Bartolome

Olgetaren gainean

 

                                                  Noizbait zertan edo hartan olgeta naturalezak eskatzen duena da.

 

Huts egite atrebitua eta pena handia merezitzen duena da kristinauari Jaungoikoak ipini dion baino lege astunagoa eta karga handiagoa ipintzea. Jaungoikoaren legea eta ordena arteza, argia eta santua da. Kristiniau guztiak ikasi eta gorde behar dutena da. Baina ez gutxitua, mudatuta, nor berak gura duen moduan, ezpada Jaungoikoak eta Eliza Ama Santaren Espirituak erakusten duen moduan. Jaungoikoak kondenetan duena gizonek ontzat eman ezin lezakete. Ezta Jaungoikoak ontzat ematen duena ere gizonek kondenatu. Maldizio baten azpian eragotzita dauka Jaungoikoak gauza ona txarra dela eta gauza txarra ona dela erakustea. Profeta faltsuen lekuan kontatzen ditu Jaungoikoak eta zemai handiarekin kastigatzen ditu, euren burutazioarekin legea eginda, Jaungoikoaren esana balitz legez predikatzen dutenak.

 

Haugatik olgetaren gainean berba egiten denean alderatu behar dira huts egiteko izkina biak, beste edozein gauzatan legez. Bata larregia eta bestea gutxiegia. Batzuk zabaltzen dituzte olgetak bekatuzkoetaraino. Eta beste batzuk laburtzen dituzte gaitz gabekoak ere. Olgeta asko diren legez bekatuzkoak, kristinauak inoiz ere egin behar ez dituenak, beste asko daude inozenteak, arimara gaitzik ez dakartenak eta naturalezak eskatzen dituenak arrazoiaren legetik irten barik.

 

Olgeta da norberaren zer egin nagusiei eta obligazioei utzita gogoak eskatzen dion beste gauza batean denbora iragotzea. Eta hau noizik behineko batzuetan naturalezak eskatzen duena da. Ez dago ezer ere munduan, inoiz utzi bagarik jarduteko gizonak hartuko lukeen zereginik. Asmatu bedi nagien den gauza, gehien gustatzen zaiona eta berari utzi barik beti bizi behar badu, laster kantsatuko da. Kodizioso batek gehien nahi duena da dirua kontatzea eta poltsan gordetzea. Baina jaiki barik beti ihardun behar balu dirua kontatzen eta kontatzen, egun gutxi barru guratako litzateke beharra mudatzen. Guleru batek janean eta edanean dauka bere poz eta gusto guztia. Baina beti jaten eta edaten egon behar balu, laster aspertuko litzateke. Jokalari batek jokoan dauka bere gogoa. Baina urte osoan egon behar balu jokoari utzi barik, gaina etorriko litzaioke jokoari uzteko.

 

Beste hainbeste daukate eta gogo betea ematen dute, inoiz utzi barik eginez gero, estudioak, lanak, orazioak, errazuak, beharrak, loak, soinuak, dantzak eta beste gauza guztiak. Ez beste gauzagatik, ezpada geure jenioak, kondenazioak edo naturalezak beti sen baten, behar baten edo gauza baten gogait egin barik iraun ezin duelako. Horregatik zein arimako eta zein gorputzeko lanetan haiei utzita noizbait atsentzea eta sosegatzea geure izateak edo naturalezak eskatzen duen gauza da.

 



 FRAY BARTOLOME; Euscal errijetaco olgueeta ta dantzeen neurrizco gatz-ozpinduba (1816), Edizio "kritikoa" Patxi Altunak paratua, Bilbao, Deustuko Unibertsitatea, 1987.