Sebastian Mendiburu (1708-1782)[1]

http://www1.euskadi.net/harluxet/

Euskal predikalari eta idazle gipuzkoarra (Oiartzun, 1708 - Bologna, 1782). Jesuita zen eta batera eta bestera ibili zen misiotan hogeita hamar urtez. Kardaberazen laguntzaz, Jesusen Bihotzaren Debozioa bultzatu eta hedatu zuen Euskal Herrian. Jesuiten kontrako egozpen-legea indarrean sartu zenean, preso hartu eta Italiara bidali zuten. Euskal Herrian ospe handia izan zuen, entzute handiko sermoilari bihurtu zen eta "Euskal Zizeron" deitua izan omen zen. Gauza asko utzi zuen idatzita: Jesusen Bihotzaren Devocioa, 1747; Otoitz-gaiac, 1759; Jesusen amore-nequeei dagozten cembait otoitz gai, 1760; Euscaldun onaren biziera, 1762. Estiloa zaintzen zuen, joskera garbia erabiltzen zuen eta euskararen baliabideak ongi ezagutzen zituen. Jansenismoaren eragina izan zuten bere idazkiek.

Irakurleari

Bide estali gordeak[1] dira Jainkoaren bideak, eta bide, Jainkoak berak agertzen dituen aldian ez bada, batek ere ezin ikus ditzakeenak[2]. Anitz aldetara agertu ohi ditu Jainkoak bere bide horiek. Zenbait aldiz agertzen ditu bideaz beraz eragiten dituen lan eta gauzak agertuz, eta horietatik bat egina ikusten duenean, esaten du egileak: “Hona, lan edo gauza hau niri eragiteko zen aldi honetan Jainkoak harrarazi didan bidea”. Eta hau da hirur aldiz behintzat Jainkoak berak niri esanarazi didana; eta esanarazi dit hark niri behin Loiolan, gero Madrilen eta orain azkenik hemen Italian berean. Hara nola.

Neure[3] Erlijioko bertute-ikasketak eta estudio guziak Gaztelerrian egin eta igorri edo bidali ninduten Iruñeko gure Kolegiora eta bederatzi urtez behin Gramatika eta gero Filosofia han erakutsi eta Loiolakora. Loiolan, Jainkoari eskerrak eta neure zori onez, hasi nintzen soinekoz Aita S. Inazioren seme izaten.

Hara nindoan aldian uste nuen Jainkoak ninderamala bertutez orduraino ez bezala eta behar den eran Aita S. Inazioren seme on egitera, eta ez bestetara; baina bestetarako ere bidea zela Jainkoaren bide hau ezagutu nuen nik han fite aski eta laster, eta ezagutu nuen diodan neure lanezko bidez.

Astia nuen guzian —eta Iruñean bizi nintzen urteetan izan nuen nik asti hau— euskaldun menditarren herrietan egiten nituen misio zenbait eta banatzen nuen Jesusen Bihotz maitagarriaren Debozioa. Hau han banatzen hasi eta laster ikusi nuen Debozio honek han bere zain eta sustrai onak egiteko eskatzen zuela hartarako zen libururen baten ihintza eta euria, eta Loiolan egin nuen aldi pixkan hartu nuen hau egiteko asmo-gogoa; eta egin ere nuen garizumako neure sermoiak eta zortzi herritan egin nituen zortzi misio ez laburrak, misioak berak eskatzen zituzten ibilera egitekoak eta beste gauzak hango neure bederatzi hiletan utzi zidaten asti pixkan. Aita Croiseten Frantziako bat eskuan hartu eta egin nuen euskarazko neure liburu hau; gisa hartan hau eginik ikusi nuenean, ezagutu nuen hau ere niri Loiolan eragiteko izan zela aldi hartan Jainkoak ni hara bidaltzea; bada hara ni joan ez banintz, ez nuen urte hartan libururik eginen.

Liburu hau han bukatu orduko izan nuen Iruñeko kolegio berera itzultzeko eta berriz han maisu izateko ordena. Izan ere nintzen hurrengo beste bederatzi urtez. Orduan ere, leheneko gisan, estudio tarteko asti aldietan atera nintzen zenbat misio egitera Jesusen Bihotzaren Debozio eztitua banatzera eta hartako ziren herrietan Bihotz beraren Kongregazio santuak ezartzera. Lehen ezarri nituen anitzekin agitu zena ikusi eta esan zidan Bikario jaun fraide batek bere eta beste neurekin aurkitzen ziren Eliza nagusi jaunen izenean: “Aita, zure Kongregazioek iraunen ez dute otoitz gaizko eta hartako diren liburuz laguntzen ez badiguzu”.

Ezagutu nuen nik ere egia zela jaun hark esaten zidana, baina ez nintzen orduan hartako behar zen adina astiarekin aurkitzen. Orduko neure egitekoen eta urte horien buruan bidali ninduten beste egiteko batez Madrilgo Gortera, eta neure egiteko hau han egin eta laster itzultzeko ustean Iruñetik atera banintzen ere, han lotu baten eran egon nintzen urte eta erdiz. Hara eta laster ezagutu nuen hango neure egiteko honen luzantza; gogora zitzaidan euskaldun on Bikario jaun hark lehen esana, eta Kongregazioen kargudunei lagundu nahiez eta beste euskaldun guzien onerako hasi nuen hiru liburu handixkotan aurkitzen diren otoitz gaietako lana. Neure lan honen bukantzan biztu zen orduraino hilaren gisan egon zen beste neure egitekoa eta esan dezaket S. Frantzisko Xabierren egunetik Jesusen Amaren Kontzepzio edo Hazkuntza garbiaren hurrengo egunen erdiraino edo hamar egunez bezala hasi eta bukatu zela hau ere; eta bukatu, nik eskatu nuen gisan eta eran, eta ezagutu nuen Jainkoak baterako eta besterako eman zidan bide zela orduko neure Madrila joatea.

Madrildik Iruñera eta hurrengo hamar urtez aritu nintzen misio eta Kongregazio berriak egiten eta berriak zaintzen, bai eta euskaldunen beren onerako eta horien Eliza nagusi jaunen lan handia arindu nahiez Kristau Dotrina eta Katixima luze bat egiten ere. Hau nik bukatu eta laster hartu genuen Jesusen Konpainiako guziok Espainiatik atera eta Erroma bazterretara etortzeko ordena. Ordena hau aditzean berean ikusi nuen zer esan nahi zuen Jaungoikoaren aldetik urte erdiz lehenago Jaungoikoak berak ongi maite duen batek gaztigatu zidan hitz edo mandatu misteriozko niretzat gorde estali batek, eta orduz gero banekien zer zen nire ibilera eta Italiako neke pixkekin Jaungoiko maitagarriak eragin nahi zidana. Zorionekoa azkenean ni, hau nik eta Jaungoikoak berak nahi duen beste guzia zuzenki egin ezkero. Geroztik nire erbestantzan eta han Erroma alde hartan eragin zidana ikusi eta ikasi nuen lan hau ere han eragin nahi zidala eta baterako eta besterako zela han eman zidan osasun, asti eta toki ona.

Han, Jaungoiko maitagarriak hala nahita, aldi hartan neure gogora zen[4] eliztar euskaldun anitzek zenbait aldiz adierazi zidaten gauza bat; eta gauza hori niri horiek hemen Espainian adierazia zen nahiko zutela jai-igandeetako euskal sermoizko neure laguntza. Ez-aditu egiten nien han nik horiei, zeren uste nuen behar adina lagunduko niela eskuarteko nekarren eta hemen bertan bukaturik utzi nuen Kristau dotrina Katixima luzearekin; baina Jaungoikoak hartarako han eman zidan asti eta gogoarekin hartu nuen atsegin hau horiei egiteko asmoa eta neure eskuetara ziren liburuetan aurkitu dudan gai pixkarekin eta Jaungoiko maitagarriak berak laguntzen zidala egin nuen horiek nahi zutena eta zerbait gehiago. Eta egin dut horiek uste baino gehiago beren lana eta nekea arintzen diedala. Hara nola eta hara zergatik.

Eliztar euskaldun jaunak egiten dira Eliza-jaun eta predikari, beren estudio guziak erdal herriren batean egin ezkero. Estudiora joaten dira haur-euskara bai eta besterik ikasi gabe, eta zekiten pixka horretan ere moteltzen dira hango beren lanak bukatu orduko; eta Eliza-jaun eta predikari egiten direnean aurkitzen dira haurtasunean adina euskara ere ez dakitela. Eliza-jaun egiten direnak zerurako badira, beren euskaldun herritarrei igandeetan eta jaietan behintzat —Trentoko Kontzilioaz Jaungoikoak dionaz— agertu eta adierazi-erakutsi behar diete Ebanjelioko dotrina eta zeruko biderako eta bizitza on baterako jakin behar dutena, eta adierazi-erakutsi beren hizkuntzan eta errazki adi dezaketen eran.

Badagikete (badezakete egin) beren lan handi hau hitzez eta predikuz, bai eta liburuz ere, eta liburuz egiten dute erdal herri askotan eta zenbait Obispadotan[5], eta egin nahi duten guzientzat egina da eta Apezpiku jaunak ontzat emana horretarako gure Aita Eusebio Nierembergek eginik utzi zuen Kristau Dotrina Katixima.

Haren luze hau baino zerbait luze handiagoa eta jai-igandeetako Ebanjelio guziak klaratzen dituena da Eliza-jaunentzat eta nahi duten beste euskaldunentzat[6] bukaturik utzi nuena Italia aldera baino lehen.

Eliza-jaun beren egitekoetarako bererako horra orain berriro eginak Ebanjelioei berei dagozkien irakurtza eta irakurraldi erdaraz Sermones edo Discursos Morales esaten direnak. Eman nahi izan diet izen berri hau, zeren eginak diren gogoz eta memoriaz hartzeko nekerik gabe eta eskuan hartu eta pulpitutik edo aldaretik leituz eta astiro irakurriz Eliza-jaunek ez dute bururik sartuko esan behar dutena gogoz eta memoriaz hartzeko arazotan, ez eta beste zenbait neketan eta esankizunetan ere; bada gogoz harturik eta beren buruko gauza bezala esan nahi balute irakurraldian aurkitzen dutena, ez lukete hau bakarrik eta zerbait erantsi[7] gabe esan nahiko; eta lan horretara baino lehen euskaran trebatzen ez badira, nik ezagutzen ditudan S. Frantziskoko fraide maisu euskal gaitzeko herrian jaio bat eta zenbait beste Eliza-jaun eta apaiz trebatu diren bezala, eta lehenik ikasten ez badute eransketa horrek eskatzen duen dendaltza[8] eta sermoi egitea, ez dut uste agertuko dutela pulpituan oihal batezko soinekorik edo sermoirik eta beldur naiz esan dezan aditzen duenetatik batek edo bestek: “Horra gure Apezarena eta horra zein egia Aita Larramendik bere kartan Aita Mendibururi behin esaten ziona” (Karta hau aurkitzen da Jesusen Bihotzaren Debozioaren euskarazko liburuaren hasi aldean). Liburuan aurkitzen den bezala ikasi eta esanagatik hango irakurraldia, liburuaren berria dutenen batek esan lezake: “Ez zaio gure Apez jaunari anitz kosta esan digun sermoia”. Eta gogotik zerbait joan eta esaten badu ordezkoren bat eta esaten badu aldi horrelakoetan esan ohi den bezala, esan lezake horrek berak edo besteren batek: “Hobeki eginen zuen liburua hartu eta poliki irakurri izan baligu han aurkitzen zuena”.

Esankizun, arazo eta neke horrelakoetatik Eliza-jaunak ateratzeagatik, bada, egin dut liburua sermoiez ez, baizik irakurraldiz edo diskurtsoz betea, eta beren lan handirako honen laguntza nahi duten Eliza-jaunak aski dute jai edo igande bezperatik hurrengo eguneko irakurraldia behin edo bitan irakurtzea eta leitzea, non puntuak, non komak edo non eta nola hitzen atsedenegi[9] bakoitza aurkitzen den kontuz ikustea eta horiek eskatzen duten eran, behin gehiago, beste aldian gutxiago[10] eta dagokion eran geldituz hurrengo egunean behar bezala irakurri leitzea. Hau egiten dutenek eginen dute beren egitekoa, ohituko dira euskara garbira eta erakutsiko diete beren herritarrei jakin behar dutena, bai eta zekitenaren gain zerbait euskal garbiren zati on ere.

Bi edo hiru zatiz egina da (ikusiko dugun bezala) irakurraldi bakoitza, eta Elizan egiteko anitz den egunen batez utz dezake Eliza-jaunak zati bata arratsalderako edo beste aldiren baterako; bada presaka eta gaizki guzia baino hobe da erdia edo daitekeena kontuz eta poliki irakurtzea. Irakurtzen zaien guzitik hitzik ere gal ez dezaten herritar gaixoak, irakurleak aurkitzen badu liburuan lehenbizian adituko ez duen hitzen bat, haren ondoan esan behar du hari dagokion eta guziak aditzen duten hura bezalako besteren bat; eta aditzen ez badute zer den laster, erantsi hari aditzen duten fite eta esan laster eta fite; horrekin bigarren aldirako jakinen dute lehen aditzen ez zuten hitzak esan nahi duena. Hitzetan egiten duzuna egizu hizkuntzetan[11] ere eta zure hizkuntza bada “badijoa”, “mugaz etorri da”, “eman diozkat” ez, baizik “badoa”, “garai onez etorri da”, “eman dautzat”, eta liburuan aurkitzen baduzu lehenbizikoa, haren irakurraldian esazu: “badijoa edo badoa”, “mugaz edo garai onez etorri da”, “eman diozkat edo dautzat[12], eta gertatuko da hizketan ere hitzetan geniona eta urte gutiren buruan lehen baino errazkiago elkar adituko dute Euskal Herriko Nafarrek eta beste euskaldun guziek eta edertuko eta luzatuko da euskara.

Jai-igande bakoitzerako egiten dudan lehenbiziko gauza da Ebanjelioa bera euskaraz ezartzea, baina behar den aldian klaratuz euskaldun gaixoak bestela adituko ez lukeen hango gauza. Hau bera egiten dut gero esaten dudanaren alde sartzen ditudan Eskriturako testu eta Doktoreen hizkuntzen batzuetan ere.

Hau eta beste guzia egin dut nik neure ustez Jaungoikoaren zerbait onra bilatu nahiez eta ahal dudan ona zure egiteagatik. Badut uste Jaungoiko maitagarriak ontzat hartuko dituela neure nahikuntza[13] hau eta neure lan pixka. Atsegin hartuko dut, egiten baduzu zuk ere hau bera.



[1] Patxi Altuna (arg.) Mendibururen Idazlan Argitaragabeak. Euskaltzaindia. Bilbo: 1982.



[1] Bizki semantiko hauek oso arruntak izan dira euskaraz. Arazoa zelan eman idatziz izan daiteke; gidoi batez ematen baditugu Xuxeni ez zaizkio asko gustatuko. Hemen Xuxeni jarraitu diot baina uste dut hobeto leudekeela gidoi batez emanda. Saiatu testu honetan beste bizki semantiko batzuk aurkitzen.

[2] “Bide...bideak, eta bide...keen(bide)ak” Kontura zaitezte zelan darabilen simetria Mendiburuk, ez zuten arrazoirik falta “Euskal Zizeron” goitizenaz bataiatu zutenek. Holakoak Henry Jamesek darabiltza, Juan Gartziaren itzulpenek ispilatuko ahal dute hori (kuriosoa Henry James itzuli duenak anaforen aniztasun lexikala sinpletzea proposatzea).

[3] Formari dagokionez, “neure” behar du, baina esangurari dagokionez, apika, “nire” izango da, bereizketa hori singularreko izenordeetan galdu xamar baitabil Hegoaldean. Beraz, honelako testu batean bi aukera izango genituzke: neure / nire.

[4] Begiratu iaz Zamarriparenean ikusi genuen “izan”en balioak, gero gogoratu Mogeldarren alegietan “basora zitzaion orduan”, (ekaineko azterketan ere agertu zitzaiguna) eta atera horren esangura.

[5] Oraindik berba hau konpontzeke daukat: apezpikutzan?, “obisporen jatorri grekoak (episcopus = inspektorea) hainbat aldaki izan ditu gure tradizioan: ipistiku, epistiku, apezpiku, eta abar. Apez-dun formak herri etimologian oinarritzen dira, gertutasun fonetikoagatik. Zein litzateke honako aldaki zuzena? Oraindik ez dakit.

[6] Zuazok “–endako” horrekiko eskuzabaltasun handiagoa eskatzen zuen, hau da, estandarren batean sarrera izatea, eta ez zuen arrazoirik falta. Xuxenek ez du onartzen ordea. Ikus dezakezuenez “–endako” ekialdeko bizkaieran ez ezik (eta mendebaldekoei ere ez zaie erabat arrotz egiten) nafarreraz ere sarri erabili ohi da.

[7] Iratsi, irasi, aditz klasikoaren ordez, erantsi jarri zaigu. Ez nago erabat ziur, baina egingo nuke Larramendiren garaitik aurrera neologismo asko sortu zirela aditz hau oinarri hartuta; Durangoko liburu azokara baldin bazoazte, begiratu Elizaren inguruan dauden euskarazko txartelak; nola esaten zen “fundación”. Erabili hiztegiak. Beherago “irasketa” dakar, nik “eransketa” bezala eman dudana, esangura ia-ia teknikoa da: glosa, comentario (eta “iruzkina”).

[8] Bi oinarri ditugu hemen, bata “denda” eta bestea “dendatu”. Lehenak, “dendak” azpian daukanak, oso gertu jarraitzen dio “dendaren jatorriari. Dendak saltzeko lekuak izateaz gain, oihalez egindakoak ziren, batez ere Bibliako/Palestinako inguruetan (imajinatu gameluekin, herririk herri, gauzak saltzen, ahuntz narruz eginiko kanpin-denda batean). Beraz, dendak, oihala ere ekarriko digu gogora, eta horrekin ari da Mendiburu jolasten; Muxikaren hiztegian begiratzen baduzue hantxe ikusiko duzue Behe-nafarreraz “sastreria” dela, eta bestela “dendaritza” esan gura duela. Testuinguru honetan Behe-nafarreraz duen esangurarekin dabil Mendiburu. Bigarrenari gagozkiola, batez ere Mogeldarrek asko erabili zuten: “dendatu” aditzak latinetiko temptare dauka azpian (erdaraz, in-tentar), eta beraz “saiatu”ren ingurukoak esangura du (begiratu hiztegian “dendu”, “dendugabe”, “dendun”... eta saiatu edo dendatu bilatzen zein izan daitekeen lotura: “tente” etab.). Xuxenek gorriz markatzearekin beste hausnarketa hauxe ere egin behar dugu, estandarrarekin atzizkien erabilera finkatu eta mugatu egin zaigu. Oso arrunta zen edadeko jende trebeak eta idazle trebatuek egiten zutena, hizkuntzaren erabilera sortzailea alegia; horretarako urratsik maizkoena atzizki bidea erabiltzea zen. Kontua da ze, “dendaltza” beste era batera ez zaigula hiztegian ageri, Muxikarenean behintzat, horrek esan nahi du Mendiburuk Xuxenek baino euskara gehiago zekiela.

[9] Atsedentegi da jatorrizkoa. Atzizkiek izan ohi dituzte hasierako josteko kontsonantearen araberako aldakiak: -arzun, -(t)asun (osasun vs. osotasun), tegi / -degi / -egi. Xuxenek –egi onartzen du. Arazoa kasuan gehiegizko atzizkia izan daiteke; “komak” ezartzen duen geldiuneari zelan deitu? “Atseden” ez ote ba nahikoa?

[10] Jatorrizkoak “gutiago” dio, eta ez dakit oso ondo zergatik ez den onartzen hemen. Euskarak duen baliabideetako bat sabaikari bihurtzea edo palatalizazioa da: Domin(go) > Txomin, edota izenen esparrutik aparte, Zakurra / Txakurra / Xakurra; epel / txepel; beltzaran / beltxaran eta hainbat holako. Kasuan ere, guti / gutti / gutxi (kuriosoa ere bada Xuxenek “guti” onartzea, baina konparazio atzizkia jarriz gero gorriz azpimarratze duela). Batzuetan “normalizatzen” dira oso normalak diren gauzak, eta hor egiten hutsa zera da: nahasten direla aldaki fonetiko-grafikoak balio bereizgarria duten soinuekin.

[11] Konturatu zaitezte zer aurkitzen dugun Kardebarazenean: hangoan “hizkundea” hizkuntza bezala eman genuen, hango “hitzera” hizkera bezala, eta abar. Orain gogoratu zelan esaten den bizkaieraren tradizioan esaldia: “esakuna”. Behin Atxagak gurera deitu zuen eta gure amona zaharrarekin hizketan, gure amonak esan zidan haren “berbakuna” ez zuela ondo-ondo ulertzen. Hau da, batez ere hitzaren ingurukoekin atzizki hauen esanahia oso hurbilekoa izan da; begiratu hiztegi on batean –gune, -kunde, -kuntza atzizkien esanahia eta erabilera. (Nahi baduzue Villasanteren _Palabras Vascas Compuestas y Derivadas_ artikulu-liburua ere irakur zenezakete).

[12]deutsadaz” behar luke, hau da, objektua ere pluralean. “diozkat”-en kasuan batuarekiko morfemen ordena diferentea daukagu d-i-o-zk-a-t = d-i-zki-o-t, nori errepikatua, atzetik eta aurretik. “Deutsudazen kasuan daukaguna zera da, euskara osoari dagokion aditz bat “eutsi” jokatua, bizkaierak zer-nori-nork aditz laguntzailerako hautatu zuela bere garaian. Linguistikoki interesgarria hauxe da, zer dute komunean “eman” aditzak eta “eutsi” aditzak iragankortasunaren adibide paradigmatiko bilakatzeko.

[13] “-kuntza” hau ez zaio gaur “nahi”ri jartzen, baina 50.etara arte oso erabilia izan da.