Euskara eta bere Didaktika II

Lehen Hezkuntza

eta

Heziketa Fisikoa

Irak: Koldo J. Garai

ostirala, 2003.eko martxoak 21

 

 

Ikasgaiaren nondik norakoak: zer atzetik zor, zer aurrerantzean

Gogoratuko duzuenez, ikasgai honek hiru adar nagusi izango ditu: erretorikarena (eta horren barruan gramatikarena), hizkuntzaren adierazkortasunarena eta didaktikarena. Argudioaren erretorikan lehen gaia egina dugu, hots, zerbaiten gainean atribuzioren bat predikatu nahi genuenekoa. Orain hiru gai falta zaizkigu: zerbait horren egoera bilakaera baten bitartez azaltzea, hau da, narrazioa. Bigarrena ebaluaketa izango da, eta hirugarrena proposamena:

1.      Narrazioaren multzoan sartuko dugu kausen eta eragileen inguruko hausnarketa, zelan heldu da objektua dagoen egoerara? Ikusiko dugu zelan narrazioa den gure inguruko argudio-biderik erabiliena arlo guztietan. Zergatik ikasten da literaturaren historia eta ez, adibidez, geometriaren historia, zer doakie gobernuei "Historia" izeneko irakasgai bat ondo lotuta uztearekin.

2.      Epaiaren gainekoekin ikasiko dugu gure balorazioa oinarritzen: zelan eman gure entzuleriari burutara gure epaia zuzena dela?

3.      Proposamenaren gainean dihardugunean ikusiko dugu zelan landu behar dugun testua gure proposamenak aurrera egin dezan. Zergatik hautatu behar da gure proposamena eta ez beste edonorena? edota, hain ona baldin bada zergatik ez da aurrera eraman lehenago?

Baieztapenak edo tesiak hiru galdera nagusi hauen inguruan uztartzeko behar izango ditugu aurreko lauhilabetean landu genituen zenbait gramatikako kontzeptu, berbarako, (1) kausalak eta ondoriozko perpausak eta euren juntagailu eta lokailuak, (2) konparaketa eta, alegiazkotasunean, (3) baldintza eta ahalera. Horiek euskal testu klasikoak azterketaren bitartez notatu beharko ditugu, beherago azalduko dugu zein testu geratzen zaizkigun aztertzeke, eta testuotan zeri erreparatu behar diogun.

Ikusi dugu, halaber, zelan euskara irakasten denean zatiki txikietatik handietara joateko ohiturak ez duen oinarri zientifikorik; hau da, gaur egungo joerek berriz egin dute antzinateko modura, hots, gramatikaren alderdi funtzionala azpimarratu testuinguru komunikatiboetan.

Badakigu horrekin loturik koherentziaren kontzeptua dagoena, testuko informazioaren kudeaketa; bestela esan, modu ordenatuan pentsatzeak testu txukunetaranzko lehen urratsa ematen lagunduko digu, baina adi, modu ordenatuan pentsatzeak gehienetan gramatikaren baliabideak zein diren errotik ezagutzea ere eskatuko digu, adibidez, aztertu dugun lehen gai horretan, adjektiboaren eta izenlagunaren funtzioak zein ziren eta zertara zetozen.

Hangoaz gain, modu ordenatuan pentsatzeak eskatuko digu jakitea zein den gure entzuleak duen edo izan lezakeen informazioa ere, zein den bere abiapuntua, bere uste multzoa, zenbateraino jo behar dugun atzera —batez ere lauhilabete honetan landuko dugun kausaltasuna bezalako kontzeptu labanarekin dihardugula—, zeren, gure jardunean entzuleari alde batetik bestera jauzi egiteko eskatuko diogunez, lotura horiek egiteko gauza den ala ez jakin beharra baitaukagu, eta, bada ezpada ere, lotura horiek sendo josi beharko ditugu lokailuen bitartez[1]. Hara bada, kohesioaren kontzeptua egokitzapenarekin eta koherentziarekin loturik.

Konexioa lantzeko saiatuko gara paragrafoaren eraikuntzari hurbildik begiratzen, ea zein den paragrafoaren ideia nagusia (zein esaldik dakarren) eta zein agintzen duen ideia, nagusiari langak jartzen dizkiona alegia. Lehen lauhilabetean alderdi hermeneutikoari edo testua aztertzeari begiratu badiogu, orain hortik testugintzarako zer atera dugun behatuko dugu.

Hizlariak eta entzuleak batera duten informazioa ez da estatikoa, ez dago geldirik; eraikitzen doa. Beraz, entzuleriak hasieran zer dakien ezagutu bai, baina zelan joan behar den informazio hori eraikitzen ere aurrez ikusi behar dugu. Horretarako aztertuko dugu galdegaia eta mintzagaia zelan erabili eta Euskara Institutuak (X. Alberdiren apunteak) proposatzen dituen kontuak eta erabilerak aintzat hartuko ditugu.

Didaktikaren adarrean planteamendu lexikalari jarraitu diogu, batez ere maila teoriko samarrean, hizkuntzaren gaineko inozentzia galdu beharra baitzegoen; geratzen zaizkigun atalak hizkuntzaren irakaskuntzari modu praktikoagoan daude loturik. Hemen 7. ataletik bukaerara irakurriko ditugu, besteak beste, hausnarketa metalinguistikoak (hizkuntzaren gainekoak) gure geure hizkuntz abileziak bideratzen laguntzen digulako.

Gainera, batzuek-batzuek igarri dizkiozue planteamendu lexikalari esamoldearen munduarekiko loturak. Esamoldearen esangura motak bereizten ikasi dugu aurreko lauhilabetean. Orain, astiroago ikertuko ditugu esamoldearen beraren esangura estipulatua eta esamolde osagaiek lituzketen harremanak; horretarako, beharrezkoa izango zaigu teoria berri bat ikastea: metaforaren teoria alegia. Ikusiko dugu ze, hizkuntzan darabilgun gure eguneroko sistema kontzeptuala bizipen fisikoen proiekzio metaforikoaren bidez eraikia dela, eta horrek, euskararen oholtza kognitiboaz jabetzen eragiteaz gain, lagundu ere egingo digu etorkizunean, adibidez, "termino tekniko"en arazoari erantzuna bilatzerako, terminoon balioa hausnar erabiltzeko, eta aukeran dauden bide linguistikoen artean hautaketa arrazoitua egin ahal izateko.

Bestalde, esamoldeak (agerkideak, hitz andana ihartuak...) erakutsiko digu hitz konposaketaranzko garraio argia: han suertatzen ziren harreman gramatikalak egingo zaizkigu hemen ere. Horiei buruz Euskaltzaindiak dioena ikasiko dugu. Ikusten duzuenez, gero eta zailagoa zaigu hasierako hiru alderdi horiek bereiz edukitzen, eta hori ona da, ezen, Lewisek esaten zigun bezala, hizkuntza holistikoa da.

Azkenik, gure esperientzia linguistikoa zabaltzearen puntua dator. Aurreko lauhilabetean, testu zahar klasikoen gaurkotzeak sorturiko arazoen bitartez, hizkuntza estandarraren gaineko ikusmirak zabalduko genituela espero dut. Orain helburu bikoitza ekarri gurako nuke zuen artera; alde batetik aurretik irakaskuntzan egin izan den lana berreskuratzeko ahalegina, batez ere emakumezkoek hogeigarrenetan sortutako gogoeta eta testuak aztertuz, eta bestetik testu horiek planteatzen duten konplexutasun linguistikoari aurre egiteko gai izatea. Ikasleak bilatu beharko du emakumezkoren batek gerra aurrean idatzitako testu labur bat, batura ekarri, eta eskolan azaldu testuaren alderik garrantzitsu edo nabarmenenak. Ikasleak kapaz izan beharko du idatzita leudekeen euskalkietatik euskara baturara ekartzen, eta, era berean, testuotan erabiltzen diren errekurtso antolatzaileak eta hizkuntzazkoak bereganatzen. Alderdi honi beste adar teoriko bat gehituko zaio: idazmena lantzeko arauen historiaren gainean hausnartzeko tresneria emango dizkigutenak.

Labur eman:

-         Testugintza

o       Argudioaren Erretorikatik:

§         Kausa

§         Ebaluaketa (irizpideak)

§         Proposamena

o       Informazioaren kudeaketa:

§         Galdegaia/mintzagaia (Alberdiren apunteak)

§         Paragrafoaren eraikuntza (TWE)

§         Lokailuak (Makazagaren artikulua)

o       Idazkuntzaren historia

-         Testuak:

o       Goi-Nafarrera

§         Idatzizko ereduak (Lizarraga Elkanokoa)

§         Ahozko ereduak: (Diez de Ultzurrun)

o       Bizkaiera

§         Ekialdekoa: Mogel

§         Hegoalde-Mendebaldekoa: Añibarro, Mateo Zabala, Agirre

o       Gerra aurrekoak (Idazkuntzaren historiarekin uztartu)

§         Zuek jasotakoak (Tene Mujika... Ikus “lanak” izenburu pean)

-         Esamoldezkotasuna:

o       Metaforaren teoria (ikus “lanak” izenburu pean)

o       Gorputz atalak

o       Hitz konposaketa

-         Planteamendu Lexikala: 7-13 atalak

Ebaluaketa eta beste

Oraingorako, ikasle motak bereizita daude, batzuek lehen lauhilabeteko azterketa ez ofiziala eginda dute, bestetzuek ez.

Azterketa hori gaindituta dutenek, eta bigarreneko lau hilabete honetan eskoletara etorri datozenek ekainean erraz izango dute: eskolak bukatutakoan etxean egiteko azterketa jarriko diet astebete garrenera bueltan emateko (“take-home final” esaten zaiona). Hori bai, orijinaltasun pittin bat eskatuko dut, argi esateko, erantzun berdinak edo antzeratsuak dituztenek suspenditu egingo dute. Ez jarri lotara, etxean egiteko azterketa hauek oso gogorrak izan ohi dira, ez badakigu non bilatu behintzat; hau da, aholkatuko nintzaizueke ez uzteko azken ordurako, ekainean normalean errentabilitateak beherantz egiten baitu, eta entregatzeko epearekin oso serio jarri beharko bainaiz: aste bete eta bukatu.

Eskolan egindako lanak bi punturen gainean kontsideratuko ditut (5=1; 10=2), eta azken emaitzari gehitu. Azken emaitza hori beti zuen aldera ekarriko dut: otsailean gehiago atera baduzue batez bestekoa aterako dut, bestela ez, ekainekoa bakarrik. Hala ere, azterketetan 4,5 atera beharko da gutxienez eskolako nota ateratzeko, eta noski, eskolako notarik ez badut, badakizue: 4,6 ez-gainditua da, 4,8 ez-gainditua da, eta 4,9 ez-gainditua da. Dena den, egidazue kasu, ekaineko iritziak ez dira oraingoak bezain altuak izaten, beraz jarri lanean.

Asistentzia egunero eskatuko dut; sei aldiz huts emanez gero ekaineko azterketara joango ginateke zuzenean. Sei aldiz huts eman baina otsaileko azterketa eginda, berdin-berdin joango ginateke ekaineko azterketara, eta gero batez bestea atera. Gogoratu ekainekoa kurtso osoko materia dela.

Eskoletara ez datozenek eta lehen zati hau egin gabe dutenek ohiko azterketa egin beharko dute, beste barik. Dena den, sare orri bat eraikitzen nabil, eta emailez nirekin harremanetan jarriz gero, bidaliko nizueke helbidea, hartara noizetik noizera begiratuz gero, materiala gaurkotzen joan ahal izango zinatekete. Bestela ere, emailez nik 24 ordu barik erantzun ohi dut, gehienetan behintzat.

Gure ikastaroan itzelezko garrantzia du irakurketa teorikoak eginda ekartzea eskolara, denbora asko galtzen baita bestela, eta talde osoaren dinamika apurtu, aurreko lauhilabetean ikusi dugun bezala. Gainera, era horretara nire azalpenei galdera inteligenteak ere jarri ahal izango dizkiezue, eta, azken batez, denon artean ikasgaia aberatsagoa egin.

Lanak

Bi lan nagusi eskatuko ditut ikasgaiaren lehen lauhilabete honetan:

1.1. Gerraurreko idazle emakumezko baten testua. Testu hori berrikitan argitaratu gabea izan behar da. Testuak hezkuntzaz badihardu, hobeto. Testu hori hiru alderditatik aztertu behar da:

§         Hizkuntza:

·        Grafia sistema

·        Ustezko euskalkia

·        Hiztegia eta item lexikalak

·        Esaldien luze-laburra, Alborakuntza, juntadura edo menderakuntza darabilen gehienbat.

§         Argudioaren egituraketa

·         Zelan dakarren argudioa

·         Zelako lokailuak darabiltzan

§         Ea horren guztiaren arauz zein den suposatzen duen irakurleria: askojakina ala xehea.

1.2. Gorputz atalak eta metaforaren teoria. Taldeka antolatu eta gorputz atalen bati dagokion ahalik eta informazio gehien saiatuko gara jasotzen hiztegietan eta abarretan.

§         Gorputz atal horrekin egindako esamoldeak eta hitz konposatuak bildu eta gure hiztegi komuna eraikiko dugu.

§         Metaforaren teoriaren arabera saiatuko gara bilatzen zein den horien guztien azpian leudekeen motibazio lerroak

§         Euskaltzaindiak LEF 3 eta 4ean ematen duenaren arabera aztertuko ditugu, bai hitz konposatuak, bai esamoldeak.

 

Materialak

Alberdi, Xabier. “Perpausetik Testura” Idazkuntza Ikastaroa. Leioa: 2002ko ekaina.

Cacciari eta Tabossi. Idioms: Processing, Structure, and Interpretation. Hillsdale (New Jersey): LEA. 1993. (Neuk emaniko apunteetatik).

Fahnestock eta Secor. A Rhetoric of Argument. 1991. (Neuk emandako apunteetatik).

James J. Murphy (arg.) A Short Story of Writing Instruction. LEA: 2001. (Itzulitako bi txatal)

Lakoff, George. 1993. “Gaur Egungo Metaforaren Teoria” (Neuk moldatua) apud Ortony, A. (arg.) Metaphor and Thought.

Lewis, M. Planteamendu Lexikala. HABE. Donostia: 2001. 4, 5, 6, eta 7. kapituluak

Zamarripa, Pablo. Manual del vascófilo. 1913.

Zenbait Gramatika liburu:

-          EGLU (II, III, IV, V)

-          LEF (III, IV)

Zenbait testu klasiko:

-          Añibarro

-          Bartolome

-          Kardaberaz

-          Larramendi

-          Lizarraga Elkanokoa

-          Mateo Zabala

-          Mendiburu

-          Mogel

-          Sarako Etxeberri

-          Ubillos

Ahozko zenbait testu:

-          Euskalkiz euskalki.

-          Gorbeia inguruko etno-testu eta esaundak (J. M. Etxebarria Aiesta)

-          Mikela Elizegi

-          Peru Okerra

-          Zenbait Herri narrazio

 

 

Syllabusa

 

 

Azkenekoz aldatua: 2003/03/21 13:38:09



[1] Biblian, adibidez, abiapuntu kulturala oso urrunekoa suerta daiteke, eta honelakoak erraz aurki daitezke hantxe: “korrika atera zen, hamabi urte zituelako” (??!!). Hortik zeren gaineko borrokak eragiten dituen itzulpenak: Lotuago ala kulturaren aldetik egokituago itzuli, eta zergatik.