(...) Bere pentsamendua zen
berriz segituan Ameriketara joatea, baina merkatu egun batean etorri zen
Lesakara, bere lagun batekin berendua egin behar zuela, eta han ezagutu zuen
neskatxa bat mahaia zerbitzen. Berendua akautu zutenean, joan zen eta neskatxa horren amari erran
zion:
─Nik neska hau nahi nuke nire
andretako!
Eta andre hark kontesta:
─Etorri nahi duzunean eta
solas eginen dugu.
Andre hark eta bere alabak
uste zuten gauza bromatan zela, baina handik egun batzuk buru nire aita etorri
zen solas egitera dama horiekin. Han egon ziren arratsaldean solasetan.
Joan zen gero nire aita bere
herrira, eta egon zen aunitz egun etorri gabe. Orduan neskatxa hark eskribitu
zion paper batean ea zergatik ez zen etortzen, etortzeko Lesakara solasean
egitera. Etorri zen etxera, eta erran zion neskatxa haren amari:
─Ez naiz etorri hainbertze
egunez gizon batek erran didalakoz zure alaba dela señorita
Frantzian kolegioan kostunbratua eta lanean egiteko
balio ez duena. Eta nik behar dut andrea lanean dakiena, bazkariak eta gauzak
ongi egiten dakiena.
Orduan erran zion andre
hark:
─Heldu den igandean zatoz
goizean gure etxera, eta egonen gara gu biok solasean, eta bitartean nire
alabak eginen du bazkaria eta afaria, zuk ikusteko nola dakien lanean.
Igandean dama hark egin zuen
bazkaria, eta elkarrekin bazkaldu zuten andre hark gonbidatuta, eta nire aitak
ikusi zuen bazkaria nolakoa zen. Orduan, bazkaldu ondoan, erran zion andre
hari:
─Niri zure alaba gustatzen
zait, eta berarekin esposatu behar dut!
Eta andre hark erran zion:
─Nire alabarekin esposatzeko,
ekarri behar duzu bortz mila duroren dotea.
─Nik ekarriko dut dote hori!
─Eta zerekin bizi behar
duzue?
─Behinik behin ez naiz
minetara berriz joanen! Saiatuko naiz bertze zerbaitera!
Ekarri zuen dotea, jarri
zuen bankuan, eta espostu ziren. Andregaiak
Esperantza Alvarez Sein zuen izena. Ama-alaba haiek zuten denda hartan jarri
zen nire aita ere, ideia berriekin denda hobetuz, eta gainera terreno batzuk
ere erosi zituen.
Ikasi zuen kordeona jotzen,
hagitz ongi gainera, eta jotzen zuen egunero jendea ekartzeagatik, eta bertsuak
ere kantatzen zituen. Jende aunitz etortzen zen eta handik aurrera jendeak
ezagutzen zuen etxe hori Pauloren etxea erranda.
Ezkontza honen fruituak izan
gara, lehendabiziko, mutila, ni, eta gero neska, nire arreba Martina.
Eta beti hagitz ongi bizitu
gara. Umore ona izaten genuen beti etxean. Aitak jotzen zuen kordeona eta
kantatzen zituen bertsuak; nire amak oso ongi kantatzen zuen, nahiz euskaraz,
nahiz erdaraz eta nahiz frantsesez, eta oraindik ere hala kantatzen du; nik
jotzen nituen pianoa eta klarinetea; eta nire arrebak pianoa. Musika faltarik
ez zen gure etxean izaten.
Paulo Yanci'ren
bizitza,bere
seme Pepitok kontatua in Garziarena-
Erosketa, lorpena / askaria, meriandea.