Durangon, Artekale
mutur muturrean, ume bat, norbaitek begiz jota, gaizdun zeukaten. Auzoko batek
sendabide hauxe eman zien:
─Sartu egizu oilasko bat lapikoan egosten, hogeita
hamahiru orratz gurutzetara haragian dituela. Laster agertuko da begizkoa egin
diona.
Esan eta egin. Oilaskoa lapiko batean
sartu zuten, lapikoari zohi bat ezarri zioten estalkitzat, lurruna irten ez
zekion. Behingo batean agertu zitzaien atsotxo tximur bat, Abadianoko
parrokoaren ama:
─Kendu egikezue[2]
lapiko hori sutatik─ esan zien.
─Guk oilasko hori sutatik aterako dugu; baina gero
zeuk ere zin egin beharko duzu gure familiako bat ez bati ez diozula kalterik
egingo.
Atsoak, eskaturiko zin hori
egindakoan, etxera bidea hartu zuen. Ume begiz joa gaurik goizerakoan sendatu
zen.
Berri hau Durangon zabalduta
laster heldu zen Abadianoko abadearen belarrietara
eta, jakina!, mindu, lotsatu eta atsekabez beterik geratu zen.
Goiz batean abade honek, ama
egiazko sorgina ote zuen jakin nahirik, meza amaituta, Misala
zabalik utzi zuen aldara gainean. Etxera heldu zenean, suetako zizeilu mahaian
birentzako gosaria gertu aurkitu zuen; baina bigarren gosari laguna, ama, ez
zen agiri. Abadeak neskatoa bere bila elizara bidali zuen.
─Amandre: ugazabak etortzeko dio.
─Datorrela bera bertora eta han utzi duena kendu
dagiala esaion abadeari.
Agindu hau entzunda, berriro
elizara joanaz, Misala itxi eta gorde zueneko, bere
ama elizatik etxera joan ahal izan zen.
Abadeak ama konjuruaren
konjuruz sorgingatu[3]
ei zuen.
Umezurtza zen Kukubel, artzaina eta neskato ona gainera; musikazale
hutsa. Zihi eta arte eta ezpalezko instrumentuak
egiten mutila zen gero bera! Hark egindako zinburrin, txistu, txilibitu eta
txirulek hamaika txori pozez kantaritu eta zoratu
zeroatzan[4]!
Ardiekin larra eta belartzetan zebilen artean, elizaren bateko txilinek hots
egiten zuten bakoitzean ez zuen utziko Agur Maria bat esan barik.
Behin bere errezu
ostean, Andre Maria handi-handirik agertu zitzaion. Eta maiterik hitz hauek
zuzendu zizkion:
─Neskato, zer nahi dun saritzat?
─Nik txilibitu bat nahi nuke, entzun dezanari dantzan
eragiteko txilibitua.
Berehalaxe eskuan
instrumentutxo (joaretxo) hori sortu zitzaion. Pozarren hasi zen Kukubel bera joten eta ardi eta bildots, txistuak entzunda,
triska eta triska dantzan zebiltzan.
Egun hartantxe, beste askotan
legez, abade ehiztaria inguru hartaraxe heldu zen eta sasi artean zegoen
ostenduta, erbia noiz etorriko.
Kukubel, zer jazo behar zuen burutan hartu barik, bere
txilibitu berria jotzen hasi zen; eta elizgizona triska eta triska sasitzako
lar zorrotzak soineko eta haragiak urratu arte dantzan ibili zen.
Haren haserrea, txilibitua
isildu zenean! Gaua gainera etorri baino lehenago Kukubel,
sorgina zela eta urkamendira eroan behar zutela esanda, herrikoek bahitu eta loturik
eduki zuten.
Biharamunean urkamendira
zeroatela, herri guztia bere inguruan zihoan. Honetan Kukubeltxok
mesede bat eskatu zien: Hil behar bazuten ere, eskuak askatu ziezazkiotela,
indarge zeuzkala eta. Abadeak haren eskuak jara
(libre) ikusi zituenean:
─Gizonak, bada ezpada lotu nagiozue[5]
garbi ardatz bati─ esan zuen.
Lotu zuteneko, Kukubeltxok, harako txilibitua zarpatik aterata,
txiruliruri jo eta jo ziharduen. Bere hots gozoa entzunda herri guztia irradan
(dantzan) hasi zen. Abadea bera, lotuta egon arren, taun-taunka
zebilen eta barreen barrez ito beharrik.
Kukubel, soinu luze zoli eztia amaitu zueneko, lokabe eta
deslai utzi zuten.
Tolosa aldean gizon honek Mateo
Txistu du izena, Mendaron Don Klemente. Nor zen bera? Nongoa semez? Arrasate
inguruan honenbeste zehetasun ez dakite. Elizgizona zela diote eta Larrino
deritzon baserritxoan parroko zegoela. Ikaste handietako gizona zela ere zabal
da inguru guzti haietan.
Lurreko ikastetxeetakoei gutxi
iritzita edo, deabruen artean bera eta beste lagun bik aldikada batean ikaste
gehiago zerauntsen. Baldintza bat ipini zieten maisu hauek: hiruren arteko
batek hantxe euren artean betiko gelditu beharko zuela. Mutilok baietz, aintzat
hartu eta gogoz ekin zioten arlo horretan.
Azken eguna heldu zenean, larri
zeuden mutilok. Martinek esan zien:
─Zuek aurrea hartu niri, neu konponduko naiz
Txerrenarekin.
Ikaskizuna amaitu zenean
Txerrenek:
─Nor da niretzakoa? ─itaundu zuen.
Martinek:
─Oratu neure atzekoari ─erantzun
zion.
Lagun biek irten eta gero,
Martin euren atzetik bazihoan eta deabruak bere atzean zerbait ikusita, hari
oratu zion norbait zelakoan, ikasleren bat zela uste zuela. Martinen geriza zen
bere atzekoa. Deabruak oratu eta bere bizi guztirako geriza barik gelditu zen
Martin.
Larrinon zegoela bere
giltzariak behin:
─Jauna, berorrek ez dauka gerizarik.
Martinek txartzat hartu eta
belarrondoko bat eman zion.
Deabruaren eskolatik geriza
barik irtendakoan, Txerrenek haserreturik:
─Ederra sartu didak ─esan zion─; baina
heurea hartu barik ez haiz geldituko. Zaldizko talde bat ekarriko diat nik
hiri, lur guztiak galduko dituena.
─Baita nik berriz, ─erantzun zion
Martinek─, oinezko taldea agertuko diat hire kaballeria hori galtzekoa.
Harria jausi zen hodeietatik
(hau zen Txerrenen zaldizko taldea) Martin Abadek konjurua eginda areka batera
jaurtiki zuen harri erauntsi osoa.
Martinek Larrinon egunaren
orduak zelan eman jakin ez eta zerbait egitearren edo, ehizarako zaletasun
handia hartu zuen. Behin meza ematen zegoela, sagaraldia
heldu zenean, txakurrak intzirika erbi atzetik zebiltzala asmatuta, zegoena
zegoen lekuan utzirik txakurren atzetik erbiari jarraika hasi zen. Harrez gero
hor dabil gelditu barik.
Gau batzuetan bere moduko
argitasun bat ikusten dugu odei gainean eta haize txistulakoxea
entzun ere bai. Martin Abaderen txistua eta bere txakurren zaunkak izaten dira.
Arratiar batek luzaro garun artean asmo handi bat zerabilen:
Aranoztik Gorbeiara, Gorbeiatik Lekandara
eta inguru haietako mendirik mendi, txorien antzera hegaz ibiltzea.
Horretarako, kanabera mehe
meheak elkarri lotuta, hego handi bi egin zituen. Hegaz ibiltzen hasteko behar
zuen guztia gertu zeukala buruak eman zionean, auzo eta adiskide batzuei hots
egin zien.
Hegoak handiak izan arren,
astunak ez zirelako edo, lau adiskideren artean erraz Aranotz
burura eroan ahal izan zituzten.
Han, asmalariari
hego biak ondo lotu zizkiotenaz batera:
─Hortxe haiz, bada─ esan zioten.
Hegazti berriak (giza
hegaztiak) arranoak ikusten zituen legez, pla-pla-pla eginda, bere burua Aranotz
gainetik haizetara egotzi zuen.
Gizagaixoa, Jesus Amen esan
orduko, lurrera jausi eta Iturriotz hondoraino bilin-balaunka
heldu zen. Luzaro egon zen mutik egin ezinik, noiz
hilko legetxez. Batzuek irribarre egin arren, bere
adiskide gehienak larri zeuden. Ez ziren gutxi poztu:
─Bizi haiz, Martolo?
─Mutilak ─hauexek izan ziren Martoloren
lehenengo berbak─ gauza bat... ahaztu zaidak eta nik... nik... ezin
hegaz ondo egin.
─Zer ahaztu zaik bada?
─Buztana, txori guztiak... buztandunak dituk eta.
Ez dakigu bigarren azaiadarako[6]
hezurrak Martolori oso gelditu ote zitzaizkion. Askok
uste dute behintzat lehenengo aeroplanoa arratiar
batek asmatu zuela.
[1] Kili-kilitik
[2] Ken ezazue + ke: euskara
zaharrean geroaldirako –ke- artizkia erabili ohi zen, gaur egun ahalera eta
ondorioak markatzeko erabiltzen dena batuaz.
[3] Gabetzeko atzizki zaharra
–ga; cf. endeka, indarge,
etab.
[4] Ohikotasuna azaltzeko
euskara zaharrak egungo “egin ohi du” edo “izan ohi da” bezala, beste bi aditz
aspektu hauek zituen: “egin daroa” eta “izan doa”
[5] Honelakoak Leizarragak
baino ez dakartza, nik dakidala behintzat: hau da, “Lot nazazue hari” horrek
emango luke “niezaiozue” batuzko *ezan aditza
erabiliz gero.
[6] Saiatu = azaiatu; Saio = azaiada