XIV

Etxek-andre Baten Hiltzea

Andredena Maria Agorrilakoaren iduria, dena urhe, dena lore lau gizonen sorbalda-gainean karrikan ibili ondoan, eta zerurat Ama Birjina hola airatu ondoan, xoriak oro ixiltzen ohi dira bethitik Senperen, eta hala-hala gure Eskual-Herri guzian. Beren adixkide maite Zeruko Erregina hegaldatuz geroz, ez zaiote iduri kantuz gehiago ar ere ditezkela gizonarentzat. Jauzi-jauzi, paparo-gorria da bakarrik ikusten oraino berho-sasietan edo baratze-bazterretan. Aldaxka baten buruan finkatua, begiak birilkatzen dituela, bere zintzur ttikia musika-eresiz hantzen du. Eta, zeren errexiñola ixildua den zonbeit egun hartan jada, eta bere lumak harro-harroa zeren dituen emaiten, uste du gaixoak «xorietan buruzagi» hura dela eta «ororen gehien». Bainan, hatsa laburregia du, eta motz-motza bururatzen ditu bere ttirritta-errepikak oro!...

Ongarri-metaren kaskoan, aztaparka alderdi guzietarat ari dela, gorri eta xuri, bere buruaz bethi hartua, huna etxeko oilarra. Bainan, bereziki Jon Doni Petriren arneguaz geroztik, oilar-kantuari behatzen othe dio behin ere Ama-Birjinak?

Ixildu dira beraz Eskual-Herriko xoriak.

Osoki itzali baino lehen, bere uzta ederra eman ondoan, uda bildutasunean sartzera doa, ixil-ixila bere edergailu ondarren erdian lokartzera baloa bezala.

Gauak, lasterrago jinak, hotzago dira jadanik.

San Mikeletan, uhartzearen lau ezkinetarik huna heldu direla iñharak, ehunka lehenik, milaka gero, xuri eta beltx, pullitak, maiteak ezin gehiago. Inguru-inguru, eskualdun zelaiak ezin utziak balituzte bezala, hedoi arin baten pare hedatzen dire ezker, eskuin, zerua kasik estaltzen dutela. Adar-muthurretan, hegatz-kaskoetan, ikusi gathe-alanbre guzien gainean sorkan finkatuak, batek bertzea haikatzen duela noiznahi, elgarri erasian ari dira eta mezuka. Zer erasten othe duten hola beren ttirri-tturru maite hetan guzietan?... Banaki erraiteko, ahapetik erran niro hementxet. Bainan ez baitakit ordean!... Bizpahiru egun holaxet zapartakan arizanik, haize gaixtoaren hausteko bortuetan edo itsas-gainean aski bildurik badirela iduritu zaiotenean, oro hegalkolpe berean altxatzen dire. Eta, zeruan doi-doiako bat durduzaturik _moldean emaiteko doia_, huna non doazin orai, lerro-lerro, beren aintzindariaren gibelean oro hedatuak, luzatuak, airean igerika, berehala kasik, bertze urthe arte, zeru urdinean itzaliak...

Olhaso kaskoan harat iñhara andana bat hola itzaltzen ari, eta tanpa-tanpa Zaldubian hunat heldu zen Piarres. Behatu zioten; eta, gauza orori ohartua zen bezala, bere buruarekin egin zuen berehala:

«Xori maiteak!... Zoin goizik urruntzen diren aurthen, buruilaren lehen egunetan beretan! Bederazka deusik ez, ahulegi hegalak; bainan, elgarri-kontra emanez geroz, haizerik hazkarrena baino hazkarrago horiek izaki, bethiko mendeetan! Nahas-mahas, deusik ez oraino hala-hala, laster ohilduak alabainan; eta beren buruzagiaren ondotik lerrokatuak, ia bezen xuxen eta oso-osoa horiek joanen itsasoz haindirat!...»

Bainan, gero, ttitta beltx batzu baizik gehiago ez ziren xori gaixoeri azken aldi bat oraino behaturik, ikaratu zen muthiko maitea. Berak ez zakiela zertako, iduritzen zitzaion semeari, hola zoazin iñhara hek berekin bazeramatela haren zorion handi bat, eta zorion hoi ez zitzaiola berriz itzuliko sekulan... Bere ama maiteaz hola su batean orhoiturik, hipa bat ethorri zitzaion zintzurrera eta nigar hori utzi zuen jalitzera, ahalkerik gabe batere. Bardin sarrixago ez du nigarrik eginen ahalko bere haurrideen aintzinean. Oihanaldean beharko du gizon eta bihotzdun... Hemen Zaldubian, nehork ikusten ez duela, seme izanen da eta haur ttiki...


Nola eritua zen Oihanaldeko Gaxuxa, eta zer egin zitzaion udazken xoragarri hartan, gauzak oro hala lilluragarri zirelarik oraino bazterretan?...

Nork ongi zakien?... Igande ilhuntxe batez, elizatik heldu zen. Karrikan jakina zuen, orduan berean, herriko seme baten, Mattin Albandos jaun errient girixtino gaztearen hil-berria. Andereen Bidea zelako toki madarikatuan eroria zen, uztailaren 31an, bere adinik ederrenean. Berruet jaun bikario-errienta 28 urthetan, 21 urthetan aldiz Mattin gaixoa! Hainitz maite dituen gauzak maiz egiten ohi dituen bezala, Jainko Handiak hazkarki hunkitzen zuen Senpereko eskola girixtinoa!...

Elizan berriz sarturik, othoitz bat karsua egin zuen muthil gaztearentzat eta haren burhaso-haurrideentzat.

Eta, gero, betbetan, zarrast egiten ziola, zerbeit hautsi bezala zitzaion, han, bulhar barnean. Bere seme Piarresez orhoitu zen, eta seme hura hilen ziotela hari ere egin zuen bere buruarekin. Min egin zion bihotzak; tinko-tinkoa bi eskuez hartu behar izan zuen bihotz hori. Eta, berak ere nola ez zakielarik, Ama-Birjina Lurdekoaren aldare-aintzinean, nigarretan aurkitu zuen bere burua.

Bere biziko azken itzulia elizan eginik, bertze aldietan baino pisuago heldu zen orai Oihanaldeko patarrari goiti. Ama-Birjinak eztitu zion barneko ilhundura itsusia; ez ordean khendu. Taka-taka ari, min egiten zion bethi bihotzak.

Oihanaldeko sukalderatu zelarik, hatsez ezin asez egon behartu zitzaion bulta luze bat. Eta gero, orotarik errenkuratu zen. Gantxume, Frantxa, Xaneta izituak, supazter-xokoan nigarrez ari ziren. Marie, gorri-gorria begiak, bainan bere bihotz guziaz asiki-zimiko batean berehala jabetua, ama gaixoari dena maina, dena artha ari zitzaion. Thomas, Ganix, xutik Gaxuxaren aldean, ixil-ixila hari beha zagozin, harrituak biak, behin ere ordu arte zeren ez zioten errenkura bat entzun...

Sokorri zerbeit bero-beroa harturik, bere alabak laguntzen zuela, Oihanaldeko andre guziak bethitik etzan ziren ohe zabalean eman zen ama gaixoa, handik ez baitzen gehiago xutitu behar...

Eta hotz-ikare handi batzuek inharrosi zuten berehala, lanik aski baitzuten hura ezin berotuz. Daldaratzen zitzaizkon ezpainak, intzire bat jalitzen ezpain horietarik.

Sukaldean, Thomas itzuli zen Ganixi buruz, eta ilhun-ilhuna, bere lagun maitearen ikarek bera hartua izan balute bezala, erran zion:

«Zoaz, haurra, jaun mirikuarengana, eta errozu ethor dadin othoi berehala... Zuk, Gantxume, laster egizu Lizartzara. Lehen auzoak ditugu...»


Oren bat iragan zen gero dorphea, egun bat osoa bezen luzea iduritu baitzitzaioten orori. Lizartzako andrea, Goaña, han ziren orai, Gaxuxaren aldean, lasterrez ethorriak eta Marieren lagun maite berehala eginak, harat hunat, ixil-ixila zabiltzala artha guzietara.

Bethi ta kexuago, xuri-xuria luzaz egonik, sutan iduri zuen orai Gaxuxak bere estalkien azpian. Halako zirrinta itsusi bat jalitzen zitzaion bulharretarik, eta bihotzak oro hersturetan ziren barne hartan...

Hatshantua, Ganixen ondotik sartzen ari zen jaun mirikua, eta begiak oro argitu ziren Oihanaldean. Jende gaixo heieri iduri zitzaioten, gaurgoiti salbu zela heien eria.

Eta berehala, bere begi onak maite-maite eginik, bazoan mirikua ongi zakien ganbaralat buruz. Zenbat haur-ukaiteetan, zenbat bertze hinka gaixtoetan oraino ez zen Oihanaldean izatua?

Ez othe zen, bertzalde, ororen adixkide herrian? Paregabe ona ez zena erientzat eta lañoa?

«Eian, eian, Gaxuxa?... Zer egin zaitzu?»

Eta estalkien azpian esku bati exti-extia lothurik, alegia eta deusik ez, foltsuaren miatzen ari zitzaion. Eta, berehala, zimurtu zitzaizkon ezpainak. Bainan, gero, bere bethiko kara berriz bildurik, mihiari behako bat emanik, oihal xuri bat galdegin zion Marieri. Bere eskualdun kapelua khendurik, bulharren ikertzen ari zitzaion eriari. Luzaz eta alderdi guzietarik miatu zuen ondoan, estalkiak berriz bildu ziozkan xixtuka ari ziren bulhar gaixoen gainerat.

Eta orai, Gaxuxaren aldean jarririk, aita bat bezala ari zitzaion Senpereko sendakin ona:

_Atherako zaitugu hortarik, Gaxuxa, Jainko maiteak nahi balinbadu...

Zirrinta batean, neke-nekea, ihardesten zion eriak:

_Ez dakit nahiko duen, jaun mirikua...

_Balinba!... Bainan, ez duzu hola nekatu behar zure burua, ez duzu ere behar deusetaz grinatu. Arthatzaileak baitutzu hemen, eta ez nolanahikoak. Mustarda eta bertze, erranen diotet zer egin, eta bulhar hoik garbituren ditugu zonbeit egun barne...

_Bulharrak... garbituren tutzue... behar bada... Ez ordean... bulharren tarteko hoi... sendatuko.

Gaxuxa maite zuen jaun mirikuak, gora emaiten zituen hura bezalako etxek-andre eta ama paregabekoak. Lanbro bat ethorri zitzaion beraz begietara, eta lanbro hura orori gorde beharrez, brau xutitu zen, burla maite batean eta ozen-ozena ihardesten ziola eriari:

_Bai eta hori ere, Gaxuxa! Bulharrak lehenik eta gero bihotza. Ongi peaxatuko bederen dugu, eta Jainkoak nahiko duen bezenbat urtheendako. Eta huna lehenbiziko peaxua: han Alzazen, alfer tzar baitago zuen Piarres, eta, diotenaz, gerlaren buru-bururaino, bihar goizean berean jakinaraziko diot bere amaren sendatzera ethorri behar duela zonbeit egunez. Aste erdietako hemen dukegu, ez ahal baitu beltzuririk eginen, ez eta ere, nik uste, haren amattok... Bihar arte, Gaxuxa. Prestu-prestua har eta egin nik manatuak oro!...

Begiak argi-argia eginak zitzaizkon jada eriari. Ganbaratik bazoan aldiz mirikua. Sukaldera Marie deithurik, bere manuak eman ziozkan xeheki; eta gero, besotik harturik, Thomas bazeraman kanpora:

_Bihotzdun behar zira, Thomas.

_...

_Ni bezenbat beldurtitua ahal zira gaurgoiti. Min badut hori erraitean, bainan arras eri da Gaxuxa. Behar direnak oro eginzkitzue. Zer hel ere, Oihanaldea xutik egon behar da gure herrian. Uste dut, bertzalde, elgarren premu eginak zaizten aspaldi huntan eta bethitik. Bainan, ez da hori ene egitekoa.

_Adixkide bat zaitugu, jaun mirikua.

_Hala naizelako bertze froga bat orai. Badakizue Sakramenduek nehor egundaino ez dutela eritu. Elizakoak harturik, bakea bihotzean emanik, nere erietarik asko sendatu dire, bertzela beharbada eginen ez zirenak... Lehenagoko eskualdunetarik zaizte Oihanaldean. Badakizue beraz zer egin.

_Ongi da, jaun mirikua. Bihar goizean berean, lehen auzo gisa, Goaña Lizartzakoa han izanen da gure bilari, sakramenduak Oihanaldera segitzeko...


Biharamunean, sakramenduak heldu ziren beraz Oihanaldera. Intha hertsiari gora, landa eta sorroen tartetik, jaun erretora buru-has bazoan, tinko bere eskuetan eta bihotzari kontra zeramala urhezko untzi berezia, eta untzi hartan, osti xuri ttikia.

Haren aintzinean, buru-has hura ere, elizako esku-argi berezia ezkerrean, Mattin beattar eliza-muthila. Noizetik noizera, ipularrean norbeit ikusirik edo bardin artho-landa baten erdian, zilarrezko xilintxa ttiki bat inharrosten zuen bere esku-muthurrean. Eta, arto-makilen erdian, landa bazterretan, belhauniko berehala kurtuak, kanpo hetako goixtiar-langileak, kurutzearen seinale bat eginik, othoitzean emaiten ziren guziak. Norentzat ari ziren ere bazakiten jadanik, bas-herrietan bezen laster nihun ez baitire beharbada berriak hedatzen. Eskolarat zoazin haurrak, intha bazterrean belhaunikatzen ziren hek ere, beren buru maiteak aphaltzen zituztela, Jainko maitea heien aldean iragaitearekin. Sasi-berroetan harrotzen ziren aldiz paparo-gorriak; eta, batere izitu gabe, aldaxka muttur-muttur batean finkatuak, beren begi ttikiekin saheska behaturik, ttirri-ttirri hasten ziren ezin-gehiago maiteki. Nork zer daki, beren eta gauza guzien Nausi handia ez othe zuten hek ere tenore hartan ezagutzen eta hola goresten?

Aphezaren gibeletik eta haren puska zerbeit eskuetan, dena beltxez emana, heldu zen bilaria, Goaña Lizartzakoa. Bere mantelinaren azpian, othoitzean ari zen, Oihanaldeko Gaxuxaz eta Oihanaldeko guziez _Piarres barne_ gogoa osoki hartua. Eta bere aintzinean zoan osti xuriari galdegiten zion jende maite hek oro hurbildik lagunt zitzan.

Sorro heien guzien tartetik bazoala, jaun erretora erdi erasian ari zen bere buruarekin eta Jesus Jaunarekin: «Zoin ona ziren hatik, ene Jainkoa! Bai, zoin ona!... Bazindakien zu gabe ezin gintezkela egon, zure beharretan gintezkela bethi. Eta orduan, Ortzegun saindu arrats batez, eman zira ogi pitta baten azpian. Eta gu ez izitzeko, guk zu jateko, hola kukutua, hemeretzi mende hautan hor zaude gure elizetako gordagi maiteetan, gau et'egun bethi guzien meneko. Eta zureganat norbeit ez ditekelarik ethor gehiago, eriegiz edo bertzela, norbeit hura bera-bakarrik ez uzteko, zuhaur bazoazi orduan harenganat, bidez-bide, inthaz-intha, gaur Oihanaldeko ama gaixoarenganat bazoazin bezala!».

Eta gozo bat bazuen aphezak bihotzean, Jesus zeren lagunt zezaken harek ere bere Jainkozko-urrikalmenean. Han, ostiari kontra-kontra, othoitz karsu bat heldu zitzaion bihotzera, bihotzetik ezpainetara:

«Jesusen bihotz sakratua, gutaz urrikal zaite! Laudatua eta adoratua izan bedi Jesu-Kristo gure Jauna, zeruan eta aldareko Sakramenduan...»

Eta beattarrak, Goañak, erdi goratik ihardesten zioten berehala:

«Orai eta bethi ere!»


Oihanaldeko athean, Ganderailuz benedikatu bi xirio eskuan, Thomas belhaunikatua zagon. Apheza hurbiltzearekin, xutitu zen, eta ixil-ixila abiatu Jainko maitearen aintzinean, ganbara handiari buruz.

Harat heltzean, bere xirio biziak eman zituen mahain xuriaren gainean, kurutzefika handi baten bi aldetan, oihal batez doidoia estali mirailaren azpian. Eta gero, belhauniko eman zen bere haur maiteen ondoan.

Aphezak, mahainean hedatu oihal berezi baten gainean urhezko untzi ttikia ixil-ixila finkaturik, ur benedikatuan busti erramu-hostoa hedatu zuen eriaren gainera, etxe guziaren gainera:

«Pax huic domui et omnibus habitantibus in ea. Bakea etxe huni eta etxe huntan dagozin guzieri!»

Eta, bertzeak oro ixil-ixila orduan atheraturik, Jesusekin bakarrik ziren orai erretora eta Gaxuxa. Ohearen ondoan jarri zen apheza. Eria, gau luzeak ahuldua, xuri-xuria egina, bere kofesioaren egiten ari zen, begiak hetsirik, eskuak bere arrosarioaren gainean kurutzaturik. Hainitz maite ere zuelakotz eta bethitik, aita bat bezala mintzo zitzaion gero jaun erretora haren ikustera eta hazkartzera Oihanalderaino ethorria zen Jesus onaz. Eta, Jainkoaren barkamenduarekin, bake handi bat jautsi zen berehala paregabeko arima hartara.

Etxekoak, auzoak, oro berriz sartu ziren ganbaran. Mariek oihal xuri-xuri bat hedatu zuen eriaren eskuen gainera; eta Goañak eta biek maiteki altxatua zaukatela, osti xuriari beha zagon orai Gaxuxa:

«Accipe, soror, viaticum corporis Domini nostri Jesu Christi...»

Eta bihotz garbi-garbi hartara jautsi zen ogi pitta batek zaukan zeru-lurren Jainko handia...

Ohean berriz luzatua, bildutasunik minenean eria zagolarik, aphezak eman zion oliodura saindua, eman ere eri handiek hartu behar duten indulientzia edo barkamen osoa. Umil-umila, aphal-aphala, aphezarekin bat egiten zuela osoki, Eliza Ama Sainduaren laguntzak oro hartu zituen Gaxuxak. Bere burua eman zuen ama guzien Aita bethi gelditzen den Jainkoaren eskuetan. Eta gozo handi bat bazuen berriz ere bihotzean. Eskerrak bihurtu ziozkan erretorari, musu bat eman bere haurreri, Goañari, behatze maite bat egin Thomas gaizoari. Eta, edateko zerbeit harturik, galdetu zuen: Jesusekin bakarrik utz zezaten othoi aphur bat.


Ororen othoitzak entzun balitu bezala Jainkoak eta oliodura sainduak zinez on egin balio bezala, pitta bat hobekitu zen Gaxuxa, eta ondoko egunak frango moldean iragan ziren. Oihanaldean, lanean berriz has zitezkela iduritu zitzaioten beraz orori.

Auzo guziak, bedera-bedera ethorri ziren eriaren ikustera, eta mahain ttikia ikusgarriz estali zen berehala: oilo, arroltze, goxokeria, orotarik heldu zen, Eskual-Herrian ohi den bezala. Eta, bere ahuleziarengatik, etxek-andre maiteak bazekien guzieri ongi egiten Lizartzakoeri eta bereziki Goañari hobeki oraino egiten ziotela hatik.

Bainan, nork erran haren zoriona, ortzirale goizean Piarres etxean sartu zelarik! Berehal-berehala, Xurikoren saingatik beretik, bere Piarres sumatu zuen, han, etxe-aintzineko keetaren ondoan berean... Eta, ohean jarririk, bi besoak aintzin beha zagon ama, beso heien tartean tinko-tinkoa hartu baitzuen bere seme handia eta luzaz han atxiki, bihotz eriari kontra, begiak, goiti, Jainko maiteari buruz handi-handia altxaturik. Oren goxoak, laburrak ere gero, gela hartan amak eta semeak iragan zituztenak. Zer berri-porroxkak, zer haurkeriak kasik! Hirri egiteko ere bazitaken egiazki, hala hunkigarri izan ez balitz...

Iduri zuen phiztu arras eta sendatu ere zela Oihanaldeko andrea... Bainan, ez! Zorigaitzez, ez zen holakorik!

Hainbertze sar-atheratzek unhatu balute bezala, Piarresen ikusteak bereziki azken firu bat lehertu balio bezala bihotzean, gaizkiago zen biziki biharamunean. Gaua tzarra ereman zuen osoki, amets itsusi batzuez hartua bethi eta estalkiak noiznahi baztertzen zituela, gorri-beltzatzen ere jada hasia.

Jaun mirikua maixko han zabilan erakusterat emaiten ere zuen baino kexuago, sukar handiaz bethi ta gehiago grinatua:

«Bihotz hau ezin peaxa zindezaken, jaun mirikua. Sobra joa zen eta sobra barnatik hiru urthe luze hautan! Piarres, zatozkit hurbilago. Ororengatik, badut zorion, nere ondoan baitzaitut. Ona izan zaite aitarentzat, Marientzat, zure haurrideentzat. Auzoak onak izanen zauzkitzu agian, bereziki hetarik bat! Othoitz eginen dut zuentzat, Piarres, Goaña, eta badut uste Jainkoak entzunen nauen...» Eta Goañari amultsuki beha zagon hiltzera zoan ama ona.

Nigarrez ari ziren oro ganbaran; nigarrez Thomas, Piarres, Ganix, Gantxume, Frantxa, Xaneta... Gorri-gorria egina, nigarrez ari zen ere Goaña.

Ttikituz bethi ta gehiago, bazoan aldiz eria.

Eta orai, azken othoitzen erraiten ari, han zen berriz ere jaun erretora. Sainduen litania berezi batzuen ondotik, arima eder bat ezin hegaldatuz ari zen ohearen ondoan, adi zitezken munduko othoitzik ederrenak:

«Proficiscere, anima christiana... Zoaz, arima girixtinoa, zoaz mundu huntarik!...»

Eta ganbara hartara deithuak ziren eta errekerituak Salbatzaile ona, haren Ama Saindua, Aingeruak, zeruko Sainduak oro. Debrueri manatua zitzaioten, Jainkoarenganat hola zoan arimari trebes ez zitezen eman bidean...

«Suscipe Domine... Jauna, harrezazu zure zerbitzaria... Libera, Domine, animam ancillae tuae!...»

Kurutzefikari musu eman zion eriak, eta gero, begiak hetsi zituen bere arimaren gainera.

Bederazka, bederazka heldu ziren etxekoak oro, auzoak ere hala-hala. Eta, erramu hostoa eskuan, kurutzearen seinalea egiten zuten erramu harekin eta gero xirio benedikatuarekin.

Berriz oraino begiak zabaldu zituen Gaxuxak. Eta, belhauniko, nigarrez, ohearen ondoan zauden haurrak oro, xutiturik, joan ziren beren ama maiteari azken musu baten emaitera.

Nigar bi jali zitzaizkon orduan hiltzera zoanari, begi xoko-xokoan. Ezti-eztia hedatu zuen lanean higatu esku ximaildu bat. Esku hura eman zuen Thomas bere bethiko lagun maitearen ahurraren barnean... espos egunean bezala... eta haren arima zerurat hegaldatu zen, lehenagoko zonbeit eskualdunek ohi omen zuten bezala, teilatuan zilorik nehork egin gabe batere...

Belhauniko guziak othoitzean ari ziren, orduan berean Jainkoaren aintzinerat agertzen ari zen arima harentzat. Eta, ezti-eztia nigar egin zuen Mariek, amari bere erhiez maiteki begiak hetsi ziozkalarik...


Lizartzako ama-alabek beztiturik, Oihanaldeko andrearen gorphutza han zen orai, luze-luzea ohearen gainean, bere bethiko arrosario higatuak eskuetan kurutzaturik. Mihise xuri eder batez estali zuten gero, bainan sorbalda-gainak eta burua utzi ziozkaten agerian. Bere mantelinaren barnean, hilak iduri zuen, orai, lokartua baizik ez zela. Eta zinez ederra zen tenore hartan Oihanaldeko andrea izana zen ama haren begitartea! Adinak, eritasunak egin zimurdurak oro itzaliak ziren, eztitasun handi bat heien gainerat betbetan hedaturik. Arima garbiak, jalitzean, han utzia, hirri maite bat bazabilan mathela-koskoetarik eta ezpainetara. Eta arima harek ikusten zuenaz osoki sosegatua, iduri zuen gorphutzak lo zagola deskantsuan, lo hartarik ez baitzen atzarri behar gehiago, Azken Judizioko atzartze handiraino.

Xira-hosto pullit batzu eman zituen gero Goañak mihisearen gainean edo hartarik dilindan. Xirio bat phiztua utzi zuen kurutzefikaren aldean, lonjera luze batez estali kadirarik ederrena, ur-benedikatu eta erramuak eman bertze kadira baten gainean.

Eta orai, hil-kurutzearen beha zauden oro, ixil-ixila, harrabots bat kasik ez zela sumatzen etxe handian, ez eta heian berean. Xuriko bakarrik saingaka ari zen edo hobeki nigarrez, han nonbeit, etxe-gibelean.

Hain xuxen, herrian, urrun-urrun, hil-zeinuak ari ziren hasperen batean, Oihanaldeko andrearen arima hegaldatua zela mezutzen ziotela orori eta othoitz bat galdetzen bizien arimeri. Nigarrez ari, Gantxume, Frantxa, Xaneta bazeramazten auzoek Lizartzara.

Eta, handik oren erdi bat gabe, kurutzeketariak _Lizartzako nausia eta bertze bat, bi lehen auzoak_ aldapari gora heldu ziren, buru-has eta bat bertzearen ondotik. Sukalde handian hek sartzearekin, altxatu ziren oro, eta hil-kurutzea xutik orai zagon eta beltx-beltxa, lonjera xuriaren gainean...

Handik laster, bi gizonak hil-mezulari bazoazin auzo-herrietara, jendakiari hil-berriaren helarazteko. Arte hartan, kapitia kurrituko zen kartierean, eta orok jada zakiten berria orotarat hedatuko.

Eta, adixkideak heldu ziren jada, inthari gora, othoitz baten egitera, han, ohe handian geldi-geldia zagon girixtino gorphutzaren aldean. Eta orok goresten zuten Jainkoak bereganat deithu zuen ama ona.

Bi plegu egina bere makilaren gainean, eta frango moldean emana, Maria Betrisantz ere heldu zen. Eta hunkigarri gauza zen, egiazki, atxo gaixoa herrestan hola heldu baitzen bere ongi-egileari azken agur baten erraitera. Bainan, bertzeek ez bezala bethi egiteko, baratzeari kontra emanak ziren erle-kofoinen aldean iragaitearekin, gelditu zen eta, erdi goratik eta bere boz samina eztitzen zuela pitta bat, erran zioten erleeri «Oihanaldeko andrea hil zela, eta Marieren manueri behar ziotela behatu handik harat». Heiaren aintzinean mezu bera egin zioten Oihanaldeko alimaleeri; eta hedatu zen gero hilaren ondoraino. Erramua hartu zuen, eta, gorphutza zeinatu ondoan, bere makilaren gainean eskuak kurutzaturik, othoitzean ari zen: «Jainko onak bere lorian harturen zaitu, Gaxuxa, zeren bethi ona izatu zaren ni bezalako beharrentzat». Lehenagoko eskualdunek hola egiten ohi zutela, ongi nahiko zuen xirio xorta bat ixuri Oihanaldeko andre maitearen gorphutzaren gainera, gorphutz hura gogor geldi zadien eta oso kaxaren barnean... Bainan ez zen hartarat atrebitu; eta, ongi othoitz eginik, atheratu zen, galdeginez hatik «ahutara bat ile-orratz eman zezaten kaxaren barnean... Bazakiela harek zertako...»

Arrats hartan, auzoko bi gizonek zuten gau-beilatzea. Erdi lo, erdi othoitzean egon ziren han, ganbaran, xirio handia guttituz guttituz erretzen ari zela mahainaren gainean. Argi hura haizeak harrotzen zuen noizetik noizera, eta itzala orduan poxi bat mogiturik, iduri zuen hilak... mogitu zela mantelin beltxaren barnean. Oheko alderdira behatzen zuten orduan beilariek, eta, hitz bat gabe, tinkoago lotzen ziren gero beren arrosarioari. Zain bat ez zen mogitzen heien begitartean, hatsa bahitzen bakarrik eta doi-doiako bat... Xutitzen ziren biak eta ixil-ixila sukalderat joaiten, berotzera eta bardin edateko zerbeiten hartzera.

Biharamunean, igandea. Gure herrietan bethitik ohi den bezala, mezarik gabe etxean gelditu ziren Oihanaldekoak. Beztituak hala-hala ohearen gainean egonik, umatuak hantxet zauden guziak.

Arratsean, bere soineko ederrenekin kaxan eman zen hil maitea, eta ile-orratzik gabe batere. Lizartzako ama-alabak ziren beilari. Ikararik den mendrena gabe, othoitzean iragan zuten gau luzea. Gaxuxaz, Thomasez, heien haurrez gogoa osoki hartua. Eta bazen sukar Goañaren bihotzean, hilaren azken solasez, azken behatze luze hartaz bereziki orhoitzen zelarik...

Zazpi orenetarik laster, astelehenean, jendea abiatu zen Oihanaldera. Nehor ez igurikarazteko, kaxa eman zuten berehala athe handiari hurbil, bi xirioen erdian; ur-benedikatua aldiz eta erramu-aldaska, kurutzearen aldean. Auzo bakar batzu etxe-inguru hetan gelditu ziren, ahokoa iragan behar zen intha bazterrean. Bainan, bertzeak, gehienak, etxeraino heldu ziren. Kurutzearen seinalea eginez sartzen ziren guziak; ur-benedikatu xorta bat botatzen zuten kaxaren gainerat eta gero sukalde handian elgarretaratzen ziren. Ahaideak, beren doluko kapa handiak besoan, bazoazin, gizonak Oihanaldeko nausia zagon barnera, andreak aldiz Marieren ganbaralat.

Sukaldean, ahapetik mintzo ziren orai jendeak, Gaxuxaz, aroaz, kanpoaz. Egun hartako lanak bere gain harturik, harat hunat bazabilan Lizartzako andrea, gauza orori buru egiten ziotela Oihanaldean. Bertzalde, nahi zuen eta behar zen laguntza guzia bazuen auzoetarik.

Zortzi orenak ondoan ethorri zen jaun erretora. Kurutzeketariek bezperagoan ekarri supeliza-estolak hartu zituen Goañaren eskuetarik eta jauntzi berehala.

Oro ixilduak ziren Oihanaldean, kaxa benedikatuz aphezak De Profundis erran zuelarik. Dolamen bat bezala aditu zen gero athe aintzinean: Exsultabunt Domino. Eta, Miserere mei Deus kantatzen zuela jaun erretorak, Oihanaldeko andrea bethikotz atheratu zen bere etxetik. Eta, athe handia zauri bat bezala idekia, ilhun-ilhuna gelditu zen etxe hura.

Aintzin-aintzinean, kurutzea eskuan, buru-has bazoan Lizartzako nausia, lehen auzoa. Haren ondotik apheza. Gazteagoak oro gerlan izanez, adin bateko sei gizonek bizkarrean bazeramazten kataotak eta kataotetan hil-kaxa. Bertze lehen auzoaren ondotik, lerro-lerro, bat bertzearen gibelean emanak ziren auzoko gizonak oro. Ahaideak bazoazin gero minduru, eta heien ondotik, Ganix, Piarres, Thomas, oro beren kapa handietan.

Lehen auzo gisa, arrosarioan ari suharki, andre-lerroaren buru buruan, heldu zen Goaña Lizartzakoa. Eta, bat bertzearen ondotik hek ere _deusik ez baitzezaketen hola erran elgarri_ bazoazin auzoko emaztekiak. Heien ondotik, beren kapaz estaliak, berriz ere minduruak: ahaideak oro, eta azken-azken, herrestan heldu eta ametsetarik bezala, Oihanaldeko Marie gaixoa.

Nigar-egileak bazirela lehen gaitzeru bihitan truk, Senperen eta Eskual-Herrian... Nehoren manurik edo dirurik gabe, nigarrez ari, baziren han frango, lerro luzean, bainan ixil-ixila eta zalapartarik gabe batere.

Eliza-dorrean berriz ere intzirez ari ziren zeinuak... Karrikarat heltzean, doi-doia gelditu zen ahokua: beattarak ekarria, han zen elizako kurutze zilarrezkoa. Plazatik eta bertze xokoetarik harat ethorri jende asko eman zen lerroan. Paxkal jaun mera eta herriko-gizon Thomasen lagunak han ziren hek ere. Hil-oihala ezarri zen kaxaren gainean; eta, bi kurutze handiak aintzinean, Hirugarren Ordeneko eta Ama Girixtinoen hil-oihalak hedatuak hek ere, karrikan harat, elizari buruz bazoazin oro, ixil-ixila bethi eta bata bertzearen ondotik.

Gizonak eman ziren eskuinetik, lehenbiziko selauruan; organoari hurbilenak... minduruak. Bere bihotz-minak zozotua, Ganixen eta Thomasen artean belhaunikatu zen Piarres. Nigar bat ere ez zezaken.

Beherean, kapadunak oro, lerro zabal batean, xaialen gainean hedatu ziren. Elizaren erdi guzia ilhun-ilhuna hartzen zuten kaxaren gibelean. Eta kaxa hartan, argi handiez inguraturik, ohore guzien erdian, hantxet zagon hainbertze urthez arima eder batek erabili zuen Oihanaldeko andrearen gorphutza.

Hilen ofizio edo elizkizun hunkigarria hasi zen eta guzientzat hasi. Senperen, _eta hala-hala egiazko Eskual-Herri guzian_ ahokurat ethorri jendea elizan sartzeko eta elizan egoiteko ethortzen da; eta ez, sobra tokitan bezala, elizan sar-athera bat egin eta, karrikarat joaiteko edo bardin _abreki_ ostaturat. Hil-eremaileak dira bakarrik zerbeiten hartzera doi-doia trikatzen, eta ontsa beharrez oraino, bazterrak zabal dituelakotz herri handiak.

Ebanjelio aintzinean, mezak eman behar zituzten ahaide eta auzoez bertzeak oro ofrendatu ziren, han, mahain sainduaren ondoan, musu emaiten ziotela kurutzeari aphezaren eskuetan, eta hogoi sosekoa gero eskaintzen zilarrezko untzian.

In Paradisum... Zerurat ereman zaitzatela Aingeruek!... Eta, eliza handia itsentsu usainez betherik uzten zutela, bethi molde eta lerro berean, bazoazin orai hil-herrietarat buruz. Hainbertze aldiz bera iragan zen bide hertsian, azken aldikotz bazoan Gaxuxa, gora-gora sei gizonen sorbalden gainean.

Harrizko kurutze handiaren oinetan ezarri zuten; bi aldetarik eman ziren aldiz guziak, hari gorthe egiteko bezala. Eta ixiltasun handi bat erori zen hil-herrietara, hila behin oraino mintzatu behar balitzaiote bezala guzieri. Thomas, Piarres, Ganix, Marie, hunkigarriak ziren beren kapa handietan, hala-hala ahaideak eta lehen auzoak.

Azken othoitzak erran ziren orduan, ezkila handia ilhun-ilhuna ari zela eliza-dorrean...

Eta, orai, kurutzea elizarat zoala, etxerat bazoan aldiz ahokua, Oihanaldeko andrea hil-eremaileen erdian han gelditzen zela, Gaxien zilo-egileak bere azken egoitzan hura eman artean. Hil-herrien gainetik, hegoaldeari buruz, uso-tropa bat bazoan hegalez zaflaka. Eta zinez iduri zuen, hetarik bat ari zela zeru-gainetarat igan beharrez...


Oihanalderat heldua zen ahokua. Guziak sartu ziren sukaldean, eta ur-benedikatua erhi-muthurrean elgarri emanik, othoitz bat erran zuten ahapetik. Goañak paper batean ezarri zituen, berehala, Gaxuxaren gogo-arimarentzat manatu mezak oro. Eta, gero, barraiatu zen ahokua.

Ahaideak, lehen auzoak, adixkide-min zonbeit oraino, bazkaiteko gelditu ziren, Lizartzako andreak Oihanaldekoen izenean hola galdeturik.

Bazkari laburrak egiten dire ehorzte-egunetako bazkariak. Gizonak alderdi batean eman ziren Thomasekin, Piarresekin; bertz-alderdian aldiz emaztekiak Marierekin, Goañarekin. Solas zerbeit erabili zen, erdi-goratik, goizeko elizkizun ederraz, Jainkoak bereganatu zuen etxek-andre maiteaz. Thomas gaizoak eta haren haurrek min guti egin zioten jatekoari. Begiak han nonbeit galduak, ixil-ixila zagon Piarres; gogo guzia amaren ondotik bazoakon, nehor bertzerik ez zuela ez ikusten, ez aditzen.

Aphairua bururatu zenean, xutitu ziren oro. Errekien bat erran zen gora-goratik, eta, handik laster, bakarrik Lizartzakoekin gelditu ziren Oihanaldekoak...

Hil-herrietan, zilo-egileak doidoia erabili lur metaren azpian, begiak hetsirik... bere etxeari beha zagon Oihanaldeko andrea...

XV

Azken Guduak

Lehenbiziko igandean berean mezen irakustea egin zen, eta astelehenean gero, Senperen Frogua bethi deithu den bederatziurrena. Ahokua moldatu zen berriz ere.

Bainan, Piarres ez zen han gehiago. Bihotza ilhunik, Alzazerat itzulia zen, manua zuen bezala. Handik laster, Auberiveko ondoan zen, Champañan, bere bihotzmin dorphearen azpian lehertua. Maite ere zutelakotz biziki, lagunak oro hainitz urrikaltzen zitzaizkon, senpertar adixkideak guziz gainetik. Joanesek ez zakien zer egin bere Piarresendako. Laborari bat baizik ez zen garaztar soldadoa, bainan bihotz bat bazuen paregabekoa. Eta, solas alferrik gabe batre, bihotz hartarik heldu zitzaizkon ama baten mainak oro, haurride bat bezala maitatua zuen senpertarrarentzat.

Egunak jin, egunak joan _ez baita halakorik_ emeki-emeki, bizitzeari berriz lothu zen Piarres. Non-nahi eta bethi ikusten zuen ama harek berak hola egitea galdetzen ziola seguratu zen. Orhoitu zen, hiltzean, begiez erakutsi ziola nigarrez haren aldean zagon Lizartzako neskatxa gazte prestua. Othoitzean ari heien bientzat sumatu bezala zuen ama hura, eta sosegu handi bat, indar berezi bat jautsi zitzaion bihotzerat.

Bertzalde, urri hartan guzian lanik aski emaiten zioten etsaiak, nehor sobra luzaz bere amets dorpeekin egoiteko.

Gauaz, egunaz, etsai hari emaiten ziozkaten hek ere sistako batzu saminak. Ez zen bere bihotzaren gainean lokartzerik. Ilhun beltzean, gauerdi irian, herrestaka en patrouille joaitea zuten noiznahi. Eta soldadorik hazkarrenek aithortua zen, bi bihotz bederen behar zirela, itsurat, kuku-mauka hola joaitea zutelarik. Den mendreneko harrabotsak iduri zuen orduan ortzi-azantza, eta erhi-muthurrak ikaratzen ziren xixparen gainean... Beltz hura, hantxet, zer othe ziteken? Herrestaka heldu zen aleman bat? Ala zonbeit egun lehenago han erori lagun hura?... Eta hori ezin jakin, hil edo bizi, suge batzuen pare haraino herrestatu gabe!...

Eta gero, bost ilhabethez, urriaren ondarretik eta martxoaren lehen egunetaraino, Tahure aldean egon behartu zitzaiotelarik!... Berririk hitsenak heldu zitzauzkun Rusiatik. Lénine zelako giz-otsoak Kérenzki maleta iretsia zuen aspaldi, eta, arte laburrik barnean, saldu behar gintuen alemaneri, Brest-Litovskeko bake berezia heiekin eginik.

Rumaniak, gogo kontra eta Rusiak hura ere saldurik, bakea galdegin behar izan zioten alemaneri eta bulgaroeri.

Bainan, zonbeit hilabethe hartan jada, heien untziak itsaso zolarat alemanek jautsarazirik, amerikanoak gure alde emanak ziren; eta burrustaka heldu ziren gure laguntzera, ehun milaka hilabethe guziez. Gure adixkide italianoak hala-hala, gibelerat lehenik egin ondoan, bermatu beharrak ziren lasterxko eta hazkarki. Serbia hura ere, ez zen geldirik egon beharra. Han, iguzkialdean, Salonikako gure armadarekin batean, Guillaumat eta Franchet d'Esperey gure jeneralak aintzindari, bulgaroak lehenik eta gero turkoak eta autrixianoak setiatuko zituzten eta azkenean azpiz-gora uzkailiko...

Bainan, etsaiaren azken oldarra, han, Reimseko ondoan behar zen lehertu, bertze uztailan berean. Eta lanean ari ziren Baionako soldadoak, lanean ixil-ixila, pezoin eta erreka handien moldatzen, aleman bala-erauntsien azpian hartuak, haintzur batek bertzea sekulan kaskatu orduko. Eta xitun egoitea zuten orduan guziek.

Noizetik noizera, etsaiari ihardokitzeko edo bardin haren urrunago haizatzeko, sobraxko hertsatzen gintuelarik, sukar gehiago izaiten zen oraino erreka-ziloetan. Eta orduan, _ez zenez bada gauza bitxia?_ alegia eta deusik ez, aintzindari zonbeit, bethi ta bethi, gure eskualdunen ondorat heldu ziren, pezoin gainerat jauzian oro igan baino lehen. Eta hortaz jelostua bezala zen Garaztarra.

_Errak, to, Piarres, errazie, Mixel eta bestiak, sistako bat etsaiari eman behar den aldi guzian, gureganat bethi heldu baita gure lotinant hau... Zertako demuntre othe?

_Zertako? Joanes? Erranen daiat berehala. Hi bezalako gizon baten aldean hobe baita, _zer hel ere guduan_ ezen ez eta perttoli baten ondoan. Eta hala-hala, beharbada, eskualdun gehienen aldean...

Eta, nahiz bakar bati ari zen, bere frantses ederrean eta aintzindariari hirri maltzur batean behatzen ziola begi bazterretik, hasi zen Garaztarra:

«Ah! bande dé baches, c'est commé ça!... Il n'est pas bête, toi!»

Xerri-gorria erranen zion bezala, erraiten zion hoi, erdi-ahapetik eta _bere ustez_ arras maiteki.

Entzun othe zuen aintzindariak eta aditu?... Ez dakit; bainan, bethi, gehiago oraino hurbildurik eta eskuak orori tinkatuz, erran zioten:

_Je compte sur vous, mes amis, comme vous pouvez compter sur moi.

Eta Joanesek ihardetsi zion berehala:

_C'est très bien, ça, mon liéténant, nous férons possible...


Martxoaren hastetik eta hogoita sei arte, pausurat igorri zituzten Piarres eta haren lagunak. Alemanak ari ziren Parise izitu eta lehertu beharrez. Heien Gotha deithu burdinazko xoriak burrunbaka zabiltzan hiri-nausiaren gainean; Bertha alimaleen kanoi-pezak heldu ziren aldiz lotsagarriak, nehork oraino ez zakiela zoin urrundik.

Amerikanoak oro ethorri baino lehen, anglesetarik gu berexi beharrez, karraska itsusian abiatu zen etsaia; eta holaxet hasi zen, 400 kilometra eremutan, 6 miliun gizon borrokan eman behar zituen gudu handia. Amiens hiriari buruz abiatua zen alemana.

Anglesak gibelerat heldu ziren, erauntsiaren azpian hartuak eta lehertuak. Bainan, heien orde, frantsesak heldu ziren lasterrez. Eta Baionako soldadoak ere, kamionetarik jautsi orduko, han ziren, erasian jada heldu zen ogiaren erdian, Montdidieri hurbil trebes emanak. Douglas-Haig, Pétain, Clemenceau eta Poincaré elgarretaraturik, Foch egina zen azkenean, angles, frantses, amerikano, belgikano, guzien buruzagi bakarra. Jainkoa gure alde ginuen beraz berriz oraino. Eta, auto-mitrailleuses berri-berrien laguntzarekin, Piarresek eta haren lagunek karraskan gibelerat jada bazeramaten etsaia, Montdidierko ondo-ondoraino. Bainan, zer egunak, zer gauak, ihurzuri mota guzien tartean!

Montdidier aldean gu hala thematurik, gelditu behar izan zitzaion beraz alemanari; eta _zuzen ere zen bezala_ huna geroxago Baionako erreximenduari eman zitzaion ospea:

«Régiment animé au plus haut point d'esprit du devoir et d'ardeur combattive. Brusquement enlevé de ses cantonnements, transporté au loin et jeté dans la bataille au débarquement de ses unités, a, sous le commandement du colonel de France, combattu sans relâche, pendant trois journées consécutives. Le 30 Mars, a repoussé trois assauts de l'ennemi, maintenu, malgré tout, une liaison que tous les efforts de l'ennemi tendaient à rompre, repris ensuite l'offensive et refoulé l'ennemi, lui enlevant des prisonniers et des mitrailleuses.»


Eta bizkitartean, itsusienak ikustekoak gintuen oraino!

Amiens ezin beretuz, lehenago jada bezala, Calais hiri handi eta aiphatuari atrebitu ziren alemanak. Debaldetan.

Berriz, orduan, Pariseri buruz oldartu zen; eta maiatzaren 27an, Andereen-bidea hartua zuten, Soissons, Fère-en-Tardenois hala-hala eta Marne ibaierainoko eremu guzia ere bai. Ageri zen Baionako soldadoak ez zirela han gehiago! Compiègne aldetik, inguruan, Parise hartu nahi bethi alemanek edo bederen beren kanoien azpian eman! Berriz ere alferretan. Ludendorf heien jeneral nausiak egin zuen, Marne ibaiaren ondoan behar gintuela zafratu. Bainan, Jainkoa lagun, guk behar ginduen hura, bigarren aldikotz, han erhautsi. Fochek behar zuen ereman Marneko bigarren bitoria...


Apirilaren hamabortzaz geroz, Courcelle aldean ziren Baionako soldadoak. Hango xoko-moko guzien berri bazakiten. Eta, eriaroaren bederatzian, pozoin guziez orratu kearen erditik etsaia betbetan athera zitzaiotelarik, lehenago Verdunen bezala thematu zen Piarresen erreximendua. Zilorik ez zen behar gure eta anglesen artean, ez eta ere bertze nihon. Urhats bat gibelerat ez egiteko manua zuten; eta behatzen ere ez zuten gibelera.

Eta, bizkitartean, han Courcelleko elizaren inguruan, bat bosten kontra ari dira, ethenduak, leher eginak egiazki. Kanoi-peza motak oro gainean dituzte. Lau aldiz, baionet-sistaka gibelerat igortzen dute etsaia. Heien erdian, bihotz guzien berotzaile, bere buruari kontu emaiten ez diola, harat-hunat badabil Blazy aphez eskualdun ernea. Bai, zinez haren beharra izan dutela Baionako gizonek, hinka izigarri hartan, hirugarren egunean oroz gainetik!

Hatsaren hartzeko bezala, noizetik noizera, beren omonier biphilari behatzen zion Joanesek, eta _ezin egonak hartua_ marmar hasten zen, Piarresi erasian:

«Bana, debriak berekin tik gizon horrek!... Ez nuk harritzen, denek maite baitzuten, hantxet, Doniane Garazin bikari zelaik... Behazak; behazak!...»

Holako soldadoak ez othe ziren, bakotxa bost aleman bezenbat, gutienetik? Hala behar ere zen. Bertzenaz, eriaroaren hamekan, goiz-alderat iretsiak behar ginen! Etsaia gaindika heldu zen eta deuseren beldurrik gabe, bere kanoiak berak agerian eta ozarki hedatuz...

Eta, berriz ere, thematu ginen han; etsaiaren oldarra hautsirik, etsai hura sistaka gibelerat ere bagineraman. Odolez gorritu ziren bazter hek oro. Tenore batez, Manex eta Mixel hinka txarrean aurkitu ziren egiazki, beren aintzindari onarekin. Bainan, bi jauziz ethorria, han zen jada Joanes, gal-bidetik heien atheratzeko.

Eta gero, betbetan, zer loria, Piarresen eta haren lagunen bihotzetan, Mangin jeneralaren soldadoak Merryko kasko hetan agertu zirelarik, karraskan heldu beren tank izigarrien ondotik, bazterrak oro erhausten zituztela, pezoin guzieri aztaparka lothuak, bethi aintzina gaki, traba guziak xirxikaturik! Zenbat gizon ez ziren han erortzen, zenbat ez zen uzkailtzen burdinazko mustro hetarik, bere kanoi-pezak oro heien gainerat etsaiak itzulirik!... Bainan, etsai hori gelditua zen, errainak hautsirik; eta, nahi edo ez nahi, ez zuen Compiègnerat joaiterik aldi hartan oraino!... Bitoria, garhaitia, zaflaka guri buruz heldu, sumatu ginuen goiz hartan!...


Pausa zerbeit gibelean harturik, uztailaren hamabitik eta aboztuaren hogoita bortz arte, Vauquois eta Neuilly aldean da orai berrogoita bederatzigarren Erreximendua. Oihanpe handi batzuetan, lehen aldikotz eta ondo-ondoan, ikusi zituen amerikano soldado gazteak; eta bihotzak arindu zitzaizkoten orori: odol berria sartzen ari zitzaioten alabainan, hazkar eta garbi.

Han, hala-hala, izaia ederren azpian, jakin zuten Courcellen heienganat ja heldu zen garraitia, burrunbaka orai hedatzen ari zela eta alderdi guzietara. Egun hetan, zehe-erdi batez bederen handitu zen Joanes Garaztarra, bere handiaren gainera...

Gure aldi zen beraz orai. Gure Foch handi paregabeak, angles, amerikano, ororenganik nahi zituen laguntzak azkenean eskuraturik, bere aspaldiko asmuak bururatu behar zituen. Tankako bat hemen, tankako bat han, bertze bat hantxet eta hantxet oraino, koskatu behar zuen etsaia, eta, azkenean, lau hatzez gora arthiki.

Uztailaren 15ean, Châlonerat buruz, karraskan berriz oraino abiatu zen beraz etsai hori. Bainan, bardintsu ziteken harroka bati joka arizanik; eta Gouraud jeneral begi-erneak, ixil-ixila eta tenorez bere gizonak gerizan emanik, erhautsi zituen hantxet, Reimseko ondoan.

Hemezortzian, gero, Mangin abiatu zen, Aisne ibaietik Ourcq ur-handira, 20.000 presoner barrastatzen zituela eta 400 kanoi hala-hala.

Eta Fochen manua bazoan bazoan, bethi hedatuz. Hogoiean, de Mitry jeneralaren aldi zen, Dormans aldetik. Gero, Berthelot aintzina, bethi aintzina badoa ondoko egunetan.

Aboztuaren 8an, Debeneyren aldi; 12an Humbert jeneralak Montdidier-tik eta Oise arte guzia iresten du. Mangin berriz hasia da zanpaka, aboztuaren azken egunetan, Aisne eta Ailette ibaien tartean. Hala-hala anglesak, Bapaume aldean.

Buruilan, hainbertze aiphatua zen Hindenburg pareta alderdi guzietarik setiatua zen.

Hamahiruan, amerikanoek, sistako samin batean, Saint-Mihieleko ethendura edo sabel-xumettoa hartu zioten etsaiari, eta Jainkoaren lorian! Amerikanorik bazenez edo ez zenez guduan, gaurgoiti bazakiten alemanek, zonbeit aste hartan jada...


Tapaz-tapa, oinez bazoan bizkitartean Baionako erreximendua. Hura gabe, deus ez ziteken egin onik sekulan.

Rethonden barna, _han, geroxago, bakearen galdez agertu behar baitzen alemanen bandera xuria! _buruilaren 16ean, Neuville aldean zen, hil eta kolpaturik baizik ez baitzen han-gaindi.

Eta guduari lothua da berehala. Bere Hindenburg errekari bizkarrez dagola, bas-urdearen pare hantxet, thematzen da etsaia, fur-furian heldu ere zaukula noiznahi. Durquet kapitain-aphezaren konpainiari hazkarki atrebitzen da, 18an, goizeko sei orenetan. Toki onean ari zen! Erhautsi zuten gure mitralleuzek...

Ondoko egunetan gero, hala-hala. Zehe bat lur ez zion batek uzten bertzeari. Hogoita hamar urhatsetan ez ziren elgarri! Zilo batetik bertzera bethi jauzika, xoko guzietarik herrestan atheraiak bethi eta borrokan lothuak. Hogoi eta bortzean, sekulako kanoi pezak heldu zitzauzkun erauntsian, 105 eta 150 ikaragarriak; ez Verdunen, ez Craonnen, ez Courcellen, peorragorik ez baiginuen ikusi. Zer egunak, oraino, biharamunean eta biharamunagoan, zer sistakoak, guretzat nola alemanentzat! Bethi gudua, eta nihun sosegurik ez sekulan!...

Hogoita zortzian, etsaia parrapataka bazoan; gureak ondotik zituen berehala, Pinoneko oihanean barna, kanal-errekaren bazterreraino jauzian ethorriak. Oihan itsusia, zikina, dena matrikula, dena amarru. Hil edo bizi, behar ginduen urrunago; han ez ziteken egon.

Urriaren 12an, zaku eta taula tzar batzuen gainean erreka iraganik azkenean, ohartzen ginen berriz ere, uko egin zaukula etsaiak. Gure loria! Arratseko, Montarcenen ginen, herriz herri hamabost bat kilometra eginik. Haia, haia, urrunago ere joanen ziren Garaztarraren ixtape alimaleak, «Halte-là!» berriz ere alemanek ez baliote oihu egin, Hunding pareta kaskoaren gainetik.

Bertze erreximendu-lagunak baino ere aintzinago joana zen berrogoita bederatzigarrena. Hatsa doi-doia harturik, biharamunean berean, jauziz jauzi, baionetean, beretzen ditu Mont-Fendu deithu bixkarra, bertze mendixka batzu oraino, Barenton-Cel herria. Bazter guziak sutan dire eta uzkailiak. Gerrirainoko urean asko gizon sarturik, Hunding erreka setiatzen dugu ondoko egunetan; urriaren hogoita bigarren eguna gabe, Verneuil, Barenton-sur-Serre guretzen ditugu, guhauren kanoi-pezak bezen laster bethi joanak etsaiaren gainera...

Azken azken fur-furietarik batean, _hala beharra, egiazki!_ burdin-ziliporta batek belhaun-sahetsean hunkiturik, erroz gora hantxet erori zitzaioten... Joanes Garaztarra... Izituak jada, lasterka bazoazkion Piarres eta haren lagunak. Bainan, ahalketua puska bat, zankez bera xutitu zen Joanes, eta hirriz erran zioten:

«Zer den haatik haundi izaitia! Beste bat triparen erdian hatzemain zian ziliporta horrek... Belhaunerat doi-doia heldu izan ziak eni... Aphalegi ari zitian, aphalegi! Piarres, emanazaak hire mokanesa; enia Courcellen utzia diat edo han nunbait, ez nuk xuxen ohoit... Horra, to, odola gelditia. En abant martche!...»

Zorionez, ez zuten urrunago joaiterik. Etsaia 25 kilometretan barna beren aintzinean eremanik, eta traba guzien gainetik, ez othe zuten aski bederen eginik? Bertze erreximendu bat heldu zen, heien orde han hedatu baitzen berehala...

Urriaren hogoita laua zen.

Eta Baionako soldadoak, sei astez Laon aldean hala itsuski gudukaturik, bazoazin pausarat, leher eginak, zangoetarik eta kaskorat lohiz estaliak, zikinetan ederrenak janak, iretsiak. Alemanek zonbeit aste lehenago hartu nahi zauzkun eremuetarat, Compiègne alderat jautsi ziren, gerla handi luzean sekulan izan diren baino ederrago miletan...

 

XVI

San Martin!!!
Suizatik eta Nort'Itsasora, ikaran, gur'aintzinean,
Etsaia, xixpak bizkar gainean, gineraman azkenean!
Gure Foch gaitzak zafratzen zuen lehengo Marne ibaian;
Castelnau oldar izigarrian, saltatzera zen abian...

Eta gero, San Martin goiz batez, oi gu ororen loria!
Lau urthez entzun orro handia betbetan zen eroria!
Clemenceau zaharra erhotu zen, erhotu Frantses Herria,
Elizan, ezkilen zalapartaz dardarikatu dorrea!
J.B.Piarresen erreximendua hola gudu izigarritan ari zen artean, eta gero, noizbeit, ongi beretua zuen deskantsuan hantxet zagolarik, angles, amerikano, frantses, belgikano eta bertzeak ez zaudan bada geldirik! Champañan, Argonan, Ipar-aldean, karraskan bazoazin aintzina, bethi eta orotan aintzina. Dixmude, St-Quentin, Lens, Armentières, Brimoneko gaztelua, Moronvilliers aldea, Cambrai, Le Cateau, Andereen-Bidea, Vouziers, La Fère, Laon, St-Gobaineko inguruak oro, Lille, Douai, Ostende, airez aire hartuak ziren. Itsasoan, gaina ginuen. Buruilaren ondarrean, bulgaroek bakea galdetua zaukuten. Urriaren bortzean jada, alemanek, autrixianoek, hats-hartze labur bat bederen eskatua zuten. Feratu ginituen. Eta, hilabethe beraren azken egunetan, Turkia gure meneko zen, bakearen galdez hura ere. Eta gero, hazilaren hastean, autrixianoen aldi hala-hala...

Eta gaitzeko berri horiek oro, sanka-sanka, bat bertzearen ondotik, beren pausa-tokira heldu zitzaizkoten Piarresi eta haren laguneri, bihotzak oro erhoturik ezartzen ziozkatela.

Bas-urdea ihiztarien aintzinean bezala, orok bazterrerat eta bakarrik utzia, gure aintzinean, burua aphalik, gogoa ilhunik, ihes eta ihes bazoan alemana, gauaz egunaz ere baino zaluago. Non ziren lehenagoko kopeta ozarrak? Zer eginak othe?... Jainko-zaharra non othe zagon, heien alde gehiagokorik agertu gabe?

Eta Lurdeko Ama Birjinaren burlatzaileak bazoazin beraz, gu guzien aintzinean ihesi! Lehertuak, ezinduak, non azkenean eroriko ziren?

Argona guzia galdua zuten, galduak Valenciennes, Rethel, Vervins, Tournai, Avesnes, Maubeuge, Mézières, Charleville...

Gorago erran frantses, amerikano, angles jeneral gaitzekin, izendatu bederen behar ditugu hemen bertze zonbeit oraino: Pétain, Fayolle, Anthoine, Maistre, Degoutte, Douglas-Haig, Rawlinson, Byng, Horn, Pershing. Bai, muthil zinez onak zituela Fochek bere aldean, harek manatu bezala oro kaskaka ari eta sistaka, munduan izan diren soldado hoberenekin.

Nihon ez ziteken gehiago onik alemanarentzat. Miliun erdi bat eta gehiago gizonekin, Castelnau handia, han, Lorraine aldetik jauzian atheratzera zoan, Metz hiriaren bi aldeetarik, Alemaniari buruz; beharbada... Berlin hiri nausiari buruz!...

Eta, lephotik hola etsaiaren hartzera ginoazilarik eta urkatzera, hor, hazilaren 11an, San Martin goiz eder batez, jakiten da berri espantagarria: etsai hori belhaunez lurrerat eroria zen eta bakea galdetzen zeraukun! Berrogoita hameka ilhabete luzeren buruan, begiak sutan, hegalak zaflaka, Frantses Oilarra, alemanaren gainerat iganik, kukurukuka ari zen: Sellier kaporal-turrutaria, zainak atheraturik, ez dakit nik zenbat eta zenbat gudularieri, hatsa galdurik ari zen:

«Cessez le feu! Levez-vous! C'est fini!»!!!...

Lau urthez entzun gerlako orro handia betbetan ixildua zen, St-Mihieletik eta Ostenderat! Eta ixiltasun hortaz harritu zen lur guzia!

Piarresek, Joanesek, bertzeek, jakiten zituzten orduan berriak oro; eta erhotzeko ere bazen egiazki.

Beren ahalkea ilhunbez estali nahi izan balute bezala, argia gabe, hazilaren 8an, alimaleko bandera zuri bat lehenbiziko berebilaren gainean emanik, jin ziren beraz alemanak. Lhuillier frantses kapitain gazteak hartu zituen han, gure lerroen muga-mugan; begiak itsutu ziozkaten, eta, xoratua, bazeramazkan Debeney jeneralarengana.

Eta, Rethonden, wagon edo gurdi handian, Fochen aintzinean ziren orai bake galdez ethorri eskelariak: Winterfeld jeneral lerdena... bi plegu bildua, Erzberger lodia... ttiki ttikia egina, Obemdorf eta bertzeak, oro xuri-xuria eta ikare-daldaretan.

Weygand jenerala alde batetik, Rosselyn-Weinyss angles amirala bertzetik dituela, Foch bere begi argi eta garbiekin heieri beha dago. Jauzi bada tenore hartan haren bihotzean!... Zapart eginen ere ez othe dio bihotz horrek?

_Que demandez-vous?
_On vient recevoir les propositions des Alliés.
_Les Alliés n'ont pas de propositions à faire.
_Soit. On est prêt à écouter les conditions de l'Entente.
_Question préalable: Demandez-vous l'armistice?
_Oui.
_Dans ce cas, écoutez...

Eta mailu ukaldi batzu bezala, alemanen gainera erori ziren gure galdeak: Rhin ibaia iraganik, frantses lur guzia utzi behar zuten berehala, utzi behar Belgika, Alzaze-Lorraine aldeak oro; kanoiak, mitralleuzak, aireko xori-burdinazkoak, burdin-bidetako tresnak milaka eman behar, gelditzen zitzaizkoten itsas-untziak hala-hala. Rhenania guzian hedatuko ginen aldiz, eta behar zen ephe guziarentzat, frantses, belgikano, angles, amerikanoak... Hiru egun hartu zituzten, gogoeten egiteko.

Eta, San Martin goizean, buruak aphalik berriz ere Fochen aintzinean, oro onhesten zituzten aleman bake-eskelariek.

Bertze galderik ere onhetsiko zuten beharbada oraino. Erreboluzionea zuten han, Berlinen eta bertze hiri handietan; Suizarat jada Autrixiako Enperadorea bezala, Guillaume... Holandiarat eskapatua zuten... Miliun erdi bat aleman preso egiten ahal gintuen, Clemenceauri Fochek berak erraiten zion bezala... Bertzerik galda ginezaken beraz oraino.

Bainan, hola Berlineraino gu joaitekotan, galtze itsusienen azpian gerlan artzea zen zonbeit astez oraino... Berrogoita hamar mila gizon galdu behar gintuen guhaurek. Eta bihotz bat bazuen gure Foch handiak. Girixtinoa zen; eta, gainerat, _ongi edo gaizki_ iduri zitzaion, odolik aski baginduela ixuririk eta aitamarik aski bazela nigarrez ari bazterretan. Ongi ezin-bertzean, eta bakea nahiago zuelarik, ari zen gerlan. Jeanne d'Arc-i lehenago bezala, damu egiten zion frantses odolak...

Etsaia lurrean zen; eta Fochek, bere ospeaz grinarik gabe batere, gizon bati gerlak sekulan eman diozkan indar eta ahalik handienak aphal-aphala eskuetarik erortzerat utzirik, geroan zer erranen ere baitzuen etsai harek, San Martineko bakea eman zion. Mulhouse, Strasbourg, Metzen sartzera ginoazin...


Baionako gerlarien loria zerbeit bazen, han, beren pausa-tokian! Zuri-zuria bulta bat egonik, aintzindari eta soldado, oro ari ziren orai zoko guzietan, jauzika, dantzan, elgarri lothuak besataraka, betbetan erhotu balire bezala. Erreximenduko musikak oro zapartaka ezagun ziren, ezker, eskuin, orotan.

Beren xirula debru batzu atheraturik, ez dakit nik nundik, Barkoxen, Atharratzen, Sohotan eta Mendikotan, edo Ahunxki-mendin bezala, dantzan tira-ahala ari ziren xuberatarrak, zinka zinkaren gainean dardarikaraziz.

Joanes Garaztarra ere nahiko zen trikatu pixka bat. Bainan belhaunak min egiten zion oraino... Orduan, erdi-mainguka joan zen guzien erdira, eta oihuka hasi:

«Xuberatar zinkaren ondotik, huna orai baxenabartar irrintzina.»

Eta, bere ahur alimalea ahoaren inguruan bildurik, ai, ui, ui, ui, ui, ui, ui... egin zuen irrintzina bat izigarria, hilak pitzarazteko irrintzina. Aintzindari, xuberatar eta bertze soldadoak, oro espantituak gelditu ziren, eta gero esku-zartaka hasi guziak.

_Horra, Piarres. Errana naukan, irrintzinaka ariko nintzala berriz oraino... Boxek ez balinbaute hori entzuten, ez duk arras ene oben. Zertako joanak dire ihesi, eta hain urrun?... Guazen musian partida baten itera: biga bier, lehen-seietarik. Beste irrintzina... inen dat orai, etxerat lé pié droit en aban joain girelaik...

_Ba, goazen musean: Mixel eta hi, Manex eta ni, afaria noren gain. Eta gero, omonierak galdegina daukun bezala, eskualdunak bederen bilduko gaituk, Jainkoari eskerren bihurtzeko. Galdearen egiten bezala, behar ginikek ikasi... milesker erraiten.


Zortzi egun iragan zituzten gero xoragarriak.

Piarresi berriak ethorri zitzaizkon anhartean herritik; molde guzietako berriak. Gripa tzar bat ari zen, aspaldi hartan bazter guziak jada xahutuak baitzituen Senperen, mundu zabalean bezala. Ez gauaz, ez egunaz, nihoiz ez zen sosegurik mirikuarentzat, erretorarentzat. Eta, gerla guziak bezenbat jende eremanik bazuen, hurbil, eritasun tzarrak. Etxe batzuetan, familia guzia ohean gelditua izanez, auzoak izaiten ziren arthatzaile. Orok berogia behar eta, oro ohean izanez, _nahi eta ez_ mihisek, estalkiek, garbitasunak berak eskas egiten zuten asko xokoetan; sendagailuek ere ba, zorigaitzez! Azken mugaraino, eriak bazauden gorri-gorria, pullit-pullitak kasik. Eta haurrideak ohartu orduko, edo bardin, hek ohartu ere baino lehen, txartuak ziren, hilak ziren. Etxe beretik holaxet, Hergarai kaskotik, hiru kaxa athera ziren egun berean, Sarako aphezak, lerro-lerro, betan ehortzi baitzituen, bezperan herriko erretora bera eriturik, eta zer eta nolako egunaren ondotik! Sua ari zuen bazter guzietan, lurretik, airetik.

Gauaz, hedoiak gorri-gorria zauden eta idor-idorra, den mendrenik hezatu gabe. Eta, gerlako berrien gainera, jendea izitua zen orai heriotze hetaz guzietaz; hainbertzetaraino izitua non ezkilarik ere ez baitzen gehiago jotzen kurutze-eremaileentzat. Ehorzte egunekoak ere jada zerbeit baziren...

Zorionez, Jainkoak iduri zuen, urrikaldua zela orai gain hartan. Jaun erretorak hala galdeturik, herri guziak barur egin zuen ortzirale batez, eta kurutzearen-bide bat egin zen, mundua lehiatu baitzen hartarat. Egun hartan berean, gerlako azken gudueri buruz, eritasun tzarrari buruz, Ama Birjinaren iduri eder batentzat behar zen diru guzia nasaiki bildu zen. Fede gutti-gutti bat baizik ez zuten arrotzak berak zoin-lehenka emaiten arizan ziren, botuz eskainia zen Ama Birjina harentzat. Nehork ez hil nahi alabainan, neholere ahal balinbazen!... Eta _ez zenez mirakuilua?_ arrats hartan berean gelditu zen izurrite ikaragarria, senpertar bihi bat ez baitzen gripatik joan orduz-geroztik, auzo herrietan oraino nigarrez ari zirelarik...

Eta, berehala manaturik, han zuten orai Ama-Birjina ederra, Senpereko aphiku-azpian. Bere ama maitearen besoetan, gerruntzeraino troxaturik, Jesus-Haur muñuña bat, besoak zabal, ororen beha hantxet zagon, ororen laguntzeko. Eta oro heldu ere zitzaizkon, zangoetako erhi ttiki-ttikiak musuz jaten ziozkatela. Eta, huna iduri ederraren azpian, bethiko orhoitzapen emenak ziren hitz hunkigarriak:

Senperek
Bere Amari
Botuz Emana
1918
Gerla Handia Zen,
Soldadoak Dauzkutzu Begiratu.
Oro Eri Ginen,
Eta Eriak Dauzkutzu Lagundu.
Mil-Esker Ama!
1918


Eta ondotik, gero, emanak ziren San-Martinetako berri hunkigarriak. Gertakariak oro elizan ikasirik, herri guzia beha zagon noiz ezkila handiak hasiko ziren eliza dorrean.

Goiz bat xoragarria zen, zeru bat lilluragarria, Senpere guzia zeru hari beha baitzagon, aingeru bat han agertu behar balitzaiote bezala. Ahetzeko ezkila samina ari zen, ari ere Sarako burrunba. Baionako bunbak, Donianeko tiro-zalapartak ezagun ziren. Eta, betbetan, bederatziak irian, duda-mudarik ez zitekela gehiago oro seguratu ondoan, hasi ziren Senpereko zeinu handiak! Hasi ziren, hasi, eta... arratsaldeko bost orenak arte ez gelditu gehiago! Dorre guzia ikaran eman zen, ikaran eliza, ikaran herri guzia. Bihotzak jauzika ari zitzaizkoten orori. Landaren erdian, _ahalkerik gabe_ belhaunikatu zen laboraria, eta lanbro bat jin zitzaion begietara. Etxe xurietan, kurutzearen seinaleak egin ziren ehunka, eta athe-alarzera, lorio azpira athera ziren ama, haurrak, aitatxi-amatxi xaharrak. Hatsik gabe eginak, beharririk baizen ez zuten, eta ezkila handieri beha zauden oro, bost urthe hartan igurikatzen zuten musika harek xoratuak eta xoxotuak. Haurrak berak geldi-geldia egon ziren bulta bat, eta gero jauzika abiatu eta putinka, sorrorat eskapatu pottoka batzuen pare... Hiru hogoi eta zonbeit etxetan, bizkitartean, nigarrez ari ziren, zeren heien 72 hilak _hetarik zonbeit doi-doia hoztuak oraino_ ez ziren etxerat itzuliko!!!

Nehork deusik erran gabe, arratsean, sekulako jendea bildu zen elizarat. Eta, loriatua erraietaraino, jaun erretorak Jainko Handiari erran ziozkan guzien eskerrak. Gero, kraskatu zitzaion mintzoa, eta nigar batean, denek othoitz egin zuten gibelerat jinen ez zirenentzat eta heien burhaso, haurrideentzat.

Eta, lehen aldikotz, gerlako grinarik gabe gehiago lokartu ziren Senperen... eta lur guzian hala-hala!...

Ondoko egunetan gero, bazen oraino zorion herrian. San Martin goizeko ezkilak bethi ari ziren ororen beharri barnean. Hainitz inharrosia izan den bihotza ez da emeki-emeki baizik sosegatzen, harri handi batek zafratu ur-geldia iduri bailuke.

Aldaira guti zen urthe hartan Senpereko lau bazterretan. Etsaiaren aldaira handia aski zitzaioten gehieneri. Eriak sendatzen ari ziren; lau urthe luzez zangopetan etsaiak atxiki eta ostikatu lurrak oro guretuak gintuen, eta bozkarioak gaindi egiten zaukun noiznahi, non-nahi. Eta Mariek bere letraren barnean igorriak,Piarresek eskuetan zauzkan Senperen lorietan jada errepikatzen zituzten kopla hauk:

 

BIBA, BIBA FRANTZIA!Errepika
Biba, biba Frantzia,
Frantzia maitea,
gaurgoiti duk utzia
nigar egitea!!!

1
Bortzgarren urthean,
goiz eder batean,
hazilaren hamekan,
San Martin goizean,
etsaia aldairan
bazoan... lasterretan!
2
Zerua eder zen;
orok disdiratzen;
airean zerbait bazen!
Deusik ez sumatzen,
haler'ikaratzen,
ez dakit zer goaitatzen!

3
Eta hor, betbetan,
eliza-dorrean,
ezkila zalapartan!...
Ene bularretan
bihotza saltokan,
zapart egitekotan!!!
4
Orduan berean,
alderdi orotan,
Eskual-Herri guzian,
Frantzia maitean,
mundu zabalean,
ezkila ari zian!!!

5
Oi! hori musika!
Jainkoa, zuk barka,
eman naiz belhaunika!...
Ezkila, ar joka,
itzul eta pika,
jozak, jo errepika!

6
Gerlaren hastean,
egun aphalean,
jo huen intziretan;
gerla gelditzean,
egun eder huntan,
jozak alegrantzian!

7
Ez nauke tokian;
zangoek airean
nabilkate larrean.
Nere zintzurrean
oihu bat, orroan,
zapartatzera zohan.
8
«Gora Jainko Jauna,
o bai zu lehena
aiphatu beharrena!
Biba zu Am'ona,
Lurdeko Birjina,
gure alde emana!!!

9
«Gure Clemenceauri,
gure Foch gaitzari,
gure soldadoeri,
gur'adixkideri,
gure hil maiteri,
ohore guzieri!!!»

J.B.

 

Eta Piarres, Mixel, Manex, Garaztarra eta bertzeak, persu horien ikasten ari ziren, ahamenean oro lothuak. Eta, gogoz eta bihotzez, berriz ere han ziren gure gudulariak, Eskual-Herrian, haize hegoari hedatuak, xuri-xuria ikusten zituzten beren etxeetan...

 

 

XVII

Piarres-Goaña

Denbora bazoan bizkitartean. Tapaz-tapa, berriz ere abiatu zen berrogoita bederatzigarrena, eta berriz ere, bigarren aldikotz, Alzazera; bainan, astiro bazoan eta luze-luzea.

Urtharrilaren 15ean, Mulhouse hirian zen. Banderarik eta lorerik baizik ez zen, nondik jinak ere baitziren loreak negu bethe-bethean. Pinpirinan emanak, hango jendeak oro gainean zituzten, frantses soldadoak baitezpada besarkatu beharrez. Aphez xahar bat, berrogoita hamar urthez egun eder haren beha bethi egon ondoan, hil-gogor hantxet erori ere zen betbetan, bere erretor-etxearen aintzinean, bihotzak sobera gaindi eginik.

Castelnau jeneral handiak eman zioten sarietan ederrena: la fourragère aux couleurs de la Médaille Militaire. Gain-gainetik goretsi zituen Baionako soldado paregabeak, eta heien oinhazeak erran gora-gora, gerla handiko lehen egunetik eta iragan urriaren azken egunetaraino. Eta nigar bat baino gehiago jali zen, guduz-gudu hainbertze horma eta iguzki ikusi zuten begi hetarik. Dena zilo, dena urratua, iguzki-haizeari zaflaka ari zen Erreximenduko bandera, Belgikatik eta Reimserat erori gizonen arima-gogoak han izan balitu bezala, bere pleguetan bilduak...

Eta gero, arratsaldean, arratsean, zer bozkarioa orotan! Farra farra, alderdi guzietarik sumatzen ziren Alzazeko floka beltz ederrak. Edaria bazen nasai, ithotzerainokoa; jatekoa, tira eta tole. Musika, beharriez gainetik: xirula, zinka eta irrintzina.

Musean arratsalde guzian arizanik eta kantuz, unhatu zen azkenean Joanes Garaztarra. Toki hartako jende guzia jauzteka ari ikusteaz asexea, burlan hasi zen baxenabartarra:

«Behazak, beha, atxo horri! Dolu minian dela, bere soineko beltxarekin, ez duk hor haratik ez hunatik. Eta bizkitartian, nihun ez diaok jauzika! Debru ergela! Atzo nigarrez, egun zapartaka. Gisa hortako nigar-iliak ba omen zitan lehenago gure eskualdetan. Jutsin, ehorzte batian, gaitzuru bat bihitan truk, hetarik bat hari omen zian behin oihuka:

«Hu, hu, hu! Nik inen dut ba, hu, hu, hu!

Bainan ez jakin gaitzurua izain dutan arrada ala mukurru?...» Bihotzmin handia zikeian eta barnetikakua! Atxo horrek bezalatsu, nunbait han!...

Beste aldi batez, Heletan naski, nigar-ile horietarik bat hari omen zian hari, mundu huntan in-ahala gora: hi, hi, hi, eta ha, ha, ha!

Untsa kexatu zelarik, jaun ertorak igorri ziakoian beretter bat, sobera gora hari zela erraiteko.

Sobera gora?... Aphalago hariko nizala errakok beraz!...

Zinezko santsana!... Guazen oherat, Piarres. Hori diuk hoberena. Burrunba horrek guziak zozotia ere nik! Bonsoir tout lé monde!...»


Hilabetheak bazoazin berriz ere, deskantsurik hoberenean, han, Rhin ibaiaren ondoan, Saint-Louis-n, Huningueko zubi buruan, Bâle Suisako hiri handia parrez-par zutela bertze aldetik.

Aste Saindua jada hurbiltzen ari zen, eta Joanes hasia zen bere laguneri galdeka, Erramuko igandearen ariazedo ohoretan, zer emanen zioten berririk soinean emaiteko:

«Gure amak, herrian, ez zian Erramurik utziko, bere haurrer zerbait puska berri eman gabe, espartin-pare bat baizik ez balinbazen ere...»

Hobeagorik eman zioten, eta, egun hetan beretan, permisionez azken aldikotz, herrira bazoazin gure bi adixkideak.

Eta Aste-Sainduz, etxean zen berriz ere Piarres. Loriatu zen, aspaldiko orde, Senpereko elizan baitzen egun handi hetan. Bere Bazkoak egin zituen Ortzegun-Sainduz, ehunka selauruetarik jautsi gizon heien guzien erdian. Jainkoak daki zenbat urthe hartan Senperen egiten ohi den aldare handi bereziaren aintzinean belhaunikatu zen, Sakramendu-Sainduaren eta Kurutzearen adoratzeko; eta, Bazkoz, gero, berriz joan osti xuriaren hartzera, jende guzia kantu-errepikan bethi bezala ari zelarik:

«Arropa xuri ederra, Jaun onaren ohoretan,

Jende onak, jauntz dezagun boskarioz, Bazkoetan!»

Kantu hunkigarria zinez, zaharra bezenbat ederra, sekulan baino ederragoa gudu luze heien guzien buruan! Jesus bezala, phiztuak ez zirena egiazki Piarres eta haren lagunak?


 

Bainan, berak uste baino zorion handiagoa ere behar zuen gure Piarresek.

Erreximenduak oro sobra betan ez murrizteko, klasa klasaren ondotik alderat igortzen ziren gudulariak.

Zorionez, bere permisione luzea bururaturik, hamar bat egun baizik ez zuela bardin egiteko, manua jin zitzaion: Baionarat joaitea zuela bakarrik, gerlako berekin zituzken puskak han uzteko.

Eta bi jauziz jo zuen beraz Baionarat. Bere Joanes han aurkiturik, harekin eta bertze lagun batzuekin egun bat goxoa iraganik, garaztarrari Oihanaldean lasterxko itzuli bat eginen zuela hitzemanarazirik, Senperen zen berriz ilhuneko.

Lorietan eta zangoak arinik itzulia zen, arinago oraino bihotza. Gerlarik ez zen harentzat gehiago! Hogoita zortzi urthe zituen! Izar bat hantxet, zeru-urdinean, hirriz ari zitzaion, Craonnen lehen aldikotz doidoia agertu izar hura eta bera! Eta izar harek... Lizartzako Goañaren iduri handia zuen, Craonnen ere baino gehiago...

Eta, Oihanaldean sartzearekin, Baionan Joanesek erran solasa hirriz heldu zitzaion gogora:

«Erna hadi gero, Piarres! Bestenaz, nihau aintzinduko nitzauk Garazin...»


Biharamunean berean, aspaldi hitzemana ere zuen bezala, eskerren bihurtzen, han zen, herriko elizan. Gerlarat joaitean bezala, gerlatik itzultzean, bere eginbide berrieri buruz, Jesus hartu zuen bihotzean, eta hazkarrago sumatu zuen bihotz hura.

Hil-herrietara joan zen gero, eta bihotza ilhundu zitzaion han sartzean. Orhoitu zen, aintzineko urthean, han, kurutze handiaren onetan utzi zuela bere ama gaixoaren gorphutza. Bainan, gero, Oihanaldeko hil-hobiaren aldean, sosegatu zen berehala. Xutik, buru-has, arrosario bat osoa erran zuen, eta iduri zitzaion, begi on batzuekin hari begira egoki, ikusten zuela ama hura.

Eta orhoitu ere zen, behatze maite hura bera egin ziotela Gaxuxak Goañari eta bieri, Jainkoarenganat jada bazoalarik. Orduko mezu bera ez othe zion egin nahi orai ere?...

Kurutzearen seinalea eginik, atheratu zen hil-herrietarik, eta gogoetetan bere buruarekin, bazoan berriz, noiz eta ere ithurrotxaren ondorat heltzearekin, pegar bat eskuan harat heldu, ikusten baitu... Goaña Lizartzakoa.

Jainkoaren nahia ez othe zen, tenore hartan hola elgarretara zitezen, amaren aldean othoitz bat ona Piarresek egin zuen ondoan?... Urriagoa egina zen jada muthil gaztearen urhatsa. Ithurrirat heltzen ari zen neskatxa hura hain zen bertze hainitz ez bezalakoa!... Ez zuen sedazko galtzerdien beharrik izan behin ere, ez eta engana-xoro baizik ez dien aphaindura zerbeitenik, Piarresen bihotz garbian... barna bide egiteko. Bere adinik ederrenaren gainera, Jainkoak eman dohainak aski ziren. Eta, hala-hala, bere aldetik, dohain horietarik bertze hainbertze bederen bazauzkan Piarresek Goañaren begietan.

Batek bertzea bardin gora emanik ordu artean, behin ere oraino ez ziren menturatu beren barneko berriaren elgarri salatzera. Urrundik bai eta gogoz, hau erranen eta hura erranen... Eta gero, hurbildik, deusik ez. Medaila bat eman, medaila bat har gerlako mentura txarreri buruz, goraintzi bat igor eta goraintzi bat altxa, geroari buruz othoitzetan minenak elgarrekin kurutza... Bai, horiek ere egin ziren, errexki egin zitezken gauzak zirelakotz oro. Bainan, bertzerik erran eta egin behar baitzen ordean gaurgoiti, bekoz-beko!...

Eta hoi bera biek betan sumaturik, gorri-gorria eginak hantxet ziren beraz orai, elgarri hiru urhatsetan. Oihanaldeko andrea bieri hirriz ari bide zen aldiz, zeru gainetik.

_Jainkoak dautzula egun on, Goaña.

_Bai zuri ere, Piarres.

Eta huna Jainkoa berehala heldu zitzaiotela lagun, bihotz on eta zuzeneri bethitik ohi duen bezala. Heien ondoan erasian atheratuz ari zen ithurrotxari ura bezala, elhea heldu zitzaioten orai bieri, bardin garbi, bardin laño; bainan ez batre aintzinetik asmatu zuten bezalakoa:

_Alderat jina omen zaitugu holetan, Piarres? Jainkoak entzun ditu gure othoitzak. Zorion ahal da Oihanaldean!...

_Egia diozu, Goaña, eta eskerrik minenak dauzkitzut. Bainan, zorion osorik ez da lur huntan guretzat, eta huts handi bat bada Oihanaldean...

_Hala da... Gaixo Gaxuxa, gaixo ama!...

Ixil-ixila zauden biak berriz ere.

Bainan ithurrotxa bethi ari zen; eta aphur bat ur-xirripari beha egon ondoan, burua altxatu zuen Piarresek:

_Behazu, Goaña; Jainko maiteak ikusten gaitu, eta zure eta nere adinari ez doakon bezala, gure amodio garbia ez dugu luzeago gordetu behar elgarri. Ez litake gisa... Gaixo ama erran duzu orai berean... Ama maite horren hobiaren gainean nintzen doidoia, eta iduri zitzautan hirriz bieri ari zitzaukula. Ez ninditake harrituko hemen bagindu orai ere gure aldean... Oihanaldean eta nere bihotzean ere harek egin huts handia ez zinduke bethe nahi, Goaña?...

Doi-doiako bat, ixilik gelditu zen neskatxa gaztea. Tanpaka ari, bi bihotz baziren, han, intha hertsian, tanpa hek batek bertzeari sumatzen baitziozkan edo kasik. Aldeko sasi batean, leiratuz, leiratuz, kantuz hasi zen xori pullit-pullit bat... Eta, axtian gorri bezenbat xuri-xuria egina, begiak erdi hetsirik mintzo zen orai neskatxa garbi lañoa:

_Ongi diozu, Piarres. Jainkoak ikusten gaitu; nahi ginituzken bezalakoak agian ikusiko gaitu bethi! Biek hola nahi behar dugu. Bainan goazen, eskualdun egiazkoak bethitik joan izan diren bezala. Jainkoaren mandatariak baitugu aldean: gure burhasoak. Amarekin jada egin ziren bezala, aitarekin hitzartu behar zira orai. Aita-amak baitut nik ere. Mintzatuko naiz etxean, othoitz eginen dut, eta, Jainkoak eta gure burhasoek hola nahi balinbadute, elgar maitatuko dugu Oihanaldean. Zuk igorririk, Lizartzara jin diteke beraz Thomas... Agur, Piarres...


Hegalak izan balitu ere Piarresek, ez zen arin hala eta zalu etxean sartuko, nola sartu baitzen goiz hartan. Jainkoarentzat, Goañarentzat eskerrez urtzen zitzaion bihotza...

Eta, bizkitartean, zarrast egin zion bihotz harek, bazkariaren moldatzen ari, Marie bere arreba betbetan ikusi zuelarik, han, su-ondoan. (Doidoia landatik ethorria, piparen phizten ari zen Thomas).

Arreba maite hura ez othe zuen sobra ahantzi goiz hartan? Berekoi higuin batez bertzerik othe zen, ama zenaren orde, etxek-andre paregabekoa Oihanaldean bethi agertu zen neskatxa bazterrerat hola uzten zuenaz geroz? Ilhundu zitzaizkon begiak, zimurtu arpegia... Eta, orori bethi ohartua zen bezala, horri ere ohartu zen Thomas:

_Jar hadi, Piarres. Hire itzulia elizan eginik eta, dudarik gabe, hil-herrietan ere hala-hala, xoria bezen alegera heldu hintzen... Zertako ilhundu haiz hola, Marieri behatu ta?

_Xoria bezen alegera heldu nintzela? Ez dut ukaturen. Marieri behaturik, ilhundu zaizkitala begiak? Hori ere hola da. Itsusi bat, nerekoi bat baizik ez nintzen eta!...

Eta muthiko on eta prestuak laño-lañoki erran zituen goizeko gerthakariak oro.

Hura mintzo, eta begiak bethi ta gehiago argitzen ari zitzaizkon Marieri. Oro erran eta, Piarres eman zelarik bere buruari harrika, arrebetan maiteenaz zeren zen hain guti grinatu, arreba hura ondo-ondorat joan zitzaion; eta, hirri maite bat ezpainetan, erran zion:

_Milesker, Piarres. Bainan ez beltzuri itsusirik hola egin ez eta ere zure buruari. Behozu aitari: loriatua da eta, herriko neskatxa prestuena etxerat heldu zaiolakotz. Gure ama, zuhaurek diozun bezala, hirriz ari zauku zerutik: haren lana da eta ezkontza hoi!...

_Bainan, zu, Marie?

_Ni?... Behazadazu, Piarres. Oihanaldetik zu orai bost urthe urruntzean berean, Jainkoari errana nion: etxerat bizirik zu itzul-sari, joanen nintzela ni haren lur-huntako etxeño baterat, Uztaritzeko Serora Beltxen komenturat... Eta loriatua ikusten nauzu ni ere, zu Oihanalderat hola ethorririk, joanen ahal bainaiz _eta laster_ Jainkoak bethitik nahi nauen gerizarat... Xo, Piarres! Ez nauzu gai kausitzen, beharbada?... Ala Oihanaldeko haur guzietarik bat ez othe zen behar Jainkoarentzat? Frantxa, Xaneta, ez othe dira hor heldu gibeletik? Ez othe dira hemen gelditzen?... Goaña nere adixkide minak, nere biharko koinatak, badazki horiek oro. Huts handi bat betheko da gure etxean. Elgarrentzat eginak zaizten bezala, zoazte elgarretara sainduki...

Xahartua nitekelarik, ilobatto bat igorriko dautazue harat, Serora Beltx izanen baita gero hura ere, ni bezala...

_Aitaren aldi orai, Marie...

Eta bere haurren artean eman zen Thomas.

_Ez zintezken hobeki mintza, Marie. Milesker zuri. Zure berri handiaz jelostua nintzen aspaldi, eta badut zorion bihotzean. Ez zaitut Jainkoari ebatsiko. Eta, huna, saria emaiten dautala berehala. Goaña bezalako neskatxa prestu bat zure ordain Oihanalderat igorriz... Zonbeit egun goiti-beheiti, Lizartzarako naiz Piarres. Anhartean, gure adixkide on jaun erretorari salatzen ahalko diozu berri handia...


Aitak manatu bezala, biharamunean berean, Piarres bazoan jaun erretorarengana. Eta berri ona jakin orduko, loriatu zen herriko artzaina:

«Hola, Piarres! Atsegin handiagorik ez zinautan emaiten ahal. Badakizu nehoren ezkontzarik ez dutala egiten biziki. Benedikatzen ba guziak, egiten arras guti, eta hola hobe da. Bainan osoki nere gogorakoa kausitzen dutala zuen ezkontza, goraki aithorturen dautzut. Goaña, Piarres, elgarrendako eginak zintuzten Jainkoak. Zato nere barnetto hortara; herriko arno hoberenetik jastatu behar dugu berehala, zuen bien zorionerat... Dohala Thomas Lizartzara, ez dio nehork beltzuririk eginen gain hartan...»

Eta, jaun erretorak erran bezala, beltzuri guti egin zioten Thomasi, Lizartzara zonbeit egunen buruan joan izan zelarik.

Harat heldu eta, jarri orduko, berehala, erran zion Batixtari:

_Batixta, bakarrik zira hemen andrearekin, Goañarekin; mila eta ehun parabola behar ditugula laborariek erran behar dugunaren erraiteko, parabolarik gabe batere erranen dautzuet gaurgoiti asmatzen duzuena: Gure Marie Uztaritzeko Serora Beltxetarat joaitekoa dugu laster; Goaña galdetzen dautzuet Piarresentzat. Ez dut uste elgar higuintzen duten eta etxek-andre hoberik ez dugu nahi Oihanaldean...

Eta gorri-gorria egina, suaren harrotzen hasi zen Goaña, harrotzearen beharra ukan balu bezala halako su alimaleak...

_Ongi da, Thomas. Banakizkan oro. Zuen Piarres maite dut; Goaña emanen diogu beraz eta arras gogotik... Ez dea hala, Goaña?...

_...

_Haur on bat joanen zait etxetik, bainan bertzeak heldu dire hor ondotik, eta etxek-andre bat badugu oraino Lizartzan, Jainko maiteari eskerrak... Bainan, Thomas, Oihanaldea zuhaurek aski maite izanez, onhetsiko duzu Goañari emanen diogula tokatzen zaion hura, eta hura bakarrik. Legeak eskuetan uzten daukun laurden hura Lizartzako daukagu.

_Ez nindake eskualduna, bertzerik nahi banu sekulan. Ba, Batixta, ba, gure etxe maiteak xutik atxik ditzagun! Gauza bera eginen diot nik Piarresi, Oihanaldean. Milesker, Batixta, Luixa, Goaña.

Eta xutitu zen Thomas.

_Zer! bazoazi? Jada?...

_Banoa. Bertzenaz, etxeko egurrak oro erreko dauzkitzue Goañak, ohartzen ere ez dela...

Eta hirriz hasi ziren lauak sukaldean.

_Bertzalde, guk, hemen, oro badazkigu. Bainan ez ordean bertze batek!... Eta gaurgoiti, bere karrikako itzulia eginik, xifritua, hantxet ahal dago Oihanaldeko athean! Ahantzia duzue, Luixa, Batixta, zer sukarra zinuten hola-hola, duela aspaldi, aspaldi?... Zer berri ereman behar diot gero, Goaña? Ororen buruan, hitzik ez duzu oraino atheratu?... Berri ona?

Eta ahapaldiari ongi-ongi ohartu ere gabe beharbada, Goañak ihardetsi zion maiteki:

_Ba, aita!...


Ondoko egunak eta asteak ere loria bat baizik ez ziren izan bi auzoentzat. Bazkariz kurutzatu ziren guti-aski, gauzak oro xuxen moldatzeko behar zen bezenbat. Hitzartu ziren uztailan berean eginen zirela ezteiak. Horrela, agorrilako lehen egunetan, Goaña Oihanaldean trebatua zitekenean, Uztaritzerat joanen ahalko zen Marie, etxeaz grina gaixtorik gabe gehiago.

Antolamenduak egin ziren, ilhuntxe batez, notariaren eta otruntza on baten aintzinean. Berria laster hedatu zen ordutik, nehor ez baitzen den gutienekorik harritu.

Xoragarri eginak ziren bazterrak, aro ederrenarekin guziak lanari lothurik herrian. Bost uda luzez etxetik urrun egon gudulariek beltzuri guti egiten zioten laborantzari, eta lanak bazoazin karraskan. Mendi urdinetako atheka beltzak urrunerat ikusirik, doi-doia orhoitu zen Piarres lehenagoko kontrabandaz. Sekulakotz gogotik eta bihotzetik joanak zituen ohiko sukarrak: gerla luze bat gainetik igan zitzaioten alabainan. Gaixo ama!... Ez ahal zen guti loriatzen gain hartan!

Eta, gerla aintzineko bizi eder nasaia, Jainkoak egin dituen bizietan ederrena, erasian jali zen Senpereko mendixka-zelaietan.

Karrikako langilea lothua zen hura ere bere bethiko tresneri, tresna hek berriz ongi xorroxturik. Eta zurgin, zapetain, hargin, harotx eta bertzeek gehiago maitatu zuten oraino beren ohiko lana.

Zorion bazen beraz bazterretan, eta elhe maiterik baizik ez zen Piarresentzat eta Goañarentzat, harotxerat, merkaturat edo elizarat bazoazilarik. Marierentzat hala-hala. Bekhaizti ilhun eta zimurtu batzuz bertzeak oro loriatu ziren, Oihanaldean berriz bozkariaturen zirelakotz. Izenik gabeko suge-letra tzar batzu ethorri zitzaizkoten Piarresi, Goañari, suan berehala hauts eta erhauts egin baitzituzten. Bi gazte prestuak bazoazin aintzina beren bide maitean. Deus gordetzekorik ez zutelakotz beren amodio garbian, elgar ikusten zuten han, Lizartzan, burhasoen eta Jainkoaren aintzinean; eta bihotzak gaindi egiten zioten zorionarekin. Bainan, orhoit ziren, egurrak zinezko sua bezala, errespetuak bakarrik egiten duela iraunkor eta oso, bi gazten arteko amodioa. Errespetu hori gabeko amodioak, paperez eginikako suak bezala, phindar badu eta gar... zonbeit astez. Bainan gero, phindarrak suntsitu direlarik eta garra erori, surik ez da gehiago su-phizkian: lehen ere baino ilhunago iduri dute bazterrek. Errespetua eskas, sua eskas, nehor gehiago ez baita han berotuko. Eta aldiz, gar eta phindarrak joanak ditezkelarik _bethi joaiten ohi diren bezala_ egurrak diraueno... badirau suak. Hala-hala, errespetuarekilako amodioak.

Igande arrats batez, ostatuan ikasirik, kopla berriak ekarri ziozkaten Piarresek harat, Lizartzako kaskorat. Eta, erdi goratik, huna zer kantatzen zioten:

 

GERLA ONDOAN
Airea: Lili bat ikusi dut baratze batean.

1
Behatua diotet oihan handieri
eta ikusi ditut arthaldez igeri!
Behatua diotet oihan handieri:
ederki hostaturik hirriz zauden neri!

2
Karrankaz airatuak, han, bortu-gainean
arranoak, lerroka, zeru gorenean
harat-hunat zoazin, librotasunean...
Soldado-xoririkan bat ez urrenean!

3
Ur-xirripa heldu zen, garbirik, goizean,
othoitzean Jaunari, kantu-erasian!
Xori papo-gorriak, leiretan sasian,
hurrupaño bat dio hartu, airatzean!
4
Barrandan egotu naiz, kanoia, zafraka
noiz behar othe nuen aditu, milaka...
Bildotx-ardiak ditut entzun marrumaka;
artzaina, ondotikan, heldu zen xixtuka!

5
Nere etxe xuriak _hirriz dena ari_
dir-dir egiten zion argi-zirrintari!
Erleak, burrunbaka lothuak lanari...
Andre-gaia zabilan... bihotza kantari!

6
Hil-mezuen orde, nik, alegrantzietan,
espos-oihuak ditut entzun elizetan!
Kapa ilhunak orai beude xokoetan.
Oi, zenbat joia pullit, gure herrietan!

7
Izatu naiz beilan gerla-tokietan,
eta zer ikusi dut hildo ilhunetan?
Ogi urhezkoa zen heldu lorietan!
Xori bat kantuz ari... kanoi baten puntan!

8
Ikusi izan ditut hango hil-herriak,
milaka han, martirak lerroka zarriak;
hauxet zioten orok, hantxet eroriak:
«Bakea duzuela, Bakea Herriak!»
***
9
Eguerri zen, hain xuxen, nik uste gabean;
sartu nintzen, goiz batez, eliza batean;
Jesus-Haurra mintzo zen, bi taulen artean;
«Loria zeruetan! Bakea lurrean!»

J.B.

 

Bai bihotza kantari zuela Goañak! Bainan ez gutiago Piarresek! Kallak kantuz ari ziren ogi-landetan non-nahi. Lizartzako andrea lagun, neskatxa gazteak Oihanaldean egin zuen bere etxe-sartzea edo andre-gai lehenbiziko ikus-aldia.

Eta, hainitz tokitara hedatu den gerla-ondoko erhokeria tzar hura herrian sartzerat utzi gabe, jostatu ziren senpertarrak. Versailleko bakea sinatua zen eriaroaren hogoita zortziaz geroztik. Nahiz guk behar baino ahulagoak, erroak emaiten ziozkan halere San Martinetako bitoriari, eta Eliza-Phestak egin ziren beraz Senperen: pilota partida ederretarat, elizarat lehiatu zen jendea. Bainan ergelkeriarik ez zen ikusi nihon ere. Hilak, alhargunak, ume-xurtxak ez zituzten ahantzi nahi, eta gerlan erori 72 soldadoeri egin behar ziren harrizko orhoitzapenentzat diru handia biltzen ari zen jada herrian.

 

XVIII

Ezteiak

Zonbeit egun oraino, eta Piarres eta Goaña bat eginak zitezken Jainkoaren aintzinean. Oihanaldean, Lizartzan, ororen moldatzen ari ziren. Othoitzaz, Sakramenduez bere arima gehiago oraino edertu zuen Goañak, eta eskerrik aski ez zuen Piarresek Jainko maitearentzat.

Gaxuxa zenaren mina sobra handia zuten Oihanaldekoek, gisa ez zenik deusere egiteko ezteietan. Musikarik ez zen behar: hoi... gauza ageria. Ez zukeen ere bertzela nahiko Oihanaldeko andreak berak, bizi oraino izan balitz.

Joanesenganik ikasia, bazakien Piarresek, seietan hogoi bazkaltiarretaraino biltzen zirela Garaziko etxalde on zenbeitetan. Senperen ez zen holakorik ikusten. Bainan han ere jada, asko jende aphal baziren, beren indarrez gorago egun hetan altxatu nahi zirenak. Deus ez zitzaioten sobra orduan. Eztei gaitzak egin zirela heien ezteiak: horra heien gogo eta grina bakarra. Hirri maltzurrak oro ikusi baluzte biharamunean eta mihi-sistako guziak entzun! Eta ethenduak, hustuak gelditzen ziren gero, ilhabetheak iraganen baitziren eta beharbada urtheak, hek deuseri lotzen hasi orduko: bazka... ferderik jana alabainan! Gaixoak! Norbeit ontsa orhoit zen orai heien ezteiez!

Bertze indarrik bazen Oihanaldean eta Lizartzan hala-hala; bainan bertze zuhurtziarik ere bai. Ahaideak han izanen ziren, behar ziren auzoak hala-hala. Piarresek galdeturik, ethorriko ziren pilotari lagun zonbeit, gerlako haren adixkide Mixel, Manex eta bertzeak. Joanes Garaztarra Senpererat jautsiko zela egun hartan, ez dugu erraitearen beharrik: hura gabe ez zitezken Piarresen ezteiak. Goañaren kantari lagun multxo bat jinen ziren hek ere: orotarat, berrogoi bat ezteiliar.


Espos bezpera goizean, Goaña, Piarres, jaun erretorarenganik geroari buruz behar ziren argiak oro harturik, belhaunikatu ziren Mahain sainduan, eta hazkartuak altxatu, Jesus bihotzean emanik.

Eta bazen haro Oihanaldeko sukaldean eta etxearen inguruan ere. Oilo, ahate eta oilaxkoak eskapaka zabiltzan, berro-sasietan gorde nahirik. Bainan lerro-lerro gero, hil eta biphilduak, hedatuak ziren mahainaren gainean, hori-horia aztaparrak, gorri-ubel kukurustak. Su-alimaleko baten aintzinean, sekulako eltzeak lanean ari ziren kal-kal-kal. Elizako dorreak iduri, ez zen Katalinbroxik ageri, bainan bai, ordean, pastizaz zernahi leiho ondo guzietan. Eta, Lizartzako andrea eta Marie orori behatzaile, harat hunat bazabiltzan emaztekiak, beren ulitxekin uzteko hobeak baitziren segurki, hainbertze egitekoen erdian! Thomas, Piarres, arnoaren erausten ari ziren eta, erautsi bezenbat, selaururat eremaiten. Eta gero, Xemartin zurgina lagun, selauru eder hartan moldatu zuten biharamuneko mahain handi-luzea. Artexa zen Xemartin, osoki artexa, eta lana bazeraman airean. Bainan, tartean, paretari kontra xutik eman arno-untzi heieri behatu eta, ñir-ñir zioten begiek...

Baxenabarren, zonbeit aldiz bederen, egiten dire oraino etxe-sartze handiak, halakorik ez baita ikusten gehiago Senperen. Beren uso xuriekin kaskoan, hiru-lau katalinbroxetaraino lerroan agertzen dire, neskatxa gazteen besoetan; bazterrak oro dirdiran emaiten dituela, huna mirail handia; dena floka eta xingola, jauzika emaztekien buruaren gainean, horra zare edo otharre xuriak, gain-gaineraino ogi, arno, edari, zernahi puskez mukurru betheak; huna orai kutxa eder, ohe eta bertze mubleak, flokarekilako akilua eskuan, orgetan ekartzen baitutu etxeko-semeak, heien egile zurgina, mailu bat eskuan, laneko-soinetan heldu dela orgen eskuinetik; horra azkenean dotzen-erdi bat edo gehiago ahari, gizenak, ederrak, xingolaz estalirik, xixtuka bere aintzinean baiteramazka artzainak, bulunbulun egiten dutela heien goare handiek...

Ez, holakorik ez da gehiago ikusten Senperen, hoinbertzetarainokorik egin ere bada sekulan. Garazin ere urthuz eta guttituz badoazi eta!...

Gainerateko linja eder batekin, kaskoraino metatu ziren mihiseak, armario handian. Marie lagun, Piarres eta Goaña Baionan izanak ziren joiaketa. Soineko, urheria eta bertze gauza, behar zirenak oro erosi zituzten hantxet, haur baten loriarekin erakusten baitzituen gero Goañak, ondoko egunetan, bere adixkideeri. Ganbara bat pullita eginarazi zuten aldiz herrian berean.

Eta, dena floka, dena xingola, alde guzietarik heldu ziren orai Senperen deusak deitzen dituzten ezteietako ikusgarriak, bertzerik ez baitzen ageri kadira eta mahain gainetan, ohe gainean eta, hots, xoko-moko guzietan.

Arratsean, lehenagoko eskualdun gehienak bezala, lau lekukorekin, herriko etxera joan ziren Piarres eta Goaña. Paxkal Jaun Mera hila zen, zorigaitzez. Haren orde, jaun axuantak irakurtu zioten legea, bere zorionik hoberena gozo-gozoki erran, eta gizonen aintzinean bat egin zituen gero bi espos gazteak.

Afari labur baten ondotik, bere aitarekin etxerat joan zen Goaña: Lizartzako neskatxa gazte zen gau batentzat oraino... Oihanaldean, lanean arizan ziren emaztekiak arras berant arte.


Biharamunean, argia gabe, erne ziren bazterrak, han, Olhaso kaskoan.

Bazkaltiarrak heldu ziren, gain-gainetik aphainduak, herriko gizon... edo andre eginak izan balire bezalako patxada berarekin. Piarres, soineko beltx eder batean emana, botoin urheak athorra xurian, laster moldatu zen, nehoren laguntza handirik gabe; Mariek esku-ukaldi bat eman zion doi-doia, beren xiloetan botoinak ezartzeko. Eta gizon ederra zen egiazki Oihanaldeko premua!

Lizartzan, luzexago izan zen Goañaren moldatzea. Espos egunean, ez zen lehenagoko eskualdun lephoko gorrasteder hetarik emaiten gehiago, ez eta kapa beltxik lephoko-tapiaren gainean. Bi dendari ez ziren sobra, ixkilima bat hemendik kendu eta haratxago ezar, edo bardin... aintzineko toki ber-berean. Xuxen behar zen alabainan mantelin luze xuria, xuxen hala-hala haren gaineko korona pullita! Geroan baliatuko zen soin eder batean, xuri eta beltx, medaila eder batekilako gathe-urrea lephoan, Piarres bezenbat ederra zen orai Goaña. Eta hirriz ari zen, hirriz bi dendarien sukarrari, bainan gehiago biziki... bere bihotz-barneko zorionari.

Bizkitartean, norbeit eskas zuen oraino Piarresek Oihanaldean, eta atheraino joanik, beha eta beha zagon. Betbetan argitu zitzaizkon begiak: Joanes, Joanes Garaztarra haia-haia heldu, keetaren ondoan agertu zen, eta gero, bi jauziz ethorri bere adixkide minaren ondora. Sorbaldatik ezkerrarekin elgarri lothurik, elgar inharrosi zuten, eta ezagutu zuten biek bethiko amodio bazela heien artean:

«Barkatuko daak, Piarres, bana ez duk gero Garazi Senpereko mugan! Goizeko hiru orenetan abiatua nuk etxetik!»

Thomas, Marie eta Oihanaldeko bertze haurrak oro ondoan zituen jada. Eta bethitik ezagutu izan balute bezala, berehala maitatu zuten guziek... Piarresek hainbertzetan aiphatu zioten Joanes on eta prestua.

Bederatziak eta erditara zoan bizkitartean, eta Thomas oihuz hasi zen:

«Hots! Bagirea guziak?... Zoazte kontr-esposak Lizartzara.»

Goañaren bilha, joan ziren beraz bi gizon gazteak. Eta, handik laster, inthari behera heldu ziren oro; xaharrak elgarretaratu ziren; Piarres bere muthil adixkideekin heldu zen, neskatxa lagunekin aldiz Goaña. Arras goratik mintzo bazoazin oro. Goiz bat xoragarria zen, aintzinetik manaturikako goiz bat ederra. Eta jende eta gauza, guziek hirri egiten zioten esposeri, ogi-landa bazterretarik hola lorietan hek bazoazila.

Xoko beretik biak heldu zirelakotz, ez zen atheratzeko etxerik behar Plazan. Karrikarat arras heldu baino lehen, lerroan moldatu ziren beraz. Bere aitaren besotik eman zen Goaña, bere Marie onarekin aldiz Piarres. Gazte multzo handiaren ondotik heldu ziren Thomas eta Luixa, eta gero adin bateko bertzeak oro. Gazteetarik zonbeit, gibel-gibelean, su-ziri batzu phizturik, banbaka ari ziren alderdi guzietara, emaztekiak karrasietan hasi baitziren lehenbiziko tiroetan. Piarresek hirri bat izan zuen ezpainetan. Aspalditik, Senperen, entzuten ohi ziren tiro horiek, eztei-egunetan, xixpekin lehenagoko denboretan, su-ziriekin orai. Eta orhoitu ere ez zen gerlako bertze su-ziri batzuz; hain urrun ziren, gaur, lehenagoko, guduak!...

Eta, elizako xilintxa pullita zalapartaka ari zela, sartu ziren karrikan. Heieri maiteki beira han zagozin jendeak; Goañaren eta haren lagunen soineri behako baten emaiterat jin dendari-geiak; ikastera geroko ethorri gazte multzo bat; hola-hola lehen besoz-beso iragan ziren jaun-andre xahar batzu, eta mutxurdin zonbeit oraino... sekulan ezkonduko ez zirenak... Eta guziek maitetasunik baizik ez zuten agertzen aldarearen oinetara zoazin bi gazte onentzat.


Mahain-sainduaren aintzinean ziren orai. Eta, nahiz heien gibelean harramantz asko bazen kadiretan, iduri zitzaioten Piarresi, Goañari, bakarrik, bi-biak zirela, han, eliza handian. Aldare nausia dena argi, dena lore emana zen; hala-hala Ama Birjinaren aldarea. Lege zen bezala, neskatxen bandera xuri-xuria, muthiko gazteena gorri, xuri eta urdin, hedatuak ziren heientzat aintzin hartan.

Belhaunikatu ziren elgarren aldean, othoitz bat egin zuten; eta berehala han zuten jaun erretora, bi beattar gorriren erdian ethorria. Aphezaren loria handia zen eta ez zioten ukatu: herriko gazte hoberenetarik biga bat egitera zoazin Jainkoaren eta haren aintzinean. Gain-gainetik goretsi zituen Piarres, Goaña, heien bien familia edo sendiak. Hitz batez doi-doia, aiphatu zuen zerutik heieri beha zagon Oihanaldeko andre zena. Erran zioten: «Jainkotiar familia ederren beharra zoinen handia zen bazterretan; zoin handia zen, hortako bereko, Ezkontzako sakramendua; zer laguntzak zakarzken berekin hek bezalako espos gazte onentzat. Jainkoak nahiko zuen zorion izanen baitzuten, luzaz eta luzaz, lehenik lur huntan, eta bethi ta bethi, gero, gain hartan, hainitz haur, iloba eta ilobasoren erdian».

Erretoraren aintzinean, Joanes eta Mixel, Marie eta bertze ahaide bat lekuko, Piarresek eta Goañak kurutzatu zituzten orduan beren eskuak. Berriz oraino benedikatzen zituela aphezak, erhaztun urhea erhian sartu zion Piarresek Goañari. Elgarrenak ziren eta bethikotz! Meza saindua hasi zen gero berehala, esposek bezala guziek han bildutasunik handienean entzun baitzuten. Meza haren erraiten ari eta espos-andrearen benedikatzen, loriatu zen jaun bikarioa. Bere Piarresez bazuen alabainan espantu harek ere!... Ofertorioan, kurutzefika bat eskuan, joan zitzaioten aintzinera; eta kurutzefika hura ezarri zioten ezpainen gainean, hazkarkixko ere kaskatu baitzituen beharbada ezpain hek. Lehenbiziko beren espos-musua horrela eman zuten beraz elgarri, Jesusen zauriak bitarteko.

Eta, ezkila handia, gerlako ezkila, musikan ezti-eztia Piarres xaharraren eskuek zerabilkatela, elizatik athera ziren ezteiak. Piarresen besotik heldu zen orai Goaña, eta beso haren gainean ongi finkatua, loria bat begietan bazoan, erregina maite bat bezen eder. Gazte multxoaren ondotik eman ziren Thomas eta Luixa, Batixta eta Marie Oihanaldekoa; gibelean aldiz bertzeak oro. Lerro handia hedatu zen berriz ere karrikan, eta elizaratekoan bezenbat behatzaile bazuten alde orotarik.

Oihanalderat sobra laster ez heltzeko, eta Kattalin eta bertze eztei-bazkariaren moldatzaileeri behar zen asti guziaren uzteko, Santiagotegirat joan ziren hameketakoaren egitera. Lorez pulliki aphaindu athetik, hostailaz eginikako iaurki baten gainetik besoz-beso iragan ziren beraz jaun andre gazteak, eta bertze guziak gero heien ondotik. Mahain xuriaren gainean ez zen deusen eskasik: kafe, xokolet, bixkotxa eta olata, arno xuri eta gorri, bazen han orotarik. Hirri ere bazen eta maitetasun. Trenpurik hoberenean jada, gazte batzu kantuz hasiak ziren, eta Frantxua, Piarresen pilotari laguna buruzagi-kantari, Iruten ari nuzu xaramelatu zuten, kopla bakotxa emanez bi arno xirristen tartean...

Banbaka, tiroak berriz ari zirela, bazoazin orai Olhaso kaskorat buruz.

Oihanaldeko atherat heltzearekin, Piarresek maiteki erran zion Goañari:

«Huna bururatua nere eta gu guzien amets ederra. Sar zaite, Goaña, zure etxean zira hemen, eta Jainkoak nahiko du hainitz urthez izanen baitzira Oihanaldeko etxek-andre osoki maitatua.»

Eta, loriatuak biak, sartu ziren beren etxean...


Gizonek trikatu nahi izan zuten sukaldean, su-burdin ederren erdian eta sahetsetan hedatu eltze eta untzi mota guzieri behatu eta berehala lilluratuak oro. Bainan burruntzalia eskuan harturik, Kattalinek mehatxatu zituen eta feratu handik zalukara. Dena urin gainerat heldu zitzaioten zali beroaren beldurrez, karrasiaka hirriz igan ziren beraz ezteiliarrak eta joan selauru handirat. Eta berehala bazen alegrantzia barne hartan!

eskualdun girixtino onen othoitz laburra eginik, hirriz ari oraino, jarri ziren zoin beren tokietan. Piarres eta Goaña eman ziren erdi-erdian, beren Marie maitea aldean; heieri parrez par aldiz Thomas, Luixa, Batixta. Joanes Garaztarra heldu zen gero adixkide minenaren tokian, eta bertzeak oro segidan, guziak bardin loriatuak. Ganix, Gantxume, Frantxa, Xaneta, prestu-prestua jarri ziren aldiz, dena lore, pastiz eta baxera baizik ez zen mahainaren zola-zolan. Eta salda hori begiduna ethorri zen berehala mahain haren erdira, eriak sendatuko zituen usain bat hedatzen zuela orotara.

Jainkoari esker, ez zen han eririk, eta, begien hesteko artean, klik eta klak, hustu ziren untzi xuri handiak. Herriko arnotik hurrupa bat ona xurgatu zuten gero, eta hats-hartze luze-luze bat eginik, hobeki zirela orai aithortu zuten guziek.

Zaluago egin ziren mihiak, luzeago besoak eta hertzeak. Bainan, gerla aintzineko eliza-phestetan bezala, zernahi heldu zen sukaldetik, eta hirriz hasia zen jada Joanes Garaztarra:

_Errak, to, Piarres. Ohoit hiza Craonneko haragiño hartaz, harrekin xuri-xuria ina baitzen eta gasna ustelaren parekua?... Eta Verdungo bixkotxa hartaz, ene hortzik hoberena kraskatu bainien hantxet, ahamenian hari lothuik, hortxeko pastizari sarri lothuko nizan bezala?...

_Orhoit naizenez?... Halakorik sekulan ahantziko othe dugu, Joanes?

_Izaitekotz ere, holako bazkari zonbeiten aitzinian... Baionako erreximendu guziaren asetzekua bahuke hemen, arimaz egia! Ez dea hala, ziek, Manex, Mixel eta beste gure lagunak?...

Eta, egia erran, oilo, oilasko, xaalki, ahate, Frantzia eta Espainia guzia heldu ziren bethi sukaldetik. Etxe-arnoak kurritzen zuen aldiz, arnozko ithurrotxa sortu balitzaiote bezala Oihanaldekoeri.

Kantu errepiketan hasiak ziren beraz ezteiliarrak; eta ez zuten gehiago gelditzerik, Piarres, Goaña eta Marie salbu, emaztekiak eta oro lothuak baitziren azkenekotz. Beren gaztetasuneko aireak aspaldian kraskatu boz batekin hala emaiten zituztelakotz, iduri zitzaioten hango xaharreri, berriz oraino gaztetu zirela. Eta hirri bitzi eta ximurtu bat bazoakioten ezpainetarik eta begietara, zinez hunkigarri baitzen heien hala ikustea. Dama gazte xarmant bat, Maitia nun zira, Lurraren pean sar nindaiteke, Uso xuria, bethiko edo bederen aspaldiko aire xaharrak hegaldatu ziren beraz Oihanaldeko laza handien azpitik, eta Olhaso kaskotik jautsi gero ibai zelaietaraino.

Dorre-bixkotxak kraskatu ziren, pastizak hala-hala. Fruitu edo igaliak urtzen zitzaizkoten ahoan guzieri, eta Iguzki-paretako arno xaharrak... urhea, urhe gorri pullit bat iduri zuen basoetan.

Alde guzietarik maiteki kitzikatua, Joanes Garaztarrak hasia zuen bere ixtoriottoa:

«Gomak, Piarres! Sobera arthatzen gituk! Behialako ezteiliarra bano gehiago ez gituk etxetik kasatukoahal! Eta bizkitartian, aitzindu hitzakiak oraikuan, eta ernatu behar diat Garazirat, hire burlarik ez izaitekotz... Nun ez dien andere hotarik batek enekin jin nahi gure mendietarat. Ordian, hiru lau aste gabe oro gomitatzen ziuztet ene ezteietarat...»

Zaflaka, hirriz hasi ziren guziak, eta ez gutienik hango ezkon-gai andere hetarik zonbeit, muthiko prestuaz berehala agradatuak, futxo!

«Beraz, jende maitiak, ezteiak bazitzun behin Garazin, egun bezalako eztei batzu gaitzak. Arratsa jin, biharamuna jin, ezteiliarrak oro noizbait juan eta, hetarik bat bethi han ziozun, mahaitik ezin atheratia nehola ere, osoki han lakhetia eta lephoraino kokatia.

Bigarren eguerditan, bigarren arratsian, hura bethi han, eta bazterrak zinez kexatzen hasiak zitzun.

Afaldu zielaik, alegia eta norbaitek berri hori ordian ekarri, joaiten ziakozu nausia eta erraiten diakozu:

_Errazu eta, zure emaztia eritu omen duzu bat-batian.

Eta harek berehala:

_Hanbat gaixtoago, gizagaixua!... Bana, zer nahuzu nik in dezadan?

_Ez zinduke ikustea juan nahi?

_Zertako? Lanik aski baikezi orai gaixuak bere buruarekin ere!

Beraz, oherat juan zitzun berriz, berenak goguan. Biharamunian, etxek-andriak, hala hitzartuik bere senharrarekin, erraiten diakozu ezteiliarrari:

_Errazu eta, zure etxia erre omen duzu gau huntan...

_Erre? Ene etxia? Hanbat gaixtoago. Beharrik baitut hemen ene atherbia eta atherbe bat huna! Jinkuak esker diela! Bestenaz, hortxet, karrikaren gainian ninduzun!

Etxe hartako jenden errabia!...

Hirugarren egunian, zerbait in beharrez, nausi gaztiak erraiten diakozu baskal onduan:

_Errazu eta, bi ixtape eta jauzian har baginte jauzika, bazkariaren lixeitzeko?

_Berdin.

Nausi gaztia finki deliberatia zuzun, ezteiliarrak barnetik kanporat jauzin orduko, kanpuan hantxet utziko ziela, eta briu brau gero athiak hetsiko. Bauk hoberik!...

Sukaldeko athetik eta kanporat, iten titzi beraz bi... alimaleko ixtape eta jauzi, etxetik bi hurrats urrunago.

_Zuri orai, hea nausituko zazkianez.

Eta, barneko aldetik athiaren ondoraino juana baitzen arrotza, alegia eta hobeki ikusteko, deskantsurik hoberenian ihardesten diakozu:

_Ene bethiko ara hola baitut, kanpotik eta barnerat jauzi inen dizit, gaitzitzen ez bazautzu.

Eta sekulako bulta hartuik, badiazu ezteiliarra athe handitik eta sukaldiaren erdi-erdira. Eta lehertia, han jarri zuzun berriz, afariaren beha jadanik plantatia.

Geroztik han diozu, etxe hartan berian, mahaitik ohera eta ohetik mahaira. Nausi etxek-anderiak, xoxotiak luzaz egon onduan, sendatuxiak ditzu orai. Bana, bethi han dizie beren ezteiliarra...

Berriz nik erran behar banu, gomak, Piarres! Sobera untsi gituk Oihanaldian! Kasu!»

Eta oro hirriz oraino ari zirelarik Garaztarraren atheraldi pullitari, Piarresek ere egiten zuen bere buruarekin: bai, zinez goxo zela Oihanaldean, eta gezurti bat baizik ez zela persularia, trufaz lehen erran izan zuelarik:

«Ezkondu arte zerbait banintzen,
ezkondu eta... deusik ez!»

Hain xuxen, Frantxua xutitua zen. Kafea heldu zen bero-beroa, sutan, pattanttun hoberena ere ba untzi luxe-luxe batzutan. Eta Frantxua bere boz pullitenarekin hasia zen beraz kantuz:

 

GURE HERRIA... GURE!!!
Alhor handian, aita, belharren metatzen,
arratsalde erditan, deskantsuz ari zen.
Berho xokotik haurrek zioten behatzen...
Eta bere lanean aita zen xoratzen.

Sarrixago, haurño hek dira etxerako,
orga-belhar gainean dira hupatuko;
beren buru maiteak dituzte kurtuko,
heian, karrankaz, orga delarik sartuko.

Anhartean beraz, han, bere alhorrean,
burdin-sardi xorrotxa tinki ahurrean,
harat-hunat badabil iguzki beroan,
iguzki beroari behatu gabean.

Hatsantua, hor noizbeit, behar du gelditu;
bere esku zainhartak kurutzatu ditu;
sardi-gider gainean pixka bat da kurtu...
Gozoki bazterreri diote behatu:

Hara, han-nonbeit, urrun, mendi ederrenak,
haize hegoak hurbil zartzen dituenak;
hara, aldiz, beltz-beltza, herriko oihanak,
hariztegiak eta phagodi ilhunak.

Hurbilago, huna hor, ohiko ibarra,
ur hegia salatuz doan zur-xuria;
Horra, xuri-xuria, Eliz-hil-herria,
Jainkoaren gerizan lerroka zarria.
Beraren erresuma huna non den hasten,
huna bere arthoak non diren luzatzen,
huna ogi-garia non den urheztatzen,
haizeak farra-farra duela harrotzen.

Aitaxok lehenago landatu aihena,
aztaparka badoa, iguzkira dena...
Ai, zer etxe-arnoa emaiten duena,
hil bat bere hobian, ber-phitz lezakena!
...................

Bainan, hortxet, betbetan, landa bazterrean,
nor da hola agertzen, hor, gure lurrean?...
Nongo atrebitua, gure alhorrean,
Orori beha dago, begi ozarrean?

Behatze hortaz gauzak oro gaitzituak,
iduri du direla betan mudatuak...
Lehengo eskualdunak, hemen higatuak,
lur-mokor bakotxetik hor dir'altxatuak!
..................

Gure aita heldu zen, begia ilhunik...
_Zer behar duzu, jauna, hemen gureganik?
Zer nahi duzu, hiritikan jinik?
Ez dakit... bainan, jada, higuintzen zaitut nik!...

_Zer dirutan daukuzu etxea salduren?
Nahi duzun guzia dautzut ordainduren...
Jauregi bat ederra dugu altxaturen...
Eta, kolpe berean, zu aberasturen...
..................

Ikare daldaretan aita emana zen,
begiak zitzaizkola biraka jalitzen...
Bere burdin-sardia bi eskuz du hartzen...
Doi-doiak egiten du... ez baitio sartzen!

_Zalu joanen zaizkit, zuhurra bazare;
bertzenaz, erroz-gora, gizon hil bat zare!...
Zure diru zikina atxikazu zure,
bainan utziren duzu Gur'Herria... Gure!
..................

Zuri-zuria, huna gure hiritarra
haia-haia doala landari behera...
Haren ondotik aldiz, han harat, mugara...
Sainga'ta sainga zoan etxeko xakurra!...
***

Gure etxeen orde, jauregiak egin!...
Eta guk gure haurrak haziko... zerekin?
Herria utzi behar herriko lurrekin,
han, hirian, hiltzeko... gosetearekin!...

Sainga-zak hor, bai, sainga, etxeko xakurra!
Jende hoik erematzik Herriko mugara!
Gure etsaiak dituk; segitzak han hara!
Gur'haurrek behar ditek gur'herriko lurra!

J.B.


 

Esku-zarta ederrik bildu zuen Frantxuak, Oihanaldeko eta Eskual-Herriko kantua hola suharki emanik! Piarresi, Thomasi beha plantatu ziren guziak, eta kafe-kikerak oro altxatu ziren betan, Olhaso kaskoan bethi hazkar, bethi eskualdun gelditua zen etxe handiaren goresteko! Eta nigar bat jali zitzaion Thomas zaharrari, bihotza ikaratu Piarresi, persuek aiphatu arrotzaz orhoitu eta.

Begiak han nonbeit galduak, Mariek ikusten zuen aldiz bertze etxe bat, Oihanaldea ere baino hazkarragoa eta ederragoa zen etxe xuri-xuri bat. Eta saminki sumatu zuen, Jesus haren beha zagola orai etxe hartan...

Piarresek, Goañak, biek amets bera egin zuten orduan, ametsetan goxoena: musean eta kaskoinkeriarik gabeko josteta garbienetan ongi deskantsatu ondoan, gau ilhunean urrunduko ziren ezteiliarrak, eta geldituko ziren hek... beren etxean.

Biharamunean, Garazirat Joanes itzuliko zen bezen laster, amaren hil-hobiaren gainean othoitz eginik, aste ondarreraino hegaldatuko ziren Lurdera. Batek bertzearen berri jakin gabe, gerla denboran biek egin izan zuten botua lorietan betheko zuten holaxet, Harpeko amaren oinetan...

Hek gibelerat orduko, jaun erretorak benedikatua zukeen ganbara berri pullita. Oihanaldean sartuko ziren alderat, eta, zerurat joaitean Gaxuxa zenak egin ziloa biek hola tapaturik, xutik berriz bazagoken Etxea!

Jainkoak hola manaturik, bertze Piarres eta Goaña ttiki batzu ethorriko ziren, Jainko harek nahi bezenbat lerro luzean. Kattalin emagin xaharrak eremanen zituen bathaiatzera lephoko-tapia gorriaren barnean; eta, beren aldian, xutik atxikiko zuten hek ere Etxe hura bera...

................

Amets hartarik, biak betan athera ziren; hirri maite bera izan zuten batek eta bertzeak.

Othoitz egiteko bezala, eskua eman zuten elgarri; eta eskerrak bihurtu ziozkaten biek... eskualdun Etxeak bethitik begiratzen dituen Jainko handiari...

 

J. BARBIER

1929-urtharrilan, Senperen.

«««Aurreko atala

 

 

 

Bertsio informatiko honen egilea: Ane Loidi Garitano.

Atzera