ERREGE ZORRIA[1]

 

Erregina batek alaba ttipitto bat zuen eta behin batez horren orrazten ari zelarik zorri bat harrapatu zion. Zorri hura hil beharrean nonbait gorde eta hazi behar zela erabaki zuen, zenbat handitzen zen ikusteko. Eta hala egunak joan eta egunak etorri, zorria bargosta[2] bat bezalatsukoa egin zen.

Baina zahartu ere egin zen eta gero hil. Atsekabe handia hartu zuten hortaz erreginak eta alabak. Eta zorriaz zerbait oroitzapen egin behar zutela, eta larrua kenduz danbor bat egin zuten. Gogoak ematen zielarik danborra jotzen omen zuten eta zorriaz oroitu.

Behin batez jotzen ari zelarik, alabak bere amari erran zion:

Nork igarri behar luke danbor hau zorri-larruz egina dela?

Ez luke ez nehork igarriko ihardetsi zion amak.

Solas hori aitaren belarrietara heldu zenean, horretan diru puska baten irabazteko bidea izanen zuela bururatu zitzaion. Sari handi bat eskaini zuen, danbor hura zertaz egina zen igarriko zuenarentzat. Bertzeak, igarri ezin zuketenak diru zerbait eman behar izanen zuten.

Eskainitako diru hura irabaziko zutelakoz, aunitz gizaseme eta emakume erregerengana joan ziren.

Azeri larruz egina da erran zuen batek.

Katu larruzkoa da bertze batek.

Oilo larruz egin dute bertzeak.

Nehork ezin asma zezakeen.

Egun haietan, ez handik urrun, bazen gizaseme bat burutik zerbait makur zuena. Gurasoen menean ez egon nahiz, munduz mundu joan behar zuela erranik, etxetik atera zen. Bidean zihoalarik gizon bat etzanik aurkitu zuen, belarriz lurrari emanda zegoela. Zer ari zen galde egin zion.

Belarra nola sortzen den entzuten ari naiz.

Ez bide dituzu belarri txarrak. Zenbatean etorriko zara nire mutil?

Honen bertzean.

Jarraiki bada niri.

Biak beren bidean zihoazelarik bertze gizon bat oihan batean aurkitu zuten, arbola handi azkarrak, belar izpiak balira bezala, eskuz hartu eta erroetatik ateratzen zituela. Honen indarrak ikusten bertzeak harrituz zer egin gogo zuen galde egin zioten.

Hamabi dozenaz zama handi bat egin eta errege-hirira saltzera eraman nahi nituzke.

Erosta (zoroxka) hark berari jarraiki nahi bazion, sari ona emanen ziola erran zion. Harekin joan zen.

Bertze bat aurpegia garbitzen aurkitu zuten.

Zer ari haiz?

Hementxe puska bat aldatuxe, hirira joateko gertutzen. Bazkalorduko harat joan beharra naiz.

Bazkalorduko! Berankara ez al duk?

Zenbait orduko bidea bada ere, nire zango handiokin ordu laurden batez sartuko naiz.

Hik ere neure mutil izan nahi al duk?

Baietz erran eta elkarrekin zihoazen. Hiriratu zirenean ez zebilen han bertze solasik... erregek danbor bat bazuela, nork zertaz egina zen ez zekiena. Lau gizon horiek erregeren etxe ondoko ostatu batean sartu ziren eta nagusi erosta hark bere mutil belarri ernea erregeren etxe aldeko leiho batean jarrarazi zuen, erregeren etxeko solasak entzun eta hari errateko aginduz. Gau-erortzean solasok entzun zituen:

Hau diruketa danbor honekin bildu duguna!

Eta oraindik bilduko ditugunak! Bada nehork ez dezake asma danbor hau zorri larruz egina dela.

Solas horiek mutilak nagusiari erran zizkion eta hau biharamunean erregeren jauregira joan zen, bertze aunitz bezala, danbor hura zertaz egina zen iritzia ematera. Eta lehenbiziko alditik erran zuen:

Errege jauna: danbor hori zorri larruz egina da.

Orduan Erregek anarteraino bildu diru guziak ez zituen aski eskaini zuen saria emateko. Gizon batek jasan hala diru emanez geroz, bertzea barkatuko ziola erran zion Erregeri. Errege honetaratu zen; baina bertzeak mutil azkar hura eramanik, hark jasan hala diru hornitzeko ez zuen Erregek jauregi txoko guzietan aski izan.

 

                                       (Elbetea (Baztan) herriko Gurutz Goienetxek kontatua)



[1]R.M. Azkue; Aintziсako Ipuiсak, Zarautz, Itxaropena Argitaldaria, Kuliska Sorta 68. zenbakia. 1968. 20-22.orr.

[2] Txerritxoa