Beste kasu honek gertatu
zela ehun urte eta askoz gehiago ditu. Penagarria bada ere, fetxarik
ez daukagu. Ama batek bere seme-alabei kontatzen omen zien gertakizun hau, eta
seme haietako batek esanda jaso dugu.
Idiazabaleko itzain batek
bere ogibide bezala, nahiz egunero ez egin, mandatari lana egiten omen zuen
Idiazabaletik Tolosara dauden herrien artean, horretarako bere idi parea eta
gurdia erabiliz.
Itzainak bere ustez
konfiantza handiko adiskide bat omen zeukan, Beasaingo trenaren estazioan
faktore-lana egiten zuena. Gero ikusiko dugu konfiantza horrek zenbaterainoko
indarra zuen.
Itzainak, egun batez, esan
omen zion faktoreari nahiko diru ekarri behar zuela eta ea mesedez lagun egingo
al zion Beasaingo Katea pasatu artean.
Faktoreak baietza eman omen
zion itzainaren eskabideari.
Kontutan izan behar dugu
Tolosatik Idiazabalera ez zegoela gaurko kamino edo biderik. Billafrankatik Beasainera kalez kale joaten zen. Beasain
igaro eta, kaminoa nola trenbidea gurutzatuz pasatzen zen, erdarazko paso a nivel honi Katea deitzen zitzaion, katea bat
jartzen zutelako trena pasatzean gurdi, oinezko eta abarrei bidea mozteko. Bide
hori bakarra zen Beasaindik Idiazabalera joateko.
Nonbait ─zer gertatu zen gero jakingo
dugu─ itzaina faktorearen laguntzarekin zihoan bere etxerantz.
Itzaina gutxi gora behera
ordu berean iristen omen zen bere etxera. Egun hartan ageri ez eta etxeko denak
jartzen dira kezkati eta larri.
Hala zeudela, tapa-tapa
han dator idi parea itzainik gabe. Askatu omen zituzten idiak eta beren
uztarrian, kopetakoekin tapatuta, han omen zeuden itzainak zekartzan diru
guztiak. Nonbait lapurrek dirua non zegoen ez zuten aurkitzerik izan.
Desgraziaren bat gertatu
zela eta, itzainaren etxekoak irteten dira itzainaren bila. Kamino bazterrean
hilda aurkitu omen zuten. Itzainak zeuzkan zaurietatik garbi ikusten omen zen
krimen bat izan zela.
Itzainaren etxekoek parte
eman dute Juzgatuan, gertatua kontatuz. Agintari horiek hasten dira miaketan
eta auzoko etxe batean aurkitzen dute aizkora bat, gorri arrastoak zeuzkana.
Gaur hainbat analisi ez zen izango eta egingo; eta aizkoraren jabea,
kriminaltzat juzgatu ondoren, kartzelaratzen dute.
Aizkora jabeak bere
deklarazioetan esaten omen zuen krimena gertatu zen egunean altza
─aliso erdaraz─ botatzen ihardun zela, eta
gorriune haiek zuhaitz mota honek uzten duen tinta gorria zela, eta ez
odolarena.
Dena alperrik, ordea. Gizona
kartzelara, errurik gabe.
Hau gertatu eta gerora, ez
dakigu zein urte, hil eta egunik, Donostian gertatu da tiroketa bat kalean.
Espainiako ministro edo goi mailako jaunen bat hil omen zuten edo hil nahi
zuten. Hortik tiroketa.
Bala galdu batek jotzen du
Beasaingo faktorea; eta bere burua hil zorian ikustean, deklaratu omen zuen
gertatua zehaztasun guziekin, zer eta nola itzaina hil zuen. Bera ere tiro
hartatik hil omen zen.
Hara, entzun dugunez, gauzak
nola izan ziren.
Hemen ikusten da diruak zer
gauza egin arazten dituen. Dirua lagun ona da norberak mendean ibiltzeko. Baina
diruaren mende jartzen bada gizona, bide txarrean sartzen da. Diruak egin
arazten du mundu honetan kalterik gehiena.