PERU ABARKA

 

Basarte-ko ikastetxe handiko

 

Euskal-irakaslea

 

edo

 

Euskaldun baserritar bakarti baten

Eta Maisu Juan izeneko bizargin kaletar

baten arteko hautuak

 

_____________

 

Juan Antonio de Moguel

abadeak idatziriko liburuan

 

****

 

Catedrático de la lengua baskongada

 

en la Universidad de Basarte

 

o

 

Diálogos entre un rústico solitario

baskongado y un barbero callejero

llamado Maisu Juan

 

_____________

 

Obra escrita por el Presbítero

D. Juan Antonio de Moguel.

 




 

Lehenengo hautua:

Maisu Juan bizargin-osagile-euskaldun lantzaka eta Peru baserritar landuaren artean.

 

Uste uste barik aurkitu ziren. Ardanetxe batean hasten da hautua.

 

 

Peru: Jainkoak egun onak eman diezazkiola.

Maisu Juan: Bai zuri ere, adiskidea.

 

P: Berori bezain Jaun apaindu batek oinak ipini ardanetxe honetan? Toki hau gizon baldres, zantar haziera txarrekoentzat hobea da, berori bezalakoentzat baino. Ez naiz ni Jauna. Abarkak oinetan, txapel bat buruan, gerrestua gorputzean: hau da nire apainduria guztia; baina etxagun izen onaren zalea naizen aldetik, ez ohi naiz sartu ardandegietan, nora ezean, premiaz eta ezin bestez baino; ez zaiolako etxagun begiratu bati ondo egiten burua bat egitea gizon ospetsu, borrokari, hondatzaile, alper eta baldanakaz. Ez nau oraingino inork ikusi ardoak igarota, gaitz eginda, zabuka oinak lokaturik, ez mihia motelduta, ez begiak lausotuta, asko legez, euren osasun, ondasun, eta arimen kaltean.

Behin baino gehiagotan izan naiz neure herriko Buru edo Piel (=Fiel), eta dar-dar gainean erabili daroatzat ardo saltzaileak, belute edo ondo gautu artean dauzkatenean etxe barruan nekazaleak, edo ate irekiaz ardoa saltzen badute debekatuta dagoen orduan. Ez dit ezerk gorroto eta higuin gehiago ematen, nekazale edansarri eta ardozaleegiak baino.

Zer esan nezake, bada, berori hemen ikusita?

Haserretuko ez balitzait, jakin gura nuke nor den eta zerk ekarri duen hona.

 

M.J.: Adiskidea: ipin ezazu txapela buruan, eta esango dizut nor naizen. Naiz, bada, orainago igaro duzun herriko Barberua, eta deitu naute gaixo batengana. Pagatu didate bisitako erreal zilarra; baina hain doilorrak izan dira, zein eta ez didaten atera trago bat: hala sartu naiz hemen kuartilo bat atera eta zerbait jatera, bada urrin egiten zait neure etxea, baraurik bihurtzeko.

 

P: Nik uste nuen bene-benetako handikiren bategaz berba egiten nuela. Hargatik nengoen txapela burutik kenduta, lotsa nintzela berba egiten. Jakin banu lehenengotik Barberu txar bat baino ez zinela, ez nintzen Jaunka zugaz egongo, ezta ere buru hutsean. Eta barberu errukarri bat, eta inoren gaitzaz bizi dena, gaixorik ez badabil zer jan ez daukana, hain harro eta apaindu? Hainbeste soinuko bitxidunez, eta hori astegun buruzurian, bidez zabiltzala?

 

M.J.: Adiskidea: egizu berba modu hobean: zuk ez dakizu zer den Barberu izatea. Lehenengo Barberu txarrak ibili ohi ziren desonratzen euren ofizio ondratua. Batzen ziren tabernetan eta nonahi; gutxi estudiatu eta gero hil edo bizi, errezeta bat egin, botikako asko hartu eragin, erreminta txarrak eduki, eta berriketa batzuk nekazaleei esanda, trago galantak ezarrita, Mediku jakitun batek baino fama gehiago eduki zeroaten. Baina gaur Medikoen pare gara. Asko aurreratu da Kirurgian. Ni egon naiz Madrilgo ospitalean urte bian. Asko ikusi dut; eta asko dakusanak, asko ikasi daroa. Ostera ere diotsut: zer dela uste duzu barberua?

 

P.: Barberua Barberu eta mozoloa mozolo. Mozoloa baino non dago hegazti edertoago jantzirik? Baina ez du inoiz mozolo izatetik irten. Soineko apainduak ez dio gaixoari osasuna emango. Biajon dagiala nire herriko barberuak. Bere bideko jantzia eta txano gorri bat eta bere gainean txapel eskerga berrogei urte edukiko dituena. Ez dabil zu legez basatzarik basatza oinetako meheakaz, eta bai zaldi berak beste urte dituenean. Egia da nonahi topatzen duela bazkari eta afaria. Guztiek asko gura diote bere lautasunagatik, eta jaten du edozein gauza baserrietan. Aitor dizut, ardo zaletxoa dela, burua eta barrua berotu daroatzala larregi, eta hori era den guztian. Baina katuagaz zutunik zuzen egon ezin denean, topetan dituela zainak, eta eskutur sendo eta ikara gabeaz ateratzen diola ederto odola gaixoari. Hau zelan den ez dakit, hala dela bai.

 

M.J.: Horra nik diodana: horrelako barberu perdulario molde gabeek galtzen diotela fama guztia Barberutzari. Eta zer kulpa daukate beste gure ofiziokoek zure herriko barberu baldresa, ardora emana eta astaki bat bada? Ahaztuko zitzaion gaztetan ikasi zuen apurra.

 

P.: Ez du berak horrelakorik uste, eta hori esango bazenio berari, entzungo zenituzke entzuteko onak. Ez duzu inoiz entzun, Bakoitza bere zoroak bizi duela? Hark uste du ez dagoela bera legezko barberurik Bizkai guztian.

Behin banan aterako dizkizu egin dituen osakuntza mirariraino jo eragitekoak. Zuk berriz diozu astaki bat izango dela, dongaro janzten delako, nekazaleakaz bat egiten delako eta liburu zaharrak haustu eta baztertuta edukiko dituelako. Hark esango lizuke, soineko bitxidunek eta jantzi berriek ez dakartela jakituriarik eta bai liburuetarako nagitasuna. Entzun nion egun batean esaten nekazale askoren aurrean, eta bere euskara txarrean: Jainkoak libra zaitzala Barberu modako, Dotore txar, apaindu eta berritsuetatik. Kortejante batzuk dituzu: igarotzen zaie denbora zertzuk moda diren kontatzen. Figureria guztiak gura dituzte; Jauntxo egin gura dute, eta handikiak baino apainduago ibiltzen zaizkizu. Zein kurazio egingo dute barberu delikatu hauek? Ibiliko dira gaisoen artean odolak mantxatu ez ditzan beldurrez sangria bat egin behar denean.”

Hala zioen, eta ikusi bazintu horrela jantzita, esango zizkizun entzun gurako ez zenituzkeenak. Ha bizi du bere zoroak, eta zu zeureak. Eta guk nori sinistu? Hari edo zuri?



Iturria: Peru Abarka; edición bilingüe realizada por Resurrección María de Azkue, Prólogo a esta segunda edición de Juan San Martín, secretario de la Academia de la Lengua Vasca. Bilbao, Editorial "La Gran Enciclopedia Vasca" 1970. "Lenengo Autua", 15.orr.