Garziarenatik Ahozkoak

 

GOIURIAKO ANDREAK ESANA_ 1

ARRAZOLAKO PEDRO MURUAGAK ESANA_ 4

DURANGOKO TIBURTZIO OLABEK ESANA_ 5

 

 

GOIURIAKO ANDREAK ESANA

 

Ni pozen akordetan naizen gauzak dira txikitako gauzak. Ni baserrian bizi nintzen eta eskolara sei urtegaz hasi ginen denok, eta denok alkarregaz joaten ginen baserritik eskolara. Etortzen zen besteei deitzen, bada logura gutxi zeukana edo goizen goizetik jalgi zena, edo bere auzoko hurrengoenari deitzen eutson lehenengo, eta gero haiek biek beste bati, eta beste bati, bueno denok alkarregaz eskolaraino. Eskolako bizimodua bada bueno, oso ona, baina gauzarik politena izaten zen udaberri aldian bada trumoi denbora edo holako eguraldia ziur ez zegoenean. Geneukan maistra zintzo-zintzo bat eta iluntzen zuenean denboraldia edo eguraldia edo berak pentsatzen zuenean trumoia edo zaparren bat bota behar zuela esaten euskun: bueno zuek, urringook zaretenok urten egizue. Urtetan genuen pozik guk eskolatik, eta igual bide erdian gaudela edo arinago, zaparrada ikaragarri bat, kendu zapatak eta hartu eskuetan edo kokotan eskegi edo holako bat egiten genuen ortozik ibiltzearren, eta heltzen ginen etxera bustita eta lupetzaz hondatuta.

 

 

                                                                                                   *        *              *              *

 

Orain urte asko dela Abadinoko batzuei pasatu zitzaiena. Hiru neba-arreba izan ziren, mutil bi eta neska bat, eta aitak eta amak beti zarataka, berandu datozela eta ez dela sasoia, sasoi hauetan ez dela etxera etortzen.

Noiz etorri behar dugu bada?

Abemariek jotzen dutenean.

 

Abemariek ilunkeran joko zituzten, neguan seiak inguruan eta udan zortziak edo ez dakit zein ordu izango zen abemariek jo orduantxik. Eta bada, bueno...

Ez gatoz gu abemarietan etxera.

Bada ez zarete joango inora.

 

Eta hiru lau domeketan etxean gelditu ziren, hiru neba-arrebak etxean.

Zergatik ez zoazte erromeriara, noiz joango zarete erromeriara? Aitaita egiten zaretenean?

Ez gara egingo aitaita sekula ere, hementxe geldituko gara beti.

Zergatik bada?

Bada abemarietan etxera etortzekotan ez goaz inora ere, ez aitaita ez amama ez gara egingo sekula ere, ez dugu topatuko ezer ere eta.

 

Hori entzun zuenean aitak esan eutsen:

Zoazte eta etorri zaitezte beste batzuk etortzen diren orduan.

 

Eta sekulako bakea. Joaten ziren, eta eurek gura zutenean etortzen ziren denekin batera.

 

 

 

                                                           *     *       *       *

 

Auzuneko gizonik bizkorrena eta listoenak zelan akabatu zituen bere egunak.

Izan zen... Nik ez nuen ezagutu diputatu izan zenean bera, baina izan ei zen. Eta gero kontzejal izan zenean bai, zeren eskolara etortzen zen bakazio aurretik, zortzi bat egun arinago edo, karamelu paketetxo batekin, bueno bakoitzarentzat pakete banakin etortzen zen.

 

Bueno baina baserrian bizi izan zen. Bere aita kontratista izan zen, bera ere kontratista moduan ibili zen, baina gero ez dakit bada nik zer pasatu zitzaion, behintzat baserriratu zen. Eta ia amagaz bakarrik bizi zen, aita hil zen, eta beste anaia bat zeukan eta gazte gazterik ha anaia hil egin zen. Eta bera ere ia mutilzaharra eginda, eta amak esan eutson:

Ha mutil, ezkondu hadi, nigaz beti ezingo haiz bizi, ni hilko nauk egunen batean eta, ezkondu egin beharko duk.

Ezkondu naiz ni.

 

Baita ezkondu ere egin zen. Topatu zuen nobia andre ederra painuelo-moinuaz eta sekulako andrea, eta ezkondu ziren isil-isilik, inork ezer jakin barik. Nire amama bere izeko da eta ez zuen jakin zein egunetan ezkontzen zen, orduan isil-isilik ezkondu zen. Baina ezkondu eta handik hiru bat egunera, etorri zen gizona bere etxera eta andrea berera. Baina ez pentsatu haserretuta egon zirenik. Domeka guztietan joaten zen hamarretako mezara gizona eta andrea ere bai, eta laguntzen eutson lehenengo andreari eta gero etortzen zen bere etxera.

 

Eta gure amamak ño, hori ez zuen ikusten.

Zer ganora, zer dabiltza hauek.

 

Eta joan egun batean eta esan eutson:

Iñixio, zer dabilak, zer dela eta egiten duk hori, ez haiz bertara joan bizitzen edo bera ekarri hona. Ez duzu behar andre gazte bat hemen?

Izeko nire arloetan ez sartu, nik badakit zer egiten dudan eta holantxixe segitu behar dugu.

 

Eta txerri-hiltzeak heltzen ziren eta esaten zuen:

Bazoaz Iñixio?

 

Ikusten genuen dotore-dotore jantzita joaten zela eta amak edo amamak edo...:

Bazoaz Iñixio?

Bai, banoa, txerri hiltzea dauka Monikak eta banoa txerria hiltzen.

 

Joaten zen txerria hiltzen, ekartzen zituen bada hori, txorizo, mortzila edo inguru guztiak eta kito, bera bere etxean eta bestea bestean, bakoitza bere etxeetan. Hola bizi ziren eta hola hil ere. Hil zen bera, andrea lehenengo joan zen. Han egon zen egun batzuetan, heldu zen bere etxera eta kito.

 

Hola izan zen euren bizimodu guztia, euren ezkontzaori, bakoitza bere lekuan bizitzeko.

 

ARRAZOLAKO PEDRO MURUAGAK ESANA

 

Neuri pasaturikoa San Antonioz Durangon. Erdaraz bat ere nik. 20 urte baneuzkan, mutila egongo nintzen hainbesteko, eta erdaraz bat ere ez. 25 urtegaz ikasi lehenengo erdara nik, gerran. Joan Durangora eta, bada... dantzan.

Neska politak ziren, eta ez duzu jakiten erdalduna ala euskalduna den... Mesedez eskatu deutsat, eta hauek neskok dantzan geugaz, eta berbetan hasi ginen eta erdaraz, nik euskara eta hark erdara. Hark euskara ez zekien eta nik erdararik ez. Eta neuk, joño, hau duk ona! eta berbarik ezin egin eta "a que calor..." holakoxe berbak berak ez. Neuk erdara nekien plantan, "a , hase calor, " eta beste berbarik ezin egin bada neuk, eta akabaturikoan tokea joango duk eta ez nauk lotsatuko. Baina tokea akabatu zenean geratu egin ziren neskok, mutil politak ginela pentsatu edo ez dakit bada zer, geratu dira geugaz bat ere berbarik egin ezinda. Timoteo bestea, kinerraz, hemengoa. Eta akabatu zenean, "bueno adiós" esanda joango zirelakoan eta joan ez. Eta laurok isilik. Eurek guri ezin berbarik egin eta geuk eurei ezin berbarik egin. Atzeneko kantsatu ziren eta "Bueno, bueno adiós" eta "hasta hasta la prosima". , lotsatu gaituk oraintxe, erdararik ez e? Hori 20 urtegaz, eta holantxik. Eta hurrengokoan ezagunagana izan ezik joan ere ez. Ezaguna, beste tropezu bat egon ez dadin.

 

                                                           *     *       *       *

 

(...) Nik esango deutsuet infernurako beldurrik ez daukadala, zerurako pozik ere ez, entenditu duzu? Zuk ez duzu aditu. Batzuk infernurako beldurra, infernua ez balego, lapurretan ibiliko ziren. Askok infernuaren beldurragatik ez dute egiten. Nik infernuko beldurragatik ez, hemengo beldurragatik ez dut egiten nik, ez infernukorakoagatik. Niri infernuak ez deust beldurrik ematen, zeruak ere ez pozik. Nik zeruan baino hemen gura dut, hementxe etsi dagitela ehun metro koadratu andreagaz paseatzeko, eta hementxe... La Eternidad! Hementxe beti ni, eta zeruko pastelak jan dagitezela ha gustatzen zaienek.

Klaro, beldurra ematen du: badago ala ez dago? Abade bategaz eduki nuen hementxe, Santiagoz, diskusioa. Etorri zen, eta nigaz berbetan hemen, ekin eusten zeru kontuak eta infernua, eta nik esan neutsan: Nik ez dakit, sekulan ez dut esan ondino zerua dagoenik, ez dagoenik ere ez. Eta egundo ez dut esan "ez da zerua". Egongo da edo ez da egongo, eta infernuarekin beste horrenbeste, egongo da edo ez da egongo, justu ikusita, eta Aita Santuak ere ez du ikusi, inork ere ez du ikusi. Berba batek diferentzia handia dauka, edo bada edo egongo da. Bada niri esan degidatela gaur patata erein soloan eta bihar holakoxe garauak eginda daudela. Nik ezin sinistu, eta hori baino handiagoa esan behar deutsut, esan neutsan. Zuok zabiltzate guk arimak dauzkakizugula, ez dakizuena. Gure arimak salbatzen zabiltzate zuok, abadeok eta fraide eta kredo guztia, gure arimak salbatzen; daukagun ala ez, ez dakizue, arima, eta gure arimak salbatzen. Eta geu gabiltza zuen gorputzak salbatzen. Zuek daukazuela badakigu eta zeuek ere badakizue, eta gure kontura bizi zaretena badakigu.

 

 

DURANGOKO TIBURTZIO OLABEK ESANA

 

(...) Erromeria bai. Abadinon hasi Domu-Santuetan eta domeka guztietan egoten zuan/huen erromeria Abadinon, harik eta San Blas pasatu artean, beti[1]. Gero hasi zuazen/hituan hauek Jesuitok, ero deabruok, kentzen erromeriak, eta orduan ipini joen/ziaten Berrizen eta Abadinon eta inguruetan Salas de Fiestas. Trabakuan hantxe zegoen dantzalekua, lehen hemen inork ez zeukan, eta gero agarraduan egitea ere, Salterain alkate zegoela, harexek kendu joan/zian agarradua.

 

Bekatua bai, bekatuak zein kolore daukan bageneki hobe genuke, zein kolore daukan. Ai... bekatua egiteko moduan dagoen pertsona ondo jagok/zegok, sano jagok/zegok ha. Bekatu egin ezinda dagoena, ha duk txarra, ha dago jodituta. Bekatuak existitu ez duk egiten bada, ez jok/dik existitzen bekatuak.

 

Gero? Gerokoa ez duk gurea, gurea orain duk, oraindio bizi garela. Han jagok/zegok gerokoa, gurea da oraingoa, gerokoa ez da gurea. Eta zerua eta infernua eta... Non eroaten dozak/dituk? Maleta batean ala?

 



Garziarena-9; 11-11-93. Biltzaileak: Yon Aurre / Kolesti Agirresarobe. Grabazio urtea: 1.986ko Martiaren 10ean.

Garziarena, 9.zk. 11-11-93. Biltzaileak: Yon Aurre/ Kolesti Agirresarobe/Begoña Balbuena/ Maria Jesus Vizan/ Cesar del Pozo/Mila Madariaga. Grabazio urtea: 1985eko urrian.

Jatorrizkoan: "deukusule" = deuzkaguzula? (alok. zuka) berm. "dakotsuguzela" dauzkazugula

Garziarena-9, 11-11-93. Biltzaileak: Yon Aurre/Kolesti Agirresarobe. Grabaketa urtea: 1.988ko urrian.

[1] Hitanoa: zuan/huen (zen); zuazen/hituan (ziren); joen/ziaten (zuten); joan/zian (zuen); jagok/zegok (dago); jok/dik (du); dozak/dituk (dira); duk (da).