ARRATS BERAN

URKIAGA'TAR ESTEPAN
LAUAXETA

MCMXXXV

Eskeintza

Aranbaltza eta Castillo
- Zumeltzu'tar Ander'i
Adizkidetasun-sendagarritzat
U'tar E.

AURRE-ITZA

Ludi onen bestaldez loratzen diran landaraen usañak goxalde bakotxak dakarkidaz. ¡Auxe da neure sakona! Bestiak entzuten eztaben egal-otsa neure gelara yatort eta barneko zugatz onettatik txorijak aidatu ziranarren, abar-dardarea ezta amattu.

Neurez betirarte ixilduko nintzan, barruko ixurpen oneintzat ezpaitago azal ederrik. ¡Euzkeraz batez-be! Erabillijak ixan diran izkuntzak bost jarrai-bide erakutsi dagiskegubez, baña ele onen iruliak gerau gara.

Arrokerijaren abotsai jaramon-egin ba-neutsoen, idazkirik ezeukazuben, iñoren aburubak atzaldu dagikiezan akatzak eta bost neronek dakidazalako. Baña adibide bati gagokijozan. Aberatsaren semiak eskutau dagikez bere laukuak arein zain ezpaitagoz ogittarako. Txiruari etxagoko orren besterik.

Elerti-zale nazan onek ziarkeri ta pirtxilleritzat daukodaz olerkijok. ¡Maisialarijak esango dabez esatekuak! Baña ele lander baten seme jayo nintzan ezkero bertso ñimiño oneik, be, argittara datorz.

Amaika bidar jagi ixan naz izneurtuben ala, amaika bidar, ostera, erri onenganako mattasunak olerkijetara nauzu. ¡Elerti-zaliak ezetz, abertzaliak bayetz! ¿Nori nagokijoke? Bestiai txaluak jo edo noxian-bein sorayokeriz barre-egittia, eztijagua neuretzat litzake.

Solasketan ibilteko bixija nozu, orrattiño aberrijaganako larrijak jaso nau. Agur, ba, seme xurrok. Elertijak etzaube babestuko, abertzaletasunak baño.

Erranak eder, egiñak lander.

kkk

NESKATXU GORRISKA BATI

¡Geure neskatxu gorriskea,
argi utsa don goiz betea!
Urre dozan artotzak,
zidar dozan errekak.
Geure neskatxu gorriskea
zetan agon eguzkittara?
Dardai bixiz, eure mattale,
argi ori yatorn landara.
¡Eguzkija don edertzale!
Geure neskatxu gorriskea
noruntz galdu intzanatan?
¡Ene usoño zurijok
zuaze aren billa!
¡Lilli-arteko ixilla
nastau egixube txorijok!
¡Argizko goiz betea
aguan eder muñoetan!
¡Geure neskatxu gorriskea
galdu azanat eguzkittan!

 

ZELAYETAKUA

Zelaira dua neskatxa:
—axia dabil loretan—.
Zelaira dua neskatxa
mattasun-kanta kantetan.

Argi daukazuz begijok
gorputza dozu liraña:
abestu daigun bi-bijok.

Abestu daigun zelayan
soin orren lilli-usaña,
millazkaen antzo dantzan.

Zelaira dua neskatxa:
—erliak mur-mur loretan—.
Zelaira dua neskatxa
mattasun ona topetan.

Dantza-dantzari bedartzan
¿Ete-gara udabarrijan?
Ara txindor bi zugatzan.

Txirula ta danboliña
entzuten dira mendijan.
¡Zeruba dagon oztiña!

Zelaira dua neskatxa:
—ingumak dardar loretan—.
Zelaira dua neskatxa
mattasun deuna gordetan.

¡Barre-dagigun leunkiro
barre auxe dan ixilla!
¡Tanbolin, abil, astiro!

Mendiko axe biguna
ator zelaira lora-billa,
lorak eta mattasuna.

Zelaira dua neskatxa:
—axia dabil loretan—.
Zelaira dua neskatxa;
—¡Urretxindor bi kantetan!—.

 

EIZTARI AUNDIJA

Albisu'tar Kepa'ri

I

¡Bai eder urten zala basora
bitxidor berdez!
Soñanzki-ordez
goiz utsa jaurti eban lepora.

¡Zelan joiazan aren uztattik
beredin dardai!
Zugatz-adarrai
etxaken geldi uso ederrik.

¡Mendiko ixiltzain zaran otsua!
¡Zeure zaurijak
ziran gorrijak!
¡Orru bat baño etzan basua!

Goxa janzkitzat soñuts-ganian,
bai eder zala
gaste garbala!
¡Errege bat zan pagodi-pian!

II

Oyanak dettu euzan odeyak,
—goi-txakurdija—.
¡Eurein ausija
atsegin dabe urtzi ayerlak!

Ezer bakanen baten eiztari
ortzi gustijak
suzko gezijak
jaurti eutsozan baso ittunari.

¿Norena ixan zan ayots sotilla?
¡An zetzan illik
goxez jantzirik
atera zana! ¡Mendiko ixilla!

¡Eiztari Aundi, —zeure aztarra—
aran-ganean
uztai-antzean
estu eguan goiko ostadarra!

 

EZKONTXA-GOXA

Zaldi-otsak axian
—urkijak dardari—.
Kanpai-otsak torrian
—¡zuriz jantzi zadi!—.

Neskatxa zuriz dago
—ezkongei politta—.
Kopeta daukan eder
jazmiñez esitta!
¿Leyuan zagoz gertu?
¡Senargaya or dozu!

Zaldi-otsak axian
—iñor dator larri—
Kanpai-otsak torrian
—¡zuriz jantzi zadi!—.

Estalkai zuriduna,
gonantza gorrija.
¡Or dator mattasuna
egadun lilija!
Arin dabiltz liparrak,
gordez duaz ixarrak.

Zaldi-otsak axian
—galdu dira urruti—
Kanpai-otsak torrian
—¡Zuriz jantzi zadi!—.

—Ene ama, ezkondu
ezkondu gura naz.
Goiz-goiz erdija dogu,
enarak ba-duaz.
¡Itxasua dan urdin,
makalak egon-ezin!—.

Zaldi-otsak axian
—¡iñor ezta agiri!—
Kanpai-otsak torrian
—¡baltzez jantzi zadi!—.

 

BERTSO ZARRAK

¡Bixitzan
zoruntsu gadixan
biar dogunaren gauzeza!
Kanteak,
ardau-edontzijak
eta mattasun baten poza.
Abestu,
ontzi betia ustu
matte danarekin batean.
Barre-egin
eta ezpan-arin muin bat ostu arrats-berean.
Argidun
berein gauza txukun
ludi onek daukaz grazian.
¡Ederren
ogei urte lerden
gorputz baltziskan diranian:
bixitzan
zoruntsu gadixan
biar dogunaren gauzeza!
¡Kanteak,
ardau-edontzijak
eta mattasun baten poza!

 

¡ETXE ORI!

¡Ollarren zidarrezko turutak
goxaren bidietaz yatorzak!
Lotan zagozen egal zurijok
otsez bete egixubez lerdijok.

¡Etxeñoi, goxaldeko bakian
ederren ago areitz—artian!

Garitzetan dardaiz dok argija
ta urrezko eurittan yagok mendija.
Itturri baten txirula-otsak
musker-musker yaukezak artotzak.

¡Etxeñoi, egurdiko bakian
ederren ago areitz—artian!

Ikus-eziñak dozan gotzonak
joten yuezak amets-kanpayak.
¡Gabaren begija dokan urdin!
¡Ego-ertzi, otoirik, egon-ezin!

¡Etxeñoi, gabaro argitsuban
ederren ago areitz—artian!

 

ORAINGO MATTARIJAK

Bide luzez lagun ixan aut illargi
baña ire kiñurik baratzan etxagok.
Zidarrezko bitsa zaldijak jarijok
eta lora-artian dana dok barreirri.

Egun-trukez goxak yaukokan saneurri
urre-duket bati antza kendu dautsok.
¿Oxin-ertzan lokiz yagokan zaldittok
osorik edan au? ¡Or yatork ortzargi!

Erroma alai baten zaldiño gogorra
azkar mendi orreik igaro egixak
ostu yuaguk, ba, gabaren altxorra.

Irrintzi ta jauzkaz goxaren bidetan
neure Julenetxu'k dizdiz bekusazak
lau illargi zuri eure zangopetan.

 

BURTZAÑA

Bedar ezez burdija,
—¡arrats onen usaña!
Ain samur abestija,
¿norantz zuaz burtzaña?

Lats-axia kantari
eta zumak dantzari.
Landa zabalen jaunoi,
burdi orrek darua
bideskako kirrinkaz
zelaiko gentz osua.

Bedar ezez burdija,
—¡arrats onen usaña!
Ain samur abestija,
¿norantz zuaz burtzaña?

Lerdijak ez bijotzik,
ezta arratsak samiñik.
Zeuri adi neskatxak
itxi dabe biarra.
Akulu orren puntan
dizdiz daukozu ixarra?

Bedar ezez burdija,
—¡arrats onen usaña!
Ain samur abestija,
¿norantz zuaz burtzaña?

¡Gorri daukez gingillak
idijon burkoyalak!
¡Landa zabalen jaunoi,
—gentzaz burdi aztuna—
kirrinkaz ba-darozu
neskatxen mattasuna!

Bedar ezez burdija,
—¡arrats onen usaña!
Ain samur abestija,
¿norantz zuaz burtzaña?

 

ESPETXEKUARENA

Artalarrea'tar Miren Terese'ri

I

¡Itxaso orren narru nabarra
pantera batena dirudi!
Espetxeko atezain zarra
itxi nagik goxeko bidari.

—Tori giltzok, urrezko giltzok,
ta bete egikek itxas-miña.
¡Axioin egal-puntan daukok
iñok txastau-bako lurriña!—

—Noiz arte lagako nauk azke
zidarrezko itxaso zabalan?—
¡Azke az gura dokan arte
goiz ederroi matte-dagijan!—

II

¡Neure mattiaren oñotsak,
—urretxindor ori ago ixillik—
bide argijetaz yatorzak!
¡Atezaña, azke laga nagik!

—Tori giltzok, urrezko giltzok,
mattasuna yabilk landetan.
Esku zurijan muin-egijok
eta laztan bat begijetan—.

—¿Mattasun pozkarri orrentzat
azke nabilkek ler-artian?—
¡Zintzoro matte-dagijantzat
giltzik etxagok espetxian!—

III

¡Aberri amaren negarra
neugana yatork mendijetatik!
¡Espetxeko atezain zarra
bein sollik azke laga nagik!

—¡Agur giltzok, urrezko giltzok,
guda-otsak dozak landetan!
Arren, itxi ondo atiok
eta galdu zatteze uñetan—.

—¿Baña aberri ama aldezteko
enauk itxiko kate-barik?—
¡Eure erri orri azkatzeko
etxak iriko espetxerik!—

 

SÉVRES'KO MURKUA

¡Murko eder au ñori, Dukeme argijoi!
Sévres'ko urre-sutan ar eban oztiña,
—euriz-gero dakuskun zeru-arte diña—.
Mun batez bemotsozu ezpanen gorrijoi,

Ta txistu eze orrek, artzain irarrijoi,
aintziran igiko dau kisñien pinpiña.
Abade gaste batek diño matte-miña
eta bere neurtitzak bai-dirudi otoi.

Neure egarrijen ura murkuan daukazu
garilleko urbelak dagerren gardenaz.
Ordez ixuri eizu irrijoin altxorra.

Eta ederkun osoz bete bemostazu;
edari zerutar bat bai'litzan edanaz
ezpan oneik daukentzat ozko betikorra.

 

IZLAPURRA

I

Zortzi arraunlari barruban
—zidar utzezko arraun miak—,
izlapurren nagosi jaunak
ontzi zurija arin eroyan.

¡Nok lekijan aren kantea
dantza-eragitteko ixurdian!
Kanta ori dantzun neskea
bati dago lillura leunai.

¡Itxasuan diran izpijak!
¡Zenbat uso-itzal goiz argijan!
Izlapurren nagosi jaunak
ontzi zurija arin eroyan.

II

¿Kaya matte-dozu, neskatxa?
¡Diz—dizko tantaz dozuz oñak!
Gorputz eder orren bekatxa
nabaitzen dabe uin urdiñak.

¿Zortzi arraunlari barruban,
noruntz ete-dua itxontzija?
¡Axioi, putz-egik eunetan
iradu dok, ba, goiz garbija!

¡Abestiz datorren ontzijan;
—ura bare, ortzia oztin—,
abestiz datorren ontzijan
nor aldendu datteken urrin!

III

¡Ekin, arraunlari gastiok;
orain agertu zeben ala!
Zidar utzezko arraun miok
ebai begije itxas zabala.

Axoyalak axian duaz
ta onduan dantzan arrañak.
Izlapurren kanta leunakaz
baretzen dira uin urdiñak.

¡Ontzi-puntan nagosi jauna
zein arin ixontzija joyan!
¡Urrunan zan barre leunena
eta iñor etzan kai-ganian!

 

KANTA ARIÑA

¡Edanak
busti begistaz ezpanak!
Eder-min
betiko moskortu nedin.
Gauza danetan dakusat
barre ta kanten prisea.
¡Ba-yuat
soin gaste onen lorea!

Etzunik
edan daidan neurri-barik.
Oindiño
soin onek mun-miña diño.
Arinka duaz urtiak
baña pitxerra beti on.
¡Gastiak,
ezpanak legor ez egon!

Moskorra,
gabaren azken-altxorra;
bixitzak
ostuten daustaz jorralak,
baña neure lagun adi.
Gastaro au galtzekuan,
gal bedi
edontzi baten kolkuan!

 

ITXASTAR GASTE BATI

¡A itxastar lerdena,
begi-urdin zana
jun yakun ipar-edurretara!
¡A itxastar lerdena
solo-jaube zan itxas-ertzian
ta sartu euzan berein landara!
Ur ta lur-zale ziran begijak
pozik eukozan baratz-ganian
noiz sortuko, be, lilli argijak,
¡A itxastar lerdena,
mayatzik leunena
loren lekatara
mosu samurrez eldu zanian,
a itxastar lerdena
jun yakun ipar-edurretara!

 

NARKIS

¡Ja-jai,
goiz abil alai!

¿Billoxik noruntz ua mutil?
¡Altza-peko itturri gardenak
bere txirulak jotzen yozak!
¡Sugar utsetan berein pipil?

¡Ja-jai,
goiz abil alai!

¿Lamin-batza yagok uretan?
¡Goxeko axe ozkirrijak
dantzan yarabiltzak lillijak!
¡Zenbat ispillu zidarretan!

¡Ja-jai,
goiz abil alai!

¡Ur garbijan eure begijok,
ta lorak eure niñi-barnan!
¡Narkis, jausi-barik errekan
soñoi argijegija baitok!

¡Ja-jai,
goiz abil alai!

¡Itturri-txirulak otsetan!
¿Begijotan zer daukak mutil?
¡Muño-ganetan berein pipil,
lorarik ederrena uretan!

¡Ja—jai,
goiz abil alai!

 

GOXALDEKO OTOYA

Goxaldeko otoya
zeureganuntz doya.

Orra larrosak
urrezko erlez.
Dantzan mertxikak
latsaen axez.
¿Nun don goiz argi?
Abarrak txoriz
piji-pijo-pi.
Goxa zugatzan
intzezko dizdiz.
¡Goxa don landan!

Goxaldeko otoya
zeureganuntz doya.

Mendi oztiña
laño zurijan.
Itxaso-miña
axeunontzijan.
¿Nun dan goiz argi?
Kanpakaz torriak
dindon ta dindan,
¡Ixo lausuak!
¡Goxa don garbi
eure irriparran!

Goxaldeko otoya
zeureganuntz doya.

 

KIÑUBA

(Cocteau'ri buruz)

¡Ixarño erriko asele oztiña!
Bakalgayak loraz baitaukaz baratzak.
Mitxilleta iduri
dabil atsegiña.
¡Baña Erijo'k ain matte dauz loratzak!
Bakaltseña datza. ¡Goxea zein eder,
ate bat, odol-lits,
ametsentzat dager!

Gentz bare orretan bakaltseña zurbil:
¿erle batek dausi loraen ederra?
¡Orra, laño-begiz,
Erijo ori dabil!
¡Erijo anderak kiñua bai ankerra!
Bakaltseñak: ¡Nuan, Izpiñe'ra nuan,
antxe gorde nadin
lurraren kolkuan!—

—Bakalgai erruki; ekarzuz zaldijak,
zaldi azkarrenak axe mien lagun.
Erijo ikusiki
daukodaz begijak.
Gogua dot orain, gau-margoz gain, illun—.
Jaunaren zaldijak kanpuan irrintsi,
eta axia aulez
eziñik jarraiki.

Ibar-gentzan dardar, lurrak ez, ostruak;
ta zaldijak arnas, aboz-barik, ulez.
Urrun, oztiñaz bat
galdu zaldiñuak,
begi illunen bijak, gabaz ezik, autsez.
¡Arratsa dagon me, odol-litsa, urria!
Baratz-zale dua
bakalgai gastia.

Lora-artian Andra Erijo ikusiki
esan eutson meki, itzak izpi-antzo:
—Ik, bakaltseñari
goxez keñu-larri?
Bildurrez ikusi yok eure azken—zantso.
Erijo tokija ez neure baratza.
¡Emen soil il bedik
urrezko arratsa!—

—Ene Bakalgaya: eztautsot kiñurik.
Nabarizkua zan neure irri-kiñuba,
Izpiñe'n gaur berton
otseña il biarrik!
Urrunan, oztin zan, ixar-eun, zeruba,
Ta zaldi—oñotsak etziran entzuten.
¡Betazal bat legez
gaba zan bilduten!

 

ARTZAÑENA

¡Artaldiak be-beka duaz
arrats leun onen bidietaz!

¡Itturrijotz'eko lerdijok,
Uri-Zuri'ko bitxidorrok,
duazen ardijoi begira
lausotan dozubez begijok!
Bedar berde usañez beterik
landa zabal gustijak dira.
¡Muño-ertzetan eztago otsik
arran-ots artegak langorik!

¡Artaldiak be-beka duaz
arrats leun onen bidietaz!

Ixarren zain dagon basuak
abarretan nai dauz usuak
ta begijetan muin-dagitse.
¡Urretan datzan itxasuak
ego-bako egadun axez
zugatzai murmur-daragitse!
¡Ardi-nausi, labitta pozez,
orak dantzan txirula-otsez!

¡Artaldiak be-beka duaz
arrats leun onen bidietaz!

Ta artaldien ordu onetan
baserri-ertzeko landetan
artzain-matte diran neskatxak
pozkiro dagoz gorubetan.
Noren kantea dan beretzat
jakin gura leuke bakotxak.
¡Esan zarrak betorz agorat
matte-begijen ezaugarritzat!

¡Artaldiak be-beka duaz
arrats leun onen bidietaz!

Bidetako arrats garbijan
bijotzak dagoz min bixijan.
Neskatxak diñoen kantea
dardaraz galtzen da mendijan.
¡Bere sakona nok ulertu!
Gentz betetan datza landea.
«Basoko artzañak akartu,
bertantxe gastayak agertu».

¡Artaldiak be-beka duaz
arrats leun onen bidietaz!

 

ABESLARI BATI

¡Eta arrats a baxen samurrik
etzan ixan leyar mietan!
Aren soin ederra langorik,
iñoiz etzan auldu laketan.
Irri ta dantza-zale eguan
atzak marpilla baxen zuri.
Ta pijanu aren kolkuan
eun txindor ebiltzan urduri.
Bidaldi luzerako deya
esku-artian ebilkijon.
Gauza argijenganako leya
ortzi—ziar igasi yakon.
Bere Agur Miren zurija
Schubert'i ostu gura eutsan.
Esku arein dardar bixija
izpi-otsa zan ler-ostrotzan.
Alan geratu zan ixillik
kantarik leunena kantetan.
¡Eta arrats a baxen samurrik
etzan ixan leyar mietan!

 

JOSTALLUBA

Gauza orotzatz itz—dagin
ezpan gorridun andera.
Odol-larrosen antzera
zabaltzen dozan mosumin

¡Eure Itz-jarijon orrekin
egunak yaukok gelkera!
Urre-zar don arrats-bera
eta lerdijoi ereskin

Nik, jaramon-egitteka,
begizten aunat barreka
odeyakaz amesetan

Baña jarrai-egin karden,
eresa baiton ederren
andera baten itzetan.

 

ESPAÑARTSU BATENA

Aprilleko goiz argijan
azkar etorran Rui-Albar.
Garoz ziran landak-ziar
jaun ederren zan zaldijan.
¡Bide au dagon loratsu
españartxu janzki gorri!
Gaimelur kolore bixi
itza lar labana dozu:
—Landan agon euzkotarño,
usotxu bat don ortzian:
atorn neurekin bidian
zaldi-ganian matteño.—
Españadiko españar
zugatz-puntan ene usua.
Baso-bidez, azkar ua
kolore ederdun Rui-Albar—
Ondo entzunen ementxe
gaste aren berresana:
—Neure gaztelu gurena
litxaken eure jauretxe.
Zidar utzezko janzkijak
emonen dauznat dotetzat
Amar neskame laguntzat;
argiz zarrak. gauz gastiak.—
Españar zaldun lerdena
etxuat biar doterik.
Ez-ta jauregi ederrik.
Aski yuat attarena.
Iru gixalan yaukodaz
larrosa gorri mayetzan.
Eun ardi zuri larrean
eun ardi euren labittaz.—
—Baña mendarte onettan
mattale onik eztaukon. —
—¡Neure mattez milla gixon
kantaz yabiltzak landetan!—

 

MENDIGOXALIARENA

Basaldua' tar Kepa'ri

I

Mendi eze, ikurrin eder,
azke nai zattut axian.
¡Amar gasteren lerdena
makilla luzez bidian!

Mendi-bitxidor berdiok,
arin or duaz kantari:
«Dana emon biar yako
matte dan azkatasunari».

Eta ixil dago arratsa
Euzkadi'ko lur-ganian.
¡Amar gasteren lerdena
makilla luzez bidian!

II

Gastedi orren didarra
bai-dala didar zolija!
Aberri baten samiñez
urduri dabil errija.

Azkatasun-goxalderuntz
sugarra dira basuak.
Sugarra basuak eta
zidar argija itxasuak.

¡Or duan ozte-aldrea
aberri-minez kantari:
«Dana emon biar yako
matte dan azkatasunari».

III

Gaste orreik goruntz duaz
abesti eta ikurriñez.
Lañuan baño tiro otsak:
bedartza dager odolez.

Ikaraz duaz usuak,
mendija dago ixillean,
¡Amar gasteren lerdena
bixitza-barik lurrean!

Eta illuntziko bakian
norbattek darrai kantari:
«Dana emon biar yako
matte dan azkatasunari».

 

MUTXURDIÑA

Ardo zuri,
Ardo gorri,
ittunik yagokan mutxurdin
poztu egik zurrut batekin.

Euki neban, euki antziña
—a zan ezkontsari panpiña—
talle-bako etxia.
Euririk etzan egunetan
antxe bai-nebala topetan
egizko aterpia.
Aren nayez eldu yatazan
senargai bi, bijak konkorrak.
¡Ardanetxeko zorrak
alan kentzeko esperantzan!

Ardo zuri,
Ardo gorri,
ittunik yagokan mutxurdin
poztu egik zurrut batekin.

Ardo gozoena edanik
zato batekin nintzalarik,
—ilgo al da betiko—
etorri yatan, bein, etorri,
mutil maingo, aurpegi-gorri,
nerekin ezkontzeko.
Mattasun zin asko egiñik
edan eustan zato gustija.
¡Ene ordi txarrija
gero laga nindun bakarrik!

Ardo zuri,
Ardo gorri,
ittunik yagokan mutxurdin
poztu egik zurrut batekin.

Orain aukot euki zatua
—gatz-barik ene lapikua—
samin danen pozkarri.
Artu nagik eure mattetzat
emongo aut eskontsaritzat
laztan samurra sarri.
Goxian goiz ardanetxera
bete-bete egunez aguan.
Ta gabaz sotonduan
sorgin ipuñak kantatzera.

Ardo zuri,
Ardo gorri,
ittunik yagokan mutxurdin
poztu egik zurrut batekin.

 

OTSOKORENA

I

Zidar-uledun otsoko
ibai ori dokan zabala!
Beste aldian ba'engo
arkume eukek jan ala.
Gose orrentzat bazkari
bildots zurijak yagozak
bedar ezian dantzari.
¡Metu egixak agiñak!
Zidar uledun otsoko
ibai ori dokan sakona!
¡Sakerak yaukon ontzitto
ibairako dokan ona!

II

—Sakera, saker lagunoi,
pagua eder mendijan;
baña ire tayu lerdenoi
ederrago dok ontzijan—.
—Neure otsoko potoko
txorija eder egaizka:
ekar egistak usoko
ta iragoko aut arinka—.
—Sakera, saker argija,
iru egi ixango dozak
eure lan orren sarija.
Igi egixak arraunak—.

III

—Neguba baño leunago
udea yabilk baratzan—.
¡Urretxindor ori ago
kanta-kantari zugatzan!
Ibai-erdijan batela
au zan bigarren egija:
—Iñoiz etxuak upela
eure jarrai, moskortija—.
Beste aldia ikuturik
olan mintza zan otsoko:
—Lana ba-dagik dubarik
eztok jango ogittan asko!—

IV

Zidar-uledun otsoko
ibai ori dok sakona!
Sakerak yaukon ontzitto
ibairako dokan ona!
Otsoko eta sakera
alkarren jarki yabiltzak.
Ene artzain bildur-bera
bildots zurijak nun dozak?
Tarranpatan-tan, tarra-pan,
—bare dok ibai zabala—
otsoko ba-yabilk dantzan
arkuma yok, ba, jan ala.

 

ONDARTZA

(Bixitza onek itxasua iduri)

¡Uñak jaurtiki bixitzara
bete baten itxartu nintzan!
¿Zein bidez nuake leara?
¡Galdu naz, galdu, neure battan!

Zador baten igeri nabil
sentiki, ez ikuski, ura.
¡Zabal au begitzez ezin bil
ta nerau naz orren bakura!

Goguak zabal dauz begijak;
¿bakarrik enintzan uretan?
¡Emen igeri ume gustijak;
beso-oska bat dantzut uñetan!

Soña gel, baña ez gogua,
¿Uberaldi au nondik dator?
¡Azalez dan bake osua!
¿Nora narok beraldi gogor?

Baña enedin auldu urean
gentza yagok ba, itxas-ganian.
¡Natzan lotan zabal neurgian
erijotz-uin otzak naruan!

 

ITXAS-ONDOKOENA

¡Itxas-ertzeko matte-miñak
zenbat itxaro-orduz egiñak!

Kai argijak margoz beterik
ta ontzijak dantzan uretan,
arraunak, ego-ordez, zabalik.

¡Eme azan itxas urdiña!
itxastar orrein begijetan
nok jarri yok arrisku-miña?

Usain ta edari bakanak
batzen dabez kai gustijetan.
¡Muñentzat prest daukez ezpanak!

¡Itxas-ertzeko matte-miñak
zenbat itxaro-orduz egiñak!

¡Portu-aldeko gastarua
galtzori danen seme zara
ta ibilkorra dozu gogua!

Lurrera zatorzan orduban
barriz zagoz uñai begira.
¡Deiren bat dantzuzu barruban!

¡Orra or berein zapi zuri!
Agur baten uso-dardara
euren gora-berak iduri.

¡Itxas-ertzeko matte—miñak
zenbat itxaro-orduz egiñak!

Or ba-duaz urdin-ganian
baña kayan dagoz mattiak
zapi zurijak atz-artian.

¡Alkarren zain egongo dira
itxaso ta liorrekuak:
oneik ur, areik lur-begira!

Bittartian portu-ertzetan
bakarrik andra eta umiak
zintzo iraungo dira lanetan.

¡Itxas-ertzeko matte-miñak
zenbat itxaro-orduz egiñak!

 

ARDUA TA ATSUA

Ardua eta atsua
bijak dantza-dantzari
¡Ai geure lapikua
ur-barik erre-bixi!—

Atsuak arduari,
katuba dala
suteko ziñaldari:
—Ardo zargala
zelan matte audan nik.
Nirekin ezkontzeko
eldu intzan Nabarra'tik.
Eldu intzan Nabarra'tik
ainbat zango egiñik.

Ardua eta atsua
bijak dantza-dantzari
—¡Geure buskentz gozua
katubaren janari!

Arduak atsuari,
sugarra dala
suteko ziñaldari:
—Atso mamala
beste senar bat don ik.
Eurekin dantzatzeko
ekar non ardetxetik.
Ekar non ardetxetik
aren praken trukerik.

Ardua eta atsua
bijak dantza-dantzari
—¡Ene, bixar moltsua
erre yaka atsuari!—

 

UDABARRIKO AUTORKUNTZA

Din-dan, balendan,
elixako atetan
gixon bat dilindan.

—¿Zer egin dozu pekatu
pagoen lagun bakarra?—
—Ote-lore bat triskatu
eta samindu dot larra—.

—Ori eztozu pekatu.
Mendi-usañez eskubak
ezin daikezuz orbandu.
¡Zabalik dozuz zerubak!—

Din-dan, balendan,
elixako atetan
gixon bat dilindan.

—¿Zer egin dozu pekatu
izarren izpi-zalia?—
—Abo gorri bat laztandu
axe yatan, ba, mattia—.

—Ori eztozu pekatu.
Neskutz-usañez espanak
ezin daikezuz orbandu.
¡Zabalik dozuz zerubak!—

Din-dan, balendan,
elixako atetan
gixon bat dilindan.

—¿Zer egin dozu pekatu
piztijen etsai ankerra?—
—Ene emaztetxuba urkatu
ordia zan, ba, ta alperra—.

—Ori, eztozu pekatu.
Odol gorrijaz eskubak
ezin daikezuz orbandu.
¡Zabalik dozuz zerubak—

Din-dan, balendan,
elixako atetan
gixon bat dilindan.

—¿Zer egin dozu pekatu
zelai ezeko anka-arin?—
—Apez-ardua bukatu
axe bai-yatan atsegin—.

—¡Ori da, ori pekatu!
Parka-eza dan obenak
gogua dautzu orbandu.
¡Eruan zagiz txerrenak!—

Din-dan, balendan,
elixako atetan
gixon bat dilindan.

 

ZELAYAN

Lora—billa neskea
larrarantza dua.
Bera loretan lore,
lore gorengua.
¡Ene mattia,
zelaiko galpidia!
Larratik ittun dator,
ittun, bai, neskea.

Miñez dozu barrena,
negarrez bijotza.
Bijotz-barruban dozu
arantza zorrotza.
¡Ene gaxua,
illun dozu gogua!
Zeure matrail-lorea
zimeldubaz dua.

Lore-billa neskea
larrarantza dua.
Lora—billa jutian
galdu dau gogua.
¡Ene mattia,
zelaiko galpidia!
Loretan lore zanak
galdu dau beria.

 

MAYATZEKO GURUTZA

Mayatzeko gurutz donia
baserrijetan jaya zara
¡Lora barriz azan bidia
zuzendu nagik ermittara!

¡Mayatz-axio, geldi ago!
Loraz, eder. latxin gustija,
baña gaste dan a ariago.

Batan-usañez kutxan dauka,
kutxan dauka gona gorrija.
¡Oi, atera egin lasterka!

Gona gorri, burzapi zuri,
zein lirain aznat iduri
alai abilñan neska-barri!

Mayatzeko gurutz donia
baserrijetan jaya zara
¡Lora barriz azan bidia
zuzendu nagik ermittara!

Onetsirik dagoz zelayak:
soloz-solo apeza ibilki
esan dauz oi-diran otoyak.

Baseleiz-gorako bidiak
tanbolin orrek zein ederki
pozten dauzan. ¡Ots mattatijak!

Gastaro, eder dan lorea,
eugaz yabilk mutil-kantea
ta neskatxen dantzaketea.

Mayatzeko gurutz donia
baserrijetan jaya zara
¡Lora barriz azan bidia
zuzendu nagik ermittara!

¡Senargayok, arin mendira!
Mayatzeko Gurutz deunetan
gustijak matte-mintzen dira.

Amasei jorraildun neskatxa.
—¿egak dozan orkatilletan?—
¡Axe miak daunan bekatxa!

Gona gorri, burzapi zuri,
¿mattasuna dautsan norbatti?
¡Pozez abiln dantza-dantzari!

Mayatzeko Gurutz(a) donia
baserrijetan jaya zara
¡Lora barriz azan bidia
zuzendu nagik ermittara!

 

ZIÑISTE-BAKUARENA

Igande goiz au landa-gain dager
—egal urdiñak dardarka airian
Zugasti, itxartu barri, bai eder!
Kanpai-otsa zein karden axian.

Gauz orok dauke Jainko betia;
arnas deunak muin dautse niñijan,
¡Oi latxin zabal orren bakia,
neure otoi au galdu bedi eugan!

«Ziñismen neure begija zanian
goiz oneik euken argi biguna!
Baña bein barna lañotu yatan
eta inguruban dodan illuna!»

Odei zuri bat —itzal baltziskaz—
bedar eze-gain bai samur dabil!
Muga leunenak aurkhintzak daukaz
ta artotza an dago, ez ots, ez ixil.

Barne ta kanpo Jainko aztarrak
baña ilta daukot fede dirdaya.
Soil matte dodaz latxin ta lerrak;
itxas urdiñak dauken alaya.

Eta goiz garden onen bakian
barriz ots-dagit, ¡au ots bixija!
«Barne ontan nok senti zeinkian
samin ta poza azan begija!»

 

IRU ZALDUNAK

Irisarri'tar Joseba Koldobika'ri

¡Goiz utsaren zubi zabalaz
iru zaldun argittan duaz!

«Atsegina dok bixitz-muina»
esan eban zaldun zurijak.
¡Leyar landuzko ontzi mioi
malko-antza yaukok ardauak!
¡Eta goiz-zubittik jaustian
ardoz busti euzan espanak!

¡Goiz utsaren zubi zabalaz
iru zaldun argittan duaz!

«Emia dok ludiko poza»
zaldun gorrijak esan eban.
¡Bere mosu leunen ederra
urre zarra dan arrats mian!
¡Ta usañez espanak eukozan
goiz-zubittik jausi zanian!

¡Goiz utsaren zubi zabalaz
iru zaldun argittan duaz!

«Aberrija dok zorun-utsa»
zaldun berdiak ots-egijan.
Burnizko ezpaten dirdiraz
berein gixon ziran mendijan.
¡Eta goiz-zubittik jaustian
aintzak muin-eutsan bekokijan!

¡Goiz utsaren zubi zabalaz
iru zaldun argittan duaz!

 

BOLUTXU ZURIJA

Bolu-bolutxu zurija,
—zamarijen txilin-otsa
Bolutxuko goiz argija,
errotarrijen dunbotsa!

Andaparan ura dago
—zidar-litsa markal-artez
¡Errotarime lirañoi
ain zuri zagoz urunez!
iri egixuz atiak
ura dabil, ba, lasterrez.

Bolu-bolutxu zurija,
—zamarijak emen dira—.
Bolutxuko goiz erdija,
zamaldunak or begira.

Eio bolu orrek, eio,
baratzan dabil axia,
Errotarime lerdenak
zangorriz dauko ulia.
¡Zidarrezko kiridunoi
arinka yabilk unia!

Bolu-bolutxu zurija,
—zamari-otsak urrunan—.
Bolutxuko iluntz argija,
ixarrak dagoz urdiñan

Bolu-bolutxu, zer dozu?
Egaz dabil arranua.
Makal-arteko bidexkaz
zerran igesi bikua.
¡Zidar-litsa zein ñimiño,
boluba gelditzen dua!

Bolu-bolutxu zurija,
—orra or ixar dirdira—.
Bolutxuko gau argija,
¡zamaldunak galdu dira!

 

LANGILLE ERAILDU BATI

I

¡Ene Bizkai'ko miatze gorri
zauri zarae mendi ezian!
Aurpegi balzdun miatzarijoi
ator pikotxa lepo-ganian.
Lepo-ganian pikotx zorrotza
eguzki-diz-diz ta mendiz bera.
Ator bideskaz, —goxa sorbaldan—,
kezko zeruba yaukon olera.
Opor-otsa dok txaide zabalan,
—ukabil sendo, soñanzki urdin—.
Jaubiak, barriz, nasai etzunda,
laguntzat auke, i, urrutizkin.
Aurpegi balzdun miatzarijoi
ari bittartez deyak yabiltzak.
¡Bideskan zelan dirdir-yagijek
txapel-okerren kapela baltzak!
¡Orreik yaukoen gaizkin-itxura
sispa luziak lepo-ganian!
¡Ene Bizkai'ko miatze gorri,
zauri zarae mendi ezian!

II

Mendiz bera lau txapel-okerrez
aurpegi balzdun miatzarija.
Begi baltz orreik sastakai dozak
baña zatittu ezin esija.
¿Noruntz aroe esku-lotuta
burni margodun gorputz gogorroi?
¡Sendua ba'intz, etsai-odolez
bustiko eunkek pikotx zorrotzoi!
¡Nerbion-ertzok, —tranbi-dardara—,
azkatu-nayez, zenbat alegin!
Baña olaen zarata-artian
aren ayotsik adittu-ezin!
Sispa luziak sutan yagozak,
—opor-zaratak txaide zabalan—.
¡Aurpegi balzdun miatzarijoi
igeri adi eure odolan...!
Txapel-okerrak edango yabek
ardao onena Gomez-etxian.
¡Ene Bizkai'ko miatze gorri,
zauri zarae mendi ezian!

 

ARTZAIN BATEN ERIJOTZEAN

I

Zidarrezko bost sastakai
nok jasan daikez aldian?
Zidarrezko bost sastakai
zeure itzak dantza-aldijan.

Lapur-gaba baltz onetan
zaldi zurixka arin ua,
Artzain: zer dok begijetan?
Erijo'k ete arua?

Espa urten yaken lerdijai;
¡a zan espa gau baltzean!
Zidarrezko bost sastakai
nok jasan daikez aldian?

II

¡Urrun zara, urrun mendija,
borde ori urrunago!
Soil dator zdldi zurija:
zeure jaube illa nun dago?

¡Arin zuaze ler-barna
pagoen itxal baltzera!
¡Ixarrok, bedartzak barna!
¡Artzañorak, lats-artera!

Zelan iretargl-izpijai
barre-egijen lur-ganian!
Zidarrezko bost sastakai
nok jasan daikez aldian?

III

Saspi arratsez ardijak
ekin eutsen negarrari.
Saspi goxaldez tordantxak
ekin eutsen ixillari.

Orok negar-egin eutsen,
orok, neska batek ezik.
Ura joian negar baten,
lorak ziran zimeldurik.

¡Ilda zan-arren, bai nasai
zauririk ez aragijan!
¡Zidarrezko bost satakai
sakon eukozan ariman!

 

ETXEKO ALABEA

(aita nuen saltzaile)

I

¡Arrats-autsak daukoz bidiak!
Lau zaldun datorz España'tik
Mairu-erriko mairu baltzak
zidar eta urrez zamaturik.

Lau zaldi zuri, ugel gorri,
zidarrezko aukoz bitsetan.
Arin-arin, axia iduri,
eguak daukez zangoetan.

Zidar eta urrez zamaturik
Lau zaldun datorz España'tik.

II

Etxeko alaba liraña
itxi eyozu dantzeari.
Txirula alai dabil, baña
eder zayakoz mairuari.

Jantzi zadi gonantza gorriz
zaldi-otsak dira landetan.
Zagoz lirain, aurpegi argiz,
irrizko lorak ezpanetan.

Itxi eyozu dantzeari
eder zayakoz mairuari.

III

—Neure alaba, ez negarrik
ondo zaldu zaugu dirutan.
Berreun urre-dukat arturik
eta saspi dupa eztittan—.

Lau zaldi zuri, ugel gorri,
mairu-errira zailu duaz.
—Txiribogin: ardua neuri,
edontzi au bete naparraz.

¡Berreun urre-dukat arturik
neure alaboi, ez negarrik!—.

 

MAYATZEKO KANTEA

Landak zidar diran unian
gogai au ba-juat airian!

Lora-erditze leuna dauko
euri-mattale zan latxiñak,
Eta irustatzak, apez-antzo,
buruban daukez purpesentak.
Gari gotti eta arto musker
nok jarijok ainbeste atzon?
¡Sasitzak eurek zein eder!
¡Baña gogai au ezin-egon!

Landak zidar diran unian
gogai au ba-juat airian.

Samurki dabiltzan axiok
kantari dirautse bidian:
«Tori usañezko egalok
latsak laztandu dagixuzan»
Ta begi-zabal dan loreak:
«Ago beti neure mattale
oraintxe dira mayetz-pestak
ta abarrak dagoz txinta-zale».

Landak zidar diran unian
gogai au ba-juat airian!

Beretzat eztago zugatzik
naiz ta loren eztegu-iduri.
Sagardi orrek zer dagik
ezkonbarri bat legez zuri?
Neure gogai au egaz dua
oyanok baño urrunago.
Naikun bixi batek darua
ta atxillotuko daunik eztago.

Landak zidar diran unian
gogai au ba-juat airian!

Baña zeure balkoi-ondotik
dardar igarotzen danian
mauak irri-dagitse pozik.
¡Egal-otsak dabiltz airian!
¡Orduban bai geratzen dala
zaurittu dan uso bat legez!
¡Mayatzeko elai apala
txirrika dabil zeure ederrez!

Landak zidar diran unian
gogai au ba—juat airian!

 

TXO MOSKORTUBA

¡Itxastarren barre-zantsuak
txo arek edan baitaruak!
¡Ez, ezegik edan pattarrik
gorputz baltziskadun umia!
Illundu yak begi-unia
eta eztakuskek zerurik.
¡Auxe samiña,
yanzki medun txo panpiña
ta zut egon-eziñik yagok!
¡Itxas—otsuok
kendu orri pattar—laketa
ara—onaka yabilk—eta!
Dantza ta dantza, lotu-barik,
ixai zaurittu bat yirudik.
¡Bere keñubak dozak loyak!
Ontzi-gibelan kentzen yozak
alkondara ta praka urdiñak.
¡Auxe samiña,
itxastarren barre-zantsuak
txo arek edan baitaruak!
¡Zer dok bare arrats oztiña!
¡Eta soñutzik
urtzi eder baten antzera
begi bijak lausoz beterik
jausi yakuk itxas-barnera!

 

TXIRIBOGIÑAREN ALABEA

I

¡Txiribogin-alaba ori
bai eder edontzi-artian!
¡Gixonak dedaten unian
ezpanetan dozun barreirri!

Irri orrek illundu daike
goxez argijen dan eguna.
¡Ura ba'litz zeure ederkuna
iñor, be, egarri elitzake!

Baña askotxuk edan nai zattu
ta odol bigurtuko da ura.
Giriñak dauken aizto-itxura
zeure irrijak, ba, metzen dittu.

II

Itzal balzdun ordi mindubak
jokuan dabiltz mai-ganetan.
Gau ta egun daukoz kartetan
zeureganako matte-miñak.

Ardoz ez, moskorti, ederrez,
abesten dabez kanta loyak.
Ta tinko ditxaro bakotxak
rri orrein jaube-ixan nayez.

Baña napar-ardua baño
tabernereak eztau saltzen.
Moskorti ezta iñoiz egoten
berak barnean daukon matteño.

III

Norentzat baña ete-dira
samin utsa diran irrijak?
¡Airian duaz edontzijak!
¡Bixi dabil aizto-dirdira!

¡Zenbat neke-ots, zenbat oyu!
Lurrera jausten dira itzalak,
moskortijen itzal mindubak.
¡Danak dagoz zauriz urratu!

Odol-litsa datza tabernan
mattasun-oben bat iduri
¡Tabernerea barriz, leunki
irripar dago ontzi-artian!

 

BEGIJEN OMENEZ

Galai-galaitxu,
—mertxikondua dago loretsu–.
matte-min diran begi argijak
eztabez biar zeure gezijak.

Mattagar dabil kantari
—tinko urrezko uztaya—
pinpilinpauxen eiztari.

¡Oi, egadun aur itsuba,
jaurti egixu dardaya,
irrijen dardai sutsuba!

Galai-galaitxu,
—bitxidor ori dago argitsu—:
matte-min diran begi argijak
eztabez biar zeure gezijak.

¡Ixil zagoze zugatzok,
axioi abil leunkiro
naspildu-barik ametsok!

Mattagar dua eiztari:
baña neskatxak mekiro
eragin dautso dardari.

Galai-galaitxu,
—ollar gorrija dago arrotsu-:
matte-min diran begi argijak
eztabez biar zeure gezijak.

—Dardairik gabe neskutza,
zaurittu dozu, zaurittu
Mattagar aurran gorputza—.

¡Abestu alai txorijak!
¡Oi zelan diran ñirñirtu
neskatil aren begijak!

Galai-galaitxu,
—baratz osua dago usaintsu—:
matte-min diran begi argijak
eztabez biar zeure gezijak.

 

AMAYUR GAZTELU BALTZA

(Y ese castillo de Maya
que el duque me lo tenía).

Antzola'tar Joseba Mirena' ri, mattez

I

Amayur gaztelu baltz ori
—berreun gudari oro sumin—
zaintzen zattuben zaldun onak
Naparra-aldez egin dabe zin.

Izkillu gorriz zenbat gaste
bildur-bako mendittar lerden.
Eta orreik, Yatsu jaun orreik,
Jabier' eko zaldun guren.

Ikurrin bat —kate ta lilli—
torre gottijan zabal dago.
Bera salduko daun semerik
mendi onetan ezta jayo.

Amayur'ko ate-zain orrek
zidar turutaz oyu-egik.
¡Baztan-ibarran zenbat etsai,
arrotz-gabe eztago mendirik!

II

Esitturik Amayur dauko
Miranda'ko konde Españarrak.
¡Orreik bai burnizko janzkijak,
ta urrezko ezpata-sagarrak!

Berekin dator, bai berekin,
Lerin'go eto orren semia.
Txakur txarrak jango al abe
erri-bako zaldun dongia.

Goiko aldetik asten dira,
asten dira subaga-otsez.
Orma-kontretan zenbat zurgu,
eta gezi zorrotzak airez!

Baña torrean zabal dabil
ikurrin bat —kate ta lilli—
¿Nok zapaldu ete dagikez
berreun gudari orok zoli?

III

Amayur'ko gaztelu baltza
—jausi yatzuz torre gottijak—.
Baña, arrotza, etzadi geldu,
napar-seme dira gustijak.

Arresi gorri, zubi ausi,
—zein gitxi diran zaldun orreik—.
Erijo, samurño zakije
aberri-min baitabiltz eureik.

Miranda'ko konde gaizto orrek
jo egixuz zidar-turutak.
Ikurrin bat —kate ta lilli—
eztau laztanduko axeak.

Berreun gudari oso sumin
gaztelu-pian dagoz illik.
Ordutik ona, —zenbat laño—,
Naparruan ezta aberririk.

 

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

Atzera