ITZ-LAUZ

SARRERA-GISA
Berrogei
urte, aurki, ITZ-LAUZ liburuxka mamitsua lenengo aldiz argitaratua izan zana.
EUSKELTZALEAK zeritzan elkarteak LIZARDi´tar XABIER il da urteburuan (1934) omenaldi
ta gorasarre antzo, olerkariak itz-lauz edo prosaz egindako lanez bilduma polit
bat osatu zuan, Eta sakel-iburu txukun batean argitaraturik AGIRREtar JOSEBA
MIRENA'ren izen pean, onen izena goretsiaz gañera euskal kulturari irakurgai
ederrenaren emaitz yoria eskeñi zion,ITZ-LAUZ'en itzaurrea izengabe
ba-zetorren, bidezko ta zuzen da esatea D. JOSE MARKIEGI izan zan apaiz jaun
onbidetsu bezin jakintsu ta ederzaleak idatzi zuala. LIZARDI eta MARKIEGI
elkarren kideko zirala errez antzemango diozute iiburua xurgatu ala,Biok
gramatikari ikasi, oso ta jakintsu ziran; biak garbizale purrukatuak. Eta esan
bearra dago, agian, irakurtzeko zailtxoak. Joera au, gaur okertzat artuko dute
zenbait idazle gazteek... Errezkerira makurtuak bait gaude. Au ez dago gaizki erderakada ta
mordollokerian ez erori ezkero. Ulerterreza izateagatik bearrezko da, bai
itzezagun eta errikoienak erabiltzea; esaera arruntenak alik eta joskera
jatorrenean. Ez dezagun irakurlea, beñere alperrik aspertu ta gogaitu.
Au guzia
egia da, baiñan izkuntza landu ta gaitu nai danean gauza xehe eta utsetik
altxatuaz, arnas goitarrez eder jantzia eman nai zaionean, zillegi da asmamena
zorrozturik idaz-tankera goratu ta berritu nai izatea. Lan au ezin
dezake, naski, edozeñek egin. Maisutza
aundia bear du orretarako. Eta ori ba-zuten bai Lizardi eta bai Markiegi'k.
LIZARDI, asko entzun, ikasi ta irakurri ondoren euskera sakon jabetzera iritxi
zan. Ekiñaren ekiñez Axular, Etxepare, Mendiburu ta abar aztertu zituan.
Markiegi'k, zer nolako bidetatik ibilli zan esaten digu. Ez da ahaztu bear aldi
artan euskal literatura apurra arruntekerian eroria zegoala eta astinaldi aundi
baten bearretan. Lizardi'k euskera "aundiki soñekoz" jantzitzeko asmo
zuan gogoko. Berez "estetikoia" bait zan, Gongora-zale ta izkuntza
aztertzaille aukerakoa. Onek barka arazi bear digu iñoiz zerbait illun eta zail
arkitzea. Bestaldetik euskerari aberastasun berri bat eman diolako.
Aitaturiko
arrazoi guziegatik ITZ-LAUZ liburua berriz argitaratzea bearrezko ta
mesedegarri iruditu zaigu oraingo irakurle gazteen eskutan ipintzearren. Ez
bakarrik Lizardi'ren prosa-tankera yori aberats eta apaiña nolakoa dan ezagutu
ta aztertu dezaten, baizikan, baita ere ark erabillitako gaiak zeintzu izan
ziran; eta zer nolako zabal eta garrantziduna izan zan aren problematika. Nun
ikasi ba-dagola ez dago ukatzerik eta orduko kezkak gaurkoak dirana, Ez dezute
arkibideari begiratzea besterik: Literatura eta edermena, bide berriak... abar
eta abar. Ortan gendun Lizardi mutilla! Orduan ere eztabaidan ziarduten
euskerari buruz.“EUSKERA AUNDIKI SOÑEKOZ" lanean gai ori astintzen du.
Alegia; gure aundikiei biotzetan ez ezik ezpañetan ere nundik itsasiko.
Euskel
idazle xaloen alde jokatu zuan beti eta euskal aldizkarien bearra nun idatzi
izan zezaten, Amets bezala EGUNKARIA nola agertu zitekean arakatu zuan eta bai
"muestrako" ale bat agerarazi ere. Ez zuan asko uste amets ori egia
bturtuko zala, naiz denbora gutxirako, zoritxarrez, 1937´ko gudaldian,
"EGUNA”, izenez agertu, zan bostpai sei illabete iraunez. Askok ez dakite
bear bada gertakari au ta ez da isilik gordetzekoa. Egundaño ez dala ezer egin
esaten ari diranok ken zatela burutik uste txar ori ta begira dezatela esker
onez oñaze
artean
zutitutako leiaketa ura! Gure Lizardi, ain gizon bena izanik, doai berezia
zizun ziri ta umore lanetarako. Adar-jotzaille ta zirtolari trebea zan
ETXE-BARNE BIZIA, DONAPALEU´RA YOAN-ETORRIA eta beste zenbait saioetan agertzen
digunez.Alare Euskal-Literaturaren auziari opa izan zizkion bere adimenaren
puskarik ederrenak, Kezka onek eman oi zion buruausterik biziena; eta orrela
azken idatzitako lana, 1933 urtean illabete il aurretik, GURE BIDEKO MUGARRIAK
deritzan artikuloa izan zan. Labur bezin argi ta zuzen bere azken gogoetak
iraultzen ditu. Bai ondo eskribitzeko legeak eman ere BIDE BERRIAK ERAKUTSIAZ.
Berrizale ta
zarzaleen arteko eztabaidak azterturik eta iritzi guziak gogoan artuaz auzia
ondo epaitu nai du. Ez du iñor bere bidetik indarrez baztertzeko asmorik. "Elerti gaietan, zionez, ez bait da
biderik zuzenena norbere zale ta yoeretatik aterata ibilli araztea".
BIDE ta
BIDE-ONDO atalean "Larreko" agurgarria goraipatzen du, Naiz aren
iritziak iñoiz txorrotxegiak iruditzen bazaizkio, gizon eta idazle bezela agur
egiñez txapela kentzen dio.
BI MILLOIEZ
ZER EGINGO EUSKERAREN ALDE diru zuriketan, murgiltzen da kontuak egi biurtu
nairik... "Baliz'ko olak burnirik ez, ordea". Gure zorigaitza! orduan eta... orain!
Bestela ERRI-LAN dalakoaren alde dirua banatuaz zerbait egingo genuke.
EUSKO-IKASKUNTZA'ri
ta BERGARA´n egin zuan Batzarrari lan burutsu bat eskeintzen dio,
Euskal-Pizkundearen gai guziak ikutuaz EUSKAL-EGUNA antzerkiari itzaurre bikain
bat ipiñi zion ITZ-LAUZ berri ontan agertzen duguna. Euskaltzaletasuna
zabaltzearren eman zituan ITZALDIAK Arrasate eta Zumaia´n prosa eredutzat
ar-ditezke. Lizardi geiago zan idazle ta olerkari izlari baño, Mintzatzera
beartzen zutenean, ordea, elederrezko zituak ontzen zekian.
Azkenik,
erderatik gaia arturik euskeraz itzulitako puskak datoz, ontan ere maisu zala
ikus dezagun.
Orain arte
esandakoa naiko ta geiegi dala derizkiot Lizardi'k euskal prosa igo arazi zuan
bidea erakusteko. Guziok olerkari aunditzat aitortzen badugu, prosagille bezela
ez zala makalagoa esango nuke. Ark itz lauz egindako lanak bai gogaiez eta bai
tankeraz aintzat artzekoak ditugu. Itz neurtuz goi-mailla jo ba' zuan
gallurrera iritxiaz, itz lauz ere txairo ta apain agertzen zaigu. Egia da
oraingo giroa gure Literaturan ez dala aren denborakoa. Gaurko egoerak beste
jokabidea eskatzen du, bear bada euskeraren bizia zalantzan dagoalako. Bide
arrunta, errez, errikoi... ots! “prosaikoak" ditugu bearrezko.
Lizardi
zanaren legamiak gure euskera argala gaitu ta suspertu lezake zer nai
elbururako oretuaz. Azken naia agian apaldi eder ontan utzi zigun:
Baiña nik,
izkuntza larrekoa,
nai aunat
noranaikoa,
Yakite egoek igoa.
Soña zaar,
berri gogoa,
azal orixta,
muin betirakoa"
Antonio
M." Labayen
Hasiera
ITZAURREA
Gure gizon
pizkorraren euskal-sailletik natorkizu. Yasorik dituzu agian zeorrek ere, ene irakurle,
ark. Zorrotz eta bizi, irriparre gazia beti ere ezpaiñean, izperringietan eman
zizkigun idazlan begikoetarik zenbait.
Badio
norbaitek bera-bidean degula guipuzkoarrok gure euskalki-gurditxoa idazti-lauko
yardunetan beintzat; eta, zerbait dakianak iraulia izaki baipen garratz ori,
begiak zabaldu, adimena pizkortu, idiak gora-bidean yarri ta akullu-eztena
erabiltzea dagokigu soil-soillik. lkas-ordu ál degu, euskera gaixoari oartuz,
zabarkeri narrasaren ondoren beltz negargarria.
Gaur orrátik
eskuetan dezun idazti onek ames-bide xuxpergarririk ematen ál dezakio
gipuzko-euskerari ta aundiki-soiñekoz yantzi-bearrezko leiaketa gorri ontan
gabiltzizun xoxokumeei. Badizut nik beintzat azi-ale onen
emakorrez itxaropenik asko. Ta bidez noski: belarri-belarrietan bait-ditut
oraindik gaurko, onen anaitxo nagusiak -"Biotz-begietan"
olerki-idaztiak alegia- yaso-txalodurundak. Gure arteko buru-yantzienak, ez
Euzkadi'ko, Ludi zabaleko olerkari artean zer txapela kendurik ez zualakotzat
etsi ziguten Lizardi. Amaika ao-goxoen miazgarri dituzu aren biotz-begien
emaitz yoriak! Eusko-gogoa mamitu bait-dizu olerkiz, beldur-izpirik ez nik,
euskoak eusko iraungo duaneño, ez-aztukorra ditekela baiestean; Eusko-baratzan,
lore eze zimel-eziña ditekela menderen-mende idaztiño yaukala. Lendik ere
aipatua gendun-idazle pizkorra ark goimaillaratu zigun, ark ezilkor-ustaiaz
burua bil.
Ta, arrezkeroko olerkari-lanai oartuz, ikus nabaroki
aren eragin izkutua; 'guziok nonbait guren izan-nai, bestek urratu-bidea
arakatzeari gatzazkio oarkabean ere, Yainkoak zorionez giza-biotz-zokoan
yaulki-aundiminazi eragikorrak aginduz.
Azi emakor bekigu au ere ba. Are emakorrago, olerkari
edo diralako yainkozko gantzu bereziz igurtzitako giza-gurenen gogai-aria naiz
idazkera ez bait-ditezke oroen ikasbide ta yarraigarri eman. Au bai. Sumatu
zenezake noizik beinka olerkari-arnasa goitarra, gauza xé utsei eder-yantzia
emanez; badituzu agian aiek ainbat giarreko olerki-gai naroak ere, baña
yaulkiaren piztugarri dituzu, ez esanaiaren gerri.
Ta, bearrezko
ez ote, esakera lauan ere? Ala, igatuitzez, asmamen biotz-begien atea lau
giltzez itxi ondoren, bidezabal-ertzetako makal txuxenak bai-liran, xut, mè,
oillargabeko oillo-lerro, yosi-bearrak ote gaituzu itzok esangaia nabarmen
larri ez danean? Ez. Atsegiñik asko demaio gogo eder-minbera orori beingo
goxoki usteezak.
Ala ere, ez
nazu, argitara-gaiak aukera-bearrez, olerkigogai atzetik ibilli, lèn yaso-ez
apurrez olerki-idaztiaren geigarri bat egiteko asmoz. Badu an, nik uste,
olerkariak naiko non murgildu ta non ikasi. Ua olerkarientzat bezain, bedi au idazti
lauezkoentzat ikustegi berdingabe.
Tkiki, sakelerakoa, nai izan zizun Lizardi´k ua;
orrelakoxea eskeintzen dizut
nik ere au,
nora-nai eraman ál dezazun.
Lén-ukaldiz,
azeriari máts-aleak eldu-ez bezela, eskuraeziña baderitzaizu onen mamia, ez
dezazula arren zokora; oartu bai, Lizardi bera ez zela betidanik... Lizardi; ta
ez zitekela gero ere, idazle-lén-urrats baldarrak eman-bearraren nekeagatik,
luma-paperak bertan bera utzi izan balitu betiko.
Zer pozaldi
ematen ál nizuke, irakurle, ikasketa-aroko ingurraztitik aren lén-idazlanetatik
zenbait emen aldatzeaz! Yakiñik zaude zu agian esan idatzi bear dala ta ez
ezan; ba, zure pozgarri, badakuskezu an onela idatzita bein baiño sarriago. Bai
erdal-kutsuak eman-esakera bat eta bi ere. Neke-bide ua ibillia dezu beraz
gaurko Lizaldi itzalgarria; ta ez da ortaz zer lotsa; mendibide-lokatzak abarka
zakarrez gaindu ondoren yaztetxe-atarira elduki, Ludiko apaiñenen aurrean, orok
ederretsi-bearreko zaldun-oski garbi dirdaitsuz yantzia agertu bait-zaitzu
gizona.
Lizardi'ren
euskal-ikasketarik aurrena ekiña izan ote zalakoan nagokizu. Igi-almena
ibilliaz erakusten bait-da egokien, euskaltzale bezain laster zendun euskal-idazle
saiatu aspertezin ere. Ez izan noski egi-beldur ta bai osoki gizon,
euskalegiaren argia barnean izetu zizunez gero, egiaren ondorenik ondarrena ere
egi-ta bide zuzen beraz-zitekelakoa oartuz, egin-ál giñoan yo zizun yo bekoki
zabalez bide ortan gora. Ez dugu au ikaskizun zokoragarri gaurko pizkunde-egun
auetan ere amaika euskaltzale zabar erdal-yariok. Giar gaitezen giar, ta gizon
bizardun euskera-lantze-arloan, ez gantz koipe-uts.
Aro
ontakorik, esana dizut, ezer gutxi dezu yaso-ál emaitz eldurik, gero aztertu ta
mamiagotu-olerkiren bat ezik; naiko lan bait-zizun gizagaixo erdal-kutsatuak euskera
áztu maite-berriaren biurri ezigaitzak menderatu eziñez.Ekiña ekin, Axular ta
Etxepare irakurtze ta zeatz aztertzeari eman zion aldi. Itz, esaldi, yoskera...
an dituzu oro arretaz yasorik, ez errazbidez buru
aztukor-altzoan,
arkatza erne ta errukigabe erabiliz, idazti-zokondo ta lerroazpietan piloturik
baizik. Ta badioakigu... Lizarditzen gure gizona.
Ala bearrez,
desagun Yainkoak ala naita, gora-bide neketsu zail aren biurgune batean, yaun
zúrr, buruyantzi, aldatz aiek are goragokoak aspaldidanik ibillia, sortu
zitzaion lagun: "Orixe”. Berak dio ederki. oi duan mintzo-ari legunez, oraindik
oraiñagoko idazlan batean :
"Ni
izan ez banintza, oraindik argitara gabe zegoan' Lizardiren liburu txoragarri
ori. Egia esan, ni izan ez banintza Yainkoak besteren bat sortuko zun; baña ni
izan naizelako ez al daukat pozbiderik? "Etxeak bear
ta bideak ekarri",
dio esan zarrak. Arentzat ontan ni ekarri nindun...»
Ontan ori
bai bide-da Lizardi'ren olerki-liburua argitaratzerik baiño zabaltxeago. Alkar
ezagutu aurretik ere bazizun Lizardi´k, ikasi-naiak eraginda, "Orixe"
ren idazlanetarik, Atsular-Etxepare'en idaztiak bezela, oar yasogarri ederrez ertzaturik.
Gero, lén-ikustaldiz egin bait-ziran bein-betiko elkar-bearreko lagun min,
eguneroko yardunean, solas-bide násian, elkar-idazki bidez..., aren buruyazten
onen edergaillu-ixuria noraiñokoa izan denik ez bide da erraz mugatzen. Baña ez
iñork uka bederen, bidezko ere bidezko duala "Orixe"k, bestek ez
ainbatean, Lizardi'tzazko pozbide ori; au izan bait-zizun zirikatzaille,
elerti-ederti gaietazko aren illunaldi ezyakiñetan argi-emaille, erditze
guzietako aur-yasotzaille ta epaillari zuzen. Ots, onen eskuetan eldu zitzaigun
"Urte-giroak” naiz "Erdi-bearra”ren idazle emaitz guria. Ba-dio ortaz
ere euskerak zorrik aski.
****
Ta goazen
idazlanetara. Euskera aundiki-soiñekoz yantzi-bearra izaki nonbait bere ikur,
ez zizun lanbide ortan asti aundirik galdu. Yo itzazu batera olerkiok, emengo
idazlanok eta erdal-saillekoak ez gutxi, oartu bestalde gazterik ere gazterik
eraman zigula gure Yainkoak, eta ikusiko noski atertugabeko ekiñean ari bear
izan zizula, lantegi-arazoak utzi-tarteetan, zertxork utsenak ere ain landuki
emateko. Onegatik batez ere (azkenengo yaialdideirik apurrenari ere ertzak
zearo artu-bearra bait-zan) era Euskaltzaleak, Batzoki ta, euskal-bazkun ez
gutxik-langille purrukatu zezaguten-arengana bait-zuten yoera erraz beren euskal-lanetarako,
guk nai baño urriago ditu elerti-gai utsezko idazlanak. Iru mordoxkatan banatu
bide-ditezke oro: elerti utsezkoak, eztabaidakoak, eta apurrak deitu ditzakegun
lenengo bietan sartu-ezak.
Idazti xumea
egitekoz, oro ezin argitaratuz, asi nintzaizun aukera-naiean. Bai laster
erorbide labaiñik begiz yo ere: eztabaidakoak asko izaki, ta zaurigañeko mintz
berria mé agian oraindio, itzul-iraulirik naiko egiña naukazu nere burutxo ontan
iñor ez mintzeá-àl bidea asmatubearrez. Arkitua al-nizuke guzien oniritzizkoa.
Zer dezu
emen ikasgarririk? Irakurriaren irakurriz itsatsiko bait-zaizu oarkabean onik
asko, neonek ere egiten ál ditut nere motzean zenbait oartxo neke-aringarri al
ba litz. Lénengo, auxe beintzat: aspergabe ekiten. Gero, oar bederen ez dezula
Lizardi gogaiak etorri-ala yaulkitzezale, baizik buruz eio, aztertu ta bae xéan
igaziak bakarrik dutekela arengandik mundura agertze-baimen.
Ta, nekearen
igesi, sarri yo oi bait-degu idazle geralakook gogaiok (euskeraz gutxi
erabiliak batez ere) ez beren, baizik aien senideen mintzo-soiñekoz yaztearen
zabar-bide lotsagarrira, yaso dezagun ikaskizun au ere; ez bait-degu euskera
txiro-etxeko azken-ume, anai nagusiago guzien praka igatuak erabilli-bearra.
Billa dezaiogun gogai bakoitzari bere mintzo-soiñekoa, ta egin berria bereziki
ta alik apaiñen yaioberri naiz (gure zabarrez) oraindik biloizik ditezken gogai
yaulkigarriai. Ba al du ortik euskerak aberasbiderik.
Gogai-ta
mintzo miatze ortaz alde, labur-nai ere badezu Lizardi, esaldiari itz alperrak
iñausi-zale alegia, edota bi-iru itz alkar-ari zorrotzez biltze-zale. Baletorke
iñoiz emendik, egia esan, iluntasun apurrik edo adimena ziritubear nekegarririk;
baña itzok eraz, euskal-belarri-arauz yostekoan, txalogarri zait eta
yarraigarri neri beintzat, amaika izkera yantzik berentzat nai luteken mami-mamiko
aberastasun yator bait-du au gure euskerak. Bestalde, geiegikeri bildur-mildurra
kitatzen ál dezu ortikako yaulkialdi zorrotz, bizi, ertsatuz.
Irakur-arian
yaso-oar ugarietatik auexek bederen aldatu ditzaizudan esanaren eutsigarri.
Igazkotu-kutsu dio zarkutsu-orde, ginbaillaz. Nora-agiria pasaporte. Gero-gai
erderaz "elementos para el porvenir» esango bagenu-edo; oler-zaletu-arazi...
; esaera zorrotz-adibidez, ona: euskerak etxekotu gaitzake... senide guztiok;
euskera gabetzeak arroztu. Ederrez oar zatzakie auei: gure belaunaldiaren
muturretan eten bear badu euskaltzaletasunak...; Aberri-aldeko gogo-gudari-sailletan
olerkaria beti da lén-oiñean...; Gogai-eltze deitzen dio, gaziki buruari...
"Etxe-barne
bizia" aipatu bearra dizut, Ez diteke ez lumaz, ez margoz, ez argazkiz,
etxe-barne-ikuskizun ori bizikiago ikus-arazi. Zein erraz ta neurriz datorkion
bearmintzoa. Bestalde, badezu or olerkari-aztarnik ere. Ta bat
aipatu, bioaz atzetik nere aorako milixkagarrien dituzun Erdi-bearra” ta "Olermen-irakite".
Gogai esangaitzak yaulkitzen ikasi ál geneza ortik.
Emen dituzu, azkenik, Euskal-Egunkari artazko, bi-iru
idazlan ere, ames yori aren agerkai ederrik geldi dedin, amesa egi guri
biur-garaian aren aintzagarri.
Esanak esan, ene iraurle, egunari bere neke-saria eman
ondoren, artzen ál dezu idazti au, sagar maotu ao-kilimakor bezain aiduruz, ta
gorputzari atseden eman-bearrez, yartzen-ál nasai ta astitsu. koxka bat eta
koxka bi, artuala eioz ta are miazkatuz, barte-kutsu izkutu gozoa zureganatu ta
zuretu dezazun arte. Auxe nizuke, geroari buruz, euskera pizte-ta edertze-ál
uste-sorgarri argienik: eundaka, millaka euskal-eskuk yaso-ál bageneza aizera
nork-bere iekitxoa erabiltez igatu, xártu, koipetua,
Hasiera
ETXE-BARNE
BIZIA
1.933'ko
"Kirikiño Saria" rako aukeratua.
Aspaldikoa!...: irea oraintxe jasotzea egin diat. Ez dakik nolako pozez irakurri dedan. Izan
ere, sei urte elkar-ikusi gabe... Baña, oraingoan ba'ator, ta ,osoko etortzea
izango al-dek!
Emaztea ta
guziok onik gaudela esatea atsegin zaidak. Nere koxkorrak ezagutzen ez ditukela-ta
aien argazki (erretratu) bat eskatzen didak. Ni ortan, orde, zabar-samarra
nauk, era erretratuz etxeon ez gatxeok orrein ornituak. Baña, dana dala, eure
begiz nexka-mutikook ezagutu bitarteko, neronek egingo diat, nere eskuz,
argazki..., ta, ia zine ere esateko natxegok: "etxe-barne bizi" bat egingo
diat, erderaz bodegón viviente esango ba-genduke bezela. Bart-arratseko ordu-erditxo
bar dibujatuko diat, era artara alde-aldera antz-emango diok aurrak nolakoak
ditudan: ots, beste non-naikoen antzekoak.
Atarian
illun, ta Ieioan mingor ttunttun-otsa diranean, goxoa oi-dek etxeko sutondoa.
Ala bart, gurean. Ta, etxebarrutik aur-zarata ba'lebil, areago: ordun, adiskide,
suaren garrak argiago ziruditek; dardara giarragoz ibilli zebiltzak, goia
miaztu-bearka... I mutilzar gogortua ago, ta ez bide-dek azken ori sinisten.
Erruki aut, gizona! E-tzak parrerik egin.
Baña, itxon
orain: dagoaneko begi-aurrean diagu nere mutiko zaarrena. Bost-bat urte
dizkik. Alki batera
igo, egutegiari eguna kendu, ta bazetorkidak. Galderaz josiko natxiok... ea an
zer jartzen duan; ea zergatik ura jartzen duan; ea zertarako jarri duan ura,
ura jarri duanak; ea urrengo eguna igandea dan, ta ea zergatik igande ta ez
ostiral; ea zenbat lo eginda sartuko dan
Orrilla-Maiatza'ri
ala esaten ziotek orain- ... Jakiña, azkenerako, zakurraren ipurdira biali bear
izan diat.
Ez dek samurtu. Etxean barrena an ziak orain,
Tolosa'ko iñauterietako jo-aldi zoro aietarik bat joaz : Tún-pa tún-pa tún,
tarápatatún, tarápata túuun-ta...; era abar: badakik zein esaten dedan. Alako zalaparta eramangarri ezpaita, berriro
oju-egin bear izan ziot, ixiltzeko. Luzaroko, ez, noski.
Nondibait
dabillen bitartean, ikusak bigarrena. Mutikoa, au ere. Arako muxugorri begibeltx
ura dek. Begira akiok: aurpegi biribiltxoan, bi kilker diruditela zeuzkak
begiak, kantari. Au, barexeagoa dek bestea baño, zalaparta gutxiagokoa. Bere
buruaz jolasten bazekik, eta ez dik ori jakite makala. Arkatz aundi bat -lapitzari
esaten ziotek arkatza- eskuan, eta aoan ere maiz, ingia (papera) lur-gañean
zabal, marrezka ziarduk. (Dibujatzen, alegia: ik euskera berria egoskaitza
dek-eta, argatik argibideok... 0!, atsegin zeok umeokin, euskel-ikastolara
dabiltzanez gero! ... ) Baña, ara: oraintxe zutitu dek gure dibujantea:,
tatartxoa izanagatik, erroen biurri-antxak era ibilkera aundizkoak alako
gizon-takera parregarria ematen ziotek Tottelmotelko mintzoz, ingia eskuan dakardala,
ala ziok: -Aita! Dixona iratzi : anttak e baritu! ...
Ori esanda, berriro
bere txokora yoan dek, « dixon asto iraztera". (ldatzi, zerari...
eskribitzeari esaten ziotek).
Baña, ontan,
emen zetorrek ixilka zaarrena, biurrikeri berriaren bat asmatuta. Tiragoma
eskuan dula, dixon-egilleari ogi-mami bildu bat kazkora irauzi nai litxiokek.
Bearrik, garaiz iritxi nauk, eta, kazkarreko bat emanaz or biali diat berriz
ere etxean zear.
lkusi
bezela, mutiko ttentte, xurigorri, piña diat; begiak, aundi, gozo, pakezkoak
dizkik: arkume otxanaren bezain... Baña itxuraz-bestez, eziñegon urduria dek.
Aren aldamenean, iñor e-tzegokek geldirik.
Baña, ixo,
gazteok: oraintxe zetorrek-eta, sukalditik igesean, danetan biurriena; nexkaa,
alabearrez... (Porkuantobós esango ukek ik). Ikusak orain atean: begiaundi,
xudur-piporta, gaixto-irri zetorrek, oi-bezela, arentzako ainbat pixa-oial
sortzerik ezpaitago kristau-etxeetan. Bazetorkidak, eta berrikera luze bat egin
zidak. Ik uIertu
al-diok? Nik ere ez. Esperanto-modu bat asmatua dik, eta arekin
aritzen dek. Bereala, eldu zidak eskuko beatz: lodia, nagon alkitik derriorrean
yaiki-arazi, ta an naramatxik zuzen-zuzenean “berak dakian xoko batera"...
Gozo-ontzitik azukre-koxkor bat atera ta eman izan ez ba'nio, aundia gerta
zitekekan gure etxean! ... Arrapatzen nauen bakoitzeko eginbearra diat ori.
Badakik, mutilletan ere, neskatxa gazteentzako bigunbera-samarra nindukan...
Azkenik, seaskan esna, guzion yardun ta ots arteon,
beti parre-antza, beti yaramon-eske, beti lerde-yario, ta beti titirako pronto,
or zegok aurtxoena; gure begi-alai, buruzuri txikia: urte-erdi doi-doi betetako
gizontxoa.Ontan, berriro zetorkiguk zaarrena, berak egindako mozorroa apergiari
txistuz itsatsita, buruan ingizko ginbail aundi bat dula. Esan diat, bere txotxolo arpegi ta guzi,
au etxean dagon arte pakerik ez dagola.
Ez-uste
batean, or ziyoakiok baxterrean "dixonak irazten" ari uanari. Yotzen
dik besoan; beraizik, eta, yakiña, "dixon"' berri egiñerdiari
"antta" samurtu. Samurtu dek ertilaria ere ta asi dek karraxika,
estea sabeletik xintzilika bai´lerion. Or naasi dituk
biak, ukabilka. Alderik-alde, elkarren eskera ta elkarri eskainka egiñalean
dabiltzala, yo ta ankaz gora bota ditek nexka gaxoa; ta, txikiaren seaska are
iraultze-arrenean yarriz, etxe osoa bete ditek marruz, iskanbillaz ta dunbateko
gaitzez.
Eskuak eta ipurdiak, elkarrekikoan, oi-duten ots
berezia ere aguro asi uan, ala bear ere, ta maiz-samarka arranoak ez ba-du; ta
nekez bederik, noizpaitean, batzu erdi-errenka ta bestetzu oso narrazka,
zuzendu nizkian danak sukalderuntz.
*****
Oeratu
ziranean, orratik, gure pakea! ... Yosapatzelaiean epai-ondorengoa zirudiken.
Aterrune ari gogoa atxikita, leen- erauntsiaren oroitzez artean aundiok ere
ixilik geundela, su-garren gorabear kizkurrari begiak yosita, nere buruari ala
nitxion: - Ta, alaz guziaz ere, koxkor oiek beñere ez azitzea nai nikek! Nere
esku balego, gurasook zaartu-arren, oiei gaurkoxe tamañan-eutsi nai nitxiotekek...
Bazekiat:
-ez esan- buruan zer ari dekan. Erode dek gogoan: urà gizonaren burutsua, ez?
... Ongi ezagutzen'al-aut?... Baña, iñoiz aurrik izateko yaioa ba-aiz, Erode
gorroto-izango dek. Gogoan artu.
Agur, agur, adiskide. Beldur nauk zaartzen asia
ote-naizen... Aitontasunaren
xamurra ote-zebilkidak barruan, aldiz-aurretik?
Aurki arte.
Emazteak-eta, goraintzi miñak. Bidaldi on ta osasun obe Yaunak!
1932-
Yorralla-14'g.
Hasiera
_____________________________
ETXE-BARNE
BIZIA
España-Legebiltzarrea
nere begipean
Etxe-barne
bizia dut au ere. Gaurdañoko bigarrena. Oraintxe digart, «etxe-barne bizi"
edo bodegón viviente diraleko oetaz, elerti-sail yolasgarria egin ditekela.
Baña, au ez duk gure etxea; orrako txontxongillo oek ez dituk nere aur gaxoak.
Beraz, itzalez begirzatze'àl-ziotet, itzak eta irriantxa xe-xé neurturik.
E-nintzan
egundaño sartu Españako legebatzartokian. Leizaola arpetarrari zor diot sarbide
baten yabe egiña. Yainko onak ordainduko al-dio.
Egia esan,
goitik béra begiratuta, areto onek ez dirudi izparringietan barrena bezain
ikaragarri.. la-ia béra yoateko ere ba'damada ausardia.Utsik dago oraindik. Alki gorri oetan
atze-aldeak atsegin dukela deritzait. Bai begiak ere nik emendik goitik baño
-irugarren lerroan bainago- ikusala zabalagorik. Arraiotan!, aulki urdiña ez ikusten noizean-bein altxata ez ba-da...
! Yaurlariak datozkenean, ezin begi-emango diotet atzez-aurreka baizik. Azaña'ren
ortzalde eder ura ikusteko irrikitzen nengoana!
Laurak
Asi-garaia. Lendakari-aulki-atzean lau atemorroi, soin-ertzak urrez aski-apaindurik.
Baña orra Lendakaria bera ere, dagoaneko; Besteiro yauna, alegia: soinkera
neke-antx pinpirinez ba'dator aulkira Nik, begiak ezo-dirdaika, begiratzen
diot: orain zenbait urte, Lojika'n silojismo bat askatzen e-nekielarik,
sobresaliente eman zidanez-gero, xamurbera natzaio.
Aldunak
bakarka ta nekez datoz txita aseak ore-ondakiñetara bezela. Zortzi-bat-amar
bildu diraneko, Royo Vilanova bizar-zuria dugu zutik, itzaren yabe Au agurearen
aserrekoia! Zaragoza´ko ikastetxe nagusian barrabaskeriren bat egin dulako
zabaldu omen-zuten atzo, ta ori ez omen-da gizalegea. Aizeari, beintzat,
astiñaldi ederrak eman dizkio.
Gero, lekaro
gorri artan, gazte iztun bat yaiki da. Erderazko idazkirik Ameriketara ezin sal
ditekela dio, papergiñak ase-ezin batzu omen dira-ta Tolosa'ko lagunak gogoratu
zaizkit bereala, ta erruki ditut. Baña, erantzun dio Carner'ek nere lagunen
alde. Itza labur-ebakia du yaun orrek, eta burua muñez ornia, dirudienez.
Bakarka-bakarka,
txindurriak txindurritegi-bidean bezelatsu, baña ez ain arazoturik; badatoz
aldun geiago.
Bata
bestearen ondoz yaikitzen dira olako ta alako, nork-bere eskariak egiñaz. Lendakariak
beti legun erantzuten die. Nik uste, eskari oien etorkizuna ta auntzaren
gauerdiko eztula or nobait ote-diran. Baña mintzalariak, bereak eta bost irauli
ondoren, pozik esertzen dira, ta, uts egin gabe, bereala atarira diyoaz,
inguru-ibilbideetan barna iñork zorionik esaten al-dieten.
Bitartean,
aldunak ugariago datoz, norbere tokia beteaz. Ni erne nago, ezagunei gogozko
begi-keñu bat egiteko zaletuta. Izan ere, bizi guziko atsegiñik aundienetakoa
dut auxe: irrimar-utsez (karikaturaz) dazauzkidan gizon ospetsuak ezur-mamitan
ikustea. Ordun, barruak yauzi pozkor bat egiten dit, eta ezagun-berriari,
nerekiko, itz maitekor zenbait zuzentzen dizkiot: "Kaxo, gizontxoa! Zu
ziñan, beraz... Onik zaude! Beyondeizula." Eta, aldameneko lagunekin
berriketan asi ba-dadi, itzak-ezik aotik ontzako urre gorriak yalkitzen ari
dala dirudit. Eta, yakiña, txoraturik nagokio, begira.
Besteiro'z
beste, ezur-mamiz ezagutzen nuenik, Aldasoro, tolosarra, ozta-ozta. Lén
bezelako mutiko ederra dago. Etzaio àztutzen noizean bein ikustegi-goialde-ezpañetara
begiratzea, emakumeak baitira an nagusi. Besteiro'ren ezker-aldetik yarri da.
Baña, lén
esan bezela, ezagunberri zenbait egiten ari naiz. Antxe dago Maura aurpegi-luze
beltza. Zuzentzakikoaren senargai guri Ossorio'rekin berriketa bizian ari da.
Ez urrun, "gure" Unamuno ere. Agure orrek badik, orratik, puskaterako
osasuna-, oldozbearrak ez al-dik gizona asko ondatzen. Ille-bizar txurien
esi-barnean, aurpegiazala, aulkien gorria bera lotsarazterañokoa, ageri du.
Txantxangorri kantari Melquiades da, nonbait, araxeagoko ura. Marañón ospetsua,
urrengoa. "On" Alejandro ere -zer esan ez dakienean ixilik egoten dan
gizon garaia- oraintxe eseri da zabal-zabal, aurpegi-erdian sudurra zuzen, surpekoa
ezpañaren babesgarri eder. An dator Campoamor andereñoa. Or, apaiz lodikote
bat: irrimarrez ezaguna det, baña izena àztu. Urrena, Nelken andereño liraña
(zerbait esan bear emakumezkoari, polita ez danean); orrako mutiko argal betaurreko-beltz
ori, belarri-ertzera itz goxoak esaten ari zaiola dirudit. Begira, Xanti Alba ere; e-tzian Primo
gizagaxoak asko uste aulki oiek berriro berotu bear ituanik.
Arpetarrak uts egin digute gaur. 'Geienak,
aberri-miñak ukitura, aldegiñak dira, or béruntz. Begira Horn gizagaxoa,
bakar-bakarrik, moko-luxe, erromazale otxan bati dagokion eratasunez, Galan'en
ereñoki (medallón orlado de laurel) azpi-azpian, ain txuxen ere. Euzkadi'ko
yainkoti utsek toki 'ortan ba'lekuste orratik! ...
Bazterretxea'ren surpeko Charlot'iarra ere, ta aren
buru xoil ta begi beltx biziak, giza-ardatz muturrean or dakustzit,
Batzorde-lagunen artetik aruntz-onuzka.
Baña, ixo!
Nik ezagun-berrikoak egin bitarte, galde-eskari salla agortu da, Yaunari-
eskerrak.
Ordun
Besteiro´k itz ernerazgarri ok yalki ditu: "Ortega Gasset Yoseba yaunak du
aldi".
Gizontxo bat
zutitu da, Unamuno ta Maura tartean. Arraioa!, onixe ez nitxion bada nik
begi-eman. Ta bera duk orratik: gogai-eltze aundixkoa atxe-samarretik ille
orraztuz ebakia, bekain-lerroa aldero-antxa, itsusi aurpegiz, elez eder.
Atsegiñez,
esertokian ipur-kabia sakontxeagotu dut. "Ez diat zorion makala", diot
nerekiko.
Ordu bete
t'erdian aritu da. Unamuno'k, noizean bein; alako begirakun bixia botatzen
zion, esan nai ba´lio bezela: "Ez, konpañeo: nik ez nian orrela esango; nere
aldean mutil-koxkorra aiz!"
Urrengo
egunean, Madrid'eko izparringi batek ala zion: `Beti bezela, orain ere, buruz
ezer dezateken gizonak, gaztelarrak: Sánchez Román, Ortega Gasset..." Bereala,
Unamuno'ren begi bixiak berritu zitzaizkidan.
Tayuz
itzegitea korapilloak askatzeko aski ba'litz! Baña, besteri poza ta aurpegi
alaia eskatzen dizkion gizon orrek, Catalunya arloa goibelki, illeta-eresiz,
aurkeztu digu. Erabat zuzengarria ez-omen da, alegia; minsorrez eramanbearra
baizik. Catalunya erri nai-ta-ezin bat omen da: betidanik eta mendeen
ondarreraño goranaiaren oñaze bizia berekin ibilliko duna.
Erri aundien
eta txikien abertzaletasuna ez omen dira gauza bera; iturburu batetikoak bai,
alegia; baña, aundiena eraikitzallea, bestea ondagorria: batak gora begiratzen,
besteak bèra.
Asmakunde
polita, benetan.
Kataluñarrek
ez omen ditute beren buruak españitarren anaitzakotzat; argatik korapillo aren
ezin-askatua; argatik estatutoaren muin izkutua askatasun-asmoa izatea. Baña,
bereala berriz, kataluñarrik geienek muin ori gogoko ez dutela esan digu.
Catalunya
osoak ala nai izanda ere ordea, zer? ... (Ortega ari da). Aiek gu maite ez,
baña guk anaitzat baditugu, bidezko al litzake gu geiago izanik gure nai ori ez
nagusitzea?..., aiek anai ez ditugula epaitzea?... Au ere ez dago gaizki esana.
(Orain ni ari naiz).
Baña, dana
dala, zerbait eman bear zaiela aitortu du. Buru-yabetza apurrik gabe, aldika-aldika,
besterik eziñak eska-ala, zenbait eginbide utzi bear omen zaizka.
Orratik,
irakaskintzakoan onetsi zabala eman du: bada zerbait. España´k Catalunya'n ezer
gutxi egin omen du -zer esango guk!-; Barcelona añako uri batean, Cuenca'n ala
Soria'n bezelaxe "Instituto" bakarra, Doitxerria'n berrogei ta
Prantzia'n amalau legozkiolarik Ta, irakaskintzari buruz bezela, gañontzeko gaietaz
esan omen liteke.
Luzexko egin
arren, guziok ixilik entzun diogu. Azkenaldera, txalo anitz; mintza-bitartean,
bat-ere ez: guziak erne, baña iñor ez da berotu.
Campalans
kataluñar sozialista yaiki da urrena. Estatutoaren alde. Ele-eder aren ondotik
itz-egin bearra ez du lan atsegiña, noski, ta egia aitortu bear badet, gizagaxoak,
lasai-samarra dirudian arren, izerdi ederrak atera ditu; aria nondik-nora
zerabillen, berak ere nekez àl zekian. Eseri danean ez duzu aserre.
Lendakari-mai aurretik mintzategi bat dago. Tarteka,
ministroak, idazkariak-eta, ara igotzen dituzu, ta idazki garrantzitsu zenbait
irakurtzen diardute. Atariko
aizeari baño yaramon geiago ez die iñork egiten. Egin nai liekenak ere, belarriak
arrotzea alperreko lana luke, ango marmario-otsaz ezpaitago ezer entzuterik.
Estatutoa
orain, berriro. Batzordearen izenean, Bello'k azalpen batzu egin ondoren,
Abadal, Lliga'koak, itz-egin du. Yatorki-samar, arraioak ez ba-du. Aguretxo bat duzu,
oso begikoa. Ingixka batzuei gaibidea noizik-bein eskatuz, or ari dugu neke
aundirik gabe.
Ortega-Gasset'en eta Sanchez-Roman'en asmakizunak
poliki-poliki autsi ditu, España´ko Lege Nagusia eskuan artu-utsarekin. Ez-arian
bezela, orretxek bota ditu gaur arratsaldeko arrazoirik mardulenak.
Beste gauza askoen artean, Ortega'ri onelakoak bota
dizka: "Orain zenbait urte, guk, Lliga'koak bakarrik, autonomia eskatzen
gendunean, gutxi giñala erantzuten zeniguten: gu ez giñala Catalunya. Pixkanaka,
ango alderdi guziak abertzaletu dituzu, ta orain emen gaude guziok, kataluñatar
aldun oro bat-egiñik, Ièngoa bera eskatuz. Ori gutxi dalarik, err-iritzia nai zenduten eta egin da: Catalunya
osoak Estatutoaren alde bota du ... Eta zuek, antziñean bezela, gu ez gerala Catalunya,
diozute: geienak ez daudela, Catalunya'n ere, gure alde. Zer bear duzute
bada?... Zeok egindako Konstituzioa e-tzazute ukatu, bai, ta aski dugu.»
*****
Zuk ere aski duzu onezkero, irakurle. Ta Besteiro'k
guziori atsegin ematearren, yoaleaz batzarrea azkendu du.
Lau ordu-t'erdiko egonaldi ederra egiñik nago, ta
utziko al didazute kaña batzu artzera yoaten.
Ta orain Erkalaren babesgarri-legea ez al didate
ezarriko, legegin begiragarriok ikusi bezelaxe antzeztu ditudala-ta.
Madrid'etik,
1932-gko. Orrillak 13-g.
Hasiera
___________________________
ERDI-BEARRA
(Errenderi'ko
Euskel-olerti-yaiari Eskeñia)
Olerkariok degu orain aldi, gorapenak yasotzen. Bazan ere garaia! Irutsu urte auetan kikilduta
bizi giñan, "Orixe”k eman baitzizkigun beñola ederrak... Izneurtuz idaztea
txaldankeri agiria dala, bertsoak beti dirala txar, beti mintzo aizun; eta
abarra...
Beltzena au
zan: geren artekoxe batek, bere leena ukatuz, -amaika izneurtu ederren egille
baita "Orixe" yauna- ain errukigabez gu yo-bearra. Bederen, AIjebra-irakasle
bat izan ba'litz, ziri-olerki edo epigrama diralako oien bidez esate'aal-genizkan
bereak eta bost. Baña, geronen senide-artekoak uka: orretxek biozkabetu
ginduzan oso. Gauza ez, ari yarkitzeko, gizagaxo batzuk baigera; ta nik dakit
nolako nekeak eramanik gauden, gure neurtu-griñatxo au -zauri lotsagarri bat
bai'litzan- izkuta-eziñik!
Gaur
besterik da. Leen ergel ta arlote ainbat. Gaur gizaguren,
gizarteko bitxi etsirik gaitue. KoIkorako ba-darabiltzigu, bai, geren
zalantzatxoak; ain aintzagarri otegeran, alegia; baña, koIkoan, zuurki,
gordetzen ditugu. Aizealdi bigun onek ere aldegingo baitigu, gauden goxo-goxo,
sutondoan katua baño areago (neurtitzak irten dit!); dagon arte bon-bon,
gorapen zoroenak ere ederretsi ditzagun; gauden ixil-ixilik..
¿ Zer esan ,
det? ... Ixil-ixilik! ... Or zegok, bada, korapilloa! Nork ixillarazi
orain gu, gu gallenduok? Bereala neurkin erdoitua zokotik yaso, ta, zalduño-makil
koxkordun apain bat bai'litzan, eskutan biurrika erabiltzeari eman baigatzaio! Nork gu burutu, "erdibearrak"
baigaragi!
Erdi-bearra...,
erditu bearra... Orra zein izurrik yo gaituan, gorapen xuxpergarri aiek dirala
bide. Ai, goratzalle xoxokumeok: laister zaitutegu, bai, damuturik!
Gure gaitz
ori, gure axkure edo dalako zer ori, gure "erdibearra", beingoan esateko,
¿eztezute ezagutzen? Iñork, eri danik, eztu bein-ere osasuna maite izan guk
gere miña, gere zauria, gere legena; guk gere erdibear ori aña. Askotan, etsita
gaude eztitula iñork gere baitan ari ditugun asmakuntza aiek egonarriz irakurriko.
Baña,... ekin alarik ere! Nork dakike, olerkari ezpa-da, zein bearrezko
degun gure lasapenerako, ta zein gogarako, erditze ori! Ta, maizenik, naiko larri ta estu
erabiltzen gaituala...
Bada,
olerkari etzeratenok gure barren-azkure ontaz zerbait uler aal-dezazuten, nere
erditze- baten berri yaulki nai dizutet, ni ere izurri orrek atxitua bainago.
Gaur lotsarik gabe aitor dezaket, luzaroan bularpeko izkutuenean zetzakidan
ixillekoa.
Gañera,
gaiari ongi itsatsi aal-ba nezaio, esango dizutet nolako agertuko nituken nik
olerki-idaztiak.
*****
Beñola, yoan daneko Otsalla gain-beera asia zalarik,
goizeko zazpiretan esnatu, ta erabaki gorri bat artu nizuten: yeiki, eskuratu
makil bat eta mendira yoan bear nuala, giarrari astiñaldi bat emanaz.
Esan bezela
egin.
Mendiak
-adiskide otxana baita ori beti- aspaldian neronen erruz elkar-ikusi-gabeak
giñan-arren, berebiziko begitarte ona egin zidan. Nik eztakit zabala sorginduta
al-zegoan, ala lo ongi egin baten esku laztankorrak eztiz ene gogamena
igurtzia. Dana dala, adiskide on ark eskeñi-ikuskizunez irudimena asi zitzaidan
bazter guzietatik izeki ta suak artzen. Goia, mendi-gallurrak, bideko zernaitxoak,
basoa, elur-ondarrak: laburki, begiragarri oro, nortu ta eraski olertsuez
mamitu zitzaizkidan. Sorgingarrizko nortze ta mamitze orren indarrez. Goiak
bazirudidan Egunak urrezko azkonez zauritutako norbait. Karraxika nentzun bide-ertzean
otalorea: aots bizi-pitzatu batek eztarri meea lakartu ta eten-bear ziolarik.
Pago bakarti bati neska pertxentaren tankera artu. nion. Basoa, ez aritzez
zirudidan osatua, baizik... norbaitzuez: oin-oñeen gañean luze-luze egiñak,
erne-indarra goi argi-yario artatik egarriz edaten...
¿Zertan
yarrai? ... Orrenbestez nornaik daki zein elgorriek yoa nengoan, gaxoi au.
Musak diralako atsoek atzaparpean ninduten; irudi-miñez nengoan izorra-, otzikarak
astintzen ninduan; sukar larri batek menderatzen. Gaitz orrek beñere artu
zaituten guziok ongi dakizute zenbatetaraño dan beldurgarri. Zuen goragaleari
neurtitz ugarizko lasabidea eman-ez-artean, aiek larritasunak, aiek izerdi
otzak! ...
Erditu-bear
estua zetorkidala antz-emanik, ozta-ozta basoratu, ta "goldiozko ogean"
etzin nuan nere burua.
Orrelako
estualdietan ezer ezta nekegarriagorik, ezer ez lazkagarriagorik itz oskideen
edo kontsonanteen eizketa gordiña baño. Arraiotan, motellek! ... Iztxoak ere bai-baitute
beren norberetasuñoa, beren arrotasun-ondarra; zuk neurtitz bat amai-ordurako,
beronen oskide diran itz lirañenak sakabanatzen zaizkitzu iñon diran
bazterretan, kolkorako diotelarik: -"Ez, enetxoa! ... Zuk nai dezula-ta,
besterik-gabe, indar-beartuta, zere asmakunde txaldan orretan geren buruok
parregarri eztitugu ikusiko... Ederki eman ere! ..." -Ta, etsitu-berrik,
yo zak batera, yo zak bestera eskuak zabalik, ukaldiak boteaz... Alperrik.
Suangilla izutuak irudi, zere neurtitz yaioberri orren itz oskide guziek
aaztumenaren zirriturik xeenetan izkuta zaizkitzu! ...
Neke oien
berri ongi baitakit, oraingo ontan itzei, asi-aurretik, esan nien: -”Ez izutu.
Ni enazute atzetik ibilliko gogorrean atzeman-naika. Onez-onean etorri nai
ba-dezute, oskide otxanok, ongi-etorri. Nai eztezutenak, antola or".
Ori esanik,
ekin diot paper-ondar batzuk beztutzen.
Geroxeago,
ene aurra yaiorik zan, ta igurtzika ari nintzaiolarik, gantz erantsiez
garbitzen, onà norbait atzetik bizkarreko eder bat damakidala, ta eskuetatik
ene aur aul ura ken.
Nere
estuasuna! ... Nere aserrea! ... Ollo lokarik ez areago, txitak lapurtuko ba-lizkiozuteke.
Onà zer
ikusi zuan nere adiskide ark, parretxo lotsagabe bat ezpañetan zebilkiolarik:
NEGU.
"Egur ezearen kea
goiak du kolore:
egunaren
atariruntz
zauri bat,
gordiña,
odol-bearrean urre,
Sakoneko
lañoz gora
tontorrak
elurrez:
itsasoa iduri,
ametsezo ontziez.
Bide-ertzean
ez marrubi
ez belar
gizenik,
Otalorea,
bakanka,
goiztxo
karraxika
udaberriari
deika.
Or pago bat,
lerdenlasi
igazko
apaingarriak
(gaur orbel
gorriak)
oso yaregin
nai-ezik,
nola
baituten oi
neskazaar
ezin-etsiak.
Ostobakandu-sasian
kabi bat, uts, urratua...
Arru-beetik errekak ots,
euriteak
bulartua"...
"Basora
naiz. An-or
goldiozko ogean,
yoan dutte gaitzaren
ondarxak nabari;
kabidun
usoak, ala
emazte
zuurraren
zapiak iduri
Aritzak eundaka
aier zazkio
goiari,
argi-leenenkia
egarri
baitute,
arako
urrezko zauria
izanik
iturri.
Orregatik
daude
luze-luze
egiñik,
artean oñak
illunik
azken-arbazta-begiez
udaberrirako
ornitzen biziez".
«Oi, zein aizen eder, loa,
eriotzaren anaitzakoa,
bizitzazko urloa! ... ".
****
Ura
begirakune errukiorra bota zidan! Nik nere burua enekin nolatan garbitu: bazirudidan
lotsagarrikeri batean atzeman nindula.
Adiskide ori
eztet euskeItzale; ezta ete aurkako; beste zenbair bezela, euskeraz guk mintzo
landu elertitsu bat egin-naiak eztu amorrarazten, errukiarazten baizik. Oiek
guziak txotxolokeriak ditugula; ezin ditekela euskeraz aintzakotzat artzekorik
ezer adirazi; nik ingi artan idatziak txorakeri batzuk bide-zirala; berak
etzula "NEGU" itza besterik ulertu, ta astia galtzeko gogorik ez, berriz...
Olakoak bota zizkidan. Guziok iñoiz entzun dituzute.
Miñarazi nindun
arranoak, eta esan nion; yarriko nitula erderaz izneurtu aiek; etortzeko
urrengo egunean ta nik erakutsiko niola, euskeraz sortutako izneurtua mamiago
zitezkela, ta indarrago, aien erdel itzulpena baño.
Etxeratu
nintzan ta izerdi politak boteaz, alegia, egin nun nere erderalpen ori. Egiñalean
aritu-arren uts eta putz-askoa atera zitzaidan. Nere eginbearrerako ala nun
obe, baña, egia esan, ez nun egin beraizik.
Urrengo
eguneko goiza aurrekoaren antzeko zegoan, zorionez, ta, bide berberak ibilliz,
ez nun neke aundirik bear-izan atzeguneko nere irudipen aiek adiskidearen
gogora erakartzeko. Gero, itzulpena eskutan ipiñi nion:
"INVIERNO"
(Traducción del euskera) - "Tiene el cielo color de humo de leña verde, y,
hacia el atrio del dia, tiene una herida fresca con oro en vez de sangre.
Cumbres nevadas sobre la niebla del profundo: como si fuera un mar, y en él
naves de ensueño. -No hay fresas en la orilla del camino, ni hay hierba jugosa.
Hay una que otra flor de argoma estridente que, por anticipado, llama a la
primavera. Hay un haya gallarda, que no suelta del todo las sus galas de antaño,
hojas resecas hoy: como las solteronas duras de resignar. En el zarzal sin
hojas roto, vacio, un nido. En la barranca honda un torrente resuena, que hinchó
el largo llover -Llego al bosque. Esparcidas sobre el musgoso lecho, restos de
la reciente gran nevada semejan palomas anidadas, o ropas a secar de hacendosa
mujer. Cientos de robles tienden al cielo sus deseos sedientos, anhelando las
primicias de luz cuya fuente es aquella herida hecha de oro. Por eso se los ve
tan tendidos y largos, que, a favor de las yemas de sus ramillas últimas, y aún
en sombra los pies, para la primavera van absorviendo vida. -iQué hermoso eres,
oh sueño! iQué hermoso` pretendido hermano de la muerte: tú, remanso de vida! »
Ori
irakurri-ondoren goitik beera begiratu nindun itzal-apur batez. Gero, aurreko
egunean ez bezela, euskerazkoa astiro-astiro irakurtzeaño bere burua eratxi
zun. Erderaren indarra; izketa luze atsegin bat egin genizuten ta, beerakoan,
oso bestelakotua neraman gizona.
******
Ortatik
atera det-; zuzenki ala ez?- nola argitaratuko nuken nik olerki-idazti bat,
gauza dan gairik ba'neuka, ta dirurik... galtzeko.
Idazki txiki bat egingo nuke, bitxi-azaldun, paper
bikañez, sakelerako erakoa. Olerkirik gutxi: amabost-ogeitsu. Ta olerkiok,
enituke emango euskera utsez: alboan zeñek-bere erderalpena luteke, aalik
ondoen egiña.
Saltokian
biltorri (bildu-orri) nabari bat yantzita agertuko nituke: bertan itz arro
batzuk, erderaz.
Nik uste,
orrela ale geiago salduko nituke. Bestela euskeraz ezer irakurtzeko eztiranetarik
zenbaitek erosiko luteke agian. Ta askoek, bear ba-da, ikasi, gauzak ederki ta
mamiz adirazten euskerak eztiola erderari batere zorrik.
Aolku oiek
iñorentzat zuzenbide ba'lira, ongi ordaindurik nengoke arako nere erditze larri
artaz.
1930-gko.
Orrila 8-g.
Hasiera
_______________________________
OLERMEN-IRAKITE
Aitzol'dar
J'ri eskeñia
Gaur da, Errenderi
langile eder ontan, leenbiziko Euskel-Olerti-Yaia, Egia, leendanik ere
olerki-sariketaen batzuk egin izan dira Euskal-Erria'n; baña ez "Euskaltzaleak”
orain egotzi nai dioten ainbat mamiz ta kemenez.
Aien asmoz,
gañera, urtero ta gero ta ospe larriagoz, berrizkatu-bearra da Olerti-Yai ori.
Aspalditxodanik
zegoan zokora-samartuta gure olerkaria. lñoizka oi-dituten geiegikerien
zatarragatik, alegia, elerti-batzaldietan sarbidea uka egin zaie. ala gutxitu.
Ta ots ozenen bat ere entzun izan da, olertia, ledo ark egokizko yantzia baitun
neurtitza beintzat, ez-aintzakotzat emanaz.
Zertzuk-nai
esan, ordea, neurtiza ederrik da, ta olermenak ezin asma dezake bere emaitz
yoria yaulkitzeko era atsegiñagorik. ¿Neurtitzez eztala, alegia, yende xeea mintzatzen?
... Bañan, ¿izkera berdiña bear ere al-dute eguneroko gora-beera utsak eta
egiazko olerkariaren amets eta ikusizun goitarrak? ... Olerkari aizun askoek
neurtitza nardagarri biur omen-dute... Ta olerkari banaka batzuk, berriz,
mintzabiderik eztien.
Zenbait atso
ta gixonen yardun txotxoloei begiratu-ezkero, are mintzatze utsa ere iguingarri
etsi-bearrak giñake. Izneurtuetan betegarri edo «ripio» askotxo oi-dirala...
Olerkari motzak oi dute ori ere. Ta ¿zer darraika orreri? Izneurgintza eginkizun
gaitza dala, argiarria arkitzea errez ez izaki antzo. Baña, ¿argiarria itsusi
danik?... Azkenik, esan-aalak entzunik gera oskidetza edo «rima» dalakoari
buruzki. Yakiña, neurtitzak eztu berezko, ez bearrezko oskidetasun ori. Gabe
ere egin izan dira ta baditezke egin neurtitz eder askoak; agian ederragoak.
Baña, berez bezela, esaldia biurritu gaberik, olerkariaren antzetsuz
datorrenean, belarriak, egia esan, eztu ain gaizki artzen. Mintzatzea, gizakumeek
elkarri gogapenak adiratzea, otsaren bidez eginbearreko gauza danezkero,
esanaren ereskitasunari (musicalidad), otsaren eztiago-bearrari zor zaio berea;
ta, ez izneurgintza; ezeta ere oskidegoa, euira gauz uts eta zokoragarri.
Otsaren bidez ezik, eskuzkoa-edo ba'gendu elkar-adiraztea (mingeak oi-antzo),
yende xeea, agian, azkazal zikin ta atzapar zakarrez aritze'aal-litzake; baña
olerkariek, eskierki, sumatua luteke beren amesketak esku landuez, esku zuri
legunez, azkazal garbi gorriztadun eskuz itzulibearra. Begiari ordun zor,
alegia.
Baña, arloaz
ertzeka diardut. Natorren arira.
******
Olerkaria
deritzan gizatxoro ori gabetanik, ezta ezagun izan ez erri-pizkunderik,
ez-ta-erri-elerti-betetasunik. Aberrialdeko gogo-gudari-sailletan olerkaria
beti da leen-oñean. Ta beroni zor zaizka, gogo lurgoien irriek gora-beera,
gudate orietarik gurenda ozenenak. Batez ere, eleen apaintze ta gaizkakundeari
buruz, olerkariari ez bezakio iñork ken oro-aal bezelako bat.
Ezagun
(diran, ala izan diran) elerti aipatu askoek bitxirik oberentzakotzat olerkari
gorenen bat darakuste: David, Homero, Virgili, Dante, Camoëns, e. a. Ele-berbizkundeei
buruz, berriz, Mistral'ek ongi (ta gaurki) darakus gizon ale baten esku naroak
zer dezaken, asabaen mintzoa eriotzarengandik begiratzeko.
Batek baño geiagok
esan izan du euskera gaizka litzakela, orrelako olerkari bar luken egunetik.
Baña, oar bari gatxikion: olerkari guren oiek eztira bakar soillean azten, gure
Aizkorri zelai lau-utsetik bulartu ez-antzo; beti ditute olerkari zeeagoak
aitzindari ta laguntzat; beti, bil-aldean, muño ta mendixka sail bat. Tkikion
giro-berotzea gabe, ¿sortzerik bai al-luteke aundiak?
Ta gu,
euskoak, ¿ete-gaude olerkari gurena eldu-giroan? Ezetz uste det. Baña bai,
etorriko dala, txikien olermenari su eman-ezkero. ¿Nork daki yaioa eztegun? ¿Nork,
gure semetxoen arrean ez al-dagon buruño maite bar, urteak zear ez-ilkorren
dirditz-ustaiak bil-bearra?
Garau eze
ori, bada, bear-garaiez goza ta ondu dedin, euskel-olermena irakin-araz
dezagun, ta oler-zaletu-araz dezagun erria.
¿Olerkari onik eztegula? ... Zirika ditzazute diranak,
eskein zaiezute aintza-apurño bat... eta ¡gero mintza! Ta ori maiz egiñaz,
ikusi baietz leengoak beren buruak yantziagotzen, ta berri lirañak sortzen; ta,
azkenik, kemen illezkorrez bazkako duan gizagurena euskera gaixoari agertu
baietz...
*******
Gogapen
oietxek erabilli ditu buruan, nere ustez, "Aitzol" zuurrak, olerkari-xuzperrarazte
au asmatzeko.
Eragille
bizkorra, aiz, adiskide on, ta abagunearen sena dek argi: Euskel-Olerti-Yaien
etorkizunean aitatu bearra zegok ire izena. Iri, bada, eskeñi nai dizkiat itz
motz auek, "Euskaltzaleak"'en eraberrigin ta zuzpertzalle berdiñaka.
Olermin
aundi eder batek baigarabil euskozale oro: aberri berriaren olerki giarra egin dezagun:
idaz dezagun guziok neurtitz bana, bederik!
1930'-gko.
Garagarrila 1-an.
Hasiera
_______________________
DONAPALEU´RA
YOAN-ETORRIA
Goizeko
nagi goxoak ogean nindukala -yeikiko al, ez al?...-telefono-otsa.
Zuti,
belarriok...
Neskameak:
¿Quiéeeen? ...
Neskamerik
ezta Euskalerria'n, telefonoz euskeraz dakinik. iArian barrena ibiltzeko ere,
lakatza ta baldarra degu, noski, mintzoa! ...
Baña,
orraatik, euskerari eldu bear dio, quien´aren urrengo. Agi danez, deitzallea
ezta nornai...
Aizak! -nere
artean- Mendiola ote? ... Egin ote-dit beribillean tokirik?...
Bart, etzula
baitzion... Ta nik iru eguneko bizarra; sasiak yana arpegia.
iZortziretan
abitzekoak zirala, ta zortzirak orainme. . Auxe dek lana!
Mendiola da,
bai. Yoateko ta yoateko, itxongo didatela; bizarrak zer-ikusirik eztula gure
eginbearraz...
Ez bizarra
moztu, ez gosaldu -yantzi ere ozta- banoa
¿Zer egin bear zenduan? ... Egun eder bat nola-nai
galtzekoa ezta.
*******
Beribil bi daude gerturik.
Mendiola'renean, yabeaz gain, Emeguren deritzan zaldun
bat, Yausoro olerkaria ta neretzako utsunea. Arregi guriarenean,
"Uitzi", Larrain -Ibarluze'ko Udal-otseña- ta gizaseme aundi sendo
igar bizar-beltz bat -Rekalde, izenez- aitarengandik Karlos'en gudateko
oroitzez, ta are suz ere, betea.
Eguna urdin
garbia. Berotu bear du poliki eguerdirako, Agorra illurren izanagatik.
Noizbait
ere, Arregi'ren "gurdia" asi da oska, ta badiyoaz. "Uitzi"
muskurioka ibillia dute, ain bide luzea egiteko berandu omen--dala-ta.
Goiztarra izan gizagaxoa, ta besteak oge-zulo uts...
Gu ere abia
gera noizpait, Donosti'runtz.
Etxeguren
dalakoa ta Yausoro ditut atzean.
Etxeguren,
gizon egiña da, ta, diotenez, lege-gizon azkarra: Euskal-erria'tik ate
bizi-izaten omen, geienean. Arpegiz, sudurkako, begi-bizi, okotz-zorrotza; oldez,
urduria ta alaia.
Olerkaria du
aldamenean: aingeru azpildu-gabea. Arpegi gorrizta ta apaiz-yazki beltza,
alkarrekin egonbearraren bear gorriaz ditu lagun; baña lagunarte gordintxa dagie.
Luzexka sudurra, goi-beez beintzat -musuaren arabera- ta pitin bat
zearka azia. Begi otxan parre-beraak ala diotzute, begiratzen zaitutenean: "Olerkari
biozti bat nazu: orrenbestez esana dago eztedala "malizi"
aundirik". Larre-larrean bizi dezu erretore, ta aren ginballak (kapelak)
ere badio alako basaka-usai ta igazkotu-kutsu bat; gañera, gutxienik uste
dezula, ez bat eta ez bi, lepazamarreruntz diyoakio.
Ateratzen baitu Mendiola´k urtero euskel-egutegi bat,
arakoxe apaiz begi-urdiñak egin izaten dizka zenbait zizka-mizka ta izkirimiri.
Ordañez, Mendiola'k eman
izaten dio -gaur bezela- basotik ateko ega-alditxo baten abagunea.
Ibil-eguntxo
auek arroagotzen dute txantxangorria eguraldi epelak baño. iBadu ark etorria,
alazainkoa, neurtitzez ainbatsu itz askatuz ere! ... Or det atzean itzari
laga eziñik... Etxeguren
enetxoa: ¡entzun bear dituzu zereak eta bi! ...
*******
¿Zer
zatozkit, "Uitzi" adiskide miña; zer, Homero, Anakreonte, Virgilio ta
Ciceron buruan edukiagatik, bete-beteko euskaldun zaitugun ori? ... ¿Zer zatozkit,
bai, oñak narras, izkutu-mizkutuka, bekokian beera ginbail-egala eratxirik,
betaurreko-erantziak begiak lausotu ta izuantz? ...
-¿Zer
irizten nazu?-galdegia dit - ¿Zure anaiaren antzik badet? ... ¿Aterako otedegu
gauz onik?
Nik, baietz; egoteko lasa...
Beobia'n ditugu alkar-izketok. Mugan gaude ez-arian
ez-arian, bidetxoa egin baitegu... Orain, beribilleen ta gu geronen
nora-agiriak erakutsi-bearra.
"Uitzi" badiyoakit, Yainkoarren "iñori
ez esateko " aginduz...
Nik eztizutet oraindaño esan, baña "Uitzi” zintzo
orrek nere anaiaren nora-agiria darama, alkarten antzik bai-baitute, ur-tantoak
ardoarenaren ainbat... Ikusi degu, ordea, zenbait bidexka arturik dala arranoa,
mugazaiak gezurpean atzeman eztezaten.
*******
¡Erne ! ...
"Uitzi" ta lagunak sartu dira berriro beribillean. Mugazaia badatorkie.
Ni begis-uts...
i Orraatik ere! ... i Yare dituk! Baziaztek...
Orain, gurekikoa...
-Auxe dek
ederra! ... ¿Nork esan bear zigun?...
Olerkari xoxokumeok... Egutegi-zortzi-illabeteen
saria, ¡agur!
Esku ikaraz
luzatu dek agiria.. . Ta mugazaiak -begirakun bakar bat aski- ezetz, eztekela
aurrera egiterik: igazkoa dala... Egin dek arrituarena, baña ez taiuz: gezurra
oi-eztekena ezagun... Bekañei eragin, bekokia zimurtu, ...
Alperrik; beribilletik yexteko...
¡Zorigabea! ... Uzteko, beingoa gora-beera; Prantzi´ra
bear gorrian aizela... Aita ditzak apaiz-yazkiak, ginbail yatorra beatzaz
erakutsi... Bost axola, ¡etzegok errukirik! ...
Atera zak anka
bat, eta... iarren! ; atera bestea, ta... ¡otoi!... ¡Begi gaxoak! Ezer eztet
ikusi unkigarriagorik... Bustigabekorik ere ez, ain dirditsu...
Guk,
etsitzeko; ikusi baitegu otseña eztala esanetik gibelatuko... Berak, ordea, ezin
etsi.
Beribil
berriak datoz. Mugazaia albora begira dan batean, apaizak esku dardartia atexkari
egotzi: ginbail bulardetsuak, erabaki gorrien garaia eldu dalakoan, zutitu
aurrea lerdenki bekoki-gañean, ta egal-atzea lepazamarreruntz etzin... Euskal-Erria'tik
Eskual-Herria'rako zubian gera, onuzko burutik... Ta Yausoro etsituak, oña
berriro beribillean sartu-eske: "¡Lagunak! -otsegin digu- ¡ekingo ba'genio
laisterka! ... »
iGizagaxoa!...
Geronek bai, ekin bear izan genion ibillari, ura gabe, iñola etsiko ba-zun...
Larrain
gaziak gero, arratsean, zionez, ¡arena omen-zan abagunea, Espronceda'ren Etsigaizto
itzala euskel-neurtitz bikañetan iraultzeko!
*******
Apaizaz
arinduta, bagoaz Prantzia dalakoan barrena.
Bagoaz, baña
ez luzaroan... Etxeguren'ek eginkai txiki bat egiteko bai omen bide-ertzari
begira... Ta entzun izan baitiogu maiz Arregi mardulari: "Laguna egin-bear
gorrian danean, lagun akiok; naiz eorrek bearrik ez, yarri adi beintzat: sasira
begira"; yetxi gera guziok, ta ustuantxean egonak gaituzu. bide-ondoko
ormaxkari begira...
Lanok amaitu
ondoren, Yausoro´renaz geniarduala, Etxeguren'ek bera ere gezurrezko agiriz
datorrela aitortu digu... ¡Gizon politak gatxeudek, alajaña!... Ta ez nolanaiko
gezurra, ibarluzearra bailizko nor-agiria (zedula) atera baitu..., Larrain'en
laguntzaz...
Beraz, iru
kristautxo zitan gure arrean okerreko agiriez ornituak; eta oietarik, munduan
oi-bezela, errurik txikienekoa eror. iAmaika lan emandakoak, erriak erdibitzeko
arrasto oiek! ...
Donibane-Lointzun'dik
aurrera, erregebide aundia albora utzi-ta beste mearrago bati lotu gotzaio:
kaskar-samarra bera.
¡Lurralde
emea! ... Mendixka bigun utsek bulartua... Guzia agiri da legun, lirain, guzia
garbi, guzia... tipi... Errixkak, etxetxo apal polit banatuzkoak. Bizitzea,
emen, zorion-uts bear dala uste; aizea berriz, beti epel, beti dirditsu...
Bitartean,
Etxeguren'ek pillarmonika txiki bat atera dizu, ta, arixe ezpañak egotziz, asi
da oska, biribilketa bizienak yoaz.
Tarteka,
ordea, geldi ta beera, sasiari ipuiak esatera... ¡Maskuri txikiagorik egundaño!
... Gu aspertu gatzaio laguntzez, ta Arregi'ren arako aolkuaz gibelatu...
Lurralde
atsegiña ondoren, onaa, luzaro-samarrean, beste bat, itun, bakarti, idorra... Orren
arabera, bidea ere latzagotu, koskortsuagotu egin da, ta aren kankatekoez
Etxeguren'en larria ez batere obekitu...
Gere
ibilliaren azkenaldian, berriro leengo musker (berde) ezeak irten digu bidera,
ikus-mugarañokoa pozgarriki yantziaz...
******
Orduak
yoanik dira poliki. Amabi-t'erdiak arte ez gera sartu Donapaleu'n. Kaleak utsik,
otordua baita... Errizelaian orraatik arki ditugu morrosko eder batzuk. Euskeraz
galdegin ta euskeraz erantzun, eman dizkigute bearberriek. Biltzarra'koen
bazkaria Trinquet' ako yatetxean dala, ta bagoaz ara.
Onaa
berreun-bat bazkaldar bi mai luzeen alboetan yarrita, pelota-toki estalia zearo
beterik. Badago an berriketaots ederra, erlauntz yoria iduri...
Arregi ta
lagunak an dira, gu baño leentxeago sartuak, artean Yausoro'ren ezbearra
eztakitelarik.
Etxeguren ta
biok alkarrekin gera. Aurrean, Urruña'ko mutil ta agure batzuk, aruntzaxeagoko
ziberotarrei ezka ta baika, ea nortzuk ote euskaldun yatorrenak...
Goizean
egiñak dituzte gogozko yaiak. Gu ordea beti, iñora garaiz iritxienean, soñezkora,
sabel-yaiera; ta are ozta-ozta. Yan-ezkero, gañerakoak guxi axola... Meza,
mintzoaldi xamurrez; batzarrea, aurtengo gora-beerez ta etorkizunerako asmoez,
apainduak; euskaltzale izandu baten gorazarrez oroitz-arria agertzea..., oiek
guziak ¿zer?, urdalla zerk berotua badegu? ... Argatik zan, ba, goizean asarre
"Uitzi": oiek ez genituala-ta atzemango... Orrek, ala ere, eztu esan
nai "Uitzi" yale bizkorra eztanik.
Dana dala,
gaurkoak ¿bai? ta yan dezagun.
Yaki-agiria
euskeraz poliki egiña dago. Orren arabera, leenengo eltzekari saldatsu bat
dakargute, barazki-puxka gozoez egiña; gero izokia arrautzolioki edo maionesaz;
urrena idiki ona, ta, azkenik, indiollo bikaña erreta. Guzia aIderdi artako
ardoxka garratz batek bustia... i Nik, gure Getari ta Zarautz´eko txakolin
orixka min!
Baña, ardoa
bizienetakoa izan ez arren, labeak asi dira goritzen... Bai-baita lasabide bat
-gure lotsagarritzat norbaitzuk etsia- euskaldunen otoruntzez-gero ezinutsezkoa;
eztarri ausartenak ekin diote abesteari, kantatzeari...
Artean,
ordea, etzan orren garaia... Biltzar-buru-yaunak, guziek nekez
ixillarazi-ta,
mintzaldi labur bat egin digu... Anai auek esaera ere eztia dute
ta, egoki
lotua... Agur gozoak guretzat, mugaz zear etorrientzat; gu, giputzok,
ezezik, bazan an ale bat edo beste Bizkaia ta
Naparroa´tik.
Orain bertsolariak. Bat aundi-musugorria, bestea
txikia ta aurpegi-zimela... Yaten
ari-tokietan zutitu, ta ekin diote. Aundiak berebiziko neurkin edo metro biguna
darabil: noiz-nai luzatzen zaio bost zentimetroz, noiz-nai beste ainbestez
moztu. Orretan zeatzagoa da bestea; baña Zibero-eraz ari, ta gure belarriak,
ezpaita oitua, gutxi yasotzen du.
Urrena,
abesak du berriro aldi... Bakarkako batzuk ere badira: oietarik bat yakiña,
gure Arregi egokia, abotsa pitzatzen asia ba-du ere... ¡Urteak, enetxoa! ... ¡"Andrea, maite zaitut!...",
abestu digu. Mutilzaar tinko batek ¿zer egokiagorik? ...
Gure anai auen artean, mugaz onuzko alderdiko euskaldunen
eri berberari oar natzaio. Buru-yantzienak, yakitez ertenenak, euskeraz
aal-duten gutxien ari-izaten dira, naiz yardun-gaia erreza-izan... Gure etsaiak
-olagintza industri larria, batez ere- ba'lituzte, ¿yarkiko al litzaiete gu
baño biziagoki?
Bazkalondoan pillota-yokaldi bikain bat dago, alderdi
ontan oi-diranetako pillota-toki albo-zabalean. Uritar gañekoenak -neskatx
apañak "barne"- dira ikusle sutsu.
Baña, berandutxo degu guk, eta bide luzeak eginbearra.
Onuntzakoan baño areago, Naparroa´n barrena -Baigorri'tik-itzultzea erabaki
baitegu, gerekin, Yausoro zorigabearen tokian, beste apaiz yaun xalo agurgarri
bat artuaz. ¡Ez al da au
ere olerkaria izango! ...
*********
Donibane-Garazi
zeartu-berriak geralarik ikuskizunaren txoragarriak geldiarazi-egin gaitu. Esan-bearrik
eztago Etxeguren'en maskuri urduriak, abagune oni eskar, artu bide-duan
lasa-aldia.
Ibar ametsezkoa, zenbait mendixkek biribilki esia... Iru margoz, poliki naasiak alegia, irudia
osatzen da. Zelaien ta basaxkaen muskerra, emen argi, an urdintxa, or
arre-antz; tellatuen gorri miña; etxeen zuri txuria. Alkarren auzo dira,
atseginzulo artan, iru-lau bat: urixka maitagarri. Ola-kebide bakar bat ez,
ortziaren aratza, izerdizko, nekezko, oñazezko lurrun-gandor zikiñaz lardazten...
Iñartzi
(inbiri)..., ta abia.
Baigorri'n
mugazai euskaldun otxanak. Seirak -muga-ate ura itxi-garaia- yoak izan-arren,
Biltzarra'koen artetik gatozela esanda aurrera utzk digute. iAlakoxe batzuk
izan ba'zenitu aruntzean, Yausoro adiskidea! ...
Iñularreko
oxkiroa lagun atsegin degula, Izpegi-mendatea bitarteko aldapa igo degu,
astiro-astiro. Lukaika polita, zazpireun neurkin gora egin bear baitira.
Orain
Naparroa'n gera. Obeto esan, aspaldi genbiltzan Naparroa'n barrena, mugaz beste
alderditik ere Naparroa baita. Ikus, bestela, non-nai, etxe-aitziñetan naiz
pillotatokietan; ikus Naparroa´ko kateak, arroki erakutsiak...
******
Illun-aski dala sartu gera Elizondo'n: artean etxetik
urruti.
Leen ere adirazirik nagonez ezpai-gaituzl
gogo-utsezko, aparia degu amets, eta, ao batez, bertan artzea erabaki degu.
lbarluze'ra urrutizkiñez (telefonoz) ots eginbearra, gaberdirarte ez gure
usterik izateko; emaztearen -dutenak- ziri gordintxo batzuk ere entzun apalki,
ta ¡orra arloa antola! ...
¡Otordu atsegiña egin gendun orratik ura! ... Bikaña aparia, polita ardoa... ¡Bazan an
esan ta yolas-bearra! ...
Ordun azaldu
ziran gure arteko zaarpil guziak. "Uitzi"-k artu zun, leenbizikoz, astindu
eder-samarra.
Nik, aren berri nekian bakar onek, galdegin nion
biurriki:
-Ta?...
"Uitzi"... ¿goizekoa esango al-degu, ba? ...
¡Larri zan
gizagaxoa! Ukabilla estu-estu egiñaz: - ¡Yainkoa'k barka! ... ¡Ez gero! ...
Gure mai
muturreko lagunak -Larrain eta Rekalde´k-:
- ¿Zer, zer?
... Yakin biar diagu ori...
Ta zirika
nik, berriro: ta, berriro -yateari zearo uzteka, noski- "Uitzi "-k:
-
¡¡Yainkoa'k barka!! ¡Ez dezazula esan!!!...
Gezurra
dirudi, latiñez ta griegoz yakin gizonak eta "trampa" txiki bat aitortzeko
ainbestetaraño lotsa.
Baña
alperrik ibilli zan. Bein artara-ezkero ni ere enengoan ixiltzeko, ta aren urduriak
gero ta axkureagotzen ginduzen guziok. Ta, astiro-astiro, itzez-itz ... orra
yalki guzia...
¡Ura yolasa
atera zuten artatik beste biak! ... Polita zala yokoa, alegia! ... ¿Ea ura
al-zan bere burua agiriz, idaz-bidez, zintzo ta zuzentzat erakuska diarduan
kristauaren egitekoa?... ¡Bazetorkela urrena ere zuurtasuna, gizabidea ta
olakoak aipatu ta goresten: esango zutela berok, nornaik ikasteko eraz ta tokian,
gizaseme makur ura nolakoa zan larrugorrian ikusi-ezkero!...
Entzutekoa
zan, ta parrez lerregin-bearrekoa, ango aria. Larrain sudurruts betaurreko-aundi
burusolla ta Rekalde betozki-illun bizar-beltza, patata errea baño legorrago
biak, "Uitzi"-ri berebizikoak botatzen... Ta "Uitzi” gizagaxoa, berrogei
urtetik gorako gizaseme tinkoa, Homero ta Virgilio koIkoan sartuta darabiltzian
gizona, estu ta larri, esku baten ogi-puska ta, bestean ollasko-izterra (ta
agoan bietarik aski), bere burua gerizatu-eziñik, neri erru guziak
egotzi-naiean, neronek alako egin bideetan sartu bai-omen-nun (egia zanez
... )
Eskarrak gerekin genduan apaizari. Oben artarik, eta
aren antzeko guzietarik, bertan yaretzen ginduala esan baitzun; orduntxe
"Uitzi”-ren gogape bildurbera asi zan baretzen, ta ekin zion yateari
biziagoki, leen galdu-astiaren ordañak nondik yasoko.
Beste gairik asko maxiatu zan. Aitatu zun norbaitek
erderaz ta euskaldunen itsusiz ta kaltez idazten duan eusko gazte bat... Baita ere orretzaz "Uitzi"-k iñoiz
argitaratu-iritzia. Izan ere, badirudi gure errian arrogarritzat artzekoa ote-dan
beste iñon lotsagarri litzakena... Berotu zan "Uitzi” bere aburu-alde, ta
igerri zion alegia pattarraren ontzixkak: ipurditik autsi baitzun mai-gañean ukaldika...
Berdinduxe
giñalarik, eta naikoa. yardunik, etxerako asmoa, damuz bederik, artu genizun ta
antxe azkedu zan gure eguna.
Gañerakoa,
ezer gutxi. Ibilli, ibilli, ibilli; yoan, yoan, yoan... Utzi degu nunbait
apaiza; beste nunbait utzi gaitu "Uitzi"-k eta illunak irentsi du... Ozkiro gazia, gau beltza, izar-mordo
aundia... Nekea ..., asperra, ogemiña...
******
Egun bat geiago ... ¿Egin al-degu zerbait Euskalerriaren ederragatik? ... Ez asko,
benetan. Baña, bada zerbait anai erdi-ezagunenganako elkarbidea, urrats bakar
batez bederik, laburtua...
1922-gko. XII-22 g.
Hasiera
__________________________________________
EGIA IKUS
DEZAGUN. AMA!
Euskerari buruz
diardugula, askotan oi-ditugu euskeltzaleak -onusterik oberenaz, egia- gezur
biribil batzuk; arloaren ikuspenerako ta eginbideen zuzenerako oso kaltekor
ditezken gezurrak.
Onà,
mintzaldi oietarik labur-bil bat: "Euskeraz: eztiteke esan ezer gaiztorik.
Oitura ònen zaindari oberena "ama" Euskera degu, Kristautasuna ta
euskera elkar-lotuta, bat-egiñik dira".
Esan oietan,
elkar-itsatsi ez-bearrako gauzak naaspiltzen ditugu.
Aitor
dezagun leenen, euskeraz, edozein erderaz bezelaxe, iraindu ditekela Yainkoa,
siñestauski edo erejiak baditezkela esan, ta bai-ta ere idazti ipui ta gertantzo
(novela) lizunkeriz yosiak
Nork uka or diodana?
Beraz: euskeraz orain arte orrelakorik ezpa-da -utz
ditzagun beraizik Biblia protestantea ta erri-abestietako zenbait gordinkeri-
euskeraz ezer gutxi idatzi dalako da. Besterik uste ba-degu, ikus-naaspil batek yoak gaude.
Euskera
Yainkoa'ren ao-miñeko izkuntza bereiz bat dala uste izaten degu; beti-garbi bat,
erdoi-ezin bat; eta eztakigu, guk ain errez egotzitako alderdi on oiek ustelak
dirala ta gure zabarkeri zaarraren ume; euskera ez landuak sortu ditula.
Ta gezurra
beti da gal-zori; atsegin ba-da, areago. Gezurrak lilluratuta bizi danak bere
buruaz uste ditzake ainbat gauz eder; egiak, ordea, egi errukigaitzak, asiko du
gau ta egun, ta eztio barkako arik eta zapaldu arte, birrindu arte. Zori orixe
dagoku eskeinka, aspaldiko mendeek barrena geiegi bazkatu baititugu geren
gogoak aberkoi-usaiezko gezurrez.
Eusko-oikuntza
bikañen zaindari oberena euskera omen; kristautasuna ta euskera elkar-bildurik,
ia-ia soin bakar batean mamiturik omen-dira. Euskera ta Kristautasuna era
batera dabiltza...
Ez, gero,
begiei ta zeuen naikundeari geiegi siñets! lkus-naaste zoroak dira oiek, bai
eroso guretzat, baña bai kaltekor ere euskerarentzat eta Kristautasunarentzat.
Ez; bazka
dezagun bein-betirako gogo euskeItzalea egiaren ogiz eta ardoz.
Ta egia au
da: euskera ezta, nabarbenki, oker-bide, yakin-bide egin eztegulako; eztegu
egin yakinbide zuzen, ta ez ere makur. Ta gaur dan egunez edozein izkuntzak,
Europa'n beñipein, yakintza-bide bear da, ondatuko ezpa-da.
¿Zer esango
genduke, gure aurren irakasleak aiek: ongi gizazi-bearrez, argiari galbide
iritzita, egun osoan illunpe beltz batean ba'leuzkate?
Bai, ziñez:
gauzak okerreko alderdiz ikusteari yarrai bear ba-gatzakio, argia galbide da;
argia ez-pa'litz, ez genituzke begiak igatuko ikuskizun lizunez... Baña, ori astakeri
bat dala erakusteko eztegu luzaroan ari-bearik; eta, bide ortan barrena, aurki
giñake belarri-motz, anka-motz eta esku-motz, eta, alarik ere, makurreri
gaiztoari ezin igesiz, bizirik giñaken arte...
Alatsu,
bada, euskera, landu eztegularik, ezta yakintza-iturri, illunpea da. EuskeIdun
utsek euskeraz asko gaiztorik ikasteko eztute izan, egia, abagunerik. Baña,
¿ikasi al-dute, ostera, askorik on? ... ¿Bai? ... ¿Zergatik, ordun, gela illun
artatik irteten dutenean, dira ain makurberaa? ... ¿Zergatik, erbestera yo-ezkero,
beren sinismena galtzen ain errezak? ... Gure abertzaletasun aizunak, gure
erosozaletasunak, auxe erantzuten du: “Erdera ikasi dutelako"... Gezur biribil,
ta lotsagarrizko gezur!... Erderaren bidez sakonki kristaututako euskaldunak
makurgaitzagok agian ditezke, erbestean: ori diot nik.
Ez. Ezta
erderaz ikasi dutelako; baizikan, euskeraz sinismena etzaielako itsatsi,
etzaielako biotz-adimenetan landatu bear ainbat argiro ta errozki.
*******
Adidide bakar batek berakuts gure zabarkeriaren
zenbatetarañokoa: Kristau-ikasbide zaar eta berriaren arteko auziari gagozkio.
Urteak eta mende luzeak zear, Euskal-Erria'ko
giza-alderdi buru-yantzienari eztio gogoak eman, euskeldunak Kristau-legea
bear-ainbatez yakin ezin zezatekela lkasbide zaar lotsagarri orren azpiarriaz. Ta...,
gaitzerdi, asto-gain ortatik gaur yetxirik ba'geunde! Baña, ez ala izaki. Are gaur-gaurxe, uste
dute zenbaitek (edo ala uste dutela uste-bearrik gera) Ikasbide zaar orreri
yarrai bear gatzaiola, mendeen ondarreraño.
Orain gutxi,
ene adiskide apaiz gazte bikain batengana baserritar zaar bat etorri ta asi
zitzaion, alegia, "Dotriña" zaarra nai lukela etxeko zaarrek berria
ezpaitakitela; ta (onexek idarrik aundiena ematen zion) beeko erriko Erretore yaunak
zaarra irakasten dula, ez berria. Ene lagunak, Ikasbide zaarra zenbatetaraño
dan txarra ta gauza-eza adiraz nai baserritarrari ta Yainkoa-rekiko
izate-azalpena esanarazi zion:
"Da
gauza bat, esan eta pentsatu. alditequean baño ere excelenteagoa ta admirableagoa;
yaun infitamente poderosoa, sabioa, justua, printzipioa ta fiña gauza
guztiena".
-¿Ori
ulertzen dezu ongi? -galdegin zion.
-Bai, yauna,
bai.
-Yainkoa.
"fiña" dala esan dezu. ¿Zer da ori?
-"Piña"...,
yauna, gizon "piña"._ “alproja" eztana, alegia...
*********
lzkuntzak,
Yainkoa'k emandako beste aalmen ta aribide guziak bezela, gauza onak dira,
berez; ta ez onakoa on ta arakoa txar; norberarena oberen ta egokien. ¡Okertu ditzakela,
ta makur-bide biur gure gaiztoak, eskuaren ta argiaren ta yanariaren antzo?... Egi berria orixe!
¿Zein iritzi
bear degu, arlo ontaz, euskalzaleak? Auxe: okerbide biur aal izanagatik, eskuk
erabiltzeko ba-da ta argia ikusteko ta yanaria yateko, euskera landubearrik
gera, on-bide naro izan aal-dedin. Erabil dezagun beti euskera Yainkoa'ren,
egiaren ta egiazko yakintzaren mirabe; ta iñork okerrerako erabiltzea gertatzen
ba'ledi, ez luke orrek esan nai izango euskera gaiztoa danik, ez-ta ere, iñork
gaitzerako erabil aala-eztezan, landu egin bear eztegunik.
***********
Arritokieta´ko
Ama Neskutza'ri, "Argia-k eskeintzen dion garau bereiz au dala bide, otoi
bat biotzez zuzendu nai diogu:
«Egia ikus
dezagun, Ama, euskeltzaleok, eta euskera erabil dezagun beti Egi Uts Danaren
aintzarako! »
l930-gko. Orrila 4'g.
Hasiera
_______________________
AITAREN
ERREAL BIKOAK
Noiz
atertuko nengoan, azken-argipen batzuk, laburki, Urlia yaunari emateko.
Bergara´ko
"Saski-Naski"-aldiaz. Nik, an ta egun artaz egokiago izan-izango zala
itzaurreak euskeraz egitea. Urlia yaunak, an ta egun artaz ere, erderaz egiña ongi
zegoala. Argi dago elkarrekin bat ez geundela, Baña neri, erderazko itzulpenean,
itz bat izparringiak yan zidan. "Bien está para quien NO ahonde un poco en
el asunto", idatzi nun nik. "NO" ori etzan agertu, ta artatik
atera zun Urlia yaunak ni bere iritzi berbereko nintzala, ta orretara-ezkero
eztagoala zertan eztabaidarik sortu. Euskerazko itzulgaiari begiratzea aski
zukean argi ikusteko. Baña, dana dala, ni arekin ala ura nerekin, orain batera
etorriak omen gera, berak dionez. Beyondeiola, biotzez.
Euskal-egunaren
eraltzalleak bai-omen dute ortan errurik, "Saski-Naski”-koei itzaurreak
euskeraltzeko esan etzietelako. Ontaz, nik dakidan pixka yalki dezadan.
Bergara'ra "Saski-Naski" "Eusko-Ikaskuntza"-k deitu
zulakoan nago. Baña, alaz guztiaz ere, zati orren eraltzalle
"Euskaltzaleak” ez izan arren, norbait beronen buruetarik izketatu zan
"Saski-Naski"'koekin, garaiez, euskeraz itzuli ta esan zezaten. Etzan
ala egin, ta ortik aurrera eztakit ezer.
Gagozkion
lanari, gauzak ar ditzagun diran bezela, ez dazaiegun egiñei gibel-eman. Au da
Urlia yaunaren beste aolku bat. Sangüesa'n ta Salinas de Añana´n ez omen-diteke
Udal-etxean euskeraz egin. Arira, arira, gizon... Guk Bergara'n egitea, ta
euskal-egun batez egitea eskatu degu. Guk "Eusko-Ikaskuntza” batean
erabiltzea nai genduke. Beude, bada, lasa Salinas de Añana´ko ta Sangüesa´ko
ziñegotzi yaunak.
Gorrikeririk
gabe, bear-neurrian, elkartu-bearrak omen dira gure bazkunetan euskera ta
erdera. Guk dioguna berbera. Nun da gure gorrikeria? "Saski-Naski” seitik
batean euskeraz egiteko... “Eusko-lkaskuntza”n ordulaurdentxo batez... Gañontzean
erderaz...
Gure auzia
ta katalandarrena ez omen dira berdin. Egi aundia orixe, zaar-samarra izatea.
Bi alde agertzen dira arazo oien artean. Bata: euskeraren bidezkoagoa, beronek
añako nortasunik beste izkuntzarik batek ere eztulako. Bestea: gure lanaren
gaitzagoa, asabaen zabarkeria ta izkeraren bereiztasuna bere etsai ditugula. Bi
alde oiek ondoren bakarra bear luteke ekarri: guk suagoki, aiek baño tinkoago
ari izan bearra; ta ez epelagoki, gertatzen danez.
Baña, tira:
ni enaiz gai ontan sartu. Urlia yaunak betegarri utsez edo, agian, adiskide
"Aitzol”i beste goxoki bat ematearren aitatu bide-du, ta utz dezagun orrenbestez.
Egi
biribil-samarrak bota bear zitula agindu zigun Urlia yaunak, eta onà emen batzuk:
odol-berotxo, bazternastalle, eztabaikari alperrikako, arroxko ta artobero-uxai
omen-naiz. Oietaz gañera, buru-arlotea: andre Yakintza, andre Kultura, askorik
maite ez dutenetakoa, alegia.
Apaltasun
gezurrezkoz gere buru au yantziaz, oiek egitzaz aitor ditzagun... Eztabai-gaiarekiko
ain axola gutxiko ezpa-lira!
Ene odolkera
egiten du ixtillu onen errudun bakar. Baña, yardun auen azpian besterik dago,
Urlia yaun adiskide. Zerori ere oarturik al-zaude onezkero.
Giza-asmo
aundi guzietan gertatzen da. Gizaldi gazteak zaarrari zirika, zaarrari bultza.
Zaarra bere egonean goxo, ta aurrerago ez nai. Gazteak: "Eup! Garaia da".
Zaarrak: "Ago ixilik, lotsagabea!” Barkatu, ontan ere artobero-usaia ba-darigu, geren buruok
gaztetzat yotzez. Nik eztakit guri zer gertatuko zaigun. Gu ere, Yainkoa'k nai
beza!, zaartuko al gera ta sutondo-zaletuko, ta usteizango al degu iñor
eztitekela gu baño areago. Ta Yainko onari dakiola ordurako beste gazte-sail
bat agertu-izatea, guri zirika, guri bultzaka, gu baño aurrerago-naiekoa.
Txakurrarenak esango dizkiotegu, bear ba-da. Aitatuko dizkiotegu
“odolkera", aundi-ustea, naastu-bearra, burgoikeria ta buruarlotetza. Baña,
gure esanak gora-beera, gazteok biyoaz aurrera, gurekin naiz gure gañetik; biyoaz,
ordun min emango ba-digu ere.
Eztabai
alperra sortu omen det. Txarki egin omen det orrela gogoak naastea, astia
orrela galtzea ta galdu-eraztea. Irri det ezpañetan. Orain irutsu urte orrelakoxeak
entzun bear izan genitun. Bai besterik geiago ere: obe gendukela, alegia,
gutxiago karraxi ta geixeago lan. Ta badakizute zer gertatu zan?... Eztabaikariok
geren asmoetaz elkar-kutsatuz, ixtillu artatik gaurko "Euskaltzaleak”
sortzea, aurreragoko “Eusko-Elazkona" zalakoa eraberritu ta zabalagotuz.
Gertatzen
oi-da maiz-samar, aita-semeen artean, semeak aitari erreal bikoa eskatu, bai,
ta aitak ezezkoa ematea, ta gañera bereak eta bost esatea. Yakiña: orrek eztu
esan nai semea izpidean etzegoanik. Gerta diteke gizagaxoak erreal biak arnasa
artzea baño bearrago izatea; aitak zuzenbidez aietxek zor izatea. Ez emate
orrek zer esan nai du, bada? ... Soil-soilki: aittak eztitula errealok eman
nai.
Ortatik
antz-emango diozute, eztabai onek ere amari zimel bat edo beste ekar lezakela. "Saski..Naski”ren
itzaurreak euskeraz yartzea... "Eusko-lkasikuntza”ko
batzarretan euskerari goratzarre egitea... Bi apur oiek iritxi-ezkero nik ez nuke
uste-izango alperretan yardun dedanik. Nere zirriborroak
ontzat emango nituke.
Baña,
txarrenera yo dezagun, bada-ezpada. Egin zagun atala ezer irixten. Zer esan
bearko degu?... Ez nula arrazoirik?... Orrelako eztabaidarik eztala noizik-bein
yarri bear gure artean?... Ala... aitak erreal-bikoa eman nai ez didala?
Andre
Yakintzari diodan gorrotoa ere oso poliki igarri dit Urlia zoliak. Iztegiaz
egin nuan arako amets artatik. Baña, onginairik aundixeagoz, besterik eman
zezaioken buruak. Gogora zezakean amets aren iturri ez ote-zan, agian, yakintsuei
diotedan eraspena. Dalako iztegi ori ez ote-degun arloteok txerri goseak
ezkurra baño ametsago; ari berandu-etsirik ez ote gauden. Berantetsitze ori
baditeke ez bidezko; baña gure beldurra ori da: ondoegi errebearrez, opil goxo
ori ez ote diguten emango sekula.
Bestalde,
gure ustez, yakintza-lanez gañera "Euskaltzaindi”k axola aundiz artu-bearra
du euskeraren zaitza. Yakintza lana ta euskerari eutsi-bearra neurriz elkartu
ditzakete bazkun euskozaleak. Ta gai ontaz, "Euskaltzaindi”ko azken-batzarrean
euskel-ikastoletzazko asmo eder batzuk erabillia pozik ikusi degu.
Baña, Urlia
yaunak, leun-leunki, au ere esaten digu: buru-arloteok ez gaiteala sar yakintsuen
arazoetan. Gu eragille gerala, ta etsi dezagula orrenbestez. Arrokeririk eta
artobero-usairik gabe gure arlo apalari lotu gatzaiola.
Ikaskizun
ori ere yasoa degu, ta oñak labur ibiltze'aal-ditugu aurrerakoan. Auxe bakar-bakarrik
esaten utzi zaiguzu, yauna. Yakintzazale ta euskeltzaletasun-eragille, biak
batera, naiz kristau naiz bazkun, notin berbera izan zitekela uste gendun. Ta
uste ori artua eztegu gere erru. Urlia yaunari begira ikasi degu. Bera
ikaskuntza goitarren zale da, ta orrekin batera euskeltzaletasun-eragillerik
bizkorrenetakotzat bere burua agertu izan du beti. Guk, egia izan,
yakintza-zale uts izan ba'litz, ez genion esana yasoko. Euskeltzaleen eragille
ozena dan aldetik iritzi nion arrotz berak idatziari.
Baña, aski
degu onenbestez. Bazterrak naasteari utzi dezaiogun bein-betirako. Nik eztet
beintzat geiago txintik ateratzeko asmorik, makartzu deituko ba'nindukete ere.
Galderatxo au. bakarrik:
-Aita,
¿erreal-bikoa emango?
Hasiera
________________________________
EUSKERA AUNDIKI-SOÑEKOZ
Eusko-aundiki
guziek euskeraz ariko ba'lira, euskera gaizkatua, salbatua, omen genduke.
Amaika bider entzun diotega orixe «Larreko» ta "Txadon-Zaya"
idazleei.
Ta orren
atzetik ari ere ditugu ainbat egiñal: gure aundikiei, euskera, biotzetan ezezik
ezpañetan ere, nondik itsatsiko.
Baña,
orrelakorik beñere iritxiko ba-degu, aundiki euskeItzaleok leen-leenik ari bear
degu euskeraz: au eskolako aurrei ere ematen diete buruak Tal ots, gere au aunditzat
yoa barkatu: ezta eder-uste, baizik eta zigorrari ez igesi naia.
«El Euskera
en las empresas de cultura" buru dula, Urlia yaunak lan bat agertarazi du
arestian "El Dia”n. Aren eskutikako izanik, eder da. Baña badegu susmo,
egiaren ingurukako izketa polit utsa ez ote-dan: ala oi-baitegu maiz, egiasi
aurrez-aurre begiratzeko bekokirik eztegunean.
Nerekiko,
urrengo auxe da egia, ta auzi ontako iltzea.
Alegia,
zoritxarrez, are aundiki euskeItzaleenok ere gure yardunak euskeraz aritzea
gaitz degula. Geren buruon yazte osoa erderaz egin baitegu, alperrik litzake
besterik eskatzea: nai-ta-nai-ez bear alegin zalla geronen artean bederik gai
biurri-samarra euskeraz erabiltzeko. Ta, bestetik erderaz aritzea errezago,
bestetik erderaren bidez geren buruok ederrago erakusten aal, milla akiakula sumatzen
ditugu egitezko erdeltzaletasun ori bidezkotzeko.
Baña, eztegu
ori, nik uste, osasunerako bidea.
Maitetasuna
egitez agertzen oi-da, ez izkutuko biotzaldi utsez. Maitetasuna eztute nekeak
ez yasanbearrak izutzen.
Ori orrela
ba-da, ¿zertan gibel ez eman maldabeera gozo ari, ta ekin ez, kementsuki,
malkarrean gora, goien ta ez beean maitea bizi baitegu?
Gogora
datorkit oroitzapen zaar, bat. Ni ta zenbait adiskide abertzaletu-garaiekoa.
Eztabai aundien ondotik, yausi gaituzu guziok noizbait egipean: euskozaletu
gaituzu buruz ta biotzez. Ez ordea egitez, artean. Ta emen dator elkarri
esatea: -Au eztiagu aski. Orain euskeraz ari bear diagu.- Bai al-dakizute nolako nekea genduan ori?
Euskera umetan erdi-ikasi, gero erdi ortatik iru laurden atzendu... Masallak
gorritzen zitzaizkigun ederki, beti elkarrenkin eideraz ari-izanok ordudanik
euskeraz ari-bearraz. Baña, egiñal latz askoen bidez yaundu ginduzun geron
buruez, ta geroztik, ostera, ezin erderaz ari gaizutu.
************
Urlia argiak
diona egia da, baña erdikako egia. "Eusko-Ikaskuntza”n euskerak betidanik
omen-du yarleku berezia: iru illabetez beingo "Deia”n lantxo, bat eta zenbait
berri gure izkeraz sartzen ditulako.
Baña ezta
aski. Ta esango deguna yaso dezake gureetarik beste Bazkun nagusiak, "Euskaltzaindi”k
ere.
Ezta aski,
ez. Izkera idatzia bai-baiditake izkera illa. Mintzatua ordea, ezpañek
darabiltena, uraxe badakigu eskier bizi dana.
Leengo batean amets txar bat egiñik nazute.
Euskalerria nenkusan, ordeka soil bat iduri. Ez mendi, ez baserri, ez ezetasunik iñon: ez-eta ere euskerarik,
illa baitzan betirako. Baña, ordeka-erdian yaun illezuri agurgarri batzuk ari zenituen
zerbaitetan, mai baten inguruka, paper ta idazti sail aundien artean. Urbildu
natzaie, ta... badakizute zer ziarduten?... Euskel-iztegi bikain bati azkenorraztuak
egiten, euskera ordurako illa ta lurperatua zanik oartzeka. Agian, bazekiten
berak, artean; baña..., erderaz ari baitzenituen...
Olakorik ez
bezaigu gerta, Yainko ona, otoi.
**************
Badakit nik, bat-batean, euskera utsez, bere batzarrak
egiten ezin asi ditekela “Eusko-Ikaskuntza". Baña, beintzat, izkera biak
naasi lezazke, ta batzarrero ordu-laurdentxo batean euskeraz aritzeko oitura
artu ere bai.
Ikasbide
txiki oien indarra aundia baita; aundiagoa, alegia, eskatzen duten alegiña
baño.
Elebitza
esatzeo, ¿zer beso emate'aal-zigun "Eusko-Ikaskuntza”n, "Euskaltzaindi”n,
Aldundi edo Diputazioetan, Udaletxe edo Aiuntamentoetan, euskerari
ordulaurdentxo ori bederik eskeñia!
Ori egin ez
bitartean, eskubide berririk eskatzea yardun alperra.
Elebitza
dala ta zera dala, ¿nola, guri botatzeko, erantzupen auxe buruak eztiote ematen
Madrid'ekoei?: -Badituzute, zuen eskuko, zenbait eskubide. Oiek erabiltzen ikasitakoan
ordun dezuteke berrien eske etortzeko garaia. Iñori ezer eskatzeka,
Aldundi-Udaletxeetan mintza ziñezteke euskeraz; areago zuen elkarte euskozaleetan.
Ezin galazi dizaizuteke iñork Estadoa'rena eztiran ikastoletan euskera, ala
edozein gai euskeraz, irakastea. ¿Ori egiten ez, ta eskeka ta karraxika
zatozkigu? Parregarri alenak!
Bai:
amaiketakoa leenago nai gosaria baño. Ta orrako ori erantzutea buruak bai ematen
aiei, baña, zuurrak baitira..., koIkoan gorde egiten, bidea ikasi eztezagun.
***********
Diogun lan
ortan, Bergara´ko 'Saski-Naski-aldia Urlia yaunak, eta aurre-solasak erderaz
egiñaren aldeko bere burua agertzen, erdeldunik asko bai- baitzegoan.
Ongi dirudi,
begiratu batean... Baña galdegin ere badezakegu: ea noiz euskal-yaietan,
euskaldunen ta euskeltzaleen garaiayo bear duan. ¿Are Bergara´n ta Euskeraren
Egun batez ere ez?
Gaztelaraz
naiz prantzeraz "Saski-Naski” ikusi nai duten erdeldunek badituzte urtero
zenbait aldi aukerako. Eztegu iñola uste, urteak ditun irureun ta irurogei ta
bost egunetarik batez euskaldunak euskeraz aritzeak miñaraziko lituzkenik. Ta
entzule guziak euskeldun uts izan arteraño ba-gaude zai, ez "Saski-Naski"
ta ez besterik ezta egingo. Ez-ta Aizarna'ra yoan-ta ere.
Alderdikeri
gorria ezpa-da, on, ez-ta ere arako apaizarena: errian lau arrotz zirala
-elizarako amorru aundirik gabekoak berak- ta sermoi guziak erderaz.
Ezin obeto
deritzaigu guri "Saski-Naski”ren aurreesanak erderaz egitea, arrotz eta eusko-erdeldunek
gure berri ikasi dezaten. Bai-ta ere seitik bostetan erderaz egitea, bear
ba-da. Baña, eusko-muin utsezko ikuskizun orrek, oraindik, paperean bederik,
itxura onaren ederragatik eta euskeraren goratzarrez bederik, euskel-agerbiderik
ez izateak, eztigu onik egiten. Areago: orren antzeko lanak, gure ustez,
leen-leenik euskeraz bear lirake gogoandu ta idatzi; gero erderara itzuli.
Egia da, ta
ez degu aaztuteko, "Saski-Naski" eztala bazkun euskozaleren batena, naiz
euskozale izan leen-asmatzalleak eta betiko egilleak. Badakigu ere oso lan ederra
dala, erdera ta guzti.
Gure itzak,
bada, iñork txarrera ez artzea nai genduke, baizikan adiskide-eskariak artzen
diran bezela. Elkar-onginaiez, ta batez ere euskerarenganako maitetasunez, ase
ditezke guztion egarriak.
Ta ikus
dezazuten asmo ortakoak ez gerala gorriegi, neroni esanik nago, orain illabete
batzuk, euskel-olerki edo poesi liburuak erdel-itzulpen txukun bat alboan
dutela irarri bear lirakela beti, arrotzek eta zenbait euskaldun zabarrek gure
sallera begiak zuzen aal-ditzaten.
Geroztik
"Euskaltzaleak", (batzar, yai ta eginkizun oro, aal-dala, euskera
utsez egin oi dituan elkarte orrek), Errenderi'ko Olerti-Yaierako neurtitzak
ala eman ditu: euskeraz ta erderaz.
Ori bera
egiri zun Mistral´ek ere, ta ongi egin, alegia. Ez probentzera, utsez, baizik-eta
prantzerara ongi itzulirik eman zun "Mireio", bide ortatik maitenik zun
mintzaira ari ospe aundia erakartzen ziola.
Baña, probentzeraz
egin zun leenik: asmoz, ta kutsuz, ta yantziz. Or zegok bada iltzea!
Gero erderaz, bear
bezela.
Gu ordea,
ostera ari oi gaituzu; ostera, erdera utsetan etsitzen eztegunean.
Betor, bada,
erdel-lanik asko, baña auxe buruan dutekenak: “Euskeratik itzulia". Ta
yolasean ari ez naizela igerri dezazuten, era ortara ekin diot neronek, gaurkoz
beintzat.
¿Ta arako
idazle gizagaxoarena? ... Beorlegi arroztzat yo zuanarena, alegia. Beldur naiz,
Urlia yauna, gertari txiki ori ez ote dezun yoa bear-ez-alderditik. ¿Soñekoak
eman ote zion gero, ala erderaz ariak, iduritu txar ura?
Larre-larreenean
billa zazute baserritarrik basatiena. Yar zazute euskera garbian ari dan zaldun
apañenaren aurrean... Ezetz arroztzat yo. ¿Arritu ta balditu egingo dala...? Ta
poztu, diot nik, eta kolkorako esan ere bai: "Arraiepola! Auxe bai
euskaldun garaia! Arloteok bakarrik uste nian nik euskeraz aritzen giñala, baña
yantzi eder ta guzti au eztek asko lotsatzen".
Ta askoz
ditu elkarrenganagotuko gizon biok bion euskerak, zalduna, erderaz ari dala,
nekazari-yazteak baño.
“Euskeraren
Pizkundeari Emakumeen Maite-agurra" egin zanean, baziran an ere amaika
neskatx apain, erregerenean ikusi oi-diranak bezin aberaski yantziak. Baña, aoa
zabaldu zutenez gero, ¿iñork galdegin al-zun arrotzak ziranentz?... Bada,
Beorlegi'k ere, "lebita" aundia ta guzti, erderaz ekin izan ba'lio,
arako idazleak euskaldun yatortzat yoko ote-zulakoan nago.
Izan ere,
alperrik ari gera. Euskerak eman digu erri-izena. Euskera da gure bereiz-alderik
(hecho diferencial'ik) nabariena. Euskerak etxekotu gaitzake oraindik senide
guztiok: euskera-gabetzeak arroztu.
Zaarxeagoa
dezu, Urlia agurgarria, orain gogo-ra datorkidan zure illeta bat. “Eusko-Ikaskuritzak”
eratu lkastaroan -zenion- euskerazko yardunek betetzen dute aretoa: erderaz
ainbeste gauz yakingarri azaltzen, bai?, ta alkietan bost lagun. ¿Zergatik
ori?, galdegiten zendun.
Belarri-ertzera
erantzun nai dizugu. Euskeltzalea baita euskozale guzketarik egiazkoena ta
egiatiena. Orra esan.
***********
Yaun Urli
begiragarri ta adiskide: barkatu yardun luze, lotsagabetxo au. Egoarri gutxikotzat
yotzen gaituzu, ta eramapenez lasa orni gaiteala, diguzu esaten. Aolku egiazki
bikaña! Egoarririk, eramapenik eta gibelik asko bear baita, euskeItzale txintik
atera gabe euskeraren igesari begira egoteko.
Hasiera
___________________
BARATZA
AZI-BEARRA
Zertxo bi
begietara ditut atzeko egunotan. Bata, zenbait idazki "Euskel-Atala”peko
otarrera botea. Bestea, "Mendi-Lauta"'ren amets gozoak.
Argi
dakuskegunez, tokiaren uts gera euskel-idazleok. Gutxi giñalakoan, amaika negarrek
erten digu; baña, egia, gure ingien zabalerako geiegi gera, ezpaitegu non
idatzi.
Gertari oni begi-eman bear zaio lenbait-len. Ez-tegu euskel-idazlea bakantzera yo bear,
ugaltaraztera baizik. Bestela, zertarako litzake atzeko amabost-ogei urteotan
egindako lan etengabea?-... Orixe nai ez genduan, bada?... Euskel-idazlea
ugaldu-eske ez geniardun?... Bai, ta zuzenki: ortik bailetorke euskera beñere
senda al-izatea.
Baña, euskel-idazleak, edozein idazlek beste, tokia
bear du. Lana non
agertua ezpa-du, eztu lanik egingo. Ta orra, ordun, ez soilki idazle bat
galdua, baizik aren ikasbide ona ere, idazlekumerik sortzeko bideak langatuz.
Beraz,
baratza bete aza ba-daukagu, ta azarik geiago gose, nai-ta-nai-ez baratza azi
bear.
"Euzkadi”ri
arlo ortaz, beste ainbestetaz bezela, asko, eunetiko larogei, zor diogu.
Berorik dago "Kirikiño" zanaren oroitza, ta alperreko lana litzake
ori erakutsi-bearrez izketa luzeetan yardutea.
Baña,
"Euzkadi”k eztu lanbide orretan mugarik nai-bear, arik-eta euskel-egunkari
bikain bat izan dezakegun arte. Idazle-ugaltze orreri, begi-itsuka, nik uste, bear-alako
paper-langille-ugaltzeaz erantzun bear dio. Ez aztu, euskel-idazleen sari-eska-ezak
zenbateraño bidea errezten dion.
Ongi zion,
beraz, lengoan, “Irular”ek, gure Atala zabaltzeko otoi-zegionean. “Euskaltzaleak”
deritzan Bazkunak ere otoi orixe egitea erabaki du, azkeneko billaldian.
Eguneroko maite onen agintariei, gaurko nere itz auen bidez otoi ura egintzat
etsitzea eskatzen diet.
*********
Baña,
euskel-baratza azi-bearraz gogoeta egiñak, gereiziak gereizia bezela, euskel-egunkari
ametsa dakargu.
Ona begiak
itxita nolakoa dakustan.
Yainkozale garbia,
euskeItzale yaukala; ederra, argia, erreza; ongi ordaindutako gizonek egiña;
berriez, lan benez ta arin-alaiez -parrirudiak aztu-gabe- naroki ornitua; erri
bakoitzean izperkari on bat du, zerbaitez sariztatua, bertako arazo gazi
guziak, baita berriak ere, garaiz ta ongi bialiko dituenak; lankideen artean,
maiz agertzen dira erbesteko euskel-yakintsuen izenak, bein Alemani'tik, urrena
Errusi'tik, Txekeslobakia´tik, nondik-nai.
Labur
esateko: erderazko zenbair egunkari bezin eder-osoa...
EuskeItzale
guziak ditu asieratik arpidedun; apaiz Yainko-gizaki orok laguntzarik zabalena
zor lioteke; beste askoek erosten dute, yaio-berritan ikusmiñez, gero aren
erreztasun-atsegiñek gogoa irabazita; mendian lenbizikotik eztu sarbide erosoa:
baserritarra -Argia”k-eta asko egin dutelarik-eztegu oraindik ugari ta egunero
irakurtzeko gertu: ori urteak, agian dakarkete. Bitartean, astean bein,
igandeetan, egunkariak ale berezi bat daterake: asteko berri-laburpena,
parrirudien bat, izkirimiri ta ipui alaiak, Yainko-gaiak, nekazaritza ta
abar...; gaurko "Argia”ren oñordekoa.
Euskel-Erri
osoan amar-amabi milla ale ez ote-ditezke saldu, zabalkundea bear bezin sakonki
egin-ezkero?
Bestalde,
len esandako guziez gain, iragarkiz poliki betea dakust. Lantegi ala saltoki,
edozein irabazpidedun euskeItzalerik ezta, berea uka dionik: eta euskeltzaleez
ateko zenbaitek ere balemaioteke, Euskel-Erri osoan poliki edatu ta bazter
urrutietara eltzen dala oartemanik.
Esan-bearrik
ez, idazleak erruz ta gero ta yaioagoak ditu, gizarteko gai guzietaz aritzeko
gai. Ordaindu egingo baitzaie, ainbestean. Gaurdañoan, utsean, agertu beste
sail goldetu dalarik, zer litzake gero, euskera, irabazpidetzean, eguneroko
leiaketak metu ta eskuak artarakoaean?...
Ainbestetaraño
da ene ametsaren sor-bearra, ikusten baitet argi-argi ukabilla añako izki
lodiez egunkari orren izen berbera ere!
“BAI”...
“BAI” du izena. Baietza du ikurritz, baietza ekin deadarra. Egona EZ da,
aritzea BAI; illa EZ da, bizitzea BAI; egia BAI da, gezurra, berriz, EZ... Ta
egunkaria ari-otsa, bizi-otsa, egi-otsa: euskoa badalaren BAIETZIK gorenena baigenduke...;
orretxegatik, aren izenik egoki-errez-laburrena au izatea: "BAI”...
Ta amets
ipurtzuriak zer dira?, galdegin dezake norbaitek, irriparreka. Ametsa, berez,
EZ izatea nai ba-dezu ere, BAI´aren azia diteke. Zenbat bider izanik ote-da,
ludian gizadia danetiki!
Baña, amets-goi urdiñetik be arre-zakarrera
amildu-bearrik gera, onezkero. Egin dezagun ala, urrengo batean egunkariareriko
gertu-lanak gaurtik, nere aburuz, nola asi diteken azalduaz.
1929'-gko.
Epalla 13-g.
Hasiera
________________________
EUSKEL-EGUNKARIA
Opa-nioke
nik "Mendi-Lauta" bizkorrari, ametsetan ikusitako milloitxo oiek eskuratzea.
Baña beldur naiz aren aberasteak luzetxo ez ote-duan yoko.
Benetan,
ezer oberik ez litzake: euskeltzale zintzo aberats batek beregain ta begipean
egunkaria artzea. Baña... auxe bai ametsa! Aberastu-ezkero, zintzoenak ere
sakela itxitzen baitizute, gu bezelako txiro gizaxoei arpideak-eta gizentzeko
lanbidea. utziaz. "Kirikiño"-sariaren makalar oar, bestela.
Iñola
ateratzekotan, bada, egunkaria, askoen alkar-artze ta laguntzaz bear bide-da,
nik uste.
Egunkari ON
bat -eta bearrezko dezu ona, erderazkoak bezin on; bestela, zeren indarrez
edatu?- egunkari on bat, bada, ateratzeko, zillar-pilla larria bearko litzake.
¿Zenbat?...
Orra, nere
ustez, lendabizi egin-bearra. Beste egunkarietatik, bear bezela ta zeatz,
xetasun oro ikasi: zenbat diru bear egunkaria irasteko, zenbat eusteko; zurki
yota zenbat emate'aal-luken, saltzez bai iragarkibidez.
Ori eginda,
diru-biltzea letorke. Atera ditzagun, adibidez, euna laurlekoko akzioak. Artu
nai orok len-agiri bat izendu bezate, onenbeste-ainbeste eman-agindua sendotzen
durelarik. Onela beintzat ikasiko genduke zer itxaron genezaken, zenbatera eldu
gintezken, jendea bero-bera ala otz al-dagon eginkizun aundi ari bizkarra
erasteko.
Euskeltzale
txiroak ongi erantzutea yo diteke, gaurgeroz.
Euskel-egun
ala orren antzeko arpide bati bost laurleko botatzen dionak, egunkari akziotan
emango lizkizuke berreun, bosteun, agian milla. Baña, besterik gabe, euskeIzale
aberatsen laguntza (ta laguntza zabala) gabe, eztegu bearra osatzen. Gero, beti
dituzu, ta asko, naiz txiro naiz aberats, epel, otz ala gori, ukabilla itxita
etxera ezpa-zinyoakie gorrarena egingo dutenak. Beste zenbaitez, berriz, berez
erantzunda ere, mordoska aundia utzi-bearrean, aien aberatsari ala dagokiolako,
uskeri batez etsiko dizute, ta kito.
Ikusi zer
nai nuken esan. Diturik yasotzeko, alegia, eskatzen lenik bear dala, ta eskatze
ortan txampon batzuek eralgi ere. Norbait bear dala eskale, ta ez, nolanaikoa,
gizakume azkarra ta atsegiña baizik, ta... lotsagabe-samarra. Norbait oni
beribilla eman zaiozu, ta legokion saria, ta izendi bat erri bakoitzerako,
lagunez-lagun eskean asi dedin, ta bakoitzari atera al-dezakion eman-uste zuna
baño geiago.
Ta orra
betikoa... Len ere, amaika bider, artara-ontarako, edozertarako, esan izan degu
ori bearra dala, zenbait arlo astindu ta eragingo ba-dira. Erakutsi nai izan
diotegu orixe "anai zarrei", baña, egia esan, ezer askorik iritxi
gabe. Oraingoan nora yoko?...
Baña, goazen
aurrera. Esandakoak -len-azterkia ta eskale yaioa- baditugu, esate baterako, ta
diru-biltzea poliki asia da. Askok esango liguteke: egunkaria yarri baño
aurretiagokoa da asterokoa sendotu, zabaldu ta obetzea, ark bearko dituan langille
azkarrak bertan ikasi ta zailtzen dirala.
Egia. Baña
bai auxe ere: gaurdañokoan asterokoaz yarraituzkero, ezin bizi aundirik eman
genezaiokela. Paper geiago bear, zabalkunde sakonagoa, zuzendari ordaindua,
artan aritze-utsetik bizibidea atera lezakena. Orrela ez izanenean, gerora ere motel,
geza, txikia izango degu asterokoa; ezin iñoiz eragin izate'al-diogu goraka
aundirik Ortarako -au bai betikoa!-dirua bear. Zer egingo?...
Len esandako
akzio-saria baldintza batez yaso dezagun. Epea, bost urte -edo, yarri,
egunkariaren etorzea gertutzeko. Dirutza, bitartean, "Eusko-Ikaskuntza"pean-
edo zaitu-arazi. Urtero, aren adarra, aren ekarria yaso, ta epea azkentzeraño
orixe erabilli asterokoa indartzen.
*************
Euskeltzale
guztiei, ta bereziki "Euskaltzaleak"-bazkunari, yarduntxo auek eskeñi
nai dizkiet, gaia pitin bat astindu ta otsarazi dezagun. Ortatik letorkiguken
kalterik aundiena len-añean gelditzea da, ta agian ere, euskel egunkariarekiko
aurrezkai on bat egiñak izatea.
Otoi, bada,
nork-bere aldetik yo zazute arloa, iritzi oiek guzion alkar-laguntzaz osotu ta
obetu al-ditezen.
Nik nerez
dakidana... Asmo gaitz auek gogoan maiz erabillizkero, asieran urruti zenkusana
gero ta bertarago egiten zaizu.
Urte
bete-t'erdi, geiago apika, dalarik, landolako atean kaxk-kaxk yota pralle aundi
bat, irtiparre emea ezpañetan zuala, aurrera sartu zitzaidan. Ekin zidan bereala
euskeraz, bizkaieraz sutsu ta zoli, ta euskeltzaletasun-gaiak generabilzkian
gure yardunean. Yaingo-gizon auen soñekoak bai koIkope sakona!... Ari zaizkizu,
malgu-malguki izketan, ta nondik-nora eztakizula, eskua murgildu dizute illunpe
artan, ta ona geroxeago liburu bat atzituta agertu... Bear ba-da, zere gogoa
neurtitz-bazka gozoz elikatzeko-asmo dezu gizon begiragarria. Ta egingo nuke, barrupe
artatik, amar, ogei berrogeita-amar idazti atera baietz parra-parra, nork artua
izanezkero... Bai, benetan dute sakona ezkutupe illun ura!Baña, barkatu,
bidetik ate diarduzutet. Ontaraxe nentorren: Yainko-gizon maitagarri ura
euskel-egunkariatzaz mintza zitzaidan, ta, gutxi gota bera, ni gañeko lerroetan
bezelatsu. Egin nion nik entzuna, baña yaramon gutxi: ain urruti bainenkusan
asmoaren bete al-izana. Gaur ordea, aitortu-bearrik naiz, ordutik onuntz
askotan buruan erabilliaz bertaragotu, ditekenagotu, errez-iritziagotu egin
zaidala, azia izanik ene gogo-lurrean erne ta loreztu bai'litzan...
Besterik
ezer iritxiko ezpa-genduke ere ontaz ari geranok, zuen gogoekiko, ez genduke
astia alperrik galdua...
1929'-gko.
Epalla 16-g.
Hasiera
________________________
EGUNKARIA
Gai
ontaz zenbait idazlek agertu dute iritzia. Asko dira, ordea, ixilik.
Ori bezelako
arloetan, orratik, ezer baño lenago, artarakoxe "giroa" sortu arazi bear-izaten
da, asmoak loreztu ditezen ta, loreztuz gero, igali mardulik ekarri al-dezaten.
Ta giro on orretaratzeko, zabala yo ta yo bear, aizea astindu, esku beteka
eltxoak atxitzen ba'genbiltza bezela... Aize-astintze artarako berriz, yardun
ta yardun, mintza ta mintza, ekin ta ekin berritsukerian, atsoak -eztabaida
emen, murmuxeta an- ari oi bezela...
Orrelakoxea
bear du; gogo-lurra ur asegarria artzeko gertutzen duan atxurketak. Euskel-egunkaria
oso urruti ta eziña dakustenak, esanaren esanaz ta ausnartuaren ausnartuz
bertago ta errezago etsi dezaten.
Otoi, bada
-eskabide au iñola ezpa-dagokit ere- idazkortza kertenetik artzen dakizuten
guztiok, naiz txiki naiz aundi, euskel -egunkari- gaiaz zenbait idazlan biali
ditzazute "Euzkel-Atal” ontara, "Argia"'ra, ta abar.
Zuk ere,
"Orixe" adiskidea, ekin gogoz arloari zere euskera mamiaz.
Euskel-egunerokoatzaz
badakar idazlan bat "Euzkerea"'k. Gaia erabilli utsagatik ere
eskar-gatzaie arazo ori ari degunok; areago berriz, gure azterketan eskeintzen
diguten laguntzarengatik.
Eder zait,
batez ere -ta ontan, bada-ezpada aitor dezadan, nere aoz, ez iñorenez, diardut-
euskeItzale alderdien arteko elkar-artu-nai apurrenik sumatzea. Ontan, nik
uste, gauz guzien gañetik alkar-lagundu-bearra yarri bear degu; iritzitxoen
gañetik IRITZIA, euskeraren ona. Euskeraren ona ezpaiditeke euskotasun
osozalearen kaltegarri.
"Euzkerea"koak
egunkarietzaz dakizkiten goraberak zeatz erakustea eskeintzen digute. Eskarrik-asko. Eskutartean darabilgun ikasketa ontan
orixe nai degu, askoen iritzi ta onuak, al danik egiena izan dedin. Xetasun
oien eske, beraz, etorriko gatzaizute noizbait.
"Euzkerea”k
dionez, euskel-egunkariak urte-mordoska aundi-samarrean urteroko berrogei bat
milla laurleko galdu bear lituzke. Ori ala ba-da, obe degu ezertan ez astea. Egia,
bai, euskeItzale aberatsak laguntza zabala emanezkero, orrek ez ginduzkela
izutu bear. Baña... Arlo auetan, biotzean, sakelean ez-ezik, bear litzake urrea
euki. Ta biotzean, sakelean-ezik, txiroak oi-dute; sakelean, biotzean gabe,
berriz, aberatsak. Bat bestetan erabat gutxik: orixe txarra... Ortatik baitator
gure arloteria. Ni ere
etsita nago, bai, noizpait aberastuko ba'nintz, ezetz sasi-arte latz auetan
oñik sartu!
Baña, aria
etena det...
Lengora
gerala, irakurle: guk eztakusgu arloa “Euzkerea”k bezin illun; gaurdañoan
beintzat, baikorxeago gaituzu.
Ori bai: ari-mutur guziak lotu bear dira len-lenetik. Ibiltzen asi baño lenago, oñazpian lur
ibilkorra ala geldia degun ikusi bear. Zerbait egiñenean, dirurik ez galtzeko,
porrot ez egiteko ziurtasunez ari bear da.
Gure
lan-asmoa auxe da. Lenbizi, al-dan zeatzenik -arloa argi ikusi, zenbaiten iritzi
ta aolkuak entzunaz. Ontan "Euzkadi”k ere, ta "Argia”k, asko
lagunduko al-diguten ustea badegu.
Egunkaria berriro-berrirotik
egin, lankiñak eta abar erosiaz? Ala, iñoren babesean? ... Iñoren babesean,
noski, amets dana amets izana iñoiz biurtuko ba-da. Artara, zenbat diru
bear?... Zenbat eta, nolako otseñak?... Auetxek ere aurre-aurretik begiz yo ta
itzartu bear dira. Gero, zenbat arpidedun eta zenbat iragarki gutxienez bear
ditugu, lenengo egunetik galdu gabe, ala oso gutxi galtzen, asteko? ...
Ona,
egin-bearreko azterketaren zati nagusitxoenak.
Azterketa ori
oso egiña danean, euskeItzale guztiok, eta batez ere bazkun euskeltzaleen
ordezkariak, batzar batera deituko zaituztegu. Agian, "Euzko-Ikaskuntza"ren
aurtengo uda-ikastaroko euskel-izketaldietara? Elitzake txarki...
Antxe egin
diteke, guzien iritzi ta eztabaida anaikorraz, azken-azterketa. Bertatik
baiezko erabakia ba´letor, bazkun guziek, norbere lurraldean, asi bitez erriz-erriko
lanean, diru-arpide-iragarki aginduak yasotzen.
Orrela yakin
genezake egunkaria egin diteken ala ez; ta orra, yakinlarri orretxek eraso
gaitu oraingo aldian.
Yarrai
gatzakion, bada, len baño ere baikorrago, lan asiari. Astindu dezagun aizea,
eltxoak esku-beteka atxitzen ba'geniardu bezela, ta Yainkoa'k nai-izango al-du
eltxo baño zerbait mamiagorik, alako batean, eskuratzea.
Listorra
eztedilla izan orratik!
l929'-gko.
Yorraila 26-g.
Hasiera
_____________________
EGUNEROKOA
Aspaldian
ixilik du gure euskel-ataletan egunkariarekiko asmoa.
Mutikoa,
koskortu-ala, gallendu egin zaigu. Ta Ameriketa'ra baserritar yoanak zaldun-usai
etorri oi bezela, alaxe, erastunez yosia ta erdera arroa dariola, dabil, or
zear, bere burua erakutsi bearrez.
Baña guk eztiogu utziko zearo erdelduntzen. Ongi da erderaz, ere dakian; baña ¿euskera
aztu, alajañetan, euskel-egunerokoak? Ez, enetxoa! ... Ori ezezik, aurreko
euskel-atalera dakargun.
Zertan geran
diozu, irakurle?... Ikusi:
Asmoaren
gorabera nagusienak aztertu dira, ta ezagun arazi ere, Donostia'n, "Eusko-lkaskuntza"
aretoan.
Esan dezagun
gaurkoz, soilki, Euskalerria'n iru milla eusko yator ba-da, mamitze aal-dala
gure asmoa: bestela, ez. Iñoizko Sodoma-Gomorra gaizto aiek gaizkatzeko amar
gizaki zintzo bear bezala, euskeraren -ez gaizto, baña bai gaixo- ta, agian,
euskotasunaren gaizkakunderako, IRU MILLA lagun zintzo bear ditugu.
Bear-dirua
ta iragarkiak orren alboko ta ondorengo yo ditzakegu. Berriro diotsutet, IRU
MILLA arpidedun sortzen ba-da, sortuko dala egunkaria ere.
Urrena arte,
Yainkoa lagun.
1929'-gko. VII 13-g.
Hasiera
___________________________
GURE BIDEKO MUGARRIAK
Lizardi'k idatzitako azken lana
(1933-Epailla-12'an
il zan)
Nere
adiskide Urlia'k, serio-samar yarrita, errez-zaleen ta gaitz-zaleen auzia berritu
du. Igandeko “El Dia"ko artikuluaren isats aldera, eskribatzalle guziori muga
bat erakusten digu.
Nazioak
diru-kontuan el patrón oro-ta erabakitzeko ain buruauste gorriak ibiltzen
dituen bezela, gure auzia ere ontantxe zegoan: idazleok noren neurrira errendituko,
zer artuko legetzat?... El patrón Txirrita?... El patrón Muxika? ... El patrón
Yauregi? ...
Ni Txirrita
zalea nazue, ta argatik lengoan nago. Ez det uste euskal-literaturaren auzia
ain errez erabaki ditekenik.
Errikoitasun
gorritik bertso ikasietarako tartean izen aiek iru mugarri bezela yotzen ditut,
eta, au ondo entzun, mutikoak, ori esanakin ez det adirazi nai iñor aldamenekoa
baño geiago danik. Ba-da ez ba-da diot, ibillian. asko ikasten baita.
Errezago
konprendi dezazuten, egin zagun kontu bi erri dirala: Erriburu ta Ikasburu. Biak buru, ta ez
bat bestea baño buruago. Bi erri ok bide batek lotzen ditu. Bide orren ertzean daude len esandako
mugarriak, bidaztien eserIeku.
Nere iritzia
izan da beti, ezin agindu ditekela mugarri oietako bakar bat ibiltari guzien
deskantzu-arritzat.
Ni, guziok
ezagutzen nazue, errez purrukatua naiz, ta argatik Txirrita-arria daukat
aukeratua. Igurtzian besteak baño leunduagoa da-ta, atsegiñago zait. Nerekin
beste zenbait euskaldun yatorrek arri berean planto egingo dute. Ta au sinistu
nai ez duanari esango diot, Tolosa´ko epaileak urkizuarrak izan ba'lira ogei
bertso bilatu baietz beren ustetan Yauregi'rena baño yatorragoak. Beste zenbait
euskaldunek, Txirrita'renari muzin egiñik, Muxika-arria naiago izango dute.
Askok eta askok Yauregi'koa gogoko. Ta gerta ere litekena da, banaka-batzuk
eserleku geiago bear lirakela esatea: ipurmamiak zenbaitek bezin beratxak ez
dituela-ta, naiz arri landuberria izan, ez diela axolik.
Ta nere
galdera au da: bidearen erosoarentzat zer da oberena, mugarri bakarra egotea,
edo yendeak eskatu ala izatea? ...
Txirrita'renean
yende geiagok eseri nai dula, ta arriak el ditula artzen... Beyondeiela.
Mugarri ura zabaldu, alki luze biurtu, era artara besteetara baño idazle geiagok
idatzi, ta kito. Baña beste mugarri guziak ateratzea bidegabea litzake.
Nik beti nal
izan det, koIko-koIkotik alare!, euskal-baratzan, oraingoz, iskribatzalle
errezak gaitzak baño erruzago sortzea. Ta gauza batek arritzen nau oso:
ainbeste ta ainbeste euskaltzale izan, urkoak errezka yokatzea nai lutekenak,
eta, nolatan ez dituen berak gure euskal-orriak lan gozo mamitsuz yosten;
nolatan yakintza sail guziak ez dizkiguen urratzen, baserritar yatorrenak ere,
yaten baño gustoago, yarraitzeko moduan...
Saieski
babarrunetan egosia baño naiago omen luteke euskeraz idazten dan guzia nornaik
atxitzekoa ba'litz; baña, beren lan mamiyario errez oiek nai baño nekezago
agertzen dira... Ai! Ez nik bezela egingo, ba'lute: bertsotan naiz itz zelaiez,
nik barrena yalkitzea, ta Bedaio´rañoko guziak mara-mara yabetzea, guzia bat
izaten baita!...
Denak ez
dira, orde, artarakoak. Berez bear du Billabona'koa. Ta gauzaez oeri, zer egin
bear zaie?... Ukatu egingo al diegu, beren erako mugarri lakartxo, bat bederik
bidertzean sartzea?...
Ara. Badet
nik laguntxo bat. Errez-zale purrukatua da, iñorena irakurtzekoan. Baña, bera
idazten asten danean, luma biurritzen zaio, ta inork ez dio kolperik konprenditzen.
Gertatu izan
zaio iñoiz adiskideen batek lantxo bat eskatzea: Aizak i, itzaurre bat egin
bear diak, erderazko teatro au traduzitu bear diguk... Baña!... (au eskua
altxata) faborez!!, erreza izan dedilla, e? ... Vanguardismorik ez diagu bear!...
Kuitauak,
bada, egiñalak egiten zitun, ni naiz testigu; ustez, aingeruak berak baño
malizi gutxiagokin itzak yosten zitun; gustoa egin ziolakoan eskaleari bere lantxoa
ematen zion; ondorenen zai gelditzen zan, begi zearka... Otza ta kopetean
zimurra besterik e-tzan, nabari bazterretan, eta geiago gabe atsekabez beterik
etxera sartzen zan. Ez izan nonbait Billabona'koa.
Kezketan
nindukan gertaera orrek. Baña, zer arraio dala-ta idatzi bear ez dek izketan
aritzen aizen bezela? ... Berak ere e-tzekien ezer asko, ezintasun aren, zuztarra
ezin zun sumatu.
Noizbait
ere, orratio, eman diote zearoko etsia. Gure olerkari baten bertso yator
errikoi bat irakurriberria zan, eta egillea ikusi zuneko an diyoakio bostekoa
estutzera. Besteak, lotsati-samar, ala esan zion: Eskarrik asko, eskarrik
asko... Zuek bezela
ez dakigu, baña..., amaren bularretik aziak gaude beintzat... Zuek berriz,
iñork ba'al-daki nongo errapetik edoski zenuen? ...
Ateraldi aretxek argi eman zion. nere laguntxoari. Bereala,
gorri-gorri eginda, izkide errikoiari aitortu bear izan zion baietz, bera
e-tzala txikitan amarenetik aritua..., biberoiakin azia zala! ...
Orain oartu
zaitezte orren egoera larraiz. Gizaxoak lèna zuzentzerik ez du; estu-estuan, biberoia
ere e-tzioten emango berak aginduta; berriro yaiotzerik ere nekez; ta, ala
guziaz ere, eskribitzeko griña uzteko gauza ez ba-da, zer egin bear diogu
tristeari?... Erorrek esaidak, Urli; zer egin bear ziogu? ...
Argatik, bada, bide artan eserIeku bakarra izatea baño
lenago eskatuko nuke nik lege ok yartzea:
Lenengoa:
danok iskribatu dezagula con sintaxis esaten dana.
Bigarrena:
irakutzekoan erreza nai dunak, idaztekoan ere ala egin dezala, Trigonometria´z
ari ba' litz ere.
Irugarrena:
biberoiez azitakoeri mugarri koskor baten eskubidea eman dezaietela; ta ori
euskerari txarkeria egitea dala aproatuko ba'litz, lenengo eskolara baño, len
lepoa biurritu ta ibaira bota ditzatela.
Lege ok bear
bezela kunplitzen ba-ditugu, pake santuan bizi gaitezke guziok.
1933'-gko.
Otsailla.
Hasiera
________________________
GURE BARATZATXOA
Gure baratzatxoa! Txiki, baña emankor; yori ta eguzkitsu. Ugaldu bitez zure landareak;
gero ta arnari mardulagoa bekarte.
Ludia zoroki
aurrera dabillelarik -aurrera?- askoek eztakite, are Euskal-Erria'n bertan,
zure orma-arteko berri: euskera gauza zaarren adur gaiztoak daramala uste.
Bitartean,
zuek, euskel idazleok, gure baratzatxoko zuaitz berri, euskera eztala zaar;
euskera ludiko ele kemendun-gazteenetakorik bat dala diozute: aurgintzaren nekeak
ezpaitu abaildu, ez-eta igatu erabilli luzeak. Zuek, ixilka -biotza su-uts,
burua sinispen gori, begietan ernai itxaropena- euskera lantzen, etorribear-urteetako
gurendarako bideak urratzen ari zerate. Bejondeizutela! Eusko-pizkundeak
ezer ekarri ba-du. indardunik, iraunkorrik, onà zuek.
**********
Orrengatik, idazle berri baten agertzeak -batez-ere
gazteen yoera ain oker-bideetara etziña dagon aro makal ontan- bularrean alako
ikara gozoa -ikara bero bat- eragiten digu.
Bestalde, berriak naiz zaarrak, ezeren eztigarririk
gabe ari gera, ta askotan itz gozo bat naiko sari genduke... Ziñez esan diteke,
siniste-utsezko ekintza bati loturik gerala.
Euskaldunok ain baigera alkar-zurikatzeari ez-emanak,
gutxitan iñork eskeñiko digu, emen nekatuaren xuxpergarritzat, ederretsi-iztxo
baten gozoa bederik. Izaera ori, bada, beingoz-betirako gure baratzatxoaten
atean utz dezagun; alkar-gogoberotuz ari gaitean, sutsuak suagotuz, gogo-urriak
eraikiz.
Ta orretarako gaien enaizelarik, norbaitek asibidea
eman bear-ta, banatorkizute. Gure
baratzatxoan barrena gaur egin-nai ibilliaren leenbiziko urratsa zuaitz berri
batengana yo dezadan.
**********
"J. Aiberdi". -Nor zaitugu?... Nongoa?... Zumaiarra, agian?... Ala ba'ziña,
euskeltzaleaz-gañeko alkarbiderik badegu zuk eta nik. Zure itsaso berberaren orroak
lo-autsia bainazu, neguz, amaika bider; ta aren apar zuriak -uin arroen gandor
aratz- begi-lilluratua.
Baditeke
ukalondoa sartzea idazle berritzat edo ez-aritzat yotzen zaitudala. Bana,
zerorrek baitiozu illunpetik zatozela. Egia ba-da, ongi-etorri; ta, gañera bizar-berri
ba-zaitugu, ongi ta obeki etorria.
Azkenengo
"Argia”n zure «Urteberri» irakurri det. "Año nuevo, vida nueva",
"Urte berri, gogo berri"... Zuur-itz orrek baño, ez nau ezerk
iguiñagotzen. Ain baitago eskukatua, alperreko aitatzez ain
andeatua!... Baña zurea gogoz irakurri det: berriki erabillia dezu, ta, gutxik
oi-dutena, badakartzu zuzendu-asmo zeatzik eta, dirudienez, egiazko garbairik
ere.
ldazteko,
nere iritziz, badezu asmamena ta zaña. Etzera illunpean egon-bearrekoa.
Euskerak, zuk ainbat dezaketenak argitara-bearrekoak zaitute. Nere aolkurik
ezertakotzat ba-dezu, eragin maiz lumari, otoi ez illunpera itzul.
"Urte
berri, "Argia" berri", "Urte berri,
baratza-berritze"... Orra eskeiñi arako esakunaren ordezkai politak.
*******
Ta orain
zaar bat edo beste agurka dezagun.
"Otxolua".
-Onà,ezin polikiago ari dan idazle bat.
Asteazkenero,
uts-egin gabe, arki dezakezute "Euzkadi”ko "Euzkel-Atala"n "Otxolua"ren
idazki mamia, Mundaka'ko berriez ta zenbait goxoki geiagoz ornitua.
Maiz
berebiziko ipui irakurgarriak ingeleratik txukun-askirik itzuli oi-ditu. Oiek
bilduz noizpait: idaztitxo bat osatze'aal-ba-zeneza, elitzake makala aldarte
beltza argitzeko.
Bizkaiera
giartsu-egokia oi-darabil, ta itz-aukeratze ta are asmagintzan ere zolia da.
Euskerak Bizkaia-aldean ditun idazle bikañenetakorik irudi zait.
"Iparralde".
-Noizik-beinka zure idazki ederren bat gureganañotu oi-da, "Argia”ren
bidez; bakantxo, ordea. Nik orain eztet bat baizik gogoan, zaar-samarra bera,
nere lagun on bati eskeñia. Zure gogamenaren ale mardulak artuko
genituke pozik, maiztxeago.
Lurralde urrun ortan egonagatik -euskaldun zaarrek
odol-kutsu yoriaz zeindutako Chile- ez aaztu gure baratza txikiko lau ormen
arteko barrutikoa zaitugula, ez-ta zure ekarrien begira gaudenik.
"Gireuya".
-Ez, yauna; ez orrelakorik uste. Enatorkizu gorapen berriez belarriak eztiagotzera:
naikoak entzunik aal-zera.
Ikasi det,
ordea, izneurgintzaz-atekako lan sakon bati burua lotzen dezula. Ekin ortik
gogor: zuk bezelakoak baitute lanerako astirik eta abagunerik.
“Dunixi".
-Euskel-dazlea "Dunixi"?... Ta ez badaezpadakoa. Igaro-udaberriz entzun
genion itzaldi eder-askoa Donostia'n.
Baña,
erderaz batez-ere eman oi-digu bere gogamen zoli-meearen berri.
Eztaki
nornaik gaztelera ain apain ta biziki erabiltzen. Esaera ta itzak aukerako
ditu, ezetsu, mami; ta adiraz-gaiari ain dagokie zeazki, uste baitet, ez bera
ez gu oar gatzaiola norbaitek eskutik idazkortza ken ta erraztilla, (brotxa)
ipiñiko ba'lio, aldapena igerri gaberik baietz yarraitu margoz lan itzez-asiari,
ta are gu ere, leen-arian, "margozkia irakurtzen".
Orain, bada,
adiskide-antxean, galde txiki bat. Zuk, "Dunixi", barruan alako idazle
yatorra daramazun orrek, euskera ere bikainki dakizularik, ¿zer legikezu euskel-elertiaren
alde, tarteka-tarteka, erderaz aritzeari utzi gabe, gure baratzatxora egonaldi
batzuek egitera ba'zentoz ...
Ez aal-zinduket alperrik zirika!
1930'-gko.
Otsailla 1-g.
Hasiera
____________________________
ELKAR-BIDEAN
Bizkor-askia
dator Urlia yauna "Euskera Aundiki-Soñekoz" nere bi idazkietarik
leenbizikoari
erantzunaz.
Badirudi
egiazki gu bietarik bat, ala agian biok, aserre-samar ote giñan nork-gere
idaz-lanak egiterakoan. Eta ori, egian esan, ezta ongi gizon egiñentzat. Baretu gaiten,
bada. Edo neri burua pitin bat naasi zitzaidan, nai ez nuna esateko, edo-ta
nere erantzule yaioari begiak lausotu zaizka zertxobait etzegoana ikusteko.
Urli yauna,
otoi. Berriro nere idazkia ikusazu, eskura ba-dezu beintzat, eta igerriko
aal-diozu nik eztedala iñon, ez "Aitzol" yaunak esana egiazki itzuli etzendunik
esan, ez-ta ere zure zindotasunik, zure onusterik, auzitara ekarri.
Begira nik
zer esan dedan, mamiz: "Zure yarduna egiaren ingurukako izketa dirudit,
ala oi-baitegu, aurrez-aurre ari begiratzeko ausarta ez geranean. Ta, neretzako,
auxe da arazo orrekiko egia: erderaz mintzatzea errezago degula, erderaren
bidez geren buruok, batzarretan-eta, ederragotu egiten ditugula; erderaz
ari-bearra bidezkotzeko asmatzen ditugun guziak, maratil uts dirala ta ez
arrazoi".
Argi-samar
agiri ote-dan ta nago, zein egiren ingurukako izketa iruditu zitzaidan zurea,
ta "Aitzol" adiskidearen eskaria zuk zuzen ala oker adirazirik eztala
or ezertarakoxe aitatzen.
Baña,
besterik zerbaitxo ere badarie itz oiei, ta Urlia yaunari etzaio oartu. Etzaio
oartu, naiz gordegailluaren oso inguru ibilli: "bero-bero", arako aur-yolasean
esan oi-genduna,
Alegia,
arako egi aren ingurukako izketak, ez Urlia yaunak bakarrik, baizik-eta euskeItzale
guztiok egin oi-ditugula, "Lizardi" berbera "barne"
dalarik. Alegia, batzarre baten erdera utsez aritzeko tarteko erdeldunei, gere
oi-ezari, gaiaren zallari ta abarreri errua egotzi izan diegunean, ez oiek baña
gure epelkeria, gure eroso-bera soil-soilki ziran errudun.
Argatik, bada,
zuk diozun batzarre artan Lizardi´k erderaz itz-egin zun, bai; baña ez zure
esanak indar aundirik egin da, baizikan... epelkeriz, errezago-zalez,
koldarkeriz. Otra egi bat, ingurukako izketa uts politarik gabea.
Antz-emate'aal-diozu onenbestez, zenbateraño artzen ditudan edertzat eta ontzat,
zure erantzupenaren azken-itzak: on dala, alegia, egia uts-utsik esatea
Batzarre
artan berean, oker ezpa-nago, Intza yaun agurgarriak ere itzegin zun, ta
-"gizarteko lege” diralakoak zapalduz, agian- euskeraz aritu zan, ta puskaka-puskaka,
euskeraren ondoan, erderaz ziarduan leena berriz esaten. Ta Lizardi´k kolkorako
ziona:
Ik duk
bizar, adiskide, ta ik egiari aurrez-aurre begiratzeko bekoki". Bada, arena
gaur agirian txalokatzen dedan bezin egiazki ta minki, gaitzetsi ere egiten det
Lizardi'ren eginbidea.
*******
Goazen
aurrera.
Erdi-akarrean
ari gera -ez al-da parregarri?- ta guziok iritzi berberako izan.
Zer dio
Urliak? Zer dio F. Berendia yaunak? Zer diote biok, mamiz nik neronek diodana
ezpada? ...
Bizkor-samarki
zukutzen nau, ori bai, ta auts xee biurtzen Urli yaun zoliak, ene koIkoko F.
Berendia gabitzat darabilkielarik. Baña, txautzeak txautze ta zukutzeak zukutze
dirala, Berendia´ek eta nik berbera diotsagu. Ark bigunki ta esku
atseginez. Nik zakarki, erri xeeak bere arteko oi-duan izkeraz, zeatzago esateko:
“Eusko-Ikaskuntza”ko zenbait eta zenbait bazkideek elkarrekin noiznai oi-duten
mintzairaz.
Ori da, agi
danez, nere okerra. Baña, gauzak gordinki esateak ere baditu alderdi onak:
Urlia berak dionez. Adiskide artean ez berunezko baizik illaunezko tiroa bear
dala uste izaten dute askoek; nik bestera, baña adiskidetasuna ezertarako galdu,
ez-ta ere otzitu gaberik.
Berendia´ren
iritziz, are elkarte ta gizarterik garaienetan ere zerbait euskera erabiltzen
asi bearrak gera.
Ta zuk zerorrek, Urli yator orrek, zer diozu?... Bear
zenduna. Zuk ere “Eusko-Ikaskuntza”ren euskel-lana eztezula askitzat yotzen. Ortan, beti aurrera ekin bear diogula,
eten-gaberik eta azkarki. Aundiki euskeItzaleok aal-oroetan euskeraz ari bear
degula.
Zer beaztopa gogoratzen zaizkizu?... Baiezko eder aien aldean ezer gutxi balio duten
batzuk. Onà bat: aurrera yo, bai, eten-gabe ta azkarki orratik; baña, poliki,
ez yauzika. Onà bestea: aundiki euskeItzaleok mintza gaitean, bai, euskeraz;
baña... gauza geranok bakarrik, ez erdeldunek; et auek, ainbeste balio-ta,
baztertu egin bear al-ditugu?
Ez, gizona,
ez. Oso muin urrikotzat yotzen nazu, gero! Euskeraz dakigunok ari bear degula
euskeraz, ez erdeldunek... Bai, enetxoa, bai! Ez genduke
besterik bear. Esan bear
nuanik ere ez neri eman buruak.
Ortan,
beraz, batera etorriak gaude. Ea urrena.
Aurrera yo
bear degu, ta poliki yo; au da, ez beti leengo tokian egon, ¿ez al-da ala?
Arako Peru Kurrillo arraio ark ez yaio bear berriro! poliki aurrera, ta euskeldunok
euskeraz?... Oraintxe zearo elkarri eskua eman-bearrak gera.
Begira. Egin
zagun kontu sei illabete barruku izparringi bat eskuetan degula. "Eusko-Ikaskuntza”ko
Bazkintza-batzarren agiria dakar. Ta onà bertarik zer irakurtzen ari nazun:
"Batzarre-azkeneruntz
Lendakari yaunak, eguneko yardungaiak agortuak zirala esan ondorean, auxe
ots-egin zun: "Orain, yaun euskeldunek euskeraz". Ta gañeratu zun bereala:
"Gaurkoa leenbizikoa dala-ta, EuskeItzale-Batza dalakoaren Buru yaun Berendi'k
beza aldi”. Ordun, Berendi yaunak berebiziko euskera samurrez, leen erderaz
yardundako guztia labur-bildu zun. Gañerako batzarkide euskeldunak, bat orain
gero bestea, guziek sartu ziran tartean, elkar galdeka ta zirika. Batzarkide
erdeldunetarik batek bederik etzun aldegin: guziek antxe aoa zabalik, euskeldunei
begira txoraturik. Yardun ortan ordu-laurdentxo bat egin-ondoren, Lendakariak
batzarre-itxitzea yo zun. Altxatzerakoan, guziek zioten elkarri batzarretik
batzarrera errezago garaituko ditutela gai zallak, eta ontara irixteko
eztagoala gaur asitako beste biderik. Batzarkide erdeldunek ziotenez, berriz,
bekaitz egiñik omen dira, ta egin bear omen ditute alegiñak euskera ikasten, ta
berak gauza ezpa-lira, beren aurrak euskeldunduko omen-ditute beintzat, bai
alegia!. Orrela, euskera berberaren suak guzien euskeIzaletasuna gori-gori
egiñik zirala, elkarri agur egin zioten urrengorarte".
Au poliki
yoatea al-da, aurrerunz eta azkarki ibilli-bear bide ortan?... Bada, ordun,
Berendi yauna, eztago geiago eztabai-biderik gu bion artean.
*******
Gañontzekoak
oso axaletik ikutu-bearra naiz, tokirik ezaz.
Euskaltzaindikoa.
Oso bide zuzenetik nekiala uste nun, ango berri. Ez ni sartu, noski, batzarre
tartera, baña orren urrengo. Argatik, egia zalakoan nengoan. Ezpa-da, ni pozen.
Barka bekidate irainduak, iñor ba-da.
Azkenik.
"Eusko-lkaskuntza"ko batzarkide egin nautela-ta, "gizarte onari dagozkion
legeak" aitatzen dituzu. Leenengo begiraldian, nik aiek ongi beteko ez ditudanen
beldur ote-zeran iruditu zait. Ala ba'litz ez geiegi estutu. Mutiko beldurtiek,
illun-une baten barrena ibilli bear dutenean, badakizu zer egin oi-duten. Zarata aundia. Alaxe atera dizut
nik ere onako au. Nere
bizarragan geiegi ez sinisten ta, zarata orren bidez, nere burua iñorena baño
leenago eginbearrera lotu nai izan det.
Bestalde,
nere gogaraz, laisterrik asko, ta laister ere baño pozikago utziko diot nik,
nai duanari, irabaziz gañeko dedan yarleku ura. Beste eginkizunik badet,
alegia, ta euskerari nondik laguntza eskeñi ere bai, nere burua bear baño aundiago
ikusi gabe.
Alaz guztiaz
ere, alkar artuko aal-degu adiskide onak bezela. Osotoro batera etorriak gerala
badirudi beñipein...
Hasiera
_____________________
EZ SARI TA
EZ ESKUPEKO
Gazte-samarrak
geralarik ere (?) -ta, gazte-antzo, sutsu ameskorrak- ari gatzaizu, bai
enetxoa, munduko berri ikasten. Adibidez, auxe badakigu; izana, ustearen
aldean, ustel oi-dala. Izanaren arloteria, ordea, askoz dezu areago euskel
ametsen ondoren. Alegia; gere euskotasuna, gere euskeltzaletasuna, ta al-dakit
nik zenbait "ziri" geiago ezpain artoberootan maiz darabiltzigu;
baña, begira ez dezaion iñork gure eginmenari dei egin. Errezago da, bai,
euskerari, "tesoro secular", ta beste zenbait txaldankeri esatea:
errezago noski, gu geok euskeraz aritzea, geren aurrei ala erakustea ta
euskeraren bizirako zakela atximurtzea baño...
Bazan gizon
bat, guk maitetzat genduna; euskozale eztiran zeribaitek ere agertu baitzioten
onginaia. Gizon orrek, euskeraren alde, urte luzeetan, neke askorik eraman-ondoren,
aldegin dizu yaioterrira, ango pakean zartzaroko ateak urratzeko ustez.
Munduaren
izen onerako beti bear baitiruzu gizagaixo batzuek, alako bat edo besteri
buruak eman die gizon ari gorazarre -omenaje- eder bat egin bear liotekela
euskeItzale orok. Gizonak ordea, apala baitzan, gorazarrea euskerari zor zaiola
dio.
Yardun
batzuen ondoren, ikus zertaratu geran: betirako gorazarre bat, naiz urria,
euskerari eskeintzea, gizon zintzo aren izena oroigarritzat, emanik. Zeaztuz-zeaztuz,
Zumarraga´ko euskel-egunera gatoz, ta bertan euskel-idazleak zearo taiutu
dizute asmoa: arpide bat zabaldu bedi, amar-milla pesetatxo baderik biltzearren.
Diru mordoxka ori yar zak "Euskaltzaindi" naiz
"Eusko-Ikaskuntza" zaipean, ta aren adarraz, aren ekarri edo
korrituaz, sariztu zak, urtero, nonnai argitaldutako euskel-idazlanik onena.
Ontara osotu
zan "Kirikiño" -sariarekiko asmoa. Eguzki ederra ta yai ederragoa baitziran
egun artan -yolasa ta oporrerako bakarrik ote zaigu berotzen odola?...- orok
uste izan gendun Euskelarria'ri amar-milla laurleko kentzea, itxasertzari eskua
bete ondar ainbat zala. Iñork uste zun “uxkeri" ori biltzeko Bilbao´tik
irten bearrik etzegola, «ainbeste adiskide on baitzituan an Bustintza yaunak». Bertan sortutako
batzordeak ere etzun uste besterik.
-Baña,
usteak uste, arpidea asi da, yoan ere egin dira lendabiziko illabeteak, eta
orra gu ikara-samartzeari eman, asmoren azken negargarrien bat sumaturik, ain
baitzioan mottela ta illa.
Bat-batean,
iñork ustegabekoa dator. Gertari samiña -artakotzat etsi genizun itzez,
beintzat- gertari beltza, guk: zuzendu eziñekoa, baña orretxegatik euskeltzaleen
biotza irabiatzeko añakoa ere, ta, beraz, gure asmoaren zorimotza sendatu
zezakean, gertaria. "Kirikiño" il da...
Euskerari
erderazko itz-putzak esateaz gain, besterik oiuztatzez ere bagaituzu euskaldunak
zintzurrok larruturik, eta inguruko arrotz guziek asperrarazita. Alegia,
aspaldidanik, larru meezko yatorri-agiria erakusten baño arrokiago, or goazkizu
esaten itzez laburtxoak gerala, baña... egitez, ordea?... egitez lukaika baño
luzeagoak!... Au ere ezta ziri makala.
Il zan
"Kirikiño". Eneee!... Ura otsa, ango iskanbilla, gure negar-zotiñak, oroen
bularra lertubearra!..., zer zan ura?... Guziok agurka, guziok goreska, guziok
illetari; alako gizonik gutxi zala, ari euskerak onenbeste zor ziola, arexen
oroitzapena beintzat etzala iñoiz gure gogoetan itzaliko!...
Arako
gizagaxoak -munduaren izen ona zaitzeko Yainkoa'k yarriak, alegia- alkarri esan
zioten: "Oraingoan, orraatik! Oraingoan bai, etorri bear dik urreak erruz,
urregorrizko baitira, biotzarekiko, oien malko samiñok... Amar milla laurleko, alajaña!...
Bai geixeago ere, eman baietz, alkarren leian, beartsuak eta aberatsak!"
Badakusazu,
irakurle: alper-samarreko lana dirudit "Kirikiño"-sariarekiko gorabera
azaltzea.
Emen, Euskalerria'n,
edozein gai irabazigarrik atera zak “empréstito" bat: eskatuala, ta akats,
bete baietz ordu batean. Emen, Euskelerria'n oa noiz-nai ardandegiz ardandegi:
beti arkituko dituk beterik. Oa ostikoketa-zelaietara: an ere yendea zakarra
bezela; bi, lau, seina laurleko aizatu bear izan ba-dituzte ere. Emen,
Euskelarria'n -asmo begiragarri ta doneetarako, egia, baña ¿txarrak al-dira
gureak?- arpideak badituzu eunka milla pesetakoak. Emen, Euskelerria'n, amaika
dirudun ezagun izan ditugu iñoiz, euskozaletasun-garrak kixkalita, esku beteka
zillarra botatzen, auteskundeetan garaile izateko... (Nor-gere maitetasuna
beti: eztakigu euskaldunok maitetasun ederragoen berri!...) Bada, Euskalerri
ortantxe bertan, gabetasunik arloteenean bizi (?) dituzu, euskera, euskal-oiturak,
euskotasuna zaitzeko yarri diran bazkun guziak. Euskerari ez iltzen laguntzeko
ezin ditezke amar milla peseta zikin batu. Ezta ere beiñik-betirako eman
bear-dezula yakinda: urtero-urtero, zuk ezer berriro eman gabe, saria berriztuko
dala: sari orrek gertu aurrena, ta bazkatu gero egin bear duala iñoizko gure
egunkaria... Ontara geralarik, zuzenkidez ari-ezkero, aitortu bear degu
gauzatxo bat: aberatsak eta txiroak eztutela, alegia, berdin eman. Geiago eman
dute, yakiña... txiroak. Gaurdaño bildu-mordotxoan, geiena beartsuen alez egiña
da. Zenbaitek, bizibideari gaur ordu bete biar laurdentxoa osturik, euskerari
buru-eskuak eskeintzez gañera, ta utsean eskeintzez gañera, berenetik ipintzen
baitue papera ere ta selloa, badizute kemenik edozein arpidetara bi pesetatxo,
bost pesetatxo, botatzeko. Ostera ordea: aberatsen ukaldi gaitzak, eztira
gaurdaño "Kirikiño"-sarirako agiri. Aundiki oiek ¿ez al dute asmo ederraren
mamia atxiki?... Ala, etxez-etxe eskean astea bear dute?...
Gogoan det
gaur ere, Zumarraga´ko euskel-egunerako arpidean Belaustegigoitia yaun baten
bosteunekoa agertzea. Ura poza gurea! Bizkortu ginduzun emaitza ark!... Eta
abagunea egokitu zaidan-ezkero, geixeago esan dezadan, geren buruok edertuz. Alako
lanbideak beti ere, lendik aski lanpeturik daudenen bizkar ezpa'letoz, artu
bear zun zaldun ezkuzabal ark papel-mutur bat bederik, eta bertan
"eskarrik-asko" bat, aren diruaz sariztutako ogei mutiko-nexkaak izenbetua,
ziriborro ta guzti.
Gutxi, (naiz
berak onak) kendu-ezkero bada, gure aberatsak arlote gorriak dituzu,
irabazirik, atsegiñik ala puztubiderik eztakartzen eginbearretan. Orain gutxi,
adibidez, Bilbo'ko arpidean lerrotxo bat agertu da, eusko-langilleak `Kirikiño"-sarirako
emandako berreun laurlekoez. Eusko otseñak zirala esan dute gero. Berdintsu da,
langille deritzanak baño beartsuago oi-baitira, askotan, otseñak. Diranak
dirala, ezta zenbaitentzat ikasbide txarra. Baña, ain baigera bizkar bigunak!
Eta bizkarrak uzkurtzen ain yaioak geranontzat, alperrikako baitira ikasbiderik
larrienak!...
Oraintxe
bada zirt edo zart egin bearra dago, sariaren orrekin. Gu, ludiko ukabilketa-txapela
etxera-usterik ain arro gabiltzanok, euskerari "il-ala-bizi"-ko azken
burrukarako amar milla pesetakio "zakela", “poltsa", eskeintzeko
ez gera gauza... Bekokia ere gorritzen zaigu, ontaz erbestetarrak zer esango
luteken gogoeta-egiñik. Ta ezpaita egoki urtearen atzenerarte parregarri
aritzea, eman nai duanak eman beza bereala, ta nai eztuanari beondeiola.
Nere
iritzirik entzun nai izan ezkero "Euskaltzaleak” eta Bilbo'ko batzordeak, auxe
legiteke:
Lendabizi:
Garagarrilla'ren azkenean arpidea itxi, ta bertatik iragarri ala egingo dala.
Bigarren: (guziok
bateratuko al-gera erruki egintza ontarako!) amar milla laurleko biltzen
ezpadira, yo genezake gure aberatsak, naiz ala ematen ez azaletik, urritasunik
gorrienean daudela; ortara-ezkero, bildu dana, aien artean bana dezagun;
bakoitzak asko-askorik yasoko ezpa-du ere, beti da laguntza...
"Kirikiño"
gaixoa!... Zenbatu ezin-ala zenituan adiskideak. ¿Nork uka lezake, aien
illeta-eresia oiartzunga baitago oraindik?... Lurralde berritik -Yainko-argizko
lurraldea!- ezer ezpaitira or beko bizitza-gau onek aunditu oi-dituan
atsekabeak, ez bide-da zureganaño eltzen gure diru-otsa... Ez erreza izan ere,
ezpaitago otsik!... Ez beza ordea iñork artatik atera gure adiskide aundiaz
aztu geranik; baizik, ainbestetaraño dala guri-gozoa gere maitetasuna, beldur
baigenduke maitearen pakea urre-tintin zakarrez autsia!...
Egi kaxkar
auek esan nai nituan iñon, erderaz, baña.
1929'-gko.
Orrila 5-g.
Hasiera
___________________
“KIRIKIÑO”-SARIA
OÑARAU-GAIAK
Zaartzen
ari da urtea. "Kirikiño"-sariarekikoa zearo tayutu ta araupetzeko garaia
da.
Arpidea ari
da osatzen, gure negarrak negar.
Oraindaño
esan ezpaita, nik uste; aberatsei zirikada gogortxoak eman dizkagun-ezkero,
zuzenbideak eskatzen du besterik ere: tukaldi batez "Kirikiño"-sarirako
bi milla ta Enbeita'rentzako bosteun laurleko eman ditun abertzale aundia
gorapenez aitatzea, euskotar on guzion ikasbide egiñik.
Bederatzi
milla laurlekotik gora gera, ta, urtearen azkenerako amarretara ezpa´giña ere,
gure Bazkun euskozale nagusiek meta urri ori osa-eziñik eztute. Beraz
dirutzarekikoa egintzat eman dezagun.
Orain,
araudia, sari orren legea.
Orixe
leenbait-leen antola-bearra dago. Laguntza bidez, nik araugai batzuek aurrezarri
nai nituke 1928' gneko, Iralla 30'gnez. Zumarraga'n arlo ontaz yardutakoa artu
det, ustez, zuzenbide nagusitzat, araugaion mamitzat. Argatik, "Euskaltzaleak”
eta idazle-batzar artara ziranak onetsi ditzateke, noski, aldakuntza txikiren
bat gora beera.
Ona, bada,
araugaiok, atzalbide labur bat edo beste taxtetzen dizkatedalarik.
Y-
"Kirikiño"-sarirako Batzorde Eratzalleak bildua
"Eusko-Ikaskuntza"-k 1930'gneko urte leenatik, yaso beza, ta,
irabazian sarturik, zaitu.
"Eusko-Ikaskuntza"
" Kirikiño" -sariarenganako eder-etsia erakutsirik baita, minki;
bestalde, Bazkun euskozaletarik zabalena ta iraunbidez sendoena dalako; egokien
orrerixe eman dezaiokegu dirutzaren zaimena.
II.-Urteroko
saria, bilduaren eunetiko laua bedi, aurtendik asita.
Dirutza amar
milla lauerko yotzen degula, LAREUN da eunetiko laua. Aurtengo (1929'gneko.)
urtean argitara emandako lanik onenak saria, leenbizikoz, yasotzen dularik,
dirutza bederatzi milla ta seireunera dator. Baña ori bera, urte betekako epez,
euneko lau-t'erdian sartzen dala, aski da saria urtero osatzeko.
III.-Saria
beti osorik eman bearra da lanik batere aurkeztu izan ba-da,
IV.-Sari-gaia,
betirako, euskel-artikuloa bedi, euskel ala erdel-egunkari, naiz astekari, nai
bestelako edozein aldizkingietan agertua. “Artikulo" zeri, ta zeri ez,
iritzi lezaioken zeatz aurrez-esatea ezpaita errez epaikarien gain uzten da etsibide
ori; alabaña, aren muin eta ariak gaurkotasun-usai (actualidad) bear du.
V.-
Artikuloen argitaratze-epea urte osoka bedi, 1929'gnekoa, leenengo dala.
VI.-
Dirutzaren eunetiko laua emanik geroz, urtetik urtera, irabazi-ondarrik ba'litz:
ala, saria, iñoiz ezin-emana (araudi onen arauz); aldian beingo beste sari bat
yarri dezake "Euskaltzaindia"k, arekiko gai ta gañontzeko xeeki oro asmatu
ta aurretik iragarriaz,
VII.-
Artikulo-saria bein yaso dunak urrengo bi urteetan ezin berriro irabazi dezake.
Idazle batek bi bider artikulo-saria yaso-ezkero, eztezake berriro urrengo Iru
urteetan, eta, iru aldiz irabazi-ezkero, berrirotzeko gutxienez launa urteko
tarteak bear ditu, gabe. Alarik ere, sariketaz ate, oien lanak aurkeztu
ditezke, ta are epai-maiaren aipakunde oberena yaso, bear bada, baña ez saria.
Arau onen
elburua? ... Saria banagotu, aalik geienengana yo-bideratu.
Zoritxarrez,
euskel-idazleak eztira millaka. "Kirikiño"-saria bidez ugaldu-arazi,
ala, bederik, diranak zirikatu ta bultza nai lirake. Askoek, ordea -beren burua
edertzat eztuten apalak- badiokete: “Egiñalak arren, nik ezin olakok ala alakok
ainbat. Sari ori beti lau-seiren artean dantzatu bearra dek”. Idazle
oiek gogo-urritu eztitezen, ta gertakizun ari aalik ongien bidea ukatu naiez
asmatua da, bada, goiko araugai ori. Errezki diteke taiuz ez sortua; baita,
erabide oberik iñork eskeiñi aal-izatea... Zuzentzalleak betoz.VIII.- Epaibatzarra
"Euskaltzaindia"-k urtero autuko du.
Lan asko-samar bilduko ba'litz, izendatu ditezke,
adibidez, bi epaikari euskelki bakoitzerako; oien baetuz geldituko diran lan
bikañenen artean auzi-maiak errezago erabaki aaldezan.
IX.- Urteroko IlbeItzean norberak sarigarri iritzi ta
aurreko urtean argitaratutako idazkiak ebaki ta bialdu bitza
"Euskaltzaindi"-ra, argitara emandako eguna adiraziaz. Azalpean
benetako izena eman beza, gañean idazkipeko izen-ordea (naiz izena) ipintzen dularik,
Ebakia igorri eztezakenak, bestela idatzirik biali beza, baña zein egun eta
ingietan emana izan dan adiraziaz. Otsail´ean, epai-batzarreko edonork aurkeztu
dezake, egilleak ez biali ta berari atsegin izandako edozein lan,
X.-Urteroko
artikulo-epaia beranduenez Garagarrilla'ren azkenerako eman bear da,
********
Orra nere...
“amar aginduak".
Norbaitek
galdegin dezake, araudiaren aldakundea, bearra etorri-ezkero, noren esku
litzaken.
Euskel-idazleen
batzarra nagusi?... Ta batzarre ori nortzuk osatuko luteke?... Edozein
unetan-aldiz-aurretik bear-dei bota-ezkero-bilduko liraken idazleak, gutxi nai
asko?... Ta dei ori nolakoa?... Gutxienik ogeitabost idazlek beizendutako
idazkia; euskel-egunkari-astekarietan iru aldiz, ta Bilbao-Donosti-lruña-Gazteiz'ko
erdel-egunkari banatan, bederik, bein agertua?
Beste bat
badatorkidake, euskera ta gure amets guziek zilipurdika yoango balira, ea
dirutza artaz zer egin?...
¡Gizona! Ori
ere bada, ba, urrutira begiratu bearra!... Aurreral Yainkoa'k -iñoiz bestera
ba-dirudigu ere- eztizu gure asmook zilipurdi egiterik nai... Baña, yar zazu
ongi ba-derizkiozu, dirutza ori, artara-ezkero, Euskadilo Erruki-Etxeetarako
izatea: euskel-idazleen aurrentzako zuzen-zuzenik yoko luke!
Baña,
beneratu gaitean berriro, ta asketsi.
Zaitu bear
duan bazkunari dirutza eman-ondoren, on litzake, "Eusko-Ikaskuntza"-k
eta “Euskaltzaindia"-k beizenduta, idazki bana, Euskadilo ingi guziei
bialtzea. "Kirikiño"-saria yarria dagola, ta zertarako. Euskeraren
onez, asmo ori guziek ontzat artua ikusi uste dala. Beraz, iñork ingi orreri,
saria irabazi asmoz, euskel-idazkirik biali ezkero, argitaratzea eskatzen
zaiola... Ta abar.
********
Iñork
araugaiei buruz zer-esanik ba-du, mintza bedi, asko berandutu gabe. Batzorde
Eratzalleak -lan au berak artu nai ba-du, ta, bestela, “Euskalzaleak”- epe bat
yarri dezake -Lotazilla 15'gna. arte?- ta bitartean azalduko diran iritzi
egokienagaz araudia eratu.
*******
Orain, adiskideak, idazkortza zorroztu ta ekin lanean.
Zenbat era geiago aritu, errezago asmatu dezakezute, "makur"-pilla
eder ori etxeratzen, "atsoari" pozaldi eder bat emanaz.
1929´gko.
Azaroa 10-g.
Hasiera
________________________
BIDE
BERRIAK?...
BIDE
GUZIAK?...
Aspaldi
ontan, berrizale geralako gizagaxook makina bat erauntsi artu diagu. Saririk
irabazi ba-degu ere, ari gera entzuten gereak eta bost! Esan beza, bestela, il
onen 7-gko. "Argia”n "Bide berriak?” idazpuruaz idazti duan "Euskaldun
bat”ek.
Gure bideak euskera txukuntzekoak ez omen dira,
naspillatzekoak baizik. Negargarrizko etsia benetan, gerez ezerez-samarrak izan
arren, maitasunaren indarrez euskerari aintza-bideak urratzen laguntzea amets
gendunontzat.
“Berrizaleok”(?) irabazi-sariengatik, idazle
-oIerkari, dio- zenbait, zapuztu egin omen dira. Gaizki egiña. Zuek, errez-zaleok, aspaldi darabiltzuten zirikalbideaz
mindu-ta, berrizaleok zapuztuko ba'giña ordun ere zeresana izango litzake. Nik uste,
mordollozaleak, erdi-merdi-zaleak, eta aurrera-zaleak, guziok bizi gaitezkela
pakean. Zuk darakusazuna baño irizmen zabaltxeagoa bear, «solamente".
Nik idazle
errez-zale, bakar bat ere ez det bere bidetik okertu nai izan. Bestalde, bere
artan yarraitu dezaten alegiñak egiten dizkiet. Legezkoa al-da gurekin,
berrizakokin, beste era batera yokatzea?
Guk badakigu
idazle errezak, olerkari errezak, gure aldean "publico” aundia dutena;
gure bakartasunean otxan-otxan etsitzen degunezkero, zer dala-ta zuek guri
arrika?
Baña, goazen
arloagora. Zuen ustez, izkuntza baten bidez, zuzendu liteke: orain "piano",
orain “crescendo”, orain... "xalto bat gorago, mutikoak, irakurle guziok
mail ortara iritxi gaituk-eta”.
Irakurle
"guziok”... Nork esan dizu ori?... Zerorrek ere, "Euskaldun bat”
orrek, atzera begiratu nai ba-dezu, ikusiko al-dituzu zu baño bèragokorik
anitz, bertsolari "naturala" besterik iristeko gauza ez dirana.
Zergatik, bada, ez itxoin, bertsolariez guziak okitu arte, ta ordun, ez
oraindik alegia, zuri atsegin zaizun erdi-mallako elertia onetsi?...
Gauzak
berezko bideetatik atera nai dituzute. Mallak elkarrekin lotuak bear dute,
igotzeko malladirik osatuko ba-dute. Gure elertia beste errietakoa ez bezelako
eraz azitzea nai zenuteke, ta oker zoazte ortan. Opilla ez da yaikitzen legamirik
gabe.
Baña,
lenbait-len aitor dezadan, errez-zale aserrekoiok ere bear-bearreko ta nai-ta-naiezko
zaitutegula. Elerti guzietan agertu izan zerate aurrerago-zaleei buruzki; urrengo
gizaldiek, ordea, ez dute ukatu izan àl, aien bultzaldi goragarria: akats eta
guzi.
Mendira,
egunotan, igo baldin ba-z0era, ikusiko al zenitun, negu-muñean, aritza adar
utsetan; otea loretan; untza, berriz, igali dariola... Ederrago al-leritzaizuke,
lurreko landare guziei, ostotzerako, loretzerako, umotzerako, egun yakiñak,
egun bakarrok, indarrez ezartzea; esate baterako: Santa Kutze'tan lorea, igalia
San Yuan bezperan; ta oietatik aurrera edo atzera egiteko ausarta litzakena,
errotik atera ta kito?
Eskier naiz,
ni, zure iritzirako, berrizale purrukatu ondagarria baietz. Alaz guziaz ere,
aitorzen det eta nai det errezera idazten dutenak berrizaleak baño askoz geiago
dirala ta bear ditugula. Poema eder bat errezantzean norbaitek idatzi nai, ta
àl-dedantxoaz laguntzen diot. Bai-ta ere, "Euskaltzaleak" i eskatu
diot olerki-batzaldiak erdibitzeko, sari bat erritar-antzeko lanentzako,
bestea
liriko zoro berrizaleentzako.
Beraz, nor
gere irizmena zabalagotzea dagokigu. Gure baratzeun mota guzietako landareak
bear ditugu. Ez degu zapuztu-arazi bear ez bertsolari mordolloa, ez olerkari
garbi-antxekoa, ez-eta ere berrizale biurria.
Gero,
"Euskaldun bat”, oartu al zera beste gauza batez ere? Idazle berak, batzutan
errez bestetan gaitz -gaiak zer eska- egitea ere gertatu ditekela? Ta zeintzu
dira, gauza ixileko ez ba-dezu beintzat, zuk euskerari ukatu nai dizkiozun
gaiak?
Ara: gertatu
polit bat esango dizut, errez-zaleekin ere geiegi e-tzaitean pio. Beñola, bazan
olerki-sariketa bat. Iru epailari ziran, irurak errez-zale garaiak. Irurak
nitun, sinistea gaitz egingo ba-zaizu ere, adiskide miñak. Olerki asko
aztertu-bearra izan zuten: mordolloak, erdi-errezak, zallak. Auzia zeintzuen artean
izan zutela uste dezu?... Zallenen artean. Bai, yauna. Errez-zale ustel aiek
olerki errezak bereala baztertu zituten. Ogen au ez egotzi guri, berrizaleoi.
Azkenik, gaitzenari saria eman zioten.
Ta onuzkero,
bear ba-da, esaten asirik zera: “baña, irekin zer diat nik zer-ikusia? Arraio ori nork
egin dik kofradiko?..."
Bidez ala bidegabe, ori ez dakit, zeure itzok ipiñi
didate eskuetan kandela: «Alaz ere, oiek aipatu, oiek saritu". (Olerkari “berrizaleak", alegia). “Lauaxeta"renik
ez omen dezu irakurtzen, eta ark atera lenengo urteko olerki-saria... Nik
bigarrengoa atera, ta oraindaño irugarrenik ez izan... Beraz, nabarmentxo ikutu
nazulako usteak e-tzaitu arrituko.
Ementxe daukat, aurrean, nere (?) aritz-abarra. Oker-irabazia
dedala ziñez uste ba-dezu, zere eskuetan uzten det: itz-erditxo bat esatea aski
dezu. Ezkur batzu baditu zintzilik, egia, baña ez yatekoak: proetxu gutxiko
saria det ori: ori emanak ez nau txiroagotuko.
Nor gere eraz aldizka bederik yardutea ukatu bear
badiguzute, saio oiek guk egitea euskerarentzat kaltegarri baldin ba-da, ori
argi erakutsiko didazun ez-kerotixe ixilduko naiz ni, lagunak ere or nonbait,
eta orra pakea. Baña, elerti-gaietan
ez da biderik zuzenena, norbere zale ta yoeratik aterata ibillaraztea.
Ta bego au
emen onuzkero. Auzi au geroak ebakiko du, ez zuk eta ez nik.
*********
Azken-itz bat oraindik. Besterik zerbait ikusi det
zure idazkian, nere ustez okerrekoa.
"Lauaxeta”ren “Bide Barrijak” ez omen dezu
irakurri, bizkaierazkoa ote-dalako, ta zuk gipuzkera baizik ez dakizulako.
Bizkaiera,
gipuzkera, lapurdiera, guziak dira euskera, ta euskera eder. Guziak bear ditugu
mami-mamiko. Ta zuk -ainbeste euskaldunek beren aldean “berrizale" etsi
zaitzateken orrek- e-tzenduke, nere ustez, diozuna egin bear -zere burua apalegi
yartzen dezu- ta ezago esan bear. Bati bost ipiñiko niozke, bizkaierazko idazkirik
uIertzeko zu baietz izan gauza. Ala ba-da, irakurri nai ez ba-dituzu ere,
e-tzazula beintzat agirian esan. Orrelako ateraldiak ez datoz ongi gure arteko
pakerako, ta, ondoz, euskeraren onerako ere. Bai-baitirudi
"Lauaxeta"ri auxe adirazi nai diozula: "I, batetik berrizale,
bestetik bizkaitar?... Utikan!” Ta au, zeran errez-zalea izanda ere, ez dezu
zillegi.
Agur, eta
gaizki esanak barkatu,
1932'-gko.
Otsailla 9-g.
Hasiera
__________________________
BIDE TA
BIDE-ONDO
"Urli” adiskidea. Lauso mamiak sortu
omen-dizkizut adimenean. Oietxek argitzeko, bada, egite'aal-nizuke alegin,
betarik eta are aldarterik ba'nu. Oiaingoz, orde, itz gutxiz etsi bearko.
Agian, esan nezake aurrerago, “berrizale" izatea zeri deritzodan, ta
berrizale izateak zer besterik dakarren ondotik.
Gaurkoz ekizu, "Urli", illunpean zarabilten
naspil oiek nik sortuak ez dirala. "Euskaldun Bat"ek elkartu zitun
"bide berri" zaleak eta ulerkaizkeria. Berak adierazi, berrizaleak aurreraegi-zale dirala. Ondoz,
berberak aterea dezu idazle-mallekiko auzia. Ez, nere aburuz, balio-mallak:
agian soilki, olde ta ausardi-koskak. Edermena ez degu guziok margo bereko
ariez eioa: batzuk zuri, besteek urdin, berrizaleok... gorri?... Antola or. Orrek
ez du ukitzen
artillearen bikaintasuna.
“Euskaldun Bat"i erantzun-bearrak nenkarrela,
gogotik etzendun baztertu bear; ez-ta ere, arloa ark erakarri-oñetik ez
ateratzearren, eltzen niela aren eriz-kerari ta ari-muturrei. Zio gutxitxoz egotzi didazu ogen larria.
Iñoren lanari eskarrak ematen ez dakidala; nerea bakarrik aintzakotzat artzen
dedala, atera liteke zure esanetik. Zuk agertu bezain arropuz ba'nintza,
inpernu betikora bizitan epaitua aal-nengoke. Beldurgarri zait ori. Ez.
Berrizale yotzen ez diran zenbaitxoen lanak ederresten ditut, eta ez diot iñori
arririk yaurti, nere burua gerizatzu-bearrez, "Euskaldun Bat”eri berea
itzuli baño.
Bigarren
naspil ori, bada, zuek eta "E-B”ek auzolanean sortua dezute.
Ta
irugarrena, azkenik, zerorrek, bakarrik, iñoren laguntza gabe.
Mordolozalleekikoa,
alegia. Nere itz askatuak urrengoan astiroxeago irakurtzea nai
nuke. Neurtuentzat
ainbat asti ez aal-dezu bearko.
Ondoz,
etzenduan "Larreko" agurgarria ta ni elkarren aurkez-aurke zertan
yarria.Orretxek geienbat erantzupen au egiñarazten dit.
"Larreko"ren
iritziak maiz txorrotxegiak iruditzen zaizkidan arren, gizonez maite det; idazlez,
ederresten; abertzalez, goratzarre dagiot. Bikaintasun oiez nere eskuek ez
ukitzeko diñan goitua ez ba´lego ere, ille urdiñarenganako itzal samurra bear
nuke aski. Aren aurrean bai, atera dezakegu txapela biok, eta beste zenbaitek
ere.
Itz oietxek
zor nizkizun, aiton buru-xuri, begikoa; ta artaratu nauen abagunea atsegiña ez
izanda ere, ongi etorria bedi, biotza lasatuaren ordañez.
Besterik ez, "Urli" zolia. Gaiiontzean, nere
lanak nornairen etsipean daudeke, besteenak bezela. Zuzenez ari ezkero, orrek
ez du langillea xuxperrarazten baizik. Okerragoa da ixilpea. Alde ortatik eskarrik-asko, beraz.
Ta yarrui
ezazu euskel-salla orrein txukunki lantzen. Beldur naiz, azkenerako yendeak,
zure zaar-zale goriari axola gutxi izanik, ez ote zaituan gure kofradian
sartuko. Baña, ez estutu. Zaude beti orretan, zere edermenaren aginduetara.
Elerti-gaietan,
ori da nik guzientzat eskatzen dedan askatasuna.
Hasiera
____________________
¿BI MILLOIEZ
ZER EGINGO, EUSKERAREN ALDE?
Bi milloi... Utzi zadazute goxokia pittin
bat miazten...
Bi milloiek, eundiko bostaz eun milla laurleleo
lekartziteke urtero... Eztet naikoa.
Bi milloiok
ikutu gabe, ta bi milloion adarra urtero eralgiaz, oñarri-dirutza azi-bearra
nago. Iru milloitxoren balioraño baderik.
¿Nola?...
"Erri-lan”
irasiz.
¿Zer dan
"Erri-lan"? ... Bazkun bat, zenbait bazkun bezela iru zatik osatua. Bata:
zenbait euskozale bioztun eta azkarrek egindako Bazkintza Zuzendaria. Bestea:
"Erri-lan"en Idazkaritza. Azkenik: bazkide-sailla. Baña "Erri-Ian"ek,
gaurdañoko bazkun euskozaleak ez bezela, badu laugarren alderdia, ta polit-samarra
bera: Dirutza, kapitala... Arako
bi milloiak oso-osorik.
Egin'tzagun
Bazkintza osatu degula.
Orain,
Idazkari'tzat, gizon bat billa dezagun. "Gizon" izki larriez ipiñi
utsak, aren bearrezko alderdietzaz itzaldi luze batek baño areago dio. Gizon
argia, gizon buruyantzia, iztun eder (euskeraz naiz erderaz), gizarteko,
langille nekegaitza ta euskozale gori.
Gizon ori
eskuratua baitegu, billa dezagun orain Donostia´ko erdi-samarrean, kale-oñean,
toki on bat, gure Idazkaritza bertan ezartzeko. lzki aundiez -argizko izkiz,
gauean- gañean ipiñi dezaiogun: “Erri-lan". Beza erakustegi, edo eskaparate
apain bat ere. Bertan ipiñiko ditugu: euskel-idaztiak, era egokian; “Erri-lan"en
asmo, sariketa, yai ta abarren iragarkiak, nabaroki; eusko-usaiezko margozki ta
argazkiak, "Erri-lan"ek noizik-beinka aterako ditun ormagiri edo
kartelen ale
zaar era berri; ea abar...
Orain, bada,
"Erri-lan" irasi... gendula, Or Bazkintza Zuzendaria, or gure gizona,
or gure Landola, or gure oñarri-dirutza: bi milloi dirditsu. Bazkideak uts
ditugu; bazkideak, era... ¡ainbat besterik!
Baña, ez
estutu: etorriko da guztia. Asi gaitean lanean.
Leenengo urtean
gogor ekingo diogu Bazkun berriaren zabalkundeari ta bazkideak batzeari. Bide
nabar, "BAI" egunkariaren ots bizia edatuko ta iragarriko degu bazterrik-bazter.
Bigarren
urtean, Bazkunaren azitzeari uzteka, "BAI"k bear ditun
dirutza-arpideak yasotzeari ekingo genioke bereizki. Urtearen buruan, orra
"BAI” ori kalerik-kale.
Onela
yarraitzea luze ta astun bailitzake, mintza bitez zenbakiak, numeroak. Bi edo
iru urte gorabera-agiri aurkeztu-ezkero, andik antz-emango diozute, iñola baño
obeto, "Erri-lan"en aritze ta eginbearrari.
**************
107
Leenengo
urteko gorabera-agiria
YASOA:
2.000.000
laurlekoen adarra: 100.000 Lko.
Bazkide-sariak:
2.000'ek
eguneko xentimoa: 7.300 Lko.
500'ek
batez-beste urteko 5´na. Iko 2.500 " 9.800
Guztira, ...
... ... 109.800 Lko.
EMANA:
Otsein-sariak:
Idazkaria ..
. ... ... 15.000 Lko.
ldazkari-urren
... .. 5.000 Lko.
Bilbao'n
ordezkari bat 3.000 Lko.
Iruña´n ...
... 2.000 Lko.
Gazteiz'en
... ...1.500 Lko..........26.500 Lko.
Beribil bat
. . . ... 10.000 Lko.
Landola-ornitzea
... 15.000 Lko. 25.000 Lko.
Landola-saria
... ...5.000 Lko.
Urrutizkin ... ..650
Argia .... . .....1.000
Garbiketa...
....500
Landola-bearrak
.. 1.500 3.650 Lko 8.650 Lko
Beste
alderako ... 60.150 Lko.
Idazkariaren
ibilliak ....7.500 Lko.
"Erri-lan"
eta "Bai" egunkari etorkizunaren zabalkunde ta ots-edatzea, ingurti, orri,
ormagiri ta itzaldi-bidez, Bidasoa'z eskui-ezker eta Ameriketa'n.....
20.000 Lko. ......... 27.500 Lko.
60.150 Lko.
"Ttun-ttun" aur-astekaria atera ta eutsi
Irakasle euskeIdun-euskozaleak ateratze ko altxorkiak (bekak). (Bost urte
barru, bost. Seigarrenetik
asita, urteroko bi)
..... 5.000
Lko.-
Batzarketa
(gastos de reuniones) .... 1.500 Lko.
IGATU-ORDAINTZA
(AMORTIZACIÓN) - KUTXA:
Beribillarena
... ... 3.500 Lko.
Landola-ornikiena
... 1.500 " 5.000 Lko.
Guzkra,
emanak ... 109.150 Lko.
Ondarra 650
Lko.
Guzita ...
... ... 109.800 Lko.
Euskel-egunak,
zer-esanik eztago, egingo lituzke, ta maiz-samar egin ere, "Erri-lan"ek;
baña oien aztarrenik emanetan ezta agertzen. Bakoitzak ordaindu. bear baitu
berea, arpide-bidez, ta are zerbait irabazirik utzi ere.
Bigarren
urteko gorzkbera-agiria
YASOA:
Oñarri-dirutzaren
adarra 100.00 Lko.
Bazkide-sariak:
2.500'ek
eguneko eunentxoa ... ...9.125 Lko.
1.000'ek urteko bost Iko.... ... .......5.000 Lko.
14.125 Lko.
Arpide,
yaialdi ta abar 5.000 Lko.
Erri-Bazkunetiko
soroskiak
(Subvenciones
de Corporaciones públicas) 10.000 Lko 29.125 Lko.
Guzira, ...
... ... .... ..... .....129.125 Lko.
EMANAK:
Otsein-sariak:
Idazkaria
... ... ... .. . ... 15.000 Lko.
Idazkari-urren,
... ... ... ... 5.000 Lko.
Laguntzalle
bat ... ... ... 3.000 Lko.
23.000 Lko.
Bilbao'ko
ordezkaria ... .3.000 Lko.
Iruña'koa
... ... . ... 2.000
Gazteiz'koa
... .... ......... 1.500........... 29.500 Lko.
Landola-sari,
urrutizkin era abarra ... ... 8.650
Idazkariaren
ibilliak ...... ....7.500 Lko.
"Erri-Ian"
ta "Bai"-zabalkundea ... 15.000 Lko.
Iru-illabetez
beingo bazkide-aldizkaria..2.500 Lko. 25.000Lko.
Beste alderako... 63.150 Lko.
110
Beekoa ... 63.150 Lko.
"Ttun-ttun" aur-astekaria.... .... 8.000
Lko.
Euskel-Ikastolen zabaltzerako ta laguntzarako: 10.000
Lko.
Irakasletzako altxorkiak (becas).... 7.000 Lko.....17.000 Lko
Noranaiko
antzezlari-talde bat irasteko ... 4.500 Lko.
Noranaiko
"giñol” bi irasteko ... 1.500 Lko.
Errietako
antzezlari-taldeen soroski... 5.000 Lko.
Erriz-erriko
itzaldietarako ....... 6.000 Lko.
Argitalpen,
ta artarako laguntza ...10.000 Lko.
Idazleentzako
sariketa ta lansariak ... 7.000 Lko........ 23.000
Batzarketa
... ... ... ...... .....1.500 Lko.
Igatu-ordaintzaen
kutxa... 5.000 Lko.
Ondarra ...
... ... ... ..................475 Lko.
Guzira ...
... ... 129.125 Lko.
Seigarren
urleko gorabera-agiria
YASOAK:
Dirutzaren
ekoizkia ... ... ...100.000 Lko.
Bazkide-sariak:
3.500'ek
eguneko xentimoa ...... 12.775 Lko.
1.500'ek
urteko 5 laurleko....7.500..............20.275Lko.
Gorako ...
... ... 120.275
Arpide,
yaialdi ta abarra ... 9.725 Lko.
(Euskel-egunak,
antzerki-yaiak, Sta. Ageda-taldeak, e. a.)
Erri-Bazkunetiko
soroskiak ... ... 20.000 Lko.
Guzita ...
... ... 150.000 Lko.
(Garaia zan!
Baña nolabait iritxi gera gure oñarri-altxorra milloitxo batez azitzera ... )
EMANAK:
Otsein-sariak:
Leengoak, Idazkari-urrenari
1.000 lko. geiago emanaz, ta bigarren laguntzalle bat (3.000 laurlekoz) yarrita
... 33.500 Lko.
Landola-sari
ta abar ...... 8.500 Lko.
Idazkariaren
ibilliak ..........4.500 Lko.
Zabalkundea
......................5.000 Lko.
Iru
illabetez beingo aldizkaria ...2.500 Lko ......... 12.000 Lko.
"TTun-nun»
............. 6.000 Lko.
Euskel-lkastolak....15.000
Lko.
Irakasletza.............10.000
Lko................25.000 Lko.
(urtero bi
irakasle ateratzeko)
Antzezlari-taldea:
Gai -
berritze ta abar ... ... ... 2.500
Antzezlariei
eskupekoak........5.750.........8.250.... 8.250 Lko.
Gorako
..........93.400 Lko.
Bi
"giñol"
Gai - beritze ta abar .....750
Ibillaldi bakoitzeko, 75 lkoen. gastoa.... 3.750......
4.500
Errietako antzezlari-taldei laguntzeko
....7.000....11.500 Lko.
Izlariak:
Itzaldi berri bakoitzeko ...150
Zaarren
esanaldi bakoitza .75
Gastoak,
bakoitzeko ... ... 100
(Urteko eun
itzaldi, 20 berri ta 80 zaar) 16.500 Lko.
Argitalpenak
(ediciones) ... ... ... ... ...12.000 Lko.
Idazleak (batzaldi
ta lan-sari....10.000........38.500 Lko,.
Batzarketa
... ... ... ... ... ... ... ... 1.500
lgatu-ordaintzarako
... ... ... ... ..5.000
Ondarra ...
... ... ... .. . ... ... ... ... 100
Guzira
......................150.000 Lko.
Euskel-Ikastolekiko
ta Irakasletza-arloan, or esanako diruez gañera, "Erri-lan"ek, Udal
era Aldundiak zirikatuz, beregain arreraziko lieke soroski ta altxorki geien.
***************
orrela
yarraitu diteke, baño naikoa da ta geiegi. Aldi bakoitzeko bearrak erakutsiko luke
"Erri-lan” eko dirua nola banatu.Dana dala, iñor bi milloi oiek emateko
gertu badago, sinis beza: nork zintzoki ta obari onez erabillia Euskelarria'n
arkituko luke.
193o,-gko.
Epailla.
Hasiera
_____________________
EUSKO-IKASKUNTZA"REN
BOST-GARREN BATZARRA
Bi urtez
bein, edo, "Eusko-lkaskuntza”k, Bidasoa'z andiko ta emendiko euskotar guztiok
batzarre aundi batera deitzen gaitu.
Oñati'k eman
zion sallari ezin-aaztuzko asibidea: Gernika, Iruña, Gazteiz yarrai zazkio,
lerdenki.
Aurten,
tokiz, arri zaar ederrez, yantzitako Bergara'k du aldi; gaiez, Erri-ertia´k.
Zer da
Erri-ertia? ...
Itz bikoitz
orrek zatirik azaldu-bearrena erti du. Ikus dezagun, bada, zer dan ertia.
Erti
(erderaz arte, art, e.a.) Eder-tiz da sortua; ta orrenbestez, orra erdi-adirazirik
aren mamia.
Olertzale-antzo,
esan genezake erti autsu dala: izadiaren edermiñak bizitza ikutua... Gure
bizitoki maitagarri ontan guztia dirudi Yainkoa'aren ala gizonaren edermenak
igortzia: laztan oien bidezko ume da ertia.
Irudimenari
lokarriak etenik, uste dezakega are bizigabeak ere edermiñik badutela... Or
arria, bere burua edertu-bearrez, aitzurdin (marmol) biurtu...
Ezin-igizko
bizidunen arrean, ertia lore da ta adaburu yori...
Bizidun ibilkorretan
-gizakia ez barren- maila bat gurenagoa atzemanik dezu ertia. Or erlearen
abaraska arrigarria; or txoriaren kabi ta abestiak...
Ludian zer
oro ba-da edertzale -arria, zuaitza, aberea- ¿nola ez bide-litzake gizona.? ...
**************
Adimengabeak,
onakoak itsuki, arakoak olde-utsez, guziak Egillea´ren arauari lotuta,
erti-lana dagie, aiena beti da bat eta alda-eziña.
Gizona,
ordea, yare baita, buru-aalmenen yaurbidea bere esku baitu; ertigintzan ere,
gañerako egintzabideetan ainbat, oarrez, asmamenez ta gorago-yoranez diardu,
yaiotzetik il-ondoraño bizitza erti-lanez eztitzen seaska-eresia leenen dala ta
obi-arria azken.
Alabaña: are
gizakiaren aria ere, yaretasun-utsezkoa ezik, erdi-oIdezko danik badasakegu.
Alegia:
intxaurrak ezpaitu pagoarenaren tankerako ostotzaz: bere burua yazten; ta
ez-eta enarak kabia zozoak alakoxea egiten; alatsu, giza-enda -giza era, giza-erri-
bakoitzak eder-era berezia dakar ta, ondoz, erti-era berezkoa. Txinatarren
ertia, Kolon'ek Ameriketa'n arki-gizadiena, izonar larruz-yantziena, eztira
ertiera berdintsuak.
Arako itz
bikoitzean, bada, orra adirazi, erti´rena ezezik, erriren mamia.
*****************
Erri
bakoitzak, odoletiko zalearen, bere bearraren, bere bizieraren, zeru argi ala
lañoaren antzo ta arabera sortu-ertiera, ta ertiera orren arauz sortutako erti-lanak:
orra, erri-ertia zer.
Lan ertitsu
erritar dituzu, adibidez: noiz ala nork egiña eztakigun abesti zaarra; olerkari
auen, erri-olerkarien neurtitz edo bertsoak; pozaldiak yaitzeko erriak asmatu
ditun dantzak; yazkera; makillan, kutxan, argizai-olan erabilli izan dun
zur-apainkera; bizi-tokiari, etxeari, urteak eta mendeak zear, azaletik eta
barrendik itsatsi dion tankera...
Itz batez
esanda: zertxo apurrenak ere, erriak, oldezko ta ez-landuzko elermiñak eraginda,
apaintze-ikutu batez edertu baititu; or dezu erri-ertia.
***************
Orain
galdegin zadakezu: ta ¿zertarako erri-ertiarekiko batzarre bat?... Ea esan orren
elburua...
Onà. Gaurko
erti landuagoa, naasiagoa, guzitikagoa, odol zaarrez bizkortzea, asabaen etxeko
ats beroaz kutsatzea. Erti-zuaitz: berria antzin-ezeaz bazkatzea; leengo
errotiko muskillez bear baitu erri bakoitzak bere ertia berritu, naiz iñongo
txertorik ere edergarritzat artu.
Aintzakotzat
ar dezan erriak berea; uste izan eztezan iñorenak baño arloteagoak bere
abestiak diranik; ez-eta bere dantzak; bere yazkera, bere etxea: laburki, bere
edermiña.
Batzarre
ortan, beraz, nork-gere lanbidearen arauz, begiak eusko-ikuskizunez inguratzen,
ta gure bizierari, azalez bederik, eusko-usaia erasten ikas dezakegu.
Etxagilleak osa ditzake, gaurdañoan baño obeki, etxagintzarekiko eusko-tankeraren
zer-nolak. Burnigiñak, argiriak, eunleak, zurginak, yazkigiñak, abesti-zaleak,
etxeko-andreak... berdin, nork-bere -langintzarekiko.
Aurtengo
Euskel-Eguna
Esanak esan
¿zein ote-da euskotarren erti-iturbururik naroena?... ¿Zein, mamian ta ez;
axal-utsean gure bizierari euskotasunik itsatsi dezaiokena ...
Guk geronek
ezetsiena: gure izkuntza: Euskera... Bitxi yaukal ori, eroak baño areago, ¡guk
lurperatu nai bearra! ...
Leena berriz oroituz-abaraskaz erleak darakusan
ertigintasuna, alegia-esan genezake: gure gogaien eztitzeko nor-gere izkuntza
degula abaraskarik oberena; erle gogatiaren eztia nor-bere abaraskan ainbe ezti
eztitekela, iñorenaren txuloetan ixuri-ezkero.
Eusko-gogameria, edestia-zear, txiro agertua
¿euskerari zor zion tokia ukatu diolako ez ote?... Leen-leendanik gure izkuntza
landu izan ba'gendu, gogo-yardun ta bear guzietarako erabilliz, gaur berezizko
yakintza baten, berezizko elerti baten bidez gizadiak begiratze ta
aipatze'aal-ginduzten! ...
Eri zaar ortaz senda ditzagun geren buruok, osa
dezagun urte yoanen utsa, euskeIdundu gaitean asmoz ta yakitez... Euskerari ele landuen artean toki txukun bat
yadestea: orra guretzat egundoko ertilanik ederrena.
Ori zuzenki
ikusi baitu "Eusko-Ikaskuntza”k, "Euskaltzaleak”i laguntza eskatuz, Erri-ertia´rekiko
batzarrearen itxigarritzat, Bergara´n bertan, Agorra (Iralla)'ren 7'gnean.,
aurtengo Euskel-eguna egitea erabaki du.
Ta egun ori
Aur Euskeldunaren egun yator bat izango ote danen otsa datorkigu.
**********
Baita ere,
Bergaralo batzarre orren egunetarik batean -errien bearkizunetarik leenenetakoa,
seme zintzoen izena goratzea baita- Eleizalde'tar Koldobika zanaren gorazarrez,
yaiotetxe-aitzinean yarritako oroitarria agertzea egingo da.
Euskaldun on guziei deia
Zuen guzion
bearrean da “Eusko-Ikaskuntza".
Zernai zaur
ta ertizko etxean dezuten orok-gutun, yazki, burni landu, ari-lan, argizaiol,
pertza gorri..., nik al-dakit -yar zazute, arren, «Eusko-Ikaskuntza”ren
eskuetan, Donostian`n Aldundi-yauregian (Diputazioan) ditun landoletara bializ.
Gauza berbera bialtzerik eztanean, aren argazki edo erretratu bat. Eginbearra
bete-ondoren zuzenki itzuliko zaizute, dana dala.
Ta zuek,
Bergaralo euskeltzale onak, bai-eta Eibar, Arrasate, Oñati, Elgoibar, Soraluze,
Azkoiti, Azpeiti ta abarrekoak; zuek ere eskeiñi zaiguzute zuen emaitza. Igorri
zazkiguzute zuen umeak, euskel-irakurketan, idazketan, eta abar, ongi gertu ta
gero, zaar motelen ikasbide ditezen.
Asi gaitean
guziok bertatik lanean; ta Bergara´ko aste ori ainbestetaraño bedi yatorra,
berbizkunde-bidean arri zuti ta etorkizuneruntz eusko-argi-dario betirako gelditze´aal-baitedin.
Hasiera
__________________________
ATARI-JARDUNA
Ume
berria du "Ayanbe" antzerkigille saiatuak: berria ta agian,
mardulena, adiskide.
"EUSKAL-EGUNA"...
Amaika
oroitzapen gazi-gozo astindu dizkit gogoan antzerki bizkor ori irakurtzeak!
Euskozaleentzat etorri bait ziran zazpi bei makal, leenetan bazidurigun
ezin-urtuzko odei-sabelean geundela ta ez zitekela guretzat geiago eguzkiaren
dirdai bizigarririk. Guzia eragozpen, guzia oztasun, guzia etsi-bear ituna zan,
ta neke-nekea ta adorerik eza.
Joan leenengo beia, igaro bigarrena; iru-bat lauek aldegin -zein baño zein zitalagoak, zein baño zein idorberriagoak, zein baño zein ezur-nabariagoak- eta asi ziran, orraatik urrengoak gizentxeago agertzen.