RECUEIL DES CHANSONS
COMPOSEES,
PAR FEU M. L’ABBE
JEAN-BAPTISTE CAMOUSSARRY
(1815-1842)

Baionako Euskal Museoko 94. zenbakidun eskuizkribua

ALEXISEN HERIOTZEA, 1834

MELIBE, KORIDON

MELIBE

Zertako, Koridon, bisaia tristerik,
Artaldea, trebes, bortuan utzirik?
Guganik, zertan hago urrundua,
Zertako haiz, errak, horren damustua?
Illunbeak dituk lurrerat erortzen,
Izarrak jadanik, zeruetan sortzen:
Muga duk, ardiak ematzik barnerat.

KORIDON

Utz nazak nigar egiterat.

MELIBE

Zer malur zauk bada, Koridon, gertatu?
Hartzak, artaldea dauka herrestatu?
Eta zeinbat bildots, kruelak, eraman,
Txaranbela jotzen hindagoien denboran,
Gan den egunean, ai! Niri bezala?

KORIDON

Oi, hau zorigaitza! O, zorte kruela!
O, dolore mina! Haur maitagarria!

MELIBE

Hire bihotz mina duk ere neria;
Errak, errak, zer den hire bihotzean
Nigar egiteko hirekin batean.

KORIDON

Alexis, herrian, hainbat aipatua,
Haur xarmagarria, oroz maitatua,
Ene zoriona, ene ohorea,
Alexis, Alexis, oi, hau dolorea!
Ah! Alexis, diat Melibe plenitzen,
Haren hil berria, orai diat hartzen.
Ez zare gehiago, Alexis ederra,
Ene amodio, sosegu bakarra,
Ah! Haur malurusa, ez zare gehiago,
Soberanoa zinen, bai, zu guretako.
Hil zare, Alexis, ah! Urrun nitarik
Nere bihotzean bizi zinelarik;
Ene ondikoa, oi, gabetarik,
Biziak ez du ez, enetzat plazerrik.
Ene bihotzeko gozamen guziak,
Zurekin hobian dire ehortziak.
Atsegin bakarra, munduan enetzat,
Nigar egitea, Alexis, zuretzat.
Atsegabea da nere bihotzean,
Ni berriz zurekin juntatu artean.

MELIBE

Egik auhen, egik, Alexis ederrak,
Merezitzen ditik, bai, hire nigarrak.
Galdu dik herriak bere edergaillua,
Oihan hauek ere bai, bere urgullua.
Nola da arrosa baratze batean
Seinalatzen bertze loreen artean,
Edo nola gaitu gau argizagiak,
Bere klaritatez goibeltzen ekiak,
Hala Alexisek, artzainen erdian,
Zuen distiatzen guzien artean.
Nork zakien, oi, nork, txaranbela jotzen?
Nork, harek bezala zaldi baten hezten?
Harekin leku hauk ziren alegera,
Hura zen lekuan, zen ere plazerra.
Haur maitagarria! Nik ere banian
Bai, parte pixka bat haren bihotzean;
Maite huen, maite, nere billatzea,
Melibek ere bai, hire ikustea.
Hire iduria ez diat galduko,
Sekulan, Alexis, ez haut ahantziko,
Izarrak direno zeruan agertzen,
Ibaiak herrestan menditik erortzen,
Ene bihotzean beti kolatua,
Egonen duk hire izen maitatua.
Bainan, o, Koridon! Illuna duk lodi,
Etxolarat hoa eta etzan hadi.
Hire tristezia, loaren besotan
Hélàs! Ahantziren dukala agian,
Nigarra begian; nik arditegirat
Hire artaldea gidatuko diat.

 

SUR LA MORT D’UN JEUNE HOMME DE ST-JEAN-DE-LUZ

Hemeretzi urteak ez ditut orainik,
Eta urbildua naiz hobirat jadanik.
Oi, ene Jaungoikoa, hauxe da lastima!
Horren laster uztia, aita eta ama!
Osasun haundi batez beti lagundua,
Arpegiaz ederra, oroz maitatua,
Oi, ene Jaungoikoa, hauxe da lastima!
Kolpezko herioak hobirat narama.
Golde zorrotzak nola du bere bidean
Lili sortu berri bat pikatzen larrean,
Oi, ene Jaungoikoa, hauxe da lastima!
Hala duzu trenkatzen biziaren trama.
Agintza onak nauzkan ene buruari,
Gaitza ene gainerat denean erori,
Oi, ene Jaungoikoa, hauxe da lastima!
Senditzen dut zainetan herioaren zama.
Oi, iguzki ederra, adio sekulakotz!
Egun argitzen nauzu, ai! azken aldikotz,
Oi, ene Jaungoikoa, hauxe da lastima!
Ah! gorputzatik, orai, doakit arima!
Sekulako loak nau jadanik lokartzen,
Herio latzgarria urbil dut ikusten,
Oi, ene Jaungoikoa, hauxe da lastima!
Senditzen dut jadanik herioaren horma.
Aditzen dut niorrek, aditzen ezkila,
Anonzatzen tristeki hiltzera noala;
Salbe on bat enetzat erran dezatela,
Bihar erranen dute izatu naizela.
Bihar ene korputza erdi usteldua,
Izanen da betikotz tonban ezarria,
Oi, ene Jaungoikoa, hauxe da lastima!
Eta non izanen da, non, ene arima?
Zure baitan dut, Jauna, ene esperantza,
Ez zazula aborri, Jesus, ene otoitza,
Orroit zaite, oi, orroit, enetzat duzula,
Gurutzearen gainean ixuri odola.

 

ZUMALAKARREGI, 1835

Non dire bada, orai, koplari eskaldunak,
Herritarren loriak hunkitzen tuenak?
Zer ari dire bada! Non da heien karra?
Orai dute eskaldunek, bai, heien beharra.
Utz atzik koplaria, utz, sujet ergelak,
Kanta orai eskaldunak, eta heien gerlak,
Zer! Egonen ote haiz herabe eta nagi,
Dukenian ikusten Zumalakarregi?
Zikin ezak ahoa kopla lizunetan,
Egin zatzik bertsoak ostatu tzarretan,
Saltzak hire antzia, sal, zenbait sosetan,
Ez duk, ez duk eskaldun odolik zainetan!
Haizeak nola kea baitu barraiatzen,
Iguzkiak errexki iluna kasatzen,
Hala hire bertsuak, oi, hau doloria!
Geroak ahantziren ditik koplaria.
Bihotzetan ordean barna landatuak
Izanen tuk nereak beti kantatuak,
Eskaldunen arrazak irauten dueno,
Eskaldunek eskaldun odola duteno.
Nik sentitzen ditiat ene zainak sutan,
Sukarra sartua duk, bai, ene fuñetan,
Hartzen diat guduko eskaldun tronpeta,
Goraki detzadantzat eskaldunak kanta.
Hamar bat eskaldunen buruan jarririk,
Arma, diru, deus gabe, bihotzaz bertzerik,
Jeneral eskalduna, eskaldunez segur,
Ez da ez, erresuma guzi baten beldu
r.
«Niganat eskaldunak ―du oihu egiten―
Buruzagi atze bat daukute ematen,
Gure errege dute urrun desterratu,
Bere azpian nahi gaituzte lehertu.»
«Nahi du eskaldunak hoin behera jarri?
Atze bat nahien azpirat erori?
Atze bat du burutzat hozki ikusiko,
Emaz
teki atze bat tronuan utziko?»
«Orroit hadi eskalduna hire arbasoez!
Cesar berak, doidoia, hamar urte betez
Zian gure herria azkenik beretu,
Sekulan ez, ordean, bihotzak garaitu!»
«Berek harturikako errege ziteken,
Ez ziteken bertzerik nausi ezagutzen,
Gudukatzen zakiten, bazakiten hiltzen,
Ez ordean laxoki, atzei obeditzen!»
«Lehenago, zioten, gure menditarat
Itxasoko uhinak dire higaturen,
Ezen ez, eskalduna atzen eskutarat,
Ahantzirik, nor zer den, baita eroriren!»
«Ez beza eskaldunak entzun ene boza!
Ez beza jo loriak, haren bihotz hotza!
Banoa ene aitek bezala egiterat,
Ene erregerentzat odola ixurtzerat!»
Dio, eta eskaldunak osteka armetan,
Zaizko bai multzokatzen bere ingurutan;
Nafartarra lehenik, hi, agertu hintzen,
Hik huen erakutsi, eskalduna zer zen.
Hire egin ederrak ikusirik gero,
Altxatzen tuk bertzeak bortiz eta bero.
Lehen iduri flako, orai harrigarri,
Etsaia duk jadanik, ikaretan jarri.
Hala xir<r>ipatto bat, lehen mehe zena,
Baratze xokoz xoko, ixillik zuana
Ur lagunez egina ibai izigarri,
Garaitiar doazu, eder eta lodi.
Nork orai, oi, nork, atxik eskaldunen kontra?
Nork orai bara hauien jeneral suharra?
Ase dire mendiak aski, bai, odolez.
Pentzek behaute estali beltzen gorputz hillez.
Denbora duk, o, Baldes! Altxa tropa denak,
Jadanik lur planetan horra eskaldunak,
Bainan arta artzak, zuhur izan hadi!
Gudukatu behar duk Zumalakarregi!
Orai duk, eskalduna, orai duk ordua!
Baionet eta lanzak xorrotx, soldadua!
Begoz orai laxoak urrundik tiroka,
Baionetaz hik dakik hurbildik guduka.
Ez du oste handiak baratzen karlista,
Badoa bai superat, xorrotx baioneta,
Ibai handiz, odola badoa landetan
Beltz bat ez dago xutik haien aldaketan.
Ez zen gudukari bat karlisten artean,
Gorritua ez zenik, beltzen odolean;
Hire ezpata horri, suzko jenerala,
Gudu ondo
an zarikon oraino odola.
Oi, ze<i>n laster doazin ihesi herrestan,
Bere arma etxaturik, ikara erraietan,
Erreginak zituen gizon hoberenak,
Bere ahoz guduka hain bortiz zirenak.
«Ezpata kolpe batez, eskaldun herriak
Gure eskuetarat dituk eroriak!
―Dio sold
aduari jeneral suharrak―
Bertze batez, dezagun xehaka hiriak!»
Ximistaren pareko, erran bezain sarri,
Sua darioela zaldian da jarri.
Animestatzen ditu bere eskaldunak,
Animatuak aski jadanik zirenak.
Zerra, zerra Bilbao hire portaliak!
Jar beitez, jar arme
tan hire beralliak!
Egin zak auhen, egin, o hiri supherra!
Erori behar baituk, erori, lurrerat.
26.Jadanik eskaldunek, beti garaitiar,
Muraillen ingurutan bortiz bezin suhar,
Hedatuak dituzte bere bataillonak;
Jadan aditzen ditut hiriko auhenak!
27. Hirur gudu handitan eskaldunen karrak,
Arras hautsi zituen etsaien indarrak.
Entsegu bat oraino, hiri mutiria!
Zumalakarregi <duk> segurki hiria.
28. Bainan, oi, ondi<k>ozko gure zorigaitza!
O, ene Jainkoaren justizia latza!
Haren eskua liok bara lasterregi,
Hil behar duk, hil behar, Zumalakarregi!
Harekin hautsi dire, bai, gure indarrak,
Nork ditu baratuko, nork, gure nigarrak!
Galdu duk eskalduna hire esperantza,
Ikusak hedatua haren gorputz hotza!
Ah! Zure justizian, gure jendeari,
Eman izan diozu kolpe handi hori!
O, ene Jaungoikoa, ordu da oraitik,
Zure eskua dadin bara sarraskitik!
Ema bedi, Jauna, zure sumindura,
Ikus ezazu, otoi, oi, gure herstura!
Fedea bera dago hirrisku handitan,
Ah! Beroren ezpata sar bedi magiñan!

 

ENE GOGOETAK, 1839

Menditik nola doa
Ura itxasorat,
Hala ni banihoa
Lasterka tonbarat;
Akabo da, akabo,
Neretzat bizia,
Banoha sekulako
Hilen herritara.
Bildotsari otsoa
Nola zaio lotzen,
Arranoak usoa
Nola baitu hartzen,
Hala nau herioak
Kruelki sesitzen.
Oi! Nere heiagorak
Ez du ez, hunkitzen.
Aspaldian fuñetan
Nakarken sartua,
Hilerrirat naraman
Min pozoindatua.
Dolorezko ohean
Orai itzatua,
Senditzen dut zainetan
Odola hoztua.
Segoa nola baitu
Su gorriak urtzen,
Hala ene bizia du
Gaitzak iraungitzen.
Ez dut ez, gehiago
Sentitzen bizirik,
Hil baino lehenago
Hila naiz jadanik.
Trunko baten pareko
Ohean etzana,
Ene gorputza dago
Gaitzak urren jana.
Ezin ditazke higi
Ene menbro hotzak,
Mihia daukat lodi,
Begiak zorrotzak.
Jadanik ezin adi
Mintzo zaizkidanak,
Erdi ikusten, erdi,
Nere maiterenak.
Hélàs! Hil aintzineko
Izerdi hormatuak,
Dauzkit behin bethiko
Gogortu menbroak.
Orduan aphezari,
Oihu deiadarra,
Hiltzen naizela ari,
Har dezan lasterra.
Ama da nigarretan
Eman marraskari.
Hélàs! Etsimenean
Nigarra sokorri!
Eriaren otoitza
Duela egiten,
Deraut azken laguntza
Aphezak ematen:
«Arima giristino,
Jinkoaren haurra,
Hoa, parti hadi, dio,
Abramen soñera!»
Dolamenekin gero
Zeruko sainduak
Neretzat bitarteko
Dire galdetuak.
Jendeak belauniko
Ene ingurutan,
Halabiz erraiteko
Ene fagoretan.
Bolsua zaut baratzen,
Xipitzen bihotza,
Ai! Ezin diot hartzen,
Ezin diot, hatsa!
Har zazu, o, Jinkoa,
Har ene arima!
Banoa, ah! Banoa!
Adi, adi, ama!
Ene arima gan da,
Bertze mundura, gan,
Dohatsua hil bada
Jaunaren bakean.
Lurrean da gelditu
Ene gorputz hotza,
Haragi erdi usteldu,
Hiratu afrusa.
Bertzek daute zerratzen
Aho gogortua,
Bertzek <erh>riez hesten
Begi ubeldua.
Mihise zahar baten
Barnean gordea,
Naute kutxan ematen.
Oi, ene zortea!
Oihu minez ezkillak
Mezutzen du jadan,
Gizon bat herioak
Duela eraman.
«Ji
nkoak dioela
Miserikordia»
―Diote berehala―
Eta horra guzia.

 

ENE LIRAREN AUHENAK, 1841

Ator, ator, ene lira,
Ene lagun leihala!
Ator ahundatzera
Ene zorte krudela;
Orai atera etzatzik
Hire soinu saminak,
Oiharzunari errotzik
Hik, ene bihotz minak.
Itxasoan ikusazu
Untzi diruz bethea,
Orai artio egin du
Bai, uruski bidea.
Uhinak dire apaltzen
Haren inguruetan,
Haizeak ditu hanpatzen,
Haren belak lorietan.
Hurbildu da porturat,
Lorios eta fier,
Horra non doan sartzerat,
Aberats eta eder.
Jadanik plegatzen ditu,
Plegatzen bere belak,
Hala xoriak hesten tu
Zalatzean hegalak.
Kolpez kolpe: xir altxatzen da,
Furian xirrimola
Untzia kostarat doa,
Arrolaka dabillala;
Hara, hara, non den ari
Uhinekin guduan,
Galdu behar du tristeki
Portuaren aldean.
Egik auhen, ene lira!
Egik minki auhena!
Ni nauk, ni nauk untzi hura,
Funditzera noana.
Harat hunat arrolaka
Gaitzak bere besoetan,
Narabillak pulunpaka
Tonbaren uhinetan.
Oraino deusek bidean
Ez ninduen trabatu,
Ez dut neure itxasoan
Arrokarik aurkitu.
Hélàs! Orai naizenean
Porturat allegatu,
Behar naiz ni uhinpean,
Uhinpean funditu.
Xirriparren basterrean
Eder zagon zuhaitza,
Herroak barna lurrean,
Aldaskaz aberatsa.
Burua zeraman gora,
Fresko eta hostotsu;
O, zuhaitzaren ederra!
Bizi behar balu!
Bere sor lekutik goizean
Norbeitek du idoki,
Atze lur idor batean,
Birlandatu kruelki;
Eta asi da ihartzen,
Jadan arrats bereko.
Bihar ez da on izanen
Baizen su egiteko.
Egik auhen, ene lira!
Egik minki auhena!
Ni nauk, ni nauk zuhaitz hura,
Ihartzera noana.
Hélàs! Ene sor lekuan
Eder, indartsu nintzen,
Landatua lur atzean
Bihar ez naiz izanen.
Harat hunat hegaldatzen
Ikusazu paluma,
Maiteki bazka billatzen,
Bere umentzat, ama;
Lotsarik, beldurrik gabe,
Hor hemenka dabilla,
Ez du gogoan deusere
Baizen bere familia.
Gaixoa! Zeru goratik
Miruak ikusi du,
Haren aztaparretarik,
Nork, oi! nork kenduko du!
Jadan airean behera,
Tiroaren pareko,
Hegaztin tzarra gainera
Gaixoari doako.
Egik auhen, ene lira!
Egik minki auhena!
Ni nauk, ni nauk paluma hura,
Herioak naukana!
Arimentzat bazka biltzen
Trankilki nabillala,
Gaitzak nerauk arrapatzen.
Zortearen krudela!
Seme batek utzi zuen
Bere ama emea,
Utzi nahi ez baitzuten
Amarekin semea;
Haurrak zuen maite ama,
Amak ere bai haurra,
O, dolore! O, lastima!
Separatze gogorra!
Amaganik urrun dela,
Gaitzak hartu du haurra;
Amaren zorte krudela!
Haurra doako hiltzera.
Bere haurra hilez geroz,
Amak du hil beharko:
Ez bide da bizitzekotz,
Haurra gabe biziko.
Egik auhen ene lira!
O, dolore! O, lastima!
Ni nauk, ni nauk seme hura,
Ama hura, ene ama!
Ni bakarrik zahartzeko
Esperantza nindian,
Ez d<i>k nihork altxatuko
Ez, erortzen denean!
Jauna, zuk ene bizia
Hartu nahi baduzu,
Zu zare ene nausia,
Zurea da, har zazu;
Gogotik dautzut ematen,
Jauna, ene arima,
Zure eskuetan dut uzten
Hiltzerakoan ama.

 

BASA-KOPLARIARI

Hunat ene aintzinerat
O, koplari eskalduna!
Nik eramanen daroat
Kantatzeko umor ona.
Boza makur tzar batekin,
Bertsu txarragoko batzuk,
Aire lele batzuekin
Kantatzen ohi dauzkiguk.
Ona dik, ona gogoa
Hire entzuten dagonak.
Ederra d<i>k orroa
Kopla aldiz den tzarrenak.
Ez du kopla moldatzeko
Hanitz entsegu eginen,
Astokeria bai asko,
Nahi baduzu erranen.
Buztana badauka behin,
Buruaz ez du kasurik:
Monstro bat dezan eragin
Ez du ez, axolarik!
Oi, sensu gabeko kopla!
Egilleari didurik;
Badakigu ez duela
Koplariak ez sensurik.
Adi zazue kantatzen,
Boza morgan dardaratzen;
Au ixilik koplaria!
Hausten dautak beharria.
Zer erran nahi deraukun
Ez dezakegu, ez, adi:
Xuxen, makur, ezker, eskun,
Oi! Badarasa zer nahi.
Eginen dauzu zer nahi
Lokarria kausitzeko,
Burua ez denian ongi
Buztanari da lotuko.
Bazka ona ikustean,
Nola astoak irrintzina,
Hala arnoa dastatzean
Koplariak umor ona.
Tripa arnoaren suaz
Duenian berotua,
Ergelkeria kantaz,
Hausten dautzute burua.
Zerratu behar badire
Presondegian zoroak,
Zerra beraz, zerra ere
Basa koplari erhoak.
Ezin detzake arrima
Lau bertsu txar elgarrekin,
Ez baditu, o, lastima!
Lokarritzat lau hitz zikin.
Hik galtzen duk hire koplaz,
Jakin ezak hire krima,
Jesu Kristoren odolaz
Erosia den arima.
Zenbat gure herrietan
Ez dire gastatzen hasi,
Gaizkia hire kopletan
Zeren baitute ikasi.
Ikara hadi, tristea!
Laster bahoa tonbarat,
Ikusak hire zortea!
Kantaz hoa ifernurat.

 

ESKATIMA BAT GARAZIN

Nafarro beherak ixil entzun beza,
Lapurdik ere bai, egun ene boza;
Hauzi bat dakusat Garazin piztua
Lehen bi bururen <···> sartua.
Donibane oro dago higitua
Ikustegatik hauzi ospatua,
Jujea sartua da ordenako kapan
Jendea multzatua liskarreko salan.
Lehenik jaun D’Apat, zu zinen agertu
Zure arpegia ez zen, ez, kantitu,
Kolpez ikustean jende oste hura
Ez eta, ene ustez, jujearen kapa.
Huna non den gero, jaun de Lafauria,
Zaldun aipatua, herriko loria,
Gora da sortzeaz, bihotzaz gorago.
Non aurki Garazin, bertze bi hulako?
Bakotxa, zoin bere herriko burua,
Bata bai bertzea, erlijionetsua,
Biak mintzazaille, segur ederrenak,
Izpiritu dome eta antzedunak.
Hunek gehiago badauka grazia,
Gehiago harek naski noblezia;
Denboraz, hauk ziren adiskide minak,
Zertako ez dire orai elkarrenak?
Aspaldi elgarrez ziren arrengura,
Ixilik zabillan bihotzetan herra;
Orai higitu du D’Apatek pintarra
Eta su gordetik saltatu da karra.
Gizonaren baitan, hélàs! zer den herra,
Jaun D’Apati hartu diote aizkora;
Fite, entzun gabe bere arrazoina,
Lafauriak dio: «Egina duk lana.»
Orduan hartzen du bere suma latza,
Eta esku bethez, kelder eta gatza,
Bere etsaiari dio aurtikitzen,
Hori bai, jaun D’Apat zaut hanitz gaitzitzen.
Justiziarat du bereala deitu,
Haizkoratto hartaz emateko kondu;
Gizona hargatik, nola den itsutzen,
Bere nahia du izatetzat hartzen.
Oihan zainak zuen bere burutarik,
Nihork eman gabe hartako manurik,
Jaun haren funtsetan haizkora arrapatu,
Kalte egilleak nahiz gastigatu.
Jaun de Lafauria da lehen mintzatu,
Bere burua du ederki garbitu;
Bihotz guziaz dut ederretsi, jauna,
Zure antze dome, bai eztitasuna,
Jaun D’Apatek baitu aditze xuxena.

 

Baionako Euskal Museoko 93. zenbakidun eskuizkribua

 

MENDITIK NOLA DOA

Airea: Haurrak, altxa bihotzak
Menditik nola doa
Ura itxasorat,
Hala ni banihoa
Lasterka tonbarat;
Akabo da akabo
Neretzat denbora,
Banoha sekulako
Hillen herritara.
Bildotsari otsoa
Nola zaio lotzen,
Arranoak urzoa
Nola baitu hartzen,
Hala nau herioak
Kruelki sesitzen.
Oi! Ene heiagorak
Ez du ez hunkitzen.
Aspaldian fuinetan
Nakarken sartua,
Hilherrirat naraman
<Min pozoindatua;>
Dolorezko ohean
Orai itzatua,
Sentitzen dut zainetan
Odola hoztua,
Zihoa nola baitu
Su gorriak urtzen,
Hal’ene bizia du
Gaitzak iraungitzen;
Ez dut ez gehiago
Sentitzen bizirik,
Hil baino lehenago
Hila naiz jadanik.
Trunko baten pareko
Ohean etzana,
Ene gorputza dago
Gaitzak hurren jana;
Ezin ditazke higi
Ene menbro hotzak,
Mihia daukat lodi,
Begiak zorrotzak.
Jadanik ezin adi
Mintzo zaizkidanak,
Erdi ikusten, erdi,
Nere maiterenak;
Hélàs! Hil aintzineko
Izerd’hormatuak,
Dauzkit behin betiko
Gogortu menbroak.
Orduan apezari,
Oihu deihadarra,
Hiltzen naizela ari
Har dezan lasterra;
Ama zaizko eman
Nigar marraskari.
Hélàs! Etsimenean,
Nigarra sokorri!
Eriaren otoitza
Duela egiten
Daut azken laguntza
Apezak emaiten:
«Arima girixtino,
Jinkoaren haurra,
Hoa, parti hadi, dio,
Abramen soinera.»
Dolamenekin gero
Zeruko sainduak,
Neretzat bitarteko
Dire galdetuak.
Jendeak belauniko
Ene ingurutan,
Halabiz errateko
Ene fagoretan.
Bolsua zaut baratzen,
Xipitzen bihotza,
Ai! Ezin diot hartzen,
Ezin diot hatsa;
Har zazu, o, Jainkoa,
Har ene arima!
Banoa, ah! banoha,
Adi, adi, ama!
Ene arima gan da,
Bertze mundura, gan;
Dohatsua hil bada
Jaunaren bakean
Lurrean da gelditu
Ene gorputz hotza,
Haragi erd’usteldu,
Hiratu afrusa.
Bertzek daute zerratzen
Aho gogortua,
Bertzek erhiez hest
en
Begi ubeldua;
Mihise zahar baten
Barnean gordea,
Naute kaxan ematen.
Oi, ene zortea!
Oihu minez ezkillak
Mezutzen du jadan,
Gizon bat, herioak
Duela eraman.
―Jinkoak dioela
Miserikordia―
Diote berehala,
Eta horra guzia.

 

SUR LA MORT D’UN AMI

Hemeretzi urtiak ez ditut orainik,
Eta hurbildua naiz hobirat jadanik;
O, ene Jaungoikoa, hauxe da lastima!
Horren laster uztia, aita eta ama!
Osasun handi batez beti lagundua,
Arpegiaz ederra, oroz maitatua,
O, ene Jaungoikoa, hauxe da lastima!
Kolpezko herioak tonbarat narama.
Golde zorrotzak nola du bere bidean
Lili sortu berri bat pikatzen lurrean,
O, ene Jaungoikoa, hauxe da lastima!
Hala duzu trenkatzen biziaren trama.
Agintz onak niozkan ene buruari,
Gaitza ene gainerat denian erori,
O, ene Jaungoikoa, hauxe da lastima!
Sentitzen dut jadanik herioaren zama.
Adi iguzki ederra, adio sekulako,
Egun argitzen nauzu, ai! Azken aldiko,
O, ene Jaungoikoa, hauxe da lastima!
Ah! Gorputzatik orai doakit arima!
Sekulako loak nau jadanik lehertzen,
Herio latzgarria hurbil dut ikusten,
O, ene Jaungoikoa, hauxe da lastima!
Sentitzen dut zainetan herioaren horma.
Aditzen dut aditzen, neronek ezkilla,
Minki adiarazten hiltzera noala;
Enetzat Jaungoikoa otoitz dezatela,
Bihar mezuturen du izatu naizela.
Bihar ene gorputza, erdi usteldua,
Betikotz izanen da kutxan zerratua,
O, ene Jaungoikoa, hauxe da lastima!
Eta, non izanen da, non, ene arima?
Zure baitan dut, Jauna, ene esperantza,
Ez zazula aborri, ez, ene otoitza,
Orroit zaite, oi! Orroit, enetzat duzula
Kalberio mendian ixuri odola.

 

O, ENE JAINKOA

O, ene Jainkoa, zu zare guzia,
Zu zare izaitea, zu zare bizia.
Bai, zure aintzinean erregeak dire,
Hain herbal, hain gutiak, nola ez balire.
O, bekatu egin baituk, hilen haiz gizona!
Horra, Jaunaren ahoz, arrasta emana.
Ordutik, ur ibaiak nola itxasorat,
Hala doaz jendeak, herrestan tonbarat.
Eta gizon tonbarat, airetan doana,
Gizon herbal ez deusa, delarik ez deusa,
Ausarki altxatzen da Jinkoaren kontra,
Lasterka doalarik harren eskutara.
Non dire gerlari hek, zoinen aintzinean
Ixillik baitzagoen lurra beldurrean?
Non dire, non, zuhurrak, gizon jakintsunak,
Naturaleza bera garaitu dutenak?
Begiek alferretan dituzte bilhatzen,
Heien lekua bera ez dute kausitzen;
Ez dago deus hetarik, dagoen guzia,
Herrauts puxka bat, harrek ez nahiz utzia.
Ez du ez herioak nihor gupidesten,
Itsutuki kolpeak ditu barraiatzen,
Bortitza erortzen da, bai, nola herbala,
Bai eta aberatsa, gabea bezala.
Sortu garen ordutik, gare hiltzen hasi,
Nagusi eta azpiko, handi eta xipi,
Guziak badihoaz, gazte eta zahar.
Hil behar naiz beraz, ni ere hil behar.

 

ZERUAZ GOGOETA

Urrun eneganik, urrun,
Haina sinestegabea,
Zoin den idor, zoin den ilhun
Oi! Haren izaitea.
Atsegin hobendunetan,
Deskantsuki jarria,
Kausitu nahi du tonban
Ez deus izigarria.
O zu, bertze bizitzea
Igurikitzen duzuna!
Zoinentzat baita hiltzea,
Biziaren hastapena.
Ala! Baita gozoago
Hemen zure zorioa!
Zeren tonbaz haratago
Uste duzun saria.
Bihotza garbi duzuna,
Zato ene entzutera,
Zerutako zoriona
Bainoa kantatzera.
Nigarrezko haran huntan
Ez duk penarik baizen;
Gizona, doloretan,
Bizia duk jasatzen.
Oi, zoin gozo den, zoin ezti,
Tenpestaren erditik,
Behatzea leihorrari!
(Zeruari lurretik)
Eta ederra baita izanen,
Ederra golardoa,
Jainko puxantak emanen
Daukun sekulakoa.
Badakizu zoin den ezti,
Nekearen ondoan
Etzatea deskantsuki
Loaren galtzarrean.
Horrelakoa dea ote,
Zeruko zoriona?
Sekulakoz menden mende
Gozatuko duguna?
Zorionez zeruetan
Beti dagoz hordituak,
Plazerezko maietan
Pulunpaka galduak.
Urteak badoazkote,
Nola guri orenak;
Mendek ezin detzozkote
Guti bere gozamenak.
Ez, adimendurik ez duk,
Saltzen baduk, gizona,
Plazer tzar batzuetan truk,
Zeruko zoriona.

 

PURGATORIOKO PENAK

Su eta lamen erdian,
Hemen gaude jarriak,
Zepo beltz, labe gorrian,
Bizirik ehortziak.
Hélàs! Hélàs!
Oi, gure sofrikariak
Arin zatzu otoitzaz!
Jinkoaren justiziak
Amarratuak gauzka,
Detzaguno zor guziak
Tormenta pean paga.
Hélàs! Hélàs!
Oi, zuk, errexki fagora
Gaitzazuke otoitzaz!
Zu, ene espos, laguna,
Ene buraso, haurra,
Lehen maite ninduzuna,
Nik dut zure beharra.
Hélàs! Hélàs!
Orai, errexki fagora
Nazazuke otoitzaz!
Oi! Suzko leize beltz huntan,
Jauna, noiz arteraino
Tormentazko itxasotan
Gaituzu idukiko?
Hélàs! Hélàs!
Zuk gaituzu libratuko,
Ene anaia, otoitzaz!

 

MENDEKIOA

Zure kantak lurrean ixilduak dire.
Bai, gizonak ahantzi zaitu, Jaungoikoa.
Jauna, zer ari zare?
Non da, non, zure besoa?
Zer? Ez duzu aditzen krimaren oihua?
Gizona ikusazu haragi egina.
Horra lohian sartua,
Horra zure imajiña!
Para zazu apur bat zure beharria!
Adi zer darasaten bere errabian!
Pitz zazu zure furia
Jo zazu bere lohian!
Indiñoki gizonak, Jauna, utzi zaitu;
Erraten diozu: «Ni ala plazera?»
Harek oihuz: «Ez zu, ez zu!
Dugun, dugun kreatura!»
O, Jauna, mendekio! Jauna, anatema!
Pitz zazu zure sua, har zazu zigorra!
Ahantzia da Sodoma,
Garbiago zen Gomorra!
Zure profetak ari zaizkote bai oihuz,
Zure asarradura pizterat doala;
Diote zure gastiguz,
Bai, hek trufatzen direla.
Zerua, idek-atzik hire urtegiak!
Hauts hatzik, itxasoa, hire mugarriak!
Uhaldea, lehen baino,
Orai da beharrago!
Gizona burlatzen da zure izaiteaz,
Zure ifernu hortaz, irri egiten du.
Trufa zaite, Jauna, hartaz:
Zuk irri egiozu!
Zure izen saindua balsan darabilla,
Blasfemia dario haren ahoari;
Erraten du ez zarela,
Ez zarelakotz ageri!
Zure handitasuna ez dute ikusten,
Eskribatua letra larriz, zeruetan;
Aspaldi borratu zuten
Basaz bere bihotzetan.
Nola jasan dezakek horrenbertze krima?
Nola, Jaungoikoa, lurra jasan hio?
Anatema!... Anatema!...
Mendekio!... Mendekio!...
Zorigaitzez, haurtasuna bizioan baita!
Nihor ez da zeruko bide xigorretan:
Adin inozentik ez da
Gehiago gizonetan.
Zorigaitz, bai zorigaitz, lohia sartu da
Saindutako Sainduko harrietan barna,
Tabernaklerat igan da
Orai! Uhalde zikina.
Non haiz, non? Ager hadi, Baltasar tzarrari,
Ateratu hitzaikon esku latzgarria!
Bazaramak Baltasarri
Apez tzarrak bitoria!
Mendekuzko bilduma, tresor terriblea,
Jaunaren zigorra da, ordu duk engoitik,
Aingeru funditzaillea,
Ken ezpata maginatik!
Horrenbertze krimentzat ez zarete aski!
Zabal hire erraiak, zabal ifernua!
Ahal bezin larga hadi:
Iretsak, irets, mundua!
Orduan aditzen dut oihu bat zerutik:
«Ixilik kreatura, niri mendekua!
Erakutsiko diat nik
Ordu denean eskua!
Ene justiziaren tresor zabaletan,
Badiat krimarentzat gastigurik aski:
Betiereko lezetan,
Pagatuko nauk largoki.»

 

ENE LIRAREN AUHENAK

Oraino deusek bidean
Ez ninduen trabatu,
Ez dut ene itxasoan
Arrokarik aurkitu;
Hélàs! Orai naizenean
Porturat allegatu,
Behar naiz ni uhinpean,
Uhinpean funditu.
Harat hunat hegaldatzen
Ikusazu paluma,
Maiteki pazka bilhatzen
Bere umentzat, ama.
Lotsarik, beldurrik gabe,
Hor hemenka dabilla,
Ez du gogoan deus ere
Baizen bere familia.
Gaxoa! Zeru goratik
Miruak ikusi du;
Haren aztaparretarik,
Nork, oi, nork kenduko du!
Jadan airean behera,
Tiroaren pareko,
Hegaztin tzarra gainera,
Gaxoari doako.
Egik auhen ene lira!
Egik minki auhena!
Ni nauk, ni, paluma hura
Herioak naukana!
Arimentzat bazka biltzen
Trankilki nabillala,
Gaitzak niauk arrapatzen.
Zortearen krudela!
Seme batek utzi zuen
Bere ama emea,
Utzi nahi ez baitzuten
Amarekin semea.
Haurrak zuen maite ama,
Amak ere bai haurra,
O, dolore! O, lastima!
Separatze gogorra!
Amaganik urrun dela,
Gaitzak hartu du haurra.
Amaren zorte krudela!
Haurra doako hiltzera;
Bere haurra hil galduz geroz,
Amak du hil beharko:
Ez bide da bizitzekotz,
Haurra gabe biziko.
Egik auhen ene lira!
O, dolore! O, lastima!
Ni nauk, ni nauk seme hura,
Ama hura, ene ama!
Ni bakarrik zahartzeko
Esperantza nindian,
Ez dik nihork altxatuko
Oi, erortzen denian!
Jauna, zuk ene bizia
Hartu nahi baduzu,
Zu zare ene nausia,
Zurea da, har zazu.
Gogotik dautzut emaiten,
Jauna, ene arima,
Zure eskuetan dut uzten
Hiltzerakoan, ama.

 

BASA-KOPLARIARI

Hunat ene aitzinerat,
O, koblari eskualduna!
Nik eramanen daroat
Kantatzeko umor ona.
Boza makur tzar batekin,
Bertsu txarragoko batzuk,
Aire lele batzuekin
Kantatzen oi dauzkiguk.
Ez du kopla moldatzeko
Hanitz entsegu eginen:
Astokeria bai asko,
Nahi baduzu erranen.
Adi zazue kantatzen,
Boza morgan dardaratzen
Au ixillik koplaria!
Hausten dautak beharria.
Bazka ona ikustean,
Nola astuak irrintzina,
Hala arnoa dastatzean
Koplariak umor ona.
Tripa arnoaren suaz
Duenian berotua,
Ergelkeria kantaz,
Hausten dautzute burua.
Zerratu behar badire
Presondegian zoroak,
Zerra beraz, zerra ere,
Basa-koplari erhoak.
Ezin detzake arrima
Lau bertsu txar elgarrekin,
Ez baditu, o, lastima!
Lokarritzat lau hitz zikin.
Hik galtzen duk hire koplaz,
Jakin ezak hire krima,
Jesu Kristoren odolaz
Erosia den arima.
Zenbat gure herrietan
Ez dire gastatzen hasi,
Gaizkia hire kopletan
Zeren baitute ikasi.
Ikara hadi, tristea,
Laster bahoa hobirat,
Ikusak hire zortea
Kantuz hoa ifernurat.

 

CANTIQUES POUR NOEL

KRISTAUAK ZATOZTE

Airea: Adeste fideles
Kristauak zatozte, laster egizue,
Betlemerat balsan, goazen alegera.
Jainko bat sortua ikus ezazue.
Haur Jinkoa dezagun adora.
Arthaldea trebes mendian utzirik,
Doaz lorietan artzainak txolarat.
Hots! Gu ere goazen, bihotzak pozturik.
Haur Jinkoa dezagun adora.
Ikusiko dugu seme Jinko dena,
Berbo egiazko, aitaren itxura,
Egina haur ttipi, troxetan emana.
Haur Jinkoa dezagun adora.
Gugatik da pobre, lastoan etzana,
Besarka dezagun haren manjatera;
Maita zagun maita, maite gaituena.
Haur Jinkoa dezagun adora.

 

AUTRE POUR LA NOEL

KRISTAU ONAK BOZKARIOZ

Airea: Bergers, parlez plus doux
Kristau onak bozkarioz
Abia gaiten kantatzen,
Zeren gure amodioz
Jinko Jauna baita sortzen.
Neguaren bihotzean
Amodioaz garhaitua,
Txola ideki batean
Sortzen da betitik sortua.
(Kristau)
Gu bereganat biltzeko
Bere loria du goibeltzen,
Gizona irabazteko
Haurtxo ttipi da billakatzen.
(Kristau)
Ikaretan dago hotzez
Larru has, nigarrez betea,
Bi aberek bere hatsez
Berotzen dute haur maitea.
(Kristau)
Izpiritu zerukoak,
Zatozte etxola txarrerat
Haur Jinkoaren menbroak
Zuen hegalez estaltzerat.
(Kristau)
Zeru lurren nausi dena,
Troxez estekatua dago,
Lasto dorpean etzana
Gure bihotzen hunkitzeko.
(Kristau)
Guriki da ohantzean
Sortu den orduko xoria;
Sehaska gogor hotzean
Dago Jinko sortu berria.
(Kristau)
Bereganat deitzen ditu
Ardizainak jaio deneko.
Jinkoa pobre da sortu
Pobre gaxoen beretzeko.
(Kristau)
Ez ditu handiak utzi:
Hek ere ditu gonbidatu,
Ez erregelak ahantzi,
Gizon guzientzat da sortu.
(Kristau)
Nigatik orai pairatzen
Hasi zare Jesus sortzean.
Ikusiko zaitut hiltzen
Nigatik gero gurutzean.
(Kristau)
Anatema sar bekio
Zu maite ez zaituenari,
Ihardesten ez badio,
Zure gonbidu samurrari.
(Kristau)

 

JESUSEN SORTZEA

Dezagun Jinko haurra
Kristau onak adora
.
Aitaren erraietik
Betidanik sortua,
Egun da guregatik
Betelemen haurtua.
Gizona erori zen
Nahi baitzen jinkotu,
Jinkoa da gizontzen
Hura nahiz altxatu.
Maria erraietan
Jinkoa dakarkela,
Trebes ostatuketan
Betelemen dabilla.
Hara non, karriketan,
Dihoan etxez etxe,
Erditzeko menean
Aterbearen eske.
Xoko bat ez diote
Ez nihork eman nahi,
Bere atetik dute
Kasatzen mutiriki.
Dabiten ondokoa,
Arditegi baterat
Hirin kanpo badoa
Jinkoaz erditzerat.
Etxola txar hautsi bat,
Dena ere ez berea,
Da Jinkoa guretzat
Sortzen den jauregia.
Gauaren min minean
Neguko hotz jelada,
Gordin bortizenean,
Jinko haurra sortzen da.
Hoztua ikaretan,
Nigarrez, haur gaxoa
Bere amak troxetan
Ezartzen du Jinkoa.
Zeru, lur, ifernua,
Dakarzkena eskuan,
Datza amarratua
Xatarrezko xepoan.
Minberatua hotzin,
Sabeletik lekora
Aberek dute hatsin,
Berotzen Jinko haurra.
Pobreak badu gosna
Bere haurtxoarentzat;
Lastoan da etzana
Jinko Jauna guretzat.
Gure urbullua da
Apalmenaz zebatzen,
Zeren garen altxatu
Jauna da ezeztatzen.
Guk baitugu bilhatzen
Beti gurikeria,
Pairamenaz du hezten
Jinkoak haragia.
Lehengo Adamek
Gaitu errebelatu,
Bigarreneko hunek
Bidean onean sartu.
Denbora saindu huntan
Dezagun Jinko haurra,
Mariaren alzuan,
Kristau onak adora.
Refrain
Dezagun Jinko haurra,
Kristau onak adora.

 

POUR L’ELEVATION

Airea: Recueillons-nous
Sar ikaran
Ahuspez gaiten eman;
Jinko Jauna
Heldu da gorderik
Guregana,
Zeruak apaldurik.
Harritzen nau misterioak,
Ordean ene fedeak
Ostian
Du ikusten,
Aldarean
Du adoratzen;
Ene gatik apaldua
Han du ezagutzen
Ene Jinkoa.

 

POUR LA COMMUNION

Ez naiteke, Jesus, egon zu gabe;
Beti zaitut ene bihotzean;
Zu goizean, bai arratsean ere
Zarabiltzat nik bethi gogoan.
Eta zu, heldu orai ene ganat!
Zu, sartua ene erraietan!
Zato, zato, bihur nadin zutarat,
Nadin fundi zure bihotzean.

 

KOMUNIONE AINTZINEKO DEIHA KARTSUAK

Bete zazu, Jaun ona, bete zazu
Bihotzeko ene gutizia;
Bai, zuri nau amodioak lotu.
Ah! Zatozkit, zure naiz guzia.
Ez naiteke, Jesus, egon zu gabe;
Beti zaitut ene bihotzean;
Zu goizean, arratsean ere
Zarabiltzait nik <bethi> gogoan.
Ah! Zertako etortzen zaut gogora
Ene krimen orroitzapen latza,
Ikustean leheneko denbora,
Nahasten da, bai, ene bihotza.
Aita ona ez, ahantzia ez dut,
Zure etsai egotu naizela,
Bainan orai, o Jesus! maite zaitut,
Badakizu maite zaitudala.
Nola bada egotu naiz zu gabe,
Nola, Jesus, zaituzket higundu!
Halarikan maite nauzu, bai maite,
Berantegi zaitut nik maitatu.
Ez naiz ez gai, ni zure mahainean
Ohorezki bertzekin jartzeko;
Aski dire xokolutto batean
Zure haurren sobrak enetako.

 

POUR LA BENEDICTION

Airea: À sa voix
Ahuspez guziak gaiten eman (bis)
Harri beitez
Aingeruak zeruan.
Ahuspez
Guziak gaiten eman
Ikara bihotzean,
Jaunaren aintzinean.
Zeru lurren nausia,
Aldarerat jautsia,
Hor dago gure erdian
Ogiaren idurian estalia,
Estalia.
Ikaretan Jauna,
Ene Jinko ona,
Zaitut laudatzen;
Zure handitasuna
Eta ontasuna
Ditut adoratzen.
Zuk nauzu kreatu,
Bai begiratu.
Zerua zuk dazu,
Jaungoikoa zabaldu;
Zure ezagutzak beza
Erre ene bihotza.
Bai, munduak hotza
Beti kausi beza!
Jauna, zuretzat
Sekulakotzat,
Amodioz hartua
Nadin izan suztatua.
Bai, madarikatua
Beti bedi mundua. (bis)

 

HARISPE JENERALARI

Eskualdunen loria, gure urgullua,
Agur Murde Harispe, zaldun ospatua,
Zu kantatzeko, jauna, trunpeta dut hartu,
Behatu batez, otoi anima nazazu.
Egotu naiz herabez, orai arteraino,
Ez baitut aski dohain zure laudatzeko,
Aspaldi izan banu behar zen antzea,
Eder izanen zautan zure kantatzea.
Ordean gehiago ni ezin nagoke,
Aski gai, aski antze, ez izanik ere,
Nahi zaitut, Harispe, nolazpat laudatu,
Eskualdun jenerala, eskuaraz kantatu.
Enperadore handi, gerlako ozpina,
Bazterrak ikaretan urrun zaduzkana,
Napoleonek bere gatabuz hotzean
Atsegin hartuko ene aditzean.
Haren begi zorrotzak zinituen hautetsi,
Zure antzea zuen laster ederretsi;
Hor ezagutu zure eskualdun bihotza,
Zure beso indartsu, arima bortitza.
Zure egin ederrak ez detzaket konda,
Hasten banintz erraten, ez nio akaba;
Hoitabortz urtetako gerlate denboran,
Ez duzu utzi alfer, ezpata maginan.
Gudu lekuak behar litezke mintzatu,
Edo behar zintuzke, Harispe, agertu
Gudutan izan tuzun zauri baliosak,
Oi! Zure gurutzeak bezin distiosak.
Bereziki Austerlitz da zure loria,
Ungi zautzun gostatu zuri bitoria;
Gehienik non ere baitzagon lanjerra
Han zen han ikusiko, Harispe suharra.
Guduaren ondoan zauriz estalia,
Hillen artean trebes, da hiltzat utzia...
Erran ahal dezaket, erran, o, Frantzia!
Behin eman daukala Harispek bizia.
Bertzek hobekiago dezatela kanta
Guduko zure karra, bai zure ezpata.
Nik altxatuko ditut zeruetan barna
Zure urrikalmendu, bihotz ontasuna.
Urrun niganik, urrun, gerlako gizona,
Populu bentzutuak lehertzen tuena,
Jinkoaren trallua, jenden izurria,
Alarik barbaroa, Attila berria.
Nahi badu ordean, nik dezadan maita,
Utz beza gud’ondoan maginan ezpata;
Arin bentzutuaren uztarri garratza,
Orduan harentzat da guzien bihotza.
Harispe izatu da bentzutuen aita,
Guduan suhar bezin, ondoan eme da;
Badaki guduetan odola ixurtzen,
Ondoan amultsuki nigarren xukatzen.
Hanitzak izan dire gerlari famatu,
Gutiak zu bezala, urrikalmendutsu,
Izan ditezke naski hek ederretsiak,
Zuretako ditutzu zuk bihotz guziak.
Espaniak badauka sekulako herra
Franziako jeneral soldaduen kontra,
Zure emetasuna ez du ahantziko,
Zu, zu bakarrik zaitu beti maitatuko.
Ene koplak geroaz nausitzen balire,
Beti zure izena kantatua daite.
Bainan eskualdun hotzak beti esker gabe,
Bere koplarientzat, oi! agertzen badire?
Orduan hillik ere ene kopla txarrak,
Biziko dire beti zure egin ederrak;
Eskualdun bihotz hotzak ahanzten bazaitu,
Historio antzeak aipatuko zaitu.
Bainan ez, gure baitan beti laudatua,
Egonen da zure izen ospatua;
Eskualdunen arrazak irauten dueno,
Eskualdunek eskualdun odola duteno.

 

ZUMALAKARREGI

Non dire bada, orai, koplari eskualdunak,
Herritarren loriak hunkitzen tuenak!
Zer ari dire bada! Non da heien karra!
Orai dute eskualdunek, orai, heien beharra.
Utz atzik koplaria, utz, sujet ergelak,
Kant’orai eskualdunak eta heien gerlak;
Zer! Egonen ote haiz herab’eta nagi
Dukenian ikusten Zumalakarregi?
Zikin ezak ahoa kopla zikinetan,
Egin zatzik bertsuak ostatu tzarretan,
Saltzak hire antzia, sal, zenbait sosetan,
Ez duk, ez duk eskualdun odolik zainetan!
Haizeak nola kea baitu barraiatzen,
Iguzkiak iluna aise <du> kasatzen,
Hala, hire bertsuak, oi, hau doloria!
Geroak ahantziren ditik, koplaria.
Bihotzetan ordean barna landatuak,
Izanen tuk nereak beti kantatuak;
Eskualdunen arrazak irauten dueno,
Eskualdunek, eskualdun odola duteno.
Nik sentitzen ditiat ene zainak sutan,
Sukarra sartua duk, bai, ene fuinetan;
Hartzen diat guduko eskualdun tronpeta,
Goraki detzadantzat eskualdunak kanta.
<Hamar bat> Eskualdunen buruan jarririk,
Arma, diru, deus gab
e, bihotzaz bertzerik,
Jeneral eskualduna, eskualdunez segur,
Ez da ez, erresuma guzi baten beldur.
«Niganat eskualdunak ―du oihu egiten―
Buruzagi atze bat daugute emaiten,
Gure erregea dute urrun desterratu
Bere azpian nahi gaituzte lehertu.»
«Nahi du es
kualdunak hoin behera jarri,
Atze bat nahien azpirat erori,
Atze bat du burutzat hozki ikusiko,
Emazteki atze bat tronuan utziko?»
«Orroit hadi eskualduna hire arbasoez,
Cesar berak, doidoia, <hamar> urte betez
Zian zuen herria azkenik beretu,
Sekulan ez, ordean, bihotzak garhaitu.»
«Lehenago, zioten, gure menditarat
Itsasoko uhinak dire higaturen,
Ezen ez, eskualduna atzen eskutarat,
Ahantzirik, nor zer den, baita eroriren.»
«Ez beza eskualdunak entzun ene boza,
Ez beza jo loriak haren bihotz hotza,
Banoa ene aitek bezala egiterat,
Ene erregerentzat odol’ixurtzerat.»
Dio, eta osteka gizonak armetan,
Zaizko bai multzokatzen bere ingurutan;
Nafartarra lehenik, hi agertu hintzen,
Hik huen erakutsi, eskualduna zer zen.
Hire egin ederrak ikusirik gero,
Altxatzen tuk bertzeak, bortiz eta bero;
Lehen iduri flako, orai harrigarri,
Etsaia duk jadanik ikaretan jarri.
Hala xirripatto bat, lehen mehe zena,
Baratze xokoz xoko, ixillik zuana
Ur lagunez egina ibai izigarri,
Garhaitiar doazu, eder eta lodi.
Nork orai, oi, nork, atxik eskualdunen kontra?
Nork orai bara, hauien jeneral suharra?
Ase dire mendiak aski, bai, odolez,
Pentzek behaut’estali beltzen gorputz hilez.
Denbora duk, o, Beldes! Altxa tropa denak,
Jadanik lur planetan horra eskualdunak;
Bainan arta har zak, zuhur izan hadi
Gudukatu behar duk Zumalakarregi!
Orai duk eskualduna, orai duk ordua,
Baionet eta lanzak xorrotx, soldadua!
Begoz etsai laxoak urrundik tiroka,
Baionetaz hik dakik, hurbil<dik> guduka.
Ez du oste handiak baratzen karlista,
Badoa bai superat xorrotx baioneta,
Hur handiz, odola badoa landetan
Beltz bat ez dago zutik, heien aldaketan.
Ez zen gerlakari bat, karlisten artean,
Gorritua ez zenik beltzen odolean;
Hire ezpat’horri, suzko jenerala,
Gud’ondoan zarikon oraino odola.
Oi! Zein laster doaz
in ihesi herrestan,
Ber’armak etxaturik, ikara erraietan
Erreginak zituen gizon gogorrenak,
Bere ahoz, guduka hain bortiz zirenak.
«Ezpata kolpe batez eskualdun herriak,
Gure eskuetarat dituk eroriak
―Dio soldaduei jeneral gorriak―
Bertze batez dezagun xe
haka hiriak.»
Ximistaren pareko, erran bezin sarri,
Sua darioela zaldian da jarri,
Animestatzen ditu bere eskualdunak,
Animatuak aski jadanik zirenak.
Zerra, zerra Bilbao hire portaliak,
Jar beitez, jar, armetan hire beiralleak!
Egin zak auhen, egin, o hiri superra!
Erori behar baituk, Bilbao, lurrera.
Jadanik eskualdunek, beti garhaitiar,
Muraillen inguratzen bortiz bezin suhar;
Hedatuak dituzte bere bataillunak,
Jadan aditzen ditut hiriko auhenak.
Hirur gudu handitan, eskualdunen karrak,
Arras hautsi zituen etsaien indarrak;
Entseiu bat oraino, hiri mutiria,
Zumalakarregi duk segurkia hiria.
Bainan, oi, ondikozko gure zorigaitza!
O, Jinkoaren justizia latza!
Haren eskura liok bara lasterregi,
Hil behar duk, hil behar, Zumalakarregi!
Harekin hautsi dire, bai, gure indarrak,
Nork ditu baratuko, nork, gure nigarrak!
Galdu duk, eskualduna, hire esperantza,
Ikusak hedatua, haren gorputz hotza!
Ah! Zure justizian, gure jendeari,
Eman izan diozu kolpe handi hori.
O! Ene Jaungoikoa, ordu da oraitik,
Zure eskua dadin bara sarraskitik.
Ema bedi, Jaun ona, zure sumindura,
Ikus ezazu, otoi, oi, gure herstura!
Fedea bera dago irrisku handitan;
Ah! Beroen ezpata, sar bedi maginan.

 

KAMUSARRIREN OLERKITZAK JOTZEN DIREN ZENBAIT

MARIÑELAREN KONTRA-PASA

Mariñela,
Zuk bethi ezin-egona!
Ohetako,
Itsaso gazi urdina!
Teilatutzat,
Zeruko hedoi arina!
Begietan
Izarren argi gordina!
Kulunkari,
Beladun untzi sorgina!

Errepika
Hargatik, hargatik,
Ez gal gogotik,
Zure goait, zure goait
Dagola norbait,
Itsas-hegitik!
Mariñela
Zuk laket aize bizia!
Ez astio
Uhainen jantza-jauzia!
Bainan nunbait
Lore bat, dena grazia,
Begi urdin,
Sudur motx, ilhe hartzia,
Zure beha
Badago urthe guzia...
Errepika
Geroztik, geroztik,
Ez gal gogotik,
Zure goait, zure goait
Dagola norbait,
Itsas-hegitik.
Mariñela,
Lanjerra duzu ikasi:
Zonbat neska
Hor gaindi ere ikusi,
Bakar batzu
Ez baitzitzaitzun itsusi:
Ba ahal zira
Hetarik eman ihesi
Ez baitautzu
Bihotza nehork ebatsi!
Errepika
Nehundik, nehundik,
Ez gal gogotik,
Zure goait, zure goait
Dagola norbait,
Itsas-hegitik.

 

AMETS-HERRIA

Atzar hadi, pottolo, neure mutikoa,
Hire ama zenaren atsegin osoa!
Zer tuk nigar horiek, inharrosiz loa?
Aitak besarkatzen hau, oi seme gaixoa!

Amets-herria nehoiz ez dut ahantziko,
Dena arrosa eta hegaztin urhezko!
Hantxet amatto ere dohatsua dago:
Besotarat hurbildu nahizan nizako!
Bildox kapa xuriak denetan ihaurri;
Goarek musikan mendi-haizeari...
Amak keinu egin daut, eta ni atzarri...
Zer pena, histu baitzait amets eder hori!

Haurra, nik ere gaua han diat ereman,
Ibai saindua hurbil, lilien artean...
Uhain urdinak segur goxoak zituan;
Bainan Amets-herrirat ezin nauk iragan!

Aita, zer ari gare uraz hunaindian,
Bethi gogoa ilhun, bethi beldurrean?
Hobe ginuke, hobe, izarren bidean,
Neure gau hauietako ametsen herrian!

 

ANAIAK BEZALA

Liburu Sainduak dio: «Anaiak anaiekin
Zein goxo den bizitzea!»
Bainan anaia bat zer den nola dezaket jakin?
Hortan da ezinbertzea.
Mundua hasi zeneko, Adam-Ebaren seme,
Horra Kain eta Abel.
Lehen odol ixuria ez othe dugu berme,
Anaia zein daiken Krudel?
Geroxago Jakobekin Esauren aldia,
Dilista-merkatu txarrez!
Gehienari primantza zein eder ebastea
Aitari eman gezurrez!
Gaixtoen umeak gaixto, zure haurrak, Jakobe,
Etziren zu baino hobe.
Desertuan saldu zuten, herraz hekiek ere,
Beren anaia Josepe.
Ondoko urthe khiretsak Dabiden jauregian,
Absalonek hilik Amnon!
Eta Adonias zure anaia nola zen gan
Mundu huntarik, Salomon?
Horra anaiak zein faltso izan ahal ditaizken:
Odol bera ezta aski.
Bihotzeko fede berak detzake, lehen azken,
Zinez haurride atxiki.
Jaungoikoaren baithan da finkatzen fede hura,
Nonbait xutik egotekotz;
Bihotza ez bada heltzen amodio hartara,
Badagoke huts eta hotz.
Zeruko Aitaren seme xintxo leial gaudeno,
Oi etsi ez dezagula!
Bizitzen ahalko gare alegre eta sano,
Bethi anaiak bezala.
Gutartean arrotzik ez, junta gaiten elgarri,
Joloskeriak utzirik.
Anaia lagun, anaiak gaztelua iduri:
Ez du nehoren beldurrik.

 

Edizio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea. Donostia.

Iturria: ARTOLA, L.: "Jean Baptiste Camoussarry (1815-1842). Una primera aproximación a su vida y a su obra", ASJU, XXII-2, 391-443 orr.

Atzera