PIARRES II

JEAN IBARNEGARAI

Gure Eskualdun Deputatu Soldadoari


Gerla Handiko Soldado Guzieri

 

PIARRES
BIGARREN ZATHIA

I

etsaiari buruz

Gerla handiko soldado gaitzak, zuen ongi goresteko,
Otxalde eta Elizanburu koplari ziren beharko.
Heien eta Zaldubiren orde othe nauzue nahiko?
Bozez mila banitu gaur nere, oro nuzke zuendako!

«Adios aita, adios ama, adios ene laguna,
Adios ene herri maitea, herrietan maiteena!...
Bihotzean ezarri ondoan gure nausi Jesus ona,
Lerro-lerro, joan ginen oro etsai higuinarengana.»
J.B.

Intzireka, xixtuka bazoan soldado-trein luzea, suge handi bat iduri, aboztuko kanpo ederraren erdian.

Han urrun, Larrune-mendia bere sorbaldak goitituz ari zen, eskualdun soldado gazteak egin ahala luze ikusi beharrez oraino, etsai higuinari buruz zoazila.

Eta Larruneri beha, ixil-ixila bazoan Piarres ere. Han, mendi handiaren oinetan, ibar-muthur batean, nigarrez utziak zituen bere ama, bere arreba, bertze ama bat oraino, egun batez beharbada haren ama izanen zen ama bat, Jainkoak hola nahi balinbazuen segurik!...

«Itzuliren zira, Piarres; itzuli behar duzu, Oihanaldekoengatik, Lizartzakoengatik. Gure aingeruek begiraturen zaituzte!» Goañaren hitz horiek, maitetasun garbienaz betheak ez othe ziren? Bihotza phizten zioten muthil gazteari, oren dorphe hartan... «Jainkoak adituren zaitu Goaña! Oihanaldekoengatik, Lizartzakoengatik itzuliren nau zuen guzien artera!...».

Artho-landa handi baten buruan, keeta baten aldean, gizon adineko bat, athorra-mahunketan betbetanikusirik, orhoitu zen Piarres, bere aita, han, Oihanaldeko azken bihurgunean, xutik hola utzi zuela, orai bost egun, _mende bat!_ bertze keeta baten aldean. Pil-pil egin zion bihotzak, zeren zinez maite zuen aita hura...

Bainan, treina, hain xuxen, eliza xuri baten aldean iragaiten ari zen; eta barneko sukar hura eztitu zitzaion eta gero erori, bertze eliza batez betbetan orhoiturik, bere Senpereko eliza handiaz. Eliza hartan, igande goizean, barna-barna bihotzean hartu zuen Jesus eta berekin ereman, traba guzieri buruz. Borthitz behar zuen eta bihotzdun; borthitz eta bihotzdun izanen zen...

Hainbertzenarekin, Larrune itzali zitzaion edo, hobeki, emeki emeki suntsitu uhartze zola-zolan.

Bertze mendi batzu biderat heldu zitzaizkon orai hego-aldetik; bainan ez ziren hek, Eskual-Herriko mendiak. Eta behako bat doi-doia emanik harripeña ilhun heieri edo, ezker eta eskuin, luzatuz zoan uhaitz handiari, bere laguneri buruz itzuli zen Piarres.

Sukar bera begietan ikusi zioten orori, sukar minena segurki. Wagon handian, harat hunat bazabiltzan oraino, pareteri eskuak, andarka. Zizpa eta pusketeria guzien erdian xutik, bazuten oihu, bazuten hirri. Bainan min egiten bezala zuen heien hirriak. Ezagun zen, guziengatik, eskualdun eta landes hek orok, han, urrun, bertze nonbeit zutela gogoa!

Non ziren axtiko harramantzak, lau egun dorphe Baionako gaztelu kaskoan iragan ondoan, Sant-Izpirituko zubian hunarat heldu zireneko harramantza hek oro? Hiri guzia han zen _eta ez othe Eskual-Herri guzia?_ herioari buruz hurrats berean soldadoak zoazilarik. Herioa? Bainan nork herioa zuen buruan tenore hartan? Musika... errepiketan ari zen, han, aintzin hartan, erreximenduko bandera maitearen ondotik. Erdian, gibelean, non-nahi, atabalak eta turrutak, errabia gorrian ari, bethi ari, nondik-nahitik ari! Aintzindari gorenak zaldiz, koonela lehen-lehen, oro jauzteka, zapartaka! Xixpa muthur guziak dena lore eginak ziren, karrika bururat soldado gaixoak heldu ere gabe. Haur batzu, gazte atrebitu batzu, lephotik lotzen ere zitzaizkoten non-nahi, kapota-gainak ere loratu beharrez, edo bixkotx eta bonbona, xokolet eta fruitu, zernahi puskaz zakuak hanpatu beharrez. Loreak oraino, bethi loreak, burrustakan heldu athe-leiho guzietarik! Eta hango oihuak, hango karrasiak!

«Biba berrogoita bederatzigarrena!
Biba Frantzia! Kuku alemanak!...»

Buruaren galtzeko ere bazen egiazki!

     Eta gero, trein izigarriak, koka-ahala betherik, noizpeit abiatu zirenean, jendetze haren guziaren orroa!

Ikaragarria zinez! Zerua nola ez zitzaioten bada erori gainerat tenore hartan?...


Eta orai, itsasoaren burrunba urruneko bat bezala, han zituzten, beharrietan, harramantza hek oro; eta zozotuak bazoazin, herriz herri, zelaiez zelai, oihanez oihan, eta gero eskualdez eskualde, nehon guti geldituz.

Piarresek, aspaldi ja, botaiak zituen Baionako loreak oro. Geldi-toki handietan, berriz ere oihuak, berriz ere harramantzak. Bainan esker gutiago egiten zioten jada etsaiari buruz zoazin soldado hek. Lorerik aski bederen bazuten harturik, «hamar hil-herrietako hobiak oro estaliko ere baitziren lore heiekin», soldado zahar batek goratik erran zuen bezala.

Zakuak berak, nahiz ederki hanpatuak, ahantzirik bezala zauden xoko guzietan, eta nehork ez zioten minhandirik egiten.

Bainan gero, gorphutzak berea behar duelakotz bethi, eta ez gutiago hogoita bortz urthetan, lothu ziren oro beren pusketerieri. Eta, hantxet, soldadoz kankarrikaturik, trein handiek elgar kurutzatzen zutela gau ilhunean, Piarres eta haren lagunak, kanita eskuan, jan eta jan ari ziren. Xahakoak ezker eskuin bazabiltzan airean, eta hirriz adi zitezken orai... biharko gudulariak.

Eta gero, lehertuak, burrunba ilhun bera beharri barnean, lokartu ziren guziak; noiznahi atzarriakhatik, amets itsusi zerbeitek soberaxko harrotzen zituelarik.

Harmetan guzia, Frantzia bazoan Iguzki aldera, berrogoi eta lau urthe hartan etsaiaren oin-pean intzirez zagon Alsace-Lorraine eskualdearen beretzera. Zoko guzietarik, hatsantuak, xixtuka, sua zariotela gau ilhunean jalitzen ziren treinak. Suge handi batzu iduri, lerro lerro, jauzteka bazoazin oro, harat, etsaia igurikatzen zuten tokirat, elgarri aintzindu nahiak.


Lo pisu bat eginik, bat bertzearen ondotik atzarri ziren beraz oro wagon edo gurdi handian. Begitarte zimurtuen torratzen ari ziren orai, begiak ubel, aho-gozoa kirets. Kafe bero bero batek errepixkolatu zituen beharrik, eta lasterxko.

Piarres bere lagun-minetarat itzuli zen orduan. Jainkoak hola nahirik, lau senpertar baziren elgarrekin, buruzagi beraren azpiko behar baitziren lauak. Philippe, Paul, Mixel eta Piarresek elgar maitexko zuten jada! Garaztar bat bazuten gero, Joanes, lagun hoberik ez baitzitaken nehon: ona, prestua, alegera... ezin gehiago.

Kafeari hurrupaka, belharrari pafaka, elgarri kontra eman ziren, kanpoari begira eta begira. Non othe ziren?

Non ibilirik, non iraganik? Bat ez zen heien artean hori zakienik. Gora gora, krizkola batean hasi zen Joanes Garaztarra:

_Errak, to, Piarres, ez diat Larrune muthurrik ikusten hor gaindi? Nun othe gituk, gaurgoiti?

_Batere ez zakiat; bainan urrunxko, han, gibelean utziak ditiagu Garazi edo Lapurdiko mendiak. Sekulan ikusiko ere othe ditiagu gehiago?

_Balinba! Briepolatu! Zer uste duk ala gerlarat doatzin guziak gerlan gelditu beharrak diela?... Nik segurik, ene hexurrak oro gibelerat ekarri gogo ditiak. Baditakek bat edo beste Izurako Daunatuak xuxenduko dazkitan. Bainan guziak han izain dituk: «A vos luméros!... Pressan, pressan, pressan... Manqué person, mon achudant!»...

Philippe, Paul, Mixel, Piarres, Joanes bera, oro hirriz ari ziren, haur handi batzu bezala.

«Garizumari berari hirri eginaraz hezake, debru Garaztarra!...
_Hala duk eta!
_Ez gaitik, amak ikusten!...»

AMA! ama gogoan bazoazin beraz eskualdunak! Oren lazgarri guzietan, ama lehenik aiphatu behar! Guduan eroriko direlarik, geroxago, Jainkoaren eta zeruko Amaren izenarekin, lurreko bere amaren izena batek ere ez ahantziko!!!

Ama gaixoak, gure ama maiteak! Dohain ederragorik ez baitauku sekulan zeruak ez egin, ez eginen!...

Ama Piarresek hola aiphatzean, durduzatu zen Joanes gaizoa, begiak nahasi bezala zitzaizkon doi-doiako bat. Ahoan zerbeit iretsirik, berriz hasi zen erasian, bainan aphalagotik:

«Hobe gindikek, orai ere, ama gaixoek beren haurrak ikusteko menean oro bagina... Bainan, to, zertako behar ditiagu gure gogoak ilhundu sobera? Ikusiko duk, guri ohartu orduko, lapinak iduri, tarrapataka ihesari emain direla alemanak. Lagunduko ere ditiagu, zalu-zalua tokien husten»...

Eta, ezker, eskuin, solas berak zeramazten han ziren bertze soldadoek orok. Haur elheak, egiazki!...

Bainan, haur batzuek baino gehiago, zer zakiten hastera zoan gerla ikaragarriaz?


Bi egun hartan bidean ziren jada, Baionatik aboztuaren zazpian urrunduak.

Bederatzian, Mont-le-Vignolle herrian ziren, bide luzeak umatuak.

Hamabian gero, Toul hirirat buruz abiatu ziren oinez. Hiru egunez, tapa taparen gainean egiten dute, Royaumeix, Grosrouvres eta Lay-Saint-Rémyn arratsetan geldituz. Urrunerat, Pont-à-Mousson aldetik heldu, entzuten dute, lehen aldikotz, kanoi-pezen orro handia.

Xixperi hurbil, xixpa hek helmenean, lurrean lo egiten dute gau hartan. Eta bihotzak jada pil-pil jotzen diote.

Bururik ez dute kurtzen. Bainan, sukar batek hartuak dauzka guziak. Laster ikusiren othe dute etsaia? Ikusiren ere othe dute batere?...

Piarres, gau-beilari landes lagun batekin karrika buru batean emana, ernerik zagon harmetan, dena gogoeta.

Gerla zen beraz! Han, urrun, jada, guduan ari ziren! Oinezko soldadoen aintzinean zaldiz jiten diren uhlanhetarik bat edo bertze ager balakio betbetan aintzinera?... Hantxet, bihurgune hartan, zer da beltz hura? Ez othe da mogitu? Segur mogitu dela! Heienganat huna non heldu den, bere kaska zabal aphalarekin... Huna zaldiaren urhatsa, harrabotsik ez duela kasik egiten gau ilhunean...

Eta gero, deusik ez gehiago! Suntsitu da Piarresek bere sukarrean ikusi uste izan duen mamua. Haren aldean, landes laguna ez da durduzatu ere oraikotik...

Bainan, eskua tinko xixparen gainean, Piarres han dago, begiak harmaturik. Izarrak, gain hartan, inguruka dabiltza ixil-ixila, eta kanpo hetako xakurrak oro sainga ilhun batzuetan ari dira.

Eta Piarresek badaki orai zertako den, gaur, xixpa bat eskuan, han, iguzki-aldeko hiri muthur batean.

Frantses-Herriaren mokor bat, mokor ttiki bat zaintzen du harek ere, han, harmetan. Ehun milaka, bertze soldado batzu baziren, non-nahi bertze lur-mokor batzu gerizatzen zituztela hala hala. Eta Frantzia, Herri Handia, lur-mokor hetaz guzietaz egina zen. Lur-mokor hetarik bat zen Eskual-Herria, Eskual-Herrian Senpereko herria.

Lur-mokor hetan, heien gainean altxatuak, han ziren haren gibelean, aintzinean, ezker, eskuin, orotan, herriak, etxeak, elizak, hil-herriak. Herri hetan, etxe hetan zauden... aita-amak, haurrideak, haurrak, hil gaixoak. Eta, hil eta bizi, hek guziek bakean bizi nahi zuten eta lo egin deskantsuan.

Eta Eskual-Herriko itsas-hegiez, mendi zelaiez, oihan eta alhorrez orhoitu zen Piarres. Orhoitu Oihanaldeaz, Oihanaldeko guziez, aita-ama samurrez, haurride maite hetaz guziez. Goaña Lizartzakoaz orhoitu zen, eta tinkoago lothu zitzaion bere xixpari...

Ethor ziteken etsaia! Haren eta maite guzien artean, soldado gazte heien bulharrak han ziren, burdinaren pare altxatuak...

II

 

etsaia!!!

Hiru hogoi eta hamarreko soldado zahar maiteak,
Ez zaituztet ez nik mendratuko, sobera zaizte handiak;
Bainan zuhaurek erranik dakit, badirela jaunen jaunak...
Gerla huntan ditugu ikusi soldadotan handienak!
J.B.

Etsaia ethorri behar zen, bainan, ez igurikatzen zuten aldetik. Bere omena histen zuela sekulakotz, etsai hori, zuzen guziak ostikatuz, auzo erresuman gaindi heldu zitzaukun, jendetasun guzien kontra, lege guzien kontra. Eta, auzo erresuma hori, Belgika ttikia, bere Erregea lehen, xutitu zen guzia, bere ohorea... bizia ere baino gorago emaiten zuela.

Itsas hegi-hegiraino jada Belgikako armada xumea bere aintzinean egorria zuen alemanak, gudu dorpeenen gostuz. Bainan, itsas hegi horri, Errege Albert, bere soldado gaitzekin, aztaparka lothurik, hura handik ez zezaken mogiaraz, ez eta zehe batez. Beren Presa edo Barradera handiak belgikanoek zabaldurik, itsaso bat hedatua zen orai heien eta etsaiaren artean. Xokoan bazen xokoan, Belgikako erresuma bat bazen oraino, xutik; eta frantses soldadoa heldu zen lasterka, hari laguntza ekarri beharrez.

Tarrapatan iguzki-aldea utzirik, berrogoita bederatzigarren erreximendua treinetarat berriz hupaturik, bazoan orai hura ere ipharrari buruz. Aboztuaren hemezortzia zen. Jeanne d'Arc Sainduaren Domrémy herriari aski hubildik agur erranik, (Darré, Senpereko jaun errient xaharraren erranez ongi orhoitu baitzen tenore hartan), Piarres, Pagny-sur-Meuse hirian iganik, Fourmies aldean jautsi zen biharamunean, bere lagun guziekin. Soldadoa soldadoaren gainean heldu zen, xoko guzietarik.

Aboztuaren hogoiean, Belgikan sartuak ziren, eta Hestrud-en arratsean gelditu zirelarik, bazuten begitarte hango jende gaixoarenganik! Arroltzetarik eta burra hoberenaz orratu etxe-ogitik hasirik, goxokeriz zernahi bazen han heientzat; arnoa ere ausarki.

Hogoi'ta batean, Thuin hiriari, Gozée herriari hurbil, bi kilometra luze hedatua zen erreximendua; eta bere hetaz orhoiturik, nigarrak heldu zitzaizkon Piarresi, belgikano maiteen loria ikusi eta. Zer alegrantziak, nolako bozkarioa, nolako ongi-ethorria orotan eta guzienganik! Salbatzailerik egundaino hala hartu othe du galtzera doan jendeak?... Gaixo belgikanoak!


Biharamunean, Gozée herria eta herriaren ingurune guziak ahal zuten bezala gerizaturik emanak zituzten. Goraxago, ezkerrean, Thuin hiriaren aldean hedatu zen Mont-de-Marsaneko erreximendua, hogoita hamalaugarrena. Han aintzinean, zonbeit kilometra goraxago, Charleroiko par hartan, kanoi-pezak orroaz ari ziren, orroaz itsuski. Oraikotik kalerna hurbildua zuten, eta ihurzuriak gainean zituzketen laster. Piarres, bere aingeruari othoitz bat eginik, Jainkoari zagon orai eta Ama-Birjinari. Engoitik etsaia heienganat ari zen. Haren lagunak, jada, zubi txar bati hurbil, olha handi baten ondoan, tiroka hasiak dira guti aski; eta, arratsalde erditan, kilometra batean bezala alemanak ikusirik, guduxka zerbeit izan dute berek, bainan beraz aski urrundik.

Eta gero, gau ilhuna gainerat jin zaiote. Xixpak eskuan, han daude oro, zoin bere tokian. Uhartzean etxeak erretzen ari dire, meta-lasto handi batzuen pare. Berriz, non-nahi eraikiak, xakur-sainga saminik baizik ez da aditzen! Orhoitzeko gaua dute guziek.

Hogoita hiruan, goizeko bederatzi orenetan, manu bat heldu zaiote orori: «Baionnettes au Canon! Baionetak xixpa muthurrean!... Ibar-kasko hetan egon behar da, guziengatik!». Eta altzeiru karraska bat entzuten da alhor hetan guzietan...

Ithoka Piarresek kurutzearen seinalea egin orduko, gainean dituzte kanoi-peza alemanak, goraxkotik hastean, hurbil hurbila gero, lurrak oro uzkailtzen diozkatela aldean.

Eta, huna gero etsaia, bere kaska xorrotxak buruan, suge handi batzu bezala, ur-handitik heldu zubian hunarat... Taka, taka, taka, gure mitralleuzak lotzen zaizkote, begien hesteko artean suntsitzen baitire sugeak. Bainan, gero, multzoa multzoaren gainean heldu dira, bethi heldu. Sobera dira, mitralleuzak hek guziak arthikitzeko! Eta orai, herriaren ezker-aldetik herrestan heldu ikus ditezke. Bertze batzu aldiz eskuinetik, bigarren zubi bat iraganik.

Zekale meta batzuen gibelean belhaunikaturik, tiro eta tiro ari dira Piarres eta haren lagunak, eta ez gutienenik Piarres. Espanturik batere gabe, behar den bezenbat _ez gehiago_ altxatzen da lastoaren gainean, eta bere xixpa husten, dabla, dabla. Eta huna axuant bat oihuka emaiten zaiola berehala:

«Zer ari zira, gizona? Gerizan gehiago ez zagozkea?...»

Gerizan?... Zekale-meta txar hura geriza bat behar balitz bezala nehorentzat?... Eta etsaiak gelditu behar balire bezala, gure soldadoek tirorik igorri gabe heien gainera?

Eta tiro eta tiro aintzina ari zen Piarres; xixtuka, zoko guzietarik, liztafin alemanak heldu zitzaizkon, liztafin horietarik batek axuant zuhurregia hiltzen ere ziotela alde aldean.

Sobera, eta zoko orotarik, heldu ziren bizkitartean etsaiak! Eta, errabian, gibelerat pitta bat egin behar izan ginuen. Gozéeko oihanxka batetaraino. Bainan, arratsaldeko hiru orenetan, berriz aintzinerat egin zuten gure soldadoek, eta, oren bat ere gabe, gurea zen berriz herria. Bainan, zer ez ginuen ikusi, harat-hunat horietan guzietan?

Konpainia osoak xirxikatuak izan ziren, mitralleuzen azpian luzaz eta luzaz mogitu gabe egonik.

Etsaiak orduan, urhats bat gehiago aintzinerat ezin eginez, bere kanoi-pezak hurbilarazirik, erhautsi zituen bazter hek oro, eta zekale-landa handiak gorritu ziren berriz frantses odol garbienaz. Ez zen handik mogitu behar! Ez ginen mogitzen, ez ginen mogituko, bertzelako manurik izan arte...

Aleman pezak orroaz ari dire, mitralleuzak karraskan. Hainitz gizon nahiz galduak zituen jada, eta hortako bereko ere beharbada, etsaiak ez zuen bizkitartean etsitzen. Gure themak errabiatua, alderdi guzietarik betan, heldu zen, heldu, oro estali beharrez... Eta gureak han zauden bethi, beren erreka txarraren gibelean, izerdiz, lurrez eta odolez suntsituak. Guttituz, guttituz doatzi kapota urdinak, galtza gorriak, zekale ilhaunen gibelean. Bainan bethi han egoki, aztaparka lurrari lothuak! Dibar, luhosoar kapitaina, oihuka ari zaiote bere eskualdun soldadoeri:

«Emazue hor, putikoak! Jo bethi aintzina!...»

Bost orenak dire! Bostak eta erdiak! Bi oren gabe, ilhuna diteke!...
Bainan, berantegi ez gibelatzekotz, berehala behar da gibelatu...
Eta huna, azkenean, gibelatzeko manua... Ordu zen!...


Gibelerat abiatu ziren beraz, gibelerat heldu ziren, errabian, beren xixpak bero-beroa guduan eginak, bainan

xixpa heieri esku muthurrak azkarki lothuak.

Piarresen konpainia azken manatua zen, laguneri geriza bat bezala emana, heien eta etsaien artean.

Etsai hori, tenore batez, hurbil hurbila jin zitzaioten, eta lasterka, gero, heien inguratzerat abiatu. Orroaz orduan, eta baionet sistaka, bide eginarazi zioten aleman atrebitueri. Beren kapitaina hila hantxet erori zitzaioten, bala batek kopetaren erdian hura jorik. Bainan, erortzean harek manatu bezala, aintzina bazoazin Frantziarat buruz, erreximenduaren gibelean bethi, etsaiak errabian barreiaturik.

Piarresek, kapitaina hiltzat kolpatua ikusirik, bizkarrean hartu eta, baitezpada nahi zuen berekin ereman. Bainan buruzagi bihotz handikoak berak manatu zion, zalukara joan zadin handik, etsaia berriz hurbildu gabe.

«Hoa lasterrez! Nereak egin dik gaurgoiti... Urrikal bekit Jainkoa, eta gora bethi Frantzia!...»

III

 

gibelerat herrestan

Eta, gero, handik berehala, oi egun izigarriak!
Belgikatik herrestaka heldu, gose eta egarriak;
Launazka elgarri lothuak, lothuak'ta lokartuak...
Beharbada, jaten duelakotz... lokartu den gosetuak!
J.B.

Gauaz heldu ziren beraz gibelerat; alemanak ondotik, bainan ez sobera hurbildanik. Kolpatua izanagatik, badaki lehoinak etsaiari buruz itzultzen berriz ere, begiak sutan, orroaz, lurra jauzaraziz aztaparren azpian. Kolpatua zen frantses soldadoa, bainan ez eroria. Hala manatu ziotelakotz, eta hartako bakarrik, errabian gibelerat ari zen, aipatu lehoinaren pare berriz bihurtzekotan.

Belgika gain hetan, orai ondotik zuen etsai harek bere omenak oro zikinduak zituen eta galduak, hiriak fundituz hobenik edo beharrik batere gabe, haurrak hilez ohakoetan eta bardin beren amen besoetan, geriza ikaragarri bat bezala Belgikako emaztekiak beren lerroen aintzin aintzinean emanez, belgikano soldadoeri buruz zoazilarik. Etsai harek, jada, oihuka zion: haren alde, gain hartan, Jainko Zaharra zela emana; Lurdeko Ama-Birjinak lanik aski izanen zuela, frantseseri harek hautsi hezurren xuxentzen!... Eta burho izigarri horiek nolazpeit jakinik, asaldatuak heldu ginen gibelerat, kasik gibelka, etsaiari par eginez noiznahi, non-nahi, aintzindariek hola manatzen zuten aldi guzian. Jainkoak, haren Ama sainduak arbuiatuak ginduztela? Ez zitekena, gauza hoi!!!

Etsaiak erran du, zeruko Jainko Jauna:
«Haren alde, gain hartan, zinela emana!!!»

_Ez zare sekulan agertuko heiekin,
Bethi zare, guduan, izanen gurekin!
Etsai horien kontra, zu, Frantziarekin,
Bethi, bethi Zuzenarekin!!!
J.B.

Eta bizkitartean, zenbat bihotz-erdiragarria ez zen gibelka jite hura, tenore hartan!

Halako ilhundura bat heldu zitzaion Piarresi bihotzera, eta sekulan, beharbada, ez ahal da bere herri maiteaz hala orhoitu, nola orduan!

Gaua zen, gau ederra, bainan gauetan beltzena! Alemanen turruta saminak noiznahi aditzen zituen, han, gibelean, kasko hetan orotan. Etxeak, erretzen ari ikus zitezken alderdi guzietan. Alimaleak, su-lamen erdian beren jabeek ahantziak, orroaz sumatzen zituen; eta Gorriaz, Katzoz, bertze Oihanaldeko behiez saminki orhoitzen zen laborari gaztea... Gerla zen beraz! Eta horra zer zen ordu arte ez zakien gerla higuingarria!

Eta heldu ziren, leher-eginak, gauaz, egunaz, gauaz oraino. Eta berriz haste gero, hala-hala bethi.

Noiznahi, non-nahi, etsaiari buruz itzuli behar, inguratzerat beren buruak ez uztekotz. Oren laurden guziez, gerlako karro handiak aldetik iragaiten zitzaizkoten, frantses kanoiak hala hala, edo bertze erreximenduetako soldadoak.

Zonbeit egun lehenago halako lorietan iragan toki hetan beretan huna non ziren orai agertzen, indarrez hustuak, ethenduak egiazki. Nehor guti zen gaurgoiti herri hetan; jende gehiena ihesari emana jadanik, alemanen beldurrez. Karro tzar batzutarat beren puskarik hoberenak tarrapatan arthikirik, joanak ziren han harat, Pariserat buruz. Haurrak, emaztekiak, karro heien muthurrean nolazpeit kokatuak, mila haturen erdian etzanak, nigarrez oro ari ixil-ixila, ilhunbean. Gizonak, gizon zahar batzu (gazteak oro gerlan izanez), bekhainak ilhun, oinez heldu, kaprestutik zaldiak eremanez.

Herrietan ezin-bertzez gelditu zirenak atheratzen zitzaizkoten Piarresi eta haren laguneri, arima herratu batzu iduri.

Nigarrez ari ziren hek ere; bainan, mehatxu bat ez zuten zonbeit oren lehenago hainbertze mainatu zituzten eta orai herrestan heldu ziren frantses soldadoentzat. Bazakiten jende gaixo heiek, itsasoak leihorra bezala, alemanak Belgika guzia estali zuela betbetan; tropa troparen gainean, trumilka heldu zela etsai hori, hazkar, ikharagarri ere kasik; jin arau, bere sareak orotarat hedatzen zituela. Bazakiten, batto... lau-bosten kontra guduan arizanik baizik ez zela gibelatu gure armada. Bazakiten egun hobeak ethorriren zirela, eta Piarresek beltzuri guti ikusten zioten jende maite heieri. Dohakabe ziren, egiazki dohakabe, bainan hobenik ez zioten emaiten frantses soldadoari.

Herrestan heldu ziren beraz, bethi heldu!...
...Oi egun izigarriak!
Belgikatik herrestakan heldu, gose eta egarriak;
Launazka elgarreri lothuak, lothuak'ta lokartuak...
Beharbada, jaten duelakotz... lokartu den gosetuak!
J.B.

Bai, xutik lokartuak heldu ziren, gauaz, egunaz; hirunazka, launazka lothuak elgarri, lothuak eta lokartuak. Han hemenka kausitu oilo eta xito zonbeitez bertzerik, ahamenik ez jateko!

Nola xutik ere zagozin oraino! Eta, futxo, hurrats handian, izigarrian heldu ziren, kasik lasterka!

Errabian, Joanes Garaztarrak erran ere zion Piarresi:

«To, Piarres, hola bethi joanez, hamabost egun gabe Senperen gituk, Oihanaldeko sukaldian!». Eta halako hirri bat, hirri hits bat egin zion Piarresek! Urrunxko zen Senpere, urrunxko Oihanaldea! Eta behar ere bai!...


Orhoitzeko egun hetarik batez, arratsalde erditan, Piarresen batallon guzia betbetan gelditu zen...

Zertako? Zer zen?...

Aintzindari multzo bat bildurik, oro aintzinerat beha zagozin, beren larga-bixtak eskuan...

Han, urrun, zaldidun hek zer ziren, nondik atheraiak? Batallonari buruz kalopan heldu, ez zitezken frantsesak.

... Frantsesak izaiterat, guttiegiak ziren alemanenganat hola joaiteko...

Alemanak balire? Uhlan direlako zaldidun hetarik balire?...

Eta larga-bixtak luzatzen dire berriz ere aintzindarien erhi-muthurretan. Soldadoak, beren xixpen gainean finkaturik, beha daude hek ere...

«Alemanak dira! Uhlan zaldidunak!!!»

Alemanak, han, aintzinean? Nondik jaliak?... Bainan, orduan, ahutara hortaz bertzerik bada hor gaindi aleman demonioetarik? Eta heien erdi erdira baginoatzila hola, begiak hetsirik?...

Aintzindariak durduzatzen dira den gutieneko bat.

Ezker-alde oihan bati oharturik, Gomenantak berehala manatzen diote bere gizoneri, oihan hartara joan ditezen lasterrez...

Harat orduko, alemanek ere ongi zakiten oihanaren gainerat erortzen dire sekulako kanoi-pezak, frantses andana bat, hantxet kolpatzen baita eta hiltzen ere, zorigaitzez! Bertzerik ez zuten galdetzen uhlan madarikatuek! Aintzinetik beren artilleriari erran oihanerat igorri gintuzten beraz holaxet, eta, xoro batzu bezala, heien saretarat gu erori!

Doi-doiak egin zuen Piarres hantxet gelditu ez baitzen, eta sekulakotz! Zakuaren gaineko zapatak ereman ziozkan kanoi-ziliporta batek. Eta, Piarresek bere buruarekin egin zuen: bizkar-hezurrari hurbilxko zirela oinetako hek! Eta milesker bat ona erran zion bere aingeru-begiraleari...

Hatsaren hartzeko ephea ere gabe, lothu ziren berriz bideari, bide luze ikaragarriari.

Zorigaitzezko oihanean denbora hola galdurik, etsaiak hurbilago zituzten orai, han, gibelean.

Bat-batean, bixkar gain batean plantatuak, ikusi zituzten artillur frantses zonbeit, beltz beltza beren lau kanoi pulliten ondoan eta xut-xuta. Eta gero, lau kanoiak betan jokaturik, tzirt, tzirt, azote kolpe idor bat sumatu zuten... Kanoi-pezak eroriak ziren jada, han, etsai errabiatuen erdian; ez goregi, ez aphalegi, bainan bai erdi-erdian; eta lerroak, oso-osoa, xehakatzen zituzten sega alimale batekin bezala.

Hiru aldiz oraino mintzatu ziren kanoiak. Piarresen eta haren lagunen loria tenore hartan!...

«Biba, gora artillurrak! Biba 75 kanoia! Berriz, berriz! Bota beretik!!!...»

Eta artillurrak, beren kanoiak bildurik, lau-hatzetan zaldiak, bazoazin jada, sorbaldak goitituz, besoak buruaz gorago altxatuz, beren lagun oinezkoeri oihuka:

«Obuzarik ez dugu gehiago bihirik! Lau, kanoi bakotxarentzat!...»

Hango marrumak eta madarizioneak orduan! Soldadoetarik zonbeit, tzarrenak, ozarrenak, bazoazin kapitainaren aintzin-aintzineraino, eta ukamiloak mehatxu batean bildurik, oihuka ari zitzaizkon:

«Traidoreak! Traidore zikinak!»

Eta kapitainak, gizon dohakabe hetaz urrikaldurik, herrestakan nola heldu ziren oro orhoiturik, bala batez hetarik bat han berean arthikitzeko orde, bere zaldiaren gainetik hau ihardetsi zioten motz-motza:

«Traidoreak? Bai traidoreak izan ditutzue eta traidore zikinak, heiengatik orai, hil-urren hementxet herrestan heldu baitzaizte! Ez baita gehiago kanoientzat obuzik, ez zuentzat jatekorik; gizonik aski ez baigira, gainean ditugun aleman guzieri ihardokitzeko... Traidoreak! Bai! Bainan, ez gu! Traidoreak, zuen bozkatze tzar horietan guzietan Pariserat igorri ditutzuen deputatu politikeroak! Frantziaren gainean bizi izan baitira guziak... Horra traidoreak. Eta horien kidekoak, zuetarik asko, horiekin bat egin duzuenak!... Zuen lerroetarat orai, eta berehala gero, zuen onetan!...»

Eta, pixtoleta eskuan, kapitaina zank begietara beha eman zitzaioten soldado atrebitueri... Eta dohakabe bakar hek jada han emanak ziren, beren lerroan, buruzagi zuhurraren solasak eta beharbada ere pixtoletak... osoki ematuak.


Makurrak oro gainean behar izan balituzte bezala, bertzerik oraino ikusi behar zuten egun hartan berean.

Erasian artillurrak itzali orduko, oihu bat eraiki zen erreximenduan, lehen lerrotik azkeneraino, gizon hek oro inharrosten zituela erraietan barna:

«Bandera? Erreximenduko Bandera? Non da?»

Eta, hegaldaka, airez-aire, xoko-moko guzietara bazoan galde espantagarria.

Eta banderarik nehon ez ageri!...

Etsaiak beretua othe zuen? Ez balinba holakorik!

Tanpaka ari, bazen han bihotz bat baino gehiago! Unhadurak oro ahantziak ziren; begiak, luzatuz bazoazin alderdi guzietara, nondik ikus agertzen hainbertze guduetan ibili bandera maitea... Jemmapes, Alger, Sébastopol, Solférino! Hitz larri urhezkoez orhoit dira han guziak... Ahalkea orai behar othe du Baionako erreximendu aiphatuak, eta berrogoita bederatzigarreneko bandera alemanek erabiliren othe dute, han, Berlin, beren hiri nausian?...

Orduan ikusi zen gauza bat zinez hunkigarria, bihotzak oro uzkaili baitziozkaten soldadoeri. Bere banderaz hola errenkura zen koonela, bandera hartaz berririk deus ez jakiteaz erhotua, agertu zen betbetan, lau-hatzez heldu, zaldi beltz baten gainean...

Bere soldadoen aldean iragan zen, begiak atheraiak, nehor ikusten ez zuela... Ahalkez estalia, bihotz-minak

erdiratua, bazoan, bakar-bakarrik, etsai izigarriarenganat. Bere bandera gabe, ez zen harentzat gehiago bizitzerik, eta, durduzatzen ere ez zela, bazoan... hiltzera, alemanek hil-gogor agian arthikiko zutela!...

Soldadoak oro, etsaiaz gehiago kexatu gabe tenore hartan, geldituak ziren, harrituak. Piarresek lanbro bat bazuen begietan; deusik ez zuen ikusten bere aintzinean...

Orduan berean, oihu bat, orro bat sumatu zen, han, urrunean:

«Bandera! Bandera!...»

Esku seguragoetan ezartzeko, han, aintzin hartan, zapurreri emana zioten atxikitzera, eta eskutik eskura, urdin, xuri eta gorri, lore handi bat iduri, airean heldu zen Frantses-Herria bere pleguetan dakarken oihal saindua. Koonelari, aintzinerat, jauzian ereman zioten... Eta orduan bakarrik bere baitharatu zen aintzindari dohakabea.

Ametsetarik bezala behatu zion banderari; atzarri zen, nigar bat jin zitzaion begietarat, eta dena sukar zen musu bat eman zion seda maiteari...

Eta orai, xixtuka aldetik iragaiten zitzaizkon bala liztafinez axolatu gabe batere, hurratsean bazoan berriz Pariserat buruz, bere soldadoen aintzinean...

Eta soldadoen marrumak oro erori ziren kolpez. Tenore hartan sumatua zuten, traidorerik ez zela, heriotzeari buruz lau-hatzka hola, kopeta gorarik eta begiak sutan joaiten ziren aintzindarietan... Ozarrenak ematuak ziren berriz ere, eta pixtolet mehatxurik batere gabe aldi huntan...

Joanes Garaztarrari ez zitzaion atheraldi bat heldu, ez eta burla bat; handi baitzen harentzat!


Sei egun hartan herrestan heldu ziren beraz. Sei egun! Bethi xutik, bethi bidean! Gelditzerik nehon ez sekulan!

Ahamen on baten egiteko astirik ezin har behin ere! Jatekorik ez bertzalde, beren zakuetan duten hartaz bertzerik! Bixkotxa tzar bat doi-doia hortzen artean! Egarri bat!! Eta urik ez, noizik behin baizik!

Aboztuaren hogoita bederatzian, Séry-les-Mézières herrian ziren.

Ordu arte, etsaia frango uzkur egona zitzaioten, hurbilegitik atrebitu gabe sekulan. Bainan, egun hartan, ozartu zitzaioten sobera. Nonbeit errexi zadin, behar zitzaion beraz muthurreko bat ona eman.

Bertzalde, Parisko soldadoeri ephe zerbeit eman behar ere zitzaioten, oldarrean gero athera zitezen etsaiaren aintzinera edo bardin sahetsera...

Baratu zen beraz erreximendua, eta, hola, sei egunen buruan, hats pixka bat hartu zuen lehen aldikotz...

Bainan arras arte laburrez. Guise-ko gudu aiphatua hastera zoan. Lanrezak jeneral handiak salbatu behar gintuen egun hartan...

Bixkar gora batzutan moldatu ziren soldadoak.

Eta handik laster, etsaiari buruz abiatu ziren, batzu Homblières-ko alderdirat, bertzeek Lorival eta Cambrie deithu etxaldeak hartu behar eta hartzen ere zituztela.

Hamar orenak irian, burrustan obuzak heldu dire Lorival gainera. Huna gero etsaia, huna kaska muthur-xorrotxak. Bi orenez, tiro eta tiro ari, elgarren bethe badire. Eguerdian, alemanak burrustakan agerturik, turruta soinutan atheratzen zaizkote gureak. Bi batallon oso badoazi à la Charge!...

Uliak bezala, zenbat gizon ez dira orduan erortzen!... Kanoi-pezak orotarik! Taka, taka, taka, zoko guzietarik, kafe-errota edo eihera batzuen harrabots xehearekin, mitralleuzak!... Gibelerat egin behar da berriz ere. Eta gibelerat badoazi, bainan etsaiari tankako bat emanik, tarrapatarik gabe, eta, etsai horri buruz, maiz itzultzen direla. Hiruak eta erdiak ziren, edo nonbeit hola...

Piarresek, bere lagunetaratu zelarik, eskas zuen bere kepia, guduan hura galdurik edo bala xixtulari hetarik bat hurbilxko iraganik. Berak ere ontsa ez zakien... Kaxketa gorri hetarik non-nahi bazen, zorigaitzez, toki hetan guzietan, zekale horien erdian lore gorri batzu bezala han eroriak. Batto bildu zuen bereganat, eta haren esku beltzeri oharturik, Joanes Garaztarrak hirriz erran zion:

_Ago, hi, Piarres! Bolboran mainhatu dituk, araiz, hire erhi-muthurrak!...

_Ez zakiat, to, bainan, bazuan zer egin, tenore batez! Ez haiz alfer egona hihaur ere, gaurgoiti, eta hire erhi-muthur pullit horiek lan ederrik egin ahal die!...

_Ba, hala hala duk, Piarres. Bero ari zian hor gaindi, eguerdi irian... To, huna, Philipe, huna Paul eta hara hantxet Mixel. Eskuko bost erhiak hemen gituk berriz ere. Damurik emana die azken hatsa gure xahakoek! Bestenaz, danga danga, moxkortu behar gindian orai, aleman tzar horier guziak eskapaturik...

Herrestan, hola nork iraun?

Eta, bizkitartean, aboztuaren 30etik eta buruilaren zazpigarren eguneraino, hola iraun zuten gure gizon dohakabeek. Zazpian, Voulton herrian ziren, ethenduak, xutik doi-doia egoki. Gizonaren itxurarik ere othe zuten gehiago?...

Gizonak baino gehiagokoak zirela erakustera zoazin, ezen La Marne ibaiko gudu izigarria hastera zoan.

IV

 

la marne

Bainan, huna buruilako goiz bat, goiz orotan ederrena,
Huna gure zeruko Amaren munduratzeko eguna;
Huna, Joffre, huna Marne ibaia, huna bitoria, huna!...
Gure baioneten aintzinean ihes zoan alemana!!!
J.B.

Buruilaren 8a zen, unhadurak oro kolpez ahantzi behar ziren eguna.

Goiz hartan, ximixtaren pare hegaldatu zen guziek igurikatzen zuten manua: «Urhats bat ez zen gehiago egin behar gibelerat, eta Joffre jeneral-nausiaren manua zen, tokiaren gainean behar zela hil, urrunago sartzera etsaia utziko zen baino lehen!».

Ikare batek hartu zituen hexur eta larru eginak ziren gizon hek oro, eta ikare harek inharrosi zituen zangotik eta bururaino. Nor zen orhoit gehiago, erdi-hilak herrestan ethorriak zirela, etsaiaren aintzinean bethi? Etsai horren aldi orai, bizkarrez itzuliko baitzaiote eta ihesari emanen; ez baita goizegi!...

Arratsaldeko oren batean, hemezortzigarren Corps d'Armée guzia betan itzulia da, eta berrogoita bederatzigarren erreximendua lorietan badoa, Vendières herrian barna Marchais hirixkari buruz, etsaiari buruz, eta behin bethikotz aldi huntan...

«Adio Senpere, adio Garazi! Ez gituk gehiago bidian!» Eta hirriz ari da Joanes Garaztarra.

Hirriak laster sartzen zaizkote, ezen arratsalde guzian gudurik borthitzena deramate, Montmiraileko kaskoetan.

Etsaiaren xixpak, mitralleuzak, kanoiak orroaz ari dira edo xixtuka. Debaldetan... Oihanak, erreka-ziloak errabian garbituak dire. Arratseko bederatzi orenetan, erreximendua, la Meulière eta Aurois-Milos ibar-muthurrez jabeturik, kasko hetan guzietan, bere odolaz gorritu duen lurraren gainean lokartua, etzanik hantxet dago guzia, bere xixpak eskuetan... Gora Frantzia, gora egun handi hartako soldado espantagarriak! Etsaia, harriturik, ihes bazoan gau ilhunean. Bainan, xakur-alanoak baino ere thematuagoak, frantses soldadoak ondotik zituen, Craonneko ziloetaraino oldarrean eremanen hola baitzuten.

Gau hartan, amets ederrik egin zuten Piarresek eta haren lagunek. Berriz ere iduri zitzaioten laster bururatuko zela gerla higuina, eta Oihanaldeaz, Lizartzaz orhoiturik, hirriz lokartu zen senpertar gizon gaztea. Joanes Garaztarra, nahiz umatua, berant arte mintzatu zen Jon Doni Martietan, Lekumerrin jokatu behar zuen pilota partida handi batez...

Gizagaixoak! Ez zakiten ongi zeren beha zauden, lau urthe luzez oraino!...

Eta lo zurrungan hantxet zauden, lehertuak oro, beren zango kolpatuak zapata xehakatu batzutan egosirik.

Bainan, hamabortz gau-egun hetako loak hartzeko zituzten; eta, harri batzu iduri, lo zauden guziak. Frantzia salbatua zuten egun hartan, eta holakorik bururatzen ere ez zitzaioten. Tiroak burrunbaka ezagun ziren oraino alde orotarik... Bainan, azken judizioko karraskak beharko ziren, gizon heien gau hartan atzarrarazteko!...


Biharamunean eta ondoko egunetan, erreximendua etsaiaren ondotik bazoan, errabia gorrian bethi. Vaux, Unchain,

Beaurieux, Craonnelle herriak iraganik, lasterka bethi, huna orai le Moulin de Vaucler deithu Eihera-errotaren ondoan gudu borthitzenean lothua non den. Guduan oraino biharamunean, Craonneko azpian.

Bas-urdea bere ziloan bezala, Craonneko harrobietan aztaparka lothua da alemana, eta buruilaren hamahirutik harat, ez du zehe batez amor emaiten gehiago.

Pariserat buruz, nach Paris, hain ongi, hain xuxen zoalarik, nola makurtu zen von Klück jeneralaren armada?

Nola eta zertako, betbetan bere ezkerrerat hala hartu zuen, kanoi handienak, han, Belgikako bidean utzirik, ustez eta Parise sare-kolpe batean har, frantses armada xehakatu ondoan?... Jainkoaren eta Buruilako Ama-Birjinaren nahi mixteriozkoa!... Eta mirakuilua ere ez othe?

Xehakatu behar zituen gure soldadoak han zituen jada zintzurretik berari lothuak; eta sare-kolpean hartu behar zen Parise handi hartarik atheraiak, liztafinak iduri Galliéni eta Maunoury jeneralen gizonak sista, sista, sahetsetik, gibeletik asikika ari zitzaizkon!

Erleek inguratu jende bat iduri, ihes egin zuen beraz orduan, ihes, ihes, Craonneko ziloak kausiturik, zilo hetan zola-zolaraino sartu arte. Hatsa hartu zuen orduan, erle eta liztafinen eztena xorrotxetarik urrun. Hatsa hartu ondoan, ohartu zen onik ere bazutela Craonneko zilo handiek. Zilo hetan luzaz egon ziteken, laguntza handiagoak bereganatuko zituen arte.

Eta han kokatu zen beraz, berak ongi ez zakiela noiz arte. Urthe osoak iraganen ziren aurkintza hetako alemanek urhats bat ez baitzuten aintzinerat eginen, gibelerat bertze bi urhats egin gabe biharamunean berean, gure soldadoek hola manaturik eta aleman hartzari muthurreko bat ona emanik, bere harrobietarat itzul zadin lasterrez.

Haren aintzinean, errabian han baratuak, 18garren Corps d'Armée-ko gizonak erreka-zilo egiten ari ziren, erreka hek egunetik egunera bethi eta barnago sartzen zituztela, Craonnellen, Vauclerreko eiheraren, Heurtebiseko etxe handiaren parrean.

«... Gure soldado maiteak
Erreka-zilotan sartu ziren, sator eginak guziak...
Eta nolako sator eginak!...»

Hemezortzi hilabethez behar zuten holaxet, gudu borthitzenetan lehenik, deskantsu hobeagoan gero.

Buruilaren 16an, arratsari buruz, beren ziloetan sartu zirenean, ahituak, higatuak, ahamenik ez zuten jateko.

Hertzeak kurrinkan beraz luzatu ziren ahal zuten xokoetan. Oilo gosea kantari dela baitiote, kantu guti zuten Baionako gure soldadoek, eta beren uhaleri asikian lothu zitzaizkoten Piarres eta haren lagunak, gosea nolazpeit enganatu beharrez. Lo dorphea, lo pisua, gau hartako heien loa!

Biharamunean, hek ezin atxemanez mainguka zortzi egunez ibilirik, noizpeit azkenean agertu ziren erreximenduko karroak. Ogi zerbeit ekartzen zuten, haizkoraz hautsi behar baitzen, batere hartarik jatekotz... Haragi bat aldiz! Haragia ere zenez, ageri ez baitzuen gehiago. Dena usteldura! Zortzi egun hartako haragia, bero hek guziek mutziturik, kasik hezurreraino usteldua!

Bere zathia eskuraturik, haren jaterat Piarres abiatu zelarik, bihotzak huts egin zion! Firrindilaka arthiki zuen usteldura hura guzia, eta ogi-mokor bat ahoan zehatu beharrez hasi zen. Joanes Garaztarra, hura, ixil- ixila, bazterrera burua itzulirik, haragi izigarriari lothua zen...

Bainan eskarnio guti gosearekin. Zonbeit egunez oraino jatekorik ez zen deus kasik agertu, ez baitzen ere harritzeko, hainbertze harat-hunaten ondotik. Eta lau egunen buruan, berriz itzuli zen Piarres bere haragi usteldua arthiki zuen tokira. Eta, goxara, hantxet, bi begiak hetsirik jan zuen... lau egun lehenago bazterrerat botatu zuen izigarrikeria hura bera, har-meta bat baizik ez baitzen gehiago...

Maltzur-maltzurra behatu zion Joanes Garaztarrak, bainan deusik ez erran orduan.

Bere pokadu higuingarria Piarresek iretsi zuenean hatik, ederki musikatu zuen baxenabartar debruak:

_Ah! Piarres, Piarres! Moko-xuria hi! Ustelduik osoki nahiago hien hire xitxia, Senpereko pekadak bezanbat ustelduik! Ez hien holakorik salatzen! Moko-xuriari har xuriak eman behar baitezpada!...

_Ago, hi!...

Eta hirriz hasi ziren bi dohakabeak, pipa eta pipa aldiz heien lagunak, goihendura orori nausiturik, Piarres hola jaten ikusi eta...


Zorionez, arrats hartan berean ethorri zitzaizkoten jatekoak, frango nasaiki eta frango moldean. Eta, gizon hek oro, hamikatuak egiazki, ari ziren jaten, jaten, jaten!... Izitzeko ere bazen egiazki, irets eta irets nola lothuak ziren, etsaiak eta oro ahantzirik!...

Egun dorpe eta izigarri hetan ehunka erori soldadoen ordainak ere jin zitzaizkoten orduan. Baionako gazteak oro ez zirena han eroriak, Gozéen, Lorivalen, Marchaisen, Craonne, Craonnelle eta Vaucler aldean? Bertze zenbat oinon ez ziren erori behar toki madarikatu horietarik zenbeitetan, eta oraino Oulchen, Heurtebisen, Glennen, Meurivalen, Maizyn berean!...

Hola ethorri soldadoetarik multzo bat Piarresen konpainiako eginak ziren, eta holaxet, ethorri zitzaizkoten Jérôme, bertze Paul eta Manex senpertarrak. Batzuen eta bertzeen loria, elgarrekin hola suertatzen baitziren! Joanes Garaztarrak phedeiku bat pullita egin zioten ethorri-berrieri, eta hiru adixkide, hiru anaia gehiago baziren handik harat sator-zilo ilhun hartan. Jérômek hirri eginik Garaztarraren phedeikuari, Joanesek gora-gora erran zuen: hobekienik harek aditu zuela haren phedeikua...

Handik zonbeit egunen buruan, lehen aldikotz ikusi zen gauza bat zinez hunkigarria. Soldadoen ondotik, iguzki-alderat, iguzki-aldetik Belgikara, Belgikatik Craonnera hainbertze astez ibili letrak _lehenbizikoak_ heldu zitzaizkoten eskuetarat.

Sarjant bat xutik han zagon, erreka buru batean, eta gizon hek oro ixil-ixila zauden denboran, oihuka erasten zituen asko eta askoren izenak. Uli bat sumatuko zen tenore hartan sator-ziloetan; sistaka heldu aleman bala zenbeiten xixtuaz bertze harrabotsik ez zen aditzen. Ez alemanik, ez kanoi-pezarik, ez xixparik ez zen gehiago Baionako soldado gaixoentzat. Mundu guzia han zaukan sarjantak, bere erhi muthurren buruan altxatzen zituen paper histu eta zimurdikatu hetan. Xori maiteenak bezala, hegaldaka bazoazin letra hek, eskutik eskura beren jabe zoriontsueri airean eremanak. Batzu heldu ziren ixkribu ederrenarekin moldatuak; bertze batzu, luma baino gehiago haintzur eta adareta erabili zituzten esku gordinek doidoia zirrimarratuak. Bainan oro zinez hunkigarriak, zeren herriko usainaz inguratuak ziren, etxeko amodioaz orratuak.

Begietan sukar bat bazuten gizon hek orok, ikare batekin altxatzen ziren esku batzu, lur-kolore aspaldian eginak.

Eta hantxet zauden guziak, muga-harri batzu baino gehiago ez baitziren mogitzen, sarjantak bere zaku-zorro handiaren barnetik azken paper herresta bat atheratu zukeen arte. Orduan bakarrik etsitu zuten, orduan erori zen begi hetako sukarra, eta nigar bat baino gehiago xukatu zen, han, esku gibelaz, herritik lerro bat gabe gelditu ziren soldadoen artean!...

Senpertar gehienek bazituzten beren etxeko berriak, Garaztarrak ere ba.

Xoko batetara joanik, axal hori handi bat zarrastan urraturik, Piarres ari zen Marie bere arreba maitearen letraren irakurtzen. Huna zer igortzen zion neskatxa prestuak:

Senperen egina, aboztuaren 22an.

Gure Piarres maitea,

Zu etxetik urrunduz geroztik, hitsik daude gure bazterrak. Hirri guti da hemen gaindi. Ezpainak ikaretan, ama gaixoa harat-hunat badabil etxean; othoitzetik ez da gelditzen, eta nigar bat baino gehiago badiot ikusirik. Arima-herratu bat iduri du aldiz aitak, eta, maiz aski, xut-xuta hantxet dago, behereko sorhoan, keetaren aldean. Han azken aldikotz ikusi zinituen, eta dudarik ez da han agertzen ikusi nahi zinduzkela berriz ere, eta lasterxko. Ganix furfuria batean lothua da kanpoko lan guzieri; eskerrik ez dio gehiago hain maite zuen turrutari. Haurrak jostatzeko ganarik batere gabe dira, eta Xuriko saingaka artzetik ez ahal da behin ere athertzen.

Zato laster etxerat, Piarres maitea; huts bat bada hemen zu joanez geroztik, zutaz bertzerik ez baita huts hura betheko duenik sekulan. Gure auzoan, Lizartzan, Oihanaldean bezen kexu dira eta zutaz errenkura, ez ahal baitzira biziki harritzen. Ahapetik eta beharri mutturretaraino gorrituz, atzo azkenik errana daut Goañak, zuretzat othoitz egitetik ez dela gelditzen. Hainitz igurikatzen du eman izan dautzun medailak gerizaturen zaituela eta begiraturen osoki.

Orhoit balinbazira, zu urrundu zinen igandean ginuen herriko lehen komunionea. Oi lehen komunione ezin ahantzizkoa! Jesus, zuk barka! bozkariorik gabeko eguna eman dautzugu, eta zuk ere guri, hala hala! Nigarrik baizen ez zen elizako xoko guzietan... Othazehe jaun misionestak gure nigar hoik utzi ditu phedeikari. Berak gerlarat joaitea zuen biharamunean. (Gure bikarioen aldi noiz othe? Hetarik bat ohean eri dugu zonbeit egun hautan. Balinba ez du gerokorik!) Kantuak berak nigar ziren gure eliza maitean; eta selauruetan, senpertar gazteen jar-alkiak, zuen alkiak, Piarres, murritz murritza zuek gabe ikusten gintuen lehen aldikotz!

Jaun erretoraren bihotzmina hunkigarria da egiazki. Zuek urrundu zaizten egunean berean, aldare aintzinean, erdi-erdian emana izan da xirio handi bat. Jesusi gure izenean zuetaz bethi mintzatuko zaion Gerlako xirioa. Zuek berriz herrirat itzul arte ez da hilen sekulan, hantxet, Jesus ona dagon tabernaklearen aintzinean. Herriak bere gain hartu du xirio hura bethi hola phizturik egonen dela, ororen diruak baino gehiago ororen amodioak bizirik bethi atxikiren duelakotz.

Gehiagokorik oraino egin edo eginen dugu zuentzat. Huna zer: herriko lau ehun familia badire, bozik hitzeman baitute: egun oroz, zortzi orenetarik eta ilhuntxe arte, lerro-lerro, aldizkatuz, oren oso bat norbeit egonen dela bethi Sakramendu Sainduaren aintzinean, guzien izenean zuentzat othoitzez... Ah! Piarres, Piarres, oro gerizatzen ahal bazintuztegu!...

Atzo ginuen gero Adorazionea, Senpereko Adorazionea! Badakizu ederra egiten ohi denez!... Eta bizkitartean, zein hitsa atzoko Adorazione hoi! Itzal handi bat bezala, zuen guzien orhoitzapena han ginduen gainean, eliza-barne kaskoan hegaldaka. Jendez bazen leherra, eta jende horri guziari nigar ederrik eginarazi dio, arratsaldean, Luhosoko erretora delako aphez beltxaran karsu batek!... Egia onik erran dauku, baizik eta Jainko Handi hura orok luzaz ahantzi ondoan, Jainko haren beraren ganat guziak orai heldu ginela ahuspez-ikaretan eta nigarretan! Jainko hura, gizonen arbuioez azkenean asea, bere azotearen higitzera zoala... Ah! Piarres, zer phedeikaria Gerla! Han izan bazine, Parce Domine, belhauniko guziek eta nigarrez, kantatu dugunean!...

Bainan, nola zintezken gurekin? Urrun, urrun zinen, hor nonbeit...

Non othe?... Badakigu iguzki-alderat lehenikan joanik, orai duela bizpahiru egun ipharrerat buruz joan behartu zautzula... Bainan non othe zira den tenorean? Jainkoak berak daki!...

Eta joan behar zen bizkitartean! Jainko horrek berak nahi zuen joan zintezen; Frantzia gerizatu behar zen, eta Frantzia gerizatuz, gerizaturen duzue gutarik bakotxaren herria. Ezen, gure herria zer da, baizen eta xoko bat Frantzian? Eta Herriaren amodioa zer da, baizen eta xoko horrentzat Jainkoak berak gure bihotzean eman duen kilika edo asikia?

Bai Jainkoak nahi zuen, zure xokotik joan zintezen gurea bezalako hainitz xokoez egina den Frantziaren begiratzera. Begi onez ez diozoke beha eginbide horri ukho egin dionari. Nigarrez ari gira hemen, bainan hori hola da engoitik...

Behazu, Piarres, Goienbidean gerthatu zaiotenari. Mugaz bertz-alderat joan da Batixta, bere ama xaharra, bere andrea, bere hiru haurrak hemen utzirik, geroxago horiekin ororekin uraz-haindirat, Ameriketarat joaiteko. Hamar egun gabe, haur gaixoetarik bat hil izan da; eta haren ehortz-egunean, aita dohakabea ez zen han, bere lagunaren aldean, gorphutz ttikiaren hil-herrietarat segitzeko... Ezkilak dan, dan, dan ari, eta mugari hurbil, bixkar batean, nigarrez ikusi omen dute aita ihestiarra!...

Eta, orai hiru egun, Goienbideko andre gaixoa bere bi haurrekin joan da, bere aldian, Espainiarat buruz, eta

_ezin sinhetsia ere baita_ atzo erori da Goienbidea. Lau pareta dira gelditu! Ikaratzeko ere bada, hiru egun lehenago guziak hantxet galduko zirela orhoitu eta!... Etxe zaharra bera errenkuratu da molde hortan; erran bederen diteke. Bere haurrak oro urrundu orduko, joan da lurrerat. Zerentzat eta norentzat behar zuen xutik egon gehiago?... Odol-husturik norbeit erortzen den bezala, bere jendeez hustu den bezen laster kraskatu da beraz etxe gaixoa! Eta orai, lau pareta doi-doia xutik han dagozi, ibar muthurrean, beso ihartu batzu bezala zerurat altxatuak!...

Joan behar zinduen beraz, Piarres. Bainan zato laster gibelerat; zu gabe, eskerrik ez dugu deuserentzat.

Laster ethorriren zaiztela badut orai beldurra. Gazteak bezala, zaharrak ere joanak ditugu gure zaintzera.

Xantiago, Eugène eta bertzeak han ditugu, Zokoko gazteluan, harat agertuko diren aleman guzien garbitzeko. Dabit ihiztaria, Mattin, Josep, Ganix, xixpak eskuan edo bizkarrean, karrika-buruetan plantaturik, izigarriak hor ditugu egiazki. Mattinek Gixonkiri hartua dio gaitzeko xixpa bat, eta xixparekin, bere gerruntze alimalea oro inguratzen dion sekulako kartuxeria. Zinez, izigarria dela! Gauaz gathe lodi batzuz hesten dituzte Donianeko eta Baionako bideak, nehor nehor ez baititeke handik iragan bederatzi orenek joz geroztik! Eta hola hola Amotzen, Lou Kaskoinekin; Ibarronen Mixel zainhartarekin. Segur ongi zainduak girela, eta segur, gerla laster bururatuko dela, guziak hola bermatzearekin!

Piarres maitea, hirriz horiek kondatzen dauzkitzut, berri hitsez bertzerik zuri nahiz helarazi. Bainan aithor dautzut hirri egiteko gana handi handirik ez nukeela.

Berriz ere, zato laster! Jainkoak hala nahiko du, agian!!!

Guziek besarkatzen zaitugu tinko-tinkoa, eta bi aldiz ere egiten zaitut zure ama gaixoarentzat, haren beraren manuz.

Zure Marie.

Bere letra luzea irakurturik, hura eskuan, ahalkerik gabe nigarrez ari zen Piarres. Eta aldi hartan oraino deus trufarik ez zion egin Garaztarrak, lanik aski bazuelakotz berak, zerbeit traba zintzurrerat ethorririk hari ere, betbetan...

V

 

sator ziloetan

Biharamunean, taula ezkina puska baten gainean izkribatzen ari zen Piarres. Bere arreba Marieri huna zer zion ihardesten:

Ene etxeko maiteak,

Ene zoriona, barda, zuen lerroak eskuratu ditudalarik! Ene ikara ere!... Hogoi aldiz, geroztik, ez baditut berriz irakurtu! Orai ere, hortxet ditut nere aintzinean, eskuaren eta begien menean.

Milesker, Marie. Oren goxo bat iragana naiz zuekin Senperen, Oihanaldeko sukaldean, sorhoetan hala hala eta keeta ondoetan. Deus ez da nik oraino ahantzi dudanik; guziak eta oro, nere begien aintzinean izan bazintuztet bezen ongi ikusi zaituztet.

Ikusi ere dut zuen lehen komunioneko egun hits hura, Adorazioneko phesta ilhun, murritza. Herriaren othoitza hunaraino sumatzen ez othe nuen? Sumatuko bederen dut othoitz horien guzien indarra. Gaixo ama, gaixo aita, gaixo haurrideak!...

Goañari erranen diozue esker-miletan hoberena. Haren othoitzak eta medaila baliatu zaizkit jada, obuza puska edo bala ttiki batek zakuaren gainetik ene zapatak ereman dazkidatalarik! Segi dezala othoi nitaz orhoitze saindu eta maite hoi. Segur ez dutala ene medailarik bazterrerat utziko; bihotzari sobera hurbil derabilkat hortako!...

Begietarat heldu zitzazkitan beraz nigarrak, zuek oro nere ondoan hola sumatzearekin. Eta batere ez dakit nigar ere egin ez dutanez. Gaixo gerlako xirioa, gaixo gerlako zuen adorazione handia! Bai Jainkoak ekarriko nau zuen guzienganat...

Noiz othe? Hori ez dakit. Orai hamar egun, usteko nuen laster ethortzea. Aleman tzar hoik hain zalu zoazin gure aintzinean! Bainan orai, hor ditugu, sator eginak gu bezala. Zehe bat lur ez daukute hartzen gehiago, bainan zehe bat ez diotegu hartzen ahal guk ere.

Ez dautzuet erranen non giren; ez zaiku haizu. Bizkitartean, gure eskuara maitea, aleman edo frantses, nehor gutik dakielakotz hemen gaindi, ixil-ixila eta izenik eman gabe sobera, salatuko dautzuet zuek aiphatu toki horietan guzietan ibiliak girela, herritik parrapatan urrunduz geroztik. Eskuin, iguzki-aldean izanik, auzo-erresuma ttikirat, gain hartarat jo ginuen, guk uste ez ginuen tokian etsaia agerturik.

Etsai horren aitzinean, gibelerat gero egin dugu; hola behar baitzen, dudarik ez da, bainan ere hola nahiago zutelakotz gure aitzindariek. Eta aintzindari horiek manatu tenorean, orroaz gure baioneta-sistakoen aintzinean ereman dugu alemana. Baioneta hoik ez zaizko goxo batere.

Egun hitsak iragan ditugula, gauza jakina. Bainan orai, ongi aski badoatzi oro. Badugu zer jan eta zer edan ere, frango pulliki. Gure erreka-zilo handiek gerizan emaiten gaituzte. Eta gaineratekoa, utziko dugu Jainkoaren eta othoitzaren gain.

Ez beraz etsi batere, aita-ama gaixoak. Hean, aita, ni horrat orduko zer molde ederrean emanen duzuen Oihanaldea, Ganixek eta biek! Hean, ama maitea, zein garbi egonen diren hor, etxean, xoko-mokoak oro! Egun laburrik barnean, eskolak berriz hasiko baitira, hean zernahi nola ikasiko duten Frantxak eta Xanetak Seroretan, Darre zaharraren eskola girixtinoan Gantxumek! Ongi prestu balinbadira, Piarresek gerlatik zerbeit ekarriko!

Ikus arte, Marie maitea. Berex emaiten dautzutan paper horrek erranen dautzu nere adreza edo zuzenbidea. Maiz igorriko dauztatzu othoi berriak, hainitz berri. Oihanaldeko aingerua izanen zira, etxetik urruntzean galdatu ere dautzutan bezala.

Goraintzi on bat erranen diozute jaun erretorari, jaun bikarioeri. Heien beharra badukezue herrian. Dagozila hor, nehola ere ahal bada. Errient zonbeitekin nahasteka, baditugu hemen aphez gazte batzu, maiteak ezin gehiago eta soldadoetan hoberenak.

Hots, oro tinko-tinkoa besarkatzen zaituztet. Ama gaixoa bi aldiz besarkaturen duzu hatik, zuk ere, ene manuz.

Zuen Piarres.


Egun hartarik harat, loria bat bazuen Piarresek bihotzean. Bihotz hura kantari, arinago iduritu zitzaion erreka-zilo hetako bizia. Buruilaren ondarrera, uria, uria phesiaka jin zitzaioten gainera. Errekak lohi higuin batez bethetzen hasiak ziren jada. Egunak laburtu ziren, gauak ethorri bethi ta zaluago, ilhunago ere ba. Bainan, gauik ilhunenean, izar bat bazen, bethi jalitzen zitzaiona Piarresi; eta izar hura, Lizartzako bixkarretik altxatua, ixil-ixila, garbi garbia xuxen heldu zitzaion aintzinera.

Xixpa eskuan, erreka luzean eginikako leihotarik batean bere aldian emaiten zelarik, oren luzeak labur kasik iduritzen zitzaizkon, Olhasoko kaskoan xuri-xuria altxatzen ziren bi etxeez orhoitu eta. Herrestan lanho itsusi batzu Craonneko azpian nahiz hedatzen ari ziren, bihotzean bero zuen muthil gazteak; eta ezazol hantxet egoiten zen hotzaren asiki guzieri. Bere ama gaixoari egun batez emanen zion alaba onaz gogoa harturik, zernahiren egiteko indar bazuen Piarresek. Bai, Jainko handiak begiraturen zuen bururaino; sobera othoitz eta maitetasunen artetik beharko zukeen ethorri herioak, hura guduan jotzekotz!

Bertzalde, bazakien, behar orduan, bere buruaren gerizatzen. Kanoi pezak edo bala ttikiak erauntsian gainerat heldu zitzaizkotelarik, bazoan hortako eginak ziren geriza berezietara. Bainan, ohartu ere zen laster, geldirik egonez hementxet gerizan zitezkenak, berak askotan bazoazila haraxerat, herioa heien beha hantxet berean baitzagon, heiek ez zakitela...

Eta holaxet, furfuriarik gabe batere, Jainkoak oro zeramazkala orhoiturik, eta haren nahia ez balinbazen, ile bat ez zitzaiola eroriko gogoan harturik, ikare ilhun itsusirik ez zuen bere baitan sumatzen. Ernerik zaduzkan begiak, ernerik hala hala gogoa...

Zonbeit egun hartan jada, gizonak galtzen zituzten beren erreka-ziloan. Nahi bezenbat gorderik ere, bat edo bertze erortzen bethi, eta oro buruaren gainean joak! Nor eta non ere baitzen kolpearen igortzailea, xuxen ari zen aleman madarikatua. Eta deusik ezin egin, norat joka ez zakitelakotz gehiago.

Noiz arte behar othe zuten galmenean hola egon? Piarres ez zagoken larruaren barnean. Ohartua zen beraz kolpeak oro buruaren gainera heldu zirela; eta ordutik, bekaizti zen, bala hek ez zitezkela errekako zirritu hertsi hertsietarik jin, oro molde berean.

Arratsalde batez, heien parrean zen eta ongi hostatua oraino zagon arbola bati beha eta beha luzaz egon zen, begiak unhatu arte. Bainan, deuseri ezin ohartu zen.

Hala ere, ilhuntxean, ixil-ixila, nehori deusik erran gabe, bere xixpa eskuan urrundu zen eta joan erreka-ziloaren buru burura. Han, paretarekin bat egina, xoko-xoko batean eman zen. Lau hogoi urhatsetan zuen orai gaurgoiti begietan hartua zuen arbola. Eta, mogitu ere gabe den mendrenik, hantxet zagon beha eta beha berriz ere. Oren laurden luze bat iragan zen, eta deusik ez bethi ageri.

Betbetan, iduritu zitzaion hostaila bat higitu zela arbolaren erditsutan; eta haizerik batere ez zen bizkitartean, ez eta ttikienik ere! Hobeki orduan behatu ta, horra non bi mustuka ilhun-ilhuni ohartzen den azkenean.

Hirri maltzur bat jin zitzaion orduan ezpainetara:

«Ah! hor zaiztea, xoriak! Ez zaizte hortik berehalakoan hegaldatuko!...»

Eta pulliki, pulliki bere xixpa aintzinaturik, luzaz ongi begixtatu zuen mustuka hetarik bat, eta Panp igorri zion bere tiroa. Eta, pisu-pisua arbolatik zerbeit erortzen ari zelarik oraino, bigarren tiro bat igorri zion hala hala bigarren mustukari. Eta bigarren mamua, adarrez adar, aldaskaz aldaska, zabal-zabala lehenbizikoaren alde-aldera joan zen hura ere. Bi alemanak, hilak hantxet zauden orai arbolaren azpian, nehor gehiago ez baitzuten hek hilen Piarresen erreka-ziloan...

Sistaka balak jin ziren orduan eta berehala, erauntsi izigarrian, alemanak beren ziloetan errabian atzarturik.

Bainan, Piarresen tiroeri ohartuak jada ziren haren lagunak eta erne zauden hek ere, banpa banpa tiroka ari alderdi guzietara.

Lagun hetarat itzuli zelarik Piarres, bazuen ororenganik begitarte! «Biba hi Piarres! Hori zerbeit baduk hatik!».

Eta kapitaina bera, oihuetarat ethorririk, eskuaren tinkatzerat hurbildu zitzaion:

«C'est bien, mon garçon! On n'oubliera pas ça!»

Senpertar adixkideak han zituen jada aldean; eta Joanesek, maina gisa, inharros-aldi bat eman zion, pareta baten arthikitzeko heinekoa. Bainan bertzerik beharko zen zehe batez Piarresen mogiarazteko. Loriatua zagon bertzalde egin zuena eginik eta asko lagunen bizia hala gerizaturik. Eta hori aski zitzaion saritzat...


Egunak, asteak, hilabetheak ere gero joan behar ziren holaxet. Noizetik noizera sukarra jauzi balitzaiote bezala, alemanak hasten ziren tira eta tira, obuzak obuzen ondotik heldu zirela, pisuak, gaitzak ere jada. Gorderik orduan egoitea zuten gure soldadoek. Eta geroan ere, xuhurki baizik ez zioten etsaiari ihardesten, xuhur arras eta ahul ginituelakotz oraino gure gerlako tresnak eta puskak oro. Ordu arte, sobera gogoa hartua izan zuten politikeroek, Jainkoari, aphez eta seroreri, haurren eta erien arimeri egin behar zitzaioten guduaz. Nork atxeman Frantzia gerizan emaiteko behar zen astirik? Bi lan hoik nork betan egin zezazken? Eta hortarik heldu zen, eginen ziren baino miletan gehiago hiltzen zirela gure gizon gazteak. Eta holako ezazolkeriaz erhotuak hantxet zauden Piarres eta haren lagunak...

Zer ez zuten ikusten beren ziloak ezin begiratuz, etsaieri erreka bat ezin hartuz gehiago! Buruilaren 24ean jada, alemana burrustan ez zitzaiotena jin Heurtebisen, mitralleuza mitralleuzaren gainean berekin zakarkela? Zilo bat edo bertze hartu ere zioten frantseseri lehenbiziko oldar hartan. Bainan gure baioneta xorrotxek bere errekañoetarat sistaka eta zalukara berriz arthiki zuten bas-urdea.

Eta holaxet, elgarri bethi lothuak, Craonnelle, Vauclerc, Heurtebisen, tira-miaka ari ziren, kasik egun oroz, egun galdu eremu txarra biharamunean berriz aztaparka bilduz. Ez izanen han kanoi pullit hetarik zonbeitño, obuza argi argiz lephoraino bethe kanoi hetarik! Joanesek egunean ehun aldiz aiphatu gerlako tresnak oro han izan balituzte bederen! Zer phesta!...

Bainan ametsak baizik ez baitziren ordean Joanesen, Piarresen edo bertzeen ametsak! Eta ederki pekatzeazuten beraz anhartean gure soldado gaixoek...

Zorionez, berriak heldu zitzaizkoten orai herritik, berriak maiz eta ardura, nahiz ez guziak bihotzaren alegeratzaile. Lehenbiziko hil-mezuak hegaldaka joanak zirela jada Senpereraino, holaxet jakin zuen Piarresek, eta bihotza ilhundu zitzaioten orori, othoitz bat ere jin berehala ezpainetara:

«... Lehen lehena senpertarretarik, Ziburuko-bordako Jan Batist erori zen han nonbeit, gudu izigarrian. Eta nondik eta nola nehork ez zakiela, berri hitsa hedatu zen berehala herrian, haren andre gazteak deus jakin aintzinean. Igande goiz batez, goiz mezarat emazteki gaixoa zoalarik, urrikalmenduz eta gogoari eman gabe zer zimikoa egin zezoken, auzo batek erran zion betbetan, halako dolamen batean:

«Norat zoazi, Xaneta?... Hobeki egin zinio, etxerat itzulirik berehala. Deus onik ez duzu jakinen karrika

hortan...»

Eta Xaneta dohakabea, zuri-zuria egina, hitz bat gabe gelditu zen hantxet, bidearen erdian, eta nigarrez gero hipaka itzuli, Ziburuan barna, malda luze eta xutaren kaskoan, xuri-xuria iguzkiari, doidoia utzia zuen etxeari buruz...

Jaun erretora joan zitzaion gero laster, bere bikarioetarik batekin, _bertzea gerlarat joana zen zonbeit egun hartan jada_. Eta etxe hartako bihotz-mina zerbeit bazen orduan:

«Gaixo Jan Batist! Athean harat doala ikusten dut oraino, jaun erretora! Horxetik egin daut bere agurra!... Azken agurra!... Oh! ez ditakena da! Ezin dirot sinhets!...»

Ama xaharra nigarrez ari zen, han supazter-xokoan, kadira aphal baten gainean. Haur ttiki bat nigarrez zagon bere ohakoan, aita-gabe, ume-xurtx bat baizik ez zela gehiago balaki bezala harek ere, eta aita haren ondotik zerurat jada hegaldatu nahia baliz bezala!...

Eta geroztik, Ziburuko-borda kaskorat lehenik hola iganik, handik gero herri guzirat hedatzeko, herio ilhuna etxez etxe badabila, atheari kask eta kask aste guziez joka, orai hementxet, hantxet gero ondoko egunetan. Eta herriko xokorik ez da harek jo edo joko ez duenik.

Paxkal jaun merarenganat heldu dira lehenik berri gaixtoak, orri beltzak. Eta Paxkalek bihotzik aski berak ez izanez lan dorpheari buruz, jotzen du berehala jaun erretorarengana. Eta Paxkalen xakurra aintzinean, horra biak, apheza eta auzapheza, herriko etxe bati buruz badoatzila, makilak eskuan biak, kopetak ilhun, ilhunago oraino bihotzak. Ez zaiote galdetu behar norat doatzin. Bainan, etxe guzietarik, heieri beha dagozi ixil-ixila eta ikara batekin. Eta, noiz ere, errege-bidea edo bardin intha utzirik, bazter-etxe baten parrean gelditu baitire, etxe hartako jende gaixoak oro, bihotza jada zaurturik, badoazi barnera. Jaun erretora sartzen da. Ama batek ez dio maitekiago bere haur eriari behatzen, nola harek orduan nigarrez ari diren burhaso, andre eta haurride heieri. Zer erraiten dioten? Ez nakike zuri salatzeko. Jaun mera, hura, bere mustatxeri tiraka, nigar handi bat begi ttiki ttiki batzuetan, ixil-ixila egoiteko baizik ez da, bere bozaren beraren entzuteak izitzen balu bezala!...

Eta gero, gauzetan hunkigarriena ikusten da barne hartan. Jaun Erretora, Jaun mera, aita-ama gaixoak, haurride edo lagun maite hek oro, guziak belhauniko emanak sukaldearen erdian, nigarren artetik guziak othoitzean ari! Oh! lehenbiziko Requiem hura, sukalde hartan, hil gaixoaren arima hegaldaka, inguruka han dabilala, eta guziek, han, egiazki, beren erdian sumatzen dutela!

«Oh! Piarres, agian ez dira Jaun erretora, jaun mera sekulan hola gure etxerako! Ez dautzut erranen, aldi huntan oraino, non jada ibiliak diren beren mezu ikaragarriarekin. Aski goizik jakinen ditutzu hoik oro, eta bihotzdun behar duzu. Ez dautzut ere erranen, han edo hemen, sobera min egin diotela hil-berriak, oihu bat edo bertze jali dela ama baten, lagun baten ahotik, eskualdun girixtino baten ahotik sekulan athera behar ez lukeen bezalakoa. Jainkoaren gain eman behar balitz bezala, behinere, gizonaren tzarkeriatik heldu den makur bat!... Bainan, Jainkoak, heien bihotz-mina ikusirik, barkatua diote engoitik. Hain ona ez da? Eta bertzalde, holako mugetan, othe dakigu zer erraiten ere dugun?

Hala-hala, bihotza hautsirik, bainan beren buruaren jabe egon direnetarik zonbeitek zer solasak ez dituzte utzi jalitzera! Hetarik batek, mintzoa kraskatzen zitzaiola zintzurrean, hau erran dio jaun erretorari: «Jaun erretora, hila dela nahiago dut aditu, ezen ez eta mugaz bertzalderat iragana.»

Orhoit balinbazira, gure ama onak ez zautzun bertzerik erran, Aguxtin Beratarra, zu lilluratu nahiz, Oihanalderat ethorri zitzaukun arratsean...

Jakinak ditugu alemanek Belgikan egin izigarrikeriak. Mugaz haindirat gure gizonak oro joan balira, nork behar gintuen gu begiratu? Bere haurrak, bere lagun bat, bere burhasoak, bere lurra zaintzen ez dakienak, bulta batentzat gal dezan gero lur hoi bederen... zuzen ez othe da? Bertzeak oro joaiten eta, harek nola ez du joan behar? Laugarren manamendu bat nola ez da harentzat, bertzeentzat bezala?

Nehoren nahigabeez loriatzetik begira gaitzala Jainkoak, bainan ongi egin duzu beraz, Piarres, gu guzien zaintzerat joan baitzira, hor-harat, urrun. Jainko zuzenak hola nahi zuen. Bainan Jainko zuzen horrek berak berriz ekar zaitzala gutarterat!»


Berri horietaz bertzerik heldu zizaioten bizkitartean erreka-zilo lohitsuetarat.

Jakina zuten beraz Senpereko bi bikarioetarik bat, zaharrena, joana zela gerlarat. Berantxago aldiz joan behar zen bertzea. Doi-doiak egin zuen erretora bera ez baitzuten hantxet hartu, Uztaritzen, Erreforma egun batez. Zaharregiz utzi zuten, eta ere, soldadoz leherra bazelakotz oraino tenore hartan, non-nahi, Frantzia beherean.

Hola hobe zen beharbada herriarentzat, ethorriko ziren oren ilhunetan bihotzak norbeitek sustatzeko. Eta izan ere zuten sustatzearen beharra, udazkenean hostoak lurrera bezala, hil-berriak xoko guzietarat hedatu zirelarik.

Eta gero, zer ez zen atheratzen jende ahul batzuen ahotik? «...Españolak heldu omen ziren karraskanBelateko lephoan hunarat, frantsesen kontra, alemanen alde oro emanak. Karlixtak jada, Elizondon eta Beran metaka bilduak, hantxet zauden, gureganat hedatu beharrak...». Eta horiek oro, guarderi beren xixpa berriak edekirik, xixpa zahar batzu Baionatik ordainez ethorri zirelakotz, karro handi batean. «Emazteak eta oro, xixpa horiek eskuan, soldado moldatu behar omen ziren ondoko egunetan...» Hots, berri horiek oro, Ahuntz-karrikatik edo bertze nonbeitik airatuak, hegaldaka bazabiltzan, xoko-moko guzien nahastaile. Eta jaun erretorak bazuen zer egin xorokeria horien ororen barraiatzen!

Gauza jakina, zorigaitzez, Espainian, asko aphezetarik hasirik, hainitzak gure kontra zirela. Alemanek hasi zutela gudu izigarria... ahantzia zuten; ahantzia zuzen guzien kontra, Belgikan barna jinak zirela, xaharrak, emaztekiak, haurrak, ehunka, milaka hilik edo preso altxaturik, Dinan eta bertze hirietan. Frantses framazoneriaren higuintzak, Frantses-Herri katolikoa ahantzarazirik, aleman heretiko protestantaren alde emanak zituen! Orhoitzen ere ziren beharbada, zuela ehun urthe, Napoleon Handia zuzen kontra Espainian nola ibilia zen... Eta orduan, alemanen krimarik ez zen hoientzat.

Bainan, Espainia hortan, harmekin guri jazartzeaz bertze egitekorik bazuten berek tenore hartan. Eta, bertzalde, mugaz haindian, Errege Alphonse lehen, adixkideak baginituen, eta adixkide minenak, Frantziaren aztaparkatzera nehor guti utziren baitzuten. Ohore, bethikotz, alemanen gezurrengatik, eta guziengatik, zuzenaren alde, beraz Frantziaren alde, muga hartan agertu diren gure adixkide hazkarreri!...

Klasa klasaren gainean, gizon-araldea gizon-araldearen gainean bazoazin bizkitartean gerlarat.

Ziloak behar ziren tapatu, alabainan! Aboztuan, buruilan, zenbat ez ziren jada eroriak! Asterik ez zen, bi hiru ahoku biltzen ez baitziren Senpereko elizarat, oro egun berean, herri guzia eliza hartarat biltzen ere zela. Ororen zauri ez zirena behar... gerlako zauriak? Harrilauza handien gainean, hiru, lau, bost lerrotan belhaunkatuak, emaztekiak han ziren, bihotz-erdiragarri beren kapa beltzen azpian. Oro ixil-ixila nigarrez ari. Gizonak (aita gaixo batzu, anaia gazte batzu) selauruetan ilhun-ilhuna hedatuak.

Eta meza hura orduan, kantu hek, othoitz hek! Ezin ahantzizkoak egiazki... Guzien gogoak han, gerlatoki gorri-beltzean, atzo holakoak erori, bihar bertze batzu eroriko diren tokian! Ama gaixo, andre maite horien aldi egun, nigarrez hortxet urtzen ari baitire... Bihar, bertze horien aldi, eta, gerla luzean gero, kasik ororen aldi. Bainan _girixtino sinhestearen eta othoitzaren zinezko indarra!_, ororen bihotzak hazkartzen ziren azkenean, kopetak altxatzen, nigarrak eztitzen, neskatxek zauri-min guzien gainera esperantza handi bat ezti-eztia kantuz hedatzen zutelarik: «Gure hilak zeruan ikusiren ditugu!»

Ortzegun guziez gero, Gerlako Mezara biltzen ziren etxeko doloratuak oro. Etxe bat ez zen, norbeit meza hartara igorriko ez zuenik. Hiru-hogoi, lau-hogoi, ehun komunionetaraino bethi; eta Gerlako Xirio handiaren gibelean bazen othoitz, bazen galde:

Non othe zarezte, gure soldado onak?
Non gure semeak, aitak eta jaunak?
Guk, bethi grinetan gauak eta egunak,
Zer ari zareten, orai zer eginak?

 

Jauna, hazkar zatzu gure haurren bihotzak!
Ez ditzala hunki heriotze latzak!
Ez ditela eror, guri urrun, hil-hotzak!
Aingerua, nere haurra oh! salbazak!
J.B.

Bainan igandetan hala hala, berriz phizten ziren bihotzak. Gerlako martirentzat othoitz bat egiten zen suharra, eta berri on zerbeit bazuen bethi erretorak bere arthalde gaixoari erraiteko. Eta herri guziaren oihua hazkar bazoan Jainko handiarengana:

O Jainkoa, Jainko zaintzalea,
Frantses Herriaren kontsolatzalea,
Hel! hel! gure gerizatzalea,
Hel, hel othoi, etsaien xehatzalea!
Alemana, Jainko Zaharrarekin
Pozoin traidore guziekin;
Jin dadila... nahi duenarekin!
Zer zauku?... Jauna da gurekin!
J.B.

Eta jendea bazoan etxera, asteko hazkurri-biatikoarekin. Han, nonbeit, hiri handietan geldituetarik asko, ahalkegarri bizi zirela jada, dena phesta eta josteta!... Arimaz egia, holakorik ez zela orduan gure Eskual-Herrian; alabainan, gerlaz eta gerlariez sobera hartuak ginituen gogoak!

Geroxago ba, gerla luzatzearekin, alokazioneak bethi aintzina etxekoek hunkitzearekin, asko jende ahul eman da gormandizari eta beharrik gabeko diru igortzeari. Zorigaitzez!... Bainan ez oro orduan ere; eta nehor guti haste-haste hartan. Gizonak urrundu, ezinbizia sartu. Horra zer ikusi den lehenik, hainitz etxaldeetan beretan.

Gero, sobera iraun du gerlak. Sobera diru maileatu da jendeen artean. Eta diru hartarik guti eman du jendeak, lehenago bezala, mihisen artean. Papera, hosto zela, hostoa bezala firrindilaka ibili da, jo harat, jo hunarat. Eskerrik ez zuen. Urhe-zilharrik ez zen gehiago moltsa luze ferdetan, ez eta moltsa ferderik ere. Emaztekiek _hainitzek_ burua galdu dute halako paper-erauntsiaren azpian.

Bainan, hastean, zer ezin-bertzea bazterretan!

Oihanaldean, Thomas han zen, etxean gelditua; han ere Gantxume, ahamenean lanari hein bat lothua. Eta Gaxuxa, Marie, sobera emazteki prestuak ziren, orai ala geroan urari beheiti dirurik sekulan igortzeko. Betirisantz ez zen agertu behar behin ere Olhaso kasko hetan...

VI

 

Craonnen

Buruilaren ondarrean, Piarresi galdetu zioten herritik, hean 249en Erreximenduko berririk deus bazakienez?

Auzoan berean, Olhason, grinarik minenak jaten ari zituen jende gaixo batzu. Eta zorigaitzez, garbitasunik batere ez zezaken igor Piarresek. Bi erreximenduek ez zuten sekulan elgar ikusten. Hilabethe haren 19an, senpertar bakar batzueri doidoia eskua tinkatu zioten erreka-ziloetan, Baionatik ethorri soldado zaharragoak gazteen orde erreka hetan moldatu zirelarik. Geroztikako berri gutti zakien. Hau bakarrik: hogoi eta batean, galtze handiak izan zituztela, gain hartan, 249eneko soldadoek, etsaia sistaka alderdi guzietarik betbetan atheraturik eta heien tartean sarturik...

Eta bihotzean min zuen muthil gazteak berri hobeagorik ez baitzezaken igor Felix, Mixel eta bertze heien lagunez. Etsaia tzarrean zuten arras, egun hetan guzietan. Berrogoi eta hamar hurratsetan ziren elgarretarik, Craonneko malda madarikatuan; eta tenore hartan, harrabots guti aski zen han gaindi, gizon baten hil-gogor erorrarazteko. Begiak erne zauden batzu eta bertzeak. Aintzindariei manatua izan zitzaioten beren galonak oro khen zitzazten edo gorde, Gozéeko guduaz geroz alemanak aintzindari heieri lehen lehenik aihertzen zitzaizkotela guziak oharturik.

Ilhuntxe batez, hor, berria heldu zaiote Piarresi eta haren laguneri, ezkerretik aldean zituzten Zouavekxuri-gorriak beharko zituztela ikusi gau hartan, alemanek beren errekak heien erreka guzien azpira hedaturik eta bolboraz hanpaturik.

Lo guti ordutik gain hartan guzian. Gau-beilariak beren xokoetan xutik han zauden, begiak zorrotz, beharriak xut, den mendreneko harrabotsari berehala ohartuak. Heien aldean, erdi etzanak, lagunak oro, xixpak zangarren artean, sukar batean beha zagozin... Taka-taka ari ziren mitralleuzak, kroa kroa obuzak.

Betbetan, gau-erditik eta bi orenak irian fusées alimaleko batzuek argi-argia emaiten dituzte frantsesen errekak, ilhunbean uzten aldiz hetarainoko eremu guzia. Piarres eta haren lagunak, jauzian xutiturik, tira-bideetan emanak dira jada. Bainan, iguzkitara jaliak balire bezenbat ageri-agerian direlarik berak, deus ez dezakete ikus, hala hala, alemanen ilhunbe beltz-beltzean. Eta aleman horiek bizkitartean han zituzten jada, hamabost urhatsetan, herrestakan jinak, ixil-ixila. Ez aski ixil, zorionez; ezen, beren mintzairean manu zerbeit hedatu behar izan zuten ahapetik. Frantsesek aditu, eta rau, rau, gure bala ttikiek errautsi zituzten eta suntsi-arazi, beren hilak eta kolpatuak hantxet uzten zauzkutelarik.

Piarresen kapitainak, ordu berean, aldeko konpainiatik soldado multzo bat haren gogortzera ethorririk hain xuxen, manu bat adiarazten du: «A la baïonette! 1 et 2 sections, en avant!» Axuanta jalitzen da bere gizonekin; sarjant bat hala hala bere multxoarekin... Hamar urhats gabe, biak erortzen dira, biak hilak; dotzena bat gizon lurrean dira.

«Troisième section, en avant!...» Piarresen aldi! «Gureak egin dik, to!» Eta Joanes Garaztarra, bi plegu egina, oro baino lehenago firrindilaka atheratu da, Piarres eta haren lagunak ondotik dituela. Hamar bat gizon berriz ere erortzen dira, alemanek beren ziloetarik bazterrak oro balez ihaurririk...

Eta aleman eta frantses, han zauden orai, pezoin hertsi baten bi aldeetan, elgarretarik lau metretan, burua batek altxatu orduko bala bat han zuela buru haren erdi-erdian.

Gerlaren abrekeria! Lau urhatsetan elgarren hiltzen ari, batzuek bertzeen erreka-ziloak hartu nahi, eta ororen buruan ezin har batzuek ez bertzeek!...

Argi-hastean, beren atherbeetara herrestan heldu izan ziren beraz Piarres eta haren lagunak, erreka-ziloetan gelditu soldadoek alemanak pezoinaren gibelean xutitzetik zorionez trabaturik. Bertzela, oro hantxet behar ziren gelditu!...

_Behar ederretako!... Joanesek ziona. Izan balitz Belgikaraino berriz igaiteko, paso. Bainan lau zehe lurren hartzeko! Karatxo! Den tenorian, ez ahal dik tripako-min txarra gure kapitain errabiatiak!... Harek tripako mina, eta hil-gaixuek sekulako mina... Ene solasa ez zauk naski laket, Piarres? Bana, to, hala duk eta!... Emak esku, Senpere, eta ziek ere, Paul, Mixel eta Philipe! Balinba ez diauk holakorik berriz inaraziko gure jauntto horrek!

_Emak aphalago, Joanes! Boxek entzuten bahaute...

_Boxek?... Ba, badie beste itekorik! Muthurra guk hola freskaturik, ez dituk bas-urdiak bano gehiago mogituko. Bizpahiru baitiat naski nihaurek kalituik!...

_Eta guri kalitu dauzkigutenak? Errekien bat erranik hobeki eginen diagu, ene idurira...

_Hala hala duk, to, Piarres.

Jainkoak bere lorian har ditzala guziak!


Biharamunean, Oulchera jautsiak ziren bezperako gudulariak. Etxe handi eta urratu baten aintzinean iragaitearekin, kolpatu andana bat luze-luzea etzanak eta gorri-beltzatuak ikustearekin, zonbeit jada hil-urren ere eginak, kaporal gazte bat athera zitzaion Nicolas gomenantari. Eri gaixoen sustatzera joaitea galdetzen dio.

_Zertako? Nor zare zu?

_Lacu, kaporal furriera.

_Ez ahal zare apheza?

_Hala naiz.

_Oh! Jainkoak esker duela, aphez bat baitakit nere soldadoen artean!

Eta besotik harturik kaporala, gomenantak berak bazeraman kolpatu gaixoenganat...

Eta geroxago, aphez gazteak, lagun gehienak elgarretarat bildurik, othoitz bat egin zuenean kasko hartan erori soldadoentzat, Leblanc gomenanta ere bere aldian han zen, gizonen erdian, hek bezala othoitzean ari. Eta, urruntzean, eskua hartu zion kaporalari eta inharrosi, erraiten ziola:

«Esker mila, kaporal, gure hil maiteentzat egin duzun gauza sainduaz; esker mila heien eta heien familia gaixoen izenean, gu guzien izenean ere bai.»

Horra tenore hartan, asko gure aintzindari zer gizonak agertu diren, guzien aintzinean, ahalkerik batere gabe.

Eta handik laster, Espainiako gure etsaietarik zonbeitek, arrosarioak eskuan, arrosario haren erraiten ari erreka-ziloetan ikusi izan balituzte Bireau koonela, Leblanc gomenanta, eta Dragonetako bertze kapitain bat oraino, beren buruekin eginen zuten beharbada, framazonez bertze gizonik ere bazela Frantzian...


Lehenbiziko egunetan xuhur bezenbat nasai heldu zitzaioten orai jatekoa, Moulin Rouge aldetik. Egun guziez ogi handi baten erdia; pikokoa ez bazen, kontserbakoa bederen haragi bat frango pullita; egun gehienez, arno zorta bat molde onekoa. Ai, pinard maite hari begitarte egiten ziotela! Piarres, xoko batean, zintzurra xafarra eta xafarra ari zen; luzeago atsegina eta handiago alabainan: «Ala xede, erdia bederen mahats arnoz egina dela gure pinard!»

Zer gudua, arno hoi untzi handi batzutan ekartzen zuten soldadoen inguruan! Guziak oihuka, guziak intzirez, guziak zoin lehenka. Arima salbu eta, Oihanaldeko korralean, etxeko tturrinak oro hala hala kurrinkaz ari ikus zitezken, pandero handia eskuan Gaxuxa ilhuntxean atheratzen zitzaiotelarik. Bainan, han ere, hazkarrena eta oihurik handienaren egilea bethi nausi... Eta Joanes hazkarra zen, boz bat bazuen bi kaskoinen boza bezen ozena:

«Ut, hortik, tipula eta baratxuri jaliak! Zer uste duzie ala ziendako ina dela mama gorri hori! Medikiak jakiten badautzie sekulan, xahu zizte harekin... A moi lé pinard! Pluss qué moi vous avez! Ce n'est pas chuste! Je lui dirai moi au capitaine. Notre escouade il en est toujours lé dernier!»

Eta bertzeek baino taza bat gehiago nolazpeit han bildurik, heldu zen Joanes, oihalezko untzia mukurru gaineraino betherik.

Salda-bero zorta batetarik hasten ziren, ogi zerra alimale batzu hartan bustirik, ederkixko hantxet jaten baitzuten. Gero kafea edo kafea iduriko edari bat, aski beroa hura ere. Azukrea xuhurxko; bainan gabea murritzago baita oraino! Noizik behin, aguardient xorta bat, harren phizteko barne hartan edo bardin hiltzeko... Eta nehork ez sekulan beltzuririk egiten pattanttun borthitzari, zenbat-nahi borthitza hura izanikan ere!

Tabako-belhar poxi batek bazuen begitarte; bainan xuhur airetto batean hunkitzen zuten hura, eta herrirat haren galdez ari ziren oro. Jatekoaz ez ziren baitezpada errenkuratuak; eta bertzalde, etxetik harat orduko, ustelduko ere ziren frango puska... Egor zezoztela beraz galduko ez ziren gauza zonbeit, xokolet, zigarro, izkribatzeko paper eta bertze. Gauaz hotzak ari baitziren jada, trikota on bat, galtzerdi pare bat edo bertze nahiko zituzten. Dirurik ez, oraino bederen; ez ziren alabainan haren biziki xahutzeko menean.

Garbitasunak emaiten zaizkoten lanak. Lehenbizikoa pusketan joanik, bigarren athorra bat zuten... zuten guzi guzia. Eta, ahalkerik batere gabe aithor zuten orok, ardiño batzu alhan aspaldian hasiak zituztela bizkar-hezur gainean. Oihaleria poxi bat laket izanen zitzaioten beraz, eta lehen bai lehen...

Eta galdetu puskak jin zitzaizkoten urriaren egunetarik harat. Piarresek eskuetan zauzkan orai, Mariek eginikako galtzerdi bero bero batzu, Lizartzatik ethorri eta Goañak eskuz berak moldatu trikota lodi bat, amak igorri athorra, xokolet eta zigarro, manka-xokotik atheratu erneta-sagar pullit, eta holako zernahi puska. Ahutara bat paper xuri ere bazen han, gerlako berrien galdez ari erranen baitzinuten.

Eta denbora bazoan holaxet: bi egun _lau egun ere geroxago_ erreka-ziloetan; bi egun hamabortz ehun metra gibelago, Oulchen; lau egun gero, Beaurieun edo Maizyn, ziloetarik lau-bost kilometretan; edo bederatzi kilometretan, Glène zerizon herrian.

Glènen, eta Beaurieun ere, edo Maizyn, frango ontsa moldatzen ziren oraino, eta garbitasun puska bat egiten zuten. Bainan Oulchen, erreka-ziloetan bezen gaizki ez othe ziren frangotan? Han oroz-gainetik, erauntsian heldu zitzaizkoten kanoi-peza, shrapnells eta bertze, obuza ziliporta guzietarik. Kafearen hartzen egun batez ari zirelarik, xutik doi-doia zagon etxe batean, obuz bat alimalea burrunban heldu sumatu zuten Piarresek eta bertzeek. Hegazpearen ondo-ondotik sartu zen hainbertzenarekin, eta hogoita hamabortz gizonetarik... hamabi ezarri zituen hantxet odoletan. Eta lur-barneko soto handi batetara hil eta kolpatuez bertzeak oro lasterka zoazilarik, oihuka eman zen Piarres:

«Eskerrak zor izanen ditiagu berriz ere Jainkoari! Hori zerbeit bazian hatik!...»

Gain hartan, erreka-barnean, alemanak atheratzen ez zitzaizkotelarik, uri eta lohi, geroxago horma eta elhur, bazuten partida! Eta, 34garren Erreximenduko soldadoen ondotik, heien ordain, han egon behar, bi egun oso; sei konpainia betan; 12garren Erreximenduko bertze sei konpainia heien aldean. Eta handik laster, ezkerrean bulta batez izan zituzten anglesak ipharrerat igan zirelarik, edo secteur guzia beren gain hartu behar izan zutelarik, lau bost egun luze, edo gehiago, bien orde! Etsitzeko ere bazen! Eta herioa nondik-nahi heldu, hegaldaka! Obuzen orde, askotan, erortzen zitzaizkoten grenadak bainon handixagoko bonba berezi batzu, ttikiak bezen tzarrak, harrabots hazkar batean zapartatzen zirela, kausituak oro kolpatzen, hiltzen eta bardin ehorzten zituztela. Baionatik erreximendua urrunduz geroz, hiru mila gizon baziren holaxet fundituak! Aintzindariek aithortu berriak ziren hoik.

Burla guti zabilan heriotzeaz, Jainkoaz, aphezez.

Goizean ba eta arratsean ez, hango legea hori zen alabainan! Eta gauza sainduez trufa guti holako gogoetekilan!... «Sinheste gutti bat baizik ez nuen hunat ethorri aintzinean. Bainan, zure hemen ikusteak eta gerlak... errotik bertzelakatua naute.» Horra zer zion, egun batez, aintzindari gehien batek Lacu aphez gazteari.

Eta, urriaren 4an, Bergey omonier aiphatuak bezperan elizako athean paper bat itzaturik, baizik eta 49eneko soldadoentzat meza bat erranen zela biharamunean, sekulako gizonak bildu ziren eliza hartara. Eta urrunera kanoiak orroaz ari zirela eta etxeak daldaratzen, uli bat entzunen zen han, barne hartan, xoko-moko guziak oren-erdi bat aintzinetik hartuak zirelarik bizkitartean. Ebanjelioan, Bergey apheza hurbildu zen lehen lehen soldadoetaraino. Gizon gaitza egiazki; eta orok han bazakiten gizon hura kurtu ez zela behin ere obuza eta balen azpian, bainan bai miletan, kolpatu gaixoeri edo hiltzera zoan gizonari hurbil-hurbila ama batek bezala bere hihotz beroaren emaiteko. Kurutzearen seinale nasai bat egin zuen; eta orok, ikare batean, seinale hura bera egin zuten, haren aintzinean, haren bi aldetan ziren soldadoek. Eta orai, bere boz gozo eta ozenarekin mintzo zitzaioten apheza, ezti-eztia lehenik, hazkarkiago gero, bethi ta hazkarkiago eta karsukiago. Ez zen gehiago kanoi orrorik, begiak sukar batean hari begira zagozin gizonentzat; aphez maitearen boz hura zen bakarrik aditzen, edo hobeki Jainko handia bera zen mintzo bere haur ttiki-ttiki batzueri. Eta mintzo zen heien miseria handiaz, heien arimez, heien herriaz, Frantses-Herri handiaz, etxean utzi zituzten gaixo guziez, etxe hartarik sekulakotz urrundu ziren heien lagunez, azken guduetan erori zirenez. Mintzo zen Belgikan, Frantzia-ipharrean, herrestaka gibelerat heldu zirelarik iragan oren dorpheez. Mintzo zen azkenik kurutze baten gainean heientzat hil zen Jainko-gizonaz, Ama Doloretakoaz...

Nigarrez ari zen Piarres, nigarrez haren aldean Joanes Garaztarra eta bertze lagunak. Nehork nehori behatzen ez ziola, bazakiten orok oro nigarrez ari zirela. Egun guziez ordu arte aphezen jaten ari zirenetarik zonbeit, harat ethorriak... ikusteko, ikustekoak ziren berak, urez hantu beren begi handiekin.

Eta omonier suharrak orai, erhiaz erakusten bezala ziozkaten heien buruen gainean, zerua, zeru hartan Aita bat, Aita haren aldean jada... Frantziarentzat erori martirak, hemen pairatu zuten neurrian berean, han goretsiak eta sekulakotz saristatuak... «Gora, gora zuen bihotzak, ene lagun maiteak! Gizonek desegina berriz moldatzen du zuen Aita zerukoak! Arimarik ez da hiltzen!...»

Zer ikarea bihotzetan, zer sukarra ororen begietan!

Eta orai, kantuz, orroaz ari ziren guziak:

«Pitié, mon Dieu, c'est pour notre Patrie!...»

Kominionea zen gero; eta soldado multzo bat, aintzindari zonbeit, belhaunikatu ziren, arimak eta bihotzak hazkartzen dituen ogiaren hartzeko: gure bortz adixkideak han ziren lehen-lehenetarik.

Eta elizatik atheratzean, eskualdun andana bat elgarretaraturik, hetarik batek erran zion Piarresi:

«To, jakin izan bagindu, guhau ere kofesatuko gintuan, zuekin hortxet kominiatzeko...»

Eta Piarresek, sano-sanoa ihardetsi zion:

«Guk zuen beharrik baino gehiago ez zinduten gure beharrik, egin dugunaren egiteko. Zoazte oraino ere, muthikoak; hogoi bat aphez segurik baituk barne hortan, mezak emaitekoak baitituzte. Soldadoak dituk, gu bezala. Zernahi gertha ere, kofesatuak izanen zaizte. Toki huntan, boketattoa eginik hobe duk... Bertze egun batez gero kominiatuko duzue.»

Eta hala hala zen, soldado-aphezak non-nahi baziren, mezaren emaiten ari edo kofesatzen, xoko guzietan.

Piarresek holaxet ikusi zuen eta solastatu Elissalde, Uztaritzeko aphez on eta zaintsua. Eri-arthatzaile hala hala han gaindi ibilki jakin zuen Mendiondo, Katedraleko jaun bikarioa. Eta loria zitzaion holako adixkide onekin Eskual-Herriaz, Eskual-Herriko bere xokoaz eskuaraz mintzatzea.

Pausan holaxet zirelarik, ez bakarrik goizetan, bainan arrats gehienetan, berriz biltzen ziren oro eliza maitera, arrosarioaren goratik erraiteko eta Sakramendu Sainduaren Benedizione baten hartzeko...

Bihotzak gehieneri hola galdetzen ere zioten, eta bihotz hura hazkarturik igaiten ziren gero beren erreka-ziloetara. Ilhunbean argi bat bezala zitzaizkoten, Maizyn, Beaurieun edo Glènen, Jesus maitearen ondoan iragan oren goxoak.

VII

 

huna abendo beltza...

Urriaren hamarrean, beren fusées-argi debruak laguntzaile, athera ziren berriz ere alemanak. Bainan, jin bidez itzuli ere, eta zalukara. Toki hartako ara hartua ginuen jada; eta etsaien bonba tzarretarik bat edo bertze gainerat heldu aintzindari batek ikusi ahal izan zuelarik, oihu batez gerizan emaiten zituen bere gizonak: «Oro eskuin, berehala!» Eta hainbertzenarekin, ezkerrean zapartatua zen bonba izigarria.

Zorigaitzez, ez zitezken oro ikus, denbora ilhunetan oroz gainetik, eta gizon hetarik bat edo bertze kolpaturik edo xehakaturik erortzen ziren. Orduan, su-ziri batzu argi-argia goiti iganaraziz, hel egiten ginion frantses artilleriari; eta kasik begiak hesteko artean, gure obuz handiak han erortzen ziren etsaiaren gainerat, gure ziloetarik eta hogoita hamar bat urhatsetan... Eta bazterrak zalu errexitzen ziren gure aintzinean.

Urriaren ondarrean, Heurtebiseko etxaldearen aintzinean, zazpi aldiz, hats-kolpe, segidan athera zen etsaia, eta kasko hura guzia aleman gorphutzez estalia gelditu zen, gure ziloetarik guhaur atheratu ere gabe. Bainan, Craonnelleko gain hek oro irauliak hala ikustearekin, Piarresek min zuen bihotzean. Herri hartako jende gaixoek, etxe, lur eta azienda, denak galduak zituzten, biluziak beraz larruraino. Piarres laboraria zen, eta gerlak hola murriztu herria ikus eta, Oihanaldeaz orhoitua zagon.

Errabia batek hartzen bezala zuen orduan; eta, egun batez, obuza batek haren aldean lieutenanta puskaturik, xixpa eskuan plantatu zen, hamabost metra guziez moldatuak ziren altzeiruzko estalki handietarik baten gibelean. Hainbertzenarekin, kanoi-ziliporta alimale bat, bizar-naala bezen xorrotxa, bi urhatsetan sartzen zaio pezoinaren erdi-erdian... Ah! Boxetarik bat, batto bederen ez othe du garbituko?... Berrogoi eta hamar metretan, lurrerat erori etxearen harri-tartean, iduritzen zaio aleman baten burua doi-doia mogitzen ari ikusten duela. Xixparekin ongi begixtatzen du, tiratzen, eta... sist, orduan berean, bala batek berari zilatzen dio kepiaren kasko-kaskoa. Boxak eta Piarresek elgarri betan tiratua zuten beraz. Eta, boxa, bere kaska galdurik hura ere, eskuaz ari zitzaion minik ez zuela, trufaka. Piarresek, bere aldian, kepia inharrosi zuen, oihuka: «Hik ere huts egin nauk, bada, debru muthur-beltza!»...

Bainan, Joanesek jada hartua zuen bere aztaparretan; eta, anaia bat bezala, gaizkika ari zitzaion:

«He, Senpere, hire lagunak utzi nahia hiz, naski!... Démi-tour, s'il bou plé!»...

Erhotua, Piarres, bere menean zituen puska guzien boxari arthikitzen ari zen orai; xardina untzi, kontserba untzi, ogi-ondar atxeman guziak, besagainka botaiak, alemanarengana bazoazin firrindilaka:

«Bertze hainbertze erreferazak, ikusteko!»

Eta alemanak halako deusik ez izanez erreferatzeko, neurriz jada zituztelakotz beren jatekoak, deusik ez zen beraz jin haren zilotik. Sosegatu zen orduan Piarres eta hirriz ere hasi... Joanes, erdi goratik ari zitzaion:

«Tapatu duk oraikuan, Piarres! Beren xardina-untzietako burdinak eta oro jaten ditie eta alimale horiek... Bizpahiru egunez asetzekua aurthiki dakok beraz, eta ez ahal dik irri gaixtua egiten bere zokuan!... Garratoin debru hotarik behar dakok botatu best-aldian, beren ume guziak agian han inen baitituzte gero!»


Jatekoa xuhur balinbazuten ere, xardina-untziez bertze burdinarik arthikitzen zuten etsaiek gure gainera.

Noiznahi galtzen ziren gure gizonetarik zonbeit.

Eta bizkitartean, Baionako soldadoen aintzinean frango

prestu zagon oraino alemana!

Noiz arte behar zen hola bizi, ziloetan herrestaka? Batzu edo bertzeak noizko zitezken Parisen... edo Berlinen?...

Zernahi berri bazabilan han gaindi. Gure adixkide rusoek sekulako guduak bazituzten irabaziak, han, iguzki-aldean. Ipharrean, jauzi handi bat eginak ere ginen guhaur, eta gure kabaleriako zaldidunak alemanen ondotik zabiltzan fur-furia gorrian. Légion Etrangère deithu soldado aiphatuak ere ethorriak ziren, harat, Moulin de Pontoix deithu tokira... Zer behar othe zen athera horietarik guzietarik?...

Eta gero, deusik ez...

Hotz egiten zuen, biziki hotz; eta estalkirik aski ezin bilduz, harrapaka ari ziren oro. Hazilaren lehenean, Oulcheko kaskoan zen Piarres. Begiek ikus ahala urrun, zer bixta ederra! Bainan bazter ikuska egoiteaz bertzerik bazuten gure soldadoek. Odolaren berotzeko ere pitta bat, beren ziloen hobeki moldatzen ari ziren, phala eta haintzurrak eskuetan.

Pausurat jautsi zirelarik umatuak eta hormatuak, Joanes Garaztarrak ekarri zioten berria, baizik eta Xikito pilotari aiphatua sarjant egin zutela, kaporal ere ez zelarik oraino:

«Bere xixtera zahar bat ekarrarazi omen dik etxetik; eta, gero, aintzindarien baimenarekin, grenada bat xixtera hartan ezarri, eta tira-ahala errebesian aurthiki; grenada bat lehenik, gero bigarren bat, gero hamar, hogoi, eztakiat eta nik zenbat. Eta han, ba omen ditik, sei kapitain, zazpi lotinant, hamalau kaporal eta berrehun soldado aleman garbiturik!... Emak hor, Zikito!... Kanboko plazan ere baino hobeki ari duk, ezen harek aurthiki pilotaño horietarik bat ez diakoie itzultzen!... Ikusiko duzie ixtantian inen dutela kapitain edo koonel. Beharrik, gerla... berak akabatuko diauk, bestenaz Joffre jeneralaren ordain ginikek hiru aste gabe!...»

Eta, Fisme-tik kaporalak arno-xahar botilla zonbeit ekarririk, Xikitoren ohoretan xurgatu zituzten, Jainkoaren lorian... Lau-bost kilometretan kanoia orroaz ari zen!... Halako phestarik ez zauden berriz eginik!...

Hain xuxen, lehen aldikotz, eskualdun kazeta ethorri zitzaioten, herritik amak igorririk. Hosto bakar batbaizik ez zen kazeta hura, eta ttiki ttikia, papera hainitz jada kariotua zelakotz. Bainan, Eskual-Herriko usainaz bethea baitzen ordean!... Eta sukar bat bihotzean, eskuak ikaran, irakurtu zituzten hantxet eskuarazko berriak, lehenbiziko lerrotik eta azkeneraino. Lanho bat itsusia herrestan bazabilan han gaindi... Bainan gure bortz adixkideek ikusten ere ez zuten; ez ziren gehiago Beaurieun, bainan han, Laphurdin edo Garazin, kazeta txar harek hartu ta beren sort-herrietarat oro eremanak...

Handik zonbeit egunen buruan, klasa berria ethorririk Maysirat, Baionako berri zerbeit jakin zuten oraino. Eta soldado gazteeri hirriz eman zitzaioten Piarres:

«Toki txarrerat ethorriak zaizte hunarat, gaixoak! Zonbeit egunez oraino, hemen begiratuko zaiztuztete, urrunera entzuten duzuen orroa horri zuek trebatu arte! Eta gero, gain hartako jauregietara jinen zaizte. Ez etsi! Bada han ororen toki...»

Eta hirri ahul bat, erdi nigar bederen zen hirri bat egiten zuten hogoi urtheko haur gazte hek!

Bere bihotz onaren jabe sekulan ez zelakotz, Joanes hasi zitzaioten orduan aldetik:

«Ez izi, ez, muthikuak! Ez dituk ez oro han gelditzen; ez behar ere! Bost hunarat jinak, huna nun giren bostak, eta gure hortz guziekin. Jinko bat baduk ba gain hartan... Eta, hain xuxen, orai orhoitzen bainiz, guazin oro elizarat. Bergey apheza mintzatu beharra omen duk berriz ere. Hura zerbait badenez ikusiko duzie. Hilak phitzarazten ez batu, ez duk segurki haren obenik! Guazin!»

Eta oro elgarrekin sartu ziren elizan.

eskualdunen meza zen hain xuxen. Bethi bezala, xokoak oro hartuxeak. Sekulako soldadoak hurbildu ziren mahain

saindura. Eta, bere herritarren berotzaile, Cazenave hazpandar aiphatuaren anaia bat, bere boz ederrarekin, apuñatik kantuz ari zen:

Uholde baten pare, orai bekhatuak
Gaindiz bazter guziak ditu ondatuak!
Non dire fededunak, non dire justuak!
Azken eguna hurbil othe du munduak?
Othoi, Ama maitea,
Urrikal zaizkigu;
Jaunaren haserrea
Othoi ezti zazu.

Gero oraino kantatu ziren: Krixto Erregeri, Amodio-ohore, eskualdun Anjelusa. Eta gizon hek orok bero zuten bihotzean, beren herrietako eliza maiteetan izan balire bezenbat. Eta, gogoz, kasik begiez, han ziren eta... beren herri xurietan!...

Eta asteak bazoazin bethi aintzina. Bethi eta dorpheago egina zen aroa; eta Beaurieuko oihanean erreka-ziloen egiten ari zirelarik gure gizonak, zer jasan bazuten egiazki! Lehen aldikotz, elhurra pisu-pisua erori zitzaioten. Bainan, xuri eta beltx hola eginak, hits iduritu zitzaizkoten bazterrak, oihan zoko hartan. Eta gogora jin zitzaioten, sasoin dorpea dela negua, xorientzat, alimaleentzat, eta elhurrean bizi behar duen jendearentzat... Zenbat hitsago beraz, gerla-tokietan hek bezala herrestan bizi behar zuenarentzat!

Arratseko zazpi orenetan, ilhun beltzean Beaurieutik eta Oulcherat igaiten zirelarik, zer erorikoak han gaindi!

Hirri egiteko ere baziteken, bertze muga batean izan balire!... Bainan hirri guti, arras guti entzuten zen orduan bazterretan. Ahapaldi gizen bat edo bertze doi-doia, bere zapeta, han, lohiaren erdian norbeiti gelditu zitzaiolarik. Zalukara eta kuku-mauka ez bazuen zapeta hura berriz biltzen, mainguka edo xingilka aintzina joaitea zuen, lagunek hura ez lehertzekotz edo harek bere lagunak ez trabatzekotz. Oinetako galduen ordainak non-nahi bazitezken gero gain hartan, obuza zonbeitek lehertu pareta baten azpian ehortzi soldadoen zango muthurretan...

Baionatik ereman galtza gorri pullitak, zuri-zuria eginak ziren aspaldi hartan. Zer mirakuiluz othe zagozin oraino beren jabeen gerruntzetan! Nola eta zeri kokatuak?

Bainan, Oulchetik eta ziloetaradinoko azken hamabost ehun metra heien egitea zen zinez izigarri! Ilhunbean bethi; noiznahi uri-erauntsiaren azpian, eta bertze burdinazko-erauntsiaren azpian ere bai, boxek ongi bazakitelakotz noiz beren ziliporta tzarrak igor. Bide hertsi bat, dena lohi, dena ur. Eta handik igan behar, bi plegutan, beren buruak ahal bezenbat ttiki eginik, baionetak eskuan tinko atxikiz, harrabots gutiagorekin iragaiteko! Eta norbeit, han, aintzinean, kolpatua edo bardin hila eroririk, elgarren gainera muthurka joaite hek!... «Halte! Faites passer; Ordre du Lieutenant!» Oi, gelditze zinez ilhun eta xifrigarriak! Herioa, burrunbaka, hurbil-hurbila non-nahi han ibilki, ezker, eskuin, aintzinean, gibelean!...

Eta gero, gain hartaratu zirelarik, izerdi-busti hura!... Heien aintzinean han zirenek doi-doia hitz bat erraiten zioten, zer berri zen erreka lohitsuan jakinarazteko doia; eta, mamu batzu bezala berehala suntsituak ziren gau ilhunean, ahal bezen laster bazoazila harat, gibelerat, gal-menetik urrun... Eta oren bat gabe gero, hotzak iraganak hantxet zauden Piarres eta haren lagunak, ikare daldaretan klask-klask hortzek egiten ziotela. Horma ari zuen, horma xuria, harriak eta oro hantzen zituela eta halako harrabots batean kraskarazten. Haize bat heldu zitzaioten aldiz, haize mehe figura bat, Joanesi bere sudurra ereman nahi baitzion tenore batez:

«Ez dezakeat bada sakelan ezar! Luzexkua in ziakan Jainko maitiak!... Ene oheño hori botillarekin bero bahezaat, Piarres? Untsa maitia hinditake! To, Miarritzen, horma edo karroña kario erosten omen baitzuten joan den udan, merke balukek hemen gaindi! Adixkide edo ezagunik balinbaduk han, makila xuriño horietarik kintal bat igorriko diakoat, aguardient zorta batian truk...»

Erreka-ziloak deseginak kausiturik, heien berriz moldatzen ari ziren orai; eta, zorionez, lanean arindu bezala zitzaioten beren hotz-ikara itsusia.

Bainan gero, berriz elhurra, berriz ere horma! Bidonetako arno edo kafea bethi kasik hormatua zuten, pokadu zerbeiten egitera lotzen ziren aldietan:

«De la glace à tous les repas... Chic! Le gouvernement nous soigne un peu, là!» Eta hirriz heien aldean eman zen orok jada maite zuten lieutenant berria.

Eta Joanes, bere ezin egonarekin, Piarresi ari zitzaion:

_Ez duk harat hunatik, maitia duk gizon hori! Gure parreko aleman koko-beltzek nun ditie holako aintzindariak?...

_Hé, là! qu'est-ce que vous dites dans votre diable de basque?

_Oh! rien, rien, mon liéténant... que lé temps il en était choliment bilain!...

Elhurra bazen, bi zehe lodi... Eta gizon hek orok erdi-zorion bazuten, «uria bederen ez zitzaiotela gainerat heldu!»...

Gaixoak!!!...

Hurrengo atala »»»

 

 

Bertsio informatiko honen egilea: Ane Loidi Garitano.

Atzera