Jainkoagana
gu zuzentzen dabil Eliza Ama santua[2] eta
mezan zuzentzen gaitu Jesusen Ebanjelioko hitz onak eta Espiritu Santuak
adierazi dizkion gauzak agertzen dizkigula[3].
Egungo ebanjelioko hitzak Jesusi dagozkionak eta S. Joan Bautistak esanak dira,
eta mezako hirur otoitzetakoak Ebanjelio bereko hitzei darraizkienak. Ikus
ditzagun batak eta besteak, zer nahi duen gugandik gaur Elizak berak edo Jesus
maitagarriak ikusteko.
Ikasi
zuten Jerusalengo kargudunak eta gizon jakintsu handiak S. Joan Bautistak bere
eremutik[4] atera
eta hitzez eta urez Jordan aldean[5]
egiten zuena, eta jakin nahiez zer giza giro[6] zen
predikari berri hau, hargana igorri eta bidali zituzten beren arteko zenbait
apaiz eta lebita. Horiek hura ikusi eta laster[7]
galdegin zioten: “nor zara zu?”, eta galdegin zioten jakin nahiez ote zen
Kristo. Ezagutu[8] zuen S. Joanek horien
barrengo gogoa eta honi eta egin zioten galdeketari[9]: “Ez
naiz ni Kristo”. “Nor, bada? Elias?” esan zioten mandatari[10]
berek. “Ez” erantzun zien S. Joan Bautistak. “Beste profetaren bat?”, galdetu
zioten berriz. “Ez eta”, erantzun zien santuak. “Zertako, bada, sartu zara”,
esan zioten, “horrelako gizonen egitekotan?”[11]. Eta
santuak behar zena erantzun eta galdegin zioten lehenbiziko aldian bezala[12]:
“Nor zara, bada, zu?”; eta erantzun zien orduan haiei eta orain guri
dagokiguna; bada[13] erantzun zien: “Ni naiz
eremuan oihuka dagoenaren hitza eta hotsa, eta nik diodana lehen ere Isaiasek
zuei adierazia da[14], eta honek eta nik
dioguna da: Zuzen ezazue eta prestatu onez datorkizuen Jaunaren bidea”.
Egiteko
berera zuzentzen ditu Elizak mezako hirur otoitzak, bada lehenbiziko otoitzean
eskatzen dio guretzat Jainkoari ken ditzala bere graziaren argiarekin buruko
gure laino eta iluntasunak, guk hobeki ezagut dezagun S. Joan Bautistak
adierazi digun egitekoa. Bigarren otoitzean[15]
eskatzen dio geure egiteko hau debotki[16] eta
biziro egiteko grazia, eta hirugarrenean oraindainoko gure hutsen barkamena eta
bertutez geure barrenak apaindurik, Jesus jaio berria ikusteko ontarte[17] eta
faborea.
Horra
nola darraizkien Elizaren egungo mezako otoitzak meza bereko Ebanjelioko
hitzei; bada Ebanjelioko hitzek agertzen digute geure egitekoa eta Elizaren
otoitzek eskatzen diote Jainkoari hori guk ongi egiteko grazia eta laguntza.
Eta horra, Jesusek gaur Elizaren eskuz ematen digun egitekoa da nahikeria[18] epelak
eta nagitasun galgarri guziak utzirik ongi, debotki eta biziro[19]
Jainkoa beti bilatu, zerbitzatu eta maitatzea. Hartara gaitezen[20],
ikusi behar ditugu ez hartaratzetik eta epelki eta nagiro jainko maitagarria zerbitzatzetik datozen
hirur kalte; horiek dira: bekatariaren zerura uste huts galgarria,
lehenbizikoa; zerua galdu duelako damu-min eskergabea[21],
bigarrena; eta oharkabean[22]
bezala galdurik gelditzea, hirugarrena.
Lehenbiziko
kalte epelki, erdi hotz eta nagiro[23]
Jainkoaren gauzak egitetik datorrena da, merkatari eta langile bere
lan-egitekoan alfer eta nagi dabilenari etorri ohi zaionaren erako bat.
Merkatari nagiak, ez nekatu nahiez, galdu ohi ditu irabazi-aldi gehienak edo
behintzat anitz. Hagitz txar laburrak dira lehenbizian hark egiten dituen
irabazkinak[24] eta horiek bezain labur txarrak
hurrengo eta beste guziak. Arte hartan eramaten dio zuen dirua eta
gauza-ondasuna edo behintzat gehiena, daraman tratu txarrak, zorrak, jokoak eta
beraren eta bere etxeko guzien jan-edanak, soinekoak eta bizi-beharrak, eta
anitz urte baino lehen buruz gain[25]
egiten diote bere zor zahar eta berriak. Hartzeko[26]
dutenek hartzen dute preso, kentzen diote gelditu zaion pixka eta gelditzen da
gabe eta behartsu[27], eta bere behar eta
neketatik irten-ateratzeko[28]
biderik[29] ez
duela.
Langile
txar nagusi alferrak gaizki eta berandu maneatzen[30] ditu
bere bazterrak; ereiteko zeukan[31]
bihia eta alea[32] eramaten[33] dio
bere jan-edanak edo joko galgarriak. Jainkoak daki non aurkitzen duen ordaina[34] eta
hori ere nolakoa? Ongarri guti ikusten dute haren alorrak[35] eta
horren aintzura[36] dute dituzten jorrak.
Bitarte horretan egiten dituen zorrena da udan biltzen duen gari eta arto
pixka, eta azkenean zorra, beharra eta gabea bere hobira[37]
eraman ohi duena.
Horra
merkatari eta langile nagiaren zoria. Bada ez da batere hobea epelki eta nagiro
Jainkoaren gauzak egiten dituen gizonarena. Honek ere baditu bere lanak eta
irabazpide zuzenak; bai eta irabazi-gai onak ere; bada[38]
Jainkoak ematen dio beraren zerbitzuko gauzak egiteko esku, laguntza eta grazia[39], eta
Jainkoaren laguntza eta grazia honekin gauza onak egiten aritzea zeruko grazia
eta gloria zati onak irabaztea da eta irabazpide berriak egitea. Baina bataiatu
nagi epelki bere gauzak egiten dituenak ez du arestiko[40]
merkatari eta langile alferrak baino irabazi anitz gehiago egiten; bada horren
irabazpide onak dira otoitz denbora, konfesio-komunio aldia eta era bereko
beste aldiak, eta aldi horietan fededun alfer nagiak egiten du bere lan hau
ikusi ditugun merkatari-langile lasaien gisan; bada bere aldian egiten du
otoitz zertan ari den ez dakienaren eran, gogoa barreiaturik daukala eta bera
harrizko edo zurezko gizona balitz bezala. Konfesatzen den aldian berriketan
dagoen haurra dirudi; hain hotz eta damuren ihintzik gabea[41] da
haren orduko konfesioa. Ogi puska bat hartzera balihoa[42] bezain
oharkabean joan ohi da komunio santua hartzera. Predikariaren hitzak aditzen
ditu atso berritsuarenak adi litzakeen gisan eta azkenean gelditzen da bat
aditu ez balu bezain hotz edo epel. Liburu on bat eskuan hartu eta irakurtzen
hasi orduko uzten du baztertua eta bere tokian, eta ez du hark dioen gauza onik
egiten, ez eta ikasten ere. Onaren bideak bide gogorrak eta aldapak dira[43]
nagiarentzat eta ez du han oinik ezartzen, edo sartu-ezarri eta laster
ateratzen ditu eta geroz eduki ohi ditu lehen bezain alfer nagi eta geldi; onek
esaten dioten gauzari ez aditu egiten dio eta bere pausu lasai nagian dabil
gero ere. Berandu heltzen eta itsasten zaio bere egitekoari[44] eta
eskuartetik erortzen zaiola dirudi hartu eta laster edo hartan ari den aldian,
eta azkenean gelditzen dira haren orduko eta lehenagoko lanak guztiz
moldakaitzak eta deus guti balio dutenak.
Bitarte
hartan galtzen du horiek eta beste gauza on anitz egiteko Jainkoak eman nahi
dion laguntza eta grazia; ez du irabazten beste bere gauzak hobeki egiteko
behar lukeena eta leheneko bere gauzak[45]
bezain epelki eta nagiro edo nagiroago egiten ditu hurrengo eta beste guziak,
eta egun oro aurkitzen da langile eta merkatari alferren eran behartsuago eta
gabeago, eta bere bizimodu lasai epelarekin agertzen du zein egia den Santuak
dioena esaten duen aldian[46]:
“Beharra eta gabezia da esku alferrak biltzen duena”.
Halere
ongi eta aberats aurkitzen dela uste du, eta gizon eri, burua galdu eta ere[47],
osasun osoan aurkitzen dela esaten duena[48] eta
eman nahi dioten sendagairik hartu nahi ez duena dirudiela; bada ez du kasurik
egiten Jainkoaren adiskide urrikalti onek eta berari ongi nahi dioten gizonek[49]
esaten dioten onaz, zeren uste duen ez duela besteren beharrik eta ez dela
aurkitzen adierazten dioten bezain gabe eta behartsu, egonagatik Laodizeako[50]
Apezpiku liluratu bat bezain huts eta erromes eta hari ebanjelari S. Joanek
gaztigatu ziona gaztiga dakiokeen gisan eta eran. Hari gaztigatu[51] eta
honi gaztiga dakiokeena da: “A, gaixoa, zuk zeure barren horretan badiozu ere,
‘aberats aurkitzen naiz ni eta ondasundun eta baten ere beharrik gabe’
aurkitzen zara behartsu, gabe, itsu eta era guztiz urrikalgarri batean”. Uste
gaizto hartan aurkitzen zen apezpiku hura, zeren epelki eta nagiro zebilen
Jainkoaren gauza onak egiten, eta epelki eta nagiro dabil Jainkoaren gauza
beretan orain guk diogun beste hau ere.
Nahi
duzu ikusi horrelakoa zaren ala ez? Ikus ezazu, bada, zeure biziera edo ikus
ezazu gogoaren gainka[52],
bortxaz bezala, zeure atsekantza[53]
barrenekoarekin, nagiro eta epelki aritzen zaren arimako zeure gauza onak
egiten. Ikus ezazu errazki eta aitzaki handirik gabe utzi ohi dituzun aldian
aurkitzen zaren enojuz betea, gogoa barreiatzen zaizula eta lehenbailehen
handik atera nahia. Bai eta kezka edo nahigabe[54]
handirik gabe gelditzen zaren horien egin-aldian egiten dituzun hutsak ikusi
eta ere. Bada era honetan bazabiltza Jainkoaren zerbitzu santuan arima epel
nagi galgarri txarretatik bat zara zu, eta zara nagi galgarri txar Jainkoak
beregandik ur epela hartu duenak sabeleko bere gauzen gisan aurkitzeko zauzkana[55].
Horra, bada, zer kaltea lehenbiziko kalte Jainkoaren gauza onak epelki, erdi
hotz eta nagiro egite txarretik datorrena: fededun epel nagiak zuen ondasuna
galtzea, berririk ez biltzea eta halere aberats-ondasundun aurkitzen dela uste
izatea.
Bigarren
kalte Jainkoaren gauzen egin-modu epel nagi beretik datorrena da ikusi dugunari
darraion bekatu izugarria: ongi behintzat azkeneraino ez ezagutzea eta arte
horretan bere gaitz handi hau egin ez balu bezain lasai gelditzea. Burua ez
nekatu nahiez egiten ditu epel nagiak huts eta bekatu txiki asko, bai eta
zenbait handi ere, eta egiten ditu handiak diren edo ez begiratu gabe, eta
izutzen ere edo kezkatzen ez dutela; zeren bere ibilera erdi hotz nagia ez utzi
nahiez, kontuz begiratzen ez dion bere lan gaiztoari, eta zeren bekatu
txikitara ohitu denak askotan handiak berak txikitzat dauzkan eta egiten dituen
aisa eta beldurrik gabe, interprete handi batek dioenaz, eta nola edozein
fededun epel erdi hotz arimako bere gauzetan nagi den, lehen ikusi dugun
Laodizeako Apezpiku gaixoaren erako itsua da eta aisa hartzen ditu txikitzat
eta egiten ditu bekatu larriak berak ere, nahiz gogo lohiak izan horiek, nahiz
hitz lizunak edo besteren desonragarri galduak, nahiz jan-edan galgarri,
jokatze gaizto, irabazi eta tratu makurrak, nahiz egilearenak berarenak izan,
nahiz berari dagozkion beste zenbaitenak, edo eragotzi eta debekatu behar lizkiokeen
besteren batenak eta ez eragotziz beretzen dituenak[56].
Era
horretan bizi denak dirudi fededun bataiatu ona ez, baizik Neron zeritzan eta
erromatarrak izan zuten nagusi eta enperadore hagitz gogorra. Gizon gaizto eta
gogor honen atsegintzak ziren gaizki anitz lehenen gain berriro egitea, eta
gaizto galduei ez ezik, onei berei ere eta horien arteko handienei bizia
kentzea; eta bere buruari atsegin hau egin nahiez, hilarazi zituen Erromako
zaldunik handienak, juezik eta senataririk zuzen hobeenak, bai eta bere maisu
handi Seneka eta Agripina ama bera ere. Eta behin atsegintza gehiago bere
buruari egin nahirik[57],
anitz aldetatik sua harrarazi zion herri guzien erregina bezala zen bere gorte
eder Erromari berari, eta herri beraren mendi gain batera igan zen eta egon zen
bazter guzietako suari begira, eta atsegintza atsegintza gain[58]
hartu nahiez, herriko gaixoak erretzen eta garrasiz, aika eta oihuka zebiltzan
denboran, kitara bat bere eskuan hartu eta aritu zen musikan eta soinu eta
soinu egiten; eta Erromako jauregi ederrak, kale osoetako etxeak eta horietan
bizi zirenak erreak eta galduak ikusi ondoan, bere etxera, mahaira eta lotara
joan zen hartan gaitzik ez bazen bezain lasai eta sosegu[59]
handiarekin.
Horra
gizon gaizto hark aldi hartan egina, eta horra bataiatu erdi hotz epel nagiak
azkenean, edo bekatu handiratzen[60] den
aldian, egin ohi duenaren aintzura eta geriza[61];
bada hura gaiztoa bezain eroa da hau, eta eroak jostaketan eta irriz eta barrez
bezala egiten du, dio Espiritu Santuak, bere gaiztagintza. Eta Neron enperadore
haren gaiztagintza baino gaiztagintza handiagoa da bataiatu alfer nagiarena,
zeren hark baino hagitz hobe-ikusleagoak[62]
dituen honek bere begiak, arimako gauzak ikusteko; argituak dauzka alabaina
zeruko fedez eta sinesmenez, eta ez zuen izan zeruko sinesmenik eta federik
enperadore Neronek[63].
Era
honetan dabilen erdi hotz epel fededun nagiari esan dakioke lehen Jainkoak
Sardisko Apezpiku huts-dunari gaztigatua, eta hari Jainkoak gaztigatu ziona da:
“Biziaren antza eta izena baduzu ere, hila aurkitzen zara zu neure begietan;
bada nagiz ikusi nahi ez duzu zeure bekatua eta bekatuz galdu duzun arimako
bizia. Hau alfer nagiak berak ere ezagutuko du egunen batez, baina berandu
noski, gaizki hil ondoan, eta bere ibilera makurrak zuzentzeko bide eta eskurik
izanen ez duen aldian. Ordu hartan, bai, zentzatu eta ikusiko ditu hemengo bere
erokeria guziak eta txikitzat zeuzkan bekatu larriak eta horien itsustasunaz
harritu eta hasiko da esaten lehenik zentzatzeko esan behar zukeena, eta esanen
du bere bi begietatik negarra dariola: “Zer aurpegirekin ager naiteke ni neure
Jainkoa bezain Aita onaren begi garbi ederretan? A, eta zein gauza harrigarria
ni bezain seme gaiztoak Jainkoa bezain Aita onagana begiak goratzea!”
Hori,
bada, eta horren erako beste guziak harriturik eta mututuak geldituko dira
beren buruak uste ez zuten eran eta bekatu larriz besteak ikusten dituzten
aldian. Aldia hartan horiek Jainkoari zerbait esan nahiagatik, histaz eta irriz[64]
hartuko ditu Jainkoak horien otoitzak, eta utziko ditu beren gisan eta gaizki
hil zirenen artean damuz ongi lehertuak, betiko galduak, ahalkez eta lotsaz
beteak eta beti-beti onrarik gabe bizi beharrak; eta horra epel nagiaren delako
damu eskergabea.
Hirugarren
kalte arima erdi hotz epelari bere nagikeria gaiztotik datorkiona da ez ontzeko
eta betiko galtzeko perila; eta peril eta kalte, bekatu larri ezagunarekin
aurkitzen denarena baino handi izugarriagoa. “Bai” dio Casianok, “egun oro eta maiz
aski ikusten dugu ontzen direla bekatu larri ezagunak egiten dituzten anitz eta
asko; baina ikusten ez dugu ondurik Jainkoaren gauza onetan epelki eta nagiro
dabiltzan guzietatik bat”[65], eta
Kristo jaunak berak ere gaztigatu zion Laodizeako Apezpiku erdi hotz epelari:
“Zeure epeltasun nagi horretan baino ikusi nahiago zintuzket bekatuz hila edo
neure graziaz eta amorez errea”. “Zer bada?”. Galdetuko duzu; “ez da arimaz
erdi hil egotea baino gaiztoago guztiz hila etzatea?”. Erantzun dizut: “izatez
bai, etorkizunez ez. Hori; arima erdi hotz epel nagiak era eta gisa horretan
aurkitzen den denboran badu oraindik graziaren zerbait bizi pixka; baina bizi
pixka fite aski[66] eta laster bukatzeko
dagoena, eta hori bukatu bezain laster aurkitzen da zeruko grazia-ihintzik gabe
eta beste arima hotza bezain bekatuz hila eta Jainkoaren graziaren bizia berriz
hartzeko, hura baino hagitz urrutiago.
Badakizu
zergatik? Nik esanen dizut; zeren[67]
bekatari hilotz bekatu agerian datzana bekaturatzen[68] den
haragiaren suak, bere barreneko grina gaiztoak edo etsai amorratuak bat-batean
eta oharkabean bezala garaitu eta, berak bere gaizki egina ezagutzen[69]
duela; eta hartan datzan aldian laguntzailerik gabez bezala datza; bada liburu
hartako batek, konfesore onak, misio predikuko argiak[70]
agertzen badizkio egin duen bekatuaren itsutasuna, bekatuari darraion[71]
kontu eta sententzi gogor zuzena eta bekatuari berari dagokion neke eta erretze
eta amorrazio izugarria, ikara, negarrez eta harritu baten eran gelditzen da
eta eginaz damuturik joaten da lehenbailehen konfesioko iturrira, kentzen du
han arimatik bere bekatuaren lohia, edo onezko damuz eta kontrizioz erdiesten[72] du
Jainko urrikalti[73] arimen maitariagandik
haren barkamena eta graziaren bizitza, eta gelditzen da sendatua eta bekatuz
hil ez balitz bezain sendatua eta berriz ez bekaturatzeko nahiez eta gogo osoz
betea.[74]
Baina
Jainkoaren gauza onetan beretan erdi hotz epel eta nagiro ibili eta
bekaturatzen den arima hartaratzen da erdi itsuan eta zertara den ez baleki
bezala, eta bere bekatuan zabal-zabal etzanagatik[75]
zutik dagoela deritza eta bekaturik gabe, eta ez du hura beregandik kentzeko
oinik higitzen, eta liburu onek dakarten guzia ikusi eta ere, eta predikari
jaunek esaten dutena adituagatik, ez ikusi eta aditu egiten du; zeren uste ez
duen harentzat dela horiek dioten edo dakarten gauza; eta horretan gelditzen da
bere heriotza gaiztoraino bereraino eta Jainkoak bere bekatu izugarriarekin,
Sardisko apezpiku galduari bezala, begitan eman arte guzian[76]; eta
arte horretan bekatu ageri zenbait egin eta ere, gogortzen da bere hartan,
hiltzen da gero bere bekatuaren urrikizunik gabe eta sekula guzirako galtzen da
gorputz eta arima.
Hau
da, berak dioenaz, Casianok bere aldian ikusten zuena eta hau bera da etorkizun
izugarri, Kristo Jaunak Laodizeako Apezpiku erdi hotz nagiari gaztigatua edo
hari gaztigatuak adierazten duena, eta honegatik zion Kristo jaunak berak
nahiago zukeela epeltasun nagi hartan baino bekatu larri agerian hura ikustea[77].
Horra fededun epel nagiaren hirugarren kaltea, oharkabeko heriotza izugarria.
Ikus
ezazu, bada, hartara gabe zuk zeure egunak bukatzeko, epeltasun erdi hotz nagi
berean aurkitzen ote zaren eta nola egiten dituzun zeure gauzak; epelki eta
nagiro egiten badituzu, bertatik hartzeko bi sendagai, Jainko urrikalti ezin
hobeak Apezpikuari berari lehen bidali zizkionak: bata da kolirioz eta zeruko
ur ederrez zeure begiak ongi garbitzea, den gisan ikusteko bekatu galgarria eta
heriotza onari eta gaiztoari darraion saria; eta bestea, bekatu guziak
konfesatu eta arima zeuretik horien lohiak eta ahalkekizunak[78]
kentzea, graziaren urrez aberasturik eta bertuteen apaingarriz ederturik
gelditzeko. Jainko maitagarriak dizula horiek zuk maiz-maiz eta ongi hartzeko
eta behar den guzia zuzenki egiteko grazia. Bai arren, bai.
[1] Nagintzatik ; begiratu –tza atzizkiaren erabilera Villasanteren Palabras
Vascas Compuestas y Derivadasen. Zein beste aukera izango genuke hemen?
[2] Zein da galdegaia eta zein mintzagaia? (Galdegaia eta
mintzagairen gaineko informazioa EGLU-I eranskinean bilatu.
[3] Kontura zaitezte –la(rik) horren erabileraz; ez da
erdarazko gerundioa, baizik eta modua: zelan zuzentzen zaigu?
[4] Bilatu “eremu” hitzaren ahalik eta esangura gehien.
[5] “Urez Jordan aldean” jarri harremanetan beste
honekin: mugaz bestaldera.
[6] Bilatu Euskaltzaindiaren arauetan gidoiaren
erabilera, eta epaitu ea ondo ala txarto jarri dudan nik hemen.
[7] Aditza burutua gehi “eta laster”, “ x eta gutxira...”
hauek faltan izaten ditugu kontaeretan, “-tuta”ren ordez.
[8] Zer esan nahi du hemen “ezagutu” aditzak? Bilatu
ezaguturen esangurak erdaraz
[9] Galdekuntza jatorrizkoan, begiratu –kuntza
atzizkiaren erabilera.
[10] Zer da “mandatua” euskaraz? Bilatu “manatu”ren
esangura. Cf. “nik ora mana, orak bere buztana”
[11] Alde batetik bilatu “egiteko”ren sinonimoak, bestalde
begiratu “baldintza”ren multzoan sartzen diren –“-tzekotan” tankerakoak.
[12] Zertzuk lotzen ditu “eta”k? (zein da aditz nagusia?)
[13] Bilatu “bada” kausazko lokailuetan EGLU-IV
[14] Ze egitura mota da hau? Saiatu euskaraz ematen: “Jon
me dio la pelota” / “la pelota me fue dada por Jon”, jarri azken honen
itzulpena goiko esaldiarekin harremanetan
[15] Begiratu deklinabidea kontsonantez bukatzean zelan
behar duen.
[16] “debozki” jatorrizkoan.
[17] Begiratu “ontarte” hiztegian. Bilatu –tarte
bukaeradun hitzak adib. Begitarte... Zein da “eta”ren funtzioa?
[18] Nahikuntza jatorrizkoak
[19] Bilatu –ro atzizkia, eta konparatu –ki atzizkiarekin;
bilatu bikoteak: biziki / biziro... tankerakoak
[20] Subjuntibozko honek aditz nagusi bat eskatuko digu,
zein? Bilatu horren sinonimoak
[21] Bilatu hiztegian “damu”z hasten diren hitz guztiak;
zein izan daiteke “damu”ren sinonimoa? Zelan ematen da “pésamea” euskaraz? Zein
da “damu”ren erabilera jatorra? Orain pentsa itzazue “-min”ez bukatzen diren
hitz batzuk.
[22] Bilatu hiztegi on batean “ohartu”ren esangurak
erdaraz.
[23] Zenbaitek uste du –ro bukaera hori bizkaierarena
dela, eta horregatik ematen digu Xuxenek txartzat (Euskaltzaindiaren Hiztegi
batuak “nagiki” baino ez du ematen, eta horixe da arrazoia). Argi dago
bizkaieraren aitzakia gainditu beharra dagoela bi eratara, bizkaiera gehiago
ikasiaz (bizkaieraduna izan zein ez izan) eta gainontzeko euskalkietan ere
murgilduaz, ezpere oso batu triste eta txiroa lotuko zaigu.
[24] Irabantzak
jatorrizkoan. Forma hori ez da ageri Lur
entziklopedian.
[25] Esneak gainez(ka)
egin ohi du; eta bat buruz aurrera
eror daiteke. Gauzei gaina hartu
behar zaie, baina batzuetan gauzek buruz
gain(era) egin ahal digute. Kontura zaitezte bi egituren batuketa suertatu
zaigula hemen.
[26] Bilatu hiztegian “hartzekoak”-en esangura.
[27] Begiratu zein polita (eta zein sinplea): gabe eta behartsu gelditu, “Gabe gelditu
naiz”. Bilatu testuan bere esku diren beste “gabe” batzuk.
[28] Bilatu Euskaltzaindiaren arauetan (online daudenetan
alegia), gidoiari buruzko araua, eta epaitu ea ondo ala txarto eman dudan nik.
[29] Konparatu gaur egungo “irtenbiderik” horrekin.
Euskaltzaindiko liburuetan, batez ere Perpaus Bakunari buruzko liburuxkan,
Salaburuk esaten du “irten” trantsitiboa bizkaierazkoa dela; tamalgarria da
gure Euskaltzainek halako hutsegite nabarmenak egitea: “Erten det”, oso arrunta
mendebaldeko gipuzkeraz, edota Lizardiren “neurtitzak irten dit”, atera zait
esateko, ez hain mendebaldeko gipuzkeran ere bai. Badirudi “irten” iragangaitz
(irten naiz) erabili izan den eskualdeetan, irten-en
ordez, atera erabili izan dutela maiz
gehienik; beharbada horregatik jartzen dio bizkia Mendiburuk, “irten” horretara
oraindik egin gabe daudekeelako bere entzuleak. Hala ere, begiratu Orotariko
Hiztegian zer dioen honetaz.
[30] Lehen “mandatu” vs. “manatu” bilatu duzu hiztegian,
orain konparatu “maneatu”rekin. Begiratu zenbat hitzek duten “esku” lehen
zatian; hautatu ezagutzen ez zenituen bi.
[31] “Eduki” aditzak “dadukat” eskatzen du, eta hala
erabili izan da zenbait tradizioetan. Baturako, baina, fonetismodun forma
hautatu izan da, aldiz, ez da onartzen bizk. “Euki”. Horrelakoetan suposa
genezake datu soziolinguistikoak erabili izan direla (hala espero dezagun!),
Zuazok gomendatu bezala.
[32] Konparatu hurrengo esamoldeak: “alerik ere ez”,
“garau bat ere ez”. “Ezer (ere) ez” esateko gure zaharrek askotan erabili ohi
dituzte halakoak; ekarri gogora ahalik eta horrelako gehien (egundo ere ez...).
Kontura zaitezte bi esamoldeok metafora bera ari direla erabiltzen: bihia, alea
edo garaua kontagarritasunaren ordezkaririk txikiena, alegia. Bestalde,
begiratu hiztegian “biltegi”ren esangura. Gero jolastu hitzokin: zer da
“aletu”, eta “garatu”, zer da “gara erdiko gizona”? (Zaitegik asko maite zuen
erabilera hau).
[33] Ikusi + -ra-= erakutsi; ikasi + -ra-= irakatsi;
etorri + -ra- = eratorri; Joan + ra = eroan; jausi + -ra- = erausi; jaso + -ra-
= eraso; eman + -ra- = eraman; Aditzak eraikitzeko modu zahar honi arazle edo
faktitibo zaharra esaten zaio. Arazle tasuna azaltzeko gaur era hau hila da;
gaur egun arazi ezartzen zaio aditzoinari eta kito (edo “eragin” “egin”
konposatuak direnean: barre eragin, negar eragin). Argi dago gaur egun “eraman”
aditzak duen esangura ez dela “eman”en arazlea, beste bide semantiko bati eutsi
baitio (nahiz eta Gipuzkoako zenbait hizkeretan “”eman diot” [ez bakarrik
“*eaman diot”] esaten den), -ra- artizkia, beraz, arazle bezala hila dago. Hala
eta guztiz ere, askotan, -ra-dun aditzak eta –ra- gabekoak elkarrekiko zuten
harremana ez zen erazletasunarena bakarrik, ezpada aurkakotasunarena, -ra-dunak
–ra- gabearen kontrakoa esan nahi zuen. Zer iruditzen zaizue esan nahi duela
hemen? Begiratu Euskaltzaindiaren arauetan zein den hobesteko forma Batuaz
a/e-raz-i/o (konprobatu ea nik azaldu nizuena zuzen ala oker zegoen).
[34] Bilatu hiztegian: orde,
ordezko, ordari, ordain, ordea.
[35] Bilatu hiztegian: alor,
arlo, sail, jorra. Kontura
zaitezte gaur egungo erabilera esangura metaforikoan oinarritzen dela (jorratu,
sailkatu, etab.). Askotan terminologia berria sortzeko gaztelaniazko oholtza
kontzeptuala ekartzen dugu euskarara, begiratu barik zein den euskarak berak
daukan modu berezkoa. Hurrengo lauhilabetean ikusiko dugunez, metaforak erakusten
digu bide hauetako bat.
[36] Horren antzera,
baina hori antzo (nahiz eta Lurrek
horren antzo ere onartzen duen). Zer jarri beharko genuke hemen?
Konprobatu bi hitzon erabilera Retanaren hiztegian. Begiratu Euskaltzaindiaren
Hiztegi batuan zer dioen “aintzura”ri buruz. Zergatik markatuko digu gorriz
Xuxenek? Zein da atera zenezakeen ondorioa Xuxeni buruz?
[37] Bilatu hiztegia erdarazko “encía”.
[38] Zein da bada
horren esanahia?
[39] Kontura zaitezte zein maisuki darabilen koordinazioa
edo emendiozko juntadura; zer ematen dio? Grazia, laguntza eta esku; zer da
“esku eman”? Bilatu Retanaren hiztegian “esku eman” horren esangura, konturatu
zaitezte hau Lewisen tipologian “poliberba” izango litzatekeela.
[40] Zein da jatorrizkoak dakarren hitza? Ondo eman dut
estandarreko kidea? Nola jakin?
[41] “ihintzik gabea” gure gaurko “izpirik ere”ren parean
dago, zertan izan daitezke sinonimo?
[42] “dijoa” batua ez dela gogoan izanik, bete hurrengo
laukitxoa:
|
Oraina |
Iragana |
Alegia |
Aginteera |
|
|
|
Balihoa / lihoake |
|
Bestalde, kontura zaitezte
guk “balihoa bezala” esango bagenu ere, berak “balihoa bezain X” formula
erabiliko duela testu honetan gehienetan; izan ere, bal-... bezain X formulak adierazkortasunerako bide zabalagoa uzten
du. Bilatu antzeko formularen bat testuan.
[43] Dastatu “preziosidadie”: Onaren bideak bide gogorrak
eta aldapak dira. Kontura zaitezte zelakoak diren darabiltzan izenondoak: “bide
aldapak”, ez du gure erdaraz iragazitako “bide aldapatsu”rik behar.
[44] Hara hor beste bitxi edo perla zoragarri bat: heltzen
edo itsasten zaio egitekoari. Lanari
ekiteaz gain, zein beste antzeko esan-modu ezagutzen duzu? Jarri ahalik eta
gehien.
[45] Kontura zaitez ordenaz: “bere lehengo gauzak” esango
genuke gaur, baina euskarak beste ordena horri ere ateak zabalik dizkio:
“lehengo bere gauzak” Mendiburu ordena horren zale da.
[46] “Esaten duen aldian”, zer da erdaraz? Zein da gaur
entzuten dugun euskarazko modu bakarra?
[47] Eskolan azaldu zitzaigun Iparraldeko eta ekialdeko
zenbait erabileratan “...eta ere” ager dakigukeela, zeinetan, zein baliorekin?
Hemen aldiz zer esan nahi du? Pentsa ezazue zelan esaten den halere bizkaieraz,
eta gero eman forma horren kide kontserbakorra estandarrean... Zein lotura
dauka hemen ikusten dugunarekin?
[48] Erlatibo zahar honek “aita gurea” ordenari jarraitzen
dio, zelan eman beharko genuke “gure aita” ordenari jarraitzekoa balitz?
[49] Ondo ote dago “ongi nahi diote” bezalako forma? Zein
erlazio bilatzen diozu “oniritzia”rekin? Jarri Jane Austenen eleberritik
“oniritzi” adibideren bat. Zelan jokatzen da “iritzi” aditza? Zelan esaten da
“te quiero mucho” ahozko bizkaieran?
[50] Non begiratu beharko nuke jakiteko ea izen hori ondo
ala txarto idatzita eman dudan gaurko estandarrean?
[51] Bilatu gaztigatu honen esangura(k) hiztegi on batean;
zer da hemen?
[52] Zer esan nahi du “gogoz bestera” formulak? Zer
erlazio dauka oraingo horrekin (gogoaren gainka)?
[53] Hitz hau ez dut aurkitu: bi posibilitate ditugu,
[54] Jatorrizkoan gabentza.
Mendiburuk –ntza atzizkia erruz darabil, hemen ezin izan dut gabetza
bezalakorik jarri.
[55] Konturatu zaitezte zelan hasten den esaldia eta zelan
bukatzen den: mugimendua erabat simetrikoa da (horregatik deitzen zioten
“euskal Cicero” Mendibururi) ...zara eta zara... erdian. Erretorikan maisuak
ziren garai horretako idazleak.
[56] Antolatu esaldi honen hurrenkera zeuretara.
[57] Nahizik
jatorrizkoan: nahiz + ik
[58] “atsegina atseginaren gainean” esan nahi du, baina
azken noren isildurik du. Atseginari atsegina erantsi edo askotu.
[59] Soseguntza
jatorrizkoan: sosegu + tza.
[60] Hemen Xuxenek gorriz markatzen digu; zergatik ez dut
ezer egin? Zein da aditza? Bilatu antzera sortutako beste bi aditz.
[61] Zer esan nahi dute testuinguru honetan “aintzura eta
geriza” hitzek erdaraz?
[62] Zer esan nahi du “hobe-ikusle-agoa-ak” erdaraz?
[63] Nola da “lagun Xabierrek” ala “Xabier lagunak”? Atera
testutik araua (Hau eskolan azaldu ziguten ikaskide batzuek).
[64] “Histaz eta irriz”; begiratu hiztegian; halaber
“ihakindatu” eta “parizta”.
[65] Kontura zaitezte –gandik beharko lukeela irakatsi
zaigun arren, -etatik jarriko dela multzoa-edo adierazteko.
[66] Kontura zaitez “azkar asko”ren parekoa dela erabat.
[67] Zein aditz doa “zeren” horrekin?
[68] Ate + ra = atera; etxe + ra + tu = etxeratu; bekatu
> bekaturatu. Erabilera sortzaile hau galtzear daukagu. Hala izan behar ote?
Aspaldian egindako aditzek ez dute –tu hartuko, berrikiagoetan egindakoek bai,
adibidez, gure zaharrek “erlojua atzera dabil”, guk ordea “erlojua atzeratuta
dago” (Bilatu Zamarriparen esamoldeetan ea zein dakarren).
[69] Zein da “ezagutu” honen erdarazko ordezkoa? Mikela
Elizegik (datorren lauhilabetean) esango digu: bere burua uretan ezagutu zuen.
[70] Kontura zaitezte ...bat...a...a erabilera kontaeran.
Bilatu mugatzailearen erabileraz gomendioren bat (eta aipatu iturria).
[71] Bilatu EGLU-IIan jarraitu/jarraikiren paradigma, eta
erabaki zertan datzan sing. vs. plur. bereizketa.
[72] Lortu “erdietsi”ren sinonimoren bat “lortu” ez dena.
[73] Urrika, urrikari; zeintzuk dira mendebaldeko parekoak?
[74] Ordenatu esaldi hau zeuretara.
[75] Galdetu lagun bermeotarren bati ea zer esan nahi duen
“zabal-zabal” adierazpenak. Hark emandako erantzuna jarri harremanetan
testuarekin; zelan etzaten da bat? Aldatu “zabal-zabal” beste adierazpideren
batez.
[76] Zer da “begietaratu”, eta “begitan hartu” eta
“begitan eman” eta “begiz jo” zein da guzti hauen arteko lotura?
[77] Nahi dut hura ikusi vs. nahi dut hura ikustea. Zein
da zeinen subjektua? (erdi-ekialdeko zenbait euskalkitan ez da bereizketa hau
mantentzen).
[78] Zein da –kizun atzizkiaren erabilera eta esangura?
Bilatu Villasanteren Palabras Vascas Compuestas y Derivadas.