Ubillos, J. A. Christau Doctriñ Berri-ekarlea. Tolosa: 1785.

 

Hitzaurrea

 

Hizkuntza bakoitzak ditu hitz egiteko berezko eta bere etxeko hitzak; gure euskarak behintzat bai. Honez ateranzko gehienek besterenak dituzte. Ezpere begira Erdarari, eta ikusiko duzu gehienak latin hizkuntzarenak dituela, eta hauez gainerakoak nork daki nongoak eta norenak. Berezko hitz hauek eskribitzean eta esatean, ezarri behar dira bakoitzari dagokion tokian. Euskaraz darauskizunean euskarazko hitzak ez badarabiltzazu, zure erausia hitzunea edo barbarismoa dela esango dizute; eta hitz bakoitza dagokion tokian sartzen ez baduzu, zure hitz-jarioari araututsa edo Solezismoa deituko diote. Bost honelako entzuten dugu euskarazko sermoietan! Alabaina, zorigaiztoan dakusagun bezala, euskaldun gutxik nekatu nahi du euskarazko hitzak bilatzen, eta bakoitza bere tokian ipintzen. Euskarazko hitzak ongi ez badirudi edo ohitua ez bada, hura utzi, haren ordean har daiteke hark esan nahi duena adierazteko adina den beste bat.

 

UHOLDEA ETA LEGE NATURALA[1]

         

        Cain eta Abel ziren Adan eta Evaren lehengo semeak. Abel ona zen, baina Cain gaiztoa eta bere anaia ona izatea ezin eraman zuena, eta horregatik kendu zion bizia. Cain bezala, haren ondorengoak ere izan ziren gaiztoak. Seth zeritzan beste seme bat ere izan zuen Adanek, eta seme honen ondorengoek eduki zuten aldi batean Jainkoaren beldurtasuna eta ezaguera; baina horiek ere ezkontzaz gaiztoekin nahastu eta gaiztotu ziren, eta horregatik Jainkoak hartu zuen guziak uholde batean itorik uzteko asmoa.

        Seth-en ondorengo guzien artean Noe bakarrik aurkitu zen, Jainkoa urrikal zekiokeenik. Honi bada Jainkoak adierazi zion egin gogo zuen munduko guzien galtzea, eta esan zion egin zezala ontzia bezalako Arka edo kutxa handi zabal bat, hegazti eta abere mota guzietatik ar-emeak beregan edukitzeko duina izan zitekeena. Noe bere hiru seme-errainekin eta abereekin kutxa-ontzian sartu zeneko, erauso zion euriari, eta berrogei egun eta gau, behin ere atertu gabe, iraun zuen lur guzia urez estali zuen euri jasa ikaragarri batek. Gizon-emakume, abere, hegazti, eta piztia guziak ito ziren uholde hartan; eta ez zen inor bizirik gelditu, Noe, honen emaztea, bien hiru seme eta horien hiru emazteak baizik: guzitara[2] zortzi pertsona, eta kutxan gorde ziren bizikorrak. Urak txikitu zirenean, irten zen Noe lehorrera bere etxetiar guziekin, eta horien ondorengoz, urteen buruan, bete zen berriz Mundua, eta horrela gara guziok elkarren senideak; baina ondorengo horiek ere, asko luzatu gabe, egin ziren aurrekoak baino areagoak eta are gaiztoagoak. Utzi zuten alde bat euren Jainko egiazkoa, eta jarri ziren euren burutik asmatu zituzten gezurrezko Jainkoetara. Batzuek Jainkotzat hartu zuten Eguzkia, besteek Ilargia, besteek gogoak eman zien edozein gauza. Gurasoentzat ez zuten begirunerik eta errespeturik, eman zioten guziek haragizko bekatuari, elkar ezin ikusi zutela eta mindurik gizon odolduen eran zebiltzan, eta gizeraileak edo gizon hiltzaileak, lapurrak eta gezurtiak ziren.

        Ez zituzten jakin gabez gaiztakeria horiek egiten, ezpada jakinaren gainean. Ez zuten zer ibili galdez, jakiteko gauza gaiztoak zirela lapurreta eta gainerako elkarri egiten zizkioten doilorkeriak eta bidegabeak. Bazekiten, eta nork-nahi daki bere burutik, ez degiola besteri beretzat nahi ez lukeena. Geure burutik dugun argi eta ezagumendu honi deritza lege Naturala edo Lege ekarraizkoa.

 



[1] Ubillos. Kristau Doktriña berri ekarlea, Tolosa, Lama, 1785[1], 12-14.orr. (Euskaltzaindiak faksimilea, 1989.ean)

[2] Zergatik uste duzue “guztitara” markatzen duela Xuxenek?