SARAKO
ETXEBERRI
&19. Egia handi hau klarki erakusten
digute munduko gauza guztiek, zeinek enplegatzen baitute bere denbora, zertako
ere eginak baitira, eta hartan; guztiek baitituzte bere enpleguak, zeinek bere
graduan, eta hartan denborarik galdu gabe enplegatzen dira eta bere entseguak
egiten dituzte; hargatik erle ezti egiten trabailatzen direnek, dio Pliniok,
trabailatzen ez diren alferrak eta nagiak ezten kolpeka egozten dituzte bere
kofabetatik eta konpainiatik. Eta hala Izpiritu Sainduak igortzen gaitu
animalia ttipitto batengana erraten digularikan: zoaz, nagia, xinaurriagana eta
kontsidera itzazu haren bideak eta joan-etorriak eta ikusiko duzu zuk ere nola
behar duzun aitzinerat, etorkizunean eta betiere bizi eta gobernatu;
erakuslerik eta gidaririk gabe berak bere buruz biltzen du udan neguaren igaraiteko
behar duen mantenua eta bazka.
&20. Baldin Euskal Herriko gazteek
ongi har balezate gogoan Izpiritu Sainduaren abisu miragarri hau eta hausnar
egin balezate erleen eta xinaurrien etsenpluen gainean, deritzat bere
gaztetasuneko denbora ongi enplegaturik entsea litezkeela aitzinerat,
etorkizunean eta betiere zahartasunean dohatsuki iragaiteko behar lituzketen
eginbideen egitera, eta bide hartaz esperantza nuke egietan atera nintzaketela;
halatan behar da trabailatu eta trabailuaren bidez merezitu, ezen ikus ezazu
gure Jainko jaunak Adam lehenbiziko gure aita hura lurreko paradisuan plazerez
eta atseginez beterikako hartan ezarri zuelarikan, guztiarekin ere nola manatu
zuen trabaila zedila eta begira zezala paradisu hura.
&21. Ordea erranen duzu; Aita Adamek
zuenaz geroztikan behar zen guztia, zergatik edo zertako trabailatuko zenentz,
zeren filosofoen arteko erresia[1]
baita: gauzak ez dira multzotu eta berretu behar mengoarik eta premiarik gabe, eta
hala badirudi deusen behar ez zenaz geroz, bazegokeela geldirik.
&22. Arrazoi honen gainean Krisostomo
Sainduak ihardesten du ederki: ongirik ez egitea bera da gaizki egitea; aski da
alfer izatea gaizkin izateko, Katonek dioen bezala: ez deus egiteaz beraz
ikasten da gaizki egiten, zeren alfertasuna baita aztura gaiztoen ama eta
bertuteen ugazama; halatan bizio suerte guztiek laster egiten dute haren gerizara,
zeren ama baitute, baina bertuteak eta obra onek ihes, zeren baitakite ez
duketela harengandik begitarterik eta ez ongi etorririk. Halatan, beraz, bat
bedera da obligatu nahiz ttipia, nahiz handia, nahiz pobrea, nahiz aberatsa,
nekearen eta trabailuaren onestera, eta besarkatzera, bide honetaz
alferkeriaren latxio eta segada guztiei ihes egiteko. Eta bereziki haur
gazteak, zeinak enplegu gabez eta trabailatu faltaz errazkiago etortzen baitira
alferkeriaren lausengu higuin eta itxurapenekoetan erortzera eta handik
biziotsu eta gizon gaizto egitera, zeren alferkeriak bere bazka gaztetasunean
kausitzen baitu, han hazten, gurentzen, eta bazkatzen da; hala nola suaren
bazka baita olioa, manera berean alferkeriarena da gaztetasuna.
Hargatik Lakedemoniarrek irabazi
zutenean bere fronterako hiri etsai eta mugakide bat, erran zuten Lakedemoniako
aitzin-gidariek: egin da gure jende gazteaz, hemendik harat ez dute izanen
ihardukitzeko paradarik, eta ez gatazkatzeko etsairik ere.
&23. Ordea Lakedemoniar haiek berek ez
zuten desegin nahi izan bertze hiri kontrast bat, betiere bere kontra eta etsai
izan zutena, erraten zutelarikan hiri hura zela gazteriaren zorroztarria, zeren
gazteek han bere indarrak eta antzea frogatzen, zorrozten eta alferkeriaren
herdoiletik begiratzen baitzuten bere burua. Honen arauaz ihardetsi zuen
Cleomeres Sparciako hark ere, galdegin ziotenean ea zergatik, hala bere meneraz
gero, ez zituen bere etsai Argiboak desegin; dio: ez ditut desegin, dugun
amoreengatik nork gure jende gaztea zertako den froga dezan. Hargatik, bada,
nik ere obra hau egin nahi izan dut, gure gazteriaren zorroztarritzat bezala,
ustez ezen agian hemen bere indarrak eta antzea frogaturik aunitz fagore eta
laguntza munduari ematen dizkiotela eta egun batez bere trabailuen pagua eta
errekonpentsa errezibitzen duketenean niri ere eskerrak emanen dizkidatela.[2]
Etxeberri, Joannes (Sarakoa) http://www1.euskadi.net/harluxet/
Euskal idazle eta mediku lapurtarra (Sara, 1668 - Azkoitia, 1749). Lanbidez medikua izaki,
Saran aurrena eta gero Bera, Hondarribia eta Azkoitian bizi izan zen. Bizi
zelarik lan bakar bat argitaratu zuen: Lapurdiko Biltzar Nagusiari zuzenduriko
Lau-urdiri gomendiozco carta, edo guthuna (1718), baina Zarauzko
frantziskotarretan gorde diren beste hiru hauek ere prestatu zituen: Escuararen
Hatsapenak euskararen apologia sutsu eta mamitsua, Escualherriari eta escualdun
guztiei escuarazko hatsapenak latin icasteco gramatika-liburua eta Diccionario
cuatrilingüe. Sarako eskolakoa zen eta Axular gidari hartuta, prosa atsegin eta
dotorea erabili zuen, irakurterraza eta zenbaitetan bortitza. Apologista
praktikoa izaki, ongi zekien euskarak ez zuela bat-batean goi-mailako
literaturarik egingo, horretarako euskara landu eta idatzi egin behar zela eta
bestalde, euskararen hedapena ez zitekeela literaturaren alorrera muga,
euskarak irakaskuntzan ere bere lekua behar zuela izan. Ikuspegi hori guztiz
aurrerakoia zen bera bizi izan zen garaian; euskara kultur eta zientzi
hizkuntza bihurtzen saiatu baitzen.