Adimen testen aldekoek gogoan izan beharko lukete halako
testetan egin ohi diren galderak kontzientzia mota jakin baten neurrira eginda
daudela, hots, idazketak eta letra inprimatuak ikaragarri baldintzatutako
kontzientziarentzat, “kontzientzia modernoarentzat”, alegia. Ahozko kultura
bateko pertsona oso argi bati era horretako galderak egiten zaizkionean
normalena izaten da pertsona horrek erreakzionatzea ez galdera bera zuzenean
erantzunez, testuinguru osoa ebaluatuz baino (ahozko pertsonek osotasuna
hartzen du aintzat): “Zergatik egin dit galdera inozo hau? Zuhaitz bat zer den?
Zelan galdetzen dit txotxolokeria hori, berak eta mundu guztiak milaka zuhaitz
ikusi dituenean? Asmakizunekin ondo moldatzen naiz, baina hau ez da asmakizuna.
Zer ote da? Joko bat?” Horixe dela joko bat, baina ahozko pertsonak ez ditu
joko horren arauak ezagutzen. Halako galderak egiten dituzten pertsonak
txiki-txikitandik bizi izan dira halako galdera mordoen artean, baina ez dira
konturatu ere egiten arau bereziak erabiltzen ari direnik.
Iturria: Ong, Orality and Literacy.