Orixek Estetikaz
“Antze eta Eder”
|
Koldo J. Garai (Arg.) |
Aurkibidea
Kontu filologiko-gramatikalez
labur:
antz, antzera (simile), antza
(forma), antzea (artea)
Muga (definizio, delimitazio,
etab.)
Adi (ulertzea, azaltzea,
esanahia
Testu antolaketa edo
disposizioa:
Izadian Gauza Ederrik Bai Ote?
Ederrari Beste Zehar Begiratu
Bat
Erdi Mendean Eta Pizkunde
Mendean
Antzearen Jomuga edo, aurpegiz
norabait
[Ederrerak, Antzegisak eta Ederriritziak]
Hainbat arrazoi datozkigu gogora
artikulua justifikatzeko, baina zuritze honetan ez da arazo bakarra zergatik
Orixe, edota zergatik “Antze eta Eder” baizik eta zergatik batueraz eman. Orixe
gai hartzeko gure arrazoi partikularrak oso sinpleak dira: Arestiren gaineko
tesia egiten gabiltzanez, iruditzen zaigu Arestik garaian eskura zeuden
iturrietatik edango zuela, Orixerenetik besteak beste (edo batez ere, behintzat
Argi da gu
baino lehenagokoek ere egin zutela lanik zerbait; gutxi asko, hobetotxo
ala txartxoago. Gerokoak dira eginaren balorazioak, baina horretarako lehenago
beharrok kontsumitu egin beharko dira. Eta horixe da, hain zuzen, testuon
gakoa: kontsumoa. Zergatik “Antze eta Eder”? Estetikaz diharduen tratatu bat
delako. Eta zergatik honetara? Zertarako
Segun eta nork eta non egiten duen, literatur kritikak bi isuri edo jobide nagusi dituela esan genezake, bata kazetariena eta bestea akademikoa. Bereizketa hau berez ez litzateke garrantzizko, ez balitz kritika horietan esan ohi denak alde handia erakusten duela. Esan dezagun kazetariek ez dutela astirik mintzagai dituzten liburuak irakurtzeko, gaurkotasunak memoria galtzea eskatzen diela; esan gura dugu kasu gehiago egingo zaiola autorearen entzuteari (aucthoritas) autorearen obrari berari baino, gainera, zilegi bazait, oso imajinazio urriarekin ; aspertzeraino entzun ditugu honelako esamoldeak: “kantari mutrikuarra”, hogei urtez Bilbon bizi arren; edota “idazlerik sarituena”, “ezagunena”, “internazionalena”, kazetariaren sinpatiaren arabera, eta abar.
Oro har, Euskalerriko egunkarietan agertzen den kritika bi hauetako bat izaten da: edo propaganda edo kontrol ideologiko jakin bat ezartzeko asmoaz egina. Hau da, edo autoreak bere liburuaz esandakoa errepikatzen da (eta autorea bere liburuaren gainean ondo hitz egitera behartuta dago), edo, ostantzean, delako liburuan barrena Euskalerriaren “proiektu nazionala”z zenbateraino hitz egiten den neurtzen da (gogoratu behar dugu homosexulalitateak gure gizartean aurki litzakeen arazoez edota etxebako eskaleez hitz egiteak ez duela “soziala” adjektiboa eramateko duintasuna eskuratu ondino).
Obra baten egitura aztertzeko daukagun beste aukera akademiarena da, akademian egindako azterketa, ikerketa mundua, berba batean. Baina ezin gara beti Mediterraneoren bat asmatzen ibili, ez eta beste herrietan egiten den guztia erosten. Izan ere, ikerketa munduak zerbait behar badu kontinuitatea da, ikerketa bat beste baten gainean, aurrekoak gaindituz ekarri berriekin. Berbarako, XVIII mendea aparte utzita, oso zaila litzaiguke euskal literatura indar endogeno hutsez azaltzea, hau da obra batek hurrengokoari zelan eragin dion azaltzea, euskal literaturan batez ere erdal literaturak daudelako presente; baina, seguruenez, eskolarik euskaraz egon izan balitz (eta hori ere oraindik aztertzeko dago, esaterako Garibaigandik Juan Jose Mogelengana, bi-biek ikasi baitzuten Oñatiko unibertsitatean) indar bateratzaile gehiago izango genituzkeen literaturan barrena. Hori berori literatur kritikarekin; erdal ereduak hartu ahal ditugu eta euskal obra bati aplikatu, baina niri beti sortzen zait galdera bera: zer daukagu guk beste herriei emateko? Zein da gure ekarri teorikoa? Iruditzen zait galdera horiei erantzuteko modu bakarra atzetik zer egin den jakitea dela, azken batez, Ricoeurren berbetan esateko, gure interpretazioa interpretazioen kateari lotu behar zaio, baina katea ezagutu behar. Jakiteko gaur egun ezagutzen dugun gauzen egoera ez dela popertza onartu behar, hala dela-eta, beste egoera bat ezagutu beharra dago, beste herri batekoa esaterako, edo gure aurretikoena.
Eta goazen
zenbakietara. Literatur kritika gurean bizpahiru lekutan egingo da, euskal
filolologia ikasten direnetan, labur esan. Denetara, eta goitik jota, berrehun
bat lagun izan daitezke. Beraz,
Beraz, kontinuitatea eta kontsumoa izan ditut helburu nagusi lan hau eratzeko orduan, egingoa eginaren gainean ezarri asmoarekin. Ez nuke gurako Orixeren aldeko jarrera erakutsi dudanik inork pentsatzea, hau ez baita futbol partidu bat, baina Orixeren lan teorikoaz zeozer esango bada lehenago lan hori kontsumitu beharko da. Eta nahiko zuribideaz : egin duguna zera izan da, Euzko Gogoan “Antze eta Eder” izenburupean argitaratutako artikuluen erreskada batera bildu, batueratu edo grafia gaurkotu, eta testuen antolaketa atondu kapituluka. Hurren azalduko da zelan.
Azkenik, eskerronak eman beharrean nago, bai Xabier Kaltzakortari, testua irakurtzeko lana hartu zuelako, eta bai Ana Isabel Moralesi, azken irakurketak, bakarka behin eta neugaz bigarrenez, egin zituelako. Alabaina, egon daitezkeen huts eta erabaki menturaz okerren erantzukizuna neuk hartu behar dut lepoan.
Lehenengo eta behin, esan dezadan ez dudala edizio hau emakeran inongo asmo filologikorik erabili. Izan ere, iruditzen zitzaidan alperrekoa zela berriz jatorrizko grafiagaz ematea, emana baitago aurreko beste edizio batean[ii]. Eta hartara jo behar luke ortografiaren edo aldakien ikerketa egin nahi lukeenak, hemen ez baita halakorik. Aldakien aldetik, uste dut ez dela inor Orixeren euskaragatik harrituko, halako edo holako forma dagoela eta, ez bada autoreak proposaturiko terminologiagatik. Horixe zen nire nahia, Estetika tratatu honen edukia bera erabil zedila, bizi dugun manierismo garai hau apur bat gaindituz.
Agian gutxiago ere batueratu zitekeen, eta forma batzuetan damu dut aldatu izana (cf. aundi > handi, bage > gabe), baina oro har fonetismoak baino ez ditut kendu, halan da ze irakurleak aurkituko dituen berezitasunak lexikoari eta joskerari bakarrik dagozkiela, eta horiek Orixeren estiloa eratzen dutenak dira[iii]. Berba batean, aldatu ditugun kontuak ortografiko-fonetikoak izan dira, ez besterik.[iv]
Bada beste arazotxo bat gaur egun pil-pilean dagoena, hitz konposaketarena, alegia. Orixek, bere garaikoek bezala, asko erabili ohi zuen gidoia. Asko diodanean izen-adjektibo taldeetan ere esan gura dut. Testua alde honetatik eguneratzerakoan irtenbidea ez da erraza suertatu, eta segurutik kritikak jasoko ditut puntu honetan. Nire joera, oro har, gidoiak kentzearena izan da, hots, bi berba bereiz eta bere eskuko uztearena. Hala ere, Orixerena bezalako lan teoriko batek termino zientifikoak erabiltzea eskatzen du, eta tratatu honen ekarrietako bat terminogintza bera izan da, hain zuzen. Ondorioz, sarri askotan ezin nituen bi hitzeko elkarketak bitan banaturik utzi, konposatuak, bere horretan, termino teknikoaren balioa zuelako. Halakoetan berba bakar batean bildu ditut gidoiz loturiko bi osagaiak. Halan da nire edizioan “antzelana”, “ederrazti” eta antzekoak jarri ditudala, jatorrizkoan “antze-lana”, “eder-azti” eta holakoak genituenean. Hona hemen terminologia eratzeko Orixek erabili dituen erro garrantzitsuenak eta haien eratorriak:
antzadun
antzagai
antzatakoa
antzatua ‘eratua’
antzbide ‘imitazioa’
antz bizia
antzebiziera
antzederra
antzegabea ‘inexperto,
torpe’
antzegai
antzegauza
antzegilea
antzegisa
antzehiztunen
antzejakintza
antzekaitza
antzekemena
antzekoa
antzelana ‘arte lana’
antzelaria ‘artista’
antzelea
antzeman
antzemota
antzera egin
‘reproducción’ ‘mimesia’
antzeragai
antzerakoa
antzeratu
antzesuma
antzezgilea
antzezkoa
antzgabea
antzgaiztokoa
antzirudian
antzizate
buruantzea
ederrantzean
egiantza
gertantzekoa
gezurrantzea
gogoantzekoa
guduantzekoa
onantza
margoantzea
musikantzea
mintzoantzea
(eloquentia)
mukuluantzea (eskultura)
adimuga
agermuga
albomuga
azkenmuga
bakoizmuga
bakoizmuga
begiramuga
bukamuga
egozmuga
jomuga
mugabeharra
mugagabea
mugatu
zerumuga
Atseginzalea = (hedonista)
egiazalea
ereduzalea = (prezeptibista)
gizabidezale
(humanista)
gordinzale
igarkizunzale
(sinbolista)
izadizale
jainkozale
jakinzalea = (filosofaria)
mendizale
mistikozalea
onzalea
platonberrizaleak =
(Neoplatonikoa edo platondarraioa)
platonzale
sinbolozaleak
edergaia
edergarri
edergile
edergintza
edergitea
ederjakintza
ederjakitea
ederki
ederlana
edermina
ederraho (gusto)
ederrantzea
ederraztia
(Rapsodoa)
ederrera
eder eredua (canon)
ederretsi
ederriritzia
(kritika)
edersuma (Estetika)
edertu
edertzalea
Eder
antzederra
ederbeharra
ederbidea
elederra
egia
egiantza (vero
egiazale
egidirdaia
egimuin
ezagut-egia
izan-egia
agerbeharra
aitorbeharra
aukerabeharra
begirabeharra
beharbada
beharra
behartasun
behartsua
ederbeharra
eginbeharra
erdibeharra
indarbehartu
mugabeharra
norabeharra
oharbeharra
zertarabeharra
on
onantza
onartzen
onbera
on betea
ondasuna
ondo
onerakoa
onetsi
ongailu
ongi
ongura
on indarra
onlanak
ontasuna
onturrea
onturrezkoa
ontzat
onua (aholkua)
onura
onurakor
onurazko
onzalea
adibide
adiera (expresión)
adieragin
adierazi
adierazia
adierazizko
adierazpena
adierazpidea
aditzea
adieraztea
adikizuna
adimena
adimuga
(definizioa)
adiskide
aditu
aditza
aditzapena
(ulerpena)
aburua
buru
burujoku
burua
buruantzea
burubidea
buru-gorputzak
burukeria
buruso
burutakizuna
burutapena
buruziria
buruzki
etorburua
habeburua
helburua
iturburua
lehenenburu (‘printzipea’)
Beste termino batzuk, exhaustiboki emango ez ditugunak, Orixek berak azaltzen ditu testuan barrena, hala nola:
aingeruki :
daimon aitortasuna :
clasicismo
aldizkako
gertariak : crónicas arimaalda :
metempsychosis
asmakeriazkoa:
conceptuoso Asmanahia:
conceptismo
atsekabe
kanta : elegia bakargertariak :
monografías
begiztapena :
intuición berdinjoa :
equilibrio
baterajoa :
harmonia bizigertariak :
biografías
dagokiona eta
egokia : decet eta decorum Eztai kanta :
epitalamium
gerorako :
futurista gizagurenekikoa :
Heroica
harantzagoko :
ultraista higineurria :
ritmoa
igarkizunzale :
parnasiarra ihardule
arerioa : antagonista
ihardule
nagusia : protagonista ihardunaldi: actos
Ihardunantze: arte
dramático ihardunlagun:
personajes
maisunahia:
pedantería mintzoantzea :
eloquentia
oraintsuko :
modernista oroitzapenak :
memorias
sorkai : criatura sorraldia : inconsciencia
Exonomastikari nagokiola, izen bat beraren aldakiak bateratzerakoan testuan gehien ageri zen forma hautatzea izan da irizpidea: Akileu, Kikero, Aristotel, Horatius, Ovidius, Zeus, baina Doniane Gurutzeko, Strabon eta Fray Luis de León. Camoes zuzendu egin dut, Gamoes baitzekarren. Laburdurak autoreak eman bezalaxe utzi ditut: Phaedr., Glauk., eta abar.
Bi motatako oharrak daude: Orixerenak eta argitaratzailearenak. Orixerenak ere bi motatakoak dira: erreferentzia egitekoak (gehienak), eta azalpenen bat dakartenak, terminoren bat-edo argituz. Azken hauek batzuetan testuan bertan zetozen parentesi artean, eta geuk eraman ditugu orripetara. Erreferentzia oharrak ez ditut ikutu, berak eman bezala daude, ez dut bibliografia lanik egin bere aipuak osatzeko asmoz, batez ere oso zaila bailitzateke zein ediziotara jo beharko genukeen jakitea, adibidez, Fray Luis de Leónen kasuan.
Argitaratzailearen oharrei dagokienez, alde batetik Andima Ibinagabeitiarena dugu, bere zuzenketa bat azaltzeko jarria (“aitor” > “jator”), eta bestetik neure oharrak daude. Ibinagabeitiarena, jatorrizkoan bezala, orripean ageri da, eta nireak, berriz, testuaren ostean. Bi motatakoak ditugu hauek ere: batzuk erreferentziazkoak dira, testua Euzko Gogoako zein lekutatik ateratakoa den esateko gehienetan, eta besteak, berriz, argibideren bat emateko, adibidez Orixek Lizardiren testua aipatzen duenean zeintzuk zati utzi dituen eman gabe argitzeko, edota geure hautaketa ekdotikoren bat azaltzeko (Ovidius/ Obidius, Horatius / Horatio, Baxenabarra / Behe Nafarroa, etab.). Beraz, testuarekin doazen oharrak, zenbaki arabiarrez emanikoak, Orixerenak dira denak (Ibinagabeitiarena izan ezik), eta testuaren bukaerakoak, aldiz, neureak.
Oro har atalak ordena kronologikoan badaude ere (hau da, argitaratu ziren hurrenkeran), zenbait aldaketa egin ditut gaia atxakia hartuta. Dena dela, testu multzo bakoitzaren hasieran orripeko oharrez adierazi dut nondik ateratakoa den parte hori. Jarraitu dudan multzotze logikoaren arabera bost ataletan antolatu dut testua :
1. Lehen multzoan autoreak Estetikaz eta ederraren esanahiez dihardu. Hemen gehienbat disziplinaren izendatzeaz ari da : estetika, kalologia, kaloestetika eta antzea. Bere proposamena sendotzeko latinetiko eta grekeratiko estetikaren definizioez baliatzen da: “forma” berba behin defendatuz gero, “antzea”rena berez dator.
2. Bigarren multzoan Estetikak tradizio filosofikoan erabili dituen beste kontzeptuez arituko zaigu : ederra, ona eta egia, labur esan.
3. Hirugarren multzoan Estetikaren helburuari ekingo dio: berrikusketa historikoa egingo du (Greziatik Crocerenganaino), eta interesgarria suertatuko zaigu gerraurreko poesiak zuen kezka agertuko duelako, hots, artea arteagatik ala gizakia hobetzeko tresna gisa.
4. Laugarren multzoa. Berau da artikulu erreskada honen muina: sorketa prozesua, zelan sortu artelan bat, zeri begiratu inspirazioaren bila, etab. Zoraldia edo rapsodoen “raptoa” etab.
5. Azkenengokoan sailkapen praktikoak emango ditu, apur bat nomenklaturaz kezkaturik, beti ere bere garaiak eskatzen zion bezala. Edertasun moduak, arte motak eta kritika edo irizpideak hartuko ditu mintzagai. Proposatzen dituen neologismoetako batzuek iraun digute, beste batzuek ez, eta hirugarren batzuk, berriz, nagusitu ez baziren ere, baliagarri izan dakizkiguke gaur egun, horien beharra sumatuz gero.
Orain azalduko dut zelan eragin dion antolaera horrek artikuluen ordena kronologikoari:
—"Eder Eta Antze", EG,
Hemen azpiatal hauexek doaz, jatorrizkoan bezala:
Edersuma
Ederraz Zenbait adiera
Ederrari beste zehar begiratu bat
—"On Eta Eder", EG,
Hemen azpiatal hauexek doaz, jatorrizkoan bezala :
Ederra gauzen kera
Antzera egitea
—"On Eta Eder", EG,
Artikulu hau “On eta Eder” multzoaren azpiatal bihurtu dut. Berau baino lehenago beherago jarri dudan beste bat zetorren jatorrizkoan, arteak beharko lituzkeen jomugen gaineko aburu historikoez diharduena, geroago azalduko dudanez.
—"Egi ta Eder", EG,
Artikulu hau “On eta Eder” artikuluaren segidan dator ale berean (ikus orrialdeak), guk azpiatal bihurtu dudana.
—"Antzearen Jo‑Mugaz Aburuak", EG,
Artikulu hau, gorago esan bezala, bigarren “On eta Eder” baino lehenago zetorren (ikus alearen zenbaki eta datak). Nik atal nagusi bihurtu dut. Hauexek dira jatorrizkoan dagozkion azpiatalak :
Grezia
Erromatarrak
Platondarraioak
Erdi Mendean eta Pizkunde Mendean
Oraintsuko Mendean
—"Antze Eta Eder", EG,
Artikulu honen aurretik beste bat zegoen, sorkuntzari buruzko taldean (hirugarrenean : “Maite eta Eder”…) sartu dudana. Hura albo batera utzita, esan behar dut oraingo artikulu hau goiko atalaren (“Antzearen Jo-Mugaz Aburuak”) azpiatal bihurtu dudala. Bestalde, izenburua ere aldatu diot. Izan ere, artikuluak “Antze eta Eder” du berez izena, baina nola artikulu ugarik daramaten izen hori bera, adierazgarriagoa iruditu zait daukan azpitituluaz aipatzea: “Antzearen jomuga edo, aurpegiz norabait”.
—"Antzea Bere Jabe", EG,
—"Antze Eta Eder: Croceren Argibide Bikaiña", EG,
Artikulu honek bi azpiatal ditu :
Croceren Argibide Bikaina
Argitasuna
Azken azpiatal hau lekuz mogitu dut, egin dudan aldaketarik bortitzena: hurrengo kapitulura, bat behera, eraman dut, “[Zoraldi eta Argialdi]”ko lehen azpikapitulu bihurtuz, sorkuntzaz ari baitzen.
—"Antze Eta Eder", EG,
Hauxe da jatorrizkoan “Antzeren jomuga,…”ren aurretik zetorren artikulua. Izenburu generikoa kendu diot (“Antze eta Eder”), eta sorkuntzari buruzko multzoan sartuz, bere azpiatalen tituluak erabili ditut :
Maite Eta Eder
Erdibeharra
Zoraldi eta Eder
Multzoak daraman izen generikoa neuk jarri diot Orixeren berbak erabiliz, horregatik doa kortxete artean, [“Zoraldi eta Argialdi”].
—"Antze Eta Eder: Argialdia Barnemin Aldia", EG,
Artikulu honi dagozkion azpiatalak hauexek dira :
Argialdia, Barnemin aldia
Erdialdia
Fr. Luis de León
Izadiaren Ukitua
—"Antze Ta Eder", EG,
Artikulu honi dagozkion azpiatalak hauexek dira:
Begiztaldia (begiratu soila)
Batasuna
Irakurtzea
Beraz, multzo hau osatzeko hiru artikulu oso eta azpiatal bat erabili ditut
—"Antze ta Eder (Azkena)", EG,
Hauxek dira artikulu honi dagozkion azpiatalak :
Zenbait Ederrera
Antzegisak
Ederriritzia
Azpiatal hauek osatzen duten kapituluari ere neuk eman diot izena, horregatik kortxeteak.
Beraz, bi zutabe egingo ditut erakusteko zein litzatekeen Euzko Gogoan agertu zen hurrenkera (ezkerretara) eta zein den neuk emanikoa (eskoean).
|
JATORRIZKOA |
NEUREA |
|
Izadian Gauza Ederrik Bai Ote? Ederrari Beste Zehar Begiratu Bat ________________________________________ Antzearen Jomugaz Aburuak Erdi Mendean Eta Pizkunde Mendean On eta Eder Antze Eta Eder Antze eta Eder Antzearen Jomuga edo, aurpegiz norabait Antze Eta Eder _______________________________________ |
Eder eta Antze Edersuma Izadian Gauza Ederrik Bai Ote? Asmatuzko Ederra Ederraz Zenbait Adiera Ederrari Beste Zehar Begiratu Bat _______________________________________ On eta Eder Ederra Gauzen Kera Antzera Egitea On eta Eder Egia eta Eder Eder Eredua Antzearen Jomugaz Aburuak Grezia Erromatarrak Platondarraioak Erdi Mendean Eta Pizkunde Mendean Oraintsuko Mendean, Hegel. Antzearen Jomuga edo, aurpegiz norabait Antzea Bere Jabe Croceren Argibide Bikaina [Zoraldi eta Argialdi] Argitasuna Maite eta Eder Erdibeharra Zoraldi eta Eder Argialdia, Barnemin Aldia Erdialdia Fr. Luis de Leon Izadiaren Ukitua Begiztaldia (Begiratu Soila) Batasuna Irakurtzea ________________________________________ [Ederrerak, Antzegisak eta Ederriritziak] Zenbait Ederrera Antzegisak Ederriritzia |
Ormaetxea’tar Nikola
Eder eta antze du lantxo honek izena. Asmoz zabalago zen, izanez gertatu den baino. Estetikaz egin diren lanik zentzuzkoenen laburtzapen bat egitea gogoak eman zidan aurrena, baina alde batera gai ugariegia eta bestera libururik ondoan ez, ederraz eta antzeaz naiz mintzo, horietaz diren abururik hartzekoenak gogora ekarriz. Gai horiekin batean, saihets antzean bezala estetikako zenbait xehetasun ukitzen baditut ere, oraingoz ez dut lan osoa egin betarik.
Baumgartenek asmatutako estetika hitza, euskaraz Edersuma esan, zenbaitek ez dute onartzen, eta kalologia esan nahiago dute, ederraren legeak zein eta diren agertu behar omen ditu eta. Ez naski; ederra zer den eta nola den aztertzea ez ezen, ederraren suma edo aztarrena hartzea ere berarekin baitu ikasgai honek. Horretaraz geroz, osoago litzateke, nik uste, kaloestetika esatea, eta horretara egoki nahi nuke nik euskararen hitza: edersuma. Orain arte inork ez du euskaraz gai hau urratu, eta hitz onenik eta besterik asmatu. Nire hitz hau —besteez ere esana bedi erabat— ez da, baldin bada, hain egokia; baina zuloa baino zarpa hobe baita, bestek hoberik asmatu arte balio beza behintzat.
Erdaraz arte esaten diotenari guk antze esan beharko, Nafarroako hitz zahar baten bidez. Antze hori, ederra agertzea, hots, antza agertzea deritzot. Latinez ederrari pulchrum zeritzon arren, beste izen batez formosum, antza duena, formam habena zeritzoten; itsusia, aldiz, de-forme antz-gaiztokoa. Hortaz ederrak eta antzak badute ikuskizun. Antzea, ederra agertzea baldin bada, ederra zer eta nola den aztertu beharra daukagu lehenik.
Hark-honek adimuga edo definizio bakoitza asmatu dute ederra zer den adierazteko. San Tomasek "ikusiz atsegin ematen duena" dela dio, eta, erabat esan, "adimenari atsegin zaiona". Ederraren ondorioari gagozkiola, ondo esana; baina iturburura jo nahiz, ahaleginak egin dituzten haien artean, niri arako Platoni egozten zaion hura zait atseginenik: splendor veri, egiaren dirdaia. Platoni baino Plotini egoztea hobe, bi lekutan nahiko garbi adierazten baitu[1]. Ezagun-ezaguna delako ezin utzia da Agustin Santuarena ere: splendor ordinis, taiuaren dirdaia. Eta Plotinena beste hitz batzuez esan, "egiaren antz dirdaitsua", forma eximia veri. Berdin jotzen baitu splendor veri eta forma eximia veri esateak. Eta euskaraz antzak eta antzeak hitzerro bera baitute, eta latinez ere form-a eta form-osum senide baitira, splendor ordez forma erabiltzea komeniago zait, gero eder ereduaren bila gabiltzala (lo bello ideal esaten baitiote) latinez forma etorriko baitzaigu burura. Antzeratsu dio S. Tomasek ere: splendor formae.
Ederra, bestela adierazi, irudimenari[vii] dagokiona da, egia adimenari dagokiona den bezala. Latinezko beste hitz batek argi egiten digu: decorum esaten dute ederra esateko, eta "irudimenari dagokiona", esan baitut, quod decet phantasiam: dec-et eta dec-orum senide dira berebat, euskaraz "dagokiona" eta "egokia" bezala. Badira Artes Decorativas apaingarri huts deritzenak. Antzelan horietan ez dabil gizona gehiagoren bila. Etxagile batek etxearen habeburuetan ezarri ohi dituen orriek eta abar, edo artzain batek makil inguruan egiten dituen kirrimarrek ez dute egidirdai handirik azalduko.
Antz argia, dirdaitsua du ederrak irudimenarentzat, aditzapen soilak adimenarentzat egia bezala. Nahiz adimenez, nahiz irudimenez, ezin asma dezakegu nolabait antzik ez duenik, edozein ezaguerak zentzuengandik baitu jatorria. Hortaz, adimenak antzen baten bidez, nolabait esan, ditu bere ezaguerak, antz hori arimatar[viii] edo gogoantzeko bihurtzen delarik; irudimenak, ostera, zentzugaien antzeragokoa delarik.
Ederra berriz, bitarakoa da: jatorrizkoa eta asmatuzkoa, hots. Jainkoak sortua bat, gizonak egina bestea. Jatorrizko eder hori ere bitarakoa daiteke: sortzerik gabea[ix] eta sortzea duena. Sortzerik ez duenari eta duenari ezin eman hein bateko izena; bai ariora edo per analogiam. Sortze gabeko ederra Jainkoa da; batez ere, gizon egin baino lehen ere Jainkoaren hitza edo semea esaten zaiona, Jainkoak bere burua ezagutuz betidanik sortzen duena, Jainkoaren Errainua, "Haren izatearen antza, Haren ontasunaren ispilua" esaten baitiote Liburu Santuek. Jainko Hitz edo Errainu hau mugarik ez duena da, eta antza har dezakeen edozeren eredu edo antzatakoa. Forma formarum: antzen antza. Haren antza dutenek oro mugatua dute.
Lehen esan dudanez, sortua den ederra ere bitarakoa da: Jainkoak sortua, izadiaren ederra bat, eta gizonak sortua, hobeki esan, asmatua, antzelanarena, bestea.
Izadian aurkitzen ote da gauza ederrik? Hobeki esan, izadian aurkitzen ditugun gauza ederrak berenez ote dira eder, ala gure ezagueraz edertzen ote ditugu? Gure ezaguera baino lehen eder direla esan daiteke, gu sortu baino lehen ere Jainkoaren adimenak ezagutzen baitzituen. Jainkoak begiratu omen zien egin gauzei, egin eta berehala, eta oso ederrak aurkitu omen zituen. Latinez valde bona "oso onak" diote Liburu Santuek; baina LXXen itzulpenean kala lían "oso ederrak" aurkituko duzu. Euskaraz ere grekoz[x] bezala on eta eder berdin datoz. Jainkoagan egitea, begiratzea eta eder aurkitzea bat dira, baina guregan, giza hizkuntzan, egitea lehenik eta aurkitzea hurrenik. Berenez ere, Jainkoaren aztarrena eta urruti samarreko antza baitute, eder zirela esan behar gizonak ikusi baino lehen. Dena dela, gauzetan beretan eduz, hots, lore bezala ez balego ere, oinarri bezala edo hazi bezala badago behintzat eder hori. Nahiz Jainkoaren ezaguerak nahiz gureak, hazi hori loratu behar eta ere, sorkaiak eder direnik ezin ukatu. Esaten baita gaurko egunean, kolorerik ere ez dagoela gauzetan gure begi xarez kanpora. Kolorearen oinarria bakarra balitz ere, gure begiak eduratzen du bere barrengo xarean, eta kolorerik ezin ukatu nola edo hala. Nik uste, azkenik, gauzak berak direla eder. Koloreak ikuslea behar du, argia ere behar du, ilunbetan ez baita ezer ageri. Agustin Santuak bestera, argiari Regina colorum koloreen erregina esaten dio, berez kolore ez bada ere. Izadian ederra bere baitan badagoela esan edo daiteke. Zeru izartsua, lore landa, itsasoa, baso handi bat, urjauzi goi-goitiko bat (Zuberoako Santa Garazikoa esaterako) eta abar, nonahi, gizon guzientzat dira eder. Gizonak eginetan ere, etxe bat, eliza bat eta abar, guzientzat eder direnak badira, zenbait etxe eta zenbait eliza guzientzat hain eder ez badira ere. Herri bakoitzaren ohiturak eta hazibideak dakar zenbait gauza han eder eta hemen ez hain eder izatea; baita herri bateko bi gizonen aburua ere banakoa gerta daiteke zenbait antzegauzatan; baina aho batez eder diren gauzak, berak hala direlako dira eder naski.
Sortzezko ederra alde batera uzten dugula, asmatuzko ederra azter dezagun.
Asmatuzko ederra, hots, gizonak egina, antza ematea dirudi —mimesis antzinakoek Aristotelekin diotenez. Lehenik gauzen antza, eta hau ez baita aski antzegauza esteko, ihardunen edo eginkizunen antzederra agertzea; beste hitzez esan, gizonak beregan nolabait dakusan eder eredua antzbidez agertzea.
Antz hau, berez, ikusgarri diren gauzei egozten diegu; baina, begiei ez ezen beste zentzuei ere nolabait beren antza badagokie. Begiak ikusten du etxe bat, aurpegi bat, mendi bat, tarteko errainu gabe, beroriek baititu errainu, beren ertz eta mugarekin. Belarriak ere badu bere errainu antzekoa, errainu orde honen ertza eta muga begiena bezain garbiak eta sumagarriak ez badira ere. Orobat ukiak, usmoak, gustoak: dardarakoa, zirrarakoa, aztarrena, zantzua, nahi duzun bezala esan, baina errainu antzera jo daitekeena. Begienari batez ere, errainu esaten baitzaio, eta irudipenarenari, beste horienari ere ariora, per analogiam, errainu esan dakioke[xi]. Barrengo zentzuek, batez ere irudimenak, beren errainua badute, muga eta ertz garbiekin. Begiak itxita, nahiz ametsetan eta abar, irudipenez ikusten dugu errainu hori. Beste barrengo zentzuen errainuak, ariora, errainu esan daitezke, ertzik eta mugarik aurkitzen ez badiegu ere. Arimaren ahalmenetan ere ariora, ezagumodu hori, tarteko errainu bezala iruditara ohi dugu, eta areagoa, bikainagoa, ukiezinagoa, arimaren antzekoagoa, hots, arimatarragoa. Gure ezaguerak oro, mundu honetan behintzat, tarteko errainu zantzu horren bidez direla esan ohi da, egoki naski. Hortaz, adimenak ere, aditzapenik soilen-soilenean errainu zantzua behar du berez. Baita Jainkoa ezagutzeko ere, agiz. Belarriz atzematen ditugun antzelanetan ere, elederrean nahiz musikan, badira begiei ez dagozkien errainu edo antzak; baina errainu izenez esatea bidezko da. Ederra eta antzea gauza guzietan aurki daitezke, eta irudimenak nolabait argitzen baititu berenez errainurik ez dutenak ere, antzeak berez ez du mugarik bere gaietan: nolabait ager dezake adimenak ulertzen duen oro.
Antza duen edozer, antzegai da; eta antzik ez duen gauzari ere antza edo errainua eman nahiz, borroka[xii] du gizonak bere buruarekin. Guk ezin atxitu baitugu mugatutako antza duen gauza besterik, horretatik dator borroka hori askotan. Batez ere eder eredua errainu mugatuaren bidez erakutsi behar edo adierazi behar eta.
Antza hori zer den adierazteko, ez ditut gogora ekarriko jakintsuek asmatu dituzten adierak oro. Ederra "bizigauza da, antz bizia", dio Schillerrek. Antzeak "egia sumagarriro agertzea" duela asmo, esan zigun Hegelek. "Ereduaren agertzapen sumagarria", dio beste nonbait. Crocek gure egunotan "gauzen adieraztea" dela dio. Hizkuntzarekin nahasten du aldez eta ia osoz ere, adieraztea hizkuntzari baitagokio, batez ere. Gero mintzatuko naiz luzeago Croce honetaz, oso aiputan baitago, eta merezi baitu, egin lezakeen okerrarengatik.
Adierazte edo adierazpide hori ez baita bakarra, antzea ere ez da bakarra. Margoantzea, mukuluantzea, mintzoantzea, nahiz hizkuntzarena nahiz musikarena, horretatik sortu dira.
Geroago ikusiko dugu ederrak onarekin eta egiarekin baduela harreman; ez du, hortaz, adiera bakarra. Beste zerbaitekin ere ez ote? Egokitasuna eta edertasuna bat ote dira? Gauza bat ederki egina dagoela esateko, maiz esaten dugu egoki egina dagoela. Ahaidezkoa baduela ezin ukatu. Orizu, ordea, Platonek dioena:
«Eder izatea egoki izatea ote da? hots, zeribait dagokiona? Zer da ordea egokitasuna? Gauzak eder agerrarazten dituena, ala eder egiten dituena? Izan ez eta iruditzea, alegia eta gezur da, eta bila gabiltzan edertasun hori ez daiteke eder direnentz iritzi gabe. Egoki eta eder biak bat balira, ez litzateke gizonen artean eletarik edertasunaz, izanez eder diren gauzak oro iritziz hala bagenitu. Taiuek, egokierek, ederra sumagarriro agertu edo adierazi egingo dute, eta haren errainu daitezke; baina errainua ez daiteke behin ere gauzarekin berarekin bat jo.»[2]
Geroxeago Platonez.
Dagokiguna eta on zaiguna berdintsu dira, eta aldez ukitzen dute elkar, bat ez badira ere. Onurazko zaiguna dakar berehala on horrek, edota Nafarroa Beherean esaten den bezala, onturreak dituena, protxuzkoa. Ez dakar, ordea, nahitanahiez irabazizko onik. Bonus latinez “protxuzkoa” ere bazen, eta ederrak nolabaiteko onurarik dakarrenik ezin ukatu. Zenbait hizkuntzatan precioso esan ohi da oso ederra denean, eta balioari ezer begiratzen zaionik ezin esan; gauzagatik dirua emango litzatekeela, alegia. Gauza eder batengatik diruketak ematen dituenak —hartatik bizi den merkataria ez bada— ez du harekin aurrera irabazi nahi; bere buruari atsegin edo atseden eman baino.
Hizkuntzari gagozkiola, bonito ere esaten dute eder xumea denean, eta bueno edo on du jatorria. Latinez bene eta belle ahaide dirudite, hola esaten baita gauza bat ederki egina dagoela esateko. Guk ere euskaraz "ongiren" hurrena "ederki" dugu, on eta eder ahaidetzen ditugula.
Antzinago behintzat, on esateak ez zuen "gaizto ez dena" bakarrik adierazten. Gugandik urrun dauden mendeetan orain baino ahaideago ziren gauza horiek. Hortaz, Platon eta ez dira estuegi hartu beharrak, ederrari on-ura, on-turrea (guk herri honetan hezeasuna[xiii] esaten baitiogu), hots, protxua gogoratzen dutelako. Hartaraz gero, atsegin zaiguna ere on zaigu, protxuzko zaigu nolabait. Ederra eta onura bi gauza badira ere, elkar ukitzen dute mugaz.
On denaz gero luzeago, baina, guk euskaraz bezala, grekoek ere ardoari ederra esaten zioten: kalon oinon. Hortaz ederrean ez daiteke erabat haizatu onaren adierarik, irabazizko ona adierazten ez badu ere.
Egoki esan zuen S. Tomasek "ikusiz atsegin ematen duten gauzak" direla eder. Atsegin hori arimaren atsedena litzateke, ez irabaziaren atsegina. Esparik ez du eman behar ederrak, espak ez baitu atsedenik. Egiazko antzelana baldin bada, atsedena sortu behar digu barrenean: eder atsedena.
S. Agustinek "taiu dirdaia" esan baitzion, sorkai guzietan bada hurrenkera hori, taiu hori, burubide hori, txikitik handiagora, handiagotik handienera arte, guziei batasuna ematen dien Harengana iritsi arte. Baita, "egidirdaia" esan zuenari gagozkiola, egia bakoitzetik hurrengora eta zabalagokora, erabateko egiara iritsi arte; Harengan batasuna hartzen baitute direnek oro. Arian-arian, denek batera jotzen dutela esan daiteke. Nahiz dirdaiari edo argitasunari begira, nahiz taiuari begira, nahiz errainu biziari begira, guziek beren iturria adierazten dute. Hark egina baitira oro, Hura eredu dutela Harengan aurkitzen da argidirdai hori, eta hurrenkera edo taiu edo burubide hori: Jaungoiko Hirukoitzaren hurrenkera, eta ereduz Harengan dauden izaki guziena. Antz bizi edo errainu bizi hori zein beste iturritan aurkitu? Agustin Santuak irakurtzen zuen bezala "egin denik oro Harengan bizi baitzen."
Adieraztea edo aditzen ematea baldin bada, gauza guzien adierazpena duenarengana jo beharra daukagu. Gizonak sortzen duena edo irazaten duena baldin bada, gauza guziak irazan dituenaren antzera jokatzea da. Asma bezate gizonek, asma ahala, eder hori zer den edo zer daitekeen: eredura jo gabe ezin ezer adierazi. Han elkar bilatuko dute.
Gizonak egin ederra, sorkaietan ageri denetik antza hartua baldin bada, aldez, dagoen eran hura aldatzea iritsiko ez badu ere —ez baitio berezko bizitasunik eta izaterik emango— aldez hura garaitzea du asmo. Platonek ez zituen bi gauzok[xiv] behar bezala elkartu.
Azkenik, edertasun hori "gauzen arima" diotena baldin bada, sorkaietan Jainkoaren aztarrena eta asmatuetan gizonaren aztarrena da. Gizonari atsegin bailitzaioke, albait, ederlanean bere arimaren edertasuna agertzea.
Ederra ondorioz ezagutzen dugu alde-aldera, ez ordea jatorriz. Ederra zer den hainbeste eleta izan ondoren, adierarik hartzekoena hau asmatu dute: "gure ezagumenari atsegin ematen diona". Nahimena ere erdikide da, badu hartukizun atsegin honetan, baina ederrak ez du nahimena jotzen, ezagumena baino; eta honen bidez, honek gainezka eginda bezala, atsegin hartzen du nahimenak. Ederra, hari so eginez, begiratuz, atsegin ematen digun gauza da; ona, ostera, geuron baitan daukagunaren atsedena. Beraz, ederra lore bezala; ona zitu edo fruitu bezala.
Guziek gogo duten gauza da ona; id quod omnia appetunt. Hiru sailetan kidekatzen dute jakinzaleek on hori: guziz gaindiko ona, hots, luze-zabalean izatea adina dena; sortzez on dena; ohituraz on dena. Izadian direnak oro ongura dira; badute beren sortze joera appetitum naturale, eta beren neurrian betetzen dute ongura hori. Horien guzien onak dakar izadiaren baterajoa eta ederbidea. Gizonarengan ere hiru on, hala esan, aurki daitezke: adimenaren ona (egia), nahimenaren ona (ohitura ona), gorputzaren ona (atsegina). Hortaz, ederra ere, esan dugunez ezagumenari dagokion gauza baita, egiari dariola nolabait esan daiteke, egia eta eder ez dira bat, baina harremana badute. Bakoitzak beren muga bereiziak dituzte, baina, alboko direnez, muga alderdi bat biena dute. Gezurrik ez daiteke berez ederrik, egia areago nabari beharrez edo, beraizik esanez edo ez bada. Egiantza nahi luke behintzat, eta behar ere badu ederrak. On eta eder ere mugako baitira, obo bat hiru zati eginda, ikus ezazu hirurak mugako nola diren:

Guziek gogo duten gauza ona
bada, esan liteke ariora, guziek adierazten duten gauza ederra dela: id quod omnia repraesentant. Ez da
gauzarik, nola edo hala zerbait eder hori adieraz ez dezakeenik. Eza eta gezurra,
pekatua bera ere, dena eta egia eta grazia nabari beharrez, nolaerebait bihur
daitezke adierazte hori izatera. Agustin Santuak areago dio: Nulla foeditate universa creatura maculari
permittitur, edozer sorkaik ez darama ondo itsuskeriarik txikienaz
zikintzea. Grina txarrari ere eder dirudio bere joera. Den oro, kaxkarrena ere,
eder da ezaren aldean Quid amamus nisi
pulchrum? Ederra baizik zer maite dugu? Gauzek, beren izatez, errainuz
gaiez, biziz gainera, beste izate bat agertzen dute —antzelariak adierazi behar
die, behintzat— eta izate horri zenbaitek adieraztea
esaten diote, nahiz expresión nahiz simbolismo esan. Zer adieraziko dute
bada? —Beren izatez gaineko beste izate bat, sortzez eder direnak ere: guzien
izate eta iturria naski. Gizonaren egitez eder direnek ere, errainuz eta gaiez
gainera, beste adierazte bat ez dutenik ezin esan. Eta zer adierazten dute?
Gizona bera, gizonaren beraren aztarrena. Hori gutxienik; bestela ez lukete
izadiko gauza ederrek adina adierazte. Hori, ordea, ez daitekeena da. Zertako
ari da gizona izadiko ederra garaitzeko asmoz, aldez behintzat? Gaiez ez du
berdintzen inola, Platonek dioenez; beraz adieraztez. Eder ereduaren aztarrena,
goragoko ederra, iturburua nolabait daramana, alegia. Ederra "guziek
adierazten dutena" baldin bada, "guzia adierazten ere duena da".
Lehen esan dugunez, ez da ezer antzeak gai hartu ez dezakeenik. Izaki guzietan
aurkituko du hartarakoa denak adierazte hori. Hori agertzea dagokio
antzelariari, "egia sumagarriro agertzea", Platonek aztarrenari ondo
samarretik jarraituz Hegelek esan zuen bezala. Adierazte hori gauzek badutela
badakigu, baina agertu egin behar, edozeinek aditzeko moduan. Aditzea eta
adieraztea adimenari dagozkion gauzak dira, eta adimenari egia dagokio berez.
Hortaz, egia ere adimenari baitagokio, adierazte hori, edo berdin diona, eder
hori adimenari dagokio. Egia hori, ordea, argitu egin behar du antzelariak,
dirdaia eman behar dio.
Esan baitigu arestian S. Agustinek gaizto direnak ere onantzean, ederrantzean maite ditugula, esan genezake berebat gezur direnak ere egiantzean, ederrantzean maite ditugula. Hortaz, eder hori antza da; beste izen batez esan, gauzen kera da.
Ederra zeruetaraino jaso nahiz, zenbaitek egia eta ona baino areago dela esan dute, hedatuago dela. Ez naski. Ederrek ez ditu bere barrenean hartzen Egia eta On; haien kera denez mugatzen ditu. Kera aurpegiarena, begiena eta abar da; aurpegia, begiak eta abar ez dira kerarenak. Edertasuna egiarena, ontasunarena, izatearena da; izatea, egia, ontasuna, ez dira kerarenak. Kera ez da gauza bereizia, ez da izate bereizirik. Hortaz, ederra gauzaren muga da. Muga aurkitzea adimenari dagokio eta irudimenari. Egia berez garaiagoa da ederra baino; baina inoiz muga bat eskatzen du atzeman dezagun, kera, antza, edertasuna. Hemen dator borroka, adimenak mugak zabaldu egin nahi baititu eta irudimenak hertsi. Bai, askotan adimenak ezagutzen du mugabeharra eta irudimenari eskatzen dio.
Kera hori, muga hori, bitara jo dezakegu orobat: muga garbia berez ertzak ongi ageri dituena, eta, muga lainotsua. Bietarakoak hartzen ditu antzeak, margoantzean berean ikus dezakeguna. Elederrean ere baditugu Danteren irudibideak alde batera, eta Miltonenak bestera. Zenbait aldiz, gauzek berek duten kera garbia da ederrena, aurkituz gero. Guk egozten diegun kera ere, gauzan bertan aurkitzea hoberenik. Aurpegi bat, zuzenka begiratuz gero, ez da saiheska begiratuta bezain nabari. Zenbait aldiz gauzei ere saiheska begira behar diegu, gure irudimenari hobeki dagokion antza aurkitu arte. Izenez eta izanez muga dena, bukamuga, batez ere irudimenari dagokio; baina guk gauzan bertan aurkitzen duguna, agermuga, nahiz geuron burujokuz egozten dioguna, egozmuga, berebat dagokio adimenari ere. Horregatik, antzelanean bi kemenok elkarri lagundu egiten diote, batez ere bien aldera denean, bakoitza bere aldera ari denean. Bukamuga hori irudimenak berez usu aurkituko dio gauzari. Eta hau ederrena ez bada, adimenak berak zirikatuko du irudimena, saiheskarako edo beste muga egokiago bat bila diezaion; eta ezin badu, beste muga bat egozten lagunduko dio, egiazko antz lana eta antzelana atera dezan.
Belarriei dagokien kera ere zer den hemen adierazi behar genuke. Kera esaten baitzaio ariora, eta ederki esana. Artea, tartea —bere lehenagoko hitzez esan, aldea—, eta garaia, astia, irautea, —lehenagoko hitzez esan, aldia— dira kera horien guzien erabateko muga[xvi]. Alde-aldietan[3] jokatzen dira mintzoa eta musika, eta hor hartzen dituzte beren bakoizmugak. Soinua dute gai, nahitanahiez alde-aldietan gertatzen dena.
Soinu horrek hiru nola izate ditu: badu bere indarra, badu bere goi-behea, badu bere iraunaldia. Ez ditu, ordea, horiek aski bere kera bereizia, antza, antzea hartzeko. Behar du gainera hurrenkera; behar ditu noizbehinka aterguneak, ater hurrenak, hori baita rhythmus numerus esaten zaiona. Aurren-hurrenak nahitanahiez lituzke, atertu gabe ari izanean ere, baina hurrenkerarik ez, nam rhythmus in continuatione nullus est esan baitzigun Kikeronek. Eta mintzalari bat ez litzateke eder azkengabeko arnasa balu ere, etiamsi cui sit infinitus spiritus datus, holako ater hurrenik, higineurririk ez balu. Ez da aski ordea hurrenkera hau ere, soinuaren hurrenkera hau ere, aditzapenetan hurrenkerarik ez bada. El ritmo de las ideas esaten zaiona, burutapenen hurrenkera, ez da bat ere behar urrutiagoa.
Jakina, antzemotarik bikainena mintzoantzea dela esan daiteke; baina musikantzeak badu halako zorabide berezi bat, antzelan guzietan gehiena bezala erakartzen baikaitu. Hemen dute leku lehen esan d[it]ugun kera lainotsu horiek. Mugak eta ertzak garbi dituen gauzak atsegin ematen digu, baina baita iluntsuago dituenak ere. Alde batera, adimenari muga lasaiagoak uzten zaizkiola dirudi, guzia garbi esango balitzaio baino.
Itzazu Platonen zenbait hitz eder: "Har ezazu ispilu bat, eta jar ezazu alde guzietara. Jarri bezain laster, han egingo dituzu eguzkia, nahiz izarrak, nahiz zeure burua, nahiz antzelanak eta esan dugun oro"[4]. Izadiaren antzera egitea bakarra ez dagokio antzelariari, ez baitezake, lehenik, ispiluak adina ere egin: belar bizia, landare bizia, gizon bizia, ispiluak berak ere ezin egin, errainua eta mugimendua ezarri arren. Hartaraz gero, ispiluak antzelariak baino hobeto antza ezartzen dio izadiko edozeri. Hurrenik ez esan, izadiko landa-inguru edozeinetan dagoen guzia, antza zeharo ezin emanda ere, ahal daitekeen antza emanaz gainera, gizonak beste zerbait ezarri nahi ez dionik. Oharkabean agiz, bai, baina beste zerbait behinik behin. Antzera egiten hasita ez legoke atseden, ispilua baino motxago gelditzearekin. Platonek berak dio jende xehearentzat: "Jende xehea[k] igarri ahal diezaioke ederraren jatorria bat dela, eta eder diren gauzez beste dela?[5] Landa-inguru apain bat margoztatzen duelarik, margolariak hari antza ematea bakarra nahi duela nekez adieraz daiteke. Beste zerbait nahi du hark ere, ez baitaratu arren. Zerbait hori, adierazteko zail geldituko da beti, baina eder eredura nahia dela esan dezakegu. Platonek berriz:
"Sokrat.— Bizi al da egiatan, gauza ederrak ezagutu arren, Edertasuna bera bere baitan sumatzen ez duena, eta hartara eraman nahi duenari ezin jarraitu diona? Ametsa ala egia litzateke hori? Begira, zer da amets egitea? Ez al da, antzeko gauza gauzaren beraren ordez hartzea, nahiz lo nahiz esna dagoela?
Glauk.— Nik ametsari izen hori emango nioke.
Sokrat.— Zer ordea? ametsa ala egia dirudizu, aldiz, Ederra bere baitan dagoela sinesten duen haren bizitza, eder hori begiztatuz, nahiz berez eder den gauzan, nahiz ederraren izatea darion hartan, eta Ederra bera gauza ederren ordez eta gauza ederrak ederraren beraren ordez behin ere nahasten ez dituen haren bizitza?
Glauk.— Haren bizitza egiazkoa dirudit"[6].
Antzegileak berebat, bizitza hori bizi behar du, eta horretatik jario behar zaio antzelanean antzaz gaineko beste zerbait hori. Platonek ostera:
"Bai, Adiman maite, izanez den hutsaren begiztaldian ari denaren begiak ez du astirik gizonen iharduerara jaisteko, ez haiengana gorrotoz eta saminez betetzeko; aldiz, harreman eta burubide bera duten gauzetara begiak zorroztuz, eta behin ere elkarrekin nahastu gabe, arrazoiaren eta burubidearen legepean daudelarik, albait, haien bateratasuna antzerazten eta beregan adierazten ari da. Uste al duzu inor, harrituz eta maitatuz zerbaitengana hurbildu daitekeenik, haren antzeko izaten ahaleginik egin gabe?
Sokrat.— Ez daiteke."[7]
Bestera esan daiteke, gizonak bere aztarrena antzelanean utzi nahi lukeela ere, ohartuz nahiz oharkabe. Ez ordea bere egia, haren antzelana ez bailitzateke guziekikoa, antzelan bikainak eskatzen duen bezala. Edozein gizonek, antzelan hori ikustean, bere buruaren aztarrena nolabait ezagutu behar du, eta gizonek oro ederra dela diotenean, orduan izango du giza aztarrenik handiena eta guziekikoa. Gizonak, ordea, beraz gaineko zerbait atzematen du antzelan gain-gainekoetan behintzat. Eder eta On bat ez badira ere, eta ederrak ona asmo ez badu ere, ona dario. Eta nolanahiko onak eta ederrak ez gaitu asetzen, ez eta nolanahiko antzelanak ere; baina asetzen gaituenean, behin ere aspertu gabe hartara itzultzen garenean, ezagutzen dugun onik handiena sumatzen dugu, eta ezagutzen duguna baino handiagoa aztarrenatzen dugu: on iturria bera, hartara nahi isil bat bihotzean sortzen zaigula.
Bakoitz denaren muga urratu nahia dugula esan baitut lehen, bakoiztasunean aurki daitekeen antzea edo ederra ere, guzierako muga zabalagotik datorkigu. Antzelariak, bere aztarrena baino zabalagoa ezarri behar dio antzelanari, giza aztarren guzizkoa, albait, eta giza aztarrenaz gainekoa. Bakoiztasunari uko egite horretan, gizon antzelaria eta santu Jainko ikuslea berdintsu ditugu: bakoizkako oro alde batera utziz, erabateko den harengana jotzen baitute, batak ohartuz, besteak oharkabe. Bide horretan ez ditu ezerk ere saihesten: ederra eta ona, beste mugarik eta asmorik ez dute, beste saririk nahi ez dute. Nahiz santutasunak nahiz edertasunak, beren-berenez eragiten eta erakartzen dute; eta santuaren santutasuna nahiz antzelariaren ederlana begi ematen dituenari, berebat gertatzen zaio. Beti ordea, haietan ezagutzen dugun ona eta ederra baino areagoa igartzen diogu, erabat santu eta erabat eder den Harengana aztamuka goazela. Horretatik dator ederrak guri besteren esparik ez ematea. Esparik eza behar omen da ederlan bati so egitean edo begiratzean, eta gauzak hala dakar.
Eder ez da Egia, ez On, bai bien arteko edo jarioko. Adimenak egia du jomuga, ez berez gezurra; nahimenak ona, ez berez gaiztoa; atsemenak, nolabait esan, ederra. Egiantza eta onantza, arlo zabalagoan dauzkagu egia eta ona baino, zentzuen menpean baikaude. Hortaz, gezurrantzera eta gaizto antzera eragin diezagukete gaizki heziz.
Egiantzean eta onantzean daukagu eder iturria, Egia eta On lehen direla. Onetik eta Egiatik ez datorke gauza gaiztorik; egiantzetik bai gezurra, onantzetik bai gaiztoa. Egian eta onean geuron adimena eta nahimena nolabait ikusten ditugu. Hobeki ikusi nahi ordea, eta egiantza eta onantza duten gauzez ere balia nahi, geuron burua, geuron barrena ongi ikusi nahiz. Ez naski geurekoikeriaz. Askotan besteren antza hartzen dugu, batez ere onean. Egite bikain askoren jabe geurok izan nahi genuke.
Jainkoak egin ederra eta guk egin ederra hein batetsuan ikus ditzakegu. Jainkoak egin ederrik oro, Bere aztarrena du beti, gauzarik kaxkarrenetan ere. Zenbait gauzatan, guk ederren deritzegunetan, ispilu ere bai, ganduzko samarra izan arren. Antza bai behintzat, ad imaginem et similitudinem eginak baikaitu. Jainkoak ez dezake Bere ispilu garbirik aurki, beraz kanpo atera dituen gauzetan; bai ordea aztarrena. Guk ere, geurok egin gauzetan, batez ere antzelanetan, geuron aztarrena bila nahi dugu eta, ahal bagenu, ispilua.
Gizonak ez dezake antzegauzarik sor, bere buruaz beste dituen gauzez balia gabe. Bere buruaz besteko gauzetan isuri behar du bere antza eta antzea ere. Jainkoaren antzekoa da honetan. Jainkoak beregandik kanpora mundu hau eginki, bere buruaren antza —urrutitxokoa bederen— ezarri zion.
Eder
eta On elkarren lagun handi direla agerbeharrik ez dugu. Hortaz, ederlanak eta
onlanak —ohitura onak— elkarren kide daitezkeela aitortzea ez da handi. Ez
omen, ordea, zenbaitek esan digutenez: antzegauzak edo ohiturak ez omen dute
ikuskizunik edo harremanik. Antzelanak edo ederlanak bere burua omen du
begiramuga, eta, beraz, ez omen da beste ezeren eta inoren mendeko. Gero
azalduko baitut l'
Hemen "beraz" dioenak ez du bere denboran logikarik ikasi, edo ahaztu egin zaio. Antzea eta ohitura bi gauza direla. Egia handia. Zeren eskubidez atera daiteke, ordea, beraz elkarrekin harremanik ez dutela? "Hau eta hau bi gauza dira, beraz elkarrekin harremanik ez dute" esan al daiteke? Ederra gauza bat da; bere mugak baditu. Ona beste gauza bat da, bere mugekin; baina ez al dira auzoko samar? "Ardo hau ona da" dioenak, zerbait dio; "ederra da" dioenak ez du lehengoarenik ukatzen, hemen ona eta ederra elkarrekin harremana edo ikuskizuna duten gauzak baitira. Hortaz, beraz, "ona" eta "ederra" bi gauza izan arren, harremana badukete. Adieraz dezagun astiro.
Ni bat naiz eta neure aita beste bat; badugu ordea biok harremana. Ni gizon bat naiz, zu beste bat zara; baina, senide edo adiskide ez izanik ere, biok harremanak baditugu, gizartean bizi garenez gero. Zuk zeure eskubideak dituzu, neureekin eta beste gizonenekin mugatuak ; nik neure eskubideak ditut, zureekin eta beste gizonenekin mugatuak. Hor kalean topo egiten dut zurekin, eta ni ezkerreko espaloitik baldin banoa, zuri bidea zor dizut; eskuinekotik, zuretik, baitzoaz.
Har dezagun gizon bat. Urlia mendizale da, eta baita kristau ere. Mendizale izateak, goiz-goiz igandean ere mendira egurastera igotzeko agintzen dio; baina kristau izateak lehenik meza entzutea agintzen dio. Mendizale izatea eta kristau izatea, bi izate ditu, baina bi izate horiek badute beren eskubidea eta beraz harremana gizon batengan.
Ni bat naiz, eta idazten ari dudan luma beste bat: oso besterik. Hala ere harremanik ez dugula nork esan lezake? Luma eta tinta ere bi gauza dira, oso bi gero; bata zurezko, hezurrezko, urrezko edo gogorra behintzat; bestea isurkaia, uraren antzekoa. Nork esan ordea ikuskizunik ez dutela? Lumaren, tintaren eta nire artean, hiruron artean atera dugun letra, gugandik oso besterik da. Nork esan, gurekin harremanik ez duela? Hortaz, gaizki esana dago, gauza bat eta beste gauza bat oso bana direlako, ikuskizunik ez dutela. Ondore hori, logikarik ez dakienak ateratzen du.
Gizon bat bera argitzen du egiak, jasotzen du ontasunak, pozten du edertasunak. Burua eta bihotza behar ditu antzelanak egiteko eta haiei atseginez begiratzeko. Ez da bada handi, Egia, On, Eder, gizonagan etxeko izatea.
Antzelanak badute ikuskizun gizonaren bihotzarekin, hots, nahimenarekin; nahimena ordea ohitura legeen mendean dago; beraz bai eta antzelana ere.
Esan beza nahi duenak: "jakintzak ez du ikustekorik ohiturarekin; matematikak nahiz filosofiak ez du harremanik ohiturarekin". Bedi; buruari, adimenari soilik baitagozkio; antzelana ostera, bihotzari, nahimenari ere badagokio, gizonaren atseginerako baita, eta atsegina nahimenera sartzen den gauza da. Jakintza egia bila baldin badabil, antzea atsegin bila. Beraz eder denak, atsegin denak, antzelanak, badu harremanik ohiturarekin.
Jainkoak egin gauzak, eginak direnez, elkarrekin harremana badute, guziek Jainkoa baitute azkenmuga. Gizonak ez ezen, gizonak egin lanak ere badute beren begiramuga, nahiz gizona bera, eta haren bitartez Jainkoa, nahiz bitarterik gabe, Jainkoa.
Egia, On, Eder, gizonak hiru etxeko eta barrengo ditu. Gezurra ez daiteke berez behin ere eder izan, ez eta gaiztoa ere. Gizonak sortu ederrak egiantza behar du. Ederrak onantza ere behar du. Gaiztakeria berez ez da edergarri, inoiz ontasuna areago nabari beharrez edo ez bada. Egiantzak zenbait aldiz gaiztakeria ere agertzea eskatzen du, ez ordea hartara eragitea. Gezurra ere, barre eragiteko edo, edergarri daiteke zenbait aldiz.
Egia eta ona ditu gizonak beharrenik. Ederra horietatik sortzen da nolabait. Egia eta On dira ahizparik nagusienak. Eder ahizparik txikiena dute, alaba ez, bada. Egiaren eta onaren erdian bezala dakusat nik ederra: bien dirdaietik sortua. On eta Eder, ahizpa ez badira, ama-alaba dira, eta alaba horrek ama horrengandik bular gozoa hartzen du. Ederrek ez du asmotzat edo jomugatzat Ohitura. Hala da; baina zuzen begiratzen ez badio ere, zehar begiratu bat ematen diola inork ezin uka. Nire ustez, egiazalea berez bikainagoa da edertzalea baino; onzalea areago. Homer baino Aristotel handiago; biak baino Xabier areago. Egia bera zenbait aldiz eder da; ontasuna areago.
Ederrak egiarekin harremanik baduen ikusteko, azter dezagun bien adiera edo adimuga. Gauzen izana eta gauzen egia bat direla diote jakintsuek, hots, badela izan egia, gauzen egia (veritas rerum) gauzei berei dagokiena, izanezkoa, alegia. Horretatik gero gure baitako egia, ezagut-egia, hots, ezagumenaren eta ezagut-gauzaren arteko kidegoa, antza. Nahiz bat eta nahiz bi, bere ditu ederrak; are gehiago, egia direnak ez ezen, egiantzeko direnak ere bai. Horregatik esan zuen Aristotelek, antzeleak gertajakintzak[xix] baino arlo zabalagoa duela.
Ederlanean, gizonak egindako ederrean, gutxienik ikusten duenak ere hau ikusten du: "izan ere hala da", hots, gauza honek izan-egia badu. "Horretxek bai berbera dirudiela", "bai ederki adierazten duela", eta abar. Izanean denaren antza, errainua ikustea da aurrenik, baina baita gutxienik ere ederlanean: hori da egiaren dirdairik ahulena. Egia honekin bakarrarekin ez gaude erara, ez gaude atseden; gorago zerbaiten bila goaz.
Margolari batek ez du atsedenik, antzaz gainera beste zerbait antzagai hartutakoan ipintzen ez badu. Fotografiak behin-behingo errainu bat ateratzen dio gizonari, ordu-orduan atzematen duen bezala, eta ez oso jator, agiz jarri egiten baita. Noiz nahi ere, denik jatorrena aterata ere, orduko une hura bakarra errainutzen du, ez erabateko errainua, giza ariurri eta guzi agertzen dituena. Hau gogo du, albait, margolariak. Berebat besteeneko antzelanetan ere, gauzaren beraren errainuz gainera, beste zerbait ezarri nahi diogu antzelanari, lan hori landa-inguru bat besterik ez balitz ere. Han ipini nahi du antzelariak bereki zerbait eta egiazko antzelariaz mintzo garenean, hau holakorena da eta hori halakorena, bereizten ditugu, gizon baten beraren antzirudian ere. Hala ere, batak bestearena zeharo aldatu ere egin dezakete, norberaren ehunera edo olara.
Zer ezarri nahi diogu bada antzelan bakoitzari, gauzaren beraren egiaz gainera? Beste egia bat areagoa, beste adierazte bat ezkutuagoa. Holako antzelan holakorena dela nahitanahiez diogunean, antza baino zerbait gehiago badu lan hark, inolaz ere. Zer ote da zerbait hori?
Bakoizkako gauzetan agertu beharra daukagu antze hori, eta berebat, bakoiztasun hori kendu nahi diogu, guzierako zerbait ezarriz. Hemen gure borroka. Antzea irudiari dagokio batez ere, eta irudia bakoizgauza da; baina bakoizmuga hori urratu nahi dugu beste aldera, guzierako egiteko. Irudimen-adimenek beren aldera egiten dute: irudimenak argitu egin nahi, mugatu egin nahi, adimenak guzierako bihurtu nahi. Adimenak askotan laguntza eskatzen dio irudimenari, adikizun soila argitzeko; baina bere jabetasunari eutsi egiten dio, irudimena aski ez dela antzemanik. Muga hori zabaldu egin nahi luke, beregandik irten nahi luke, gorago jo nahi luke poz handiagoaren bila, bera berez mugatua dela ikusiki. Irudimenak eta adimenak elkarrekin harremana badute, nahiz elkarri laguntzeko, nahiz elkarrekin borroka ari izateko; berebat, ederrak eta egiak ere, inoiz elkarri laguntzeko, inoiz elkarrekin borrokatzeko. Borroka horretan, ordea, biak aterako dira nagusi antzearentzat.
Gizonak, itsasoaren aurrean esertzen delarik, aurrena bakoizka bezala ikusten ditu gauzak; begira egonez eta egonez, ordea, galtzen edo du bakoitz aztarren hori, eta guzia erabat begiratzen du. Hortik sortzen zaio halako barne zirrara leun bat, mugagabearen aztarrena litzan gisan. Olatuen marrua, harkaitzean lehertzen direneko zurrumurrua, haizearen xixtua edo ziztua, hara eta hona dabiltzan txalupak nahiz antxetak, luzaro gabe erabat sumatzen ditu, zerumugara begira dagoelarik. Egoera erdi sor horretan, nahiz gauzak nahiz berak, bakoitz aztarren hori galtzen dutenean, barren-barrenean gozo eragin bat sumatzen du, gorago deitzen diola. Gizonak orduantxe aurkitzen du bere burua txiki; bere arteko borroka isiltzen zaio, eta bere burua handiago sumatuz, gorago nahia sortzen zaio. Bere buruaz gain den gauzaren bila hasten da ezarian. Egia handiagoa gogo du.
Gain-gaineko antzelanari ere hori dario. Izanean den errainu hutsak ez du asetzen; izaki bakoitzaren egia bakarra ez zaio aski; bakoitzaren muga barrenean ez du gelditu nahi guzierakoa sumatu gabe.
Egia bakoitzetik alde eginaz, egia guzizkora bidean hasi gara. Egia guzizko hori azken-azkenean bakarra da, eta hartara jotzen dugu oharkabe. Sumatzen ditugunak oro, askotsu direla eta, guzien batasuna bilatu nahi dugu, eta haiengan bilatzen ez badugu ere geurok ematen diegu batasun hori. Izadian batasuna aurkitzen dugu askotasunean ere, eta hau argitu beharrik ez dago; baina, gauzak geurok garen bezala egiten baititugu, eta geurok bat baikara, ezagueraz batasuna ematen diegu. Egoki esanik utzi zuen Fr. Luis de Leonek[8]:
... "gauza guzien on betea, eta batez ere ezaguera dutenena, bakoitzak beste guziak bere baitan edukitzea da, naski; eta bat izanik, albait guzi haiek izatea; honetan hurbiltzen baita guziak bere baitan dauzkan Jainkoagana. Eta honetan areago eta Hari hurbilago, Haren antzeko egiten delarik. Antz hau da, hala esan, gauza guzien erabateko iturburua, eta sorkaiek oro beren bihotz galea bidaltzen duteneko jomuga."
"Gauza guzien on betea, hortaz, gu bakoitza mundu betea izatea da, guziak nigan eta ni guzietan gaudelarik, eta nik haien guzien izatea izanik eta haiek oro neure izatea izanik, munduko izadia guzi hau elkartu eta lokarritu dadin, eta hainbeste gauza banak batasuna har dezaten, eta nahaste daudela nahas ez daitezen, eta asko izanik ez daitezen, eta begien aurrean askotasun hori eta banatasun hori hedaturik eta zabaldurik ere, batasuna guzien gain bere erregina aulkian garai eser dadin. Hori baita izakia Jainkoagana hurbiltzea. Izate bakar, bakarki, bikain hartatik dario izaki honi, hiru nortasun baititu, eta uler ez daitezkeen bikaintasunak azkengabe."
"Gure on betea, diodanez, hau baita, eta bakoitzak bere on betea gogo baitu, eta izadia ez baita urri gure beharrezko nahiak estaltzeko, bestetan bezala honetan ere, ikusteko arduraz hornitu gintuen. Alegia, ez baitzitezkeen mukulu lazkarra duten gauzak guregan bata besteren gain egon, bakoitzari, bere izateaz gainera, beste antzizate bat eman zien, ilaunagoa, eta nolabait hartatik sortzen dena, harekin gizonen adimenean bakoitza egon eta bizi zitezen guzietan eta guziak bakoitzean. Eta beren izate lazkarrean bakoitzak bere lekua eduki arren antzizate hartan, asko, nahasi gabe egon zitezkeela erabaki zuen, leku batean, elkarrekin, eta handiago dena, norbera une berean alde askotan egon zitela.
"Ispiluekin gertatzen denak garbi adieraziko digu. Ispilu asko biltzen eta aurpegi aurrean ipintzen baditugu, bakarra den aurpegiaren errainua, bat bera eta une berean errainutzen da bakoitzetan; eta haietatik, errainu haiek oro, nahasi gabe, begietara bihurtzen dira, eta ispiluei begira dagoen haren arimako begietara. Hortaz, gauzaz oro bizia eta izatea badute gure adimenean, ulertzen ditugunean..."
Gauzen antzizate horiek antz batetik datoz gauzetara eta gugana, aurpegi bat ispilu askotara bezala —esan baitugu lehen Jainkoa gauzetan nolabait ispilutzen [dela]— eta batasun honekin guzien iturburura goaz gauza bakoitzen mugak urraturik: ereduaren bila.
"Esazue —dio Doniane Gurutzekok— zuengandik igaro al den", eta sorkaiek erantzuten diote: "mila edergarri isuriz lehiaka igaro zen zuhaitz ibarrotatik, eta begira zihoala, errainu hutsarekin, bere edertasunez jantzirik utzi zituen"
Mil gracias derramando / pasó por estos sotos con presura; / y yéndolos mirando, con sola su figura / vestidos los dejó de su hermosura.
Grezian, aurren samarretan mimesis esan zioten antzeari, hots antzera egitea, batez ere Aristotelek. Antzera egite honetan, aukerabeharra aurkitu zen, antzea kaxkartu eta lizundu ez zedin. Gauza guziak antzetara ezin ekarri, ez baitute egidirdairik hartzen egia izanik ere. Eta beste zenbait gauza, eder itxurakoak izan arren, ez dira antzeragai, lizuna berekin dakartelako. Horretatik sortu ziren atseginzaleak, antzeari inon mugarik ipini gabe edozein atseginorde nahiz gorputz atseginorde hartu zutenak. Eder atsegina atsedena izan behar badu, zer atseden dakarte holako atseginek, espa eta kezka besterik ez bada?
Hurrena gizabidezaleak agertu ziren: antzea ez dela, alegia, edozer atseginetako eta atsegin hutserako; irakasteko, gizabiderako, eta batez ere gaztedia ongi lantzeko baino. Aristofanek garbi adierazi zuen: "haurrentzat maisuak direna[k], gazteentzat poetak direla"[9]. Berak egin bertsoetan baditu ugari hala ere, ikasbide eta hazibide txarra ematen dutenak. Aristotelek ere, musika hazibide onerako dela dio[10]. Gauzok, jakina, gizabidea, gaur esaten den bezala "landubidea" berekin dakarte, edo hori darie, asmo ez badute ere. Mende askoz gero etorri ziren humanista edo gizabidezale izena asmatu zutenak. Estoarrak ere aribide hau egotzi zioten antzeari. Strabonek Eratosteneri buruzki[11] antzea, atseginaren bidez, gaztediaren landubiderako, ohitura eta eginkizun onetarako dela dio. "Horregatik, poesia beti landubidearen sail bat izan da. Gizaki on ez dena ez daiteke izan poeta on".
Gai honetan araurik ozta eman zuten. Horatiusen[xxi] "Epistola ad Pisones" zaion ihardun hartan zerbait aurki daiteke horregatik: Aut prodesse volunt aut delectare poetae. Onurakor izatea edota atsegin ematea du poetak asmo. Beste nonbait berriz:
«Omne tulit puntum qui miscuit utile dulci, / lectorem delectando, pariterque monendo».
Azkenbertso honetan dioenetik, atseginez gainera irakastea aipatzen du, hau ere onerakoa baita. Zenbaitek zorrotzegi hartu dute utile hitz hau; ez du ordea nahitanahiez irabazizko onik adierazten, soil-soilik 'onerakoa' ere bai, eta hitzaren erroari gagozkiola uti(bi)le, 'zerbaiterakoa'.
Platondarraioek, beste izenez Platonberrizaleek, Plotin izan zuten guraso, Erdi Mendetik oraintsuko mendeko mugara arte. Hauen[xxii] ustez, antzeak Jainkoarekin harremana izatea du asmo: On betea den Jainkoarekin bat egitea, beren burua zorioneko egiteko. Horretatik eman diote mistiko izena sail honi.
Plotinek ederki dioenez, ederra batez ere ikuskizunetan datza, baina baita entzunkizunetan ere, hots, hizketan eta musikan. Sumaz gaindikoetan ere bai, hots, eginkizunetan, ohituretan, jakingaietan, on-ihardunetan. Zerk egiten ditu edersumaz gaindiko gauzak eta suma daitezkeenak? Ez naski lekukide izateak, simetriko izateak, osoaren ariora. Gauza itsusietan ere lekukideak aurkitzen baitira, eta baitira gauza bakarki ederrak, hots neurgai ez direnak. Hortaz, eder eta lekukide bana dira. Ederra, gure izateari dagokiona, zerbait gure dugunez ontzat hartzen duguna omen da; itsusia berriz, gure izateari oker dagokiona. Gauza ederrak gure arimaren ahaide dira, dio, eta batzuk eta bestea ere eredutik sortzen dira.
Ederra, antzatua dagoena da, dio; itsusia, ostera, antzgabea: berez antza hartzeko gai izan arren, edo hartzen ez duena, edota antzak oso mendean daukana. Sumagauza oro eder da, ez berez, ereduak argi egiten diolako baino. Gorputz ederra, Jainkoaren edo Ereduaren erdikide delako da eder, hots, Harekin harremana duelako. Edertasuna Ereduaren errainua, hots, Jainkoaren errainua da. Argia eta sua baitira, dio, gaidunetan ereduaren antzik handiena dutenak, eta sumakien artean gogoantzeko edo gogaki antzekoenak, edertasuna horiek barratzen dute ikuskizun diren gauzetan. Edertasun hori sumatzeko, arima garbitu egin behar dugu, eta barnean daukan eredu horri eragin. Hezitasuna, sendotasuna, zuhurtasuna eta beste on ihardunak oro ez al dira garbikuntza aztiak dioenez? Honela, arimari, sumagauzak ikustekoaz gainera, beste begi bat agertzen zaio Jainkozko edertasunari so egiteko, hots, On denari; zorionik handiena iristeko nahitanahiezkoa. Apurtxo bat labur dezadan, izadian dagoen edertasuna, gure ariman dagoen eredua da, dio; hau baita eredua izadiko edertasun guziren iturri bakarra.
Ezer gutxi kenduta neure egin nezake Plotinek dioena. Ederra eta antzea guri dagozkigun gauzak badira, egoki dena eder da (euskaraz ere ez dute hitzok alde handirik). Lan egokia nahiz esku egokia esan ohi duguna, antzezkoaren ondo-ondoan dabil. Betiko mugak ezinbereizia darabilgu. Antzegabea, antzekaitza, moldagaitza diogu ostera, antzerik edo egokitasunik ez duenarengatik.
Gauza ederrak arimaren ahaide direla dio. Hau irakurrita ez ote zuen Hegelek atera arako hura: arima errainutu behar duela gauza guzietan antzaren tartetik?
Antzeak daitekeena antzeratzen omen du, ez izadian dena. Irudimenaren bidez, batez ere. Sokratek, Parrasiu margolariarekin mintzo dela, margolariek gorputz banetatik gaia hartzen dutela dio, beren gizairudiak egiteko. Zeuxis margolariak Elena margoztu beharrekoan, Krotonako bost neskatxengandik irudi zitzaiona hartu omen zuela esaten zuten antzina. Fidiasek, Jupiterren mukulu irudia egiten zuelarik, ez omen zuen, Kikeronek[xxiii] dioenez, izanezkotik ezer hartu; bere baitan zeukan eder eredu bati begiratuz ordea.
Erdi Mendean Dionisi Areopagita delako haren adierak zabaldu ziren, hots, mistikozaleenak. S. Tomas Aquinokoak antzearen iturri Hirutasuneko bigarren Pertsona egin zuen, Aitaren aditza denez (imago expressa Patri). Honen bila ibiliak dirudite Platon, Plotin eta gure sinesterik ez zuten besteak, Eredura jotzen zutenean. Ez da harritzekoa S. Agustin eta beste katoliko asko hain Platonzale izatea.
Baina batez ere, Erdi Mendean[xxiv], antzearen ikaskizunera edo landubidera jo zuten berriz, orduko ohiturazko eta erlijiozko zegozkiela. Docere delectando, atseginez erakustea, zioten gehienek. Atseginez, alegia, egia eta on izen soilik entzun nahi ez dutenentzat, ezin dutenentzat, ez dakitenentzat, haiei atsegin bidez gaiztotik eta gezurretik alde eragiteko.
Pizkunde Mendean[12] antzea gizabiderako, landubiderako delako aditzapen hau nabarmentzen da. Ederrari eta antzeari buruz ez da irakaskizun hartzekorik sortu.
Antzinako Estetikaren guraso Aristotel den bezala, oraintsukoaren guraso jotzen dute Hegel. Honen Estetika behar bezala adierazteko, ulertu ere egin behar da, ezkutu samarra baitarabil: Erabatekoa, Eredua, Agertzapena, eta abar, luzeago ihardun gabe ez daitezke aditzera eman. Gizon askojakina zen; Platonengandik eta Plotinengandik, Aristotelengandik, bere aurreko guziengandik asko baliatu zen bere aldera ekartzeko eta nahasteko. Eskolastiko zeritzen jakinzaleen ezaguera ere ez zuen makala, bere aldera okertu bazituen ere. Aditzapen mugatuen arloan omen daude, lehenik Antzea, hurrenik Erlijioa, goienik Filosofia, kaxkarrenez aurrera. Hortaz, Filosofia guzien buru, atzetik Erlijioa, azkenik Antzea. Eder eta Egia bat omen dira aldez, eta bana bestera. Egia «eredua bere baitan» omen da, erabateko etorburu; baina Eredu horrek ez baitu beregan sumakizunik, sumatzeko moduko agertzapena eman behar omen zaio, eta orduan bihurtzen omen da eder.
Hegelen Ereduak Platonenaren kutsu apurra badu, besterik bada ere. Eredu horrek bere baitan izatea baduela dio Platonek; Hegelek ere izatea egozten dio, aldez ezaren ondo-ondokoa, baina aldez, diren guzien etorburua, nola edo hala. Izatea eta eza berdin jotzen ditu, eta osin honetatik ateratzeko, beste izen bat asmatzen du: werden, euskaraz izateratu, edo gure lapurtarrek Hegel baino lehen bilhakatu esaten baitzuten. Holako oinarriekin ezin harri-etxe bizkorra egin, kartoizkoa baino. Gauza guzientzat nola edo hala maratilak eta adierazpideak izanik ere, Filosofian huts handiak ditu. Aburu arloan Estetika ahula du, baina antzelan bakoitza aztertzean oso suma bizia du. Itzazu Menéndez y Pelayoren hitzok: "Behin ere ez zituen artean inork hain jabetuz eta hain begi zorrotzez aztertu agoten arkitektura, grekoen mukuluantzea, italiarren eta holandarren margoantzea, Homeren epopeia eta oraingo ihardunantzea.[13]
Ereduzaleen hurrena izadizaleak etorri ziren. Izadizale on izan balira nonbait hor; izadipeko, hots, gordinzale izan ziren, hobeki esan, batez ere Zolarekin Frantzian.
Aurpegiz norabait gaude beti, esatea zozokeria bada ere. Holako zozokeria askok egiaren bidera ekartzen gaituzte, ordea, hitz ezkutuetan eta burutapen ezkutuetan nahasirik gabiltzala. Aurpegiz norabait gaudela bipil eta biribil ukatuko duenik ez bada ere, badira alde-aldera hori edo holako zerbait beste hitzez esan dutenak, eta jakintsutzat dauzkagunak hala ere. Geurok ere ez gaitezen oilartu geuron esanari beti eusten diogula eta. Behar bada, gu baino jakintsuagoren bat etor daiteke, aho batean bi mingain ditugula esanez, hots, lehen hitz batzuekin hau esan genuela, eta orain beste hitz batzuekin haren aurkako zerbait esan dugula.
Gure egunotan oso zabaldurik dago esaera galgarri hau: "antzea antzearentzat" 'el arte por el arte'. Adierazi dezagun zer daitekeen eta nola aditu behar den.
Erdarazko
por honek adiera asko ditu (hamar edo
hamaika bai) eta horietan bat du nahitanahiez esaera honetan. Nik ez dut ordea
neure gogara adituko. El fin inmediato
del arte es el arte mismo, esan zigun Menéndez y Pelayok, eta Kanten la finalidad
Antzea zertako den galde egiten dugu hemen. Gauza bat zertako den erdaraz pararen bidez adierazten da, ez poren bidez. Janaria indartzeko da, mingaina mintzatzeko, aulkia esertzeko, eta abar: para sustentar, para hablar, para sentarse. Gaztelerako por hau hemen, frantsesen pouretik gaizki itzulia bezala dago.
"Ezertako
ez den zertakoa", La finalidad
Direnak oro badute beren zertako izana, zertarabeharra, norabeharra, filosofiak erakusten digunez. Jainkoak nahitanahiez ezarri zien Berari zegokion asmoa edo zertarakoa, hots, zertakobait egin zituen. Asmoren bat izan zuen haiekin, eta haiek asmo hori ez ezagutu arren, zertakobait eginak dira: Jainkoa dute azkenmuga. Izakiok badute orobat beren arteko jomuga edo helburua, eta gizona dute —munduan ageri direnek behintzat— albomuga: omnia subiecisti sub pedibus eius, oves et boves... insuper et pecora campi, volucres caeli et pisces maris...: gizonaren oinenpean ezarri dituzu direnak oro: ardi, behi, larreko ehizea, haizeko hegazti, itsasoko arrain. Areago, bizirik ez duten gauzak. Jainkoak hainbeste eta hainbeste gauza gizonarentzat egin baditu, gizonak zertako egiten ote ditu berak eginak? Bera baino gutxiago denarentzat?
Antzelana berak asmatu eta berak egin du. Beretzat naski. Gizonak ordea, eta beste edozerk, azkenmuga Jainkoa du, gauza guzien hasiera eta muga Bera baita. Universa propter semetipsum operatus est Dominus. Hargatik eskatzen die Jainkoak Bera edertu dezatela: Aingeru, zeru, gizon, ur, eguzki, ilargi, izar, euri, ihintz, su, hotz, izotz, elur, gau, egun, argi, ilun, tximist, hodei, mendi, muino, hazi, iturri, ibai, itsaso, arrain, hegazti, ehize... bere osperako eginak baititu. Egin zituenean, Hari begira gelditu ziren; hala esan. Gizona Bere irudiko eta antzeko egin zuen, Jainkoari begira, besterik ez bezala. Ovidiusek[xxvii] ederki adierazten du: os homini sublime dedit, caelumque tueri iussit... Bizirik ez duten zeru-lurrak, eta Jainkoa maitatuz Haren begiztaldian dagoen santua, oro dabiltza Jainkoaren ospe bila, oro beren azkenmuga bila. Izaki guzien jomuga Jainkoaren ospea dela filosofiak garbi erakusten digu. Direnek oro beren buruaz beste mugarik dute. Ez daiteke ezer bere buruaren begiramuga izan. Gauzek norabeharra, zertarabeharra, jomuga, helburua —hitz askoz bat esateko— aurpegi bezala dute, aurpegiz norabait daude. Aurpegiak ez du beregana begiratzen, beti besterengana, zuzen begiratzean behintzat. Bere aurpegia ikusteko ere, besteri, ispiluari begira behar dio. Gauzek norabehar hori begi bezala dute, eta begiak beraz besterik ikusten du.
Antzea
diogunean, antzegilea (el artista)
nahiz antzelana (la obra
Bere burua jomuga edo begiramuga duenik ezer ez da mundu honetan, eta ez daiteke izan. Guziei beste zerbaitek eragiten die, bere buruaz bestek. Izatekotan, Jainkoa bakarra liteke bere buruaren jomuga; ez ordea bestek eraginda ari dena, ez baita eraginbera eta aldabera gu bezala. Inora gabe eta ezertara gabe, Berak du bere baitan izabiderik aski[16]. Gauza bat bere buruaren jomuga dela esatea sasifilosofia da, edozeinek esana bedi. Aurpegiz, begiz, besterengana gaude, ez geurongana.
Menéndez y Pelayoren hizkera bakarra jorratu dut, eta beste zenbaiten eta askoren aburu okerra.
Gaurko antzehiztunen kezka guzia honetan datzala ematen du: antzea ez dela inoren eta ezeren menpeko; bera dela bere buru, bere jaun eta jabe. Jakina, antzelanetan agerbeharreko nabarmenkeriak honela erraz gainzuritu baitaitezke. Liburu bat daukat gogoan, Benedetto Croceren Estetika, gezur hori baitu egimuin. Gazteleraz emana da, eta Unamuno euskaldun aipatuaren hitzaurrea du.
Por primera vez —dio Unamunok— he visto aquí la doctrina del arte liberada de la doctrina de la lógica, de la ética y de la psicología, aunque con ellos conexionada[17]
"De la doctrina" esan beharrik ez zegoen, baina ulertzen dut zer adierazi nahi duen Unamunok[18]. Nik behintzat ez dut holako gauzarik ikusi hor, eta egia berririk asmatzen ez duela garbi argituko dizut, irakurle.
Bi sail handi ditu liburu adinak: azterketazkoa eta historiazkoa. Azken sail honetan badu onturrezkorik, egilearen iritziz erantziz gero; lehen sailean ez du asmakai handirik asmatzen, buru zorrotz agerturik ere.
Croceren burutakizuna adierazi baino lehen, zenbait ezagukizun agertu behar dizkizut. "Ezagupidea bitarakoa da —dio Crocek— adimenezkoa eta irudimenezkoa, hots, buruak burutapen soilak edota irudipenak sortzen ditu"[19]. Irudipenez erantzia den aditzapenari aditzapena soil-soil esaten dio; irudipenez argitua denari, ordea, begiztapena, intuición, begiz bezala ikusten baitugu. Begikalduz, begi kolpez, begi ziztaz bezala dakusagun aditzapenari "begiztaldia" esaten diogu; baina "irudipen" ere esaten zaio berdintsu direlakoan. Crocek berak, begiztaldi hori adierazteko, irudipenak dakartza beti adibidez. Euskaraz ohituago baitzaude "irudipen" entzuten "begiztaldi" baino, ni ere hola mintzatuko natzaizu, honetatik okerrik ez datorrelarik.
Antzea irudimenak sortua dela esan ohi da, eta irudipenezko gauza batik bat, antzelanean burua zenbait aldiz bestela ere jokatu arren. Irudiz adierazten dugu zentzu guzien egitekoa. Ikusten dugunaz "hola dirudit" esan ohi dugu; entzuten dugunaz ere "hola dirudit" (basoan ontz urubia ala ardi marraka denik oso ez dakigunean); usmatzen dugunaz "hola dirudit" zer usain den oso ez dakigunean; aho sapaiari ere hola dirudio, eta ukiari ere bai. Hortaz, irudipen izenez zentzu guziekikoa adierazten dugu, ez begiekikoa bakarra.
Saihetseko agerbeharrak alde batera utzita irudipen hori, begiztaldi hori omen da antzea, eta irudipena burutapenetik bereiz edo erauz omen daitekeenez gero, bere jabe omen; hortaz, antzea ere bai. Hona hitz bitan haren adierazpidea. Antzea berriz, buru barneko irudipen hori omen, handik atera gabe.
Irudipena burutapenetik bereiz daitekeela eta bere jabe dela adierazi nahi duenean, adibidetxo batzuk dakartza, ez baitute adieragin handirik. Arrazoidunetan neke da jabetasun hori adierazten —arrazoigabeek ez baitute irudipena besterik— buru arian behintzat, hitz bat eta bestea arretaz edo jakintzarauz mugatzen ditugunean zeharo bereiz baditzakegu ere. Gauza bat da burutapen saila, bai eta oso besterik irudipena; baina arrazoidunak berezko joera ezin itzuriz, irudipen horiei burutapena erauntsi ohi die —edota aldez— beste. Zuk ur garbitan sartuta zegoen arrauna hautsia zegoela iritzi zenion lehenengo aldiz, hala irudi baitu. Begiek hori ikusten dute, hori irudi zaie, eta honetan ez dago gezurrik. Gero, zuk buruz hola irizten badiozu, iritzi okerra asmatu duzu. Bizialdi guzian hori ikusten ari den itsasgizonari ere hori dirudio beti, aldioro iritzi okerra zuzendu behar badu ere. Iruditzea bat da eta iriztea beste bat, maiz bat bezala jotzen baditugu ere. Iruditzea irudimenari dagokio eta iriztea adimenari, buruari. Erdaraz ere horretara ari izan ohi dira. "Parece" esan ohi dute nahiz irudiarengatik nahiz iritziarengatik. Begiei hola dirudie, "así se les figura" esan behar litzateke hartaz hitz egitean, figura horretan ez baitago gezurrik. Iruditzea eta iriztea gugan dauden bezain bertan daude irudipena eta irizpena ere. Crocek erauzi al dezake irudi horretatik iritzi deritzon burutapen hori, nahiz adibide horretan nahiz beste askotan?
Gainera, lurralde inguru batek, bereiz margoturik dakusagun arren, mugako lurren oroipena eta burutapena osotara kenduko al dizkigu? Neketan.
Bedi ordea; irudipen hutsa guregan bere jabe bedi. Zer horretatik? Irudipen soil hori baita antzea Croceren iritziz, hori bere jabe litzatekeelarik, antzea ere bere jabe litzateke, ez ezeren menpeko. Ez eta, diot nik, ez eta irudipenik lizunena ere, hartan astiro kokatzen ez garela, eta eginera gabe uzten dugula, ez da ohitura legeen menpeko. Honetara bihurtzen da Croceren zalaparta guzia. Berak ere hola dio garbi eta zabal: "Oker legoke, barneko irudipen hori bere jabe dela eta, eginera ateratzen delarik ere bere jabe dela aitortzea. Antzeak, buruz kanpoko antzelanak, onerakoa eta ontasunerakoa bere esku ditu, guk etxeko gauzetan eskubide dugun bezala".[20] Antzelanaz digu bada guri axola, oraingoz, antzelariak buruantzerik ederrena eginera gabe utzi bazuen ere; eta antzelana egin duten antzelariak baino antzelari handiagorik balitz ere.
Orpoz orpo ez natzaio jarraikiko Croceri, aburu oker horren artean ohar zuhurrak ere baititu, usteak eta ustemusteak ere bai noizbehinka, eta luzatu egin baininteke bakoitzak berez gezurtatu ditzakeen gauza horiek xehakatzen. Hau harritzekoa: Unamuno jakinlari handi horrek ez baitio haizkora errora keinatu, adarretara baino.
Zertako duzu hortaz Estetika? zertako, gauza hauetaz mintzatzea? Antzelarientzat bakarrentzat? Haientzat ere, haien buruko asmakizunentzat eta ez haiek egin lanentzat? Horietaz ez mintzatzez gero, alperrik gabiltza. Aristotel baino filosofo handiagoren bat, Homer baino poeta handiagoren bat izango zen naski ezer idatzi ez dutenen artean. Eta buru barreneko gauzetarako soil-soilik ari bazara, ederjakintza ez baina ohitura jakintza edo aterako duzu. Antzea bere jabe dela eta zilegi zaiola hortaz ohitura legeetatik alde egitea. Baita irudipenik lizunenari ere zilegi zaio eta bere jabe da, soil-soila eta eginera gabekoa baldin bada.
Crocek bere burua Metafisikaren aurka agertzen du[22], eder ezaguera Metafisikari baitagokio, eta Crocek ez du "eder" hitzik aipatzen ahaleginean. Nahaspila eta ezinbereizia sortzen omen dute holako hitzek. Ez, nik uste, ongi ulertzen badira. Edozeinen Metafisikak eta edonongo Estetikak neke baitute ederrezaguera ematea, ederra zer den adieraztea, edozeinek bere baitan suma dezakeen gauza delarik ere.
«Horregatik[23] egoki alde egin uste dut eder izenetik, irudipenaren agerkera den bezala adierazteko. Argitasunak eman ditudanez gero, eta oker ulertzerik aurrera ez daitekeenez gero; bestela berriz, aitorbeharra baita, nahiz hizkera arruntean nahiz filosofian, eder izen hau xuhurtuago ulertzeko joera dagoela, nik ederra hitzokin mugatzea zilegi nuke: "adierazte guzizkoa", edo, hobeki esan, "adieraztea" soil-soilik; adierazte guzizkoa ez izanik ez baita adieraztea.»[24]
Crocek darabilen expresión ere bitara har daiteke: "hizketa (honekin berdintzen baitu antzea, Gramatika eta Estetika berdintzen dituelarik), eta adieraztea. Baita zenbait aldiz buru hitza, aditza, species expressa seu verbum mentis ere. Zenbait aldiz nahasi ere egiten ditu; baina haren expresión "adieraztea" esanez euskarara daiteke eskuarki. Begiztapena (irudipena), adieraztea, antzea, erdaraz esan intuición, expresión, belleza, arte, berdin jotzen ditu Crocek.
Unamunok aitortzale biribila dela egozten dio Croceri, eta bidez egotzi ere. Zenbait aldiz harroputz samarra ere bai, ikus daitekeenez. Neure ustez, eta egiazale zorrotz den edozeinen ustez, aitortu besterik ez du egiten bere azalkizuna. Aitortzea bat da; arrazoiztatzea besterik.
Azter dezagun bada oso-osorik Croceren arrazoibidea, berekiena dirudien horretan.
Agerian ipini dugu —dio Crocek— antzea antze denez, onuraren nahiz ontasunaren nahiz beste edozergandik bere jabe dela[25].
Hobe
zenuke gizagaxo horrek! Hala da, baina ez zuk diozulako. Liburuaren
Margolari batek ilargi garbi errainuz ematen digun zirrara, geografo[xxxi] batek zirriborroz ateratzen duen lurralde ingurua, musika samur nahiz bizkor bat, lirika hasperen zenbait, eguneroko eskabide bat, agindu bat, zinkurin bat, eta abar, irudipenezko gauzak izan daitezke naski, haietan aditzapen zantzurik ere ageri ez dela.
Argibide bizkorra! Berak ere izan daitezkeela baitio. Crocek, nik uste, ez du iritziko irudipen hori, begiztapen hori, behin-behingo begi zizta hutsa; baita luzexeago so egitea edo begiratzea ere. Nola aldarazi gauza horietatik oroitzapen oro, aditzapen soilak oro, buruzko harreman oro, irudi hutsa dakusaten animaliekin berdindu nahi ez bagaitu? Hola jarraitzen du:
Adibide horietaz dena dela (hara!), gizon landuaren irudipenik gehienak aditzapenez ernariak direla aitortuta ere (horra!) badu gu oharbeharragorik eta arrazoi zapalgarriagorik. (Ikusten!).[26]
Hamahirutatik sei lerro itzuli ditut; ikus beste seiak:
«Irudikizunez nahaste aurkitzen diren adikizunak, nahasita daudenez gero, ez daitezke adikizun iritzi, beren jabetasuna galdu baitute. Adikizun izan ziren, baina orain irudigai huts bihurtu dira».
Hots bada! Arrazoi bitxia! Irudikizuna eta adikizuna elkar nahaste badaude, aditzapena irudipenarekin eta irudipena aditzapenarekin nahaste egongo dira naski. Hori zozoak ere badaki; Croceri ordea bestera deritzo. Hortaz, adikizuna irudikizunari lotua, eta irudipena aditzapenari lotua. Ez hala ere, dio Crocek. Zergatik ez? Adikizunak, nahaste horretan bere jabetasuna galdu egin omen duelako. Eta zergatik ez irudikizunak? Ez digu Crocek adierazten. Orizu: hemendik begiratuta aurrez aurreko espaloia kalearen beste aldeko hura baldin bada, handik begiratuta ez al da hau aurrez aurreko espaloia izango? Berdintsu esatea da, nahitanahiezko harremana baitute elkarrekin. Irudikizun horiek ez direla adikizun nahasirik daudelako? Bai; adikizun argituak, irudiztatuak. Nahaste horretan irudikizuna bereiz eta jabe gelditzen dela agertu behar liguke Crocek, eta orain arte esanetatik berdin atera daiteke adikizuna ere bere jabe gelditzen dela. Baina ez bat eta ez bi adierazteko antzerik ez du izan Crocek. Argitasun guzi hori dakar gero maiz liburuan, izar horren argitara bidaltzen gaituelarik! Hitzik isildu gabe itzuli dut euskarara argibide oso hori. Eta Unamunok obra de segura y robusta filosofía deritzo liburu honi[27]. Ze bildotsa Unamuno!
Eta behin eta berriro argibide honetara jotzen du, zeharo arrazoiztatu lukeen gisan.
"Jabetasun hau gabe ezin hitz egin liteke —dio[28]— antzearen balio bereziaz, ezin asma ere liteke Estetikarik, nahitanahiez antzearen jabetasuna eskatzen baitu”.
Baina Crocek jabetasun hori, menpeko gabe hori, ez baitu adierazten, ezin hitz egin diezaguke bere Estetikaz.
Nolabaiteko gizon hauen betiko kezka antzearen jabetasuna da, ez egiazkoa, okerrekoa. Crocek zeharo bereizten du gehienez bere liburuan buruantzearen Estetika eta buruz landako antzearena; baina behin baino gehiagotan batetik bestera burruntzalia sartu ere bai.
Haize putza! Zertako esan zuen lehentxeago[30]:
horregatik, irudipen bat aukeratutakoan, gogoeman daiteke oraindio zeini, noiz, nola azaldu; protxuaren eta ohituraren legepean sartzen baitira azalduz gero?
Utzi bezaie[xxxiv], bada, bakean Estetika bestera aditzen dutenei, eta bere Estetikaren oinarria sendoago ipin beza, dagoen bezain kolokan utzi gabe.
Hortaz, irudi lizun bati buru barnean so egitea, ez begizizta laburrez, ez da gaiztorakoa antzelariarentzat, eta beura gaiztorakoa gertatzen da buruz landa ikusten dutenentzat? Jakinlari argia! Unamunok ilustre filósofo napolitano deritzo. On degiola!
"Ohitura legeak, antzearen jabetasun hori ontzat ematea behar du asmo, horri mugarik zabalenak utziz"[32].
Ohitura legeak ez du txartzat ematen, gauza lizun bati, ezeren ondorenik gabe so egitea; baina ez Crocek nahi duen bezain muga zabalak emanez.
"Nolanahi ere —dio[33]— ez luke lekurik Estetikaren iturburura jotzeak[34], hartatik antzelarien gaiztoeza ateratzeko, bere irudipenak ateratzean lizunkerien saltzaile izanik, gainekoen atsegin ustelei ederresten badie, eta jende zarpailei plaza agerikoan bitxi lizunak saldu baimena ematen bazaie. Auzi hau poliziari dagokio; bestea norberaren barneari"[35].
Arrazoi du Crocek. Croceren Estetikan, barneko irudipenaren Estetika baita, ez du lekurik, ez du eskubiderik, kanpora agertutako lizunkeriak. Bai ordea, ustez, barnekoak. Beti berera dator, hots, antzearen jabetasuna argiturik utzi duela. Eta Croce gora behera, lehen bezala gelditzen da auzi hori. Antzea bere jabe da, bai (ez Croceren arrazoiengatik), giza lan denez giza legeen menpeko dagoelarik ere.
Behin esan: Crocek irudipena aditzapenetik bereiz eta bere jabe dela aitortzen du; baina ez du gauza den argibiderik ematen. Eguzkia baino argiago erakuts baleza ere, irudipen hori, irudipen soil den bitartean, ez dago ez ohitura legeen menpean, irudipen lizun bat ere ez baitago —mila aldiz esan— leku ematen ez badiogu, eta eginera atera asmorik ez badugu. Zer kontua! Buru barneko antzea bakarra omen da antzea, ez buruz kanpoko antzelana. Hau balitz, ohitura legeen menpean omen legoke. Hau da Croceren irakaskizun harrigarria, berria.
Guri ez digu besterik axola: antzelana ohitura legeetatik bere eskuko ote den ez ote den. Croceren argitasunez lehen bezala gelditu gara. Hobeki esan, berak ere menpean dagoela aitortu digu, adieraztea ez badagokio ere. Bai, antzejakintza eta ohitura jakintza beren jabe dira, bi jakintza bereiz dira —Unamunok dioen la doctrina del arte eta la doctrina de la moral hori— baina antzea ohituragandik bere jabe dela esatea oso besterik da.
Antzegileak ederlana egin aurrean izaten duen aldiari argialdi esan geniezaioke. Argialdi horrek, berebat, hiru gune edo txanda ditu: lehena, ezagumenari dagokiona, buru lana, hots, adimen-irudimenen lana; bigarrena, barnemin aldia, hots, ederbeharraren gaiak antzelariari barrena ukitzea, zirrara ematea; hirugarrena, erdialdia edo erditzea bera.
Galde egin genezake, lehenengo atalari dagokionez, edozein gizon antzelari daitekeenentz. Kikeronez gero batez ere, hark esan baitzigun poetam natura ipsa valere, hots, berez behar duela Bilabonakoa, hala ere, nik uste, berezkoari ez ezen hazibideari ere asko zor zaiola. Zenbait gizon, berenez sorrago dirudite, baina ernatuz gero, gizon ohartu bihur daitezke. Aurrena behar d[en] gauza da ohartu izate hori. Nork ez du irudimenik eta adimenik? Horiekin dago aurreneko eginbeharra, eta antzelari ez denak, edo aintzat edukitzen ez dugunak, ezagutzen du hala ere bestek eginaren edertasuna, eta sumatzen du bere barnean. Mirabile est, quum plurimum in faciendo intersit inter doctum et rudem quam non multum differat in iudicando[36]. Harritzeko da, ikasiak eta ezak ederlanean halako aldea dutelarik, zein gutxi duten ederriritzian. Egin behar, ordea, esango didazu. Bai, baina zenbatek egingo lukete ondo ikasiak balira? Hartarakoa denak ere, gehiago eta hobeki egiten ez badu, zergatik da? Saia nadin hau adierazten.
Gizon ohartuaren lana, bakoizkako gauzetara begia zorroztea da lehenik. Zoaz basora, ikusten duzu harkaitz bat, hila, ikusten duzu haren gainean zuhaitz bizia, eta haren xarde ezkutu batean kabia, bizi hobearen itxaropena. Kabi horrek barrenean artile goxoa dauka, kanpotik abarrak eta zoztorrak baditu ere. Ikusiko zenuen, agian, basora bidean sasiren batetik zintzilika, ardiren batek igarotzean utzi duen txima. Hartaz edo halakoaz baliatu da txoria kabia atontzeko. Ikusten duzu, luzaro gabe, inguruan duzula txoria, kabira sar nahian. Zozo bikote baldin bada, ekarriko duzu gogora Euskalerri guziko ipuina; etorriko zaizu burura artaldea, errekan ito zena, alegia; eguraldiaren berritzea, bigarren negua, artzain gaisoaren hondamena, eta abar eta abar. Hau da aurreneko lana: gauzak bakoizka ikustea. Orobat esan daiteke giza ihardunez, nahiz ederlan bat irakurtzeaz. Irudimena eta adimena, orain arte adiskide dira, besotik doaz bakoitz lan hori ari duten bitartean. Geroago lanak. Orain arteko adimen lan hau azterketa edo estudioa da, eta antzelariaren bereizgarri ez bada ere, dagokiona da, zuhurtzeko gauzarik egin nahi badu. Xeha dezagun burubide hau giza ihardunetan ere. Eta guzitarako edertasuna batera biltzearren, iruditara dezagun lur inguru edo baso inguru bat, gizona erdikide dela. Esaterako, Daniel lehoien barrutian. Aurrenik gertakizuna aztertu behar da: Danielek, gezur jainko hura bikez, koipez eta ilez egindako opilaren bidez itoarazi zuela; erregek lehoien barrutira sartu zuela jan zezaten —eguneko bi gizon eta bi ardi botatzen baitzizkien jaki—; sei egunez han egonda ere ez ziotela ezer egin, jakirik bota gabe ere; Habakuk igarleak, Jainko egiazkoaren aginduz, igitariei zeramakien bazkaria Danieli eraman ziola, biderik jakin gabe, Aingeruak ileetatik atxituta; bazkari hura jaten bake utzi ziotela; errege joan zela zazpigarren egunean hura negarkatzera, eta lehoien erdian eserita aurkitu zuela, eta, oihu handi eginez, "Handia zara, Danielen Jainko Jauna" esan zuela; eta Daniel barruti hartan sartzeko bide egin zutenak berak sarrarazi zituela erregeak, eta Danielen aurrean lehoiek lipar batean irentsi ere zituztela Danielen etsaiak. Gertakizuna zeharo aztertuz gero, lehenengo gauza egina dago.
Iruditara dezagun Agustin, arako lore baratz hartan, "har, irakur" entzuten duenean. Aurreko eta ondoreko eta saihetseko zer-nolak oro azter bitez ongi, ederlana hasi baino lehen.
Batez ere, iruditara dezagun, egundaino lurrean gertatu den baso ingururik bikainena: "Jesusi Arnasak bultz egin zion. Eta berrogei egun eta berrogei gau basoan zegoen, Satanek zirikatuta. Eta ehizeekin zegoen, eta Aingeruak zituen mirabe". Markos Ebanjelariak bakarrak agertzen digu ehizeekin zegoela. Badakigu, ordea, orduan bazirela han basa ehizerik gogorrenak eta odoltzaleenak. Bi lerrotan hainbeste gauza iradoki dizkigu Ebanjelari horrek: Jauna, izadia guziaren jabea eta nagusia; ageri zirenak oro mendekoak, ehizerik ankerrenak ere: baita ageri ez zaizkigun Aingeruak ere. Zer-nolaok banaka aztertu, eta hola, beste giza ihardun nahiz irakurketa zenbait aukeran, eta bigarren unea edo txanda dugu hurrena.
Mintza bedi Platon:
"Maitasuna zerbaitena da, eta ez daukagun zerbaitena. Zerena, ordea, ederraren maitasuna ez eta, Jainkoak guzia ederraren maitez taiutu baitu, eta itsusiaren maitasunik ez baitaiteke? (Orobat S. Agustinek). Maitasuna berriz, ez duen edertasunaren bila dabil; ez daiteke beregan ederra izan. Eta on dena eder ere baldin bada, maitasuna ere ez da ona, ez daukan ondasuna gogo baitu...
"Maitasuna ez da eder, ez da on, ez itsusi ez gaizto ere; ustea ere ez baita ezjakitea, jakitea ez bada ere, bien tarteko baino. Eder ez dena, ez da nahitanahiez itsusi; on ez dena ere ez da nahitanahiez gaizto. Hortaz, edertasuna ez da Jainko, ez baita eder eta zorioneko. Ez da ordea hilkor ere, hilkorraren eta ezhilkorraren tarteko baino. Beraz aingeruki bat da, handia eta ez bezalako ahal izateduna baino. Aingerukiak tarteko ditugu, gizonen eskariak jainkoei eramaten baitizkiete, edota, gizonei jainkoen gogoak ekarri, eta izadiaren bateratasunari eutsi, hilkor eta ezhilkor, zeruko eta lurreko lokarrituz. Haietatik darizkigu igarkuntza eta aztikuntza eta liluragintza eta hil-eskainiari dagokion oro. Aingerukien bitartez dute elkarbidea jainkoek gizonekin, nahiz esna nahiz lotan. Aingeruotatik bat da Maitasuna, Porosen eta Peniaren semea[37]. Afroditeren jaiotegunean ernea, haren ama oinutsik eta zarpailez betea, eskale jainkoen atarira etorri zenean. Behartasunetik jaioa baita, oso behartsua, iharra eta zimela da; oinutsik eta berotzeko su gabe dabil, lurrean lo egiten du, karriketan, bideetan. Ugaritasunaren seme ere baita, bizkorra, ausarta, setatsua da, beti on bila eta eder bila dabil, azpikerian eta asmakerian jaioa da, gezur zuria, liluratzaile eta zoragarria. Eta ez baita jakintsu ez ezjakin, ikasnahia du, eta Jakintasunaren adiskide da.
"Maitasuna, Ona eta Ederra beregan edukinahia da, gizon guziek ere gogo dutena, guziaren izena maitasun mota bati egozten diogun arren, edergintza mota bati "poesia" ('egintza') izena ematen diogun bezala. Maitasun mota berezi hau ulertzeko, batik bat Maitasun esaten baitiogu, begi emaiogun honako honi. Badu ederrak halako erdibehar bat, nahiz gorputzari nahiz arimari dagokionez. Arima hilkor bat ezhilkor bihurtzen da, bateratasunean ernatuz eta sortuz; eta ederra ernaldiaren zaindari da, Parka eta Lukina bezala. Hortaz, Maitasuna edermina baino ere erdimina da edertasunean.
"Edozein sorkaik, sortukor eta hilkor denez, hil ez nahia du, eta ernal bidez bere bizia izate berri batean luzatzea. Horrela bihurtzen da hilkorra ezhilkor, hilkorra atergabe aldabera baita. Hemendik sortzen da aipunahia, honengatik heriotzera oldartu baitziren Alkeste gaisoa eta Akileu eta Kodro. Gizona bikainago, ezhiltasuna maiteago. Batzuk gorputzean dira ernaltsu, besteak ariman, eta honengan ernaltzen zaizkie zuzentasuna, gogoneurria eta on indar oro. Arimako ernaltasun hau poeta guziek eta edergileek eta asmalariek badute; uria ongi zaintzen duten jaurleek, ordea, zuhurtze handiagoa dute. Beregan ernalmin hau daukanak, eta on indarraren hazia berekin daramanak ezagut-begiak zabaldu orduko, izate ederren bat ernatu nahian dabil, eta itsusitik berez alde egiten du. Maiteago ditu bada, arima eder eta handikia inguratzen duten gorputz ederrak. Eta izaki eder eta maite horrekin bat eginik bizi dela, ariman daukan on indarraren hazia ernatzen du, eta harengana darama, gurasoa semearengana baino maitatzarre itzaltsuagoz. Hola ernatzen dira on indar eta jakite zituak: lanegin ederrak eta lege jakintsuzkoak, Likurgorenak edo Solonenak edo. Holako gogosemeengatik eraiki dira Elizak, behin ere ez gizakundezko semeengatik.
"Hauek dira maite hasierako lehen mailak. Maitanahia has bedi gorputz bat bakarra maitatuz; ikus beza berehala hartan ez dagoela edertasun osozkorik; beste gorputzetan bera dela eta guzietan bat. Honela, lehenengoa bakarra maite izateari utziko dio. Jakin beza, arimaren edertasuna gorputzarena baino areagoa dela, eta arima egoki bat aurkitzen badu, gorputza hala ez izanik ere, erein bitza harengan on haziak, eta begira beza, eta harritu bedi ihardunetan eta legeetan sortu den edertasunarekin. Boa gero jakingaien edertasunera, beti eder garaiagoaren bila, ez baten menpeko geldituz, edertasunaren itsaso baztergabean barneratuz, eta holako jakite ugariz unitu eta indartuki, begizta beza jakite bakarra, ederjakitea bere baitan.
"Eta mailaz maila honaino ekarria denak, gauza ederrak hurrenez hurren ikusiz, maitasunaren ezkutu barnenetara heldurik, bet-betan ikusiko du edertasun harrigarri bat. Horren ordez, Sokrates, eramankizun baitira aurreko nekeak. Edertasun hau, izan beti da, ez da jaiotzen ez hiltzen, ez urritzen ez ugaritzen, ez da aldez eder eta aldez itsusi, ez behin eder eta gero itsusi, ez batzuen aldean eder eta besteen aldean itsusi, ez hemen eder eta han itsusi, ez batzuen ustez eder besteenez itsusi. Eta ez daiteke asma edertasun hau aurpegi eder antzera, nahiz gorpuzki antzera: ez eta arrazoiketa edo jakintasun antzera. Ez dezakegu asma beste gauzetan datzala ere, esaterako bizidun batean edo lurrean edo zeruan edo beste nonahi; bere baitan da ordea, beti erabateko, eta beste gauza ederrak hari darionetik dira eder, eta guziak jaio nahiz galdu, hari ez zaio ezer eransten ez kentzen, eta ez da ezertxo aldatzen.
"Honela, gorputz bat maitatuz hasten dena, handik bi maitatzera igaro ohi da, eta gero gorputz eder guziak, gero giza ihardun ederrak eta jakingai edo irakaskizun ederrak. Azkenik, ederraren beraren ikaskizunera iritsiko da, eta ezagutuko du edertasuna bere baitan zer den. Eta begizta dezazunean —esan zuen Mantinea arrotzak— urrea eta soineko birjosia baino baliotsuagoa irudiko zaizu, eta gazte ederrak baino areago —orain liluratzen baitzaituzte— eta geldituko baitzinateke zu, beste asko bezala, ez jan eta ez edan, begiztatu besterik egin gabe. Hau hola izanik, zer ikuskari harrigarri daiteke ederra bera, bakoitza, garbia, osoa, ez giza haragiz edo kolorez edo beste hil beharreko itxuraz; bere baitan eder erabateko eta jainkozko ordea? Ez al deritzozu, begiz begi orduan edertasuna daitekeen heinean begiztatzen duenak, ez duela on indar itxurazkorik, on indarra bera baino : ez baitauka berekin itxura hutsa, gauza bera baino? Eta ez al deritzozu egiazko on indarra sortuz eta unituz jainkoen adiskide egingo dela, eta gizonik ezhilkorrik gerta baledi, holakoa gerta daitekeela, naski?"[38]
Zenbait gauza oker egon arren, kristau aldera bihur daiteke honetan Platonek dioena. Maitasuna ez da Jainko, baina aingeruki bezala —nik hitz honetaz bihurtu dut daimon, bestez ezin eta— Jainkoen eta gizonen tarteko baita, eta kristauen aingeruen antzeko, ipuin honetakoa[39]. Zorioneko ere adierazten du berez, baina Platonek berak esan digu daimon hori zorioneko ez dela. Hurrena ederra bera eder bakoitza baino areagoa dela dioenean ondo dio, baina edo jainkotu egiten du Edertasun hori —bere baitan eder ez baita inor besterik—, edo aditzapen huts den gauzari esaten dio ederra. Aditzapen horiek gutaz kanpora izana bazutela uste baitzuen. Hor dioena Jainkoari, Edertasun iturri eta eredu denari egokiz gero, zoragarriro esana dago.
Maite eta Eder ez dira bat, maite hori zerbaiten mendeko baita; ez ordea edertasuna. Hola Platonek.
Erdibeharra, erditu beharra... Lizardiren hitzok burura zaizkit Platon irakurtzean, eta jasotzekoak ditut, adiskidearenak ez balira ere, arira baitatoz eta ederki esanak baitaude.
Erditze horrek zer adierazten duen, zenbait euskaldunek ez baldin badakite, gogora ekarriko diet Nafarroan haurtzaroko Kristau ikasbidean esaten genuena, "Jainkoaren Ama Birgin gelditzen zela erdi baino lehen, erditzean eta erdiz geroz". Gogoan daukazu, behar bada, Lizardiren "Erdibeharra"[40], ederraztiari gertatzen omen zaiona. Goraxeago eman dizut Platonek hainbeste urte-mendez lehen esana, "baduela ederrak halako erdibehar bat". Mintza bedi Lizardi:
"Gure gaitz hori, gure haxkura edo delako zer hori," —Platonek orobat mina, eta haurrei hortzak atera nahi zaizkienean duten hazkura bezalakoa dela dio— "gure erdibeharra, behingoan esateko, ez duzue ezagutzen? Inork, eri denik, ez du behin ere osasuna maite izan guk geure mina, geure zauria[xxxviii], guk geure erdibehar hori adina[xxxix]. Nork dakike, olerkari ezpada, zein beharrezko dugun gure lasaipenerako, eta zein gogarako, erditze hori?[xl] Bada olerkari ez zaretenok, gure barren hazkura honetaz zerbait uler ahal dezazuen, neure erditze baten berri jaulki nahi dizuet, ni ere hazurri[xli] horrek atxitua bainago..."[xlii]
"Mendiak[xliii] —adiskide otzana baita hori beti— aspaldian neronen erruz elkar ikusi gabeak ginen arren, berebiziko begitarte ona egin zidan. Nik ez dakit zabala sorginduta al zegoen, ala lo ongi egin baten esku laztankorrak eztiz ene gogamena igurtzia. Dena dela, adiskide on hark eskaini ikuskizunez irudimena hasi zitzaidan bazter guzietatik izeki eta suak hartzen.[...][xliv]
"...erne-indarra goi-argi-jario hartatik edaten..."
Beheraxeago dioena, gehitxokeria dirudit eta josta antzean esana, baina Platonek ere horren antzekotsu bat badu:
Ez bezalako maite suak hartzen du —dio Platonek— eta ederraren jarioa begiz edanez, hegalak sortzen hasten zaizkio, eta halako hazkura eta min bat, haurrei hortzak jaiotzean horietan bezalakoa.[41]
Musak direlako atsoek —dio Lizardik— hatzaparpean ninduten; irudi minez nengoen izorra; hotzikarak astintzen ninduen, sukar larri batek menderatzen. Gaitz horrek behin ere hartu zaituzten guziok, ongi dakizue zenbateraino den beldurgarri...[42]
Platoni eta Lizardiri sinestatu edo egin beharko diegu, holako suminik behin ere geure baitan sumatu ez dugunok. Gizon ikasigabea eta jakintsuen heinean mintzo zena!
Maitasuna zer den eta zer indar duen adierazi nahiz dio Platonek:
"Maitasuna nahigale bat, bihotz eragin bat da. Bakoitzak baditugu bi joera nagusi eta bultzakor: geuronezko atsegingura, eta hoberen dena irrikatzen duen aburu bat. Zenbait aldiz, bi bultzadok erara agertzen dira, inoiz ordea, borrokan dabiltza. Aburua nagusia denean, gogoneurria du; irrits arrazoigabea nagusi denean, haren nagusigoari lizunkeria deitzen diogu..."
"Gizonaren laneginik ederrenak zoraldi bati zor zaizkio; jainkoek isurtzen diguten halako mania bati. Mania hori, etorkizuna igarri ohi duena da, eta horregatik deritzo igarkuntza. Mania da aspaldiko heriotzen errua garbitzen duen garbi ordaina"
Aurrera baino lehen, "mania" izen honetatik zuten Grezian mantiz, aztia. Erromatarrek ere horretatik hartu zuten vates, aztia, poeta. Guk euskaraz esan genezake "ederraztia", edertasuna aztiatzen eta agertzen diguna.
"Mania, zoraldia —jarraitzen du—, poetaren argitasuna ere, ondorengoei aurrekoen gertakizun nabariak ager dizkiena. Zoraldi hau gabe Musaren atalondora hurbiltzen dena, antzeak ederrazti egingo duelakoan, musu huts geldituko da, eta ezagutuko du bere eder agertua kaxkarragoa duela —zuhur egina baitu— igar sumin hori dariona baino. Jainkoek gure zorionik handienerako eman baitigute. Mania da maite zoraldia ere, Uraniko Venusen zoro maitea ere".
Lehen
aipatu duen joera bikoitz hori adierazteko ipuin eder bat dakar Platonek.
Gaurko zenbait jakintsuk, alemanek batez ere, zertzuk esaten dituzte S. Paulen
aurka gogolege eta soinlege bikoitz horretaz ari delako, eta ikus Platonengan
aspaldiago adieraziak. S. Paulen inguruko ederrazti batek, Ovidiusek ere,
esanik utzi zuen,
"Arimak —dio Platonek—, hegagurdi baten antza du, hartan alde banatara tiratzen baitute bi zaldik, zaldizain baten eskuan. Hegalen eginkizuna, arima Jainkoaren jakitearen eta ontasunaren eskualdera jasotzea da, ereduen tokira, hara baitoa Jupiterren gurdia ere, eta haren atzetik jainkotalde eta aingerutalde guzia, hamaika sailetan. Jainkoen zaldiak bikainak dira, eta erraz iristen dira beren mugara; baina gizonen gurdiak, zaldi gaiztodarioaren indarrez, lurrerantza egiten du. Zeru gaineko leku hura, ez da ederraztirik aski goretsi ez duenik, ez eta goretsiko duenik, adimenak bakarrak begizta baitezake beregan dagoen izatea, kolorerik, errainurik, ukirik ez duena. Han dago egiazko jakite garbia. Honekin Jainkoaren gogoeta uniturik, lehen urruti zegoen edozein gogoeta uniturik, atsedena eta poza ditu den ari bagira, eta larrain barrenean bezala ikusiko ditu zuzentasuna beregan, gogoneurria beregan, jakintasuna beregan, izatearen ezaguera; eta hau begizta dezanean, zaldizainak lotuko ditu zaldiak eta emango die nektar eta ambrosia jan-edan: hau baita jainkoen biziera. Begiztaldi garbi honetara ez dira gizonak iristen; zaldiekin dute neke, izerdi eta zalaparta. Batzuk gurditik erori, besteak aldero eta oztopo, egiaren dirdairik ez dute sumatzen urrundik baino, eta bi-bitartean, aburua dute janari, eta honek eragiten die egiaren arlorantza; han sortzen baitira kemena indartzen duketen belarrak. Eta Adrastea jainkosak du lege, jainko antzeko gizonak egia zati bat atzematen duelarik, beste zeru larrain batera igaro dadila, kalte gabe filosofo eta eder maitale bihur dadila, nahiz musiko, nahiz maitalari: eta gutxien atzematen duena, errege nahiz sasierrege. Azti eta igarle arima-aldaren bosgarren mailean daude, ederrazti eta beste antzegileak seigarrenean. Jakingaiaren ezaguerak bakarrak berritzen dizkio hegalak gizonari, eta behinola ikusitako gauzak gogorazi, eta omen direnak esetsi, eta egiaz direnetara begiak itzuli. Holako oroitzapenetan eta jainkozko ezkutuetan hazten dena, on betea da, eta besterantzeko gizonen irritsetatik alde egiten du, eta goragokoari eta jainkozkoari erne, jende xeheek zoro daukate, ez baitakite zeru arnasez betea dagoela. Beraz, lurreko edertasun hartaz oroituz, hegalak berritzen zaizkio, eta heganahia du. Eta ez baitaiteke hegatu, eta mendiak baititu maite eta ibarrak muzin, jendeek zoro dagoela diote, zoraldi hau jainkotasunik bikainena ez bailitzan. Giza arima orok, beste aldiz egia begiztatu du; baina hartaz oroitzea ez dagokie guziei, edota labur ikusi zutelako, edo handik jaistean gauza santuen oroitzea damurik galdu dutelako. Gutxiz oroitzen dira, baina haien itxura bat hemen ikusten dutenean, burutik jauzi ohi dira, eta ez dira ezagumenaz baitaratzen, ez dute jatorririk ezagutzen; denik ere, hodei ilun tartean usmatzen dute, beste orduz Zeusen ondoan ikusi zuten edertasun garbi hura, eta gainerako jainkoena. Argi txit garbiz inguraturik ikusten dituzte eredu oso, bakarki, aldaezin, zorioneko haiek. Orduan geunden garbi eta ez lapa bezala, gorputz deitzen diogun honi itsatsirik". (Phaedr.)
Zati eder hau lehertzeko, arima-alda edo metempsychosis gogoan eduki behar dugu, eta Jainkoa ikusi genuela behinola.
Nahiz landa-inguru, nahiz giza ihardun, nahiz irakurketa ondo aztertu ondoan, erabat gogoan hartuz, bakoiztasun horretatik alde egiten dugula, begiztaldi bat eman, ahal bezain luzea eta maitetsua. Begiztaldi edo begi kolpea adimenarena bedi batez ere, ez arrazoiketa, gure barrena erdimindu dadin. Gauza honetan, berdin ez badira ere, ariora jotzen ditut nik gizon Jainkozkoa eta gizon antzelaria. Direnak oro aurrena ikusiz eta begiztatuz, gorago nahia datorkio santuari, haiek sumarazten dioten izate ezkutu hura ezagutzera eta maitatzera. Orobatsu gertatzen zaio antzelariari ere. Erabateko begiratu hori, laino antzeko hori, itsas ertzean esan genuenera edo, uste baino ernalgarriago zaio, horretan behar bezala atsedenez gero. Holako sorraldian ernatzen dira antzelanak. Esan izan dute antzelanak sorraldiari, inconscienciari zor zaizkiola. Hola ulertuz gero bai. Sor-sorrean, ero-eroan, ez du inork antzelanik ateratzen barne kemenei ondo eragin gabe, eta batez ere adimenari, gauza zuzenik egin nahi bada. Adimena behar du kemen guzien erregina, irudimenaz baliatu behar badu ere. Gauza biribila, buru-gorputzak dituena nola antolatu adimenaren eraginik gabe? Hurrena, nola aukeratu antzelana edertu behar duten irudipenak? Irudimenak zer egin lezake berez amestu besterik? Orain ari garen honetan, adimenaren begi zizta, ez arrazoiketa, aditzen dugu, hots, erabateko begiratu erdi sor horretan egotea, ongi barnemindu gaitezen. Zenbait aldiz, zirrara handiegia, bigunegia, adieraz ezina sortuko zaio, eta hura atera eta ezarri ezinez etsi ere egingo du, berehala behintzat; baina ez da ordu: luzaroago itxaron beharra dauka, baldin bada astez eta urtez, bere buruaren eta egiaren jabe egiteko. Irakinaldi horri noizbait atsedena etorriko zaio, eta luzaro ahaztuta egonik ere, ahaztu ustean, behintzat, halako batean berrituko zaio beroaldi hori lehen baino gozoago eta bakeanago, eta orduan da saiatzeko garaia. Zenbait gai berriz, ahoz esateko, behintzat, ezinak gertatuko zaizkigu beti —hala neuri Jesukristo basoan ehizeekin eta Aingeruekin egote harekin— eta etsitzea beste biderik ez dago, eta ederraren ukitua berekiko gordetzea. Ikusi lur inguru haiek, ikusi ehizeak, ikusi aingeruak, eta erdian atseden-atsedenez ikusi, halako begiratu leun hutsarekin mendean dauzkan Jainko-gizon onetsi hura, eta gu bezalako ezerez, bazterka dabilen batek ez du, beharbada, asmatuko beste hitzik: "hezi nazate, Maisu eder, zure begi horiek; zure begi eder horiek".
Gero, hirugarren unean esango duguna errazago betetzeko, antzelariak, den bezain oso, dituen kemen guzien baterajoa behar du. Ezarian bezala, bere baitan oso bildurik, uste ez duen lana egingo diote isil arimaren kemen guziek. Borroka ere ausaz hasiko zaio, irudimenak bere aldera egin nahi eta, adimenak batera egon nahi; baina erdi ahaztuan bezala gelditzen bada, horretan egon beharra du, ezeren kezkarik gabe. Zerbait, ezin adierazizko zerbait bere baitan maitez aztarrenatzen duen bitartean, bego han esparik gabe. Badira berenez ezinegonak sorraldi honetan, ezari honetan, atsedengo ez dutenak —askotan bai baketsu direnak ere—, baina ederrak inori barnemin hori ematekotan sor egon horretan saiatu behar du. Hola dagoenak bakoitz gauzen muga hautsi du, zentzuen eta irudimenaren hesia urratu du; adimenak ere bere muga urratu bezala nahi luke, handiago zerbaiten bila bezala: ez baita konturatzen ondo zer ari den. Labur esan, mugagabeko ederra, eder eredua aztarrenatzen du nolabait. Beregandik irteten da, gainez egiten du. Ederrak eragiten dio, baina Eder bakarrak isil-isil.
Gizona berez bat da, bakarra da, batasuna du, eta bere antzeko ikusi ohi ditu eta egin nahi ditu direnak oro. Bere baitan ikusten eta sumatzen dituen agiak edo gertaerak oro barrendik darizkiola ezagutzen du: bera bat dela, nahiz haien jabe nahiz mendeko. Eta bere baitan ere maiz puskaturik bezala aurkitzen baitu batasun hori, nor izate hori, batasun horren bila dabil, eta, oharkabean, beti bat eta batasuna bera den Haren bila.
Barnemintzean kemen guzien baterajoa behar baikenuen, erditzean, ederra egitean ere, orobat behar dugu, ederlanak hutsik eta koskarik ez dezan. Baterajoa eta berdinjoa —gero adieraziko hitzok— adimena eta irudimena eta nahimena jokatzean esan nahi nuke. Batez ere nahigalea —barne eragina geurongan sumatzen dugula eta, albait, galtzen ez dugula—, hitzetan eta besteneko antzegaietan goxotasuna, guritasuna ager dadin. Jakina, honetarako gaia menderatu behar du antzegileak, eta erdimin aldia bukatua edo irakin hartatik ondo atsedena. Honetan ez du behar estubiderik. Gero, irudimena bere heinean, behar adinean joka bedi; adimena ere bai. Hau da gauzarik zailenetakoa; irudikerietara, burukerietara erraz jotzen baitugu, batez ere gazte garelarik. Koskak eta hutsarteak agertuko zaizkigu, hotzaldiak ere bai, eta behar bada, lan biribilduen ordez lan eketxak (heldugabeko haurrak) erdiko ditugu. Ederlana hasi eta buka erabat egitea litzateke hoberenik, baina ez gaude beti aldian, eta aldiari itxaron egin behar zaio, orain-geroka agertzen balitz ere. Tarteetan egon.
Arestian bi hitz esan baititut, baterajoa eta berdinjoa, adieraztera noakizu. Grekoz armonia esaten baita, oraintsukoek handik hartua dute, pozik hartuko nuke euskararentzat hitz txanbelin hori bestetara harturik ez balego: marmari ordez erabiltzen baitugu. Hortaz ez dezakegu dagoen bezala euskarara ekar. Nolabait esateko, baterajoa deitzen diot. Honen antz-antzekoa da "berdinjoa", erdaraz equilibrio esaten baitiote. Baserri lanean ohitua bazara, bide zelairako gurdi bat kargatzean, "aurrera joa" edo "aurrera karga" nahiz "atzera joa" ematen badiote, neke handia da behintzat; aldapa goran atzera joa eta aldapa beheran aurrera joa ematen badiozu ere, idiek neke handia dute: gorakoan aurrera joa eta beherakoan atzera joa eman behar zaie laguntzeko. Ezker joa nahiz eskuin joa badu, bidearen zulogunetan gurdia errazago iraul daiteke, esku bakoitzaren aldera. Orain baitaratuko zara "baterajoa" eta "berdinjoa" zer den; antzelariak hori behar duela esan baitut ederlana ari duenean.
Agustin santuak antzea[xlvi] baterajo horretan datzala esan zigun, nahiz antze egonekoa, nahiz ihardunekoa. Izadia bera ere kantari guzizkoren baten baterako mintzoa omen da. Nekeak balio baitu, haren seme Fr. Luis de Leonek eder eta zabal adierazi zigun antzearen bateratasun edo baterajo hori. Esanik utzi ere baitzuen Agustinek: omnis porro pulchritudinis[xlvii] forma unitas est, hots, eder guziren izaera batasuna da.
Kristoren izenak deritzoneko "Bakearen Lehenenburu"[xlviii] dioen hartan, sarreran adierazi zigun inork eta inon baino hobeki, izadiaren baterajoa ez ezik, gure kemen guzien baterajoa ere, antzelana egin aurreko argialdian. Hoberenak adinean ezagutu eta maitatu zuen izadia. Hau dugu ikaslekua. Ikasgu honetan ez da, gaur asma eta bihar higatu egiten den legerik, ez adimenaren kezka okerrik, ez nahimenaren nahikeriarik. Hemengo arau eta lege aldaezinak dira, izadiaren heinean. Eskola honetako hazibidea gotorra da, ezarian burubide onekoa; ez bortxazkoa edo indarbeharrezkoa.
"Ezaguerak adieraziko ez baligu, eta beste bidez ere uler ez bageneza, zeruaren ikusbitarte honek erakutsiko liguke, eta han argi egiten diren izar haien baterajoak, bakea zein maitagarri den."
"Ikusiko baitugu, begiak hara erne zorroztuz gero, ezarian, nola sumatu gabe, gure nahigale oro, egunez gure bularrean zalaparta ari zuten grina nahasiak oro, ezarian baketu egiten direla, eta lo xuxtan bezala atseden egiten dutela, bakoitzak bere tokia hartuz, eta beren tokian daudela, ezarian, burubidez jartzen direla".
Zerua izar egote honek egiten zion Leoni ukiturik leunena. Ukitu hau darie haren antzelan guziei. Izadiaren irakaskizun garaiek hazi zuten halako ederrazti bikaina. Ikus zein barrena sartzen den liburu zabal horren ikaskizunetan.
"Zeru izar honen ikusbitartea, izar taldea hurrenez hurren eta lerro-lerroan txit eder agertzen baita, bakoitzak bere tokia huts egin gabe edukiz, ez baitio bakoitzak auzokoari lekurik osten, ez lanbidea eragozten, ez eta, bereaz ahaztuta, Jainkoaren Arretak ezarri legea behin ere hausten, bakearen errainu da, eta are oihu eta gorespen bat, bere mintzo agerikoz adierazten baitigu, bakeak bere baitan zenbat ondasun dauzkan, eta gauza guzietan zer egiten duen. Oihu eta aldarri hori hotsik gabe oldartzen zaigu arimetan, eta hauetan sartuta egiten duenetik garbi ageri da zer eragin indar duen."[xlix]
. Eragin hau, joera hau, ez naski arrazoiketaz, bai ordea begi ziztaz, begiztaldiz, guregan sortzen zaigun eragin bigun hau zen Leonentzat edersumaren oinarri legea. "Errege" deritzon izenean[l], Jesukristo graziaren bidez arimaren Errege baita, eragin honen bidez adierazten du ariora. Buru legeak ez bezala eragiten baitu bihotz lege horrek. Sortuzko legea eta grazia legea ariora dira beren eraginean, eta bataz esaten dena, besteaz ere ariora esan daiteke, eta egiten du Leonek.
"Arima osoaren jabe baita —grazia—, hala egingo du arima ere gorputz osoaz jabetu dadin[li]. Eta grazia, nahimenaren eta adimenaren barneraino sartuz, eta izatearen eta indarraren barrena urasetuz[lii] Jainko izaera ematen baitio, eta Jainko bihurtzen baitu hurbil; holaxe berebat egingo du arimak, gorputz osoan barna oldartuz, eta haren izaera betea harturik, gogaki antzeko bihurtuko du".
"... Grazia legeak ari hau du[liii]: Kristok erabat bere arnasa eta osasuna bereen arimetan, hurbildu nahi zaizkion arimetan ugarituz, on egin gogoa ere ugaritu egiten du, eta zentzuak egiten dion borroka egunero urritzen du. Eta batak eta besteak gero eta indartzenago dute diogun lege santu berezi hau, eta arimagan errorik barnenak egiten ditu, eta hartaz erabat jabetzen da zuzentasuna eta ontasuna ia jatorrizko zaizkiola."
“Kristok emandako grazia legeak, nahimenean oldartuz, grina gaiztotik sendatzen du, eta maite du, eta ontasunera eragiten dio, Jeremiasek Jaungoikoz igarri bezala... Neure legeak arimetan ezarriko dizkiet, eta bihotzetan idatziko dizkiet.."
Berau adierazten du "Datorren mendeko Aita" deritzon izenean[liv]:
"hortaz, sortzen gaitueneko arnas eraginari jarraituz, gure arimetara oldartzen delarik, bera den bezala ihardutera esnatzen eta zirikatzen gaitu..."
Gure gaiari gagozkiola, berehola, lege honen bidez, ezarian-ezarian ukitzen gaitu izadiak, liburuak baino hobeki. Izadiak gure bihotzean idazten duen oihu isil hau, hots, honen ariokoa, aurrerago azaltzen du "Bakearen Lehenenburu" delako hartan, graziaren eragina agertzen duelarik:
"Beraz, graziak nahimenean egiten duen aurreneko lana, arima bera ontasun lege eragingarri bihurtzen du; ez on dena adierazi hutsez, hartara eraginez eta maitaraziz baino. Lehen esan duguna, legea, nahiz lege-ematea esan duguna, bitara daiteke: lehena, ohi bezalakoa, zer egin edo ez egin gizonei adierazten diena, nagusigoa duenak agerkiro aginduak idatziz, eta agerian aldarrikatuaz; bigarrena, esanez eta aginduz on dena iragarriz baino, joera emanez egiten da; hartarako nahigalea eta gogoa ezarriz. Edozerk, komeni zaion hartarako gaia eta joera izatea, bere lege du, eta filosofiak hola deitzen dio; biziera horrek taiutzen[lv] baitu, eta komeni zaionera horrek eragiten baitio, eta bere onerabidean zuzentzen baitu; eta guzi horiek legelanak dira."
Agindu eta lege nahaspilatu asko erakusten duen eskolaren aldean, hau da naski legea, idatzi gabea, jatorra, isila, bereganako joera ematen duena, eta izadiaren begiztaldi atsedentsu horri dagokiona. Zilegi bekit azken zati hau aldatzea:
"Lehenengo legea, ona izanik, ez da ordea lege eragilea, iragarrizko legearen joeraz bestekoa baldin bada, eta hala baita gure gaiztakeriaz. Baina bigarren lege hau guziz eragilea da, eta hau ezartzen du Kristok graziaren bidez gure arimagan. Ontxen bidez idazten baitu bakoitzaren nahimenean, maitez eta aiherrez, lehenengo legeek paperean idazten duten beura. Eta larrutx liburuetan eta harrizko nahiz burdinazko azaletan ixatxez edo zulatzaikiz ezarririk zeuden lege haiek, graziak nahimenean aldatzen eta ezartzen ditu. Eta giza belarrian hots eginez arima beldurtzen zuen lege hura, graziak kolko barrenean sartzen dio, eta hain gozo isurtzen dio, hala esan, arimaren indar eta joera guzietan, bere atsegin eta nahigale bakar bihurtzen baitio."
Ariora esan behar dut edersumak dituen legeez. Ehunka liburuak eta milaka legeak baino hobeki, izadiari egin diezaiokegun begiztaldi samur ezariko horrek isil-isil sartuko digu eder legea, egiazko eder legea, gure barrenetan. Eskola honetako legeak jatorrizkoak baitira, eta leun ariman ezartzen direnak, ez dute gu oker beldurrik, eskoletako lege idatziak bezala. Ohiturari gagozkiola, lehenengo gogo dardarek hobenik ez duten bezala —haietan luzaro ari ez bagara— ariora, gure kemenek, beren jatorrizko joerari utziz, oker gabe egiten dute lana gure barrenean; arrazoiketari leku emanez gero, ostera, erraz okertuko ginateke. Hortaz, hau bedi lehenengo lege: izadiari batez ere, nahiz gizon antzegileek egin dituzten lanei, begiztaldi maitea egitea, ederraz eta antzeaz egin diren liburuei jaramon egin gabe, ikaratzeko adina baitira. Eta ez hala ere izadieskola bezala egiazkoak eta betikoak. Honetara jo behar du beti edonoizko antzelariak, okertu ez dadin eta hazibide jatorra har dezan.
Izadiari begira gure kemen guziek ari duten iharduna, soin-ihardunaren antzera jo dezakegu. Soin-ihardunaren eredua hau da: Lohadar guziak berdin edo beren lanaren ariora joka daitezela, eta batera joka daitezela. Ez uste izan, begiztaldi hutsean gaudela, gainerako kemenak geldi dauzkagula; orduan ari dira askotan beroenik eta jatorrenik. Beldur litzateke, alegia, lohadarrak bakoitza bere aldera eta bakarka jokatuko balira, ez dagokien eran haztea, eta gorputzari egokitasuna kentzea. Orobat gure arimaren kemenak banaka ari bait[it]ugu, errazenera joera handia baitugu, hartara grinatuko gara gehiegi: zailena, ostera, azkenlekura bidaliko dugu, beharrago izanik ere. Ikus irudimenarekin gertatzen zaiguna. Adimena bera ere, gauzetan elkartasunak eta harremanak erraz aurkitzen baditu, oker daiteke, hain eta buruzirietara ere grinatu baitaiteke. Izadiari begiratzean gure begiztaldi horren eredua hau bedi: ezarian ihardutea. Edo Leonek esaten diguna, "gure kemenak burubidean jartzea, bakoitzari bere aulkia eta tokia utziz". Holako begiztaldia egiten zion, naski, izadiari, gizon honek. Arima asetzen zitzaion eta bere buruz gain igotzen, "bere duineko gogoeta goitarrak sortuz". Ordukoak eta horiek dira paperera aldatu behar direnak.
Izadiaren eragina askotan sumagaitza dugu eta guri-guria, gehienez Izpiritu Santuarena bezala: hala ere guziz bizkorra eta oso betea. Ez uste halako latz ikara eta suminaldi eta zoraldien beharrik dagoenik, askotan goi argi eta goi bero exkaxagoa baitute. Gertatzen ere da, antzelana egin zuenak, ez argialdian ez egineran ateratzekoan, holako dardararik senti ez izatea, eta hala ere irakurtzen, entzuten edo so egiten ari denak bai. Honek harek baino argialdi hobea izan al du? Ez inolaz ere: bai bestera. Askotan, zirrara bizkor horiek osasun txarrari edo berezko ahulagoari egotzi behar zaizkio. Gure ahaleginak izadiaren eraginari dagokiona egin behar du: ezarian begiratu, eragin hori okertu gabe eta aterrarazi gabe.
Adieraz dezagun hau mistikoen erakuskizun batez. Ezarian begiratze hori ez da alperregona; askotan ihardun bizkorragokoa. Garbi dio Santa Teresak "ez arrazoiketara jotzeko: erne egoteko, ordea, Jauna arimagan zer ari den". Hau adierazi izan nahi dut lehentxeago, izadiari nola begiratu ari nintzela: ez bedi arrazoiketa; begiratu soil gozo horren eragina okertu eta galaraz bailezake guregan; begiratua izan dadila, ez arrazoiketa, ez eta alperregona ere. Hau bai gure arimaren hazibiderako bide ederra antzegai honetan. Hola jokatzen ez garelako egiten ditugu hainbeste lan eta makets.
Itzul gaitezen berriro arako izar talde hartara,
"guziak anaitasunean eta elkarri begira bezala, eta batak besteari argia bidaliz, handi eta txiki, maite zantzuan ari dira begirapenez, hala esan, eta guziek batera beren argi izpiak eta indarrak neurriratzen dituzte batasun bakezkoan ipinirik, ezin esan ahalako batasun bizkorrean, indar eta zati eta aurpegi bana izanik ere".
Hau du ezkutua Salinasi musikaz egin zion oda hark: haren arimagan ageri baitira "grina nahasiak ezarian-ezarian atsedenez: isiltzen eta umiltzen baitira, nagusiena eta arimagan jabe dena, arrazoia, bere eskubide eta indarra hartzera igo dadin, eta ikuskari eder honekin bihotz harturik, bere duineko gogoeta goitarrak sor ditzan, eta nolabait bere lehenengo jatorriz oroi dadin".
Torna a cobrar el tino / y memoria perdida / de su origen primera, esclarecida.
esaten baitu, Platon kutsu apur batekin.
Eta azkenik, lurkoi eta itsusi den oro, bere lekuan ipiniz zapal dezan. Honetatik sortzen da gogoetaren batasuna, eta nahigale lainotsu bat, ondo ezarria hala ere, ederraztiaren barnean. Hau da lirikaren neurria eta igurtzia, batez ere, zati bakoitza eta banakoa hari baten biltzen dituena: zehaztasunik behin-behingoenera ere barreiatzen den igurtzi leuna.
Gure arimaren goialde honetako nahigale hau gabe, gainerako antzekemenak zuzendu, menderatu eta erakarri egiten dituen nahigale hau gabe, Oda gauza puskakia litzateke, orain gerta ohi den bezala. Poesia leun honen izatea, batez ere Jaungoikozkoa baldin bada, gogo den harenganako nahigale atergabea da. Eta bidean saihestu irudi egiten bada ere, zehaztasunetan, irudibideetan eta beste zenbait apaingarritan, ez ditu begiak bere mugatik okertzen, eta gogoeta tinko dauka "adimenak sortzen duenik gaineko hartan, hobekienik dagokion hartan". Behin esan, apaingarriak oro beste hainbeste maila besterik ez dira, adimena haietan arrimatuz "bere erreginaulkian eser dadin". Honetatik sortzen ere da kemen guzien berdinjoa esaten zaiona, bakoitza bere burubidean ipiniz, "eta ezarian mendera eta batera jarriz", erregina dutenari mirabezkoa egiten baitiote, dagokien eskubidea besterik hartu gabe, asaldatu gabe. Hola erakusten du izadiak, antzelariak ikasi nahi badu. Ez du eragotzi behar ezariango lan hori, izadi jakintsuak leunkiro ezartzen dion nahigale hori. Zer indar ezkutu eta jator ote du gure arimak bere joerari jarraituz, zirikatu eta indarbehartu gabe? Badoa bat mendira argialdi bila, esana den bezala, eta arimak bakartasunean eskatzen dionari leku eman gabe, zer ikusi eta zer atzeman hasten da, ustez irudimena argiz eta margoz aberastuko duelakoan. Gizagaisoa! Lehenengo zer-nolak irudibide, errainu eta abar aurkitzean, behar eta behar eratu nahiko du antzelan bat. Bigarren lege hau ez betetzeaz gertatzen da gaurko eta betiko ikaskizun eta hazibide oker hau. Ez dio bere lanari berorik eta biribiltasun handirik ezarriko. Zer zoraldiren edo ederraztiren aztarren agertuko da burubiderik gabeko puskaki horietan, batasunaren bizirik gabe, irudimena adimenaz gain jarri nahi horretan? Damurik egin dugu hamaika holako. Korapilorik ez duten puskakiak! Antzelan on guzizkoak hargatik ditugu hain bakan, beste herrietan ere.
Ez da antzelari bikainagoa gauza asko aztarrenatzen dituena; gutxi bederen barrendik suma dituena baino. Ez da Jainkozaleago ere gogoeta ugariago dituena, gutxiagorekin aski duena baino. Antze bizieran, Jainko bizieran bezala, egia gertatzen da arako S. Inazioren hura: "asko jakinak ez du asetzen arima: gauzak barrendik sumatzeak eta dastatzeak baino".
Irakur ezazu erabat, geldiro, "Bakearen Lehenenburu" deritzon ihardun haren sarrera, eta han gertatuko zaizu labur nik luze esan dizudana. Hauek ditu oinarri: izadiaren ukitu leuna, ezarian-ezarian; horri dagokion begiztaldi maitetsua, ez espatsua; hortik sortuko da hain ederki Leonek adierazten digun batasun eta bateratasun hori.
Ezin utzia baita, "Artzain" izeneko ihardun haren sarrera ere[lvii], eman nahi nizuke hemen:
"Artzainek atsedena baitute mendi bizieran, hazi orrazirik gabe, eta han ez baitute saihestu ditzakeen gauzarik, maitasun bizia eta sarkorra dute. Hartako laguntzen die beti begiak mendi zabalean zeru-lurrei eta sorkaiei begira edukitzeak, hau baita maitasun haren errainu garbi eta egiazkoa, edo hobeki esan, ikaslekua. Beren artean adiskide agertzen baititu, eta burubidez, eta elkar laztandurik, hala esan, bateratasun harrigarrian. Eta batzuk besteen baitara sartuz eta elkarrekin batuz eta hartu-emanez, elkartze eta harreman horren bidez, argitara ohi dituzte haizea eta lurra edertzen dituzten gauzak".
Ez al daukazu gogoan lehentxeago bihurtu dudan zati hura, alegia, "izar taldeak lerroan, elkarri erantzunaz eta indar emanez, maite zantzuan ari direla"? Labur esan: bakea, atsedena, burubidea, baterajoa erakusten digu izadieskola honek, eta baita honetaz ongi baliatu diren antzelariak.
Beste araurik ozta behar litzateke hirurok ongi betez gero: horretatik letorke kemen guzien hazibide bikaina eta berdinjo eta baterajo hori. Irudipenaren dirdaiak zirikatzenago du gaztedia, baina adimenaren menpeko da hori beti, eta bere lekuan egon behar du, hari erreginlekua ostu gabe. Izadiarenganako begiztaldi hori dugu Estetikarik bikainena gaur, bihar, beti. Horren ukiturik eta argialdirik oharkiro sumatzen ez badugu ere, egingo du bere lana gutxienik ustean, eta oso bestetara gaudela etorriko zaigu zenbait aldiz. Urteen buruan ere gertatzen da hori: holako indar ezkutua baitu gure arimak. Mendira goazenean, goazen bakarrik, eta begiak eta irudimena[k] han-hemenka jauzika ibili nahi badute, ezarian egoten asmatzen ez dutela, aldi batean begiak isteak ere lagun dezake, batez ere haize hotsik, ibai hotsik, itsaso hotsik entzun baledi.
Erdi sor edo erdi ahaztu horri zor zaizkio antzelanik hoberenak. Antzelanak horretan egiten omen direla esan izan ohi da. Noiz eta nola. Erdi sor edo erdi ahaztu egote hori[lviii], antzelanaren aurreko argialdian bai, behar du, eta horretatik dario ederlanari bere guritasuna; egitekoan, ordea, adimenaren eragina eta beste kemen guziena ere behar da, batez ere adimenarena. Bertsogitea baldin bada, baita belarriena ere.
Aurreneko ikaslekua, aurreneko maisua izadia da; baina ederlanak ikusiz, entzunez, irakurriz, antzerako asko ikas dezake hartarako denak. Irakurtzeaz Kintilianen onua hartu gogoan: Optimus quisque legendus; hoberenak irakur bitez. Aurrena asti-astiro irakurri ederlan osoa; hurrena, zatika aztertu, burubidea ikusi, adimen-irudimenak nola jokatzen diren ikertu; lanak batasunik eta biribiltasunik baduen begi eman. Ongi aztertu ondoan, berriro erabat irakurri aspertu arte, eta egin digun ukitua, zirrara, astiro hausnartu. Gauzak berak, ona bada, horretara eragingo digu.
Elederraz
esaten dena, orobat esana bedi gainerako antzelanez. Margoantze ederrak,
mukuluantze bikainak, musika garaia... ikusiz eta entzunez, antzesuma,
edersuma, ederrahoa[lix],
landu egiten da.
Hiru gisatako edertasuna bereizi ohi dute zenbaitek: eder atsegina, eder irrigaria, eder gaindizkoa; beste zenbait eder errukarriaz ere mintzo dira. Eder atseginaz luzeago mintzatu gabe, honetaz ari baikara, agiz, beste hauen adiera emanez izen batzuk asma ditzagun behintzat, gero norbaitek lan hedatuagoa egin nahi balu.
Eder Irrigarria
Batez ere istiaketan edo komedietan du leku.[43] Gertaera alai bat nahiz gertantzeko ipuin bat hartzen du gai. Zenbait aldiz ihardule nagusia edo protagonista bera izango da barregarri, zenbait aldiz gertagarria bera, baina beti du zerbait maitagarri eta atsegin. Gizon barregarria ateratzea, asmatzea ez da egoki, irri eragiten duena baino. Badira berenez gizon benazko eta begirapen handikoak, irri eragiten dutenak, baina lehen bezain maite ditugu, eta hargatik ere bai.
Eder Errukarria
Badira gertakari latzak eta lazgarriak, zoritxarra
goieneko mailan berekin dutenak. Horiek errukia eta damua sortzen digute,
beldur zerbaitekin. Lehengoak esan zuen ederki: homo sum, et humani a me nihil alienum puto. Gizon naiz eta gizakirenik
ez dirudit neurekin ez dudanik. Hau da eder errukarri honen iturburua. Geuroi
gerta lekigukeen beldurra ez bada ere, gure antzekoei gertatzen zaienak ematen
digun errukia. Atzo zorioneko eta gaur gaiztoko, arestian zorioneko oraintxe
gaiztoko. Ikus, esaterako, Job santuaren bizitza. Holako gaia nola izan daiteke
eder? Nola adierazten zail bada ere, hala zaigu, behintzat, eta beste edozer
baino lehen irakurtzera gogoak eramaten gaitu, berenez ilea lazten duten
gertakariok. Nolabait atseden egiten dugu tragedia bat irakurri ondoan, edo
hura ihardunean ikusi ondoan; antzelari on denak ulertu behar du katharsis esaten ziotena. Katharsis hau nola ulertu behar dugun
adierazteko eleta asko ibili dute gizonek, baina arierarik hartzekoena hau
zait: atsedena, bake giroa bere onetara ekartzea.
Eder Gaindizkoa
«Eder gaindizkoak eder soila handiz gaintzen du. Ederrak hein edo tamaina gisakoa nahi baitu, ez txikiegia, ez eta adimenak begira-ahala baino areagoa, oso atzeman dezakeena baino. Ez baitezake, alegia, gauzak ederraren bakerik eta atsedenik guregan sor, guzia ezagumenak atzeman ezin badeza. Hortaz, eder gaindizkoa hitzez hola mugatu daiteke: "Ezagumenaren begiratua gaindu dezakeen gauza bikaina."»
«Ondorioz ere eder soilaz beste da; ederrak atsegin goxoa eta atsedena dakarren bezala, eder gaindizkoak harrialdia, itzala, eta inoiz izuikara sortzen baititu. Eder gaindizkoak gai berekia mugarik eza du, Jainkoa, edo Haren egiteari dagokiona, edo Jainko zantzu zerbait duena: hauek baitira, ezagumenaren aurrera ekarriz, beren handi osoan atxiki ez daitezkeenak.»
«Eder gaindizko esaten zaie, ez hain egoki, sorkai eta giza ihardunei, beren heinean neurria gaintzen baldin badute»[44]
Eder gaindizko hau "gure arimaren
handitasunaren oihartzun ozen bat" dela dio Plotinek, eta isilgunean ere
ager daitekeela. Jesukristo bere Nekaldian baitzaigu eder gaindizko, batez ere,
mintza zitekeela, eta beste edozein nahitanahiez mintzatuko zenean, isildu
zelako. Baitakigu gainera "Ni nauzue" esanez etsaiek lur jo zutela.
Liburu santuetan maiz aurkitzen da eder gaindizko hau, eta gero, munduan izan
diren antzelaririk handienetan. Eder gaindizko hau ez dute bestelako
apaingarriek sortzen. Gainerako edermota guzietan irudibide, adibide, hizkuntza
gozo eta leun, ondo erabiliak dira; eder gaindizkoan berriz, hitzak ere
laburrenak, jatorrenak, bizkorrenak behar dute.
Eder gaindizko hau hedatuzkoa eta indarrezkoa dela
diote Kantez gero. Legerik ematea eta asmatzea neke eta alper litzateke, ez
baitaiteke hitzez erakuts.
Polita
«Ederrak polita ere handiz gaintzen du; heintsua eta beste behar diren zer-nolak izanik ere, txiki badira polit deritze"[45].
Txiki guzia polit, dio gure esaera
zaharrak.
Txairoa
Atsegin hori ez da handia, atsegin murritz bat, barre murritza eragiten baitu. Alai argitzea, irri urratzea besterik ez dela esan daiteke. Bigun eragiten du aspertu gabe, maitagarriro erakartzen du beregana.
Gogaldi Ona
Gogaldi ona esaten diogu umoreari, eta hori darion antzea, eder atseginera sail dezakegu. Atsedena eta patxada ditu berekin. Gogaldi oneko gizona badakizu zer den: onbera, gizartekoa, gorrotorik ez duena, gauzei behar bezala begiratzen diena, bere lepotik ere irri egiten duena, besteren ez egitekoek eta okerrek hasarrerazten ez dutena. Holakoak, berez irrigarri den gauza ere atsegingarri bihurtuko du besteren kalterik gabe.
Begiz eta belarriz sartzen zaizkigunak dira antzegisa guziak: margoantzea eta mukuluantzea (artes plásticas), begiz, elederra eta musika, belarriz. Geldi egonezkoak eta ihardunezkoak ere esan daitezke bestera: baina elederrean ere gertatzen dira ihardunezko ez direnak.
Elederra
Hola deritzo Literaturari, nahiz hizketa askatuan, nahiz neurtuan. Eta nahiz hizketa askatuzkoak nahiz neurtuzkoak, berebat, beste bietara daitezke: esanezko eta ihardunezko.
Gertajakintza
Gertaerak adierazten ditu, eta historia deitu diote. Bitarakoa da: eguzkiaren azpikoa, hots, mundu guzikoa, eta nonbaitekoa. Nahiz bata nahiz bestea, izan daitezke erabateko edota bakoizkako, hots, gauzak erabat edota gauzak bakoizka adierazten baditu. Azken honetara datoz aldizkako gertariak (crónicas) eta oroitzapenak (memorias), eta bakargertariak (monografías) eta bizigertariak (biografías).
Ez noa arau zeharorik bakoitzaz ematera, ez baitut hori asmo, izen asmatzen saiatzea baino. Gauzak jalkitzea da lehenik, egiaz, jatorriz, agiribidez edo garbitasunak erakutsiz; baita ordea aztertzea ere, iritzia ematea, eta bizibiderako zenbait erakuskizun ateratzea ere: magistra vitae bizitzarako irakaslea baita.
Ipuin Berria
Honi izena asmatzen eginahalak egin dira, baina ez dirudit oso hartzekorik. Neronek inoiz "Erroma ipuinak" esan izan diot, "Fabula romanensis" euskaratuz. Orain ipuin berria deitzen diot novelatik hartuta.
Bitarakoa da batez ere: ohiturekikoa, eta gertakarizkoa. Jakintzazkoa eta gogo azterketazkoa ere asmatu dituzte baina ez oso zuzen, neure ustez.
Mintzoantzea
Mintzatuz besteri eragitea asmo duen antzeari mintzoantzea eloquentia deritzokegu. Antzinakoek esana zuten: regina artium a priscis apellata, antze guzien erregina zela. Dena dela, mintzo bidez egiten eta eragiten du, nahiz zabaldi agerikoan, nahiz mintzo aulki batetik. Edozein hitzi, idatziri eta abar ez diogu "mintzoantze" esaten, mintzatuaren berorik ez baitute berekin askotan paperean ere agertzen duten arren.
Luzez heintsuko mintzaldi batek zer eragin indar duen behin edo behin ikusiko genuen, baina badira mintzaldi labur goriak ere, arengak esaterako, gudariei egiten dizkietenak. Hitz batez nolabait esan su mintzaldi esan beharko bihotzak su eta gar bihurtzen baititu.
Antzelea
Batik bat poesiari esaten diogu egun antzelea, antzerik garaiena lukeen gisan. Beste eleder gisek oro badukete antzea berekin, egia; baina gaurko edertasunari ere inoiz poesia esaten zaio: ez du poesiarik, ez du edertasunik. Edozelako mintzaerak badu bere higineurria edo ritmoa, baina antzele honek bereizia eskatzen du. Hori hutsa da ordea, aditzapenetan neurri hori ez badu. Bertsoak, ahalik ongiena neurtuak ere, barnean antzerik ez badute, hizketa askatua baino itsusiagoak dira berenez. Elkarrizketa bat ez al da musikaz ugariagoa, erabateko neurri zurrun hura baino?
Bertso gisak eta ahapaldiak eta abar adieraztea ez dagokit orain.
Irakaskizunezko antzelea
Jakintza gauzak, ohiturazkoak, eginbidezkoak, hitz neurtuetan eman ohitura bada antzinatik. Ikus Salomonen esaera zuhurrak, Dabiden zenbait Salmo, Horatiusen Epistola ad Pisones, eta abar. Zenbait aldiz zipoa ere berekin du, batez ere euskarazko bertso berrietan. Orain asko galdu dira, baina lehen edozer gauza aski zuten, neska batek mutilari etsipena eman ziola edo; eta okerren bat zuzendu nahi zutenean, jendea kuzkurrarazten zuten.
Bihotz Barneko Antzelea, Bihotz
Kanta
Norberak bere nahigaleak agertzen ditueneko antzeleari lirika izena ezarri zioten antzinakoek, liraren hotsa lagun kantatzen baitziren. Egun urratzearen pozetik hasi eta iluntzearen nahigabea bitartean, jaiotzaren pozetik heriotzaren atsekabera bitartean diren nahigaleek oro, bai ugari, hemen dute leku. Gaur zenbaitek negarkera ezartzen diote bihotz barneko antzele honi, bihotzaren beste ixurki guziak itxiz. Edozein barne eragini barnemin izena ezarri behar liokete holakoek. Lirika arlo honetan sailkatzen dira alaitasunezko, pozezko, zorionezko, garaitasunezko, maitezko, gogaldi oneko barne eraginak ere. Betiko negartientzat bego "atsekabe kanta", antzinakoek "elegia" esan ziotena: hau ere sail honetara dator. Eztai kanta epitalamium, anakreon kanta, eta bakoitzak asma litzakeenek oro, barne eragina dute etorburu. Kanta esan euskaraz ere, gure barne eraginak kantaz ematen baititugu beti bertsoetan. Sail honetan ezin utziak dira Jainko kantak edo himnoak, kantagai Jainkoa dutenak. Azken aldi honetan okertu egin dute himno horien adiera, eta guduantzeko ibil neurrien tankera eman die zenbaitek, bai gaian, baita musikan ere.
Gizagurenena, hots, Epika
deritzon Antzelea
Gizagurenen nahiz herrien eginkizun garaiak antzelez ematen ditu epika delako honek. Gizagurenen bat Homerek Akileu bezala, nahiz herri bat Camõesek[lxi] Portugal bezala, du kantagai. Gizon baten eginkizunen inguruan mordoratzen ditu herri batenak, esanezko keran nahiz elkarrizketazkoan, zehaztasunak eta irudibideak ugari dituela.
Heroica ere esan baitzioten, "gizagurenekikoa" esan geniezaioke.
Iharduteko edo Ihardunezko
Antzelea.
Izanezko nahiz asmatuzko bizi zati bat
iruditaratzea du asmo ihardunantze honek. Hirutarakoak daitezke bizi zati
horiek: irrizkoak, errukarrizkoak, eta agizkoak. Hiru iharduera horiei komedia,
tragedia eta
Ihardunantze honi dagozkion izenak argitara emanak dira eta Euskaltzaindiak behin-behingoz ontzat emanak. Nik beste aldera jarriko nituzke, ihardun hitza oinarri ipiniz. Ihardunantze: arte dramático; ihardunlagun: personajes; ihardunaldi: actos, eta abar.
Zenbaitek ederrahoa edersumarekin bat jotzen dute. Eta hala da aldez. Hortaz ederrahoaz, luzaro ihardungo ez badut ere, izena eman behar behintzat gusto esaten dioten honi. Ederrahoa nahiz edersuma eta ederriritzia aldez bana dira. Sukalandre maratzak goxatutako janari "aho oneko" deritzogu gehienek, baina hain aho ona zergatik digun ez dakigu. Berak bai, halako eta holako ongailu duelako. Berebat gerta ohi da antzegauzetan ere. Askok miazten dute edertasuna, baina gutxik irizten diote zer jatorri duen. Gizonak bere arimagan du aho sapai edo hori, eta zenbaitek nahimenari dagokiola diote, ederriritzia adimenari dagokion bezala. Ikasiz hobetu daiteke, egia, baina ederraho hori berezkoa du gizonak. Han eta hemen zenbait janari-edari atsegin badira ere, toki gehienetan eta guzietan atsegin emango dutenak badira, lehen esan dugunez. Ederra beti bat da, aldaezina, eta hura dakusatenek berdintsu ikusi ere egiten dute. Hala da izan ere.
Aho sapaia ere gorbizi daiteke ordea, halako eta holako janarietara ohituz. Beti ordea izango du zerbait janaritako ezin galduzko txestua. Ez zaio erabat galduko.
Ederriritziz edo kritikaz, lehen esanari nagokio, batez ere "Argialdia" deritzon zati hartan. Han dago oinarria. Arau haiek ongi betez gero, ez da besteren beharrik. Ezin utzia da ordea ederraho horretaz herrietan gertatu diren gorabeheraz zerbait esatea.
Itxuranahia
Okerrena delako jartzen dizut aurrena. Horretatik hasten da behera bidean antzea. Gauza ederrik ezin asmatu duenari, eta ahal izanda ere ahoa galdu duenari, asmakeriatan hastea gogoak ematen dio. Asmakeriazko gauzak irudi zaizkio eder. "Asmanahia": conceptismo; "asmakeriazkoa": conceptuoso, adierazi nahi dut. Honen hurrena beste nahikeria bat dator: "maisunahia": pedantería. Bestela ederrik agertzeko gauza ez denak, jakintasuna agertu nahi du neurriz gainetik. Hurrena, bere antzegauzak berotasunik ez duela igartzen dionak, ahoa puztu egiten du, handikeria bila nahiz gauzetan nahiz hitzetan durundia bilatuz. Hiru nahikeria horiei itxuranahia esan diet, afectación, alegia.
Jatortasuna[48]
Antzinateko idazle onei —Erromako eta Greziakoei— mailako idazle esan ohi zaie, classicus. Euskaraz ez baitator ordea egoki, saia nadin bestera. Klase oneko lurrari "aitor oneko lurra" esaten baitiogu, klase oneko idazleari "aitor oneko idazle", hots idazle aitor esaiogun, eta classicismusi "aitortasuna". Batez ere antzinakoei esaten zaie aitor oneko, baina mendez mende agertu dira gerozkoak ere holako idazleak han-hemenka.
Jator Itxura
Zenbaitek oker ulertu dute, ordea, aitortasun hori, eta onerako behar zitzaiena galgarri bihurtu zaie. Ez uste izan nahiz Erromako nahiz Greziako idazle haiek idazkera berbera zutenik, berezko dohainak baitzituzten, eta bakoitzak bere eskola edo landubidea. Hortaz, ondo jokatuz gero, bakoitzak bere aurpegia, bere jabetasuna behar. Hamaseigarren mendean azaldu ziren ordea aitor nahieko zenbait idazle, Greziatarren eta Erromatarren idazkeraren berberaren istiak eginez. Pizkundea esan zioten, oso-osorik esan Aitorpizkundea, hots, antzinako idazle aitor haien kera biztu nahia. Joera honekin batean, honek osotara ekarri ez bazuen ere, sortu zen Elizaren eraberri nahia, ohituretan ez ezen latin hizkuntzan berean ere. Elizak, bere latin hizkuntza mordoiloan gauza eder-ederrak asmatu izan ditu aitor nahieko gizon horien hotz-epelkerien aldean. Besteren istiak egin, edota bere buruzko eta oldezko eraginak agertu, batetik bestera dagoen aldea zegoen idazle hauetatik antzinakoetara. Gaitz honi clasicismo rígido izena eman diote, eta guk "aitorkeria" esaiogun. Izan ziren bai orduan ere banaka-banaka, beren ederrahoa galdu ez zuten zenbait gizon; baina horiek ere badute beren maisunahiko kutsua, haien ipuinketa edo mitologia norberen herri jakintzaren ordez darabiltela.
Berrinahia
Aitorkeria horrek berorrek ekarri zuen izugarrizko berrinahia. Ahaztu beharrekoa zen antzinakoen ipuinketa, sartu beharrekoa nork bere herrikoa, eta agertu beharra lehengoek bazterreratu zuten erlijioa ere. Berrinahikook ere gehiekeria askotara jo zuten, baina Elederraren osasunerako izan zen zenbait gauzatan.
Eredura Nahia
Herria bezain aldabera esan daiteke Elederra ere. Batzuk harantzegi, besteak honantzegi: erdian gelditzea neke baita. Antzinakoen izadieskola alde batera urruinaturik utzita. Ametsak, izukariak, beste mundukoak, sorginkeriak, lilurakeriak gai harturik eredura ordez ameskerietara jo zuten.
Izadira Nahia
Ametsetan ere aspertu baitziren, atzera izadia soilera jo zuten, honena beste edertasunik ez zela eta. Ametsak ere badira ederrak, ordea, eta gizonari beti zerbait amesteak on egiten dio.
Gordinkeria
Nolabait esan naturalismo, izadia osoa, bere makar eta guzi, edergaitzat hartu zuen joera. Lohia bera, gaiztakeria bera azaldu beharra zen, ederra baitzeritzoten. Hartarako hobea zen eta berehala[lxiii] galdu zen, Zola eta harekilakoen eskola hau.
Gerozko Gaitzak
Orainaldian ere, gaitza hobeki osasuna baino, gizonen aho sapaian. Izen hutsengatik merezi dute aipatzea oraintsuko edo modernistak, gerorako edo futuristak, harantzagoko edo ultraistak, eta abar. Ez nituzke ahaztu nahi parnasiar, igarkizunzale edo sinbolozaleak ere, hamaika gezur hasperen (suspiros de falsete) eman baitigute. Hauen artean ere gizon banaka batzuk eta lan egin banaka batzuk ez dira erabat bazterrera botatzekoak.
Behin esan eta beti esan, izadia oinarri dela, etortasuna edo berezkoa behar du antzelariak, lan ugaria nahiz lan urria dadin. Holako gisaz, ez du bere dohainik alperrik galduko, eta ez du lan lardaskarik egingo.
[1]Ikus Ideas estéticas Menéndez y Pelayo (I,
[2]Hipp. Maior.
[3] (en el tiempo y en el espacio)
[4]Republ. X. I.
[5]Republ.
VI,
[6]Republ.
V,
[7]Repub.
VI,
[8] Nombres de Cristo, cap.
[9]Ran.
v.
[10]Poet. XIV, Polit. I-VIII
[11]Geogr.
I, cap. II, parag.
[12] En la época del Renacimiento
[13]Id. Estét.,
[14] Ideas Estéticas, VII, 422.
[15]
[16] ratio sufficiens existentiae.
[17]
Pag.
[18]Antzeaz eta ohitura eta abar da auzia; ez antzejakintzaz eta ohitura jakintzaz. Bi jakintzok beren jabe dira, gaiak oso ez badira ere.
[19]
[20]
[21]
[22]
[23] ibid
[24]
[25]
[26]Ibid.
[27]
[28]
[29]
[30]
[31]
[32]
[33]Ibid.
[34] antzearen jabetasuna baita
[35] Ibid.
[36]De
Oratore
[37] Poros Ugaritasuna jainko egina, eta Penia Behartasuna jainko egina.
[38]Simposion
[39] Liburu Santuetan gure Aingeruei "Jainkoaren Aingerua", "Jaunaren Aingerua", "zeruko Aingerua", "Aingeru ona", "Aingeru Santua", "nire Aingerua" (Jaungoikoak), "bere Aingerua", eta abar esaten zaie erdietan edo gehiagotan.
[40]Itz
Lauz,
[41] Phaedr.
[42]
Itz Lauz,
[43] "Istiak egin" esaten da erdarazko remedar ordez, eta horretatik eman dut istiaketa hitza.
[44]
Urraburu, Ontologia,
[45]Urraburu,
[46] gracioso
[47] Id. ibid.
[48] Idazleak aurrenekoz "Aitortasun" idatzi zuen eta gero "Iatortasun". Hala hurrengo ataltxoan ere. Irakurleak alda beza AITOR, IATORren beraz. Nik egokiago deritzot bigarren hitza, iator, alegia. I(binagabeitia)-A(ndima)ren oharra.
[i]
Platon ; Oturuntza,
Platon ; Karmida,
Ipia Nagusia, Laka eta Lisi. Ikastola Nagusirako Liburuak. Eladeko
Klasikuak. Eladeratik Zaitegi eta Plazaola-tar Iokin-ek Ph.D. Euskaratua.
VI.tomoa. Donostia. Euskaltzaindia.
[ii]
ORMAETXEA, N. ("ORIXE"), «Estetika». In: Pablo Iztueta (Arg.), Idazlan Guztiak. Artikulu eta Saiakerak,
[iii]
Halan da, hizkuntzari dagokionez segurutik joskera da ikergai interesgarriena,
fokalizazioa, edota zenbait aditzen agintzapen berezia, iritzi eta irudi
(nor-nori), etab.
[iv]
Interesgarria izan liteke, Cuadernos del
Norterekin egin zen bezala, Euzko
Gogoa oso-osorik berriz argitaratuko balitz, tomo pare batean edo, baina hori
ez dagokigu guri.
[v]
Esanahi hauek gutxi gora beherakoak dira ; argiago bere eskuko hitz
direnean konposatuetan baino, eta ilunago bigarren osagaia bokalez hasten
denean ; esate baterako hemen
bietan da ‘arte’ esanahia :
“antzelana”/”antzirudia”
[vi]
ORMAETXEA, N.; "ORIXE" , "Eder eta
Antze", Euzko Gogoa,