"BI
AHIZPAK"

LEHENENGO EKITALDIA.
(Etxe-barru
txiro, baina txukuna: mahaia, aulkiak eta abar Ezkerretara, ate bat. Atzean,
beste bat, eta leihoa ere, biak baratzera urratuak.)
(Pantxike ta
Manttoni, ahizpa Nezkazaharrak urterik haiei antzematen ez da erraz -elkarren
aldamenean eserita daude, dirua mahai-gainean zenbatuz. Zenbatzailea, Pantxike,
Manttoni, ahizparen beso-gainetik begira).
1. PANTXIKE TA MANTTONI.
Pantxikek,- ... eta bederatzi, berrogeita bi ... ; eta bost,
berrogeita zazpi ... ; ta zortzi...
Manttoni'k.- Bart
arratsean adina, Pantxike?
Pantx.- ...
berrogeita hamabots ... ; eta zortzi... Bai, Manttoni bart arratseko kontua
ateratzen zaidan. Honenbeste ez geninan jaso San Juan aurreko azokaz
geroztik.(Zenbatzen jarrai beza, isilik, Manttoni oro begi. Halako batean,
herriko erlojuak kanpai bat: Manttoni'k burua jaso.)
Mant.-
Pantxike!...
Pantx.- Manttoni
... ? (Bere zereginari utzi gabe).
Mant.- Zer ordu dinagu?
Pantx.- Al zekinat!... (lsilune laburra) Bederatzi eta erdiak, ustez.
(Diruak
poliki antola bitza mahai-kutxan -kaxoian-)
Mant -
(Jeiki, zapi bat hartu, eta erridiei hautsa kenduz). Ez zekinat irudipena
dudan, baina, Amabirjinetako prozesioaz geroztik, burua etzaukanat bere onean.
Izan ere, halako eguzkiak hituen egun hartan!... Hamar eta erdiak direla esan
bahidan, berdin-berdin sinistuko nian... Halaz guztiz ere, hamar eta erdirik ez
dela banekinan!
Pantx.- Bederatzi eta erdikoa izan dun.
Mant,- (Etsi-etsian) Bederatzi eta erdikoa, alegia
Pantx.- (lsilune
baten ondoan). Hi ez hago onik, Manttoni
Mant,- Onik ez ote
nagon, ba?... Ez ezan
uste: buruak ematen zidan hori batzuetan...
Pantx.- Leandro jauna deitu behar huen... Urteak,Manttoni;
adina dabilkin hik atzetik!
Mant.- Adina
atzetik! Zertarako
behar ote natzaion?...
Pantx.-
"Okel-erre"neko atsoa ere horrelaxe ibilia dun. Azkenean, sendagileak
"rizinoa" eman zionan, eta bertan bota zizkinan haize txar guziak.
Mant.- Haizeak? Hizea besterik ez, Pantxile?
(Sorbaldak uzkurtuz) Izan ere, "Okel-erre"neko atsoa ... !; behiaren
gorotza ere, sendagileak emanez gero, pozik jango zikenan hark...
Pantx.- Badakin, Manttoni, ama zenak ere, urteek
menderatu zutenean
Mant.- Enetxoa! Amarena ez dun berdin: hura bi alabaeginik huen!
Pantx.- Eta zer zion?
Mant.- Ai!, asko, PanIxike!... Leandro jaunak ondotxo
zekin... (Aldapena)
Baina, horiek ere, enetxoa, hartzeko kanpaia denean ditun azkarrak! Gainontzean?:
inoren osasuna zaintzeko, bazekinat nik horiek hainbat... Zer egiten dinate, ba?... Zereko
jakintsuak!... Jendea asperrarazten besterik etzekinate eta ... !
Pantx.- Adi
ezan, adi ezan... Gazte, berri, Madrilgoa edo delako hori... -zera,
"Boxt”eneko goian bizitzen jarri dena... -hori azkar porrokatua omen dun,
ba...
Mant.-
Azkarra, beraz? Azala, esan bahuen!... Bazterretan neskatxa gazteei goxokeriak
esaten... ; horretan azkarra omen dun. Katalinek dioenez!
Pantx.- Uuu!... Katalinek! Ikusi ere egin al din, ba hura?
Mant.- Ez;
ikusi ez!... Hitz egin ere!... Eta, guzia jakin nai ba-dun, besotik heltzera
egin eta ozta-ozta ihesi ahal izan omen zionan!
Pantx- . Ut, txatxua hi berriz! Dena sinisten dun! Hark
gizonezkoari urreratzen ez utzi!
Mant-. Ba,
ez dun bakarra... Hor zeuden "Atarramentu"neko neska, eta
"Txepetx"enekoa, eta Ixabel bera ere, emakumea!...
Pantx.- Ixabel!
Mant-. Ea:
Alkateak "señorito" hori herritik bidaliko ote duan ere zabaldu dun
eta... Izan ere, nik beti esaten dudana: arrotz xankarne horiek dinate hemengo
neskatxei esan beharra? ... Botako nitizken denak ibai zabalera?
Pantx.- Um!... Hiri ere zertxobait goxo esanez gero
Mant.- Ui! Hara bestearen ateraldia! Ez al zidatenan esan, izan, horiek baino
galai ederragoak! Bai makinatxo batek!
Pantx.- Eta, nezkazar gelditu hintzen?
Mant.- Eta hi?... Honek eman zizkigun ederrak!
(lsilunea.
Etxe-lanetan hasi bitez Pantxike, altzoan otarra hartu eta babarrun-zuritzen.
Manttoni'k, etxe-garbiketa buka, erratza baztertu, eta tresna oro antolatzen
dihardu.)
Pantx.- Bihar igande... -Oilaskoa hilko ote dinagu?
Mant.- Bai Pantxike, il dezagun... Hain xuxen ere, oilasko-gose nagon aspaldi
honetan.. Eta zer da, guzia ere? Haragia baino garestiago ez zetorren, eta!
Pantx.- Ez
garestiago, dion? Merkeago esan nahiko dun! Bai hainbat!
"Kazkazuri" harakinari
galde bestela... Lapur galdu bat besterik ez dinagu hori. Horrena gehiegikoa
dun. Utziko al dinagu guzion artean etxea bete okel!
Mant.-
Asmatuko liguken orduan ere hark lapurreta-bidea!... Baina, horiek horrela
direla, noan oiloetara.
(Aterantz
bihoa, "eskalaproietan" oinak sartuz. Irten-haginean,
geldi bedi. Aizpak burua
jaso du, eta biak beude adi. Baratzako ate-hotsa, gero oinhots astuna, gero
hutsa. Berehala, norbaitek ataritik, ahots lodiaz:
Alkateak.-
(Ataritik)... Eup! Ez al
da inor bizi?
(Horren
ondotik, isilune luzea berriro. Neskazar biak, beren hartan geldi. Atarikoak,
ozenago:)
Alkateak.- (Ataritik)... Eup! Ez al da bizi inor?
(Manttoni'k
nozbait ere burua atera beza:)
Mant-. Ene!... (Burua iraduz berriro sarturik) Pantxike, Alkate
jauna dinagu!
(Betor
Pantxike'rengana. Honek babarrun-otarra mahai-azpian gorde beza. Biak, eskuak
mantalaz igurtzi ondoren, bihoaz baratza-aterantz, agurka. Alkatea ager bedi
atean).
II. PANTXIKE, MANTTONI ETA ALKATEA.
Alk.- Pantxike, Manttoni; barkatuko didazue zuek nahaspilatzera
etorria...
Mant.- Gu
nahaspilatzera, Alkate jauna? Bego isilik! Berorren etxean sartu dela egin
beza. Hementxe; eseri hementxe...
Pantx.-
Hemen, hemen: besaulki honetan hobeto egongo da. Eta, andre Ageda onik dago?
Eta txikiak? Hain xuxen ere atzo ikusi nuen txikiena...
(Alkateak
hitz egin nahi luke, baina tarterik ez diote ematen.)
Mant.- Esaion Alkate jaunari, Pantxike, esnez behartuz gero, bere
etxerako lain izango genukeela...
Pantx.- Horixe bai, alegia! Ez gehiegirik dugulako, baina...
Mant.- Haurrak zer diren badakigu; haiek, eman ahala garbitzen
baitute!
(Alkateak
berriro ere hitz egin nahi, baina alferrik)
Pantx.-
Oraintxe joateko nindunan, hain xuxen ere, Alkate jaunarenera. Baditugu ilar
batzuk berebizikoak, eta beharbada andre Agedak pozik hartuko lizkiguke.
Badakigu berori oso zalea dena, Alkate jauna...
Mant.- Aurtendaino, bederik, zerbait eman izan digu
lurrak. Hemendik
aurrera lanak... Hor gaineko etxe zahar hori egingo balute, agur gure
eguzki goxoak!
Pantx.- Nolanai ere, guzien onerako ez al da ondo ematen duten
baratzak ez ondatzea?
(Alkateak hitza atera nahi: besteak tarterik ez
ematen):
Mant.- Bai nik
uste! Eta...,
Madrildarra omen da, hain xuxen ere, gaineko sail hori erosi duena...
Pantx.-
Madrildar nahiz donostiar, erosteko eskubidea badin. Baina... nolabait, Alkate
jauna, gain horretan etxerik egitea galerazi ahal ba-liezaioke...
Mant.- Hori, hori,
bada! Ez da guregatik bakarrik,noski: berorrek badaki, Alkate jauna
Alk.- Bai, bai ikusiko dugu, ikusiko dugu, inondik
ahal baliteke... Baina, orain-oraingoz, badut beste arazo bat zuekin lehenago
erabaki beharra... Jakin nahi nukeena.... tira.... nola esango nuke?..., alegia, mesedetxo bat egin nahi ote
didazuen...
Pantx.- Mesedetxo bat...
(Elkarri
kezkaz begiraturik)
Alk.-
(lsilune baten ondoan) Hara: hauxe da guzia. Udako oporraldia (barkazioak)
bitarteko, mutiko umezurtz bat etxean artuko al-zenukete...
(Isilunea.
Ahizpak, elkarri ondo begiratu ondoren, atsekabez hitz egin biezaiote)
Mant.- Ai,
ai, ai! Ai ene!... Eta non sartzeko guk haur gaixo hori?... Biok ere oxta-oxta
hartzen gaitu txabola xar honek-eta...
Pantx. -
Izan ere, nolatan hartu etxean inoren haurrik, non etzan ona-eta ez
eskaintzekotan?... Gure ezerez gorrian!... Hori dago bada!
Alk.- (Zer-erantzun bila, baina aurkitu ezinik) Tamala da...
Mant-. Eta nondik norakoa genuke haur hori?
Alk.-
Donostiakoa... Hogei bidali dizkidate, eta han-hemen banatuak nituen guziak.
Zuei ez dizuet adierazi ezer, tokiz oso urri zaretela bai banekien. Baina,
azken orduan, zer gertatuko-eta, Etxezuriko atsoa gaixotu... Gaur goizean;
mutil kozkor horiek iritsi direnarekin batera! "Etxezuri"koa hiru
hartzekoa nuen, eta horra, orain hirurok beste norabait zuzendu behar... Ni bi
hartuta nago, eta gehiagorentzat tokirik ez... Donostiako Udalaren eskoletakoak
dituzue, eta nik ere, jakina, hango Alkatearekikoa ondo egin nahi, eta...
Pantx.- Hauxe da, ha, lana; eta guk inola ere ezin!
Mant.- Besterik
inork herrian ez ote litzazke hartu?
Alk.- Haur bakoitzeko eguneko duroa eta saria
(Isilunea.
Ahizpak geldirik)
Pantx.- (Erruki-hasperen larri bat boteaz) Aingeru gaxoak!
Mant.- Kale gorrian uztea ere Jainkoak ez din agintzen, ba!
Pantx.- Bihotzik duen kristauak ezin lezaken hori egin, Manttoni
Mant.- Atari
soilean, alajaina, errukarri horiek! Gurera ez-eta, nora joan behar dinate,
bada, esaidan? "Txanbolin"enera?... "Prakax"enera?...
Pantx.- "Txanbolin"enera, enetxoa!
Alk.- Gizarajoak, zortzi baditu bereak-eta...
Mant.- Ez dago zer esanik gehiago, tira!... Mutiko gajo horiek
bidal biezaizkigu, Alkate jauna!
Alk.- Baina...
hirurak behar dituzue?
Mant.- Hirurak,
hirurak!... Zer egingo
dinagu, ba, Pantxike?
Alk.- Non sartu
behar dituzue, ordea?
Mant.- (Eskua bularrean duela) Bihotzik badinagu, ala ez dinagu,
Pantxike?
Alk.- Bai, hori hai; baina oztopo haunditxoa izango da zuentzat...
Tokirik-eza...
Pantx.-
Tokia? Antolatuko dugu, nola hala! Manttonik dioena, Alkate jauna: bularpean zerbait
dugunok... Beheko gela,
haundi-askia da... Gu mandioan etzan gintezke.
Alk.- Mandioan,
emakumea? Eta ez al
litzateke egokiago mutiko horiek han sartzea?...
Pantx.-
Gaixoak! lkusiko balu, Alkate jauna, gure mandio hori!... Eguzkiak eta haizeak
bere mende dute zeharo hartua: ez al da hala, Manttoni?
Mant.-
Ametsetan ere, berorrek ez luke han bere burua ikusi nahi... Baina, moldatuko
ahal gaitun, enetxoa! (Ahizpari) Ez bedi estutu, Alkate jauna.
Alk.-
(Zutik) Atsegin haundia eman didazue: oso zarete onak eta bizkorrak. Etxean
ditugu mutilok: berehala ekarriko dizkizuet.
(lsilunea.
Alkatea aterantz)
Pantx.- (Ez-arian bezala). Egunero duroa esan du, ez da hala,
Alkate jauna?
Alk.-
(Geldituz) Bai, haur bakoitzarengatik egunero duroa. 0, eta txintxo ordaintzen
duen jendea da! Ea, begira: Donosti bateko Udalak!... Jakina, nahikoa
nahaspilatuko zaituztela mutil horiek; baina hilabete azkar joaten da...
Mant.- (lsilune
baten ondotik) Hilak zenbat ditu gaur, Pantxike?
Alk.- Dagonilak (Abuztuak) hogeita seigarrena, egutegiak gezurrik
ez ba-dio.
(Ahizpa biak
isilik. Badirudi era bereko zenbaketak egiten ari direla. Alkateak aterantz
egiten du).
Alk.- Esandakoa, bada: berehala hemen gara.
Pantx.- Bai, bihoa Alkate jauna, haur gaixo horien eske, guzia
antolatuko dugu eta.
Alk.- Bost minutu barru hemen gatoz.(Bihoa).
III. PANTXlKE TA MANOLI.
Mant.- Bai, egina zagon, Pantxike: haur errukarri horiek, nola
utzi behar genizkinan, bada, atarian?
Pantx.- Hago
isilik! Alkate jauna hori esaten ari zela, xamurtu zaidan barren guzia. Pozik
ikusi izango nizkinan orduantxe bertan hirurok atetik sartzen!
Mant.- Nik dakizkidan zenbaitek ez zinan, ez baiezkoa hain erraz
emango...
Pant.- Bai; irrikitzen nagon, zein etxeetan hartu
dituzten jakiteko. Zeken asko baitzagon bazterretan: zeken asko!
Mant.- Entzun dun: Etxezurikoak, alajainena!, hiru
hartzekoak omen hituen... Baldinbaitere!
Haiek duten etxea izanda: hau adinako lau badun-eta. Hamabi hartu balizkinate
ere!...Banoan, banoan oiloetara, mutiko horiek iritsi bitartean. (Atetik) Hara,
berriz: andre Madalen dinagu.
(Bihoa.
Pantxikek babarrun-otarrari ekiten dio berriro).
A. Madal.- (Ataritik) Bazoaz, Manttoni?
Mant.-
(Berdin) Oiloetara, andre Madalen, oiloetara: berehala nator. Sartu, sartu,
Pantxike hor duzu-eta.
(Andre
Madalen ager bedi).
IV. LEHENGOAK ETA ANDRE MADALEN.
A. Mad-. Egun on: zer dugu, Pantxike?
Pantx.- Hementxe ari gara, andre Madalen...
A. Mad.- Babarrun-zuritzen?... Adi ezazu, adi ezazu
eta zuek hartzen omen dituzue Etxezurira behar zuten mutikoak, eee?...
Pantx.- Ene, mila bider! Badakizu dagoeneko? Nork esanda?
A. Mad.- Matxin Bizardok esan dit: oraintxe topo
egin dugu biok.
Pantx. Eta Matxin Bizardok nondik zakin?
A. Mad.- Erretore jaunaren bidez, noski, erretoreari alkateak
esanda.
Pantx.- Tira
ba, bai: egia da. Pentsa ezazu, Alkate jaunak bere larritasuna adierazi
digunean! Eta bakarra hartuko genuelakoan zetorren gizarajoa. Baina, errukia
tartetik denean, andre Madalen ... !
A. Mad.- (Batere sinisten ez diotelarik) Horra ba!... (Eser bedi)
Eta, non sartu behar dituzue!
Pantx.
Antolatuko dugu zerbait, ez dago estutu-beharrik... Eta, esan, esan, zuk
jakingo duzu-eta: zeinetan-beste hartu dituzten...
A. Mad.-
Haurrak, alegia?... Bada..., bata Alkatea, bestea Erretore jauna, biok bina. "Ttonttor"enekoak,
bat. Herrenaren alargunak,
hiru. Eta zuek ... ; baina zeuon berri bai al dakizue... A eta, zera...,
'Xukutx-eztul"enekoak, "Argiña"neko atsoak...
Pantx.- "Argiña"nekoak zenbat?
A. Mad.- Bakarra.
Pantx.- Bakarra? Xuhurra, ez bestelakoa!... Eta
'Xukutx-eztul"enekoa ere esan duzu ... ?
A. Mad.- Bai: lau hartzen ditu.
Pantx.- Baldinbaitere! Hark ez hartzezkerotan! Inoizko
zimelkerien ordainetan, nonbait! Eta nork gehiago?
A. Md.- Nik dakidanik... (Atarian hotsa Andre Madalen jaiki bedi)
Hara, hor dituzue mutikoak! Banoa ni.
Mant.- (Ataritik) Sartu, sartu, eder horiek! -Ederki eman ere!, ez
jauna, ez: berori aurretik.
(Alkatea sar
bedi, atzetik Manttoni duela, eta hurrena hiru mutil kozkor, seinatik
bederatzina urtekoak. Bi zaharrenek begiak noranai dabizlkie, ikusminez.
Txikiena, negarra dariola.)
V. LEHENGOAK, MANTTONI, ALKATEA ETA HIRU MUTIKOAK.
(A. Madalenek,
berehala alde).
Alk.- Hauxe
duzue etxea, mutikoak. Andereño txintxo hauek hartu nahi izan zaituzte. Egun
on, Madalen.
A. Mad.- Jainkoak digula guzioi.
(Bihoa,
irteterakoan ate-atean pitin baten gelditzen delarik. Mutikoak elkarri egotzita
beude.)
Pantx.- Ez
beldurtu, eder horiek, ez beldurtu. lkusiko duzue zein ederki egongo zareten
hemen. (Zaharrenari): Izena zer duk hik, maite?...
Iñakik.- Mendiburutar Iñaki, andrea; donostiarra, eta berorren
mirabe, zernahitarako.
Pantx.- Alajaina!, ez dun hau oso tuntuna. (Bigarrenari): Eta zuk?
Xabier.- Ni naiz... Xabiertxo.
Alk.-
Alkortatar Xabiertxo. Aita itxasoan galdua du. Ama, sare-konpontzallea.
Bestearena, oilo-saltzailea.
Mant.-
(Txikienari): Eta zu ttipitto, nor zaitugu? (Haurra isilik) Hara!, katuak jan
dio mingaina... (Besteei): Mingainik badu, ala ez du?
Iñaki.- Bai, bai: izketan ondo daki orrek, gogoak ematen dionean.
Mant.- Triste al hago, ba, gaixo hori? Amarengana aurki joango
haiz berriro, gizona.
Alk.- Ez:
ama hila du honek. Yontxu du izena. Abizena..., ahaztu zait. (Paper batzuk
sakeletik atera eta Pantxikeri daramazkio) Hara: guzien nondik-norakoak hortxe
jartzen ditu garbiro. Ea, bada, Pantxike, Manttoni: nitaz behartzen bazarete,
deitu, noiz-nahi. Eta zuek, mutikook... Baratzera pixkatean bidaliko
bazenitukete, horixe onena.
Mant.- Ederki esana. Hartaraxe etxe berriaz etsiko dute errazena.
Alk.- (Maitero) Loreei pakean utzi behar zaie, gero!
(Bihoaz
Iñaki eta Xabier, zalaparta bizian, baratzera. Yon, geldirik ate-aurrean. Oso
da txikia. Besteengana ez ausartzen, baina pozik joango ote litzatakeela ere
badirudi. Tarte luzean, besterik ez bedi entzun, bi zaharrenen oihu alaiak
baizik. Pantxike'k
berriro babarrun-otarrari bekio. Manttonik mantala erantzi, jantzi berriro,
aulki hori honantzatu, lehengo tokiratu berehala Biek dirudite pittin bat beren
onetik ateraraziak. Halako batean, mutikoen garrasi biziagoek ikaratzen
dituzte.
Pantx.- lkus ezan non dabiltzan txerren horiek.
Mant.-
(Aterantz doala) E, e! Bihurriak, alaenak! Hortik ez dela ibili behar! Harrapatzen
badizutet atzealdea! (Urduri sartuz) Letxu tartean, makilka, Jaungoiko maitea!
(Bat-batean, txikiak laisterrari ekiten dio, besteekin
jostatzera joan-beharrez. Baina,
Pantxikeren deihadarrak zakarki geldiarazten du):
Pantx.- Aizak, aizak, txepetx! Hator hi honantza, babarruna
zuritzen laguntzera.
(Txikia
betor Pantxikerengana, begiak lurrera dituela, eta exer bedi haren oinetan)
Mant.-
(Berriro aterantz) Ea mutikoak. Zatozte pixkatean.(Berriro betor barnerantz)
Non lo egin behar duten erakutsiko zienat.
Pantx.- Erakutsi iezaien, bai.
(Iñaki betor aurrena, atzetik beste biak laisterka
bizian.
Xabier.- (Arnas-estuka) ikusi al duk nolako urazak?
Iñak.- Haien
buruak! Ez zaudekek
txarrak, olio-ozpinetan.
Mant.- (Zain
dagokie eta, behar bada berak nahi baino zakarkixeago, ala dietsa:) Begira
gero, ez zaitzatedan nik harrapatu berriz nire letxueri ostikoka.
(Mutikoek burua makur. Manttoni eskuneko aterantz bihoa)
Zatozte, ea: zuen ohetokia erakutsi nahi dizutet: mandioan duzue.
(Bihoa. Bi
mutiko zaharrenak atzetik. Zurubi estuan gorako hotsa Pantxike eta txikia
bakarrik geldi bitez, biok babarrun-zuriketan).
Pantx.-
Yontxu dut izena, beraz? (Muttikoak buruaz baiezkoa ozt-ozta, neskazaharrari
begiratu gabe) Yontxu... eta, zer gehiago? (Muttila isilik. Orduan, Pantxike,
Alkateak emandako agiriei begira has bedi) Intxaustinekoa, ez da hala? (Buruaz,
baiezkoa. Isilunea. Babarrun-zuriketa, eten-gabean. Pantxikek, astiro, goitik
behera mutikoa azter beza) Eta norekin bizi haiz, ba, txiki? Amonatxoarekin?
(Besteak ez erantzun) Izekorekin? (Buruaz, baiezkoa) Eta nolakoa da, ba, zuen etxea? Behiak ba al
dituzue?...
Yontxu'k -
(Burua jaso, eta, bat-batean atsoa harriarazten duelarik, haren mutur-muturrean
parre-purrustaka).
Ja, ja, ja!
... Hauxen da barregurea!... Behiak, alajaina, Donostiko kalean!!
BIGARREN EKITALDIA
LEHENGO TOKIA BERA. HILABETE GEROAGO.
I. IÑAKI ETA XABIER.
Iñaki ta
Xabier, batak erratza eta besteak zarpil bat eskuan dituela, elkarren
harrapazka dabiltza, gela betean, barre eta garrasi eta zalaparta.)
Iñaki'k.- Eeee!
Ikutu haut! (Geldituz)
Xabier- Ez, jauna! Zapiarekin! Horrek ez dik balio.
Iñaki.- (Berriro erasoaz) Ez du balio? Eta honek?
Xabier- (ltzul-eginik, isekaz) Eeee! Eeee! Harrapatu ezetz! Harrapatu
ezetz!
Iñaki.- Ezetz? Orain esango diat!
Xabier.- (Aulki baten gainera igo bedi) Koxka!
Iñaki.- Buru haundi arraioa!
Xabier.- Harrapatu al nauk?
lñaki.-
Jeitsi, gauza ba haiz...
Xabier.- Je, je!... Hori.... nahi badut!
(Iñakik
zakarki eraso bekio. Xabierrek lurrera jauzi egin beza. Berehala, berebiziko
zalapartaz, lehen baino areago, ekin bekie elkar hatzi-beharka. Aulkiak hankaz
gora, mahaia iraulita, ontzi, ogi-otar eta abar lurrera-bidean...
Bat-batean, haizeko ate-zuloan, Manttoni ager bedi. lkaratuta
geldituko da.
lñaki'k
orduan, bere zarpila jaso, eta mahai iraulia sendoro igurtzi beza. Xabierrek,
arnas-estuka, erratza berriro eskuratuz, bazterrak garbi bitza)
II. LEHENGOAK ETA MANTTONI.
Mant.- (Ia
hitz egiteko ere gauza ez dela.) Nire Jaungoiko maitea!!... Baina..., baina.... baina....!!!...
(Hitzik ezin, eta isil isilik has bedi, aulkiak, ontziak, mahaia eta abar jaso
eta bere tokiratzen. Guzia oso zuzendu artean, ez zaio arnasa bere onera
itzuliko.) Hauek etsaiak, Jauna!... Baina, egunero-egunero, deabruarena egiten
arkitu behar ote zaituztet?... Non da Pantxike?...
Iñaki.-
(Manttoniren ahotsa barregarriro berdinkatuz) Nongo Pantxike gero, andrea?
Mant.- Hara... zera... ! Pailazo motela, ez besterena!(Xabierei)
Non da Pantxike?
Xabier.- (Besteak bezalatsu) Andre Pantxike, beraz?
(Burua
nahastu beharreko garrasiez) Oiloetara joan da! Oiloetara joan da! Oiloetara
joan da!
(Mutil biok,
elkarri eskutik heldu, eta garrasika ekin bekiote neskazahar gaixoaren
inguruka.)
Biak.- Oiloetara joan dala! Oiloetara joan dala!
Mant.-
Baina..., Jesus, ene! Isilduko al zarete, gogaikarri alaenok? Behin esanda ere:
"oiloetara joan da"; ez al da nahikoa?
lñaki.- Jee,
je, je! Oiloetara...?. bai zera! Ez, ez, ez,! Txanbra berria jantzita alde egin
du
Xabier.- Setazko txanbra! Paparra agirian duela!
Mant.- Hago
isilik, lotsagabea
lñaki.-
Ezta, ezta, ezta!Gezurra hori ere! Ja, ja, ja!.
Xabier.- Egia, egia! Donostiako Alkatea omen datorkigu etxera
Iñaki.- Iaufiii! Hau duk umorea!
Mant.- Donostiako Alkatea? Nork esan dizue hori?
Iñaki. Petratxok esan digu, Petratxok.
Xabier.- Petra begi-okerrak, andretxo!
Mant.-
Donostiako alkatea gurera! Ederki eman ere...! Petratxoren asmabeharrak...
Guretzako dago Donostiako Alkate jauna! Hobe bai, egia balitz!... Baina, horiek
horrela direla, ba al dakizue zer egingo duzuen orain, txintxo-txintxo? Patata
mordoska bat baratzatik ekarri... Aguro, ordea
(Iñaki ta
Xabier laisterka bihoaz, atzeko atetik)
Iñaki.- (Burua berriro azalduz) Hara, hara!... Azaldu da, azaldu
da!Mant.- Nor azaldu, gero?
Iñaki.- (Garrasi bizika) Pantxike azaldu da: gure Pantxike!
(Iñaki
berriro eztuka bedi. Geroxeago Pantxike dator).
III. MANTONI ETA PANTXIKE
Mant.- Nondik
hator, enetxoa?
Pantx.-
Oiloetatik. Nondik etortzea nahii dun?
Mant.- Oiloetan
hintzen, beraz...
Pantx.- Yontxu etorri al da?
Mant.- Non dun,
ba?
Pantx.-
Erosketan. Baina hark ez din behinere presarik. Hain toki txikian
horrelako gibel haundia ezkutatu litekeenik ere! Buruak ematen diona beste-besterik ez din egiten...
Mant.- Hark, hori? Eta besteok, zer egiten dinate, ba?... Hemengo iskanbila eta
iraulketa ikusi izan bahitunan, arestian
Pantx.- Zorarazi
behar gaitizten.
Mant.- Guzia lurrean, hankaz gora: mahaia, aulkiak,
ontziak... Deguntxoa porrokatu behar zigunate azkenerako!
Pantx.- (Aulki bat
aztertuz) Izan ere, iraun behar din honek, holako txerrenekin?
Mant.- Gaiztakeriak bakarrik poz-ematen zionate. Eta, ateraldi batzuk badizkinate gero!
Halakoak nondik datozkien ere!
Pantx.- Donoxtiarren malizia dun hori
Mant.- Donostiar
kaxkarinkeria!
Pantx.- Guk ez
bezala, zenbaitek honezkero burua galdu zinan.
(Berriro,
ataritik, mutilen jolas-hotsa. Lehen bezala)
Ataritik.- (E, eee! Harrapatu haut. Ez, jauna -Buruhandia, ez
besterena!- Hator, hator, Pinto! ... )
(Gero, hots
hori osten bedi, urrutiratuz.)
Mant.-
(Neka-neka eginda) Ai ahizpa... Burua nik baino sendoxeago behar din, bizimodu
honetarako...
Pantx.- Bai nik baino ere. Honela jarraituz gero, aurki naun Santa
Agedan
Mant.- Eta noiz aldegin behar duenik ere?...Ez al din inork ezer
adierazi?
Pantx.- Atzo, alkateak... Aurki etorriko ahal zaizkie bila, baina
noizik ez jakin.
Mant.- Hilabete
bihar dinate
Pantx.- Ezin esango dinagu ezer, egunekoa ordaintzen duten
bitartean...
Mant.- Egunekoa
ordaindu! A, gaixoa!: berriro egin beharreko tratua bagenu...!
Pantx.- Utzion
horri, osasuna eta pakea galtzen ez ba dizkigute betiko!...
Mant.- Odol
gaiztorik ordaintzen al dinate ba, duro zikin horrekin?
Pantx.- Bai:
eraman ditzatela lehenbailehen. Honela ez zagon gauza onik?
Mant.- (Hormei ikarez begiratzen diela) Etxeak ez liken zutik
iraungo beste hilabetean.
Pantx.-
Buruari eraginez, mahai-aldera bihoa, arkatzaren eta paper-punta baten eske.
Betor berriro eseritzera, eta bere baitan ari balitz bezala:)Hiru bosteko,
hamabost... (Ahizpari) Zer gastatu huen atzo?
Mant.-
Nikolaxarenean, hiru laurleko...
Pantx.- Ai, Jaungoiko maitea!... Hiru bosteko,
hamabost... Hamabosti hiru kendu eta... Hamabost hiru ...
Mant.-
Ogitan, bi laurleko... Jarri al dun?... Hamabiri bi kendu eta... A, eta...
Atzo, igande, haragia ere bageninan: lau laurleko... Olioa, bi...
Zenbat gelditzen zain?
Pantx.-
Hamarri sei kenduta... (lsilunea) Eta azukrea?... Eta kafea?...
-(Zenbaketak buruz eginik) Zera...!, gerenetik jarri beharra, gainean...
Mant. (Bertaratuz) Benetan, gerenetik har gaitun?...
Pantx.- Ea.... erorrek ikus: hamasei laurleko eta lau txakur
haundi...
Mant.- Hamasei eta... Ene, ene!... Elorrioa zaukanagu,
alajainena!...
Pantx.- Eta,
adi ezan.. Hori oiloen eta txerriaren jana sartu gabe... Kontu garbia
eginenean, horiek ere barruan behar lieken!
Mant.- Nik hala uste, ahizpatxo: nik ala uste!... Hauxe da lana,
enetxoak!
(Ingiari
begira geldi bitez, buru makurka. Bitartean, atzeko atetik betor Yontxu, zorroz
eta pardelez besoak eten beharrean.)
IV. LEHENGOAK ETA YONTXU.
Pantx.- (Ingia ezkutatuz) Hor gure gizona!
Mant.- Hala ere! Bahator? Txoritan ibili al haiz, ala zertan?
(Yontxuk
begiratu bat begio, erantzun gabe.)
Pantx.-
Lasaia, ez bestelakoa! Ordu bete behar al duk kaletik etxera? Alderdi ederreko
langilea hago, hire eskuz bizi izaterako!
Mant.- Lotsatu ere ez aiz egiten, lotsatu... arlote haundi hori?
(Yontxuk,
txintik ez: ekarri guziak utz bitza mahai gainean, eta bi atsoei erakutsi
bezakie atzealdea.)
Pantx.-
(Berriro aurpegiz itzularazten duela) A, baina, txotxo..., hori guzia horrela
uzteko asmoa al duk? Alajaina ... ! Atera niri berehala bildu horietako puskak, eta zein
bere tokian ipini... Bizkor,
gero!... (Ahizpari) lkusten al dun!...
(Yontxu, bilduak
hustu ta guzia txukun jaso ahala, axolagabekeriaz hasi bedi txistu-joka.)
Eeee? Txistu-hotsak,
gainera? (Besteak ez
entzuna) Aditzen al duk, bai ala ez?... Donostiar koxkeroen kanta jator bat da
hau: "Joxe Migelen batela"!
(Ahizpak,
elkarri begira, zer esan ez dakitela)
Mant.- (Isilune baten ondotik) Ohea egin al duk, txepetx?
Yontxu.- Ez.
Mant.- Ohea ba, aguro!... Aidean, esan diat!...
(Yontxuk
buka beza lehengo lana, eta astiro abia bedi eskuinerantz.)
Zer egin behar dun
hik, Pantxike?
Pantx.- Ahuntza ateratzera noan.
Mant.-
(Yontxuri) Inor etorriko balitz, Pantxike ahuntza larrarazten dela, eta ni
berriz, kalean: aditzen?
(Bihoa
Yontxu.) (lsilunea)
V. MANTTONI ETA PANTXIKE.
Mant.-
Doloretako Ama! Noizbait ere eramango ahal zizkigunan! Jakin dezagun baiezkoa
ala ezezkoa.
Pantx.- Bakea har dezagun, zer dun gero hau!
Mant.- Eta kakalardo horren ateraldiak entzun al ditun?
Pantx.- Entzun!... llarra adinakoa ez dun-eta, horren gizondu
beharra!
Mant.- Umekondo
zelebrea! Besterik
horrelako ez dinat egundaino ikusi.
Pantx Ez-eta 'Totxolo"nekoa ere...
Mant.- Ez-eta 'Totxolo"nekoa ere
(Bihoaz,
atzeko atetik, Antzeztokia puxka batean hutsik.)
(Urrutiratuz,
haien oski-hotsa. Gero, atzeko atetik, Iñakik eta Xabierrek muturra erakuts
bezate.)
VI. INAKI, XABIER ETA YONTXU.
Iñaki.- (Hots
itoaz) Ieeup! Yontxu!
(Iñaki eta
Xabier sar bitez geldiro eta isilka.)
Yontxu.- (Bere aldetik muturra azalduaz) A!, Zuek al zarete?
(Sar bedi
berehala antzeztokian.)
Iñaki.- Usain egiok, arren, sagar honi, kakalardotxo
Yontxu.- (Begiak
haundi-haundi) Uiii!... . Nor atxitu duzue?
Xabier.-
Sortutako tokian, gizona: zuhaitzean! Andre Manttonik goizero begietan zuen
huraxe duk...
Iñaki.- Har ezak, gixonerdi: hiretzako zekarkiagu. Gu, aurretik
ordainak jasota gaudek.
(Yontxuk
sagarra har beza)
Xabier.- Manttonik hartu behar duen bihotzondokoa!
Iñaki.- A, zer nolako aurpegi-luzatzea, harena!
Yontxu.- Jontxo! Ederra zegok!
Iñaki.- Arraio tripazaia! Andre Manttoni gajoari baino probetxu
hobea egingo al dik
Xabier.- Gogoratzen al zaik, pastela jan genionean?
Iñaki.- Demonio, tuntuna hi berriz! Katuak jan zian
eta!
(Guziek
barre-algara)
Yontxu.- Hori katu bihurria, etxe honetakoa!, eee?
Xabier.- Arraio berritsua! Gure atsoen aurrean ez duk izaten horrelako
etorria
Iñaki.- Je,
je, je! Izan ere, hori aurpegia ekarri du gizarajo honek, arestian! Bazirudian
praile sartu behar zuela... Ea, esaiguk, esan: zer egin ziotek etxekoandreei?
Yontxu.- Hutsa... Berandutxo etorri kaletik.
Iñaki.- Eta nora aldegin diate bi sorgin horiek?
Yontxu.- Pantxikek, ahuntza ateratzera; Manttonik, kalera.
Iñaki.- I, Xabier: ez al zaik iruditzen guk lehen asmatutako
ipuinak darabilkiela andre Manttoni?
Yontxu.- Zer
ipuin, zer ipuin?
Iñaki.- Hara, esango diat.
(Elkarren hurbil bitez)
Xabier.- Gogoan al duk hik, noiz ezkero gauden etxe honetan?
Iñaki.- Utzi orain, honi esan arte... (Bat-batean atzera begira
beza, urduri) E! lxo! Bazetozek.
(Hitza baino
arinago osten bitez: Xabier, atzeko atetik, horma-hormari itsatsita; Iñakik
leihotik jauzka egin beza; Yontxu, eskuinetik. Berehala, atarian, ahizpa bien
ahotsa, eta, tarteka, bi gizonezkoena.
Sar bitez, herriko eta Donostiako alkateak, Pantxike eta
Manttoni.)
VII. HERRIKO ETA DONOSTIAKO ALKATEAK.
MANTTONI ETA PANTXlKE.
Pantx.-
Lotsa-lotsa eginda gatoz, Alkate jauna (Donostiakoari) Gure etxe apal honetara
beurok bezalako haundikiak etortzerik...
Mant.- Etortzea asmatzerik ere..., egundo!
D'ko. A. Beraz, hiru umezurtz ibili dituzte andre agurgarri hauek?
Erriko A.- Hiru, jauna, hiru: Mendiburutar Iñakitxo, Alkortatar
Xabier, ta bestea, zera...
D'ko A. -
(Entzuten ez dioelarik) Eta, agi danez, etxeko-andre begikook, langile horrek
ez dizue eman poz haundirik...
Mant.- (Indar haundirik gabe) 0i!, gu oso pozik ginen, Alkate
jauna, oso pozik...
Pantx.- Bai;
egia esan, gu txoratzen egon gara. Lehenbaitlehen aldegin dezaten eskatzea,
gure adinaren nekearengatik izan da.
Mant.- Nekearengatik, jauna: ez baitugu ohiturarik...
Pantx.- Hori, hori: ez baitugu ohiturarik... Izan ere, hemengo
iskanbilak, hemengo iraulbeharra!...
Mant.- Eta
esango bagenuke, alegia, osasunak aldi luzexeagoa eskatzen ziela ... Orduan ez
legoke zer esanik. Baina, ikusiko dituzue, ikusiko!
Pantx.- Oso daude onik: borobildu dira poliki!.
D'ko. A.- Ez,
eta, bidezkoa da, gainera: hobeto ibili direnak lehenago alde egitea. Gure
diruak ere urritzen doaz, gero!... Baina, zuek, hainbeste nekeen ordainez, haur
horien alde egindakoa, benetan aipagarria da. Ez al da hala, Alkate jauna?
Erriko A.- Bai noski. Hamaika bider entzun didate.
D'ko. A. - Nik ere, inor bidali baino, neronek etorri
nahiago izan dut, haurrok jasoaz bat, zuei, nire eta Donostiako Udalaren
izenean, eskerrik beroenak erakustera
(Alkatea eta
ahizpa biak eme-eme dagozkio, haren hitz guziei agurka eta baiezka).
Herriko
alkate jaun agurgarriari lehentxeago eman diot zuentzat idazkitxo bat. Bigarren
hamabostekoaren ordaina.
Erriko A.-
(Pantxikeri idazki txiki bat luzatuz) Hortxe dago dena, xuxen-xuxen, ustez:
ikustazu. Hamabost egunekoa ez ezik, hamaseikoa ere badago. Dagonilak hogeita
hamaika ohi dituenik, ahaztu niri, alajaina! Hogeita hamaika eskutik eta jokoa
galdu? (Kar-kar-kar barre eginez) Zer deritzozu, adiskide ona?
(Atzeko atetik, Iñakik eta Xabierrek, lotsa-antxean,
sudurra azaldu bezate).
VIII. LEHENGOAK,
IÑAKI TA XABIER.
BEREHALA YONTXU.
Mant.- Hara, hortxe dituzue gure poxpolin gaixoak... Sar zaitezte, sar maiteok!.
Pantx.-
Etorri, beldurrik gabe, gure bildotxok... Ikusi hemen Donostiako Alkate jauna,
zuek jasotzera etorria.
(Iñaki ta
Xabier sar bitez.)
D'ko A.-
(Begiratu ere gabe) Bai, benetan, guri-guri egin dituzue. Gertu ditzateke
berehala beren pardeltxoak. (Mutikoei begiratuz) Baina, hiru ez zenituzten
bada?
Mant.- Bai jauna, bai. Txikiena hor barruan dabil.
(Eskuineko
atea zabalduz) Eup, Yontxu, hator, bihotza, ator!... (Berriro erdira etorriz)
Gixaxoa! Amarik ez du. Ezagun ere bazuen, etorri zenean, dena zikinak jana...
Iñaki.- (Ahopeka Yontxuri) Bagoazek hemendik ospa, hi...!
D'ko. A.-
Hator honantza, txiki. Eta hirurok txintxo-txitxo entzun iezadazue. Negarrik ez egin,
gero? Andre on
hauekin oporraldi ederra botea duzue. Orain, zuen etxeetara itzuli-garaia
etorri da. A zer nolako gertaldi politak izango dituzuen, etxekoei ta
laguntxoei esateko! Ez al da hala? (Besteei) ikusten dituzue? Geldi-geldirik;
erneerne?... Hiru
gizontxo diruditela? Hauek dira benetan mutiko txintxoak! Guziak horrelakoak
izan bagenitu, ez al da egia, Alkate jauna? (Mutikoei berriro) Ea, bada: zoazte
orain gertutzera. Luzaroko lana izanez gero, gu joan gaitezke, eta zuek
(ahizpei) Udaletxera ekarriko dituzue...
Iñaki.- (Bixi-bixi) Ez, ez, berehala bilduko dugu guzia. (Beste biei)
Goazemak axkar, mutilak!.
(Zalaparta
bizian bihoaz eskuinaldetik. Zurubian gorako iskaribila entzun bedi puska
batean, hurrengo hitzen tarteka).
IX. MUTIKOAK EZ
GAINERAKOAK.
D'ko. A. - Txerren horiek nahiko lan emango zizuten, bai sinisten
dut ...
Mant.-
Nahiko lan... Hara, jauna, egia esango badut, bai: nahiko lan, eskua bete lan,
eman digute. Baina, ez al genuen horrenbeste eraman behar gixagaxoengatik?...
Ez irabaziarengatik, sinistu beza: kontu garbia egitez gero, garenetik aritu
gara...
Pantx.- Egia
huts-hutsa: ikusi beza bestela. (Ingi bat luza bekio: lehentxeago kontuak
ateratzen ari izan direnekoa)
D'ko. A.-
(Begiratu gabe papera itzuliz) Andre gaxoak, andre gaxoak! Nola, behar bezala,
eskerrak eman zuei, hainbesteko onginahi ta nekeen ordainez?
Pantx.-
(Lehengoari jarraituz) Esan bezala: ogia, esnea, ikatza, babarruna, olioa...,
horiek guziak ordainduz gero, zenbat gelditzen da? Eta, ez dago!; noizean
behin, okela ere eman behar zitzaien. Iturriko ur garbiez ez dira, gero,
morrosko horiek hazitzen! Eta, sinistu beza, jauna: herri honetan,
mardultxoenetakoak gureak aterako dira, eta hori gu baino aberatsagorik
hainbeste
dagoela...
Mant.-
Haurrik artu nahi izan ez dutenak gogoratu bakoitzean!... Erretzen jartzen naiz
gero!... Arbidenekoak eta.... Begierrenekoak, eta ... ; zer deritzo, Alkate
jauna?... Eta... zuk eta nik dakigun beste hura, hiru etxeren ta nik al dakit
zenbat soroen jabe den hura!
(Herriko
Alkatea urduritzen hasi da. Burua astintzen du, eta begiak honantz-haranzka
darabiltza)
D'ko. A. -
(Manttoniren etorria ebakiz) Tira, ba! Zer egingo zaio? (Eskuak igurtziz)
Guretzako poz haundia da, behintzat, zuek bezalako kristau errukiorrak ezagutu
ahal izatea. Ez al da hala, Alkate jauna?
Erriko A.- Bai,
ene adiskide, bai: jende zintzorik ere badugu herrian!
(Mandio-aldean
gero ta zarata haundiagoa. Behekoak noizik behin burua habera jaso bezate,
urduri.)
D'ko A.- (Ahobeteka) Nire adiskidea, donostiar-kume
horiek herri txiki honetan oporraldi egitea, gizartearekiko garrantzi haundikoa
da. Ez bakarrik osasunari
buruz. Hori ere ez da, noski, bazterrean uztekoa. Baina, beti ere, badakizu:
uri buruaren eta gainontzeko herrien artean, halako elkar-gabea, halako
ezinikusi sorra izaten da. Urtero, guk aurten bezala, elkarbidea eman
iezaziezu: aste bete batzuk elkarrekin igaro ditzatela, alegia; eta orduan,
elkar-ezaguera badator,
badator,
poliki-poliki... Orduan, guzien berdintasuna, guzien anaitasuna, askoz ere
bertago ikusten dira... Zer gauza ederragorik, nekazari zintzo hauen besoetan
gure ola-langileen semeak ikustea baino?... Gizartearen berdintasuna,
gizartearen anaitasuna! A, etxekoandre agurgarriak! Asmo haundi horien alde,
inork uste baino lan bikainagoa egin duzute hilabete honetan!...
Mant.- (Zer esan ez dakiela.) Bai, jaun, bai... Hala uste dugu,
behintzat
(Hiru
mutikoak eskuinaldetik sar bitez, beren bilduak eskuan dituztela)
X. LEHENGOAK ETA HIRU MUTIKOAK BERRIRO.
Pantx.- Gauza guziak jaso al dituzue?
Iñaki.- Bai,
andrea, bai.
Mant.- Ez al da hobe izango, nik, gora joan-etorri bat egitea?
Xabier.- Ez zaigu ezertxo ere ahaztu!
Mant.- (Gorantz doala) Ezetz?... Harrigarria litzateke horratik!
Pantx.- (Mutikoei) Nahaspil ederrik izango da hor goian
Iñaki.- Bai,
zera, poliki-poliki ibili gara eta!... Dena txukun .... (Xabierri zalantzez
begiratuz) txukun samar... utzi dugu
D'ko. A. - Nai baduzue, gero, mutikoak ordu-erdi baterako hemen
uztea
Pantx.- Zertarako, jauna?... Hori gorabehera! Moldatuko gera
Manttoni eta ni
Mant.- (Sartuz) Hara, hara! Banekien nik! Norena duzue alkandora
zikin hau?
Iñaki.- Ez da nirea.
Xabier.- Ez nirea ere.
Mant.- Hirea duk, beraz, Yontxu? (Lotua askatzen diola) Gaxoa! Nola lotu
duk pardel han hain estu?
D'ko. A.- Tira maiteok. Etxekoandre maitagarri hauei agur
esaiezuee, eta eskerrikasko.
Iñ. Ta Xab.-
(Atso bien lepora jauzi eginez, alaiki eta maitez) Agur, andre Pantxike...
Ikusi arte, andre Manttoni... (Yontxu ere, besteon lehian, zarataka hasten da:
hirurok batera hitz egin bezate ) Asko gogoratuko gara zuetaz! Idatziko dizuegu
noizean behin... Donostiara etorriko, gu ikustera?... Oiloen berri guri
bidaliko? ... Eskerrikasko, andre Pantxike... Mila esker, andre Manttoni...
Agur, agur, agur... lkusi arte ... Datorren urtean, berriz... Idatzi, gero!...
Agur ... Agur! ...
Pantx.- Baina, gizontxoak, isilduko zarete?... Hara, Donostiako
Alkate jauna itxoiten dagozue.
Mant.- Trenean txintxo joan, gero!
Pantx.- Burua leihotik atera gabe!
Mant.- Esanak
txuxen eginez
Pantx.- Zerbait
ahaztu bazaizue, bidaliko dizuegu.
Mant.- Bai:
berehalaxe bidaliko
D'ko. A.- Agur, bada, andre begiragarriak: ikusi arte.
Pantx.- Lagunduko diegu bideraino.
Erriko A.- Zatozte
axkar, mutikook!
Irurok.-
(Garrasika, pardelak bizkarrean dituztela) laufaaa, bagoaz ... ! lauffaaa,
bagoaz!, lauffaaa, bagoaz!... Donostiara!... Donosti ederrera!... Kaletan
ikuiluak eta behiak ikustera!!.
Iñaki'ren otsa.- Hara! ikusten al duk Yontxu, negarrez?
Mant.- (Irtenaz) Negarrez!... Zeri negar, nire Yontxu?
Pantx.-
(Donostiako alkateari, irteterakoan) Jauna, gaurko eguna bezalakorik, sinistu
beza, hogeitamar urte biok bakarrik bizi garela, eta...
(Esaldi
horren azkena gal bedi. Herriko Alkatea irten bedi azkena. Ahots-zarata
nahasia: mutikoena nagusi. Urrutixeago, kantari hasi dira. Guzia
mailka-mailka isiltzen.)
XI. PANTXIKE TA MANTTONI.
(Ahizpa biak
itzuli datoz. Aretoan, batetik bestera, noragabeki, bebiltza, zerbait lani eskua
ezarri nahika bezala. Pantxikek azkenik, ezarian bezala, Alkateak emandako
idazkia urratu beza.)
Mant.- (Zerbait esan behar eta ... ) Donostiako Alkateak izena
nola duen ere?...
Pantx.- Manterola, uste dinat...
Mant.- Zuria dun, ala beltza?...
Pantx.- Erretore jaunak dionez, zuri samarra...
(lsilunea)
Mant.- Oraingoan bakea dinagu, Pantxike...
Pantx.- Bai... Noiz edo noiz, horratik... Bakea!
Mant.- Hau etxearen isiltasuna! Ahaztu ere egin zitzaidanan, lehen
hala zenik...
Pantx.- Oraintxe
atseden pixkabat har zezakenagu.
Mant.- Egia, Pantxike, egia...
(Isillunea.
Gero, Pantxike aterantz bihoa)
Mant.- Nora hoa?
Pantx.- Atea ixtera, Manttoni.
(Manttoni
atzetik dihoakio, eta biak pixka batean geldi bitez, atarira begira.)
Mant.- Goialde
hori ere txukundu beharko dinagu, bada
Pantx.- Bai: ikusgarria egongo dun.
Mant.- Guzia
azpikoz gora.., oheak egin gabe...
Pantx.- Jesus, mila bider!
(Isilunea)
Mant.- (Ikaraldi) Pantxike!
Pantx.- Zer dun?
Mant.- Ez al dun ezer entzun?
Pantx.- Hik bai, Manttoni?
Mant.- (Bihoa leihora) Ez... Haizea zunan,
noski...
Mant.- Oraintxe,
eulia ere suma liteken hegaka
Pantx.- (Alabeharrez bezala, zerbait antolatzera doa,
baina bat-batean itzul bedi.) Zergatik dion hori?
Mant.- (Ametsetan bezala) Ezer esan al dinat?
(Isilunea
berriro. Bat-batean, atea zabaltzen da. Ahizpa biak batera itzuli dira, hotsak
ikaraturik. Andre Madalen sartzen da.)
XII. LEHENGOAK ETA ANDRE MADALEN.
Pantx.-
(Gogait-antzean) Aaa!... Madalen
dun...
A. Mad.- (Harrituta) 0iii... ! Zer duzue?
Mant.- Ezer ez. Zer izatea nai duzu?
A. Mad.- lkaratu egin zaretela esango nuke...
Pantx.- Nola ez ba?... Atea horrela zabalduz gero, hildakoa ere
zutituko litzateke!
Mant.- Garai honetan ez zara etorri ohi, eta... horrexek egin
digu.
A. Mad.-
Etxeberrira nindoan, bada, eta zuen aurretik igarotzerakoan: "sartu-atera
bat egin dezadan": egin diot nire buruari. Agi danez, mutikoak eraman
dizkizuete ... ?
Pantx.- Badakizu dagoneko?
A. Mad.-
Ikusi egin baititut, honantza nentorrela. Ez zeramaten negargura haundirik.
Garrasi bizian, txoro batzuk bezala, kantari zihoazen...
Mant- Benetan?
(Isilunea) Txikia ere bai?
A. Mad.- Bai:
txikia ere, besteak bezalaxe.
Pantx.- Txikia ere bai!
A. Mad.- (Inguru-begika) A zer nolako hutsunea, hemendik aurrera!...
Pantx.- (Bere burua indarbehartuz) Bakea, bakea
galanta, Madalen...
Mant.- Horixe bai!
Pantx.- Lehen,
izerdi bizitan goizetik gauera, mutil kozkor hoiek zirela-eta.
Mant.- Eta otorduak bostentzako, biontzako ordez!...
Pantx.- Eta etxe guzia azpikoz gora ...
Mant.- Lokatza eta
zikina non-nahi ...
Pant.-
Bazeneki..., zer kalte egin diguten!
Mant.- Aulkiak
porrokatu...
Pantx.- Katiluak
hautsi...
Mant.- Eta, lotarakoan, berebiziko iskanbila... Bederatziak
bitarteraino ere, inoiz!
Pantx.- Bederatzi-hamarrak arteraino...
Mant.- Eta, lanean, ez gero uste asko laguntzen zutenik...
Pantx.- Patata-ateratzera eta babarrun-zuritzea, ozta-ozta...
Mant.-
Gero, borroka gorrian ari zenitun beti...
Pantx.- Borroka gorrian beti, bi zaharrenak
batez ere...
Pantx.-
Borroka gorrian beti, bi zaharrenak batez ere...
Mant.- Haien zarataz, elkarri ezin entzunez egoten ginen askotan.
Pantx.- Iskanbila bizia, goizetik gauera!
Mant.- Gelditu gabe, ordea!
Pantx.- Belarriak gortu beharrekoa!
Mant.- Iskanbila.... iskanbila..., nolakoa gero?
Pantx.- (Zoratu balitzaio bezala) Iskanbila.... iskanbila..., (Bat-batean, isildu bitez. Isilune astuna)
A. Madal.- (Haien etorria eten ezinik aritu ondoren) Tira bada! Guziak du
munduan azkena. Oraingoan, bake ederra irabazirik zaudete. Hala hobe. Poztutzen
naiz... Agur gaurkoz, enetxoak: banoa.
Mant.- Etorri, gero, hurrena ere, Madalen?...
A. Mad.-
Gaur, honezkero, ezin. Senarra gero eta makalago
daukat. Baina, bihar, eguerdi artean...
Pantx.- Etorri, bada, bihar eguerdi aldera...
Mant.- Eta, bestela, gu joango gatzaizu, ikustera.
Pantx.- Baita, baita: gu joango gatzaizu...
A. Mad.- Ederki; zain egongo nauzue. Eta esango didazue, gaur, afaitarako,
mahaia ez al duzuen hutsegi aurkitu...
Mant.-
Hutsegi? Oi! Zergatik?
Pantx. Hutsegi? Horiek ateraldiak, Madalen!
A. Mad.- (Irteterakoan) Nik baibaitakit gauza horien berri. Etxean sei haur izan ditugu. Hiru, hil egin ziren. Beste hirurak,
ezkondu. Eta, orain, orain... Baina, utz dezagun... Hobe
da. Bihar arte, beraz.(Bihoa.)
XIII. PANTXlKE ETA MANTTONI.
(Ahizpak lelotuta gelditu dira ate-aurrean. Batbatean, haizealdi zakar batek
mahai-gaineko paperak sakabanatuko ditu.)
Mant.- (Burua itzuliz) Zer zeraman haizeak?
Pantx.- Haizeak zer daraman?
Mant.- A!... Dirua dun, noski.
Pantx.- Izan ere: dirua. (Begira biezaio, eskurik luzatu gabe) Jaso ezan,
Manttoni
Mant.- Jaso ezan erorrek.
(Leihora joan, eta itxi bezate. Pantxikek dirua jaso, eta utzi beza lehen
bezala, maha gainean. Manttonik ilzuli datorrela, itzalgaizka, begiak
lehortzera egin du.)
Zenbatu ere egin beharko dinagu, bada, diru hori...
Pantx.- (Urrutitik bezela) Zenbatu dezagun, bai
(Bata bestearen aldamenka, antzerki hasieran bezala, jarri dira; baina dirua
eskukatzen dihardute, zenbatu beharrean. Halako batean, Pantxike'k ere begiak
lehortzen ditu.
Mant.- (Ahizpari zorrotz begiratuaz) Zer dun, Pantxike?
Pantx.- (Bere onera itzuliz.) Zer..., zer...,
Zer dio?...
Mant.- Zera..., hutsa... Iruditu... egin zaidan...
(Hotsa, utarrian, ito, egiten zaio. Dirua zenbatu naihan hasten da.)
Pantx.-
(Lehen Manttonik bezala begiratuz) Zer darabilkin gogoan, Manttoni?
Mant.- (Lotsakor) Nik?... Hutsa, hutsa... Ezer ez...
(Isilunea) Eta hik, Pantxike?
Pantx.- (Berdin) Hutsa... Hutsa, Manttoni!... (Ekin biezaiote orain, bero-bero,
diru-zenbatzeari)
![]()
Bertsio elektroniko honen jatorria: http://www.jazzfree.com/jazz9/arrain/