Giza burmuin baten aktibitate-egituren multzoa da
gizakia, hori horrela esatea arraro geratzen bada ere. Normalean, gizakiaz
pentsatzen dugunean ez dugu burmuinaz pentsatzen. Gizakia irudikatu nahi
dugunean ez dugu burmuina edo burmuinaren aktibitatearen dinamikotasuna
irudikatzen.
Gizakiaz dauzkagun ideiak aztertzeari abia emateko,
has gaitezen gizakia nerbio sistema zentralaren alderdi bat dela proposatzetik.
Badirudi proposamen horrek gizakiaren osagai garrantzitsuak eta begi bistakoak
uzten dituela kanpoan. Zer gertatzen da gorputzarekin, kulturarekin,
gizartearekin, hizkuntzarekin, sexuarekin, mahairako portaera moldeekin?
Zergatik ez diegu gauza horiei erreparatzen?
Egia esan, burmuinaren aktibitatea aipatzen
dugunean, gauza horiei guztiei gabiltza erreparatzen. Giza gogoa burmuinaren
aktibitate-egiturak dira. Burmuina gorputzaren partea da, ez gorputzetik
aparteko gauza bat. Kultura, gizartea eta hizkuntza ez daude burmuinetik kanpo.
Kultura, gizartea eta hizkuntza hainbat burmuinetako egiturak dira. Esanahiak
giza burmuineko egiturak dira. Esanahia giza burmuinak munduari atxikitzen dion
gauza bat da. Burmuinetik kanpoko gauzek ez dute eurenez esanahirik. Pentsa
liteke gezi baten punta, edo buztinezko ontzi bat, edo testu bat edo edozein
tresna, lurzoru zaharretik ateratakoa izan edo dendetan salgai egon, kultura
edo gizarte edo hizkuntzaren osagaia dela, bere eskukoa eta giza gogotik
kanpokoa, baina tresnek ez dute esanahirik, ez bada giza burmuinek atxikitzen
dietena. Tresna baten esangura giza burmuinean dagoen egitura bat da.