Larramendi[a]

 

Larramendi 1

Aita Manuel Larramendiren Karta Liburu honen Egileari Bidalia 1

“Escara gustioc dodaz maite...”_ 3

 

 

Aita Manuel Larramendiren Karta Liburu honen Egileari Bidalia[1]

Aita neurea, badakit, eta hori aspalditxo da, arazo handietan zabiltzala, argitaratzeko liburu bat, Jesusen bihotzarekiko debozioari dagokiona. Jakin ez ezen, irakurri ere badut oharrez eta arretaz zure eskuizkribua: eta ikusiaz eta erabiliaz, are gehiago ezagutu dut lan honen handitasuna. Gaiari banagokio batetik eta bestetik hizkuntzari, baderitzat gezurtatzen dituzula erdaldunen eta euskaldunen uste[b] txarrak, eta desegiten eta aienatzen guzien lausoak eta liluramenduak.

Hona non duzun gaia, munduan den kontuzena[c] izatez eta egokiz erabili behar dena: baina zein ere den goi, mehe, hondatsu[d], hala ohi darabilzu, hain aisa eta ito gabez, beste esku arteko behargai[e] errazen bat balitz bezala. Ez ahal zaitu hantusteak amilduko. Ez duzu hau zerez: Jainkoaren dohaina duzu, noiz eta nori nahi duen ematen diona. Ez zenioke hain argi eta garbi sail honi ekingo Jainkoak eman ez bazizun Jesusen bihotzarekiko duzun jaiera hori, hain bizia eta sutua. Hark erakusten dizkizu gai handi honen saihets guztiak, hark egoki santuak, hark ekarrai[f] ezti-ezti, gozo-gozoak, hark gizonentzat debozio honi darizkion Zeruko ondasunen iturburuak. Hitzetatik ageri duzu nola datxekion* zure bihotzari, eta ez derauskiola[g] mingainari, barrunbeari dirakiana eta gainez dariona besterik[h]. Horiez gainera ez zaitu izutzen nekeak, minberakor eta alper txarrak izutzen dituen bezala: eta horregatik, haiek ez bezala, garaitzen duzu, lautzen eta menderatzen.

Bestenaz banagokio zure hizkuntzari, lehen ere baino hobekiago dakusat alde horietako euskaldunen itsusmendua, zeinean darasaten[i], ez dela gure euskara gauza handi, mehe, goi direnak adierazteko. Hona bertan guzien gezurtamena, zure liburu euskaraz hain garbiro moldatuan. Esan biezat nork nahi, zenbat zor dioten zure euskara honek beste hor dabiltzan hizkuntzen nahaspilei? Esan bekit[j] zeinetan Jesusen bihotzarekiko debozioaren gaia hobeto, ederkiago, gozoroago berezia dagokion, zuzendua eta apaindua? Gaiak berak eztia du, eta alderdi guzietatik eztia dario; eta hartzaz[k] hitz egiteko ez da munduan gure euskara bezain hizkuntza itsaskorragoa, eztiagoa, gozoagorik: eta egia honen ikusbidea zure liburu hau izango da. Baina lehenbiziko saioak honelakoak direnean, esan biezadate, gerokoak nolakoak izango diren, ikusiaz, ekinaz, landuez, aterako direnak?

Eskriturak nonbait diona da “haurtxoak ogi eske zeuden, eta ez zen nork puska ziezaien”: eta orain ere hauxe esan dezakegu Euskalerriarentzat; bada Jainkoaren hitzaren ogia txikitu gabeaz, sekerak[l] ihartuak bezala, goseak hiltzen daude asko eta asko. Zer bada? Ez dabiltza gure elizetan predikarioz franko? Ez dute erasaten surmurrez eta deiadarrez Zeruko jakinbidea? Egia da, badabiltza eta badute erasaten. Ordea zer da antsi, entzule gehienek erausi hura aditzen ez badute? Sinestarazi nahi digute, aditzen dela Gaztelania, are ikasi ez dutenen artean. Ez da hori egia: alperren erausiak eta aitzakiak dira: hitz banakaren batzuek adituagatik haizeak daramatza besteak, eta Jainkoaren hitzaren ogia gelditzen da Euskaldunentzat xehatu gabez probetxurik gabea. Baina egia balitz ere, ez da lotsagarri hitz egin behar digutela euskaldunak Euskal Herrietan, ez guziok dakigun hizkuntzan, ez gure herriko, gure gurasoen hizkuntzan, ez bularrarekin batean edoski genuen eta lehenbiziko genekien hizkuntzan, baizik Gaztelauen hizkuntza arrotzean? Sinets nazazu, ereile gaiztoetan dago azaro txarra, eta gero uzta soila eta hutsa. Alabaina gutxik daki bere jaioterriko Euskararen erdia, eta alperrak diren bezala, ez dute ikasi nahi gehiago, eta ez diete nahi beren buruei atsekaberik eman. Baina honetatik zer gertatzen da? Dakiten pixka harekin, hitz moltxo, eskumen baten adina ez den harekin nola ezin adierazi dituzten beren eskariak, badute erasaten pulpituan hizkera nahasi bat, behin Euskara, behin erdara, behin latinera, guzia lerdatua, zikindua, baraustua: zeinean dirudien igo direla gain hartara entzule guzien burla egitera: eta harritu ohi naiz, nola asko eta asko bultzaka ordu gaiztoan haientzat, botatzen ez dituzten handik behera. Are gogaikarriena da, txarlari horiek ikustea eta aditzea, nola dauden isekaz eta muzinka euskaraz ederki dakitenen jolasari, behin Nafarroako mintzoa dela, gero Bizkaiko berba dongea, batean ausaz ere Goierriko hizkera duzula, bestean noaskiro[m] Beterrikoa; aitzurlarien eta nekazarien hizkera dela hura, baserritarra dirudizula, eta mila honelako astakeria. Ez dute izen hobeagorik merezi. Aienatu behar genituzke gure hizkuntza ederra galtzen diguten hitz-jario motel txar horiek. Oraindik ez dazagute Euskaldunak Euskara duela gauzarik onena eta ondragarriena; bada hari datxekiola, beti agertuko du bere burua, den bezala, Espainiar huts hutsa, antzinakoen eta are lehenbizikoen etorkia eta ondokoa, eta beragatik nahasgabea, garbiena, finena eta nobleena: dakiela nondik eta noizdanik datorren: zeina den Euskaldun ezak itsuka baizik ez dakiena[n], ez eta jakingo ere.

Beste batzuek dituzu gure Euskaran nahi ez luketenak beste hizkuntzetatik hiztxo bat ere: eta honen bidez epaitzen eta zehatzen bezala dira jolasean. Bederako[o] ergelkeria! Ez zaitezela zu malmeti. Euskarari eraitsi zaizkio Gaztelaniatik, Latinetik edo beste hizkuntzetatik hitz asko; baina adituaz eta ohituaz, Euskarakoak bezain ongi aditzen direnak, eta horiek utzi behar ez ditugu. Eta beharbada noiz edo berriz hobeko da honelakoak usatzea Euskarakoak baino: batez ere Eliza gauzetan eta gure arimen salbazioari dagozkien eginkarietan[p]. Laiatuko ditugu erbesteko hitz horiek, nahi badugu, gure euskararenak pixka bana usatuaz eta erabiliaz, eskukoi eta jakinak egingo direnean. Ongi egin duzu Nafarroako hitzen batzuek ekartzea, egokiak direnean eta besterik ez denean: Zeren lehenbizian, eta bat-batean aditzen ez badira, aurki[q] adituko dira, eta gehienak dagoeneko aditzen ere badira: eta hala Euskara bide batez edertzen eta ugaritzen da.

Ez zaitzatela tontotzarren erausiak ozpindu eta ikaratu: ez dira jendartekoak, ez kontuzkoak; hizkera ona, behardenezkoa zein den, ez duzu haietan aurkituko, ezta bilatu behar ere. Bazterretan, eta itsu, motel, jakinezen artean derauskiote, baina ez dira gai, ezer ere denik agertzeko eta argitaratzeko. Zer dugu, astoren batek edo bestek esanagatik, ez dela honelako hitza hemengoa, edo ez duela aditzen? Nafarroan irri, Bizkaian barre, Probintzian farra egiten zaiela honelako eta halako hitzen batzuei? Suertez ere neurri ederra genuke hizketarako, besterik ez bagenu. Gizon zuhur, zintzo, meheenak eta jakintsuenak gure alde ditugunean, ez diegu beste jendaila horiei jaramon behar[r], ez eta haien esamesenaz axolarik hartu.

Ekin bada, ekin, Aita neurea, Euskarari, eta euskaraz atxiki Jainkoaren darabilzun lan honi. Uste duzun baino on gehiago egingo diozu Euskalerriari; zeinean hizkuntzaren nahasiaz eta aditu gabeaz ozta jakin ohi da behar dena, eta hiztunen[s] ergelkeriaz eta aroikeriaz[t] ozta aditzen dugu nahaspila eta higitukoen[u] marmarioa[v] besterik. Kanporatzen ditut neronek aditu ditudan batzuek, argi eta garbi mintzo direnak, eta Euskarari beren onetsiari bezala darraizkionak. Erein duzu Jesusen bihotzarekiko jaiera Euskal Herrietan; erneko da, zorituko da, bilduko duzu inon ere neurekiko[w] bildu den uztarik ederrena eta joriena. Sekainetan biziagatik, Euskaldunak ez dira sekainak[x], erriberak bai, lubera gozoak, beti giro onean daudenak, Euskaraz kontuz eta moduz egozten zaien Jainkoaren hitza hartzeko, gordetzeko, hazteko, eta ehunetan hainbat emanarazteko.

Atera ezazu beraz zure liburu hori, eta lehen baino lehen bana ezazu Euskal Herrietan; batez ere non eta Jesusen bailara santuak jaso dituzun, eta lehenago jasoak zeuden. Irakurriko dute hala Elizetan nola etxeetan, eta Euskaraz hutsik dakitenek[y] eta Gaztelania arrastaka baizik ez dakitenek ere, nahiko dute behin baino gehiagotan aditu, ikasi eta gogoan sartu hitzez predikatu zeniena eta oraingoz beharbada ahazturik daukatena. Honela Bihotz maitagarri haren landatu duzun amodioa eta jaiera gehituaz, handituaz eta sutuaz joango da. Hala biz, eta hala izango da, gizonen bihotzak bere eskuan dauzkan Jaun hark betetzen baditu bere beldurrez, bere amodioz, bere grazia egilez eta ugariz. Nahi dakiola bada orain eta beti, guziok beregana gaitzan artean. Agur, Aita neurea, eta gogoango ahal nauzu zure otoitzetan.

 

Loiolan Martxoaren 15ean, 1741 urtean

Zure zerbitzaria bihotzetik

Manuel Larramendi

 

Escara gustioc dodaz maite...”[2]

 

Agur, Gandara Jauna, eta osasuna:

Hala hasi ohi ditut nire ezagunei eta adiskideei bidaltzen dizkiedan kutunak, antzinako erromatarren gisakoak: Ave, Domine Gandara eta Domino Gandara, salutem. Agur eder hau da latinezko Ave, Salve, Vale horiei dagokiena, eta euskaldun gehienek ez dazagutena. Espainiarrek, frantsesek, italiarrek beren hizkuntzak dituzte, latinetik jalgiak, eta hala ere ez dute hitzik Ave, Salve, Vale, ondo esateko denik. Dios te salve, Dios te guarde, esaten da Ave-ren eta Salve-ren hainbateko edo ordaintzat. Hala gaizki. Aingeruak ez zion Birjinari Jainkoaren izenik aitatu, Ave gratia plena, Agur graziaz betea, gure beheko herrietan esaten den bezala, eta Frantziako euskaldunetan ere bai. Aurki honen gainean hondatu uste ditut gaztelau guziak, zeren ez dakiten Ave hau behar den bezala. Jainkoak salba zaitzala, guarda zaitzala. Zer bada? kondenatzeko bidean dago? galtzeko perilean dabil? guarda beharrik badu etsai gaiztoetatik? Ken guri itsuskeria horiek! Ave gratia plena, hona garbiro eta ederkiago: Agur graziaz betea. Horra bada zergatik: Agur Gandara jauna, giputz labaina dirudizuna, lausenguaz eta xurikeriaz apaindua.

Beste hainbeste, eta halako gutunik[z] zurea bezalakorik, inork ere ez dit egin Bizkai alde horretatik[aa]; giputzetatik ere gutxik. Lo daude erne behar duten guziak, sorrak eta gorrak, hotzak eta motzak, motelak eta gaitzik gabeak dira.. Madrildik, Paristik eta beste herrietatik, Jainkoak daki jakintsu handietatik zenbat alabantza izan dituzten zuk hor dituzun liburu horiek, Trevouxko memoria famatuetan hantxe datoz atereak eta isuriak Euskararen alde esan ditudan guziak, aitortzen didatela guzietan arrazoia, baita gure hizkuntza dela besteak baino ederrago, hobeago, gozoago, eta hona non gure etsai zital guziak harriturik isildu diren Madrilen eta Parisen. Baina Euskaldunei egoki edo harriari hainbat duzu, eta honexek sumindua nauka ezin gehiagoraino.

Irakurri ditut Gabon kantak, eta azkenean paratu diet imprimantur, hain daude ederrak, gozoak, kilikorrak. Ez zaitezela aurrerako nagitu, ez alfertu; atxiki sail honi, molda itzazu horrelako asko eta ugari esna daitezen lotiak, eta urte osoetan ezer egin gabe bizi direnak. Ordaina bidaltzen dizut Azkoitian aurten kantatu direnak, musika kilikor batean, Peñafloridako Kondeak egin dituenak, eta berak musika paratu dituenak.

Ni hirurogeita hamahirugarren urtean sartua nabil, zahartu naiz, ez ordea oraindikan elzahartu[bb] (txotxatu, caduco): burua daukat soila, baina fresko eta sendo, aurpegia zimurrik bage, ahoa hortz (guziekin) ederrekin, kolorea zurigorri ederrarekin (hala esan ohi didate nakusatenek); eskribitzen ahaztu ez zait, eta ardorik inoiz ez, beti ura edaten dudala. Horra, pintatu nahi banauzu, nire antza. Aspaldiko urteetan ekin diot nire euskararen behar eta lan honi; eta zerbait argitara ez badut, gure Beltxok hainbeste etsaiez ikaraturik, bidea itxi didate; ireki dadinean, botako ditugu kalera. Hau nahi duzu eta esaten didazu: Nahi dakizula bada beste edozein gauzatan agure honi zertxoren bat agintzea, ikusi dezazun ez agure motroiloaren gisa, bai zaldun gazte baten legez obedituko deutsudala. Horra, bukatu dut kutun nekagarri hau zeuen eskararako berbeagaz. Escara gustioc dodaz maite, ta gozo!

 

Agur, Loiolan Urtarrilaren 23 eta 1763 urtean.

 

                                                    Manuel (Garagorri) Larramendi

 



[1] Patxi Altuna eta Joseba Andoni Lakarra (arg.). Manuel Larramendi, Euskal Testuak: 1690-1990 III. Mendeurrena. Usurbil: Andoaingo Udala. 1990.

[2] Manuel Larramendi; Euskal Testuak, Patxi Altuna/Joseba Lakarra prestatzaileak, Donostia, 1990.



[a] Euskal idazle, suspertzaile eta apologista gipuzkoarra (Andoain, 1690 - Loiolako jesuiten komentua, 1766). Hamazazpi urterekin jesuitetan sartu zen. Filosofia Medina del Campon eta teologia Salamancako Unibertsitatean ikasi zituen. Sermolari trebea eta entzute handiko hizlaria izanik, itzal handia lortu zuen. Baionan Maria Ana Neuburg alargunaren aitor-entzulea izan ondoren (1730-33), Loiolako komentura bildu zen (1734). Loiolan egindako urte haietan euskarari buruzko lanak idazteaz gain, Gipuzkoa osoan zehar sermolari ibili zen. Jenioz bizia eta alaia, borrokatzaile eta zirikatzaile abila zen eta euskararen etsaiak isilarazi nahi zituztenen hitzarekin jolas egitea atsegin zuen. Kultura handi eta zabalekoa zela erakutsi zuen euskararen eta euskaldunen jatorriari buruz edo euskal foruen defentsan eskainitako liburuetan. Jesuitetan halako giro literarioaren suspertzailea izan zen. Jakintsu eta zorrotza, hainbat euskaldun kultu euskara defendatzera eta euskaraz idaztera bultzatu zituen. Jarraitzaile ugari izan zituen: Kardaberaz, Mendiburu, Ubillos, Lizarraga Elkanokoa, etab. Euskal apologista gartsua izan zen, baina oso gutxi idatzi zuen euskaraz: Mendibururen Jesusen Biotzaren Devocioa liburuaren hitzaurrea, eskutitzak eta berak erdaraz idatzitakoetan barreiaturiko euskarazko olerki eta hainbat pasarte. Lan politikoak ere prestatu zituen: De la antigüedad y universalidad del Bascuence en España, 1728; Discurso histórico sobre la antigua famosa Cantabria, 1736; Sobre los Fueros de Guipúzcoa eta oso ezaguna den Corografía o descripción general de la muy noble y muy leal Provincia de Guipúzcoa (~1756). Euskarari buruzko lanetan, lehen euskal gramatikatzat hartu izan den El Imposible vencido ("Ezina egina" izenez ezaguna, 1729an Salamancan argitaratua) eta Diccionario trilingüe del Castellano, Bascuence y Latín (1745) dira lan aipagarrienak. Azken honetan berak asmaturiko hitz eta neologismo ugari dago. http://www1.euskadi.net/harluxet/ Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa.

[b] Usteketa; hitz sorkuntzan eratorpena baliabideetako bat da. Zuazok -pena eta -garriren kontrakoak gogoan harturik ere eta esanak esan, askotan arazoa beste hauxe izan ohi da: garai batean egiten den bereizketa kontzeptuala hurrengo garaian ez dela funtsezkotzat hartzen eta, beraz, eratorritako hitza bertan behera uzten dela; Larramendiren garaian Erretorikan adituak ziren, eta oso argi mozten zuten zer zen doxa eta zer zen episteme; edota, Mitxelenaren hitzetan emate aldera, zer zen egia, zer egiantza, eta zer uste soila. Bestalde, arrazoia ere badu Zuzazok beste era honetara: gaur egun larregitxo darabilgu -tasunez egindako terminoak, azpian erdarazko –dad- hori daukagulako: ontasuna vs. ona.

[c] Kontentuzena (poztekoena). Xuxeni ez zaio gustatzen, eta hauxe da arrazoia: “kontentuz” zerez bukatzen den aditz partizipioa da. Beraz, aditz laguna da, eta suposatzen da superlatiboak egiteko oinarria izen sintagmatikoa izan behar dela, hau da, izenondoa. Arazoa da ea bide horri jarraituz gero “nekezagoa” bezalakoak baztertu behar ote ditugun.

[d] Xuxenek arazoren bat dauka –tsu horrekin; deskubritu behar dut zein den modako “araua”.

[e] Xuxenek ez du “behargai” onartzen, bai ordea “behar-gai”, halaber “langai”. Kuriosoa!

[f] Ubillosek “lege ekarraizkoa” lege naturala esateko.

[g] Erausi aditza. Ubillosek ere bere hitzaurrean “erausi edo hizjarioa” dio; erdarazko decurso esateko eskura daitekeen terminoa da.

[h] Nire irakurketa Altunarenaz bestera da: barrunbean zerbaitek irakin du, eta gero gainez egin du.

[i] erasaten duten, esan arazten duten. Ikus bizkaiera klasikoko “dirautsaren erroa; bestalde arazleek eta horien oinek esangura batera ekarri ohi dute.

[j] Nire irakurketa Altunarenaz bestera da: ez da begit, bekit baino (azken batez garaiko grafian g/q litzateke auzia, eta eskuzikribuetan nahikoa antzekoak izan ohi dira. Esaldia nik  zentzu inpertsonalean ulertzen dut: “que se me diga” vs. “que me diga(n)” apur bat beherago.

[k] Arrezaz; arren eta zerren den bezala harrez. Bestalde zerez, zertaz, zertzaz -taz eta –zaz biak egon dira gure tradizioan, eskualde gehienetan.

[l] Sukarra.

[m] Agian, menturaz, beharbada. Cf. “Noski”, naski, noaski. Adibidez, Bernardo Atxagaren testuetan “noski” ez da “klaro” “agian” baizik. Tradizioan horixe da erabili zen esangura

[n] Egitura hau, Larramendiz landa, gure amona zaharrari ere entzunda diot: “zein den lehen etorri dena”, idatzizkoan ezagunagoa den: “gizona zein lehen etorri den” horren ordez.

[o]Bedereko” dio berak, baina Xuxenek ez dit onartzen; Bat bederak = bakoitzak, norberak. Bederen, bederik = behintzat. Bederako ergelkeria= ergelkeria bakoitzik, halako ergelkeriarik!

[p] Daukadan zalantza bat agertu gura nizueke: Larramendik “egikari” dio. Egikari-k, adjektibo bezala, “veraz” esan nahi du, egia gogoko duena, alegia. Filosofian badago “egia”ren kategoria. Arazoa da izen bezala beste esangura duela, alegia, “eginkaria”rena. Nire zalantza hauxe da: ez ote dabilen Elizaren dogmez eta hitz teknikoen gainean hitz egiten Larramendi, eta ez eginkizunez. Hala bada, Xuxenek lekua eman beharko lioke egikaria hitzari.

[q] Hau Mungialdean ere honelaxe erabiltzen da.

[r] Txara (txera) + eman = jaramon; “ez eman txararik”. Horregatik ez dio Larramendik “egin” aditza sartzen.

[s] Hemen “hiztun” hizlari da, hau da “Rhetor”. Ikus Arratibelen ipuinetan ere: “Andregai Sorgina”.

[t] Aroi ageri da Lur entziklopedian, baina ez du Xuxenek onartzen. Aroikeria Retana hiztegian ageri da, han literatura ageri den guztia (edo gehiena) dakarrelako, baina –keria atzizkidun forma segurutik Larramendiren erabilera idiolektala izango da. Euskaraz horretarako ere lekua egon beharko zen, momentuko hitz sorkuntzarako.

[u] Higitukoak ulertu dut nik, hau da, higitsuak (agitados); beste aukera bat irakurketa arrazista litzateke “Ijitoak” (“Egiptokoak”).

[v] Marmariza, ez dakit –tza atzizkia amore ematearekin ondo egiten nabilen...

[w] Neure arterako, kolkorako.

[x] Mujikaren hiztegian ez dut aurkitu. Retanarenean berriz “meseta” dio lehen adieran, eta “secano, tierra de secano que no tienen fruto” da Larramendiren hiztegitik jasotzen dena.

[y] Euskaraz baizik ez dakitenek.

[z] “Kutuna” jatorrizkoan, Larramendik asmatutakoa, gaur egun arte bizirik dirauena.

[aa] Gaur egungo giputzek oso ondo dakite erdaraz, eta Vizcaya dutenez buruan, “Bizkaiako” esperpentoak idazten eta esaten dituzte. Gogoratu ingelesez “Biscay” dela, euskaraz bezala.

[bb] Eri + zahartu, ala Larramendik maite zituen bizkiak: hel(du)-zahartu ?