Behin bi lagun joan ziren
Aralar mendira, arratsalde bat pasatzera. Mendian zebiltzala, txabola bat ikusi
zuten, ia dena sasiak hartuta. Lagun haietako batek bazekien haren berri berea
zuen eta, horregatik, sasiak kendu, eta giltza bat atera poltsikotik, eta
zabaldu zuen.
Barruan sartu zenean, giltza
eman zion beste lagunari esanez:
─Orain atea itxi ezak, ni
barruan utzita. Gero joan hemendik, eta bota ezak giltza hori itsasora, ahal
den urrutiena. Ni hemen geldituko nauk.
Lagun hura joan zen itsasertzera,
eta besteak esan bezala, han bota zuen giltza uretara. Gero bere etxera etorri
zen, eta gehiago ez zen akordatu giltza hartaz.
Urte batzuen buruan, joan
omen zen mutil hori Donostiara, eta arrandegi batean zegoela, giltza bat atera
omen zioten arrain bati tripatik. Orduan akordatu zen mutil hura giltza bat
nola bota zuen itsasora, eta bere laguna nola utzi zuen txabola baten barruan,
Aralar mendian.
Arrandegiko nagusiari eskatu
zion giltza hura, zer gertatu zitzaion esanez. Hurrengo egunean bertan igo zen
Aralar mendira, lagun haren arrastorik ote zegoen. Kosta zitzaion txabola hura
ikusten, dena sasiak estalita omen zegoen. Ahal zituen bezala sasiak kendu, eta
ateraino iritsi zenean, hots egin omen zion barruan zegoenari.
─Bizi al haiz?
─Oraindik bai, -erantzun zion
barruan zegoenak.
Giltzaz atea zabaldu eta
barrura sartu zenean, han ikusi omen zuen bestea, bazter batean eserita.
─Ondo egon al haiz? -esan
zion sartu zenak.
Oso ondo egon zela erantzun
omen zion besteak, bakar bakarrik sagu batzuek eman ziotela lan pixka bat.
Belarri puntak zerbait moztuta omen zeuzkan, saguek janda.
Txabola hura itxi, eta biak
herrira etorri omen ziren, arratsaldeko buelta egin balute bezala.
Mutil batek bazeukan andregai
bat, eta berarekin ateratzen zen. Andregai hori oso neska ederra zen, eta
gainera hiztuna eta atsegina. Aldi batean elkarrekin ibili ondoren, mutilak
erabaki zuen ezkondu egin behar zirela, baina jakin nahi zuen hobeto neska
haren berri, bere gurasoak zein ote ziren etaaa...
Neska, bera bakar bakarrik
bizi zen etxe batean, eta mutilak zerbait galdetzen zionean, beti barre txiki
bat egin ohi zion, behin ere erantzun garbirik eman gabe.
Hala ere, behin biak
hizketan ari zirela, neskak sorginkeria batzuk esan zituen, eta mutila
kezkatzen hasi zen, berak maite zuen neska eder hura sorginen bat izango ote
zen.
Galdezka ibili zen auzoko
emakume batzuei, neska hura nor izan zitekeen, baina inork ez zion garbitasunik
ematen. Mutilak geroz gehiago maite zuen neska hura, baina geroz gehiago hasi
zen kontu hartzen ere, neska hura ez zela erabat besteak bezalakoa. Gehiago eta
gehiago buruan sartzen ari zitzaion neska hura sorginen bat izan behar zuela.
Azkenean, kezketatik
ateratzeko neskari berari galdetzea izango zela onena pentsatu zuen, eta egun
batean biak hizketan ari zirela, horrela galdetu zion:
─Zure gurasoak ez ote ziren
sorginak?
─Eta ni sorgina banintz,
-erantzun zion neskak- ezkonduko al zinateke neurekin?
─Baita sorgina izanda ere,
-esan zion mutilak, begietara begiratuaz- ezkonduko nintzateke zurekin.
─Sorgina naiz bada ni,
-erantzun zion neskak, barre txiki bat eginez- neure aurreko guztiak sorginak
ziren.
Mutila ikaratuta gelditu
zen, gauza hori hain garbi jakitean, baina oraindik hobeto ezagutzearren,
galdetu zion berriz neskari:
─Nola kontu hartuko
nintzateke ni, zu sorgina zarela?
─Etor zaitez bihar iluntzean
gure etxera, eta esango dizut.
Neska hark bere guraso eta
beste sorgin batzuekin hitz egin nahi zuen, mutilari erantzuna ematerako. Gau
erdian izan ohi zituzten beren bilkurak, eta orduan erabakiko mutilari zer
esan.
Horrela, hurrengo iluntzean,
mutila neskaren etxera etorri zenean, hau beti bezain alai eta itxura onekoa
zegoen.
─Orain esango al didazu?
-galdetu zion mutilak.
─Bai, -hasi zen neska- holako
etxetan, gaur gauean haurra izango du hango andre gazteak. Ni han izango naiz.
Zeu ere joan. Haurra jaiotzen denean, ni armiarma baten antzean jaitsiko naiz
goiko habetik, haurraren buru gainera, nik ukitu orduko, haurra hilda geldituko
da. Hortik ezagutuko duzu ni sorgina naizela. Gauza bat esan behar dizut:
haurra hiltzen denean, inori ez utzi ur bedeinkaturik bere burura botatzen,
bestela ni hilda geldituko naiz.
Mutila geroz larriago eta
estuago zegoen, gauza horiek denak entzunda. Joan zen haurra jaio behar zen
etxe hartara, eta ordurako han zebiltzan bat mediku bila eta besteak etxeko
gauzak zuzentzen. Harrituta gelditu ziren mutil hark esan zienean:
─Badakit ez dela oso gauza
egokia mutil bat gauza hauetan sartzea, baina ni gaur gauean umea jaiotzen
denean, koarto hartan egon beharrean nago.
Denek pentsatu zuten mutil
hark izango zuela bere arrazoiren bat, eta ez zioten ukatu.
Haurra jaio zenean, mutila
han zegoen zain, baina haurrari baino gehiago begiratzen zion hark goiko habeari.
Haurra jaio orduko, hasi zen handik behera armiarma bat jaisten, eta zuzen-zuzen
umearen buru aldera jaitsi zen. Berehala mutilak atera zuen poltsikotik,
horretarako eramanda zeukan ontzitxo bat, eta ur bedeinkatuaz igurtzi zituen
haurraren burua eta armiarma. Alditxo bat egon zen ezer gertatzen ote zen, eta
umea ez zela hil ikusi zuenean, inori ezer esan gabe, bere etxera joan zen.
Hurrengo egunean,
andregaiaren etxera joan zenean, hantxe zegoen hau, luze-luze etzanda
sukaldean. Hilda zegoen.