz egingo da hemen. Hau da, gertakariak egitura bat dute (edo egituratuta bezala ulertzen ditugu gizakiok behintzat), eta egitura hori metaforikoa izango da. Gertakarien egiturak bere baitan hurrengook hartuko ditu adibidez: aldaketa, jardunbidea edo prozesua, ekintzak, kausak, helburuak, bideak edo moduak eta abar. Horiek guztiak azpian duten sorburua espazioa, mugimendua eta eragilea dira.

 

 

3.4.5.1            Gertaera egituraren metafora

3.4.5.2            Oinorde hierarkiak

Kideketa metaforikoak ez dira gertatzen elkarrekiko lotura bat ere barik; batzuetan hierarkia egituretan antolatzen dira, esateko, beherengo belaunetako kideketek gorengo belaunetako egiturak herentziatan hartzen dituzte.

Argi egiteko:

1. belauna: gertaera egituraren metafora (xedean: Gertaerak; sorburuan: espazioa)

2. belauna: helburudun bizitza egun beteko bidea da

3. belauna: Maitasuna bidaia da, Karrera bat egunaldia da.

 

Mendebaldeko kulturan, bizitza helburuduna izatea espero da: hau da, asmoak eta jomugak izatea espero ohi da gugandik. Gertakari egituraren metaforan asmoak helmugak dira, eta asmoz egindako ekintzak helmuga bateranzko euren buruari eragiten dioten mugimenduak dira. Helburudun bizitza luzerako ekintza emankortzat jotzen da, eta beraz egun beteko bidaiatzat. Bizitzako asmoak bidaia horretako helmugak dira. Asmoa gauzatzeko hautatzen den lanabesa helburu baterako bidea edo bidezidorra hautatzea bezalakoa da. Eta dena hola.

 

Oinordekotzan hartutako hierarkiak hainbat orokortze azaltzen ditu. Esaterako,

(1) item lexikalen gaineko orokortzeak: bidegurutzean, pentsa “Gariren” kanta[8]. Oinarrizko esangura espazioari dagokio, baina Gariren kantak beste adiera bat eransten dio (eta guk automatikoki ulertu gainera). Hierarkiak hatsarre orokor bat ezartzeko bidea emango digu: bidegurutzea lexikalki hedatuko da honako azpi-metaforaren bitartez: aldi luzerako asmodun ekintzak (egun beteko) bidaiak dira. Gainontzeko erabilerak automatikoki sortuko dira oinordezko hierarkiagatik, beraz ez dugu zertan hierarkiako oin edo belaun bakoitzeko esangura bana ateratzen ibili.

(2) Bigarren orokortzea inferentzia moduari dagokio. Zailtasunak bidaiatzeko oztopo gisa ulertzea, ez da bakarrik gertaerekin lotzen, baita helburudun bizitzarekin ere, edota maitasun harremanekin, edota karrera batekin. Oinorde hierarkiak bermatzen du bizitzako, maitasuneko, edo karreretako zailtasunak gertaeretako zailtasunen ulertzetik ondorioztatzea. Ariketa: Zer da erdarazko “un trepa,” edota “escala-torres”, eta zein arlori aplikatzen zaio?

Hierarkiako gorengo oinetako metaforak zabalduago daude beherengo belaunetakoak baino, eta hartara, oso litekeena da gertaera egituraren metafora unibertsala izatea[9], eta aldiz, behekoak, bizitza, maitasuna, karrera, kultura bakar eta bakan batzuetakoak izatea.

 

3.4.5.3            Bitarakotasuna Gertaera egituraren sisteman

Denboraren metaforan ikusi genuen zelan bitarakoa zen: objektu/kokagune; alde batetik objektu bezala, behatzailea geldirik zegoen eta aldiak hurreratuz doazen objektuak dira; beste aldetik, kokagune bezala, aldiak loturik daude eta behatzailea hurreratzen zaie aldiei.

Orain arte ikusitako gertaera egitura metafora erabat espaziala izan da, alabaina, bada beste gertaera egitura bat kokagune beharrean objektu bezala ikusten dena; sistema biotan Aldakuntza mugimendua da eta Kausak indarrak/eragileak dira mugimendu horri eragiten diotenak. Hauxe da bion arteko aldea:

(1) Kokagune sisteman: aldaketa mugimendua da, aldatzeko gauza kokagune zaharretik kokagune berri baterako ibilbidean doa.

(2) Objektu sisteman: aldatzeko gauza ez da mugitzen, baina aldakuntza objektu baten harengandik urrunduz edo harenagan gerturatuz egiten duen mugimenduak ematen dio. Gainera, mugitzen den objektua jabego legez ulertzen da, edukia, eta aldatzen den objektua jabea bezala, edukitzailea. Kausazioa beraz, ematea edo hartzea. Hara adibide zenbait:

- Buruko arina daukat (buruko arina jabegoa da)

- Aldia egin zait (Aldaketa, aldia, eskuratu den objektua da – etorri zaio aldia, norabait mugitu)

- Joan/kendu zait buruko arina (Aldaketa galera da – nonbaitetik mugitu)

- Zaratak buruko mina eragin/eman dit (Kausa ematea da – norabait mugitu)

- Aspirinak kendu egin dit buruko mina

Beste adibide bat “arazo”:

- arazo handietan zabiltzala (Arazo kokagunea da)

- Arazo handia daukat (arazoa edukitzen den objektua da)[10]

 

Bestela esan, atribuzioak edo nolakotasunak egoerak (egon erak) bezalakoak dira, baina gainera eduki daitezkeen objektuak bezala ere kontzeptualiza daitezke. Beraz, Egoerak (koka)guneak dira eta Nolakotasunak jabegaiak dira bitarakoak dira, edutezkoak eta kokaguneak gauza beraren kasu bereziak baino ez direnez gero (kokamendua), eta egoerak eta nolakotasunak gauza beraren kasu bereziak direnez gero (norbaiti leporatu ahal zaiona).

 

Hori horrela bada, badakusa edozeinek gertaera egituraren metaforaren beste bertsio bat badena, objektu-bertsioa alegia:

Nolakotasunak jabegaiak dira

Aldaketak mugimenduak dira (jabegaiena, hau da, jadesten da edo galera)

Kausak indarrak dira (jabegaien mugimendua kontrolatzeko, hau da, eman edo kendu)

 

Horiexek dira hurrengoen bitarakoak:

Egoerak kokaguneka dira

Aldaketak mugimenduak dira (kokagunetik edo kokagunera)

Kausak indarrak dira (kokagunera edo kokagunetiko mugimendua kontrolatzeko)

 

Beheko oineko kideketak ere bitarakoak dira, Asmoak helmugak dira beste honetara ere esan daiteke: Asmoak nahi diren kokaguneak dira. Kokagune berba kendu eta haren ordez objektua jarriz gero honako bitarakoa lortzen dugu: Asmoak nahi diren objektuak dira eta Asmo bat gauzatzea nahi den objektua eskuratzea da.

3.4.5.4            Aldaezintasuna ostera ere

Orain artean azaldutako metaforek hiru irudi-eskema nagusi hauekin egiten dute bat: ontziak, bideak eta indar-irudiak. Aldaezintasunaren hatsarreak erabakitzen du zein irudi eskema doan xede arlora eta zein ez. Indarren dinamikaren logikak Kausak indarrak/eragileak dira metaforaren bitartez kasuazioaren logikarekin kidetuko da.

-         Geldirik dagoen objektua mugituko da bakarrik indar batek eraginda; indar barik hantxe egongo da, lotu

-         Indarrak eragiteko jotzea eskatzen du, ez badeutso edo ez badatxekio (ez badago kontakturik) ez da indarrik transmitituko

-         Indarraren eragina indarra bera baino berandutxoago gertatuko da, lehenago indarra eta gero mugimendua.

Horiexek dira kausazioaren gaineko inferentzia baldintza klasikoak: elkar jotzea, (ondokotasun espaziala), denboran aurrena izatea, eta Ak Bri eragingo diola bakarrik B gerta ez baledi A izan ezean.

3.4.6       Metafora berriak

3.4.6.1            Irudizko metaforak

Orain arte ikusitako metaforak kontzeptu arlo bat beste batekin kidetzean zeutzan. Baina badira metafora batzuk kolpe bakarreko kidetzeak direnak, hau da, ekanduzko irudi bat beste batekin kidetzea, baina, hala ere, arlo bateko egitura beste arlo batera eramaten dute. Ekar ezazue gogora André Bretonen bertso-lerro hauxe: “Nire emaztea…zeinaren gerria hareazko erlojua den.” Hareazko erlojuaren itxura eta emakume baten gerriarena batera jarriko ditu, irudi bat beste irudi baten gainean. Konturatu zaitezte norberak atera behar duela irudiaren zein alderdi kidetu behar duen zeinekin. “Bere behatzak piano txiki bateko teklak bezalakoak ziren”.

3.4.6.2            Orokortasun mailako metaforak

Maila orokorreko metaforak atera ziren bi arazo hauei aurre egiteko: pertsonifikazioaren arazoari eta atsotitzen arazoari.

1.5.1.1.1.      3.6.2.1. Pertsonifikazioa edo gorpuztea

Adibidez, ingelesez Herioa oso era gutxitan gorpuzten da: gidariak, gurdi gidariak, ibiltariak, segalariak, irensleak, suntsitzaileak, edota borroka bateko edo joko bateko arerioa, esan dezagun xake partida batean edo zaldun armatu bat. Galdera da, zergatik era horietara, eta zergatik bakarrik era horietara.

Gertaerak, heriotza kasurako, ekintza bezala ulertzen dira, ekile batek (segalariak kasu) sortua. Ekilea da pertsonifikatzen dena, beraz, oso metafora orokorra atera daiteke hemen (Gertaerak ekintzak dira), heriotzarako eta bizitzarako beste batzuekin konbinaketan (Adibidez, Heriotza abiatzea da eta Jendea Landareak dira).

1.5.1.1.2.      3.6.2.2. Atsotitzak

Atsotitzekin interpretazio batzuk zilegizkoak dira eta beste batzuk ez, zergatik? Ingelesez bada bat “Itsuak koskari errieta” edo euskal bertsioa “Idiak oinon beharrean gurdia oinotzen”. Kasu hauetan itsutasunaren edo itzaintzaren gaineko ezagutza zehatzik gabe bada ezagutza orokor bat, ezagutza orokorraren eskema, artez esateko. Maila orokorreko ezagutza eskema hori aplikatuko dugu atsotitza erabili den testuingurura, testuinguru horiek muga zurrunik gabe baina badute murriztapenik, hain zuzen ezagutza eskema horrek inposatzen diena. Eskema horrek osagarri hauexek ditu:

-         Kausa egitura

-         Denbora egitura

-         Gertaera oholtza (aspektua esateko: une batekoa edo behin eta berriz errepikatzen dena, osoa eta itxita edo zabalik eta aldezkoa, urrats lotuak dituena edo ez dituena, entitateak gordetzen dituena edo gorde ez dituena

-         Asmo egitura

-         Modu egitura

-         Lerrozko eskala

Ezagutza zehatzaren egitura eta bere maila orokorreko egituraren arteko harremana Orokorra zehatza da metafora deitu izan zaio; orokorra zehatzaren bitartez ezagutzen dugula, alegia.

3.5 Emaitzen laburpena

3.5.1       Metaforaren nolakotasuna

3.5.1.1            Metaforaren egitura

3.5.1.2            Metaforaren aspektu zenbait

3.6 Ondoriozko iruzkinak

3.6.1       Esangura literalarekiko aginduak

 



[1] Baina, aldiz bada eztularen ordez “aharrausia” dakarren atsotitz bat (Garate 1998): “Berba hutsa eta ahuntzaren gauerdiko aharrausia berdin”. Ikus beherago termino bakarra aldatzeaz.

[2] Glucksbergek berak ere atzez egingo du gero.

[3] “Errekadua egin” esamoldean, ‘egin’ aditza eta bere osagai zuzena ‘errekadua’ kidetu daitezke euren esamoldeko erreferentearekin, irteteko galdera eta egin (eztabaidagai izango genuke jarri dudan adibide hau, esaterako, “errekadua”k baduenentz berez eskakizun elementurik, eta abar.).

[4] Adibidez, “bi errekadu egin zituen horrek, batak huts emanez gero ere(?)” (edota agian zuzenago: “biri egin die horrek errekadua...”).

[5] Ume lapurra: gazteegiekin ligatzen duena.

Ume irtena: gaztea izanda (normalean sexu kontuetan) helduagoei legozkiekeen gauzak egiten dituena.

Lehenean objektua aditzaren aurretik dago ‘umeak lapurtzen dituena’, bestean aditza adjektibaturik dago eta aurretik emandako izenaren modifikatzailea da, ume horren nolakotasuna irtena izatea da.

[6] Ni ez nago ados honekin; hain zuzen oinarriko metafora kontzeptualez ez gara ohartu ere egiten eguneroko jardunean.

[7] Kideketa eta azpikideketa hauek guztiak ingelesari zaizkio. Euskaraz egin gabe daude horrelako azterketak; gauza batzuetan bat etorriko da ingelesezkoekin, beste batzuetan ez. Bat datorrenetan, edo horietako batzuetan bederen, eragin indoeuroparra izango dugu euskaraz, alde batetik, eta bestetik, gaur egungo inkulturazio amerikarra espainolaren bitartez edo modernitatearen aitzakiatan. Denborazkoak ikusteko pentsa ezazue kanta zaharrak zioen hartaz: “mila urte igarota urak bere bidean…” (Beotibarkoa). Gertakariaren egitura ikusteko pentsa ezazue zein zaila den euskaraz “kausaz” hitz egitea latinetiko terminoetara jo gabe; areago, erdaretan eguneko txangoa, lan eguna eta soldata berdin esaten da (journey, jornada, journal), baina euskaraz “egunekorik” ez dugu, nik dakidala behintzat. (Nafarroako foruan bazegoen zerga mota bat “onbacendu avari” izenekoa, eta Bermeon, beste herri arantzaleetan bezala suposatzen dut, “afaria” eguneko soldata zen.

[8] “Nahiz eta bidea hautsia izan / hautsiago ibiliko naiz ni”

[9] Adibidez euskal aditzeko etorkizuna genitibo/lokatiboarekin sortzea –ko/-en, oinarrian duen sorburu espazialagatik izan daiteke

[10] Gose naiz, gosea daukat. Ohar zaitezte gure gramatikalariek (Zuazok, Ibon Sarasolak, estilo liburuek...) huts ematen dutela ez (bakarrik) gauza bat debekatzean, baizik eta debekatu nahi dutena oso gutxi edo azaletik aztertzearekin, irizpide estetiko hutsen atzetik alegia; hau da, sena ez da berez arrazoi, baina badu arrazoirik asko, sena ez da konbokatu behar deskribatu baino. Adibidez, segurutik berandukoa da euskaran egoera aldaketa jabego-objektu bezala kontzeptualizatzea, eta horregatik ikusten daitezke bigarren sistema horretan pitzadura argiak. Gaur egun euskaldun gehienentzat “logura naiz” eta “logura daukat” berdin balio lezakete, baina “arazoa(k) dau(z)kat” agian euskara berriegia izan daiteke.