Mozorrotzea eta ikusezintasuna[1]

            “Mozorrotzea” eta “ikusezintasuna” terminoak pertsona baten benetako izaera ikustea eragozten duten prozesuak dira. Nahiz eta hitz biak testuinguru batzuetan erlazionatuta egon, oso esangura diferenteak dituzte. Mozorrotzea norberaren benetako izaera eta motiboak ezkutatzea da. Nork bere buruari egiten dion gauza da, eta ikuslea, berriz, guztiz inozentea da. Ikusezintasuna, aldiz, besteen benetako izaera ikusteko ezintasuna da. Nork besteei egiten dien gauza da, eta ikuslea da ezin horren erantzule bakarra.

            Othello obran mozorrotzearen adibidea dugu. Iago zitala pertsonarik zintzoena dela uste dute  beste pertsonaia guztiek, Iago-k bere benetako izaera on itxuraren pean ezkutatzen baitu etengabe. Besteek ezin dute haren benetako izaera ikusi, baina horren errua Iago-k du, berak gordetzen dituelako bere egiazko motibo eta ezaugarriak. Jende gehienarentzat ikustea sinestea da, eta beraz, ikusleek aurrean jartzen zaiena baino ezin dute ebaluatu. Mozorrotzea, hala ere, ez da beti helburu moralki gaiztoekin erabiltzen. Izan ere, mozorroa janztean besteek ikusi nahi duten itxura ematen dugunez, horrek balio ahal digu geure burua babesteko eta laguntza behar duten beste pertsona batzuei laguntzeko. Esaterako, gizarteak ukatutako eskubideak lortzeko zeharbidea izan daiteke. Passing izeneko nobelan, jatorriz arraza beltzekoa den baina azal oso argia duen pertsona batek zuritzat agertzen du bere burua gizartean, hartara beltzek pairatzen duten bereizkeriatik libratu eta zurien pribilejioak eskuratzeko. Jende aurrean heterosexual gisa agertzen diren pertsona homosexualak beste adibide bat dira: zapalkuntzatik eta gorrototik libratzeko, heterosexualitatearen mozorroa janzten dute.

            Ikusezintasuna, esan bezala, besteak diren bezalakoak ikusteari uko egitea da. Kasu honetan ikusiak diren pertsonek ez dute kontrolatzen zelan ikusten dituzten besteek. Ikusleak aurrean dauka bestearen benetako izaera, baina ez du ikusi nahi, hor egongo ez balitz bezala jokatzen du. Gizartean gutxietsiak diren taldeek ikusezintasuna pairatzen dute etengabe: euren lorpenak, euren emaitzak eta alderdi positiboak ez dira ia inoiz iristen hedabideetara edo erabakiguneetara, euren izenak ez dira agertzen Historiaren orrietan. Esaterako, Madame Roland eta Olympe de Gouges aktibista soziopolitiko izugarri inportanteak izan ziren Frantses Iraultzan, baina Historiako klaseetan ez da euren izen eta ekintzen berri ematen. Zergatik? Emakumeak zirelako. Ellison nobelagileak ezin hobeto deskribatu zituen ikusezintasunaren gaitzak Invisible Man nobelan, erakustean zelan ahaleginak ahalegin eta merituak meritu, pertsona beltzen lorpenek boterearen jabe diren zurien indiferentzia eta aurreiritzien hormaren kontra jotzen duten. Izan ere, aurreiritziak ikusezintasunaren makina mugiarazten duten erregaia dira. “White  Privilege” izeneko entseguan, Peggy McIntosh-ek argudiatzen du pertsona beltz baten akatsak juzkatzean, zuriek arrazari leporatzen dizkiotela akatsak, eta ez pertsona konkretu horren izaerari. Aldiz, zuriak ez dira euren azalaren kolorearen arabera epaitzen. McIntosh-ek dioen moduan: “[zuria naizenez] biraoak bota ditzaket, bigarren eskuko arropak eraman eta utzia izan gutunak erantzuteko, baina inork ez die jokabide horiek leporatzen nire arrazaren inmoralitate, pobrezia edo analfabetismoari”. Esan liteke ikusezintasun hau begien aurrean eramaten diren betaurreko antzeko batzuek sortzen dutela, “aurreiritzien betaurrekoek” alegia. Pentsa, bestela, zergatik euskal kantariak ez diren ia inoiz azaltzen Espainia edo Frantziako telebista eta irrati kateetan, nahiz eta hedabide horietan gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntza batzuek sarrera izan, eta euskal produktuek kalitatearen aldetik ezer inbidiatzekorik ez izan pantailan eta uhinetan ateratzen diren beste hainbat produkturi.



[1] Ana I. Morales. Prest: Deustualdeko Hilabetekaria.