Gogoeta, Hizkuntza eta Metafora

Laburpen bat

Katz, Albert. “Figurative Language and Figurative Thought: A Review.” In: Katz eta al. Figurative Language and Thought. New York-Oxford. Oxford University Press. 1998. (ISBN: 0-19-510963-5 pbk.)

 

Liburuak 5 atal ditu; autoreok atal bana eman dute eta, azken atalean, euren arteko elkarrizketa (“Counterpoints” kontrapuntuak). Katzek abiaraziko du liburua artikulu honekin: “Figurative Language and Figurative Thought: A review”, honetara eman daitekeena euskaraz: Irudipenezko hizkuntza eta irudipenezko gogoeta (laburpena)[1].

 

Aurresuposamendu ortodoxo edo tradizionalekin hasiko da Katz arazoa aurkezten; hala nola badela hizkera figuratu bat zuzena edo literala ez dena, eta beraz hizkuntza eta pentsamenduaren arteko hautu sortzaileak irudipenezko hizkera honetan azter daitezkeela ondoen. Gehien ikertu ei diren “erausiaren irudiak” hauexek dira (apud Roberts eta Kreutz 1994): Metafora, ironia, esamoldeak, eta zeharkako eskaera (adib. “surik bai?”). Arin esateko, Katzek liburua zertan izango den azaltzean pentsamenduaren eta erausiaren irudien artekoak aztertze ahalegina dela diosku[2]. “Erausiaren irudiak” darabilt Erretorika Klasikoarekin lotzeko, hain zuzen horrek harritu ninduelako lehengo begiratuan, zeren Erretorika Klasikoak erausiaren irudiak ez eze, gogoetaren irudiak ere azaltzen baitzituen eta, hala, Lakoffen errebindikazioaren atarietan jarriko baikinen —alegia metafora gogoari dagokiola eta ez hizkuntzari—, eta era horretara hainbat ikerketen ekarriak bazter lotuko ziren hartutako bidezidor horren erruz. Beraz, esan dezagun hasierako hurbilketa tradizionalista edo naïf horrek lagundu egiten duela, azken buruan, ortzi-muga zabalagoa emate aldera..

 

1.    Hizkuntza eta pentsaeraz

 

Gogoeta gogo-jardunetan bitartekari lanak egiten dituen bizipen mentalaren forma bat dela esan izan da. Beraz, gogoetak bai egiturazko bai jardunezko osagarriak izango ditu. Egiturari dagokionez, herri deskribapenek kontzeptuak, ideiak, irudiak eta proposizioak bezalako entitateak hartu ohi dituzte haren barruan. Zelakoa den egitura bera apur bat eztabaidagarriagoa suerta daiteke; batzuek errepresentazioa sinbolikoa dutela diote, bitzuek arkitektura konexionista, aldiz. Entitateok “gogoeta kutxak” balira bezala batu daitezke, normalean “arazo-konpontzera” zuzenduak (arrazoiketaren bitartez), baina ez bakarrik (adibidez poema bat irakurtzean burura letozkeen pentsamenduak).

 

Hizkuntzak ere egiturak dituela uste izan da (fonemak, lexemak, sintagmak...) eta jardunak edo prozesuak (adib. joskera manatzen duten arauak). Askok bereizi izan dute hizkuntza erabiltzekoa den aldetik, eta hizkuntza objektu ideala den aldetik; gogoetarekin gertatu ez dena, bestalde. Horren historia emateko Katzek izen batzuk-batzuk aipatuko ditu: Varrok (apud Dinneen, 1967) K.a. 100ean bereiziko zituen jario konkretua, norbanako batek unean-unean egina, batetik, eta hiztun komunitate bateko kideek komunean duten hizkuntz jakintza abstraktua, bestetik. Antzera, Saussurek (1857-1913) langue eta parole bereiziko zituen: parole egitura abstraktua den langueren ispilaketa idiosinkratikoa litzateke. Langue, beraz, sistema gramatiko-semantikoa zeinek parole gertatzea ahalbidetzen duen. Chomskyk antzeko bereizketa egingo zuen (1965): ariketa —memoria edo arreta bezalako ostantzeko kanpotiko faktoreek eragiten dioten ekoizpen eta ulerkuntza— eta gaitasuna —ezagutza abstraktu eta ideala, ariketa oinarritzen duena—. Chomskyk esaten du hizkuntzalariaren zeregina gaitasun horixe deskribatzea dela, eta ez besterik.

 

Ostera ere, gogoetari ez bezala, hizkuntzari gizarte komunikaziorako zeregina egotzi izan zaio. Hizkuntzaren komunikazio funtzioek, gogoetak bezala, sustraiak egituran eta jardun kognitiboetan dituzten arren, hizkuntzak gainera badu osagai inter-psikikoa gogoetaz dugun kontzeptuan ez dagoena. Sortutako pentsamendu batek ez du eragin sozialik jokamoldezko bitartekariren batean ez bada jartzen; berbetaratutako hizkuntzak aldiz badu eragin sozialik asko behin norbaitek entzunez gero. Baina zelakoak dira gogoeta eta hizkuntzaren artekoak? Sinplekeria litzateke ustea —eta oso jarrera berria, Lockekin batera has daitekeena— hizkuntza norbanakoaren pentsamendu pribatua plazaratzeko tresna baino ez dela, gero kodetze deskodetze jardunetara ekar daitekeena; noski, ez daude ikerlari denak horretan.

 

Batek pentsa lezake gogoeta eta hizkuntza funtzionalki euren eskuko direla: hau da, diogunak ez duela loturarik pentsatzen dugunarekin (adibidez haur gazte-gazteengan). Horren muturrekoak ez diren jarrerek, eredu modularren zaleek alegia, diote independentzia funtzionala hizkuntzaren katenbegi batzuetan suerta daitekeela (joskera prozesatzerakoan kasu), baina ez belaun guztietan (hizkuntz ekintza baten asmoa igartzerakoan adibidez). Ustez behintzat, azterketa sintaktikoa eta hitzak atzematea jakintza orokorretik aske ibil daitezke, baina, adibidez, zeharkako eskaera bat atzemateak jakintza orokorreko egiturak eskatuko ditu.

 

Batek iruntzetarakoa ere igar lezake, gogoeta hizkuntzara ekar daitekeela alegia. Hortaz, eboluzioa kautan harturik, giza gogoeta giza hizkuntza agertukeran garatuko zen. Jarrera honen hogeigarren mendeko aldakia hauxe izan da: gogoeta hizkuntzaren pentsurakoa da, nolabait hizkuntzan oinarritzen da, hau da, hiztun komunitateren batek erabilitako hizkuntza zehatz horretan. Jarrera honen aldaki batzuetan bi pentsabide ditugula diote: Hizkuntz(berbaldi)an oinarritua alde batera, eta ez-linguistikoa bestera. Ondorioz horrek hauxe dakar: gizakiak ez diren animaliak eta berbeta aurreko umeek ez dutela pentsatzen, edota oso bestetara pentsatzen dutela. Eta, bigarren ondorioa, baldin gogoeta batzuk bakarrik oinarritzen badira gogamenean, helduek ere izan lezakete gogoetarik erabat hitzetara eman ezin den gogoetarik. Gogoeta berbaldian oinarritzen bada, hiztun komunitate diferenteek era diferenteetara pentsatuko dute, mundua oso modu desberdinetara hartuko da kautan bakoitzean; horixe da Sapir-Whorf hipotesia. Badabil hipotesi horren birbizte moduko bat gaur egun. Katzek, aldaki alternatibotzat, gurago luke hizkuntzak zertan dabiltzan bereiz begiratu ordez, zertan datozen bat aztertuko bagenu, hau da, denok batera izan ditzakegun hizkuntz hatsarreei begiratzea.

 

1.1.                   Hizkuntza eta gogoeta funtzionalki euren eskuko ei dira.

 

Euren eskuko direlako hipotesiaren adar bat Vygotskyk (1962) eman lezake; haren ustez,  ume gazte-gazteetan gogoeta eta hizkuntza oso aldendutako jardunak dira: umea hasieratik bertatik arazo konponketan saiatzeak erakusten du hizkuntzarik gabeko gogoeta, eta alderantziz, umearen tirli-torloka ibiltzeak gogoetarik gabeko hizkuntza dakar. Jardun biok umeak bi urte betetzean bateratuko dira, hau da, gogoeta berbatua izatera datorrenean. Aldiz, Chomskyk (1965) eta Fodorrek (1983) eskukotasuna proposatuko dute baita helduengan ere. Chomskyk, bere hasierako lanetatik aurrerantzean, hizkuntza funtzio zehatzen arteko eskukotasuna azpimarratu du —adibidez joskera eta semantikaren artekoa— eta, era berean, hizkuntzaren burujabetza, gainerako gogo jardunetatik landakoa.

                                                                          

Horixe izan da Fodorren mintzagai lehena: gogoak baduela harako sistema kognitibo enborreko bat eta, gainera, modulu espezializatu eta autonomoak; modulu bakoitzaren barruan prozesamenduari eusten zaionean, prozesatze horretan ez omen du eraginik gogo sistemako beste inon jalgiriko informazioak. Horrelako fardelka aritzeak (enkapsulamenduak) sistemari abiadura handia ezartzen ei dio, beste inongo informazioak enbarazurik egiten ez diola. Moduluka ibiltzearen hipotesiak hizkuntza gogoetatik aske dabilena ondorioztatuko du eta, halaber, hizkuntzaren moduluetako aurreprozesamendu baten ostean bakarrik egon daitezkeela emaitzak enborreko sistemaren menera. Beraz, hizkuntzaren zenbait alderdik ez dute jasango mundu jakintzaren edo kontsiderazio pragmatikoen eraginik. Modulukako hurbilketak berdin balioko luke hizkera literalerako zein ez-literalerako, areago, hizkuntza literaletik aldendu litekeen guztia enborreko sistema kognitiboari zor litzaioke eta ez besteri.

 

1.2.1. Hizkuntzaren eta gogoetaren eskukotasuna

 

Hizkuntzaren eta gogoetaren eskukotasunerako lehen iturria hauxe izan da:  hizkuntza gogoetatik aldenduta funtzionalki dabilela. Honen zaleek esaten dute hizkuntza eta gogoetaren arteko bakantzea bikoitza dela, eta hori argi ikus daitekeela patologia bi aztertuz gero: Down eta Williams sindromeak hain zuzen. Down sindromedunengan hizkuntz ariketa gogoaren garapena baino atzerago dabil; hizkuntza kognizio orokorrean baletza batek esperoko luke pare-parean joatea bai hizkuntza eta bai kognizioa, baina ez da hala. Beraz, horixe genuke bakantze bakunaren adibidea.

 

Aldiz, Williams sindromedunak (askoz ere gutxiago aztertu den sindromea, bide batez esanda) hiztegi luze-zabalak garatuko dituzte, bai eta ulermena eta etorria ere, zenbait egiturarekin batera (baldintzak eta pasiboak kasu), baina, guztiarekin ere, Piagetek 9 urteko umeentzako deskribatutako arrazoiketa eta sailak erlazionatzeko atazetan huts ematen dute.

 

Bada arazorik Williams sindromedun umeengan hizkuntza eta ezaguera bereiz dabiltzalakoarekin (apud Maratsos eta Matheny 1994). Lehen arazoa Piageten atazak erabiltzetik dator: atazok egitean huts emateak ez du esan gura popertza ezagueraren atzeramendua, baizik eta, agian, oroimen edo arreta hutsegiteak. Bigarrena, ume horien hizkuntzan sintaxia ez eze semantika ere zuzena den bezainbatean (ez dute hitz erreskada zuzena baina zentzugabea sortzen) ezin da hizkuntzaren eta gogoetaren arteko harako bakantzea aitortu. Azkenik, Williams sindromea duten umeak ez dira bakarrak baldintzazko esaldiekin eta pasiboekin ondo moldatzen, urte bertsuko beste ume asko ere halaxe moldatzen baitira. Lan gehiago behar da esparru honetan.

1.2.2. Hizkuntza Hezurtuta dago

 

Bigarren euskarria: Hizkuntza “hezurtuta” dago burmuinean. Hizkuntza eta gogoeta bakanduta dabiltzalako hipotesiaren euskarrirako bigarren iturria hauxe izan da: moduluak biologikoki elkarri josita egon daitezkeela. Hizkuntzari beren-beregi dagozkion funtzioak burmuinean ikus omen daitezke, eta aldiz ez da holako espezializaziorik ikusten ostantzeko pentsamendu jardunetarako. Psikologian tradizio luze batek, bai klinika kasuetatik bai burmuineko asimetriak aztertzeko atazetan parte hartzaileen ariketetatik, erakutsi du burmuineko ezkerreko alderdiak gaina hartzen duela hizkuntza kontuetan, behintzat eskumatien artean (apud Hellige 1990), baita gormutuen zeinu-(hiz)-kuntzan ere (Poizner, Klima eta Belugi 1987). Ezkerreko alderditiko bi guneok dihardute lan horretan: Broca eta Wrenicke guneak. Wernicke gunean afasia dutenak jariakortasunez hitz egingo dute, baina sarri zentzun barik: hitz baten ordez ez dagokiona jarriaz, edota erreferente argi gabeko izenordeak erabiliaz. Broca afasiadunak aldiz testuinguruari ondo lotutako eta semantikoki egokia den berbaldia sortuko dute, baina arazoak izango dituzte outputarekin, eta ikertzaile batzuek uste izan dute output oker horiek sintaxia erabiltzen hutsegiteak direla. Broca afasiadunik aurkitu izan denez antzinako hominidoen fosiletan ere, ikertzaileek uste dute hizkuntza gure espeziea ageri baino lehenagokoa dela.

 

Azken urteotan ordea, ikuskera hau aldatu egin da. Aurrena, gero eta garrantzia handiagoa aitortzen zaio hizkuntza jardunetan burmuineko eskoiko alderdiari ere. Adibidez nabarmentze semantikoa lor daiteke eskoiko alderdian ere (Chiarello, Burgess, Richards eta Pollock, 1990), areago, gero eta ebidentzia gehiago dago esateko eskumako alderdi horrek batez ere hizkuntza ez-literal modu batzuetarako garrantzia handia daukala; hara zeharkako eskaera, metafora eta esamoldeak.

 

Hurrena, afasiadunengan eginiko ikerketa sakonagoek erakutsi dute afasia sintaktikoa (Broca) eta semantikoa (Wernicke) bereiztea ez dela oso-oso. Wernicke afasiadunak ez dira hasieran pentsatu bezain “asemantikoak”, eta uste baino gehiagotan ematen die sintaxiak huts. Eta aldiz, Broca afasiadunak nahiko onak izan ohi dira esaldien gramatikaltasuna epaitzen, hau da, badirudi Broca afasiadunek ariketan dutela etena, eta ez gaitasunean. Azkenik, Kimurak (1993) dio ezkerreko alderdia trebetasun motoreetan dela aditua, berdin ahoko zein giharretako; afasia lotuta joan ohi da motrizitate arazoekin (apraxia). Apraxian arazoak afasiaren oinarrian daudela dio Kimurak. Beraz, ondorio modularra esan izan zaionak agian ariketa linguistikoa ispila lezake, eta ez halabeharrez hizkuntz gaitasuna.

1.2.3. Moduluak Informazio Fardeletan

 

Moduluak informazioari dagokionez fardeletan ei datoz. Fodorren iritziz, modulu baten ezaugarria informazioa fardelka antolatzea da, beraz, modulu horretaz kanpoko informazioak ez du eraginik moduluan bertan prozesatzen denarekin. Hipotesi hau asko ikertu da batez ere bi eremutan; lexiko eskurapena eta sintaxi azterketa. Modulartasun lexikalari dagokionez, esangura gogora ekartzea da kontua, baina item anbiguoekin, alegia homografoekin. Baldin eskurapen lexikala modularra bada, esanguraren eskurapenak bere eskuko jokatuko luke sistema kognitiboaren menera legokeen beste informaziotik aske. Hori horrela balitz homografoaren esangura biak ekarriko lirateke gogora aldi berean, testuingurua gorabehera. Hasierako datuek horren alde egiten zuten (Swinney, 1979), baina azken ikerketek gehiago indartzen dute bai testuingurua zein motatakoa den, bai eta esangura bakoitzaren batezbesteko maiztasuna, esangura bakarra ala askokoa begietaratuko den erabakitzeko orduan (Tabosi & Zardon, 1993).

 

Modulartasun sintaktikoari gagozkiola kontua da ze ea esaldi baten jatorrizko azterketa sintaktikoa bere eskuko dabiltzan arauen multzoaren pentsurakoa bakarrik denentz, testuinguruko informaziotik eta semantikatik landara alegia. Hastapenetako itzal handiko eredu bat Frazierrena (1987) izan zen. Han esaten zuen bi estrategia oinarrizko erabiltzen zirela azterketa sintaktikorako: berandu ixtea eta gutxieneko lokarria. Berandu ixtearekin zera adierazi gura zuen, aztertzen gauden zatikiari atxikiko diogula perpausean hurren datorren elementua. Gutxieneko lokarriarekin beste hauxe berriz: joskera egiturarik sinpleena eraikiko duen eran lotuko diogula elementu berri hori. Batek perpausa online prozesatzen duelarik, puntu batetik aurrera etiketatzaileak nahiago izan lezake geroko informazioak gezurtatuko duen egitura sintaktikoa; horri lorategi-bidexka deitzen zaio. Ikuspegi modularretik, batek aurreikus lezake lorategi-bidexkak ezin zezakeela eraginik jaso semantikatiko edo testuingurutiko informaziotik. Baina ebidentziak bestetara doaz (Rayner et al., 1983; Altmann eta Steedman, 1988). Adibidez, hasierako hobespen sintaktikoak perpausa nola beteko den usteari lotzen zaizkio; beraz, eduki pragmatikoek badaukate eskuartze nabarmena irakurketa abiaduran, eta ez eduki sintaktikoek. Areago, lekuan lekuko anbiguotasunak argitzeko maiztasun kontuak sartzen dira (Trueswell, Tanenhaus eta Kello 1993).

 

Labur eman, sintaxi ikerketa goiztiarrek modulartasun gogorra bultzatzen zuten arren, ikerketa berriagoak aldendu egin dira alde batera jardun modularra (autonomoa) eta bestera ez-autonomoa proposatzen zuen dikotomia horretatik, eta beste eredu honetara egin dute: joskeran oinarritutako informazioa interaktiboki erabiliko da informazio ez-sintaktikoarekin batera, baita sintaxi konturik oinarrizkoetan ere, modu jarraian gainera. Gaur egungo ikerketek ez dituzte horrenbeste bereizten hizkuntza alde batera eta gogoeta bide orokorragoak bestera.

 

1.2.                   Hizkuntzak gogoeta bideratzen du

 

Hizkuntzak gogoeta bideratzen du. Aurreko jarreren kontra hizkuntzaren determinismoa dago. Katzek teoria honen aitzindariak aipatzen ditu (apud Schaff, 1973): Herder, Humboldt, eta Ameriketan, Sapir eta Whorf. Eztabaida kontu bi daude hemen: Hizkuntz determinismoa, esatea legez hizkuntzak lehentasuna daukala eta pentsamendua bideratzen duela, eta hizkuntz erlatibismoa, alegia, hiztun komunitate diferenteetako partaideek errealitatearen ikuskera besterakoak dituztela. Whorfen datuak ez ziren oso-oso, datuek zuten kanpoko itxuran indar larregia jartzen baitzuen, baina bada datuok metodologia hobearekin berriro hartzerik. Oro har, esperimentuetarako mekanismoa hauxe da: bi hizkuntza hartu, era zehatz batera bereizten direnak, eta ikusi ea diferentzia horiek mundu ikuskeran islarik duten, baina, hori bai, lituzketen diferentzia kulturalek eurek azaldu ezin luketena (Fishman 1960).

 

Lexikoaren eta semantikaren arloetan leudekeen aldeez gabiltzala, ekar dezagun gogora gure hizkuntzalaritzaren historia ikasle garaietatik beti aipatzen zen adibidea, hots, Inuitek edo eskimalek zituzten elurraren arlorako aberastasun lexikalarena. Mintzo haria jasota, itauna izan daiteke ea gure hizkuntzan izendatzerik ez dugun fenomeno horiek esperimentatzetik ere gabe geratzen garenentz (batez ere hori Kanadan bizi den baina eskimala ez den batek esaten badizu). Hala balitz poesiarako leku gutxi izango genuke, edo kontzeptualizatze berrietarako mekanismo barik lotuko ginateke[3]. Bestalde, hitz berriak sortzeko ahalmenak erakusten du kontzeptua ez datzala aldez aurretik baden berba baten existentzian.

 

Gramatika arloan leudekeen alderatzeez, esan dezagun hizkuntzak bereizten direla zein den eman beharreko argitasuna hizkuntza horretan eta zein den hautazkoa. Whorf zaleek esango lukete alde horiek mundu ikuskeran diren aldeak ispilatzen dituztela[4]. Muturreko jarrerak gaitzetsita egon arren, bada oinarririk (Lucy, 1992; Pederson, 1994) Whorfen hipotesiaren alderdi zenbait balioesteko. Pragmatikan oinarritutako hizkuntzen aldeei gagozkiela, oso litekeena da Gircek (1975) deskribatutako inplikaturak, edo oso antzekoren batzuk, beharrezkoak izatea hizkuntza guztietan. Beraz, Whorfen hipotesiak dendatu gura dagianak ez lituzke bakarrik aldentze lexikalak eta gramatikalak aztertu behar, kontuan hartu baino hiztun komunitate diferenteetako partaideek duten jakintza diferentziak ere.

1.2.1.Hizkuntzak Pentsamendua erraztu ala galarazi

 

Behin esanda ez dagoela ebidentzia nahikorik hipotesiaren jarrera gogorrerako, alegia, hizkuntzak pentsaera erabakitzen duela, beste galdera hauxe lotzen zaigu: hizkuntzak gogoeta erraztu ala galarazi egiten du? hau da, jarrera samurragoa. Ebidentziak hemen baikorragoak dira; adibidez, irudi anbiguoei emandako berbak lagundu egiten du gero figura horiek gogoratzen (Carmichel, Hogan eta Walter, 1932), eta arazo-askatze atazetan erabilitako berbak lagundu edo ezkutatu egiten du matazaren muturra, (Glucksberg eta Dansk, 1968)[5].

 

Hizkuntzak gogoetari eragiten dion leku bat analogiazko arrazoiketa da, garrantzi handiko pentsabide ataza metafora aztertzeko (Katz 1992). Holyoak eta bere kideek (adib. Gick eta Holyoak, 1980, 1983) erakutsi dute gertatu ohi den arazo baten irtenbidea beste arazo isomorforako itzurtze berezkoa are eta zailagoa suertatzen dela arazo isomorfoon berbazko deskribapena bereiziago egin ahala; hau da, zenbat eta distantzia handiagoa egon hitzezko etiketa horien artean orduan eta zailagoa arazo bateko inferentziak besteari aplikatzea. Beraz, gogoetaren alderdi batzuetan behintzat hizkuntzak badu zereginik; (Gilovich, 1981) errealitateko gertaera anbiguoak izendatu egin direnetan abantaila kognitiboa da izendatu gabe daudenekin erkaturik, eta, halaber, arazo bat berbaz modu batera adi-mugatzeak erabakiko du arazoa zelan erabiliko den gogoan. Alabaina —gogoraraziko digu Katzek—, esperimentu horietan guztietan, pragmatikatiko azalpenak ezin dira era bat bazter utzi.

 

1.2.2.Erlatibotasun linguistikorik gabeko determinismo

 

Geratzen zaigun azken aukera erlatibotasun linguistikorik gabeko determinismo linguistikoa litzateke. Whorfen hipotesiak hizkuntzen arteko aldeak azpimarratzen zituen; gaurko hizkuntzalariek ordea hizkuntzek dituzten elkarguneak nabarmentzen dituzte (Pinker, 1994). Bickertonek (1990, 1995) onartu arren hizkuntzen arteko oinarrizko bategitea, esango du hizkuntzak ez direla komunikaziorako tresna hutsak, ezpabere ispilatzeko sistema bilakatu direla; halandaze, hauexek bereiziko dituela: alde batera ispilatze sistema behinekoak (PRS) zentzumenetan oinarritutako munduaren ereduak, “online” pentsabidera mugatzen dena, hau da, orain eta hemen gertatutakoaz eta objektuez pentsatzeko era, eta ispilatze sistema bigarrenkaria (SRS) “off-line” erabiltzekoa. Azken hau hizkuntzan datza, kontzeptuak lexikoaren bitartez ematen dira, eta pentsabidea sintaxi makinak batek gidatzen du item lexikalak erabiliz. Beraz, azken sistema honek bereziko lituzke gizaki helduak eta bestelakoak, “bestelakoek” behinekoa bai baina bigarrenkaria ez bailukete. Katzen iritzirako, Bickertonen jarrerak eramango gintuzke esatera giza gogoetatzat dugun guztia hizkuntzaren azpian dauden hatsarrek manatuko luketela; hau da, gogoetatzat ohi dugun gehiena hizkuntzaren ezaugarri unibertsaletan oinarrituko zela.

 

Katzek Jackendoffen argudioak ekarriko ditu Bickertonen aurka; hain zuzen, musika ez-linguistikoa den aldetik, baina era berean “off-line” tankerakoa” sintaxi moduko makina batek erabilia dela diosku Jackendoffek, beraz, bigarrenkaria litzateke baina ez hizkuntzazkoa (Jackendoff 1992). Azkenik, ikertzaile batzuek esan izan dute pentsamenduaren hizkuntza, eta Hizkuntzaren hizkuntza diferenteak direla; Bickerton zuzen badabil eta pentsamenduaren hizkuntza hizkuntzaren egituretara ekar badaiteke, gogoetarako determinismo linguistikoa izango genuke, baina, era berean, hizkuntza guztiek batera dituzten ezaugarriez egindako hizkuntz sistema litzatekeenez gero, determinismo horrek ez luke erlatibismorik ekarriko: iritzi batean, kultura guztiek izan beharko bailituzkete hizkuntzazko murrizketa berberak pentsaeran.

 

2.    Irudipenezko Hizkera eta Gogoeta

 

Orainarterainokoarekin, ez du Katzek irudipenezko hizkuntzaz (hizkeraz) ezer esan, ekarritako argudioek ez baitzituzten banatzen erausiaren irudiak alde batera eta hizkuntza orokorrean bestera. Bereizketa hori luze aspalditik onetsita dago, eta gaurdaino egundo ez da ezbaian jarri. Beraz, horixe dugu lehen egitekoa: Ba ote da alderik? Irudipenezko hizkuntza eta hizkuntza literala diferenteak ote dira? Bereizte honek batzuetan kultura baloreak hartu ditu aintzat: nagusi den taldearen hizkera, adibidez gizonena, estandarra da, eta gainerakoena, adibidez emakumeena, anormaltzat jo (Kramer 1977)[6]; betiere bereizketa estandarra (literala) vs. ez-estandarra (irudipenezkoa) egin izan da, eta bereizketa hori, ustez behintzat, besteak baino oinarrizkoagoa da, hau da, balore kulturalena bainoagoa.

 

Oro har, kontu bat izan daiteke ea hizkera estandarrak ez ote duen bitartekari arau multzo bat (hizkuntz moduluak) zeinek gogo sistema orokorrarekiko kontaktua gutxitzen duen, eta aldiz hizkera ez-estandarrak gogo sistema orokorretik (hau da, hizkuntzari bakarrik legokiokeenaz gainerakoa) inputa behar ote duen. Inferentziak, mundu jakintza, faktore pragmatikoak, horiek guztiak beharrezkoak al dira hizkera ez-estandarra ulertzeko, hizkera literala ulertzeko beharrezko ez diren moduren batean?

 

Lakoffek (1993) honetara laburtu zituen hizkuntzaz dugun ideiaren gaineko oneste klasikoak: 1) Konbentziozko hizkera guzti literala da, garau bat ere ez da metaforikoa; 2) mintzagai guztiak literalki adi daitezke, metaforarik gabe; hizkuntzaren lexikoiaren definizio oro literalak dira; 3) hizkera literala, eta bera bakarrik, egia edo faltsua izan daiteke. Ikuskera honetatik (Ortony, 1993), metafora eta beste irudiak ez dagozkio eurenez hizkuntzari baizik eta, maiz erabiliak izan arren, nolabait anormalak dira; hala bada, tropoak ezin bazaizkio hizkuntzari muineko izan, “apainak” eta hautazkoak izango dira, hau da, berez era literalean azal daitekeen egoeraren bat apainago deskribatzeko.

 

Oinarrian hizkuntzaren irudiak funtzio pragmatikoak beteko lituzkete, eta ez semantikoak. Hobeste “estilistiko” horren haritik, metafora, adibidez, trinko, eraginkor eta bizi bezala deskribatu izan da (Ortony, 1975); eta ezaugarri horiek badute eraginik oroimenean (Whitney, Budd, eta Mio, 1996); era berean, metaforak usteltasunen bat edo gezur-antzen bat ere badakar, antzekotasunak azpimarratu eta bereizte bideak sasiz betetzen baititu; gainera, erabiltzailearen gizarte maila ere erakusten du.

 

Alabaina, erausiaren irudiek indar pragmatikoa dutelakoak ez du ezer esaten tropook literalki ispilatzeari buruz, azken batez, hizkera literala esaten zaionak ere bai baitu funtzio pragmatiko ondo askorik betetzen. Areago, metafora polita izateaz gain noraezeko ere izan daiteke; metafora josirik egon dakioke osterantzean azal ezin litezkeen kontzeptu berri eta esanguratsuak sortzeko giza ahalmenari. Beraz, metaforak gogoeta “itzultzerakoan” ardatz lanetan dihardu.

 

2.1.                   Literaletik intentziozkotasunera

 

Bestalde, metafora eta beste tropoak ez bazaizkio hizkuntzari oinarrizko, zelan doa bat adierazitako esanguratik erezkako esangurara? Has gaitezen Gluckesbergek (1991) teoria pragmatiko estandarra esan dionarekin; hau da, bat abiatuko da saiatuz tropoa esangura literaletik hartzen, eta behin eta bakarrik literalak huts eginez gero joko du interpretazio ez-literalerantz. Horren arauz, prozesamendu literala noraezekoa da, eta irakurketa ez-literala gertatuko da hark huts eman dezanean. Suposaturik ulerkuntzan hitz bakarra aldiko prozesatzen dela, hitz bakoitza lehengora askotuz, sintaxiaren aldetik egitura esanguraduna sortze aldera, behintzat bi arazori egin beharko diegu aurre: 1) atzemate arazoa, zentzu ez-literala sortarazi nahi izan dela identifikatzerakoan (arazo hori larria da batez ere interpretazio literala badaitekeenean), eta 2) ulerkuntza arazoa, hots: zein da psikologikoki erreala izan daitekeen algoritmoa zeinek konputatuko baitu adieraziak dakarren baina hitzetaratzen ez duen tropoaren esangura.

 

2.2.                   Zelan Atzeman?

 

Atzematearen arazoaz gabiltzala, esan dezagun ezagutzea eta konputatzea (gomutatzea) bereiz daitezkeela[7]. Adibidez, batek jakin lezake atsotitz baten aurrean dagoela, baina jakin ez haren esangura zein den. Hala gertatu uste da umeekin ere (Winner, 1988). Atzemate arazoa izango da baldin eta bakarrik prozesatze sistema esangura literalaren atzetik badabil. Itauna bestetara jarri izaten da: zelan “asmatzen” du prozesatze aparatuak esangura ez-literala dabilena? Erantzun gehienek azalduko digute zelan bakantzen duen hiztunak erabilera ez-literala nolabaiteko lorratzen bitartez. Atzemateko beste iturri bat testuinguruak emango du. Erausiaren irudiak ekologian azaleratzen dira: aurreko berbaldia, inguruko gertaerak, eta horretarikoak; zelanbait esatearren, irudipenezko hizkerarekin areago markatu beharko da testua koherentzia mantenduko bada (ustez item literalek euren arteko antzekotasun semantikoa gordetzen baitute eurenez).

 

Batzuek diote tropoaren zentzu literala eta ez-literala bi-biak konputatzen direla paraleloan, era-batera esateko, biek ala biek ere lekua dutenetan (Keysar, 1989; Titone eta Connine, 1994). Ikerlan batzuek erakusten dute mintzagaiari argi egiten dioten ezaugarriak bizten dituen testuingurua berez nahikoa izan ohi dela ulerkuntza berehala martxan jartzeko, literaltasunari begiratu barik eta ere. Iritzi batean, zelan eta gutxiago markatu testuingurua, hala eta prozesatze aldeak handiagoak izango dira literala eta ez-literalaren artean. Baina hau aztertzeke dago.

 

2.3.                   Konputatze arazoa

 

Konputatze arazoaz gabiltzala, erabili ohi den isuri biko argudioa hauxe da: a) hizkuntzaren oinarrizko edo behineko prozesamendua literala bada, interpretazio ez-literalak ez luke ageri behar literala eskura egonez gero; eta b) hura ez badago eskura, orduan, prozesatzerakoan, igarri egin beharko zen interpretazio ez-literal egokiak luzeago jotzea. Bi-biok aztertu dira erruz. Lehenari gagozkiola, esaldi baten esangura ez-literalak ez lioke eraginik sortuko esangura literalaren prozesamenduaren aukerari, ezpada esangura ez-literala literalarekin bateratsu datorrena. Artez esateko, biotan ikusi izan dira eraginak: bai metafora ezagunekin eta bai testuinguruak ez bestek zehazten zuenean esangura ez-literala. Datuok erabili izan dira esateko esangura ez-literala ateratzea literala ateratzea bezain noraezeko dela. Ez da hain biribila, baina bada asko.

 

Bigarren uberak zioskun esangura ez-literala ageriko dela bakarrik testuinguruari egoki zaion zentzu literala aurkitzeak huts ematean, eta beraz luzeago joko lukeela zentzu ez-literalak ohikoak baino. Hau horrela ez dena argi utzi izan da hainbat ikerketetan, behintzat metaforaren kasurako, esamoldeetarako, edota atsotitzetarako, behin testuinguru egokian ezarriz gero. Esangura bata zein bestea berdin arin ateratzen dira.

 

2.4.                   Hizkera literala eta ez-literala

 

Hizkera literalaren eta ez-literalaren artean alderik ez dagoela suposatzen badugu, ez dago lehen aipatu atzemate arazoa; prozesamendu sistemak ez baitu zertan aurkitu esangura literala aurrenik, eta hura ezean interpretazio ez-literalak lekarkeen prozesatze atzeramendurik ez bailegokeen. Arazoetako bat “literala”k duen esangura aniztasunean datza (Gibbs, 1994); literala litzateke poetikoa ez dena, ekanduzko erabilera ez dena, testuingurutiko esangura ez dena, eta egia/faltsua denik esan ez dakiokeena. MacCormacek (1985), berriz, logika lausoa erabiliz, nahiago izan du literala eta ez-literala bereizi, horiek multzo lausotzat hartuz. Hori gorabehera, badago ebidentzia enpiriko asko erakusteko balizko bereizketa horretan oinarritutako prozesua ez dela beharrezkoa; doiago, esaldia interpretatzen ematen den abiadura ez datza literalki egia ala faltsua ote den horretan, eta esangura ez-literala eskuratzea ez datza esangura literalak huts eman izate hartan.

 

2.5.                   Metafora arazo linguistikoa izan daitekeen aldetik

 

Jardun dezagun orain erausi metaforikoaren lekuaz. Tradiziotiko azalpenek metafora fenomeno linguistikotzat jo izan dute. Azkenengootan, ordea, teoriagile gehienek metafora gogo fenomenotzat edo kontzeptualtzat jo izan dute; sistema kontzeptualen arteko kidetzeak eratzen du metafora, eta beste gauza litzateke adierazpen metaforikoa, hau da, kidetze kontzeptual horren berbazko azaleratzea. Metafora hizkuntza-arazo izan litekeen aldetik, bi hurbilketa landuko ditu Katzek: semantikoa eta ez-semantikoa.

2.5.1.Hurbilketa Semantikoak

 

Hurbilketa semantikoak honetara datoz: esangurak noraino eman lezakeen amore eta literaltasunean oinarritutako termino batek interpretazio ez-literala bereganatzeraino. Ildo beretik, Aristotelek esanguraren iragatea dela dio, eta hortaz erezkako edo zeharkako erabilera, zeren izen bat berezko ez zaion objektu bati ezartzen baitzaio[8]. Horri guztiari ordezkapenaren teoria esan izan zaio. Suposatzen zen prozesuak berez bakan dabiltzan bi gauzen arteko antzekotasunak bilatzea eskatuko lukeela, analogiaren moduan. Azterbide horren hogeigarren mendeko aldakiek esango ligukete metafora onetan mintzagaia (topic) eta lokarria (vehicle) elkarri gainezartzeak esangura berri bat sortzen duela, haiek biek baino hasagokoa; hau da, metaforizatzeak esangura berria sortaraziko du, eta ez lehenagotik zegoenen bat bilatu, alegia.

 

Mintzagaiaren eta lokarriaren ezaugarri semantikoetan oinarriturik erkaketa eredu zenbait proposatu izan dira; Cohenek (1993) dio metaforaren interpretazioak hola egiten duela: lokarriaren ezaugarri zenbait, mintzagaiarekin batera ez datozenak, ezereztuz, eta geratzen diren ezaugarriek antzekotasunetarako oinarria eratuko dute[9]. MacCormacek (1985) dio metafora markatzaileak multzo lauso gisa isla daitezkeela; multzo lausoen bitartez batek batera baititzake markatzaile aurkariak ere. Erkaketa ereduek duten arazoetako bat hauxe da: aldez aurretik badiren ezaugarri semantikoen arteko kidetzea eskatzen dutela, nahiz eta, seguruenez, ezaugarriok gainezartze metaforikoaren testuinguruan bakarrik azaleratuko liratekeen.

 

Blackek (1975 1993), elkarreragiketa jarreraren bultzatzaileak, esaten du metaforak bi subjektu dituela, nagusia eta laguntzailea, eta subjektua gauzen sistematzat hartu beharko zela, hartara, metaforan subjektu laguntzaileari lotutako inplikazioak josiko zaizkio subjektu nagusiari (adibidez: “gizona, otso”). Horrek daukan aurresuposamendu arazoa hauxe da: subjektu nagusiak eta laguntzaileak, batak besteari berdin eragiten diolakoa.

 

Eredu psikologiko gehienek ezaugarri semantikoen garrantzia saiatu dira erakusten, ulerkuntza metaforikorako lanabes psikologikoki errealak liratekeen aldetik. Mintzagaiak eta lokarriak batera dituzten ezaugarri kopuruaren arabera eta azpimarratzen direnen arabera asma daitezke zein diren esaldi ulerterrazak eta zein metafora onak (Malgady eta Johnson, 1980). Gainezartze sinplearen ereduaren desegokitasuna argi ageri da konparatzen baditugu lehen aipatu “gizona, otso” eta “Otsoa, gizon”, hau da, azaldu beharreko kontu bat esanguraren asimetria da. Ortonyk eta bere kideek (Ortony, Vondruska, Foss, eta Jones, 1985) esaten zuten metaforaren esangura lokarri-mintzagaiek batera dituzten ezaugarrietatik bilakatzen direla, baina berebiziko ezaugarriak lokarrian nabarmendutakoak direla, eta ez mintzagaian; “gizona, otso” horretan “entzule”k dakartza nabarmendutako ezaugarriak.

 

Nabarmentze desorekatuaren ereduari buruz, Gentnerrek dio erlazio sistema gordetzeko moduan egiten dela lokarritik mintzagairako kidetzea eta sistematikotasunaren printzipioak agintzen duela zein erlazio kidetu behar den eta zein ez. Gentnerren ikerketek azaldu zuten zelan deskribapen soilek baino erlazio ezaugarriek igartze bide hobeak eraikitzen dituzten metaforatasuna epaitzeko edo metaforaren egokitasunerako.

 

Hitzen dimentsio anitzeko espazio semantikoaren ispilaketan oinarritutako ereduak datoz orain. Oro har, ereduok argudiatuko dute semantikoki antzekoak diren hitzak elkarrengandik gertuago daudela semantika espazioan. Tourangeauk eta Sternbergek (1981) azalduko dute metafora aurkeztean gorengo mailako arloko semantika espazioak biztuko direla eta bektore bat eraikiko dela sorburu arloko instantziatik xede arloko pareko gunerakoa. Funtsean Aristotelek esan bezala, metaforak analogia eraikitzea eskatzen du; eredu horren ariora, zenbat eta arloek ezaugarri antzekoagoak izan orduan eta ulerterrazagoak, eta zenbat eta arloak bakanagoak izan orduan eta metaforak egokitasun maila handiagoa edukiko du.

2.5.2.Hurbilketa ez-semantikoak

 

Gagozkien orain eredu ez semantikoei, hauetan indarra erabileran bertan jartzen da; hitzak berez esan gura duena eta, berriz, zertarako darabilen hiztunak. Searlek (1993) diosku askatu beharreko muineko korapiloa honetan dela: “S P da” esatearekin, “S R da” esan gura izatera. Metaforikoki hitz egitean argitasun gehigarria behar da hiztunaren esangura jadesteko. Horretarako, ateraldia erabili den testuinguruarekiko bereziki beratia izan behar da, eta ulerkuntza gogo prozeduren pentsurakoa dela, inferentzia arrazoiketa esaterako, adibidez: 1) esaldiak literalki balio ezean, bila ezazu esaldi esanguratik aldentzen den hiztun esanguraren bat; 2) Aurkitu zelan izan daitekeen S P bezalakoa, zein izan daitezkeen Pen ezaugarri ezagun bereizgarri eta nabarmenak Rentzako ere balio dezaketenak; 3) Dendatu Ren baliorako aurkitu dituzun ordezkoetatik zein izan litezkeen Ren ezaugarriak antzematen. Eredu honetarako, hizkera literala vs. ez-literala bereizketa behar beharrezkoa dugu, gainera, berarekin dakar metaforaren prozesamendua “S P da” baieztapena literaltzat atzematean oinarrituko dela. Azkenik metafora ulerkuntza lehentasuna ematen zaie inferentzia (gogo) faktoreei. Damu-gaitzez, Cohenek (1993) dioen moduan, oro har bada desberdintasunik metafora eta berba ekintzen artean, eta desberdintasun horrek ez du gomendatzen metafora berba ekintzatzat hartzea, berbarako, metaforaren esangura esaldira herentzian igaroko da, berba ekintzak ez bezala; “Damu dut”, “Jonek esan du damu duela” vs. “Jon neure makatzetako txoria da”, “Aitorrek esan du Jon bere makatzetako txoria dela”.

 

2.6.                   Metafora gogamenaren kontua izan daitekeen aldetik

 

Bigarren abiapuntua metafora arazo kognitibotzat jotzea zen, eta ez hizkuntza hutsezkotzat; metaforaren azpian dautzan mekanismoak hizkuntzatik ate ere bai-baitira. Hauxe da gorago aipatu Lakoffen bereizketarako arrazoia: metafora eta metafora adierazlea. Metaforari gogoan leku egiten diotenen artean ikus ditzagun baten batzuk. Metafora ez-linguistikorako bi adibide emango dira: irudizko metafora eta sinestesia. Irudizko metaforak erabiliko dira adibidez oinazea edo abiadura ispilatzeko (Kennedy, 1996). Sinestesian, modalitate batez, adibidez soinuz, jasotako akuilua beste modalitate batekin kidetuko da, adibidez bere ikusizko parekoa (Marks, 1996). Jaio eta hara ikus daitezke holako modalitateen arteko kideketak, hau da, hizkuntza garatu baino askoz lehenago.

 

Hizkuntza azterketetan adibide klasikoena Lakoff eta Johnson (1980) da; hauek erakutsi zuten kontzeptu arlo batetik beste kontzeptu arlo baterako kidetzeek eguneroko hizkuntza gobernatzen zutela. Beraz, hizkuntz adierazpen asko uler zitezkeela oinarrizko metafora edo kidetze kontzeptualetan giltzarri hartuta. Eman dezagun hurrengo oinarrizko kontzeptu metafora: Maitasuna Bidaia da, maitasunaz jendeak egin ditzakeen inferentziak uler genitzake, hain zuzen, bidaiaz arrazoitzeko erabili ohi dugun jakintza erabil genezakeelako. Esangura literala esaten zaiona ere oinarrizko kontzeptu metaforetan datza; eta hala, kontzeptuek, esamoldeek, atsotitzek, poesiak, polisemiak eta beste hizkuntz fenomenoek kontzeptu kideketa ez-linguistikoan hartzen dute susterra. Ildo horretan, zein diren kontzeptu kideketetarako murrizketak aztertzen dihardute: kideketak gorengo belaunetik gertatzen dira (orokorrenetik alegia); kideketak gogo topologia gordeko du xede arloaren egiturarekin bateragarri den eran (aldaezintasunaren printzipioa); azaleratutako adierazpenek askotan kontzeptu kidetze anitza dakartzate euren baitan, eta kideketak hierarkia egitura baten barruan gerta daitezke, etab. Ebidentzia enpirikoak baina, ez datoz online neurketetatik, epaitze atazetatik baino, eta horrek arazoak sortuko dizkio teoria horri, oinarrizko metaforek ulerkuntzan zuzenean parte hartzen ez dutelakoaren ildotik.

 

Eboluziotiko ebidentziek erakusten dute gizakiok eta gure ahaide hurbilek, tximino handiek alegia, maila kognitiboan metaforarako eta adierazpen metaforikorako noraezeko (baina ez nahiko) diren trebeziak bi-biok ditugula. Baldin benetako berbeta ez bazen ageri H. Sapiens sortu artean, horren arauz, gogoko metaforarako lekua ondo asko ezarrita zegoen sintaxia azaleratu zenerako.

 

1.    Metaforak dioskuna hizkuntza-gogoaren artekoez

 

Azken azpiatalean Katzek azalduko ditu zein diren metaforaren gainekoek lituzketen ondorioak Hizkuntza-gogoeta hartu-emanetarako. Metaforak argitu ahal ote dizkigu hizkuntza-gogoetakoekikoak?

 

Gogoeta eta hizkuntza funtzionalki euren eskuko izateaz, itauna hauxe da, noraino izan litekeen hizkuntzaren prozesamendua gogo prozesamendu orokorragoetatik bere eskuko. Modulartasunaren hipotesiak hizkuntzari lotutako funtzioak beteko lituzketen prozesatze unitateen alde argudiatuko du, unitateok bateratuko lirateke gorengo mailako gogo jardunetan. Eredu interaktiboek diote, aldiz, gogo jardunek edo prozesamendu kognitiboek hasieratik bertatik dutela eskuartze nabarmena hizkuntz ulermenean, adibidez lexikoa gogora ekartzean edo azterketa sintaktikorako. Lakoffek arrazoia badu, eta metafora gogoaren ezaugarria bada, eta hizkera ez-literala literala bezain azkar prozesatzen bada, orduan eredu interaktiboa hobeto egokituko litzateke datuetara.

 

Zein da datua bada? Iturri bat hizkera ez-literala esaten zaion horretan eskuartzea ei duten osagarri sozialak aztertzetik etor dakiguke; adibidez, tropoa erausi duen hiztunaren rol soziala. Bigarren iturri bat metaforaren alderdi gramatikalak aztertzetik letorkiguke; datu gehienak, Max Blacken iradokizunari jarraiki, “X Y da” egitura aztertzetik datoz, eta aldiz metafora askok ez dute holako egiturarik: “Ontziak itsasoa goldaketan”. Metaforikotasunaren graduak loturaren distantziaren pentsurakoa da, baita loturaren espezifikotasunaren araberakoa ere (Torreano eta Glucksberg 1996). Baina holakoetan bizidun/bizigabea jokoa ere badugu, eta horrek ere erantzunak eman liezazkiguke metaforikotasunaren berehalakotasunari buruz.

 

Hizkuntzak gogoeta bideratzeaz, gogora dezagun Whorfen hipotesiaren arabera, hizkuntzak gogoeta mugatzen muineko eginkizuna betetzen duela. Horren sendo biribil ez bada ere, badabil hizkuntzak gogo atazetan zereginen bat betetzen duelako ustea. Zenbait talderen pentsamoldeaz usaina har daiteke haien hizkera ezagutuz gero. Jackendoff (1992) adibidez saiatzen da arlo diferenteetan erabilitako hizkuntzaren kontzeptu egitura deskribatzen. Alabaina, oraindik jakin behar da nondikoak diren kontzeptu egitura horiek.

 

Aukera bat Lakoffena da, kontzeptu erlazioak oinarrizkoak dira eta bizipenetan dute susterra; kantitatea altueraren arabera ulertzea adibidez (Gehiago Gora da). Ikuskera honetatik, metaforak hizkuntz adierazlea kontzeptu egituretara kidetzea dakar. Teoriak iragartzen du ez dela munduan kulturarik kantitate gutxia altueraren arabera ulertuko duenik (Gutxiago Gora da). Ordea, galdera hauxe da, eta zer hizkuntza bera esperientziatiko jakintzaren iturria suertatuko balitz?[10] Orduan hizkuntza genuke kontzeptu harremanak sorketan, eta sortze horrek akuilatuko luke hizkuntz inputaren ulerkuntza. Batzuek esan izan dute (Banks eta Thonpson, 1996) kontzeptu egiturak, eskemak eta gogo ereduak bezalakoak, hizkuntz inputean dautzala.

 

Konputatze kontuaz, Martinek (1996) esan bezala, tradizio orokorrean, hizkuntzaren prozesamendurako adimen artifizialez (AI) eginiko konputazio ereduek huts eman dute hizkera ez-literala aztertzerakoan. Horrek esan nahi lezake hizkera literala era batera erabil daitekeela (osagarritasunaren printzipioaren arabera, hau da zatikiek osotasuna dakarte), hizkera ez-literalak oso bestelako arau eta jardunak eskatuko lituzkeelarik. Horren salbuespena testuinguruan oinarritutako ereduak lirateke[11]. Eredu horietan, xedeko esaldirako izan litekeen isla egokia aurretik emandako berbaldi ingurutik aterako da. Hurbilketa honek berdin balio du hizkera literala zein ez-literalerako. Horrela bat etorriko zen gorago aipatu kontuekin: 1) Berbaldiko testuinguru nahikorik emanez gero xede ez-literala prozesatzen ematen den denbora xede literalerako bezain bestekoa da; 2) Mintzagaiari argi egiten dioten ezaugarriak bizten dituen informazioak berehalako ulerkuntza abiaraziko du, literaltasuna gorabehera.

 

Testuinguruan oinarritutako ereduei jazarrita, beste AI eredu bi atera ziren hizkera ez-literalerako inplementazio gisa. Batek metafora hizkuntz arazotzat baldin badauka, esangura hedatzea da kontua, kontzeptuak beste gauza bat aditzera eman dezan. Aldiz, batek suposatzen badu metaforak prozesamenduan funtsezko eginbeharra duela, orduan arazoa honetara dator: muineko egituraren izaera zein den destolestea eta zelan kidetuko den inputa horretara.



[1] Egia da hiztegietan eta “fig.” jartzen zaigunean eta orobat “figuratua” esaten dugunean nolabait zeharkakotasun bat edo “berezko ez duena” adierazi nahi duguna; baina, hala eta ere, gai honetan “irudipenezkoa” proposatuko nuke nik, hain zuzen irudien bitartez pentsatzea hortik-hortik dabilelako orain azalduko diren teorietan, batez ere “image-schema” edo irudizko hezurdura kontzeptuari loturik, eta gehienbat Gibbsen azalpenetan, nolabait irudiaren kontzientzia “irudimen”ari berriz atxikitzeko. Kontrakorako ere badira argudioak, adibidez Bergara aldean “pentsatzen zait” erabiliko dute “begitantzen zait” edo “iruditzen zait” esateko.

[2] Erausiaren irudiak aipatzeko orduan, leku komuna izan ohi da Atlantikoaz haranzkoen artean Lanham 1991 ekartzea; tradizio kontinentalean, gurean, berriz, haren kidea Lausberg 1963 izan daiteke. Nor bere tradizioaren jakitun egon behar, ez badugu aldian-aldian ostera ere Mediterraneoa idoro nahi, Estatu Batuarren unibertsitate sistema bikaina gorabehera.

[3] Ikus “Integrazio kontzeptuala” Fauconnier eta Turner 2002 edo, bestela, azalpen arin baterako http://www.wam.umd.edu/~mturn/WWW/blending.html

[4] Gogoratzen dut erdarazko egunkari guztietan argitaratu zen Arteta “filosofoaren” iritzi artikulua, zeinetan esaten zuen euskaraz ezin zela filosofiarik egin ez geneukalako subjuntiborik. Zenbait Unamuno zaleak ere berorretan daude. Aparte utzita Artetaren ignorantzia hizkuntzarekikoa (eta argitaratu zioten egunkari editore guztiena), hau da, maiztasunean oinarritutako pertzepzioak eman ziona, eta aparte utzita filosofia eta subjuntibo erak luketen balizko lotura, erabil dezagun hausnar zelan banatzen dituzten rolak umeek euren jolasetan: “zu X zinen, eta ni nintzen Y, eta orduan Z egiten genuen”. Zein da “iragan” horren balioa? Edo prestigiozko adibidea nahi bada, zelan egiten da subjuntiboa ingelesez?

[5] Egia esan hauxe da boterearekin bat egiten duten hedabideen eginkizun ia bakarra. Ikus Lakoff 1991. “Gerra Justifikatzeko Metaforak”. URL: http://philosophy.uoregon.edu/metaphor/lakoff-l.htm eta “Metaphor and War, Again” (March 18, 2003). URL: http://www.alternet.org/story.html?StoryID=15414

[6] Euskararen munduan ere, gipuzkeraren lexikoa eta joskera normala litzateke (eta beraz automatikoki batura igaroko), eta gainontzekoena “bitxia” edo kuriosoa (eta beraz, ondorio “estilistikoak” lortzeko baino ezin erabili).

[7] Gomutatu-k, kontatu-k bezala, jatorrizko etimotzat hori du: computare. Esangura aldiz, gogoratzea, oroitzea. Bestalde, kontatzeak oso historia interesgarria du polisemia, hedapen semantikoa bezala, motibatutzat hartuko balitz (Adib. ingelesez “to tell”). Nola daude narrazioa eta zenbaketa loturik, eta zein zerikusi dute horiek oroimenarekin (edo oroitze ariketekin)? Ala dena da kasualitate hutsa?

[8] Honetaz, nire ustez, komentariorik onena Ricoeurrek dakar bere La Métaphore Vive. Seuil, Paris: 1975, lehen atal osoa. Bigarren aldiz atera da gaztelaniaz, orain berrikitan, Trotta argitaletxean, 2001. Ingelesez The Rule of Metaphor itzulia da.

[9] Gure tradizioko homologoa hauxe litzateke (Greimasen ildotikoa): Le Guern, Michel. Sémantique de la métaphore et de la métonymie. Larousse Université (Seriea: Langue et langage), Paris: 1973. Gaztelaniara Cátedrak itzuli zuen.

[10] Honetaz oso interesgarria da Hutchins-en ekarria, arlo kontzeptualetik oharmen arlora kulturak sortutako artefaktuetan oinarriturik (adib. erlojuak, edota idazkuntza). Hutchins 2000.

[11] Hemen interesgarria da gogoeta egitea itzultzaile automatikoez; lehengoetatik gaurkoetara testu memoria da aldea.