LABORANTZAKO
LIBURUA
EDO
BI AITA SEMEREN
SOLASAK LABORANTZAREN GAINEAN.

BAYONAN,
ANDRE LAMAIGNEREN MOLDIZTEGIAN.
Pont-Mayuko karrikan, 39 numeroan.
1858


BERORREN GORTASUNARI,
GURE JAUN
ETA PRINTZE BIZAR
LUIS-LUZIANO BONAPARTERI
Eskaldunen amodioa,
GOGOA ETA BIHOTZA
ETA ORDOEN ARTETIK,

Berorren eskupeko aphal,
Bainan bethi eskerdun,

DUVOISIN, kapitainarenak.


MUR DE ABADI,
Arraztoy jauregiko jaun, Frantziako
JAKINTSUEN
BALDERNAKO IHARDESDUNARI,

Jauna,

Eskaldun zure herritarrek aspaldidanik dakite berei ekhartzen diozuten amodioa. Lurreko hiri eta lekhu ederrenek ez-darotzuete sort-herria ahantzarazi. Ipharretik hegoara, non da jendaki argitu edo salbaya zuk ikhusi ez-duzunik? Iragan dituzu zelhai aberatsak, mendi gogor, itsaso, mortuak. Hestura latzetarik amorrik egin gabe ilkhi zare zori onez. Jauregietako berregindurek ez-eta ere atsegin gozoek etzaituzte ez liluratu, ez beretu. Haukien atheka, gaitzagoa zen arren hesturetakoa baino, zu leheneko hura bera gelditu zare. Ez larderia gaichtoek, ez balaku enganagarriek azpiratu etzaituzte. Guzien artetik bihurtu zare bethi bat gu gana. Ongi ethorri zarela!

Jauna,

Nork bere herriari zor dio ahal duen laguntza. Aria hortaz, nik ere eskaraz ezarri ditut laborantzaren gaineko argitasun batzuek, gure herritarrentzat premia zirenak. Zure bihotza ez-da arrotz Eskaldunei egiten zayoten ongiari. Onhets zazu, othoi, ene ahal chumearen egintza.

Gelditzen naiz holetan,

Jauna,

Zure eskupeko orhoitdun

DUVOISIN, kapitaina.


LABORANTZAKO
LIBURUA.

I.
Bizitze onaz.

AITAK. Oi, ene seme maitea, adinetara heltzen hari zare eta iduritzen zait ordu zinukeela, haurtasuneko solasak utzirik, gizonaren egimbideak burutan hartzeko.

SEMEAK. Ene aita, egundainotik ekharria izatu naiz zure erran guziei begiratzera. Badakit Jainkoak ere hala manatzen darotala, eta hemendik aintzina, orai arteo bezala, ethorkor izan gogo dut bethi zure alderat.

AITAK. Seme on baten solasak dira horiek, eta esker diot Jaunari zeren zu bezalako seme bat eman darotadan, ene zahartzeko gozagarri.

SEMEAK. Irakhats diezadazu zer egin behar nuken zure gogarako, eta hitz darotzut ahalaz eginen dudala zure atsegina.

AITAK. Ene semea, Jainkoarentzat izan behar da gure lehen hitza. Garenak, harek egin izan gaitu; ditugunak, harek eman izan darozkigu; bizi gareno, haren eskutik ditugu bizia eta bizitzekoa; hari zor diotzagu beraz gure esker guziak.

Ez-daroku eman onthasuntze handi bat. Bainan bizia gozoki iragaitekotzat, ez-da (askok uste duketen bezala) aberats izan behar.

Egun oroz ikhusten da aberatsa nahigabez, khechaduraz eta gaitz, eritasunez zaurthua.

Ezagutzen ditugu berriz hainitz nekhazale, onthasunik ez-dutenak, Jainko onak egunean eguneko ogia ematen diotenak; eta gogoa arinik iragaiten dute beren bizia.

Erran ere badezaket aberatsaren jauregian nigar gehiago egiten dela beharraren etcholan baino. Aberatsak urgulu gehiago du, gauza ttipiaz damu handia hartzen eta zorigaitza auhenekin jasaiten du.

Ttipiak ez-du haimbertze buru-yope, ez-dabila erresuma manatu beharrez; egiteko eta egimbide gutiago du; nahigabe gutiago izateko bideak dira haren baithan.

Onthasun handiak grinak ere halakoak ditu.

Aski duenak ez-du soberakinaren beharrik.

Ez-da onthasunetarik heldu dohatsutasuna, bainan bai egimbideak ongi bethetzetik, zeren bere egimbidea ongi bethetzen duen gizon prestua, eroria baitago bethi Jainkoaren nahira. Eta Jainkoak ematen dio barneko bakea.

Jainkoa da aita bat, bere umeak ahantzten ez-dituena.

Haren eskuan dira ahal guziak. Nihon den gizonik aberatsenak eta antzetsuenak ez-du sorraraziko belhar ondo bat.

Jainkoak estaltzen du lurra ogiz eta arthoz, oihanez eta aziendaz.

Guk erainagatik bihia, ez-laiteke haz bihi hura gure nahiaren indarrez. Jainkoak ez-badu nahi sor dadien, ustelduko da.

Gaudezen beraz zeruko Aitaren nahiari. Harek egin duena, ongi egina da.

Bainan arretsa berandua dela ohartzen naiz. Dugun egin othoitza eta goazen lotara.


II.
Laborari Ofizioaz.

AITAK. Barda erran narotzun onthasunak ez-duela zoriona egiten.

SEMEAK. Zure solasa sarthu da nere baithan.

AITAK. Ez-gare khechu izan behar zeren Jainkoak ez-gaituen sorrarazi aitorenseme edo burjes handi.

Guzien buru, burjesa, aitorensemea eta errege bera laborariak hazten ditu; eta guziek behartzen duten ofizioa baino ohoragarriagorik ez-daite.

Laboraria Jainkoaren obretan hari da; ezen Jainkoak egin ditu gizon guziak, eta laborariaren eskutik hazten ditu. Holetan bizi da laboraria Jainkoaren begien azpian.

Zeruko ihintzak eragiten ditu uztak edo errekoltak.

Horrengatik da laboraria jainkotiar, eta Jainkoak maite du.

Gizonen begietako ere laborantza ez-da, ez ofizio aphurra, ez arbuyagarria.

Gauza jakina da presondegietan eta galeretan laborari gutiago higatzen dela, ezenetz tratulari, kargudun edo bertze ofiziotako gizonetarik.

Ongi bizitzekotzat, laborariak ez-du baitezpadako jauntzi ederrik behar. Jan arronta ere aski zayo, eta ez-dabila hirietako atsegin erho, galgarrien ondotik.

Laborari gare, ene seme maitea, eta ez-dezagun har bertze ofizio baten irritsik.

Orai arteo lurrari borroka egin diot, eta, ez janak, ez jauntziak ez-darotet eskasik egin.

Lagundu izan ditut hauzoak behar-orduetan. Hekien ganik laguntza berak izatu ditut ene aldian.

Ez dezazula erran:

Gaizki heltzen denarentzat hambat gaichtoago; antola bedi.

Norbait atheka tcharrean ikhusten baduzu, erran zazu:

Nere laguna laguntza beharrean da; goanen natzayo esku ematera.

Eta ongi eginen duzu; eta zure aingeruak ekharriko du zure egintza Jainkoaren aintzinera; eta Jainkoari etzayo ahantziko; eta behar-orduan laguntzaileak igorriko darozkitzu.

Ongi egiten duenak hala ere atzematen du.

Maita zazu zure oficioa. Ez-da prezagarriagorik.

Jainkoak berak manatua izan da lur-lana, Adam gure aitari erran zionean: Lanthuko duk lurra, eta lurrak haziko hau.

Hau ere Jainkoak erran zuen:

Elkhar lagunduko duzue.

Lagun zazu beraz zure laguna, ez dirutan, baizik-ere ordainean.

Jornaltiarrak jornaletetik hazi behar ditu bere haurrak: bainan hauzoak hauzoari esku ematea zor dio; saritzat izanen du bere aldian hauzoaren laguntza. Bakea eta amodio ona izanen dira hekien artean, eta zeruak ere lagunduko ditu, zeren Jainkoari bakea eta amodioa baitzaizko ederrenik.

Ohera goan ordu da. Egin dezagun othoitza.


III.
Nondik heldu diren Laborarien onak.

AITAK. Gaur aiphatuko darotzut laborantza erabiltzeko moldeaz.

SEMEAK. Ongi atsegin handiarekin entzunen zaitut; ezen geroago eta gehiago maithatzen dut laborantza. Ikhusten dut orai haina dela ofiziorik hobeena, zeinak ere uzten baitu bihotzean gozorik gehiena, eta bertze guzietan ohartzen naiz badela gogo eri gehiago ezenetz laborarietan.

AITAK. Ene semea, eskola onaz badakizu baliatzen: nik ere bihotz hobearekin irakhatsiko darotzut nolatan egin behar duzun, munduko bizitzea dohatsuki iragaitekotzat.

Laborarien on guziak heldu dira hiru gauzetarik,

Bihitik,

Aziendatik,

Eta arboletarik.

Hiru gauza horiek heldu dira

Lanetik,

Arthatik,

Eta buru izatetik.

Bihia da janharirik premiena gizonentzat; eta aziendek ere on dute aphur bat eman dakioten, zeren gizenarazten dituen osagarritan direnean eta errekitatzen eri direnean.

Aziendek ematen darokute jakia, esne eta gasna; ematen darokute mozkina iletik, bildotsetarik, aratchetarik eta salpenetarik. Guk ezin egin detzakeguken lanak eginten dituzte.

Arboletarik heldu dira arnoa, sagarra, gaztaina eta bertze fruitu guziak. Arbolek ematen dute oraino zura eta errekina.

Ez-da ordean ez bihirik, ez aziendarik, ez arbolarik, ez-bada lan, artha eta bururik.

Bihi hainitz izateko, behar da azienda hainitz, zeren ongarri gehiago, eta bihi gehiago.

Ongarria da lurraren hazkurria. Ongarriak ematen dio lurrari belhar guzien hazteko indarra.

Arbolez artharik ez-duena, ez-da laborari ona. Arbola hainitz den bazterrean, nekhazalea ongi da. Ez-da guti sagarra, gaztaina, hezkurra eta egurra nasai izatea. Orduan laborariak baduke edari ona eta urdekia ausarki. ¿Zer da hobeagorik?

Eta etchalde batean arbolarik ez-bada ¿zertarik heldu da hori? Dudarik batere gabe laborariaren ezacholakeriatik. Geroni gare beraz gure buruen etsayak.

Ahalkagarri ere bada laborariarentzat arbolarik ez-izatea, ezen nor-nahik erran dezake alfer bat dela. Gauza ageria da, zeren arbolek lan nekhatu guti duten, eta hekiek ere heldu dira bertze lanak oro gutituak direnean.

Ez-laiteke bazterretcherik nahi mindegirik gabe. Gizon arthatsuak gasturik gabe izan detzazke bere onthasunaren zokho guzien bethetzeko landareak.


IV.
Lur motez.

AITAK. Laborantzako gauzetan eta bertze askotan argituak diren gizon batzuek miratu izan dituzte lurrik hautenak, jakitekotzat zertaz diren eginak.

SEMEAK. ¿Eta zertako hori?

AITAK. Zeren jakinez geroz nola eginak diren lur onak, hartarik ezagut baititake nola medea daitekeen lur tcharra.

Beraz ikhusi izan dute lur aberatsenetan khausitzen direla hein berean gisukia, suharrikia eta buztina. Gero bada hamabigarren bat ustelki.

SEMEAK. Horiek guziak ez-ditut ongi aditzen.

AITAK. Gisukiak dira gisu-harria, egun oroz ikhusten duguna; merla, laphitza, igeltsua. Horietarik orotarik phorrokaturik khausitzen da lurrean.

Suharrikia da harri churi bat sua badagokana. Bide bazterretan non-nahi bada halakoa. Bachera egileek ere erabiltzen dute nahasteka Luhusoko, Makayako, Itsasuko eta Ezpeletako thoska edo lur churiarekin, porzelena egitekotzat. Halako harri phorrotua kauzitzen da lurretan.

Orok badakite buztina zer den zeren toki guzietan bada, batzuetan gorrasta, bertzeetan chuhaila.

Ustelkia da belhar ondakin eta azienda usteldua. Lurrak hazten dituen belharki, arbolaki, animaleki, orok egiten dute, hil diren ondoan, ustelkia.

Huntarik hainitz den tokian segur izanen da uzta ederra.

Lurra dorphea den tokian, buztina nausi da, eta gisukia eskas.

Behar da gisuztatu eta legarreztatu, legarrak gisuki hainitz baduelakotz.

Lurra arin den tokian, legarra nausi da, eta buztinkia galdatzen du.

Orotan ezarri behar da ustelkia, erran-nahi-da ongarria eta luhumenda, zeren lur ustelak, izena duen bezala, baitagoka ustelki hainitz.

Eskalduna bethi uri eske, edo atheri eske dago zeruari, zeren bere lurrak ez-dituen ongi medeatzen, arinegiak buztinez, borthitzenak legarrez.

Ez-lezake Jainkoari egin hambat zinkhurina, baldin ohartuagoa balitz.

Espainian ere lekhu beroetan uri guti egiten du. Guthartean bada asko indiano Ameriketarik ethorririk, erran dezaketenak aurkhintza hetan egiten duela uria berrogoi-eta-hamar bat egunez lerroan, eta gero urthe guzian baterez. ¿Non da, bada, han baino lur aberatsagorik? Guk ordean lurrak utzi ditugu tchartzera eta ez-ditugu ontzen. Han ere gauza bera gerthatuko da demborarekin, jende alferra delakotz: bainan hekien gaitzak ez-gaitu onthuko.

Lur arinegiak, hainitz ur edanagatik, ez-du begiratzen. Idorte deneko, lurraren jabea ur eske dago.

Lur buztintsuak ez-du uzten urik aski sartzera. Idorte deneko, nausia ur eske.

Urite bada, gu urez ithoak, atheri eske.

Medea detzagun gure lurrak eta hekiek hartuko dute beren neurria uretik.

Egin diozoguten ongi, eta ongi izanen dugu.


V.
Noiz eta nola erabil lurrak.

SEMEAK. Ene aita maitea, burutan hartu ditut zure solasak. Ikhusten dut nekhazalearen ongi izatea, egiazki heldu dela hiru gauzetarik, bihitik, aziendatik eta arboletarik. Ageri ere da hekien ardiestekotzat behar direla egun orotako arthak eta lurrak hazkarki onthu.

AITAK. Hortan da guzia.

SEMEAK. Bainan biltzekotzat bihi ¿noiz eta nola lanthu behar du lurrak?

AITAK. Gerochago chehatuko darozkitzut hilabethean hilabetheko lanak. Oraikoan mintzuko natzaitzu lanari lotzeko moldeaz.

Egiozu lanari mugaz, demborak laguntzen dueno, eta gerorat utzi gabe estakuru baten edo bertzearen azpian. Gure tokietan maiz uria da; aro ona ez-da iraunkor, eta ez-da nihoren begira egoten. Erna zaite beraz ordu delarik.

Lurra ez-dezazula ez iraul, ez jorra urite denean.

Halakoan egin lanak, on baino kalte gehiago dakharke.

Uri jarraikien itchura denean, ez beraz hunki lurra, nahi ez-baduzu egin lan alferra eta kaltekorra.

Laneko aziendak ere bidegabe du aro uritsuan nekhatzea.

Bainan demborak itchura ona daramakienean, lot zaite lanari lehen-bai-lehen eta zin-zinez.

Ez-dezazula erran: Lurra idor da; bego bustitzera.

Agortean erabiltzen den lurra aphaintzen da hobekienik. Arras agor bada, irauli-eta uzten da. Gero lehembiziko uriaren ondotik arhatzen da eta eraintza egiten.

Asko lekhutan, arthoa bildu denean, lurra hala-hala uzten dute bazka zerbaiten pheskizan. Hola eginez, nork bere buruari bidegabe handia deramako. Sos zikhin baten ustean, hainitz gehiago galtzen du. Lurra onthu behar bidean, ahultzen da, belhar tzar guziei bizia emanez; belhar horiei hazitzeko astia uzten zayote, eta ondoko uzta ezin garbitua heldu da. Ez-da hori ona.

Iraul zazu laster lur hura. Hilen dira belharrak eta geroko uztak zikhin guti izanen du. Lurra ere ez-da akhituko. Aireak jo dezakeen bezala ezartzeak gorituko du.

Iraul zazu beraz ahalik barnena, arthoa bildu bezain sarri. Ongarria eman-eta estal zazu, negua hala iragan dezan.

Lurra erabiliago, eta gerorat erabil errechago.

Hotzak eta beroak barnera joago, eta onthuago.

Erran den lurrari bertze iraul-aldi achit bat emozu, eraiteko aroa ethorri denean; gero arhaldi bat. Handik altchatuko duzun uztak ez-duke zuk galdu duzun bazka tcharraren minik.

SEMEAK. Horren gainean banituzke bi erraiteko. Behinik bat, beldur nindaite lurrari udazkenean emanikako ongarria gal dadien primaderakotzat.

AITAK. Ez, ene semea, ez-da holakorik gerthatuko.

Ongarria lurrarekin bat egiten da, lurrak hartzen ditu haren indar guziak; eta nola neguan belharrik ez baita heldu, indar hetaz orotaz baliatzen da primaderako eraintza. Bertzalde, ongarrietan gelditzen dira asko marmutzen haziak, edo chuchen mintzatzeko, marmutzen arroltzeak. Ongarria metan uzten bada, arroltzeak ez-dira galtzen, bai ordean hedatzen bada. Hala eginez luphekoak eta bertze har hainitz hiltzen dira.

SEMEAK. Hori ez-da gauza gutia; aitzitik hain handia dagokat, non ez-bainaiz ausartatzen bigarren erraitekoaz aiphatzera.

AITAK. Erran zazu hura ere: ez-da ongi argitzea bezalakorik.

SEMEAK. Nik erran nahi nuena zen, holetan bi aldiz iraultzera, heldu direla bi lan.

AITAK. Halache da, bainan lan horiek beren sari ona dakharkete.

Arthoa sorthu-eta, jorratzen duzu. ¿Zertako har bi lan? hobe delakoan naski. Bi iraul-aldietan orobat da. Bertzalde, bigarren iraulaldia lan achita da. Eta jadanik erran dudana; lurra erabiliago, eta erabil errechago. Handik harat bethi errechtuz dihoa.

¿Zer erran zinezake, Frantziako hainitz tokitan bezala, ikhusten bazinitu bi edo hiru idi pare, hiru, lau zaldi bertzalde, golde bakhar bati lauzkatuak lurra barna jotzeagatik? ¿lana othe da hura?

SEMEAK. Harritzen naiz.

AITAK. Ez-da zertaz harri. Lanari ez-da ukho egiteko; bethi berea baderamaka. Barnenik iraultzen den lurrak ekhartzen-du ondoriorik hobeena. Beraz, guk ere barna iraul dezagun; mokhorrak ongi phorroka; ahal balitz, herrautsa bezala egin, zeren lurra aphainduago eta ekharkorrago.

Horren gainean ez-gaiten soberarik begira hemen egiten denari.

Eskal-herriak ez-du behinere biltzen bere dina bihi. Laborantza hoberik nihon ez-balitz, gosetea laiteke.


VI.
Chitchuriez eta golderik hobeenez.

SEMEAK. Barda erran darotazu egia bat handia; Eskal-herrietan baino laborantza hoberik nihon ez-balitz, gosearen beldur izateko laitekeela. Damu handia hartu dut solas hortaz ¿eta bizkitartean nola ukha? bethi bihi eskasez gaudezinean?

AITAK. Lanak eta arthek sendatuko dute gure gaitza. Jo dezogun bihotzez lanari.

Huna beraz nola behar zaren abiatu.

Hasteko, landari ematen diozu arhaldi bat atheratzekotzat ongi zikhinak oro.

Gero hedatzen duzu lurraren gainean hiratze idor, lasto edo othe aphur bat, eta su ematen diozu.

Hortarik heldu dira bi on.

Behinik behin, hazi gaichtoak erretzen dira asko marmutzekin eta iraulpena errechten, belhar tzarrak goan direlakotz.

Bigarrenekorik, hautsa da onkhailu hobeenetarik bat, zeren lurra ernatzen baitu, hala nola arno chorta batek gizon nekhatua.

SEMEAK. Irauldeko goldeak ez-dira guziak bata bertzea iduriak. ¿Zein da golde motarik hobeena?

AITAK. Eskal-herrian ikhusten direnetan, hobeena da abareta deitzen dena, zeren barna iraultzen baitu.

Badira Frantzian bertze asko golde mota-ere. Hunat agertu direnetan abareta da pare gabea zelhayetako.

Hemen, gehien tokietan ikhusten ditut golde-pikoi batzu lurra achaletik deramatenak. Bai, lana errechago da, bainan ogi, arthoak ere errechkiago eramaten dira, gutiago delakotz.

Ene semea, utz zazu tresna tchar hori, eta bertze zembaitek bezala, har zazu abareta; orduan segurago dukezu zure lanaren saria.

SEMEAK. Abareta ordean ezin erabil daiteke patarretan.

AITAK. Abaretak baditu neurri bat baino gehiago, eta nahi den heinera erakhar daiteke.

Abareta ezin erabil daitekeen tokiak, chutegiak dira lantzekotzat.

Toki chutetan badira errekak, erreketan maiz ura bada. Ur hartarik ez-da chorta bat ere galtzera utzi behar; bazterrera aldaratu nahi da, sorhoak patarretan egitekotzat. Maldetako belharrak du indarrik gehiena. Bertze aldi batez mintzatuko natzaitzu sorhoen egiteaz.

Gainerakoan, patarrera urik ezin erakhar badezakezu, eta abareta ere ezin ibil, orduan bakharrik onhesten dut golde zaharra, luzerna egitekotzat.

Ez-egin halakoetan ez ogirik, ez arthorik. Halako lurrak nekhe alfer emateko dira; uri handienek larrutzen dituzte; eta lan asko erabilirik-ere, han bethi haste da. Balio duen tokian behar da bermatu.

Patar gaichtoetan, arbolak du ematen hobekienik; hastapenean ongi arthatuz, oihana nausiarazten bada.

SEMEAK. Gaur behin erran izan darotazu chitchuriak egin behar direla. Aditzea badut bizkitartean ez-direla bethi on chitchuriak.

AITAK. Badira bi chitchuri mota. Bata nik erran dudana, zeinetan lur achalean erretzen baita zizkirra, hiratze pochi batekin.

Chitchuri mota hori ezin jasan dezakeen lurra, arras da larrutua eta luzez alfer utzi beharra. Guti eta guti da halakorik. Achaleko chitchuria on da bertze guzietakotzat.

Zothaleko chitchuria ez-da orobat. Hori egiten da ondoa barna duten lur gizen, zikhin ekhartzaile-handi direnetan.

Guk egiten dugu larreak lantzen ditugunean. Bainan larre mehe idorretan egiten dutenek, uste baino balentria ttipiagoa egiten dute. Lau urthe gabetanik, urrikituko zayote. Hekien lurrak ez-du ordukotz deusere ekharri nahiko.

Achaleko chitchuria on da.

Zothalekoaren gainean, ongi begiratzea zuhurtzia da, zeren baituke lehen bi urtheetan ondorio ona eta gero tcharrenetarik, ez-bada luhumenda onik egiten.


VII.
Ogi bihi motez.

AITAK. Ogi bihi bat eraiten bazindu baratze-lur gizen batean, ekhar dezake berrogoi-eta-hamar, hiru-hogoi buruetaraino, eta bihiak ehunka.

SEMEAK. Ederra laite hori!.

AITAK. Segurki: bainan baratze batean eraiten den ogi bihi bat ez-da landa osoan egiten den ogiaren pare. Bizkitartean nik erran dudana egia da eta behin baino gehiagotan frogatua.

¿Zertako baratze hartako ogiak ekhartzen du horrembertze buru eta landakoak horren guti?

Hori bi gauzetarik dathor:

Lehembizikorik, baratze-lurra da maiz erabilia, maiz ongarritua eta jorratua, hitz batez erraiteko, ongi arthatua.

Bigarrenekorik, bihi bat bakhartasunean ezartzen duzunean, pochelurik ez-du inguruan, haizeak eta iguzkiak hunkitzen dute ongi.

Ene semea, horiek adiarazten darokute bi gauza:

Lehembizikorik, landa-lurrak onthu behar ditugula baratze-lurrak bezala. Laborariak ezin sinhets dezake zembat ekhartzen duen lur maiz ongarrituak eta maiz erabiliak.

Bigarrenekorik, haziak ez-du usuegi egin behar. Sasian, buru guti eta tcharrak eginen ditu.

SEMEAK. ¿Ardurenik zembat buru ekhartzen ditu landako ogi bihiak?

AITAK. Bana-bertze, ekharri behar ditu lau buru seyetaraino; buru bakhotchak dituelarik hogoi eta hamar, berrogoi bihi.

Bada asko bihi mota. Frantzian badira zortzi bizargabeak eta hamasei bizardun. Bainan egungo egunean, ez-da bizarrari hambat begiratzen, zeren askotan ogi bizargabeek bizarra hartzen baitute tokiz aldatzetan.

Orai, moten berezteko, aiphatzen dira bihi samurra eta bihi gogorra.

Bihi samurrak du lastoaren barnea hutsa eta bera guriagoa da. Hori Eskal-herrian biltzen dena da.

Bihi gogorrak lasto barnea bethea du; bera gogorragoa da eta chehatzeko gaitzagoa. Bihi mota hori Afrikatik ekharria izatu da.

Bihi samurrak baino irin gehiago badagoka; irinak ur gehiago hartzen du eta orhe gehiago ematen. Horrengatik, Frantziako asko tokitan hedatzen hari da.

Gainerakoan, nahiz samurrak, nahiz gogorrak, lan bera galdegiten dute.

SEMEAK. Iduri luke holetan mota gogorra dela hobeenik.

AITAK. Gauza ageria da bihi gogorra goriagoa laitekeela nekhazalearentzat. Bainan nekhazaleak ogi guti jaten du; dirutzen du gehiena. Beraz jakiteko da heyan gogorrak izanen duen guriaren sal-menta.

Ez-da oraino hunaraino hedatu; ez-dut neronek frogatu nolakoa den, eta bertzeen erranaren gainean ez-dut sobera aintzinatu nahi.

On laiteke Eskal-herriko burjes zombaitek hunat erakhar baleza.

Guk ere hazta ginezake lur guti batean.

Laborantzan ez-da zeren ibili berrikuntzaketa itsura. Ikhusiz haritzeko da. Argia denean, nihork ez-beza erran ilhuna dela. Ohartzen garenean norbaitek guk baino hobeki egiten duela, ez-dezagun erran: Ez-da hori gure aztura. Hori entzuten da maiz lanaren ihes dabiltzanen ahotik. Estakuru tcharra!

Ni gauza frogatuen gainean aintzinatzen naiz. Egin dezagun bethi ongi atheratzen direnek bezala; bertzenaz erhoak gaitezke.


VIII.
Ogi eta hazi hobeenez.

SEMEAK. ¿Eskal-herriko ogietan zein da hobeena?

AITAK. Frantsesek deitzen dute blé de tête, erran nahi baita buruko bihia.

Guziak burutik heldu dira segurki; izen hori ordean ematen diote ogi ederrenari, zeina arrontean gerthatzen baita ogi-buru gorenetan.

Ogi hautena da gogor, bildua, phisu, ongi bethea, hampatua edo torroil; leguna da eta kolorez hori arin; eskuetarik errechki lerratzen da; pomparazten bada taularen edo harriaren gainean, harrabots arina egiten du; hortzen artean ere gogor da eta kraskako bat eginez hausten da; erdiko arrailadura, edo erreka, meharra du eta ez barna.

Buruko bihitik, erran nahi da, ogi hautenetik, egiten dira eraintzak.

Haziaren biltzeko, hautatzen dira, landan aurkhintza ederrenean, ogi espalak. Buruko bihia berezteko, mahain bat ezartzen da ezkaratzean, alde bateko zangoei bi harri azpian emanez. Orduan mahaina buru batetik gorago dago. Ogi espala joka erabiltzen da buru hartan kampoko aldera; bihirik ederrenak eta pisuenak alde hartara erortzen dira. Eta berriz, mahaina hunkituz bihi tchar zembait atheratzen bada, hekiek bertze aldera lerratzen dira.

Horra nola biltzen den ogi hazia. Nola-nahi eginik ere, artha berezi bathekin garbitu behar da hazia, khendurik zikhin guziak ongi, eta oroz-gainetik ilhindi khutsurik gabe.

Erran darotzut ogi hautena zein den; orai aiphatuko ditut bertzeak. Horiek dira ondoko bihia eta bihi arrataila.

Nola ogi hautena hazitako baizik ez-baita berezten, ondoko bihia da tratuko ogia. Ogi hau chuhailchago da ezenetz buruko bihia; achala latzago du; eskutik nekhezago lerratzen da; harrabots gutiago du erortzean; hortzen artean errechkiago hausten da eta kraska gutirekin.

Bihi arrataila, edo errefusa, da ogirik tcharrena. Nabarkara da, chimur, mehats eta erreka barnenarekin.

Buruko bihia da phisuenik; harek du irina churienik eta gorienik.

Ondoko bihiak, phisu gutiago du, irina-ere ez-hain churia, orhea chuhurrago.

Bihi arratailak deus-guti du balio.

Buruko bihitik baizen ez-da hazirik altchatu behar.

SEMEAK. ¿Eta zer diozu hazi aldatzeaz?

AITAK. Batzuek diote hazia maiz eta maiz aldatu nahi dela.

Bertzeek diote deusik ez-duela egiten.

Nik dagokat ogi ederra duenak, ez-duela hazia aldatu behar; bertzenaz bai.

Lur onean uzta tcharra altchatu duenak, hazia laster alda beza.

Lur mota bakhotchak lakhetago du hazi mota bat bertzeak baino. Beraz noiz-eta-ere haziaren aldatzeaz behartuko baitzare, hauta zazu bethi ogi ederrean, bainan zure lur mota bera bezalakoan sorthutik.

Lur harritsua baduzu, hauta zazu lur harritsuko ogitik; buztintsua baduzu, buztintsukotik.

Ez-bazare lehen urthean ongi heldu, alda berriz ere.

Ongi athera bazare, egon hartan.

Ilhindia baduzu, laster alda.

Nola ez-baita ogi arras ilhindi gaberik, erranen darotzut bihar nola chuchenduko duzun hazia.


IX.
Ogi hazi chuchentzeko moldeez.

AITAK. Ogi haziaren chuchentzeko hiru molde badira:

Menaslora urdinarekin,

Gisuarekin,

Khederrakin.

SEMEAK. Nik ez-dakit zer den menaslora urdina.

AITAK. Frantsesek deitzen dute sulfate de cuivre. Galdegiten baduzu izen hortan potikariei edo hirietako drogistei, ongi entzunen zaituzte.

Bederatzi laurden edo pinta uretan urtharazten dira hiru untza menaslora urdin. Hartara ematen da bi erregu bihi, higitzen da ongi phala batekin urak ogia heza dezantzat guzia. Agertzen den harrapoa khentzen da. Oren erdi baten buruan, bihia atheratzen da eta idorrarazten gero eraitekotzat.

Batzuek diote menaslora urak ondorio hobeak dituela bertze errekituek baino. Nekhe da hori chuchen jakitea, ez-baita errech ezagutzen. Hori ikhasi nahi duenak, erain dezake zathi bat hazi menasloratuarekin eta egun berean bertze bat hazi bertze moldez antolatuarekin. Eta oraino landa zathi batean gertha daiteke bertzetan baino ilhindi khutsu gehiago: frogantza luzeak behar dira horren gainean khautuki mintzatzeko.

Bizkitartean gehienek gisua ibiltzen dute hazietan. Ez-dakit heya hori hola egiten duten, noiz-nahi gisua eskuanago dutelakotz.

Huna nolatan gisuztatzen den hazia.

Erregu bat ogi gisuztatu nahi bada, ezartzen da bertz batean berotzen hamar laurden ur. Noiz-ere hain beroa izanen baita ur hura, non eskuak nekhez ihardukiko baitio, sutik khentzen da eta hartan mariarazten lakha bat gisu bizi.

Ordukotz hazia ezartzen da bokheter baten barnean. Gain-behera ematen zayo bertzaren barnekoa. Gisu urak altchatu behar du bi edo hiru erhi trebes ogi haziak baino gorago.

Nahasten duzu phalarekin eta gero bokhetera estalirik uzten duzu hala-hala barnetegi bero batean, eta ez haizea dabilan tokian, hogoi-eta-lau orenez.

Ephe hortan, bi edo hiru aldiz ogia nahasten da phalarekin; gero azpiko tapa khentzen zayo bokheterari, eta jausten den ura ichurtzen zayo haziari gain-behera.

Hogoi-eta-lau orenen buruan, ura khentzen da alde bat, eta ogia hedatzen da larrainean.

Idortuche-ta, egun berean erain daiteke. Hainitzen sinhestea da hobe dela utziz zembait egunez gozatzen.

Hala egiten bada, ogia ez-da hedatu behar. Metan ezartzen da eta noizean behin murrua harrotzen, bero ez-dadientzat.

Hazi hori ez-da ilhinditzen, laster ernatzen da lurrean eta marmutzek ezin jan dezakete.

Hazi guzia atheratzen ere da, eta holetan gutiago aski daite ezenetz gisuztatu-gabea eraiten balitz.

Laborari batzuek nahiago dute khederra gisua baino, eta huna nola chuchentzen duten.

Gaitzeru bat khederri ematen diote hogoi laurden ur irekitu; makhila batekin higitzen dute ongi, eta gero gainera ezartzen dute hogoi-bat laurden ur hotz. Hogoi eta lau orenik barnean hiru edo lau aldiz nahasten dute oraino.

Gero ogia bokheter batean ezarri-eta, gain-behera botatzen zayo kheder-ura ongi nahasirik, ura hazia baino hiru edo lau pus gorago gelditzen delarik.

Ogiarekin phalaz ongi nahasten da orduan, eta hala-hala uzten bertze hogoi eta lau orenez.

Hekien buruan, bokheterari tapa khentzen zayo, eta ogia idortuche denean on da berehala eraiteko.

Solas hau ez-dut akhabatuko erran gabe landetan ikhusten denean ilhindi bat, arthatsuki behar dela bildu eta urrun botatu landatik eta ongarritik, bertzenaz bertze urthekotzat pozoina utz bailezake. Landa ilhinditsua nahi da baitezpada garbitu gisuz eta artha emanez.


X.
Zembat ogi hazi erain behar den lurtze arauka.

SEMEAK. Ez dakit zembat hazi erain behar den golde lurrean.

AITAK. Hortan huts handia egiten da toki batzuetan; ezen hazi sobera erainez, lasto chehe hainitz erakharrarazten da eta bihi guti. Sasiko belharra erphil.

Landare mota guziek nahi dute iguzkia. Itzalak eta haize eskasak belhar guziak ahultzen dituzte eta ez-diote uzten fruitu ekhartzeko indarrik.

Ogia lodi den tokian, ondoa mehar, bihia tchar eta guti.

Ogia bakhanago izanagatik, lur onean hazkar ekharriko du ondoa eta eder bihia.

Badakizu ogia aldaskatzen dela. Lurra hobeago eta aldaska gehiago izanen du. Beraz lur onean hazi gutiago erain behar da tcharrean baino.

Lur oneko ogia, usu erainez, sasituko da, aldaska hainitz eginen duelakotz.

Lur mehean ez-da hain bakhan egiteko, zeren aldaska gutiago eginen baitu.

Laborariak, lurra onthu duenean, ongi lanthu eta ongarritu, ez-du khechatu behar ikhusirik ere hastean bere ogia bakhansko: aldaskatuko zayo, lasto hazkarra ekharriko dio eta bihia ere ongi haziko da.

Bi kintal ogi aski dira hektarako.

SEMEAK. ¿Zer da hektara? izen hori ez-dut aditu egundaino.

AITAK. Hektaraz aiphatzen dut zeren herri bateko goldea ez-den hauzo herriko goldearekin bardina.

Makhur handi bat heldu da desbardintasun hortarik. Frantzia guzian ere lehen hola-hola zen eta jendeek elkhar ezin adi zezaketen. Gausa on bat egin izan dute phisu, neurri berak ezarri dituztenean erresuma guzikotzat.

Guk ere ongi egin ginezake, izendazione zaharrak utzirik bazterrerat, hartzen bagintu berriak.

Demborak ekharriko du hori.

Erranen darotzut orai hektara zer den.

Hektara egiten da ehun araz; ara, ehun zantiaraz.

Bi kintal ogi ematearekin hektaran, heldu da bi libera arako.

Bainan aintzinean erran dudana, golde guziak ez-dira bardinak, eta chehetasun bat emanez, adiaraziko darotzut zembat ara dagokaten golde horiek guziek.

Chehetasun hori kausitzen da Larrondo Atharraztarrak egin izan zuen liburu batean. Erakhusten du harek zer makhur handiak diren, herritik herrira, bakhotcharen goldean.

Bainan ohartzen naiz gaurkotzat beranduegia dela chehetasun hortan sartzeko eta uzten dut biharko. Egin dezagun othoitza eta goazen ohera.


XI.
Neurri zaharren eta berrien bardinkantza.

AITAK. Atzo erran narotzun egungotzat uzten nuela herrietako goldeak nolakoak diren chehatzea eta araren neurrira ekhartzea.

SEMEAK. Atsegin handirekin entzunen dut hori, ezen on da jakitea nahiz tratukotzat, nahiz bertze egiteko askorentzat, zer aditzen den herri bakhotchean tokiko goldeaz.

AITAK. Hori ere hala da. Bainan nola eraintzez baitugu oraikoan aiphu, erranen dut golde desbardin hekiek zembat hazi galdegiten duten bakhotchak.

SEMEAK. Garbitasun handia izanen da hola.

AITAK. Hasiko naiz Bayona aldetik, eta iraganen naiz Eskal-herri guzia gaindi.

Erran den Larrondo Atharraztarraren arabera, Bayonako eta Uztaritzeko kantoinamenduetako herrietan, goldeak badagokitza 41 ara eta 88 zantiara iraganik.

Beraz herri horietan erain behar laite 84 libera haziren ingurua golde lurrean.

Hazparrengo kantoinamenduan eta Khambon goldea egiten da 29 araz eta 16 zantiaraz, eta erain behar dira 58 libera hazi goldean.

Sarako goldeak badaramitza 27 ara eta 92 zantiara iraganik. Erain behar dira 56 libera hazi.

Ezpeletan, Itsasun, Luhuson, Ainhoan eta Zuraiden, goldea egiten da 32 araz eta 32 zantiaraz; erran-nahi da 65 libera haziren eraintza.

Donibane-Lohizuko kantoinamenduko goldea da orotarik handiena. Badagokitza 46 ara eta 53 zantiara eta erdi hurran. 93 libera haziren eraintza.

Bidachungo kantoinamenduko goldean badira 24 ara eta 32 zantiara. 49 libera haziren eraintza.

Bastidako kantoinamenduan eta Akhamarren, goldeak idukitzen ditu 34 ara eta 19 zantiara hurran. 68 libera haziren eraintza.

Donibane-Garaziko eta Baigorriko kantoinamenduetako goldea egiten da 27 araz eta 37 zantiaraz. 55 libera haziren eraintza.

Heletako goldeak badagokitza 28 ara eta 57 zantiara. 59 libera haziren eraintza.

Oztibarreko goldean badira 25 ara eta 35 zantiara. 51 libera haziren eraintza.

Donaphalioko kantoinamenduan eta aiphatu ez-diren Iholdiko kantoinamenduko herrietan, goldeak badaramitza 28 ara eta 9 zantiara. 56 libera haziren eraintza.

Zubero guzian goldea egiten da 22 araz eta 40 zantiaraz. 45 libera haziren eraintza.

Horra nolakoak diren erran den murde Larrondoren khontuak Eskal-herriko goldeen gainean.

Jakinez geroz zembat ara lur den landa batean, erain zazu bi libera hazi arako, eta behar den guzia izanen da.

SEMEAK. Hori ongi da, bainan edo-zein landa ez-da izanen chuchen-chuchena, ez goldekoa, ez bi goldekoa. Gertha daite golde bat eta erdikoa edo hiru laurdenetakoa, gutiago edo gehiago.

AITAK. Hala da. Chuchen jakin daiteke ordean. Lur guziak aldizka neurtuak izatu dira. Kadastrako errechistroan guziak izendatuak dira. Aski da herriko-etchera goatea eta nork-berak han ikhasiko du zembat ara dagokan landa bakhotchak.

SEMEAK. Bi libera hazi arako, nahi dut;¿bainan zembat untzako libera?

AITAK. Hamasei untzakoa.

SEMEAK. ¿Ez-othe zen hobe izanen orai arteo bezala lakha kontuka egitea?

AITAK. Ez, lakhetan eta gaitzeruetan makhur gehiago da phisuetan baino. Ez bakharrik herritik herrira, bainan etchetik etchera gaitzeruak desbardinak dira. Enganatzaile askok badituzte orobat bi gaitzeru, bata erospenetako eta bertzea salpenetako.

Neurtzeko moldeak ere hainitz egiten du. Horrengatik ez-da deusere phisua bezain chuchenik, eta hobeena laiteke gaitzeru eta lakha guziak surat ematea.


XII.
Eraintzen egiteko moldeez.

AITAK. Azko moldez erain daite hazia.

SEMEAK. Zer! ¿ez-da guzietan hemen bezala egiten?

AITAK. Ez segurki. Badira hazi eraiteko tresnak, bihi jotzekoak, bihi garbitzekoak eta bertze hainitz. Hazia ongi eraitea ez-da gauza gutia; erran ere baditake badela laborarien artean eraile tcharrik, beren lana ezagutzen ez-dutenik.

Gure tokietan, beso zabaletik egiten da eraintza; eta lan hori ontsa egitekotzat, ez-da gai edozein gizon.

Errailea ez-bada ongi ohitua bere lanari, ez-du orotara bardin hedatuko hazia.

Bizkitartean eraiten hasi gabe, ofizioa ezin ikhas daiteke. Zuk ere ikhasi behar duzu eraiten, zeren zahartzen hari naiz. Aroa ethortzen denean lagunduko zaitut, zure hutsak estaliko ditut; eta atzartasun ekhartzen duzularik, eraiten ikhasiko duzu, ezintzen naizeneko.

SEMEAK. Aita guziek hola egin behar lukete. ¿Eta nola eraiten da tresnekin?

AITAK. Ogia erain nahi laiteke lerroka arthoa bezala. Lan handia da ordean, eta gizon antzekuak bermatu dira kausitzera tresnak eskuak baino zalhuago ibiliko direnak. Asmu bat baino gehiago egin izan dute hortakotzat.

Asmu hekiek guziak, ez-diren arren bardinak, oro elkhar iduritsuak dira.

Orok badute hazitegi ttipi bat, chilho batekin, hazia jaustera uztekotzat.

Gauza segura da holako tresnarekin hazia bardinkiago hedaturen dela beso zabaletik baino.

Duela urthe guti, Bayona hegian, Hiriburun, egotu izan da Hugues deitzen zen jaun bat. Bere bizi guzia laborantzarekin borroka eraman izan du, egin ere ditu asmu onak. Hekietarik zen tresna bat, erailea deitzen dena. Noiz-eta-ere lurra aphaindua baitzen, sartzen zen landan bere tresnaren gainean jarririk. Tresnak bazituen hortzak erreken egiteko; zuresko kopa batetik erortzen zen hazia, eta phala batzuek estaltzen zuten.

SEMEAK. Hori ederra da, ezen hola bardinki eraiten da, ez-da hazi galdurik eta lana ere ttipitzen da.

AITAK. Egia diozu, ene semea. Bainan tresna hura ez-da urrurik, ez-eta tokiaren gainean. Bertzetarik erakharri behar laiteke. Eraintza ttipiak dituen laborrariak ezin eros dezake.

Egungo egunean, Frantziako laborantza handi guzietan badira halako edo halatsuko tresnak. Ongi on laizteke hemen ere. ¿Bainan gutharteko laborari ttipiek nola eskura dezakete? Aberatsek erakhar balezate, bertzeek ere orduan bidea idekia luteke, moltchoka elkhar hartuz, halako tresna bat phartzuer erostekotzat.


XIII.
Jorraketez.

SEMEAK. Ikhusten ditut laborari batzu lan hainitz hartzen jorrateko, sarhatzeko edo galtzaratzeko. Bertze batzuek berriz erdizkache egiten dituzte edo bertzela baterez.

AITAK. Egiten ez-duenak huts handia egiten du.

SEMEAK. Bainan diote ogiak bederen utz ditazkeela jorratu gabe.

AITAK. Ez, ene semea, hori alferraren errana da, eta ahalkegarri ere da Eskaldunetan baditazkeela laborari hain achola-gutikoak.

Jorratzeak bi on dakharzke.

Behintzat hiltzen ditu belhar gaichtoak, zeinek iresten baitute lurrak ogiari eman behar lukeen gozoa, eta horrengatik premia dira jorrak, bereziki belhar tzarrak hazitzen hari direnean edo aintzintchean.

Bigarrenekorik, lurra harrotzen da eta aireak ontzen ditu landareak nihork uste dukeen baino gehiago. Landareek hostoetarik eta erroetarik edaten dute airearen gozoa; aireak ematen diote hazkurri bat, zeina gabe hil bailitazke.

¿Ez-duzu ikhusten harrasi zokhoetan, etcheen hurbilean eta lekhu sobera maldatuetan belhar guziak fautzen eta eritzen direla?

Gu geroni ahotik hartzen dugun hatsak biziarazten gaitu. Hatsa khenduz geroztik, gizona galdua da.

Bada, belharren ahoak bereziki erroetan dira eta harat eman behar zaizkote hatsaren bideak.

Gizonak hatsa ez-du aski bizitzekotzat; jan eta edan dezan premia da. Belharrak ere orobat dira, nahiz ez-duten gure molde berean jaten eta edaten.

¿Zer moldez egiten dute bada? Erraitera nohakizu.

Aireak badagoka berekin errekitu asko. Iguzkiak bere berotasunaz lurrei eta itsasoei bethi khentzen diote beren gozoetarik eta gozo hekiek airetan dira; haizeak alde orotara badaramitza; belhar guziek beren hosto eta erroetarik hartzen dute behar dena. Horra zertako asentu gainetan eta harri artetan, lurrik ez-den tokietan, belhar batzu bizitzen diren.

Airean kausitzen da gatzua edo nitre-gatza. Ongarrietan ere hainitz bada. Gatzuarekin bada oraino bertze gozorik. Bainan ongarriak aski ez-luke airekoak gabe; aireak ere ez-aski ongarrikoak gabe. Horra zertako den premia ongi jorratzea eta ongi ongarriztatzea.

Ortzikara denean dembora, gatzu hainitz jausten da beheiti, orduan belhar eta arbola guziak edertzen dira. Nor-nahik badaki urthe ortzitsuetan direla uzta aberatsenak.

SEMEAK. Ez behintzat harriak jotzen dituenetan.

AITAK. Erran bat bada eta egia:

Harriak ez-duela arthoa garastiatzen.

¿Eta zertako hori? Zeren harriak gutiak jotzen baititu, eta urthe ortzitsuan hainitzak baliatzen baitira.

Izatu dira gizon eskolatuak frogatu nahi izan dutenak, heya zer on egiten dioten aireak belharrei.

SEMEAK. ¿Eta nondik ezagut zezaketen?

AITAK. Ez-da gaitz: guardia emazu ongi ene solasari. Huna nola egin izan duten:

Labe batzu badira idortegiak edo etubak deitzen direnak. Lur on puska bat agorrarazten dute idortegian, hain ongi non bere ur guzia galdurik, lur hura herraustua gelditzen baita. Phisatzen dute orduan. Jakinez geroz haren phisua, bustitzen dute eta kampoan ezartzen kutcha baten barnean. Hartan eraiten dute khuya hazi bat. Khuya sortzen da; ematen du ayhen, hosto eta fruitu. Indarrik handiena egin duenean, atheratzen dute bere erroekin eta den guzia phisatzen. Eman dezagun ororen artean phisu dutela hamar libera. Orduan agorrarazten dute berriz lur hura bera idortegian; aintzenean bezala herrautsetara bihurrarazten dute. Phisatzen dute bigarren aldiko, eta kausitzen da lehembiziko phisu bera duela.

SEMEAK. Zer! leheneko phisu bera, ¿eta khuyarena bertzalde?

AITAK. Diozun bezala. Frogantza eder eta ezin ukhatuzko horren chehetasunean sarthu naiz, zuri ongi adiarazteagatik airea zein premia den belhar guzientzat.

Lurrean eta airean diren gatzu eta gozoek hazten dute belharra, ez ordean lurrak berak. Barrikak ez-du arnoa egiten, bainan bai idukitzen. Lurrak ere ez-du belharra egiten; bizkitartean harek dagoka chutik.

Hartakotz nahi da behar bezala aphaindu lurra.

¿Zertako jorratzen ditugu azak, arthoak eta bertze asko? Jorratik heldu den onagatik.

¿Nork sinhetsiko du ogia jorratzea ez-dela achola? Hori alferraren elhea da.


XIV.
Uztaldez.

AITAK. Egun mintza gaiten uztaldez.

SEMEAK. Lehenik cheha diezadazu zer den uztalda.

AITAK. Ikhusten duzu ogiaren ondotik harbia egiten dela; harbiaren ondotik, arthoa; arthoaren ondotik, berriz ogia. Horra zer den uztalda edo errekolta gambioa.

Erran izan darotzut lurrak badagozkiela bere baithan asko gozo mota.

Belhar bakhotchak hartzen du berari dihoakioen gozoa.

Lur bati bethi gozo mota bera khentzen bazayo, bethi belhar mota bera erainez, gozo hartarik gabetuz dihoa eta ez-du indarrik aski belhar haren ongi hazteko.

Gauza horri ohartu direnak abiatu izan dira uzten aldatzen; eta bertzeek ikhusirik, hola eginez hobeki zela, berek ere uztak aldatu dituzte.

SEMEAK. Hori da ongi egina. Laboraria bethi begira egon behar laite bere inguruetako laborantzei; eta ikhusten duenean badela norbait hobekiago entzuten denik lanetan, harek bezala egitera bermatu behar laite.

AITAK. Hobeki entzunen duzu zerorrek nola on handi egiten duen uztaldak, orhoitzen bazare lehen aiphatuaz.

SEMEAK. ¿Zer aiphatu dugu, bada?

AITAK. Izpiritua ernechagoa izan bazindu, etzinduen gogotik galtzera utziko, lur iraultzeez eta jorratzeez mintzatu izan natzaitzunean, cheheki adiarazi darotzudala lurrak gozo mota hainitz biltzen duela airetik eta ongarritik.

Beraz, lurrari ematen badiozu haztera, orai belhar mota bat, gero bertze bat, astia badu berritzeko galdu izan duen gozo mota.

Horra zer on handia dakharkeen uztaldak. Aurthen eraiten den uzta lurrari ematen ez-bazayo hiru, lau, bortz urthetarik baizen, lurrak arte hartan biltzen ditu utza haren berriz hazteko indarrak.

Hortarik errechki ezagutuko duzu, urthe batez arthoa eginez eta bertzean ogia, eta bethi hola-hola, ephe laburra uzten diozula lurrari galdu duen gozo motaren berritzekotzat.

SEMEAK. Iduritzen zait ontsa luhumendatuz eta ongarrituz, hori antola daitela.

AITAK. Hein batetaraino. Ai bainan! ¿nork egiten du hola?

Laborari sobera ikhusten dut lanari iheska. Hainitzak dira ahal bezain arinkiena iragaiten direnak.

Eta gero uzta tcharrak! Gure hutsak ezartzen ditugu aro tcharraren gain. Bai, ongi laiteke hori, gure estakuruketak bethe baleza gure selharua. Ez-da ordean hala: uzta tcharra, selharua hutsa.

Etchetiarrek bereziki egiten dute eder-ez-den bezala. Alferra nausitzen zayote; bihotz gaichtoa ere bai. Orduan, beren buruak enganaturik, beren baithan erraiten dute:

Aurthen hemen naiz, eta behar-bada heldu den urthean ez! ¿Zertako nekha?

Solas gaichtoa hori beretzat eta bertzeentzat.

Beretzat, zeren balia laitekeenaz ez-baita baliatzen.

Bertzeentzat, zeren ondotikako etchetiarrak eta nausiak lurrak hoztuak kausitzen baitituzte.

Beretzat oraino, zeren bere eginbidea gaizki bethez, ebasgo bat egiten baitu.

Beretzat berriz ere, zeren bertze gehienek hola eginez, berak ere lur hotzak kausitzen baititu dihoan lekhuan; zeren laborari ona balitz, ez-bailitake den tokitik khendua; eta bere burutarik goaten balitz ere, etche hobea atzeman bailezake, bere omen onaren kariaz.

Bainan hitz batetarik bertzera urrundu gare gure hastapeneko solasetik. Mintza gaiten oraino uztaldez.

Frantzia beherean, uztaldak irauten du hirur urthetarik sei urthetaraino. Guk bi urtharik dugu, harbiarekin hausten ez-den tokietan.

Behar ginduke guk ere ahal dukegunaz luzatu gure uztalda.

SEMEAK. Bainan hori ezina da: ez-ginduke arthorik aski jateko.

AITAK. Ez-dut erraiten gure laborantza ttipietan egin dezakegula Frantziako laborantza handietan egiten dena. Untzi ttipiak arno guti dagoka.

¿Ez-othe-da, bada, Eskal-herrian laborantza aski handirik, mudantza on zerbait har dezaketenik?

SEMEAK. Bai, segurki bada; eta aithortzen dut badela, ez-bakharrik chapeldunetan, bainan oraino ponetdunetan asko beren urtheko bihia baino hainitz gehiago biltzen dutenik. Ez-nintzen hekietaz mintzo.

AITAK. Bai ordean ni.

Gure chapeldun eta ponetdun aberatzenak lo daude, gaizoak, bertzeak bezala, beren aztura zaharren gainean.

Egungo-egunean Frantzia guzia, gobernamendua aintzineko, khechatua dabila ikhusirik zembait tokitan, hala-nola Angeletierrian, gure batentzat hiru biltzen duela laborariak.

Urthaldi batek huts egiten baderoku, bertze erresumetara dirua miliunka igorri behar dugu, nahi badugu arthoz eta ogiz ase.

Orduan jende cheheak gose gorria ikhusten du, hala-nola azken urthe hautan; erresumatik igorri dirua, bethikotz galdua da eta hambatenaz erromesten da tokia.

Erran dena, guziak khechatuak dabiltza. Gobernamenduak berak jendea ernarazten du.

Bainan guthartean, ¿zer egiten dute ongi direnek? — Lo!

Hutsik handiena egiten dute beren lurrak etchalde ttipitan ezarriz. Leheneko etchaldeak ere handiegi zaizkote. Zathitzen dituzte bi puzketan. Etchetiar on baten lekhuan, bi erromes andana sartzen dituzte.

Hori gaizki, eta berentzat eta guzientzat.

Berentzat lehembizikorik, zeren makhurrik baizik ez-baitute beren etchetiar tcharrekin; ez-diote deusere aintzinatu nahi, beldurrez gal beren dirua. Etchetiarrak ere eskugainik-gabe, bere nausiaz ez-lagundua, urthe tcharretan ahal duena egiten du, bere ezin-biziarekin; askotan nausiari bidegabe.

Horra nondik heldu diren etchetiar aldatzeak, lur hozteak eta bertze hainitz gauza tzar.

Jendea ezin-biziz, abian da Ameriketara, edo nora-nahi, edo zer-nahitara.

Baldin etchekojaun handiak laborantza ederren egitera hari balira, ez-laite ager egiten den bezembat erromeseria eta egitate tzar.

Uztaldak luzaraziko ez-direno bederen hirur urthetara, maiz ikhusiko ditugu bihi eskasak.

SEMEAK. ¿Nola luza daiteke bada uztalda bazterretche on batean?

AITAK. Errechki: huna nola.

Egin daiteke ogi ondoan, harbia; harbi ondoan, farucha; gero zaldi-baba, gero berriz harbia; gero ogia [arthoa], edo sekhale, garagar, olo, mailhar, hitz batez nahi dena.

Bethi eraintza mota beren urruntzera hari behar da.

Etchalde bat ttipiegia denean uztalda osoan ezartzeko, hartarik zathi bat bederen ezar daiteke.

Etchalde hetan eremu gutiago izanen da bihitan: bainan ez-du horrek galduko nausia ez-eta etchetiarra.

Ogi phuska baten orde, balinbadu mailhar phuska bat, dirutuko du ogia bezain ongi.

Farucha edo trefla balinbadu, gizenduko du azienda gehiago.

Errana da aziendak ematen duela irabazi handiena.

Errana da ere azienda hainitz dituenak, izanen dituela lur onak ere.

Gure begiz ikhusten dugun gauza, hau da:

Hobe dela golde bat lur gori, ezenetz golde bat eta erdi lur mehe.

Gizon bakhar batek lantzen badu golde bat lur on, bi gizonek ez-dute eginen golde bat eta erdi lur tchar, zeren lantzeko gaitzagoa baita.

Eta bada, bi gizon haukiek ez-dute haimbertze bihi bilduko nola lur goriko gizonak.

SEMEAK. Aiphamen egin duzu zaldi-babaz; ¿zer da hura?

AITAK. Beranduegia ez-balitz, erran nezakezu orai. Bego biharko. Jaun onari egin diozogun othoitza.


XV.
Bazka berdeez.

SEMEAK. Aspaldi ohartua naiz etchalde guti dela halako ephaitzetan, non phentze edo sorho aski baitute abere moltzo hazkar baten hazteko.

AITAK. Ikhusten dut zure inguruei begia idukitzen diozutela. Hola behar da, ene semea; ikhusiz ikhasten da.

Sorho gutiegi dela gehien tokietan, egia diozu.

Bainan badira bertze sorho batzu eginartekoak deitzen direnak, edo bertzenaz artifizialak.

SEMEAK. ¿Zer belhar mota ematen dute?

AITAK. Gure aldeetan, farucha, trefla, luzerna, edo allibrea. Frantzian badituzte oraino bertze zembait; bainan han ere treflak eta luzernak hartzen dute tokirik gehiena.

Belhar hoikietarik eremu handiak eraiten dituzte. Aintzinean, hamar abere buru hazten ziren lekhuan, orai badira hogoi.

Eta hori aski ez-den, aziendak lehen ziren baino ederragoak, hazkarragoak eta gizenagoak ere dituzte.

Bada beraz han esne, gasna eta mozkin gehiago.

Lur eremuak aintzineko berak dira, bainan goriagoak.

Bihia beraz nasayago heldu da.

Holakoak dira eginarteko sorhoen ondorioak.

SEMEAK. Guk ere sorho horietarik hainitz egin behar dugu.

AITAK. Orai ere badugu gure hauzoek baino gehiago. Ez-dugu halere aski eta ez-gare hortan geldituko. Eginarteko sorhoak egin ditugunaz geroztik, ogi eta artho gutiago erain izan dugu. Azienda gehiago hazten ere dugu eta nola sorho horiek ez-baitute haimbertze lan nola laborantzek, lur berriak athera ditugu lan artetan.

Orai badugu aintzinean bezembat eraiteko lur, eta hobeak.

Aurthen etche ondoko landan allibre erainen dugu laneko idientzat; neguan, ur hegiko larrea phezoinez inguratuko dugu, eta arthoak egin ondoan, abiatuko gare haren haintzurtzen.

SEMEAK. Holetan gure onthasuna hainitz edertuko eta baliostuko da!

AITAK. Jo dezogun lanari, ene semea; lanak berea badarama bethi.

SEMEAK. Diozu allibrea erainen dugula. ¿Zertako allibrea eta ez bertze zerbait?

AITAK. Orai arteo farucha egin izan dugu. Behiei ez-dakiokete deusere eman hoberik. Allibrea ordean hazkarrago baizik ez-da. Nahiz ez-den on, ez behi, ez hiltzeko aziendentzat, esneari eta haragiari ematen dioten usainagatik, baditugu laneko bi idi pare eta bi mando ere bai. Allibrea Hekiek janen dute, eta farucha nasayago dukegu bertzeentzat.

Trefla eginen dugu bertze urthean farucharen ordain.

Treflaz aiphatzen dugunaz geroztik, erran nahi darotzut belhar hori ez-dela ongi ethortzen ogi ondoan. Gainerako belhar tzarrek bidegabe egiten diote.

Trefla egiten da harbi ondoan; ongi heldu dira bata bertzearen ondotik, zeren lurrari ez-baitiote khentzen gozo mota bera.

Treflak ematen du sorho edo phentzeak baino bietan gehiago.

Hezerik janarazten bada, aldian aldikoa ebaki behar da, loratu den aintzinean.

Hezean progotcha ahal baino gehiago denean, idorraraz daite, nahiz ez-den orduan hain on.

Idortzekotzat, lore bethean ebaki nahi du, eta ez berantago.

Ez-da hedatzen belharra sorhoan bezala, zeren gal bailezake hostoa eta ez-laite khuzkurra baizen geldi.

Sail ebakiak harrotzen dira maiz, arin-arina altcha-arrasteluaz eta barrayatu gabe bazterretara. Erdi-idorrak direnean, meta ttipitan ezartzen dira, zaphatu gabe. Haizeak eta iguzkiak laster ekharriko dituzte idortasun onera.

Erran dut hezerik hobe dela trefla; bizkitartean belhar eskasa denean, hartarik begiratzeko da.

Bi ephai-aldi ditu treflak.

Etzayo gehiagorik galdatu behar, nahi denean zerbait onik egin.

Bi aldiz ebaki ondoan lurra iraultzen da; eta ez-da han berean treflarik erainen bortz urthez, zeren ez-bailaite ongi ethor.

Treflarentzat onkailu ona, igeltsu herrautsa da ezagutua.

Hostoa aski ongi egina denean da hobeenik ematea igeltsua.

Beso zabaletik botatzen da ogia bezala eta ematen da hektarako bi erregu herrauts.

Zekhalea ephaitzen bada burutzera dihoanean, muskiltzen da berriz, eta holetan bazka phuska handia eta ona ematen du aziendentzat.

SEMEAK. Eta ¿zer diozu faruchaz?

AITAK. Faruchak ez-du bere parerik abereen gizenarazteko eta behiei esne emateko. Bainan ez-du ebaki-aldi bat baizik.

Behin sorthuz geroz, ez-da beroaren beldur. Lurra ere ez-du errekaratzen: kontrarat, on egiten dio, eta farucharen ondotik ogia ederra heldu da.

SEMEAK. ¿Eta luzernaz zer diozu?

AITAK. Luzernak iraupen handia du. Hezerik ez-da eman behar aziendei neurriz baizen, beldurrez hantaraz detzan.

Bustia bada uriaz edo ihintzaz, ez-da zuhur pikorrik ere ematea.

Luzerna idortua denean da hobeenik.

SEMEAK. Barda agindu zinarotan erranen zinduela gaur zer den zaldi-baba.

AITAK. Ez-nuen ahantzia. Zaldi-baba, edo feberola, baba mota bat da, etche-baba baino cheheagoa eta biribilagoa. Bertze aiphatu ditugun eginarteko sorhoak baino hazkarragoa da azienda bazkatzat. Deus ez-da hoberik urde gizentzeko. Frantziako laborantza ederretan eraiten da hainitz zaldi-baba, ez-bakharrik aziendentzat ona delakotz, bainan oraino uztaldan eraintza mota berak bata bertzea-ganik urruntzekotzat.

SEMEAK. ¿Uste duzu abereek on duten othe joa?

AITAK. Segurki. Bazka merkeena hura da. Bereziki ona da, lastoarekin eta harbiarekin nahastekaturik.

Othea jotzen da lehenik eta bazterrerat aldaratzen.

Gero jotzen da lastoa; eta gero biak batean.

Orduan jotzen da harbia gainetik.

Balimbada sagar phatsik, edo mahats phatsik, bazkari ematen zayo eta nahastekatzen. Phatsak ontzen du hainitz.

Etche ondoetako otheak maiz larrutuak daude. Zortzitik edo hamabortzetik larre urrunetara orgekin othe biltzera goan nahi laiteke. Han atzeman laite hobea eta ez-laiteke egun oroz haste.


XVI.
Sorhoez.

AITAK. Sorhoak edo phentzeak ardurenik egiten dira zolagunetan, zeren hezetasuna maite baitu belharrak.

Zoletako lurra berenez aberatsena da, zeren urek gain-beheiti ekhartzen baitiote lur ona eta belhar ondakinak.

Ez-da hargatik errana zola guzietako sorhoak onak direla. Badira hezeegiak galtzen dituenak. Halakoetan ethortzen da belhar hila eta ihia.

Ichuria duten lurretan dira sorho hobeenak, bertzenaz lurra ona bada.

Lur agorrean belhar guti biltzen da. Lur hezean berriz belhar indargabea.

SEMEAK. Iduri luke hortarik sorho guti baizik ezin egin daitekeela gure tokietan bederen. Ez-da hemen hein oneko lurrik. Batzuek chutegi, bertzeak urez ithoak..... ¿zer egin?

AITAK. Gizonari emana izan zayo antzea baliaraztekotan. Hari dihoakio makhurren chuchentzea.

Zuk diozu ez-daitekeela sorho hambat egin.

Nik diot berriz etchalde bakhotchean, lurren erdiak gutienetik sorho behar direla.

Ez sorho tchar, sorho on.

Gales-herrian, 1690ean, lau milun eta lau ehun mila hektara lur ziren laboraturik, eta lau miliun hektara sorhotan.

1832ean, laborantzak ziren lau milun eta erdi leheneko doblea ematen zutenak; sorhoak zazpi miliun.

1710ean, Angeletierran khondatzen ziren hogoi eta bederatzi miliun azienda buru. Berrogoi urtheen buruan baziren hiru hogoi eta hamahiru miliun.

Bazka egitera hari behar gare, ene semea, nahi badugu ongi athera.

Ez-bada belhar hainitz biltzen etche batean, lurrek bortchaz beheiti eginen dute; hainitz bada, goiti.

Orai artha berezi bathekin chehatuko darozkitzut sorho-lurren medeatzeko moldeak. Adi zazu ongi ene solasa eta burutan har zazu, zeren laboraria galdua da sorho onik ez-badu eta erreka joko du segurki.

SEMEAK. Sinhesten dut hori: gauza jakina da, belharrik gabe, ez-dukeela abererik; eta abererik ez-duenak ez-du onkhailurik.

Ernerik egonen naiz beraz, zuk galdegiten duzun bezala. Bainan has zaite, othoi, sorho agorretarik; ezen hekiek ahal dira ontzeko gaitzenak.

AITAK. Noiz-nola; ez bethi; ephaitza nolakoa den.

Sorho agorretan badira bi mota:

Batzuek dira patar chutetan;

Bertzeak lur berenez gaichtoetan.

Haukien medeatzeko ez-da bide bat baizik. Lur halakoek behar dute lanthu; eta onthu ondoan, sorho berriz utzi. Aintzinean erran izan darotzut nola ontzen diren lurrak ongarriz eta luhumendaz. Bertze aldi batez mintzatuko gare gisuztatzeaz.

Orai ikhus dezagun nola ontzen diren patarretako sorhoak.

Maldetako sorhoak izanen dira agorrak, zeren aspalditik uharrek larrutu baitituzte beren onkhailu guzietarik.

Uharrak khendu duena, uharrari behar zayo bihurrarazi.

Bideetako eta laborantzetarik jausten diren urak erreketan ekhartzen dira patarreko sorhora. Menditik, oihanetarik eta othardietarik heldu diren urak, ur aberatsak dira. Basurek gizentzen dute phentzea.

Horra nola agorra iduri duen lurrak ekhar dezakeen bazka ona, ordokietakoa baino hobea.

SEMEAK. Orhoitzeko da!

AITAK. Patar chutean urik ezin bil badezazuke, ez-da lekhua on sorhotako.

Bada bertze gauza bat sorhoetan premia dena.

Behar dira ongarriztatu.

SEMEAK. Zer! sorhoak ere bai!

AITAK. Sorhoak ere... Neguan ematen zayote ongarria; eta primaderan, usteldu ez-diren belhar ondakinak arrasteluarekin khentzen.

SEMEAK. Hori handia zait hargatik! Laborari gehientsuek ongarria eskas dute lur lanthuentzat; ¿eta nondik atherako dute sorhoentzat?

AITAK. Alde batetik, asko tokitan lur arauka ez-dute zorho aski. Halakoei dihoakote gehiago egitea, eta izanen dute behar den ongarria.

Bertze aldetik onkhailu hainitz uzten dute galtzera. Bertze egun batez chehatuko dut hori.

Orai nohakizu mintzatzera zolagunetako sorhoez. Zaude bethi erne.

Jendea bethi antzostuz dihoa: egun oroz asmu berriak badira.

Guziak ez-dira on atheratzen; bainan zembaitek laguntza handiak egiten darozkigute.

Orai arteo zolagunetan ez-ginduen lan handirik egiten. Erreka zembait ongi edo gaizki.

Egungo egunean molde berri batez antolatzen dira zolaguneak.

Hori deitzen da drainatzapena.

SEMEAK. Izen hori ez-dut behinere aditu.

AITAK. Hemen berria bada-ere, ez-da guzietan orobat. Angeletierran, Belchikan, Alemanian eta Frantzia guzian arrontua da.

Oraikoan erranen darotzut zertako drainatzen diren lurrak et[a] zer on ekhartzen duen; bihar erranen dut nola drainatzen den.

Azaleko lurra hein batean harro dago berenez; azalpekoa tinko, harri chehatuz ez-bada egina.

Gure tokietan, gehienetan bederen, azalpeko lurra da buztina, edo laphitza.

Buztinak eta laphitzak ur guti uzten dute jaustera berak baino beherago.

Beraz, uri-urak gelditzen dira bi lurren artean; erran-nahi da azaleko lurraren eta azalpekoaren artean.

Holetan zolagune eta lekhu ordokietan, ichuririk ez-den lekkuetan, lurrak hezeegi daude.

Udan azalarteko ur hori usteltzen da. Horrengatik ikhusten dira errekak, phentze zoletan, gorrituak.

Aziendek edaten badute holako uretik, berak ere galtzen dira.

¿Nola bada nahi duzu ona izan dadien toki hekietako bazka?

SEMEAK. Tzarra da-ere egiazki.

AITAK. Phentze horietako belharra ilhauna eta tzarra bada, han eginen diren ogi, arthoak ez-dira hobeak izanen.

SEMEAK. Ikhusia da.

AITAK. Premia da beraz ur galgarri haren khentzea.

Errekek ez-dute ongi khentzen eta toki hainitz hartzen dute alferretan.

Drainadurak khentzen du hobekienik, eta lurrari baliostasun handi bat ematen dio.


XVII.
Drainaduraz.

SEMEAK. Bardadanik gogoeta nago zer izan othe daitekeen drainadura. Lehiatua nago jakitera. Ez-da ezen gauza ttipia lur tzar batetarik ona egitea.

AITAK. Bada zeri begiratu! zoletan atheratzen dira errechkienik bazkak; eta laborari bazkarik ez-duena segur da erromes izateaz.

Sorhoen agortzeko, egiten balira ichtun handiak, usu eta barna; egiten balira erreka hainitz, zer lanak! eta zembat lur galdurik!

Drainadura aldi bateko lana da, eta drainatzeko egiten diren errekak estaltzen ere dira.

Beraz urthe guziez berritzen dugun lana, alde bat khentzen dugu drainatzeaz, eta lur galtzerik ez-da.

Huna nola egiten den drainadura.

Lurrak non-ere baitu ichuria, eta han egiten da erreka bat, erreka nausia deitzen dena

Haren bi aldetarik bertze erreka meharrago batzuek ekhartzen dira ezkerretik eta eskuinetik, urak erreka nausira biltzekotzat.

Erreka hekietan ezartzen dira drainak; lodiak, erreka nausietan, meharrak, bertzeetan.

Drainak dira bacherazko tutu batzuek, muthurra batak bertzearen barnean sartzen dutenak.

Drain meharrak pia bat luze dira, eta besoa bezain lodi. Ezartzen dira muthurrez muthur.

Badira bertze drain motch batzuek, lodiagoak, eta deitzen dira muthurrekoak, zeren juntartetan ezartzen diren, bertze drainak elkharri iratchikitzekotzat.

Erreka nausian ezartzen dira drain nausiak, erran nahi da lodienak.

Drain meharrek ur soberakina ekhartzen dute drain nausietara.

Erreka guziak lurrez bethetzen dira.

Urak bere baitharik jotzen du drainetara, eta lurra idortzen da behar den heinean.

SEMEAK. Bainan ez-dut ikhusten zerk ematen dioen urari joitea, eta ura nondik sartzen den drainen barnera.

AITAK. Ez-da bizkitartean aditzeko hambat gaitz. Drain lerroak aski usu ezarriak dira, eta ondo hekietako ura juntartetarik barnera sartzen zayote. Orduan, urrunago den ura zabalatzen da, eta soberakin den guzia iragaiten da drainetarik.

SEMEAK. Orai aditzen dut ontsa, eta ez-da ere ezagutzeko gaitz zer ona dathorren horretarik.

AITAK. Hortaz bertzalde, bada bat oraino, zeinari ez-baitzare ohartzen.

Hura da airetik heldu dena.

SEMEAK. ¿Nola hori?

AITAK. Lehenago ere erran dudana, aireak on handia egiten diote belhar eta arbola guziei.

Bada, drainak urez husten direnaren arabera, airez bethetzen dira.

Gauza ezagutua da drainadurak lur hotza berotzen duela, sanhotzen eta belharra lasterrago ekharrarazten.

SEMEAK. Eta ¿zeinen barna sarthu nahi dira drainak luphean?

AITAK. Lurrak nolakoak diren... Ura azaletik hurbil badago, ez-da barna sarthu behar.

Lurra hainitz urtsua delarik eta ondo handikoa, han barnacheago sartzen dira, ura beherago jausten delakotz.

Arrontean, drainak ehorzten dira pia bat-eta-erdi edo bi pietan.

Gobernamenduak ezagutu du hain on handia dakarkeela drainatzapenak, non lege berri bat eman baitu haren fagoretan.

Legearen arabera, baldin ur ichurtzea egin behar balitz hauzo baten lurretik, hauzoak ezin debeka dezake, bidegabea ontzen diotelarik.

Hauzoa baliatu nahi bada bere lurrean egiten dioten ur-ichuriaz, bertzeak ere ezin debeka dezake, gastuetan pharte hartzen dioelarik.

Konfardiak ere egin ditazke hauzoen artean lur aralde baten drainatzeko, aziendentzat egiten den bezala.

Baldin norbaitek drainadura batean bidegaberik egiten badu gaichtakeriaz, izanen du hilabethe batetik urthe batetaraino presondegi; pagatu beharko ditu bidegabea eta amanda bat.

Drainadurako ura trabatzea aski da, pagatzeko gutienik 50 libera amanda.

SEMEAK. Ageri da horietarik gobernamenduak zembat prezatzen duen drainatzapena.

AITAK. Bai, eta hori aski ez-den, pagatzen ditu oraino ingiñadoreak, drainatzaileei irakhastekotzat nola egin behar duten beren lana.

Drainak ere badira, ahalik merkeenik eginak, Bayonan, Maulen eta bertze zeimbait tokitan.

SEMEAK. ¿Noiz behar da drainatu?

AITAK. Noiz-nahi. Neguan da gisenik.

Drainatzen dira pentzeak eta landak ere.

Diote hamabi erregu ogi ematen dituen landak, emanen dituela hamazazpi, drainatua izan den ondoan.

Diote ere drainatzeko gastuak estaltzen direla bi urthez biltzen diren bihi goitiez.

SEMEAK. Ederra da hori, eta uste izateko da hemen ere, bere ona-gatik laboraria emeki-emeki drainatzen abiatuko dela.


XVIII.
Belharrez.

AITAK. Ez-da aski belharra izatea; belhar ona behar da.

Belhar usaindu, edo erdi ustelak, hobeak dira ongarrirako ezenetz azienda bazkatzeko.

Halakoak azienden galgarri dira.

Urak jorik, herrautsarekin gelditu den belharretik begira zatzu zure abereak. Osasuna gal lezakete, eta hobeki atherako zare, gutiago bazka emanik ere, garbitik emanez.

Belhar ephaiteko arorik hobeena da lore bethean, hazia egin aintzinean.

Zohitzera uzten bada hazia, belharrak galtzen du bere indarraren erdia.

SEMEAK. Erne egoteko da beraz belhartzetan.

AITAK. Bai, eta nihork uste duen baino erneago.

SEMEAK. Etzait bada iduritzen hambat erran-nahi duela.

AITAK. Zorokeria! ¿ez-othe da bada ageri den gauza haziak, onthu denean, belharrari khendu dioela bere gozorik hobeena? ¿Ogi zohiaren lastoa, ala ogi burutu-gabearena othe laizteke goriago bazkatzat? ¿artho kapetatzen dena, ala artho zohituaren khuzkurra laizteke hobeago?

SEMEAK. Hala da egiazki: ez-nintzen ohartzen. Orai ezagutzen dut zembat dihoan, eta sinhesten dut ongi lorean ebaki nahi dela belharra. Ez-da hori gauza itsua.

AITAK. Ez, ene semea, ez-da hori ez gauza itsua, ez eikikoa, ez naskikoa. Askotan, bero gaitz batek iraganarazten du kenka gaichtoan den belharra, eta bere baliotik hainitz khentzen dio.

Belharrak nahi du ongi idortu.

Idortzean, ibiliago eta hobeago.

Iguzki bero batek harrapatzen badu belharra, idurri du batzuetan idorra, hala ez-delarik oraino.

Sartzen bada barnerat, itchurak enganaturik, belhartegian bihurtzen da, berotasuna hartzen du eta gozoa galtzen. Zembait aldiz ere, ikhusi izatu da su hartzen eta etcheak erretzen.

Behinere gerthatzen bazare belharra hezeegirik sartzera, uri beldurrez edo bertzela, chuhurra baduzu ez-duzu hala utziko; atherako duzu aphur bat ondoko egunetan.

Artha horren eskasez, hainitz gal dezakezu.

SEMEAK. Ongi hartzen dut hori: ikhusten dut ez-dela zuhurtzia barnean idukitzea idorra ez-den belharra, zeren hutsalduko baita segurki, eta etchea erreko baitu menturaz. Sinhesten ere dut asko etche, nola ez-dakitelarik erre direnak, belhar berotutik egin izan direla.

Bainan aro onik ez-badu egiten belharra kamporat emateko, ¿zer egin?

AITAK. Begiratuko diozu maiz, eta ohartzen zarenean berotzen hari dela, barnean berean harrotuko duzu arras hoztu den arteo. Hori bera aski da.

SEMEAK. Ederki, horren gainean argitua naiz. Bainan badut arrangura bat oraino.

AITAK. ¿Zein hura?

SEMEAK. Aichtian erran duzuna, belharra chutik ez-da utzi behar zohitu den arteo. Bizkitartean ebakitzekotzat aro ona behar laitekeenean, gertha daite orobat aro tzarra. Deus ez-dut erraiten uri baten gatik, iguzki ederra ethor daite. ¿Bainan urite jarraiki bat heldu denean?

AITAK. Ikhusten baduzu belharra iragaiten hari dela, edo basurek jotzeko heinean dela, ez-da gogoetaka ez-eta ere dilindaka egoterik: ebaki zazu laster belharra eta khen zazu uraren menetik.

Horren gainean erranen darotzut ez-dakikezun gauza bat.

Badira tokiak, hala nola Lorrena, zeinetan belharrak iguzkiztatu-gabe idorrarazten baitituzte.

Urite handienarekin idor daite belharra.

SEMEAK. Harritzen naiz.

AITAK. Etzare hola izan behar. Orai artean ikhusi ez-ditutzun gauza guziek harritzen zaituzte. Egungo-egunean non-nahi bada hori baino gauza harrigarriagorik. Hori ez-da asmu berri bat; zaharkitua da erabiltzen den tokietan.

Urite denean, ebakitzen dute belharra zohitzerat utzi-gabe.

Biharamunean, edo hiru, lau egunen buruan, metatzen dute ather-arte batez. Uria gelditzen ez-bada, baderamate beren lana aintzina.

Meta handiago eta hobeago. Balimbada hogoi edo berrogoi orga belhar, hobe oraino.

Meta ongi antolatzen dute espalka eta zaphatuz; gauza premia da.

Belhar meta berotuko da goitchago edo berantchago, nolako trempua duen.

SEMEAK. Bainan berotzeak su emanen dio.

AITAK. Ez, frogantzak eginak dira.

Iduri du, su lotzekotz, belharra izan behar dela barnean, lekhu agorrean. Kampoko meta haizeak eiki begiratzen du.

Erran den belhar meta, batzuetan laugarren eguneko, bertze batzuez hainitzez geroago, berotuko da haimbertze, non eskuak meta barnean ezin iharduki baitezake.

Orduan meta barrayatuko da, atheri delarik ahal bada.

Bustiak diren aldeak laster idortzen dira, eta belharra sartzen da barnera.

Ez-aski berotu izanez, ez-bada idorra, metatzen da berriz, biharamunean sartzeko, edo geroago, bi aldi horiek aski ez-baditu.

SEMEAK. Beldur naiz ez-den errech ezagutzea noiz den ethorria metaren barrayatzeko ordua.

AITAK. Ez-da hain gaitz ezagutzea noiz den hain bero non eskuak ez-baitezake jasan.

Beldurrago izateko da churiaren.

Churia deitzen dute zurmindura mota bat.

Eskua metaren barnean sartzen denean, heya beroa denetz ikhustekotzat, athera behar da belhar izpi bat ahalik urrunenetik; eta churia abiatua bada, berehala barrayatzen da meta, haizea ematekotzat.

Bere berotasunaz beraz holetan idorrarazten den belharra, ez-da bertze bat bezain ederra begira; uherrago da; bainan gutienetik bertzea bezain ona da, eta hobea ere, ontsa atzemana denean.

Frogantza egina izan da abereei emanez bi belharrak aldean, eta ikhusiak izan dira uherraz hautatzen.

Lorrenako belharrak hola idortzen dira, eta-ez gure tokietan bezala.

Egun hautan erran dudana, aberetegiko hatzak ez-du belhartegian sarthu behar.

Hortaz ere askok ez-dute aski arrangura. Eta bizkitartean, belhar khutsatua baino, aziendek lastoa ere hobe lukete.


XIX.
Ogarriaren premiatasunaz.

AITAK. Egun aiphatuko dugu ongarriaz.

SEMEAK. Bai, othoi; ezen aditzea dut ez-dela deus ere hobeagorik lurrentzat.

AITAK. Ai! ene semea, diozu hobeagorik!.... errazu ongarria hain premia zayoela lurrari nola guri arthoa edo ogia.

Badelarik bertze janhari asko, bat ez-da laborearen orde jar daitekeenik.

Lurrarentzat ere deusik ez-da ongarriaren orde ezar daitekeenik.

Emanik ere gisu, igeltsu, merla eta ehun bertze gauza; ongarririk ematen ez-bazayo, lurrak laster eginen du ukho.

Erran dut bazka egitera hari behar dugula, bazkatik heldu baita ongarria.

Abere ongi haziak ematen du ongarri hainitz.

Barnean haziak, larrean dabilanak baino gehiago.

Gure onak ongarritik ethorri behar du; eta ongarri egiteko, on dira lurrak ekhartzen dituen gauza guziak. Belhar edo animale, oro usteltzen eta ongarritzen dira.

Bada asko ongarri mota.

SEMEAK. Nik ez-dut hambat ikhusten! Samatsa eta arkhin guti bat; ¿zer da bertzerik?

AITAK. Erraiteaz bertzerik ez-dela gure herrietan, ez gaituzu laudatzen.

Horrek erran nahi du ez-garela erne gure onaren biltzera, eta bat baino gehiago galtzerat uzten dugula.

Ihaurkin guti den tokietan, nekhazalea erneago da: alde orotara begira dago nondik atzemanen duen zerbait lurren ontzekotzat.

Frantziako zelhai ederretan ez-da, ez hiratze, ez eta othe ondo bakhar bat.

SEMEAK. Ai! ai! ¿nola egiten dute ongarria?

AITA. Egiten dute guk baino gehiago eta hobeagoa, eta biltzen dituzte guk ez-bezalako bihi-aldeak.

Eskaldunak iduri du onthasun soberaz dagoela; beren baitharik heldu diren onez nardaturik, hekietarik bazterrerat uzten duela, sobera balu bezala.

Zoroak! errekara botatzen dute abere eritasunez hil dena. Ez-dakite hortarik heldu direla min gaichtoak! ez-dakite hobe dela lurrean ehorztea lurren onkhailurik handiena!

Ene semea, etzaitezela izan achola-gabea ongarriaren gainean, ezen ongarri duenak altchatuko du bihi.

Abereak larrera sobera ibiliz, galtzen dugu ongarri hainitz.

Maiz eta ardura abereak erdigoseak dagode alhapidetan, eta gero tcharrak heldu dira.

Bertzalde, larretako alhapideak baitezpadakoak balimbalira, ¿zertan laiteke Frantziako eta Angeletierrako nekhazalea? Han laborantza gehienek eta aberatsenek larrerik ez-dute. Toki hekietan iraganen duzu hamar eta-hogoi lekoa bide, nahiz alde batera, nahiz bertzera, golde bat larre ikhusi gabetarik.

Guri dihoakigu beraz hango nekhazaleek bezala egitea.

Holetan abereak barnean hazi behar ditugu.

SEMEAK. Bai, ¿bainan non da bazka?

AITAK. Ai! ene semea, nago heyan buru gogorra duzunetz. ¿Ez-othe darotzut iadanik aski erran sorho berriak egin behar direla, eta zaharrak onthu.

Egin detzagun phentzeak gure laborantzetan; herts detzagun gure larre hobeenak eta han egin detzagun laborantzak.

SEMEAK. Diru ordean behar da hortakotzat.

AITAK. Hala da hein batean.

Nik ez-darotzut erran berehala hersteko eta lantzeko larreak.

Nori-berari zayo bere indarren neurtzea et[a] araberara lanak egitea.

Ez-da hain etcheko jaun ttipirik zeinak ez-baitezake herts urthe batez larre phuska bat.

Bertze urthean lantzen du, osoa ez-bada, erdia.

Hunela eginez, urthe gutirik barnean, Eskal-herri guzia denetik bertze bat egin laiteke.

Angelesek gure abere buru batentzat, badituzte hamar.

¿Nola egin dute?

Behintzat, lanthu dituzte beren larreak; eta gero lurrik tcharrenak estali igeltsuz eta merlaz.

Orduan hobeenak sorho eta laborantza egin dituzte.

Tcharrenak, treflaz, luzernaz eta bertze belharrez erain ondoan, nahi duten azienda hazten dute.


XX.
Ongarri motez.

AITAK. Eskaldunek, aztura zahar baten arabera, egiten dute samatsa.

Hori ongi delarik, ez-da aski.

Egin dezakete oraino egiten duten baino ongarri gehiago, eta hobeagorik.

Ongarri mota bat baino gehiago bada.

SEMEAK. ¿Zoin dira hekiek?

AITAK. Jende ongarria, guzietarik hobeena, eta guzia galtzerat uzten dena;

Samats urina eta gernua;

Urde ongarria;

Zaldi ongarria;

Arkhina;

Chori eta oila ongarria;

Zokhoetan eta bazterretan ustelkin guziak, metatu gabez galtzerat uzten direnak.

Chitchuriez aintzinean mintzatu naiz, bas-urez ere bai. Gerochago aiphatuko ditut gisua eta igeltsua.

Badira oraino saltzeko bertze ongarri mota batzu eginartekoak edo artifizialak deitzen direnak. Bainan ez-dut hekietaz aiphu handirik eginen, zeren Eskal-kerrian, erosi gabe, egin baititake behar den ongarri guzia. Eta halakoak Bayonan eta bertze hirietan dira saltzeko.

SEMEAK. ¿Ez othe dira onak?

AITAK. Batzuek diote bayetz eta bertzeek ezetz. Nik ez-dut frogatu.

SEMEAK. ¿Zertako bada hori?

AITAK. Ene semea, nik sinheste ttipia dut hekietan: beldur naiz enganatua izateko.

Bertzalde oraino diru behar da hekietarik erostekotzat: nik ez-dut soberarik.

Eta nork-berak, bere eskuz egin ahal dezakeena, premia da egin dezan erostera goan-gabe.

Laborari onak egiten du bethi ongarria nasai; hartarako bideak hartzen ditu.

Laborari tcharra eta alferra ez-da ongarriz gainditua; maizenean bere lurrak ezin estal detzazke.

Halakoa ikhusten da galdeka; bethi zerbaiten eskasean da; hauzoan ditu tresna beharrenak; bethi arrangura da ezin helduz bere lanetara. Hura segur izanen da erromes.

SEMEAK. Ez-othe da bada zilhegi eskas eta behar den gauza hauzoari galdegitea.

AITAK. Ez-dut hori erraiten, ene semea. Nik diodana da, laborari bakhotchak izan behar dituela bere tresnak. Zure goldea hausten baduzu iraulden hari zarelarik, hauzoak gogotik emanen darotzu berea lanaren akhabatzeko. Gogo gaichtoz eman baleza, bera ez laiteke hambateko gizona.

Bainan goldea hautsi neguan, ogi-egitetan, eta berritu ez-baduzu artho-egitetako, horrek erran-nahi du gizon ez-achola zarela.

Nor da ez-achola gauza batetako, segur da ez-achola dela hainitzetako.

Halakoak ez-du onthasun erosteko lanik, bizirik-ere berrehun urthe.

Gizon behar guziak ez-dira baitezpada alferrak eta acholagabeak. Enultasun eta tontotasuna gaitz gaichtoak dira etchean, eta hainitz jasanarazten diote laborariari.

Gizon bat ikhusten baduzu chuhurra, ostatuetarik urrun dagoena, bethi bere lanetan, eta halarik ere bethi erromes, harek badu nonbait hutsa. Harek ez-daki edo lanean, edo lanaren baliarazten.

Bere egitekoetan gaizki dohana begira bedi ongi-dohanari; segi betza haren erran onak, nahiago ez-badu buru-gaichtokeriaz errekan gelditu.

Ez-da onthasuna bera heldu; lan ongi eginak dakharke.

SEMEAK. Hori da gauza garbia. Eta orai, ene aita maitea, ongarriez mintzo garenaz geroztik, ¿azpira ala gainera da hobe emanik?

AITAK. Gehienetan azpira, zeren iguzkiak eta haizeak ez-baitiote hala indarrik gutituko.

Agerian dagoen ongarriak hainitz galtzen du; hutsaltzen da.

Bertzalde, ongarria azpira emanez, lurra harroago idukiko du, eta hainitz erran-nahi du harro egote horrek.

Gure tokietan, ogia phuska bat handitu denean, gainetik ematen diote ongarria.

Ongi egitekotz, larrienetik azpira behar luke eraiterakoan, et[a] chehea geroago gainetik.

SEMEAK. Ederra laiteke, ahala balitz.

AITAK. Erran dut aintzinean ez-dugula ongarririk aski egiten; galtzerat-ere hainitz phuska uzten dugula.

Izan gaitezen garen orai arteo baino atzarriagoak; har detzagun bazka biltzeko moldeak; orduan badukegu azienda eta ongarri aski.

Bizkitartean, erran dudanean ongarria azpira eman behar dela, ez-dut erran ehortzi behar dela lurrean barna.

Belharraren erroetara heltzen ez-den ongarria, pharte on bat galdua da. Erroak joko dituen bezala ezar zazu.

Lurrak barna irauli behar du, eta irauli aintzinean hedatzen den ongarritik pharte bat barnegi sartzen da.

Nik nahi nuke irauli ondoan, eta mokhorra jo aintzinean, ezarri ongarria. Hola neurri on bat har laite.

SEMEAK. Ez-da ordean lana hain errecha.

AITAK. Ene semea, etzaitezela errechketa ibil; ibil zaite onketa.

Ongarriak ez-du izan behar ez-barnegi, ez-kampotik eraintzetan. Belharraren erroetara egon behar du, aichtian erran dudan bezala. Laborariak hortarik ezagutuko du zer neurritan sarthu nahi den ongarria.

Akhabatzerakoan, mintzatuko natzaitzu ongarri berdeez.

Toki batzuetan suge-ilharra edo artho beltza, Frantsesek sarrasin deitzen dutena, eraiten dute ogi-ondoan; bertze batzuetan, sekhalea, baba edo bertzerik oraino.

Loratzen direnean belhar horiek, ehorzten dituzte, lurra irauliz; eta gero hekien gainera eraiten dute arthoa edo bertze zerbait.

Holetan lurra ontzen da, harroago dago eta ez-da behar haimbertze ongarri.

SEMEAK. Etzait iduri lurra hambat ontzen dela berari khendua berari emanez! Ehun libera khendu, ehun libera bihurtu, kito da hori!

AITAK. Ene haurra, etzinen hola mintzatuko baldin aintzineko erranak burutan hartu izan bazintu.

Erran izan darotzut lurreko gozoek baino airekoek gehiago ematen diotela belharrei. Horren frogak ere eman darozkitzut.

Ehortziko duzun belharra airetik aberastu da gekienik. Beraz, hura lurrari ematen diozunean, lurra irabazitan gelditzen da.!

Lurrak eman du bat eta hartzen ditu hiru: ez-da hori kito gelditzea, baizik-ere bi herenez ontzea. Iratzea bera bakharrik ezar bazineza ere, on handi bat egin zinezake.

SEMEAK. Hala da! aithortzen dut. Barkha diezadazu, aita maitea: gazte eta ahanzkor naiz oraino. Ene ahal guziaz eginen dut zure solas zuhurrez baliatzera.


XXI.
Samatsaz.

SEMEAK. ¿Nola egin behar da samatsa?

AITAK. Samatsak ez-du barnean edo aldaitegietan egin nahi.

Barnetan churia edo zurmindura hartzen du, eta hori ez-da seinale ona.

Samatsaren lekhua behar da izan ichuri guti batekin; ondoa buztin joaz egina, lurrak ez-dezan edan samatsaren urina edo gozoa.

Hori gauza aphurra idurituko zaitzu menturaz: bainan galdua galdu da; eta artha puchka baten bidez begira daitena, ez-da galtzera utzi behar.

Abere azpiak atheratzen dira zortzi guziez, neguan; lau egunetarik, udan; eta metatzen da aldian aldikoa samats-tokian.

Meta hura lau edo bortz pia gora denean, gainera ematen zayo lehenik lur phuska bat, eta gero igeltsu gordina herrausturik, erdian gorenik den bezala eta ichuria bazterretara.

Lurrak eta igeltsuak kamporat eginarazten diote uriari; barnean begiratzen dute hatsa eta berotasuna, eta berak ere onkhailu bilhakatzen dira.

Samatsa egin den ondoan, inguru guzian egiten zayo erreka bat.

Errekako lurra altchatzen da kampo aldera, basa-urari traba egitekotzat, eta ahal bezain guti sar dadien errekan.

Errekak zilho batera eramaten du samatsaren urina.

Zilho haren barnea egina izan behar da buztin joaz; hobeki daite egitea mortero segurez, uria gal ez-dadientzat.

Zilhoa hesiz inguratzen da eta estaltzen mandio bat bezala edo teilaz, zeren estalia ez-balitz uriak ahul bailezake urina.

Urin hura nihon den hobeena da sorhoentzat, ogientzat eta bertze uzta guzientzat. Landetara eramaten da gupheletan. Hobeki chehatuko darotzut hori gernu-ongarriaz mintzatzean.

Samatsa, bere tokian, hiru hilabethez ontzen hari da, egina balimbada erran den bezala.

Handik harat galduz dihoa.

Ordu du beraz urratzeko eta landei emateko.

Oraiko samats moldetan, laborariak hedatzen du ihaurkina bere athe aintzinean; gainetik ematen dio ongarri phuska bat; metatzen du ustelduche denean. Samats horrek bertzeak baino luzezago egon behar du egiten, hotzagoa delakotz. Ez-da hurbiltzeko bertzea bezain ona.

SEMEAK. Horrek ez-du erran beharrik, aski ongi ageri da.

¿Zergatik bada nahiago dute egin samats hotza eta-ez beroa?

AITAK. Hori heldu da bi gauzetarik, eta bi tcharretarik:

Behinik-behin, laborariak nagikeriaz uzten ditu abere azpiak, aski maiz atheratu gabe. Ez-acholakeriaz uzten ditu idiak eta behiak zikhinpean; hekien iphurdi mazela gorotzez betheek erraiten dute goraki zer nausi ahalkegabeenak diren.

¿Zer gerthatzen da orduan? Abere azpirik ez-izanez hurbiltzeko-ere aski, ihaurkina ustelarazten dute ahal bezala eta ongarri hotza egiten dute.

Bigarren gauza ez-da hain itsusia, bainan ez-da hobea.

Ene bethiko errana da, abeeak usuegi erabiltzen ditugula larrean.

Har detzagun etchean hazteko bideak, eta ez-dugu izanen ihaurkin soberakinik.

Zerorrek ikhusten duzu korraletan hedatzen den ihaurkinak ez-dezakeela izan indar handi bat. Zikhinez inguratzen duzu zure etchea, eta ez-da errana ez-duzula errearaziko. Hori da behin baino gehiagotan ikhusia izan dena.

Nik etche aintzinak galtzadatuak eta garbi nahi nituzke ikhusi.

Chahu-ahala ikhaurkin duten laborariek ontsa egiten dute soberakina hedatzea intha-artetan, ez-etche aintzinetan.

Inthartean hedaturikako ihaurkinak hartzen ditu lur ustelak.

Ongi lurrez bethe eta phorrokatu denean, aldaratzen da bazterrerat, hobeki ustel dadientzat.

Mahasti, sagardi eta landek ere on dute onkhailu hori.

SEMEAK. Ene aita maitea, hainitz ongi hartzen ditut gaurko zure erranak. Begien bichtako gauza da ongarri onak duela ondorio ona. Ezin ukhatua da gure samatsak, samats tcharrak direla. Detzagun egin orai arteo baino hobeak. Ikhusten ere dut hortarik bertze on bat: abereen garbitasuna. Garbiki atchikiz legunagoak eta ederragoak izanen ditugu. Aberetegi usaindu eta usteldu batzuetan, ez-dute deus onik ere egiten eta gutien ustean gaitzak eramaten ditu.


XXII.
Samats lasteraz.

SEMEAK. Egun haukietarik batez gure hauzoko etchetiarrak ongarriztatu behar zukeen bere arthoa; bainan udazkenean eritasunez galdu zituen bere aziendak. ¿Zer gerthatu da orai? Bortchatua izan da landari ematea samats berria, erdi usteldua baizik etzena.

AITAK. Bai eta guti baliatuko da arthoa, eta landan harra ez-da eskaz izanen.

SEMEAK. Bizkitartean, huts hori etzen haren ez-acholatasunetik heldu.

AITAK. Nahi dut: bainan gizona estraputan gerthatzen denean, egin-ahalaz bermatu behar da atheka tcharretik ilkhitzera. Lurrera erortzen denak chutitzera egin beza, eta ez-geldi errara, norbaitek altchatuko duelakoan.

SEMEAK. ¿Zer egin zezakeen bada gizagaizoak?

AITAK. Ikhusteko zuen ongarririk-gabe gelditzera zihoala; hala etzela ongi atherako. Galdu izan zituen abereen ordainak lehen-bai-lehen eskuratu behar zituen; eta, arte hartan, luhumendak eta inthartetako ihaurkin ustelak chuchendu. Luhumenda hainitzek eta gisu phuska batek estaliko zioeten hobeki ongarri eskasa ezenetz samats usteldu-gabeak:

Ez-da horri ohartu ez-eta-ere nausia: hambat gaichtoago!

Bizkitartean aditurik ere aski bazuten: neronek erran izan diotet, eta buru-gogorrarena egin dute. Ez-dute ongi hartzen bertzeen erranik.

Ene semea, nori berari egiten dio bidegabe buru-gaichtokeriak.

Buru gaichtoa duenak adiskide on guti izanen du, zeren halakoekin ihardukiz makhur-biderik baizen ez baita.

Ez-dezazula egin hekiek bezala; etzare ongi atherako.

SEMEAK. Sinhesten dut hori, aita; gizon jakinekin eta prestuekin ihardukiz ez-da deusere galtzen. Halakoen adiskidetasunak onik baizen ez-dakharke.

Ez-dut urrikari gure hauzoa berak egin duenaz geroztik hutsa.

AITAK. Etzare ongi mintzo, ene semea; gizon beharra bethi urrikalgarri da. Jainkoak ez-du lagunduko bihotz gogorra dagokana.

Bainan urrunduak gare gure solasetik. Ez-darotzut erran oraino nola egin daitekeen samats lasterra, beharra den orduan.

Ehun laurden uretan urtharazten duzu libera bat menaslora berde.

SEMEAK. ¿Nola galdatu behar da hori potikarietan edo drogistetan?

AITAK. Errekitu hori deitzen da frantsesez sulfate de fer.

Ur hartaz bustitzen dira abere azpiak, mehe-mehea hedatzen diren arabera samats-tokian.

Gainera ematen da hiratze, ithur-urez bustia.

Hiratzea estaltzen da berriz abere azpikoaz, zeinari ematen baitzayo, lehen erran den bezala, menaslora-uretik; eta hola-hola, hiratzea eta ongarria aldizkatuz, egiten da samatsa.

Gero gaineko azala egiten da lurrez eta igeltsuz bertze samatsari bezala.

Samats hau berotzen da laster; menaslorak indar ematen dio, eta landara eramateko on daite hamabortz egunen buruko.

SEMEAK. Bainan ez-duzu erran zembat hiratze behar den abere azpi arauka.

AITAK. Ongarri angelatara batentzat bederatzi hiratze angelatara, erran-nahi baita batentzat bederatzi.

SEMEAK. ¿Eta hiratzerik ez-bada?

AITAK. Othe chehe, artho khuzkur, belhar, lasto, phorroska guziak on dira.

Egiten da orobat ongarri lasterra gisu berriarekin, menaslora uraren orde ezarririk, eta gero guzia urez hezaturik.

Holako orduan gisua erabil daiteke ongarriarekin nahaste, ez ordean bertzela.

Ongarriari gisua ematea ez-da zuhurtzia, zeren ahularazten baitu, lasterregi ernaraziz, eta indarra aireari emanez.

Ongarri hotzean bakharrik ezar daite gisu liphar bat. Ongarri onean ez.

Ongarri onak astiz berotu nahi du.

SEMEAK. Ez-dut bada nik sinheste handi bat ongarri lasterrean. Eta zuk askotan erran darotazu ongarri ona egin behar dela.

AITAK. Segurki-ere, ongarri beroa egin behar da ahalaren neurrian.

Ongarri berorik egiten ez-duenak, badu laborariaren izena, bainan ez usaina.

Erraiten darotzudanean egin dezazun ongarri ona, harek duela indar handia, ez-darotzut erran ongarri hotza kaltekor dela.

Ez-du haimbertze indar, bainan harek-ere on egiten du.

Ez-dezazula deusere galtzerat utz; egizu gauza guziez onkhailu.

Hola bermatzen den laborariak laster gorituko du bere onthasuna.


XXIII.
Gernu-ongarriaz.

AITAK. Lurrari bihurtu behar zayo alde batetik bertzetik khentzen zayoena.

SEMEAK. Ez-dut hori aditzen garbiki.

AITAK. Erran-nahi dut lurrari khentzen zayoela bere indarretik, arthoak, ogiak eta bertze uztak altchatuz.

Aditzen errech da, uzta bethi bilduz, bethi galtzen hari dela lurra.

Beraz lurrari ere eman behar zayo.

Bertzenaz hambat akhiaraziko da, non ez-baituke gehiago uzta onen ekhartzeko indarrik.

Ongarria da lurraren urina.

Urin hortarik ogitan edo bertze zerbaitetan hartzen diozunaren arabera, bihur diozozu ongarritan.

Gernu-ongarriaren indarra nihork ezin erran dezake noraraino dihoan.

Lur tcharrenean bihirik ederrena athera dezake, ongi egina delarik gernu-ongarria.

SEMEAK. ¿Nola da ongi?

AITAK. Ikhusi duzu samatsaren urinarentzat phutzu bat egiten dela. Hura bera aski da gernuarentzat ere.

Gernua da abereek heyan ichurtzen duten ura. Erreka batek eramaten du erran den phutzura.

Zembait egunen buruan, gernu ongarriak irakitzen du bere baitharik eta usteltzen da.

Orduan da hobeenik.

Gehiago utziz, galtzen hari da.

Goizago hartuz, erran-nahi da irakitu aintzinean, ez-du on handirik egiten; kalte ere egin dezake; hainitz emanez toki berean, belharrak erreko baititu.

Gernu-ongarria landetarat eramatekotzat, ezartzen da guphela batean eta ichurtzen gutika, nahiz zorhoan, nahiz ogian, arthoan edo bertzeetan.

Faruchetan eta trefletan hainitz erakhusten du.

Neguan da hobeenik, eta orduan ere da gure tokietan gehienik, abereek harbia jaten dutelakotz.

Dembora urikara dagoenean eman zazu gernu-ongarria, ontsa heda dadientzat.

On handiena egiten du orobat baratzetan; azak eta tipulak bereziki edertzen ditu:

Arbolak ere bai.

Baratzeari etzayo eman behar edo-zein ongarri.

Ongarria ustelduagoa behar da landei ematen dena baino; bertzenaz marmutza asko sortzen da.

Marmutza hekiek landetan ez-lezakete kalte hambatik egin, bainan baratzetako landare gazteak chahu letzazkete, zeren landareak diren cheheago, guriago eta mimberago.

Horren gatik ezartzen da baratzeetan ongarririk ustelduena.

Baratze-lurra arina baldimbada, emozu behi ongarria, hezeena delakotz.

Dorphea bada, emozu gisu guti bat, zaldi ongarria, urde ongarria, edo arkhina.

Ongarri horiek herrausturik dira hobeenik, uritzen denean dembora.

Lichibak eta salboin-urak ez dira galdu behar. Gernu-ongarrira botatzen dira.

Ez-dakizula ahantz.


XXIV.
Bertze ongarriez.

AITAK. Orai arteo mintzatu natzaitzu cheheki abere gorrien ongarriaz. Gaur aiphatuko ditugu bertze ongarri guziak.

SEMEAK. Bai, aita. Bethi atsegin berri batekin entzuten zaitut gauza horren gainean.

Hori da alabainan laborantza guziko erroa.

Nekhazaleak ¿zer du jakin-beharragorik?

AITAK. Frantzia beherean, ez-da etcherik egiten priastegirik gabe. Bainan han-ere etche zaharretan, etzen lehenago priaztegirik.

Alde hetan ez-delakotz hemen bezala ihaurkinik, gu baino ohartuagoak dira ongarri egiteko bide guziei.

Ez-dute beraz jende ongarria bazterrerat uzten; eta ikhusten badute etche bat priaztegirik gabe, jabeari eskaintzen diote priaztegiak egitea beren diruz hekietako gozoa berentzat altchatzekotan.

Hemen ere, orotan behar laizteke priaztegiak. Korral choko batean egin daite chocha ttipi bat.

Hortarik ethor laizteke bi on:

Alde batetik, garbitasuna;

Bertzetik, lurrentzat onkhailu hautenetarik bat.

Frantzia beherean, herrausturik ematen da landetan. Hemen ere hala egin daiteke, edo bertzenaz gainerako ongarriekin nahasteka.

SEMEAK. Bai egiazki, erran duzun bezalako chochak premia laizteke. Deus ez-da itsusiagorik etche bazterrak holako zilkhinkeriaz betheak ikhustea baino. Bertzalde gizontasunaren ohoreak ere manatzen du holako lekhu gerizatu bat antolatzea. Ahalkegabea da gizona non-nahi jarriko dena jendearen ibil-bidetan, hitz estalika baizik aiphatzen ez-diren beharretako.

AITAK. Zaldi eta urde ongarriak lazter berotzen dira.

Emeki berotuz hainitzez hobeak atheratzen dira.

Hila bethe baten buruan, lurrei eman dakiozkete.

Luzez atchikiz, galden dute beren baliostasunetik.

Urak eta iguzkiak goizegi ernaraz letzazketelakotz, atherbean behar dute metatu.

Arkhina ere barnean idukitzen da. Idorra balimbada, on du hastetik samats urin zorta batez hezatzea; eta urinik ez-bada, urez bustitzea.

Ongarri hiru mota horiek emplegatu behar dira churia edo zurmindura abiatzen zayoeten bezain laster. Atherbetan laster egiten da churia eta bizkitartean ongarri mota horiek atherbean metatu nahi dira.

SEMEAK. ¿Ez ordean heyan berean?

AITAK. Ez hori. Ongarriak ez-du behinere heyan utzi behar; gaichto da azienden osagarriarentzat; eta ongarri haukiek bertzeak baino gehiago.

Ameriketarik heldu den chori ongarria oiloarena baino hainitz hazkarrago da, nahiz bertzelaz berdintsuak diren.

Oilo ongarria etche guzietan bada eta balio du arthatsuki biltzea, zeren onkhailu beroenetarik baita.

Balaiteke asko erraiteko chori ongarriaren gainean.

Batzuek arrangura dira harbia edo arthoa erre diotela.

Bertze batzuek diote, chori ongarria erabili ondoan, lurrak mehatu eta agortu zeraizkotela; landak pozoatuak dituztela.

Erran horietan badelarik zerbait egiarik, erraileak bizkitartean enganiotan dira.

Arrangura horiek heldu dira chori ongarria nola erabil ez-jakitetik.

Ongarri hori ezartzen baduzu idortearekin, erretzen du.

Ezartzen baduzu aro hezearekin, on handia dakharke.

Gure baratzetako hazi cheheen gainean oilo eta chori ongarriak hauta-hautak dira. Baratzeak ez-du maite ez samaski ez ongarri larririk.

SEMEAK. Lehenago ere erran duzu ongarriak izan nahi duela ontsa ongarritua eta usteldua baratzetara emateko.

Bainan nik aditu izan dudan erraitekorik handiena chori ongarriaren kontra, hauche da, lurrak errekaratzen dituela.

AITAK. Ez-da hori haren hobena. Huna non den egia.

Zeri ere ematen baitiozu chori ongarria, hari baizik ez-dio onik egiten: erran-nahi da, ez-duela gerokotzat lurra gizentzen.

Arthoari ematen badiozu, arthoa baliatzen da haren indarraz, bai eta ere lurrak bere baithan dagozkien bertze gozoez.

Orduan hau gerthatzen da.

Arthoak bildu du chori ongarriaren on guzia eta bertzeetarik ere bai; beraz lurrak, deus bildu gabe, beretik eman du, eta galtzetan gelditzen da.

Hortarik kontu hau athera zazu; lurra mantenu onean idukitzekotzat, ez-dela chori ongarria bakharrik erabili nahi, luhumenda, eta bertze onkhailurik gabe.

Emozute chori ongarria harbi, ilhar eta artetako uzta chehe guziei.

Bainan luzez lurrean egon behar diren uztek, hala nola artho, ogiek, ongarri goriagoak galdegiten dituzte.

Baldin arthoari eraiterakoan ematen badiozu samaskia aspira, eta sorthu den ondoan choiri ongarri izpi bat ondora, altchatuko duzu uztarik ederrena, eta lurra etzaitzu mehatuko.

SEMEAK. Orai aditzen dut ongi nola erabili nahi den onkhailu hori. Ageri da ezen laborariaren arrangurak heldu direla, ez ongarri horren gaichtotasunetik, bainan bai laborariaren jakitate eskasetik.

AITAK. Etcheetako herrautsak, morterokiak, khederra, heya zoletako lurrak, karriketako lohiak, hosto, arlantz, liho ondakin, artho zango, guziak onkhailutzat on dira.

Ongarria ere hobea egin laite, hiratzea horitzen hasi orduko ebakitzen balitz. Guk berantegi daramagu.

Itsas bazter guzian gorbela biltzen da. Bainan han laborariak huts handia egiten du gorbela metan utziz usteltzera; ahularazten du. Hobe da berehala lurrean sarthuz. Eta harroketarik bachamarrean atheratzen dena hobea da itsasoak artikitzen duena baino.


XXV.
Gisuaz.

SEMEAK. Ez-darotazut oraino erran deusere, oroz gainetik aiphatua den onkhailu batez.

AITAK. ¿Zeinetaz ?

SEMEAK. Gisuaz.

AITAK. Horren gainean eman gogo darotzut chehetasun bat, laborariarentzat alferra ez-dena.

Gizon eskolatuek berezten dituzte lur-onkhailu guziak bi izenetan.

Lurra goritzen duten gauza guziak deitzen dituzte ongarriak.

Lurra medeatzen dutenak deitzen dituzte medeagarriak.

Gisuak ez-du lurra gizentzen, bai ordean medeatzen.

Lur buztintsua urratzen eta zathitzen du; bere dorphetasunetik khentzen dio.

Horrengatik lur legartsu eta arin direnek ez-dute gisu beharrik. Hobe dute ongarri eta luhumenda.

Gisua, azpira ezarri gabe lurraren gainean uzten bada, bere balioaren erdia galtzen du, zeren mariatzen baita lurrari bere egin-bidea egin-gabe.

Holetan ¿zer hari da laboraria? Ez-du balio soinera har detzan gisu-labe egiteko gastuak eta nekheak.

Ongi athera nahi bada, gisua landaratu bezain sarri, hedatu eta azpira eman behar du.

Orduan lurreko hezetasunak mariatzen du; lurrak hartzen du haren hatsa eta zathitzen da. Hola hartzen du bere onkhailu medeagarria.

Ez-dezazula bihia erain, gisua mariatu den aintzinean, zeren ordu hartan ernatzen den haziaren botea erre bailitake. Gisua mariatu den ondoan, eraiten duzun hazia, ederki ethorriko da.

Lur buztintsuek galdegiten dute gisurik gehiena.

Gisuak berotzen eta zathitzen du. Legarrak ez-du berotzen, bainan bai zathitzen eta hezatzen, ura beregana deitzen duelakotz.

SEMEAK. Ez dut ontsa ikhusten nola ezarri behar den gisua landetan. Alabainan iduritzen zait gisu bizia, azpira emateagatik hedatzen bada lehenik, laneko idien aztaparrak erreko direla landa iraultzean.

AITAK. Halache da. Ez-da abererik erabilarazi behar gisu bizian. Huna gisuaren ezartzeko bi molde.

Batzuek gisua landetan ezartzen dute meta ttipika eta lurrez estaltzen. Ontsa mariatu ditakeenean, gisua eta lurra phalaz hedatzen dituzte alde orotara.

Bertze batzuek gisua nahastekatzen dute luhumenda edo lur ustelarekin.

Lur ustela samatsa bezala metatzen dute. Orai lur andana bat ezartzen dute, gero gisu andana bat gainean, eta hola-hola azkeneraino. Hogoi edo hogoi eta hamar egunen buruan, landan hedatzen da, eta eraintza egiten da berehala.

Larre-lur gizena ere on da hortakotzat, bainan haintzurtu berriak ez-du haimbertze balio nola usteltzen atchikiak.

Phezoin-asketako lurra da hortakotzat hobeenetarik.

Bainan ez-da halakorik nola gisua hildora saskitoz ematea.

SEMEAK. Gure tokian gisu-labe handiak dira, eta bertze batzuetan hainitz ttipiagoak. ¿Zein dira hobeenak?

AITAK. Handiak.

Behintzat, gisu-labe ttipiak chahutzen du arauka handiak baino errekin gehiago, eta badu handiak bezembat pochelu.

SEMEAK. Ikhusten dut hori. Bainan ¿non da onthasuna aski eremu duena, gisu-labe handi bat berehala bero-beroan emplegatzeko? Gisuak ez-du ezen zahartzerat utzi behar; aditzea dut ahul laitekeela.

AITAK. Hala da hori. Gisua zahartzerat uzten duenak ez-daki zer bidegabea egiten dioen bere buruari.

Gisua berriago eta hobeago, nahiz esku-lanetako, nahiz laborantzako.

Ez-du ordean horrek erran nahi gisu-labe ttipia hobe dela handia baino.

Gisu hainitz aldian egiten duena merkeago atheratzen da.

Etchekotzat behar ez-duen guzia sal dezake, edo ordainetan eman.

Ez-dut bizkitartean gisu saltzea hambat laudatzen. Dirua lerrakor da; eskuetan ere urtzen zaiku nola ez-dakigula. Gisua saltzea baino hobeki egin ginezake bertze bide bat hartzea. Huna nik zer nahiko nukeen ikhusi.

Bi etcheko jaunek elkar hartzen dute. Egiten dute gisua erdizka, lana ere bai.

Partzuergo hortan bia baino gehiago ere sar ditazke. Hainitz laudagarri dira partzuergoak molde guziz. Lanak arintzen dira guzientzat. Deusere ez-da hain ederrik nola batasuna eta adiskidetasuna. Bi gizon partzuer direnean nekhean eta gozoan, adiskide-mamitzen dira; elkharri gogo onez laguntza eginen diote noiz-nahi-den.

SEMEAK. Uste nuke nik ere on handia ethor laitekeela buru hortarik, bai moltsakotzat, bai eta biziko gozoarentzat.

AITAK. Ez-da dudarik. Zerbait erranen dut oraino horren gainean.

Eskal-herriko gisu-labe zilhoek iduri dute Moisen mendean eginak. Luphean zilho bat nolazpait egin, aintzindegi bat eman, eta hara gisu-labea. Mundu bat errekin ez-da hekien berotzeko aski.

Frantzian badira gisu-labeak molde hainitz hobekoak. Gure tokietan ere, teilarietan egiten dituzte labe batzuek zerbait iduri dutenak.

¿Zertako ez-dugu orobat eginen gisuarentzat? Erranen duzu diru hainitz behar laitekeela. Bainan gariastiak badu bere merkea. Merkearen bilha gabiltzalarik, maiz garastia atzematen dugu.

Bil daitezela zembait etcheko-jaun; guzien artean egin dezatela gisu-labe behar-den-bezalako bat. Bakhotchari etzayo hainitz bat gostako eta guziek on handia atherako dute.

Herri guzietan behar laizteke kartierka etcheko-jaunak bildu; gisu-labeak egiten dituzte teila labeak bezala; ematen diotzate estalgiak eta egiten dituzte atherbeak errekinarentzat.

Othea aski izanen dute orduan eta aintzinean baino gutiago; ez-dute egurrik beharko eta hekien gizu-labeak ez-dira erdi-erreak geldituren.

Zer errechtasunak ez-lituzkete!

Ez-laizteke-ez orai bezain herabe gisu-labe bati lotzera!

Eta zer on handia lurrentzat eta moltsarentzat!

Bainan lehembiziko gastu horrek lotsatzen gu!...

Bizkitartean kartier bakhotchean bada asko gisu-labe. Ezar baginetza bata bertzearen gainean hekietan egin diren galtzeak urthe bakhar batzuez, diru galdu denarekin izanen ziren kartierean gisulabe berri bat edo bia nik erran bezalakoak. Halakoetan harria osoki erre laiteke.

SEMEAK. Nork daki, aita; menturaz egun batez lan hortan abiatuko gare.

AITAK. Hala biz, ene semea.


XXVI.
Igeltsuaz.

SEMEAK. Aiphatu duzu igeltsuaz behin baino gehiagotan. Eskaldunek bizkitartean ez-dute igeltsurik erabiltzen laborantzetan.

AITAK. Ez-da oraino barrayatu gutartean laborantzakotzat igeltsuaren emplegua, bainan ez-da arras ezagutu-gabea ere, ikhusi izan dut ezen neronek landetan ezarria.

Bertzalde, mende huntan orotara barrayatzen hari dira gizon antzetsuenek egin izan dituzten frogantza onak.

Suisako aldean iragaiten bazine martchoan, aphirilean eta maihatzean, ikhus zinetzazke hango landa, sorhoak denak igeltsu errearen herautsez zurituak. Hango laborariek segurki ez-dituzte lan eta gastu horiek hartzen, nombait zerbait onik ikhusi gabe.

Franklin deitzen zen aiphamen handitako Amerikano batek ¿zer egin zuen bere herritarrei erakustekotzat nolakoa den igeltsuaren indarra? Goan zen sorho zabal baten erdira eta han botatu zuen igeltsu herrauts phuska bat zirrimarraka. Primadera hastean, sorhoa oraino gorri-gorria zagoelarik, belharra berdatu zen igeltsuak ukitu izan zuen tokietan. Orduan jendea harriturik gelditu zen, zertako hitz haukiek agertzen ziren belhar berriak eginik:

HAU IGELTSUZ IZKIRIBATUA IZATU DA.

Ordudanik igeltsu hainitz erabiltzen da toki hekietako laborantzetan.

SEMEAK. Sinhesten dut hain frogantza garbia begien aintzinean izateaz geroztik, hango jendea argitu zela.

AITAK. Bazen zertaz!

SEMEAK. Bada igeltsu churia, bada ñabarra. ¿Zein-da laborantzakotzat hobeena?

AITAK. Iduri du Jainkoak beharrena eman duela nasaikienik. Ezen churi guti da eta ñabar hainitz.

Ñabarra da hobeenik laborantzako, zeren gisu gehienik harek baitagoka.

Belharrak handiarazten ditu sutan bezala.

Hazkartzen ditu flakatuak diren lurrak.

Sorho hiletan khasatzen ditu goroldio, ihi eta belhar tzarrak.

Harrak hiltzen ditu ogi, artho, ilhar eta bertze uztetan.

Luzerna, farucha, trefla eta bazka guziei on handia egiten diote.

Primadera da arorik hobeena igeltsuaren hedatzeko; udazkena bertzela. Hektara bat lurretan ezar daiteke bi kintaletarik hamabortzetaraino.

Beso zabaletik botatzen da ogi hazia bezala.

Uri itchura denean edo uri-ondo goibela, haizerik gabe, orduan hedatu nahi da. Hegoa denean edo bero handietan, ez-da ezarri behar igeltsua, hostoak erre detzan beldurrez.

Hainitz ematen bada, hala-nola hamabi edo hamabortz kintal hektarako, lur hari etzayo sei urthez eman behar berriz igeltsurik.

Asko tokitan hedatzen dute zembat hazi haimbertze igeltsu; bertze batzuetan bortz kintal hektaran. Baditake hau den neurri ona. Lur meheetan baino ondorio hobea du lur gizen, urtsu edo buztin-dunetan;

Hostoak handitucheak direnean, cheheak direnean baino;

Bazketan, bihietan baino.

Lur arinari igeltsu guti emozu. Hainitz ematea baino hobe da gabe uztea.

Bihiari ere emozu guti bat, itchura tcharreko uzta heldu balimbada. Hainitz ematen bazindu, lastotan goan laiteke.

Mahastiei ere igeltsuak on egiten diote.

Igeltsu herrautsak hazkartzen du ongarri hotza, batean nahasten direlarik biak.

SEMEAK. Horiek oro on handiak dira. Guk ere igeltsu hainitz erabili behar ginduke.

AITAK. Ez dakizula burua bero. Ez-da zuhur igeltsua erabiltzea itsura, nola-nahi.

SEMEAK. ¿Zer egin behar da, bada?

AITAK. Orhoitu ene erranez, ezen aski cheheki erran darotzut noiz eta nola eman nahi den igeltsua:

Lur meheetan eta bihietan guti, zuhurki.

Lur gizenetan eta zoletan gehiago.

Bero denean baterez.

Bazketan eta uriarekin ausarki.

Ogiak eta arthoak ederrak badituzu, ez-eman igeltsurik; tcharrak badira, izpi bat aski dukete.


XXVII.
URTHEKO LANAK.

AITAK. Ene semea, premia da jakin dezagun lanak zer urtheko tenoretan egin behar diren.

Burutan ongi har zazu gauza bat: lurra hustu bezain laster irauli behar da.

Lurra behin hustua denean, ¿zertako utziko duzu berehala irauli gabe? ¿Zer irabazten duzu hala utziz?

Irabazi baino kalte gehiago duzu.

Lehen ere erran darotzut lurrak zein duen on airea hartzea eta belhar zikhinik ez-ekhartzea.

Gerokoka egonez, uriteak edo bertze gerthakari tcharrek atzematen bazaituzte, aro ona iraganen zaitzu eraintzak egin gabe. Orduan eginen duzu zinkurina, bainan zure arrangura guziek ez-dute zure bihia edertuko.

Nik erran bezala egiten baduzu, berant-orduak etzaitu atzemanen.

Erranen darozkitzut orai hilabethe bakhotchean egin behar diren lanak.

SEMEAK. ¿Eta zuk erran hilabethean ezin egin baditazke, estrapu zerbait gerthaturik edo dembora tcharrez?

AITAK. Aroak behar du manatu. Hilabethe batean ezin egin dena, egiten da bertzean.

Laborariak aski du jakitea noiztsu egiten diren lanak; gero demborak erranen dio zein egunez lothu behar den lanari.

Huna beraz lanak hilabetheka.

URTHARRILEAN.

Alferrik dauden lurrak iraultzea eta ongarria azpira ematea.

Sagar hondoetarik mihurak eta goroldioak khentzea.

Oyhaneko haritzetako huntz-hostoak ebakitzea.

Luhumendak eta merlak landetara heltzea.

Otheak ebakitzea.

Luhumenda zilhoak hustea.

Phezoin-askak hustea et[a] phezoin hautsiak altchatzea.

Phentze arroilak eta bertze erreka guziak garbitzea.

Berhoak moztea eta aphaintzea.

Mahastiko phaldoak egitea.

Laborantzako tresna guziak antolatzea.

OTSAILEAN.

Erran diren lanak akhabatuak ez-badira, horietan hari behar da aintzina.

Phistuak diren trefla, allibre eta bazka berdeak igeltsuztatzea.

Luzerna zaharregiak iraultzea.

Zaldi babak eraitea.

Mahats-mochteak akhabatzea eta progoñak ehorztea.

Arbolak moztea eta landareak landatzea.

Sagardiak iraultzea.

Gaztaina, sagar eta udare haziak eraitea.

Hormateak geldituak badira, abia daite arbola cherthatzen.

MARTCHOAN.

Eraitea oloa, trefla, farucha, luzerna, etche-babak, lihoa, ilharra.

Trefla eta luzerna zaharrak igeltsuztatzea.

Ogiak arhatzea eta gainetik ematea ongarri chehea edo gernu-ongarrla.

Arbolei, adar alferrak eta marmutza-ohantzeak khentzea.

Sathor muloak barrayatzea eta landetako errekak ongi ezartzea.

Arnoak ligatik aldaratzea.

Arbola landareak, urthekoak eta bi urthetakoak, mindegietan ezartzea.

Burzuntz edo zur-churiak landatzea.

APHIRILEAN.

Garagarra, lur sagarra eta bazka berdeak eraitea.

Sorhoak urztatzea. Hauts-khaldarra ematea.

Mahastiak estekatzea eta haintzurtzea.

Zaldi-babak galtzaratzea.

Baba hazkarregiei kapetak moztea, gal ez-dezaten lehembiziko lorea.

Jorratzeak, arhatzeak eta sarhatzeak abiatzea.

Mindegiak arthatzea.

Erle kofoinak garbitzea.

Behorrak estalaraztea.

MAIHATZEAN.

Ogietako belhar gaichtoak khentzea.

Lur-sagarrak galtzaratzea.

Mailharrak eraitea.

Jorratzeak egitea.

Sorhoak urztatzea.

Mindegiak sarhatzea eta hekien errekak egitea.

Bazka berdeak zaharrekin nahasteka abiatzea aziendei.

ERAYEROAN.

Hilabethe hunetan abiatzen dira belhar ephaiteak, zekhale eta garagar biltzeak.

Lur husten direnak irauli eta ongarriztatu behar dira.

Samatsak bustitzea, churia loth ez-dakioten.

Ardiak moztea.

Behorrei azken estalaldiak emanaraztea.

Jorratzeak eta sarhatzeak badira.

Lihoak atheratzea.

Baba hazkarregiei capetak khentzea.

UZTAILEAN.

Arthoak galtzaratzea.

Zekhalea eta garagarra biltzea.

Belharrak ephaitea.

Sorhoak urztatzea gauaz edo goibeletan.

Lurrak iraultzea.

Mailhar motzak eraitea.

Achaleko cherthoak abiatzea.

Mahastiak sarhatzea.

ABOZTUAN.

Ogiak biltzea eta jotzea.

Lurrak iraultzea eta ongarriztatzea.

Harbia, neguko garagarra, farucha eraitea.

Lihoa atheratzea eta urtharaztea.

Achaleko cherthoak akhabatzea.

Mahastiak eta mindegiak sarhatzea. Mahastiei hosto khentzen abiatzea.

BURUILEAN.

Zaldi-babak eta arthoak biltzea.

Lurrak iraultzea eta ongarriztatzea.

Achaleko chertoei estekak lachatzea.

Trefla eta farucha haziak biltzea.

Harbiak jorratzea.

Sorhoak egitea.

Ardiak moztea.

Mahatsak agertzea.

URRIAN.

Sagar, mahats eta gaztainak biltzeak.

Iratzeak ephaiten abiatzea.

Zekhale, ogien eraitea.

Lur-sagarrak biltzea.

Hostoa galdu duten arbola landareak landa daitezke.

HAZILEAN.

Ogi berantiarren egitea.

Egurra egitea.

Lur ustelak metatzea.

Ezkhurra eraitea.

Arbolak landatzea.

Berho berriak egitea.

Iratze ephaiteak akhabatzea.

Othe chehe ephaiteak abiatzea.

Erreka eta ichtunen garbitzen abiatzea.

Mahastietara luhumendak eramatea.

Phentzeak bustitzeak.

ABENDOAN.

Arbolak landatzea.

Egurra egitea.

Heldu den urtheko landareentzat zilhoak egitea.

Mahats-mozteak abiatzea.

Othe cheheen ephaitea.

Lur ustelen atheratzea.


XXVIII.
Aberetegiez.

AITAK. Ene semea, gure tokietan, azienden heyak hainitz gaizki eginak dira. Gehienek iduri dute zilho itsu eta zikhin batzuek.

Asentuak beltz-beltzak daude, zokho guziak herrautsez eta amaraunez betheak.

Eta orotarik gaichtoena, azpiko lurra lohitua eta behinere aldatu gabea.

Zikhintasunetik heldu dira gaitz asko.

SEMEAK. Abere guti hiltzen da bizkitartean.

AITAK. Ez-derrazula, ene semea; ez-da urtherik, non hor edo hemen zembait buru galtzen ez-baita, eta aldi batzuez hainitz.

Buru bat galtzen duenarentzat, hori bera soberache da.

Hainitz galtzen duenak erreka jotzen du.

SEMEAK. Heldea daite orduan.

AITAK. Bai, on da erraiteko. Heldea ere ez-da bere baitharik ethortzen, ¿eta nork daki zikhinak zembat ez-duen sorrarazten edo laguntzen?

Guziek diote gaitz bat hari denean: Garbi detzagun heyak.

Horrek erran-nahi du badakigula zikhina zein gaichto den; eta gure jakinean gaizki idukitzen ditugula gure heyak.

Abiatzen gare orduan heyen garbitzen. Bainan berantche, ezen ordukotz gerthatzen da aziendek odolean sarthua dutela izurria, et[a] gero hiltzera heldu dira.

Garbitasuna ez-da beraz gauza bat alferra.

Baldin gu ere bethi zikhinpean egon bagindedi, ¿ontsa othe ginaizteke? Ez naski.

Horren gainean, abereak gu bezala dira: garbitasuna galdegiten dute.

Zikhinak ezartzen du ustelkeria zokho guzietan; osagarriari bidegabe egiten du.

Ez-da halakorik behar.

Eta bada! gure tokietan nihon-guti dira heyak garbirik. Galtze handiak ethortzen zaizku hortarik.

SEMEAK. Aichtian zinioen aberetegiak gaizki eginak direla hemen.

AITAK. Ezin gehiago.

SEMEAK. ¿Zer da bada egiteko?

AITAK. Heya zaharrak ahalaz medeatu behar dira, eta berririk egiten denean, bertze moldez chuchendu.

Behinik-behin, aberetegia ez-da nahi laborariaren etche barnean.

Egin daiteke kontra, edo berez.

Aberetegiak behar ditu bi buruetan atheak. On handia heldu da hortarik barneko eta kampoko lanetakotzat; airearen erreberritzeko eta urrin tzarren khentzeko ere bai.

Hainitzek nahiago dute heyako sartzea izan dadien iguzki-haize aldetik, ezenetz hegoatik.

Athearen bi aldetarik aziendak ezartzen dira, ezker eta eskhuin, bi lerrotan bertze bururaino, bidea erditik dutela.

Abereen azpiak izan behar du galtzadatua, ichuri guti batekin gibel-aldera eta erreka batekin gernuari kamporat bide ematekotzat.

Athe, leyhoak ideki behar dira aziendak kamporat ematen diren aldi guziez, airea barnean berri dadientzat.

Azpiak atheratzen direnean ere bai; eta orduan jatsaz nahi dira ontsa garbitu aldi oroz, eta urez ere bai noizean behin, udan bereziki.

Aziendek behar dute tokia nasai, ez-dezaten elkharri minik egin, eta ez-ditezen ithoka jaten hari, bata bertzearen bekhaiztiz.

Abereek ez-dute teila-arrasa lakhet, hotzak eta beroak hobeki jotzen ditulakotz halako heyan.

Selharua ez-da izan behar aphala. Heya handiago, selharua gorago.

Dornadurako taulak mihietan sarthu behar dira eta artekak tapatu.

Hainitzek bazka-zilhoak egiten dituzte errechtasun baten-gatik mañateren gainean.

Hori baino hobe laiteke kampotik ematea belhartegiari bidea, ezen azpiko usainak goiti igaiten dira zilho hekietarik eta bazkak khutsatzen dituzte guti edo aski, batzuetan hainitz.

Heyak nahi du gisuz churitu urthean behin bederen.

SEMEAK. Hemen ez-dute bada gehienek egiten hamar urthetarik ere.

AITAK. Hambat gaichtoago egiten ez-dutenentzat. Nik nahi dut herrautsak eta marmalo guziak khen ditezen beren sareekin. Garbitasunak ez-du bere parerik.

Baldin heya zikhin uzten baduzu, azienda ez-da hilen menturaz; menturaz bai. ¿Nork daki?

Bada oraino bertze gauza bat ere, bainan hau arras ontsa jakina.

SEMEAK. ¿Zein da hura?

AITAK. Zikhinki idukitzen den azienda ez-da goritzen, garbiki atchikia bezala.

Frogantzak eginak dira. Ehun kintal bazkharekin gizon batek ezin-gizenaraz detzazke hamar buru; eta ehun kintalekin, bertze batek gizenarazten ditu hamabortz buru.

Artak egiten du hori.

SEMEAK. Ni ere sinheste hortako naiz.

AITAK. Ez-da zeren dudatu. Hori egun baino lehen ezagutua izatu da, eta maiz ikhusten dena da, begiratzen bada bazterretara.

Erranen darotzut oraino bertze gauza bat: abereei azpira ematen diozuten hiratzea edo othea izan dadiela idorra.

Ohe bustia edo hezea zuk etzinduke nahi... ez aziendek ere.

Abereei bustiak, guri bezala, gaitz egiten diote.

SEMEAK. Ai, aita, gaur gauza ederrik erran duzula! ¿Zembatez ez-ginduke hobe hola egitea?

AITAK. Ene semea, ez-ditutzu bada oraino guziak aditu. Mintzatu natzaitzu heyaz; bihar erranen darozkitzut abere-zainaren egin-bideak. Berantegi da orai solas hortan sartzeko. Dugun egin othoitza.


XXIX.
Abereen arthatzeaz.

AITAK. Maitha zazu azienda, edo etzare laborari ona, eta etzare zure egitekoetarik ongi atherako.

Aziendak emanen darotzu zure mozkinik hobeena.

Azienda ongi arthatuak ondorio onak ditu. Arthatua ez-denak badu mila gerthakari tchar.

Ongi arthatua bada, lanekotzat hobea da, gizentzeko ere errechagoa.

Azienda arthatua-ez-denari guti lakhetzen zayo den tokian, eta lakhetzen-ez-denak ez-du ondorio onik.

Horrengatik azienda ez-da oihuka, larderiaka, mehatchuka eta joka erabili nahi, bainan bai eztiki, balakuka eta ferekaka.

Ausarki jatera emanik ere, gogorki erabiltzen bada, ez-du deus onik eginen.

Gutiago jatera emanen badiozu ere fereka zazu, eta hobeki atherako zare.

Arthek eta bazka onak ez-dute parerik.

Goizean-goizik jaiki zaite; tenore berean, uda eta negu.

Laborariaren lehembiziko lana da aberetegira goatea.

Zuk ere hala egizu beraz. Aziendei mintza zakiozkite; ikhusiko dituzu guziak jaikitzen.

Toki batzuetan, thorratzen dituzte bizkarrean eta sayhetsetan lasto putzuka batekin, eta begiak ere garbitzen urarekin.

Iduritzen zait, ene semea, irriz zaudela.

SEMEAK. Aita maitea, ez-dut zure erranaz irririk egiten, badut ezen aditzea abereek, hola arthatzen diren tokietan, ez-dutela ahamen bakhar bat ere janen, non ez-diren lehenik thorratuak eta garbituak. Ageri da hortarik zembat lakhet duten laborariaren artha osoa. Egia da bizkitartean irria hortzetara heldu zitzaitala, orhoitzearekin gure inguruetako gizon nagiek, beren buru gogorrekin, burla eginen dutela menturaz.

AITAK. Beude burlatzera hala eder iduritzen bazayote. Bainan hekien abereak ¿Suisa aldekoak baino ederragoak othe dira? ¿Irabazi hoberik atheratzen othe dute? Eskal-herriko burjes batzuek Suisatik ekharri izan dituzte abereak, hango motatik izateagatik. Hori etzait batere gaizki. Bainan, ene arabera, hobeki egin lezakete oraino Suisako arthak ekhartzen balituzte ezenetz aziendak. Gure mota ere edertuko da, aziendak hazten eta mainatzen ditugunean han bezala.

Hemen ere beraz aberezainak thorra betza lasto zamuka batekin abereak eta urez garbi; ez-da gaizkiago helduko.

Gero askatik khentzen ditu zikhin phorroska guziak.

Orduan ematen diote jatera, eta beharrik-gabe ez-ditu larderiatzen.

Egunaz, emanen diote bazka, bethi tenore beretan, aldian guti eta neurri berean.

Aziendei bethi iduki behar zaye begia ikhusteko heya eri diren, heya sabeletik ontsa dihoazen, baduten hazteria edo bertze zerbait gaitz.

Ohartzen bazare badela bat edo bertze jana histua duenik, begira zozu ongi heya gaitzik ageri duenetz.

Hasteko, jana khendu behar zayo. Barurak onik baizik ez-dio eginen.

Azienda bati ohartu orduko janik ez-duela, laborari batzuek berehala abiatzen dira zuhainketa, bazka onketa, artho buruketa.

Horiek oro zorokeriak! Ongi ez-denak guti jan behar du, nahiz errekitua har dezan.

Jaten ez-duenak barnea bethea du. Ez-dezazula beraz gehiago tapa oraino, jateko gochoagoaz tirriaraziz.

Guk bezala, abereak ere gehienetan barura eta jan chuhurra aski ditu sendatzekotzat.

Aberea ilhun ikhusten duzunean, khen zozu janetik; eta ez-baduzu ezagutzen zer duen, edo ez-bazare gai haren sendatzeko, deith zazu abere-barbera.

Asko aldiz, udan bereziki, lanak nekhaturik edo beroak jorik, abereak ez-du hambat jan nahi. Orduan emozu bazkhari ahur bat gatz edo minagre chorta bat. Onkhailu horrek aziendari emanen dio jateko gogoa.

Abereak edaranen dituzu egunean bi aldiz ur garbian eta ez phutzuan.

Deus ez-da hain gaichto nola phutzuetako ur ustela.

Neguan emanen diozute barnean edatera ur hotz-hautsia. Ur hormatua kalte dute.

Lanetik erakhartzen ditutzunean, thorratuko ditutzu lasto zamukaz, eta neguan saihalaz estaliko.

Sayhala gauza on bat da udan nola neguan. Aziendak begiratzen ditu ulietarik, bero denean; hotzetik, izerdi edo nekhatuak direnean.

Abereari etzaizko behinere ikhusi behar iphurdi-mazelak gorotzez maldatuak. Seinale tchar bat da hori jabearentzat. Hura da gizon nagi, acholagabe bat. Ez-da egundaino halakorik aberastu.

Garbitasuna biziaren erdia da.

Arretsean, etzaitezila behinere goan oherat, abereei begi ukhaldi bat eman-gabe eta seguratu-gabe ontsa direla.

SEMEAK. Horiek guziak gauza onak direla nihork ezin-ukha dezake; askori ordean lan hainitz idurituko zaizkote.

AITAK. Aztura on baten hartzean dago. Baldin egun hola abiatu, eta aintzina ematen baduzu, laster ohituko zare. Zembait egunen buruan, etzaitzu lan bat idurituko. Ikhusiko dituzunean zure aziendak arin eta biphil, ilea eta bizkarrak legun, zure hauzoetakoak baino ederrago, ez-dukezu orduan hartu dituzun arthez damurik.

Orduan orhoituko zare zure aita zaharraren erranez, lan arthatua dela ontasun guzien ama.


XXX.
Idiaz.

SEMEAK. Aita maitea, aipha diezadazu idiaz.

AITAK. Bay, ene semea; bainan ¿zer idiz nahi duzu mintza natzaitzun? Laneko idiaz, ala gizentzekoaz?

SEMEAK. Uste nuen biak orobatak zirela.

AITAK. Ez-choil.

Laneko idi hobeenak motz eta lodiak dira, zezena iduri. Ez-dira gizentzeko hain errechak.

Idi irazki lerdenekoak dira gizentzeko errechenak. Behiaren itchura gehiago dakharkete, ezenetz zezenarena.

SEMEAK. ¿Nola egin bada? ezen laneko idiak gizenarazten ditugu urthe baten buruan; eta laneko idiak ez-badira on gizentzeko, ez-eta-ere gizentzekoak laneko, ¿nola ilkhi atheka hortarik?

AITAK. Ez-dut erran ez-direla on; errechtasunaz mintzatu naiz.

Behinik-bat, itzain ofizioan dabilanak idi hazkarrenetarik behar ditu; zezen itchurakoak. Eta higatzentche direnean, saltzen ditu ahal bezain ongi.

Bainan gure herrian, laborantzan baizik hari ez-diren gizonek ez-dute halako idi motarik erosi behar.

Hekien lanak ez-dira hain gogorrak, non bertze idi mota batek ezin-egin baitezazke errechki. Idi guziak berenez indar handikoak dira; beratzak direnek ere laborantzako nekhea jasaiten dute.

SEMEAK. Beraz itzainak idi hazkarrenak erosi behar ditu, eta laborari hustak idi gizenkorrak.

AITAK. Halache da. Bakhotchak irabazi gehiena eman dezokeen mota. Itzaina garrayotik ontzen da; laborariak idi gizendutik egin behar du mozkinik hobeena.

Idi erostekotan gerthatzen zarenean, begiratuko duzu heya aziendak hats ona duen; heya hortzak ederrak eta bardinak dituen; zer adin duen, larrua nasai eta guri duen; ilea usu, legun eta argi.

SEMEAK. ¿Zer erran-nahi dute seinale horiek?

AITAK. Hats laburra eta trabatua duen idiak ez-ditu bulhar onak.

Hortz tcharrak dituen idiak ez-du ongi chehatuko eta jana gaizki ehoko du.

Adineko idia ez-da gaztea bezain balios, ez-laneko, ez-eta-ere gizentzeko.

Ilea bakhan duen idia berotua daiteke eta eritzeko menturan. Orobat ilea ilhun eta hartzi duen idia ez-da itchuraz sasual.

Larru nasaya, ilea gozo eta argi duen aziendak erakhusten du osagarri ederra.

SEMEAK. Entzuten dut erraiten koloreak ere zerbait erran-nahi duela.

AITAK. Gure aldetan gutiz-gehienak gorriak dira. Diote bizkitartean idi beltza ona dela bethi, churirik balinbadu hatzetan edo buruan; bertzenaz tontoa eta gogo hilekoa dela.

Gorria dagokate hobeentzat laneko. Su gehiago du bere baitharik; eta hori ez-da guti, ezen badakizu idia azienda dorphea eta urhats hurrikoa dela.

Gizentzeko baizik ez-badituzu idiak, erosatzu ilea izarka jarria dutenak. Bertzeak baino beratzago eta alferrago dira, bainan gizenkorragoak. Bazterretik iguzkitara begiratzen badiozute, ikhusiko duzu hekien bizkarra guzia izarrez bethea.

Idi zuriak ez-dira gizentzeko baizik.

Behiez aiphatzean, erranen darotzut oraino horren gainean bertze hitz bat.

SEMEAK. ¿Nondik ezagutzen duzu idien adina?

AITAK. Adarretarik eta hortzetarik. Bainan seinale horiek ez-dira arras segurak, eta ni baino tratulari hoberik enganatzen dute.

Ergiei hamar hilabethetan heldu zaizkote lehembiziko aintzineko hortzak, erran-nahi da esneko hortzen ordainak, hambat churi ez-direnak, bainan zabalagoak.

Hamasei hilabethetan aldatzen dira bazterretako hortzak, eta hekien ordainak, ez-izanik-ere hain churi, hazkarragoak dira.

Hiru urthetarik, bortz urthe bethe gabe, hortz guziak aldatuak dira. Orduan luzeak dira; bainan laburtzen, beltzten eta desbardintzen dira aberea zahartzen denaren arabera.

Bigarren edo hirugarren urthean, aberearen adarrari egiten zayo ondoan, erreztuna bezala, zamar bat, eta urthe oroz haren gaineko aldean bertze bat. Erreztun hekiek khondatuz, ezagutzen da aberearen adina. Azpiko erreztuna hartzen da bi edo hiru urtheentzat, eta bertzeak batentzat bakhotcha.

SEMEAK. Ez-daiteke beraz chuchen-chuchena ezagut idien adina.

AITAK. Ez, ene semea; bainan makhur guti batekin; urthe batena edo biena gorenetik.

SEMEAK. ¿Zer adinetan uztartu behar dute idiek?

AITAK. Ez-lukete hiru urthe bethe gabetarik lanean ezarri nahi.

Aintzintchetik, ferrak ematen zaizkote, amoratuz eta ez joka erabiliz. Uztartzekotzat orobat, eztitasuna eta balakuak behar dituzte, zuhain pochi zembait eta artho buruak.

Errana da gizona (hartarik zerbait atheratzekotz), ile aldera ferekatu behar dela, eta zerbait emanez amoratzen dela. Gauza ber-bera da aziendekin. Probetchu ona atherako du hekiekin eztitasuna erabiliko duenak.

Hezten hari den ergiari etzayo guti baizik eman behar akhuloaz. Etzazula joka gaichtaraz edo sorhayoaraz; lausenga zazu; hobe da.

Aro onarekin erabil zazu lehembiziko lanetan eta nekharazi-gabe. Lana utzi-eta, emozu zerbait onik eta phesta zazu.

Idiek sayhala hainitz on dute bizkarretik: begiratzen ditu ulietarik eta hotz-bero handietarik.

Zerbait onik egitekotzat, aziendek nausia maitatu behar dute.

SEMEAK. Lehenago-ere erran izan darotazu frango.

AITAK. Bai, ene semea, zeren askok ez-baitakite zer bidegabea egiten duten beren buruei, aziendentzat gogorrak izanez. Ez-nuke nahi uste izan dezazun horrek deusere ez-duela erran-nahi. Egizu nik diodan bezala eta ontsa atherako zare.


XXXI.
Behiaz.

AITAK. Gaur mintzatuko gare behiaz.

SEMEAK. Hori aditu nahia nintzen, ezen Eskal-herrian behitik atheratzen da probetchurik gehiena.

AITAK. Hala da. Zaude beraz erne, zeren behiaren gainean erranen darozkitzut gauza batzuek egundaino aditu ez-ditutzunak.

Bordale-aldean hiri bat bada Liburna deitzen dena. Ondo hartako aberezain bat, Genon otsez, aiphatua da egungo-egunean Frantzia guzian. Ezagutzen du behiak zembat esne eman dezakeen, zer esne mota eta zembat demboraz.

SEMEAK. Gauza miresgarria da hori!

AITAK. Bai, eta ez-da naskikoa; segura da. Haren antzea gu-baithan sar baledi, preza ginezake.

Egin izan du bada liburu bat guri irakhastekotzat bere jakitatea. Zembait baliatu izan dira, bainan ez-dugu guziek begia bardin ona, eta bizkitartean hortakotzat begia behar da.

Nahiz antzea ez-den buru batetik bertzera iragaiten, makhila esku batetik bertzera bezala, halarik ere hariz-hariz ikhasten da; emeki-emeki ohartzen da eta trebatzen gauza guzietan.

Zuk ere, geroago baliatzekotzat, burutan har zatzu oraiko solasak.

Huna zertarik Liburnako aberezainak ezagutzen dituen behi onak.

Idiek eta behiek badute gibelean, buztanaren azpiko-aldean, ile izarra deitzen den seinale bat.

Seinale hori deitzen dute oraino ogi-burua, zeren azienda batzuetan ogi-buruaren itchura zerbait baduen.

Beraz abereen ogi-burua edo ile-izarra biak bat dira.

Ile-izar horrek hainitz erran-nahi du behi batean; handia eta zabala bada, seinale ona; ttipia edo meharra bada, seinale tcharra.

Ile-izarra ezagutuko duzu azienden ichter-arteari gibeletik ongi begiratuz.

Badakizu abereen ilea gain-beheiti etzana dagoela. Bainan izarreko ilea azpitik goiti doha. Nola hainitz chehea baita, artharekin ikhartu behar da. Argi onera atherako duzu behia hortarakotz, behatzaz ere haztatuko larrua ezagutzekotzat nondik hasten diren ilearen goiti-beheitiak.

Goiti dohan ilea izarrekoa da; beheiti etzana dena ez.

Azienda batzuetan izarra ongi ageri da, zeren goitiko ileek eta beheitikoek, elkhar jotzearekin, kizkurdura bat egiten baitute, bizkitartean ez inguru guzian.

SEMEAK. Holetan ile-izarra ez-da ezagutzeko errecha.

AITAK. Begia ongi emanez geroz, bai.

Iguzkitan goitiko eta beheitiko ileek bi argidura dituzte. Gauza guzietan hartze bat bada: huntan-ere behin trebatuz-geroztik, den errechena da.

Ile-izar ederrak hasi nahi du errapetik, eta hautsi gabe heldu buztan-azpira.

Ichter-arteko larruak ichurrak egiten ditu, eta ile-izarrak iduri du asko aldiz den baino hertsiago.

Nola hainitz baitihoakio nori-berari jakitea haren egiazko zabaltasuna, behia ibilarazten da harat-hunaka eta errape aldeko larrua ezkuz zabalarazten zayo.

Erran dena, ile-izar osoa eta zabala, zeinale ona.

Zathika hautsia bada, seinale tcharra laiteke, baldin zathi hekien erdian ez-badira bi izartto ilea beheiti etzana dutenak. Guardia emateko da horri. Izar hekiek bata bertzearen gaineko aldean dira. Bakhan gerthatzen da hori, bainan seinalea ona da.

Badira behiak dituztenak buztan-azpian, bi aldetarik, eskuin eta ezker, bi izar ttipi, edo bat bakharra. Cheheak dira eta batzuetan ez-da ageri ile-hartzidura bat baizik, marratto bat iduri. Honako seinalea handiago eta tcharrago. Horrek erran-nahi du behiak, ernaldu ondoan, esnea laster galduko duela.

SEMEAK. Ageri da ile-izarrak ez-direla bardinak guziak.

AITAK. Ez-dute orok itchura bera; bainan ez-da horri sobera begiratzeko; handitasunean da guzia. Izarra hedatuagoa eta behia esnaldun hobea.

Ile-izarra behar den tokian ile-zirrista bat baizik ez-bada, deus ez-du balio behiak laneko baizik.

SEMEAK. Beraz ile-izar ederra duen behia, segurki esnaldun handia daiteke.

AITAK. Ez-eiki! ez-dut hori erran. Egia da hori dagokatela seinale hobeenarentzat. Bainan diote begiratu nahi dela oraino bertze seinale batzuei.

Huna nolakoa den behi ona.

Lehembizikorik. Ile-izar handia behar du;

Bigarrenekorik. Burua achita eta propia, adarrak meharrak eta legunak;

Hirugarrenekorik. Lephoa mehatsa eta zalhua;

Laugarrenekorik. Larrua guria, ilea gochoa eta argia;

Bortzgarrenekorik. Zainak ageriak eta atheratuak sabelean, errapean eta icheter-artean buztan-azpiraino.

Horrelako behia erosten baduzu, izanen zare segurki esnaldun handiaren jabe.

Seinale horiek berak dituen idia da hobeena, ez-laneko, bainan bay gizentzeko.

Zezen bat iduri duen behia, buru handiarekin; adarrak lodi, ilea latz, lepho-zakhia motz eta lodi, larrua gogor, ile-izarra mehar, sabeleko zainak gordeak; halako behia ez-da laneko baizik hambat on.

SEMEAK. Ene aita maitea, burutan hartu ditut behi esnaldun handiaren seinaleak. Bainan beldur naiz halako guti kausituko dudala.

AITAK. Egia da munduko gauza guzietan on-onak dira bakhanenak. Erranen darotzut bizkitartean geroago eta errechkiago atzemanen direla nik erran bezalako behiak. Ezen behi onaren seinaleak agertzen dira sortzetik; ezagut daiteke aratche bat zer izanen den geroan. Seinale onetako aratcheak ez-dira hilaraziko.

SEMEAK. Beraz, migak edo ergiak erosten dituenak ¿ordunanik jakin dezake zer abere mota hartzen duen?

AITAK. Halache da. Seinale onetako aratche urricha erosten duenak, gerorat izanen du esnaldun ona.

Ergietan ere seinale berak badira, nahiz ez-diren hain garbiki ageri.

Zezentzat halakoak begiratuko dira behar bezembat.

Badakizu umeak izaten direla maizenik aita-amak iduriak; zezen eta behi seinale beretakoek ere eginen dituzte beren iduriko umeak.

Ez-ditugu beraz oraidanik gure behiak edo-zein zezenera eraman behar.

SEMEAK. Hortako naiz ni-ere, zeren ez-baita gauza alferra hazgei ona edo tcharra etchean idukitzea.

AITAK. Atsegin dut hori zureganik aditzeaz. Horren gainean erranen darotzut bertze solas bat, eta ez-dezazula utz, othoi, ahanztera. Askok uste duketen baino gehiago erran-nahi du.

SEMEAK. ¿Zer-da bada? ene aita.

AITAK. Huna. —Laborariak behar du, bere ahal guzian, etchean sorthu zayoen aratchetarik egin etcheko azienda guzia.

SEMEAK. Zer! ¡ez-du beraz kampotik erosi behar eskas duen aberea?

AITAK. Bay, erosi behar du! Nik diot ordean hazgeyak etchean iduki behar dituela geroko beharren arabera. Etchean sortu diren idiak, bertzenaz onak direlarik, langile hobeak izanen dira kampotik erosiak baino;

Orobat, etchean sorthu behia, hobea kampotikakoa baino.

SEMEAK. Ez-dakit hargatik nola daitekeen hori!

AITAK. Ez-da bada aditzeko gaitza. Gerthakari tcharrek emanik, sal bagineza gure etchea ¿bertze batean gogo berarekin lanean hari othe zinaizteke?

SEMEAK. Oi hori ez!

AITAK. Sinhetsazu bada asko gauzetan aziendak gure idurikoak direla. Hekiek-ere lakhet dute sort-etchea.

Behiei bereziki damutzen zayote toki arrotza.

Nahiz idiei, nahiz behiei, damu horrek histen diote gogoa. Ezacholatzen dira, gaichtatzen ere, eta ez-dute etchean haziek bezalako gozorik.

SEMEAK. Uste nuen erraitera zinhoazela merkhatuko idiek iduri dutela aldaka dabiltzan etchetiarrak, lan on guti dabiltzan tokietan egiten dutenak.

AITAK. Ez-dut nik holakorik erran. Dena-dela, ez-dut nahi, ene semea, gizonari bezala mintzo natzaitzunean, athera dezazun haur-solasik.

SEMEAK. Barkha diezadazu, ene aita maitea, solas hori bere bitchiak erranarazi darot.

Arras ongi ikhusten dut orai nola kampoko aziendak ez-duen etchekoa balio. Bizkitartean gure tokiko laborariak nekhez altchatuko ditu etchean behar dituen ergi eta hazgey guziak.

AITAK. Badira naski halakoak ere. Bainan nik erran dut nork bere ahalaz jarraiki behar duela etchean hazteari. Hala egiten balute bere ahalaz, uste nuke gehienek berenez egin lezaketen, edo bederen miga guti erosi behar luketen. Artha da guzia.


XXXII.
Abereen bazkatzeaz eta gizentzeaz.

AITAK. Angelesak munduko laborari guzien nausi dira azienda haztetan eta gizentzetan. Idi bati eginaraziko diote haragia, bertze bati zihoa, nahi denaren arabera.

SEMEAK. Bitchi da hori!

AITAK. Ez zuk uste bezain. Jateko mota batek ematen du haragirat, bertze batek zihorat, bertze batek odolerat edo indarrerat.

Jarraikiz-jarraikiz, begiratuz eta ohartuz, ikhasi dute zer berthute dagokan jateko bakhotchak, midikuek erremedioen eta janharien berthutea bezala.

Laborariak sinhets beza abereak ez-direla jan idorretik lekhora jan hezean bat-batean ezarri behar.

Faruchak eta bazka ferdeak heldu direnean, guti bat ematen da belhar idorrarekin. Geroago eta gehiago.

Bat-batean aziendak janhariz aldatzen badira, ethortzen zayote hantura edo bertze gaitz zembait.

Orobat, bazka ferdeak akhabatzerakoan, ez-dezatzula abereak bat-batean ezar jan idorrean: bero laizteke.

SEMEAK. Erran diezadazu nola behar diren gizenarazi.

AITAK. Azienda lazter gizenarazten baduzu,

Bazka gutiago aski dukezu;

Lasterrago sarthuko zare dirutan;

Mentura tchar gutiago dukezu, ephea laburrago delakotz.

SEMEAK. Hortarik ageri da probetchu hobeak direla dembora gutiz abereak gizenarazten badira.

AITAK. Bay, bainan probetchu horiek ez-dituzu atheratuko, artharik ematen ez-baduzu.

Hortakotzat, emazu bazka guti aldian, eta maiz; ez-eman bethi jateko bera, alda zazu.

Frantzian, aziendei ematen diote belhar, farucha, trefla, luzerna, allibre, suge-ilhar, ilhar-chehe, zaldi-baba, lur-sagar, pastenagre, beterraba, aza, gaiztaina, artho, olo, garagar, sekhale eta bertze asko gauza; bakhotchak duenetik.

Bihi ematen abiatzen dira hastetik, eta geroago eta gehiago, azienda ongi gizendu arteo. Bihiak egiten du gizenerat hobeki ezenetz belharrak; hunek egiten du gehiago haragirat.

Bihia ehorik ematen dute, nahastekatuz lur-sagar, pastenagre, beterraba, aza edo bertze zerbaitekin, eta gatz liphar batez onthurik.

Azkenerat, irina ur ephelean orhaturik, ophilka ematen dute.

Edatekoa ere epheldurik, zahiarekin eta garagar irinarekin ekhartzen dute egunean bietan. Guk eman dezakegu artho irina.

Batzuek edatekoa gutitzen dute emeki-emeki.

Jan-bidea ttipitzen abiatzen bazayo aziendari, ematen diote bazka ferde puchka bat, gatzarekin eta minagre chorta batekin. Bainan hori aski ez-bada, barur eginarazten diote.

Jatekoa egosirik ematen dute: berthute gehiago du hala. Urde bati eman bazineza lur-sagar gordina, ez-laiteke hain laster gizent nola egosiarekin, eta gehiago chahu zinezake.

Alemanian, Angelieterran eta Frantziako asko tokitan ere, bazka ferdeak prentsarazten dituzte aziendei jaterat eman aintzinean.

Hortarakotz, bazka ebakia ezartzen dute bokheter handi batean, sothoan edo bertze zembait toki freskotan. Gero urez estaltzen dute doy-doyean.

Zembait egunen buruan, bazka hori berotzen eta hazten da.

Orduan atheratzen dute eta aziendei ematen.

Bainan, nola jan hori bakharrik emanez, hazkarregia bailitake, artetan lasto, churikin, belhar idor edo bertze zerbait ematen dute.

SEMEAK. ¿Zertako prentsatzen da bazka?

AITAK. Hobe delakotz dudarik-gabe.

SEMEAK. Hobe balitz, hemen-ere egin laiteke.

AITAK. Ez-da errana, ene semea, hobe diren gauza guziak egiten ditugula. Segur-ere da ez-ditugula egiten. Gauza jakina da hobe dela zuhur izatea, barrayatu baino; langile, alfer baino; laborantza arthatzea, ezenetz nolazbaitka erabiltzea. Bizkitartean ¿zembatak ez-dira guthartean barrayatu, alfer, laborari tchar? Gure herrietan-ere batzuek beren egitekoetan goiti hari dira, beren lanari esker; bertze asko beheiti, beren artha eskasez. Ez-dezazula uste izan Eskal-herrian dela nihon den laborantzarik argituena: lehenago-ere erran izan darotzut gosetea gindukeela, hemen baino bihi gehiago nihon ez-balitz altchatzen.

SEMEAK. Sinhesten dut egia hori, ezen badira guthartean onthasun ttipian, bertze batzuek handian bezembat bihi altchatzen dutenak.

AITAK. Bazka berotua hobe den bay edo ez, gerorrek frogantza egin dezakegu.

Hala-nola bazkari on batean jateko gozoenak gutiziatzen baikaitu, aziendak orobat hautatzen dira bazka hobeenaz.

Eman dezoguten beraz farucha berotua freskoaren aldean, eta dugun ikhus zeini lothuko diren gogotikenik.

Erranen darotzut oraino ez-dutela toki guzietan belhar edo bazka ferdea bokheterean prentsatzen. Taulen gainean, urez bustirik, espalka metatzen dute; eta berotu denean aziendei ematen diote.

SEMEAK. Uste nuke hola ez-dela hain ongi, zeren belhar guzia ez-baita hain ongi berotzen. Bainan ¿zertako da belhar berotua bertzea baino hobea?

AITAK. Berotzeak gambiatzen du hainitz.

Arno prentsatua hobea da ezenetz lakoko arnoa. Azienden bazketan orobat gerthatzen da.

SEMEAK. Oray aditzen dut.

AITAK. Ez-da baitezpada gauza aditu beharra; ikhus daitekeena da.

Bazka prentsatua emanez idi bati, hobeki gizenduko da ezenetz freskoarekin. Hori begiz ikhus daiteke.

Badira oraino bertze bi gauza:

Osagarritanago izanen da hola hazten den azienda.

Eta ongarri hazkarragoa utziko du.

Beraz, oraidanik guk-ere bazken parte bat beroarazi behar dugu.


XXXIII.
Azienda churiez.

AITAK. Egun azienda maithagarri batez aiphatuko dugu, erran nahi dut ardiaz.

SEMEAK. Ai aita, zembat atseginekin entzunen zaitudan! Aspaldian aditu nahia nintzen ardiaz mintzatzen.

AITAK. Ederki, ene semea; ardia maithagarri bezain ona da. Ez-naiz hartaz orai-arteo mintzatu, zeren azienda churia ez-baita gorria bezain guzizkoa laborarientzat. Alabainan beharrenari nahi da bethi begiratu. Bizkitartean laborariak, nihondik ahal balinbadu, ez-du ardirik gabe egon behar.

Ardiak ez-du ongirik baizik egiten. Bildots, esne, gasna, gazur, ile, arkin, zembat gauza on!

Bertzalde, etchean bazka guti chahutzen du. Jainkoak mendiari ematen dioen belharra ardiak nombait-han aski du.

Ez-dugu ordean guziek edo bordarik, edo arthaldearen erosteko ahalik. Enetzat bihotz-hausgarri da ikhustea asko laborari ardirik gabe tcharki bizitzen, izan letzazketelarik, berak nor balira, ongi bizitzeko behar bezembat.

Orok ez-dukete indar hura, bainan oro bermatzen balira, ez-duten askok bil lezakete.

Zembat on ez-da galtzen bermatu eskasean?

SEMEAK. Bai, hala da, aita maitea; bainan zembatek oraino atheratzen ez-dute, artha eskasez, ardietarik athera dezaketen ona?

AITAK. Egia! semea; egia handia!

Hori-delakotz erranen darozkitzut bi hitz labur solas horren gainean.

Ardiari ongi nahi da jarraiki. Artzain tcharrak ezarriko du laster arthaldea errekan. Beraz, nauzia ohartzen denean artzain nagia eta achola-gutikoa duela, laster eman beza kamporat. Laburrenik eta hobeenik hori du.

Orhoit zaite, semea, ez-achola denari ez-duela balio arrangurarik egitea.

Gaizkiak erranez ez-da egundaino nagirik ernatu, ez-eta-ere achola-gaberik hambat onthu.

Langile, zain hilekoak, lan guti eginen du, bainan ez-du landa chahutuko.

Artzain nagiak ephe laburrean ezarriko zaitu arthalderik gabe. Ez beraz halakorik iduk zure bordan.

Bordara zihoazinean, ezagutuko duzu ardiak ikhusi gabe, zerika den zure artzaina. Askiko duzu arditegiari eta bazterrei begia ematea.

Arditegiak nahi du izan maiz ihaurkin berria eta idorra, zola zilhorik gabe eta ichuriarekin.

Artha horren eskasean, ardiak galtzen dira hatzetarik, eta bertze asko gaitz ere biltzen dituzte.

Azienda churien adina hartzen da hortzetarik. Bildotsei urthe buruan aldatzen zaizkote aintzineko bi hortzak; hemezortzi hilabethetan, horien bi aldetarik bana; hiru urthe bethe orduko, ahoko guziak aldatuak dira.

Ardiak sei zazpi urthetan, eta ahariak zazpi zortzitan, ez-dira gehiago gizentzeko baizik on.

Antchuak ez-dira ernalarazi behar bi urthe betheak izan arteo; bertzela goizdanik ahultzen dira. Muga gaichtoan direnean, nahi dira aharietarik urrundu; eta halarik ere gerthatzen balitz ustekabez bakhar zembait ernaltzera, ez-utz ume haztera; hazaraz zazu halako bildotsa bertze ardi bati; edo, ez-badaite, hil zazu amari utziko diozun baino lehen.

Ahariak ez-du ardirik jokhatu behar hiru urthe bethe aintzinean, ahari tcharra eginen da bertzela onaren gayetik.

Artzainak arthoski jarraiki behar du erditzekotan diren ardiei, eta antchuei bereziki.

Antchuek laguntza nahi dute eta beren bildotsekin lakhetarazi behar zayote, zeren ama batzuek beren lehembiziko umeak higuin izaten baitituzte.

Bildotsen chikhiratzekotzat, dembora eder eta eztia hautatzen da, zeren aire kolpe gordin bat aski baita bildotsari herioaren emateko.

Chikhiratuak barnean idukitzen dira hiru edo lau egunez; eta ilkhitzen direnean ere, aro ederrarekin.

Arthaldea ez-da goizean-goizik alhapidera atheratu behar. Ihintz handiak luzara kalte egiten dio gizentzekotan ez-den ardiari.

Uria egin duenean ere, bego belharra idortzera aphur bat.

Ardiak uritez barnean idukitzen direnetan, eman dakiokete behi bazka guzietarik.

SEMEAK. Zer! ¿othe joa ere bai?

AITAK. Othe joa ere ¿ezen, ez-duzu ikhusi ardiek berek larrean othe mokoak murrizten dituztela?

Bainan hobeki egiteko, emozute othe joa bertzean egosiche ondoan. Hura hainitz on dute.

Arthalde guziak ez-dira mendian hazten. Etche ondoetan hazten diren ardiek lurrak borthizki ontzen dituzte. Zembait bederen iduki behar gintuzke guziek.

Udan, ardiak etzanarazten dira gauaz landetan eta laborantzetan.

SEMEAK. ¿Eta ez-dute kalte?

AITAK. Angeletierran, uda eta negu, bethi kampoan daude ardiak. Eta bizkitartean lekhu hekiek gureak baino hainitz gogorragoak dira. Diote ere hango ardiek gureek baino ile gehiago eta ederragoa dutela, zeren kampoan egoten diren.

Landetan etzanarazten diren ardiek lurrari on handia dakharkete.

Hortarakotzat, sorhoetan edo landetan korralak egiten dira kheretaz; eta zortzi guziez, tokiz aldatzen da korrala, sorho edo landa guzitik iragan arteo.

Laborantzan sartzerakoan, lurra iraultzen eta arhatzen da lehenik; eta ardiak bertzetara khentzearekin, ematen da bigarren arhaldi bat, onkhailua lurrak hobeki begira dezantzat.

SEMEAK. ¿Zer mugaz egiten da lan hori?

AITAK. Maihatzetik Umeru Sainduraino.

Maihatzean ere lagunetarik berezten dira gizentzeko diren ardiak eta zikhiroak, eta aboztukotz gizenduak ditazke.

SEMEAK. Hemen udazkenean gizentzen dira bada gehienak.

AITAK. Bai zeren ez-baitute izaten behar den artha. Oro nahas-mahas uzten dituzte, gerthatzen dena gertha dadiela.

Eta bizkitartean ez-dute molde berean mantenatu behar gizentzekoek eta zaintzekoek.

Gizentzeko direnek goizetan-goizik nahi dute izar ihintzean alhatu, bainan ez bertzeek; ez-dute gerokotzat on.

Gizentekoek maiz edatea on dute, eta barnera erakharri behar dira bero handia sarthu aintzinean. Arretsaldeko hiru orenetan atheratzen dira berriz ilhundu den arteo.

Barnean ere bazka ematen zayote gatz liphar batekin. Gogo hobearekin jaten dute orduan; edaten ere dute gehiago eta arabera hartara baliatzen.

Hiru hilabetheen buruan, saltzen dira; handik-harat galtzeko perilos dira.

Hola eginez, goizago gizentaraziko dituzu ardiak eta probetchu hobea atheratuko duzu.

Neguan ere egin daiteke lan hori zikhiroen gizentzeko, behiak bezala bazkatuz. Garastichago da, bainan zikhirokia ere bai.

SEMEAK. Gaurko solas guziak ongi hartzen ditut. Biskitartean ez-dut ongi ikhusten gauza bat.

AITAK. Erran zazu zein den.

SEMEAK. Ez-dut ikhusten zertako izar ihintza on duten gizentzeko ardiek, eta bertzeek kalte.

AITAK. Hau adi zazu ongi. Bizitako ardiak ez-du on gizenegi izatea; ez-du orduan ongi ematen. Izan bedi hazkar, bainan gizen ez.

Erran daiteke mehatuko dela; bai bainan behin gizendu den ardia, meharazten baduzu, behinere ez-da gehiago gizenduko behar bezala. Bi buruetarik galtzea laiteke hori.


XXXIV.
Azienda beltzez.

AITAK. Ene semea, hainitzetan erran izan darotzut aziendak garbiki iduk detzatzun. Egun adituko duzu garbitasuna nihon ez-dela hain premia nola cherria baithan.

SEMEAK. Ez luke bada hambat iduri, cherriak ezen lakhet du zikhinpean.

AITAK. Ez-derraizula, ene semea; cherriak zikhinetan atzematen ditu gauza onak; bainan berak ez-du zikinean lakhet.

SEMEAK. Zertako baltsatzen da bada lohian?

AITAK. Cherria azienda beroa da, ez-duzu neguan ikhusiko lohian etzana; udan bai ordean; mainhuak hartzen ditu. Lurrak ez-du bere baitharik deus zikhinik. Asko gizon edo emazteki bada zeinen jauntzia lurra baino nakhaizgarriagoa denik. Lohia da lur pozi bat uraz guritua; eta nola iguzkiak ontsa berotzen baitu, cherria hartan mainhatzen da.

Bainan ez-duzu ikhusiko cherririk ongarripean etzanik. Bere chola ere garbia idukiko du, idekia bada behar-orduan.

Garbiki atchikitzen den cherria bertzeak baino lasterrago gizentzen da.

Chinan harritzeko garbitasunean hazten dute, eta halachet-ere hango urdekiak gureak baino itchura eta ahoko gozo hobeak ditu.

SEMEAK. ¿Zertako erraiten da bada urdea bezain zikhina?

AITAK. Hizkuntza guziak ez-dira zuzenak. Gizona maiz itchurari begiratzen zayo, egia non daitekeen bilhatu gabetarik.

Orobat erraiten da zozo baten-gatik asto bat dela. Bizkitartean nik ez-dagokat astoa bertze azienda bat baino usnaz gabetuagoa: uste nuke kontrarat badirela hura baino ezagutza gutiago dutenak.

Guzien-gatik hau da egia segura:

Cherriak garbitasuna nahi du, eta garbitasuna ematen dioen jabeak atheratzen du probetchurik gehiena.

Gainerakoaz erranen darotzut urricha ez-dela urthea bethe duen aintzinean akhetchera hurbilarazi behar. Akhetchak ere urthea bederen nahi du.

Ernalarazteko arorik hobeena da otsailetik martcho artean. Berantago eginez, umeak negukotzat heldu dira eta ez-dira hazteko hain errech. Erayeroan eta uztaillean sortzen direnak hobeki ethortzen dira, zeren hekien ama hobeki hazten baita; eta berek ere, jaten hasten direnean, kausi dezakete belhar, hezkur, gaztaina edo bertze zerbait fruitu. Neguan deus guti da kampoetan cherrikume gurientzat.

SEMEAK. Uste nuke egiaz mintzo zaren.

AITAK. Ez-dudarik egin: frogatuaz mintzo natzaitzu.

Erditzeko mugan, ahardiari ongi begiratzeko da, jan edo chahu ez-detzan umeak. Artha horren eskasean urtheko probetchua gal daiteke.

Ahardi erdi-berriari bazka ona eta nasaya ematen zayo eta ur ephela edatera zahiarekin; bertzenaz halako orduan goseak janaraziko dio zembait ume.

Ume guti egiten duen ahardia ez-da berriz ernalaraziko: ume-egile tcharra izan laiteke gero ere.

Ume hainitz egin duen ahardiari hazkarkiago ematen zayo jatera, ez-bazayo zembait ume khentzen. Handizki behartzen da.

Hiru aste duten umeei ematen zayote goiz-arrets ura artho irin liphar batez churiturik, hazkartzen hari direlakotz eta belhar alhatzen hasiak. Gozagarri puchka baten beharretan dira, bulharra khentzeko orduraino.

Higuintzen dira bi hilabethetan. Handik goiti ur churitua ez-dute aski; bazka hazkarragoa galdegiten dute.

Negua iragaiten da hola-hola. Toki batzuetan, belhar berria ethorri den bezain sarri, herriko urte guziak bi edo hiru zaintzaileekin igortzen dituzte oyhanera edo mendira.

Belharrez edo hezkurrez hazten dira, bertzerik gabe. Nahi nuke hemen ere aztura hori hartzen bagindu.

Udazkenean etcheetarat biltzen dituzte. Zortzi egunez libro utzi ondoan, barnean alde bat ezartzen dituzte. Ordutik cherriak jateko guziak egosiak behar ditu; azkenekotz ogale hutsa.

SEMEAK. Ez-duzu erran zein adinetan chikhiratzen diren umeak.

AITAK. Goizegi chikhiratzen den bargoa ez-da behinere ongi edertzen. Sei hilabethe baino lehen ez-da egin behar.


XXXV.
Oilo, Antzara eta Ahateez.

AITAK. Deus guti erranen dut antzarez eta ahateez. Azkenerat aiphatuko ditut. Ez-dira on toki guzietako; bainan oiloa premia da laborari-etchean, eta cheheki mintzatuko naiz hartaz.

Oilotegia ez-da lekhu hotzean nahi, ez-beroegian ere. Iguzki-haize aldea du lakhet. Pitotcha ohartuko da, oilotegia ez-bada ongi hertsia. Neguan, goseak etcheei hurbilarazten du; eta zirriturik atzematen badu, ez-da oilotegia garbitu arte geldituko.

Oiloei athea goizik idekitzen zayote eta goizik hersten.

Tenore bertsuetan bazkatu behar dira bethi, erroteko orduak ez-nahastekotzat.

Oilo moltcho handiak, tcharki bazkatua delarik, ez-du haimbertze probetchu ekharriko nola moltcho ttipi ongi hazia denak.

Egarria etzayote jasanarazi behar; ez-dute hala deus onik egiten. Premia da ura menean izan dezaten bethi.

Gazteak hobe dira erroteko, zaharrak chitako. Aria hortaz, korokatzen diren oilo gazteak, freskarazi behar dira, eta zaharrak chitan ezarri.

Chitoak goizik izateko, oiloari oloa ematen zayo; harek ernarazten du, eta lasterrago abiatzen da erroten, lasterrago ere korokatzen da.

Beranteko chitoetarik ez-da begiratzeko. Hekietarik ez-daite ez-oilo, ez-gaphoin ederrik egin.

Bi urthez azpiko oilorik ez-da chitan ezartzen. Oilo harro, haize edo basek ez-dituzte chitoak ongi atheratzen.

Diote arroltze luzeetarik ethortzen direla oilaskoak, eta biribiletarik oilandak. Diote ere argitara begiratuz arroltzeari ezagut daiteela hea oilarrak jokhatua denetz.

Arroltze erron-berriak eta phisuenak dira hobeenak chitako.

Chitoak atheratzen abiatzen dira hogoi eta bat egunen buruan. Bi egun badagozke amarekin jan-gabetarik. Lasterregi ama-ganik khentzen direnak herbal gelditzen dira.

Hotzetik, haize eta bero handietarik begiratu nahi dira. Herbal direnei ematen zayote ogi phorroa arnoan bustirik. Ur garbiak ez-diote eskas egin behar. Premia da hurbildanik jarraikitzea hegatsa egin dezaten arteo.

Hiru hilabethetan gaphoindatzen dira oilaskoak.

Oiloak eta gaphoinak kayolan ezartzen dira gizentzen, toki ilhunean, bainan ez hotzean. Ogi eta garagar egosia on dute, artho orhea ere bai. Orhe hori mokotik sartzen zayote, hastean hein bat emanez, azkenekotz paparoak iduk-ahala.

Oiloak aztaparretarik eritzen direnean, hobeenik da berehala hiltzea; ez-dira sendatuko.

Kukurusta beltzen bazayote, buztan gaineko bichikan min dukete. Orduan aski da bichikari mokoa haichturrez moztea eta urez garbitzea.

Pipita dutenean mihian, kukurusta histen zayote. Ichkilimba mokoaz pipita khentzen da, eta urez garbitzen ahoa.

Beheitikoa balinbadute, ogi arnoan bustiak eta lur-sagar egosiak sendatzen ditu.

Oiloek on dute mihura egosirik; tomatea, mahatsa eta mahats-lapa gaichto.

Orai mintza gaitezen antzara eta ahateez.

Ongi hazten diren antzarek, urthe bakharrean egin dezakete hiru erron-aldiz ehun arroltzetaraino bakhotchak.

Antzara-piro sorthu-berriak begiratu behar dira hotzetik eta uritik, eta ez-dira kamporat igortzen jatera eman-gabe. Goseak igorriz, gerthatzen da askotan lephoa bihurtzen dutela belharrari tiraka hari direlarik.

Gizentzekotan, ezartzen dira lekhu hertsi, ephel, itsu batean. Khentzen zaizkote ichter artetako lumak, handik bero ez-ditezentzat. Orheak gizentzen ditu hobekienik, eta gazte direnak zaharrak baino lehen.

Antzarak bezala hazten eta gizentzen dira ahateak; bainan ura hurbil behar dute eta jatekoa arauka nasaichago, zeren ez-baitute antzarek bezala belharra alhatzen.


XXXVI.
Erleez.

AITAK. Ez-nuke laborari etcherik ikhusi nahi erlerik gabe, zeren hortarik ez-baita probetchurik baizik heldu.

Ongi achola-gutikoak garela aithortzeko dugu ez-denaz geroztik gure tokietan hoin erle guti baizik. Bethi arrangura gare gure ezin-bizia; bainan ¿zer egiten dugu gure erromestasunetik atheratzekotzat? Lanik ez-duen erle bat ere ez-dugu atchikiko. Artha chume baten hartzea sobera zaiku. Ongi begiratzen badugu gure bizi-moldeari, kausituko dugu zertaz jazar gerorren buruei.

Zu bederen, ene semea, baliatu nahiko zarelakoan gaurko solasaz, mintzatzera noha erleez.

Kofoin batean dira andre bat, arrak eta mandoak. Andreak egiten ditu arroltze guziak; arrak hiltzen dituzte erroteko aroa goaten denean; mandoak dira bakharrik langile.

Andrea erroten abiatzen da primaderan udazkeneraino. Arroltzetik lau egunen buruko atheratzen da har bat. Bortz edo sei egunez erle-mandoek hazten dute. Chilhoa tapatzen dute gero estalgi batez. Orduan harrak bere baitharik atheratzen du ziriku mota bat; hartan biribilkaturik, hila bezala gelditzen da zortzi egunez. Hura deitzen da kuchkua. Zortziko mugan, urratzen ditu kuchkua eta chilhoko estalgia, atheratzen da orraze gainera. Mandoek eztiz asetzen dute, milikatzen eta garbitzen dute alde orotarik. Handik harat badabila bertzeekin lanean.

Andreak hola egiten ditu hogoi eta hamar mila, berrogoi mila umetaraino. Kofoina laster ttipiegi izanen da guzien idukitzeko. Udako beroak khechaturik, pharte bat ilkhiko da andrearekin. Hura deitzen da erlumea.

Kofoinek ez-dute behar soinez-soin: batetik bertzera uzten da hiru urhatsetako huts-arte bat. Iguzki-aldeari begira, haize maldan dira hobekienik.

Inguru guziko lichtor ohantzeak chahutu behar dira artharekin, zeren lichtorrek hiltzen baitute erle hainitz. Chinhaurrien murruak ere barrayatzen dira orobat.

Erletegiak hurbil nahi du ura. Erleek ur hainitz behar dute beren lanetako; eta urrun goanez bilha, lan gutiago egiten dute; bide luzean ere galtzeko menturan dira.

Erletegiaren ondoan landatzen dira arbola aphal batzuek; erlumeak hekietan baratzen dira.

Halako mugetan erletegiari hurbildanik begiratzea premia da. Kofoin berriak chuchentzen dira. Berorik handienean atherako da umea. Ezagun da aintzinetik noiztsu ilkhiko den; ordu hetan erleak gogotik kantatzen du. Erlumea goregi hegaldatzen bada, legarra edo lur phorroa botatzen zayo gainera, beheiti jautsaraztekotzat.

SEMEAK. Nik ikhusi dut oihu eta harrabots egiten, bertz batzuei joka.

AITAK. Zoro lanak dira holakoak.

Erlumea ilkhitzen denean, birundaka dabila, eta astia ematen du behar diren erreparuen egiteko. Andrea baratzen den tokian geldituko dira guziak, mulkhoan elkharri lothurik.

Hurbil dakioke orduan errechkiago; ez-dira hain gaichtoak nola kofoinean dagozinean. Ezti khutsua emanik kofoin bati, ezartzen zayote azpian, eta mulkhoa hartara erorrarazten da arbola iharrosiz; lurrean uzten da chutiturik han berean. Ilhun ondoan ezartzen da erletegian. Biharamunetik erlea lanari lotzen da.

Neguan, hotzak mokhortzen ditu erleak: hilak bezala jan-gabe egoten dira. Negu eztia egiten duenean eta dembora goizik gozatzen bada, erleak guti egoten dira hotzak mokhorturik; orduan jaten dute; eta eztia akhabatzen bazayote, goseak hiltzen ditu. Halako aroetan eman behar zayote eztia asieta batean, paper batez estalirik. Papera ichkilimba batez chilhakatzen da.

Udazkenean, erle aberatsei khentzen zayote beren onthasunetik zathi bat.

SEMEAK. Hemen, onthasunaren biltzeko, hiltzen dugu erlea.

AITAK. Bai, ondikoz! Aphur bat berotzea-gatik, etchea erretzen dugu. Bainan jendea ez-da guzietan hain erhoa. Urrunago goan-gabe Kaskoinian erlea ebakitzen dute, ez-hiltzen.

SEMEAK. Hori ona laiteke, egiten ahal balitz.

AITAK. Ahal daite, egiten denaz geroztik. Ebaki-gabe ere onthasunetik khentzen diote toki batzuetan. Hekietako kofoinak ez-dira hemengoak iduri. Gaitzeru zola-gabekoak iduri dute. Halako lau gaitzeru ezartzen dira bata bertzearen gainean, elkharri krisketez lothurik eta gibelean phaldo bati. Gain-gainekoa estaltzen da taula batez. Gaitzeru hekiek chiri bat behar dute trebesean. Erleek arteka guziak tapatzen dituzte. Gainean egiten dute eztia, eta umea beherago. Hazil ingurutsuan, erle aberatsei khentzen zayote gaineko gaitzerua bere onthasunarekin, eta ordainez azpian gaitzeru huts bat ezartzen. Molde horrez lau urthetarik kofoin guzia berritzen da.

SEMEAK. ¿Zertako ez-utz gaitzeru hutsa gainean, khendu denaren orde?

AITAK. Hola eginez, ezkoa ez-laite behinere berri; berrituz hainitz hobe da.

Guzien-gatik, gauza bati ohartzeko da. Baldin erleei onthasunetik khendu diozutenean, dembora tcharrak ematen badu, ez-dira gosez hiltzera utzi behar. Asietan eztia ematen zayote eskas dutenei.

Orrazeak kofoinetik atheratu ondoan, tapatuak dituzten chilho guziak idekitzen dira nabala batekin eta ichurarazten zayote eztiaren pharte bat ahoz beheiti idukiz. Hura da ezti phurua eta garastiena. Bigarren eztia egiten da orrazea hautsirik eta eskuetan tinkatuz; pausatzerat uzten da; ondakinak zolara dihoazko; orduan hobeena hartzen da eta ondarra begiratzen neguan erleei ematekotzat. Bainan orhoit zaite lan horiek egin aintzinean, orrazea garbitu behar duzula ezko edo ezti ez-diren zikhin guzietarik.

Azkenekotz orraze puskak ezartzen dira bertzean urarekin. Suan urtharazi ondoan, bero-beroa irasten da tela argal batean. Hoztearekin, ezkoa gogortzen da.


XXXVII.
Oihanen baliostasunaz.

AITAK. Oihanik ez-duen etchaldea murritzik dago! Han egurra chuhur; — hezkurrik ez; — behar-orduan, zur puska hauzoan; — urthe tcharretan, artho erosteko mozkin biderik nihon ez ageri. Horiek guziak ez-dira laborariarentzat on.

SEMEAK. Egiazki holako etchaldeak ez-du diru hainitz balio; ezen laborantza puska bat izanik ere, behar den bihia ez-da bethi segur.

AITAK. Ez, urrun hortarik! sobera maiz eskasten da.

Bainan oihan ona duen etcheak badu bethi diru-bide.

Oihanak iduria-gatik lo dagoen onthasuna, ez-dago alfer; bethi egiten hari da.

Ez-da onthasunik oihanak bezembat mozkin garbi ematen duenik eta nekhe gutiagorekin.

Harek ere, bertze gauza guzien arara, artha zerbait behar du, bainan ez laborantzak bezembat hurranik ere; eta ez-da bertze onthasun bat bezain eri eta galkor.

Oihana da onthasunik segurena.

Lehenagoko mendeetan, gure mendi eta larre guziak oihanez estaliak ziren.

SEMEAK. ¿Nola bada daiteke hoin onthasun onak, errechak eta segurak galtzera utzi izan baitira?

AITAK. Chehetasun luzeegietan sarthu beharko nuke, erran nahi banu nola eta nola gerthatu den galtze handi hori guzia. Horren urrun hedatu-gabe, erran dezaket nolakoak diren oraiko gure hutsak.

Aspaldidanik laborariak haritz guti landatzen du. Landatzen dituenak ere gaizki egiten ditu, eta ondoan ez-diote artharik eman nahi.

Beren baitharik ethortzen diren haritzak ere haizkoraz sakhailatzen ditu.

SEMEAK. Bainan laboraria ez-da mendi gainetara goaten arbolen sakhailatzera.

AITAK. Behereetakoen chahutzea asti laite harentzat. Arteainek arrasatzen dituzte mendietakoak.

¿Non da artzaina baino chahutzaile gaichtoagorik? Bero-aldi baten hartzeko, tantay gazterik ederrena ondotik eramanen du. ¿Zertaz dukete artzainek achola? ¿Ez-dira gehienak muthil? Nausiek ez-dituzte ikhusten, eta nausiek berek ere lagun letzazkete herriko komunean bederen. Jainkoari damutzen zaizkon gauzak egiten dituzte, deusere ez-balitz bezain deskantsu.

Ene semea, gurea ez-den onthasuna bertzeena da; eta niholaz-ere ez-dezazula ez-uki, ez-daina bertzeen ona. Jainkoak begira zaitzala! Ttipitik handira, gutitik hainitzera, etchetik galeretara, bizitik hiltzera, horien guzien artean urhats bat baizik ez-da.

Goazin berriz ere gure artzainetara.

Artzainek gure mendietan egin izan dute egundainoko gerlate, uholde eta harri-abar guziek baino bidegabe gehiago; eta ez-dira oraino baratu.

Gerlateetan chahutu da arbola frango; bainan ez-da egun oroz gerlate, eta oihanak berritzen dira. Uholdeek ere erros gora ezarri dute asko zur eder, bainan oihanak utzi dituzte beren lekhuan. Harri-abarrek behin-bethikotz dainatu dituzte hainitz landare gazte; bainan oihanak hekien gatik oso egotu dira.

Artzainek ordean orayetako onak eta gerokoak guziak arront badaramitzate. Suz erretzen dituzte mendiak. Sasietan heldu diren arbolak arradizaraino chahutzen dituzte. Orduan mendiak larrutzen eta agortzen dira, zeren hautsak lehembiziko udan belhar ona ekharrarazi ondoan, gerokotzat lurra idortzen baitu.

SEMEAK. Chitchuri hori ez-da beraz landetakoa bezala.

AITAK. Bai, ene semea; bainan landak luhumendatzen, ongarriztatzen eta molde oroz ontzen dira. Mendietan halakorik ez-da; hautsak agortzen ditu. Nihonereko bidegabe guziak darraizkote erretze horiei.

SEMEAK. ¿Ez-othe-da bada legerik horien debekatzeko?

AITAK. Bai bada segurki, eta garratza ere! ¿Non dira ordean gizonak legeari bere bidea emanen diotenak?

SEMEAK. Iduritzen zait oihanzainak, guarda-champetrak, hauzaphezak, juyeak eta poliziako komesarioak zerbaitetako direla.

AITAK. Hortakotzat segurik ez-dira orai arteo hambat baliatu. Uste izateko da noizbait komesarioek bederen begiak argituko dituztela. Egia erraiteko komesarioak berriak dira oraino eta ohartuko dira ondikozko erretze horiei.

Badira herrietako buruzagi eta etcheko-jaun asko komesarioak gogo gaitzez ikhusten dituztenak. Adimendu laburrak! Nik ez-dut komesario beldurrik; ene eginbideak zuzen bethe nahi ditut. Bainan norbaitek bidegabe egin, edo egin-gogo badarot, uste nuke laguntza ona izanen dudala haren aldetik.

Gure menderaino erretzaileak eta hekien laguntzaileak gehienetan utzi izatu dira Jainkoaren justiziari. Hemendik aintzina lurreko justiziarekin ere ikhusteko badukete. Aichtian erran darotzut mendi arbolez gabetuak agortzen direla. Orai bertze haimbertze diot larreez eta larre inguruez.

SEMEAK. Hori ez-da ene baithan ongi sarthu. Erran duzu ezen hautsak, bertze onkhailurik gabe, uda lehenean indar puska bat egiten duela; gerorat kalte ere bai. ¿Hori aski othe da bada lurraren agortzeko?

AITAK. Gauza aski mengoa handitakoa da chehetasunetan sartzekotzat. Ene solasari jairraik zaite beraz ongi.

Aintzinean aiphatu izan dudan bezala, belhar eta arbola guziek ura edaten dute beren hostoetarik: erran-gabe doha arbolak edaten duela belharrak baino hazkarkiago, hala nola idiak chinhaurriaren aldean.

Arbolak hainitz edari behar duela, nork-berak errechki ezagutuko du. Bero baten ondotik uria heldu bada, laster-egiten duzu arbola baten azpira; eta arbola urez ase arteo etzare segurki bustiko.

Oihanetan badira arbola hainitz eta handiak; hedoyek dakharketen hezetasuna deitzen eta bereganatzen dute; hedoyak geldiarazten dituzte.

Baldin lekhua biphila balitz, hedoyek aintzinago jo lezakete; bainan oihanek baratuz, han uzten dute sabelean dagokaten ura.

Aria hortaz gerthatzen da hezeagoak direla oihantsu diren aurkhintzak toki larrutuak baino.

Bertzalde aurkhintza oihantsuetan ez-da hezetasuna galtzen ephaitza biphiletan bezala. Arbolen hostayak trabatzen ditu iguzkia eta haizea, eta lurra ez-da agortzen.

Ura nasai da oihan hainitz den lekhuetan.

Oihanik ez-den tokian; belharrak chiphiltzen dira, lurra chigortzen eta hirrikatzen da. Ithurri guti halako ephaitzetan.

Lekhua idorrago eta laboraria gaizkiago. Bihi guti, belhar gutiago, aziendarik ezin haz. Arbolarik gabe ez-du ez-gozo, ez-mozkin, ez-laguntzarik batere.

Oihanetarik ez-da jabearentzat bakharrik on handia, bainan bai herriko egoiliar guzientzat ere.

Herrietako buruzagien eginbidea da beraz herriko larreak oihanez bethetzea; eta ez-da segurki gobernamenduaren hobena baldin hori ez-bada hola egiten; gure hauzapezek badute hortaz aditurik aski, guti khechatzen badira ere gehienak.

SEMEAK. Gaizki hori! iduri luke ezen kargu bat hartzen duenak, karguak manatzen diozkien eginbideak bethe behar lituzkeela.

AITAK. Ongi mintzo zare. Bainan hainitzek ez-dute hauzaphezgoa urguiluz baizik bilhatzen. Kargu horrek badu errekesta. Eder zaiku entzutea: «Agur, Jaun Hauzapheza!» Ongia ere egin ginezake, bera bere baitharik heldu balitz. Ai ordean! bermatu gabe geroni, etzaiku nihondik onik erortzen. Oihanak ere nahi gintuzke... ¿non dira?

Badakigu bertzeek zer egin behar luketen; bertzeentzat midiku gare, eta guretzat ez barber ere. Berehalako ona ikhusten ez-badugu, gutiak begiratzen gare gerochagokoari.

Hori da egia lastimagarria!

Eta bizkitartean gizona itsua izan behar da ez-ikhustekotzat zahartze on bat segura lezokeela bere buruari, baldin arbolaz bethe baleza bere onthasuna. Orai hiru-hogoi urthe dituzten gizon guziek urthean arbola bat landatu izan balute, Eskal herria jadanik oihanez nazai zaitekeen. ¿Hala othe da? — Zembat larre eder dagode buluzik alde orotan, haritz bakhar bat gabe! Guziei baliatuko zitzayoeten ona, guzientzat galdua!...

Ondikozko totalkeria batek azpian gauzkitza: totalkeria etcheko-jaunetan, totalkeria herriko buruzagietan!

SEMEAK. Zinez-ere, harritzeko da! Guk bederen oihanak egin detzagun gure ahalaren arabera.

¿Zer behar da hortako?

AITAK. Choko batean mindegi puchka bat, neguko lan-arteetan landare zembait lurrean ezarri; aintzinean ezarriak edo beren baitharik sortu direnak chederratu. Ez-da lan gaitza! Ni ez-naiz baliatuko zu bezembat naski, bainan zuk doblatuko duzu zure onthasunaren balioa.


XXXVIII.
Zuhamu motez.

AITAK. Zerbaiten egitera bermatu nahi zarenaz geroztik, nik ere emanen darotzut ahal dudan laguntza.

Hasteko argituko zaitut oihanetan diren zuhamuen gainean.

Haritza da herri haukietan ikhusten den zuhamu nausia. Azala, zura, hezkurra, egurra, guziak hainitz onak ditu. Ongi heldu da zoletan eta maldetan, bainan ez mendi gainetan. Sorthu den tokian edertzen da; nekez ematen du tokiz aldatuz.

Ametza haritz mota bat da zurgintzako on ez-dena. Egur guti delakotz gure aldeetan, laguntza egiten daroku; bainan hobe dugu bertze zer-nahi arbola landatzea ametza baino.

Gaztaina bortz-sei urthetan on da ustei egiteko, hemezortzitan barrika egiteko; handik-harat ematen du bere fruitua. Dornadura ederrak egiten dira gaztainaz, bertze obra hainitz ere hirietan. Orok badakigu zer baliostasun duen haren fruituak nahiz jendeentzat, nahiz aziendentzat. Gaztainak lur harroa galdegiten du. Hiratzeak gogotik ematen duen toki guzietan, gaztaina ederki ethorriko da.

Zuharrak ikhusten ditut asko lekhutan, nahiz hemen ez-diren moltzo handika. Bayona berriz alde orotarik zuhar ederrez inguratua da. Zuhamu on bat da zuharra obra guzietako. Ala mendietan, ala zelhayetan, non-nahi ongi heldu da. Hegoa-aldea ez-du hala maite.

Burzuntzari ematen diote asko izen: zur-churia deitzen dute hainitzek, Probentziarrek makala, Nafartarrek tchipoa. Zolaguneak ditu lakhet. Nahiz zuhamu beratza den, burzuntzak badu on handia, zeren lanik eman-gabe laster heldu baita.

Fagoak ematen du mendietan edo zelhayetan orobat. On da urekotzat, bahe eta zethabe usteizat. Orgak ere egiten dira zuhamu hortaz, idorra balimbada. Erretzeko egur on bat du. Fago hezkurretik olioa egiten da; cherriak ere gizentzen dira hezkur hortaz.

Izaya, edo zapina, gure tokietako zuhamurik handiena da eta zuzenena. Iratiko oihanean, ehun pia baino luzeagorik bada. Geriza nahi du lehembiziko bortz edo sei urtheetan. Aria hortaz, ongi heldu da oihanetako huts-arteetan. Zur arina du, eta nola zuzena baita eta luzea, untzietako eta etcheetako hainitz balios da. Tirrimintin mota on bat ere athera daiteke izayetarik.

Lerra, edo pinoak, aberasten du Kaskoinia. Hartarik heldu dira arrachina, tirrimintina, alkhaterna, zurak, egur ona, haziak aziendentzat. Mendian ethorriko da nola zelhayean, legarrean nola larrean; ez hotzaz, ez beroaz ez-du acholarik. Gure mendiak ikhusi nahi nituzke oro lerraz estaliak.

Urkhia ez-da hambat on etche zurerietako, bainan bai benuzeriako, orga eta karrosa egiteko. Hartarik atheratzen dira tresna propiak. Guk egiten ditugu kaikuak, azpilak, ophorrak eta ophotsak. Ruzian, azaletik thanua atheratzen dute, eta izerditik agorient mota bat. Ala patarrean, ala ordokian, orobat ematen du.

Lizarra, gure aldeetan, bakhan ikhusten da berreotarik kampo; eta bizkitartean zuhamu ederrenetarik da berenez; ona zurgintzako nola benuzeriako. Lur fresko, arin eta gizenetan, arbola gaitza egiten da.

Gaztirraga ethortzen da bizkarretan eta zelhayetan. Ez-du lakhet toki urtsua. Hemen ez-dut nihon ikhusten bakhar batzuek baizik mahastietan, gereziak bezala phaldotzat kozkortuak. ¿Zertako ez-utz handitzera zuhamu eder eta balios hori? Amerikako zuhamu hautenek bezain tresna ederrak egiten dira gaztigarretik. Sekulan ez-da biphiatzen.

Akazia hedatzen hari da gure tokietan, eta oraino lasterrago heda laiteke ongi ezagutua balitz haren baliostasuna. Nola-nahika heldu da. Goizik ematen ditu mahats phaldo hautak. Zalhitzat eta tresna egiteko ez-du bertze zuhamu baten minik.

Haltzak errekak eta aintzirak ditu lakhet; bertze arbolarik ethorriko ez-den lekhu tzarretan heldu da hura, eta sanhotzen du tokia. Ez-du hargatik maite hegoa-aldea. Urekotzat ona da, bainan ez-tresna egiteko, fardoegi da. Obratzeko errecha delakoan baliatzen da kadira eta espalakoin egiteko. Lan feriesa atheratzen da haltzetik.

Heltzaurrak du, guziek dakiten bezala, zurik hautatuena tresnen egiteko. Lakhet ditu toki harritsuak.

Gereziak ere zur ederra du; lur onean ontsa heldu da.

Fruitutako bertze arbolez aiphatuko dut gerochago.


XXXIX.
Oihan erainez.

AITAK. Oihanetako arbola guziak heldu dira hobeki tokian erainez, mindegietarik atheratuz, edo chotchetarik baino.

Deus-handirik ez-da erraiteko chotchez. Horietaz mintzatuko naiz hasteko, zeren eraintzek eta landatzeek chehetasun gehiago galdegiten baitute.

Chotchetik heldu dira burzuntza, haltza, sahatsa eta bertze zembait zuhamu mota.

Chotchak egiten dira gando ederrenetarik. Zorrosturik sartzen dira lurrean negu akhabantzan, botea ernatzera dohanean.

Bainan chotchetik ethortzen diren zuhamuek ez-dezakete bakharrik egin oihan molde bat. Horiek dira lekhu heze eta aintziratsuen baliatzeko.

Oihanik ederrenak eta baliosenak heldu dira tokiaren gainean sortzen diren zuhamuetarik.

SEMEAK. Bainan hazia non-nahi erainez, arbola ez-da ethorriko: aziendek ez-dute handitzera utziko.

AITAK. Ez-dut erran non-nahi erain behar dela. Larreki asko bada arbola ondo bat gabe. Bertze hainitz toki ere phezoinez ingura daizteke.

Eta balio du segurki zembait urthez halako zerrakietan aziendarik ez-alharaztea, ezen arbolak laster nausituko dira, eta orduan izanen da bazka eta oihan ona.

Asko zuhamuk badute erro nausi bat, lurrean zuzen beheiti sartzen dena. Halakoek ez-dute nahi diren tokitik aldaratu bertze nombait landatzeko. Ederkienik sorthu-lekhuan heldu dira, eta bertzeetan ez.

Alabainan erro nausia dute errorik hobeena. Landareak ezin-athera daizteke lurretik erro nausi oso-osoarekin; hausten diote errorik premiena. ¿Zer gerthatzen da orduan? — Erro nausia galdu izan duten arbolak, hiltzen ez-badira lehembiziko urthean, ondokoan badohazi. Zembaitek irauten dute gehichago; bainan erphil egoten dira, eta gutiz-gehienek ez-dute behinere deusik onik egiten.

Haritza da oroz gainetik tokiaren gainean gelditu nahi dena.

Haritz landareak ez-badituzu artha berezi batekin atheratzen eta landatzen, gehientsuak galduko dira, aurthen bat, gero bertze bat, eta bethi hola-hola.

Bizkitartean haritzak ere landatu behar dira, zeren toki hainitz baita ezin-hertz daiztekeenik. Guri dihoakigu ahalik hobekienik egitea.

Balimbada ordean nihondik ere tokiaren gainean eraiteko molderik, hura daiteke lanik zuhurrena.

Beraz eraintzez mintzatuko natzaitzu lehembizikorik.

Hazi ona behar dela, hori erran-gabe doha. Ez-erain dudako hazirik; oyhana huts-artez bethea ethor laiteke.

Huna nola erainen duzun larre phezoinez hertsian.

Larre buru batetik bertzera hiru edo lau hildo itzuliko dituzu goldeaz. Lurra barna jotzea ez-da premia; achaltsuan aski da.

Zergada irauli horren sayetsean, bi edo hiru urhats urrunago, bertze zerrenda bat atheratzen duzu buruen buru; eta hola-hola, arteak utziz zerrendaka lantzen duzu gainerako lur guzia.

Lekhu irauliak arhatu, zikhinak khenduche eta eraiten duzu arthoa bezala hezkurra, edo gaztaina, edo nahi duzun zuhamuaren hazia.

Haziak bi, hiru erhi-trebes lur aski ditu gainetik. Lur arin eta legartsuan gehichago behar du.

Urthe mugan, landare gazteak bakhandatzen dira, batetik bertzera pia baten hutsa uzten den bezala. Zikhin handienak atheratzen dira eta tokiaren gainean ustelarazten.

Landareak hastapenean elkhar ganik hurbil utziz, lerdenago eta legunago ethortzen dira. Bainan urthe oroz aintzina bakhandatzen dira, handitzen direnaren arabera; bertzela, usuegi geldituz elkarri bidegabe ekhar lezokete.

Orok haize eta iguzki galdegiten dute. Guzientzat aski bada ttipi direno. Hola-hola beroki handitzen dira lehembiziko urtheetan. Gothortzearekin batak bertzeari traba eginen dio.

Orduan gudua da hekien artean: tcharrenak galtzen dira probetchurik utzi gabe, eta hazkarrenak ez-dira baliatu eginen ziren bezala, baldin soberakinak khenduak izan balira.

Beraz laguntza emateko da, usuegiak bakhandatuz. Arbolek berek erakhutsiko dute noiz eta nola egin. Ezen toki batzuetan arbolak lasterrago hazkartzen dira bertze zembaitetan baino; aria hortaz, tokiak badira zeinetan lasterrago bakhandatu behar baita.

SEMEAK. Iduritzen zait ez-dela ezagutzea gaitz non den beharrik handiena.

AITAK. Artha bat da guzia. Eta hortako lanak badu bere saria. Hastean, hortik ez-da deus handirik atheratzen, bainan oihana hazkhartuz dihoa eta mozkinak laster lanaren saria baino gehiago baderamaka. Hastean abarra zinduen; gero phaldoa, geroago zur meharrak zerbaitetako direnak ebakitzen dituzu; eta azkenerat gelditzen diren ondoek oihan balio handiko bat egiten dute.

Mendian ordokian baino usuago uzten da oihana. Usuak hazkarkiago ihardetsiko dio haizearen indarrari.

Aria beraz usuago uzten da hegoa-aldean eta mendebal-aldean, ezenetz iphar-aldean eta iguzki-haize-aldean.

Sobera bakhandatzea baino hobe da usuche uztea, zeren arbola usuak zuzen dihoazi goiti; eta bazterretarik laguntzarik ez-dutenak haizeak baderabilzka alde alde orotara, eta kozkortzen dira gero.

Lan horietan ez-da beraz nola-nahika hari behar; artha ekhartzeko da. Eta nork-berak eginen ditu hobekienik, ez-dira holakoetan langileak beren burutara utzi behar.

Ez-du guti erran-nahi behar den bezala bakhandatzeak. Ongi egiten bada, indar gaitzean sartzen da oihana eta laster ageriko da zein on handia duen hartu.

Oihan zaharretan ere asko arbola gazte beren baitharik ethortzen dira, eta usuegi heldu diren tokietan behar dira emeki-emeki bakhandatu erran izan dudan neurrian.

SEMEAK. Ageri da, aita maitea, larre hertsietan egiten diren oihanek hobeki emanen dutela lekhu idekietakoek baino. Gastuak ordean izituko ditu asko etcheko-jaun ttipi, zeren ez-baitukete larren hersteko ahalik.

AITAK. Ez, ene semea, ez-da hori. ¿Zembat larre urthe oroz ez-da gure inguruetan phezoineztatzen? Lan hori hartzen dutenek bazka-gatik egiten dute gehienek. Ez-dira gerokoa-gatik hari; berehalako ona ez-badugu ikhusten, gerochagokoak ere ez-daroku hambat ukitzen bihotza. Bizkitartean aita batek orhoitzeko luke bere haurrez; ¿bainan non dira halako aitak? Badakit onak ere badirela. Hekiei erraiten diotet:

Zuen larrekietan egizkitzue oihanak!

Oihana ezin egin dezakeenak egin beza larraina.

Larre baten hersteko ahal ttipia duenak herts beza hauzoko larrearekin batean; bi hauzoek phezoin gutiago aski dukete.

Ai! ene semea, partzuergo horiek ez-dira nihoren galgarri. Batasunak eta adiskidetasunak indar handiak dituzte. Harri bat dorpheegia denean gizon batek bakharrik ambiltzeko, biek eginen dute menturaz; bia ez-badira aski hiruek edo lauek eginen dute. Batasuna eder eta balios da guzientzat!


XL.
Oihan landatuez.

AITAK. Tokiaren gainean sorthu den arbola, landatua baino hobeki heldu dela, ez-da hori gauza dudakoa. Bainan badira larre hainitz ezin-phezoinezta daitezkeenak, lekhuak ez-duelakotz manatzen. Eta bizkitartean damu laiteke arbolentzat ona den tokia alferrik uztea. Halakoan landa zazu arbola.

SEMEAK. Ez-da alabainan bertze biderik.

AITAK. Ez, ez-da, eta dugunaz behar gare baliatu.

Larre hertsi-gabean egitekotzat larraina, mindegi bat nahi da landa chokho zembaitetan. Huna nola lothu behar den lan horri.

Udazkenean, hezkurra zohitu denean, erortzen diren hezkur ederren guziak biltzen dira, eta etche-zokho batean ezartzen lur harro puska batekin nahastekaturik, primadera arteo. Gaztainarentzat orobat da. Hola eginez gaztaina eta hezkurra fresko dagode. Ez-dira galtzen.

Zohitzen diren bezain laster eraiten balira, sahatsuriek, luphekoek eta bertze asko marmutzek hekietarik hainitz chahu lezakete.

Toki batzuetan, barrika buruz-gorakoetan urarekin ezartzen omen dituzte, eta hala ere irauten omen dute galdu gabetarik.

Erran izan darotzut haritzak ez-duela bertze asko zuhamuk bezain ongi ethorri nahi sorthu den tokitik aldaratzen bada. Hori heldu da erro nausiaren dainatzitik; atheratzaileek bihurtzen eta trenkatzen dute.

Huna zer egiten den haritzak eta gaztainak sorrarazteko erro nausi borthitzik gabe.

Mindegia egiterakoan hezkurra eta gaztaina mihauria buztantzera uzten dira, gero haichturrez mozten dira buztanak. Holako hazitik ez-da erro nausirik heldu.

Mindegizaleak badira bertze lan bat egiten dutenak. Mindegia erain, eta bigarren urthean, phala-herra zorrotz batez erroak luphean berean laburtzen dituzte sei pusez azpitik. Ni ez-naiz ausartatzen lan horri: huts egitea errech da, eta beldur naiz mindegia iharrazteaz .

Gure tokietan, mindegian luzezegi idukitzen ditugu haritzak; gothorregitzera uzten ditugu landatu aintzinean. Horrek hainitzak galtzen ditu.

Haritzak ez-du mindegian bortz urthe baino gehiago egon behar.

Atheratzean ez-dezazula erabil tira-biraka, ez-dezazula bihur. Athera zazu emeki, artha handirekin, erro chehea hautsi-gabe.

Erroak phorrokatuz eta bortchaka erabili den landareak ez-du berriz lurrean ezartzea balio; hain on laiteke makhila bat landatzea; biek ondorio bera izanen dute. Surat ematea laiteke laburrenik.

Ikhusi izan ditut arbola landareak oihanetarik atheratzen bertze tokitara eramateko. Ez-da hori ona. Halakoak maiz gerthatzen dira uste baino zaharragoak: haritz gazteari ontsa lotharaztea bada aski lan, lan alferrik erabili-gabe zaharrekin.

Oihan baten landatzeko gogoa hartzen duzunean, zilhoak larrean urthe bat aintzinetik egizkitzu.

SEMEAK. Zer! ¿horren goizik?

AITAK. Batere ez-da sobera. On handiak heldu dira hortarik.

Alde batetik, arte-marteka astia duzunaren arabera hari zare zilho egiten.

Bertze aldetik, iguzkiari eta hormari joarazten dioizkitzute zilhoa eta zilhotik athera duzun lurra. Achola den gauza da hori: lurra ontzen duzu hola gasturik batere gabe.

SEMEAK. Sinhesten dut hori. Ezen zilho bat egin buztin-lur batean, berehala han sar lur onetik heldu den landare mamorra et[a] buztin hotz puska batez estal..., ezagun da aski garbiki ez-dela hori lan ona.

AITAK. Ez-du laborari onak holakorik egiten. Harek zilhoak aintzinetik daramizki eta lurra jotzen du barna. Zilhoak behar du pia bat eta erdi beheiti eta bertze haimbertze zabal.

SEMEAK. Hori hainichko diozu hemengo gizonentzat; gehienek ezen beren poneten heineko chilhottoak egiten dituzte.

AITAK. Egia soberatua! ene semea; eta hortarik heldu da landare hainitz hiltzen baita. Hori guzia nagikeria baten ondorio ederra da.

Hola egiten dutenei etzaitezela begira, eta ikhusiko duzu zure aita zaharraren errana on atheratuko dela.

Huna beraz zer egin behar duzun.

Azaleko lurra ezar zazu alde batera, barnagokoa bertzera.

Huna berriz nola landatuko dituzun arbolak, ordu hura ethorria dukezunean.

Hasteko, zilhoaren erditsuan sartzen duzu phaldo bat, eta phaldoaren aldean ezartzen eta estekatzen duzu landarea behar den neurrian, lasto zamuka batekin lokharriaren eta ondoaren artean.

Orduan, erroak ontsa antolaturik, gainera ematen diozute lur hobeena, dituzun iratze, othe puska eta hosto ondar guziekin; lurrik tcharrena ematen duzu azkenerat.

Gero elhorriztatzen duzu landarea eta ondorat ematen inguru hekietan diren harri guziak.

SEMEAK. ¿Zer egiten dute harriek?

AITAK. Landare landatu berriek hezetasuna nahi dute lurrari lotzekotzat.

Harriek hezetasuna biltzen dute; hekien azpia ez-da behinere ez idor, ez tinko; ur gehiago edaten du uria denean, eta hola inguruko lurra baino hezeago eta harroago dago. Aria hortaz landareak hobeki baliatzen dira hezetasunaz eta aireko onez.

Hortaz bertzalde, harriek ez-dute uzten zothala landare gaztearen azpian egitera eta arbola ontzen da, jorratzen balitz bezain ongi.

SEMEAK. Harri hainitz behar laiteke hortakotzat; eta diozu jorratzea bezain on dela harri ematea. Nik ez-dut nihor ikhusten arbola jorratzen.

AITAK. Harria ez-da non-nahi kausitzen: den tokian baliatu behar da.

Diozu ez-duzula ikhusten arbola jorratzerik. On dute bizkitartean eta oihanak hemen baino arthatuagoak diren tokietan jorratzeak egiten dituzte arbola gazteen ondoetan. Hori baino gehiago! ura ere ematen diote, ahal den lekhuetan azei eta bertze baratzekariei bezala.

Lan horiek ez-dira baitezpadako lanak; horiek on handia dakharkete, eta ez-dira egin-gabe utzi behar errechtasun bat den tokietan.

Arbolak landatu dituzunean, ondoko urtheetan ez-badiozute deusere artharik ematen, galtze handiak eginen dituzu. Haletan lehembiziko lanak ez-dute hainitz balio. Etzare hambat argituko horren gainean zure herrian ikhusten duzunaz. Hemen laborariak ez-daki arbola tratatzen. Hargatik erranen darotzut zer egiten den bertze tokitan. Asko gizon argitu jarraiki izan dira oihan landatzei: hekien erranetik mintzatuko naiz.

Aspaldidanik ohartu ziren arbola baten erroak eta adarrak, batzu bertzeen arauka direla. Adar hainitz duen arbolak, erro hainitz; adar guti duenak, erroa chuhur.

Landare bat atheratzen duzunean mindegitik, ez-ditu bere erro guziak berekin eramaten. Ez-duke orduan bere adaburuaren hazteko indarrik, eta horrengatik moztu behar zayo kapeta. Horra nola egiten den landatzerakoan.

Bainan gero hemengo laborariak huts handia egiten du arbola landatuari utziz ethortzen zaizkon adar guziak.

Hola eginez, zur motzik baizik ez-da heldu; eta geroago egiten diren hutsen ariaz, zur hekietarik gehientsuei barnea galtzen zayote.

Huna nola. Laborariak utzi ditu adar guziak; noizbait arteo ez-da ohartzen azpikoak aphalegiak direla; zahartzearekin, adar hekiek luzatzen eta jausten direla; traba egiten dutela. Orduan laborariak ikhusten du ezin utz daiztekeela hala. Mozten ditu beraz adar lodituak eta arbolari egiten dioizki zauri batzuek behinere sendatuko ez-direnak. Zauri hekietan abiatuko da usteldura, eta emeki-emeki barne guzia galduko da.

Baldin adarrak ez-badira oraino aski lodituak ezin-sendatuzko zauriak uztekotzat, halere laborariak ez-du izanen zur motzik baizen, hastetik landarea ez-duelakotz goiti bidatu.

Zur motzak ez-du luzeak bezalako baliostasunik.

SEMEAK. Hori begien bichtako gauza da.

AITAK. Garbi ageri den arren, hain gare tontoak non bethi huts bera egiten baitugu. Horrengatik da nekhe egungo egunean laz eta taula gairik bazterretan atzematea.

SEMEAK. Alabainan arbola lodi guti da barnea usteldua ez-duenik.

AITAK. Hori jabearen hobena da. Arbola arthatu behar bidean, sakhailatu du probetchurik gabe.

SEMEAK. Ikhusten dut non den hutsa, bainan ez-dakit zer egin behar den arbolen ongi bidatzekotzat. Argi nezazu othoi horren gainean, ezen nik bederen ez-ditut nagikeriaz utziko horren onthasun baliosak galtzera.

AITAK. Ederki! ene semea; holako gogoa duzunaz geroztik, nik ere emanen darozkitzut behar diren chehetasun guziak.

SEMEAK. Aita maitea, esker hainitz zor darotzut zeren hunela argitzen nauzun. Ernerik banago zure solasari.

AITAK. Arbola landatu-berri batzuei sortzen zaizkote tantayaren erditsutik boteak. Halakoei ohartzen denean, berehala eskuz khendu behar dira. Kapetako muskila uzten da bakharrik.

Huna zer den egiteko bigarren urthe hastean. Hiru edo lau adar hautatzen dira muskilean, kapetako muthurretik pia bat bezala beherago. Hekien inguruko guziak ondo-ondotik mozten dira, bainan ez moko-mokoan diren bote erphilak.

SEMEAK. ¿Zertako bada horiek hola?

AITAK. Zur luzeen izatera hari behar da.

Hortarakotz nausiarazten da adar bat; tantayak adar hartara ekharriz bere indar guzia, luzatzen da goiti chuchen eta zur ederra eginen da.

Halako adarra ez-da moko-mokoan hautatu nahi; ez-dira han hazkarrenak ez-eta bizitoreenak. Bertzalde, arbola landatzerakoan, kapeta moztu izan zayo eta muthur hartan egiten da bethi usteldura zerbait; beraz moko-mokoan uzten balitz adar luzagarria, zurak begira lezake dainu bat.

Beheragodanik hartzen da adar luzagarria eta kapeta muthurrari estekatzen diozu, chut-chuta jar dadientzat. Harekin batean bertze zembait adar behin uzten ditutzu geroago moztekotan; bertzenaz landarea hil laiteke.

SEMEAK. Ikhusten dut orai. Adar nausia hazkartu denean, arrasatzen dira behin utzi izan zaizkon lagun bakharrak.

AITAK. Diozun bezala. Handik bertze urthean, hori izanen baita hirugarrena, ondotik mozten dituzu adar nausiaren lagunak, bainan ez-oraino mokoko erphilak. Ez-da lasterregi murriztu behar tantaya.

Laugarren urthean mozten dira adar nausiaz bertze guziak.

Bortzgarren urthean motz daiteke adar nausitik goragoko muthurra, bien juntartetik zeiherka gain-beheiti.

Muthur hori hiltzen den bezain laster khentzeko da; bainan bizi dagoeno uztea da hobeenik, zeren adar nausia bethi hazkartuz baitihoa, eta geroago eta errechkiago estaliko baitu muthurraren ebaki-lekhua.

Handik harat, goiti bidatzen da adar nausia, eta horra nola ethortzen diren landareetarik zur luzeak.


XLI.
Arbola chederratzeaz.

AITAK. Oihan gaztearen ongi chederratzetik keldu da oihan hartako ona edo gaitza. Ongi egiten baduzu, ongi ethorriko zaitzu; gaizki egiten baduzu, izanen du ezin-sendatuzko gaitza.

SEMEAK. Atzartasun handia zor zayo beraz, eta nausiak berak han behar du izan chederratzetan, lanari idukitzekotzat begia.

AITAK. Ez-da dudarik batere. Holako orduetan ez-da langilea bakharrik uzteko.

Chederratzeak egiten dira izerdia geldi dagoenean, erran-nahi baita negu haste edo akhabantzetan.

Uztailaren erditik eta aboztuaren erditsuraino ere izerdia geldialdian izaten da, bainan ez-da zuhurtzia oihana halako mugan ukitzea behar-ordu handirik gabe.

Negu akhabantza da chederratzeko tenorerik hobeena, zeren zauriak orduan estaltzen baitira lasterrenik.

Zur ederrak eragitekotzat oihan gaztean, arbolen chederratzea premia da. Ez-da ordean nola-nahika egiteko lan bat. Neurriz eta ongi begiratuz hari behar da. Adar sobera uztea hobe da, ezenetz gutiegi.

Goregi chederratuz, izerdia beheiti jauts laiteke eta arbolak gibelerat egin lezake, aintzinatu behar bidean; premia zayoen adaburua bildu arteo ez-lezake aintzinerat egin berriz.

Lur onetan, arbolak adar gehiago darama idorretan baino; zuhurki chederra zazu, nahi ez-baduzu urthaldi bat edo bertze gibelatu.

Adar lodien ebakitzea, zuraren ustelaraztea da. Oihan arthatuetan ez-da holakorik gerthatzen. Aski da ez-uztea sobera loditzera.

SEMEAK. Bainan gertha naiteke bi beldurren artean; beldur sobera khentzeaz, eta beldur dudako adarra sobera lodi dadien.

AITAK. Halako estantetan egiten da arbola sagarde heldu denean bezala. Urkhila hausten da, bi adarretarik tcharrena moztuz goradanik, erditsutik bezala, eta ondoko urthean arrasetik. Herabe bazare adar baten moztera beldurrez arbolari damu dakioen, ebakitzen duzu behin erditsutik eta geroago arrasetik. Erditarik mozten den adarra ez-da hiltzen, ez loditzen ere.

Urkhila hautsi nahi duzunean, mendebal aldeko adarra utz zozu nihondik ahal bada, zeren bertze alderdia errechkiago sendatzen baita.

SEMEAK. Horietan orotan ez-dut ikhusten nola behar naizen lothu oihan chederratzeari.

AITAK. Urthe oroz adar aphalenak ebaki zatzu ondotik, azala dainatu gabe, eta kapeta hazkar utziz.

Arbola batek bere goratasunaren erdia nahi du zuretan eta bertze erdia adaburutan.

Arbola adar bat ebakitzeko denean, lehembiziko haizkora ukhaldiak eman behar dira azpitik eta ez-gainetik; bertzela eginez, adarrak eraman dezake zathia zuretik, eta hala geldi laiteke bethiko dainua.

Adarra moztean, uzten da erhi trebes bateko muthurra eta ez gehiago. Muthur luzeagoa ustel laiteke han berean, gerorat zilho bat egin laiteke, eta azkenekotz handik gal laite zuraren bihotza.

Azalak estaltzen du muthur motza; luzea ez.

Izaya, pino edo lerra eta arrachina dakharketen zuhamuak, dira bakharrik muthur luzeekin uzten direnak zembait tokitan.

Adar lodien artean ethortzen dira askotan bertze adar mehe, malet, ilhaun batzuek. Halakoek alferretan iresten dute arbola. Khendu behar dira guziak neguan edo orobat uztail eta aboztu artean.

Erran izan dut arbolak erdia zuretan, erdia adaburutan goan behar duela. Neurri hortan den arbolan gertha daiteke orobat adarrak usuegi direla, eta holetan adaburu dorpheegia. Orduan arteetarik zembait adar khentzen da.

Badira arbolak adarretara sobera ematen dutenak, ondoa meharregi gelditzen delarik. Hekiei etzayoete azpiko adarrik behin moztu behar; erditarik laburtu behar dira, zeren erditarik moztua den adarra harritzen baita, ez-baita loditzen eta zurak hartzen baitu orduan arbolaren urtheko indarretik gehiago.

SEMEAK. Aichtian ere aiphatu duzu solas bera; bainan ez-da ene baithan sartzen nola daitekeen hori... Handia zait!

AITAK. Handia balimbazaitzu-ere, ez-da gutiago egia.

¿Ez-othe duzu aditu, aziendek jaten dituztenean chara gazteetako abar mokoak, charari damutzen zayoela hainitz?

SEMEAK. Bai aditu dut hori.

AITAK. Hola-hola gerthatzen da arbolen adarretan. Erditik mozten den gandoa ez-da aintzinatzen, ez-da gibelatzen; harritua gelditzen da; urtheak behar ditu indarretan sartzeko berriz.

Bainan anartean zura baliatzen da; hazkartuz eta lodituz dihoa. Azki irabazi duela iduritzen zaitzunean, arrasatzen dituzu erditik laburtuak ziren adarrak, eta orduan ondoak errechki estaltzen ditu hekien zauriak.

Orobat, chederratu-gabez, arbola bat aphalegi gelditu denean, zura labur eta adaburua luzeegi, ez-da zuhur kolpez khentzea azpiko adar lodiak. Erditik labur zatzu. Hekien gainekoak, meharragoak direlakotz, arrasa detzaketzu, baldin moztu beharrak badira.

SEMEAK. ¿Kapetaraino?

AITAK. Ez-segurki! Uztarrika bezalatsu sortzen dira adarrak: azpiko andana laburtuz eta bigarren andana arrasatuz, zura bortchaz garbitzen eta luzatzen da. Geroago, iduritzen zaitzunean, arrasatzen duzu azpiko uztarria. Orduan arbola igaiten da bertzeak bezala. Bainan hortakotzat arbola ez-da zahartua izan behar.

SEMEAK. Hitz darotzut, aita maitea, ez-dutala ahanztera utziko gaurko solas ederra. Irakhatsi darotazut ezen nola bidatu behar diren arbolak eta nola erremedia daiztekeen artha eskasez edo berenez gaizki heldu direnak. Handia da hori, zeren ez-bada ongi bidatzen arbola, guti balio dute aintzinean egin diren indarrek.

AITAK. Egia diozu, semea; artha horiek premia dira¿zer baliatuko dira bertzenaz hasteko egin diren gastuak?


XLII.
Charez.

AITAK. Ene seme maitea, othoizten zaitut atzartasunekin entzun dezazun gaurko solasa. Mengoa handitako gauzaz mintzatzera nohakizu.

Damu den bezala charak tratatuak dira gure herri-aldean.

Chara bat heldua ditakeenean ebakitzeko heinera, langileek haizkoraz ondoak mozten dituzte, kozkorrak utziz han berean.

¿Zer gerthatzen da gero? — Kozkor hekiek zilhatzen dira, usteltzen zayote bihotza; bazterretarik botatzen dituzten gandoak erphilak izanen dira gehientsuak. Kozkor hekietarik ere hiltzen da bethi zembait. Orduan huts-arteak hor-hemenka gelditzen dira charetan.

Geroztik ez-da eremu batean lehengo egurra hurbiltzeko ere altchatzen, eta altchatzen dena ez-da hain ederra.

Galtze handi bat heldu zaiku hortarik, eta gure hobenez.

Ene semea, utz dezagun molde lastimagarri hori.

Chara bat ebakitzeko denean, langileak garbitu behar du ondoaren ingurua eta haizkoraren muloaz jo itzuli guzian.

Lurra hola jorik, agertzen ditu bazterretako erro hazkarrak. Ebakitzen ditu zartzakatu-gabe. Gero tantayari orobat mozten dioizki azpiko erroak.

Erro hekiek oro muskilduko dira eta handik ethortzen diren gandoak sanhoak eta hazkarrak ditazke.

SEMEAK. Ageri da ombor zahar kozkortuek ezin eman dezaketela hain urthume ederrik. Ikhusten dut oraino bertze gauza bat ere: omborrak ebakiz, egur gehiago atheratzen da.

AITAK. Egur gehiago izatea on da; bainan hori deus-guti lakiket, baldin on handiagorik ikhusten ez-banu.

Ombor zaharrek ematen dute sasia bezalako muskil ahul bat. Sasi harek garbitu behar du: ez-da lan ttipia, eta handik atheratu izan dudan arbutzak ez-darot lana pagatu.

Beraz lan hartan eman dembora galdua izatu da enetzat. Bertze zerbait lanetan eman izan banu, izanen nuen ene saria. Ageri da galtzetan gelditu naizela.

Omborra oso-osoan altchatzen badugu, ez-da erroetarik muskil chehe tchar bat ethorriko. Gando gutiago, zuzenagoak eta ederragoak jaikiko dira. Hekien lana errechagoa izanen da, zain berriak eginen dira; chara goizago helduko da eta hazkarkiago.

SEMEAK. Zer on handia!

AITAK. Ez-da bada guzia hortan!

Omborrak ebakiz, erroetarik gando berriak ekharraraziz, lekhu hutsik nihon ez-da gelditzen. Nihon ez-da lur galdurik.

Eta ¿nork erran dezake horrek zembat dakharren?

SEMEAK. Nihork ez-naski. Ezen lekhu huts hainitz da oraiko gure charetan, eta ongi zabalak ere zembaitetan. Asko egurren toki balaiteke hekietan.

AITAK. Ene semea, bada beraz zeri begiratu. Diote, omborrak ebakiz, atheratzen dela irabazi doblea, guziak ontsa khondatzera.

Nahi bada ere zur-alde eder bat egin, aski da arteetarik urthe oroz khentzea gando tcharrenetarik. Azkenekotz geldituko da diru gaitza balio dukeen zureria.

SEMEAK. Ez-nintzen horri ohartzen. Espantitua nago nolako onak dakharreten arthek eta antzeak!

Oraikoan ongi eskolatua naiz. Hitz darotzut, aita maitea, ez-dudala chara ebakitzetan omborrik lekhuan utziko. Garbiki ageri da ezen galtzerik baizen ez-dela ombor utzietarik heldu.

Hekiek utziz, egur altchatuko da gutiago;

Lan gehiago daiteke urthumeen garbitzean;

Gando tcharragoak izanen dira;

Chara berantago eta aphalago helduko da;

Zureriarik ere ez-da handik atheratuko;

Huts-arteak non-nahi eginen dira eta lur zathi ederrak alfer dagozke.

Ez, ene aita, horiek oso sobera dira; gizonik itsuenak ikhus detzazke; eta hori ikhusiz geroztik, erhoa izan behar da, makhur beretan aintzina ibiltzekotzat.

Oraidanik ez-da gure charetan omborrik geldituko. Artharekin garbituko ditut muskilak, urthe oroz bakhandatuko ditut eta chederratuko oihantze ederra egin dadien arteo.

AITAK. Guziek ez-dukete oihana egin arterainoko astia. Diru beharretan denak lehenago motz dezake bere chara.

Batzuek churitzen dituzte charak thanutzat azala saltzeko. Charak ez-du hortarik gerokotzat onik. Bainan beharra gaihendurik, azala khentzen baduzu, ahalik berantena egizu, eta gero chara churitua ahalik lasterrena duzu aurthikiko.


XLIII.
Egur egiteko oihanez.

SEMEAK. Argitua naiz ongi charen gainean. Bainan badira larrain eta oihanak, egur egiteko adaburutzen direnak hamar edo hamabi urthetarik. Erradazu othoi nola behar diren hekiek tratatu.

AITAK. Oray badakizu nola luzarazten diren zurak. Egur egiteko oihanetan luze behar dute orobat; zorokeria laiteke aphal uztea.

Egur egiteko arbolaren zura behar laiteke hamabortz pia luze. Handik goiti uzten da adaburua.

Noizere azpiko adarrak lodituak baitira, mozten dira, hiru edo lau pien luzetasuna utziz, eta gain-aldeko bertze adar guziak arrasetik khentzen dira.

Holetan ez-da gelditzen lau besanga baizik zeinetarik atheratzen baitira gando berriak egurretako.

Egurra egiten denean gure tokietan, haritzaren adaburu guzia arront ebakitzen dute, besangak utzirik. Ez-da hori ongi. Haritzak ez-du hola murriztu behar.

Uzten zaizko zembait adar mehar, eta adar hekiek izerdia goiti deitzen dute. Ebaki lekhuetako zauriak errechkiago sendatzen dira hala, eta adaburua ere lasterrago heldu zayo haritzari.

Batzuek erraten dute hobeenik dela haritzari khentzea bere adar lodienak eta bertze guziak uztea. Hola urthe oroz oihan berean ebaki-aldi bat balaiteke. Ene sinhestea da lan on bat dela hori. Nork bere onthasunean frogantza egin dezake.

Erran zahar batek dio:

Ez-dela haritz bat ondotik moztu behar, hamar landare gazte landatu-gabe.

Ene semea, orhoit zaite erran hortaz eta behar onik gabe ez-dezazula aurthik haritzik.

Zur baten beharrean zarenean, haritzari azala sei hilabethe bederen aintzinetik khenduko diozu.

Holetan gizena gogortzen zayo eta ez-da biphiatzen gero.

Azala primaderan khentzen da, izerdia haritz kapetaraino igan denean.Hori izaten da aphiril ondarrean edo maihatz hastean.

Gero haritza ebak daiteke hazil beherapenean; berantago ere bai, izerdia geldirik dagoeno.

Ebakitzerakoan, lurra haintzurtzen da inguru guzian, erroak mozten dira eta aurthikitzen da haritza omborrik uzti gabe. Gal laiteke bertzenaz pia bat zur lodienetik eta hobeenetik.

Bertzalde, omborra usten balitz, pochelu geldi laiteke. Horrek baduke ondore tchar bat ere: omborren kopaduran gelditzen den ura pozoina da aziendentzat; barnea galtzen diote.

Omborra khenduz, erroek ematen dute muskila eta handik ethor ditazke arbola-gay onak. Fagoa bera, bertzenaz hiltzen dena, erroetarik hola phizten da.

Izerditan delarik ebakitzen den egurrak, zortzigarren bat gutiago balio du bertze batek baino.

Egur hezeak laurden bat gutiago balio du ezenetz egur idorrak. Idortzeak goritzen du egurra. Egur hezetik hainitz behar da su on baten egiteko; idorretik guti aski da.

Azken-buruan churrago da: egur idorra erabiliz, atherako zare merkeenik.

Hogoi urthez goitiko egurrak indar gehiago du gazteagoak baino.

Egur churituak ez-du hurbiltzeko ere egur azalduna balio.


XLIV.
Arbola cherthatzeaz.

AITAK. Fruitutako hazten diren zuhamuak, hala nola sagarra, gerezia, udarea eta bertze gehientsuak chertatzen ditugu. Hemen mintzatuko naiz bereziki sagarraz, zeren hura baita guretzat baliosena, eta sagarrari dihoazkioen artha berak orobat on baitira bertze guzientzat.

Asko laborarik landareak mindegian direlarik chertatzen dituzte. Hori ez-da ongi egina. Badira zuhamuak hiltzen direnak hola chertzatzen direnean. Gerezia hekietarik da. Aski ongi ageri da hortarik bertze guziek ere kalte dutela.

Beraz, ene semea, landarea ez-dezazula chertha sorthu den lekhuan, ez-bada han berean zahartu beharra.

SEMEAK. ¿Hobekienik nola da bada?

AITAK. Bada cherthatzeko molde bat baino gehiago. Nik chotchetik egiten dudanean, landarea cherthatzen dut mindegitik atheratzen dudanean, eta bere chertho berriarekin ezartzen dut zahartu behar den tokian. Asko laborarik landarea mindegitik atheratu eta, lotzera uzten dute toki berrian; geroago cherthatzen dute. Segurago da hori, bainan arbola gibelatzen da; berantago heltzen da gero.

Cherthoa ez-da behinere hartu nahi azpiko adarretarik. Azpiko adarrak etzanak izaten dira; hekietarik atheratzen den cherthoak eginen du arbola zabal eta aphala.

Har zazu cherthoa gaineko adar chutetan; arbola ederrago ethorriko zaitzu.

Hauta zazu cherthoa arbola gaztean eta ez zaharkituan, arbola fruitu-ekharlean eta ez-alferrean.

Chertho-gaya behar da fruitua markatzen duena, bertzenaz arbola alferra ethorriko da.

Erran dut lan hori ez-dela mindegian egin behar. Arbolaren iraupena laburrago laiteke. Bizkitartean gertha gaitezke, fruitu mota berri bat izatea-gatik, landare cherthatu bat nombaitik erakhartzera. Errana da orduan halako arbolak lehenago zagoen alde berari landatu behar duela; hegoari zagoenak, ez-duela iphar aldean ongi emanen. Arbola zer haizeri baitzagoen cherthatzean, gero ere haize berari egon behar da.

Basateak lothuak direnean zahartu behar diren lekhuan, cherthatzen dira negu ondarrean, izerdia abiatzen denean.

Cherthoa hartzen da azken urtheko boteetan, erran bezala fruitua markhatzen dutelarik.

Hortakotzat, aro eder, garbia, hautatzen da. Holako lanak ez-du nahi ez uri-haizea ez-eta bereziki hegoa. Hobe da goizetan-goizik egitea eta ez-arretsaldetan.

SEMEAK. Ez-dut ikhusten zertako.

AITAK. Goizetan ematen dute arbolek eta belhar guziek goitiko indarra eta ez-arretsaldetan.

Baldin cherthoak urrunetik ekharri behar baditutzu, edo ekharri ondoan ezin emplega baditazke berehala, begiratuko ditutzu eltze batean, mokoak lur gizen puska batean sarthurik. Hola ez-dira idortuko.

SEMEAK. Urean hezeagoki egonen dira.

AITAK. Ez-horrelakorik egin! ez-lukete gero deusik balio.

Urthe kontrako sagardia egin nahi baduzu, urthe kontrako sagardian har zazu cherthoa, fruitua markhatzen duelarik.

Arrailaduran sartzen duzunean chotcha, chotcharen achalak eta basatearenak barneko aldetik bardinean behar dute ezarri. Barnez-barne parrean direlarik biak, izerdia batetik bertzera iraganen da. Kampotik bardinean izateak edo ez-izateak deusik ez-du erran-nahi.

Chotcha arrailaduran denean chuchendu, gainerako urradura estaltzen da achal edo ezpal izpi batez, urik barnera handik sar ez-dadientzat. Gero buztin orhatu puska batez inguratzen da.

SEMEAK. Batzuek oihalki zerbait ere ematen dute.

AITAK. Hori on baizik ez-da.

Batzuek berriz, buztinaren orde, bikhea ezartzen dute. Hori ere ongi da, bainan bikhe hura bakharrik uztea baino hobe da buztinez inguratzea alde orotarik. Hola hezetazunak gehiago irauten du eta cherthoa segurkiago lotzen da.

SEMEAK. ¿Nola egiten da bikhe hura?

AITAK. Hiru laurden ezkorekin suan nahastekatzen da laurden bat thirrimentin olio. Bikhe hori hoztearekin gogortzen da. Aldian aldikoa gozatu behar da eskuetan; cherthoa hartaz beztitzen da, eta gero gainetik ezartzen buztina.

Gastu hori eginen duenak izanen ditu chertho segurenak.

Basate gazte mehean cherthoak aski ditu bi begi; basate hazkarra balimbada, cherthoari uzten zaizko lau edo bortz begi.

Heltzaurrek, pikoek, mertchikek eta gaztainek ez-dute maite cherthatze molde hori.

SEMEAK. Bizkitartean ikhusten ditut gaztainak hola cherthatuak.

AITAK. Hala da: bainan ez-da errana ongi dela hori. Bertzalde nihon ez-da gaztaina zaharrik cherthatzen. Hemen egiten da erhokeria holakoa.

Frantzian den gaiztanarik gehiena Limusin-herrian ikhusten da. Oro dira cherthatuak, eta huna zer moldez.

Adarretan cherthatzen dituzte.

Gaztaina on bat izerditan denean, pus bat lodi den adar batetik khenduko diote achal puchka bat oso-osoan, haurrek chirulak egiten dituzten bezala, bainan motchago. Tutu hura izanen da pus bat edo bia luze eta begi batekin.

Orduan basateari hein bereko adar bat mozten diote behar den neurrian. Ondoari datchikoen mokoan achala gain-behera urratzen dute kanibetaz eta gero sartzen dute tutua hein on batetaraino, ez-tinkoegi, ez lazoegi.

Tutua higi ez-dadientzat, ozka batzuek egiten dira basatearen muthurrean eta ezpal ttipittoak plegatzen dira inguruan tutuaren gainera.

Hori chirula-cherthoa deitzen da. Zuhamu cherthatzeko hain da ona, non gaztainek onhesten baitute, hala-nola heltzaurrak, mertchikak, aranak eta pikoak.

SEMEAK. ¿Ez-da hori naski achaleko cherthoa deitzen dena?

AITAK. Ez. Achaleko cherthoa, achal ezpal bat da begi batekin altchatzen dena. Basateari achala urratzen zayo kanibetaz gain-behera eta trebesean, iduri T bat, eta urradura hartan sartzen da ezpala, begia baizik agertzen ez-den bezala. Gero hari lodiz tinkatzen dira hein bat urradurako ezpainak Hiru asteen buruan, lachoagotzen da lokharria. Udareak cherthatzen dira hola.

Baratzezainek badakizkite oraino bertze molde asko, bainan erran ditudanak aski dira guretzat.

Orhoit zaitezi, ene semea, sagardiak ez-direla niholaz-ere sorho utzi behar. Zothala azpian izatea gaichto dute zuhamu guziek; belharrak ebasten diote lurreko gozoa eta ez-dute uzten airekoa sartzera. Sorho uzten den sagardiak ekharriko du sagar chehea eta bera goizik zahartuko da.

Neguan garbituko dioizkitzu adarrak eta mihurak khenduko.

Sagardiari on handia eginen diozu erroen gainera emanez hiratze, othe edo artho zangoak, lurrez estalirik. Lan horrek hazkartzen du kaskailtzen hasia den sagardia ere.

Laborariak bere ahal guziaz bermatu behar du lanari. Bainan orhoit gaitezen, ene semea, Jainkoa-ganik heldu direla onthasun guziak eta hari zor dioizkigula gure eskerrak ere.

Egin diozogun beraz othoitza eta gomenda gaitezen Jaun onari.

HUTS-EGINA

89garren plaman, lehembiziko lerroan, ezarri izan da ogia huts-eginik; erran behar zen arthoa.

Bayonan, ANDRE LAMAIGNEREN moldiztegian,
Pont-Mayuko karrikan, 39 numeroan.


AURKHIBIDEA

I. Bizitze onaz

II. Laborari ofizioaz

III. Nondik heldu diren laborariaren onak

IV. Lur motez

V. Noiz eta nola erabil lurrak

VI. Chitchuriez eta golderik hobeenez

VII. Ogi bihi motez

VIII. Ogi eta hazi hobeenez

IX. Ogi hazi chuchentzeko moldeez

X. Zembat ogi hazi erain behar den lurtze arauka

XI. Neurri zaharren eta berrien bardinkantza

XII. Eraintzen egiteko moldeez

XIII. Jorratzeez

XIV. Uztaldez

XV. Bazka berdeez

XVI. Sorhoez

XVII. Drainaduraz

XVIII. Belharrez

XIX. Ongarriaren premiatasunaz

XX. Ongarri motez

XXI. Samatsez

XXII. Samats lasterraz

XXIII. Gernu ongarriaz

XXIV. Bertze ongarriez

XXV. Gisuaz

XXVI. Igeltsuaz

XXVII. Urtheko lanak

XXVIII. Aberetegiez

XXIX. Abereen arthatzeaz

XXX. Idiaz

XXXI. Behiaz

XXXII. Abereen bazkatzeaz eta gizentzeaz

XXXIII. Azienda churiez

XXXIV. Azienda beltzez

XXXV. Oiloez, antzarez eta ahateez

XXXVI. Erleez

XXXVII. Oihanen baliostasunaz

XXXVIII. Zuhamu motez

XXXIX. Oihan erainez.

XL. Oihan landatuez

XLI. Arbola chederratzeaz

XLII. charez

XLIII. Egur egiteko oihanez

XLIV. Arbola cherthatzeaz

 

 

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola 1,1-C 48990 - Getxo (Bizkaia)

Atzera