Beltzen ingeles dialektoa
William Labov
ikertzaileak National Science
Fundation-en bidez hiru urtean barrena egindako
azterlanari jarraiki (1985ean argitaratua), beltzen
ingeles dialektoa “hizkera osasuntsu eta bizi-bizia da”, eta “bere gramatika
propioa garatzen ari den jendearen aztarnak ageri ditu”. Edo, zehatzago esanda,
“bere kabuz garatzen egotearen” zantzu linguistiko ugariak dauzka. Bere
ikerketa luze-sakonaren ondorio gisa, honela dio Labovek:
“badago frogarik esateko ingeles beltza, ingeles estandarraren antza hartu
ordez, aparteko bidea egiten ari dela”. Areago dio ikertzaile honek: beltzen
ingeles dialektoa hiztun komunitate baztertuen irudi sozial zabalagoa
ispilatzen ari da. Beltzen gramatika, oso aberats eta korapilotsua dena, bere
bidea egiten ari da. Esan dezakegu beltzen dialektoko gramatikan gauza berriak
gertatzen ari direla”. Beste hitzez esateko, beltzen ingeles dialektoa burua
ateratzen ari da, eskubide zibilen garaian egin ziren aurreikuspenen kontra.
Izan ere, orduan esaten zen eskoletan bereizkeria desagertzearekin eta jende
beltza erakunde amerikar estandarretan sartzen joan ahala, dialekto hori hil
egingo zela ezinbestean. Hala ere, lege mailan banaketa desagertu bada ere
eskoletan, orain de facto-ko banaketa dago, eta,
bestalde, 1988an beltzen langabezia askoz
ere handiagoa da 1968an zena baino. Beraz, ezin
dugu jakin ea beltzen dialektoa desagertu egingo zen baldintza sozial ideal
jakin batzuen pean. Edozein modutan, ez da desagertu; Laboven
ikerketak erakusten duenez, beltzen dialektoak berebiziko eginkizuna betetzen
du, pertsona beltzaren bereizgarritasun zeinu gorena baita: belztasuna mihian
bertan. Esklabutzaz geroztik, dialekto horretantxe kodetu ditu pertsona beltzak
bere errito kultural pribatu eta aldi berean komunalak.