PIARRES ADAME
Saratarraren zembait hitztorio
Laphurdiko eskuaran

J.B. ELISSAMBURU
Pau, 1888.


len KAPITULA

NON, NOIZ ETA NOLA EZAGUTU NUEN PIARRES ADAME

Mila-zortzi-ehun eta berrogoita bortzean, Buruilaren hastean, astelehen goiz batez, Sarako ezkilak bederatzi orenak yotzen zituelarik, muthiko gazte luche bat, hamabortz urtheren ingurua nombait han zukena, Leheteko yauregiaren hegian barna Azkaingo bidean haya-haya zohan.

Gizonek bezala egin nahiz, bizkarrean ezarria zuen maripulisa, makhila tchar baten gainean trebeska, eta lephoan artha handirekin inguratua zuen cherrenda nabar eta herxiak erakustera ematen zuen igandetako arropekin aphaindurik bideari lothua zela.

Itchuraz muthiko horrek bazuen adin bereko muthiko hainitzen egite. Geldirik iduri zuen chirio bat, zabilanean, charlango bat.

Borda-handiko aldapa gora muthiko hori ikhusi zuenak igaten, erranen zuen bazuela, charlangoaren itchuraz bertzerik, erran nahi baita itchurarekin abilezia.

Beraz, gantzak hambat trabatu gabe, mendichka horren gainera igan zenean, bertze aldean den erreka zolara yauxi baino lehen, gure muthikoak, begikolpe batez, besarkatu zuen San Inaziora heltzeko segitu behar den orga-bide luzea, esperantza izan balu bezala bideko lagun baten han ikhustea.

Nahiz dembora hartan ez ziren bide hortan astean lau arima ibiltzen, ortzirarez salbu, zeinetan baita Doni-Yoaneko merkhatua, fortunak nahi izan zuen, egun eta oren berean, kausi zadin gizon bat bide beraz Azkaingo aldera zohana.

Ikhusteko zen orduan muthiko horren zangoek, patarra gora on baziren, patarra behera zer balio zuten! Chimizta bezala bide laburrez firrindan erreka-zolara yauxirik, ur baten gainetik salto eginik, gure muthikoak, Amen errateko behar den demboran, orgabidea iragan zuen, eta, aitzinean zohan gizonak bazituen oraino ehun bat urhax bedere egiteko San-Inazioko kaperarat heldu baino lehen, muthikoa yadanik aldean baitzuen.

Gizonaz mintzatu baino lehen, erran dezagun muthikoaz azken hitz bat. Yakin zazu beraz, irakurtzaile maitea, muthiko hura zela lerro hauk hemen iskribatzen dituena bera, eta nola hartua baitut luma eskuan, ez nitaz mintzatzeko bainan nere bideko lagunaz, nahi baduzu hortan utziko dugu muthikoaren hiztorioa.

Beraz, erran dutan bezala, San-Inazioko kaperarat heldu baino lehen, nere gizonari hurbil nintzen, bainan oraino bortz edo sei urhaxez gibeletik.

Nola ezagutzen bainituen Sarako yenderik gehienak, gizon hori gibeletik ikhusiz iduritzen zitzaidan ez zela Saratarra izan behar.

Oraino ehun bat urhaxetan nintzelarik ikhusi nuen gizon horrek nik bezala ezarria zuela maripulisa bizkarrean, makhilaren puntan trebeska, bainan makhila nik baino ederragoa eta azkarragoa zuela. Ni nere gisan bezala, hura ere berean igandetako arropa ederrenekin beztitua zen. Soinean zituen galtzak eta bizkarrean zinzilika zuen maripulisa oihal beltz ederrezkoak ziren; zangoetan espartin berri-berriak; eta gero, ondoratzean ikhusi nuen bezala, barneko seda leguna, dir-dir-dir egiten zuena, hura ere beltz-beltza; buruan zuen gaphelu urdin eta zabalaren azpitik yausten zitzaizkon bizkarreraino ile kroskoil eta luche batzuek, elhurra bezain churiak. Ezagun zen gizon adinekotto bat behar zela izan.

Ikhusi nuen ere, oraino urrunchko nintzelarik, gizon horrek, makhila esku batez zarokalarik, bertze eskuaz kheinu batzuek egiten zituela, nahiz ez zuen nihor aldean.

Aithortzen dut kheinu-meinu hoyek urrundik ikhustean nere buruarekin egon nintzela gizon horrek othe zuen bedere martilu-kolpe bat nombait, eta aphur batez, gelditzekotan ere izan nintzela gizona urrunduche artean; bainan, haizeari medioz, aditurik kanta errepikaz zagola, eta gogoraturik naski eskuaz ahoa laguntzen zuela, atrebitu nintzen hurbiltzera halere.

Gero, ohart-arazteko gure gizona norbait bazuela aldean, eztul bat egiten dut. Harrabox bat hoin hurbil aditzean, nere gizona salto batez itzultzen da "Achut!" oihu egiten duelarik, eta bi begi handi idekitzen dituelarik, erraten darot boz izigarri batekin:

—Nongoa haiz? Norat oha?

Orai gure arteko solasez mintzatu baino lehen, erran dezagun bi hitzez gizon hori aitzinetik ikhusiz, zer itchuretakoa zen.

Ikhusi zuenean haren begi handiek eta oihu ikharagarriak ez nindutela hambatik izitu, gizon horrek, emeki-emeki, ezarri zituen bere begiak Yainkoak eman zioten negurrian eta boza ere ba. Beraz, ez zen iduri nahi zuen bezain gaiztoa.

Athorra bat bazuen soinean elhurra bezain churia eta athorra horren fola hain zen ongi lisatua non chut-chuta baitzagokon lephoan eta igaten baitzitzaion beharriez gorago. Lephoko bottoina zilharrezkoa zuen eta beherachago paparoan zuena hechur churizkoa. Soinean ez zuen galtzerdirik; geroago ikhusi nuen bezala, galtzerdiak ezarriak zituen zapatekin maripulisaren azpian eta makhilaren puntan gurutzatua zuen mokanes baten barnean. Galtzak moda zaharrean eginak, erran nahi baita zubi handia zutela. Aitzinean kobrezko botoin handi bat, hori-horia, eta urheak bezala distiratzen zuena. Ezker eta eskuin, saihex bakhotchean, bottoin ttiki bat, naski hechurrezkoa eta oihalez estalia. Galtzen zubia sakela zuen aldetik idekia, dudarik gabe han zituen docha, harri, karyo, nabal eta bertze asko errementen aiseago hartzeko.

Saltoz nere aldera itzuli zenean, bazuen ahoaren eskuineko chokhoan pipa motz bat beltz-beltza, estalki hori batekin, eta nola dilindan ahoz behera baitzagokan, ezagun zen ez zuela hortzen artean bainan ba ezpainen artean. Egia da itzuli eta mintzatu baino lehen, nere gizonak pipa eskuan hartu zuela.

Beraz erraten darot:

—Nongoa haiz?

—Sarakoa.

—Sarakoa?

—Ba yauna.

—Saran zeintakoa haiz?

—Matchinenekoa.

—Hambat gaizto hiretzat.

—Zer?

—Ez, deus ez... deus ez... zer duk izena?

—Pello.

—Pello?... to! to! to! ez haiz hi beattar izana?

—Ba yauna.

—Ezagutzen nauk beraz?

—Iduritzen zait lehenago ere ikhusi zaitudala, bainan ez naiz segur.

—Beha nezak ongi, eta orhoit hadi!... zer! ez duk ezagutzen Piarres Adame?... Eta Saratarra haizela diok? Nork ez du ezagutzen Piarres Adame, Saran eta bertzetan, famaz bedere?... Behin ikhusi nauenak ez naik ahanzten!...

Egia da hurbildik edo urrundik Piarres Adame ikhusten zuena ohartzen zela berehala gauza batez. Ez dakit balio duen gauza horren hemen aiphatzeak: Zertako ez?...

Beraz giristino, yudu eta bertze guziek bisaiaren erdian Yainkoak ezarria dugun haltura, Piarres Adamek negurri gaitzekoa zuen. Espantu handirekin mintzo zen bere sudurraz, eta ohore handi bat zitzaion ez baitzuen egundaino nihon kausitu edo ikhusi nihori negurri hortako bertze organo bat. Erraten zuen ere Piarres Adamek, behin aditurik Nafarroako herri batean, ene ustez Alduden, bazela errotazain bat sudurrez fama handia zuena, guan zela, behar den moldean aphaindurik eta bere makhila ederra eskuan harturik haya-haya eta mendiz-mendi nafartar famatu horren herrira, eta, han, gudua ikhusi zutenen arabera, Lapurdi Nafarroari nagusitu zela; herri hartako hauzo aphezak eta konseiluko hiru gizonek erran zutela goraki eta paperean ezarri: Nafartarrak franko luchea zuela sudurra, bainan mehea; aldiz laphurtarrak luzea zuela eta lodia; beraz Piarres Adame nagusi zela...

Ni ere orhoiturik sudur hori ikhusi nuela lehenago ere behin baino gehiagoetan, erraten diot Piarresi:

—Ba yauna, orai ezagutzen zaitut.

—Ez duk damu, Pello, erraten darot Piarresek, ez duk segurki damu, orhoitu baihaiz azkenean! Ezen hiretzat ahalke handia lukek, hire adinean herriko lehen-gizonetarik baten ez ezagutzea!...

Gero, burua altchatuz eta daldaratuz, Piarresek, ezpainen artean eta bere buruarekin mintzo balitz bezala, aditu nuen erraten zuela: "Ba, segurki balio dik Chuberoan eta Nafarro beherean barna famarik handiena izateak, herrian berean doi-doia ezagutua izatekotz?... Egia duk nihor ez dela bere herrian profet..."

Hola, aphur bat gogoetan egon ondoan, Piarresek athera zuen docha sakelatik, bethe bere pipa motz eta beltza, eta ezpainen artean eta chokoan dilindan ezarri; gero, nabal baten gibelaz harri bat yoz, pindarrak athera eta karyoa piztu; azkenean labeari su eman.

Orhoiturik ez niola oraino erran norat nindoan, galdetzen darot, bigarren aldikotz:

—Norat oha?

—Olhetara.

—Olhetara? Bestara beraz?

—Ba yauna.

—Ongi duk; ni ere Olhetara nohak; nahi baduk, eginen diguk bidaia elgarrekin, eta nola iduri baituk, nahiz behar bada zerbait badakikan, badukala oraino gauza hainitz ikhasteko, bidean guazilarik erranen darozkiat nere haur demborako eta geroztikako zembait hitztorio; nahi duk?

—Ba yauna, nahi dut segurki eta gogotik halere. Hainitz maite ditut hitztoriak, eta sinhesten ahal duzu ez dutala erortzera utziko zure hitzetarik bat choilki.

—Ongi duk beraz, Pello, eta orai aski duk beharriak erne atchikitzea.

Badut beldurra, irakurtzaile maitea, Piarres Adamek niri erran hitztoriak, hark erran bezain ongi ezin ezarriko ditudala zure begien aitzinean. Ez dut bada borondate ona eskas, bainan nola, Piarresek niri gauza horiek erranez geroztik, urtheak eta urtheak iragan baitire gainetik, badaiteke nere memorioak ezin bilduko dituen aski fidelki hark niri erran solas guziak, nik zuri hitzez hitz errateko. Halere, hasi naizenaz geroztik behar dut segitu ahal dutan hobekiena.

Orai utz dezagun Piarres Adame bera zembait hitztorioren erratera.

Huna nola erran zuen lehen hitztorioa.


2en KAPITULA

PIARRES ADAMEREN HAURREKO HITZTORIO BAT

Bidean ginohatzilarik, Piarres aitzinean, ni gibelatik, huna nola mintzatu zen:

"Egun naizen bezala aphaindua ikhusiz, hik uste duk behar bada, Pello, aldean dukan gizona etcheko-yaun aberax zembait dela?

"Hire adinean nik ere uste nian arropak egiten zuela fraidea, bainan geroztik ikhusi diat eta ikhasi, nere gostuz, debru franko badela saindu itchura hartzen duenik.

"Gaztegi haiz oraino hi, Pello, gauza horren ongi pisatzeko; utz dezagun beraz hori hor, berdin aski goiz ikhasiko duk egia diotan ala ez. Orai yakin behar dukana duk ez naizela hik uste dukan gizon aberaxa, nahiz, ni baino beharragoko hainitz baden.

"On duk ere ikhas dezakan nik baino urhe gehiago duen hainitz balimbada Sarako herrian, ez dela bat nik baino irri gehiago egiten duenik. Zer nahi duk? Yainkoak holakoa egin nindian, eta ongi egin zian ! Izan hadi hi ere, Pello, ahal baduk, ni bezalakoa! Eta, orhoitzeko bethi Piarres Adame, gizon zuhurraren erranez, har zatzik eta atchik gogoan kantatzera nohan zembait berxu hauk."

Eta Piarresek, bethi aho-chokoan zagokalarik bere pipa motch eta beltcha, huna zer kantatu zuen, ezti-eztia, aire zahar hamahiru pontuko batean, berxu bakhotcha ederki doblatzen zuelarik:

1. Yakinxunen arabera nork berak du berea,
Mundura agertu denean ekharria zortea;
Yainkoak egin bezala nik maite dut nerea,
Nahiz ez den, yenden ustez, zorionez bethea.

2. Zaharren erran ederrez nola bainaiz orhoitzen,
Trebes heldu diren gauzak nik zuzen ditut hartzen;
Aitak zarotan ikhasi, gizon zuhurra baitzen,
Irriz hartuz, zorigaitza zorion bilhakatzen.

3. Dembora heldu den gisa hartuz behar denean,
Aste guzia daramat bihotz onez lanean,
Argitik ilhuneraino, bethi lekhu berean,
Bikhe, trukes, ezten eta martiluen artean.

4. Yarri banindu zorteak erregeren tronuan,
Errege zen gerthatuko nere tresnak eskuan:
Galduko ginuen naski biek gure tratuan?...
Egoitea hobe dugu beraz garen lekhuan!

5. Zoroak ez duenaren bethi du gutizia;
Atxekabean bizi da nahiz bertzen ongia;
Zuhur gisa nik baitakit labur dela bizia,
Irriz nahi dut iragan ahal badut guzia!

6. Maite duen zikoitzari nik uzten dut urhea,
Zilharrik ez dutanean aski baitut kobrea;
Nahiz izan, aberaxek, bizi-modu hobea,
Ez dute nik baino lehen akhabatzen urthea!

7. Nere gisa zembait bada, zorionez, herrian,
Alegera bizi denik zuhurtasun handian;
Basoak eskuan eta hitz ederrak mihian,
Gu bezalako guti da zeruaren azpian!

8. Mahainean lagunekin naizenean yarria,
Naizela zait iduritzen munduko nagusia;
Gizonik aberaxena pobre bat da handia,
Guk bezala, berak ontzen ez badaki bizia!

9. Yainkoak, maitha dezagun erran baitu laguna,
Behar dugu lagunentzat egin ahal duguna;
Adizkidek arpegia dutenean ilhuna,
Nerekin ethorriz dute kausitzen osasuna.

10. Hiltzen naizen egunean adizkiden bilkhura,
Soka-dantzan ethor bedi ni lo nagon lekhura;
Zuhurrenak buta betzat azken hitz hauk burura;
"Irriz leher egin eta guan da bertze mundura!"

Piarresek, nola kanta hori akhabatu baino lehen hil baitzitzaion pipa, berriz piztu zuen; gero hola segitu hitztorio hasia:

"Badik, Pello, hiruetan hogoi eta hamar urthe Piarres Adamek lehen aldikotz, ikhusi zuela argia; han duk herriko-etcheko liburuetan ezarria: Piarres Adame, bere aita eta amaren semea, sortua Saran, maihatzaren 14an mila-zazpi-ehun eta hiruetan-hogoi-eta hamazazpian.

"Dembora hartan oraino urrun hintzen hi, Pello...

"Hitz-eman daroyat nere gaztetasuneko zembait historioren erratea, bainan, gaztetasunaz mintzatu baino lehen, dembora badugunaz geroztik, behar darozkiat lehenik nere haurtasunaz zembait hitz aiphatu.

"Nere haurtasunaz, Pello, amex batez bezala orhoitzen nauk. Bertzek erranik bazakiak, lau urthe nituelarik, umezurtz bilhakatu nintzela. Nere burasoak (Yainkoak bere lorian dituela!) Etchetcharreko borda tcharragoan zituan maizter, eta baziteyan haz ahala haur; bainan, goizetik arrax lanean hariz porrokatuak, irabazten edo biltzen ziteyan gure eta bere hazteko dina.

"Urthe izigarri batez, gaitz handi, bazter guziak doluan ezarri zituen batek, gure aita eta ama ereman zitian; hobeko baitzen naski haurren erdiak ereman balitu, burasoak utzirik! Bainan Yainkoak ez zian hala nahi izan!

"Beraz, gelditu gintuan haur multcho bat, zaharrenak ez baitzuen oraino hik orai dukan adina, eta gaztenak hiru urtheren ingurua.

"Ikhusten dukan bezala, Pello, ez zuan beraz haurride guzietan bat talo egiteko ere on zenik, eta halere non zen irina, talo egiteko?...

"Hauzoko yende onek lagundu ez bagintuzte, nork daki zer bilhakatuko ginen? Bainan Yainkoak, bere ontasun handian, ezarri zian, guretzat ere bertzenzat bezala, gaitzaren aldean erremedioa...

"Ikhusi duk behinera, Pello, mendian, iratze edo othe-pean, epher-familia bat alhan dabilala? Zer da ederragorik, zer da bihotz-hunkigarriagorik harrak eta emeak chitoentzat duten amodio handia baino?... Umeak handitu diren arteraino, bere hegalez ibiltzeko on direneraino, epher aitamak ez dituk umetarik urruntzen... Hartakotz, berak ere, airean ibiltzeko ordean, umeak bezala herrestan zabiltzak...; Ihiztari gaiztagin bat dathorla...; tiro batez hil dezala aita edo ama... biak hiltzen ez dituenean?... Zer bilhakatuko dire chitoak? Zer bilhakatuko diren?... Eta Yainkoa, Pello, Yainkoa???

"Orhoit hadi, Pello, Yainkoaren borondatea, Yainkoaren ontasuna hedatzen dela, ez choilki gizonen gainera, bainan oraino ihizien gainera, eta gizonen haurreri yanharia bezala chorien umeri ematen diotela behar duten hazkurria!...

"Beraz, adinarekin ezagutza ethorri zitzaitanean, kausitu nian Piarres Adame, honyo batek bere burua iratze ondo baten pean kausitzen duen bezala, Yainkoaren borondateak ezarri zuen lekhuan...

"Ez nauk mintzatuko nere sei haurridez, nahiz ikhusten dutan, Pello, hire begietan, yakin nahi hukela zer bilhakatu ziren haurrak, Yainkoak bere gana burasoak deithu zituen ondoan. Luzegi lukek guziez mintzatzea; berdin egungo egunean, zazpi haurridetarik bakharrik nauk bizi; bertzeak, lurrean exairik utzi gabe, burasoen aldera guanak dituk.

"Orhoitzen naizenean, nere amaren musuez eta aitaren lausenguez, oraino ere, Pello, loriatzen nauk, eta nigar bat heldu zaitak begietara. Ikhusten dukan bezala, ez ditiak ahanzten haurrideak ere...

"Nahiz sei urthetan abiatu nintzen eskolan, bederatzi urthetan ez nakian oraino irakurtzen. Bizkitartean, yaun errientak erraten zian, aditu nahi zuenari: ez zela, eskola zian, nik bezalako burua zuen haurrik.

"Egia duk buru bat banuela gaitza, sei hilabeteko aratze batek bezain handia; bainan ordean gogorra!...

"Ikhara bat heldu zaitak oraino zainetara, Pello, orhoitzen naizenean, dembora hartan, oraino haurtzar bat nintzelarik, egin nuen bekhatu batez. Ahalke ere behar nikek izan hiri gauza izigarri horren aithortzeko; bainan hitz eman baitaroyat nere hitztorioaren dena den bezala erratea, nere ile bakhar, luche eta churiek gorritu behar badute ere nere hitzari ohore eginen diat.

"Beraz hazilaren lehen eguna zuan; dakikan bezala, besta eguna, biziek hilentzat othoitz egiten dutena...

"Nola, meza-nagusiko demboran behar bainituen zaindu behiak sorhoan, argi-hastean yeikirik eta igandetako arropekin beztiturik, banohak goizmezaren aditzera. Hil-harrietara heldu naizenean, ikhusten diat elizako athean nere hegineko edo handichagoko haur multcho bat, liburu ttiki batzuek eskuetan, sos galdetzen hari direla mezara heldu diren yenderi, Domine ne... errateko.

"Nik Pello, ez nian libururik, ez eta ere beharrik irakurtzen ez nakielakotz; bainan ikhusiko duk zer malefizio debrua ethorri zitzaitan burura, eta, oraino gehiago dena, mezako demboran.

"Bertze haurreri biltzen ikhusi nituen sosek choratu, liluratu ninditeyan.

"Elizan, ni nintzen alkhi berean yarria, bazuan nere hauzoko muthiko bat, ni baino handichagoa; izena zian Mattin. Nola baitzakien irakurtzen aski pulliki, eta bildu baitzituen meza aitzinean lau sos hilentzat othoitz egiteko, apheza aldarean zelarik, Mattinek erran zian lau aldiz liburu guzia, lau sosen Domine nea zor zuelakotz.

"Badiat beldurra, Pello, Domine ne hoyek, ongi erranak izateko lasterchko erranak izan ziren, bainan Yainkoak, dudarik gabe, aditu zitian halere.

"Meza ondoan, elkharrekin elizatik atheratu eta, Mattinek, nik galdeturik, uzten zarotak bere liburua, hobeki eginen baitzuen segurki berekin ereman balu! Bainan, nola haur on bat baitzen, eta uste izan baitzuen, nik erran nion bezala, achaleko choriaren ikhusteko galdetzen niola bere liburua, Mattinek onhexi zian beraz, lagun on gisa, axegin horren egitea.

"Goiz-mezatik lekhora, meza-nagusia baino lehen, bazuan, dembora hartan, meza bat, arteko meza deitzen zena.

"Bertze haurrek bezala sosak bildu nahiz, deliberatu nian, Pello, Mattinen liburua eskuetan nagokalarik, bertzek bezala sosak galdegitea, berdin Domine nen ordean, erranen nituela arrosario dobleak.

"Orai ikhusi behar duk zer tribulazioneak izan nituen nere malefizio izigarria zela medio!

"Nola ni bezala eskolan zabiltzan haurrek baitzakiten irakurtzen ez nakiela, yarri ninduan, bakhar-bakharrik, Helbarrungo aldetik elizak duen athearen aldean, eta, nola yende guti sartzen baita elizan athe hortarik, egon ninduan aphur handi bat nihor ikhusi gabe ethortzen.

"Hantche nindagoyan liburuaren achaleko choriari beha, noiz eta ere ikusten baitut hurbiltzen emazteki luche eta mehe bat; bainan ez nauk atrebitzen deusen galdetzera.

"Yadanik, ahalke ninduan nere buruaz!...

"Emazteki hori etcheko andre on zembait izan behar zuan, ezen bazian kaputcha bat berri-berria eta burutik zangotaraino estaltzen zuena. Bazukek emazteki gisako bat ere zen, bainan, oraino ere, izpirituz ikhusten dutanean, iduritzen zaitak, Pello, debrua ikhusten dutala!...

"Beraz, elizako athea ideki baino lehen, emazteki horrek, sakela handi batetik atheraturik, ematen zarotak bi-soseko bat.

"Egungo egunean ere ikhus baneza, Pello, bi-soseko madarikatu hura, ezagut nezakek oraino, balitz ere bertze ehunen artean, nahiz eskuratu orduko sartu nuen sakelan eta gero dembora gutiz gozatu, berehala yakinen dukan bezala...

"Emazteki hori dudatu othe zen ez nakiela irakurtzen? ala nahi izan othe zuen bere bi-sosekoaren balioaz berehala segurtatu? Ez zakiat, Pello; bainan nik dakitana eta sekulan ahantziko ez dutana duk berekin sar-arazi ninduela elizan eta bere aldean yar-arazi belhauniko...

"Elizaren erdixuan bezala zian bere yar-lekhua.

"Piztu zituenean bi edo hiru argi, (ez nauk orhoitzen zembat, ikhusi bainituen gero hogoi eta hamar bedere), argiak piztu eta, ni ordukotz harri zabal hotz baten gainean belhaunikatua bainintzen, erraten zarotak:

"—Orai has hadi, muthikoa.

"Liburua idekitzen diat, Pello, eta hasten nauk alegia irakurtzen ichil-ichila; bainan gure emaztekiak ez-bide zian gauza hala aditzen, ezen erraten zarotak oraino:

"—Emak gorako, muthikoa; eta begi bazterrez behatzen dik nere aldera...

"Ez zakiat, Pello, ez othe narokan liburua ere buruz behera...

"Orduan zer iragan zen nere baithan... zer ikharak ibili ziren nere zainetan!... zembat argi ikhusi nituen dantzan hari zirela nere begien aitzinean... nere belhaun chorrotchak harri hotzaren gainean koskan hari zirelarik!!!...; ez, ez, Pello, ez zukek erran! Yainkoak begira haitzala, mutikoa, holako tribulazionetarik!

"Geroztik yakin diat emazteki horrek, beharri batetik harturik, merezi nuen bezala, herrestan, elizako athe handienetik kampoan ezarri ninduela eta, nahiz eliza ez zen oraino yendez bethea, meza ez zelakotz hasia, izan zuan halere yenderik aski nere sekulako ahalkarazteko.

"Zer bilhakatu nintzen emaztekiaren errhi luchek nere beharria libro utzi zutenean, ez dik naski balio errateak?

"Etche-gibelez etche-gibel, landaz-landa, gathu zehatu bat bezala sartu ninduan etchera eta guan sorhora behiekin; egun guzian, behiak alhan zabiltzalarik, sasi choko batean gorderik egon ninduan eta arrosario erratetik ez ninduan gelditu...

"Eguerdiko inguruan, ikhusirik Mattin aldeko landan, hura ere, ni bezala, behi zain zagola, eman nioyan bere liburua eta, dembora berean, emaztekiaren bi soseko madarikatua, zeinak erretzen baitzarotan sakela.

"Irakurtzen ikhasiz geroztik erran ditiat, Pello, ehun aldiz bedere, liburuan diren Domine ne guziak, erran arrosarioez salbu, agian Yainkoak barkhatuko darotalakotz haurreko malefizioa; bainan halere uste diat ez dutala sekulan ahantziko!..."


3en KAPITULA

PIARRESEN OMORE ONA BIDEAN. NOLA EGITER NUEN HAMEKETAKOA AZKAINEN

Piarresek hitztorio hori akhabatu zuenekotz, Azkaingo herritik hurbil ginen, eta herri hortara heldu baino lehen, iragan behar zen erreka luze batean ginohazilarik, bidean gurutzatu ginuen mandozain bat, bi mando zahar kaprestutik zaramatzana ikhatzez kargatuak.

Nola gehienek ezagutzen baitzuten Piarres Adame, eta nola Piarresek ere ezagutzen baitzituen gehienak, gapheluak khendurik elkharri agur erran ginuenean, ikhazkinak erraten du:

—Bagabiltza, Piarres?

—Ba, bagabiltza; zuek ere ba?

(Dudarik gabe Piarres mandozainari eta mandoeri mintzo zen dembora berean).

—Urrun goazi hola, Piarres?

—Holache... holache... norbaitek galdetzen badarotzu, aski duzu erratea ez dakizula.

—Semea duzu aldeko muthiko hori?

—Ez, alaba.

—Ori, fortuna du.

—Zertako?

—Zeren, zurea balimbada, semea izan dadin, edo izan dadin alaba, ez baitu aitaren egiterik.

Piarresek, ezpainak zimurtuz, ezarri zuen piko hori sakelan; ez ordean hargatik erortzera utzi, ikhusiko dugun bezala?

Aphur bat ichilik egon eta, gure mandozaina bideari berriz lothu zenean, Piarres, oraino gelditua, hasten da oihuka, erhiaz gibeleko mandoa erakuxiz:

—Behautzu! behautzu! higitzen da! erortzera doha!

Mandozaina orduan, ustez zaku bat mandotik erortzera dohakon, badoha tarrapataka gibeleko mandoaren aldera erraten duelarik:

—Non? Non?

—Hor! dio Piarresek, hor! Zer! ez duzu bada ikhusten higitzen dela?

Eta, dembora berean, erakusten dio mandoaren buztana...

Orduan, utzirik gure mandozaina ez dakit zembat mila orgaz eta debruz mintzo zela, guan ginen aitzina, segurki Piarresek irri ederrik egiten zuelarik bere ezpainen artean.

Urruntchago, bide zaharraren aldeko ur-erreka batean, hiru emazteki hari ziren bokhata yotzen. Biek altchatuek zituzten zaiak edo soinak belhaunez gorachago, bainan ez modestia sobera kolpatzeko gisan? Hirugarrenak, mehe eta luche bat baitzen, halako seihal beltz batez estaliak eta gordeak zituen aztalak .

Egun on erran eta, Piarresek, oharturik berehala sei aztalen ordean lau zirela ageri, bidean trikaturik, eman zioten berxu bat, hamahiru pontuko aire zahar batean, hiru emazteki hoyeri.

Huna berxu hura:

Egun ni naizenean Azkainat hurbildu,

Hiru Graziek naute bidean gelditu;

Biek erakuxiak batek gorde ditu...

Ez zituen gordeko ederrak balitu?...

Piarresek ez zuen oraino errana berxu horren azken hitza, emazteki mehe eta luche hori hasi baitzitzaion zer nahiren erraten, erakhuxiz behatzak eta ukhabilak, bertze bi emaztekiak irriz kar-kar-kar zarotzilarik.

Orduan, nere aldera itzulirik, Piarresek erran zarotan:

—Goazen aitzina, Pello, berdin orai ez diguk hemen gauza onik adituko.

Eta berriz lothu ginen bideari.

Emazteki luchearen oihuak eta madarizioneak oraino aditzen gintuelarik, huna Piarresek zer erran zuen:

"Horra, Pello, batzuetan nola egiten diren exaiak, mihia dela medio; ichilik egonez hainitz hobeki eginen nian naski, bainan errana duk gero lehengoa, bihar atzokoa izanen dela Piarres Adame!

"Orhoit hadi, muthikoa, mintzatzeak zilharra balio badu zembait aldiz, ichiltzeak maizago urhea balio duela; horra zertako gizon zuhurrak, mintzatu baino lehen, biratzen duen mihia ahoan hiruetan bedere. Ahal baduk, Pello, balia hadi solas hoyetaz, ni neroni baliatzen naizen baino hobeki."

Azkaingo herrian sarthu baino lehen, sorho baten erdian barna elizaren ondora erematen zuen bide batean, Piarresek, herbi hechur batekin chirikatu ondoan, ezarri zuen pipa motcha bere gaphelu handian; aphur bat trikatu eta, gure maripulisak yauntzi gintuen, gero Piarresek lehenik, nik ondotik, atheka baten gainetik salto egin eta, sartu ginen biak Azkaingo herri amulxuan.

Nork ez du ezagutzen Azkain? Nork ez du adizkide bat bedere herri maithagarri hortan?

Piarres Adameren arabera, Azkaindarrak kasik Saratarrak bezain yende onak dire, eta ez da segurki guti erratea. Horra zertako erraten zuen Piarresek: "Saratarra ez banintz, Azkaindarra nahi nikek izan."

Aithortzen zuen ere Piarresek Azkainen exai gutiago zuela Saran baino, herri hortan gutiago ezagutua zelakotz, eta, bereziki, kopla gutiago eman zuelakotz. Bainan, bistan da Piarres, han eta hemen zembait kopla emanik ere, gizon onegia zela exairik nihon izateko.

Azkaingo elizan hamar orenek yo berri zuten gu herri hortan sartu ginenean. Dudatzen nintzen Piarresek, bidea urrunago segitu baino lehen, nahiko zuela egin pausatto bat Azkainen, ezen ordukotz, hitz-erdi batez aditzera eman zarotan "hameketakoa" zela gauza bat egiten zena, ez bethi chuchen hameka orenetan, bainan ahal zenean.

Beraz, Azkainen sartu orduko, Piarresek, ezker uzten ginuen bide bat erakuxiz, erran zarotanean: "To, Pello, horra Olhetako bidea" eta, dembora berean, eskuin hartu zuenean pilota-plazaren erdian barna, ikhusi nuen berehala zer chede zuken.

Gizon propia iduritu bazitzaitan Piarres bidean khausitu nuenean, zer gizon ederra zen, bere maripulis oihal beltzezkoa soinean eta bere makhila letoindun gorria eskuan Azkaingo plazaren erdian barna, ihi bat bezain chut zohalarik!... hogoi urtheko muthil gazte batek bezain aise altchatzen zituen burua nola zangoak, eta Azkaindarrek, yakin balute Piarres Adame han iragaten zela, ez da dudarik segurki ikhusi nahiko zutela; beraz behatuko zutela. Bainan, suertez edo bertzela, ez ginuen ikhusi arima bat agertzen ez kampora, ez eta ere leihoetara; choilki plazaren erdian alhan zabiltzala dotzena bat edo hamabortz antzara, Piarresek ez baitzituen ikhusi ere, burua goregi altchatzen zuelakotz.

Plazaren buruan den etche propi baten athera heldu ginenean Piarresek, athe hori makhilaz borthizki yo eta, boz ikharagarri batekin oihu egiten du: "Hela!..." eta, emazteki boz ezti batek ihardexi zuenean: "Aitzina!" sartu ginen ezkerreko aldetik zen sukhalde airos batean.

Etcheko andre horrek egin zarokun begitarte bat daiteken hoberena; uste dut ere, ikhusi baino lehen Piarres, ezagutu zuen Piarresen boza.

Emazteki horrek, nahiz ez zen adinaren primaderan, erran nahi da gazte-gaztea, bazuen segurki halere kampoz behar den bezembat grazia gizon bati buruaren itzul-arazteko, eta aski zen aditzea yakiteko berehala barnez, bihotzez ere hoberenetarik zela.

Ohartu nintzen ere, emazteki amulxu hori behatzen zuen guzian, Piarresen begiek nirnir egiten zutela, dudarik gabe etcheko andre hori estimu handian zarokalakotz?

Aphur bat solas egin ondoan, Piarresek galdegin zuen hiru sosen edari azkarra bi baso flakoetan, eta, ni, ustez bi basoetarik bat neretzat galdetzen zuen, ausartatu nintzenean erratera: "Milesker, Piarres, ez dut edanen."

"Badiat uste, erran zarotan, badiat uste ez dukan edanen!... hire adinean nik edaten nuen edaririk azkarrena, gazura zuan, Pello... bainan, ez hadila khecha bi baso galdetu baditut; ez ditik biak batek hartuko!..."

Etcheko andreak ezarri zituenean bi basoak, bakhotcha sei arditen edariarekin, mahainaren hegian, Piarresek hartu zuen bat eskuineko eskuaz eta egorri sudurretik beherachago, begien hesteko behar den demboran; gero, pipa gaphelutik athera zuen, bethe eta piztu, ileti bat su-bazterrean harturik; altchatu zuen ezkerraz bigarren basoa eta hura ere zintzurra behera egorri lehembizikoaren ganat.

Sedazko molxa gorri eder batetik atheraturik, Piarresek eman zion etcheko andreari hamar-soseko churi bat, eta andre horrek bihurtu zioenean chehea, solas eder hainitzekin, lothu ginen berriz Olhetako bideari, plazaren erdian barna.

Aldi hartan ez ginuen ikhusi antzararik ere kampoan, eta, herritik atheratu baino ere lehen khendurik gure maripulisak ezarri gintuen zinzilikotz gure makhilen puntan, Piarresek, alde guzietara behatu eta erraten zuelarik: To, Pello, balio zian segurki hoin ederki aphaindua izateak, nihork ez begiratzekotz !


4en KAPITULA

PIARRES ADAMEREN HAURREKO BIGARREN HITZTORIO BAT

Azkaindik Olhetara ez da bide luzea; lekho baten ingurua nombait han. Den baino ere hamar aldiz laburrago iduritu zitzaitan bide hori, nere laguna zela medio.

Azkain gibelera utzi ginuenean, Piarres, indarrak bildu berria baitzen, hasi zitzaitan mintzatzen gisa huntan:

"To, Pello, nahiz ezagutzak egin berriak ditugun biek, iduritzen zaitak yadanik bi adizkide zahar garela; egia duk nerekin ethorri haizela hameketakoaren egitera, eta, trinkatzer ere dugula elkharrekin...; hox! erran behar diat, orai artean gobernatu haizela muthiko prestu baten gisa... Beraz ohorea eta zoriona ditukanaz geroz Piarres Adamerekin bidearen egiteko, ez duk errana izanen ez haizela baliatu Yainkoak eman darokan fortuna on hortaz, ezen, behar darozkiat erran oraino nere haurreko eta gazteko zembait hitztorio.

"Aiphatu darozkiat yadanik zembait hitz nere haurtasunaz; badakik sei urthetan abiatu nintzela eskolan, eta, zazpietan, ez nakiela oraino gauza handirik. Ez nian bada burua eskas!... Ene ustez, erran daroyat lehenago ere nolako burua nuen haur-haurrean ere. Hox! orai sudurra dutan bezalakoa!... Gogorki handia, Pello, gaitza! Bainan ordean debrua bezain gogorra!... Halere erran zukek ez nuela arras galdu dembora; ezen, hameka urthetan, irakurtzen nitian aski pulliki, ba eta franko ederki ere, liburu Izpiritualean diren othoitz eskuara eta latin guziak.

"Ikhasteko buru gogorra banuen, Pello, ez zuan hargatik eskola guzian haur bakhar bat ni bezain abila zenik arbolen gainerat igateko? Bertze muthikoak, ikhusten zutenean chori-ohatze bat arbolarik den gorenean, berehala nere bilha heldu zituan.

"Deus ez zuan izanen ohartze-ketan baizen ez banu baliatu nere abilezia suertea... bainan, aldi batez, aran ondo baten gainera igateak zer ondorioak izan zituen neretzat eta zer zurra-aldia merezitu eta?... bainan has gaiten hastetik, Pello; has gaiten hastetik...

"Beraz, behin, aste-azken arraxalde batez, nere eskolako bi lagun Lehembizkaitarrek, ni nintzen alkhi berean yarriak baitziren, erraten zarotatek: Oi! Piarres, Piarres, zein aran ederrak diren hantche, Juanareneko ondoan, bide-hegi-hegian!... Arbola guzia mukuruku estalia duk aran hori-hori eta onyu-onyu batzuez!...

"Solas hoyek aditzean, Pello, ur gocho bat ethortzen zaitak ahora, eta halere erraten zioteyat: Bainan muthikoak, aran hek ez othe dire norbaitenak?

"Ez, ziotek, ez, Piarres, ez dituk segurki nihorenak! Guzienak dituk, bidearen hegian direlakotz!

"Erraten zioteyat oraino:

"—Zertako ez ditutzue bada bildu?

"—Zertako ez ditugun bildu, Piarres? zeren arbola goregia baita guretzat.

"Aphur bat gogoetan egon ondoan, muthiko heyek erranaren bortchaz, batek: 'Athor, Piarres' bertzeak: 'Piarres, athor' beraz azkenean deliberatu nian, biharamunean, ortzeguna baitzen, behiak landan utzirik norbaiten gomendioko, guanen nintzela aran famatu heyeri begi-kolpe baten ematera; eta, hartarakotz, Lehembizkaitar hoyekin elkar aditu ginian hiruak oren berean kausitzeko, Juanareneko aldean.

"Dembora hartan, Pello, Lehembizkaitar eta Plazatar muthikoak debruz eginak zituan; golkhoaren bethe malezia baziteyan; guk, Iztilartar eta Eyhalartarrak, lasterka gintuan abilenak. Beraz, hobeki eginen nian utzi banitu Lehembizkaitar hoyek, zirenak ziren, berak beren hauzoko aranen biltzera; bainan zer nahi duk, Pello? Errana zuan eta naski izkribatua ere nombait, Piarres Adamek behar zuela, egun zorigaitzezko hartan, irabazi bere abilezia suertearen saria, gerochago ikhusiko dukan bezala!

"Biharamunean, eguerditik oren bateko inguruan, hauzoko Mattinek hitz-emanik nere behiak zainduko zituela bere behiekin batean, banohak beraz, landaz-landa bidea laburtuz, Juanareneko aldera. Nere bi lagun Lehembizkaitarrak han zituan yadanik.

"Erakusten zarotatek berehala aran ondo famatu hori, eta lehen begi-kolpean ohartu ninduan ez zela arbola hori hek bezperan erran zuten bezain estalia aranez, bainan, hox, bazian halere fruiturik aski, nere gutiziaren pitzgarri eta nere abileziaren frogagarri.

"Aran ondo hori, zen lekhuan ikhusiz, nahiz baratzeko harresiaren kampoko aldean zen, egon ninduan nere buruarekin arbola hori bazitakela aldeko etchekoa zen; bainan nere lagunek erranik berriz ere segurki mundu guziarena zela, atrebitzen nauk beraz, Pello, aran-ondo horren gainera atzaparka igatera.

"Bazian aphurtto bat han hari nintzela bil-eta-bil; yadanik golkhoa ere bethe hurrana nian onduenez; bertzeak, naski dudatzen haizen bezala, azpiko laguneri egortzen bainituen, noiz eta ere, Pello, aditzen baitut halako boz herdoil eta erlax bat, saingaz bezala mintzo dena... mundu huntako eta bertzeko madarizione suerte guziak azpitik gora naski nere aldera egortzen dituelarik... eta, dembora berean, lur-muilo batek yotzen naik belhaunean!...

"Sekulako harritua, behatzen diat lurrera... eta han ikhusten... Yesus! Maria!... axo zahar bat... bi begi gorri izigarriekin... ukhabilak eta behatzak bi hortz luzekin erakuxiz, altzoan zituen harri eta lur-muilo guziak, bere madarizionekin batean, nere gainera besaginka egortzen zituena!... 'Ohoina!' deitzen nindian... 'ohoina!... Urde ohoina!...' Eta gero norbait deithu balu bezala: 'Manuel?...' egiten zian oihu, 'Manuel?... Ho, Manuel?...'

"Banian zer erran: Zer duzu, emaztekia? Zer nahi duzu? Nik, zer egin darotzut? Ez zian deusik aditu nahi... eta haren harri eta lur-muilo kolperi ihes egiteko, bortchatua izan ninduan igatera arbolaren puntaraino!...

"Handik ikhusi nitian nere bi lagun Lehembizkaitarrak, orgabideaz bertze aldeko sasi baten chokoan, irriz kar-kar-kar zagotzila, ikhusiz nere tribulazioneak!...

"Dudatzen haiz naski, Pello, zer itchura egiten ahal nuken nere abilezia handiak ezarri ninduen lekhu gora hortan!... zeruaren eta lurraren artean!... Batetik nola bertzetik berdin hurbil kasik!... Gorago igatekotz, behar zuan izan hegastina...; behiti behatzen banuen, han ikhusten nian nere axoa, geroago eta gehiagoko omore tzarragoan... nere ganaraino harriak eta lur-muiloak ezin helduz, errabia gorriaren bortchaz ezpainen artetik harrapo berde bat zariola... atzaparrak erakhuxiz, erran nahi balu bezala: 'Yaux hadi, yaux!... Atherako darozkiat bi begiak!...' Eta, bitartean, egiten zian bethi oihu bera!: 'Manuel? Ho! Manuel? Ez nauk aditzen, Manuel?...'

"Ezin-bertzez, deliberatu nian beraz egotea aphur bat nere arbolaren puntan, agian azkenean axoa, unhaturik, apazegatuko zelakoan. Bainan, ez zuan ez holakorik!... Eztitzeko ordean emazteki zahar horren errabia geroago eta gehiago borthizten hari zuan!... Penxa emak, Pello, zer kolore ahal zuketen nik, oren hartan, egiten nituen gogoetek! Zembat mila chinhaurri sentitzen nituen bir-bir-bir zabiltzala nere parrapioetan!...

"Noiz eta ere, muthikoa, ikhusten baitut, bet-betan, mutil animale traste bat, gaphelu gorri handi bat buruan, sagarde izigarri bat eskuetan, heldu dela, egin-ahalak-egin lasterka, landako patarra gora, belhar higitzen hari zen lekhutik axoaren deihadarrak aditurik!... Ez zuan dudarik, Pello, muthil hori izan behar zela axoak helatu zuen Manuel!

"Orduan zer iragan zen nere baithan... zer ikharak ibili ziren nere zainetan, chimizta batzuek bezala... izerdi hotz bat buruaren kaskotik zangoen zolaraino churrutan pil-pil-pil yausten zitzaitalarik... to, Pello, Yainkoak eta nik baizen nihork ez zakik!...

"Bi eskuez narozkan arbolaren adarrak utzi nitian... kurutzearen seinalea egin, ahal nuen bezala... nere arima eta gorphutza ezarri Yainkoaren gomendioan... begiak, lehenik zerura altchatu ondoan, aphaldu... eta hexi...; gero, ihiztariak hil duen chori batek egiten duen bezala, adarrez-adar, aldaskaz-aldaska, nere burua erortzera utzi... lurreratzean, gisa guziez, hil behar nuelako uste eta segurtasunarekin."


5en KAPITULA

NOLA YAINKOAK ADITU ZUEN PIARRESEK ARANAREN PUNTATIK EGORRI ZION OTHOITZ LABURRA; NOLA SARIZTATUA IZAN ZEN, ABILA ZELAKOTZ

"Orai ikhusi behar duk, Pello, nola Yainko onak aditu zuen zerutik, nik, irrisku latz-garri hortan, arbola madarikatu haren puntatik egin nion othoitz kharxua! Hemen izanen duk froga bat, muthikoa, ez dukala behar sekulan galdu Yainkoaren baithan izan behar den esperantza!...

"Arbola azpian zen axoak, ikhustean trapu tzar bat bezala inguruka gain-behiti yausten nintzela, beldurrez gainerat eror nindakion, ihes egin zian etcheko aldera, ehun debruek ereman balute bezala!

"Dembora berean, Yainkoaren borondateak nahi izan zian, aldaskaz-aldaska, arbolaren ondoko harrasi baten gainera eror nindadin... mirakuilu handi bat izan zuan gauza hala gerthatzea; begiak idekitzean, han kausitu nian Piarres Adame iztapeka harrasiaren gainean... eta nahiz hartu nuen kuskako bat gaitza (erran ez daiteken lekhu batean) halere, ikhusiz Manuelen sagardea geroago eta gehiago hurbiltzen hari zela, eta, nola ez bainuen gutiziarik batere sagarde horrekin ezagutzen egiteko, salto egin nian, laster halere, harrasiaz kampora, eta gero, naski penxatzen dukan bezala, Pello, debruek hausteko, tarrapataka, lasterrari eman, Larrondoko aldera yausten den galtzada behera, segurki gibelat hambat behatu gabe!...

"Nik salto, eta golkhoan nituen aranek salto, ez ninduan gelditu lasterretik Ayimareneko hegian baizen... Handik, aditurik deihadar batzuek urrunean, gelditu eta itzuli ninduan, eta hor ikhusten diat, Pello, Yainkoak nere othoitza nik egin baino ere hobeki aditu zuela!... Ezen Manuel, nere Lehembizkaitar irriegiletarik bat atzemanik sasi-gibelean, han hari zuan, yo eta yo, sagardearen giderraz muthiko abil horri zurra-aldi ederrenaren ematen, merezi ere zuen bezala!...

"Nahiko nian, Pello, muthil traste horrek eman balio bertze lagun hari ere karatosa-aldi bat ona, sagarde gider berarekin, bainan uste izateko duk abilenak ihes egin zuela, eta bertzea, piro bat bezain tontoa baitzen, ezin urrundu zela aski laster Manuelen sagardearen menetik.

"Nik orduan, Pello, nahiz bortchatua nintzen noizetik noizerat kuskakoa hartu nuen lekhuaren pherekatzerat, (errainetarik beherachago), ez nian demborarik galdu nere behien aldera guateko, segurki eskerrak bihurtzen nituelarik Yainkoari, zeren, min gehiago gabe, irrisku ikharagarri hortarik athera ninduen!...

"Hiru dotzena aran gutienean ekharri bainituen golkhoan, Mattinek yan zitian gehienak, irri ederrik egiten zuelarik segurki nik ibili nituen tribulazionez; bainan, Mattin alegera bezain ni goibel ninduan, Pello, eta zertako?... Zeren bainuen, nere baithan, halako beldur bat nere aranen hitztorioa ez zela hortan akhabo!...

"Ondoko gauean, amex egin nian errientak bazakiela nere abileziaren berri, eta eskolan, erregela handi bat eskuan, nere begira zagola, merezimenduaren arabera nere sariztatzeko.

"Biharamunean, izan ninduan, eskolara guateko ordean, bipher egitekotan ere, bainan, goiz-chago edo berant-chago, berdin atzemana izanen nintzelakoan, guan ninduan halere eskolara.

"Zer ikharak nituen galtzetan, eskolara igatean!...

"Athea ideki eta, ikhusirik errienta yarria zagola malxoki bere lekhuan, atrebitu ninduan, ni ere, yartzera nere alkhiaren gainean.

"Nere bi Lehembizkaitarrak yadanik han zituan, eta ohartu ninduan berehala batek airos eta alegera bezain bertzeak ilhun eta goibel zuela bekhundea, azkeneko hau orhoitzen zelakotz naski oraino Manuelen sagarde giderraz?...

"Goizeko eskola erran eta, naski penxatzen dukan bezala, izan nian, Pello, esplikazionetto bat nere bi Lehembizkaitarrekin. Bainan muthiko hoyek batek eta bertzeak, yuramentu eginik, 'Fundi!' erranik, uste izan zutela egiazki, eta oraino ere uste zutela aran-ondo madarikatu hura mundu guziarena zela, elkharrekin bakea egin ginian, eta, guan ninduan etchera ethortzean baino alegerachago, gauza hortan akhabo zelako esperantzan.

"Aditu duk behinere, Pello, erraten goitatuz ez dela frankotan deusik galtzen? To! huna non den egia horren froga bat!...

"Arraxaldeko eskolan, ordukotz bezperako tribulazione guziak ahantzia, hari ninduan, burua bi eskuez harturik, egin ahalak egin, katichimako kapitulu baten ikhasten, noiz eta ere aditzen baitut, kask-kask, norbaitek yotzen duela eskolako athean; errientak, bere lekhutik altchaturik, athea ideki duenean, ikhusten diat, Pello, emazteki bat propiki emana, ederki aphaindua, mintzo dela yaun errientari khar handi batekin, zerbaitez errenkura balitz bezala.

"Barneko aldera sarthu denean, behatzen diat ongi emazteki hori, eta nor uste duk, Pello, ezagutzen dutala?...

"Nere aran-azpiko axoa!!!

"Nahiz ederkiago beztitua zen, bezperan baino ere ehun aldiz izigarriagoa kausitu nian axo-zahar hori. Egia duk, bezperan, ez nuela ikhusi gain-behiti baizen?...

"Beraz, Pello, ikusi eta ezagutu dutanean emazteki hori, eta bereziki haren boz erlhaxa aditu dutanean, iduritzen zaitak, muthikoa, ehun-mila chinhaurri bedere aztaletan gora igaten zaizkitala, eta, ikhararen bortchaz, katichima erortzen zaitak eskuetarik...

"Errientak, kheinu batez, alcharazten gaitik guziak gure alkhietarik, eta lerro-lerro ezartzen eskolaren buru batetik bertzera.

"Orduan, yeneral bat harmada baten aitzinean ibiltzen den bezala, axo madarizione hori, errienta ondotik, heldu duk gure aitzinera, haur guziak, bat bertzearen ondotik, bere begi gorri ikaragarriekin desbiztatzen dituelarik!...

"Ni, Pello, lerroaren erdixuan bezala ninduan, eta, ikhusi naueneko, erhi zimur eta luze bat nere aldera hedatuz, erraten dik chiztuka bezala: 'Horra non den!... hori da!'

"Axoak ez zian oraino akhabatu erraten 'hori da!' non errientak, beharri batetik harturik, hitz baten errateko ere demborarik utzi gabe, eskolaren erdira ereman baininduen airean!...

"Han, muthikoa, batean beharri batetik, bertzean bertzetik, ahoa ezker eta eskuin beharrietaraino egortzen nuelarik, errientak axoaren aitzinean ibili nindian trapu tzar bat bezala oren laurden bat bedere, harritzeko ere baita nola ez zitzaizkon nere bi beharriak eskuetan gelditu!

"Gero, zango batetik harturik, ezarri nindian leihotik kampora dilindan eta hola han atchiki ez zakiat zembat dembora, sofrikarioaren eta izialduraren bortchaz alditchar bilhakatu bainintzen!...

"Nere baithara bihurtu nintzenean, axoa eta nere lagunak ere aspaldi guanak behar zituan izan eskolatik. Ez nian ikhusi errienta ere, eta ahal nuen bezala altchaturik etzina nindagon lekhutik, guan ninduan etchera, arrolaka, ederki umatua, yuramentu egiten nuelarik ez nintzela segurki gehiago bide-hegietako aran ondoen gainerat iganen!...

"Horra, Pello, nola abila izateak, batzuetan on bada, bertzetan ez duen ondorio onik!..."


6en KAPITULA

PIARRES ADAME OLHETAN. HAREN OMORE ONA

Piarres Adamek bere haurreko bigarren hitztorio hori akhabatu zuenekotz, hurbil ginen Olhetatik; bortz ehun bergetan bezala, eta, gure ezkerreko aldetik, bidearen hegian zen sasi handi baten ondora heltzean, nere aldera itzulirik, Piarres hor hasten da oihuka:

"Kontu, Pello, kontu!... Har makhila! Hemen dituk exaiak!..." Eta, dembora berean, bere makhila gorria buruaren gainetik birundan dabilkalarik, hurbiltzen da, saltoka, sasi hortara, boz ikharagarri batekin oihu egiten duelarik: "Achut! muthikoak, achut!"

Nik, gibelachago gelditua nindagon lekhutik, ikhusten ditut orduan sasitik atheratzen, lehenik, bi zizpa-kanoien muthurrak!... zeinek, aithortzen dut, ez baininduten guti izitu... eta, gero, bi gizon bizardun, zeinek gutiago izitu baininduten, batean ezagutu nuelakotz nere anaya. Laster yakindu nuen bertze gizon bizardun hori Piarresen iloba zela, familiako aita prestu bat, eta, nere anaya bezala, gobernamenduko gizona. Biak gure bidera ethorriak ziren, ez segurki chede gaiztoarekin, bainan hoberenarekin.

Geroztik galdegin izan diot nere buruari nola othe zakien Piarresek gure bi ahaideak sasi haren gibelean kausitzen zirela; dudarik gabe, berak erraten zuen bezala, sudur handiko gizona zelakotz?...

Piarresek, zembait salto eta burfurien medioz, exaieri harmak pausarazi ondoan, heyekin bakea egin zuenean, yauntzi gintuen biek gure maripulisak, eta Piarresek, espartinak khendurik, zapata eta galtzerdi ederrak soinean ezarri.

Gero sartu ginen, lauak batean, lerro-lerro, Olhetako plazan, erran nahi baita hiru edo lau etche gisakoen artean, zeinek iduri baitzuten elkharri gibel aldea erakusten zutela, behar bada elkharrekin hasarre, edo muthur zirelakotz.

Gure ahaiden egoitza, zeina baitzen Kaserna, Olhetako plaza prinzipaletik berrehun bat bergaz oraino urrunago baitzen, eta bertze alde, aphur baten astia baikinuen bazkal tenorea baino lehen, hantche, ostatu batean trikatu ginen eta hartu gintuen denek, Piarresek erreberritu, bazkariraino heltzeko indarrak.

Erran gabe doha, irakurtzaile maitea, mahain berean bazkaldu nuela Piarresekin; eta haren ondoan yarria ere nintzen, gure ahaidekin.

Bazkari ederra ginuela, ez da dudarik; orhoitzen naiz oraino bagintuela tripakiak eta guziak! Piarresek yan baitzituen zizter osoak, zeren eta gauza guriak baitzituen bereziki maite, ez bada hortzek trabatzen zutelakotz... bainan ez zituelakotz oraino guanik ethorriak! eta, nola batzuetan, uste gabean, kokoxa behera jausten baitzitzaion herde chorta zembait, aldi batez ilobak, errabiarazi nahiz, erran zion Piarresi: "Osaba, emazu kontu! Herdea darizu kokoxa behera!" Eta Piarresek: "Ah! tontoa! Hobe huke hik ere herdea balarikik! Ez dakik bada haurreri, hortzak ethortzean, hasten zaiotela herdea?..."

Ederki bazkaldu ginuela, erran gabe doha, bainan yanhari eta edari hoberenek baino on gehiago egin zarotaten niri, Piarresek egin-arazi zarozkigun irriek.

Eta gero, bazkal ondoan, Olhetako plaza prinzipalera guan ginenean?... Urthe hartan, hauzo hartako bestan kausitzeko zoriona izan zutenak segur naiz orhoitzen direla oraino Piarres Adameren omore onaz. Nola, lehenago erran dugun bezala, gehienek ezagutzen baitzuten Piarres, eta hunek ezagutzen baitzituen gehienak, ikhusten zituen guzieri Piarresek ematen zioten berxu bana, zakizkan aire guzietan.

Hobe dugu lehen bai lehen heltzea Piarresen hitztorioetara eta bera aditzea mintzatzen. Hargatik erran behar dugu, zembait hitz laburrez, Olhetako besta eder hortan bazirela chirola, ttunttuna eta chirribika ere, eta yotzen zituztela superki muchiko, faldango eta bertze dantza suerte hainitz; ilhun nabarrean, gure ahaidetara bildu baino lehen, Piarresek eman zuen haitada bat borthitza muchikoetan; denak gelditu ziren dantzatik hari behatzeko. Loria zen ikhustea orduan Piarresek bere makhila gorri letoidun ederra eskuan, zein ederki pikatzen zituen dantza zahar eta eder hortako pontu guziak, ezker eta eskuin biratzen zelarik, aitzinat salto, gibelat salto... Noizetik noizerat zembait haiztur ere artean egiten zituelarik.

Azkenean, arras unhatua, izerditua eta porrokatua, guzieri salutanzia eder bat egin ondoan, hurbildu zen nere ganat eta erran zarotan: "Pello, goazen etcherat."

Afalduche ginuenean (ezen bazkaldu berriak ginen, eta zembait egunentzat ongi izateko gisan), etcheko andreak, Piarresek galdeturik, erakuxi zarozkigun guretzat ziren bi oheak gambara berean.

Axegin hartu zuen Piarresek!... dantzan lehertua zelakotz.

Pipa bethe eta phiztu ondoan, huna nola mintzatu zitzaitan bere ohetik, nik neretik aditzen nuelarik:

"Bihar, bazkal-ondoan, lothuko gaituk, Pello, gure bideari, etcheko alderat, ikhusten baitut nik erranak egiten ditukala orai artean; beraz muthiko prestu bat haizela, erranen darozkiat bihar, bidean, nere gaztetasuneko hitztorio eder bat edo bia. Orai nahi baduk, lokhartu baino lehen adituko duk bat laburra, bainan egia, eta gerthatu izan dena Espainian, Madrileko ondoan.

"Idek zatzik beharriak, Pello, eta ez hadila lokhar."

DON PACHECO ETA DONA INCARNACION

"Sekulan gerthatzen bazaik, Pello, guatea Madril deitzen den Espainiako hiri famatura, galde zak non den Puerta de la Luna, eta athe hortarik ilkhi ondoan, ikhusiko duk bidetik ezker, harako, han, mila bat bergetan bezala, etche multcho bat, haizti eder baten hegian. Haiztiaren erdiko yauregi hura deitzen duk Ezkur-Jale, zeina baita seinale bat, yauregi hori egin zutenean, lekhu hortan bazirela eskualdunak; bertzenaz nola izanen zen yauregi hori, deithua Eskurjalen egoitza?...

"Mendeak eta mendeak ditik, Pello, Espainiako errege handi batek, bere populu gaizoaren nekez eta izerdiz, (zuzen zen bezala?) egin-arazi zuela yauregi eder hori, behar zuelakotz, hiritik kampoan, udako bero handietako, egoitza fresko eta gisako bat, beretzat, bere familiarentzat eta korteko lehen gizon eta emazte gachoentzat.

"Yauregiaren oinetan den herri ttiki eta pullitak izena dik: Buen-Retiro.

"Dembora hartan Buen-Retiron bizi zituan bi senhar-emazte, senharra Pacheco, emaztea Incarnacion. Ez ziteyan haurrik nahiz aspaldi esposatuak ziren. Hauzoko mihi tzarrek erraten ziteyan 'damu zela segurki doña Incarnacionek ez izatea haurrik, zeren, hitzuntzikerian iragateko ordean bere dembora guzia, haurren arthatzen iraganen baitzuen behar bada parte bat.'

"Erraten ziteyan ere andre hori, franko nahasia balimbazen emazteki batenzat, Pacheco, bere aldetik, gizon gisa, franko esku zalukoa zela, eta bere burua etchean fierkisko errespetarazten zuela. Zembaitek erraten ziteyan oraino aditzen zituztela, bereziki igande arraxetan, Incarnacionen deihadar batzuek?...

"Ah! Incarnacionek izan balitu besoak eta eskuak hain azkar nola baitzuen mihia abil!... Ba, bainan, nahiz idekia, nahiz hexia, Pachecoren eskua gauza borthitza baitzen ordean? Horra zertako, ezin bertzez, aspaldiko demboretan Incarnacion bereak golkhoan zagon, bortz aldiz egiten zuelarik bere baithan: 'Ago, ago, Pacheco ! ethorriko duk orena, hik ere hartuko ditukana hireak eta asto beltcharenak!...'

"Astelehen goiz batez, Andre Incarnacion, goizean goiz yeikia, bezperako haitadaz oraino naski orhoitzen zelarik, yo harat, yo hunat, hauzoz-hauzo zabilayan, bethi bezala berriketan... Hor ikhasten dik nola, Ezkur-jaleko yauregian, dona Resurrecion, errege eta erreginaren alaba bakharra, hiltzeko menean den, bezperan oilasko hechur bat zintzurrean gelditurik!... nola, korteko miriku abilenek ezin athera dezoketen hechur hori andre prinzesari...; eta nola errege eta erregina nigarrez urtzen hari diren!...

"Berri ikharagarri hori ez zuan hain laster barraiatu Buen-Retiroko herrian, non arpegi guziak goibeldu baitziren; choilki Andre Incarnacion, aphur bat gogoetan egon eta, beharri gibelean hatz-egiten zuelarik, baziohak haya-haya, yauregiko athera. Athezainak, Incarnacionek galdeturik, segitzen dik andre hori erregeren lekhaio lehenaren gana. Jaun lekhaioak galdetu dionean zer nahi duen, Inkarnazion mintzatzen zaiok gisa huntan:

"Jaun lekhaioa, orai berean ikhasi dut doña Resurrecion, gure prinzesa maitearen bizia irrisku handian dela, oilasko hechur tchar bat dela medio; ez omen baita ere demborarik galtzeko, horra zertako ethorri naizen, jauna, zuri erratera badela, Buen-Retiron berean miriku bat hainitz abila; hezurretako gauzetan beriziki hainitz aditzen zaiona; neronek frogatua dutalakotz behin baino gehiagotan, mintzo natzaitzu hola... Miriku horrek izena du Pacheco. Erran behar darotzut ere, yauna, miriku horrek ez duela aithortu nahi mirikua dela. Bizkitartean, segur naiz, nahi badu, berehala sendatuko duela doña Resurrecion maitea. Bihotz onez obeditu nahi ez badu, lau edo bortz gizonek makhila mehetto banekin, eman dezotela zurra-aldi bat ona, eta ikhusiko duzu nola sendatuko duen eria!..."

"Hola mintzatu ondoan, Andre Incarnacion, bereak golkhoan, eta irri falxo bat ezpainetan, bazohak etchera, eta ez zuan iragan oraino oren erdi bat, non korteko bi yaun handi ethorri baitziren, erregeren partez, don Pachecoren bilha.

"Pacheco gaizoa, sekulako harritua jaun erregek egiten dion ohoreaz, aphaintzen duk ahalik ederkiena, handi-handienean, eta, segitzen ditik bi jaun hoyek, Andre Incarnacionek irri ederrik egiten duelarik segurki leiho gibelean gordea dagon chokotik!...

"Yauregira heldu diren bezain sarri, jaun lekhaio lehenak sar-arazten dik Pacheco gambara eder batean, eta, nola ez baitzen demborarik galtzeko solas alferretan, erraten ziok berehala:

—Pacheco, nahi duzu, bai ala ez, erregeren alaba sendatu?

"Pachecok errepusta:

—Nola senda dezaket nik erregeren alaba edo bertzerik ere, mirikua ez naizenaz geroztik?...

—Hox! aski solas, dio yaun lekhaioak, nahi duzu, bai ala ez, andre Prinzesa sendatu?

"Pachecok:

"—Bainan ordean, erraten darotzut, yauna, ez naizela...

"Orduan, Pachecori mintzatzeko ere demborarik gehiago utzi gabe, jaun lekhaioak egiten dik kheinu bat eta, bet-betan, lau gizon atheratzen dituk lau aldetarik, haga luze bana eskuetan, eta hantche hasten pimpi-pampa, yo eta yo, Pacheco gaizoaren zurratzen, yotzen dutelarik, batek bizkarrean, bertzeak aztaletan, bertze batek errainetan, laugarrenak beherachago...

"Pacheco orduan deihadarka: 'Ai, ai ai! ai, ai, ai!...'

"Nola doña Resurrecion aldeko gambara eder batean baitzen bere aita errege eta ama erreginarekin, galdetzen dik zer diren oihu izigarri hoyek, eta bere aita jaunak erran dioenean oihu hoyek direla miriku handi baten deihadarrak, Andre Prinzesak gauza hori hain bitzia kausitzen dik non hasten baita kar-kar-kar irriz, eta, krik! hor heldu zaiok ahora zintzurrean gelditua zuen hezurra!...

"Orduan, errege jauna, hezurra eskuan harturik, baziohak lasterka Pacheco gaizoa oihuka hari den lekhura eta ikusten dik gero eta gehiago umatzen hari dutela!

"—Geldi! —egiten dik oihu yaun erregek—Geldi! Sendatu du!... Sendatu du!..."

"Eta dembora berean hartzen dik Pacheco bere besoetan eta tinkatzen haimbertzetaraino, non Pachecok uste izan baitzuen, bertzek zurratu ondoan, jaun horrek itho nahi zuela!... Zer axegina izan zuen gero, yaun erregek, besarkatu eta, erran zionean: 'Milesker, don Pacheco, milesker! Biba zu! bai, biba zu, segurki! Ez nuen uste bazela nere erresuma guzian, ez eta ere bertzetan, zure negurriko, zure abileziako miriku bat! Nahi dut izan zaitezen, hemendik aitzinat, nere korteko miriku lehena! Zato, don Pacheco, zato, sendatu duzun eriaren besarkatzera, eta emozu ere musu pare bat andre erreginari!...'

"Horra, Pello, zer gisetan emazte baten malefizioak ezagut-arazi zuen Espainiak egundaino izan duen mirikurik handiena!

"Gero, don Pachecoren sariztatzeko merezi zuen bezala, errege yaunak nahi izan zian miriku handi hori bizi zadin kortean bere emazte doña Incarnacionekin, eta egin zian don Pacheco ez zakiat zembat yauregi, ontasun eta miliunen yabe, naski berak ere aise irabaziak zituelakotz?..."

Piarres, hitztorio hori akhabatu eta argia hil ondoan, lokhartu zen, eta ni ere ba.


7en KAPITULA

BESTA HIRUGARRENA OLHETAN

Biharamun goizean, zazpi orenak ez ziren urrun behar izan ni atzarri nintzenekotz. Behatu nuen berehala Piarresen ohera "Egun on" errateko chedearekin, bainan ez nuen ikhusi, ez Piarresik ohean, ez eta ere piparik bezperan pausatu zuen lekhuan.

Egia errateko, lehen mementoan, beldurra izan nuen ni gabe hartu othe zuen bedere Sarako bidea; bainan, nola Piarres esperientzia handiko gizona baitzen, eta, dudarik gabe, goizean goiz yeikirik, gambaratik athera baino lehen, ohartu baitzen lo nindagola kintaleko harri bat bezala, amoreak gatik eta uste izan ez nezan guan zela etchera ni han utzirik, ezarri zituen bere makhila eta maripulisa, bat bertzearen aldean, ohearen zangoetan, nik, atzartzean, berehala ikhusteko gisan.

Atzarri bezein laster ohetik salto egin nuen, eta, beztitzen hari nintzelarik, aditu nuen Piarres norbaitekin gorasko mintzo zela, haserre balitz bezala. Bigarren boza iduritu zitzaitan haren ilobarena zela. Dudarik gabe elkharren kitzikatzen hari ziren, bethi bezala, irri egiteko; eta, ni, beztitu eta, hek ziren lekhura, sukhaldera, guan nintzenean, ilobak erraten zion osabari:

—Zer! osaba, zureak gehiago dire naski oraino, atzo arraxean ereman duzun bizia ereman ondoan?... Ez zare ahalkatzen, zure adinean, plaza publikoan dantzan haritzeko?... Zer erran behar dute ezagutzen nauten yende onek, yakiten dutenean nere osaba zarela?...

Piarresek:

—Ago ichilik, iloba, ago ichilik! Atzo ni dantzatzen ikhusi nautenek, zerbait aditzen bazaiote, yakiten dutenean hire osaba naizela, erranen ditek merezi dukan baino ohore handiagoa dukala ni bezalako osaba baten iloba izatea, eta, hi bezala mintzatzen direnak, hi iduri hauten zoro handi batzuek izanen dituk!... Atzemak hori, iloba!...

Gero, ohartu zenean ni ere sukhaldean sartzen nintzela:

—Hor haiz, Pello —erran zarotan Piarresek— hor haiz? Egin duk lo?

Nik:

—Ba yauna; milesker! atzo arraxetik hunat lo bakhar bat egin dut.

—To, hik baino lo gehiago egin diat beraz, ezen egin ditiat bortz edo sei bedere... Egia duk Olhetako eta hauzo-herrietako kukuso eta zimitz guziak nere ohera deithuak eta bilduak zituztela..., dudarik gabe nere erne egon arazteko, edo, behar-bada, nere irex-arazteko?... Urosa nauk, segurki, oraino hemen bainaiz; ezen, utzi banio kukuso edo zimitz bakotchari Piarres Adameren odoletik edo haragitik choilki untza bat erematera, ez nindukan gehiago ikhusiko, Pello, osorik, ez nere puskarik ere...; argia hil orduko, arranoak eta beleak hiliki bati lotzen diren bezala, azienda izigarri hoyek lothu zaizkitak alde guzietarik asikika, deus ere errespetatu gabe?... Eta, oihurik egin ez badut, yakiten ahal duk, Pello, hiregatik dela... zeren ez baihindutan nahi iratzar-arazi!... Hauk guziak hola dituk... eta ez zakala uste izan azienda hek guziak bere baitharik ethorriak zirela ohe debru hortara, baizik ere chede tzarreko norbaitek harat bil-araziak edo ekharriak...! Batzuek hola arthatzen ditiztek beren ahaideak, ikhusten dukan bezala!...

"Hoik guziak hola, Pello, gosal zak; horrako ophor hortan duk hire gosaria; sarri bazkalduko diguk ahalik hobekiena, hemen ez bada, bertze nombait..., eta, gero, lothuko gaituk Sarako bideari... zembaitek axegin izanen baitute... eta guk ere ba, Pello?"

Erran gabe doha, Piarresek, ni yeiki baino lehen, eginak zituela gosari ttiki eta handiak, eta erreak ere zembait pipa, ilobak eta biek mokoka-aldi franko ematen zutelarik, elkharrekin trinkatuz.

Piarresek berak erraten zuen: ez zuela exai handiagorik adiskideak eta ahaideak baino, eta, elkharrekin zirenean, ez zirela kontent non ez ziren hasarre.

Oharturik berriz ere osaba-ilobak, bethi bezala, piko eta piko hasten zirela, nik irexi nuen lehen-bai-lehen, kilimiliklik, Piarresek erakuxi zarotan ophorraren barnekoa, eta gero, baikinuen, Yainkoari esker, dembora franko iragaiteko bazkarira heldu baino lehen, guan ginen, Piarres eta biak, itzuli baten egitera Berrako mugaraino, eta han, harroka baten hegian, yarri eta, pipa zirikatu, bethe eta phiztu zuenean, huna nola mintzatu zen Piarres:

"Hi eta ni, Pello, Sarako haurrak gaituk; badakik guretzat ohore handi bat dela hori?... Sara duk herri guzietan maithagarriena eta famatuena; ez nauk hola mintzo segurki, neroni Saratarra naizelakotz... Ez!... gaizki lukek bere buruaz espantu egitea...; bainan, hargatik, batere nere burua goregi altchatu gabe, uste diat erraten ahal dutala Piarres Adame bezalako gizon guti ikhusten dela bazterretan. Ez diat maite mintzatzea, Pello, Yainkoak eman darozkitan dohain handiez, zeren bere baitharik ageri baitire...; bainan erran zukek ez dutala begiratzaile eskasik nabilan lekhuetan.

"Ez duk ikhusi, Pello, atzo berean, Olhetako plaza printzipalean, nori beha zagon bestara ethorria zen yende guzia? Muchikoetan hasi nintzenean, begi guziak nere aldera itzuli zituan!... Bakhotchak haxa ere doi-doia hartzen zian, beldurrez den mendren harraboxa eginez, hux egin-araz zezan nik egiten nituen piko edo haizturretarik bat!... Han kausitzen ziren guzien bihotzek, bereziki andrenek, nik bezembat salto egiten ziteyan ! Eta, heronek ere, Pello, segur nauk egiten huela hire baithan: 'Zer ohorea guretzat, Saratarrentzat, Piarres Adame gure herritarra izatea!'

"Eta orai gure artean erran zezakeyagu Olhetako bestak besta hixak izanen zirela aurthen, Piarres Adame, Saratarra, han kausitu ez balitz.

"Yainkoak nahi izan dik egundainotik Saran kausi zaitezen gizonik abilenak; hautarik zembaiten izenak ezagutzen dituk naski, Pello, bainan badiat beldurra ez dakikan, behar bada, zein abilki yokatu zen behin Sarako yaun hauz'aphez bat, zeinak izena baitzuen Erremundegibehere. Hitztorio hau herriko-etcheko liburu handian etzana duk, erakustera emateko bezala Saran, bethitik ez bada, aspaldiko mendetan bedere, ez direla eskas izan gizon abil eta yakinxunak."


8en KAPITULA

PIARRES ADAMEREN 3en HISTORIA

1555an, Erremundegibehere Sarako hauz'aphezak egin zuen abilezia.

"Mila bortz ehun eta berrogoi eta hamabortza zuan; uda azkena.

"Dembora hartan, Pello, Saratarrak eta Zugarramurdiarrak gerlan zituan, batzuek bertzen kontra. Huna zertako:

"Sarako arthalde bat mugarriz alde hartara alhatzen zenean, Zugarramurdiko artzainek, zeinen nagusiak komentuko fraideak baitziren, franzes arthalde hori, inguruan harturik, erematen ziteyan, aitzinean, fraiden komentura. Orduan, fraiden eskuetaraz geroztik, adio arthaldea Saratarrentzat!

"Sarako artzainek ere, nola erne baitzauden, penxatzen dukan bezala, ikhusten zutenean Zugarramurdiko arthalde bat mugaz alde huntara alhatzen, edo choilki mugarat hurbiltzen, hek ere inguratzen ziteyan berehala arthalde hori eta ekhartzen Sarako plazara. Gero han, lehenago hamar ardi edo zikiro galdu zituenak, atzematen zitian hogoi, eta gehiago ere ba, ahal bazuen.

"Ikhusten duk, Pello, holako egitate ixusiak elkharri eginez, Sarak eta Zugarramurdik amodio guti behar zutela izan batek bertzearenzat.

"Bainan nola lehenago ere, orai bezala, bi herri amulxu hoyetako yendeak handizki malxoak eta pazientziadunak baitziren, ez zituan berehalakoan elkharri yokatu. Egia duk bi herri hoyetako yaun hauz'aphezek egiten zituztela beren eginahalak beren herritar malxoen malxoki egon-arazteko.

"Zugarramurdiko hauz'aphezak izena zian Haranchipi; Sarakoak Erremundegibehere. Noizetik noizera, bi yaun hoyek biltzen zituan elkharren ganat, konxeiluko bertze zembait lagun abilekin; bazkaltzen ziteyan ederki, batean Saran, bertzean Zugarramurdin, denek elkharrekin. Nork pagatzen zuen bazkaria, ez zakiat, Pello; zeren, herriko-etcheko liburuak ez baitu erraten; bazukek hauz'aphezek pagatzen zuten, hala nola konxeiluko gizonek... non ez zuten pagatzen... bertzek?... Bainan, berriz ere, hori ez duk gure egitekoa!... Goazen beraz aitzinat!...

"On duk orai yakin dezakan, Pello, murde Erremundegibehere, Sarako hauz'apheza, herriko aberexuenetarik bat zela; bazitian arthaldeak Larrunen, Ibantelin, Harchurian eta, hox! zokho guzietan.

"Nola bera errotazaina baitzen, muthilez zain-arazten zitian bere arthalde handiak.

"Astelehen goiz batez, argia hasi baino lehenago, heldu zaiok Piarres, Harchuriako artzaina, hax-hantua, erraten diolarik: 'Oh! yauna, atzo, arraxalde aphalean, mendiaz bertzaldean nintzelarik antchuekin, Zugarramurdiko fraidek ereman edo ereman-arazi dituzte beren komentura gure berrehun ardiak, beren ahariekin, mugarriez hunatako alhan ziren lekhutik. Ohartu naizen bezein laster, guan naiz Zugarramurdira, eta han ikhusi ditut gure ardiak preso daudela, komentuko korrale handi batean!...'

"Solas hoyek bere nagusiari erratean, artzain gaizo hori ikharan zagoian, dal-dal-dal, beldurrez nagusia borthizki asaldatuko zen, berri hori ikhastean. Bainan, nola ez da harritzen Piarres, ikusten duenean nagusi hori, asaldatzeko ordean, ez dela den gutiena ere tuntitzen? Baizik ere, eskuineko eskuaz, kopeta pherekatu ondoan, beharri gibelean hatz egin eta, irri falxo bat ezpainetan duelarik, erraten diola: 'Ongi duk, Piarres; athor nerekin herriko etchera.'

"Han, yaun Erremundegibeherek iskribatzen dik letra edo eskutitz bat Zugarramurdiko hauz'aphezari, erraten diolarik: 'Adiskide Haranchipi, zato faltarik gabe, lagun bat edo biekin, eguerdi baino lehen; ahate bat salxan, oilo bat eltzean, antzara bat gerrenean eta ni lorietan, zuen beha gaude.'

"Ematen ziok eskutitz hori Piarresi, erraten diolarik: 'Hau eremok berehala Zugarramurdiko yaun hauz'aphezari. Laster egik, Piarres, eta, bidean iragaiten haizelarik, errok Mattin, herriko muthilari, dathorla herriko-etcheko salara hamar orenak baino lehenago.'

"Piarres bideari lothu denekotz, yaun hauz'apheza baziohak bere achudantaren ganat, huni erratera zer iragaten den eta zer chede duen.

"Yaun achudanta herriko gizonen artean abilenetarik bat zuan, kasik Erremundegibehere bezein abila; izena zian Lahetchipi.

"Yaun hauz'aphezak erran dionean nola bezperan Zugarramurdiko fraidek ebaxi dioten berrehun buruko arthalde eder bat, eta zer gisetan yokatu gogo duen bere berrehun ardien bertze berrehunekin, ahal badu, atzemateko.

"Lahetchipik tinkatzen ziok eskua, erraten diolarik:

—Biba zu! Erremundegibehere; ez da zu bezalakorik!... Oraintche ikhusten dut eta aithortzen goraki merezi duzula, nihork baino gehiago, Sarako herri famatuaren aitzindari izatea!... Ethorriko naiz, ni ere, herriko etchera, eta, lagunduko zaitut zure chede handiaren bethetzen!...

"Hola elkar aditu dutenean achudantak eta biek, yaun Erremundegibehere atheratzen duk, eta, nola ez baitzuen batere dudarik egiten Zugarramurdiko hauz'apheza ethorriko zela, eguerdi baino lehen, ahate salxaren, oilo egosiaren eta gerreneko antzararen usainean; nola behar baitzuen ere aitzinetik mintzatu Mattin, herriko muthila, baziohak herriko etchera hamar orenak baino lehenchago; han kausitzen dik Mattin eta huna zer erraten dion:

—Adi zak, Mattin, eta har ongi buruan erratera nohan hau; dembora laburrik barnean, segurki eguerdi baino lehen, hunat ethorriko dituk Zugarramurdiko hauz'apheza, eta haren lagun bat edo bia; sar-araz zatzik gambara huntan eta yar-araz horrako alkhi horren gainean; errotek berehala heyekin naizela, eta, orduan, athor heroni, ni, achudantarekin, izanen naizen bigarren gambara hortara; uste-gabean bezala, utziko duk athea idekia; aditu behar ditek ongi, zer ordena ematen dugun achudantak eta nik.

"Mattin Zugarramurdiarren beha dagolarik lehembiziko gambaran, yaun Lahetchipi heldu duk hauz'aphezaren ganat eta sartzen duk bigarren gambaran.

"Erremundegibeherek hartzen dik eskuan antzara luma churi bat eta erraten ziok bere lagun Lahetchipiri:

—Lahetchipi, fraidek ez zakitek franzesa; nik ere ez hainitz; are gutiago zakitek eskuara...; ni berriz, ez nauk arras trebe españolean... Iskribatzen baniote latinez?... Zer iduritzen zaik?

"Lahetchipik:

—Zer! yaun hauz'apheza, badakizu latina ere?

—Nik, bazakiat zer nahi, behar denean!

"Eta, murde Erremundegibeherek, hitz bakotcha gora-gora erraten duelarik, iskribatzen dik, ezti-eztia, paper plama eder batean:

Canaillibus monaca,
Volatibus moutones!...
Si non renditibus tropotos,
Justicia condamnorum
A rasibus codarum!...

"Zeinak erran nahi baitu eskuaraz:

Fraide chirchilak,
Ebaxi ditutzue gure chikiroak!...
Ez baditutzue gibelat ekhartzen gure
arthaldeak,
Justiziak kondenatuko zaituzte
Beharriak moztuak izatera!...

"Holako latin ederra aditzean, choratua, Lahetchipik tinkatzen dik yaun hauz'apheza bere besoetan...; Hunek, eskutitza plegatu eta hexi ondoan ostia gorri batekin, ematen ziok adreza hau:

Patri monacorum, Zugarramurdi.
Erran nahi baita:
Zugarramurdiko fraiden aitari.

"Dembora berean, yotzen ditek athean kask, kask, kask; Mattinek idekitzen dik athea, sar-arazten ditik bi gizon, eta yar-arazten. Gero, heyeri zembait hitz erran eta boz aphalean, baziohak bigarren gambararat... Han, yaun hauz'aphezak erraten ziok, alegia aphal, bainan franko gora, ongi aditua izateko:

"Mattin, adi nezak ongi; bazkaldu dukan bezein laster, habil etchez-etche, eta errotek ichil-ichila, herriko yende guzieri, nola Baionatik heldu diren, egun arraxeko, bortz ehun soldadu, beren aitzindariekin, hortzetaraino harmatuak; yadanik bidean direla...; Guziek atchik detzatela oheak prest-presta... Bihar goizean, argitu baino lehen, Sarako gizon guziak yuntatuko gaituk harmada horri, eta, guanen gaituk Zugarramurdira guziak elkharrekin, gure arthalden bilha...; baina, nihork ez dezala deusik aipha?... Ah! zer irriak egin behar ditugun!!! Uste ziteyan naski Zugarramurdiarrek, aski zela Sarako arthalden ebastea, gero yabe izateko?... Ageriko duk fraidek, artzainek eta bertze zembaitek ere, zer itchura izanen duten, bihar goizean, soka banetarik dilindan ezarri ditugunean!...

"Adi zak oraino hau, Mattin; herritar guzieri mintzatu haizenean ichil-ichila, habil berehala Zugarramurdiko fraiden komentura eta emok hunako eskutitz hau, eskutik-eskura, fraiden aita edo yeneralari, aditu nauk ongi Mattin? Beraz, habil!"

"Yaun hauz'apheza hola mintzatu eta ichildu zenean, Mattin, baziohak, bere gaphelua eskuan, bertze gambararat, eta han ikhusten ditik, berak yar-arazi zituen alkhian, gure bi yaun Zugarramurdiarrak, eta, ahantzi izan balu bezala errateko yaun hauz'aphezari, bi yaun hek han kausitzen zirela, itzultzen duk yaun Erremundegibehereren alderat eta erraten ziok boz erdi aphal batekin: 'O, yauna, badu yadanik aphur bat Zugarramurdiko yaun alkhatea, bere lagun batekin, zure ikhustera ethorriak direla; hementche dire, alkhi baten gainean yarriak!'

"Zer! dio Erremundegibeherek, zer! Bazukek yaun hoyek hor diren yadanik aphur huntan, eta ez darotak deusik erran, Mattin?"

"Dembora berean, yaun hauz'apheza bere achudantarekin bazohak Zugarramurdiarretarat, eta sar-arazten ditik konxeiluko salan, Mattin bere aldetik dohalarik izan dituen manuen bethetzerat.

"Erran gabe zohak, Pello, gure bi yaun hauz'aphezek, beren bi lagunekin, elkharri agur erran ondoan, ez zutela dembora handirik galdu lehenago aiphatu ditugun oilo, ahate eta antzaren ikhustera guateko.

"Herriko liburuek erraten ditek ere: bi Saratarrek hegastin hoyen hegal eta izter osoak irexi zituztela deskanxurik ederrenean, bi Zugarramurdiarrek doi-doia hegal punta bat edo bia bakotchak churgatzen zituztelarik. Gero, erranez, batek emaztea eri zuela, bertzeak haur bat kokolotcharekin, hartu ziteyan biek Zugarramurdiko bidea, debruek ereman balituzte bezala.

"Nahiz badiren lekho bat eta erdi bedere herri batetik bertzerat, ez ziteyan eman choil oren bat bide horren egiteko, eta sinhesten ahal duk heyen lehen lana, herrirat heltzean, izan zela, ez beren etchetara bainan ba fraiden komentura guatea. Yaun hauz'aphezak erran dioenean zer irrisku izigarrian kausitzen den Zugarramurdiko herria, zorigaitzezko arthalde hura dela medio, fraiden aitak biltzen ditik bere azpiko guziak komentuko kaperarat, eta han yartzen dituk denak othoitzean, noiz eta ere ikharagarriko martilu kolpe bat yotzen baitute komentuko athean...

"Mattin zuan han, yaun Erremundegibeheren letrarekin... Fraiden aitak berak, lasterka ethorririk, hartzen dik letra hori Mattinen eskuetarik, eta irakurtzen dik artha handi batekin... Gero, erraten ziok Mattini:

—Habil berehala hire nagusi handi yaun hauz'aphezaren ganat... Habil!... laster egik!... eta errok, nere partez, egun berean, iguzkia sartu den baino lehenago, haren berrehun ardiak bertze berrehunekin eremanak izanen direla, gure artzainez, Sarako mugaz bertze alderat.

"Orduan Mattin lotzen duk lasterka bideari, eta hax-hantua, heldu denean Sarako mugarat, han kausitzen ditik, yadanik ethorriak, yaun Erremundegibehere eta Lahetchipi, zeinek yo baitzuten harat dudarik ez zutelakotz komentuko fraiden borondate onaz.

"Mattinek egiten ziok yaun hauz'aphezari fraiden aitaren mandatua hitzez-hitz, eta aphur baten buruan, hor heldu dituk fraiden lau artzain, ekhartzen dituztelarik aitzinean lau ehun ardi Sarako eremuetarat, barkamendu galdetzen dutelarik nagusi fraiden izenean.

"Murde Erremundegibeherek, hartzen ditik hantche, berrehun ardiren ordean, hiru ehun ardi, laugarren ehuna uzten duelarik yeneroski yaun Lahetchipi achudantarentzat eta konxeiluko bertze membroentzat.

"Ikhusten duk beraz, Pello, egia niola erranez orai bezala lehenago ere gizon abil eta yakinxunak ez direla eskas izan Sarako gure herri maitean."

Piarresek hitztorio hau akhabatu zuen heltzen ginelarik gure ahaiden artera, zeinak gure begira baitzauden mahainean yartzeko.

Hau da, irakurtzaile maitea, Piarres Adame gure adiskide zaharraren haurreko hitztorioen, erran nahi baita, lehen partearen akhabantza.

(Dembora laburrik barnean, berriz hasteko chedea dugu mintzatzen Piarres Adameren gaztetasuneko, bai eta ere zahartasuneko hitztorio zembaitez.)

J. B. E. SARATARRA

 

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

Atzera