EZKONDU EZIN ZITEKEN MUTILA

 



LEHENENGO EKITALDIA




Antzeztokia: jangela txukuna.



1.MIREN eta ARANTXA.


(Biak josten; alabatxoa aulki txiki batean.)

Miren.- Ez al dun jolasera joan behar?... Hire ahizpek aspaldi utzi ziotenan lanari...


Arantxa- Ertz hau bukatu artean ez behintzat... Hauxe biharko ez uztea ipini zait hemen.
(Behatza bekokian jarririk).

Miren- (Barrez eta alaba maitero laztanduz). Ai nolako etxekoandre egokia daukadan nik etxean!...

(Bat-batez bendu, eta arpegi itzalez, gora begira gelditzen da).

Arantxa- (Urduri). Amatxo... negar? (Mirenek laisterka malko bi lehortuta, josten darrai, ez erantzuteko tankeraz. Arantxa jeiki, eta besoak amari lepoan ezarriaz). Zer duzu, ama? Niri esango ez?...

Miren- (lsilunea; gero bere arterako bezela). Nire haur guziek hik bezala laztanduko banindiketenan!... Hiri beste axola balitzaizkie nire malkoak!... (Berriro negarra lehortuz).

Arantxa- Zer diozu, amatxo?... Ez al zaitugu ba guziok maite?

Miren- Ez zekinat!...

Arantxa- Nork laztantzen ez zaitu?

Miren- Nork... nork! (Pixka batean isilik egonda). Yonek, maite!

Arantxa- Hara berriz!... Hori da ba!... Amatxo: gizon haundia baita! Ja, ja, ja! Polita litzateke!
(Benduz) Baina... maite gaitu, ama. Berak ere badaki laztantzen.

Miren- (Garratz xamar). Bai. Norbait laztantzen din, noski ... !

Arantxa- Horra ba... Zu ez... lotsatu egiten delako edo. Baina... norbait... norbait... (Irribarrez eta begi-keinuka) Bai al dakizu nor, ama?...

Miren- (Kezkaz, alabari begi-begietan begiratuz) Nor?

Arantxa- (Harro-harro) Ni!

Miren- (Harrituta) Hi?

Arantxa- Esango dizut, ama. (Aulkia aurreratuz) Baina!
Behatza ezpainetan ipinirik)

Miren- Bai, emakumea.

Arantxa- Ba, lehengo batean, amona ikustetik etorrita

Miren- (Garratz) Bai; amona ikustetik!

Arantxa- Zer?

Miren- Ezer ez. Jarrai ezan, maite

Arantxa- Ez, ez, ez! Zergatik esan duzu: " Bai, amona ikustetik” haserre bezala?... (Mirenek ez dio erantzuten) Eee?... Esan nahi ez niri?... Nik ere ez ba zuri, horratx! (Aulkia aldenduz).

Miren- (Barrez) Tira, tira, pertxenta!...

Arantxa- Yon amonarengana joatea ez al duzu nahi?...

Miren- Bai, ume, bai... Nahiko ez dinat ba?... Tira, esan; nire maitea haiz-eta...

Arantxa- (Aulkia berriro urreratuz) Ba... Horrelaxe... amona ikustetik etorri zen batean, hementxe nire aldamenean eseri, eta... oso ilun zegoen... Nik begi zeharka begiratzen nion noizean behin, baina bera ez zen ohartu ere egiten, geldi-geldirik leihotik sartzen zen eguzkiari begira... Nire artean egiten nuen: "Zer ote du?” Eta, halako batean, non ikusten dizkiot begietan bi malko lodi-lodi!... Hura barregurea eman zidan Yon negarrez ikusteak!... Esan nion: "Eeee, Eeee! negarrez, negarrez!" -Orduan berak xamur xamur begiratu zidan, barre egin nahirik bezala malkoak lehortu zituen, eta esan zidan: "Hator nigana, Arantxa". Joan nintzaion... Esku biekin burua bigun-bigunki hartu, eta astiro begiratu izan ninduanean, hementxe (bekokian) musu luze-luze bat eman zidan... Burua utzi zidanean beste bi malko zeuzkan begietan, lehengoak baino lodiagoak... Baina horra; haiek ez zidaten barregurarik eman. Zergatik ez nekiela ere, erruki izan nion, eta harrezkero... Yon asko asko maite dut! -Berriro eseri nintzen, eta geroxeago, hitzik atera gabe, alde egin zuen. Nik ez nion ezer galdetu, ezer esango ez zidala igerri bainuen... (lsilunea) Ama, zergatik egiten ote zuen negar Yonek?...

Miren- Ez zekinat, maite.- (Berekiko) Bihotzik ba ote du ba, Jauna?...

Arantxa- Zer? Berriz negarrez?... Hauxe da lana! Etxe honetako guziak negarrez, eta ni bakarrik barrez beti!
Ez ba!... Oraingoan (Eskua begien aurrean jarririk) neronek ere egin behar dut. -Ezin!- (Begiak behatzaz txistuz igurtzi ondoren) Jas! Ezin, honela ere!



II. Lehengoak, MARTIŅE eta ANDRE XERAPI.


(Sartzerakoan, ama-alabak begiak lehortzen aurkitzen dituzte)

Martiņe eta Xerapi- Arratsalde on Jainkoak dizuela...

Miren- Bai zuei ere.

Martiņe- Zer da etxe honetan? Biok negarrez?

Miren- Txantxetan ari gintunan.

Arantxa- Ni txantxetan; ama, benetan...

Martiņe- (Mireni) Zer dun? Betikoa?...

Arantxa- Yonek maite ez duela dio!...Zer deritzozu, izeba?... Laztantzen ez duelako! Ja, aja, aja... Gainera, amona ikustera joaten delako haserretu egin da...

Martiņe- Amona ikustera! Ez din azal-gaizto horrek amona txarra!

Andre Xerapi- Hori esan, hori!
Je, je... Herri osoak badaki Yonen amona-ikusteak zer diren!...

Arantxa- (Oso ilundurik) Zer? Zuek ere bai?...

Miren- Tira, maite; nexka txikiak andreen aurrean isildu egiten ditun. Baratzara joango bahintz

Arantxa- (Haserre samar) Ez dut txintik aterako; baina ertz hauxe bukatu behar dut.
(Bere aulki txikia hartu, eta bekoki ilunez gelako txoko batean esertzen da).

Miren- Eser zaitezte, eseri. (Esertzen dira).

Andre Xerapi- Bai, enetxoa, bai... Haurrak hazi itzazu horretarako.

Martiņe- Egia! Beren beharrik haundiena denean, neska
motz baten atzetik txoro-txoro has daitezen!...

Andre Xerapi- Etxekoez ahaztuta!...

Martiņe- Beren beharkunari astun iritzita! Ero, bihozgabe alaenak!

Miren- Arren, hago isilik... Nire semeaz horrela jarduten entzuteak min egiten zidan... ama bainaun.Gainera... orain arte ez dun gaiztoa izan.

Martiņe- Bai, atera hadi beti bezala bere alde.

Andre Xerapi- Ez, hire ahizpa hizpidean zegon.
Yon seme on bat izan dun beti. Langilea, zuzena, txintxoa, neskatxik onenaren gai. (Mirenengana bihurtuz) Baina horrexegatik da negargarria, inoren baimenik gabe, etxekoen iritzia eskatzeke, nolanahiko neska andregaitzat hartzea... Ez zenioke utzi behar..

Miren- Hogeita bost urte ditu: ez natzaio ni aurrean jarriko. Gainera, neskatxa ona dela entzun izan dut ... Hori bai; arditik ez duela...

Andre Xerapi- Ona... ona... Oso buru-arina... Jai eta mutil-zale porrokatua, eta... Tira; inortzat gaizki jardutea ez dago ondo eta isildu egingo naiz; baina... ez dira oso politak nik entzun ditudan gauzak... Nire alaba batez horrelakoak esango balira, kalera irteten ere lots nintzateke. Bai; ez du horrelako akatsik nire Garbiņek, eta diruz ere eman geniezaioke zerbait.
Baina, halaz ere, bestelako horiek maitagarriagoak beti. Bai! Mutil itsuak!...

Miren- Ezin daitezke sinistu jendearen esan guziak

Martiņe- E? Andregaiaren alde ere bai?

Miren- Inoiz nire erraina izan daiteken, eta ez dinat bere izena beztutzen inoren lagun izan nahi Gainera, ondo dakin erorrek nondik ikasi izan dudan nik neskatxa horren berri.

Martiņe- Bai, egia dun; nik ere ez dinat inoiz horren kaltezko esanik entzun; baina Xerapik dioena ere aintzakotzat hartu behar dinagu.

Miren- Ona sinistu nahiago dinat, txarra baino.

Andre Xerapi- Damutu liezaizuke...

Miren- Ez dakit. Baina ni atsekabetzen nauena ez da mutilak nire iritziaren gibel andregaia hartzea. Oso polita da etxeko guztien atseginez norbere haurren ezkontzak egitea. Baina, askotan, horrelako uztarria ez da uztartuen atseginekoa izaten. Bihotza zer den badakit; nik ere maite izan baitut. -(Ahizpari) Hik ez dun maite izan eta gauza hauek ezin uler ditzazkeen ondo

Andre Xerapi- Zer zaizu ba samin?...

Miren- Hara: etxeari Yonek eusten dio. Badakizu, Yonen lanetik jan beharrean gara ni eta bere arrebatxoak. Beraz, Yoni, eskuak hutsik dakartzan neskatxa batekin ezkontzeko, gu gatzaizkio galerazpenik haundiena; bakarrik izanez gero, noiz-nahi ezkontzen ahal bailitzateke. Noski, guri jaten eman beharrari astun iritzita da... Beti isil, beti itzal, bere kezkak amari aitortu nahi ez dizkiola... Hori zait samin: ama bat gehiagotzat ezin hartua.
Andregairik duenik ere ez dit esan. Larunbata etorri, eta amona ikustea ala beste edozein maratila dela, alde egin. Gero, etortzen denean, nire ihesi dabil, andregaia nahi baino lehenago utzi beharrak niganako haserrea eragingo balio bezala. Gaur, oraindik ez dakit etorria den. Amari agur egiteko ez du ito behar haundirik izango, ez! (Isilunea) Bai; ez du aita bizi... (Isilunea) Niganako maitetasunik eza! Horixe! Besterik ez zait samin.

Martiņe- Ai txoro alaena! Hori guziori guk esan bageninan, aterako hintzen su eta gar semearen alde!...

Miren- Utz nazan... (Isilunea; gero, lehenagoko esaldiari jarraituz bezala). Baina... gu galerazpen bagatzaizkio, ez du luzaroko galerazpenik. Eskera irten nahiago, inorganako zor antzean egon baino. Nire zamari astun baderitzo, ez nau bizkarretik bota behar izango: neroni kenduko natzaio gainetik. Aske da. Ezkon bedi nahi badu!

Martiņe- (Andre Xerapiri) Jas! lkusi al dun horrelako emakumerik?
Ez zekinat zer egingo niokeen! (Mireni) Horixe dun ba zorakeriak esateko gogoa! Hemen ez zion nik beti esan izan dinadana baizik: (hurrengo hitzok geldi, sendo eta nagusiro) Yon ezin liteken ezkondu, eta ez dun ezkonduko; alferrik zebilen. Ezkondu baino aurretiagoko eginbeharrik bazeukan. Astia galdu eta neskari galduarazten zion, asmo hori burutan erabili hutsaz!... (Jaikiz) (Xerapiri) Eta goazeman; bederatziurrenerako kanpaia jo zitenan-eta.

Andre Xerapi- (Jeikiz) Goazen, bai. Berandu da.

Martiņe- (Mireni) Ez al hator hi?...

Miren- Ez, lanez josita nagon-eta; baino ateraino lagunduko dizuet. (Joan).

Arantxa- (Irteterakoan guziei begi-zeharka begiratuz) Agur, agur... Txoko honetan bi belarri zeudela ahaztu zaie oso.



III. ARANTXA eta YON



Yon- (Arantxa ikusi gabe) Tira ba... Etxean nauk horratik! (Geldiune laburra) Beldur naiz ama ikusteko... Zer esan behar diot?... -Jas! Gezurretan ibili behar, gezurrari gorroto bizia diodalarik! -Hiru egun hauek non igaro ditudan galdetzen badit?
Oraintxe zer asmatu ez dakit... Honela ezin jarrzi genezake, adiskidea... Eta... egia esateko, berriz, ausardiarik ez! Andregaia dudala: horra nire gaiztakeria guzia... Baina hori agertuko banio -nire ama ezagutzen dut-, gutxien gutxienez bera eta bere alabatxoak etxetik bota nahi ditudala uste izango luke, bihar goizerako... nire beharkimaren zama astun hau lepo gainetik kendu nahian nabilela... Jauna, sail honen erabaki-bidea Zugan utzia daukat: zuzen itzazu gauzak onenetik: (Arantxa ikusiaz) Hara! Hor al hintzen hi? ... Ez dun lanerako gogo makala!

Arantxa- Aurki azkena!

Yon- Hator honantz, hator... -Eseri nire aldamenean Arantxa, galdera txiki batzuek egin behar dizkinat; esango al didan egia?

Arantxa- Bai. Ea...

Yon- Amak esan al du nitaz zerbait egun hauetan?...

Arantxa- Amak, eta izebak, eta Andre Xerapik ere bai...

Yon- Horrenak ez esan. Amak eta izebak zer esan dute?

Arantxa- Andregaia duzula eta ezkondu-nahian zabiltzala.

Yon- (Arranoa! Badakite!)

Arantxa- Zure amona-ikusteak zer diren ondo dakitela...

Yon- (Guzia... -Hobe!)

Arantxa- Ezin ezkon zintezkeela, eta ez zarela ezkonduko. Eta asmo horretan bazabiltza, astia galdu eta neskatxari galdu arazi egiten diozula.

Yon- (Oso sututa) Nork esan du hori?...

Arantxa- Izebak. -Eta esan ere egin dut nire artean: -"Horren zaila ote da ezkontzea, Yonek ez ahal izateko? -Zer da ba? Tira: emaztegaiak soineko zuri apain bat behar duela... Horixe... -Baa!...Neronek ere egingo nioke! -Gero, berriz, biok elizara joan, puska batean elkarren ondoan belauniko egon, eta kito... Horrelako gauza zaila al da ba hori, Yon?...

Yon- (Irripar saminez) Batzuetan bai, Arantxa... Eta orain, hoa baratzara; utzi nazan bakarrik.

Arantxa- Bai, oraintxe nindoan, ertz hau bukatu baitut. Baina (zurikari) lehengoan bezala musu bat emango bazenidake

Yon- (Barrez) Bai, eder hori. Hator... (laztantzen du) Agur, Arantxa.

Arantxa- Agur. (Atetik, behatza ezpainetan duela) Isilik gero! (Bihoa).




IV. YON bakarrik



(Batetik bestera haserre haundiz dabilela) Ezkondu. ezin!... Ezkondu ez!... Astia galdu! Astia galdu arazi!... Hona hemen ezkondu ezin daitekeen mutila! Beste edozer gauzatarako Jaungoikoa bada; ezkontzeko, ez! Esan hakiok amari fraile joan nahi duala; eta amak eta izebak eta herriko atso guztiak esango diate; "Hoa, hoa... Jainkoa goian zagok bai, eta txoriei begiratzen dion Aitak ez ziguk guri bere laguntza ukatuko". Baina... ezkondu? Ez duzula gutxi uste! Ni, nire bihotzak aukeratutako neskatxarekin, ezkondu?... Bai zera! Ez gaur eta ez bihar!
Ederki eman ere! Behin ere ez! Aditzen?... Ezin naiteke ezkondu, eta ez naiz ezkonduko!




V. YON eta XABIER



Xabier- Bejondeiala!... Hori duk hitz egitea, mutil! Ni bezala betiko mutil-zahar gelditzeko asmotan beraz? (Yon lotsa-lotsa eginda) -Ta? (Oso irrikari) Etorri al haiz ba? Zer dio "amonak"?

Yon- Ondo... ondo-xamar... hainbestean... Oso zaharra egotea, horixe...

Xabier- Je,je,je...

Yon- (Berekiko) Honek ere bazekik zerbait!

Xabier- Zaharra beraz, e? Je, je, je...

Yon- (Lehor) Jolaserako gogo gutxi dakarkit. Agur.

Xabier- Tira, tira, ez haserretu! Hator, hator, basatia hi berriz! Orain egun gutxi ezagutu banauk ere, gertatzen zaian guzia esan diezadakek. Zerbait ikasia nauk eta nire laguntzak, behar bada ez likek gaitzik egingo. -Tira, eser gaitezen elkarren ondoan, eta zigarro bana erre dezagun... (eman dio) Ea ba...
Hasi hadi hire bihotz bigun hori hustutzen. Nor eta nolakoa duk hire andregai hori; non daukak bera, noiztik; zer asmo dituk, noizko, elkar asko-asko maite al duzue?... eta abar.. eta abar... (Guzia erdibarrez. Isilunea. Yonek osabari beldurti begiratzen dio, haren hitzak benetan hartu behar dituen ez dakiela) Arrano beltza! Mutil maitati hauen gibel-beldurra! Esan-minak irrikitzen hago-eta!... (Beste itxoinaldi labur bat. Gero, jaikitzera bezela eginda) Tira ba; zer egingo zaio!

Yon- (Berriro eser arazten duela) Ez, osaba. Barkatu. Benetan bihotza norbaiti zabaltzeko beharrean nagokizu!...

Xabier- Hala ere, hala ere!... Hitza bihurtu zaionean!...

Yon- Askotxo galdetu didazu; baina axola ez badizu, lehenbizikotik has gaitezen...

Xabier- Horrelaxe ohi duk burudunen artean.

Yon- Horra ba... -Orain zazpi urte...

Xabier- Zakur alaena! Ez duk atzoko gauza!

Yon- Uda Ondaurtzen igarotzen nuen. Nire biziera ederra zen, eguzki-urre eta amets urdinez jantzia...

Xabier- Hemezortzi urte hituala laburrago esan hezakean; baina tira, ez zagok hain gaizki...

Yon- Orduan eta hantxe ezagutu nuen gaur nire emaztegaia dena. Ni baino urte betez gazteago zen: polit-polita, apala eta burutsua.
Elkarrenganako zaletasuna barrez eta jolaska aurki jaio zen. Bion lagunek guk geurok baino lehenago nabaritu zuten, noski, gure gainean maitasunaren hegada biguna...

Xabier- (Irrikari, arpegiz ben-ben baino) Hegada biguna!

Yon- Osaba! Hasarretu egingo naiz!

Xabier- Txist! Maitasunaren hegada biguna igarri ziaten ... eta?...

Yon- Eta... bakarrik uzten gintuzten. Gu ez ginen ezertaz ohartzen. Haur bi ginen, esateko, eta gauza bat bakarrik genekien: elkarrekin egotea oso atsegin zitzaigula...

Xabier- Elkar maite izatea dik ezbehar horrek izena.

Yon- Elkarri agur egiteko garaia etorri zenean, begi haundi eder haietan bi malko ikusi nituen. Joan zen... Horra guztia: besterik ez zen izan bion artean. Ezkon-agintza zer zen ere ez baigenekien artean, esateko...

Xabier- (Oraingoan barrerik gabe, eta zotin bat ito ezinik) Ipuin eztia!

Yon- Negu osoan urrezko oroipen hura bihotzean eduki nuen. Etorri zen berriro uda, eta elkar bilatu genuen. Baina nik ez dakit zer gertatu zitzaidan... Lehenbiziko egunetan berarekin ezin hitz egin izan nuen, artean lagunik etorri ez eta etxekoekin ibiltzen baitzen. Eta hitz egin ezinak buruari lan eragin zion. Iruditu zitzaidan ume eder hark ezin igaro izan zuela negu osoa, eri haundi batean, beste norbaiten maite-hitzak entzun gaberik...

Xabier- Zerk uste eragin zian hori?

Yon- Ezerk ere ez; irudipen gaizto bat besterik ez zen; baina eguna joan eta eguna etorri barrendu zitzaidan oso, eta egitzat jo izan nuen inongo biderik gabe irudimenak emandako uste hura... Gainera, gerokoak, ibilketa haren ondorenak, aurreko urtean gogora etorri ez zitzaizkidanak, beldurtu ninduten... Lainopetik bezala irteten, nire galdera guztien erantzuna bezela, buruak beti hitz bat zerakusdan: ezkondu... Ezkondu, ezkondu! Nire urteei eta nire eduki-ezari begiratuta hitz hori beldurgarria zitzaidan... Zenbat urte behar izango nituen ezkondu ahal izateko ... ? Orduantxe igarri nuen asko maite nuela: utzi-beharra erabaki nuenean: baina horratik ere aztu ahal izango nuela uste izan nuen, bestela... Gau ilun batez Jainkoari otoi hauxe egin nion: maite ez baninduen, itzali zezala oinazerik gabe nire garra; maite baninduen ordea, bere Laguntzaren bide ezkutuen bitartez elkarganatu eta bizibidea eman ziezagula. Harrezkero ez nion gehiago jaramonik egin; inoiz ezagutu ez banu, edo beragandik irain haundi bat hartu izan banu bezala. Aurpegiak ez zuen nire barrena salatzen, noski... baina, a!, nolako garraztasuna bihotzean ... !

Xabier- Sinisten diat.

Yon- Bost urte igaro ziren. Bitartean nire bihotzak ezin maite izan zuen beste inor, ahaleginak eginda ere... Oraintxe urte bete berriro aurkitu nuen neskatxa hura. Agur egin zidan buruaz eta agurtzeko asmotan gelditu nintzen berarekin, lagunak utzita. Hasi ginen hizketan eta uste gabe antzinako oroipenetara jo genuen. Halako batean berak galdera hau egin zidan: "Eta zure haserre hura, Yon, gogoratzen al zara?” Hitz hauexek ireki zuten gure adiskidetasun berriaren atea... Zaletuta nengoen ni berari hartaz zerbait esateko; baina etsita nengoen ez nuela behinere hartarako garairik izango. Luzaro hitz egin genuen eta orduan igerri nuen zein txoroki eta burugabe utzi izan nuen bost urte lehenago. Maitetasuna ez zen itzali gure bihotzetan, zer egitea zegokidan? Igarri nuen garai hartan bihotza agertzen ez banio, bizi guzian izango zitzaidala damu. Beste aldetik, ukatu egiten bazidan ere, ez al zen hobe zerbait ziur jakin, halako zalantzan jarraitzea baino?

Xabier- Noski.

Yon- Nire maitetasuna aitortu eta eskaini nion. Poz-pozik eman zidan baietza. Orduan esan nion; onegia izan zara; eta nire bihotz osoa gutxi duzu eskertzat. Gaztetasunaren erdian bizi nahi ez zuen gizona sendatu duzu; baina zure hitz hori atzeratu dezakezu orain esan behar dizudana entzun ondoren: Ni, ezkondua ez naizelarik, guraso bezala naiz, gurasorde. Nire ama alargunari eta nire arrebatxoari begiratu beharrean nago; gainera ez dut ezer, nire lana besterik; beraz itxoin beharrean gara, Jainkoak nahi izan arte. Irribarre egin zuen, eta gorriturik esan zidan: nik ere eskuak hutsik dakarzkizut. Zure berri badakit, baina itxoiteak ez dit axola.
Zuk beti maite izatea, hauxe dut aski.

Xabier- Neskatxa maitagarria.

Yon- Horra esan jakin zenuena... Baina, zer da hori, osaba? Begiak bustita dituzu...

Xabier- Je, je... Ez duk ezer.. ez duk ezer... Nik ere nire bihotza izan diat, ba al dakit? Eta bat-batean, samin-eztiak zaizkidan oroipenak astindu dizkidak barrenean... Nik ere badiat nire ipuina... Hirea bezain pozgarria balitz!... (lsilunea. Ilun-ilun, burua makurtuta gelditzen da.)

Yon- Esan,osaba... Oso alai eta axolagabetzat zintudan ezagutu zaitudan egun gutxi hauetan...Baina zure bizitzan ere malkoak izan direla igartzen dut orain. Esan: nik ere ikasi nahi dut zure berri.

Xabier- Esango diat hitz gutxitan. Neskatxa bat maite izan nian nik ere: ona huen baina ez zian dirurik. -Nik ere ez, eta -hauxe aitortu beharrean nauk-. lanerako zaletasun haundirik ere ez.Dena dela, nire gurasoak aurka izan nizkian. Nik ez nian bihotzik izan. Bizitza ilun ikusten nian, eta ez nian hik bezala Jainkoagan ipini nire itxaropena. Gurasoen haserre biziak zapuztuta, urrutira joatea sumatu nian, guzia ahazteko. Ameriketara joan ninduan. Neskatxa ura ezkondu huen nik bera ahaztu baino lehenago. -Eta maitasun ona ukatua izan zitzaidanez gero, maitasun gaiztora jo nian itsu-itsu.- Eta oso galdu ninduan. Bizierarik nahastuena eraman izan diat. Aspertu naizenean, nire bizitza hautsita aurkitu diat betiko. Eta gaur -ai gauzak nola diren!- gaur ezkondu nintekek aberatsa nauk eta; baino biotza lehor diat, eta gainera ez zioat inola emakume on bati, nire ibilketa txarren errurik izan ez duan bati, gizon baten hondakinik eman nahi. Ni ez nauk ezkonduko. Baina nik egin nuena egiteko zorian norbait aurkitzen badiat, eskua luzatuko zioat, eta izango dik nire laguntza. Hik, Yon, hartu nahi baduk oso osoa izango duk; eta zorionekoa izango nauk, nire zoriona hautsita ikusi arren, beste batena zuzendu ahal izan badiat...

Yon- Osaba! Bihotz haundia duzu...

Xabier- Esandakoa... Garaia deritzenean, nigan lagun on bat arkituko duk...

Yon- Eskerrik asko, osaba...

Xabier- Baina oroipen negargarriok utz ditzagun. -Ez didak esan andregaia non duan, nondik etorri haizen gaur...

Yon- Loiola ta Azkoiti bitarteko etxe batean. Ur sendagarri batzuek daude han; eta haiek hartzen haren ahaide batzuek. Aurten ezin joan izan da nire amonaren herrira eta gure elkar-ikusteak erraztearren hor gelditu da.

Xabier- Eta amak ez al dik ezer esan?

Yon- Ez, baina oraintxe gauza batzuk jakin ditut.

Xabier- Ea nolakoak.

Yon- Izebak esan duenez "ni ezin ninteke ezkondu eta ez naiz ezkonduko".

Xabier- Ni ere ezin ezkondu ninduan... Hobe bai astakeria hori sinistu ez banian!

Yon- Eta bai al dakizu zer bururatu zaidan? Gaur bertan amari esan behar diot fraile noala...

Xabier- Zertarako?

Yon- lkusiko dituzu guziak oniritzia ematen... "Zer egingo dugu? Jainkoak ez gaitu goseak hiltzen utziko"... Eta nik esango diet: -Zer? Ezkondu, amari eta etxekoei begiratu beharra dudala-eta, ezin ninteke ezkondu... Ezin ninteke ezkondu ez gaur eta ez bihar... Baina fraile joan? Oraintxe bertan, etxekoak marru gorrian utzita bada ere... Hori bai! Eta ezkontzarako deia ez al da frailetzarako deia bezain entzungarria, hain donea ez bada ere?

Xabier- Ederki sumatua zegok. Hik egin ezak hori, eta ikusiko diagu zer esaten duten... Gero, utzi iezadak niri gainerantzekoa, hizlari ona nauk-eta...
Goxoak ipiniko dizkiat emakume horiek...

Yon- Adi ezazu... Ama datorrela uste det... Utz nazazu bakarrik...

Xabier- Bai, ama duk... Agur eta ez beldur izan. (Joan)



VI. YON eta MIREN



Miren- Hemen al haiz?
Arkitu nahi hinduan. Biziera honexek aspertu eragin zidak, eta hitz egin behar diagu... Bazekiat andregaia duana eta ezkondu nahian habilena.

Yon- Ama...

Miren- Bazekiat gainera, hori egiteko ni eta hire arrebak gaituala galerazpen.

Yon- Baina, ama...

Miren- Ez, alferrik duk; hire arreba eta hire ama ez dituk gaurtik aurrera galerazpen izango... Erruki-etxera joan nahiago diat horrela bizitzen jarraitu baino

Yon- Ama, ixo!

Miren- lxo, ixo (Negarrari emanda) Gehiegi isildu nauk... Ezkondu egin nahi al duk? Ezkon hadi! Joango nauk ni nire umeekin...

Yon- Erotu egin al zaizu, ama?

Miren- Erotu, erotu!... Seme eskergabea!.. Non izan haiz egun hauetan?... Joan den igandean eta aurrekoetan nora joan hintzen? Ezer ez dakidala uste al duk? Ez baina hik esanda, noski! Gauzak ikasi badizkiat atez haranztik irakatsi behar izan zizkidatek... Baina hau bukatu duk, seme; gu gora-behera, aske haiz...




VII. Lehengoak, MARTIŅE ta ANDRE XERAPI



Martiņe- (Begi-zeharka bere ilobari begiratu ondoren) Zer dugu?

Miren- Berri handiak (Zotinka) Yon, zerurako dugu!

Martiņe- Zer, zer, zer?

Andre Xerapi- Ea, ea, ea?

Martiņe- Fraile doa...

Miren- Ezin liteke! Ai hori egia balitz! Ai zer zoriona beretzat eta horrelako semeak izan litzazkeen amarentzat!
Yon, egia al da?

Yon- Bai, izeba; Jainkoaren deiari ezin entzungor egin.

Martiņe- Bedeinkatua izan bedi zure izena, Jauna (Zapia begietara).

Martiņe- (Hauxe bai ez nuela nik uste!)

Martiņe- Miren, ez larritu! Etxeko euskarria doakizula! Zer axola zaizu!
Goian dago guzion Aita. Berak, orain arte bezala, orain arte baino gehiago lagunduko dizu.

Miren- Bai; bazekinat.

Andre Xerapi- (Ederrak eman dizkit mutilak!) Baina... horrelako bat-batean, Yon!

Martiņe- Utzi! Jainkoak usterik gutxienean jotzen du bihotzeko atea.
Askotan, munduko ametsetan eta bekatu-biderik larrienetan sartuenak gaudenean

Yon- Halaxe da!

Martiņe- Orain egin behar duzuna bihar bertan Loiolara joan gogo-jardunak egitera... Gogoa oroipen eta amets txarrez garbitu eta zure deia sendotu.

Yon- (Arranoa! (Oso pozik) Hauxe ez nuen uste! Zortzi eguneko oporra!)...

Miren- Bai, Loiolara hoa... Zer duk? Pozik al hago?

Martiņe- Egon ez?

Yon- Bai, etxeko laztan hoiek. Pozak zoratzen nago! (Andregaiarekin gogo-jardunak egitera! A zer nolako egun ederrak bota behar ditudan!)



VIII. Lehengoak, XABIER ta ARANTXA



Xabier- Arratsalde on guzioi! Hemen nator, Arantxarekin nahikoa jolas egin ondoren...

Martiņe- Zatoz, ea, zatoz, ea, Xabier!
Ez dakik Yon! Poztu hadi!

Xabier- Zer? Ezkondu egiten dela?

Martiņe- lxo! Zer ezkondu eta zer ...

Xabier- Ezkondu ezin dailekeela ... eta ezkonduko ez dela...

Martiņe- Fraile doala...

Xabier- Hara!

Arantxa- Eeee?

Martiņe- Bihar bertan doa Loiolara, zortzi eguneko gogojardunak egitera.

Xabier- Ee? Loiolara?... (Ai! ez hago hi azal txarra!)

(Arantxa negarrez hasten da)

Miren- Zer dun, Arantxa? (Lasterka Arantxa Yonengana doa; honek esku batez burua hartzen dio).

Arantxa- Ez dudala nahi Yon fraile joatea... Ez fraile joan, Yon. Nik ez dut nahi, Yon. Ezkon zaitez!

Xabier- Besoak gurutzaturik eta barrez. (Berekiko) Hori duk mutilaren alderdia! Andregaiarekin gogo-jardunak egitera!

 



 
BIGARREN EKITALDIA

 



Antzeztokia: Zelai bat, zuhaitz-gerizpean. lkusleen aurrez, urrutian, Loiolako Etxe Donearen atzea. Mahai bat eta zumezko aulkiak.


I. YON eta BEGOŅA. Begoņaren ama barrendik


(Ehuna jasotzerakoan antzeztokia hutsik. Gero, neskatxa-algara garbi bat entzuten delarik, agertuko dira, aurrez aurre, elkarri eskutik helduta. Sartzerakoan mutilak neskatxa geldiarazten du, eskuak askatu gabe.)

Yon- Nolako ederki ibili garen, eee, maite?

Begoņa- Haur bi bezain alai

Yon- Jolasean, lasterketan, masusta-jaten.... guztia zeru. eder honen azpian...

Begoņa- Beti ume-ustetan iraun ahal bageneza, ez da hala?

Yon- (Zerbait benduaz) Bai, egia diozu: geure buruari beti ume iritzi ahal bageniezaioke! Ordubeteko umetasun ondorean, ordea, egun osoko, aste beteko kezka... umeak ez garela adieraziz.

Ama- (Agertu gabe, deiadarka) Eee, gazteak! Non zarete?...

Begoņa- (Eskuak aguro-aguro askatu, eta, aulki batean eseriz, lehen mahaian utzitako langaiak hartzen dituela) Hementxe, ama; lehengo tokian bertan...

Yon- (Barrez) Hementxe, lan eta lan...

Amak- (Beti barrendik) Tira, ba; zintzo egon, inora alde gabe.

Begoņa- Bai, ama.

Yon- Halare! Gure ihesaldiaz ez da ohartu.

(Begoņa josten ariko da. Mutila aldameneko aulkian eser biezaio. Isilune luze samarra, noizean behin elkarri begiratzen diotela.)

Begoņa- Yon, gaur azkenengo eguna...

Yon- Bai ... ; azkenengo eguna!... Gezurra dirudi, e? Zortzi egun nola joan zaizkigun... (Berriro isilunea).

Begoņa- Yon... Amak zer esango dizu? Egun hauek non igaro dituzula esan behar diozu?...

Yon- (Mindu-antzean) Pxe! Zortzi eguneko oporraldia hartzea egin dut, urte osoa lanari eman ondoren... Asko al da?

Begoņa- Niretzat ez da asko izan.

Yon- (Berriro arpegia argituz) Harantz-honantz ibili naizela esango diot, bazterretan ditudan lagunei ikustaldi bat eginez... edo... beste edozer gauza! Ipuiak asmatzen mutila naiz ba ni! (Beste isilunea. Nexka itzaltsu.
Mutilak, zeharkaxe bederik, begirik ez dio kentzen.) Zer duzu, maite? Maizegi bezala, ilun, itzaltsu... (Alai) Tira, barre egidazu; ez zaitut horrela ikusi nahi.

Begoņa- Yon... Zergatik ez diozu zure amari guztia esaten?

Yon- Esan... Esan...! Zertarako esan? Badakizu orain oraingoz, puxka batean itxoin gabe alegia, gure elkartzea ezina dela... ni seme gaiztoa ez izatekotan, behintzat...

Begoņa- Bai. Eta seme gaiztoa izan nahi bazenuke zuk, ez zintuzket nik senargai ontzat hartuko. ltxoin beharrik gara, egia ... Baina, ama horrela gezurpean edukitzea ere ...

Yon- (Albora begira berekiko) Gaixoa! Zu bai, bazauzkat gezurpean... Baina ez luzarorako. Gaur dira nire azkenengo gezurrak... lkusiko dugu zer gertatzen den hemen.

Begoņa- (Larri) Ez didazu erantzuten...

Yon- Hara, ba; bihar bertan, etxeratzean, guzia esango diot.

Begoņa- Bai? Benetan? (Pozik; berehala bat-batean berriro ilundu)

Yon- Bai.

Begoņa- (Beldur) Eta zer esango dizu?

Yon- Zer?

Begoņa- Gure elkar maitatzeari ez dio ondo iritziko

Yon- Baina, maite: beldur horrek noiz utziko zaitu?

Begoņa- Nahiago bai oraintxe balitz...! Baina, ezin, alferrik... Aspaldi esan nizun Yon: "Atsekabe haundiak eramango dituzu zure etxean nigatik. Nirekin ezkontzerik ez dute nahiko... Ni maite izana ez ote zaizu inoiz damutuko?"...

Yon- Ta, zer erantzun izan dizut nik?

Begoņa- Bai, zure erantzuna badakit. Baina hala eta guziz ere, beldur naiz... beti beldur!
Betirako maite ote nauzu, beinere ez aspertzeko? Ez ote da gure ametsa orain urte batzuek bezala hutsean urtuko?

Yon- (Esku bat bigunki hartzen diola) Ez, maitea.
Gaur ez naiz ume. Ezkon-agintza zer den, ezkon-agintzak giza-legez zertara lotzen duen badakit. Bi egin behar ditut nik, Begoņa, biak begiragarriak. Etxeak lotzen nau: ama-alabak nire beharrik izango duten bitartean, beraiei zor natzaie. Baina zuri ere zor natzaizu, egin dizudan aginduagatik. Bi beharkun ditut, eta ez bata ez bestea ezin nezake uka. Biak erabat bete ere ez. Hargatik bakoitzari bere garaia gorde beharra. Lasai zaitez, laztan hori, ezerk ez inork ez bainau nire hitza haustera behartuko. Hara, beti hala uste izan dut: Jainkoak elkarbidea egokitu zigun; Jainkoak gure nahi garbia begi onez dakusa; Berak, hasitako lan honi azken ona ipiniko ahal dio. Noiz? Ez dakit, baina... Begoņa, itxaropen bizia dut: aurki, zuk uste duzun baino lehenago erabakitzea baliteke.

Begoņa- (Poz haundiz) Benetan?

Yon- Apika, bai.

Begoņa- Jainkoak nahi beza.

Yon- Esan dizudan guztia nire gizatasunak agintzen didana da. Baina, bihotzak agintzen didana esango banizuke!

Begoņa- (Otoi-maitekor) Esan ba esan, esan...

Yon- (Barre-antzean, maitero) Inor zu besterik ez dudala maite izan, gazte-gaztetandik nigan zauzkat-eta... Maitetasuna zer den ez nekien garaian zure begietan ikasi nuela; eta hura ikaste gozoa!... Nire hitza hautsi nahi izan ezkero ere.

Begoņa- (Lehen bezala) Zer, Yon, zer?

Yon- Ezin hautsiko nukeela, bizi osoa zugan ipinia naiz-eta

Begoņa- Eskerrik asko, Yon. Barrena argiz ta itxaroz bete didazu hitz horiek bide direla. Zintzoa zara. Barkatu, askotan nire beldurrok agertzen badizkizut. Barrenak ematen dizkit nik nahi ez arren; eta maiz esan badizkizut, maizago eduki izan ditut ezkutuan, bakarrik negar eginez.

Yon- Gajoa! Baina oraingoan sinisten didazu, ezta?

Begoņa- Bai!

Yon- Bete-betean?

Begoņa- Bete-betean!

Yon- (Barrez) Noiz arte?

Begoņa- A! Hori... (Barrez) Buru gaizto honetan zalantza berritu arte. Behar bada, ordu laurden bat barru!

Yon- (Bat-batean jaiki, eta eskuak txamarrako sakeletan erabil bitza zerbaiten bila balebil bezala, erabat, begi-zeharka, ikusleen ezker-alderantz urrutia azter beza).
(Berekiko) Laurak oraintxe. Hor bidean jendea ageri da. Beraiek dira!

Begoņa- Zeren bila zabiltza ordea? Jas! Asmatu baietz; tabakoa etxean ahaztu...

Yon- Halaxe da, ba.. ltxoin iezadazu hemen. Berehala nator. (Bihoa, urduri samar eskuinetik, aldian behin ezkerretara begiratuz)

Begoņa- Ai, ai, ai!
Horixe ezin utzi, behinik behin: ni laga nahiago... Aguro etorri, e?... (Puska batean neskatxa bakarrik gelditzen da, bere joste-lanari ekinez)



II. BEGOŅA, XABIER, ARANTXA


Xabier- (Arantxa eskutik duela agertzen da, ezker aldetik) (Burukoa kenduz) Arratsalde on, neskatxa eder ori...

Begoņa- Bai zuei ere.

Xabier- Gezurra dirudi zu bezalako aingerua bakarrik egotea. Ez al duzu laguntzailerik?

Begoņa- (Barrez) Banuen orain artexe, baina utzi egin nau.

Xabier- (Berekiko) Hauxe da Yonen andregaia, inondik ere... Hori duk azala! Horrelako puxka goxoa bilatu hark, trapu alaenak, begiak lurretik jasotzeko gauza ez dirudien arren!

(Bitartean, Begoņak eta Arantxak elkarri begiratu eta irribarre egiten diote, aurrenengo ikusian batak bestea atsegin balute bezala)

Begoņa- Alabatxoa duzu nexka polit hau?

Xabier- Nahiago bai! Baina ez, iloba dut...
Atsegin zaizu?

Begoņa- Bai. Lagun onak egingo ginateke, noski, pixkatean elkarrekin egonez gero.

Xabier- Benetan? Orduan zeure zaintzapean uzten dut. Jatekorik zerbait eska daiteke, noski, hemen

Begoņa- Bai, bai.
Etxekoandreari deitzea nahi al duzu?

Xabier- Baita ederki eman ere! Ez inola, eder: eskerrik asko.
Banoa neroni: jatekorik eskatuz gainera, badut beste zeregintxo bat... Mendi horietan, nekauste edo penitentzi gogorrean dabilen fraile donetsu bat bilatu nahi nuke.

Begoņa- (Harrituta) Hara berriz!
Fraile bat diozu?

Xabier- Ezagutzen al duzu, ala?

Begoņa- Ez nik behintzat hemen frailerik...

Xabier- (Berekiko) Fraile ona zegon hik ezagutzen dunana!
(Begoņari) Harritzekoa da behin ere ez ikusia... Baina, "Ugats-lturri'ko urak hartzera etorria omen da-eta, ezin urruti izan.

Begoņa- Ezin daiteke...

Xabier- Ezin daitekeela?... lkusiko duzu nolako aguro bilatzen dudan nik. Gaztetan oso adiskide izanak gaituzu, eta urte askotan elkar ikusi gabeak garen arren, duro bat egingo nuke gure txikitako txistu-deia ez zaiola ahaztu... Agur, ba, neskatxa atsegin hori: gero arte. (Burua makurtuz, begirune haundiz) Gaurgeroz nigan mirabe apal bat duzu...

Begoņa- (Barrez, eta berak ere burua agurka makurtuz) Eskerrik asko, zalduna.

Xabier- Zu, Arantxa, hementxe geldi zaitez neskatxa on horrekin, guziontzat txokolatea eskatzera noan bitartean... Ama-eta ere aurki dituzu hemen, honezkero. (Berriro Begoņari agurka) Agur!



III. BEGOŅA eta ARANTXA


Begoņa- (Arantxari maitero begiratu ondoren) Musu txiki bat emango al didazu, polit horrek...

Arantxa- Musu Txikia ez, bai ordea haundi-haundia...

Begoņa- (Barrez laztantzen du) Zergatik, ba, haundia?

Arantxa- Ama Birjina dirudizulako...

Begoņa- Ja, ja, ja! Hori ateraldia! Eta zuk (berriro laztantzen duela) zeruko aingerutxoa... Tira, nire aldamenean eseri. Josten ba al dakizu?

Arantxa- Hala, hala...

Begoņa- Ederki... Eta, egun askotarako etorri al zara?...

Arantxa- Ez: bagoaz berehala.

Begoņa- Oooo!... Hain ederki ibiliko ginenak!

Arantxa- Loiolan izan gara. Zuk ez dakizu, baina nire anaia batek fraile joan nahi du... Nik, berriz, ez dut nahi joatea...

Begoņa- . (Barrez) Ez?

Arantxa- Ez. Nik ezkontzea nahi nuke (ben-ben).
Fraile joanez gero gehiago ez bainuke ikusiko! Gainera jantzi haiekin..., oso itsusi emango lioke... Ezkonduko balitz, berriz, zu bezalakoxe batekin edo...

Begoņa- Ja, ja, ja,! (Berriro nexka laztantzen duela) Hoiek burutaldiak! Eta berak, ariaia horrek, zuri jaramonik gabe, fraile nahi, e? Ez al da, gero, beltza?

Arantxa- Ez; ez da beltza. Ez beltza eta ez gaiztoa Amak Loiolara bidali zuen zortzi eguneko jardunak egitera, eta, uste gabean poz hori eman diezaiogun, osabak esan digu: "Goazen Loiolara mutila gurekin ekarriz". Baina Loiolara joan eta anaia bilatu ez, egin dugu...

Begoņa- Lehentxeago irtena, onenean...

Arantxa- Horixe esan dut nik ere; eta Azpeitin berehala aurkituko genuela... Osabak ordea, hemen uretxe honetan txokolatea hartu gabe ez gindoazela-eta, toki ederra dala-eta, gutako inork ez genuela ezagutzen-eta... halaxe ekarri gaitu. Baina, horra, ama-eta non datozkigun. (Jaiki eta bere bila joanik, ezker aldera).



IV. Lehengoak, MIREN, MARTIŅE ta ANDRE XERAPI
(Sartzen dira Xabier sartutako aldetik).



Miren- Bakarrik al hago, Arantxa? Non da osaba Xabier?...

Arantxa- Osaba etxe horretara joan da txokolatea ekarraraztera... Baina ez nago bakarrik... (Begoņagana joanez: hau jaiki egiten da eta Arantxak eskutik helduta amari eta gainerantzekoei aurkezten die). lkusten, Ama? Ama Birjina dirudien andre hau dut lagun... Oso ona da... Eskua eman iezaiozu.

Martiņe- Hara! Honexek bai lagunak azkar egin non-nahi (Barrez).

Miren- (Begoņari eskua luzatuz) Nola zaude?

Begoņa- Ondo eta zu?
(Besteei ere eskua ematen die)

Andre Xerapi- (Izebari) (Neskatxa egokia!) (Izebak buruaz baietz).

Miren- Ongi. Eskerrik asko. Zoraraziko zizun honezkero berritsu honek...

Begoņa- Ez horixe. Oso atsegin egon gara elkarrekin, ez da hala?

Arantxa- Bai ni behintzat!

Begoņa- Baina ez al duzue eseri nahi?

Andre Xerapi- Bai, bai; eser gaitezen...
Ni neka-neka eginda nago beinik behin.

Miren- Bai ni ere. Loiola hemendik bazter dagoela dirudi, baina

Martiņe- Ibili egin behar da, ibili... (Banaka-banaka eseri dira)

Begoņa- Onenean ohiturarik ez, berriz...

Miren- Nik ez behintzat: haur asko ditut eta etxean beti da lana
Hauek zerbait gehixeago ibiltzen dira...

Martiņe- Bai, bai... zerbait gehixeago... Etxetik elizara, elizatik zuenera batzuetan, eta zuenetik gurera... eta kito.

(Isilunea).

Martiņe- (Berezi A. Xerapiri) (Neskatxa atsegina, apala, langilea eta izarra baino ederragoa benetan, e?)

Andre Xerapi- (Halaxe da...Nongoa ote da? ...)

Martiņe- Hemengoa al zara? eta barkatu

Begoņa- Ez... hilabete igarotzen nago toki honetan

Miren- Gaixorik ala?

Begoņa- Ez, ez! Osasun ona dut Jainkoari eskerrak... Baina ama ibili zaigu makal xamar eta hemengo urak hartzera bidali du osagileak... Nik Iagundu egin diot...

Andre Xerapi- Horretazkero ez zara ezkondua

Begoņa- (Zerbait lotsaturik) Ez...ez... Oraindik ez...

Arantxa- Baina ez zara moja joango, e?

Begoņa- Ja, ja, ja... Zuk nahi ez baduzu, ez

Arantxa- Ez dut nahi ba! Ezkon zaitez... Moja sartzeko ederregia zara

Begoņa- Ja, ja, ja...

Martiņe- Tira, tira Arantxa. Ixo (Asarre samar) (Begoņa hasarrea ikusita, bat-batean bendu egiten da) Zer dakin bik gauza horietaz?

Andre Xerapi- Umeak beti ume!

Begoņa- (Buruan Arantxari maite eginez) Gaixoa!

Miren- Lanean egoki ari zara...

Begoņa- Egoki edo... Ahal den bezala...

Martiņe- Galtzerdiak saretzen? (errepasatzen?)

Begoņa- Bai, hauek ere urratu egiten dira-eta

Miren- Urratu! Esaidazu niri! Astero otarrakada bat izaten dut nik... Inoiz ezkontzen bazara eta Jainkoak haur asko ematen badizkizu, gogoratuko zaizu esaten dizudana ...

Begoņa- Sinisten dizut bai.

Martiņe- Aspertuko zara ba hemen... jende asko ez badago behintzat

Begoņa- Ama eta biok, eta beste lau emakume eta mutil besterik ez gaude... jende gutxi izaten da hemen; baina zenbat eta gutxiago hobe...
Nik nahiago dut behintzat... Herri haundietako istiluen aldean bestelakorik da hemengo bakea...

Andre Xerapi- Harritzekoa da! Oraingo neskatxak ez dira behintzat zu bezalakoak. Gehienak, hona ekarri eta hamabost egun igaroaraziz gero, soinurik gabe, dantzarik gabe, jairik eta parrandarik eta mutilik gabe, txoria kaiolan bezala hil egingo litzaizkizuke... Eta halaz ere ezkongai!

Begoņa- Ez dut ezkontzeko presarik

Andre Xerapi- Ongi da. Baina, horren zintzoa ez bazina, beste zenbait bezalako jai eta mutilzale porrokaturen bat izan bazina, senargaiak mordoka izana izango zinen eta ezkontzez aspertua...
Ai, mutilak, mutilak!...

Begoņa- Ba, ale bat ona hobe mordo txarra baino!

Miren- Egia!

Andre Xerapi- Zera! Nire Garbiņeri gertatzen zaiona berbera Ezin hobea eta hala ere neska bargasta hobea edozein mutilentzat!

Martiņe- Baina, aizan, gauzok horrela direla, ba al dakin txokolate hori ez dela berehalakoan ekartzekoa? Gure Xabier, bera ari ote da egiten?...

Begoņa- Hemen gauza horiek ez dira gertu egoten, eta horregatik pixka bat itxoin beharra izaten da.. Bertara joan eta sukaldekoak astinduko ditut pixka bat.

Miren- Ez, ez. Egon zaitez.

Begoņa- (Jaikita) Hara; hemen dator..
(Neskame bat bost txokolaterekin).

Neskamea- Arratsalde on!
Berandutxo?

Martiņe- Ez, ez! Bai zera!

Neskamea- Sua kaxkar samarra dabilkigu-eta... (Bakoitzari aurrean ipintzen dio.
Begoņari ere bai) Berorri ere ipintzeko esan dit hemendik joan den jaunak. Berak ez duela behar..

Begoņa- Hara berriz.

Miren- Bai, bai; ez genuke besterik behar... Gu jaten eta zu begira. Tira, hartu, etxekoa bazina bezalaxe!

Begoņa- Eskerrik asko ba... (Berekiko) (Ta Yon ez da gehiago azaldu! Jende bera sumatuta izutu egin da noribait. Honezkero hemen gelditu behar ba!).

Martiņe- Baina zer bilatu duela gure Xabierrek honen luzaroan ez azaltzeko? -Neskameari eder iritzi ez hazion! Um!

Begoņa- Arantxarekin etorri den zaldunaz ari al zarete?

Miren- Bai.

Begoņa- Fraile baten bila dabilela esan du, eta mendi-mendian ezkutatuta badago ere, aurkitu behar duela...

Andre Xerapi- Frailea, bai! Ez dakit nolako frailea..

Miren- Arren, Andre Xerapi, lelo horretaz ez jardun. A! Nire mutil hori nire mutil ori!... Galduko zait! Zer egin ote du?

Martiņe- Hago isilik! Azpeitin izango dun; edo behar bada etxean honezkero...

Miren- Ez dakit ez dakit! Gogo-jardunak egin ote ditu?

Martiņe- Egingo ez zizkinan ba?

Miren- Haundia dun ba jesuitek haren izenaren berri ez jakitea...

Martiņe- Asko izaten baititun... Baina hire semeak fraile joan behar duela esan duenean, -berak esan zuen bezala gainera, -negarrak irten behar zionan- eta, benetan joango dun...

Andre Xerapi- (Um!
Ez zekinat ba...!)

Arantxa- Oi! Begira ama; fraile bizarraundi bat!

Begoņa- Hara! Egia zen!...

Martiņe- Gure Xabier laguna.

Miren- Eta Xabier ez dator berekin...

Andre Xerapi- Gizajoa! Horixe bai dagoela hil baino zeruaren erdian!

Martiņe- Bai, emakumea! Horixe aurpegikera... Hori gorputz mehea... Ez da gu bezain bigun bizi errukarria...

Miren- Hemen dugu... Jaiki gaitezen...

 


V. Lehengoak eta XABIER


Xabier- (Fraile jantzian, apal-apal, begiak lurretik jaso gabe) Jainkoaren bakea zuekin.

Batzuk- (Guziek jaikita hartzen dute; batzuek gerriko lokarriari mun egiteko asmoz) Ongi etorria, aba agurgarri hori

Xabier- (Mun egin nahi diotenak aldenduarazita) Ez, ez ...
Ez naiz ni zuen ezpainak nire jantzietan hartzeko dina... Bekatari haundi bat naiz... Eseri guziok. -Niregatik lurreko har ziztrin onengatik, ez zenuten jaiki behar...

(Esertzen dira; frailea ere bai).

Martiņe- (A. Serapiri) (Santu izugarrien bat dinagu hauxe)

Andre Xerapi- (Oinetatik burua din ezagun).

Miren- Aba, gurekin txokolatea hartu nahi al duzu?

Xabier- Goikoak sariztu biezaizu zure onginahi hori! Baino barkatu; ezin har nezake

Martiņe- (Hori barau latza!)

Xabier- ... bihotzerrea egiten dit-eta...

Martiņe- Aaaa!

Xabier- Bai; hor sukaldean eskatu ditut niretzako huskeri batzuk... Urdaileri nabil, eta edozer gauzak ez dit onik egiten...

Miren- Jakina!

Xabier- Gero, andre begiragarri hori, badakizu argalak garena, eta... jan egin behar!

Miren- Noski.

Xabier- Haragi ta hezurrezkoak gara, gorputz ustelkor hau geurekin dakarkigu... (eta sukalderantz begira) A! Badator! Halare! (Neskamea sartzen da Iruiņeko txistorra ta Errioxako ardoaz) Eta nioen bezala, aberea geurekin dugun bitartean...
(mokau bat hartuz) jan egin behar.. .
Andre Xerapi- (Opil erdia sartu din erabat! ...)

Martiņe- (Ixo... Goseak hiltzen zagon errukarria-eta!)

Xabier- Gauza lotsagarria! Ai jan gabe bizi ahal bagina, gogoari, animari, gure bizi guzia emanez!

Andre Xerapi- (Dotrina horixe ez zait ba oso atsegin)

Xabier- Baina gauza hauen bitartez Jainkoak gure txikitasuna beti begien aurrean jarri nahi izan digu apaltasunean bizi gaitezen...

Miren- Jateko bebarra bazenuen, Aba!

Xabier- Bai, lotsagarria denez gero, aitortu dezadan guzion aurrean: gose naiz... Zein argalak garen! Aste bete jan gabe igarotzea aski dugu gosea nabaritzeko...

Martiņe- Jaungoiko haundia! Aste bete?...

Andre Xerapi- Erraxago gosetzen gara gu...

Xabier- Bai, aste betean egon naiz mendian, zerura begira, noizean behin sasi eta larretan nire gorputz pekatariari igortzialdi bat emanez

Martiņe- Ene ba!

Xabier- Goizero, hemengo usaidun iturriraino etorri naiz bertoko urari zurrutada bat eginez; nagusiek agindu baitidate nire osasun hautsia zaintzera hona etortzeko. Gero, ez dut esango egun osoa jan gabe igarotzen dudanik, ez baita egia. Baina nire janari guztia masustak izan dira.
(Guziak elkarri begiratu, ikaratuta). Lau masusta gosaltzeko. Bazkaltzeko eskua bete. Afaritan hamar hamabi bat

Andre Xerapi- Aitaren eta Semearen!...

Xabier- Igandetan, arratsalde erdian beste masusta mordoska bat, Jainkoaren eguna jaitzearren.

Martiņe- Ia sinistu ere ezin daiteke.

Miren- Gizonak horrenbeste bizi ahal izatea

Xabier- Baina, makala naiz, eta astean behin garai hontan hona jeitsi beharra izaten dut nire indarrak gauza bizigarriagoaz sendotzera

Martiņe- Ez da harritzekoa, Aba! Ez da harritzekoa

Xabier- (Ontzi bat ardoz bete, eta jasota, begiratuz) Hau gauza ederra!... Hau ere eman zigun ba Jainkoak... Gora dezagun Jauna bere emaitzetan!... (Zurrutada batean hustu).

Martiņe- Eta halaz ere, aba donetsu hori, zoriontsu biziko zara.

Xabier- Bai, ene alaba, bai; zorion hutsetan bizi naiz. Ba al dakizue zergatik? Oso erraza da: Goikoaren deia entzun eta itsu-itsuan jarraitu izan natzaiolako berari!... Eta honetaz bai daudela oker, asko eta asko munduan... Zenbat eta zenbat ez dira galdu Goikoaren deiari jaramonik egin ez, edo etxekoek galerazi izan ziotelako... Gai honetaz zuen gogoak argitu nahi nituzke, hain ederki egokitu zaigunez gero, kristau maiteak...

Martiņe- Begirune osoz entzuten dizugu

Xabier- Baina, ongi hasteko, Goikoa bedeinkatu dezagun berriz. (Beste baso bat).

Andre Xerapi- (lturriko ur usaindunak ez dio egarria oso il).

Xabier- (Berriz sukalderantz begira) Baina! Tira horratik! Hemen da! (Neskamea tortila haundi bat dakarrela).

Andre Xerapi- (Adiskidea! Ez zaizkizu oraintxe zure masusta janak gogoratzen!)

Martiņe- (Mireni. Bere biziko hitzaldiren bat egin behar zigun; nik ez dinat hitzik galduko).

Begoņa- (Ulertu ezinik nago fraile honen berri nola orain arte jakin ez dudan).

Xabier- (Arrautzopil puska batzuk irentsi ondoren) Hasi gaitezen, Goikoa lagun dugula. Ene ardi laztanak: Jaungoikoaren deia -vocatio, vocations- era askotakoa ohi da: hobeki esateko: era askotakoa ez; era bitakoa bakarrik. Erlijio-bizitza eta ezkontza. Neska-mutilzahar biziera ez da, nire ustez, eta Eliza Amaren guraso agurgarri askoren ustez, Goikoaren deia; etsaiarena baizik...

Andre Xerapi- (Bere artean; Martiņeri begi-zeharka begiratuz) (Ederrak eman dizkin!

Xabier- Baina honetan ere, bereiz ditzagun emakumezkoak gizonezkoengandik. Neskazaharrak, gehienetan, ez dira neskazahar beren nahiaz gelditu, ezkondu ezin izan direlako baizik; horiek ez dute errurik, nahiko lana bai ordea gaixoek

Martiņe- (Hala ere! Arnasa hartu ezinik nengoen!)

Xabier- Gizonezkoetan berriz badira mutilzahar gelditu direnak ezkontzako uztarri astuna leporatu nahi izan ez dutelako. Hauexei doakie nire lehenengo zigorkada. Eta azkenez, neska bai mutilzaharretan badago beste talde bat: ezkontzarako deia entzun eta beren etxekoen nahiz beren gain aginpidedunen eragozpenez, ezkondu ez direnak; hauek nahiko lan izango dute zeruratzen, baino zuzengabekeriaz ezkontzea galerazi diotenak? A! Ez dizutet esan nahi nolako infernua izan behar duten!

Martiņe- Ondo irabazia gainera!

Xabier- Baina etorri gaitezen berriro hasierako hitzetara. -Askok uste izaten dute, lekaidetzarako deia bakar-bakarrik izaten dela Jainkoaren deia Oker larria hauxe! Frailetzako deia bezain donetsua, berau bezain begiragarria da ezkontzarakoa. -Berdin berdin jartzen dira infernura bidean, batari nahiz besteari jaramon egin ez, edo jarraitzea galerazten dietenak. Zer esango duzue Jainkoak bati frailetarako deitu eta hau, deiari jarraitu beharrean, ezkondu egiten bada...

Martiņe- Jainkoak gorde gaitza! Hori bekatu. larria!

Xabier- Ba, ezkontzarako deia izan eta fraile joaten denak ez du burugabekeria arinagoa egiten! Ez da bestea baino errazago zeruratuko; zailago beharbada... Baina jeitsi gaitezen oraindik gehiago: frailetzako bidean, dei askotarikoak diren bezala -batak jesuita nahi du, besteak frantziskotar, honako honek kartujo, eta abar-, eta norberari egindako deia komentu berezi batean, ez beste edozeinetan, sartuta beteko duen bezala, halaxe gertatzen da ezkontzan ere... Ezkontzarako lehenbiziko gaia, elkarrenganako maitasuna da...

Begoņa- (Fraile honek, dena dala, egi pozgarriak esaten ditu ... )

Xabier- Nik orain jarriko dizutet adibide bat: egin ezazue kontu mutil bat: Pello izena jarriko diogu...

Arantxa- (Isilka Begoņari) (Hori izen itsusia!)

Xabier- Errotazuriko Pello, Matxin Bizardoren Malentxorekin txoratuta dago; Matxin Bizardoren Malentxok berriz ez darabil Errotazuriko Pello beste ametsik buruan... Elkar maite dute eta elkarri ezkon-agintza eginak dira... Ba, horra: Pelloren deia ez da soil soilik ezkontzea; ez, enetxoak; Pelloren deia Malentxorekin, eta ez beste inorekin, ezkontzea da...

Begoņa- (Su haundiz) Ederki esana!

Andre Xerapi- (A!
Horratik! Senargaia badin neskatxa honek! Nire Garbiņek ez duena)

Xabier- Ba inork, etxekoek batez ere, Pellori Malentxorekin ezkontzea galerazten badio, beste neska bat eztarriko zulotik sartu nahirik, zer gertatzen da?
Hiru hauetako bat; Pello mutilzahar gelditu, edo beste nexka batekin ezkondu, edo fraile sartu... Nolanahi ere, bere bidetik kanpora bizi izan... Eta honetara behartu duenak infernuko su guztiak ez ditu aski...

Miren- lkara naiz!

Martiņe- (A. Xerapiz) (Hiretzat ez zagon hori gaizki!)

Andre Xerapi- (Martiņez) (Horiek horrela badira ez dun hik gardostualdi makala igaro behar!)

Begoņa- (Zotin luze bat eginda) (Fraile honek egun bat Yonen etxean egingo balu!)

Xabier- Baina aspaldian ez genuen Jainkoa bedeinkatu. (Beste baso bat klink).

Begoņa- Arren jarraitu, aba ona horrela.

Xabier- Banoa; banoa. Malentxo neskatxa ona da; baina ez du arditik. Pellok berriz etxeari begiratu behar dio bere irabazien bidez. Eta horra non datozen etxekoak esaten: "Mutil hau ezin daiteke ezkondu. eta ez da ezkonduko".

Martiņe- Edozer gauza!

Xabier- Zergatik ez, enetxook? Jaungoiko bat ez al dago goian? Berak Pellori eta Malentxori elkarbidea egin eta bion elkar-maitasunari eder baderitzo, nor da inor Pello ezkondu ezin daitekeela esateko? Gaur ezin badu ere, ez al dio Jainkoak garaia iristen denean, bidea erraztuko?...

Begoņa- Hori esan, hori!

Xabier- Zuetakoren batek galde lezake: horretaz gero, gurasoek ez al dute behin ere beren seme-alaben ezkontzen aurka jartzeko eskubiderik? Ez dut horrenbeste esan. Ezkontza zeharo debekatzeko ez dute eskubiderik; baina, bai batzuetan beren seme-alabei atzeratuarazten ahaleginak egiteko... Noiz? Egin ezazue kontu Malentxo izen eta ibilketa gaiztoko neskatxa dela... Orduan bai... Baina Malentxok arditik ez izatea, eta Pellok gaurkoz etxeari eutsi beharra izateak ez diote eskubide hori ematen. Eta Malentxo ona izan arren, den bezala, edozein atso autubatzailek, haren izena beztu-nahian badator ezkontza egin ez dadin, zer merezi du orrek?... Deabruak eraman beza!

Andre Xerapi- (Martiņeri) Zertan begiratzen didan horrela? (Garratz).

Xabier- Amuarrainak betoz!

Andre Xerapi- Zer?...

Martiņe- Zer?.. .

(Neskamea agertzen da.)

Xabier- Betoz amuarrainak!
Hauexek ere Jainkoak eginak... Bedeinka dezagun Bera bere goragarriez! Hauxe janez gero, ongi naiz mendian beste aste bete igarotzeko!...

Andre Xerapi- Masusta hutsez?

Xabier- Masuste hutsez.

Arantxa- Pello eta Malentxoren ipuina bukatu al da?

Xabier- Oraintxe noa, maite; aurki azkena.

Begoņa- Esan,esan!

Xabier- Pellok, toki guzietatik datozkion eragozpenak bide, batak ezin ezkondu daitekeela", besteak "bere andregaia nolanahiko neska dela" eta abar, etsipenari burua ematen dio eta honela dio bere artean: "etxeak nire euspena, nire irabazia bear duela? Ezkontzea debekatu? Badakit zer egin. Komentu batean bakean nire egunak amaitzera joan eta kito".

Miren- (Jauna, Jauna. Gizon honek goiko argiz hitz egiten du!)

Xabier- Zer gertatzen da? Pello gaur bertan ezkonduko balitz ere, nola hala bere sendiari gutxi nahiz asko laguntza ematen jarrai lezake; fraile sartuta berriz, kaixo motel; eskatu bai hobeto, eman baino... Horiek horrela direla, usteko duzue zuek bere etxekoek fraile joateari galerazpen biziagoa jarriko diotela ezkontzeari baino?
Ez ba. Fraile joan nahi duk? diote. Joan hadi ba; goikoak lagunduko gaitik... Jainkoa arestian jaio balitz bezala... Eta Pello gizarajoa komentuan sartu da, fraile txar bat izango da, eta bertan sarrarazi zutenak Jainkoari egunen batean kontu estu-estua eman beharra izango dute!...

Miren- Arren, aba! (Oso atsekabetuta jaikirik) Ez jarraitu, arren! Bihar bertan ezkon bedi!

Xabier- Zein? Ni? (Ikara handia agertuz).

Miren- Ez, zuk ez duzu ezagutzen! Nire Yon, nire Yon! Tira jaiki zuek ere!
Goazen haren bila!

Xabier- Egon, egon bakean; nik indarrak berritu arte (Baso bat eskuan duela).

Begoņa- (Oso urduri). Yon! Pello! Malentxo! Arantxa! Gogo-jardunak! Zortzi egun! Yonen tabakorik eza!
Zaldun aren fraile adiskidea! Ene Jainkoa! Zer da hau? (Arantxaren burua hartu eta begibegietan begiratzen dio) Bai, bera da! Ama zerukoa! Gezur honi azken ona eman iezaiozu!




VI. GUZIAK



(Yon sartzen da ta Xabierrengana doa eskuan mun egiteko asmoz; Xabierrek bere eskua eman beharrean Begoņarena damaio).

Miren- Yon! Yon! Hi haiz?

Martiņe- Jaungoikoaren miraria!

Yon- Barkatu, ama! Eta barkatu zuk ere, Begoņa; baina itsumustuan eta Gotzaiaren baimenik gabe fraile bikain hau egin beharrean aurkitu naiz, bestela esanda aintzakotzat hartuko ez zenituzten egiak esan zitzan.

Miren- Hau! Zure andregaia! Neskatxa egoki hau?

Yon. Honek ez zuen zuk adina berri gezur honetaz. Frailea eta ni bakarrik gara errudunak!

Martiņe- Eta frailea?

Yon- Frailea (Bizar-jantziak kenduta) zure anaia laztana da da, Xabier.

Arantxa- Ja, ja, ja. Txalo, txalo osabari! (Txaloka)

Xabier- Pello eta Malentxo. Barka biezait Jainkoak ez dagokidan jantziz jantzi banaiz, baina jantzi haiek gabe esan ditudan egiak esan banitu, ez zidan emakumeak j aramonik egingo. Ezkon zaitezte; zuen maitasuna gizonen txikikeriak hiltzeko ederregia da-eta: nik ere maitasun bat izan nuen eta ez jarraitzetik datorkit nire biziko zoritxar guzia. Aberatsa naiz, eta ezkondu zintezke, Pelloren beharkuna uzteko beldurrik gabe. Luzaro bizitzeko ez naizela ere igartzen dut, nire osasuna gazteegi gastatu dut-eta; hemendikantxe nire ondorengotzat aukeratzen zaituztet nire aberaskietan. Tira, Miren, neskatxa eder honen bekokian musu bat utzi ezazu...

Miren- (Negarrez) Zatoz, alaba! (Musu ematen dio).

Arantxa- Ez nuen nik esaten ezkontzea oso erraza zena? Hau poza! Txalo, txalo! Txalo Yoni, txalo Begoņari!.

 

 

 

 

 

 

 

 


Bertsio elektroniko honen jatorria: http://www.jazzfree.com/jazz9/arrain/

 

 

 

 

 

Atzera