Ana I. Morales
Lehengo batean deigarri gertatu zitzaidan eztabaida
bat ikusi nuen Basque-list posta zerrendan. Zerrendakide batek idatzi zuen bere ustez Espainiako
historian era guztietako ahaleginak egin direla betidanik euskal historia edo
pertsonaia nagusien arrasto oro ezabatzeko. Horri beste zerrendakide
batek zera erantzun zion: ezabatu ez, historialari espainiarrek hautatu egin nahi dutela. Zioenez, Areilza, Unamuno, Baroja, Txurruka, Espoz y Mina, Rekalde eta Loiola aipatu nahi dituzte, eta euskal
nazionalistek, berriz, Frantzisko Xabier, José Antonio Agirre, Barandiaran, Sota eta Kanpion. “Eta barkatu”, zioen zerrendakide
horrek, “baina lehen zerrenda askoz ere pisutsuagoa da (‘much
more impressive’ zioen berak) bigarrena baino”. Ez
dakit zerk txunditu ninduen gehiago: erantzun horren dogmatismo basatiak edo
bere ustezko aurrerakoitasunak autoreari ziur aski emango dion lo lasaiak. Izan
ere, ezkutatzen al zaio inori Kanona (edozein kanon: kulturala, literarioa,
historikoa...) elite batek bere zerbitzurako, iraupen eta gloria handiagorako
diseinatu duen tresna besterik ez dela, eta ez hainbeste kanonaren barruan
onartu dituen kideengatik nola kanpoan, ilunpeetan utzi dituenengatik? George
P. Landow-k dioenez, kanonetik kanpo geratzen diren pertsona,
obra edo gertaerak hemeretzigarren mendean Afrikarekin gertatzen zenaren
antzeko zerbait jazotzen da: hura kontinente “ilun” eta “ezezaguna” ei zen, baina
ez, jakina, bertakoentzat; Europarrentzat bakarrik zen ilun eta misteriotsua,
euren pertzepzio eta ikusmiratik at geratzen zelako, eta ez kasualitatez,
arrazoi politikoengatik baino. Onenean ingenuoa eta
txarrenean asmo gaiztokoa da historiako ezabaketak “garrantzi objektiboaren”
bidez zuritzen saiatzen dena. Gauzen “pisua” eta “tamaina” asko alda daiteke
begiralearen helburuen arabera. Ikusi bestela, nola uda honetan bakailao lapiko
bat gozatzeko adina ere izango ez zen Perejil nimiñoak kontinente tamaina hartu duen zenbait
egunkarirentzat.