Patriarkalismoa aitaren botera da

 

Patriarkalismoa aitaren botera da, hau da, sistema familiar-soziala, ideologikoa eta politikoa zeinetan gizonek erabakitzen duten emakumeek zein eginkizun bete dezaketen eta zein ez —dela indarraren bidez, presio zuzenaz, erritualen bidez, tradizioaz, legeaz eta hizkuntzaz, ohituren bitartez, etiketaren bidez, heziketaz nahiz lan banaketaz— eta zeinetan emakumea gizonaren pean dagoen leku guztietan. Ez du nahitaez esan nahi inongo emakumerik botererik ez daukanik, edota kultura jakin batean emakumeek ezin ditzaketenik izan nolabaiteko botere batzuk. Esaterako, Crow tribu matrilinealean, emakumeek maila handiko eginkizun ohorezkoak betetzen dituzte zeremonia eta jaialdietan, baina hilekoarekin daudenean ezin dute inorekin harreman sozialik izan, eta objektu sakratu bilakatzen dira. Emakumeek eta gizonek fenomeno kultural jakin bat konpartitzen dutenean oso gauza diferenteak esan nahi ditu genero bakoitzarentzat. Gizonek beloak daramatzatenean —adibidez Ipar Afrikako Tuaregen moduan— urruntasun horrek pertsona horren estatusa eta boterea areagotzeko balio du, baina nekez esan genezake halakorik purdah jokabide kodepean bizi diren emakumeen gainean. Azken buruan banaketa lerroa markatzen da beti, eta kultura guzti-guztietan markatzen da, modu diferenteetara bada ere.

Era berean, patriarkalismoak ez du esan nahi aitaren boterea zuzenean semearengana pasatzea, nahiz eta botere-erlazio hori garai batean ez zen zalantzan jartzen, esate baterako feudalismoan edo familia victoriarrean. Alexander Mitscherlich psikoanalista alemanak arrastoa jarraitu dio aita-seme erlazio horren gainbeherari, industrializazioaren presioetan, masa produkzioan eta lan espezializazioan barrena: “lana” etxetik kanpora irten bezala eta gizartea konplexuago eta zatikatuago egin ahala, aita familiarengandik urrun dagoen figura bihurtu zen, hau da, garai batean zeukan aginte praktikoaren “mamia” galdu zuen. Hala ere, Mitscherlichek dioenez, “gure gizartearen egitura patriarkala oso lotuta dago pentsaera magikoari. Honako uste hau du oinarri: aita-seme, Jainko-gizaki, arautzaile-arautuaren artean dagoen botere harremana (ahalguztiduna vs ezindua) antolamendu sozialaren printzipio naturala dela”. Ahalguztidun-ezindu harreman hori batez ere gizonen eta emakumeen artean gertatzen da, eta gure hezkuntzak, antolamendu sozialak eta “pentsamendu magikoak” oraindik daramate irudi paternalista horren aztarna.

Adrienne Rich, Of Woman Born ("Emazterik sortua", moldatua)