Robinson Crusoe berriro: lehen nobela “ez-fikziozkoa”

 

Diana Loercher Paziecky

 

Normalean pentsatzen dugu egia eta fikzioaren arteko lerroa lausoa izatearena gauza berria dela. Gogoratu, adibidez, zelako zurrunbiloa sortu zuen Truman Capoteren Odol Hotzean nobelak 1960ko hamarkadan. Lan hori genero literario berri baten aitzindaritzat hartu zuten, “nobela ez-fikziozkoa” alegia, eta hainbat imitazio sortu zituen. Zein erraz ahazten zaigun Defoe egon zela bera baino lehenago, 1719an zehatz esateko, Robinson Crusoe argitaratu zuenean.

Defoe kazetari oso ugaria baina sarritan sosik gabekoa zen. Irudimen lanetarako pazientzia gutxi zeukan, eta segurutik mesfidantzaz hartuko zuen bera hilez geroztik ematen izan zaion izena: “nobela ingelesaren aita”. Defoe beti zegoen erne hitzak diru bihurtzeko, eta bazekien bereizten zer zen istorio on bat halako bat entzuten zuenean. Beraz, Alexander Selkirk-en istorioari heldu zion, gaur egungo “bihotzeko” kazetari batek pertsona famatu baten inguruko eskandalu bati helduko zion grina berberarekin. Selkirk benetako irla bakarti batean naufragatutako benetako marinel ingeles bat zen, leku mortu hartan bere adimenaz baliatuta bizirik ateratzea lortu zuena. Erreskatatu eta gero Selkirk-i egin zizkioten zenbait elkarrizketatan oinarritu zuen Defoek bere nobela. Agian Selkirk bera ere ezagutuko zuen.

Bere liburuari nobela deitu baino, Defoe askoz ere pozago egongo zen beste izen zakarrago baina dezente egokiago batzuekin, adibidez “kontaera fikzionatua” edo “autobiografia fikzionatua” bezalakoekin. Hitzaurrean editore moduan agertzen da, eta kontakizuna Crusoerena berarena balitz bezala aurkezten du.

Alabaina, Defoek libertate handiak hartu zituen Selkirk-en istorioarekin, adibidez haren abentura lau urtetik 28 urtera luzatzea. Denbora guzti horretan Crusoek ez du burua galtzen, ez zaio bere hizkuntza ahazten, eta ez du behin ere emakumeez pentsatzen. Horrek guztiak sinesgarritasuna kentzen dio istorioari.

Argi dago Crusoe neurri berean dela Defoeren irudimenaren emaitza eta Selkirk-en esperientziarena. Beraz, argi eta garbi erakusten digu zelan gertaeren eta fizkioaren arteko lerroa lausoa den, generoa nobela ez-fikziozkoa izan, nahiz “kazetaritza berria” edo biografia konbentzionala izan.

____________________________

 

Generoaren anbiguotasunak gaur-gaurko egiten du “Robinson Crusoe”, eta haren interpretazio anbiguoak ere oraindik kilikatzen du XX. mendeko irakurlea. Nobela hau sarritan sartzen dute umeentzako klasikoen purgatorioan, baina irakurle heldu eta zuhurra konturatuko da hau ez dela abentura istorio hutsa, baizik eta kezka sozial, politiko, erlijioso eta are antropologiakoez betetako istorioa.

Hainbat interpretazio eman izan zaizkio “Robinson”-i: biziraupenaren mitoa, non “Gizon Arruntak” naturaren indar kontrarioak gainditzen dituen; kapitalismoaren sorreraren alegoria, non Crusoek irla mortu bat sasi-paradisu burges bihurtzen duen; fabula puritano bat, non aitaren borondatearen kontra itsasora joandako seme galduak bere zigorra eta bere erredentzioa aurkitzen dituen “etsipenaren irla” honetan.

Nobela irakurtzean lerro horietako bat bakarra kontuan hartuz gero, oharkabean joango zaigu nobelako ironien sare korapilotsua, itxuraz forma zehatzik ez duen istorioa honi barne-lotura eta umorea ematen dizkiona. Adibidez, Crusoek itsasora joan eta mundua ikusi besterik ez du gura, baina 28 urte pasatuko ditu bakardaderik eta isolamendurik latzenean. Areago, muzin egin dio bere aitak gomendatutako eta jaiotzez legokiokeen “erdi mailako bizimoduari” eta 28 pasatuko ditu bizitzako beharrak eta etxe bateko erosotasunak kopiatzeko ahaleginetan.

Ironia hauek ez zaizkio oharkabean pasatzen Crusoeri: behin eta berriro kolpatzen du bularra bere erruen damuz, halako portaera irrazionala hartzeagatik: “Ni, neure burua suntsitzeko jaio nintzen hau…”. Era berean, ironia hauek aditzera ematen dute “patua” edo “jainkoaren borondatea” lanean ari direla Crusoe askatzeko, baina ez bakarrik bere egoera horretatik, baina bere buruarengandik ere bai.

Bere baliabide hutsekin moldatzera behartuta, Crusoe jo eta ke hasten da biziraupenaren artea lantzen, eta estilo sortzaile eta berritzailea garatzen du. Harro dago bere zuhurtziaz eta lanerako grinaz: “Bizitza osoan ez nuen sekula lanabesik eskutan hartu; eta, denboraren buruan, lanaren lanaz, gogor saiatuz eta ahaleginduz, azkenean konturatu nintzen ez nuela behar nik egin ezin nezakeen gauzarik, batez ere tresna egokiak edukiz gero”. Lehen morroi alfer eta gibel handia izandakoak pazientzia eta lanerako setaren nolakotasunak bereganatuko ditu, eta bere lorpenen berri emango digu xehetasunekiko ardura ikaragarriaz.

Bizirik irauteko borroka –ikusiko du Crusoek— osasungarria da arimarentzat. Thoreauk bezala bere buruaz baliatzen eta naturarekin armonian bizitzen ikasiko du. Gizarteko balio arruntak gaindituta, honelako pentsamendu sakonak eskainiko dizkigu: “Munduko gauza on guztiak geuretzat erabilgarri diren neurrian bakarrik dira on… Erabil ditzakegun neurrian gozatzen dugu gauzez, ez gehiago”.

Alde askotatik Defoeren nobela gizakiaren izpirituaren menderakaiztasuna goraipatzeko nobela da. Azken ironia zera da: Crusoek zibilizazioaren arrasto oro galtzen duenean bihurtzen dela benetan gizakiago. Haren beldurrak, premiak eta nahiak ez dira indibidualak orain, unibertsalak baino. Berriro ere oinarrizko gauzetara itzuli behar izatean, gizakiaren senik (=instinturik) onenen ispilu bihurtzen da, eta irakurleok konturatzen gara bere bizimodua erosoago egiteko egiten dituen ahalegin horiek guztiak ez direla materialismoaren adierazpide; aitzitik, estimulu eta segurtasun premia oinarrizkoa dira...