Juan Kontxia zeritzon guraso batek eman zion seme bati zuen
guzia ezkontza baterako; hitz onak eman zizkion seme hark emaitza edo donazio osoa eragin artean, eta hala gelditu zen seme eta
errainaren besoetan bezala.
Lehenbiziko
egunetan egiten zioten harrera eta aurpegi ona; baina egun gutxiren buruan
soinu berri bat entzun zuen. Ez zioten ematen egun on bat; jango zuen ogia
busti behar zuen malkoekin, onik egiten ez ziola ahora zeraman ogi[2] borondate
txarrez emanak. Hitz gogorrak, aurpegi iluna eta mutur astintzea ziren ematen
zioten alogera. Damutu zitzaion egina; baina asmatu zuen gauza bat, zeinek
irten zion txit ederki.
Auzoko gizon
bati eskatu zizkion isilik diru zati batzuek egun gutxiren epean bihurtzeko
hitzarekin. Diru horiekin sartu zen gela batean, hasi zen kontatzen, eta hotsak
eragiten. Diruen hotsak poztu zituen seme eta errainaren bihotzak. Hurreratu
ziren gelara, eta ate artetik begiratu eta zelatatu zuten gurasoa, zein zegoen
mahai gainean diruak kontatzen, eta nola gero gorde zituen kutxa-kisket batean.
Nolako poza? Galdetu zioten hurrengo egunean:
─"Aita, zer egin zenuen atzo
gelan bakarrik sartuta? Norenak ziren diru[3] hots egiten
zutenak?" Erantzun zien:
─"zuek baino ume gehiago
badut; gorde ditut diruak hil ondoan izan daitezen ondoen hartzen
nauenarentzat."
Nork esan
berri honekin nolako harrera egiten zioten handik aurrera? Mahaian aurrerengo, jatekorik onena, aurpegi gozatsuak, hitz
amoragarri eta samurrak, galdetzen zioten: "Aita, ondo zaude? Minik baduzu
inon? Zertako jaikitzen zara hain goizetik? Zaude ohean nahi duzun
artean."
Hala bada
zeramatzan egun zahartzako gozoak[4]. Halako batean
gaixotu zen; lagundu zioten ezin hobeto! Hil zen agure on hau; eta joan ziren
arinka kutxan zegoela uste zutena harrapatzera. Ordea ez zuten ardit bat ere
aurkitu, eta bai makila labur lodi bat, eta paper hitz horiek eskribituta
zeuzkana[5]:
Nik Juan Kontxia, azkeneko Testamentu
honetan agintzen dut, Kutxa honetan aurkituko den makila sendo honekin emateko
galantak, bere buruarekin konturik atera gabe, duten guzia bizi diren artean
umeei ematen dieten guraso ero eta onegiei.
Gelditu ziren
honela diru gabe seme eta errain gaizto haiek, eta aita asko jakinak irakatsi
zien beste gurasoei zer egin.
[1]Juan Antonio Mogel;
El Catequista Bascongado / Cristau
Eracasle Euscalduna,
Bilbao, Jarein, 1994. 245-246.orr.
Orain arte argitaratu gabe lotu zen
XVIII-XIX mendeko obra hau (1745-1804), bi ediziotan dago;
Jarein-Arejitak eta Deustuko Unibertsitatea-R.M. Pagola
[2]Erlatibo zaharra:
"borondate txarrez emandako ogiak"
[3]Erlatibo zaharra:
"hots egiten zuten diruak"
[4]Cf. "Zahartzako
egun gozoak"
[5]Erlatibo zaharra:
"Hitz horiek izkribituta zeuzkan papera"