VIII
 
 

bethi han

Urtharrilaren ondarrean, 25, 26 eta 27an, fur-furian berriz ere athera zitzaioten etsaia, bere artilleriarekin bazterrak oro erhausten zituela lehenik. Eta, Beaurieutik, Oulchetik, Maizytik tarrapatan igan ziren gure soldadoak; 34ș Erreximendukoak hala hala. Xuri-beltxak ikusi ere ziren tenore batez, zilo bat edo bertze galdu, begien hesteko artean. Bainan, gure kanoi erne eta biphilak karrasian hasirik, gure Rimailho pisuaren pezak, fu, fu zerurat iganik eta gero trein baten harrabotsarekin zerutik jautsirik, bazterrak errexitu ziren Vauclerreko errotaren ondoan, Heurtebiseko etxearen aldean. Eta hirugarren arratsean, baitezpadako erreka-ziloak oro berriz guretuak ginituen. Kaskako bat ona harturik, odoletan suntsitua zen etsaia.

Bainan, odoletan geldituak ginen gu ere, eta brancardier gaizoek bazuten non zer egin! Beren angeelak bizkarrean, ixil-ixila heldu ziren Oulchetik, Craonnelletik.

Bi, hiru, lau orenez, han, zabal-zabala eta intzireka egon kolpatuak, pulliki pulliki altxatzen zituzten. Eta maizago oraino, hil bat edo bederen hil-urren bat eremaiten zuten beren oihal handietan. Eri-arthatzaileak hil eremaile eginak, zorigaitzez!

Hil hetarik batek eskuan oraino zaukan soldado bakotxak zakuan berekin bethi deraman lothura xuria. Erhiekin hura ezin hautsiz, hortzekin urratu beharrez hasia bide zen. Lasterrago jin zitzaion... herioa; eta odol-hustua hantxet zagon pezoinari kontra.

Piarresen alde-aldean, xixpa eskuan mogitu gabe soldado luze-luze bat, bulharrak aintzin, jauzian zilotik atheratzeko bezala bi plegu egina, hantxet zagon hura ere, bere begi handiak han nonbeit galduak...

«Zer ari haiz hor, to?...»

Eta Piarresek hunkitu orduko, kraskez lurrera joan zen mamua: hila, hoztua, gogortua jada. Xilo ttiki bat doi-doia ikusiko zinioten foltsuaren ondoan. Begi zuri heiekin nori edo zeri beha zagolarik hila othe zen?...

Piarres, buru-has, errekien baten erraiten ari zen. Eriak bazeramazten bizkarrez, odoletan, xuri eta gorri, ikaragarriak zinez, hortzak ezpain ubeldu batzuetan asikian sartuak. Kolpatu zonbeit _xutik oraino egoiteko on zirenak_ hautsiak, makurtuak, bazoazin hek ere. Erreka xokoan, guardiako soldadoa, xutik, ixil-ixila, herioaren beha zagon...

Eta, hala hala, Herioaren erresuma ez othe zen han, gain hartan?...
 
 

Craonnelle, Vasseignes, Oulchen, xutik oraino zauden etxe bakarren artetik, bazen gero harramantza! Zoko guzietarik ilhunbean atheratuak, aintzindari-muthil, mezulari, kozinari, puska-bilari, oro kukumauka elgarri gainka ari! Oihurik ez, bainan halako haro ilhun bat, itsaso zoko bat erranen baitzen. Ezkerretik, eskuinetik, gerlako-puskak heldu ziren burdin-karraska batean. Biharamuneko gudueri buruz moldatu behar gain hetan... Gudua! Bethi gudua!...

Betbetan, oro kolpez ixilduak ziren: kolpatuen karrosa handiak, beren bandera xuri-gorriak aintzin, harri eta egur guzien artetik, bardin gainetik, andarka heldu ziren. Eta ixil-ixila, bide egiten zioten orok. Eta gero, oihu bat, galde bat:

_Hainitz kolpatu bada?

_Sobera, zorigaitzez! Bertze hainbertze gain hartan utzirik heldu gira...

Eta, Piarresek, bere ondoan iragaiten ari, ikusi zituen orduan eri gaixoak, luze-luzea etzanak: begitarte zuri batzu puska ilhun batzuen erdian. Odol-usain bat bazoan heiekin, bihotzaren uzkailtzekoa...

Eta orai, puskaketariak badoazi gau ilhunean, kafe-untziak edo tupinak eskuan, ogi handiez edo jatekoz hanpatu muzetak arrosario izigarri batzu bezala lephotik dilindan... Egur alimale batzu ere baderamatzate, edo, bardin, halako keeta ttiki batzu, bi pezoinen arteko bide hertsi guzia hartzen dutela, kask eta kask paretak jotzen dituztela non-nahi. Buruak ahul, zangoek huts egiten diotela, zer behaztapak berriz ere, erasian ahapetik eremaileak ari direla!

Betbetan, kroa, kroa, fusée argi-argi bat kasko hartan altxaturik, gizon dohakabe hek oro, intzireka, zabal-zabala eman dira bide hertsi lohitsuaren erdian. Aleman mitralleuzak karraskan ari dira eremu haren guziaren ephaiten. Eta bihotzak tanpa-tanpa egiten diote Piarresi, Pauli, Mixeli, han, beren beharrien ondo-ondoan...

Gelditu da erauntsia edo bederen urrundu. Eror eta altxa, azkenean, huna dohakabeak lehen lerroan, lehenbiziko erreka-ziloan. Ilhunbean hantxet eta itsurat uzten dituzte beren ogi, jateko, egur eta keeta, puskak oro; eta parrapatakan jausten dira Oulcherat, herioari berriz ere eskapaturik...

Eta, gain hartan, erreka-zilo handian, doidoia ethorri zaioten ogiari edo altxagarririk batere gabeko irrisazuri eta hitsari lothurik, ezin asez ari dira Baionako soldadoak, etsaiari berrogoi eta hamar urhatsetan... Eta gero, usainik eta gosturik gabeko kafe ephel bat hurrupaturik, elgarri kontra kurumilkatuak lokartu dira, zaintzaleak ernerik han dagozila, paretarekin bat eginak, mogitu gabe, ageri ez direla ilhunbean...

Tanka-tanka gure parrean, alemana lur zilatzen jada ari zen aspaldi hartan, guri hurbilago bere espion-beilariak hedatzeko. Eta lan horri buruz, hastean, guk ez ginuen tresnarik ere!... Noiz gure ziloetarik athera beha ginauden, oihuka eta agerian etsaia berriz gure baioneta sistakoen aintzinean eremaiteko...

Ametsak, amets xoroak hoik oro! Hilabetheak eta hilabetheak han behar ginen egon, urriaren 12ko, urtharrilaren ondarreko guduetan erori soldadoen kapota urdinak eta galtza gorriak beren barneko gorphutzez husten ari zirela, egun guziez gehiago, gure gathe eta alhanbren aintzinean...

Vauclerreko kaskoan hola gelditu gizon gaixoak! Hetarik zonbeit, harat hupatu orduko, zortzi egun gabe holaxet eroriak; kasik oro herritik doi-doia ethorriak, herri maite hartaz begiak oraino betheak; gerla zer zen ere ez baitzakiten, eta tiro bat berek arthiki gabe, zabal-zabala hantxet hedatu baitziren, bi besoak aintzin! Nork egundaino zakizken heien izenak berak? Lagunek ere doi-doia ikusiak baizik ez zituzten... Eta hantxet eroriak ziren elgarren ondoan, elgar ezagutzen ez zutela! Heientzat ez zen izanen ez kurutzerik hobiaren gainean, ez eta ere... hobirik. Heien gorphutzak egonen ziren han, kalernaren azpian, bala ttikiek xilokatuak eta erainak ere alderdi guzietarat, egun guziez ezdeusago eginak, hedoi pisuak eta uriak higatuak, hormak mikotuak, azkenean lurrak beretuak...

Zenbat etxe xuri Eskual-Herrian, hola erori soldado gaixoen berriak, luze eta luze, debalde han igurikatuko baitziren!...

Eta bihotzmin bazuten senpertarrek, martir gaixoeri ziloetarik beha eta beha egoiten zitzaizkoten aldi guziez...


Craonnelletik Heurtebiserat, kasko hartan guzian, xut-xuta, hotzez ikaran han daude beraz beilariak, hormatuak, nonbeit gerizatu nahi, eta non... ez jakin...

Estalki higatu eta ilhun batzuen azpian, berez-bere uria sartzen den geriza txar batzuetan, belhaunez burua hunkitzen dutela kurumilkatuak, lo daude gizonak... denak han nahas-mahas. Zilo handiagoetan ere geroxago, zer hatsa! Khe-usain, kozina-bafada eta bertze, pestia guzien erdian metan bethi emanak!

Bainan, huna betbetan manu bat:

«Harro hortik! Mogi lanerat!»

Eta, gizon moxkor batzu bezala xutitzen dire hola manatu soldadoak eta badoazi lanerat. Piarres eta Joanes, Paul eta Philipe han dira hek ere, ahoa kirets, mendiskaren kaskotik eta Blanc-Sablon, Oulche eta Vallée Foulon alderat, Andereen-Bideari hunarat, suge bat iduri heldu den erreka ziloan. Herioaren menean berriz moldatu behar erreka hoi!

Gau-erdi ditake, edo holako zerbeit; ilhun da zerua. Horma ari du borthitza, besoak gogortzen baitiozkate gizoneri. Bainan, laborariak ez direa han guziak, bakar batzuez bertzeak oro? Frantses lurra nork hobeki geriza dezake, lurrarekin borrokan, bethi etsai eta bethi adixkide, beren bizi guzia ari diren gizon hek baino?... Begiak erreak lo-eskasiarekin, buruak pisu, foltsuak tinko-tinko, lanean ari dira beraz, eta ahal bezen ixilik; noiznahi kurtuak eta zabal-zabala etzanak, fusée bat, karraskan biratuz biratuz, hedatzen delarik zeruan eta gero erortzen, hauskoaren azantz berarekin.

Argi horren ondotik, ilhunago baizik ez dira bazterrak. Izerdituak ari dira bethi, besoak bethi ta pisuago, esku-barneak tresnarekin minberatuak... Sekulako lan ba othe dute?

Huna bizkitartean argi-urratzea. Laster orai, urrunduko dira lehertuak, umatuak, gerruntzeak bi plegu eginak. Izerditan joanen dira, zoin beren ziloetarat, hormak han iraganen baititu, hotzez ikaran lurrerat eroriko direlarik eta lokartuko...

Betbetan, langileak non ari ziren oharturik edo bertzela, etsaia karraskan hasi da bere mitralleuza edo kanoi-ttiki madarikatuekin; eta, pezoinari buruz, bihotzak erhotuak, elgarri kontra kurumilkaturik senpertarrak eman direneko, herioa han dute beren erdian...

Zorigaitzezko lana! Paul gaixoa, sahetsaren gainerat eroria, odol xirripa ttiki bat heldu zaiola ezpain xokotik, ez da gehiago mogitzen... Bala batek joa da sahetsean, eta, ondikotz, sekulakotz joa! Hegaldaka joana da arima, gudurik gehiago ez den Jainkoaren herrirat... Philipe, alde-aldean, odol-husten ari da ixterretik, bonba ziliporta batek ixter hura xirxikaturik. Elhurra bezen xuri bera egina, ezpainak ubelduak, intzireka huna muthiko maitea; eta, hitz bat gabe, begi iraungi batzuekin behatzen diote bere bethiko laguneri.

Joanes, nigar alimale batzuekin deusik ikusten ere ez duela, belhaunikatua hantxet da Paulen ondoan, bere esku trunkoekin zer egin ez dakiela batere. Piarres, ahal dituen lothura guzien hedatzen ari da Philipe gaixoaren ixter gainean. Eskuak ikaratzen zaizko, zauri itsusia ikusirik...

Zorionez, hainbertzenarekin, burdin-erauntsia urrundu da, eta eri-altxatzaileak laster harako dire. Huna non diren. Hilak eta biziak, oro altxatzen dituzte ixil-ixila. Paul baderamate holaxet, hilen artean. Eta hura hola, ezker-eskuin eremaileen sorbalda-gainean talastatua ikusteak bihotza erdiratzen diote Piarresi, Joanesi. Bizirik gehiago ez dutela ikusiko muthil gazte maitea? Ez dela hirriz bera xutituko, erreka-ziloan orai-orai bi plegu egiten zen gorphutz lerdena? Zer da bada gure baitan, gorphutzaz bertzerik, Paulen gorphutz hura ostixoan bizia atxikitzen zuenik? Zer ere baita eta, Hura hor zen doidoia... Eta ez bide da hor gehiago; ezen, huna gaineratiko gorphutz hura guzia...

Eta hura, xilo ttiki hortarik orai berean joan bide da... Joan, arima, bizia! Hura joanik, hila horra non deramaten beren Paul maitea!... Ezin dirote sinhets, eta othoitz bat ere ez zaiote heldu ezpainetarat; nigar kirets batzu doi-doia begietara, begi hek erretzen diozkatela...

Ernatu behar da bizkitartean. Oren-erdi bat gabe, argia ditake, eta nehor ez da egonen ahalko gain hartan guzian, alemanak sarri harrotzearekin.

Philiperen aldean belhaunkatuak, Piarres, Joanes, brankardierak lagundu beharrez, ari dira kolpatuaren hedatzen: «Pulliki, pulliki, gizon debruak, edo guhaurek eremanen diagu Oulchera!...»

Eta, kexu-kexua, bere bihotz beratza gogortu nahi balu bezala, Piarres lothu zaio eskutik Philiperi:

«Adios, Philipe!... Ez; ikus arte agian!... Eta gero, orhoit hadi arima bat badugula senpertarrek!...»
 
 

Bere ustez, Fismerat bazoan Philipe gaixoa, handik ospitale handi batetarat joaiteko, eta gero azkenean Senpererat!... Maizyrat heldu izan zen doi-doia, eta berehala han hil, eskualdun aphez baten besoetan!...


Argi-hastean, gogoak ilhun, buruak hustuak, belhaunak pisu, beren erreka luzean sartu ziren Piarres eta Joanes, bi adixkideak:

«Philiperik ez diagu naski ikusiren gehiago! Eta bi Paul baiginituen, ez ditiagu, hemendik-harat, bata bertzearentzat hartuko...»

Eta Mixel, Jérôme, Manex, bertze Paul, heien guzien biderat beren ustez ethorriak, hitz bat gabe hantxet gelditu ziren, begi atheratu handi batzuekin elgarri beira, elgarren bihotzak, tanpaka ari, sumatzen zituztela erreka-barne hertsian... Senperen ziren orai beren gogo guziarekin; eta, Senperen, belhauniko lehertuak, ikusten bezala zituzten bi ama dohakabe. Eta gero, beren amez orhoitu ziren...

«Hots, muthikoak, gaineko Nausiak hola nahi zian engoitik! Bainan, ez diuk etsitu behar, halere!...»

Biharamunean, Maizyrat jautsi zirelarik gure adixkideak, obuzek uzkaili etxe herresta batzuen tartetik bazoazin hil-herrietarat. Han, aphez batek othoitz labur bat ahapetik egin zuen, Vauclerreko kaskoan orroaz kanoi-pezak ari zirelarik; eta zonbeit zehe lurren azpian eman ziren Paulen, Philiperen eta bertze lagun gaixoen gorphutzak. Xuriz gero, kurutze beltz batzuen gainean ezarri ziren izenak... Ez haizeak alde guzietara jada harrotu nahi zituela, hil maiteen kepi gorriak hits-hitsa ikus zitezken orai, egunetik egunera handituz zoan hil-herri ttikian, odolez gorri-beltzatu lore handi batzu iduri baitzuten urrunera.

Handik atheratzean, beren adixkide garaztarra lagun, senpertarrak bazoazin aphezaren atxemaitera; eta sakelan zituzten guziak emaiten ziozkaten, zonbeit meza erran zitzan, lehen-bai-lehen, Jainkoarenganat hegaldatu arimen fagoretan...

«Eta orai, Piarres, egundaino baino adixkidiago behar diuk eta elgarri lothiago. Egun berian erretorari igorzkik bi lerro Senpererat, juan direnen eta gelditzen direnentzat othoitz in dezaten herrian!... Han eta hemen, gauza baliosak dituk aphezak!...»


Egun hartarik harat, elgar aski aztaturik bezala, aleman eta frantses, oro bazauden nonbeit han errexituak. Asteak, hilabetheak etsigarri bazoazin, etsaiak noizetik noizera baizen ihardokitzen ez zuela! Hiltze bat edo bertze, kolpatze gehixago nahi ta ez. Bainan zer ziren hoik, ikusien aldean?

Hirri zonbeit adi zitezken jada sator-ziloetan, eta kasik goratik. Nork erran du, hirriz ar diteken alimale bakarra... dela gizona? Eta, saskitik bezala, gizona gizon bethi agertu behar!... Hirriz ari ziren beraz gudulariak.

Primaderaren ondotik, uda bethean ziren jada; eta gerlak egin herexa guzien tartetik, sorroak eta loreak, herabe-herabe heldu ziren, emeki eta eztiki, lur-iraulien eta harrien erditik jalitzeko baimena lehenik galdetu nahi izan balute bezala. Gibelago, Beaurieun harat, erasian heldu ziren aldiz bixkar guzietako xara eta oihan pullitak, zuhaitzari Jainkoak bethitik eman manu gizena bethe beharrez.

Negu beltzean hormaturik egon ondoan, iguzkitara puxka bat hedatu ziren beraz Baionako soldadoak; bainan zuhurki oraino eta etsaiari beren buruak soberakinik agertu gabe. Idortu ziren lohiak, xukatu erreka-ziloak, eta musean ari ziren gure senpertarrak. Bai musean! Azkenik ethorri pusketerien erdian, karta pare bat atrebitu zen; Dantxariatik, Xerrendan barna, Senpererat, Senperetik Craonneraino hegaldatua!... Eta, doi-doiako bat hastean durduzaturik, lehen-zortzitik hasi ziren hantxet, biga bieri, bertze lagunak loriatuak heieri beha zagozila:

«Biak inbido eta pareak ba!...»

Eta, gauza espantagarri bat egiten zuten hantxet, etsaiari berrogoi urhatsetan, herioari urhats batean, musean ari baitziren gure eskualdunak, Maizyn edanen zuten arnoa zoinek bertzeari han irabazi beharrez!...

Gau batez, argi txar bat eskuetan, beren batteko eta erregeekin guduan holaxet ari zirelarik, harramantza zerbeiti erreka-ziloaren buruan ohartu ziren betbetan. Eta, zer hel ere, xixpak eskuan edo oraino baionetak, jauzian joan ziren haraino... Ordu zen!...

Errekaren bihurgunetarik batean, beren lagunetarik bat, Joanesen auzo herriko garaztar bat, zilotik ustegabean agertu zitzaion aleman bat garbiturik, bigarren bati lothua zen hartza bezala. Gaitzeko gizona zen gure buztintziarra, zuhaitz gazte bat bezenbat handiko gizona. Behartzen ere zitzaion tenore hartan!... Eskuineko aldetik, etsaiarenganat urrunsko zoan erreka-buru buruan gure beilari bat erdi-lo atzemanik edo bertzela, alemanak herrestan jinak ziren, ixil-ixila... Zorionez, ohartu zitzaioten gure buztintziarra! Erreka guzia berak hartzen zuela, kanit handi berezi bat ahoan, plantatua zen beraz bihurgune ilhunean; eta Piarres eta bertzeak aldean zituen jada gibeletik...

Bederazka, bat bertzearen ondotik heldu ziren beraz alemanak, elgarri zonbeit urhatsetan. Frango uzkur ziren alabainan, toki arrotza ere zutelakotz han gaindi. Hek ager-arau, bere esku alimaleekin lephotik lotzen zitzaioten Garaztarra. Tink-aldi bat ona emaiten zioten, mihia kanporat atherarazteko tink-aldia; eta, ixil-ixila, gibelerat jada botatuak zituen, Joanes, Piarres eta bertzeen aztaparretarat, ai baten erraiteko astirik hantxet ez zutela.

Lerro, lerro, holaxet, eta beren aintzinean iragan laguna zer egin zen ez zakitela, hamahiru aleman _soldado eta aintzindarixka, orotarik_ jali ziren ilhunbetik, eta zalukara holaxet erori buztintziarraren krakoetara. Gehienak matatuxeak atheratzen ziren aztaparkatze izigarri hartarik. Lephoko zainak ezin aski zabalduz ari ziren, hats pitta bat berriz hartu beharrez. Harrituak ere zauden oraino, gerthatu zitzaiotena gerthaturik. Bainan, ororen buruan, mirakuilu bezenbat atsegin zitzaioten, bizirik hola atheratu baitziren eskualdun zigante alimalearen makoetarik. Eta, erreka ongi ilhuna izanagatik, ezagun zen halako beldur batekin behatzen ziotela oraino beso-muthur heieri... «Hek aztaparrak! Gure Jainkoa!...»

Joanes han zuten aintzinean, hirririk batere gabe phedeikuan jada ari baitzitzaioten:

«Ez ginakian heldu zineztela!... Min in dautziegu, naski, eta soineko pullit horiek ere puxka bat funditu! Barkatu othoi!... Jakiterat, eskularriak emain gintian, athorra-lepho horiek zier ez sobera zimurtzeko! Zertako ez, bada, xixtuño bat inen lehenik, demuntren teteliak!... Segur gure liotinantak gaizkituko ziuztela; bana, zihauren hoben izain duzie, gero!... Allonne, en route mofés troupe!... Lé commandant il en sera très content fou voir. Il faudra confesser à lui tous les noufelles, les péchés et tout...
 
 

... To ez zakiat gehiago, Piarres! Ene frantses guzia hortan hustia diat. Bana, berdin dik, aleman gaizki ikasi horiek ere bestela iten ahal zitean! Gu musian ari ginelarik!... Eta gero, hamahiru jin behar! Ezin jin hamabi edo hamalau!...

... Xo! Horra liotinanta... Joanes Garaztarra bano hobe nikek orai... Buztintze!...»

Egia zion; hobeko zukeen Buztintze...

Handik oren erdi bat gabe, boxak kofesaturik eta toki segurean emanarazirik, gomenantak buztintziarra galdetu zuen bereganat, eta esku ikaragarri hek inharrosten ziozkala, galdetu zion:

«D'où êtes-vous, mon brave?»
 
 

Buztintziarrak frantses tuntik ez jakin!

eskualdun aphez-gai bat gomenantarenganat mezulari hain xuxen orduan suertaturik, haren medioz jakin zituen aintzindariak berriak oro, eta uste ez zituenak ere bai. Haste hastetik kasik, suan hantxet zen gure Garaztarra. Eta bost haurren aita zen, nehor ez zela gauza horri ohartu, eta berak ere deusik ez zakiela hura altxatuz geroztik eginikako legeez!...

«Ta place n'est pas ici, mon garçon... Des soldats comme toi, j'en voudrais beaucoup. Mais un père de cinq enfants n'a pas le droit de se faire casser la figure... Pour l'instant, je vais te faire évacuer à l'arrière, et nous verrons ensuite à régler ton dossier. J'aurai du reste à le grossir de quelques lignes bien méritées. Adieu, mon brave; merci de tout ce que tu as fait pour ton pays...»

Buztintziarraren loria, eskualdun aphez-gaiak berri handia erran ziolarik! Bere haur maiteak! Ikusiko zituen beraz berriz oraino, eta gero, bethi, bethi!... Eta, xut-xuta hantxet, nigar egin zuen aita gaixoak...
 
 

Biharamunean berean, Fismerat behar zuen, handik gero Bordelerat joaiteko. Adixkideak han zituen oro aldean, haren loria guziaz sanoki loriatuak. Beren untzietako xorta guziak bildurik, kafe ondar ttirritta bat edan zuten orok haren haurren zorionari. Eta gero, Joanesek papotik bere herritarra harturik, erran zion:

«Adios, Erramun!... Zozoak hi eta gu, hoin beste luzaz hemen egon baihiz lege kontra, obuzen azpian! Zer den hatik ez-jakitia... Bana, hire haurrek beiratu hute... untsa duk hola... Eta, orai, sekulan Garazirat joaiten hizaneko, Hergarai eta Buztintze ez baitira elgarrenganik hain urrun, joain hitzakiat ene ama gaixuarenganat. Besatraka besarkatuko duk ene izenian, eta errain diok ez dutala gero batere etsitzen! Errain diok... Bainan, to, badazkik hihaurek hemengo manerak. Errozkok, bainan ez sobera minak. Musian artzen girela salazakok, to... Ez ditie han guziak jakin behar...»

Eta, amaz hola orhoitu eta, deusik gehiago ezin erranez, baztertu zen Joanes. Haia-haia, eta gibelerat behatu gabe, bere puskak bizkarrean, bazoan aldiz Erramun...


Min guti egin zioten goiz hartan musari Joanesek eta haren adixkideek... Zorionez, letrak ethorri ziren bihotz-altxagarri. Bakotxak bazuen berea.

Eta, loriaturik, Piarresek huna zer kausitu zuen bere haren barnean: hosto xuriño bat, aldean-bertze koplaz estalia. Elgarretarat oro bildurik, eta bat-bertzearen sorbaldaren gainetik luze-luzea behatzen zutela, ari ziren orai kopla heien kantuz irakurtzen:
 
 

GERLA-TOKITIK, NERE AMARI
(Uso-Xuriaren airean)
 
 

1
Ama maitea, gerlatik,
bi lerro hauk, bihotzetik;
heldu zauztan bezala, gogotik
igortzen dauzkitzut, zilotik,
nigar ezti bat begitik
eskapatzen zautalarik! (berriz).
 
 

2
Gau erdi da, ama ona,
ixil dago alemana;
gau bat ederra, gau eztiena,
gauetan xoragarriena,
nere bihotza zugana
hartu eta daramana! (berriz).
 
 

3
Ilhargiak, aintzinean,
behatzen daut, hor, airean,
ilhargi bera, ama herrian
zuri beha dago, zeruan!
Zonbat uros ni, gau huntan,
han banintz, ilhargi hortan! (berriz).
 
 
 
 

4
Ama gaixoa, ohera
oraikotz joana zira;
ohera... bainan ez lokartzera...
nigar eta nigar urtzera!
Nigar hoien xukatzera
ahal banu jin ondora! (berriz).
 
 

5
Zonbat aldiz, han, etxean,
ohera ez naiz ni joan,
musu bat eman gabe sekulan
ama gaixoari, matelan!
Baten orde, lorietan,
mila banuzke, gau huntan! (berriz).
 
 

6
Urthe bat! Ama maitea,
zuretzat ephe luzea!
Hain maite nuen zure ilea
ainitz xuritu othe dea?
Ene amaren begia,
nigarrez urtu zirea? (berriz).
 
 

7
Bainan ez, amatto ona,
ez zirea eskualduna?...
Ez zira sobra nigar egina,
gelditu zira bihotzduna!...
Altxa Jainkoarengana
othoitzetan samurrena! (berriz).

8
Jinen gira gu gerlatik,
Jainko horrek lagundurik!
Jinen gira, kopeta gorarik,
eskuak lorez ihaurririk!
Etsaia guk suntsiturik,
ez da izanen gerlarik! (berriz).
 
 

9
Nere harma eskuetan,
othoitzño bat ezpainetan,
zer gau goxoa nik deramatan,
zurekin, ama, solasetan!
Bihar gero, erreketan,
zer bihotz gora duketan! (berriz).
 
 

10
Ama ona, goiz-aldera,
orai zoaz lokartzera!
Lo egizu; gu, harmetan gira,
erne gaude zuen zaintzera!...
Gure eskualdun Herrira
sekulan jinen ez dira!!! (berriz).
 
 

J. BARBIER
 
 

HERRITIK NERE HAURRARI
GERLA TOKIRA
(Uso-Xuriaren airean)
 
 

1
Seme maitea, goizean,
mezatik atheratzean,
zure letrañoa izaitean,
salto banuen bihotzean!
Zu, nigarrez... egitean,
ni aldiz... irakurtzean! (berriz).
 
 

2
Ez naizela ni lokartzen,
derautazu izkribatzen:
ez dautzu Amak hori ukatzen
loak ez nau ni ezagutzen;
etxetik haurra urruntzen...
Amaren loa joan zen! (berriz).
 
 

3
Nigar goxorik egiten
ikasia dut nik aurthen!
Jainkoak bakarrik nau entzuten,
bertze nehork ez nau ikusten:
Amak baizik ez jakiten
amak zer duen jasaiten!(berriz).
 
 
 
 

4
Zuk ilhargia bezala,
izarño bat, hala hala,
zeru ederrean badutala
nehori zuk ez othoi sala;
musuak, mil eta mila,
han emaiten ditudala! (berriz).
 
 

5
Urrundu zinen phondutik,
sainga-ta saingaz athetik,
gure xakurra erasiatik
ez zauku gelditu geroztik...
Jin zarenean gerlatik,
janen zaitu gutienetik. (berriz).
 
 

6
Zonbat aldiz keetara
ez naiz egotu begira:
Noiz agertuko zen ene haurra,
noiz jinen ni besarkatzera?
Gauaz ere bethi beira
harrabots ttikienera! (berriz).
 
 

7
Soldado bat ikus eta,
bihotza saltatzen zaita;
ni bezenbat kexu zure aita,
haren grina handia baita;
bertzerikan ezin goaita,
bertze nehor ezin maita! (berriz).
 
 

8
Mahainean jar-alkia,
ganberan zure ohea,
dilindan dagon sega handia...
Zutaz mintzo etxe guzia;
heian, marrumaz behia:
«Norat joan den nausia?» (berriz).
 
 

9
Nere buruko ilea
da poxi bat xuritua;
bainan, bihotzez bardin gaztea
uste dut bethi egoitea!
Zu ikus eta, maitea,
Argituko zait begia! (berriz).
 
 

10
Lurdeko Ama Birjina,
Jesus hain maite duzuna,
onhets, othoi, nere bihotz-mina!
Ezti nere barneko grina!
Semeetan maiteena
itzul, othoi, nere gana!!! (berriz).
 
 

J. BARBIER


 






Horra zer heldu zitzaioten herritik. Eta bi letra hoik igortzean, kondatzen zioten Mariek, Helbarronerat Pazkoen eremaitera jaun erretora joanik, nola Martiakoineko atxo batek galdetu zion, hean irakurtu zituenez Eskualdun astekarian agertu ziren kantuak?...

«Gogorki pullitak zauzkit bat ala bertzea. Bainan, igual du, ama nausi da semeari. Pullitago dira haren persuak.»

Eta jaun erretorak hirri egin omen zuen jende maite heien lañotasunari.

Hirriz ari zen Joanes ere, xaharraren atheraldia entzunik:

«Seme gerlaria hementik, eta ama gaixua herritik, ez zitezkean molde berian mintza; bixtan duk. Bana, egia diok gure atxuak. Bego bethi ama! Ez duk nehor, bihotzez amari juain dionik!»

Ama! Berriz ere ama! Bethi ama!
 
 

IX


 



 
 
 
 
 
 

herrirat! etxerat!

Maiatzean, alemanak oldar zerbeit egin zuen oraino, eta bizi-bizia atrebitu zitzaukun. Bainan ez ginion amor eman batere, eta galtze guti izan ginuen arras, zeren burdinazko kaska pisu batzu gure soldadoek emanak zituzten orduan berean, lehen aldikotz. Ordutik harat, puskaz gehiago gerizan zituzten buruak. Eta berriz ere, errexitu zen etsaia; hainbertzetaraino errexitu, non, nehork asmatuko ere ez zuen berria eraiki baitzen ahapetik eta ixilka lehenik, haro handiagoarekin gero, uztailetik harat: «Baizik eta Permisionez, zonbeit egunentzat etxerako zirela guziak, zoin bere aldian»...

Berri espantagarria, zinez egiazki, eta bihotz-altxagarria bezenbat lotsagarria!

_Permisioneak, gerlan!... Ez ditekena duk hoi!

_Ez ditekena, Piarres? Zertako? Behin ere ez othe duk irakurtu, Napoleon handiaren denboran, Harispe jeneral eskualdunaren permisionearekin, Alemaniatik eta Baigorrirat jo zutela eskualdun soldado batzuk, pilota partida bat lehenago hitzeman eta, hura jokatu beharrez? Oinez juan zitian, partida jokatu Baigorrin, jokatu bezala hura irabazi; eta oinez itzuli zitian Harizperenganat, hitzeman tenoreko, tankez! Persiak ere irakurtu ditiat lehenago Eskualdunian, Hillun Garaztarra delako batek luze-luzia emanak...

_Egia diozu Joanes...

Eta, hola azkenik mintzatu zitzaiotenaren aintzinean xutitu ziren gure adixkideak oro. Etxeber omoniera, brixtakoan bethi bezala heienganat jinik, han zuten ondoan, bere ile kuzkurrak kapeluaren azpitik jalitzen zitzaizkola, sotana gerruntzeraino altxatua, kurutze bat gerruntze hartan trebeska emana, bere begi erneak alderdi guzietarat zerabilzkala.

Bordes omoniera 34garren erreximendurat zonbeit hilabethe hartan iraganik, Bergey apheza aldiz 18garrenerat, 49eko omonier egina zen Etxeber bikarioa. Eta maitexko zuten eskualdunek beren omonier berri biphila, maitexko zituzten haren solas-aldi erne, zaintsuak.

Hirri bat bere ezpain meheetan, Joanesi mintzo zitzaion beraz:

_Egia diozu, Joanes. eskualdun soldado batzuk egin dute, lehen, aiphatu duzun balentria. Eta badut uste, denbora aski laburrik barnean, itzuli bat eginen duzuen, zuek ere Eskual-Herrian. Bainan, treinez eginen duzue, eta ez oinez; ez zaut hatik iduri pilota partidarik eginen duzuela Lekumerrin edo Senperen, zuen xokoaz sobera goxatu nahiak izanen zaiztelakotz.

_Baditake orobat, jaun apheza... Bainan igual du, gerla laster agian bururatuko zitzaukula baiginauden, debruak joan ditu beraz gure ametsak. Adio gure mandoa! Permisionez etxerat! Molde hitsa hoi, laster eta behin bethikotz harat itzultzeko, aiphatu gure xokoetarat!


Uztail-aboztuak, buruila ere iragan ziren bizkitartean, nehor herrirat hegaldatu gabe. Sukar bazuten orok beren bihotzetan, eta permisioneaz bertze solasik ez zen erreka-ziloetan eta pausa-lekuetan.

Lur huntako gauza guziek bezala, bere on gaitzak bazuzkeen aiphatu permisioneak. Herritarrendako zorionik baizik ez ziteken buru hortarik eta maitetasun gehiago ekarriko zioten gero, hiratuak, dena erhauts eta lohi ethorriko zitzaizkoten gudularieri.

Bainan, bardin zuhur othe zen gudulari horientzat? Urthe oso bat hala iraganik gabezia eta neke guzien azpian, heriotzearen menean bethi eta odoletan erori hainbertze lagunen erdian, ez othe zitzaizkoten zainak ethenduko, bihotza ttikituko eta ahulduko?

Dena bere loriari, soldadoa guti grina zen hortaz; bainan kexu ziren aintzindariak. Sekulako matrikulaeta zinfoniak behar ziren permisioneaz jabetzeko; eta nehor ez ziteken urrunt su-tokitik, herriko bi jaun bederen hartaz berme eman artean, berriz gerlarat itzuliko zela.

_Briepolatu! Berek emain ere diauie, Orionen gaindi, mugaz bertzalderat juaiteko gogua.

_Ba eta bertze batzuk zainduko ditie gure aita-amak eta haurrideak, Lekumerri eta Senpere! Utzkik, utzkik koko-beltz horiek haraino joaitera!...

_Hala duk hori ere, Piarres. Silentze dans lé rang, Joanes!
 
 

Urria jin, urria joan, udazkena iragaiten ari zen holaxet, Eskual-Herrian, usoak bazoazin, hegalez zaflaka, gerlarik ez balitz bezala ez-axolatuak, tiro bat ondotik ez zutela, edo sare-kolpe baten firrinda sumatu ere gabe. Omia-Sainduri lau egun lehenago, Piarres, Joanes eta Jérôme, heien lagunetarik bat, xoria bezen alegera, Fismetik airatu ziren azkenean, lau egun labur eta luzeendako!... Pariserat joaiterik ez zuten, haizu ez zitzaiotelakotz. Bainan, zer zoakoten? Eta bertzalde, hirriz Piarresek ziona:
 
 

«Doniane ez othe zen Petit Paris;
Bayonne son écurie?»


Eta holaxet heldu ziren bide luzean, unhatuak eta umatuak, erditan lokartuak, luze luzea etzanak. Hainbertze gau hetako loak oro ez othe zituzten hartzekoak alabainan? Frantzia behereko ixiltasunaz eta bake handiaz zozotuak bezala heldu ziren...

Non ziren bada kanoi-peza handiak eta ttikiak, non mitralleuza errabiatuak? Eta lo pisu-pisu batetarik atzarri zirelarik, begiak torra eta torra emaiten ziren lehenik, kanporat beha eta beha. Hantxeko alhor hek, zelai handi eta nasai hek oro, zertako ez ziren bada obuzek uzkailiak? Bertzerik ez zuten eta ikusi hamahiru hilabethe hartan!... Berak zer ari ziren, bagon-gurdi handi hartan? Non ziren erreka-ziloetako pezoin usainduak, non beren xixpak? Etxe hek oro zertako zauden oraino xutik, lurrerat abian izaiteko orde, Oulchen, Glènen, Maizyn bezala? Eta jende hauk zer ari dire, panpinaturik oro, lohia lephoraino sartu ez balitzaiote bezala gerlarieri negu guzian?

Emazteki hauk, neskatxa hauk hunaraino ethorriak, beren irin eta mirailak eskuan? Gerlarik ez othe da? Gerlarik ez othe da izan batere, eta amets egin othe dute guduan zirela hamabost hilabethe hartan, eta milaka milaka gizonak han erori direla?...

Zer ari da jandarma hura, hantxet, geldi-toki edo gara buru-buruan, argi-argia bere oinetakoak, argi-argia bere gerriko uhala eta botoinak, kepia galonez gaineraino josia? Joanes, beltz-beltza bere hogoi egun hartako bizarrarekin, hori-horia eta zuri-zuria bere urthe hartako erhauts eta lohiarekin, bi plegu egiten da bagoneko athe-leihoan, athe-leiho guzia berak hartzen duela. Hain xuxen treina abiatzen da, eta huna Garaztar debrua, jandarma ederraren aintzinean iragaiten ari:
 
 

_Dis-donc, lé cogne; il y en a révu d'instalache?
_???
_Passe à moi lé zirache, et à Piarres aussi...
_???
_De quel réchimane tu es?
_???
_Il y en a beaucoup dé perte dans ton réchimane?...


 






Ahoa zabal-zabala, bere muztatxa handiak baino handiagoko begi batzu errabian biribilkatuz, jandarma, ukhamiluak bildurik, hantxet zagon garaztar haga luzeari beha.

Piarres, gerruntzetik lothurik, tira eta tira ari zitzaion aldiz bere lagunari:

«Debru gizona! Haugi hunat edo ez gaituk hirekin herrirat helduko!... Gizon prestuak dituk jandarmak!...»

Noizpeit biratu zitzaion beraz Garaztarra. Eta bere begi ttikiekin, bere aho alimalearekin hirriz ari zen goxoki:

«Halauk eta! Bere ziraia okaztagarriarekin nardatu ere nik, senpertarrek diozien bezala. Hortxeko andere horrek bere irinarekin bezenbat nardatu nik harek bere ziraiarekin...»

Eta delako andere irinduari Piarresek ere behaturik, hirriz ari ziren orai bi adixkideak.

Eta bere irin xuriaren tartetik, poxi bat gorriturik halere, erasian ari zen anderea:

«Oh! ce qu'ils sont malpropres, ces soldats! On ne pourrait pas leur faire prendre un bain, avant leur départ pour cette honteuse permission?...»

Zorionez Joanesek, Piarresek eta heien lagunek ez zioten behatzen ere gehiago!...


Beren bizitze berriari poxi bat gehiago eginak orai, heldu ziren, bethi heldu, Landesetako pino-oihanen erdian hunarat, beren jateko ondarreri lothuak, xahakoari azken hatsa edekitzen ziotela. Arratsalde aphala zen.


 

Betbetan, xahako hori eskuetan altxatua oraino zaukala, gelditu zen Piarres, eta Garaztarrari zimikoan besoa hartzen ziola, ikare batekin mintzoan, erraiten dio:

«Larrune! Joanes, Larrune!...»

Eta hitz bat gabe gehiago, ixil-ixila beha zagozin hiruak; eta jauzika bulharretan eman zitzaizkoten bihotzak... Egia zion Piarresek. Heieri beha hura ere, Larrune jalia zen, han, urrun, aldare handi bat iduri, Eskual-Herri guziko koloreak eta usainak oro bilduak balitu bezen eder...

Eta orhoitu ziren hiruak, hamabortz hilabethe lehenago, Pabeko bidean, azken aldikotz hola-hola ikusi zutela mendi maitea, heieri agur erraiteko goiti aski ezin altxatuz ari zela... Orai, aintzinerat heldu zitzaioten, bere haurrak besarkatu nahi izan balitu bezala...

Handik oren bat gabe, karraskan sartzen ari ziren Baionan.

«Bayonne! Bayonne! Dix minutes d'arrêt!...»

_Errat, to, Joanes, haugi gurekin Senpererat; Oihanaldean orok ezagutzen haute gaur-gero, eta badukek begitarte... Bihar segituko haut Uztaritzerat, gure etxeko karroarekin.

_Ez, Piarres, ez! Ama bat badiat nik ere, eta oren gutiegi diauk lau egun hotan, hetarik bat ere Uztaritzeko bidian hik eta nik galtzeko. Goraintzi Oihanaldekoeri, eta erreek, hire ezteietako, sinfalt han izain dela Joanes Garaztarra. Ikus artio, Piarres, hemen berian, gibeleratekoan... Dihizira hori betherik ekharrak eta xahako hori ere ba; zerbeiten beharra izain diuk, bihotzaren phizteko. Ikus artio, Jérôme, bi xahako ekharzkik hik ere, baten orde...

Eta, Baionari behako bat eman ere gabe, ederra ezin gehiago bere philda hits eta loriosetan, bi jauziz igan zen Garaztar maitea Doniane Garazirat buruz jada abian zen trein ttiki koxkorrera...


Ilhuntxea zuten Jérômek eta Piarresek, Donianen, Goñiren etxean pinta bat husturik, banpa-banpa Senpereko bidea oinez hartu zuteneko. Ixil-ixila heldu ziren orai, Azkaine eskuin utzirik, Mingotenian barna, Lizardiko parrean hunarat, ilhargi eder batek argitzen zituen gauza guzieri beha, beren herriko zerez begiak ezin aski asez.


 

Huna Ibarrongo argiak... «Adio Théophile!» Bainan, ez dira nehon sartzen, ez eta ere, lehenago Gaxienek bezala, «une boîte d'eau-de-vie» frantsesez galdetzeko. Nahiago lukete etxean!... Hara, hain xuxen, Olhaso-kaskoa, hara, kasko hartan, Oihanaldea... Pil-pil egiten dio Piarresi bihotzak. Huna hortxet Senpereko karrika, huna eliza zahar maitea, Jainkoaren itzal handi bat bezala, bere dorre zabala aintzin, herriaren zain kurumilkatua. Zoin eder zaizkoten hoik oro, ilhun airetto batekin, ilhargi-xuritara!...

Zaldubian dira; Urgurin gaindi joan behar da Jérôme, ibar muthurrean altxatzen den etxe xuhail pullitera:

_Ikus-arte, Jérôme; etzi arte! Omia sainduz, elgar atxemanen diagu, eliza ondo hortan. Goraintzi guzieri hire etxean.

_Ba; ikus arte, Piarres, eta goraintzi hik ere Oihanaldean.


Hil-herrietako athe handiaren aintzinean othoitz bat eginik, Dolabaratzeko landan harat badoa orai, urhatsa bethi eta biziago. Mendealak emaiten du guti aski, eta aldapari lothu deneko, xakur-sainga bat sumatzen du, bertze mila saingen artean bethi ezagutuko zuena: Xuriko!... Eta hogoi urhats berak egin ere gabe, gainean zuen xakur maitea, lanik aski baitzuen muthil gazteak, haren beso eta musu erhotuetarik bere buruaren begiratzeko.


 

Bainan Xurikoren sainga mixteriozkoari oharturik hek ere, Gantxume, Ganix, Frantxa eta Xaneta, jauzteka heldu ziren ipularrean hunarat... Eta, Piarresek ez zakien gehiago zeri eta nori buru egin... Xakur eta jende, orok, oihuka, xanpaka, setiatua zaukaten; eta besorik aski ez zuen muthiko prestuak, ororen aski laster besarkatzeko. Hirri eta nigar, orotarik bazen han. Eta, bere bi arreba ttikiak sorbalda gainean, Xuriko lehen, Ganix eta Gantxume ondotik, oro bazoazin, Phesta-Berriz bezala, proesionean...

Athean hunarat lasterka, heldu ziren aldiz ama Gaxuxa eta Marie arreba; eta Pazko goizean lehenago bezala, Jon Doni Joane, gaztena, aintzindu zitzaion Petriri, zaharrenari. Bainan, Pazkoz Jon Doni Joanek Petri bezala, ez zuen Mariek ama igurikatu; eta bere bi besoak Frantxaren eta Xanetaren gerruntzen tartetik luzaturik, musu eta musu ari zitzaion anaia handi maiteari...

Eta ama han zen orai bere semearen aintzinean... Parrapatakan, lurrerat erdi-utzi bezala zituen Piarresek bere arreba ttikiak, eta, hitz bat erran gabe, elgarri lothuak han zauden ama-semeak... Hedoi beltz handi baten azpian bere burua gordetu aintzinean, ilhargia maiteki beha zagon zeru gainean.

Eta orai, zorionak lehertu balu bezala, bere seme handiaren beso-gainean finkatua, ama heldu zen urhatsean...

Athe-alazean, aita xutik han zagon, begiak argi-argia, ezpainak ikaran. Doi-doiako bat baztertu zen Gaxuxa, eta bi gizonek elgar besarkatu zuten, han, Oihanaldeko lorioaren azpian... Frantxa, Xaneta, Gantxume, Ganix bera, jauzteka, putinka ari ziren sukalde handian. Marie jada lothua zen, lazari beheiti dilindan zagon xingar-azpiari...

Eta gero, Piarres, jan eta edan ari zen, buruz-buru bere aitarekin; eta nahiz jadanik afalduxea zen, Thomas berriz lothu zen xingar zafla eder bati, bere Piarresek bezala egiteko. Etxe-arnotik ari, mathela koskoak gorri-gorria, bata bertzea bezenbat baziren aita semeak.

Otruntza bururatu ondoan, xixtuka kanpoan mendeala ari zela, supazter inguruan oro eman ziren; eta Piarresek ez zerabilkan mihia aski zalu, guzien galdeeri betan ihardesteko... Hango berrien emaiten ari zen orai, itsusienak eta ilhunenak beretzat begiratuz. Haren belhauneri xutik egoki, Frantxa eta Xaneta Phesta-Berrietako bi aingeru bezen prestu zagozin, beren Piarresi aho-xilora beha eta beha. Ganix eta Gantxume, burdinazko kaska eskuan harturik, haren aztatzen ari ziren; eta, Marie, oldarrean jada heldu zen neguaz orhoiturik, hirriño batekin Lizartzako berriak emaiten ziozkala, Piarresen galtzerdi lodi batzuen egiten ari zen. Thomas, bere pipa ezpain-xokoan hiltzerat utzirik, herioaren erresuma izigarria hainbertze luzaz ikusia zuten eta hango gauzez zola-zolaraino betheak ziren begi heier beha zagon, ixil-ixila. Harat hunat zabilala, amak intzire bat bazuen, bere Piarres ederraren philda hitsak, haren foltsu zimurtuak eta mathela-xilo sartuak ikus eta. Eta nehor ez zen orhoit gehiago orenak aintzina bazoazila.

Bizkitartean, gau-erdiek jo zuten urrun, eliza-dorrean, eta ikaratu bezala zen Gaxuxa:

«Hots, haurrak, gau-erdi huna non bildu dugun. Goazen oherat! Zenbat unhatua den Piarres ahantzixea ginuen guziek... Aspaldiko orde, bere ohean lo eginen du gaur; eta Jainkoak barkatuko ahal dauku othoitz labur bat baizik ez baitugu arrats huntan eginen Oihanaldean! Hamarreko bat erranen dugu bakarrik, gure Piarres hemen dugula gurekin!»

Eta, oro zoin bere ganbaralat joanik, amets goxoenez bethe zen gau hartan Oihanaldea...


Biharamunean, eguerdi arte lo egon zen Piarres, eta xitun ibili ziren guziak Oihanaldeko sukaldean, muthil maitearen ez atzarrarazteko; Xuriko bera ixil-ixila egon zen, sainga bat ere gabe.


 

Bazkari bat onttoa moldatu zuen Gaxuxak, eta kafeak eta oro hartu zituzten guziek, Piarresen ohoretan. Bazuen oraino zer konda bezperan eman berrien gainera, eta Joanes Garaztarraren atheraldiez hirri bat baino gehiago egin zuten guziek.

Arratsalde erditan, Piarres xutitu zen, bazterrak ikusi beharrez, eta Lizartzakoeri agur bat egin behar ziotela, gehiago igurikatu gabe. Eta hirriño bat egin zioten Gaxuxak eta bertzeek.

Hegoak emaiten zuen. Landaz landa, alhorrez alhor, ibili zen beraz bera bakarrik, xoko guzietan gauza guzieri ohartua. Haren aintzinean, zapartaka bazabilan Xuriko. Mahasti bixkarrean gelditurik, Senpereri beha eta beha egon zen, Olhaso, Olha, Amotzeko xoko bat, Plaza, Hergarai, Urguri, Artzirin, Helbarron aintzinean zituela edo sahetsean, ezker eta eskuin. Herriko bixkar pullitak miatu zituen begiez eta Larrune handi maiteari, behatze luze-luze bat eman. Zoin eder ziren bazterrak!...«Zoin eder Udazkena, gure herrietan,
 
 

Hegoa firurikan mendi-bazterretan!
Odola harrotzen du orori zainetan:
dantza piko bat niro eman lorietan!
Mendian, Jainkoari hurbil da artzaina,
iratze ederrenen erdian etzana;
ardiak han badauka sorho gizenena...
Otseho zalurikan doa harat-huna.
Gaztainak hirriz daude, ezpainak ageri;
panpaka hagak ditu lurrerat ixuri.
Iratze-gorri pean, kasu onjoari,
brosta barnean aldiz, lo den herbiari!
Miñauta, uso handi, kalla'ta utarda,
mota guzietarik ororentzat bada;
tiroaren ondotik tiroa entzun da...

Ihaztaria, sarri, badukek zer konda!Huna orai lertsunak, karranka handitan,
errebelatuak, han, zeru-gorenetan...
"Lertsuna lerro-lerro, lerro-lerro betan!"
Arbi-jorratzaileak heier so landetan...
Segadetan xoria, lephotik hartua,
dilindan horra non den hortxet urkatua:
xori-berriketari, hanbat maitatua,
kanta-zaguk, gaixoa,... hire hil-kantua!»
J.B.


 






Eta, panpaka, hain xuxen, Olhaso-kaskoan, gaztaina-arthikitzaileak sumatzen zituen Piarresek. Lertsuna bi lerro, beren kapitaina aintzinean, xori handi baten bi hegal luzeak iduri, hantxet bazoazin Ibarburuko kaskoan harat. Eta iduritu zitzaion Piarresi, arbi-jorratzaileak, lertsunari bezenbat, hari beha zagozila landetan.

Bazter xoragarri hetaz guziez begiak aserik, Piarres itzuli zen beraz eta abiatu Lizartzako aldera...

Marxukaz bethe sasi batzuen tartetik bazoan Piarres; eta, hain xuxen, pegar bat buruaren gainean, ithurrotxetik heldu zen... Goaña Lizartzakoa.

Neskatxak ikusten ez zuela, hari beha zagon Piarres, hari eta haren sasoin maiteari. Bi plegu besoa egina, esku bat pegarraren giderrean, arin-arina, hatsak batere penatzen ez zuela, hurbiltzen ari zen beraz Goaña, iguzkiaren argi guziaz inguratua. Eta bertze gazte batzuen irin, tinta eta panpinkeriez orhoiturik, hirri goxo bat bazuen Piarresek, Lizartzako andre-gaiaren lañotasun ederrari, haren maitetasunari behatu eta.

Elgarri zonbeit urhatsetan ziren orai, eta Piarres orhoitu zen, intha hartan berean, Goaña nola doi-doia eskapatu zen, goiz batez, Gorriaren adar xorrotxen tartetik...

_Agur, Goaña,

_Ori!... Agur, Piarres! Eta, zuen xakurraren sainga bard-arratsean entzunik, zerbeitek erraiten ere zautan zorion bazutela Oihanaldean...

_Zerbeitek? Ba othe, Goaña? Bainan, nere ethortzeaz bertzerik bazitekela asma zindezakeen...

_Ez, Piarres ez! Xuxen ari nintzen, hor zarenaz geroz!

_Ba, hemen naiz, eta, beharbada, zuri eta zuk etxetik urruntzean eman medaila bati esker, bethi nerekin baiteramat geroztik.

_Baditeke orobat, Piarres. Hala, hala, medailaz bertzerik ere bazinuen ondotik: Oihanaldekoen eta Lizartzakoen amodioa eta othoitzak... Bainan, goazen etxerat; loriatuko dira Lizartzan zure han ikusteaz. Aski maiz aiphatzen zaitugu gu-tartean eta beltzuririk gabe batere...

Eta, Eliezer eta Rebecca lehen bezala, Piarres eta Goaña bazoazin, Goaña bethi bere pegarra buruan; eta Lizartzan sartzean, Piarresi gogorat heldu zitzaion, Jainkoak hala nahi balinbazuen, egun batez oraino, biak betan iraganen zirela Oihanaldeko athean, bainan, egun hartan pegarraren orde korona xuri bat bazukeela Goañak buruaren gainean...

Eta, Lizartzan arratsalde hartan egin zioten ongi-ethorriak gehiago oraino finkatu baizik ez zuen muthil gaztearen amets garbia...

Omia Sainduko ezkila-handiak, ozen-ozena, agintzaz betheak ari ziren herrian, Piarres etxerat itzultzearekin; eta, han, zeruan, iguzki-sartze bat bazen, ortz-adar ederrena baino ederragoa, Eskual Herrian bakarrik ikusten ohi diren bezalakoa.


Biharamunean, bortz orenetako elizarat jo zuen jaun erretorari kofesatzeko eta haren solas bihotz-altxagarrien hartzeko.


 

Aphez bakarra izanez herrian, bazuen lan erretorak. Bainan, bizpahirur egun hetan lan handiari lothurik, oro bururatu zituen; mundua han zen kominiatzen, lehenbiziko meza ederrean: zazpi-zortzi ehun gizon eta emazte hurbildu ziren mahain-saindurat. Eta, nigar goxoki egin zuen Piarresek, herri guzia kantuz eman zelarik, eliza zaharrean:
 
 

«Zeruko dohatsuak, zer ari zarete?
Atsegin erdian zaretea othe?...»


 






Oi mezaren ederra eta kominionearen goxoa, goiz hartan, herrian gelditu gehienen erdian!

Mezatik lekora, adixkide multzo batek hartu eta eremanik, Santiagotegirat trikatu zen Piarres, eta begitarte izan zuen ororenganik!...

Arratsaldean gero, hilen bezperak akabatzearekin, Senpere guzia bi lerrotan bazoan hil-herrietara, bethiko proesionea egin beharrez. Pettan, klabera, han zen jada, Ehaltzeko landa sainduan, eta karrika-hastean doi-doia sartua zen aldiz apheza, azken-azken lerroekin. Arrosarioak eskuan, bildutasun handienean, bazoazin oro, konfardietako banderak eta hil-oihalak erdian:

«O Christe, Salvator mundi, exaudi preces nostras!»

Hil-herrietako kurutze handiaren inguruan bildu ziren guziak; eta hil-hobi heien ororen erdian, heien gainean kasik, gain hartarik beha zauden arima gaixoez mintzo zen jaun erretora, mintzo herriko etxe xurietan, edo han, su-tokian, erreka ilhunetan erori senpertarren arima girixtinoez. Eta nigar bazen begietan! Bainan, nigarren tartetik, zerua ikusten bezala zuten begi hek, eta zeru hartan bizirik ikusten ere zituzten hola aiphatu ziren hilak...

Ixil-ixila orduan, joan ziren guziak, zoin beren familietako hil-harriaren gainean othoitz labur baten egitera. Eta lehenagoko gizon edo oraiko kurutze berri, harri hek ederrak ziren tenore hartan, lorez oro estaliak, eta soineko beltxetan eman haurride hetaz hala inguratuak!

Eta, orai, kurutze zilarrezkoaren gibeletik, lerroan bazoazin elizarat Ama-Birjinaren litaniak errepikatuz:

«Consolatrix afflictorum, ora pro nobis!...»

Gaua heldu zen mendi handier behera; eta handik oren erdia gabe, xortaka, xortaka, eta ilhun-ilhuna, hil-zeinuak hedatu zituen Piarrex zaharrak herri guziaren gainera. Eta senpertarrak oro bildu ziren beren etxetara, bihurgune batean, arima herratu zonbeit, uste gabetarik atxeman beldurrez... Ilhun-zeinuetarik harat, gogo arimen gaua zen Eskual-Herrian, alimaleak eta oro heia guzietan mintzatzen diren gau mixteriozkoa...


Goiz-aire jeiki zen Piarres biharamunean. Heian itzuli bat egin zuen, eta lehenagoko Piarres aurkitu zen berehala, etxetik sekulan urrundu ez balitz bezala, behi bati fereka bat eman, bertze bati taflako bat lepho gainean. Alimale xahar guziek laster ezagutu zuten, begi handi maite batzu harengana itzultzen zituztela, buztana harat hunat zerabilkatela. Muu eta muu ari zitzaizkon, etxetikan urrun, hainbertze luzaz zertako egon zen galdegin nahi baliote bezala.


 

«Ba, ba, gaizoak, hemen nauk, hemen, zuen bethiko Piarres...»

Eta Gorria, bertzeak ere baino gehiago ferekatu zuen, beharbada lehenagoko intha hertsian gerthatuaz orhoiturik berriz oraino.

Hainbertzenarekin, athorra-mahunketan sartu zen Thomas, oihuka eta alegeraki ziolarik:

_Lau egun... ephe labur dituk, Piarres, lanari hi egun lotzeko. Gaineko landara bagoatzik Ganix eta biak.

Lizartzakoez bertzerik baduk auzoan; itzuli bat egin baheza beraz hor gaindi?... Auzotegiaz maiz behartzen gaituk orai kasko hautan.

_Hala hala da, aita. Banoa, Ibarburuan harat, Olhasoko etxe hoietarat. Sarri arte.

Eta joan zen Piarres...

Arratsaldean, bi orenak irian, keetan hunarat heldu ikusi zuten jaun erretora. Makila bat eskuan, Xurikori kitzikan ari zitzaion; eta xakurrak, adixkide bat sumaturik, mehatxu baino maina gehiago egiten zion aphezari:

«Xuriko! Hean hortik!»

Eta oro xutitu ziren sukaldean, Thomas bazoala bide-erdi, athetik harat, jaun erretoraren aintzinera:

_Jainkoak dautzuela arratsalde on, Thomas, Gaxuxa; zueri ere haurrak!

_Bai eta zuri ere, jaun erretora!... Sar zaite, sar; etxe-arno xorta bat orok edan behar dugu, Piarresen osasunari eta haren behin-bethikotz etxerat itzultzeari.

_Orobat, Thomas, nahiz ez dudan egarri handirik bildu bide hortan.

Sartu zen beraz erretora eta jarri ganbara batetarik Gaxuxak ekarri kadera ederrean. Eta, solas eta solas arizan ziren gizonak, ixilik zaudela Ganix, Gaxuxa eta Marie, ixilik ere Gantxume, Frantxa eta Xaneta, eskolarat behar zutela orori ahantzarazi nahiz. Luzaz aiphatu zituzten hango erreka-ziloak, alemanak, eskualdun soldadoak, omonier aphezak. Nigar bat jin zitzaioten guzieri, Paul eta Philipe gaixoez mintzatzearekin.

Oren bat oso osoa iragan zen holaxet, eta gero, xutitu zen apheza:

«Thomas, ez dut ahantzi behar zertarat ethorria naizen gaur Oihanalderat; Piarresen ikusteaz bertzerik behar dut egin; goazin orai kataminetarat.»

Eta Thomas, Piarres, bazoazin erretorarekin behereko arbi-landa handiari buruz. Erramu-aldaxka bat esku batean, ur-benedikatuz betherikako untzi bat bertzean, heien ondotik heldu zen Marie.

Landaren erdirat heldu izan zirelarik, gelditu zen jaun erretora. Supeliza xuri labur baten gainetik eman zuen estola urdina, eta hasi zen bazterren benedikatzen:

«... Preces nostras... exaudi, ut qui juste pro peccatis nostris affligimur, et hanc vermium persecutionem patimur... liberemur... Tua potentia nobis peccatoribus concede... quatenus hos pestiferos vermes per nos... maledicendo maledicas, segregando segreges, exterminando extermines...»

_Jaun erretora, jaun erretora, badoazi; behazu hunat...

Oihuka hola, Marie ari zen... Har beltz itsusi batzu, arrantzariek amuaren buruan erabiltzen dituzten harrak baino handiagoko har beltz itsusi batzu, ehunka eta ehunka, punpilka bazoazin, iduri hosto-pean, lurrean suntsitzen zirela guziak...

Xutik, buru-has, Thomasek, Piarresek ez zuten hitz bat athera; eta, jaun erretora, doi-doiako bat begiak bazterturik, aintzina ari zen, Trinitate Sainduaren izenean airea benedikatuz:

«Exorcizo vos pestiferos vermes, ut confestim recedatis a campis, sed ad ea loca transeatis in quibus nemini nocere possitis,... ut, quocumque ieritis, sitis maledicti, deficientes de die in diem in vos ipsos et decrescentes; quatenus reliquiae de vobis nullo in loco inveniantur, nisi necessariae ad salutem et usum humanum.»

Ur benedikatua arthiki zuen gero alderdi guzietarat, untzian gelditua zen ondarra ere ixuri lurrera, eta bere estola-supelizak liburuarekin bildurik, erran zioten hirueri:

«Iduri luke Jainko maiteak behatu diola gure fedeari; ezen, huna azken kataminak badoazila bertzeak joan diren toki madarikatuetarat... Agian alderat, bethikotz! Ordu ere zen zuen arbi gaixoarentzat, dena zilo eta firu baizik ez baitzen gehiago...

Nik egin dudana, Thomas, ez da sakramendua, bainan bai sakramentaletarik bat; indar handikoa hatik, fede hazkarrarekin baliatzen duenarentzat. Borthitza ere da othoitz hori eta Jaun Aphezpikuaren baimenarekin baizik egin ez dezakegun othoitza. Bainan superztizione bat litake, othoitz hori egin eta, bethi-bethi harrak suntsitzen direla uste izaitea. Maiz hola gerthatzen dela, ba, nahi dut; bainan ez bethi. Nolakoa den gure fedea, nolakoa bereziki Jainkoaren nahi saindua. Guri da galdegitea, Jainkoari aldiz gure entzutea, gaur egiten gaituen bezala...

Oxala alemanak hola ihesari eman balite, han, zuen pezoin izigarrien aintzinean!

... Izan ongi, Thomas. Emazu esku, Piarres; zaude bethi bihotzdun! Lagunduren zaitugu hemendik; eta orhoit zaite, gauaz eta egunaz, Jainkoari zuetaz norbeit mintzatuko zaiola bethi Senperen.»

Eta, zalu-zalua urrundu zen erretora, landaren kaskoan hari beha oraino zagozila bi gizonak...


Laugarren eguna jada! Zoin laster doazin orenak, hemen, herrian! Luzeago joaiten zaizkote han, erreka madarikatuetan! Bihar goizean urrundu behar! Bihar goizean utzi behar Olhaso-kaskotik ikusten dituen bazter maiteak! Zoin eder bazter hoik oro! Zinezko San Martinetako uda lilluragarria!... Eta, handik ezin mugituz, deneri beha dago, begiek ikus-ahala urrun.


 

Bizkitartean, jautsi behar du eta jausten da: bere senpertar hango lagunen etxekoak eta haurrideak ikusi nahi ditu orai. Eta zalukara badoa, inthaz-intha, landaz-landa, jende gaixoen etxeetan bihotza phizten diotela orori, berak duen baino ere kar gehiago bertzeeri emanez. Bainan, berriz oraino erraiteko, holako gezurrak ez othe ditu Jainkoak errexki barkatzen?...

Ilhuna baino oren bat lehenago, etxean da berriz ere. Bertzeak oro landan izaki, lanean ari bakarrik atxemaiten du Gaxuxa. Ez du aithortuko, bainan, loria bat zaio Piarresi, buruz-buru, hantxet, amarekin egonen baita oren oso bat. Oi, oren goxoa, mila zerez ama semeak mintzo direla, biharamunean urrunduko dela semea batek bertzeari ahantzarazi nahi liokela!... Haur jostetak egiazki, bainan zoinen hunkigarriak!...

Gero, berant arte arras, bihotzak tinko-tinkoa guziek, solas eta solas egon ziren gau hartan, Oihanaldeko sukaldean. Noizpeit joan ziren oherat, ... eta, biharamunean, lo-kuma bat doi-doia eginik, goizik biziki jeikiak ziren oro.

Nigarrak ez zabiltzan urrun; bainan batek bertzeari heien gordetzeko indarrik aski izan zuten guziek: urrundu behar zen; ez ziteken bertzela. Ilhundura bazen bihotzetan, bainan ez lehenbiziko urruntze ustegabeko hartan bezenbat kirestasun...

Oro besarkaturik, berri-berria kasik amak ongi xuritu soinekoetan, bere etxe maiteari azken behatze baten egiterat menturatu ere gabe, kurutzearen seinalea eginik, haia-haia inthari beheiti, urrundu zen Piarres. Eta bigarren aldikotz, hustu bezala zen Oihanaldea... Piarresekin, haren segi, Ganix bazoan aldi huntan, eta Donianeraino.

Hitzartu bezala, Zaldubian hartu zuten Jérôme gaizoa; eta urhats on batean, elhe arras guti zerabilkatela beren artean, bazoazin Ibarronen harat...

Bi oren gabe, manua zuten bezala bere paperak garan zigilaturik, Ganixi azken musu bat emanik Oihanaldekoendako, azken agur bat Lizartzakoendako, trein luzean sartu zen Piarres. Eta orai, bazoan Baionarat buruz, bihotza dena Senpereko eta Olhaso kaskoko gauza eta jende maiteez mukurru bethea... Jérôme bera, hain jostakina eta maitea zelarik bizkitartean, ixil-ixila zagon bere bagon xokoan...

Zorionez, Joanez Garaztarra heien beha zagon Baionan!...
 
 
 
 

X

Verdunen

«Verdunez aiphatzean, xut-xuta emaiten zaizkit ileak!
Ama gaixoa, ikus bahintza Verduneko hire haurrak!»
J.B.


 




Negua iragan zen berriz oraino, eta frango deskantsuan, etsaia matatuxea zelakotz aurkintza hetan.

Bainan, uda-berriari zonbeit egun lehenago, berri handi bat hegaldatu zen Suizatik eta Belgikarat zoan erreka luzean: Otsailaren 21ean, alemana burrustaka atheratu da, Verdun hiria hartu beharrez, Verdun hiri hartan Guillaume Enperadorea hiru egun gabe sartu beharrez. Hiru egunen barnean hola bururatu behar zen gudua, eta hiru hogoi eta hamarreko gerla guziak bezenbat iraun behar zuen gudua... hasia zen!

Verdun! Izen ikaragarria egiazki eta bethi aiphatuko dena, ehun mila gizon hantxet erori behar baitziren, leze gorri handi batean bezala! Parise harturik bezenbat indar eta balentria bazukeen etsaiak, Verdune bereturik, Frantziaren atheak han izan balire bezala Verdunen, eta Frantziako banderak oro... Eta Frantziak ez zuen nahi etsaiak Verdune har zezan, ez zuen nahi Pétain jeneralak, eta... ez du hartu sekulan:
 
 

«Jeneral nausiak erran zuen: "On ne passe pas. Halte-là"
Eta manu izigarri hori atxiki zen hala hala...


 






Trebes emanak, hantxet zinezten frantsesez mila'ta mila.»

J.B.Eta, lerro-lerro, gure erreximenduak bazoazin harat, bat bertzearen ondotik Verdunen urtzerat. Bainan urtzen den burdinak ziloa tapatzen duen bezala, alemanak egin ziloak oro tapatzen zituzten hek, erortzean. «Xuti hadi, eta harriturik, behazak, beha, Frantzia!»


Aphirilaren 21ean, Piarresen erreximendua, berrogoi eta bederatzigarrena, Craonneko aurkintzak utzirik, bazoan, bere aldian, labe gorri eta odolstatuari buruz.


 

Condé-en-Barrois deithu tokirat oinez heldua zen, maiatzaren 6an. Eta, hamabortz egunez gero, moldatzen aritu zen Enperadorearen Konprintz-seme errabiatuaren furfuriari behar bezala buru egiteko.

Hogoiean, hupatu ziren beribiletara, eta Dugnyn jautsirik, bazoazin orai Verdunerat, 21ean eta 22ean han, hirian oraino egoiteko. Harat hurbiltzean, hurbilago eta gehiago, soldadoen harritzea! Milaka eta milaka ihurzuriak karraskan ari balire bezala, oi hango haro-arramantz ikaragarria!... Ikusiak ikusirik, zer behar zuten oraino gainera?

Joanes, Piarres eta bertzeak, elgarri hitz bat erran gabe, elgarri behatzen ere ez zutela, pala, haintzur, grenada eta xixpaz kargaturik, buruak aphal bazoazin. Zer iragaiten othe zen han? Zer eginak zitezken hango lagunak? Ez othe burdinaz ihaurriak eta ehortziak?...


Maiatzaren 21a eta 22a Verdunen berean iraganik, arratseko bederatzi orenetan, batallona batallonaren ondotik, Baionako soldadoak hupatzen dire beraz, kalbario izigarria beren aldian hasten dutela hek ere. Souville, Fleury, Douaumont, Boneff, les Carrières, les Essarts, Vaux-Chapitre, le ravin du Bazil, de La Caillette, le boyau de Haus, la tranchée Charlier, Budapest, le boyau de la Fontaine, la route d'Etain, le bois des Caures!... Zer izenak! Zer burrunbak, zer ihurzuriak izen lazgarri horietan!!! Fleury-tik eta l'Etang de Vaux deithu ainziraraino, maiatzaren hogoi eta bederatziraino, gure soldadoek han pairatuko dituztenak!


 

Piarresen batallunaren erdia suntsitua zen, Douaumoneko errekarat, manatua zitzaion bezala, heldu ere gabe. Andarka bazoazin, mila pusken garreiuan han zabiltzan guzien tartetik. Gau bat ilhuna, suzko erauntsiak bakarrik argitzen zuela noiznahi. Kheak, bolbora usainak, asphyxiants deithu obuza pozoindatuek ithoak, erreak, janak, bazoazin bethi, norat joan, non geldi ere ez zakitela maizenik, bidatzailerik nehor ez zitekelakotz han kausi. Erreka guziak hilez eta kolpatuez betheak, kankarrikatuak. Etsaia tira eta tira, karraskan ari bethi; eta nolazpeit, han, obuza-ziloetan, kurumilkatu behar, aztaparka lurrari lothuak oro.

Elgarri kontra sorkan emanak, izigarriak ziren beren maska itsusiekin; salbu zuek eta, alimale batzuen iduriko eginak. Argi hastean, gerruntzeraino ageri zirelarik bizkitartean, aintzina joan behar beren onetan, etsaien mitralleuzek xehakatzen zituztela. Boyaux-bide gehienak lehertuak izanez alde orotarat, Joanes gaizoak ez zakien gehiago bere gorphutz alimalea nun pitta bat gerizan eman...

En avant! Eta, aintzindariak lehen, badoazi bethi, leher eginik azkenean, han, zilo handietan biziak erori arte, hilak edo hil-urrenak bidean erainik eta utzirik.

Errabian eta marro thematsu bat iduri zuela, etsaia heldu zitzaioten orduan berean. Bainan debalde heldu. Gehiago urhats bat ez ginezaken guk egin; bainan ez futxo harek ere! Halte-là... Lehen lerroa erhausten ginion gure mitralleuzekin; eta, hilen gainetik heldu zen berehala bigarren lerroa. Bainan, hil edo bizi berriz elgarretaraturik, bigarren lerro hau ere laster hedatzen ginuen lehenbizikoaren gainera: eta, lasterka, ihes bazoazin gero eskapatuetarik zonbeitño. Luze-luzea lurrean emaiten ziren aldiz bertze batzu, alegia eta hilak... On ne passe pas! Eta ez ziren iragaiten.

Bainan, zeren gostuz! Gerlaren berri bazakiten ordu arte ere gure soldadoek! Eta bizkitartean, Verduneko berri ez zakienak, deusik ez zakien. Metan emanak bezala, han zituzten, sorbalden gainean, buruaren gainean, oinhaze, miseria, gabezia, izialdura, kordoka guziak. Ziloetarat hupatze horrek zango-bulharrak hausten ziozkaten; eta gero, gauaz, egunaz, lanean ari behar, geriza zerbeit izaitekotz, eta bethi tarrapataka, etsaiaren su izigarriaren azpian! Jatekoak, gerlako puskak bilhatu behar, biderik gehiago ez zen tokietan barna! Zilo txar batzu, egin orduko bethi deseginak! Gosea, egarria bereziki, ezin-jasanezkoak! Dohatsu, bi egunetarik, ebaska bezala, ahamen zerbeit emaiten zutelarik hortzen artean, edo ur xorta bat, ur zikin bat biltzen zutelarik, dena lohi zen obuza-zilo batean. Zeru bat, Kalbarioko zerua bezen ilhuna! Lohia, basa! Basa bat higuingarria, belhaunetarainokoa, bulharretarainokoa, lagun bat edo bertze frangotan iresten zuen basa higuina!

Eta, beren aintzinean, zer eta nolako bixta! Zangoak baino gehiago begiak ez jakin non finka! Bazterrak oro higuingarri eginak, usain izigarri bat heldu zela alde orotarik! Jainkoak hain eder egin toki hek oro, dena zauri, haragi-bizian bezala irauliak, xirxirikatuak! Pezoin, jende, gauza eta harma-puskak orotarat hedatuak! Soldado hilak, alimale hilak non-nahi! Zilo handietan, untzi batean uliak bezala, mando eta zaldi hilak ur zikin batean igeri! Deus bizirik ez han gehiago, Azken Judizioko mendi-erroiza iduri zuen toki hartan guzian: ez lore bat, ez arbola ihartu bat, ez eta xori bat aldaxka horitu baten kaskoan!

Herioaren Erresuma da han; herioa berez-bere dabila han gaindi, xixtuka, burrunbaka, karrasiaka. Atzo hek, egun hauk, bihar nor othe? Kanoiak, torpillak, ehunka, milaka, erhotuak bezala, oro erhausten dituztela, lurra, pezoinak, harriak, bulharrak! Batallonak zaurituak, zilokatuak urtzen bezala, bata bertzearen ondotik! Soldado hazkarrenek deusik ezin egin tresna berri izigarriek urrundik igortzen dioten heriotzearen kontra!

Eta, han ere kanoi-pezek zafratuak direlakotz, gibeletik deus laguntzarik ez heldu, ez ethortzen ahal ere... Mundua? Ba othe da gehiago mundurik ere gibelean? Ez da gehiago, ez letrarik, ez depexarik, ez telefonik: pazote edo hari, hoik oro xirxikatuak dire aspaldi. Eta odolez gorri-beltzatu bide-xendra ttiki hortan zenbat soldado ez da erori, paper bat eskuan, manu bat ekarri beharrez, hil edo bizi petarrari beheiti aintzina heldu zirelarik!

Eta, obuza-ziloetan ehortziak, Piarres eta haren lagunak, mokor bat bertze mokor baten ondotik bere bulharrekin begiratu behar duten frantses lurrarekin bat eginak, han daude! Harrituak, hitz bat gabe eginak, bainan han egoki!!!

Beren aldean, eskuinean, ezkerrean, zer ari diren, nola eta norat doan gudua, hoi ez dakite. Tokiaren gainean hiltzen baizik ez dakite. Sahetseko lagunak, erortzean, odolez estaltzen ditu. Alemanen minak bi egun hartan zilatzen entzuten dituzte, han ondo-ondoan; eta ez dire beren tokitik mogitzen, bihotza saltoka ari zaiotela. Gureak ere, panpa-panpa, kontra-minaren egiten ari dira; oro zoin zaluago, zoin gehiagoka. Nor lehenik helduko den bertzearengana... hortan da guzia. Eta maiatzaren 24ean, etsaia, bere mina madarikatua lehenik jauzarazirik, aintzindu zaiotelarik, grenadak eskuan besagainka etsai horri ari dire, alimaleko zilo berriaren hegi-hegirat, ahal duten bezala, herrestan iganik! Jérôme, beren lagun maitea eskas dute oraikoan, minak pusketan ehortzirik, han, beren aldean, hogoi kintal lurren azpian! Eta ez dute ohartzeko astirik ere, ez eta nigar baten egiteko: etsaiak gainean dituzte jada, eta etsai hori ez dute utzi behar iragaitera.

Jérômekin, bertze asko galdu dira pezoin handiaren xehakatze ikaragarrian. Hola ehortzi direnetarik askoren besoak, zangoak, kanpoan hortxet daude, nahas-mahas hedatuak edo bardin pezoin berrian odoletan landatuak. Mila pusketeria bada non-nahi. Non-nahi erainak, huna letrak, etxetik ethorri letra maiteak, soldadoen bihotzak hainbertze aldiz sustatu dituzten letrak... Eta orai, hil-herrietan loreak bezala, huna non diren soldado heien beren gainean hedatuak. Huna ere letra horiekin, fotografiak ahurtaraka, kanoi-peza handien haizeak alde orotarat deramazkala.

Beren adixkideen gorphutzak zangopetan ostikatzen dituzte, eta horri ere ez dira ohartzen Piarres eta bertzeak; deuseri ez dira ohartzen... Zeri nahi duzue hek ohartzea gehiago?

Compagnie du silence erraiten baitiote, huna, ilhunbean, brankardierak, eri, kolpatu eta hil-altxatzaileak. Ixil-ixila, egiten dute... ahal dutena, berriz oraino ethortzekotan, etsaiak batere uzten baditu berriz hurbiltzera.

Han oraino bizi direnek ez diote heieri ere biziki behatzen. Xixpak eskuan, grenadak ahurraren menean, etzanak horra non dauden, jauzi batean berehala xutitzeko, alemana aintzinerat heldu bazaiote. Aleman hori han geldiaraz, edo bera han geldi sekulakotz, horra hango soldadoaren gogo bakarra...

Zer zaiote, gibelean, phestaz-phesta, dantzaz-dantza bizi direneri? Goiz guziez, beren gosaria bero-beroa irestean, erhi-puntez doi-doia daukaten kazeta irakurtzean, marmarmar hasiko dire, zer ari othe diren soldadoak, bethi han, Verduneko kasko hetan?...

Zer ari soldadoak?... Hitz bat gabe hiltzen, hiltzen kasik oro, lerro-lerro, bat bertzearen ondotik... Eta gibelerat jautsiko diren bakar hek, goiz batez jakinen dutelarik handik jaustea dutela, zozotuak osoki, ezin sinhetsia dukete bizirik hek ditezkela oraino eta ifernu hartarik atheraiak!...
 
 

...«Ikaran eman hadi, Frantzia; ez dukek hor urguilurik...
Munduak sekulan ez dik izan hoin handiko soldadorik!»
J.B.


Beren puxketeriak, amets batean bezala bildurik, arima herratuak iduri, gibelerat jaustera zoazin beraz Baionako soldadoak. Ezin aski laster urruntzea zuten hala thematuz begiratu zuten toki ikaragarri hartarik...


 

Eta, bizkitartean, orduan ikusi zen gauza bat, zinez espantagarria! Soldado bat, soldado bakar bat, xut-xuta agertu zen betbetan pezoinaren gainean. Eta, grenada bat ahurrean, hantxet zagon, xutik, lur irauliari josia, zango bat aintzin, begiez iresten zituela alemanen erreka-zilo madarikatuak...

Nor zen hura eta nongo erhoa, hola burua betbetan galdu zuena?... Gizon hura... eskualdun soldado bat zen; bere herriko plazan, pilota bat eskuan lehenago egoiten zen bezala, grenada bat eskuan orai han zagona, pezoinaren gainean, etsaiari buruz dixiduan!

Berenaz gaitza zen jada gizona. Bainan, lur uzkaili heien guzien erdian, zen baino ere biziki handiago emaiten zuen tenore hartan.

Ziu, ziu, liztorrak jada hasiak zitzaizkon, xixtuka alderdi guzietarik; bere adixkideak aldiz, oihuka gibeletik. Konturik ez zioten egin, tuntik, ez batzueri, ez bertzeeri. Luzaz behatu zioten etsaien eremueri. Ukamilo ezkerra gehiago oraino bildurik eta bihurturik, bi plegu egin zuen eskuineko besoa; eta besa-gainka, artik-ahala urrun igorri zuen ahurrean zaukan grenada beltz ttikia. Eta gero, burua xut, burua gora, begiak sutan, bi ukamiloak bildu zituen mehatxu batean, eta oihu bat arthiki zuen zinez izigarria!... Irrintzina! Eskualdunen irrintzina, han, Verdunen, etsaieri bi urhatsetan! Irrintzina bat borthitza, dardarika batekin botaia, Altabizkarreko irrintzina hetaz geroztik bertze bat ez baita beharbada munduan holakorik aditu!... Orriako mendietan lehenago bezala, Douaumoneko erreka gorri-beltzatuan, eskualdunen irrintzina ari zen, nausi ginela, gaina ginuela dardaran errepikatuz!...

Hitz bat gabe, bihotza jauzika, aleman eta frantses, oro hantxet zauden harrituak...

Anhartean, bere bethiko urhats hartan, eta deus espantagarririk egin ez balu bezen deskantsuan, Joanes Garaztarra eman zen Piarresen aldean. Bere puskak sorbalda gainerat errain-kolpe bakar batean bildu zituen, eta... Verdungo alderat egin zuen, bertzeek bezala...

Piarresek behatu zion, bainan fritsik ez erran. Liotinantak, hurbildurik, begietarat behatu zion harek ere, eta gero erran goratik:

«C'est fou, ce que vous avez fait là; mais c'est beau!... Aldacourrou, vous êtes un brave, et le colonel saura cela»...

Burrunbaka eta alde orotarik, aintzina ari zen Verdungo gudu handia. Bainan, etsaia jada durduzatzen hasia zen.

Jina zen bere tresna lazgarri guziekin, bere armada izigarriarekin, Verduneko inguruan trionfaren begira zagon Enperadorearekin. Enperadore horren seme zaharrena bera ororen manatzaile... Lehen oldarraren ondotik leher eginik gelditua, thematu zen, errabiatu zen. Gero, ez zuela gaina izanen... beldurra sartu zitzaion. Oh! ez berehala! Luzaz oraino, fur-furia gorrian ethorri zitzaukun gainera. Bainan, harririk ez burdinazko gaterik ez balinbazen gehiago, kalernari ihardok zezokenik, gure soldadoen bulharrak han ziren ordean, harri guziak baino miletan hazkarrago. Eta, harrizko bulhar horieri kontra lehertu behar ziren etsaiak, itsasoa harri-kotor handieri kontra lehertzen ohi den bezala.

Joanes Garaztarra bezalako soldadoak ikus eta, orduan, beldurtzen hasi ziren. Ordutik, azpiratuak ziren. Luzaz oraino zalapartaka behar ziren ari; bainan alferretan!

Pétainek errana zuen: «On les aura!» Eta... on les a eus, mon général!

XI

Pausan

Herioaren Erresuma higuina Verdunen utzirik, jautsi ziren beraz, beharriak hango karraska guziez, begiak hango izigarrikeriez betheak. Oh! ihurzuri hek, lur-uzkaili madarikatu hek! Bereziki, hil-herrietako kurutze beltz hek oro, alderdi guzietarik heldu zirela, bi besoak zabal! Heien oinetan ehortziak oro, phiztu eta, heldu othe ziren bada, bi besoak aintzin, Joanesen, Piarresen eta bertzeen hartzerat, besoen artean tinkatzerat eta, garhaiturik, berekin harturik, berekin eremaiterat? Izerditan, noiznahi, amets itsusi batzuetarik atzartzen ziren.

Bai, pidaia luze baten ondotik, pidaia hartako harramantzak buru-fuñetan sartuak gelditzen zauzkun bezala, Verdungo zer guziak han zituzten bihotz begi eta beharrietan landatuak. Eta zinez, pidaia luze bat eginak zirela zonbeit egun hetan! Hain luzea, non, berriz gibelerat itzuli gabe, hantxet oro gelditzer baitziren!...


Eriaroaren hogoita batetik eta aboztuaren hogoita zazpiraino, Grurieko oihanean, Argonan, kokatuak egon ziren gero; eta hamabost egun oraino, Perthetik ezker, Champañan. Grenada ukaldika noiznahi kataskan artzea zuten, eta Joanes Garaztarrak berak zaukan; Lekumerriko plazan puskaz hobe zitekela...


 

Zorionez, Camp de Mailly deithu xokoan, ikasi zuten... berriz bizitzen, erdi hilak bethi egoiteko orde; eta goxo zitzaioten, gerlako harramantza guzietarik urrun, bizi baitziren oraino. Bi hilabethe osoz, 1916-ko hazilaren ondarreraino, Dosnon eta Granvillen egon ziren pausan, gerlako molde berri batzuen ikasten. Tapa taparen gainean, marxa luze batzu ere eginarazten ziozkaten, erhotzen baitzen Garaztarra: «Berriz ere behartuko ziak, Jinkoak luzexko in bainindien! Bestenaz, undarra higatua nindukek, eta aspaldi!»... Bainan, zer ziren horiek oro, Verdunen pairatuen aldean?...


Herritik jin letra batek ekarri zioten orduan berri bat, orori bihotza ilhundu baitzioten egiazki. Senpereko bikarioetarik bat, Berruet gaixoa, hantxet gelditua zen, buruilaren 4ean, Tavanneko tunelian. Su-ziliporta zerbeit bolbora-meta batzueri lothurik, hamabost-bat ehun lagunekin, xirxikatu zen bikario erne maitea. Eta nigar egin zuten Piarresek eta haren lagunek, orok herrian hain gora ezartzen zuten aphez gazteaz orhoitu eta. Aphezik ez zela su-tokietan!... «Laboraririk eta aphezik baizik ez duk eta han gaindi!», Joanesek oihuka zion bezala...


 

Toki hetan beretan, jakin zuten, 249garren Erreximenduko heien lagunek zenbat pairatu zuten, hek ere, Verdunen, maiatzaren zazpitik eta hemeretziraino; sei-zazpi ehun gizon... hil eta kolpatu baitzitzaizkoten hantxet. Ibarnegarai deputatu eskualduna bera ederretarik atheraia zen! Zaldiz bere soldadoekin zoalarik, aleman obuz bat lehertu zitzaion, zaldiaren azparretan beretan, alimale gaixoa pusketan erori baitzen hantxet, begien hesteko artean! Jauzian xutik eman zen deputatu biphila, oihuka ziolarik: «Errak, to, Gantxume! Errain die gero Jainkoik ez dela!».

Bai bazen Jainko bat, gal-bidetik hainitz gizonen atheratzeko, edo beren Herriarentzat erori zirenen gain hartan saristatzeko.

Eta Jainko horren othoizten ari, miliunka baziren arimak; ez gutienik Senperen. Gerlako xirioa bethi ari zen erretzen, han, aldare nausiaren aintzinean. Guduan ziren senpertarrek bazakiten, herriko lau ehun familia bazirela, gerlaren hastean bezen jarraikiak bethi zaudenak Adorazione Handiari. Haurrak, andanaka bazoazin hek ere elizara, mahain-saindura, beren anaia zaharrentzat, bardin beren aita gaixoentzat othoitzetan garbienaren egitera. Eta, Bihotz Sakratu berri ederraren aintzinean, Lurdeko Ama Birjinaren, Jon Doni Mikael eta Joanna Sainduaren oinetan, xirio, lore eta othoitz, bazen bethi orotarik, athertu ere gabe sekulan:
 
 

«Behazu, Jauna, zure haurreri: hor daude belhaunkatuak...
Ez ahal ditutzu ezarriko oro aitaz-gabetuak!

Gu, hemen, hobendunak bagira, garbi dira gure haurrak;
Horien bihotza ikus eta, ez igor zure zigorrak!»
J.B.


 






Urrian, Arrosarioaren hilabethean, Baionako Aphezpikuak hola galdeturik, hilabethe guzian, gau guziez, lau edo bost herrietako gizonak behar ziren egon Sakramendu Sainduaren aintzinean, gau-beilan. Senpereko eliza zaharrean berrehunez goiti gizon bildu zen: zaharregiz edo bertzela, gerlarat joan ez ziren gizonak oro. Phesiaka uria ari zuen kanpoan, eta, banpa, banpa, gau ilhunean, heldu ziren aintzina, zoko guzietarik. Eta bi oren luzez, 40, 50 aldian, laborariak hantxet zauden, mahain sainduari hurbil, xutik, osti xuri handiaren aintzinean. Heien ondotik gero, bertze aralde bat, eta bertze bat oraino; holaxet argi-ezkiletaraino. Eta _eskualdunentzat handi baita beharbada_ beren erretora lehen, eskuak kurutzean emaiten ziren noizetik noizera, Iguzki Saindutik heieri beha zagon Jesusi hasperapen batean kantuz ari zirela: Parce Domine, parce populo tuo; ne in aeternum irascaris nobis!... Nork erran, gau-beilatze hunkigarri hetan zenbat soldado begiratu den, odoletan bertzenaz erori behar baitziren, han, gerla-tokietan?

Gainerako berriak bardin onak heldu zitzaizkoten beren etxeetarik. Herrian, orok elgar laguntzen zuten hazkarki. Auzotik auzora eta bardin urrunera, esku-ukaldi asko emaiten zen bethi, eta Senperen kokatu baztandar eta bertzeak ederkixko baliatzen ziren tenore hartan. Emaztekiak ez ziren den mendrenik herabe gizon-laneri karraskan lotzeko, eta arras lur guti utzi zen larre joaitera. Goiti heldu ziren muthiko kozkorrek, eta hek bakarrik, beren buruez mintzarazten zuten guti aski. Lanean ari ziren egia da, eta gizon batzu bezala. Bainan, herriko gazte handiak han harat urrundurik, iduri zitzaioten, gizonak... hek zirela. Gizonarena egin nahi zuten karrikan, merkatuan, ostatuan. Denen irri-egingarri, oilar hetika batzu baizik ez ziren, aski lodi egiten ahal ez zituzten beren boz larrutuekin. Eta, hala-hala, ez zioten nehork biziki behatzen herrian. Bertze grinarik bazen bazterretan!...


Bizkitartean, gure soldadoek pausa-aldi bat ona bazuten harturik Dosnonen eta Granvillen. Errevua errevuaren gainean iragaiten zuten. Egun batez, nor harritu eta Piarres eta Joanes harritu, jakin zutelarik, bertze bostpasei lagunekin, gerlako kurutzea izanen zutela batallon guziaren aintzinean, lehenago Craonnen eta orai Verdunen egin zituzten balentria guziengatik! Eta, hala-hala, goiz batez, pinpirinan emanak, bizarrak eta guziak eginik, hantxet zauden ikaran, beren lagunen aintzinean, erreximenduko banderaren aldean. Musika errepikan ari zen heientzat. Eta gero, baioneta karraska bat, oihu bat: «Au drapeau!» Handizki goretsi zituen Gomenantak. Bulhar-gainean ezarri ziozkaten izarrarekilako kurutze pullit batzu eta besarkatu zituen.


 

Gero, manu ozen bat orori: «Pour défiler!...» Eta orai, urhats berean, batallon guzia aintzinean iragaiten ari zitzaioten Piarresi, Joanesi, heien laguneri, baionetek dir-dir egiten zutela eta musikak karraskan emaiten ziotela Baionako beren bethiko aire pullita: Sambre et Meuse... Zuri-zuria eginak, mathela koskoak doi-doia pitta bat gorrituak, pazote batzu bezala zauden Piarres eta Joanes, gure bi adixkideak. Oren ederrik ere badela hatik lur huntan, gudurik itsusienean berean!...

Eta orai, akabo zen...

_Ah, Piarres, Piarres, hire Craonneko arboleñoa! Hire arbole hartako bi xoriak!... Ordu zian, to, orhoitu baitira gure aintzindaritto horiek!

_Ba eta hire Verduneko irrintzina hura! Ez diaudek bertze holako bat entzunik!...

_Ez entzunik! Han ez, agian gehiago! Bainan, beste edozoin tokitan, nahiko dutelaik eta nahi duten bezanbat... Horiek guziak hola, guk lau egun gehiago izain lehenbiziko permisionian, eta hamar hamabi egun goxo hantxet iragain gure herrian, amattoren onduan! Emak eskia, Piarres!


Eta, hala-hala, beren erreximendua Somme departamenduko lohieri buruz, tapaz tapa, herrestan bazoalarik, gure bi adixkideak Eskual-Herrirat buruz hegaldatu ziren, dotzena bat egun luzeendako. Eta, Eguerri arratsean, Lizartzan itzuli bat eginik, Piarres... gaztena jaten ari zen Oihanaldeko sukalde handian. Erreka-Luzetik ekarri sukil alimale bat erdi-suntsitua zen jada su-burdinen artean; eta bazen hirri barne hartan guzian. Gerla zen bethi, bainan gogoak arinago egiten ari ziren halere; eta Jesus Haurraren aingeruak han gaindi ibilki sumatzen zituzten, bi urthe luzeen buruan ethorri behar zen Bakea, urrundik bada urrundik, mezutzen ziotela orori. Gantxume, Piarresen kurutzeari dilindan lothua bezala zagon, bere anaia handiaren zangoen artean egin-ahala luzatuz-luzatuz...


 

Eskual-Herrian bethi egiten ohi den bezala, hamek-orenetan gelditu ziren oro jatetik; orok kominiatu behar zuten alabainan. Eta, handik laster, Xuriko ber-beraren menturalat Oihanaldea utzirik, lasto-argiak eskuan, bazoazin oro elizarat.

Hamekak eta erdi beretan, hasi zen Eguerriko gau-beilatzea, jendea osteka heldu zela alde orotarik, gau eder ilhunean; haurrak, xoxotuak, harrituak ere tenore hartan aitarekin eta amarekin zeren hala heldu ziren, heien esku-muthurreri lothuak eta non-nahi eroriak, Oilo-kolokari sobera behaturik zeruan... Xoko-moko guziak oro estali ziren berehala eliza handian; eta aintzin hartan emana zen Betelemeko heia pullit bati beira, lehenagoko Artzainak iduri, mundu huntan egin ahala ari ziren kantuz, errepiketan.

Oi, Eguberri gaua _ Atzar gaiten _ Airerik ederrenetan _ Gaur sortu da Jesus Haurra _ Oi Bethleem _ Beude bazter egun _ Dugun alegrantzietan _ Gau-erditan aingeruek _ Hots, Aingeruek, _ Eguerriko kantika zahar guziak, Noelak, hegaldatu ziren zaflaka. Eliza xoragarria zen, dena lore, dena argi, dena jende bereziki. Crechan, Heian, Ama-Birjina, San Josep ahuspez emanak Jainko-Haurraren aintzinean, othoitzean ari ziren ixil-ixila. Haur hari beren bildotxak eskainiz, maniuretak eskuan, Artzainek... biziak iduri zuten; astoa, behia, hatsez hanpatuak, Jesus ttikiaren berotzen ari ziren; eta gooldi xehe batean xuri-xuria, lasterka heldu zitzaizkon bildotx muñuña batzu.

Gero, hamabi oren beretan, Meza, Gau-erdiko Meza, meza hura ikusi ez duenak gauza guti baitu ikusirik Senperen... Eskuarazko Ebanjelioa, xutik entzun zuten han ziren guziek, bihotzak ikaretan eta maitetasun handi batek harrotuak. Gau hartako mixterioaren gozoa! Bethi bardin berria, hemeretzi mende hautan urthe oroz bethi berritzen delarik bizkitartean!

Mila kominiatzaile hedatu ziren gero burrustan Mahain-Saindurat.

Bigarren meza, Eskerren Bihurtzeko meza hastera zoan; eta, joan erretorak ez zituen guti harritu guziak, bigarren selauruan, eta heientzat othoitz bat galdetzen ziotela, erakutsi ziozkatelarik bi soldado maite, herioari eskapaturik, amets batean bezala loriatuak han zaudenak, gauerdiko mezan, Senperen, beren herritarren erdian. Batto, Etxegaraiko Pierre, Douaumonen kolpatu ta, hogoi bat oren bere menturalat lurrean utzia eta alemanek altxatua, preso harturik izana zen. Bere ezkerreko besoaren baliorik hoberena han utzia zuen gerlan. Bainan bizirik hor zen halere, orai-orai Senpererat ethorria. Seietan-hogoi frantses lagun kolpatuekin, Suizan barna iraganik, Lyonerat jo zuen aintzineko egunetan; eta han trukatu zituzten bertze seietan-hogoi aleman kolpatu handiekin. Eta, Senpererat orduko, gau-erdiko mezarat jauzian ethorria, hantxet zen orai, selauruaren erditsutan jarria. Haren aldean, Luluako Arnaud, han nonbeit Champañan kolpaturik eta bere zango bat ospitalean utzirik, Pierre bezenbat ahalkatua zagon hura ere tenore hartan guziek emaiten zioten amodioaz.

Othoitz bera gero galdetu zuen jaun erretorak, elizan ikusten zituen eta permisionez ethorriak ziren bertze soldado gaixoentzat; eta pitta bat gorritu zen Piarres, adixkide askok maiteki zeren behatu zioten berehala. Behereko alkietan, ximiko handi bat egin zioten Goañak bere arrosarioeri...

Azken kantu baten emaiten ari ziren orai herriko neskatxak: Soldadoen Eguerri. Eta, bozean ikare batekin, orori bihotzak harrotzen ziozkatela eta begiak bustiarazten, ari ziren beraz:
 
 

«Oi Jesus-Haur ttikia, soldadoendako
aurthen gure othoitza duzu adituko!
Hemen gure othoitzer duzu behatuko
eta gure umeak han gerizatuko!
Beren Eskual-Herriaz dire orhoituko;
lehengo Eguerriez dute ametstuko...
Eta nigar bat zeie orori jaliko!
Heien nigarra, Jesus, duzu xukatuko!
Herioa hetarik duzu urrunduko,
_arima eta gorphutz_ ditutzu zainduko,
ait'amen besoetan laster ezarriko...
Bertze Eguerri hemen dute ikusiko!...
J.B.


 






...Lehengo Eguerriez orhoiturik, orhoiturik azken bi urthe hetako Eguerri ikaragarriez, eta ere gau hartan berean lagunek, han, lohiaren erdian iragaiten zituzten Eguerriez, burua eskuetan... nigarrez ari zen Piarres...
 
 

XII

Lohian

Piarres hola etxean goxatzen ari zen artean, sekulako bideak oinez eginak zituzten haren lagunek. Otomobilek harturik azkenean Ully-Saint Georgetik eta Harbonniererat, Eguerri bezperagoan sartu ziren Ablaincourt-Déniecourreko erreka-ziloetan.

Han kausitu zituen Piarresek; han egon behar ziren berrogoi bat egun luzez, lohian lephoraino ehortziak, gauaz doi-doia hatsa pitta bat hartzen zutela, egunaz 105 deithu aleman obuzek bethi ixtikatuak.

Ai! Sommeko lohiak, hamaseieko negu borthitzean, izaiten ahal den toki ustelenean. Ai! gauazko guardia ezin-erranezkoak, itsaso bat bezala alderdi guzietarik heldu zen basa higuinaren erdian, zangoak ubeltzen eta hormatzen ari zitzaizkotela orenetik orenera!

Lohi higuina, hastiala, okaztagarria, haxoinetarik eta galtzeri goiti, gerruntzean, bulharretan barna, lephoraino igaiten zena, hotz-hotza eta ixil-ixila, alimaleko apho itsusi bat bezala! Ez zen, lohiarentzat, ez gazterik, ez zaharrik, ez aintzindaririk. Oro bardin lohi zikinaren aintzinean, herioaren aintzinean bezala; denak bardin iretsi nahi ukan balitu bezala heldu baitzen bethi, bethi, zauri itsusiena baino itsusiagoa; hotza, horma puska bat bezala, erhotzeko ere baitzen azkenean!

Kanoi-peza batek luze-luzea etzanarazi zituen ondoan, altxatzen ziren, izigarriak egiazki, lohia zariotela, lohi eginak zangoetarik eta kaskoraino. Les Poilus!!! Horra zer ziren: lohi puska bat. Bainan zenbat loriosak! heien aintzinean belhaunikatu behar zitekela erraiten baitzuen aintzindari handienetarik batek...

_Errak, to, Piarres! Ez dakik untsa zer muthiko ederra hizan! Dirurik ez dela gehiago..., merke beztitzeko, hunarat igorri behar lizkek gobernamendiak bere gizonak oro: lohiz bezti lezazkek eta urririk!... Hola muntatuik ikus bahindezate Pariseko karriketan, edo... Oihanaldeko sukaldian!

_Ba, eta ikus bahindeza hi treineko neskatxa panpina harek, dena irin baitzoan Baionarat eta gutaz okaztaturik!...

_Ikus banindeza?... To! bekaturik batere in gabe, hemengo irin huntarik pitta bat bota nezokek, hango bere irinaren gainian eman dezan, hobeki oraino pinpirinatzeko...

Gizonak baino gehiago ez zirena berriz ere, hola mintzo ziren soldadoak?

Gibelean, han, hirietako lantegietan, zozializt, komunizt eta bertzeak, lanean ari ziren, herioaren menetik urrun, bero-beroki, atherbean; hogoita bost libera altxatzen zuten eguneko, bizia orori astetik-astera karioago, garastiago egiten ziotela, eta Jainkoak daki zenbat urtherentzat!... Langile horien nausiak, egun guziez gehiago, aberasten ari ziren, burrustakan bilduz herri guzietarik Frantziarentzat emana zen urhe pullit ederra, mihisen artean ordu arte gorderik orok zaukaten urhea!... Arranoak iduri, hil eta kolpatuen odolaz gizenduak, inguru-inguru hegaldaka, ontasun ederrenez jabetzen ari ziren gure Eskual-Herri maitean berean!...

Han, Berny, Foucaucourt, le Casino aldean, Sommeko erreka ziloetan, uria pesiaka heldu zen, uriaren gainera gero elhurra eta horma ikaragarria; haizkorarekin hautsi behar zen jatekoa; lohi bilhakatuak ziren gure soldadoak; lerro-lerro, bat bertzearen ondotik, hiltzen ari ziren, eta... bost sos irabazten zuten egunean!...


Bizkitartean, aireko xoriak, avionak, zapartakan ari ziren, _gorri, xuri eta urdin_ begi handi batzuekin gureak, kurutze beltz handi batzuekin aldiz alemanenak. Orok ongi zakiten erle eta liztor-burrunba berezi bat bazabilan bethi, han, zeruan. Begiak erne behar zen orduan, burrunba hura hurbilxkotik sumatu zelarik. Lephoko zainak bihurturik egoitea zen, gain hartarik firrindilaka eta betbetan herioa jauts zadien beldurrez. Oldar zerbeiti buruz ari ginela moldatzen, gauza ageria...


 

Eta oldarra egin zen, urrun-urrun ereman behar ginituen oldarra, gerla bururatzen ahalko zuen oldarra behar bada, xuxen oraino ez dakigun zerbeit ezpalitz gerthatu, bertze hainitz aldiz bezala...

Goiz batez bethi, baionetak aintzin, jauzian atheratu ziren gureak; eta, hil edo bizi, beren buruak ahal bezen ttiki egiten zituztela gure soldadoak bazoazin, bala, mitralleuza eta grenada erauntsiaren azpian. Zenbat erori othe ziren lehenbiziko oldar izigarri hartan?... En avant! Aintzina... Bethi aintzina!...

Eta berehala etsaiaren gainean ginen, grenada ukaldika, baioneta sistaka, zizpa giderraz bardin kaskaka. Etsaiak eskuak altxatzen zituen: «Kaput! Kaput!... Franzoze, perdonne!» Metaka presonerak eginak ziren. Kanit handi batzu eskuan, gureetarik zonbeit erreka-ziloen garbitzen ari ziren jada... Les nettoyeurs de tranchées! Gizon izigarriak egiazki!

Alemanen gomenant handi bat bere eskuz lephotik harturik, erhotua, Piarresen kapitaina gibelerat heldu zen oihuka:

«Emmenez-moi cet homme à l'arrière! Et vivement, car on a besoin de vous par ici!...»

Piarresi, Joanesi ari zen hola. Joanes bere aztapar alimaleekin lotzen zaio berehala alemanari, kapitaina bere soldadoetara jada badoalarik.

Bainan alemanak gogor egiten dio gure Garaztarrari:

_Vous pas moi toucher!... Offizier!

_Ofitzir?... Ah! agur-gose hiza? Emain dezteat ba nik agurrak!... Hea, Piarres, loth-hitzakio beste besotik... Hola, zimikuan, eta errotik!

Eta bien artean eraman nahi dute holaxet. Bainan, bertzea herrestan emaiten zaiote eta kasik lurrean hedatzen...

«Piarres, atxikak hor gure xoria!... Azkarki gero, zozokeriarik gabe!...»

Eta baionetaz sistaka hasten zaio Joanes, han, gerruntzeaz beheraxago dugun aurkintzaño hartan: «En abant, martche!»... Karrasiaka abiatzen da gomenant alemana, bainan herrestaka oraino gehiago, tanaza batzuekin Piarres hari lothua izanagatik... «Hauxe duk alimalia!».

Joanesek ez daki oraikoan zer egin. Begiak zorrotz-zorrotza, ezpainak mehe-mehea, hortzak hirrikan, buruari hazka ari da beharri gibelean... Amor eman behar othe diote boxari? Ala garbituko dute han berean, ezin-bertzez, gudurat, lagunetarat itzultzeko berehala?... Ez halakorik ere, ez! Gaizki liteke...

Hola alderdi guzietara eta errabian beha dagolarik, jauzi handi bat egiten du betbetan Joanesek:

«Banuk, Piarres, banuk! Atxikak bethi azkarki...»

Eta, han, erreka-ziloeri hurbil, luze-luzea lurrean hedatu pazote bat hartua du jada eskuetan:

«Hean, orai, Piarres... Bauka soka-buztan bat, hire sakela horietan? Untsa! Ene soka hunekin lothuko diat berehala... Eta orai lagun nezak othoi!»

Eta, hantxet, bien artean, soka mehe-mehe batekin pazoteari josten bezala dute gomenant errabiatua:

«Tinkazkok, he, fuerte! Sarzkok haragi bizian, lukainka xixterrian bezala!... Brien figura!... To! Hain xuxen, urtharrilan gituk; salbu arima eta, hagetan bezala eremain diuk gure... urdia. Huñez ez nahi juan eta, airian gure sorbalden gainian! Gaizkixe!... Dena izerditan ezarri nik!... En tripa!... Bahiza, Piarres?... Eut! Bat, biga!... Ha!...»

Eta, Kanaango lurrean lehenago israeldarrek mahats-mulko ikaragarri hek bezala, Joanesek, Piarresek bazeramaten haga luzea, eta haga hartan alemana.

Intzireka, oihuka, karrasiaka bazoan aintzindari bihurria: «Terteufel! Hai, hai, hai!... Genug! Hai, hai!

_To, hola hola egiten ditek bertze hek ere, urtharrilan, mahainerat altxatziaikin!...»

Ba bainan, soka demonioa sartzen baitzitzaion ordean, eta bethi ta gehiago, aztaletan, ixterretan, eta bertze nonbeit oraino!... Zer aztaparrak Joanesek, Piarresek, jendearen hola egurrari josteko!... «Hai, hei, hai!»... Eta gero, berehal-berehala, berrogoi urhats ere gabe:

«Assez, assez, Franzoze!... Moi, tout seul marcher!»

Joanesek, orduan, bere sakelako kanita atheraturik, bi ukaldiz pikatu ziozkan lokarriak, eta tunkalako batean xutik eman zuen hantxet, lohiaren erdian.

Bulta on bat bere ixter ubelduen ferekatzen arizanik, plaf, plaf lohian egiten zuela, aingeru bat bezen prestu bazoan orai alemana.

Eta, klaska batean kanita hetsirik, lurrean soka-buztanak bildurik, kanit eta soka, oro sakelan eman zituen Garaztarrak:

«Bestaldi batez balia ditezkek oraino, Piarres... En abant, toi, maufes troupe!»


Erreka itsusietan ziren berriz ere, eta berriz ere lohiaren eta hormaren erdian, uri eta elhurraren azpian.


 

Eta, bere zizpa eskuan pezoin buru batean, gau-beilari zagon Piarres. Haren aintzinean, ilhargi xurietara pitta bat edertua, bethiko toki ustela. Toki ustel hartan, han hemenka, aspaldi-aspaldi han erori frantses soldado batzuen gorphutzek iduri zuten mihise zikin batzuen tartetik harrotzen ari zirela. Urtzen baizik ez ziren ari eta mikotzen, egun guziez gehiago. Bainan, Piarresi hala iduritzen egiazki, higitzen, harrotzen, kasik xutitzen zirela!... Ez! Ilhargia zen ixil-ixila mogitzen, eta Piarres, luzaz meta ilhuneri beha egonik, othoitz baten erraiten ari zen, han eroriak eta bethi ezin-ehortziak zauden lagunentzat.

Bada erran zahar bat, baizik eta persulari sortzen direla eskualdunak oro. Gau eder hartan, etsaiari zonbeit urhatsetan, ikare batek inharrosten ziola bihotza, hil gaixo hetarik batekin persutan ari zen Piarres... Eta, _mirakuilua ez zenez?_ persuka ihardesten zion hil hetarik batek... eskualduna izaki hura ere; ez ziteken bertzela.
 
 

Eta huna nola ari ziren biak:
Piarresek
Soldado lagun maitea,
orai ixtantean urthea,
goiz batez, hi, hoin gaztea,
hortxet erori haiz trixtea!

Hilak
Milesker, nere laguna!
Zonbat goxo bihotz-ona!
Atxik hazkar, atxik barna
hil gaixoen orhoitzapena!

Piarresek
Hire hezur xurituak,
guri hoin hurbil ikusteak
bustitzen diauzkuk begiak,
ilhuntzen orori bihotzak.

Hilak
Hire hola entzuteak
inharrosten daiztak hezurrak;
hain dituk prezagarriakhilez orhoit diren biziak!

Piarresek
Neretzat zer atsegina,
hobian bahindut emana!
Bainan nor hurbil higana?
Ernerik zagok alemana!

Hilak
Ago, othoi, hor, ziloan,
hire xixpa ona eskuan!
Begozi, beren hildoan,
nere hezurrak... deskantsuan!
Piarresek
Bainan, negu borthitzean,
lanhoa altxatu denean,
hormaturen haiz lurrean,
hotza sarturik hezurrean!

Hilak
Nere hezur hoiek baino
miletan haiz baliosago.
Bertzalde, tira gehiago...
Ukanen diat beroago!

Piarresek
Jainko handia lekuko,
segur hautala berotuko!
Etsai beltza diat joko,
odol beroz hi mainatzeko!

Hilak
Aski hola beraz, gaurko;
deskantsuan nauk lokartuko:
eskualdunak naik zainduko
othoitz eginez neretako!...
J.B.


Urtharrilaren hogoita hamekan, negu-bihotzean, hotzik minenean, Estrées izana zen herria, edo, hobeki, lehenago herri hura izanak ziren harri-meta puskatuak uzten zituzten Baionako gizonek. Eta, heien ordain, harat hupatu ziren anglesak, gizon batzu ederrak, sos berria bezen argi eta eder baitziren. Toki onerat zoazin laster erdoiltzeko!


 

Crèvecoeur deithu xokorat jautsi ziren beraz Piarres eta haren lagunak. Hatsaren hartzerat utziko othe zituzten batere?...

Eta ez ziren guti harritu, Baionako inguruetan lehenago bezala, etsesisetan, service en campagne eta bertze, berriz hasarazi zituztelarik. Eta gero, oraino, beren kantonamenduetan gerla hastean bezala hedaturik, haintzurrarekin eta palarekin lanean ari ziren, eta karraskan... Parise zaindu behar zen gibelean; eta, sukar batean, ari ziren, hiri handitik aski urrun, hiri haren gerizatzen...
 
 
 
 

XIII

Craonnen, berriz!

Martxoaren hogoita lauetik harat, bidez bide bethi oinez, erreximendua bazoan Baslieux-lès-Fismes alderat.

Zertaz ilhun bazuten orok. Rusian, Erreboluzione higuina nausiturik, Kerenzki zelako gizon gazte xoro bat emana zuten gure adixkide Enperadorearen orde!

Parisetik ethorri soldado tzar batzu, ororen nahastaile, gordeka, eskupetik, traidorekerian ari ziren soldadoen artean. Rusiako dirua nasaiki zabilan gure kontra, bere pozoina orotarat hedatuz. Eta, horien ororen gainera toki madarikatu beretarat berriz itzultzea zutela orai!...

Bainan horra: beharriek xixtu egiten zioten gure soldadoeri, eta bihotzak jauzika hasiak zitzaizkoten. Joffre jeneral nausiaren orde, Nivelle eman berria zuten ororen buru; eta espantu bazen buruzagi gazteaz. Uztailan ogi-landa edo elge xoragarrien gainera Ipharra hedatzen den bezala, farra-farra heldu zitzaioten haizeetan maiteena: bitoria mezutzen zuen haize hura eta bera. Etsaia behar zen, aldi huntan, erroz-gora arthiki. Aphirilaren 16an zen, 1917eko urthean.

Baionako soldadoek Maizyn iragaiten dute Aisne ibaia. Goizeko bederatzi orenak iria zen. Mangin eta Mazel jeneralen bertze tropa batzuek ezker eta eskuin hartuko dituzten erreka-ziloetarik harat joaitea dute, urrun-urrun, egin-ahala urrun, sistaka alemanak aintzinean deramaztela, Camp de Sissonne deithu tokiraino. Errabia handi batek inharrosten ditu oro, Mixeler jeneral nausitik eta azken soldadoraino.

Eta gero, uria phesiaka, elhurra, haizea zirurikan hasi ziren; aroa izigarri egin zen. Etsaien errekak, mitralleuzez eta kanoiez orraturik, ez zirela osoki deseginak, gure suak ez zituela oraino aski luze zafratuak, funditu behar zirela gure soldadoak, kolonial beltzak _beren aintzindariak galdurik_ ohildu zirela, hau zela, hura zela... gaina eman behar zaukun gudua gelditu zen, geldiarazi zuten, hobeki erraiteko!...

Arrats hartan berean, manua heldu zen, lorietan hala iragan ibaiaren gibelerat behar ginduela egin!!! Eta kraskatu ziren bihotzak. Joanes, Piarres eta bertzeak, ilhunik heldu ziren elhurraren azpian, Beaurieux eta Maizyrat buruz...


Aphirilaren 21tik harat, Craonnen ziren berriz. Berriz erreka eta pezoin higuindu hetan behar othe dute bada egundaino bezala mutzitu?...


 

Ez!... Huna, maiatzaren 4a.

Ordu arte, gudurat atheratze guziak argi-hastean egin dira bethi. Eta gero, zonbeit egunez hatsa ongi harturik baizik ez dira aintzina jotzerat atrebitu. Hirschauer gure jeneral-manatzaileak, etsaiaren hobeki enganatzeko, bere buruarekin egiten du, arratsalde-erditan hartu behar duela Craonne edo Craonne izanak diren harri eta pareta xirxikatuak. Eta, gehiago igurikatu gabe, biharamun goizean berean beretuko ditu Vauclerreko eta Californiako kaskoak...

Hola erran, hola egin. Hirschauerrek galdetu kanoi handiak karraskan ari dira zonbeit egun hartan jada, zoko bat ez dutela uzten Craonnen eta kasko hetan guzietan, zoko hura azpiz-goiti eman gabe. Etsaia, harriturik, lur-pean kukutua, ehortzia bezala hantxet dago...

Eta, maiatzaren 4ean beraz, arratsaldeko lau oren beretan, ihurzuri-karraska batean, gehiago oraino errabiatu ziren gure kanoiak; Blanc-Sablonetik, Aisne ibaiaren ondotik ari ziren, Winterberg guzia lur-ikara batean emaiten zutela. Eta gero, bostak eta erdietan, luzexago egin ziren gure ukaldiak, eta hemezortzigarren erreximenduko hiru konpainia jauzian joan ziren berri-berriki egin azken erreka-ziloraino. Etsaia, bethi harritua, ez da mogitu.

Sei orenetan, luzeago oraino egin zen gure sua, eta Pabeko soldadoak azken erreka zilo hartarik atheratzen dire. Errabian oihuka, hartzen dute Craonne, aztaparka badoazi paretari gora, gainean dira, urdin-urdina hegi-hegiraino hupatuak dira, etsaia heien aintzinean badoala parrapataka Californiako kaskoan! Kasko hartan, milafrankar sarjant beltzaran bat Bihotz-Sakratuaren bandera ttiki bat ezin aski laster sartuz ari zen, begi biphil batzu alderdi guzietara firurikatzen zituela. Etsaia bezenbat espantituak, Pabeko soldado gaitz heien lagunak beha eta beha zauden Tranchée du Balcon deithu errekatik eta hala-hala zoko guzietarik, harrituak, zozotuak. Hiru ehun presoner aleman baziren eginik, eta heieri hartu mitralleuza andana bat etsaiari buruz itzuliak ziren jada... Zer gaua gero, kanoi-karraska guzien erdian!!!...


Biharamunean, maiatzaren 5a.


 

Baionako soldadoen aldi sarri, bederatzi orenetan. Goiz-goizetik, oro moldatzen ari dira eta oro sukar berarekin. Badakite zer duten egiteko, noraino joaitea duten egun hartan eta hura ginen dute, haraino joanen dira. Beren puxkak bil eta bil, orenak zaluago nahi luzkete orai.

Omoniera harat hunat badabil, bati eskua tinka, bertzeari solas on bat erran, orori bihotza pizkortzen diotela. Kanoiak, orroaz, bethi ta errabiatuago ari ziren...

Sorbalda hunkitzen ziola eta eskua gero hartzen, Piarresek erraiten zion bizkitartean Joanesi:

_Aphez-soldado lagun bat hantxet ikusia diat orai berean. Hik ere ba, ene ustez?

_Ba, Piarres, ba; kartuxa guziak hartuik hobe diau, gorphutzekuak eta arimakuak; oro. Eta orai, Paul, Mixel, Manex, eskiak elgarri! Jinkuak launduko gitik, elgar guhauk inen duun bezala...

Rau! rau! gure 75 kanoi ttikiek Baionako soldadoetarik ehun metretan oro xirxikatzen dituzte. Berehal-berehala, soldado horiek atherako direlarik, horien aintzinean tank eta tank, minuta guziez ehun metra urrunago, garbituko dituzte bazterrak.

Bederatzi orenak! «l'heure H!»...

Aintzindari batek salto egin du pezoinaren gainera. Orena eskuan, esku hura altxatu du... Eta xinaurri urdin batzuen pare, lehenbiziko soldado-araldeak kanpora jali dira, eta ondotik bertzeak, bertze batzu oraino eta oraino. Oro orroaz, erhotuak: En Avant! En Avant!... Lanik aski badute aintzindariek, beren gizonak zaluegi ez ditezen joan guhauren kanoi-pezen azpira... En Avant! En Avant!... Zer aintzindariak, zer soldadoak aintzindari hoien eskuetan!

Begien hesteko artean, Von Fett eta Haslock errekak hartuak dira, etsaia deuseri oraino ohartua ere ez delarik. Erreka zoko zoko batean, beren kamantzetan lo kausitzen dituzte aleman aintzindari zonbeit, arras grazia tzarrean atzarri ere baitziren. Kozinari bat, bere panderoen erdian atxemana, hirri-egingarri ari zen zituen guziak frantseseri eskaintzen.

Gure kanoiek bethi, behar arau, ehun metra garbitzen diozkatela beren aintzinean, gure soldado gaitzak Californiako kaskoan harat badoazi... Eta Fribourg erreka hartua da hura ere. Piarres, Joanes, bertzeak han dira Ailette ur-handiari buruz beheiti badoan malda-hastean. Han hemenka, boxek ihardokitzen dute mitralleuza ukaldika, baioneta sistaka, eta bardin... borroka. Bainan, fur-furian heldu, gainean dituzte gureak, hiru hogoi urhatsetan grenada beltxak arthikitzen diozkatela.

Joanes, bere beso alimaleekin bota eta bota ari zen, deskantsurik izigarrienean: «Jé arrose mon liéténant!» Eta Joanes bezenbat bazen lotinant hoi, pilotan ari hura ere grenada koxkorrekin...

Hirschauer eta Paquette jeneralak, begiak sutan, bihotza pilpiran, urguilu zuzenenaz hantuak, hantxet zauden tokiaren gainean jauzika, ukamiloak bilduak, beren gizoneri beha eta beha. Eta gizon horiek ez zakiten berek, beldur guziez gorago beren bihotz-arimak hola emanik, zer soldado gaitzak ziren tenore hartan! Esku-gibelaz kopetaren xukatzen ari ziren; leher eginak, bainan berriz saltoan aintzina abiatzerat ekarriak, hala galdetua balinbazitzaioten. Joanes, xahakoa eskuetan, danga-danga ari zen xahako haren husten:

«To, Piarres; oizie, Mixel eta bestiak... Hurrupa bat baukezie ono, ziek ere!...»


Eta bizkitartean, Californiako pareta-kaskoak gureak ziren! Gurea, ezkerrean, Vauclerreko gain guzia edo gehientsua!... Eta toki ikaragarri horietan garhaitu soldado aleman hek, Augusta Erreximenduko soldadoak ziren, la Garde Prussienne deithu tropako gizon aiphatuak berak! Hiru mila baziren presoner eginak, eta hiru mila hetarik bost ehun, Baionako gizonek hartuak!... Beaurieux guzia presoner hetaz bethetzera zoan.


 

Kasko heien hartzea balentria gaitza izan zen beraz. Balentria handiagoa oraino, hola hartu eremua begiratu baitzuten gero bururaino...

Etsaia gibelerat errabian ethorri baino lehen, ernatu behar zen, eta zalu-zalua. Beren zizpa eta grenadak bazterrerat utzirik, Joanes eta haren lagunak, bertzeak oro hala-hala, haintzur eta palak eskuan, Fribourg erreka-ziloaren itzultzen hasi ziren beraz.

Bainan, zorigaitzez, hamek-orenak gabe, huna aleman obuzak non dituzten jada gainean! Eta kanoi-pezak heldu zaizkote burrustan, pesiaka, karraska izigarrian, Verdunen aintzineko urthean bezala, Douaumont berriz hartu ginuenean bezala. Sua eta khea dariote bazter guziek. Eta, doidoia itzuli erreka txar hartan nork bere burua geriza?... Zenbat eta zenbat ez dira sekulakotz hantxet gelditzen!!!

«Atx! muthikoak!!! Hau zerbeit bauk hatik! Jinkuak eta Ama-Birjinak beira gitzaztela! Bestenaz!...»

Bi, hiru aldiz, orduan, heldu zaiote etsaia, errabiatua zeren kasko hetarik guk ikusiren dugun handik harat, harek gu ikusteko orde, ordu arte bezala.

Bainan, kanoien ala aleman soldadoen fur-furiak, oro debaldetakoak dira. Mesquy Gomenantaren soldadoak eta bertzeak, ilhuna arte lehenik, eta gero, heien ordainak harat jin arte, han egonen dira... orenetik orenerat guttituak, urtuak... bainan bethi han geldituak!...


Zonbeit egun pausan egon ondoan, maiatzaren 31an berriz harat hupatu ziren Piarres eta haren lagunak, lehenago Fribourg erreka izanik, orai Baionako erreka bilakatua zen zilo hartara berera. Gure lehen lerroaren gibelean bi egunez bazter guziak iraulirik, la Garde Prussienne berriz heldu zen, galdu zuten eremuaren guri hartzera; eta hartako ere ziren berriz trebes han emanak Baionako soldadoak.


 

Eriaroaren 3an, goizeko hiruak hirian, bi-hiru aldiz aztatu gintuzten lehenik, eta debaldetan. Sekulako torpillak, hegalekilako obuzez leher jin zitzauzkun berehala, erauntsian. Lau orenetan gero, metaka heldu ziren alemanak, elgarri-kontra sorkan emanak, su-garrak beren aintzinean igorriz, lance-flammes direlako beren tresna tzarrekin. Oren-laurden hitsa guretzat! Etsaia matzoan heldu da; tenore batez, gune batean, sartzen ere da gure lehen lerroaren eta bigarrenaren tartean. Bainan, laguntza guri ere lasterrez ethorririk, etsai hori suzko-sagarrekin, mitralleuzekin, erhautsi zuten hantxet Piarresek eta haren lagunek: «Jé arrose, jé arrose», apuñatik ari zen Joanes. Bainan, borrokan ere lothu behar izan zitzaion guti aski...

Orduan berean Paloque eta Niessel jeneral aiphatuen kanoiek asikian hartu zituzten ezkerretik eta kasik gibeletik, eta... ihes bazoazin alemanak... Baionako soldadoak nausi ziren, gaina zuten Craonnen, gaina Andereen-Bidean! Obuza-zilo bat ez zuten galdurik, ez eta bakar bat!...


Biharamunean, Frantziako egunari guziek lerro hauk hegaldaka bazeramazten orotarat:


 

«Toutes les tentatives dirigées sur la partie ouest et la partie centrale du plateau de Californie ont échoué. Les mêmes régiments qui s'étaient couverts de gloire en enlevant, les 4 et 5 mai, le plateau de Craonne et les plateaux de Vauclerc et de Californie, ont fait de nouveau preuve d'une admirable vaillance pour la défense des positions qu'ils avaient conquises.»
(Communiqué du 4 juin 1917).

Eriaroaren 20ean aldiz, huna zer zioten oraino Baionako Piarresen Erreximenduaz:

Ordre de la Xe Armée nș 280 du 20 Juin 1917.

«Sous les ordres du colonel de France, (le 49 R.I.) a, le 5 mai 1917, enlevé d'un seul élan, la partie du plateau de Craonne qui constituait son objectif et l'a conservée malgré le plus violent bonbardement. Chargé de nouveau de la défense de cette position, a fait preuve, une fois encore, d'une admirable vaillance en repoussant victorieusement, le 3 Juin, une puissante attaque ennemie et en maintenant intégralement toutes ses positions.»


Genevreuilleko inguruetan, Haute-Saôneko departamenduan, hats-hartze labur bat izanik hamabost egunez, Alzazerat jo zuen gero erreximenduak. Eta loriatu ziren Craonneko gudulariak toki maite hetako jendeak egin zioten ongi-ethorriaz. Gizonetarik asko beren fraide-xapel bitxiekin, beren galtza labur eta jaka luzeekin, andreak aldiz beren floka eder eta zaia gorriekin, kurutze urhezkoa soin pullit-pullit batzuen gainetik, hunkigarriak zitzaizkoten tenore hartan. Eliza ttiki heien aldean, beren Eskual-Herriko etxeak iduri, hirriz ari zitzaizkoten etxe pullit heien erdian, laster ahantzi ziren Californiako kasko irauliak oro. Mainarik eta phestarik baizik ez zen heientzat, gauaz, egunaz, eta non-nahi. Supazter-xokoetan hedatzen zirelarik, iduri zitzaioten beren herrietarat jada itzuliak zirela, gerla izigarria bururatua zela oraikotik.


 

Oihan-pe handietan etzanak, uda min guzia goxo-goxoki iragan zuten hantxet, deskantsurik hoberenean.

Eta hobeki bazakiten hola, pitta bat ahantzia ere balinbazuten, jende gaixo hek orok frantses soldadoenganik igurikatzen zutela, ez zitzaiotela gerla higuina gainetik iraganen...

Zorion bazen beraz Alzazen. Bainan zorion hoi ez zen osoa behar gure adixkideentzat. Bere ama eriturik eta txarturik, bihotza ilhun eta ttiki, etxerat buruz bazoan Piarres.
 
 

«««Aurreko atala

 


 

Bertsio informatiko honen egilea: Ane Loidi Garitano.

Atzera