BEGOÑA'KO AMARI

Bizkaiko estalpe urdiñez jantzia,
Begoña'ko izarra ta lora garbia,
argitu, gordetu zeruko bidean
euskotarren lurra, lur zoragarria.

Aingeruk Begoña'n, mendi maitetsuan,
eleiz bat zuretzat urrez egin eben.
Jauregi orretan Euskaldun garbiak
eskeintzen dituzte biotzak Amari.

Or dagon lurgaña estaltzen dabena
atxurdin guriak, euskotar semeak
iñoiz eztabe lur autsagaz zikindu,
ba igesten ditubez usok lez lokatzak.

Itxas-aldeko izar argi-legun ori,
igon illuntzean mendi tontorrera,
Bizkaiko lurrean bidazti galduai
argitzeko zeru aldeko bidea.

Negu gogorrean arrantzaleari
emon estalpea ortzia urdindurik,
eta zeure janzki euskotar alabak
eundukoaz egin aize-oial on bat.

Laster ur-ontziak lurra dakusaten,
ta gero bernutzik Begoña'n aldapa
igon daien itxas erdian negarrez
eskeñitako itza pozik betetzera.

Euskal amak zure jauregira seme
onak eskeintzera eroan oi dabez,
neu ere amatxok gaztea nintzala
zure magalpera ekarria naiz-ta.

Zu izango zara bai gure Bakalduna
urre-zigorrez gurutze deunagaz,
Zurekin betiko azkatasunera
jaioterriagaz eramango gaizuz.

Jainkoaren ama: gure mendietan
artalde zuriak ugaritu beti;
eta udabarrian zugatz tantaietan,
poza urretxindorrak abestu deiela.

Baserri aldetan ixuri alaia
soloetan emaitz ederrak azirik.
Semetxo danakin guraso laztanak
sukalde beroan batuizuz neguan.

Iñon muga barik gentz zoragarria
itxaso ta mendi-gañetan zabaldu,
uri andietan anai-maitasuna,
toki guztietan donokiko poza.

Nire neurtitzari zure Gizkarbia
goratzeko beti gogo goi-zalea
Ta jausi ditela jauregi ortatik
ondasun euria euskal-erritara.

Ezdiela iñoiz be lañoak eskutau
argi ori, Ama, eta gure errian,
biotzean zildu dan iturri ori
jario ditela danentzat azkenge.

Bizkaiko estalpe urdiñez jantzia,
Begoña'ko izarra ta lora garbia,
argitu, gordetu zeruko bidean
euskotarren lurra, lur zoragarria.

(J. B. D., 1925-12, 368 or.).

 

JOSUREN AMESA

Gotzonak edur zuriz jantzita
ortzetik egaz lurrera datoz;
izar bana dirdizka dakarre
gau illunaren bekoki gañean.
Begitan zeruko poz ederra,
eskutan xirribika politak.
Jaunan jauregitik jatsi dira
on berriak ludira ekarten.
Igarobidean izar danak
argi zoli ta ederragaz,
aizea ixil, eta Taborrean
garalduta diran zitoriak
zuritasunez argitu dabez,
Belem aldera egazka doaz.
Aurtxo txiki bat altzoan dula
arkitzen dabe Miren abeska,
bere Semeari lo eragiten;
eresi gozo bat abesturik
Jerusalemgo alaba artean
Jaunaren etxean ikasia.
Erespide gotzon danak dagoz
«Umetxu laztana, lo egizu
amaren altzo garbi-garbian,
gotzonakin amesetan gero
ortz-aldera iges bat egiteko».
Eta Josu maitatsuak gotzon
zuriak alboan ikusirik,
parrez begiak itxiten ditu
ames bat egiteko arekin.
Amak laztantxo bat eman dio
begitxu baltz ta ederrenetan,
ta gotzonak ega zuriakaz
estaldu dabe Josu Aurtxoa.
Nolako amesak euki ditun!
Gotzonak ortzera doaz, eta
Josuk aman altzoan eskuaz
Gurutze txiki bat eraldu dau...!

(Jesus'en Biotzaren Deya, 1927, ilbeltza, 121'garren zenbakia, 53 or.).

 

AD JESUM

Natus est nobis puer et venustus
parvulus, surgens teneris in annis
e sinu aurorae, roseisque manis
solis ab ortu.

Tu potes nubes oculis serenis
cernere et rivos vitreos morari.
Rupe muscosa et tumido reponis
aequora motu.

Quin dolores tu lacrymasque risu
admoves, tanta est tibi grata virtus.
Dulce dum rides niveos dant flores
lumina pratis.

Non meae vero lacrymae cadentes
et dolores animum lacessent?
Heu! puer preces tibi rite dicam
vulnere laesus!

Stephanus Urquiaga, S. J.

 

ORRILLA

Gaur deitu dabe aize usaintsuak leyo isietan
Jaunaren irri gozoa agertu yaku loretan.

Itxaropena dirudi goiko zeru zabalak,
Oteun ontziak legez dakuskuz larrosa aiztak.

Ortzitar intzez bustirik, lorez sagar-onduak
apaindu dira, eta leka soildun erramuak.

Etorri yakuz bular zuridun elai illunak
udabarrien alaba azkarrak, gazteen kutunak.

Orril-aratza bere loretan nigana dator
neure erritxuko eleiz zurian orok maitekor.

Oyukatuten eben kantuen usain gozoa.
Zelan abesti arek poztuten eusten gogoa!

Artzaiñen izar gorria ikusten dogun aldian
aingeru otsak zabaltzen dira ortxe be beian.

Zelan orduan baserritarrak lana amaiturik
Josun Amari agur esaten eutsien pozik!

Zelan biotzak Jaunan etxean billauten eban
barruko miñak ixuri nairik otoi batean.

Argiz dirdizka zegon Marijan oindi bikaiña
eta eleiza oro izaten zan larrosa usaiña.

Zaleki orok, eskuak apal bular ganean,
otoi samurra esaten eben oindi aurrean.

—«Agur Marija, gure bizitza eta zoruna;
Zu zara gure negar ta miñen gozotasuna.

«Begi eztitsu orreik biurtu eizuz gugana,
t'erbestetuok eroan gaizuz, Miren, zeugana.

«O biotz bigun! O errukior! Ama gozoa!
Josun aurrean edertu eizu gure gogoa»—.

Orduan Jaunan onespen deuna biotz ganian
baketsu jausten zan, intza legez lore zurian.

Itxaropenan lili urdintsu bat erneten zan,
griñan arantzak labakituta euken gogoan.

Ta ataira orok urten eben, dirdir izarra
legez barruan, Aman irudi donokitarra.

Orain, ostera, sarri dakusgu semetxu barik
Amaren oindi lorez yantzia, bakar-bakarrik!

Goazen berriz ba, Marijaren eleiz zurira,
gozotasunez gure biotzak beteko dira.

Lore artean bizitza iturri gozoa dago;
bertan dario ura, inon baño be legunago.

Aman aurrean ez da entzuten ludi abotsa,
Jaunaren itzak ordea poztu daro biotza.

Eleiz maiteak zeruan antza dauko distiraz,
«Agur Marija» diñoen oyuz argi ta loraz.

Lore bakotzan usaiñak otoitz bat daro ortzira,
begi guztitan malko samurrak agiri dira.

Loreillan zugatz orleitsu bat da ludi guztija;
ta zugatz orren lore ederrena da Andra Marija...

(J. B. D., 1927, 123'garren zenbakia, 154 or.)

 

ARIMEN EGUNEKO YUALE-OTSAK

Dorre zarreko yuale orreik diran aztunak!
Nok iragarri zer diñoskuen euren otsetan?
Ai! il-maiteak euren agur ta gomuta itunak
lotu ebezan negar dagien kanpai orreitan...

Zarata orreik, gogo erritik ludikoakin
berba eitera datozen illen abotsak dira.
Orrein bitartez illobi itzi-ta umezurtzakin
etxe otzean ama txiroak mintzatzen dira.

Beste ludiko yuale orreik euren otsetan,
il-maitientzat eskatzen dabez gure otoiak.
Ta illak poztuten dira bai euren illobietan;
bakar-bakarrik negar-dagie miñez biziak...

Ai! Zenbat bijotz banatu daroz bai erijotzak!
Nok daki baltzez ikutzen badau gure atea?
Abe lerdenak deusezten ditu bere oiñ otzak,
urte artean eskutu dakar bere sarea.

Ai! orregaitik dira ots orreik diran itunak!
Ai dakarskuzan gomutearen goibeltasuna!
Negarrez zarrak, itziten ditu begi aztunak.
Beragaitik be laster joko da yuale illuna...

Gazteak goibel oldoztuten dau, obi ganera
zorun-zugatzan urrezko orriak jausten dakusta.
Edange eskuan daukon atsegin txola kentzera
eriotza noz etorko ete yakon bildur da...

Yuale orrein ots negartiak diran aztunak!
Bakar-bakarrik dagozan illen abotsak dira.
Orregaitik ba dira ots orreik diran itunak!
Euren otsakaz deitzen gaituna obi-tegira.

Ara ludia bukatuten dan leku ixiltsua.
Gure ibillaldi larria emen amaituten da.
Emen ludi itxi eta zabaltzen yaku zerua;
orok jadesten dogun ondartza emen asten da.

Ara guraso maitien loa zaintzen kurtzea,
Zoriondunak il ziralako Urtzi'n bakean,
euren autsean ezilkor datza berbizkundea.
Itxaropena loratu dager euren obian.

Josugan itxoin eben ta bere arpegi deuna
aurrez-aurre ta diztiraz bete ikusko dabe.
Kurtze-egapean lurra be oso yakie leuna.
Euren obia ez da egongo lorarik gabe.

Eguzkiaren argi dirdirkor itzali yaken,
baña begiak iztean, euren bijotz barruan
betikor izar baten diztira aurkitu eben...
Eta illobitik dakuste izarren dirdir zeruan.

Maitetasunez betetu ziran azurrotz oneik,
ba Urtzi'aren gogoa euren artean datza.
Garbai negarrok txautu ebezan begi-ertz orreik
donoki goian dakuste Jaunan egun aratza.

Kiston eskarran jarrai jun ziran oiñeak dira;
barruan Kurtze deuna eroan eben bijotzak;
Josun gorputzak txautu ebezan espanak dira;
orok, Urtzi'an aintza ikusiko daben gorputzak.

Zegaitik ba, ama nekatu orrek, negar-dagizu?
Obi zurian lo datzan seme orren sointxua,
zeruko gentzan zabalduko dan zitori yatzu.
Zeure albotik egaz, aurkitu eban zerua.

Iltegi ganez jausten asi da gau baltz barea,
dorrean jo ta jo diñardue yuale itunak.
Illen lo deuna zaintzen bakarrik dagir Kurtzea...
Illobietan barre dagie gure il kutunak.

Yuale orreik euren otsetan zer diñauskue?
Itxaropenan abots samurrak dira kanpaiak,
ta berbizkunde egun-aintzatzaz itz-dagiskue..
Dorre zarreko yuale-otsak diran alaiak!

(J. B. D., 1927, azilla, 131'garren zenbakia, 343 or.)

 

ELEIZAKO AINGERUAK

«Zer dira eleizako egadun musuak?»
—bere amari itaundu eutson neskatxuak—.
«Maitasun lorak legez dagoz altarean
beti ega-zabalik zerura begira;
ortzi goitik jausiko lorak ete dira?
Aingeruak lez dagerz Jaunaren aurrian».

Olan erantzun eutson samurki ameak:
«Eleizan dakusuzan egadun loreak
dira neska garbien gogo loratuak.
Jaunak gotzon oneetan eratu ebazan,
oso garbiak ziran ta erne yakezan
euren gogo erdian maitasun eguak».

Garbi oso bizi zan neskatxu panpiña,
ba egadun loretan biurtzeko miña
biztu yakon biotzean. Oi ama gaixoa!
Zure alabeari erne yakoz egak.
Gogoan erne yakoz, garbitasun egak
ta ortzi oztin-zear donokira doa.

(Jaungoiko-Zale, 1928, 260 or. ) .

 

ERESI BAKUNA

Bai zakust oldozten dauan gaban izar garretan,
abeslari sortzen dan ortzargiaren loretan.

Edertasun jantziz nabaituten zaitut leioan,
esker-jantziz baña ederrago neure gogoan.

Ortzi gardenean zure mosua dot goresten,
ume begietan zure esker deuna dot onesten.

Eguzki izlatsua dirdirtzen da itxaso barean,
eta zure gentza, Urtzi ori, gogo donean.

Onetsiten zaitut gaztaroko barre garbian
baita be zartzaro zimurreko buru zurian.

Izadian dakust zure aunditasun lorratza.
gizadian zure maitasun irudi aratza.

Zugaitz lilietan dakust udabarri irria,
giz-bekokietan zure ezpanen mosu guria.

Lorazko goizari abesten dautsie txoriak,
aunditasun orren lan orori gizon guztiak.

Ortzi-itxaso-lurrak dira zure aintzan txadona.
Zerorren txadonik ederrena barriz gizona,

Bildur naiakitzu ekaitz zaldiaren bitsean,
baña maitatuten zaitut biotzaren bakean.

Eguzki dizdiraz argitu daroazu ludia,
Zure begi deunak dira gogoaren argia.

(Jaungoiko-Zale, 1929, 198 or.).

 

GURUTZEKO JAKINTZA

Urrun Zugandik — bixi gurarik
dastatu dodaz — gozo guztijak.
Bijotza baña — ze itun Zeu barik!
larrosak beste — ziran zaurijak...

Neugaz nenkarren — barre alaya,
poz ayek orain — diran malkuak!
Atsegin-lora — bada garbaya,
nora joko dau — neure goguak?

Ibilli nazan — lora ganian
aurkitu dodan — zauri mingotza!
Aul erori naz — laket artian
eta miñez dil — neure bijotza.

Bixitza onen — arlo betia
benetan zala — griñen ekintza!
Iltia baña, — Josu maitia,
Kurtze ondoko — gogo-jakintza!

(Jaungoiko-Zale, 1930, 313 or.).

 

GORANTZA

Ixar lirañez urretsu
zeru ori dan politta!
Lorategija dirudi
larrosa gorriz jositta.

Noz lortuko ete zaitut
atsegin danen tokija?
Ludi au yatan illuna
beiturik zeure argija!

Intziri nok ez egingo
ixar ederroi begira?
Mitxeletaren antzera
begijok duaz argira.

Neure lei bixi samurrok,
ortzija zuben atzena!
Argi-seme biurtzia
zuben elburu guena.

Zerurantz juan gaitezan,
bidian piztuko ixarrak
zubek poztuten dozubez
bidazti onen negarrak.

Neure samiñen koroya
izpi legunok balira!
Ludiko neke artetik
beti nago orrantz begira.

Ixarrok ete zarie
Gotzon eguen auts zia?
Zuberi mosu egiten
digaro neure zalia.

Illuna oker-laguna
ixaten ei da ludijan,
orregaitik argi-ziar
jarraitu nai dot ontzijan.

Begijok gorantz daroyez
goiko disdira lagunak,
neure bijotza ostera
katigu daukost illunak.

Egaz egin nai zerura,
al ezin barriz txiruak!
Jaun orrek, kendu zaliok,
edo eratu eguak!
(Jaungoiko-Zale, 1930, jorrailla, 1, 110, or.).

 

BADAKIT

Negarra zear
barre dagizu
samiña gorde gurian.
Españok irriz
zaintzen dabena
dardarka dogu begian.

Zaindu nai zeunke
zeure gogua,
itun darozun gogua.
Errukarria
badakit, gazte gaxua,
baña zarala

Jakin dodanik
edertasuna
zeure soñian dozula,
badakit ondo
zoritxar miña
goguan sartu yatzula.

(Euzkadi, 1929, epaila, 21).

 

AMA GAXUA!

Oi lenengoz ama danan zoriona!
Nork atzaldu oso poz orren sakona?
Oi lenengoz bere semea
besoetan daukon andrea!
Gau baltzean jayo zan ume laguna;
soiñ txikerdun seiña aitaman kutuna.

Soin orren ezkutu aundi leunena!
Emen daukogu iskiz gura genduena.
Bere begiak dira leunak!
Bere irriak dira bigunak!
Sorkalde garbitik dager ortzargia:
bere somuz dargi gelatxu idigia;
ta lenen sortzen dan argiak
lora-legez seme begiak
zabaldu dagizan, aruntza begira,
ama-seme biak geratuten dira.
Ai!, ori ezin baña amea!

(Euzkadi, 1928, irailla, 5).

 

ASKETSI

«Asketsa» loratu da kurtze-abarretan,
maitasun biurtuten dira irain lertsubak
bere beso leunetan.
Or abia dagie ba biotz samindubak.

Gorrotorik ezin da sortu kurtze-pean:
«Asketsi, ez dakie ba zer dagien-da».
Ludiko irain artean
dan ederra kurtzeko maitasun-gurenda!

Irain eta oñazez oro mindu nozue;
ordez entzun ba nire biotzan iraña:
«Jauna, asketsi eiozu:
asketsi, zer dagian argi daki baña)».

(Euzkadi, 1929, epalla, 28).

 

EZ DIGARZU

Maitasunezko
gau oztiñetan
ortzirantza so dagizu
ta urretxiñolak
larroseari
zer dirautson ba-dakizu.

Igarten dozu
mitxeleteak zer
diñotson loreari
eta iturrian
altzo gardenak
zer dasaion ortziari.

Zure goguak
baña ez digar,
neska eder ta kutuna,
neure biotzak
zeure orreri
diñotson maitetasuna.

(Euzkadi, 1929, apirilla, 6).

 

MAYETZEKO LARROSAK

Larrosa ederrak loratu zaitie
txori bako abar igartu ganetan.
Ameskor bialdu gora usain gozua
euzkia bakaldun dan padu ixiletan.

Seaska-zurtz ertzen iri zeuen lekak
orok laga daben obi bakartian.
Min diran goguen zaurian loratu
Jauna aztuta dagon otoige oindian.

Oñaze artean loratu zaitie,
alaitu negarrok, poztu begi itunak.
Arantzak beti, ba, maite izan dozuez
sasian sortuko larrosa kutunak!

(Euzkadi, 1929, mayatza, 19).

 

LORETAN

Leyo zuripe ortan illargi gabetan
maitasuna dirudi ames gorubetan.

Gau argitsuan barriz iruiten dodana
ortzargian eskubak urratzen dau dana.

Nire malkoz bustita dagozan liliak,
ez ete diñautzuez neure gurariak?

Tanta bat lora-lekan ikusten ba'dozu,
«goxaren agurra da», samurki diñozu.

Zure bijotz lilian al banuez urduri
gogoko negar oneik goxaldero ixuri!

Orduan ortzargian maitasun malkuak
eleukez estalduko nire lei gaxuak.

(Euzkadi, 1929, garagarrilla,9 ) .

 

BIOTZ GANEAN

Biotz ganean lotu eunstazun
maitasunezko lilia;
ganean baizik ez eguan-da
igartu yatzu guztia.

Maitasun suak zimeldu eban,
jausi yakozan orriak;
jantza zoruan zapaldu neuzan
lorean orri zuriak.

Barruan gero sartu zan barriz
lorean sasi zorrotza;
orain ba'darot biotz erdian
maitasun arantz mingotza.

(Euzkadi, 1929, irailla, 3).

 

ERRUKARRI ZARA

Orain aske zagoz maitaletxu ori,
zure begian ez dager malko-ikara.
Samiñik goguan ez yatzu erori,
baña errukarri zara.

Enozu maite izan eta pozik zagoz,
aizuna izan arren, lo gentzaz-dagizu;
urbil oñazeak estalduta dagoz...
Gerorantza so-egizu.

Gaurkora zuzendu zeure begi illunak,
zartzaron ez dozu zoruna lortuko.
Maitale izanaren gomuta bigunak
iñoiz ez zaitu poztuko.

Negar-aldian ba maitatu egiñak
itxi daben oroiz atsegintzen gara.
Ez dazauzuz orain maite-aizun-miñak,
baña errukarri zara!

(Euzkadi, 1929, irailla, 4).

 

BIZITZA-BIOTZAK

(Guido Mazzoni)

Gazte sendo lerroka gudarantza doa,
euren azkonak zemaiz, dirdiraz, argira.
Guda eresa; anayak, orok gudaldira!
Indarran soillik ala, orobat dedua...

Lora polit ganean yantzan neskatxuak.
Abesa egaz euren adats kizkorrean,
egaz abesa: Maite, maite gaztetxuak,
maitatzean bizitza, poza maitatzean.

Arrizko zurgu-ziar zarrak nausikiro,
talde leuna dabeste geldiro, geldiro:
Seme orrek, onena dok eriotzea.
Obian soillik gentza, obian Bakea...

(Euzkadi, 1929, IX, 24).

 

OTOI-MINDUA

Negar-samin artean sortu intzan otoia,
egal orreik zabalik zeru-ziar oia.

Ai-otsak baxen ondo ire maminduak,
bakez gozatzen dituk biotz zaurituak.

Luditar abes-urrun gogoko zaurira
otoirik minduenak dardar eltzen dira.

Ludi orrek ez duler otoi-atsegiña,
otoiak baña goian dager gure miña

Negarraren izketa nok ez ete digar?
Barruko miña nok ez ete dazau malko-ziar?

Txadontzat Jaunak dartu biotz nekatua,
txadonean otoia berez sortuz dua.

Min bizian ai-dagin otoia, emaro
gotzon zuriak egapean gorde daro.

Otoiaren egak min-arren ez deuseztu;
malkuak arren, gora begiak arteztu.

Gure otoi onetan samiñan otoia
Donoki goira artezen zeru-ziar doia.

(Euzkadi, 1929, XI, 22).

 

NEURE LARROSEA

Neure soloko larrosea,
maitasun odolez ernea,
lorondorik nok ostu zaitu?
Goxaldeko malkoz bustita
sortu ziñan lora polita,
zein eskuak banatu gaitu?

Zeure bikaintasun arruba
mitxeletak loitu bakuba,
espanen batzuk ausi dabe?
Axiaren maitalarija,
ortzargi malkoen abija,
gizonak dira zeure jabe?

Ondo zainduko larrosea,
larrosa orotan maitea,
nok lorrindu zaitu, liraña?
Illuntzeko bake aldian
nire maitasunak ekian
zure ametsezko usaña...

Nun zagoz, larrosa kutuna?
Zeñek dagi zeure zoruna,
neure larrosatxu maitea...
Edertasunarren lagarik,
neure soloan loitu barik
euki zindudan larrosea?

(Euzkadi, 1930, urtarrilla, 21 ) .

 

LORESKIN JOTEN

Edurtzan zugatz ziar
dagir etxetxua.
Leyar garbi mosuka
dirdir dakust sua.

Abeslari diñarzu:
oldozkor kanpoan
entzuten ez dazauzu
nor ete dagoan.

Abes ori entzunaz
negar dagit miñez;
goguak dardar dagist
gomuta samiñez.

Otz naz... Edurra dagi.
Zuria dager lurra...
Mitxilotatxu eran
jausten da edurra.

Loreskin bolikitan
dabil negar otsa.
Nire ames ganera
erori da izotza.

Il-oroiak gogora
dustot dakarzela
zure abesti orrek...
Orren da zimela!

(Euzkadi, 1930, epailla, 11).

 

ITURRI LEGORTUA

Iturri maite ori,
zelan legortu zara?
Nok kendu ete dautzu
altzoko ur-ikara?
Zuk entzun zendun gure
maitasun itz-dardara...

«Garden beitu ninduzan
zuen maite-begiak;
baña ordutik ona
agur nire urten garbiak
oso legortu naue
zeruko eguzkiak...».

Maitasun itz goxuak
gardenduko iturria,
sarri beteten zendun
aren usuil garbia;
aizuna izan zan baña
usuil aren garbia...

Orain negar ta negar
dagist biotz ilunak:
nok legortuko ditu
nire negar itunak?
Oso legortuko dauz
barruko maitasunak.

(Euzkadi, 1930 epailla, 18).

 

LORTU EZIÑA

«Mendiko bidea
bide nekakorra!
Arantzaz josita
zakidazan lorra! ».

Larreko bidetik
abeslari nua.
Illuntze onetara
oro da amets-lua.

Mendi goyan dabil
zorion-izpia.
Mendi goyan dago
zeruko bidia.

—Abil, abil, abil
mendi goi-goraño!
Ortzia argi dago,
itxasua laño...

Iñok eztau lortu
izpi zerutarra.
Lilien margua
orotan bakarra.

—Abil, abil, abil,
abil neke barik!
Koldarrentzat ezta
izpi ta lorarik.

Lilian ganean
izpi leuna dago.
Abesti au barriz
dakust itunago:

«Mendiko bidea
bide nekekorra!
Arantzaz josita
zakidazan lorra! »

(Euzkadi, 1930, lotazilla, 14).

 

UDABARRIKO ABESTIJA

Lagun kutunok, gaztiak gara!
Burubak jaso zeruko argiz txauturik.
Itxaropena abestu daigun
Maitasun-euna mendi goyetan loturik.

Udabarrija loratsu dager.
Eskuban dakar geure Jaungoiko altsubak.
Girin lizunak urijan utzi.
Erain daiguzan bijotz alayen oyubak.

Intzezko lorak zabaldu dabez
Irri dagijen urrezko leka gorrijak.
Eta larrosak kolko-zabalik
Bai-dirudije maitasun-oteun-ontzijak.

Gaztiago orain dabez goguak.
Ago gaztien aintza eresi samurrak...
Txorijak legez orok egazka
Poztu daiguzan amets-dagijen gaillurrak.

Usaintsu egak axetxu mia
Legunki dabil bedar ta lili artian.
Garitza eta zugatz abarrak
Laztantzen ditu labalde orlei ganian.

Goitik datorren argi leunari
Zabaldu, arren, bular zurijak kutunki.
Abots alayaz baserritarrak
Zelai erdijan abesten dabe bigunki.

Bixi-barrijaz pilpiraz dagoz
Izadijaren maitasunezko bularrak.
Edertasunez orleitsu dator
Loraz poztuten negu latzaren negarrak.

Mosu samurren aro donia,
«Maitatzen zaitut», eta laztanen orduba.
Zugatz puntetan lorea baño.
Espan ganetan lenago derne mosuba.

Udabarriko zugatz mardula.
Landatu daigun geure bijotzen barruban.
Bere azpijan lotan dagigun
Bero aldija elduko yakun orduban.

Igartzen bada, Jon deun-gabean.
Santzoka jaurti sutan dagozan garretan.
Abar igarrak jaurtiko doguz
Eta ganetik jauzkatu pozez olgetan

Gora bijotzak! Oro da poza!
Lortu daiguzan atsegin danen lilijak.
Gaur gara, bijar ezerez barriz.
Illobija ez dauskube itxiko adijak.

Maite-itz barrijak entzungo ditu
Zelayan dardar daguan lora arruak.
Larrosa leunak artu lagunok,
Maite diranen mosu samurrek lakuak!

Bein gaztarua il ezketiño
Nekosta baltza ixango yaku laguna.
Lortu lilijen mosu garbija
Igaro arte betiko zurgu iluna

Udabarrija maitasun-jaya,
Abiz bete dauz baso ixileko zugatzak.
Ur gardenean biurtzen ditu
Gotzon eguan erako edur matatzak.

Mendi goyetan jantzi urdiña,
Zabaldu dabe eguzkijaren mosubak.
Ezkon barrija lurrak dirudi.
Bere lilurak larrosaz daroz eundubak.

Oarmen eta soñan bixitza.
Soilik dirudit udabarriko argijak.
Atsegin oroz bijotza asetu
Eta malkorik barik goratu begijak.

Onetsi daigun udabarrija,
Lili usañez geure gorputzak txauturik.
Ta itxaropena abestu daigun
Mendi goyetan maitasun-euna loturik.

(Euzkerea, 1930, 451 or.)

 

GURA NEUKENA

Nik eztot maite, neure neskatil zurija,
bular ganian dardar darozun lilija.
Bijotz ori da maitatzen dodan bitxija.
Lili lerdena
neure bijotzak
maite dabena.

Maitasun bixiz zabaldu yatzun lorea
gorde nai neuke usainduz bijotz gaxua.
Zeure gogoko ederrak lotu narua.
Lora laztana,
bijotz ori da
maite dodana.

Zergaitik, arren, ez maite lili bikaña?
Damokitzuket neure lilitxu liraña...
Goguan dagon maitasun lora au baña
ezin opari
zeure espanaren
mosu leunari.

(Euzkerea, 1931, otsailla, 562 or.).

 

BIDE-ZIAR ABESTEN

I

—Neure begijok dira gaba baxen baltzak:
Maitasun-zalez dakart bijotzeko suba.
—Lora baltzak edurtzan bildurgarri yataz:
Begi orrein diztira erijotz-mosuba.

—Ezpan oneik sugarran mingain gorritsuba.
Lorak zabaltzen dabez matrail-kutunean.
—Ezpan-samur ganian zabalduko lorak
Larrosa zauritubak geure bijotzean.

—Zitori antza dager neure soin garbijak.
Mosu orrentzat artu bere edertasuna.
—Edurran antzekuak zitorijak dira.
Loitu ezkero ezin atzindu lizuna.

—Ezpan oneik lañua, begijak ametsa,
Gorputza ikugai-eza, ezin zaitut maite.
—Irudi gelgarrijoi, neuregana zatoz!
Maite eziña betiko neugaz lotu zaite!

II

Lorarik lora
amets egalez
sortu yatan lei sutsuba.
Irri egisten
lili leunentzat
neure maitasun mosuba.

Ortziak gero
urrezko argiz
lotu eustazan begijak.
Ñirñir egisten
ixar ta lorak,
neure begizkun gustijak.

Maitasun ori,
gero zeu baña
beitu zinduban zorunez.
Agur betiko,
ixar ta lorak,
gaztarua ilda samiñez.

Neure mosuntzat
lora leunenak
neska politan ezpanak.
Begizkunentzat
ixar argijak
maitian begi laztanak.

III

Abesti leunak loratzen ziran
ezpan ganeko gentzean.
Bijotz samurra bildu eustazun
maitasunezko leyean.

Orain ixilik abesa dago
eta zerurantz begira
dizdir begijan malkuak dagi
maitasun baten distira.

—Abes bigunen erregin ori,
alai abestu egixu.
Orain maitale garealako
samiñez negar dagixu?

Ezpan kutunak neureganatuz
mosuba damost amesti.
—Ta mosu oneik, samurki diñaust,
eztabez anei abesti?

(Euzkerea, 1930, 500, or.).

 

MUTILTXUBA TA ERLIA

Mitxeleta bat eta erlia
egaizka lili-artian
mutiltxu batek ikusi euzan
baratz alaiko bakian.

Mitxeletaren margo politak
zoratu eben mutilla.
Lorarik lora arin ebillan
margo eder areik billa.

Erle maratzak ots-egin eutsan:
—«Ez adi joan iñora.
Mitxeletan autsa dok soilki,
Ator, bai, neure ondora.

«Ezti gozua emen yaukuat
lore gustijen mosuba».
Baña mutillak apurtu eutsan
ezti-beraska txautuba.

Onez ganera atrapau eban
mitxeletatxu liraña.
Laskitu eban bere oñakaz
loratza oso bikaña.

Ordun erleak, erletxu onak
sartu eutson, bai, eztena.
—«Eskar txarreko mutil gaiztua,
eu azan lukur-zekena».

Mutiltxu onen antzeko asko
ba-dira gure artian.
Baña txarraren azkena, laster,
elduten yake ludijan.

(Euzkadi,1932, bagilla, 16).

 

MUTIKO GAIZTUA

(Alegia )

Txoririk ederrena
txaki baten eguan,
kanta kantari beti
alai egun osuan.

Amearen esana
aiztu eban gaztiak.
Txorija ikusi nairik
zabal euzan atiak.

—Seme, txaki orretan
iñoz ez adi sartu.
Txori orren kabia
ez egik artegatu.

—Amearen esana
egin ba zeban ondo,
zigor bildurrik orain
ez zenduke, mutiko.

Baña, zabal orduko,
aldendu zan txorija.
Eguak axe-ziar
billau eban mendija

Mutillaren negarrak
ikusi euzanian
txorijak esan eutson
egaiz-egaiz ortzian:

Txarra egin baño len
ez aiztu gerokorik.
Negarrak eztaukalako
zuzenduten okerrik.

(Euzkadi, 1932, uztailla, 7).

 

NESKA LIXUNAREN URTE GIROAK

Uda Barrian
Txiliñak otska dorrian,
—Sagu-zarrak dantzari—
neska lixunan goguak
sagu-zarra dirudi.

Axe gozuak kalian,
—zidarrez jantzi zadi—
ameslarijen albuan
axez putzutu adi.

Ixar-koroya ortzian,
—sorgin zarrak kantari—
neska gangarrak oyean
ezin eutsi amesari.
Udan
Ipar mia itxasuan
—batelen puntan zuri—
olatu-apar onduan
neska zankuak guri.

Eguzkija, bero, gordin,
ur-ertzak, ondar gorri;
neska ariñan bijotza
ames lixunez gori.

Olatu nagi puntetan
txirrin baltzak jolasti,
neska gangarran lepuan
gaste arruak burlari.

Neguan
Edur garbija mendijan,
ibai-ertzak izotzik;
mar-marka kale zarrian
mutxurdiña moskorrik.

Zarata itzalak gabian,
—akelarrak beterik—
axe zolijen soñura
mutxurdiña burutik.

Kanpayak otska dorrian,
—baltzez estaldu adik—
kanposantuko bidian
mutxurdiña bakarrik.

 

PALANKARI BATI

(Un desiderio della belleza antica) Carducci

Zein eder, lagun yaukok bedar-gain, itzala!
Palanka orren leya axe barna jaurti
oztiñaren eun mia urratzen jokala,
baña orekan ago, gaste, tinko beti!
Zein eder, lagun yaukok bedar-gain, itzala!
Elade'n ager intzan gastarozko loran?
Soin orrek akatsik ez, Apalla'ren antzo!
Izlan dok, ba, barnian arnas illeziña.
Indarra ta gokentza eugan batu dituk.
Esku ertzetik soilki urten begik alak
soña lerden dokala Parzenon'rako gai,
arri-landu bateko soin ereskitsuba.
Igigune barik eu, oro igitu begik
naimen bitartez obe, indarragaz baño.
Begizkun orrein aurrez, gel-ez-arin, bua
ospe nayak yarokan palankaren ertza.
Esku artetik azke, senti dokanarren,
bere aztatik ezin eta lurra jo yok.
Indarra eztok naiko.

Neurri zabalen-min
nayak uts egin bai'au, nora juanen az?
Azke gozalako ta olantxe gabiltzok,
gizkaya yoguk baña ta bera gatorzak.
Gaste ori, ospiak ortxe yagik zantzo!
Eure jarrai txalotsa, agur bat zinkatu!
Ixen ori juango dok urrin egaizka,
bedar-legor metetan suba baxen arin.
Gaste-aldren gelkuntzak esitzen au pozik,
eta euren jo-muga besterik etxagok.
Il yakun gogo oneri emoyok indarra;
sendorik sendoena, emaitz baten antzo.

Iturriko txirulak ixillian otska
yantzarazi eutsoen iñoiz urtzimiai,
gurenda orrek legez, geure baitan nayai?
Jaurti palanka ori! Ez eme, ar adi!
Euregan dok gastaro, apahal eder legez
Elade'k arnas soñan, abil aintza billa!
Jopu diranen aintza, estuntzartian.
Eu garalle, iñorentzat ereñotz abarra?
Ez! Urtzi'k igortzi au gastaro illeziñez
aberria goratu dedin eure bidez.
Urrin jaurti nai yoguk endaren azkura,
palanka orrek legez oztiñak urratzen.

(Euzkerea, 1932, epalla, 25 or.).

 

IGANDE GOIZ BATEN

Zerua dok dardar uso-egalpian
ta aizien ezpanak loreak sorlari.
Urtzimiak billoxik dozak
soña, mies-antzo, argitan.

Igande goiza, begi-gain dok gentza!
Zelai ziar yuak kanpai baten otsa.
Neuretzat beti az sorbarri,
gogo utsez akustalako.

Dapni eta Kloe —begi barna loran—
zer dan eztakien lera baten jarrai.
Eun me atzian zadorra dok,
lerro leunak gentzaz yagozak.

Olan akust, lurroi, aur danen ameoi;
eure bare ontan eztok uñen otsik.
Baña arri-antzo orra gizona,
eta ugoskak dozak altzuan.

Soin gaztiak utsik maite dozak dantzan;
begi bakun-ziar, izpiz jantzita letz.
Sort begik alai maite-miña,
gogai mia baizen ikuske!

Atseden orduan eure adi nagok:
mezatan aintz deuna neugan dok oindiño.
Ezertzaz oldoztu baño len
euri gurka egiten natork.

Ixillian dantzuk erlen neurrizko otsa,
bedar oron lagun ba-yatork itzala.
Urtzi ibilli dok emen ala,
begiratez dana edertzen?

Ludi oi, zar-barri, ago neure maite!
Arnas ezilkorrez azal-gain laztanduz.
Ago eder, itxas bitsetik
Aprodite urten zanian letz.

Goiza dok. Lausotan oro itxartu nairik.
Jata'k urdin goiak, lañoz gerrikua.
Itxas-azalan argia yabilk,
eunak arro yuak ontzia.

Eta gorpuzkion lillura ixillian
adore barri bat nabaituten yuat.
Ezilkortu ba'neukek berton
gerorago yatan zerua!

(Euzkerea, 1932, orrilla, 95 or.).

 

LARROSEA ETA TXARRIJA

(Alegia )

Txoritokitik landara
atera eben txarrija.
Arin-arin basatzara
sartu zan, orruz, piztija.

Mustur-okerraz basatza
usartu eban sastarrak.
Onetan larrosa aratza
begijan eukon bedarrak.

Lorondo-puntan eguan
larrosa sortu-barrija.
Distiraz eukon altzuan
goxeko garo garbija.

Laster aginka txarrijak
apurtu eban gaxua.
—Zergatik neure orrijak
laskitu dozuz, gaiztua?—

Baratzan barriz musturka
asi txarri ayerra.
Ta esan eutson orruka:
—Zergaitik az ain ederra?—

Olan iñoren ederrak
min damotsoe askori.
Ba-dira txarri ayerrak
ludi onetan ugari.

(Euzkadi, 1932, orilla, 19).

 

IKER'EN ERANTZUNA

Erkaldarren etxian
ikurrin zabala.
Onetzaz mintzalari
ikasle garbala.

—«Umiok, beti maite
ikurrin ederra.
Agertu beti orri
gogoan eskerra».

Gero mintzatzen zala
eldu zan axia...
Ikurriña zibuka,
arro zan eun mia.

«Sari bat artuko dau,
sari ederrena,
onetzaz diraustanak
oldozkun gurena».

—«Ikurrin eder orrek
zer esaten dautzu?
Axe-ziar zibuka?
maitatzen eztozu?

Ikasle malmutz arek
umiai iñotsen:
—«Orra aberri amea,
gustijok laztantzen.

Umiak au ta ori
erantzun eutsoen,
baña Ikertxu'k, ixillik,
ez eban jardesten.

«Erantzun egistazu,
euzkotar zitala!».
—Zibu orreik dirauste
axe ona dala!

(Euzkadi, 1932, maiatza, 20)

 

GAZTAYA TA KATUBA

(Alegia )

Mikel, abertzale gastiari, biotzez

Gaztaya eukon atsuak
arasa baten zainduta,
baña sagutxu gaiztuak
ozka itxi eutson galduta.

Apari ona jateko
gabero euken gaztaya.
Elduko zan baña agudo
oturuntz arein amaya.

Arexek galdu gurarik
ekarri eban katuba.
Laster ixango bat barik
arasearen barruba.

Katu-gorri, bizar-zuri
arro ebillan etxian.
Oñez nagi, begiz argi,
urdairik etzan bakian.

Arasan sartu katuba
ta oiratu zan atsua.
Axe bai zala zeruba
gaztayan usain gozua!

Atsuak jagi zanian
zabaldu eban arasa.
Katuba sagu artian
axe eguan lasa-lasa.

Ez urdairik, ez gaztarik
arasan etzan gelditu.
Baña katu ta sagurik
gosiaz etzan garbitu.

Iñoren kontuz eurerik
ez egik itxi sekulan.
Arrotzak alkar il barik
batuten dozak beinguan.

(Euzkadi, 1932, orrilla, 26).

 

TXITXEAK ETA MIRUBA

(Alegia )

Olluak klo-klo egijan
pi-pi txitxeak ostera.
Olantxe baratz erdijan
ebiltzan danak erara.

Ameak jana billatu
eta txitxeak iruntsi.
Arrikan etzan geratu,
goserik etzan ikusi.

Txitxeak ziran orijak,
anka-txiki. luma-eder.
Etxe onduan gustijak
egoten ziran eskijer.

Bat baña danen galbide
etzan an bizi poz-pozik.
Buru-arin, piku-luze
urrun juan zan etxetik.

Miru jauna, jaun bijurrak
ezautu eban txitxea.
Konpondu ziran maltzurrak
eta gertau eben tranpea.

«Zeure lagun, lagun ona
iraungo yuat ludijan.
Alkarrekin zorijona
billauko yoguk mendijan».

Miru aren itz gaiztuak
ziñistu euzan txitxeak.
Eta gau baten gaxuak
iri eutsozan atiak.

Laster jarri zan miruba
txitxa politen artian.
Zorrotza eukon pikuba,
eta gosia erpian.

«Azke-azke mendi-goyan
neugaz bixiko zarie.
Ama orrek etxe-esijan
beti euki nai zaitube».

Mirubak eta txitxeak
zauritu eben ollua.
Eta ama barik gustijak
goitu eben areyua.

Iñoren sorosi barik
miru txarraren ekiñak!
Gustijak erail eziñik
zauritu euzan geyenak.

Arrotz baten lagun-nayez
ez galdu iñoz anayak.
Etxeko baten obenez
sortuten dozak etsayak.

(Euzkadi, 1932, bagilla, 2).

 

LOREAK ETA EGUZKIA

Ur-ondoan ziran loreak
axe samurren usaingarri,
eguzkiaren maitagarri.
Kulunka ona, kulunka ara
gustijak
pozik egozan berotara.

Eguzki-kalda lur-ganian
loreak zimeltzen ebillan.
Aldezlari iñoz ez garillan.
Zutago goitik eguzkijak
unian
legor ziran orri gustijak.

Ama-samur orra odeya
lora ta eguzki-artian.
Itzal leuna lore-ganian
orriño ororen mosulari.
Ken-deya
egin eutson, baña, itzalari.

—«Kendu adi, odei aztuna,
ezin yoguk eguzkija ikus».
—«Lora-taldiak ezin nakus.
Eztau euki gura onduan
zoruna»
negarrez itzalak iñuan

Eta negar-malko bigunak
jausi ziran loren altzora.
Tanta jausi yaken kolkora.
Eta odei aren malkuak,
itunak,
alaitu ebazan gaxuak.

Lora onein legez zoruak
kenduten dabe laguntzea.
Baña adizkide egizkua
ezta aldenduten orregaitik
Goguak
eztabe galtzen laguntzarik.

(Euzkadi, 1932, bagilla, 9).

 

ATSUARENA

Moskor bat eta moskor bi
—iru ta zortzi amabi—
zenbatzen aztu atso orri!

Tabernara goxez dua
geure kaleko atsua
baitago penaz beterik.
Gero elixan danian
buruba dauko airian
ta ezin egin otoirik.
—Aitearen
semiaren
ezkerraz egitten dala
nok esan dautzu, mamala?

Moskor bat eta moskor bi
—iru ta zortzi amabi—
zenbatzen aztu atso orri!

—Jauna ona, nitzaz erruki!
Baña zer jazo yat neuri,
dana ba-dakust biraka?
Len torre bat zan tokijan
bi jarri dabez, agijan,
beata oroi burleka...
Altaretan
deunak dantzan
egitten dabez saltuak
edo itxutu nau lausuak.

Moskor bat eta moskor bi
—iru ta zortzi amabi—
zenbatzen aztu atzo orri!

—Apez jauna, zer dagixu?
Ardoz ugutzauten dozu
geure kutuntxu txikerra?
«Gloria» esan bearrez,
basoa bete ardo onez?
Bai errespontso ederra!
Edan barik
oso osorik
nago neu beintzat oindiño.
Suspiruz nago orratiño!

Moskor bat eta moskor bi
—iru ta zortzi amabi—
zenbatzen aztu atso orri!

—Buru au daukot galdurik!
Ur bedinkatuba barik,
ardua dakart etxera?
Orijo ordez ardautxubak
betetu daun kurtzulubak
lagundu begist oera.
Neure lagun
poz ta zorun,
zatotxu bat bego onduan.
Ainbat samin dot goguan!

Moskor bat eta moskor bi
—iru ta zortzi amabi—
zenbatzen aztu atso orri!

(Euzkadi, 1934, jorrailla, 27).

 

TOPA BATEN OSTEAN

Insanire iuvat

Ardoz edo argiz moskortu adi
eta gudu-kantak geroari itxi.
Topa egiok bizitzari,
goizeko izpien aizteari!

Bertsotan esan dok asaben gaintza;
gazteek maite yuen ezpaten aintza.
Edariz bustirik ezpanak
birtute-itzak eder eztozak.

Moskorrak ez yakik barneko miñik;
poz baten mosuak eztauko ordurik.
Kanta egik txolen dirdira,
eta ezpan gazteen pilpira!

Zoratzea on dok. Ardo gardenak
andere eder baten itxura yaukak.
Urteak kendu yeutsek garra,
udaldi beroen indarra.

Yainkoen odoltzat gorde yuedan
ta ardokiko itzalak marguldu yuan.
Bonbil orren yanzki panpiña
armiarmen ariz egiña!

Zar-kutsua yaukok, baiña yakintsu
maitasun ta irriak ez yozak galdu.
Azkenengo tanta gozoa
begiotan yaitekek loa.

Ardo zar argiaz eztok zadorrik:
gizonak ez yaukek ule zuririk.
Yakitun danaren ezpanak
itz-yario samurra dozak.

Oin danetan yabilk dantza-gurea,
ben-benari be eder yakok barrea.
Errege askoren lepotik
eskaleak kiñu bai-yagik.

Zentzuna galtzeak azkatzen gaituk;
edanak mundu au aunditzen yauskuk.
Topa, biar ba deus ez gara!
Moskorra betor txol-artera.

Yagokan tokian ta zori ona
laketen yaube, ba, eztok gizona.
Beti Kitere'ren ezpanak
ardoz ezti-lora yakuzak!

(Yakintza, 1935, azaro-lotazilla, 415 or.).

 

MAIRAKO DEYA

Nire mai garbi au maspar-pean yagok,
txiro baño eder, neurriz gauz danetan.
Arrats baten gentza edariak yaukok:
aize mihia yabilk matsorri-puntetan.

Ator neure maira egunaren billa
zorion lorak, ba, etxaukek arorik!
Gaur gurea yoguk laketen gurpilla
ta iru Ederkunak yatorzak alairik.

Jateak on begik, edanak ez gaitzik,
ta eure barrenan eztiz bego poza.
Urrezko txol baten, doai xamurrenik,
aizkidetasunak bekar mintzo boza.

Borgoña'ko matsak ez dozak gurean,
baña Laukaritz'ko mastien nigarra
Orati'k ledakek bertso ozenenean.
Odol egin zuan Eguzki'ren garra!

Emaitzon umoan goiz-intza yatorrak
eta euron urak ez yaukok bardiñik.
Erle-madari ta txakala-sagarrak,
zelai berdeetako usañez beterik!

Maian jarri adi, baña eure lagun
malko edo itunik ez egik ekarri.
Oraingoa soillik atzemon yagigun
ardo au bai-yakuk ezpanen pozkarri.

Edontzi mee bana eskuan jasota
edango yuaguk arrats onen illa.
Eta oianako otz bustia artuta
etorriko yakuk goietako itzala.

Iñok jaurri begik uri urduria
edo uin latzetan yabilkan batela,
Guretzat lats baten altza-ots eztia,
eta lora-pean yagokan kupela!

Bizitzaren guna txastatzen yokanak
ez yok artu bear jakitunen itzik.
Jakintza onena ardo meeak yaukak!
bere kolkon, ba, ez yabilk zadorrik.

Geroa ezetsi, une eder ta argiak
sarri balio yok betiraunak aña!
Gaur ezer ez dozak biarko liliak:
ontzat ar egik, ba, neure mai apaña!

(Zer, 1978, 6'gn. zenbakia, urtarrilla).

 

EGUNA BERANTZ DOA

Neurekin gel zaite arrats-begi da-ta:
itzal baten goxoz urdintzen da Jata.
Ene Josu maite,
gel zaite!

Neure egun argia berantz azkar doa,
itzalak jotzen dau atadi ondoa.
Arrats onen otza,
biotza!

Oi Bidazti Deuna, sar zaite neurera,
bertan dozu bada maitasun arrera.
Bekidat bizitza
zeure itza.

Idazti Doneak atzaldu daidazuz,
euren muin eztiak emon egistazuz.
Bel zeure mintzoa,
goxoa!

Ta barne gustia berotan dodala
argi biur bekit eriotz itzala.
Dana yat atsegin
Zeurekin.

Orain sakon dakust zeure eriotz ori;
zegaitik daukozun biotz deuna gori.
Ene Josu maite,
gel zaite!

(Gasteiz'ko espetxean, 1937 )

 

BIOTZ DONEA

Biotz xamur-berea,
gar gori batekin zauritzen nozu.
Zauri ganean, ordea,
maitasun-larrosa zabaltzen dozu.
Sakon bitan nabil, ez-bai goxoan;
otzak il naroa Zugandik urrun,
su gordiñak nauka zure ondoan.
Gabaz argi zakusat,
egunez berriz illun.
Zurekin naukazu, neugaz ez zaukat.
Eguzkitan edur, otzetan sugar.
Jolas bikoitz onek galduta nakar.
Baña bien tartean
sugar zakit, Jauna, biotz barnean!

(Gasteiz'ko espetxean, 1937 )

 

ATETAN NAGO

Goizero zagoz nere atetan;
oi ots goxoa biotz muñetan!
Iretzat ditu Jainkoak
goiz neskatxaren usoak?

Egun sentia baño lenago
nere txaki au dirdiraz dago.
Norbaiten begi niniak
antz artzen ditu argiak.

Baña ots meia, zer nai didazu?
—Ixil, enetxo, Jauna nazazu.
Adats ederrok intzetan,
maite-min nabil atetan.

Lotan ziñala zure ortuan
belar ta zugatz busti nituan.
Ikusi euren ederra,
zurez dute, ba, eskerra.

Zut nadin, Jauna, didar goxora
eta zut nagon zure mintzora!
Ostro-tartez, ixil-ixil,
zure ats xamurra bebil.

Betarte orrein pake argira
ibar ta landa edertu dira.
Oin garbi orrein urratsak
joranez ditu loratzak.

—Enetxo, zabal zure atea
ta izanen dezu eder betea.
Landan baño garbiago
eder au barnetan dago.

Sar zaite, Jauna, etxe-barnera,
poza dator, ba. Zugaz batera.
Eta zure Arnas deunak
bete begiz biotz-muñak.

(Gasteiz'ko espetxean, 1937)

 

AZKEN OYUA

(Zubillaga'tar Karla'ri )

Goiz eder onetan erail bear nabe
txindor baten txintak gozotan naukela?
El naiten leyora begiok intz gabe.

Gorbei barna yatort kañoi-ots itzela:
or egazkin-egak odei-lapur doaz.
Guda-gotzon baltzak odolez dakustaz,
euren oin aurrean beredin gudari.
Gaste argi orreik, eutsi lur amari!
Bera baizen onik eztauko ludiak.

Baña, Jaun altsua, orain ken nai nozu?
Bildots baten antzez lotuta naukozu
bearren naunean neure Aberriak?
Aren deia dantzut arma-ots larrian.
Izkillu-tarteko dirdira bizian
mendi goitietan Eriotz betorkit.
Bertan eder dira azkenengo atsak!
Arte adartsu babes-toki bekit,
neure gezi meion eriotz-zauria
txastau dagientzat etsaien erranak!

Zuzentzaren maitez bil diran semeekin
ixuri daidala bizitz-iturria.
Lurra estal bedi odol-larrosakin!
Gozo eta eder gizonen kopetan
aberri-opazko eriotz mosuak!
Zauritu orreik zut, orra mendietan
aintzak zabal ditu esku argituak
ortxe jausi nedin!
Eta azken orduan
laztandu naiela arnasa estuan
garaitz-abar billa doazen (t) zaldiak.
Eta begi onein laño leyartuan
tinki igaro beitez gizuren argiak;
esku zurbil oneik aul luzatu bediz
eutsi zagientzat, ikurrin donea.
Azkatasun atsak betiko bil zagiz!
Antxe makur zaite, oi buru neurea,
geure lur amaren besarte gozoan!
Eta anai maiteok, eutsi burrukari
iñoiz ilgo eztan euzkoen amari.
Itxaropen auxe sort bekit gogoan.

Jauna, eriotz au arren emostazu;
koldarrentzat itxi larrosen usaña.
Azkatasun deuna bial egistazu,
atzindu nai dot ba arrotzen iraña,
gorputz onek bakez atseden dagian
erri azkatuen Egun-Aundi arte!
Gudan jaus nadilla zuzentzaren alde,
ez ormari atzez, goiz eder argian.
Eta bake deuna sortuko danean
neure azur utsak besteenakin batu;
eresi gurenaz lagundu bidean
obi bakar-arte.
Baña, arren, bukatu
oroigailluaren maitasun itzala
Kistoren gurutzat; Beragan ditxarot.
Josu'ren fedea besterik eztaukot.
Erri zintzo-onenak zaindu dagiala
il gintzanen atsa, il gintzanen ala.

(1937 )

 

AGUR, EUZKADI!

Agur, Euzkadi, Jaunak naroa
Aberri eder argira.
Neure negarrak jarion neuzan
zeure mendiai begira.

Seme bat zeukan, baña etsayak
kendu eutsoen biotza;
soin ederrera ixuri yakon
mayetz bateko goiz otza.

Gurutz Deunari mosu egiñaz
aldegin eutson mundutik,
Kistoren gentza abo ganean
loratu yakon gastetik.

Jaunaren maitez, aberri maitez,
ez eban euki bildurrik,
eta zeuretzat zorion utsa
opaldu eutson gogotik.

Euzkadi ona, zagoz betiko
Kistoren fede betean;
olan zoruna billauko dozu
emen ezpada zeruan.

Eriotz deuna aurrean daukot,
ziñistu bada, euzkoa:
Euzkadi azke izan daitean
zaindu Josu'ren legea.

Eder yatazan euzko bazterrak,
eder itxaso zabala;
baña oraintxe ederrago yat
eriotz onen itzala!

Gaztea nozu bizitz onetan
t'ez yatan palta gauzarik.
Jauna!, gogorra aldi onetan
iges eitea lurretik.

Ezpedi egin neure oldea,
zeure naia bai, ostera.
Gogoa boa zeru argira,
gorputza lur illunera.

1937

 

GARBAIA

Urtzi'ren asarrea

I. Neure begi onein errukizko aterpetik jaurtiko zaitut; dongeen bideetan, ba, oles-egin dozu: «An mendi garaienetako gerizpe gozotan, Urtzi lo-zorroan datza.

II. Lurrezko etxe oneitan jan-edan bai?, eta jolastu gaitezan, geure soñu otsik ezpaidau entzungo, Aren alki inguruan aize adartsua dabil-eta».

III. Baña zerua baizen zabala Neure belarria da-ta, aizerik meenak orri sortu-barriari zelako itza esaten dautsoen, be, entzun dagiket.

IV. Neskutz baten antzaz oroimena bideratu yatzun griñakin, ordea, batzarra egin ondoren, iñoiz ikutu gabeko emazte, oean ilta itxi zendun.

V. Oin azkarrakaz dabiltzanai, guzurra euren mingain ertzetan orratza legez darabillenai oyu-egiñaz esan zeutsoen: «Txaloegin, geure janaria garraztu eta edaria mingoztuten ebazana illotz daukogu».

VI. Eta zer? Negartsuen deiak ez ote naue biotz-beratzen? Arein zotiñak aintziñeraño igon dira eta gatzura baño garratzago aboan biurtu yataz.

VII. Urtzi biziduna nazan ezkero, tximista ta trumoi jatsiko nayatzu, neure asarrearen ontzian edaten emon bear dautzut ba.

VIII. Zabiltzan bide guztietako autsa be, zeure negarrakaz ore-egingo dozu eta lora-artean Neure eztena zer dan esku orreik sentiko dabe. Bai orixe!

IX. Ezti-kaparra ostu dautsen urobioa legez zeure inguruan nabil; bei-euli zorrotzak zauritu dauan zezena iduri, zelai orreik zear narraikizu.

X. «Igaliz beterik nago» zure baitan diñozu, baña Neure age luzeak erausiko zaitu eta mutikoak ikolatxoan ibilli ostean aren adarrak geratzen diran antzean izango zara.

XI. Aberats okitutzat enparantzetan goratzen zaitue, baña zeure urre-zidarrok neure asarre biziaren dolarean urtuko dodaz eta edaritzat emongo deutzudaz.

XII. Bai!, aize-oyalak arro, itxasoan ibilli zaite, bere eskumako pitxerra Neure aingeruak iruliko daunian illotzaren odol antza urak artuko dau-ta.

XIII. Neure asarrean igaroko nazan aldian, mendien belaunak dardar egingo dabe eta goietako oyanak, oyu: Urtzi biziaren azkora-otsak kikiltzen gaitue.

XIV. Aralar'en neure orrua eta Gorbeia'n neure azkonen olea. Eiztari baten itxuraz nabil eta neure geziakandik etzara aldenduko, paguso bat legez ilgo zaitut ba.

XV. Zuzentza betearen neurriak eder yatazan ezkero, menperatuak izan diranak deika daukodaz. Arein eskuak eztira alperrik zerurantz jasoten eta euren oinkadak eztira ixilpean galtzen neure jauregi onen zabalunetan.

XVI. Azokara eroan bear dan bildotsa lau anketatik oraturik loki gogorraz artzañak lotzen daun legez, gaiztakeriaren larretan ikotika zabiltzan ori be, lotuko zaitut.

XVII. Eta luzakor, ez aztukor nagola jakingo dozu. Urtzi Jaunaren eskuak ludi onek eztauz esitzen; bere begiak ozertzerik eztauka-ta. Bere aintza gogor eskatzen dau. Jainko illa enaz bizia baño-eta.

(Gasteiz'ko espetxean, 1937)

 

¡¡VEN, SEÑOR!!

Señor, ¿qué buscas en mi pecho,
si el alba la cubrí de lodo?
Tu rastro, que signaba todo,
en ruinas lo dejé deshecho.

¿Quién, Señor, borró de mi frente
aquel resplandor de tu Cara
que al espejo del agua clara
prestó cristal más transparente?

Qué bellas fueron mis pisadas
cuando la gracia florecía,
en las alas del nuevo día
que robó luz en tus miradas.

Cuán presto sabía tu estancia
y la sombra de tu Figura,
pues una sutil hermosura
me guiaba con su fragancia.

Pero ¿pasaste por mis huertos,
con tus claros ojos en gracia
para que la flor fuese lacia
y los frutos nacieran muertos?

¡No, Señor!, vuelvan tus caminos
con hermosura siempre nueva
y su señal mi amor remueva
para seguir tus pies divinos.

¡Ven, Señor!, con secreto viento
tu Espíritu mueva mis ramas,
y con brisas bese las llamas
la paz divina de tu aliento.

Surjan incendios en mi pecho,
que quemen los frutos de muerte.
Tu libertad me ate tan fuerte
que sea tuyo por derecho.

Así, Señor, tu voz me fuera
—con la belleza por misiva—
lleno de perdón mientras viva,
lleno de gracia cuando muera.

Sinatua: E. de Urkiaga Lauaxeta
Espetxea: Karmeldarrak. Gasteiz 1937-6-2

 

PLEGARIA POSTRERA

Virgen María, de fulgor me llena
de tus ojos en luz el alba pura.
¿Qué mieles en flor manan la dulzura
como tus labios al besar mi pena?

Virgen María, ¿qué mortal condena
ata las almas en prisión oscura?
Filo de plata tiene tu ternura,
con que corten sin sangre mi cadena.

Sin esperanza mi dolor muriera.
si en tu sonrisa maternal no viera
la libertad en sol con brisas nuevas.

Así mi llanto se transforma en gracia,
y mi alma, presa en lodos antes lacia,
en flor eterna para Dios renuevas.

1937

 

YO LLEVO

J.M. - J.T.

Yo llevo entre mi espíritu encendida
la hermosa luz del entusiasmo ardiente;
amo la libertad más que la vida
y no nací para doblar la frente,

Por eso estoy aquí de altivo y fuerte,
tu fallo espero con serena calma,
porque si puedes decretar mi suerte,
nunca podrás envilecerme el alma.

Hiere, yo tengo en la prisión impía
la honradez de mi nombre por consuelo.
¿Qué me importa no ver la luz del día
si tengo en mi conciencia la luz del Cielo?

¿Qué importa que entre muros y cerrojos
la luz del sol, la libertad me veles,
si ven celeste claridad mis ojos?

...

¿Si hay algo en mí más fuerte que tu yugo,
algo que sabe despreciar tus iras
y que no puede sujetar, verdugo,
el terror que a los débiles inspiras?

Hiere. Bajo tu látigo implacable,
débil acaso ante el dolor impío,
podrá flaquear el cuerpo despreciable,
pero jamás el pensamiento mío...

Más fuerte se alzará, más arrogante
mostrará el golpe del dolor sus galas;
el pensamiento es águila triunfante
cuando sacude el huracán sus alas.

No me importa... tu furia es omnipotente,
víctima del placer, sueño de un día
Si todos ante ti doblan la frente,
yo siento orgullo en levantar la mia».

(Gazteiz'ko espetxean, 1937).

 

«EL HOME BIEN BARBADO Y BIEN AMOHINADO»

(Para Carlos Zubillaga).

Esta barba cubrió con su maraña
mi rostro de perfil en calma plena,
mas el mar con borrascas que me llena
en negras ondas mis recuerdos baña.

Un punto fijo su mirada daña
sin poder enhebrar jamás su pena,
la clara frente de amplitud serena
con gesto duro del pensar se empaña.

Así quedó trazada mi figura
en el hastio de prisión oscura
mientras su fin con fe viril aguarda.

No te extrañe del «home bien barbado»,
pasa, pues en su pecho al sol cerrado
la miel en flor para el amigo guarda.

Amigo Carlos: el demonio mando no tiene...

(E. de Urquiaga)

 

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

Atzera