Euskal elerti soroan
gabiltzanok gutxitan izaten dugu gure hizkuntzaz lan sakon eta muga guztietatik
ukituak irakurtzeko abagunerik. Aita Villasanteren Euskaltzaindiko sarrera
hitzaldiak aukera horixe eman digu. Egia esan, berandutxoegi dator gure
aldizkaria lan eder horren berri irakurleei ematera; gehienok ordea, ezagun
dituzue luzapen horren zioak. Nahiz ez besteko atzerapenak ukan ditugu
ustekabeko oztopoak biderdiratu zaizkigulako. Oztopo eta tupustarri guztiak
leuntzen ari garenez gero, ezin dezakegu lan eder honetaz gure iritzia ematerik
areago luza.
Hitzaldirako Aita
Villasantek onartu duen gaia euskararen etorkizunaren giltza da, izan ere.
Euskara biziko bada, batasuna behar‑beharrezko eta noraezekoa da.
Hizlariak ederki dioenez, eguzkipeko hizkuntza aipatuenak aspaldi iritsi ziren
batasun horretara, eta batasun horrek, literatur‑hizkuntza batasunak
alegia, bizi arazi eta eutsi ditu egun erakusten diguten tinkotasun eta
zaildutasunean. Aita Villasanteren hitzaldian irakur ditzake irakurleak aipatu
hizkuntzen gora‑beherak jomuga horretara iritsi baino lehen.
Era askotara egin
daiteke gure amestu batasuna, literatur batasuna alegia. Literatura hemen ez du
hartzen Aita Villasantek hizkera arruntean hartu ohi dugun esangura hertsian,
zabalagoan baizik, hots, jakintza orotan, giza adimenak asma ditzakeen gai
guzietan erabiltzeko hizkera batua. Hori duzue Aita Villasanteren “literatur
euskara”. Arestian esan dudanez, bide askotatik hel gintezke batasun horretara,
eta egia esan, euskal idazle bakoitzak, hitzez ez bada egitez behintzat, bide
gehitxoegi ere erakutsi ditugu. Aita Villasantek, ordea, bide bat aukeratu du
eta “lapurtar klasikoaren gain” euskara bakarraren jauregia eraiki behar
genukeela esaten digu.
Ez zaizkio falta
bide hori onartzeko arrazoi handiak. Sakon, argi eta garbi, ikertzen ditu lan
eder honetan, lapurteraren alderako dituen arrazoiak. Jasoena, euskalki horren
tradizio zaharra. Hamabost eta hamaseigarren mendeetan lapurteraz idatzi zuten
euskal idazle bikainak finkatu zuten tradizio hori. Garai hartan Bizkai eta
Gipuzkoan, hasteko zeuden euskaraz idazten. Gure idazleak askoz geroagokoak
dira; hamazortzigarrenekoak Gipuzkoan, Larramendi, Kardaberaz eta Mendiburu;
Bizkaian, berriz, hemeretzigarrenean baizik ez genuen izan esateko idazlerik.
Zehatz-mehatz azaltzen dizkigu Villasante A.k garai hartako lapurtar idazleen
berri eta zehapen guztiak.
Baina batasun hori,
“literatur‑euskara” hori nola egin behar dugun ere, barrenki esaten digu
euskaltzain jakintsuak; Gramatika zelaiaren sail guztietan, lexikoan edo
hiztegi‑arloan etab. Auzi guztiok garbitzen ditu idazleak, ezertxo ere
koloka edo zalantzan uzteke.
Ez ditu ordea
bazterrean utzi nahi, bere teoria honen aurka ezar daitezkeen oztopoak.
Hitzaldiaren bosgarren atalean, korapilo hauek askatzera jartzen zaigu.
Lehenengoa “hizkera‑molde hau ikasi egin behar genukeela”. “Bai horixe”, erantzuten
du. “Literatur hizkuntza nonahi eta betiere ikasia izaiten da. Guk idazten
dugun erdara, ez al da ba ikasia? Arren ez eskatu euskarari nehongo hizkuntzari
eskatzen ez zaion gauza bat, ikasi gabe jakin dezagun alegia”. Eta hizpidean
dago euskaltzain argia. Baina euskarari, zoritxarrez, eta euskal idazleei,
gauzari bakanenak eskatzen zaizkigu. Edozertaz idazti behar dugula? Herri
arruntenak, inoiz ezer ikasi ez duen euskaldun alperrenak, aberri hizkuntza
nardatzen duten euskaldun ezjakinenak ulertzeko eran idaztea eskatzen zaigu, ez
bakarrik eskatu, baizik eta horretara behartu nahi gaituzte, Herria, Herria oihukatuz ari zaizkigun
zenbait idazle erdal jariok. Gaztela elkorreko luginak gai ote dira erdaraz
idatzitako jakintza liburuak sostean ulertzeko? Hori gero, horiek beuren
hizkuntzaz eskolatuak direlarik, gure luginak, gure herri jendeak berriz,
erdaraz soilik. Ez diezagutela miraririk eska herrikariok. Horretarako ez dago
beste biderik Aita Villasantek aipatzen duen hurrengo hau baizik.
“...Eskolaz gainera, Unibertsitate edo Kultur Elkargo
garai baten beharrean gagoz, egiteko handi hunen beregain hartu eta burutu
lezakeen kultur Elkargo baten premian... ...Lan hunetan eskuak sartzen, ordea,
oraiberetik eta berantegi izan dadin baino lehen jardun behar dugu”.
Anartean, utzi gaitzatela bakean euskara indartu,
bizkortu, aberastu eta goraltxatzeko, neke gehiegiz inguraturik, ari garen
idazleok. Errax zale porrokatuak oldar bitez hain gora oihuztatzen dituzten
bideetatik, oraindik ez baitute ezertxo ere egiten.
Hara bada, orain ere nire bidetik saihestu naiz.
Euskararen garrez inguru guztiak erre beharra...
Labur esan, Aita Villasanteren hitzaldi mamitsu,
jakintsu, sakon eta ukitua, euskal literaturaren oinarri sendoenetako bat
duzue, euskal ikaskuntzetan saiatu nahi lukeenak, inola ere baztertu ezingo
duena. Adimen argi eta ikerpen sakonenen uzta bikainena. Badukete pozbiderik
Frantziskotar maiteek ez ezen Euskaltzaindikoek ere, horren gizon jakintsu eta
langile bat beren lerroetan kokatu zaielako. Gure zorionak har bitzate
euskaltzain gazteak eta haren anaikideek.
[a] Ibinagabeitia Idoiaga,
Andima. Euskal idazle bizkaitarra (Elantxobe,