Gabriel Arestik esan ohi zuen hauxe zela euskal nobelarik onena (Atxagak esana komunikazio pertsonalean). Alderdi literarioez gain, sintagmak eta esateko moduak zaizkigu hemen interesgarri oso.
Urte hura oso sagar handia zen, eta
nire nobioa, Antton Kortajarena, Tolosara egunero
joaten zen, Asteasuko sagardoa idiekin eta gurdiekin eramatera.
Orduko ezteietan zahagi ardoa
aitajaunak pagatu behar izaten zuen, eta honek hala esan zion:
─Aizak: alondegiaren atarian han utzi diat zahagia; eta
hurrena Tolosara joaten haizenean, hartu eta ekarri ezak.
Baietz, ekarriko zuela; eta egun hartan
bertan joan zen ekartzera. Bi zahagi aurkitu zituen, paper bana gainean zutela,
pasea alegia, beren izen, apellido eta guzti; baina
hark inprentako letra bai, baina besterik ez zuen ezagutzen, eta handiena hartu
eta hura ekarri zuen.
Aitajaunak, ordea, txikia pagatua zuen;
eta handi hori, Ibarreko erretore etxerako, elizan hartzen duten ardo klase
hori zen.
Eta nire nobioari berehala kargu hartu
zioten herrian:
─Hau ez huen honako, eta nola ekarri duk? Hik
kontrabandoa egin nahi huen!
─Nik kontrabandoa ezta pentsatu ere. Aitajaunak utzitakoa
ekarri dut.
─Ez; hau ez huen hiretzat. Han egongo huen besteren bat.
─Bai; txikiagoa zegoen eta nik handiena ekarri dut.
Aitajaunari ere kargu hartu zioten,
baina honek hala esan zien:
─Nik bestea utzi nuen, eta ekartzea zeukan hura.
Ez zen hura txoroa pagatzeko.
Ezkontzeko kasu hori izan ez balu,
kontrabandoa egingo omen zioten; baina inozentzian egin zuela jakin, eskolarik
ez zuela ere bai, eta libre utzi zioten.
Ibarreko erretoreak batere gabe gelditu
beharko zuen. Ez dakit inork pagatu zion ere. Baina ardo hura gure ezteietan
edan zen. Azkar gainera!
Ezkondu behar nuen bezperan, jaiotetxea
eta utzi behar nituela edo nik ez dakit zer nuen, baina tristurak hartu
ninduen. Ia egun guztian isildu ez nintzen negarrez.
Nire amandrea bezperan etorri zen, eta
nirekin jarri zuten gauean, eta goizean hala esan zion bere ahizpari, neure
amari:
─Ume honi zer egin diozue? Ia gau guztian ez du negarrez
begirik itxi.
─Atzoko eguna hola pasatu du.
Aitak burla egin zidan:
─Hobe huke astoarekin Zizurkila irinarekin joango bahintz
─Ea bada: jarri zakuak eta joango naiz ─esan nion.
Garai hartan, goizeko seietan ezkontzen
ziren denak. Ilunpetan joaten ziren. Gu, berriz, hamarretan ezkondu ginen.
Nik azabatxez, alegia perlazko puntilaz, bete-betetako txaketa nuen. Herrian aurrena nik
izan nuen. Elizarakoan, kristalezko zera haiek eguzkitan dris-dris-dris egiten zuten, eta plazan zeudenek hala esan omen
zuten:
─Hara: Mikela ber-bertan zegok.
Elizatik atera orduko, etxafuegoka hasi
ziren. Egun hartan erre zituztenak! Atertu gabe aritu ziren eliz ataritik gure
etxeraino.
Gosaria andregaiaren etxean izaten zen.
Gogoan daukat guk zer izan genuen: baratxuri-zopa aurrena, haragia tomatearekin
hurrena, eta gero gazta zaharra. Edaria, berriz, ardoa.
Arreoa gurdian eramaten zen, eta hauxe
izaten zen: ohea, lastaira, sobrakoltxa, sobrakama, ─batzuk eskuetan egindako harizko horietakoa eramaten
zuten─, bi almoada, bi sila, komoda,
mesanotxea eta baula arroparekin. Usarioa
hala zen.
Lastaira ez zen gaurko koltxoiak
bezala. Artoa txurikinez betetzen zen. Gero, bat hiltzen bazen, gorputza ohetik
atera, lastaira hura bide gurutze batera eraman, eta han su eman eta erretzen
zen. Gero, han pasatzen zenak anima harentzako aitagurea errezatu behar.
Nik, trasteria guztiaren gainean, neure
josteko makina jarri nuen. Bezpera gaueko hamabietan, hura garbitzen aritu
nintzen, biharamunean garbi-garbi eramateko.
Idiak, ahal ziren ederrenak, eta
zintzarriekin eta bizkarrean manta borla gorridunarekin, ondo apainduak izaten
ziren. Guk Ondartza-barrenekoak izan genituen.
Nobioaren etxera joateko, ezkonberriak,
gurasoak, aitajauna eta amandrea eta denak, gurdiaren atzetik abiatzen ziren.
Baita filarmonika ere soinu jotzen.
Esan bezala kamioa orduantxe egiten ari
ziren, eta kapatazak eta ostatuz gure etxean zeuden.
Oraindik bukatu gabea zen; baina haiek lizentzia eman ziguten, bide zaharretik
joan gabe, kamio berritik joateko. Beraz, neure arreoak estreinatu zuen kamioa.
Abiatu bezain laster, etxafuegoka hasi
ziren berriz ere. Egundaino baino gehiago erre zela juzkatu zen. Kapataz haiek, berriz, gure mandioa munizioz betea zuten,
eta hartu handik nagusiaren munizioak eta haiek deskargak egin zituzten!
Gurdia inoren etxearen parean
pasatzean, ezagunak izanez gero, bidera bandeja ardoa eta pastelekin edo
ogiekin ateratzen zuten.
Ailegatu eta arreoa mandioan uzten zen,
bazkaldutakoan zabaltzeko.
Ordurako ezteiak egun batekoak,
bitakoak edo hirukoak izaten ziren. Neurea bikoa izan zen.
Lagun asko izan ginen, eta bigarren
egunean gehiago oraindik. Geren gurasoek ezagun guztiei deitzea pentsatu zuten.
Orduan holako hasiera, eta gero gerokoak.
Egiten zen txahal bat gizendu, eta hura
jan bitartean bertan denak. Gurea hogeita bost erraldekoa izan zen. Zestakada bat oilo baino gehiago ere jan.
Makina bat ezteietan izan nintzen ni
gero; baina toki batean bakarrik hegaztikiko ezteiak ezagutu nituen. Oiloa luxua
zen orduan, eta hegaztirik gabeko ezteiak izaten ziren.
Orduan, zer zen ere ez zekiten eta, ez
ziren entremesak edo itxura gaiztoko jaki horiek izaten. Ia dena okela izaten
zen. Guk izan genuen zopa; garbantzuak eta azak ere bai odolki pila
ederrarekin; gero haragia tomatearekin eta haragia piperrekin ─besteetan haragi egosia, frijitua edo gisatua izaten
zen, dena haragikia─; gero hegaztia, eta hegaztiaren gainean arrozkoletxe eta gazta zaharra.
Eta hamahiru arroba ardo edan ziren
gurean. Tolosatik ekarritako zahagi galanta hura eta beste gehiago ere bai
noski.
Sagardoa, berriz, auskalo zenbat. Guk
zazpi pezetan erosi genuen gurdi sagarra; baina ona aukerakoa zelako. Urte abundosoan ezkondu nintzen ni.
Ardoa, ez orain bezala litroka;
pitxarreko botilak jartzen ziren mahaian. Eta hamar lagun baziren ere, baso
bat; baso bat eta platera bat, eta denak batetik aritzen ziren. Baita ezteietan
ere. Hemen zazpi lagun baziren, zazpi lagunentzat zera bat jarri; eta, han
beste zazpi baziren, haientzat beste zera bat jarri, eta horrela.
Bazkal ondoan, mandiora joan eta auzoko
etxekoandre batek arreoa zabaltzen zuen. Gurea Ondartza-barrenakoak,
idiak ziren etxeko andreak, zabaldu zuen.
Gero, etxekoandre hark, arropak eta
erakusten zihoan bezala, arreoaren alabantzak egiten zituen:
─Hara hemen gauza ederrak, eta bera ederragoa!
Andregaiarengatik alegia. Usadioa
halaxe zen.
Gero, arratsalde guztian, filarmonika soinua, dantza, bertso, nahikoa edari... Izaten
zen han zernahi festa.
Afalondoan lotara. Hainbeste
jenderentzat oherik ez, eta sabaian eta, mandioan eta etzaten ziren, belarraren
gainean. Ondo gobernatuz gero, nonahi ondo lo egin.
Nire arreoa mandioan zegoen, eta hala
esan zidaten goizean:
─Mikela, zure arreoa guk estreinatu dugu. Han egon gara
denok, haren gainean lotan.
Gu larunbatarekin ezkondu ginen, eta biharamunean
eliz-sartzea egin genuen. Hori izaten zen,
ezkonberriak meza nagusira joan eta beren sepulturan lehengo hilentzat argiak
piztu eta ofrenda egitea. Ofrenda ondoren, etxeko hildakoen izenean, apaizak paternosterrak errezatzen zituen sepulturaren aurrean, ur
bedeinkatua botaz.
Gero, bazkaria eta festa berriro, bezperan
bezala.
Neure nobioa etxe oneko mutil eder
galanta zen; kontrariorik gabe zegoen pultsularia. Horregatik, elkarrekin
tratatzen hasi ginenean, hala esaten zioten gure aitari:
─Hire alaba ez duk hara sartuko, ez.
Ezteietan, berriz, hala esaten zioten:
─Orain kontentu egongo haiz, alaba hemen sartuta.
Ni josten ondo ikasia nintzen, baina
baserriko lanetan gutxi nekien.
Aitak eta amak kalera ezkontzea nahi
zuten, eta hasieran ez ziren guztiz konforme ni Ondartzara
ezkontzeaz. Horregatik, gure aitak, hola tentatu zutenean, bi bertso hauek
kantatu zituen:
Amari esan zion
Ezkontza au lenengo,
baserrira joatia
ez zeritzan ondo:
"Arreoa
besterik
ez diñat emango;
naiko
nuke, alaba,
ez baziña joango".
Aditu zuanian
aman
albistia,
alaba au gelditu zan
entero
tristia:
"Ama, ez da
posible
nik ori uztia,
guztiak kalietan
bizitzen
eztia".
Gure aitak apustua egin zuen
behin batean Zizurkilgo Unentsoroko gizon
zaharrarekin. Akerra esaten zioten gizon hari.
Honenbeste anega gari, Akerra
horrek ganaduekin atzeraka eta gure aitak astoarekin, halako tokira zeinek
lehenago eraman. Hori zen apustua. Nahi bazuen berak ere bizkarrean eraman,
gure aitak libre zuen. Berak eta astoak, bien artean eraman behar zuten. Ondo
gogoan izaten dut: Loma izena zuen astoak.
Ez dakit zenbat diru zuten,
ez dakit hotixe, baina ez zuten asko izango.
Zizurkilgo kamioa egitean
kendu zuten hura ere; baina lehenago han aldapa zen, eta han egin zuten
apustua. Bikatxezarko aldapa esaten zitzaion.
Bizkorrak omen zituen Akerrak-k atzeraka ere ganaduak, baina gureak
irabazi zuen.
Apustuan ari zirela, tak!, zakua lehertu, gari pixka bat lurrera
erori eta bi mokadu egin zituen astoak. Eta kontrarioak auzi eman zion:
─Ahoan sartuta falta du ─esaten omen zuen.
Baina gizon juzkalariek esan omen zuten:
─Bai, baina barrenean pasa
dik horrek lurretik hartu duena.
Noski! Tripan pasa baitzuen.
Erraian pasa zuela behinik behin, eta juzkalariek
gure alde erabaki zuten. Juzkalari bat artzaina zen.
Nik ez dakit bat ere zenbat
bertso izango ziren. Apustu hori guk gogoan ez dugula izan zen, eta bertsoak
ondorenean aditu genituen. Toki horietan makina bat bider astoarekin ibilia
naiz geroztik. Bi bertso hauek besterik ez dauzkat gogoan:
Zaku lertutik
astoak egin
zizkiraden mi mokaru
nere artian
pentsatu nuen:
"Pesta
ederra zeukagu".
Kontrariyuak esaten ziran:
"Orrek sartua palta du".
Gizonak berriz juzkatu
zuten:
"Jana arraian pasa
du".
...........................
.....................
...........................
.....................
juzkalariya artzaia
zan da
botillerua etxetik,
a zer traguak
egin zituan
Akerra-k txarro motzetik!
Kolerako denbora ez daukat
nik gogoan. Aitak bai; aitak askotan kontatzen zituen orduko kontuak. Koleraren
kontra oso ona zelakoan, kolkoa baba-zuriarekin betea ibiltzen zuen gure aitak.
Egun batean, Asteasuko Agerre-beheko parean pasa zen, irinarekin zihoala; eta
hango semea oso laguna zuen, eta atarian ihardun ziren elkarri esaten:
─Holako eta holako hil omen
dituk.
─Bai; hil omen dituk, bai. Ez
dakigu gure sententzia non eta noiz dagoen.
Gure aita joan zen, eta
irinak utzi eta bueltan etorri zenerako, hilda aurkitu zuen atarian Agerre-beheko bere lagun hori.
Hurrena Tolosara feriara
zihoan. Lehen esan dudan bezala, astoarekin irinarekin eta zihoala, bertso
kantari edo arrosarioa errezatzen ibiltzen zen beti. Orduan ere, txapela eskuan
hartu eta Agerre-beheko lagunarentzat arrosarioa
esaten omen zihoan.
Eta askotan esaten zuen,
Anoeta baino lehenago, Legarretako parean, txapela zeraman behatzean tira bat
sentitu zuela eta "Bejondaiala, mutil!"
aditu zuela; buelta osoa eman eta ez zuela inor ikusi.
Hala esaten zuen:
─Nik "Bejondaiala, mutil" aditu ninan, eta nik buelta osoa
eman eta ez ninan inor ikusi.
Agerre-beheko semearen anima izango zen
errezeloa izaten zuen.
Zakur amorratuen kontuak badakizkit nik
inork bezain ondo.
Nik ama Zizurkilgo Galardikoa
nuen, eta han bizi zuen anaia ezkonduta. Anaia hark hiru seme eta alaba hura
bakarra zuen, dozena erdiren bat urteko nexka. Anttoni zuen izena.
Eta San Joan egunean, auzora jostatzera
ume zihoala, gari tartetik zakur zuri handi bat atera omen zitzaion, eta bota,
ahoz gora jarri eta usain-usain egin omen zion muturrean; baita ere harramazka
batzuk egin hankekin masailean. Ez egon nonbait zakurra amorratu aldian, eta
heldu gabe utzi zuen.
Etxera joan zenean, hala esan omen zuen
nexkak:
─Izugarrizko zakurra atera zait, eta lurrera bota nau,
eta hara nolako harramaskadak egin dizkidan.
Baina ez omen zioten umeari kasurik
egin.
Handik laugarrena edo bosgarrena, San
Pedro, Asteasuko bestak; eta astoaren gainean aitarekin eta amarekin etorri eta
gure etxera bazkaltzen izan zen.
Kontarazi zioten orduan ere:
─Zakur handia al zen, Anttoni?
─Bai; handia zen; zuri-zuria gainera. Ikaratu ninduen.
Negarra egiten nuen, baina bota ninduen eta...
─Eta nola ez zinen, bada, gero etxera joan?
─Ez; zubiaurretxo alderago
neukan eta hara joan nintzen.
Eta, handik berrogei egunera, berrogei
aldia bete zitzaion. Jesus! Ura edaten hasi eta han zakurra ikusten zuela. Eta
begiratu bat... Harrapatzen zituen guztiak hozka hasi omen zitzaien.
Orduan jakin omen zuten zakur amorratua
zela hura.
Salutatorea
ekarri zuten. Albizturkoa zen, gizon txiki-txiki bat, gure aitaren tamainakoa, brusa
urdin motx batekin ibiltzen zena. Gogoan daukat nolakoa zen.
Harritzeko gauza da, baina egia handia
hala ere: zazpi seme segidan baldin badira, zazpigarrena salutatorea
da; zakur amorratuen kontrako bertutea hark du. Gero hura estudiatzera bidali[3] behar omen da. Eta batzuek
mingain azpian eta beste batzuek mingain gainean, gurutzea izaten dute. Hark
gainean zuen.
Salutatoreak
umea hola, bazter guztiak puskatzen, ikusi zuenean, esan omen zien:
─Olioa ekar ezazue.
Eta olioa irakiten jarri, bere orazioak
egin, eta irakiten gal-gal-gal zegoen olioa bere mingainera bota omen zuen
hark. Eta gero umeari harramazka guztiak sendatu edo igurtzi zizkion
mingainarekin.
Eta hori egin eta hola esan zien:
─Ume honek gaiztorako denak kenduta dauzka. Honek ez du
jango, ez du edango, ez du lorik egingo. Holaxe-holaxe hilko da. Gaiztorakoak
kendu dizkiot, baina arnasa pasatua dauka.
Eta hark esan bezala gertatu zen.
Gaiztorakorik ez, minik ere ez, eta kantari egoten zen:
Ardoa edanda
mozkortzen naiz
pipa hartuta txoratzen
naiz
kortejatzea
lotsatzen naiz
nola demontre biziko
naiz?
Kanta hori aditzen nion nik beti.
Baina orduan medikua ekartzea pentsatu
zuten gurasoek. Bi mediku etorri ziren; eta salutatorearen
handitasuna ezin eramanik, alegia gaiztorakoak hark kentzea, hark hainbeste bertute
izatea, zer egin dute?
Neure ama bidali omen zuten Bilabonara, errezeta egin eta botikaren eske, eta esan omen
zuen kutxara handi bat emateko handik. Nire ama hango alaba, eta lanak egiten
laguntzera joaten zen, baina gutxiago noski.
Eta botikariak hala esan omen zion gure
amari:
─Andrea, botika hori kontuz ibili ezazu gero.
Hura esan ziotenean, handik irten eta Bilabonako zubian ibaira begira jarrita, pentsatzen egon
omen zen:
─Nik botika hau horra botako al dut? Bai; baina gero zer
egin diodan galdetuko didate eta etxera eraman beharko dut.
Etxera joan eta anaia[4] topatu zuen:
─Aizak; hau eta hau eta hau esan zidatek, eta bota edo ez
bota duda-dudan egon nauk. Hau gauza peligrosoa
izango duk.
─Bueno, kutxara handi bete emateko esan ziguten, eta
txikia bete emango zionagu.
Eta hala, txikia bete emanda, Jesus!
dena handitu eta deiadarrez martiri egon zen neska gizajoa, ezin hilik. Handia
eman izan baliote, hilda geldituko zen.
Gero gure osaba alkate ez baina erregidorea
izango zen eta, berehala mediku haiek kastigatzeko hasi zen; medikuek ez
zeukatela ordenarik ─enteratu ziren haiek ondo─ benenorik pertsonari emateko. Gure osabak esaten zuen
ez zela kontu hura hola geratuko, baina medikuek tapatu zuten dena nolabait
ere. Betikoa: pobrearen arrazoia, hutsa.
Eta nexka gaixoa hil zen. Orduan nexka
hura bakarra zuten, nexka polita; gerokoa zuten, orain Zizurkilgo Iturralden hil dena, Balentina.
* * *
Neronek ere eskapada ederra egin nuen
beste batean.
San Pedro bigarrena zen, eta bestara
gindoazen. Zakur bat etzanda zegoen sagar baten azpian, eta mutil koxkorrak,
gure anaia Miel Anton eta, Konportakoa eta, harrika
ekin zioten.
Gu neskak atzetik, eta "Utziozue
zakurrari" esan genien. Baina zakurra jaiki eta guregana hasi zen. Guk
korri egin genuen; baina, dak!, gona harrapatu zidan,
eta puskatu. Korrika alde egin, eta Asteasuko kaletik bide zaharrean dagoen
etxe zahar hartan sartu ginen.
─Ni orain honekin nola joango naun bestara? ─esan nuen; eta etxera joan eta amaren gona jantzita joan
nintzen. Oraingo neskak joango lirateke!
Eta Asteasun, eliza igoeran,
ezkerretara, Santa Krutz deitzen zaion ermita txiki
bat dago. Mutil koxkor bat, Illobate baserrikoa,
ermita hartan zegoen jostatzen. Eta barrenera sartu eta zakurrak heldu zion.
Handik atera eta sagardotegia zegoen Muinoko
aldean, eta meriendatzen ari omen ziren bilabonatar batzuk, eta hara sartu zen zakurra. Bilabonatar batek zakurra ikusi eta jana bota zion; eta
zakurrak, dak!, eskutik heldu zion.
Gero berehala zabaldu zen hura zakur
amorratua zela. Eginak eduki hark toki gehiagotan aberiak.
Eta hala, bilabonatar
hura eta Illobateko mutil koxkor hura Parisa eraman
zituzten. Ekarri zituzten gero handik oso ondo, jarri zirela esanez. Baina,
egun batean, mutil koxkor hura, aitarekin itulean[5] zebilela, han ziren harri
koxkorrak jaten hasi zen. Berrogei aldia bete nonbait. Ikaratu ziren orduantxe!
Gero koarto txiki batean edukitzen
zuten, ez jan ez lo. Neronek ikusia da hura. Leioak denbora bateko burdina
lodi-lodi batzuk zituen, eta haiek heldu eta... Jesus! Hura herioa! Gure
lehengusu Anttoni behinik behin, Parisa eraman ez bazuten ere, kantari egoten
zen, batere minik ez zuela, salutatoreak gaiztorakoak
kenduta. Baina hura, paretei puskak kentzen eta zakurrak bezala zaunka egiten,
dena amorratua. San Bartolome egunean hil zen mutil koxkor hura.
Orain badira salutatoreena
sinesten ez dutenak; baina nire aurreko aldean jarriko balira, aditu beharko
lukete. Horiek denak nire denboran pasatuak dira.
* * * *
Ameriketan hil zen ahizpak ere eskapada
ederra egin zuen, nik bezalaxe.
Oiartzungo osaba ere gure etxean zen
egun batean gertatu zen.
Txakur txiki bat, aparra zeriola goitik
behera, gure ate ondora etorri zen. Gure amak ikusi eta atea itxi zuen. Baina
neska etxetik falta zuela konturatu zenean, garrasika hasi zen:
─Horra, bada: guk alaba kanpoan dugu!
Gure aita eta Juan
Krutz osaba errotarria jasotzen ari ziren; eta amaren
oihuak[6] aditu zituztenean, kanpora
atera ziren, haga bana bizkarrean hartuta.
Neska bilatu eta:
─Umea, ez al dun hor txakurrik edo ikusi?
─Bai; putzuan ura edan eta edan ari zen, ni pasatu naizenean.
Ez ikusi zakurrak umea.
Orduan zakur amorratuen soinu handia
izaten zen.
Gure ama galbahean garia garbitzen
aritzen zen, eta sahietsean bulto bat atera zitzaion.
Errotako hautsarena omen zuen, eta hura bere bidea hezurretara egiten zihoan.
Ordua etorriz gero, orain ere, orduan
bezalaxe, hil egiten dira. Baina orain adelantu
handiak daude, eta orain hainbeste modu ez zegoen orduan, hura sendatzeko.
Hala ere, saihetsetik ebaki, hango
zorneak atera eta urtebete bizia luzatu zioten. Baina gero ere hark eraman
zuen.
Gaixorik zegoela, Anastasi
neure alaba bigarrena izan nuen. Jaio baino lehen, haur hura berak jaso behar
zuela esaten zuen; eta ala, bataiora astoaren gainean joan zen.
Orduan esaten zen Josepetako[7] zelaian hemendik joaten
zen bezala azaltzen zela. Horregatik, hildakoen gorputzak bedeinkatutako
erramuekin eta ur bedeinkatuarekin garbitzen ziren aurrena. Hurrena, kamixa zuriz eta, azpitik gainera apain-apain janzten
ziren. Gero gainean, abitua zuenak abitua, eta ez zuenak zuen onena.
Orain, berriz, hila dagoen maindire hura
bera, garbia bada, zikina bada, bi aldeetara bota eta oso-osorik kaxan sartzen
hasi dira. Orain hala hasi dira: errazkeriara. Ez nazatela ni behinik behin
hola sartu!
-Ni apain garbia izan naiz, eta ni ondo
jantzi behar nauzue! ─esaten zigun gure amak.
Eta galtzerdiak eta botak eta soinekoak
eta denak, zituen onenak, ohe gainean edukitzen zituen, hiltzen zenean
janzteko.
Eta egun guztian, mixio
bat bezala, kontzeju onak ematen aritzen zitzaigun, umeak ondo hazteko eta
hola. Baina mixio bat bezalaxe!
Inguruko jendea ere joaten zitzaion,
eta zeukan konformidadearekin denak harrituta
edukitzen zituen.
Bezperan ere jendeari esaten aritu
zitzaion nola sentitu zuen lehendik gaitza, eta mundu honetatik bazihoala, bere
denbora zenbat gari garbitze egin zituen, bere bizimodua zer izana zen, eta
horrela. Ezagueraren faltarik ez zuen hark izan, ez.
Guri gutxiena aritzen zitzaigun; triste
egiten ginen, eta tristura ez emateagatik. Eta ni kanpoan nintzen, eta niri
gutxiena esaten zidan.
Eta hola, ezaguera onarekin, agorrileko
Santa Kruz egunean hil zen.
Gure aita oso triste gelditu zen.
Txirritaren bertsoa ere bada:
Pello
zertako zaude
triste
eta umil?
Eta gero, norabait kanpora joanda,
Txirrita edo beste bi bertsolariren aurrean bertso hau bota zuen gure aitak:
Gazterik
egin gendun
alkarrekin junta,
ogei urte baño len
giñan ezkonduta;
orain
bakarrik nago
Jainkuak kenduta
ai,
zeruan balego
emazte
dipunta!
[1] Antonio Zavala; Pello Errota, Tolosa, Auspoa,
[2] Bernardo Atxagak Euskadi
Irratirako irakurri zuen testu hauxe; gero HABEk
[3] Hegoaldeko tradizioan, testu honetan bezala, “bi(d)aldu” da erabiltzen den forma bakarra, baina sanedrin linguistikoak ez digu erabiltzen uzten, bestela intsumisioaren prentsa txarrarekin bataiatzen zaituzte.
[4] Zenbait euskalkitan “neba” hitza galdu egin da; neba darabilgunontzat emakume batek “anaia” izatea gogortxoa egiten zaigu (“behatza”ren kasua ere horren paraleloa da).
[5] It-lanean; t horren azpian “di” baldin badago, zein da Xuxenek ezagutzen duen hitz horren esangura?
[6] Inguru horietan “oju” esaten da, hau da fonetikoki formarik aurreratuena: oyu > odzu > oxu > oju.
[7] Josafat, hilerria.