CREDO
edo
SINHESTEN DUT ESPLIKATUA

BAIMENA

Arthoski irakurtu dugu Murde Lapeyre kalonjeak Credo edo Sinhesten duten esplikatzeko egin duen liburua. Dadukagu, azken denbora hautan gure herrian agertu diren liburuen artean, ez dela hau gutienik prezatzekoa.

Hemen kausitzen dire giristinoak jakin behar dituen egia premiatsuenak, Elizako Aiten eta Teologalen esplikazionez argituak, egin ahala klarki, eta mintzaira garbi batean, izpiritu guzien menerat ekharriak.

Hortakotz gogotik onhesten dugu liburu balios hori izan dadin inprimatua. Esperantza dugu Eskual-Herriko fededunek, lehenagoko usaia onei jarraikiz, eginen dutela horren irakurtzeaz beren arimen hazkurria.

Baionan egina, Abendoaren 10an 1891an.

DIHARCE,
Bikario-Jenerala.


CREDO
EDO
SINHESTEN DUT ESPLIKATUA

Zenbeit hitzekin lehen zathian
ERLIJIONEAZ ETA FEDEAZ
ET. LAPEYRE aphezak egina
Andre Lamaignere alhargunaren moldetegian
Baionan, Jacques Laffiteko karrikan, 9
1891

 

ZENBEIT HITZ LEHENIK

1 Bazter guzietarik ez da hitz hau baizen entzuten: Gure Eskual Herri maitean, bertzetan bezala, Fedea ilhuntzen, ttipitzen galtzen hari da?

Gutarik hainitzek ezagutu izan dituzte, eta orai ere ezagutzen, hor hemenka, lege zaharreko giristino Eskualdun handi batzuek. Horrela deitzen zituzten gure aitek; giristino hazkarrak, bere fedean finkatuak, hala nola gure itsaso hegietan, ibai borthitzeri buruz, bethi zuzen dagozin harrokak; edo ere, gure mendietan, tenpesten haize borthitzeri buru egiten duten haitz eder eta zaharrak.

Zenbat sustatzen gintuzten, eta ongian finkatzen, gure haurrean, giristino handi eta fermu hoikien hitzek eta egintzek!

Eta, orai entzuten duguna, hau da: Joan dire denbora horiek. Non da, eta zer bilhakatu gure Aiten fedea? Egunetik egunerat, ilhunduz eta flakatuz doha.

Osoki egia othe da gauza hori, eta behar othe dugu etsimenduan sartu, edo, den gutiena ere, gure kuraioa flakatzera utzi? Ez; ez zait iduri.

Erran dezagun gora. Frantzia guzian, eta handizki Eskual-herrian kharrik beroena aphezek ekhartzen dute Jainkoaren erresuma arimetan begiratzeko eta gero eta gehiago hedatzeko.

Hirur gauza badire, azken urthe hautan, Eskualdun Erretor, Aphez, Fraide, Beneditano, Misionest eta bertzek, arta eta khar berezi batekin predikatu eta arimetan sararazi dituztenak: Aldareko Sakramenduaren amodioa eta Komunione Sainduaren pratika usua; Jesu-Kristoren Bihotz Sakratuaren alderako debozione amultsua; Arrosario saindua, gure aitez hain maitatua, eta Leon XIIIgarren Aita-Sainduaz hanbat prezatua eta galdegina. Hirur debozione premiatsu horien gainean, Aphez Eskualdun guziek khar ederrena agertu dute.

Entseiu horiek bere frutu eta probetxuak ekarri dituzte. Ikusi ditugu Eskualdun giristino onak ardura mahain saindurat hurbiltzen. Jesusen Bihotz Sakratuaren debozionea, bazter guzietan, ezagutua eta maitatua da. Ez da orai, erran badaiteke, etxerik, familiarik Bihotz Sakratuari kontsekratua ez denik: eta guziek badakite Eskual-herrian, Aita Beneditano Eskualdun batek bereziki bere bihotz eta amodio guzia lan hortan eman duela. Eta egiazki, hortan, bere komentuko eta ordenako debozione maitatuari jarraiki izan da. Arrosario saindua amodio handian da, eta errana egun oroz, osoa ez bada, parte bat bederen, familia giristino guzietan.

2 Horiek guziek, kontsolazione handiak behar dauzkigute eman.

Eta hargatik, badire ere trixteziazko arrazoin handiak. Debrua ez dago lo.

Egia zerbait ez othe da, dolorezko oihu samin huntan; Fedea flakatzen hari da gure Eskual-Herrian? Hori ere egia da hainitzentzat, eta guzientzat, bada hor, mehatxu bat. Ez gaitezen beraz, bake gozo eta faltso batean loharka. Gure Aphez khartsueri esker, ungia egiten bada, gaizkiaren ibaiak ere bethi goiti dohazi. Ez bagare atzarriak egoiten, laster ongia itho lezakete.

Eskual-herrian, bertzetan bezala, Fedea kordokatua da; hemen ere, sartzen dire liburu eta Gazeta tzarrak, Jainkoa ez deusentzat atxikitzen dutenak, Aita Saindua eta Eliza burlatzen, Erlijioneko gauzak eta Aphezak oinen pean emaiten.

Bai; zorigaitz handia. Irakurtze tzarrek, eta, hor hemenka, Erlijionearen kontra entzuten diren hitzek flakatzen eta hirriskutan emaiten dute Eskualdunen Fedea. Izpirituetan eta bihotzetan Erlijionearen eta Elizaren errespetu eskas bat bezala sartzen hari da. Odol hotzian, orai ikusten diren asko gauza, ez zituzten gure aita zaharrek horrela jasanen.

Zer egin beraz? Besoak kurutza, esperantza gal, utz gaizkia, gure begiez ikusten dugularik, indarren hartzera?

Badakit, Aphez Eskualdun bat ez dela, pentsu hori duenik.

Ez dut deus zueri erakusteko, Aphez ene anaia maiteak. Erran dezaket hargatik, nik ere, zuek bezala, ikusi ditudala gure Eskual-herri maitean, Jainkoa eta debrua, ongia eta gaizkia elgarrekin gerlan. Ezagutzen ditut beraz ongi, zuen kontsolazione eta esperantzak, zuen penak eta trixteziak, zuen nahi on eta khartsuak.

Zuen bihotzekin bat egiten dudalarik, liburu hau egin dut, zuen laguntzeko, egun guzietako zuen lan eta gudu sainduetan. Uste izan dut, denbora hautako guduen erdian, Erlijionearen ezagutza zaitekela harmarik hoberena eta segurena Fedearen etsaien garaitzeko. Hortik, lan hunen lehen pentsua.


3 ESKUAL-HERRIKO FAMILIA GIRISTINOAK!

Zuentzat da guziz liburu hau, zointan aurkituko baititutzue xeheki esplikatuak CREDOAN edo SINHESTEN DUTEAN, Apostoluek hitz laburretan eman dituzten Erlijioneko egia premiatsuenak. Zoin on laiteken, etxe bakotxean, guziek elgarrekin, egun oroz ahal bezinbatean, edo bederen ardura, liburu huntako kapitulu baten irakurtzea!

Hori egiten baduzue, bethi gogoan atxikiren ditutzue Zuen artzain onen erakaspenak; egonen zarete bethi zuen fedean hazkar, Eskualdun on eta giristino katoliko, Jainkoaren eta Elizaren zerbitzari leial eta beldur gabeak.

E. L.

 


LEHEN ZATHIA

ERLIJIONEAZ ETA FEDEAZ

LEHEN KAPITULUA

Zoin den premiatsua eta beharra Erlijionearen ezagutza

4 Zeru ederraren, itsaso zabal eta mendi handien sahetsean emanez, zer daiteke gizona, haren gorphutzari xoilki behatzen badugu?

Deus, erran baditake. Ur ttintta bat, hare bihi bat.

Bainan nahi bezain flakoa izan dadien iduriz gizona, bere arimaz munduaren errege da.

Adimenduaz, bere nahiari sumetitzen ditu bestia hazkarren eta borthitzenak; hekien indarraz probetxatzen da bere onarentzat; itsasoko ibaiak aphaltzen ditu, bere eskuez egin dituen untzien pean. Zeruko izarrak berak bortxatzen ditu haren gidari izaitera, munduaren bazter guzietarat egiten dituen urrats eta kurridetan. Mendiak zilhatzen ditu, eta ebasten diozkate bere erraietan gordeak dagozkaten burdinak, zilharrak eta urreak; eta, Jainkoaz eginak izan diren aberastasun horiek, bere behar eta atseginentzat antolatzen eta moldatzen ditu.

Bainan, materiaz egina den mundu hunen mugetan gelditzen othe da gizona? Haren adimenduak ez othe du pentsu eta gutizia handiago eta gorago denik?

Bai; hetaz probetxatzeko, Jainkoak eman diozkan mundu huntako on eta aberastasun guzien erdian, bere baitan sartzen da. Ikusten du, horiek guziak baino gorago den zerbeit badakarkela berekin, eta dio: Zer naiz? Nondik eta noren ganik heldu naiz? Zer da ene egitekoa mundu huntan? Norat noha?

Othe da gizon bat, adimenduaz dohatua den phondutik, noiz edo noiz, bere kontzientziaren eta pentsuen sekretuan, galde horiek bere buruari egin ez diozkanik?

Ah! badakit; badire gizon libertinak, lur huntaz gorago deus ikusi eta bilhatu nahi ez dutenak; bere zoriona, aberastasunetan eta aberastasunek emaiten dituzten atseginetan bilhatzen dutenak, hitz batez, haragian pulunpatuak bizi direnak; heki ez zaiote laket gauza hauki ohartzea.

Gogo onez erran lezakete: Zer dire horiek guziak? Gure atseginetan nahasten gaituzten amets tzar eta ilhun batzuek; bizi gaiten alegeraki, bizi atseginetan. Zer duten gure begiek ikusten, zer gure sentsuek sentitzen, badakigu. Gero zer izanen den nork daki? gerokoa, gero...

5 Hori bada hainitz zoroen mintzaira, ez daiteke izan, zerbeit adimendu eta geroaz den gutieneko antsia dutenena. Doi doia erraiten gintuen galde horiek noiztenka bederen izpiriturat ethorriko dire. Nahi dugu jakin zer garen, nondik heldu, eta norat hari garen.

Hemen agertzen zaiku Erlijionearen baitezpadako beharra.

Denbora guzietan izan dire gizon izpiritu ernekoak, argia, gauza hoikien gainean, bilhatu dutenak. Bainan, entseiu guzien gatik, egiazko Erlijioneaz kanpo, zenbat duda, zenbat ilhunbe, eta dena den erraiteko, zenbat errokeria!

Eta lehenik, Jainkoaren beraren ezagutzaren gainean! Batzuek onhetsi izan dituzte bi Jainko: bat ongiarena, bertzea gaizkiarena. Hainitz populu izan dire Jainkotzat ezagutu eta adoratu dituztenak iguzkia, izarrak, lurreko bestiak eta landareak berak.

Eta ahalgerekin erraiten dudan gauza izigarria, izan dire populuak, zaharretan argituenak, hala nola Grekoak eta Erromanoak, aski behera erori direnak, bizio tzar guzien baimena, bere Jainko faltsuetan bilhatzeko. Bazuten ohoingoaren Jainkoa; bazuten lohikeriarena. Hitz batez, krima itsusienak ohoratzen zituzten eta berek egiten, Erlijioneko gauza batzuek bezala, hartako ziren tenploetan eta urtheko egun hautatu batzuetan.

Desordena izigarri hoikien guzien erdian, nola aurki, egiazko Jainko osoki saindu eta perfetaren ezagutza? Urrun detzagun laster gure begiak, usteldura zikin hortarik, eta dezagun erran: Egiazko Erlijioneaz kanpo, ez da behin ere egiazko Jainkoa ezagutua eta adoratua izan, berak nahi duen bezala ( Erran dezagun ere hargatik, ez dela sekulan, osoki itzali, gizonen artean, egiazko Jainkoaren ezagutza. Patriarkak, Israelgo populua, Job, hor ditugu lekuko, izan dituela Jainkoak, denbora guzietan, egiazko adoratzaileak; eta Paganoen artean berean banaka batzuek.).

Hobeki jakin izan othe dute bederen gizona nondik heldu den? Horren gainean ere, zenbat erakaspen gezurrezko eta zenbat errokeria!

Batzuek asmatu eta erran izan dute, ez dela Jainko kreatzailerik; mundu hau bethitik eta bere baitarik dela; hekien erranez, lehenik landareak, gero bestiak, ximinoak eta azkenean gizonak, bere baitarik moldatu izan dire: haitz azpitan eta lur gizenetan onddoak heldu diren bezalatsu. Eta oraino hemen, guk badakigu lurra badela Jainkoaz egina, eta lurrean ere, Jainkoaz emana onddoaren hazia edo gaia.

6 Ditezkela gisa hortako zorokerietan baratu direnak, eta, bere ustez, gizon argituak! Nola erakustera emaiten daukuten zoin den laburra gizonaren adimendua, egiazko Erlijioneaz argitua ez denean!

Baina, gisa hortakoa balitz gizonaren ethorkia, zer luke mundu huntan egiteko? Zer behar luke bilhatu, hemen iragaiteko dituen egun laburretan?

Ez du nahiko hitz hau baizen entzun: Bizi nadin atseginetan; goza ongi, lehenik, biziaren primaderaz, eta gero, bil aberastasunak, zer nahi den bidez. Bertutea? Zer da hori? Zer da zuzena, zer justizia, ez balinbada ni baino gorago Jainko bat, ene Egilea eta Nausia, ene egintzen juiatzeko?

Eta horrela eginen du. Harentzat, gezurra, gauza ona, zerbait on emaiten badio; ohointza, balentria ederra, ez bada atxemana; adixkide baten enganatzea, haren etxeari eta familiari bakearen kentzea, zer atsegina, bere tzarkerietan, zerbeit probetxu aurkitzen ahal badu.

Lehen ere segurki izan dire, Jesu-Kristoren Erlijioneak mundua oraino argitu ez zuenean, gizon aiphatu eta izpiritu handikoak.

Nola bada, gizon argitu eta aiphatu horiek, hala baitire Platon, Aristote eta bertze asko, hainbertzetaraino errebelatu izan dire, gizonen bizia gidatu nahi izan dutenean, eta erakutsi nola behar den Jainkoa adoratu eta zerbitzatu? Zertako hekien liburu eta erakaspen ederretan, hanbat gauza egiaren eta adimendu zuzen baten kontrakoak, giristino legean altxatua den haur ttipi batek errexki xuxen letzazkenak?

Hekien ezin eginak, ungi ikustera emaiten dauku, gure biziaren gidatzeko ez dela aski gure adimenduaren argia.

Ene ethorkiaren eta eginbideen gainean, ilhunbetan utzi nauten gizon hoikieri, galdegiten badiotet: Eta gero, hil ondoan, zer da? Zer izanen da ene zortea? Batzuek erraiten dautet: hil ondoan, pausu ezti bat, lo bat sekulan akabantzarik izanen ez duena. Bertze batzuek: hil ondoan ez da deus gehiago gutarik gelditzen. Zer da arima, diote? Hitz bat, eta bertze deus; beraz gorphutza lurrean ustelduko da, harrek janen dute, eta oro akabo hortan.

7 Horra zertarat garamaten Erlijioneaz eta Fedeaz argituak ez diren erakaspenak. Ez, ez dugu sekulan hori onhetsiko; badugu arima bat; kontzientzia bat badugu ongiaren eta gaizkiaren juiatzeko; sentitzen dugu badela bertze bizi bat, hunen ondotik, zointan, ungia eta bertutea saristatuak, gaizkia eta bekatua gaztigatuak izanen baitire.

Bainan zerk du, gu baitan, finkatzen eta hazkartzen sinheste hori, duda guziak, den ttipienak ere, kentzeko moldean? Jainkozko erakaspen naturalezaz goragoko batek; Erlijionearen ezagutzak, Fedeak.

Horrek dauku segurki erakasten, Jainkoak eginak eta haren kreaturak garela; bizi labur hunekin ez direla guziak akabo, bainan bethiereko bertze bizi batentzat eginak garela. Horrek dauku erakusten, bethi-ereko bizitze zorionezkoa ardietsi nahi badugu, zer behar dugun egin: gaizkiari ihes, eta ongiari jarraiki.

Ez da hortan baratzen. Bere erakaspenak osatzen ditu, erranez, zer den gaizki eta zer ongi, eta beraz, nola heltzen ahal garen akabantzarik izanen ez duen zorionerat.

Lauda dezagun, Fedea eman daukun Jainko ona eta handia: Fedea, argi saindua, munduko nahasmendu eta gezur guzien erdian, segurki gure urratsak zerurat gidatzen dituena.


BI-GARREN KAPITULUA

Gizona baitan den Fedearen eta Erlijionearen beharra.

8 San Thomasek erran du arrazoin handirekin: hirur gauza beharrak dire salbamenduaren egiteko: jakin zer behar den sinhetsi, jakin zer behar den gutiziatu edo nahi izan, eta azkenian, zer behar den egin (Tria sunt homini necessaria ad salutem, scilicet, scientia credendorum, scientia desiderandorum et scientia operandorum. (S. Th. Opusc. IV).). Hirur gauza horien gainean, ez dute jakin ahal izan zer erran, Fedeaz argituak ez ziren gizonek, nahi bezain aiphatuak eta jakintsunak izan gatik bertze hainitz gauzetan.

Ez dute erran ahal izan: nondik eta noren ganik heldu den gizona, norat dohan eta zer duen mundu huntan egiteko. Are gutiago oraino: zer den Jainkoa, eta nola behar dugun adoratu; zer obligazione eta eginbide hertxiak ditugun Jainkoaren, gure buruen, eta gure iduriko gizonen alderat.

Gauza premiatsu hoikien gainean, ez dugu aurkitzen jakintsun paganoetan, dudarik baizen, eta askotan erakaspen falsoenak eta izigarrienak.

Hain urrun joan izan da gizonen itsumendua, non, denbora batean, kreatura guziak, erran behar bada, adoratzen baitzituzten. Egiazko Jainkoa, bakarrik adoratu beharra, hura zen adoratzen ez zutena, dio Bossuetek.

Erran dezagun berritz ere, jadanik aintzineko kapituluan aditzera eman duguna: Fedeaz argituak direnetan, nor-naik, haur ttipi batek berak, bere katiximarekin, badaki, gauza premiatsu guzien gainean, Sokratek, Platonek, Aristotelek eta bertze jakintsun pagano aiphatuenek, bere adimendu xoilaz, jakin ahal izan duten baino mila aldiz gehiago.

Eta hori, Fedeaz argitua delakotz.

Zer da bada Fedea?

Fedea da Jainkoaren dohain bat, eta denbora berean bertute bat, zointaz fermuki sinhesten baititugu Jainkoak bere Elizari irakatsi diozkan gauza guziak.

Jainkoa egia bera da; ez daiteke beraz errebela, eta ez gaitzazke ere engana. Horra zerk egiten duen gure sinhestearen segurantza eta bake osoa.

Ez naute, menturaz, hainitzek errexki ongi hartuko, erraiten badiotet, gizona bere baitarik edo bere naturalezaz ekharria dela, bere adimenduaren aphaltzera autoritate baten aintzinean, erran nahi dut, bertzeen erranaren sinhestera.

Bere buruaz bethe eta hanpatu gizon batzuek erraiten dutenean, ez dugula onhetsi behar gure adimenduak ongi ikusten duena baizen, ez dituzte, hek, gizonaren naturaleza eta beharrak ongi ezagutzen, eta maizenik, itsu eta urgulutsu batzuek dire.

Hain ongi konprenitu izan dute paganoek berek, gizona baitan den Jainkoaren beharra, non erran baitute, gizona animalia Jainkotiar bat dela. Bai, gizonak badakarke bere baitan Jainkoaren beharra. Sentimendu hori flaka edo errebela daiteke; ez daiteke hil osoki.

9 Eta horra zertako, bai lehen, bai eta orai, egiazko Erlijionea eskastu zaiotelakotz, Erlijionerik batere gabe egonen diren baino lehen, populu paganoek munstrokeria izigarrienak sinhetsiko eta asmatuko dituzten. Ez da populurik, bere gisako Erlijione bat ez duenik, bere pratika eta sakrifizioekin.

Ejiptoko, Kaldeako, Chinako, Indiako populuek izan dituzte bere Erlijioneak; Erlijione, gizonen pasionez eta adimenduaren flakezaz ilhunduak, eta, hainitz erakaspen eta pratika tzarretan errebelatuak, nahi dut. Bainan horrek berak ez othe dauku ikustera emaiten ez daitekela gizona bizi Erlijionea gabe? Erlijione bat gabe egonen den baino lehen, berak bat asmatuko du: kreaturak, edo bere eskuez egin Jainko faltsoak adoratuko ditu.

Zoin den handia Fede katolikoa duenaren zoriona eta bihotzeko sosegua! Untzi baten maxtruak Norteko izarraz gidatua denean, badaki bide segura, itsaso zabalaren erdian; badaki non dabilan, zer bide behar duen hartu porturat heltzeko, nola, harroka eta kosta lanjeroseri ihes eginen dioten; eta hedoi beltzek izarra itzaltzen badiote, badu hargatik bere orratza, gida salbatzailea, non aurkitzen den, irakusten dioena.

Gisa berean fede-duna. Bizi huntako itsaso zabal, lanjerez eta kalernaz bethearen erdian, badu gidari, Fedea, izar distianta, sekulan itzaltzen eta tokiz mudatzen ez dena; izar horrek irakusten dio zer bide behar duen segitu, segurki heltzeko, bilhatzen duen zeruko portu eternalerat. Eta noizik behin, pasionek, naturalezaren flakezek itzaltzen badiote Fedearen argia, badaki norat joan; hor da Eliza, Fedearen zaintzaile ezin enganatuzkoa, ilhunbe guziak ezeztatzen eta urruntzen dituena.

Bainan, untzi gaixo bat emagun, tenpesta eta kalerna ikharagarri batean hartua, kostako harrokeri hurbil; hedoi beltzen gibelean izarra gordea; orratza galdua; mastak eroriak; lema zathikatua. Zer egin dezake untzi harek? Itsaso hasarraren jostagailu bilhakatua, galtzea segura du.

Ez othe da hori Fede gabekoaren itxura sobera egiazkoa? Izpirituko ilhunbeen eta bihotzeko pasionen tenpesten erdian hartua, ez argi bat, ez gidari bat; ezin jakin norat dohan, zer egin behar duen, zer bilhakatuko den heriotzetik lekora. Oi! zer bizitze trixte eta tormentatua! Ezen, bere ilhunbe guzien erdian, duda bat bederen oraino gelditzen zaio. Nahi bezain errebelatua izan dadien, ez du osoki galdu ahal izan, ongiaren sentimendua, Nausi soberano baten justiziaren beldurra eta bethiereko zorionaren gutizia.

Ez du oraino hainitz urthe, hil izan dela Frantzian filosofo jakintsun aiphatu bat. Jouffroy zen haren izena. Zoin den nigar egingarri ikustea, Fede eskasetik zenbat pairatu izan duen!

10 Berak zer dion, entzun dezagun.

«Sorthu nintzen buraso Jainkotiarretarik eta, Fede katolikoa, mende hunen hastapenean, oraino hazkar zagoen leku batean. Irakutsi zautaten haur haurretik, gizonaren geroko zortea estimatzen eta prezatzen, eta arimaren artha, biziko egiteko handiena eta premiatsuena dela; eta geroago oraino, altxatua izan nintzen moldeak, hazkartu zuen ni baitan sentimendu hori:

Banakien, mundu huntan zer bide behar nuen segitu, zertarat behar nintzen heldu, bertzean. Ene Jainkoa maite nuen, enetzat zituen xede onak zirelakotz; zorionean eta bakean bizi nintzen; ezen, aurkitzen nuen ene sosegua, fede bizi eta dudarik gabeko hortan; emaiten zautan, erakaspen bat gizonarentzat premiatsu diren gauza guziak argitzen zituena».

Baina zorigaitzean, ez zuen bake horrek bethi iraun. Jouffroy bizi zen mende eta mundu tzar batean; Erlijionearen eta Fedearen kontrako hainitz erakaspen zabiltzan airean. Kuriostasun lanjeros batetarat lerratu zen. Bertze hainitzek bezala, edan zuen gezurraren pozoina; eta emeki emeki, bera ohartzen ez zelarik, duda sarthu zen haren ariman; Fedea galdu zuen.

Ez zezaken, hargatik, bere izpiritua urrunt osoki, Erlijioneko pentsamenduetarik eta ikusi zuen noizbeit zer estatu deithoragarrirat eroria zen.

Arima urrikaltzekoa! Jouffroy bera oraino mintzo zaiku, nigarrez bustiak iduri duten hitz haukietan:

«Sekulan, ez, sekulan ez dut ahantziko, Abendu ilhabeteko arrats hura, zointan urratu baitzen, ene fede eskasa gordetzen zautan beloa. Kanbara pobre eta hertxi hartan entzuten ditut oraino ene urratsak; pausua hartzeko orena aspaldion iragana gatik, laket zitzaitan oraino harat-hunat ibiltzea... bazohazen orenak, batzuek bertzeen ondotik, eta ez nintzen ohartzen... arimako antsia handi batean, uzten nuen ene izpiritua joaitera bere pentsamenduetarat... Alferretan, ene sinheste ondarreri estekatzera hari nintzen, ithotzera dohan gizona, untziko zur puska bati lotzen eta josten den bezala; alferretan, ikaratua, ikusiz ene oinen pean egiten hari zen putzu eta leze beltza, begiak itzultzen nituen ene haurtasuneko urthetarat, ene etxekoetarat, sor lekurat, maite eta errespetatzen nituen gauza guzietarat... Ikusi nuen, orduan, ez zela deus gehiago ene ariman xutik gelditzen; sinhetsi nituen gauza guziak, Jainkoaren, ene buruaren eta ene zortearen gainean, bizi huntan eta bertzean, ez nituen gehiago sinhesten; arbuiatu nuelakotz gauza horiek sinhetsarazi zauzkidan autoritatea.

...Nola erran, zer eta nolakoa izan zen memento hura enetzat! Goiz aldera, unhatua, akitua, etzan nintzen ene ohearen gainean; iduritu zitzaitan, hain alegera eta bozkarioz bethea izan zen, ene biziko lehen parte hura, itzali zela; hasten zela, enetzat, bertze bizitze bat, pisua, desertu baten parekoa, zointan beharko bainuen bizi, bakarrik, ene pensamendu ilhunekin.»

11 Zer erakaspena guzientzat ixtorio nigar egingarri huntan! Jouffroy buraso giristinoetarik sorthu zen eta berak dion bezala, giristinoki altxatua izan zen. Bertzalde, izpirituko eta bihotzeko dohainez aberats zela, bere mintzairak aski ikusterat emaiten dauku. Bainan fede gabeko nausien erakaspenek eta irakurtze tzarrek errebelatu zuten. Dezagun ikus hortarik, zenbat atzarriak behar dugun egon, gure onik baliosena, gure fedea, ilhunberik gabe begiratzeko. Zer gintezke hura gabe, Jouffroy zen bezain izpiritu argituetan, fede eskasak, eskas bat hain ilhuna eta hain trixtea izten duenaz geroz?

Belarriak eta arima detzagun bethi idek Fedearen, Elizaren, Aita Sainduaren hitzeri, eta ez dugu errebelatzeko beldurrik izanen. Urguluak galdu du gizona; urguluak oraino galtzen du. Izan gaiten umil Fedearen eta Elizaren erakaspeneri buruz; umiltasun horrek eginen du gure segurantza, bai eta ere handitasuna.


HIRUR-GARREN KAPITULUA

Zer on eta argi daukun Fedeak emaiten

12 Ikusi dugu, egiazko Erlijioneaz eta Fedeaz gabetuak diren gizonek ez dezaketela segurki jakin, zer diren eta norat dohazin. Errebelatu batzuek bezala bizi dire mundu huntan. Aintzineko kapituluan erran dugun etsenpluak, aski eman dauku ikustera.

Dudak, izpirituko ilhunbeak, gauza premiatsuenen gainean; bihotzeko deboilamenduak, eta, ardura, Jainkoaren justiziaren beldurrarekin, bizi guziko pozoina eta sofritzea; horra Fede-gabekoen eta Fedea galdu dutenen zortea.

Bainan, guk, Fede-dunek, zenbat behar dugun prezatu Fedearen dohain baliosa! Zer argia adimenduarentzat, eta zer gozoa bihotzarentzat! Zer indarra eta sustengua bizi huntako nahi-gabe eta atse-gabeen jasaiteko! Zer nahi gertakarien erdian, hor da bethi Fedea, argitzen eta gidatzen gaituena, eta zeruan irakusten daukuna, bizi huntako gudu eta jasan-gogorren akabantza eta sari ederra.

Nola aski esker bihur Jainkoari, Fedearen dohain berezi hortaz? Hainbertze jendetze, munduaren bazterretan, eta, gutartean berean, hainbertze arima Fedearen argiez gabetuak dagozin denboran, guk, izan dugu giristino-herri khartsu batean sortzeko zorte ona.

Sorthu garen ordutik, gure aita-amek eramanarazi gaituzte tenplo saindurat, gure herriko elizarat; eta han, gure kopetaren gainerat aphezak ur Saindua ixurtzen zuelarik, Jainkoaren eta Elizaren haur eginak izan gare.

Gure aitaren eta amaren izenekin ikasi ditugun lehen hitzak izan dire Jesusen eta Mariaren izen Sainduak. Doidoia handitzearekin, ama giristino batek bere belhaunen gainean hartzen gintuelarik, bi musuen artean erran dauku, badugula Aita bat zeruan, hura behar dugula maitatu eta hari othoitz egin.

Geroago, irakaspen hazkarrago baten errezibitzeko gai izan denean gure adimendua, Jesu-Kristoren Aphezek gure amaren besoetan hartu gaituzte, Eliza Sainduaren izenean eta haren autoritatez, Fedean hobeki oraino argitzeko. Eta orduan, pagano jakintsunenek, bere argi xoilez, jakin ahal ez dituzten egiak ikasi ditugu.

13 Ikusi dugu Jainkoaz kreatuak eta eginak garela; baditugula Jainkoaren alderat adorazionezko, esker onezko, eta amodiozko eginbideak. Ikasi dugu paseatzaile batzuek garela mundu huntan, ez dela hemen gure bethiko egoitza, bainan bertze bat behar dugula bilhatu, eta bertuteaz merezitu.

Horrela, izpiritua Fedeaz argitua; bihotza, othoitzaz eta Elizak emaiten dauzkigun sakramenduez sustatua eta hazkartua fidantziarekin sartu gare mundu huntako gudu handian. Beldurrik gabe eta kuraiarekin, hartu dugu, askotan hain dorphea den biziaren karga, bere eginbide guziekin. Fede kontsolagarriak, gure bihotzen altxagarri, zer nahi den gertakarietan, irakusten dauku zerua; zerua, bethi-ereko gure pausua eta zoriona.

Bi hitzez erraiteko, Fedea da gure argia eta gure ona. Segurantza osoarekin erakusten dauku nondik heldu garen eta norat gohazin: Jainkoaz eginak gare, eta haren ganat behar dugu joan. Hortan da gure bizitzearen legea, hortan gure egintzen erregela. Nolakoa izanen baita zure bizia, dauku erakusten Fedeak, araberakoa aurkituko duzu Jainkoa, bizitze huntarik ilkiren zarenean; sariztatzaile on eta aberatsa, zerbitzari onarentzat; juie justu eta garratza, gaizki egilearentzat.

14 Gorago ikusi dugu, zer aurkitu izan duten eta oraino orai, zer aurkitzen ahal duten, gauza premiatsu hoikien gainean, Fedeaz argituak ez diren gizon aiphatuenek. Den hoberenean ere, duda trixte bat, izpiritua eta bihotza ilhunbetan uzten dituena.

Fedea beraz, Erlijionearen ezagutza, eta, erran dezagun lañoki, katixima, haur haurretik, eskuetan izan dugun liburu ttipia, horra gure argia eta kontsolagarria.

Nahi dugu jakin zer pentsatzen zuen katixima hortaz, aintzineko kapituluan aiphatu dugun Jouffroy filosofoak? Entzun dezagun:

«Bada, zioen, haurreri ikas-arazten den liburutto bat... Irakur zazu: Katixima da. Galde guzien errepusta hortan aurkituko duzu ... Galdegiten baduzu giristino bati, nondik heldu den gizona, badaki; norat dohan, badaki; zer egin behar duen harat heltzeko, badaki. Galdegin zazu, haur ttipitto gaixo horri, zerentzat den mundu behere huntan, eta zer izanen den hartaz, hil ondoan, errepustarik ederrena emanen dautzu. Munduaren eta gizonaren hastea; gizonaren egitekoa bizi huntan, zer behar den bilhakatu bertzean, horiek guziak badakizka. Gizonaren eginbideak, Jainkoaren, eta gizon lagunen alderat, horietan guzietan argitua da... Horra, zion oraino, zer deitzen dudan Erlijione handi bat.»

Zoin den nigar-egingarri hoin ederki Fedeaz mintzo den gizon batek, fedea galdua izaitea


LAUR-GARREN KAPITULUA

15 Fedea ez dohala gure adimenduaren kontra

Zoin den beharra Fedea, argi distiant eta enganatzen ahal ez gaituena, ikusi dugu, laburzki.

Jadan erranak bi hitzetan hesteko, Fedeak segurantza osoarekin erakusten dauku, Jainkoaz eta harentzat xoilki eginak garela eta bethiereko zorionerat heltzeko, garela mundu huntan emanak. Erakusten dauku ere zer dugun hortarakotz egiteko. Ez du deus ilhunbean uzten; Fedeaz gidatua dena segurean dabila, biziko kalerna eta deboilamendu guzien erdian.

Traba bat aurkitzen du bai bere bidean? Badaki nola behar dion ihes egin. Bere jaidura tzarrek nahi dute bethiereko zorionetik urrundu? Badaki non behar duen indarra bilhatu eta nola garaia eraman.

Horra zer dugun aintzineko kapituluetan ikusi.

Erranen daut menturaz norbeitek. Fedea! Bainan Fedearen erakaspenetarik hainitz ene adimenduaren kontra dohazi. Eta bada, nik ez dezaket onhets ene adimenduak onhesten duena baizen. Ene argia eta gidaria, ene adimendua da.

Huna zer, gisa hortako gizon urgulutsueri, ihardesten zioten Aita Saindu Pio IXak, mundu katolikoari egin zion lehen letra, edo, Enziklikan, Elizaren mintzairan erraiten den bezala:

«Ez daiteke deus asma zoroagorik, inpioagorik, eta adimenduaren beraren kontra gehiago dohanik. Ezen, nahiz, Fedea gure adimenduaz gorago den, ez daiteke hargatik hoikien artean, egiazko gerlarik sekulan izan, zeren biak Jainko beraren ganik heldu baitzaizkigu; eta, Jainkoa da egia eternalaren ithurri bakarra, ezin mudatuzkoa. Horrela, adimendu zuzenak eta Fedeak behar dute elgar lagundu, adimenduak, erakustera emanez, eta sustengatuz Fedearen egia; Fedeak aldiz, gure adimendua begiratuz gezur guzietarik, argitzen eta hazkartzen duelarik eta osatzen Jainkozko gauzen ezagutzaz eta jakitateaz» (Pio IXa Enzi. «Qui Pluribus jam» Hazil, 9an 1846an).

Erran behar dugu atsegin handirekin, Pio IXa Aita-Sainduaren erakaspenaren kontra dohazin guti aurkitzen dire gure Eskualdunetan. Fedea badu Eskualdunak eta bere fedeari iratxekitzen du. Fedea, bere amaren esnearekin edan izan du. Haren odolean da, eta hezur fuinetan; federik gabeko Eskualduna, Eskualdun arnegatu bat laiteke, kanpo herrietako haize tzar zenbeitek ekharri luken hazi pozoindatua.

Bainan gutiak badire ere, badire zenbeit holako Eskual-herrian berean; edo bederen, egiaz ez bada, balentriaz holakoak agertzen direnak.

16 Zenbat izkribu eta gazeta tzar, gure herrietan ezagutuak ez zirenak orai arte, Erlijionea eta haren mixterio sainduak burlatzen dituztenak, Eliza eta Elizaren minixtroak mezprezatzen eta gezurrez belzten? Horrela, sekulan lo ez dagoen ifernuko etsaiak, bilhatzen du gure fedearen kordokatzea.

Diozu, oi zu! zure ustez gizon jakintsuna, zure adimendua kolpatzen duela fedeak, eta ez duzula nahi, zure izpirituak onhesten duena baizen sinhetsi.

Oi! Ez balitz gauza hain premia handikoa, zer hirri egiteko gutizia eman zinezaken! Beraz, zure iduriz, Agustin, Thomas, Bonaventura, Bossuet, Kepler, Newton, Paskual, Leibnitz, guzien artean osoki jakintsunak, eta guziez hala iratxekiak izpiritu ttipi eta flako batzuek ziren.

Izpiritu argitu guziek, erregetzat dagozkate jakintsunen artean, orai aiphatu ditugun gizon handiak, eta hargatik, umilki, Fedearen erakaspenen pean, bere adimendua aphaldu izan dute. Fedean aurkitu izan dituzte bere argirik segurenak. Han bilhatu dituzte, zeren baitzakiten, Fedean zela itzalik gabeko iguzki argia. Zer zare, zer gare hekieri buruegiteko?

Ikusten dut orai eta pozi bat enthelegatzen. Zure buraso giristinoek ikasarazi dautzute irakurtzen. Soseko gazeta tzar bat erosten duzu eta ahal bezala irakurtzen. Konprenitzen duzuna, konpreni; gaineratekoan, zure iduriko, eta oraino tzarrago batzuek, ostatuetan eta bertzetan erraiten dituztenak, har, Ebanjelioko egiak balire bezala. Eta uste izan duzu orduan, bazinduela zuzena, Jainkoaren bothereari izarien ezartzekoa, Elizaren eta haren erakaspenen juiatzekoa.

Utz nazazu erraiterat; zure jakin eskasak ez du parerik, zure urgulu zoroa baizen.

Eskualdun gutientzat dire hitz garratz hauk; gehien gehienak Elizaren eta Fedearen erakaspeneri, umilki, amodioekin jarraikitzen dire.

Bainan, on eta behar da, Fedea argitua izan dadien; jakin dezan bakotxak, nola ihardets, hortik edo hemendik entzuten dituen Erlijionearen kontrako hitz tzarreri.

Horra zertako, xehatuko ditugun oraino asko gauza, segidako kapituluan.


BORTZ-GARREN KAPITULUA

Mixterioez

17 Bi argi edo bi gida eman diozka Jainkoak gizonari egiarat heltzeko. Bat, argi naturala, gizon bakotxak berekin sortzean dakarkena: hura da arrazoia edo adimendua.

Bertze argi bat da, surnaturala deitzen duguna, gure arrazoiaren eta adimenduaren argiez goragokoa. Profeten eta bereziki Jesu-Kristo Gizon eginaren medioz emana izan zaikuna. Hau aurkitzen dugu Fedean edo Elizaren erakaspenetan.

Bada, bi argi horiek, adimendua eta Fedea, Jainko beraren ganik heldu direlakotz, ez daitezke bat bertzearekin guduan izan, ez dezakete batek bertzea kolpa.

Ez da Jainko bat baizen, ez eta ere egia bat baizen. Gure adimenduak eta Fedeak ithurri eta sortze bera dute Jainkoa baitan: bi argi dire, bat bertzea baino ederragoa eta distiantagoa iguzki beretik ilkitzen direnak.

Nahiz, Adameren bekatuaz eta bekatu horren segidez, gizonaren adimendua hainitz flakatua eta ilhundua den, asko egietarat hel daiteke hargatik. Hala nola: mundu hau ez dela bere baitarik, baduela Egile bat; lurrean, zeruetan, izarretan ikusten dugun ordenantza ederrak ordenatzaile bat frogatzen duela, etxe eder edo bertze obra batek egile aitu eta jakin bat frogatzen duen bezala. Hala nola ere; ongia eta gaizkia ez direla gauza bera: ongiari saria zor zaiola, gaizkiari gaztigua.

Bainan, hargatik, hainitz dezaken arren gizonaren adimenduak edo arrazoiak, baditu bere mugarriak; ez dezakegu ausartzia zoroa izan, egia osoa badakigula, eta ez dela Jainkoaren jakitatea gurea baino urrunago hedatzen. Uste izaitea, errokerietan handiena laiteke.

Hola nahi badu beraz Jainkoak, gure onetan, hobeki oraino gure argitzeko, asko egia agertzen ahal dauzkigu gure adimenduaz gorago direnak. Guretzat duen amodioan eta ekarraian, hola nahi badu Jainkoak, nor errenkura daiteke?

Bada, gure adimenduaz gorago diren, eta bertze molde batez Jainkoak erakusten dauzkigun egia horiek, deitzen ditugu mixterioak.

18 Argi guziek ez dute indar eta hedadura bera; iguzkiaren argiak urrunago dakarke eta hobeki distiatzen du, ezen ez olio argiak. Gisa berean, hainitz egia, Jainkoak, Fedeaz agertzen dauzkigu, gure adimendu flakoaz ikusten ahal ez ditugunak. Diot, berritz ere, zer da hortan, gure zentzu zuzenaren kontra dohanik? Jainkoa bezain argituak eta jakintsunak othe gare? Norat nahi itzul zaitezen, zioen Voltaire inpioak berak, bi gauza behar ditutzu aithortu: zure jakin eskasa, eta Jainkoaren bothere mugarri gabekoa.

Dezagun beraz erran: nahiz ez ditugun Erlijioneko mixterioak osoki konprenitzen ahal, gure izpiritu flakoaz gorago direlakotz, konprenitzen dugu hargatik, izan ditezkela, gehiago diot, badirela mixterioak: erran nahi da gauza, egia batzuek, gure adimenduaz goragokoak, Jainkoaren adimendu eta jakitate mugarri gabekoetan direnak, eta bere amodio miragarrian, erakutsi nahi izan dauzkigunak.

Zer gare, gu, izpiritu flako eta herbalak, Jainkoa baitan diren egia guziak jakin nahi izaiteko? Zer gare, Jainkoari erraiteko: Ene adimenduak konpreni ez dezakena ez daiteke egia izan, zuk, zer nahi den erranik ere?

Zer atrebentzia! Zer errokeria, Jainkoa gure neurrian eman nahi izaitea, konprenitu nahi izaitea, harek bere Jainkozko argiekin konprenitzen dituen eta dakizkan gauza guziak!

Gehiago erranen dut. Mixteriorik ez luken Erlijionea ez laiteke egiazko Erlijionea. Jainkoa mugarririk gabekoa da bere izaite eta perfezionetan, mugarririk gabekoa ere bere obretan agertzerat emaiten duen botherean eta amodioan. Nola beraz, gisa guziz herstua den adimendu batek, nola baita gizonarena, horiek guziak osoki konpreni detzazke?

Mixterio horiek berek frogatzen dute beraz, Jainkozkoa dela gure Erlijionea, ez gizonek egina.

19 Bainan, mixterioak, edo, guk ezin konprenituzko gauzak, ez othe dire bada Erlijionean baizik aurkitzen? Mixterioen erdian bizi gare. Gizon ez deusa! Erran diezadazu zer den, gure pentsamenduak, burdin hari baten medioz, urrunerat eramaten dituen indar hori? Izen bat eman diogu, zer den ez dakigu: Mixterioa! Erran diezadazu, nola, ene arima eta gorphutza, bat, izpiritu hutsa, bertzea materia, erran nahi da, iduriz bat bertzearen kontra dohazin bi izaite, elgarrekin juntatuak diren, gizon bakar bat egiteko gisan? Mixterioa! Erran diezadazu, nola, ene mihia higituz mintzo naizelarik, edo, hitz hauk izkribatzen ditudalarik, ene sentimenduak ene arimatik zure arimarat dohazin? Mixterioa!

Mixterioz inguratuak gare bizi huntako gauza naturaletan beretan. Nola beraz ez onhets, balinbadire Jainkozko gauzetan gure adimenduaz goragokoak?

Kontrarioa laiteke espantitzeko; hanbat da Jainkoa gutaz gorago!

Ez dezagun beraz bilha, eian, hau edo hura, gure adimendu xoilarekin konprenitzen ahal dugun.

Jainkoa eta haren Eliza mintzatu izan diren mementotik, erran dezagun: Jauna, sinhesten dut: CREDO! sinhesten dut, zeren, zuk, egia bera zarenak, erakutsi baideraukuzu.

Horra salbatzen gaituen egiazko giristino fedea.


SEI-GARREN KAPITULUA

Mirakuiluez

20 Gure Erlijio sainduan badiren bezala mixterioak, erran nahi baita, aintzinean esplikatua izan dena, gure adimenduaz goragoko egiak, badire ere mirakuiluak; eta hek dire Erlijionearen zimendu hazkarrenetarik; ezen miraikuilua Jainkozko obra bat da.

Hemen ere, zenbat gauza, hainitzen izpirituetan xuxendu behar direnak!

Entzuten ditut Erlijionearen etsaiak erraiten dautedala: «Fedearen erakaspenetan, mixterioaz bertzalde, bada oraino gauza bat onhets ez dezakeguna; hura da mirakuilua. Bada zure erranetan, bethi eta bethi, mirakuilua aurkitzen dugu. Ebanjelioa hetaz bezik ez da mintzo. Erran daiteke, predikatzen daukuzun sinheste guzia, mirakuiluen gainean jarria eta finkatua dela. Ken beraz mirakuilua, eta Fedea eta Erlijionea airean gelditzen dire. Bada, zuk, mirakuilua deitzen duzuna, niri zait ez daiteken gauza bat».

Horra zer erraiten dautan inpioak, Fede gabeak.

Nik erranen diot aldiz: zoro eta adimendu gabe bat bezala mintzo zare.

Diozu: Mirakuilurik ez daiteke izan: beraz ez dire izan.

Nik erraiten dautzut: Izan dire mirakuiluak, beraz izan daitezke.

Mintzo zare, zu, zure pentsuen arabera; ni mintzo naiz, aldiz, dudan ezin emanezko lekukotasunez seguratuak diren gauzen gainean finkatzen naizelarik. Hortan da ene garaia, laster zeronek aithortu beharko duzun bezala.

Mirakuiluak, gauza ageri batzuek dire, gure begiek ikusten eta gure eskuek unkitzen ahal dituztenak.

Huna hementxe, itsu bat: norbeitek unkitzen diozka begiak eta erraiten dio: «nahi dut izan zaiten sendatua; idek dezatzu begiak eta ikus zazu,» eta hala gertatzen da. Horra gauza bat guzien begietarat dohana.

Bertze aldi batean, huna jende oste handi bat, gizon gazte baten gorphutza hobian daramakana: badakite guziek, gizon gazte hori hil izan dela. Norbeit hurbiltzen da, eta guziek ikusten eta entzuten dutelarik, hobia eskuaz unkitzen du, eta erraiten: «Gizon gaztea, altxa zaite hobi hortarik, manatzen dautzut». Eta hila, guzien begietan altxatzen da bizirik eta mintzatzen da.

Ehunka, milaka direnean lekukoak gauza horiek seguratzen dituztenak, bere begiez ikusiak bezala; deus irabazirik gabe berentzat; kontrarat, hainitzek gauza hoikien finkatzeko bere bizia emaiten dutenean, nork bada dudarik izan dezake?

21 Ez ditut gauza horiek, ene begiez ikusi, diozu? Bainan zenbat gauza, sinhesten eta sinhetsi behar ditutzunak, bertzeren erranaren gainean? Sinhesten duzu, Frantziak, hainitz urthez bere buru eta aintzineko izan duela, Napoleon lehena. Sinhesten duzu garaia eraman duela, Auzterlitzeko, Marengoko, Jenako eta bertze hainitz guduetan, eta hori, zeronek ikusi izan gabe. Nola bada? Gauza horien lekuko izan direnen erranari jarraikiz.

Zertako beraz, ez sinhets, gisa berean mirakuiluak? Hek ere dire agerizko egintza batzuek, ikusi ahal izan direnak eta ezin ukatuzko lekukoek seguratzen dituztenak.

Bainan ikus dezagun artoski zer den mirakuilua.

Mirakuilua othe da gauza bat ez daitekena?

Gauza bat Jainkoaren bothere soberanoaz gorago dena?

Ez. Mirakuilua da xoilki gauza bat, mundu huntako gauzak ordinariozki gobernatzen dituzten legez gorago, eta hetaz kanpo dena.

Hola mintzo da S. Thomas. Dio, mirakuilua dela: «Kreazionearen ordenaz kanpo eta gorago den gauza bat.» (Quod fit proeter ordinem totius naturae creatae. (lPars q. 110 art. IV in corp.)) Dotor saindu berak erraiten du oraino; «Mirakuiluak deithu behar ditugu: Jainkozko bothereaz mundu huntako lege ordinariozkoez kanpo egiten direnak.» (Illa simpliciter miracula dicenda sunt, quae divinitus fiunt praeter ordinem communiter servatum in rebus. (S. Thom. contr. Gent. Lib. III. Cap. 101))

Bada, Jainkoa baitan sinhestea dutenetan, nor izanen da erraiteko, mundu hau egin eta kreatu duen Jainkoak, ez dezakela deus egin berak egin dituen legez bertzalde?

Errokeria laiteke pentsatzea eta erraitea. Bere baitarik doha, mundu hau bere ordenantza eta lege miragarriekin egin duenak, lege horiek kanbia eta muda detzazkela, berak hala nahi badu, edo hobeki erraiteko, denbora batentzat, sahetserat utz detzazkela, hekietaz kanpo, zerbeit egiteko bere bothere soberanoaz. Bertzela, ez luke, berak egin duen munduaren gainean nausitasunik; ez laiteke Jainko.

22 Kreatura ez deusak, aski zoroak izanen othe gare, Jainkoaren bothereari zedarriak eman nahi izaiteko? Aski zoroak erraiteko: Ez daiteke mirakuilurik: hori baita ene argiez eta ahalez gorago den gauza bat.

Bainan mirakuilua ez da xoilki egia bat, gure izpirituaz eta adimenduaz juiatu behar duguna. Da ere, gauza bat, egintza bat, gertakari hat gure begiez ikusten ahal duguna, gorago jadan erran dugun bezala. Eta gauza, egintza, gertakari horiek bermatuak direnean lekuko segurez, hala nola izan baitire Ebanjelistak eta Apostoluak, bere odola hartako ixuri izan dutenak, nola daiteke dudarik?

Bi hitzetan emaiten dut kapitulu premiatsu hunen erakaspena.

Mundua gobernatzen duten legeak egin dituen Jainkoa, ez da, bera, lege horietaz estekatua, haren nahitik dutenaz geroz bere indar guzia. Lege horiez kanpo, eta hoikien sahetsean, berari zaiona egin dezake. Zer da hor gure adimendua kolpa dezakenik? Eta hori da mirakuilua.

Egiazki, Jainkoak egin izan ditu horrelako mirakuiluak. Hor dire frogatzeko Testamentu zaharra, Ebanjelioa, Jesu-Kristoren bizia, Elizaren eta Sainduen ixtorioa, eta berme, lekukoak milaka.

Bainan jakin dezagun ere, Jainkoak xoilki egin ahal detzazkela mirakuiluak. Mirakuilua Jainkoaren zigillua da. Ardiesten ahal dugu askotan gure othoitzez; bainan Jainkoa da bakarra egin dezakena.

Ikusten dugu beraz, Fedezko egiek, mixterioek, mirakuiluek, ez dutela, den gutiena ere, gure adimendua kolpatzen. Gure adimenduaz gorago dire, ez haren kontra. Bainan ere, non eta baitire, Jainkoa han da.


ZAZPI-GARREN KAPITULUA

Fedea gizonaren bihotzarentzat

23 Nork duda dezake, erran ditugun guzien ondotik, Fedeak eta Fedeak bakarrik emaiten ahal dauzkigula, izpirituarentzat eta adimenduarentzat galdegiten ahal ditugun argi guziak?

Filosofo pagano guziek egin ahal ez dutena, Fedeak, ilhunberik gu baitan utzi gabe, erakusten dauku, nortaz eginak garen, zer eginbide dugun gure kreatzaileari buruz, norat gohazen, eta zer behar dugun egin, Jainkoak guretzat dagokan zorionerat heltzeko.

Jainkoaz eginak gare, eta egin gaitu, guziek katiximan, haur haurretik, ikasi izan dugun bezala, haren ezagutzeko, maitatzeko, zerbitzatzeko, eta gisa hortan bethi ereko zorionaren ardiesteko.

Horra gure izpirituarentzat. Badakizkigu segurki, guretzat premiatsuenak diren gauza hauk: noren ganik heldu garen, zer behar dugun egin, eta noren ganat gohazen.

Bainan, ez da xoilki hortan gizona. Badu izpiritu bat, adimendu bat, argitua izan nahi duena: badu ere bihotz bat zorionaren gosea eta egarria duena.

Zoriona! Guzien gutizia eta ametsa. Ez da nihor bilhatzen ez duenik.

Gerta daitezke eta ikusten dire, epheltasunean, hoztasunean egoiten direnak, Erlijioneko gauzen eta egien gainean; batzuek ere gerla egiten diotenak. Ez da nihor, alde bat eta bethikotz, zorionari uko egin nahi dionik. Eta ongi eta xeheki bilhatzen baginitu gizonen urhatsen eta harat hunaten arrazoiak ikus ginezake, bethi zorionaren bilha dabiltzala.

Nola daiteke bertzela?

Jainkoak, gizona zorionean eta zorionarentzat egin zuen; arraina urean igeritzeko, hegastina airetan hegaldazeko bezala, orobat gizona, zorionean izaiteko. Bere hutsak galdu zuen, eta eman zorioneko baratzetik kanporat.

Bainan gizonaren naturaleza ez da mudatzen: lurreko parabisuko gozotik ilkitzean, eraman du berekin haren orhoitzapena eta bihotz mina. Zerentzat egina izan baita, eta hura, molde guziez bilhatuko du.

Izan daiteke errebela dadien, ardura ere, bere urhatsetan, bide tzarrak har detzan; eta dohakabeak ez du menturaz ikusiko, begiak itsuturik leze zolarat dohala. Hargatik, bere urhats errebelatuenetan, zoriona eta bihotzaren asea bilhatzen du. Hanbat eta hain barna ditu haren bihotzean, erruak eginak zorionaren gutizia ezin kenduzko horrek!

Zer bada? Jainkoak bere kreatura idorki enganatzen othe du? Berak eman othe dio bihotzean, zorionaren nahia eta gutizia, sekulan aphazegatua eta sasiatua ez izaiteko?

24 Errana da, marinelek, edo, itsasoan dabiltzanek, gertakari bat askotan ikusten dutela. Itsaso zabalaren erdian direlarik, iduri zaiote, argiaren eta hedoien arrimu berezi batez, lurra hurbil ikusten dutela. Badohaz aintzinat, laster lurra zangoez unkitzeko esperantzarekin. Bainan zer? Huna non, zenbatenaz aintzinat baitohazi eta hanbatenaz, bere ustez, ikusten zuten lurra, urruntzen zaioten! Begietako enganu bat zen.

Horrela othe da gizonaren bizia? Kondenatua othe da, noiz eta ere uste baitu zoriona eskuez unkitzera eta besarkatzera dohala, gero eta gehiago urruntzen ikustera? Ez dezakegu uste izan, jakinez, Jainkoa zoin den Aita ona, bere amodioan egin duen gizonarentzat. Dudarik ez da, Adamek bekatu egin duenetik, sofrikariozko eta gaztiguzko bizi batean dela gizona; bainan ez da haren gaztigua, leze bat hain ilhuna, non ez baititazke harat hel argiaren zenbeit arraio; haren pena ez da esperantza gabekoa.

Geroago, xehetasunekin erranen duguna, hitz batez erran dezagun, orai beretik. Lurreko parabisuan zuen zoriona galdu izan du gizonak: bainan nahi badu jeneroski merezitu, Jainkoak emanen dio, zeruan, Jesu-Kristoren merezimenduez, eta, mila aldiz nasaikiago, hain finki desiratzen eta bilhatzen duen zorion osoa.

Bainan zerua urrun da. Harat hel arteraino, ez othe du fede-dunak berak, deus kontsolazionerik igurikitzeko mundu huntan?

Zer ikusten dugu? hanbat pena, nahigabe, nigar ixurtze. Egia da; zenbeit badire, iduriz bederen, deus gutiziatzeko ez dutenak; gauza guziak eskuetarat dohazkote; nahi izaitea aski, eta hekien nahi guziak, hain laster betheak dire. Diru, lur, ohore, ez dute deusen eskasiarik.

Hekien aldean eta inguruetan, zenbat bertzelako? Pobreak eta erromesak, eriak, ezinduak eta bertze hainitz gisetako, mundu huntako ungi eta gozo guziez gabetuak direnak!

Hemen, espos desolatu bat, bere lagun maitea galdurik, nigarretan eta pobrezian bere bizi guzikotz gelditzen dena; hortxe, aita-ama gabeko haur gaixo batzuek, bere nigarrez baizik mintzatzen ahal ez direnak; hor oraino, familiako eta etxeko buruzagi bat, eritasunaz bere ohean itzatua: bereak ikusten gosea menturaz sofritzen, eta ezin laguntzarik eman; hantxe, zoko batean, buraso xahar eta ezindu batzuek bere haurrez idorki ahantziak eta bazterrerat utziak. Eta zenbat bertze holako!

Zer? izan daitekela hoikientzat mundu huntan zorionik?

Bai. Nahi bezain garratz zaioten, iduriz, Jainkoa agertzen, ez da hoikientzat ere, bizi hau bera, kontsolazionerik gabe, egiazko giristinoak badire; balinbadakite beraz, Jainkoa baitan, bere kontsolazionea bilhatzen.

25 Ez detzagun gauzak idurien arabera xoilki preza eta juia. Mundu huntako bereko gozoa eta zoriona ez dire bethi guk uste dugunetan aurkitzen.

Asko gizon zorionean direla atxikitzen ditugu, hala dutelakotz itxura. Nork daki hekien aberastasun, ohore, jauregi eta edergailu guzien gibelean, zer pena eta sofrikario, arta handirekin gordetzen diren? Errana eta egia da: distiatzen duen guzia ez dela urrea. Gisa berean, gure begientzat zoriona iduri duena, ez da bethi egiazko zoriona.

Barna eta funtsean gauzak pisatzen baditugu, erran behar dugu, ez daitekela zorion osorik aurki, mundu huntan: Adamen bekatuak deboilatu du Jainkoak hastapenean egin zuen obra. Ez ditu hargatik Jainkoak, bere amodiozko begiak, osoki gure ganik urrundu.

Fedean eta Erlijionean emaiten dauzkigu, gure bihotzarentzat, asko kontsolazione ezti eta gozo, gure indar eta sustengu izaiteko, bizi huntako gudu eta jasan gogorretan.

Bainan kapitulu hau ez sobera luzatzea gatik, gauza hori, segidakoan ikusiko dugu.


ZORTZIGARREN KAPITULUA

Fedeak zer kontsolazione duen gizonaren bihotzarentzat

26 Maitatzea, horra gizonaren bihotzaren lehen beharra. Bainan bihotzeko behar horrek, bere satizfazione osoa izaiteko, galdegiten du, maite duguna, leial egonen zaikula bere aldetik, eta ez dugula sekulan galduko.

Bada, horiek dire gauzak, Fedeaz eta Erlijioneaz kanpo, mundu huntako amodioak emaiten ahal ez dituenak.

Har dezagun amodioetan hazkarrena, garbiena, sainduena: ephel daiteke eta iraungi, gizonaren bihotzeko sentimendu guziak bezala, zeren berenaz, gizonaren bihotza flakoa eta itzultzeko errexa baita. Trixteki egun guziez gauza hori ikusten da.

Kreaturen amodio eta adixkidetasunen duda muden erdian, non aurkituren du gizonak, bere bihotzaren sosegua eta bakea? Bakarrik, sekulan enganatzen ez duen adixkidea baitan.

Erranen dio Fedeak baduela zeruan Aita bat, adixkide bat, bethi leial, bethi amultsu egoiten zaiona, sekulan ahanzten eta begietarik galtzen ez duena. Erranen dio Fedeak, baduela adixkide eta Salbatzaile bat, bere amodio izari gabean, gure ganat jautsi eta aphaldu izan dena Jesu-Kristo, Jainko-Gizon, gure adixkide eta anaia nahi izan dena egin. Eta guzien gainetik Jesusen Bihotz Sakratuan aurkituren du bere bake osoaren leku gozoa.

Bainan erranen dautazue menturaz: Jainkoaren eta Fedearen kontsolazionetarat joan gabe, ez othe da amodio bat, bat bederen, deusek hausten eta kordokatzen ez duena? Amodio bat, deusez ttipitua izan gabe, denboraz beraz hazkartuz dohana, aita-amen amodioa bere haurrentzat, eta haurren amodioa, bizia eman dioten aita-amentzat?

Emagun, gehienean bederen hola dela. Bai; bainan, lokharri hain maite, ezti eta amultsu horiek berek, badute etsai bat trenkatzen dituena, eta hura da heriotzea, maiteenak berak bat bertzea ganik berexten dituena.

Elgar hain ongi maite zuten bihotz hoikieri, zer geldituren zaiote, ez badire Fedearen esperantzez sustengatuak? Deus ere; bizi direino ezin agortuzko nigarrak, eta tonban, bethiereko ilhunbeak.

Fedeaz ordean argituak balinbadire, badakite ongi, ez dela fede-dunentzat, bethiereko heriotzerik; heriotzea dela, xoilki eta bakarrik, bat bertzea ganik denbora batentzat berexia izaitea; belo bat, pareta bat bezala, bizi hunen eta bertze biziaren artean. Ken dezagun belo eta pareta hura, eta bertze aldean agertzen zaizkigu, bethiereko zorionaren argian, bizi huntan maite izan ditugunak. Fedeaz argituak eta sustatuak, badakigu, ongiari, bertuteari, Jainkoari leial egonez, elgarren ganat bilduko garela egun batez, bethiko zoriona, Jainkoaren aintzinean gozatzeko.

Oi! Zenbat aita-ama, zenbat haur, zenbat espos giristino, sinheste horrek kontsolatzen eta hazkartzen dituen! Zenbat nigar xukatzen! zenbat bihotz sustatzen bizi huntako atsegabe guzien erdian!

Sinheste eta esperantza hori kentzen badugu, bihotz eri eta doloratuetarik, zer zaiote gelditzen? Ilhunbe beltzak eta etsimendua.

27 Bihotzeko pena eta jasan gogor horietaz bertzalde, bertze zenbat oraino, gizonari, bizi huntan jarraikitzen direnak! Egun guzietako ogiaren irabazteko jasan behar diren unhadurak; pobrezia, miseria, gosea, eritasunak, etsaien herrak, gaxtuen persekuzioneak; nork erran bizi huntako pena eta nahi gabe guzien saila handia?

Hemen ere badu fede-dunak argi bat errebelatzen ez duena; gozo bat, daiteken bezinbatean bederen, bihotza kontsolatzen diona.

Argi harek, zeruan irakusten dio pena guzien akabantza. Boza ezti batek erraiten dio: penetan zare, bainan ez dire bethikoak izanen zure penak; fedearen erakaspenen arabera jasaiten baditutzu, bethiko zoriona merezitzen dautzute. Jesu-Kristok ere bere gorphutzean, bihotzean eta ariman jasan izan du, gizon guziek baltsan emanik jasan ahal izan duten baino gehiago. Bainan, bere Pasioneaz saindutzen ditu zure penak, harekin bat egon nahi bazare. Sofritu du eta hil da; bainan bentzutu du heriotzea, eta piztu da, gehiago ez hiltzeko eta zeruetarat igaiteko. Erraiten dautzu: garraia zazu zure kurutzea; jarraik zaite niri, eta nik piztuko zaitut, zeruko erresuman hartuko enekin, eta partalier eginen sekulan akabantzarik izanen ez duen zorionean.

Esperantza horrek ditu hazkartu denbora guzietako martirak hanbat bozkarioekin, bere bizia Jainkoarentzat eman dutenean. Esperantza horrek berak, nahiz molde gordeagoan, sustengatzen ditu egiazko giristino leialak, egun guzietako penen jasaiteko.

Zoin dorphea eta ilhuna laiteken gure bizia, ez bagindu Fedeak emaiten daukun esperantza! Zoin trixtea laiteken gure zortea gure burueri erran behar bagindu: hemen, lur behere huntan sofritu eta penatu ondoan, akabo guziak. Hemen, ez bake eta kontsolazionerik; deus, gure bizia ezti dezakenik; eta hil ondoan putzu ilhun bat lurrean, gure gorphutzarentzat, harren bazka izaiteko.

Ai! bai! Zer laiteke esperantza gabeko bizitze hori?

28 Bainan, zorionean, erakusten dauku Fedeak, badela, bizi huntarik lekora, bertze bizi bat, zointan izanen baitugu gure ongi eginen eta bertuten saria.

Horra zer egiten duen Fedeak gure bihotzarentzat. Mundu huntan, amodio on eta sainduaz elgar maitatu izan duteneri, esperantza emaiten diote, ez direla bertze bizian, elgarren ganik berexiak izanen. Pena guzien erdian, hazkartzen eta sustatzen ditu bihotzak, zeruko sariaren esperantzaz.

Urusak beraz, miletan urusak bere bihotzaren bakea, eta biziko penen kontsolazionea Fedearen erakaspenetan bilhatzen ahal dutenak! Penetan badire, altxa detzatela goiti bihotzak: Sursum corda! Badakite, Jainkoak berak, zeruan, nigarrak xukatuko diozkatela.

Erran dezagun beraz. Bizi huntan berean, aurki daiteke, neurri batean, gure bihotzak bilhatzen duen zoriona. Ez osoa; hori, zeruan da. Bainan, bizi iragainkor eta miseriazko huntan izan daiteken bezin batean, aurkituko dugu, pena eta kalerna guziez gorago, Jainkoaren amodioan eta zerbitzuan, zeruaren esperantzan, edo, bertze hitzez erraiteko, Fedean eta Erlijionean.

Bertze gauza guziak iragainkorrak eta enganakorrak dire. Jainkoa baitan bakarrik da gure zoriona, eta gure esperantza ezin kordokatuzkoa.


Bl-GARREN ZATHIA

JAINKOAZ ETA KREAZIONEAZ

LEHEN KAPITULUA

Jainkoaz. — Bada Jainko bat munduaren Egilea

29 Erlijioneko lehen egia hau da: Bada Jainko bat.

Giristino Erlijione guziak sinheste hortan du bere zimendua.

Horra zertako, bere Credoaren buruan Apostoluek eman duten: Credo in Deum: Sinhesten dut Jainkoa baitan. Hortan da bertutearen eta salbamenduaren hastapena. Apostoluak dio: «Jainkoa ganat hurbiltzeko, behar dela lehenik, Jainko bat badela sinhetsi.» (Credere enim oportet accedentem ad Deum, quia est. (Ep. B. Paul. Apost. ad Hebr. XI, 6).)

Bada Jainko bat! Liburu Sainduak hartaz bethi mintzo dire. Bainan, Liburu Sainduez bertzalde ere, hori da egia bat, zoinaren gainean, ez baidaiteke dudarik izan adimenduaz dohatua den izpiritu batean.

Populu eta jende guziek, salbaienek eta gutienik argituek, egia hori sinhetsi izan dute, eta bere moldean Jainkotasuna adoratu.

Bada Jainko bat! Zeruak eta lurrak bere ordenantza ederraz, haren izaitea eta zuhurtzia kantatzen dituzte. (Coeli enarrant gloriam Dei, et opera manuum ejus annuntiat firmamentum. (Psal. 18).)

Iduri luke aski behar laitekela, begien idekitzea, egia horren onhesteko.

Zer ikusten dugu? Itsaso zabal miragarria; mendi eder eta handiak bi lekuko bezala, Jainkoaren izena erraiten dutenak: «Miragarriak dire itsasoaren goratzeak, miragarria da Jainkoa mendietan, dio Dabid Profeta Erregeak.» (Mirabiles elationes maris, mirabilis in altis Dominus. (psal. 93).) Zer ikusten dugu oraino? Gure inguruetan, landare, arbola, lore eta frutuak bere denboretan ethortzen; gure buruez gainean, zeru urdinean, iguzki distianta, ilhargi eztia, izar ezin kondatuak, bethi lege eta bide berak segitzen dituztenak, sekulan lege hekietarik apartatu gabe.

Eta horiek guziek, ez dutela egilerik? Hoin ongi erregelatu gauza horiek bere baitarik direla? Zer zoramendua!

Egia bat bada guziez aithortua: deusetarik, ez dela deus berenaz ilkitzen. Etxe batek galdegiten du hargina; burdin lanak, harotza. Eta mundu miragarri hunek ez lukela egilerik?

30 Badute gauza guziek hastapen bat. Emagun landare edo animalia bat, zoin nahi. Landare, animalia bakotxak hazi bat izan du bere hastapentzat. Hori da nihork ukhatuko ez duen gauza bat. Bainan, zohaz nahi duzun bezin gora. Hastapenean aurkitu beharko duzu hazi bat, ez dena bere baitarik.

Huna nola, sei urthetako haur ttipi bati, egia hori agertu zitzaion.

Goizeko aphairu edo gosariaren egitera zohan bere amarekin. Atsegin zen ikustea, zoin gogo onez, bere ogi poxiak bustitzen zituen arroltze freskoan.

—Badakizu, ene haurra, galdegiten dio amak, nork egin duen orai jaten duzun arroltze hori?

—Bai, dio gure gizon ttipiak; zuk, ene phestan, eman dautazun oilo xuriak.

—Eta oilo xuria nondik ilki da?

—Bertze arroltze batetarik.

—Eta nork egin du arroltze hura?

—Arroltze hura? dio haurrak hirriz dagolarik; eta bada bertze oilo batek, eta bethi gisa berean; oiloak arroltzea, eta arroltzetik oiloa.

—Bainan nondik heldu da lehen arroltzea?

—Lehen oilotik.

—Arras ongi, ene haurra, horrat dino. Bainan erraiten bazinaut, nondik heldu den lehen oilo hura?

Haurra eman zen pentsaketan, eta laster, erran zion amari: Ama, hura, Jainko maiteak egin izan du.

Gizon jakintsunek edo, bere ustez bederen hala direnek hitz ederrak erranen dituzte. Mundu hunen hastapenaz den bezinbatean, ez dute aurkituko sei urthetako haur ttipi horren hitza baino zuzenagorik.

Gau eder eta ezti batekin, Fenelon Kanbraieko Artxaphezpiku handia, freskuran zabilan bere iloba gazte batekin.

Mila izarrez distiatzen zuen zeruak; iduri zuten urre xorta edo itze batzuek zeru urdinean finkatuak.

Arratseko aire ona hartuz zabiltzalarik, galdegiten dio haurrak bere osabari zer oren den. Fenelonek hartzen du eskuetan oren erakustekoa. Zortzi orenak ziren.

Oi! Zer gauza ederra, dio haurrak; hurbildik nahi dut ikusi.

Osabak erraiten dio: Gauza eder eta orenak hain xuxen irakusten dituen hau, bere baitarik eta bakar bakarrik egin da, ene haurra.

—Bere baitarik? dio haurrak, osabari hirri ezti batekin behatzen diolarik.

—Bai, bai, bera; norbeitez aurkitua izan da, uste gabean, toki galdu batean, eta segurki bera egina da.

—Hori ez daiteke; nitaz hirri egin nahi duzu.

—Ez haurra, ez naiz zutaz burlatzen. Zer da bada hor ez daitekenik?

—Bainan, ene osaba, orena irakusten duen gauza bat ez daiteke bera egina izan.

—Zertako ez bada?

—Zeren, hortan baitire hainitz gauza, hain ongi moldatuak eta ordenatuak, non, ez baita nor nahi den gai, hoin zuzenki hoikien egiteko. Izpiritu ernea eta esku ona behar dire hortako. Ene osaba, hori erran dautzunak enganatu zaitu.

31 Fenelon, Artxaphezpiku jakintsun eta sainduak besarkatu zuen bere iloba, eta zeru eder eta distianta erriz irakusten ziolarik, erran zion: Zer uste izan, beraz, ene haurra, gauza eder eta miragarri horiek guziak, berak eginak direla erraiten dutenez?

—Zer, osaba, badire gizon aski zoro eta ozarrak horren erraiteko?

Bai; badire hori erraiten dutenak. Bainan, ikusten duzu: ez balinbadaiteke oren irakusteko bat bera egin, nola daiteke, lurra, zerua eta gizona bereziki, berak egitea?

Gizona, guzien gainetik, ez daiteke Jainkoaren obra baizen izan. Bere gorphutzean eta oraino hobeki, bere ariman dituen bothere miragarriak ageriak dire, Jainkoaz egina dela.

Galien, bi-garren mendean bizi zen miriku jakintsun aiphatu batek, gizonaren gorphutzean diren gauza miragarriak ikusi ondoan, erraiten zuen: «Oi zu! gu egin gaituzuna, zer himno ederra kantatu dudan zure ohoretan!»

Afrika mortuko Arabe gaixo bati galdegiten zion norbeitek, nola bada segurtatu zen bazela Jainko bat.

Errepustu eder hau eman zion: hala nola, ikusten baitut harrinaren gainean, arrastoetarik, eian bestiak, edo, gizonak ibili diren.

Nork beraz, ikusiz munduan eta bereziki gizona baitan, bothere soberano baten frogak, ez du erran nahiko: Bai, egiazki, Jainko handiak bere urratsen seinaleak hemen utzi ditu.

Brancks izena zuen gizon bat zen hainitz aiphatua, lurraren asko bazterretan ibili zituen urratsez, eta horietan bildu zuen jakitateaz. Joan zen egun batez Georges Angletarreko Erregearen ikustera. Asko gauzez mintzo zirelarik, Erregek galdegin zion: Zer da, bada, munduko zure itzuli eta harat-hunat guzien erdian, ikusi duzun gauzarik ederrena? Errege, zion erran, Nik ikusi dudan gauzarik ederrena izan da, munduaren nausia.

Errepustu ezin ederragoa!


BI-GARREN KAPITULUA

Jainkoaz (segida)

32 Bada Jainko bat.

Jende eta populu guziek bere sinhesteaz lekukotasun bihurtzen diote. Joan gaitezen munduaren bazter guzietarat, iguzkiaren suez erreak, horma-pean direnetarat bezala. Ikusiko ditugu, pentsu, sinheste, bizitzeko molde osoki desbardinak. Bainan guzietan aurkituko dugu Jainkoaren sentimendua eta haren baitako sinhestea.

Ez dugu zeren mintza Liburu Sainduez; bai Testamendu Zaharra, bai Berria Jainkoaren izenaz betheak dire.

Eman detzagun xoilki, Pagano zaharren lekukotasunetarik zenbeit. Platonek erraiten dauku: «Ez dela nihor egon haurretik, zahartu artino, Jainkorik ez delako sinhestean.» Aristotek dio, mundu hunek Jainkoaren izaitea frogatzen duela. Huna zer dion, bere aldetik, Ciceron Erromakoak: «Ez da jenderik, nahi bezain salbaia eta barbaroa izan dadien, jakin ez duenik badela Jainko bat, nahiz menturaz, ez duen jakin ahal izan nola behar duen adoratu.» Entzun dezagun Plutarke: «Munduaren parrapioetan ibiltzen bagare, aurkituko ditugu menturaz, paretez inguratuak ez diren hiriak; jakitate, lege, etxe, diru eta aberastasun gabekoak... bainan tenplo edo eliza, Jainko eta othoitzik gabeko jenderik, ez du nihork ikusi.»

Egia da. Populu pagano horietarik hainitz, hobeki erraiteko, guziak, enganatu eta oraino enganatzen dire, Jainkoaren izaitearen juiatzeko eta prezatzeko moldean. Hekien sinheste eta Erlijioneko egintzetan, hainitz gauza aurkitzen dire hirrigarriak eta askotan ere izigarriak.

Bainan ilhunbe guzien erdian, Jainko bat bazela eta adoratu behar zelako sinhesteari hain ziren estekatuak arimen zolatik, non, egiazko Jainkoa ezagutu eskasian, kreaturak, iguzkia, ilhargia, izarrak, bestiak berak adoratu baitituzte.

Nondik eta noren ganik bada, ethorri zaiote sinheste hori populu guzieri, denbora eta leku guzietan? Argitueri, hala nola Grekeri eta Erromanueri, hala ere, salbaia, bertze gauza guzien gainean, ilhunbe handietan pulunpatuak zireneri?

Batzuek bertzetarik, bere pentsu eta bizitzeko moldeaz, hain desbardin populuek, elgar sekulan ikusi ahal izan gabe, nola bada izan dute, denbora eta leku guzietan, sinheste bera Jainkoa baitan?

Ez dezagun hainitz bilha. Jainkoa bera da, gizonaren bihotzean eta ariman sentimendu eta sinheste hori eman duena. Jainkoak berak eman ziozkan bere erakaspenak Adame lehen gizonari; nahi bezain ilhunduak izan diren Adameren bekatuaz, denboraren lanaz eta gizonen pasionez, zerbait hetarik gelditu da, eta bereziki Jainkoaren baitako sinhestea.

33 Jainkoak gure baitan eman duen sentimendu hortaz bertzalde, bada bertze gauza bat oraino, populu, guti argituen beren begietarat dohana.

Zoroak, sinheste gabeak erraiten du: Nork ikusi du gauza guzien Egile eta Nausi dagokazun Jainko hori?

Zoroa, bai! Zenbat gauza, zure begiez ikusi gabe onhesten ditutzunak? Ikusten duzu airea, ikusten zure arima? Ikusten ditutzu zure eta ene pentsu eta sentimenduak? Ez; eta, hargatik, gauza hoikien guzien gainean baduzu sinhestea; hekien efetuak eta obrak ikusten ditutzulakotz.

Gisa berean da, Jainko munduaren Egileaz. Haren obra miragarriak ikusiz, den gutieneko adimendua duten guziek konprenitzen dute badela gauza horien Egile bat.

Bada, denbora eta leku guzietako jendek onhetsi eta sinhetsi dutena, ez daiteke egia baizik izan; hori baita, gu baino goragoko norbeitek gu baitan eman duen argiaren lekukotasuna; edo lehen gizonaren erakaspenen orhoitzapena, menderen mende atxikia.

Jainko bat badela emanen dudan bertze froga bat, hau da.

Gutarik bakotxak garraiatzen du bere ariman, argi bat, boza bat, irakusten eta erraiten diona zer den ungi eta zer gaizki; zer behar dugun egin, eta halaber zeri ihes egin.

Eta ez da hori xoilki aireko hitz bat, bainan lege bat hertxiki obligatzen gaituena. Gure baitan sartzen bagare ez othe dugu aitortuko egiazki obligatuak garela asko gauzeri ihes egitera eta kontrarat bertze hainitzen egitera?

Nork ez du bere baitan entzuten oihu bat erraiten diona: Ez duzu ebatsiko; bertzerena, ez da zurea; ez duzu nihor hilen edo hel-gaiztuko; ez duzu nihori eginen, bertzek zuri egitea nahi ez zindukenik. Horrela eginez, hobendun zintezke eta gaztigua merezi zinduke.

Nork ere ez du bere bihotzaren zolan entzuten bertze hitz hau: egin zazu ongia; zure ahalaren arabera lagun zazu beharretan dena; gose denari emozu jatera; egarri denari edatera; bilhuzia denari, jauntzia; izan zaite justu zure egintza eta urrats guzietan; zuzen zure lanetan; leial zure hitzetan.

34 Erran nahi da, hitz batez: Egin zazu bertzeri, bertzek zuri egitea nahi zindukena. Horrela, ungia eginen duzu eta sari bat zor izanen zaitzu.

Guziek gu baitan garraiatzen dugu lege hori; ez dezakegu ukha; gure ariman eta kontzientzian gora mintzo da.

Lege hori ez da gu baitarik heldu.

Ezen, ardura, dorphea eta garratza da. Gure naturalezari min egiten dio; hainitzetan, gure gutizien eta jaiduren kontra doha. Bertzalde eta gehiago dena, jenerala da, eta guziek bere baitan dakarketena.

Bainan ez bada lege hori gu-baitarik heldu, gure jaidura tzarren kontra balinbadoha, nondik heldu da bada? Nork egin du? Nor izan da aski botheretsua gizon guzien bihotzetan horren emaiteko? Nork bereziki, gizon guzien bihotzetan eman ahal izan du, lege horri obeditzeko den obligazionearen sentimendua?

Nor izan daiteke, baizen Jainkoa, erran nahi da Izaite soberano bat, gizona baino lehen eta gizonaz gorago dena, gizonaren Nausia eta Egilea, erakutsi diona zer den ongi eta zer gaizki; manatu ongia, sariaren esperantzarekin, debekatu gaizkia gaztiguen mehatxuarekin ?

Bi hitzetan zerratzen dut azken froga hau. Balio eta indar handikoa da.

Bada lege bat, gure obra eta egintzen gidaria, nahi edo ez, gu baitan garraiatzen duguna. Erran dut, nahi edo ez; ezen nahi ginduke askotan haren kontra joan, gure jaidura tzarreri jarraikitzeko.

Ez da beraz lege hori gu-ganikakoa.

Bada beraz, gutaz kanpo, eta gutaz gorago, lege emaile bat.

Ez daiteke gizon bat izan. Ezen, gizon guziak bere naturalezaz igualak dire, eta lege horrek guzieri manatzen diote.

Lege horren egilea ez daiteke beraz Jainkoa baizen izan.

Errexki onhesten dute erakaspen hori kontzientzia garbi eta xuxenek. Tzarrek eta bide makurretan dabiltzanek lukete gutizia, lege emailerik eta juierik ez izaitea.

Hala dio Liburu Sainduak: «Zoroak erran du bere bihotzean: Ez da Jainkorik » (Dixit insipiens in corde suo: non est Deus, (Psal. XIII, 1).).

Guk erran dezagun goraki: Bai, bada Jainko bat; haren izaitea frogatzen du munduaren ordenantza ederrak; frogatzen du gure kontzientziak, ongiaren eta gaizkiaren gainean dugun argiak; frogatzen du ere guzien baitan den sinheste hunek: Badela, behar dela izan nonbeit juie bat, ongia eta gaizkia sariztatuko edo gaztigatuko dituena.

Bilha dezagun nor den ongi eta giristinoki bizi dena: harek, Jainkoa baitan, amodioz sinhesten du. Gaizki bizi denak eta gaizki dabilanak, harek nahi luke ez balitz Jainkorik.

Bainan, egun batez, aurkituko du harek ere Jainkoa, bere salbamenduarentzat ez bada, bere kondenazionearentzat.


HIRUR-GARREN KAPITULUA

Zer den Jainkoa

35 Badakigu orai, ezin dudatuzko gisan, badela Jainko bat.

Zeruak eta lurrak kantatzen dute. Zeruan eta lurrean eta guzien gainetik gizona baitan ikusten dugun ordenantza ederra haren zuhurtziaz eta bothereaz mintzo zaiku: Coeli enarrant gloriam Dei et opera manuum ejus anuntiat firmamentum.

Gogo onez erraiten dugu Linnée jakintsun handiaren hitz hau: «Ikusi dut ene begien aintzinean, Jainko bethiereko, guziz handi, guziz botheretsu eta guziz zuhurraren itzala, eta espantitua izan naiz. Desertuan segitu dut haren urratsen arrastua; zer indarra, zer zuhurtzia, zer, ezin konprenituzko edertasun osoa, haren egintza guzietan, den ttipienetan ere! »

Bainan, balinbadakigu Jainko bat badela, othe dakigu zer den Jainko hura? Ai! zoin den flakoa gure izpiritua haren konprenitzeko, zoin garen ez deusak, behar liteken bezala, hartaz mintzatzeko!

Bainan, badakit hargatik, liburu hau irakurtzen duten giristino onek zenbait xehetasun gure ganik galdegiten dituztela. Emanen ditugu beraz, gure ahalean, adimenduaren eta Fedearen argieri jarraikitzen garelarik.

Filosofo eta theologal jakintsunek hainitz liburu egin dituzte Jainkoaren, haren izaitearen eta perfezione miragarrien gainean. Bainan errexki ikusteko den bezala zenbat, Jainkoaren handitasunez beherago gelditu diren!

Konprenitzeko da. Mugarririk ez duen Izaite perfeta ez daiteke den bezala, gure argi flakoez ikusia izan.

Jakiten ahal dugun bezinbatean, zer da Jainkoa?

Jainkoa da izpiritu huts bat, eternala edo bethitik dena eta bethi izanen dena, osoki perfeta, gauza guzien Egilea eta Nausi soberanoa.

Jainkoa izpiritu huts bat da, erran nahi da, izaite bat gorphutzik gabekoa, ezin ikus ez unki dezakeguna.

Badire hirur izaite suerte.

Batzuek, xoilki gorphutz; bertze batzuek gorphutz eta arima elgarri juntatuak, eta azkenean eta horietaz gorago, izpiritu hutsak.

36 Gorphutzak ez du, ez adimendu, ez nahikunde, ez amodiorik; gure begiek ikusten dute, gure eskuek unkitzen; hala nola, lurra, harria, ura, zura, eta bertze hainitz gauza.

Bertze izaite batzuek badire, gorphutz eta izpiritu, adimenduaz dohatuak: hek dire gizonak.

Gizonak badu gorphutz bat, eta gisa hortan, lur eta mundu huntan diren bertze gorphutzen idurikoa da.

Bainan, badu gehiago arima bat, adimenduaz, nahiaz, amodioaz dohatua, bere baitan ikus ez daitekena, kanporat ageri diren egintzez agertzen zaikuna. Gorphutz eta arima elgarri juntatuak, deitzen dire, gizona.

Gorago oraino, aurkitzen dugu izpiritu xoila. Harek ez du deus gorphutzaren dorphetasunetik eta flakezetarik ez eta herioaren beldurrik. Kreaturetan, hura da aingerua. Eta kreatura guziez gorago, guzien kreatzailea eta Egilea, perfezione guziak bere baitan dituen izpiritu xoila: JAINKOA.

Jainkoak egin ditu gorphutzak ez deusetarik; bainan berak ez du gorphutzik, zeren gorphutzak, bortxaz bere flakezak eta mugarriak baititu, eta Jainkoa Izaite osoki perfeta eta mugarririk gabekoa baita. Jesu-Kristok erraiten zion emazte Samaritanoari: «Jainkoa izpiritu bat da» (Spiritus est deus. (Joan IV, 24).). Hitz bera egortzen zioten Jaun Doni Paulok Korintiako dizipulueri: «Jainkoa izpiritu da» ( Dominus autem spiritus est. (II, Corinth. III, 17).).

Egia da, ardura Liburu Sainduak Jainkoaz mintzo direla, begiak eta belarriak balitu bezala. Hori da xoilki gure araberako mintzaira bat, adiarazteko gure hitz eta egin guzien lekuko dela; Jainko bezala, oro entzuten eta ikusten dituela.

Eta ez dire bakarrik Liburu Sainduak, Jainkoa izpiritu huts, dagokatenak. Erromako jakintsun paganoen artean gauza bera, Ciceronek ( Cic.; Tusc. Quoest. Lib. 1. P. XXVII. ) eta Tacitek ( Tacit. Hist. I, V. ) erraiten daukute.

Jainkoa eternala edo bethierekoa da; erran nahi da, ez duela izan hasterik, eta, ez duela izanen akabantzarik.

Ez du izan hasterik. Haste bat izan balu, denbora bat izanen zen, zointan ez baitzen. Izanen zuen beraz kreatzaile bat, egile bat; orduan, hau izanen zen Jainkoa. Orhoit gaitezen gorago erran dugun oiloaren eta arroltzearen ixtorioaz. Lehen arroltzearen egiteko, behar da lehen oilo bat. Gisa berean mundu hunen konprenitzeko, behar da izaite bat, bethitik dena, nihork egin ez duena, eta zoinak egin baititu diren guziak. Hura deitzen dugu Jainkoa, guzien hastapena, berak hasterik ez duena.

37 Emazu gathe bat, nahi duzun bezain luzea, zerutik lurrerat jausten dena; erreztun guziek batzuek bertzeri atxikitzen diote. Bainan ez baduzu eman nahi erreztun bat edo haren egile bat, bethitik dena, hastapenik gabea, zure gathe guzia airean eta herbail gelditzen da, zeren ez baitu hastapeneko sustengurik. Gisa berean mundu huntako izaite guziez, non ez dugun nahi onhetsi, hastapenik ez duen Jainko bat, gauza guzien Egilea.

Hastapenik izan ez duen bezala, Jainkoak ez du izanen akabantzarik. Bizia bera da; guzien Egilea; nork ken diozake bizia? «Jainkoa bethi bizi da, dio Errege Profetak (Dominus in aeternum permanet. (Ps. IX, 8).). «Bizi naiz eternitate guzian, dio Jainko Jaunak berak» (Vivo ego in aeternum. (Deut. XXXIII, 40).).

Entzun dezagun oraino Dabid Erregea: «Jauna, hastapenean lurra egin duzu, eta zeruak zure eskuen obra dire. Horiek, bere akabantza izanen dute; bainan, zu, bethi egonen zare; bertze gauza guziak bezti batzuen pare higatzen eta zahartzen diren denboran... Bainan zu, bethi bera zare, eta zure urtheek ez dute akabantzarik izanen» (Ps. CI, 27.).

Elizako aitek, Tertullien, Agustin, Anselmek, eta Dotor guziek, S. Thomas Akineko, guzien prinzea aintzineko, gauza bera erakusten daukute.

Jainkoa bethitik da eta bethi izanen da; edo ez laiteke Jainko. Gure adimenduak berak ez dezake bertzela ikus gauza horren gainean.


LAUR-GARREN KAPITULUA

Zer den Jainkoa. — Jainkoa osoki perfeta dela

38 Jainkoa osoki perfeta da, erran nahi dut, ez dela deus onik haren baitan eskas denik, eta on guziak, hura baitan, mugarri gabekoak direla.

Bainan nor ausarta daiteke Jainkoaren perfezione eta on izari gabekoez mintzatzera? Zoin ongi hemen ikusten dugun gure flakeza eta ez egintasuna! Jainkoaren tronuari hain hurbil diren aingeruek berek ixildu behar dute eta umiltasunean adoratu Jainkoaren handitasun, edertasun eta saindutasun ezin erranezkoak. Jainkoa bera, eta hura xoilki, laiteke gai, Jainkoaz behar laiteken bezala mintzatzeko.

Dezagun hargatik erran, gure ahal ttipian, Jainkoa dela ongi soberanoa, amodio izari gabekoa, bothere osoa, nihor beraz gorago ikusten ez duena, bainan guziak bere pean dagozkana.

Mundu huntako edergailu guziak haren ganik heldu dire, eta haren edertasunaren itzal flako eta ez deus batzuek dire.

Itsaso handia miresten baduzu bere indarrean eta hedaduran, Jainkoaren bothereaz eta handitasunaz mintzo zaitzu. Gau eder eta argi batez, zeru urdinean ikusten baditutzu distiatzen ezin kondatuzko izarrak, ezin erranezko urruntasun batean, Jainkoaren mugarri gabeko izaitea kantatzen dute: Coeli enarrant gloriam Dei.

Landareak ikusten baditutzu lur hunen gainean, loreak ekhartzen gure begien alegeratzeko, frutuak, gure gorphutzaren hazkurri izaiteko, Jainkoaren aitazko amodioa da, nasaiki bere haurreri agertzen dena.

Ikusten baduzu, zure iduriko gizonetan, gorphutzeko edertasuna baino oraino hobeki arimakoa, bihotzeko ontasuna, bertutea; pobre eta flakoen, aita-ama gabeko haurren amodioa; egintza on eta saindu guzien alderateko ekharritasuna; Jainkoaren ontasun eta saindutasun soberanoaren itzal bat duzu ikusten.

Hitz batez: Asma zatzu, asmatzen ahal ditutzun perfezione, handitasun, on, edertasun guziak! Erranen dautzut oraino: Horiek guziak, Jainkoa baitan dire, neurri eta izari gabe. On eta edertasun hoikien guzien ithurria, Jainkoa da. Nahi izan du eman, mundu huntako gauzetan, gure izpiritu eta bihotz flakoeri, bere izaite bethiereko eta soberanoaren asmu flako bat bezala: zer den, zoin den ederra, zoin ona, zoin handia eta botheretsua. Bainan ez dezagun nahi izan urrunago joan: ez ginezake.

Egiten ahal duguna da, Jainkoaren perfezionetarik batzuek bederen, zenbeit xehetasunekin aiphatzea.

39 Jadanik erran dugu Jainkoa bethitik dela. Bethitik den bezala, gisa berean ere, leku guzietan da. Zerua eta lurra, diren guziak, bere izaiteaz, bothereaz eta majestateaz bethetzen ditu: «Zerua eta lurra, bethetzen ditut, dio Profeta baten ahoz.» (Coelum et terram impleo (Jerem. XXIII, 24).) S. Agustinek bere mintzaira ederrean erraiten dauku, Jainkoaren izaitea mugarririk gabekoa dela, hala nola itsaso handi bat, zointan kreatura guziak pulunpatuak baitire: han dire, sekulan, handik ezin atheratzeko gisan. Jainkoa baitan gare, arraina urean, hegastina airean bezala. Haren zuhurtzia, botherea, majestatea guzietarat hedatzen dire eta haren izaitearekin bat egiten dute. «Haren baitan bizi, haren baitan mugitzen eta haren baitan gare. » (In ipso enim vivimus, et movemur et sumus (act. XVII, 28).)

Ez du horrek erran nahi, Jainkoarekin bat egiten dugula, asko zoroek erran izan duten bezala: bainan xoilki, ez dezakegula haren izaiteari eta bothereari ihes egin. «Norat joanen naiz, Jauna, erraiten zuen Dabid Errege Profetak, zuri ihes egiteko?... Non gordeko naiz zure begitarteari? Zeruetarat igaiten banaiz, han zare; ifernuetarat jausten banaiz, han zare oraino; hegalak hartzen baditut munduaren bertze buruetarat eta itsasoez bertze alderat joaiteko, zure eskuak ekarriko nau handik, eta zure bothereak aurkituren nau.»

Jainkoak gauza guziak ikusten ditu eta gure pentsamendu gordeenak berak. Dabid Erregeak paganoen Jainko gezurrezkoez mintzo zelarik erraiten zuen; «Badituzte begiak, eta ez dute ikusten, belarriak eta ez dute entzuten» (Oculos habent et non videbunt, ares habent et non audient (Ps. 113).) Zertako hori? Zeren ez baitire Jainko; bainan, zurez, harriz, zilharrez eta urrez, gizonek bere eskuez egin dituzten obrak. Bainan leku guzietan Jainko egiazkoak guziak ikusten ditu; ez da haren begientzat ez urruntasunik, ez ilhunberik. Harentzat, gauza guziak, arimako pentsamendu gordeenak berak agerian dire. (Omnia nuda et aperta sunt oculis Dei (Hebr. IV, 13).).

40 Orhoitzapen hunek: Jainkoak ikusten nau, Jainkoak entzuten nau! Zenbat behar gintuzken, gure pentsamendu, hitz, urhats, egintza guzien gainean atzarriak atxiki! Bilha zak leku bat, zion S. Agustinek, zointan Jainkoa ez baituk aurkitzen, eta egin zak nahi dukana. Bai; bainan Jainkoa leku guzietan baita, eta haren begia bethi, gau eta egun, gure gainean baita: Omnia nuda et aperta sunt oculis Dei.

O bekatorea, zenbatetan menturaz, gizonen begieri gordetzen zinelakotz, uste izan duzun, ez zinduela beldur izaiteko! Ahanzten zinduen, badela lekuko bat zoinaren begiak ez baitire behinere hesten, argi bat, ilhunbeek itzaltzen ez dutena, juie bat guziez kondu dagokana. Zaude bethi ene presentzian eta ene aintzinean, eta saindu izanen zare, dio Izpiritu Sainduak: Ambula coram me et esto perfectus Egia handi eta premiatsua. Nor izanen da, aski atrebitua, Jainkoaren laidoztatzeko, orhoitzen bada, gure urhats guzien gainean haren begi zorrotz eta ezin enganatuzkoa bethi atzarria dagoela?

Dohatsuak egiazki, Jainkoaren presentziaren orhoitzapena gogoan bizi direnak! Bekatoreak beldur salbagarri batean sartuko dire; debruak tentatuak eta deboilatuak direnek indar hartuko dute, orhoituz Jainkoa bera laguntzaile, bere sahetsean dutela; justuak bozkariotan emanen dire, hasten dutelarik, bizi huntarik beretik bethi-ereko zoriona, zoina baita Jainkoaren ikustea (Semper vident faciem Patris. (Matth. XVIII, 10).).

Kapitulu hau osoa izaiteko, erran behar ginduke oraino, Jainkoa osoki zuhurra, ona, zuzena, justua, saindua, urrikalmendutsua dela. Bainan zertako sar xehetasun horietan? Zenbat nahi gure hitzak luzaturik ere, ez dugu sekulan aski erranen Jainkoa zoin den ona eta perfeta. Jainko da, eta aski da; hitz hortan dire guziak: on guziak haren baitan dire mugarririk eta itzalik gabe.


BORTZ-GARREN KAPITULUA

Ez da Jainko bat baizen

41 Aintzineko kapituluetan, klarki agertu zaiku egia hau: Badela Jainko bat gauza guzien Egilea eta kreatzailea, izaite guzien ithurria eta zoina gabe deus ez bailitake.

Fedeak, gure adimenduak, gizon eta mende guzien sinhesteak agerian eman daukute egia handi hori, egia guzien zimendu beharra.

Bainan othe da Jainko bat baino gehiago?

Ez, erranen dut katiximarekin, ez da Jainko bat baizen, eta ez daiteke izan gehiago.

Gure adimenduari bere argiak galdegin baino lehen gauza horren gainean, erran dezagun, zer lekukotasun Jainkoak bihurtzen dion bere buruari, Liburu Sainduetan.

Huna nola mintzo zen Israelgo haurreri: «Ikus zazue, ni... ni naizela Jainko bakarra, eta ez dela nitaz bertze Jainkorik» (Videte quod ego sim solus, et non sit alius Deus proeter me. (Deut. XXXI, 39).). «Ni naiz lehen eta azkena; nitaz kanpo ez da bertze Jainkorik.» (Ego primus, et ego novissimus, et absque me non est Deus (Is. XVI, 6).) «Nor da Jainko, zioen Dabid Erregeak, baizen gure Jauna; nor da Jainko, baizen gure Jainkoa?» (Quoniam quis Deus praeter Dominum? aut quis Deus praeter Deum nostrum? (Ps. XVII, 32).) Gauza bera dio Jesu-Kristok hainitz aldiz. Bainan luzeki bailaiteke guzien erraitea, huna nola bere Aitari mintzo zaion, Jaun Doni Joanesen Ebanjelioan: «Bizitze eternala da, zu ezagutzea, zu egiazko Jainko bakarra.» (Haec est autem vita aeterna: Ut cognoscant te solum Deum verum. (Joan XVII, 3).) Entzun dezagun oraino Jaun Doni Paulo: «Badakigu ez dela Jainko bat baizen.» (Scimus... Quod nullus est Deus, nisi unus. (I. Cor. VIII, 4).)

Hori izan da Lege zaharreko Patriarken, Profeten, Israelgo populuaren sinhestea, ez zenean noiztenka, bere pasioneak gatik, Jainko faltsuen adoratzera errebelatzen. Hobeki oraino eta argi handienarekin, Eliza katolikoaren sinhestea, hitz huntan Nizeeko konziliuaz emana zaiku: «Sinhesten dut Jainko bakar bat baitan.» Gauza bera dio Latrango laur-garren konziliuak.

Ikus dezagun orai, zer dion gauza horren gainean gure adimenduak, nahi bezain herbala izan daiteken.

1ik Jainkoa da, jadanik erran dugun bezala, izaite bat osoki perfeta; ez daiteke beraz haren sahetsean izan, bertze izaite bat osoki perfeta laitekena. Bat ez bertzea ez laiteke orduan, osoki perfeta. Baten perfezioneak ez laitezke bertzearenak; ordutik, batek bertzea, bere izaitean eta perfezionetan ttipi eta mendra lezake; bat eta bertzea elgarren mugarriak laitezkenaz geroztik. Bia diren ordutik, batek ez bertzeak ez luke beraz izaite osoa! Ez laiteke beraz Jainko.

Iduri edo etsenplu bat. Bazindu lurraren gainean, landa bat, izari edo muga gabekoa osoki, ez daiteke bertzerik izan; balitz bertze bat, hura zurearen muga laiteke.

2ik Jainkoa osoki botheretsua da, eta guzien nausia; haren bothere eta nausitasunak ez dute mugarririk; ez laiteke bertzela egiazko Jainko. Bainan nola daitezke bi izaite betan osoki botheretsuak eta betan guzien nausiak. Hetarik bat bederen, bertzearen bothere eta nausitasunetik kanpo laiteke eta bertzea haren peko. Bat balinbada bertzearen nausi, hura bakarrik da Jainko: batek ez bertzeak ez balu nausitasun oso hori, ez laiteke Jainkorik.

Ez da hain gaitz, hoikien guzien konprenitzea, izpirituko artha poxi batekin.

42 Bertzalde oraino, mundu huntan ikusten dugun ordena miragarriak ez othe dauku ikustera emaiten, ez duela mundu hunek Egile, nausi eta gobernatzaile bat baizen? Gauza guziak, zeruetan, lurrean bezala, lege eta ordena beretan dohaz. Ageri da hortarik, ez dela lege bat, ordenatzaile eta nausitasun bat baizen. Non eta ere bai litezke bi nausi, bat bertzearen peko ez direnak, laster eta zalu, ordena ona hautsia laiteke. Ez laiteke haren iraupena hainitz denboretako.

Iduri zaut ikusten dugula orai, ez dela Jainko bat baizen, eta ez daitekela izan gehiago. Lege zaharreko Profeten, Jesu-Kristoren eta Apostoluen hitzek, konziliuen erakaspenek, gure adimenduaren argiek; guziek, gauza bera diote, horren gainean.

Ez dugu, hargatik, deus nahi gorde irakurtzen gaituzteneri. Egiak ez du deusen beldurrik. Erraiten dugu beraz, hainitz populu eta jende izan direla, Jesu-Kristoren Ebanjelioa predikatua izan aintzinean, kreaturak berak Jainkotzat ezagutu eta adoratu dituztenak. Ez dute konprenitu ahal izan ez daitekela Jainko bat baizen. Bere itsumenduan, Jainkotzat atxiki dituzte iguzkia, izarrak, bestiak, lurreko landareak: hitz batez, zerbeit on egiten edo zerbeit beldur emaiten ziozkatenak. Bossuet handiak, denbora ilhun hetaz mintzo zelarik, erran ahal izan du, guziak, erran behar bada, Jainkotzat atxikiak zirela, salbo egiazko Jainko bakarra. Badire oraino holakoak pagano jendeen artean.

Gehiago oraino, gorago aditzera eman dugun bezala, Erlijionearen beharraz mintzo ginelarik. Populu argituenetan beretan, pasione tzarren amodioak berekin dakarken itsumendua hain handia izan da, non krima itsusienak eta ahalkagarrienak ohoratu eta Jainkoztatu bezala izan baitituzte. Mintzo naiz hemen Grekoez, Erromanoez, erran nahi da denbora zaharretan, izan diren jende argituenez. Tzarkeria guzien berme eta kontsekratzeko bezala, buru emaiten zuten, bere pasione galduetan asmatu zuten Jainko faltso bat. Gauza bera orai ere ikus daiteke, Jesu-Kristoren Ebanjelio Sainduak eta egiazko Erlijioneak argitu ez dituen lekuetan.

Izan dire ere aski zoroak erraiteko, guziak Jainko direla; Jainko, gizon guziak, Jainko, munduan diren izaite guziak. Hori da erraitea, ez dela Jainkorik. Non laiteke orduan ongia, non gaizkia, ongi egilea eta gaizki egilea higual Jainko balire? Bainan, gu irakurtzen gaituztenak arima zuzen eta izpiritu erneak dire. Ez diotegu eginen laidoa uste izaiteko, den gutiena ere errokeria eta zorokeria horietan bara ditezkela.

43 Ilhunbe hoikien guzien erdian, ez da deus bertzerik, baizen debrua, Egiazko Jainkoaren orde, bere burua adorarazi nahi duena, eta gizonak bere segidan herrestatu.

Luzifer eta haren lagun izan diren aingeru erreboltatuek ez dute zeruan erreginatu ahal izan. Jainkoak, bere justizian, pulunpatu izan ditu bethikotz, ifernuko lezetan. Orduan, bere herran, gaztigatzen zituen Jainkoaren kontrako errabian, lurrean nahi izan dute jarri, zeruan galdu zuten gloriazko eta ohorezko tronua. Hortakotz, laguntza galdegin dute gizonen pasione eta jaidura tzarreri. Oihuz erran dute: Gu gare aberastasunak, gu atseginak, gu lohikeria; eta, gauza horietan, bere azken zoriona emaiten dutenak jarraiki izan zaizkote eta jainkotzat adoratu dituzte.

Horiek guziak jasan ditu Jainkoak, ikus ginezan zenbat dugun haren beharra. Bainan erran dezagun ere laster, Jainkoari ohore eta gloria bihurtzeko: ez da sekulan, Jainko egiazko eta bakarraren ezagutza galdu, lurraren gainean. Adan gure lehen aitatik hasirik, Patriarkek, Profetek, Israelgo populuak, eta hor hemenka bertze hainitzek begiratu izan dute artha handirekin. Ethorri da gero, Jainkoak eman orenean, Jesu-Kristo, egiazki Jainko eta egiazki Gizon dena, eta Jainkotasunaren gainean egia garbia erakutsi dauku.

Eta orai, Jesu-Kristoren Ebanjelioa lurraren bazter guzietan predikatua da. Leku guzietan distiatzen du Kurutze Salbagarriak. Egiazko Jainko bakarra ezagutua eta adoratua da. Eta Eliza eder eta handietan bezala, salbaia gaixoen zurezko et lastozko eliza erromesetan, ber-ehun milliun baino gehiago bihotzek kantatzen dute: Credo in unum Deum: Sinhesten dut Jainko bakar bat baitan!


SEI-GARREN KAPITULUA

Trinitate Saindua

44 Trinitate Sainduaz mintzatzen hastearekin, umilia gaitezen, aphal gure adimendu ez deusa eta adora dezagun.

Zer diren mixterioak, badirela gure Erlijione Sainduan, jadan gorago erran dugu luzeki, kapitulu berezi batean.

Erraiten ginduen: Mixterioez, erran nahi da, gure adimenduak konpreni ahal ez detzazken gauzez inguratuak bizi gare lur huntan berean. Ez detzazkegu bertzela erran gure begieri eta adimenduari uko egin gabe. Nola beraz ez dire izanen Jainko guziz handia baitan, hainitz gauza, harek bere argi izari gabekoekin konprenitzen dituenak, bainan gure argi flakoez gorago direnak? Horra zer den mixterioa.

Hemen aiphatu behar duguna, eta esplikatu, gai garen bezain batean, mixterioen mixterioa da, guzietan handiena, guzien artean errespetagarriena.

Trinitate Saindua! Jainko bakar bat; eta bizkitartean hirur presuna Jainkoa baitan; bat bertzea bezain handi, hirurak perfetak, eternalak, erran nahi du hirurak Jainko, eta hargatik bere batasun perfetean, Jainko bakar bat baizik ez egiten:

«Aita Jainko da, dio S. Athanasiok, Semea Jainko da, Izpiritu Saindua Jainko da; eta hargatik ez dire hirur Jainko, bainan Jainko bakar bat.» (Ita Deus Pater, Deus Filius, Deus Spiritus Sanctus. Et tamen non tres dii, sed unus est Deus. (Symb. S. Athan.).)

Errokeria laiteke, mixterio hartan sarthu nahi izaitea, gure izpirituaren argi xoilekin. Jainkoaren hitzari behar gare beraz jarraiki; eta gero, Jainkoaren hitzaren ondotik, Eliza katolikoari, eta mende guzietan eman duen erakaspenari behar ditugu argiak galdegin.

Entzun dezagun lehenik Jesu-Kristoren beraren erakaspena. Huna zer erran zioten bere Apostolueri: «Zohazte eta argi zatzue, lurreko jende guziak, bathaiatzen ditutzuelarik Aitaren eta Semearen eta Izpiritu Sainduaren izenean.» (Euntes ergo docete omnes gentes, baptizantes eos in nomine Patris et Filii et Spiritus Sancti (Math. XXVIII, 19).) Ez du erraiten Aitaren eta Semearen eta Izpiritu Sainduaren izenetan, bainan bai izenean, erakustera emaiteko, badirela egiazki hirur presuna Jainkoa baitan, bainan izaite, naturaleza, eta Jainkotasun bakar bat xoilki.

Jesus bathaiatua izan zenean, eta bathaiako uretik ilkitzen zelarik, dio Ebanjelio Sainduak, zeruak ideki ziren, eta ikusi izan zen Izpiritu Saindua jausten uso baten itxuran, Jesusen buruaren gainerat. Denbora berean, entzuna izan zen boza bat, zeru goratik heldu zena eta boza harek zion: Hau da ene Seme maitea, zointan eman baititut ene bozkario guziak (...Vidit Spiritum Dei descendentem sicut columbam, et venientem super se. Et ecce vox de coelis dicens: Hic est filius meus dilectus, in quo mihi complacui. (Math. III, 16-17).).

Ebanjelioko hitz labur horietan, ikusten ditugu Trinitate Sainduko hirur presunak: Aita, mintzo dena, SEMEA zoinaren baitan Aitak eman baitu bere bozkarioa, eta IZPIRITU SAINDUA, Jainkoaren Izpiritua, uso baten itxuran zerutik jausten dena.

Huna zer dion oraino Jesu-Kristo, Berbo Dibino, gizoneri zeruko mixterioen erakustera ethorria zenak: «Noiz eta ere ethorriko baitzatzue nik ene Aitaren ganik egorriko dautzuetan Parakleta (edo Izpiritu Saindua) zoina baita egiaren Izpiritua Aitaganik ilkitzen dena, harek enetzat lekukotasun emanen du.» (Cum venerit Paraclitus, quem ego mittam vobis a Patre; Spiritus veritatis qui a Patre procedit, ille testimonium perhibebit de me. (Joan. XV, 26).) Horra ongi klarki, Trinitate Sainduko hirur presunak. Nahi duzu oraino entzun Jesu-Kristoren bertze hitz bat? Huna zer dion: «Nik othoitz eginen dut ene Aitari, eta bertze IZPIRITU bat egorriko dautzue. «Et ego rogabo Patrem, et alium Paraclitum dabit vobis (Joan. XIV, 16) Hemen ere hirur presuna: EGO, Ni, edo Jesu-Kristo Semea mintzo dena; PATREM ene AITA; PARACLITUM, IZPIRITU SAINDUA.

Zer daiteke klaroagorik?

Berbera izan da Apostoluen erakaspena, eta ez zaiteken bertzela.

45 Korinthiako dizipulueri izkribatzen zuen Jaun Doni Paulo Apostoluak: «Jesu-Kristo gure Jaunaren grazia, Jainkoaren amodioa, eta Izpiritu Sainduaren dohainak izan daitezela zuekin.» (Gratia Domini nostri Jesu-Christi et caritas Dei et communicatio Sancti Spiritus sit cum omnibus vobis. (II ad Corinth. XIII, 13).) Ederragoa da menturaz oraino Jaun Doni Joanesen hitz hau, osoki agerian emaiten duena Trinitate Sainduko mixterioa: «Hirur dire lekukotasun emaiten dutenak zeruan: Aita, BERBOA, eta IZPIRITU SAINDUA, eta hirurek bat egiten dute.» (Quoniam tres sunt qui testimonium dant in coelo: Pater, Verbum et Spiritus Sanctus; et hi tres unum sunt. (1 Joan. V, 7).)

Hitz hautaz, mixterio miragarria agertzen zaiku bere egia eta edertasun guzian. Ez daiteke deus gehiago erran: Aita, Berboa eta Izpiritu Saindua, eta hirur presunak Jainko bakar bat, izaite bakar bat: et hi tres unum sunt.

Nola daiteke hori? Ez dezagun bilha. Mixterio bat da, eta guzietan lehena eta handiena. Jesu-Kristo, Jainko Egia bera dena mintzatu zaiku bere ahoz, eta ere bere Apostoluen medioz; aski da; sinhets dezagun eta adora, eta aphal gaitezen Jainkoaren Izaite osoki handiaren aintzinean!

Erraiten badaut norbeitek, Jesu-Kristoren eta Apostoluen hitzak ez ditudala behar den bezala hartu, ihardetsiko diot, katoliko guzien Fedearen bermea eta argia denak, Elizak, bethi gisa hartan entzun dituela behar den bezala hartu, ihardetsiko diot, katoliko guzien Fedearen bermea eta argia denak, Elizak, bethi gisa hortaz entzun dituela hitz horiek. Memento guziz, bere othoitz eta ofizio guzietan, Trinitate Sainduaren orhoitzapena gogoan emaiten dauku.

Kurutzearen seinalea da, giristinoaren seinalea: hortan behar da beraz aurkitu, giristino erakaspen guzia, labur-laburzki. Hortarik ilkiko dire bertze guziak, erroetarik landariak eta landaretarik, loreak eta frutuak bezala. Bada huna Kurutzearen seinalearen hitzak: AITAREN ETA SEMEAREN ETA IZPIRITU SAINDUAREN IZENEAN. Sakramenduak ere, Jainkozko hirur izen horiekin emaiten dire. Elizaren othoitz gehienak hitz hautaz zerratzen eta akabatzen dire: GLORIA AITARI, GLORIA SEMEARI, GLORIA IZPIRITU SAINDUARI.

Theologo handi eta argituek esplikatu izan dute, nola, eternitate guzitik Trinitate Sainduko hirur presunak bat bertzearen ganik heldu diren, argiaren ithurriak argia emaiten duen bezala, amodioak amodiozko sentimenduak; hirurak eternalak, hirurak Jainkozko Izaite berekoak, hirur presuna hargatik berex bethi gelditzen direnak. Bainan ez dut nik liburu hau Theologo handi, jakintsun eta izpiritu zorrotzentzat izkribatzen. Izkribatzen dut ene herritar Eskualdun maite, ximenki Fedean argituak izan nahi dutenentzat.

46 Itxura edo iduri batzuek badire bizkitartean argi poxi bat bederen gure izpirituetan emaiten ahal dutenak, ezin konprenituzko mixterio horren gainean.

Hala nola. Iguzkian badire hirur gauza: iguzkia bera, argia, eta berotasuna. Gisa berean erranen dugu, badirela Jainko baitan: lehenik Jainko Aita, ithurria eta prinzipioa, iguzkia den bezala; Semea, aitaren ganik heldu dena, hala nola argia iguzkitik; eta azkenean, Izpiritu Saindua, Aitaren eta Semearen ganik amodioaz heldu dena, berotasuna, iguzkitik eta iguzkiaren arraioetarik heldu den bezala. Hirur gauza horiek, iguzkian, bat bertzea bezain zahar dire eta ez dute iguzki bat baizen egiten.

Ederragoa da oraino Trinitate Sainduak gizona baitan eman duen itxura eta iduria. Gizona egitera zohalarik, Jainkoak erran zuen: «Egin dezagun (eta ez egin dezadan), gizona gure idurirat (eta ez, ene idurirat). Bada, badire gizona baitan hirur puxantzia edo bothere, izaite berean: lehenik, arima bera; bi-garrenekorik, arimak bere izaiteaz duen ezagutza; eta hirur-garrenekorik beretzat duen amodioa. Beraz, arimaren izaitea bera, ezagutza eta amodioa: horiek hirurak arima berean, eta hargatik arima bakar bat.

Iduri eta itxura horiek argi flako bat emaiten daukute Trinitate Sainduaren gainean, bainan ez mixterio hori osoki konpreniarazten. Hori da ez daiteken gauza, gure izpiritu flakoentzat. Jainkoa da xoilki, osoki eta den bezala konpreni dezakena.

S. Agustin izan da Elizako Dotor aiphatuenetarik eta mende guzietako handi eta jakintsunetarik bat. Itsaso hegian zabilan egun batez, buru guzia unatua eta deboilatua, Trinitate Saindua nahiz konprenitu. Betbetan haur ttipi bat ikusten du, maxkur batekin, itsasoko ura hartzen zuela eta ixurtzen, ariñan egin zuen putxu xume batetarat. Erraiten dio: Zer egin gogo duzu, haurra?

Putxu huntan nahi dut eman itsasoko ur guzia. —Gizon handi eta jakintsunak hirri egin zuen haurkeria hortaz. —Bainan hori ez daitekena da; ez duzu bada ikusten itsasoa handiegia dela, eta zure putxua ttipiegia? —Ez duzu beraz uste, dio haurrak, eginen dudala egin nahi nukena? Bada, nik erraiten dautzut, errexkiago gauza hau eginen dudala, zuk konprenituko duzun baino, Trinitate Sainduko mixterioa. Hitz horiek erraitearekin, haurra suntsitzen da. Aingeru bat zen, haur ttipi haren itxura hartu zuena, S. Agustinori erakusteko mixterio horren konprenitzeko asmurik ere ez zuela izan behar gizonaren izpirituak.


ZAZPI-GARREN KAPITULUA

Jainko kreatzailea

47 Orai arte kontsideratu dugu Jainkoa bere izaitean eta bere baitako perfezionetan. Badakigu klarki badela Jainko bat osoki perfeta, bere baitarik, bethi danik eta bethi izanen dena, nihor bera baino lehen eta gorago ezagutzen eta ikusten ez duena.

Bainan, ez da Jainkoa bere baitan egon. Nahi izan ditu bere amodioa eta botherea argitarat eman; eta horra nola, ez deusetarik egin dituen mundua eta munduan diren izaite guziak.

«Hastapenean, diote Liburu Sainduek, Jainkoak egin zituen zerua eta lurra.» Ez da beraz mundu hau Jainkoaren zathi bat, asko zoroek erran duten bezala. Jainkoa eternala eta bethi danik da; ez du hastapenik; mundu hunek badu hastapen bat. Jainkoa bere baitarik da, ez du egilerik, ez eta nihor bera baino lehen; mundu hunek badu egile bat: Jainkoak egin du. In principio Deus creavit coelum et terram.

Eta ikusiz egiazki mundu huntako izaiteen mudantzak eta baiak errokeria handia laiteke erraitea, bethi danik dela eta Jainko dela.

Erran dezagun beraz, Liburu Sainduekin, Elizarekin eta ere gure adimendu zuzenarekin, Jainkoak ez deusetarik egin dituela zerua eta lurra.

Kreatzea: Hitz horrek erran nahi du ez deusetarik egitea. S. Justinek erraiten du, Kreatzailea eta lan-egilea, huntan direla desbardin: lehenak bere bothere xoilaz izaitea eman dezake ez duenari: bi-garrenak, aldiz, gaia behar du bere obraren egiteko (D. Justin. Exhortatio ad Graecos, II, n. XXII .)

Gizonek egiten dituzte, erran behar ginduke hobeki, moldatzen, erran nahi da, arrimutan eta ordenan emaiten, asko gauza: nahi dut; ez da hori, hekien ahalaz gorago. Bai; bainan gaiak ez dire hek eginak; gaiak badire aintzinean. Hek egin dutena izan da, gai hekien antolatzea, ordenan emaitea. Harginak behar du harria; zur lan egileari behat zaio zura.

Jainkoa da bakarra, kreatu ahal izan duena, erran nahi da, ez deusetarik, edo gaik gabe mundua egin duena.

Ez ditugu hemen erranen kreazioneko xehetasun guziak Liburu Sainduetan irakurtzen ditugun bezala.

Bainan kreatura guzien artean, badire bia, guzietarik berex eta gorago eman behar ditugunak: dire Aingerua eta gizona.

48 Gaitezen lehenik mintza Aingeruez.

Jainkoaren obra guziek badute bere perfezione eta edertasuna. Bainan guzietan perfetenak eta ederrenak, Jainkoaren perfezioneari gehienik hurbiltzen direnak dire Aingeruak, Izpiritu hutsak direlakotz, gorphutzak berekin dakarzken flakezak gabe (Erran gabe doha, ez garela hemen mintzo ez Jesu-Kristoren Gizontasun Sainduaz, ez Andredena Mariaz. Mintzo gare Aingeru izpiritu hutsez eta gizonaz jeneralean.).

Gehienez onhetsia da, Aingeruak kreatuak izan direla, hastapenean, mundu hau orai ikusten dugun ordenan, Jainkoaz emana izan baino lehenago.

Badirela Aingeruak, dudarik ez dezakegu izan. Bai lege Zaharrean, bai Berrian, eta ere Elizako aiten eta Elizako erakaspen guzietan nonai, Aingeruez aiphu egina zaiku.

Zer dire Aingeruak? Izpiritu huts batzuek, Jainkoak egin zituenak, justiziazko eta saindutasunezko estatu batean. Dohain ederrenak hekien baitan ziren. Ikusten eta ezagutzen zuten ongia; maite zuten bere kreatzailea eta bere Jainkoa. Deus ez zen, iduriz, eskas hekien zorionean.

Bainan Aingerueri utzi zioten Jainkoak bere libertatea. Nahi izan du, adimenduaz eta ezagutzaz dohatu dituen kreatura guziek, Aingeruek gizonak bezala, bere hautuz egin zezaten bere zorte bethi-erekoa. Aingeruak egin zituen saindu, bainan heki zagon, bethi estatu hortan egoitea.

Bai, handiak, distiantak, ederrak, izpirituko dohain berezienez aberats ziren; bainan hetarik hainitz urguluak galdu zituen. Luzifer, guzietarik ederrena, eta bere perfezionez, gehienik Jainkoari hurbiltzen zena, bere edertasunaren konplasentzian eta urguluan sarthu zen. Bere zorokerian erran zuen: Altxatuko naiz oraino gorago, eta Jainkoaren iduriko izanen naiz» (Similis ero Altissimo (Isaie, XIV, 14).).

Nonbre gabe izan ziren Aingeruetan, Luziferrekin Jainkoaren kontra altxatu zirenak. Izan zen orduan, diote Liburu Sainduek, gudu handi bat zeruan (Factum est praelium magnum in coelo. (Apoc. XII, 7).). Eta gudu horren erdian, entzun izan zen, Mikael Arkanjeluaren oihu hau, geroztik, Jainkoaren zerbitzari eta soldado leial eta jenerosen gerlako oihua bilhakatu izan dena: Quis ut Deus? Nor da Jainkoa bezalakorik? Aingeru erreboltatuak bentzutuak izan ziren, eta ez zen gehiago lekurik izan zeruan hekientzat (Neque locus inventus est eorum amplius in coelo. Apoc. XII, 8).). Jaun Doni Joanes Apostoluak dio oraino Apokalipzeko Liburu berean, boza bat entzun zela ziona:

«...Bozkaria zaizte, zeruak eta zeruetan zaretenak; bainan zorigaitz zueri, lurrean eta itsasoan zaretenak, zeren debrua jautsi baita Zuen ganat, errabia handirekin.» (... Laetamini coeli et qui habitatis in eis. Voe terrae et mari, quia descendit diabolus ad vos, habens iram magnam. (Apoc. XII, 12).)

Badire beraz Aingeru onak, Jainkoaren zerbitzari leial egon direnak, Mikael Arkanjeluarekin. Badire Aingeru tzarrak, Jainkoaren kontra bere urguluan altxatu izan direnak, eta gaztigu justu batez, aurtikiak ifernuko lezetarat. Hek deitzen ditugu Debruak.

49 Gauza trixte eta bihotz-min emaiten duena da, aingeru tzarrez edo debruez mintzatzea. Eta bizkitartean, gure etsai gaxtoak direnaz geroz; gure galtzeko, Jainkoaren zerbitzutik urrunduz, bere ahal guziak egiten dituztenak, nola egon naiteke, hekien malezien eta amarruen kontra, arimak argitu eta hazkartu gabe?

Aingeru gaxto edo debruak, Jainkoaren kontra erreboltatu ziren mementotik, ifernurat kondenatuak izan ziren, barkamenduaren esperantzarik gabe. Hekien hutsa, dio S. Agustinek, hanbatenaz handiagoa zen, zenbatenaz naturaleza perfetagoa baitzuten.

Jainkoaren kontra, herran, gerlan, errabian dire. Ordutik hekien gutizia bakarra da, Jainkoak beretzat egin dituen gizonak eror-araztea bere saretarat, gero hertestatzeko ifernuko lezetarat.

Berak zerutik kasatuak, errabiatzen dire pentsatuz, izan gaitezkela, gu, deithuak, hekientzat eginak ziren tronuen gainean jartzera, egun batez, zeruan.

Jakin dezagun beraz ongi, Debrua gure etsaia da; etsai bat, sekulan deusek eztituko edo ematuko ez duena. Indar handiak ditu, bainan ez dezake deus gure galtzeko, baldin Jainkoaren baitan finkatzen bagare.

Izpiritu huts bat delakotz, naturalezaz, gu baino botheretsuagoa da: bainan Jainkoa gurekin denean, nor daiteke aski botheretsu gure garaitzeko?

Ez dugu, hargatik loharkatu behar, ez; handiak eta hainitz gisetakoak dire debruaren amarruak gure galtzeko; bertzalde, gure jaidura tzarrak, mundua eta munduan ikusten ditugunak, horiek guziak debruaren lagun dire gure kontra.

Bainan, Jainkoak permetitzen badu tentatuak izan gaitezen, ez du sekulan nahiko, tentatuak izan gaitezen, gure indarrez gehiago, haren graziaz laguntzen eta hazkartzen bagare. Eta graziak ez du sekulan eskas egiten, bihotz kharsu batekin galdegiten duenari.

Berme ditugu eta laguntzaile, gutarik bat bederak nahi duelarik, Jesu-Kristoren kurutzea, odola, heriotzea. Eta beraz, nahi bezain indartsu izan dadien debrua, garaitiaren segurantza osoarekin erraiten ahalko dugu: Si Deus pro nobis, quis contra nos? Jainkoa gure alde bada, nor izan daiteke gure kontra?


ZORTZI-GARREN KAPITULUA

Aingeru onak

50 Jainkoaren kontra altxatuz bekatu egin zuten pondutik, Aingeru tzarrak ifernuko lezetan pulunpatuak izan ziren, eta dio Liburu Sainduak, ez zen gehiago lekurik izan hekientzat zeruan (Neque locus inventus est eorum amplius in coelo. (Apoc. XII, 8).).

Bainan nonbre gabe ere izan ziren Aingeruak Jainkoari leial egonez, justizian eta saindutasunean iraun zutenak. Hek, Jainkoak bethikotz finkatu ditu bere amodioan; eman diote saritzat bethi-ereko zoriona.

Zer hari dire Aingeru on eta saindu horiek? Ez da dudarik; kreatura guziek egin behar duten bezala, hekien lehen egitekoa, eta, erranen dut, ofizioa da, Jainkoaren laudatzea eta adoratzea, Apokalipzeko Liburuak dion bezala. «Saindua, Saindua, Saindua da Jainko Jaun osoki botheretsua, bethitik izan dena, orai dena, eta bethi izanen dena.» (Apoc. IV, 8) Horra zer duten, baratu gabe, errepikatzen.

Hekien bertze ofizio bat da, Aingeruen izenak berak erraiten duen bezala, Jainkoaren mandatariak izaitea, mundu hunen gobernuan, eta bereziki, gizonen Salbamenduari behatzen zaizkoten gauzetan.

Eta beraz, erresuma, leku zathi handi, hiri eta herri bakotxak badu bere Aingerua, hartaz Jainkoaren aintzinean, artha berezi bat hartzen duena. Apokalipzeko Liburuak erraiten dauku, Aingeruak bethi zerutik lurreat eta lurretik zerurat dabiltzala, Jainkoaren manuen gizonari ekhartzeko, eta manu hekien egiteko.

Hainitz ederki mintzatu izan dire Elizako Aitak gauza horren gainean. Bainan sobera luze joan laiteke kapitulu hau hekien hitzak erran nahi banitu.

Gauza kontsolagarriagoa, eta hurbildik unkitzen gaituena, hau da: gutarik bakotxak badu bere Aingerua, Jainkoaren manuz, gutaz artha duena (Angelis suis Deus mandavit de te, ut custodiant te in omnibus viis tuis. (Ps. XC, 11).). Nor ez da orroitzen, Ebanjelio Sainduko hitz hautaz, zoinetan, Jesu-Kristok bere Apostolueri erraiten baitzioten, ez zetzaztela bere baitan mezpreza haur ttipiak, ezen, zion «hoikien Aingeruak bethi ene Aitaren aintzinean eta presentzian dire» (Angeli eorum in coelis semper vident faciem Patris mei, qui in coelis est. (Math. XVIII, 10).).

Elizako aitek finkatzen dute erakaspen hori. Origene, S. Basilio, S. Ambrosio, S. Agustin, eta bertze guziak gisa berean mintzo zaizkigu. Aipha detzagun xoilki S. Anselmo eta S. Jerome. Huna zer dion S. Anselmok: «Arima bakotxa, gorphutzean ezarria denean, Aingeru baten komendioan emana da.» (D. Ansel. Hom. 34. in Evang.)) Eta S. Jeromek: «Ohore handia da gure arimentzat, bakotxak baitu, lehen mementotik, Aingeru bat, haren gainean atzarria egoiteko egorria dena» (D. Hieron. Com. in Math. XVIII.).

Gauza kontsolagatria! Zer amodioa Jainkoarena, gutarik bakotxari, zeruko bere gortheko Printze bat emaitea, gure zaintzaile eta begiratzaile! Jainkoaren manuz gutaz artha duten Aingeru horiek, deitzen ditugu Aingeru Begiraleak.

51 Nola erran, zer laguntza emaiten daukuten gorphutzeko behar eta lanjeretan beretan? Nor da gutartean, noiz edo noiz, bere buruari galdegin ahal izan ez diona: nola bada holako hirrisku edo lanjeretarik begiratuak izan garen? Ikus detzagun bereziki, bere buruez oraino artha hartzen ahal ez duten haur ttipi, gaixo eta maite horiek: nork begiratzen ditu, asmatzen ahal ez dituzten hoinbertze errekontru tzarretarik? Ez dezagun bertzerik bilha, baizen Aingeru Begiralea, zoinari eman baitio Jainkoak gure zaintzeko kargua: Angelis suis Deus mandavit de te, ut custodiant te in omnibus viis tuis (Ps. XC, 11).

Artha balinbadute gure gorphutzaren onaz, zenbat gehiago, gure arimaren salbamenduaz eta zorion eternalaz? Aingeru on eta tzarren artean, zeruan izan den gudua, ez da akabo ez akabaturen munduak iraunen dueño. Gure sahetsean ikusten duenean aingeru gaiztoa edo debrua, gure arimak iretsi nahiz, Aingeru Begiralea han da hura ere, gure argitzeko, hazkartzeko izpiritu tzarraren amarruen kontra. Gordetzen gaitu amultsuki bere hegalen pean, laguntzen Jainkoaren indarraz gure etsaiaren bentzutzen.

Zenbat giristino tentazione handi batean aurkitzen zirelarik, menturaz lezearen hegian, bekaturat lerratzeko doidoiezko memento hartan, Jainkoaren graziaz eta indarraz, eskutik bezala atxikiak izan direnak; Aingeru Begiralea zen, zerutik jautsia hekien laguntzera. Zenbat aldiz entzuten dugun gure ariman boza ezti bat, zeruko haize ezti baten pare, bakean mintzo zaikuna ongiaz, bertuteaz eta zeruaz! Bertze aldi batzuetan, Jainkoaren ganik urruntzeko eta bekatuan erortzeko zorigaitza izan badugu, oihu samin eta garratz bat entzun izan dugu, gure arima atzarri duena, eta, bekatuaren ilhunbetarik deithu Jainkoaren amodiorat.

Gure Aingeru ona zen: Aingeru Begiralea, debrua gure etsaiarekin, bethi guduan dena; soldadu bethi atzarria; gauaz eta egunaz gure zaintzaile eta, behar orduan, abisatzaile; adixkide jenerosa eta amodio handikoa, gure gaizki eta esker gabetasunek unhatzen ez dutena.

Zer dire, gure aldetik, gure eginbideak, Aingeru Begiraleari buruz? S. Bernatek erakusten dauzkigu. Behar dugu Aingeruaren presentzia errespetatu; behar dugu maitatu; eta behar dugu haren baitan fidantzia izan (Reverentiam pro proesentiâ, devotionem pro benevolentiâ, fiduciam pro custodiâ. (D. Bern. Serm. XI et XII. in Ps. 90).).

1ik Munduko handi guziak baino gorago da Aingerua, bete naturalezaz eta saindutasunaz.

52 Ez dezagun beraz deus egin haren presentzian, munduan estimatzen eta errespetatzen dugun baten presentzian egin ez ginezakenik. «Orhoit zaizte, erraiten dauku S. Bernatek, zer errespetu eta modestiarekin behar zaizten egon Aingeruen aintzinean, hekien begien garbitasuna ez kolpatzeko. Non nahi izan gaitezen beraz, gauaz eta egunaz, argitan edo ilhunbetan, gure Aingerua han da, ikusten gaitu, errespeta dezagun » (In quovis diversorio, in quovis angulo, Angelo tuo reverentiam habe. (D. Bern. in Ps. XC).) .

2ik Maita dezagun gure Aingeru Begiralea. Gure adixkidea da, adixkide hoberena eta segurena. Nahiz, bere naturalezaz, gutaz gorago den, amodioz bethea da guretzat.

Gure biziaren lagun egiten da. Rafael Arkanjeluak, Tobias gaztea gidatu, lagundu eta lanjer guzietarik begiratu zuen bezala, igual, gure Aingeruak laguntzen, gidatzen eta argitzen gaitu. Urruntzen ditu gu ganik lanjer eta hirrisku tzarrak; gure sustengatzaile egiten da, gure lan eta gudu guzietan; gure beharren oihuak eta gure othoitzak eramaten ditu Jainkoaren tronuaren aintzinerat, eta handik, aldiz, ekartzen dauzkigu behar ditugun laguntzak eta graziak. Adixkide leial eta amultsu hori, nola ez dugu maitatuko?

3ik Izan dezagun fidantzia gure Aingeru Begiralean, eta har dezagun arartekotzat Jainkoaren aintzinean. Botheretsuak badire debruak gaizkiarentzat, botheretsuagoak dire oraino Aingeruak ongiarentzat, zeren ez baita hekien naturaleza flakatua izan bekatuaz; Jainkoaren adixkide gelditu dire eta Jainkoaren amodioaren eta urrikalmenduaren mandatari. «Zerbeit pena handiz edo tentazione borthitzez bortxatuak zaretenean, dio S. Bernatek, galdegin zazue, zuen Aingeru Begiralearen laguntza» (D. Bern. in Ps. XC.) .

Bainan gure Aingeruaren laguntza merezitzeko eta izaiteko, hastia dezagun bekatua, ihes egin dezagun bekatuari. Bekatua zikin bat, usteldura bat da, haren garbitasuna kolpatuz, gure ganik urruntaraz lezakena.


BEDERATZI-GARREN KAPITULUA

Gizonaz

53 Jainkoak egin duen kreatura perfetena eta ederrena Aingeruen ondotik, da gizona.

Mirestekoa da lur hau, bere landare, lore, frutu eta bertze edergailu guziekin. Zeruko izar distiantak, iguzkia, ilhargia, mintzo zaizkigu Jainkoaren bothere eta handitasun mugarri gabekoez. Bai, horiek guziak eder dire.

Bainan, zer dire Jainkoaren begietan, baizen egoitza, palazio bat munduaren erregearentzat paratu izan duena?

Errege hura, gizona da.

Gizona, izpiritu eta gorphutz, bainan biak juntatuak, presuna bakar bat egiteko gisan. Ez da gizona izpiritu huts bat Aingeruak diren bezala; ez da ere xoilki gorphutz, mundu huntan gure begiek ikusten dituzten asko kreatura bezala. Izpirituaz Aingeruen idurikoa eta hekien haurridea bezala; gorphutzaz aldiz, lur huntako bizian partalier.

S. Athanasek hitz hau erraiten dauku, bere Sinhesten dut ederrean: Arima, adimenduaz dohatua, eta gorphutza, gizon bakar bat dire (Anima rationalis et caro unus homo. (Sym. Ath.)).

Erran baino lehen, zer den gizona, eta zer dohain osoki ederrak diren hura baitan, erran dezagun nola Jainkoak egin zuen; aurkituko dugu hortan, Jainkoaren beraren lekukotasun bat bezala, gizonaren handitasuna frogatuko daukuna.

Jainkoak egin zituenean, hastapenean, argia, zeruak eta lurra, iguzkia, lur hunen gainean diren landareak eta bizi diren bestiak, hitz bat xoilki erran zuen: Izan daitezela: «Fiat lux!... Producat terra animam viventem in genere suo... » Eta berehala eginak izan ziren Jainkoaren hitzaren arabera: «Et facta est lux... Factumque est ita.»

Bainan, gizona egin behar du bai? Iduri du, Jainkoa bere baitan sartzen dela. Ez du hemen hitz xoil batez manatzen.

Bere zuhurtzia eternalari kontseilu galdegiten bezala dio. Iduri luke Trinitate Sainduko hirur presunak, elgarrekin mintzo direla, gauza miragarri baten egiteko: «Egin dezagun gizona, gure idurirat eta gure itxurarat». (Faciamus hominem ad imaginem et similitudinem nostram. (Genes. I, 26).)

Jainkoak erraiten balu bezala: Bertze kreatura guzietan, agertzen dire ene botherea, handitasuna eta Jainkotasuna; bainan nahi dut izan dadien gizona ene itxura eta ene miraila; nahi dut haren arima egina izan dadien Trinitatearen idurirat.

Eta orduan beraz, dio Liburu Sainduak, hitz batez, bere edergailu guziekin zerua eta lurra egin zituen Jainkoak hartzen du lur poxi bat eta emaiten dio gizonaren gorphutzaren iduria. O! zoin ederra ahal ziteken Jainkoaren eskuez egin gorphutz hori! Bainan ez ditu oraino bere baitan arima eta bizia. Gorphutza egin duen Jainkoak emaiten dio haren arphegiari, bere Jainkozko hats edo haize bat bezala, eta ordu beretik, gorphutz hartan sarthu zen arima bat, eta arimarekin, bizia (Inspiravit in faciem ejus spiraculum vitae, et factum est in animam viventem. (Gen. II, 7).).

Zer da bada gizona, Jainkoak hainbertze artha eta amodioekin egiteko? Jadanik erran dugu eta badakigu; gizona da gorphutz bat, lur poxi batetik egina, hilkorra, eta lurrerat itzuli behar dena. Bainan, gorphutz hori, arima batez sustatua da; eta arima hori izpiritu xoil bat da; ez da hilkorra gorphutza den bezala.

54 Zoin diren handiak eta ederrak, Jainkoak gizonaren arimari eman diozkan dohainak! Gizona, bere ariman dohatua da adimenduaz, amodioaz eta nahiaz. Egia ezagutzen ahal du, ongia eta ona maita detzazke, eta, hekieri, bere hautuz eta libroki jarraikitzen ahal da. Arimaren medioz, gizonak egia ezagun dezake, Jainkoaren eta bere buruaren gainean; eta ere zer behar duen egin Jainkoaren nahiaren bidetan egoiteko.

Horiek guziak dire gauza batzuek, gorputzen ahalez gorago direnak.

Jende guzien sinhestea da, ez duela gorphutzak bere baitarik, ez indarrik, ez mugitzeko ahalik, are gutiago oraino adimendua eta ezagutza. Ene eskuak mugitzen badire; ene oinak, harat-hunat badohazi, zertako? Zeren aurkitzen baitut ni baitan, izaite eta nahi bat ene eskueri, ene oineri manatzen diotena. Izaite eta nahi hori, ez dire gorphutza bera; gorphutzaz goragoko zerbeit dire. Ikus dezagun harri bat edo zur puska bat; ez dohazi nihorat bere baitarik; ikus dezagun gizon hil baten gorphutza bera; ez da mugitzen. Zertako? Zeren, haren bizia egiten zuen arima ez baita gehiago hura baitan.

Gutiago oraino uste izan dezakegu, gorphutz xoil batek baduela pentsatzeko eta maitatzeko ahala. Nor da, erranen duenik ezagutza aurki daitekela zur peza batean, eta amodioa harri gogor batean? Bada, gure gorphutza, hil eta, erran nahi da, arimaz gabetua denean, ez da deus gehiago. Beraz, ariman, gorphutz ez den izaite, edo izpiritu huts batean dire, egiaren ezagutzeko, ongiaren maitatzeko eta egiteko ahala.

Diot berriz ere hori izan da jende guzien sinhestea. Izan dire aski itsuak bestien ohoratzeko eta adoratzeko; ez dire, hargatik, aski zoro eta erro izan erraiteko gizona bera adimendurik gabeko bestia bat dela (Arima ukatzen dutenek berek aitortzen dute adimenduaz dohatuak garela. Nola konpreni gauza hori?).

Bai, gorphutzaz bertzalde, badugu arima bat; eta arima hura izpiritu hutsa da. Harek emaiten gaitu mundu huntako izaite guziez gorago. Zer estimu eta errespetu izan behar dugun arima horrentzat! Nola, gure ahal guziak behar ginduzken egin, izan dadien bethi gorphutzaren nausi, argi eta gidari! Izan dadiela arima bethi nausi; gorphutza zerbitzari. Ariman dugu bereziki garraiatzen, gure handitasuna egiten duen Jainkoaren irudia eta itxura. Hari zaio debrua oldartzen ohoin eta ebastaile bat bezala: «Divinae imaginis proedo» (Tertul.).

55 Untzi ttipi batean zohan egun batez gizon gazte bat. Balentria zitzaion, sinhesterik gabekoa zela agertzea. Ez da gu baitan arimarik, zuen erraiten; gorphutz gare xoilki, hala nola bestiak. « Nor da, zion, zuen artean, arima ikusi duenik?» Baziren hitz horietaz, hirri egiten eta gizon gaztea laudatzen zutenak. Bainan, egia behar da erran, gaizki ikusten zuten gehienek. Hautarik hiruek erran ziozkaten bere pentsatzeko moldeak. Ez badugu arimarik, erran zion batek, ez gare beraz haragi puska bat baizen; bainan, nola izan dezake haragi puska batek, pentsatzeko, juiatzeko, maitatzeko, hastiatzeko ahala? Bigarren mintzatu zena izan zen, untziko gizonen buruzagia. Haizea ez zuen bere alde, eta untzia ezin gidatuz, ez zen bere atsegin guzietan; bazuen lanik aski. Hartu zuen makila bat, eta jo, jo, bere ustez jakintsun zen gizonaren bizkarraren gainean, erraiten ziolarik: «Ergel txarra! erranen duk ez dela haizerik? Eta, ikusten duk haizea?» Hirurgarrenak erran zuen: «Jaunak, gizontto hunek hainitz abilki frogatu dauku, ez dela bestia bat baizen, ez duenaz geroztik arimarik». Gure gizon gaztea ixil ixila gelditu zen. Nork egin zuen hirri? Ez harek; bainan bai bertze guziek.

Kapitulu hau akabatzearekin, erran dezagun, bertze askotan adiaraztera eman duguna: Arima ez da hilkor. Izpiritu huts bat denaz geroztik, ez dire harentzat eginak gorphutzentzat eginak diren legeak. Erran daiteke hori izan dela mende guzietan, jende guzien sinhestea.

Hori da giristinoen Fedea.


HAMAR-GARREN KAPITULUA

Lehen gizona eta lehen emaztea — Adame eta Eba

56 Jainkoak egin zuen lehen gizona, Adame, munduaren erregea zen. Kreatura guziak, bai iguzkia eta zeruetan argitzen duten izar distiantak, lur hunen gainean diren, bestia, landare, lore eta frutuak bezala, haren zerbitzuko eta haren atseginarentzat ziren. Lur huntako izaite guziak, bere oinetan aphalduak ikusten zituen, zerbitzari batzuek bere nausiaren aintzinean bezala.

Jainkoaren obra, ordutik, ederra zen; palazio miragarri bat; errege bat, dohain berezienez dohatua, palazio hortan bere egoitza egiten zuena. Adamek, izpiritu bat, adimendu bat bazuen, Jainko bere Egile soberanoaren ezagutzeko, bihotz bat haren maitatzeko.

Eta, horiek guzien gatik, Jainkoak ikusiz bere obra, aurkitu zuen ez zela oraino osoa eta perfeta, zerbeit eskas zuela. Eta erran zuen: «Ez da ongi, gizona bakarrik izan dadien; egin diozagun lagun bat bere idurikoa» (Non est bonum esse hominem solum: faciamus ei adjutorium simile sibi. (Gen. II, 18).).

«Iehovah Jainko handiak egorri zion beraz Adameri lo pisu bat, eta lo hartan zagoelarik, kendu zion sahets hezur bat eta haren orde eman haragia.

Eta Adameri hartu zuen sahets hezur hartarik, Jainkoak egin zuen emaztea: eta Adamen begien aintzinean eman zuen.

Hunek erran zuen orduan: Horra non den hemen orai, ene hezurren hezurra, eta ene haragiaren haragia...» (Genes. II, 21-23.)

«Hortakotz utziko ditu gizonak bere aita eta ama, estekatuko da bere esposari, eta bia izanen dire, gorphutz batean» (Ibid., 24.).

Mirets eta preza dezagun, hemen, Jainkoaren zuhurtzia eta Probidentzia Ebaren edo emaztearen egiteko moldean. S. Thomasek erakusten daukun bezala, emaztea egina da molde osoki berezi batean. Jainkoak ez du emaztea ateratzen gizonaren burutik, zeren, Jainkoaren xedetan, ez baita emaztea izan behar, izpirituz, gizonaren buruzagia; ez du ere hartzen oinetan, ez baitu izan behar gizonaren esklaboa. Jainkoak hartzen du Eba gizonaren bihotzari hurbil, erakustera emaiteko, gizonak behar duela bere laguna maitatu, haren biziaren erdia edo zathi bat balitz bezala.

Horra lehen gizona eta lehen emaztea, Adame eta Eba! Biak, Jainkoaren eskuetarik ateratuak; biak, garbi eta saindu. Adameren eta Ebaren batasun garbia! horra Jainkoak berak lurreko Parabisuan benedikatu zuen lehen ezkontza saindua.

57 Nork erran, zer zaiteken, Jainkoak gure lehen burasoentzat egin zuen lurreko Parabisu hori, eta hango zoriona! Han, bethi, primadera ezti eta gozo bat; zerua bethi argi eta urdin; bestia hazkarrenak eta borthitzenak berak, gizonaren oinetan umilki aphalduak. Ez sofritzearen, eritasunen, heriotzearen beldurrik. Gizona ez zen hiltzeko egina. Jainkoak, dio Liburu Sainduak, egin zuen gizona, bizitzeko. Bekatu ez balu egin, ez zen sekulan hilen.

Hargatik, inozentzia oso horren erdian, Adamek eta Ebak bazagokaten bere libertatea. Hekieri zohakon, Jainkoari leial egonez, zorion hori, beretzat, eta bere haur eta ondokoentzat begiratzea.

Ez zioten Jainkoak debeku handirik egin. Errexa zen hekien obedientzia.

Parabisuaren erdian, arbola bat eman zuen Jainkoak: Ongiaren eta gaizkiaren jakitatearen arbola. Zilhegi utzi zioten gure lehen burasoeri, bertze arboletako frutu guzietarik jatea. Hau xoilki zioten debekatu, erranez: «Begira zaizte frutu huntarik jatetik, ezen hortarik jaten du zuen egunean, hilen zarete». (In quocumque enim die comederis ex eo, morte morieris. (Genes. II, 17). Hitz hauk egiazki Adameri xoilki izan ziren lehenik erranak; orduan ez zen oraino Eba egina. Bainan, bai Eba, bai gu guziak Adameren baitan ginen ordutik. Manamendu eztia zen eta begiratzeko erreza. Ikusiko dugu segidako kapituluan, nola, Adamek eta Ebak obeditu zioten.


HAMEKA-GARREN KAPITULUA

Gizonaren bekatuan erortzea

58 Jainkoak zorionarentzat egin zuen gizona. Gehiago dena, Jainkoak kreatu zuen saindutasunezko eta inozentziazko estatu batean. Hori da Eliza katolikoaren sinhestea; sinheste hori finkatzen da, bai Liburu Sainduen, bai Elizako Aiten lekukotasunaren gainean. Testamentu zaharraren hastean irakurtzen ditugun hitz hautarik: «Jainkoak egin zuen gizona bere irudirat», (Et creavit Deus hominem ad imaginem suam: ad imaginem Dei creavit illum. (Gen, I, 27).) Elizako Aitek daukate, graziazko estatuan izan dela gizona kreatua. Huna zer oraino irakurtzen dugun: «Jainkoak egin du gizona, zuzena» (...Inveni quod fecerit Deus hominem rectum. (Ecclesias, VIII, 30).) erran nahi baita, justua eta saindua. Gauza bera, Jaun Doni Paulok asko hitzez erakusten dauku.

Saindutasunarekin, Jainkoak eman ziozkan gizonari, arimako eta gorphutzeko dohain berezienak. Haren adimenduak Jainkoa eta egia ezagutzen zituen, ez hargatik osoki, Jainkoak bere burua ezagutzen duen bezala: ezen Adame, nahi bezain ederra, eta, gisa batean perfeta izan zadien, kreatura bat zen; haren bihotza ongirat eta Jainkoaren amodiorat ekharria zen. Gorputza bera, arimaren edertasun hortan partalier zen, eta ez zituen bere baitan, guk, bekatuaren ondorioz, gurekin garraiatzen ditugun jaidura tzarrak.

Lurreko errege eta aphez, Adameren kargua zen, kreatura guziak Jainkoa ganat altxatzea, adorazionean, amodioan eta esker-onezko sentimenduetan .

Bainan, oi zorigaitza! Bere erreboltaren segidan, zerutik kanpo emana izan zen. Aingeru gaizto edo debruak ez zuen jasan ahal izan gizonaren inozentzia eta zoriona, lurreko parabisuan. Gutiago oraino jasaiten zuen pentsamendua, Adame eta Eba eta hekietarik ilki behar zirenak, jarriko zirela zeruan, berak eta haren lagunek galdu zituzten tronuen gainean.

Gure lehen burasoak tentatu zituen eta gaizkirat ler-arazi.

Huna nola dakarken Liburu Sainduak Adameren eta Ebaren erortze deithoragarriaren ixtorioa.

Sugea zen, Jainko Jaunak egin zituen animale guzietan amarrutsuena. Hartu zuen debruak sugearen itxura, agertu zen emazteari eta erran zion: Zertako debekatu dautzue Jainkoak, Parabisuan diren arbola guzien frutuetarik jatea? Ebak ihardetsi zion: jaten dugu Parabisuan diren arbolen frutuetarik; Parabisuaren erdian den arbolaren frutuaz den bezinbatean, Jainkoak debeku egin dauku, haren unkitzea eta hartarik jatea, beldurrez eta hil gaitezen. — Sugeak erran zion emazteari: Ez, ez zarete segurki hilen. Jainkoak badaki, hartarik janen duzuen egunean, zuen begiak idekiko direla; Jainko batzuen pareko izanen zarete, eta ongia eta gaizkia ezagutuko ditutzue (Genes, III, 1-5.).

59 Erran behar dugu, urrunago joan gabe, izan direla gizon inpioak, Liburu Sainduko kondaira huntaz burlatu direnak, hala nola Voltaire, guzietan higuñena, zoinak baitzion: Nahi nuke sugeari mintzatu, bainan nahi nuke jakin zer zen haren mintzaira. Hitz hautan, inpio bezain arin eta ergel agertzen da Voltaire, bere izpiritu guziarekin.

Bertze kapitulu batean erran dugu gorago: Debruak, nahiz eroria, eta ifernurat kondenatua, Aingeruen naturaleza hargatik atxiki zuen; ongiarentzat izan behar zuen bezala, gaizkiko botheretsu gelditu zen; hainitz molde eta itxura hartzen ahal ditu gure tentatzeko. Mintzatu zen Ebari, suge baten ahoz, guri bertze asko moldetan mintzo zaikun bezala.

Egia othe da, ez duela sekulan Voltairek haren boza entzun, eta ez dela sobera ardura, haren zerbitzari arras umil izan? Voltairen biziari da, galde huni ihardestea. Nik, galdea xoilki egiten dut. Ezen, liburu hau guzia ez nuke aski, Voltairek suge tentatzailearen mintzairari jarraikiz, bere bizian egin dituen tzarkeria guziak erran behar banitu.

Tentazionea ethorri zenean, zer egin zuen Ebak? Beharko zukeien, dudarik gabe, ihesari eman, ikustearekin, suge tentatzailearen hitza Jainkoaren hitzaren kontra zohala. Bazakizkan Jainkoaren hitza eta mehatxua; han dago hargatik tentazionean, etsaiarekin hitzketan. Aithortzen du Jainkoak erran ziotela: Frutu hortarik jaten baduzue hilen zarete. Bainan, duda jadanik haren izpirituan sarthua da: «Beldurrez, menturaz, hil gaitezen: Ne forte moriamur». Dio hainitz ongi S. Bernatek: «Jainkoak seguratzen du, emazteak dudatzen, satanek ukatzen». (Deus affirmat, mulier dubitat, Satan negat. (S. Bern. De div. serm. XII, n. 3).) Ez, dio satanek, ez zarete hilen, bainan badaki Jainkoak frutu hortarik janen duzuen ordutik, idekiko direla zuen begiak eta Jainko batzuek bezala izanen zaretela.

Erakas-garri handi eta ongi pisatzekoa! Ikus dezagun hemen zer lanjer eta hirriskutan emaiten gaituen bilhatzen dugun, edo bederen urrundu nahi ez dugun tentazioneak. Ebak zer egiten du? Ihes egiteko orde, tentazionearekin jostatzen da; sugearekin, hitzketan dago. Zenbat Ebaren alaba, gisa berberean bere erorikoen edo hutsen hastea aurkitu dutenak! Ebak, sinhesten ditu, erdi bederen, sugearen hitz eder eta gezurrezkoak; laster, frutu debekatuaren gutizia bere baitan sentitzen du... Behatzen dio... Ez, aintzineko beldur eta ikara sainduarekin... Debruak jadan bere lana eta bidea egin du. Ikusten du Ebak frutu hura ederra dela begietako eta ona behar dela izan gustuarentzat: tentazionea bethi hazkartuz doha. Azkenean Ebak frutua hartzen eta jaten du; Adamek hartzen du Ebaren eskuetarik, eta jaten du harek ere.

Bekatua egina da; gizonak Jainkoari, kreaturak kreatzaileari desobeditu dio. Jainkoaren madarizionea lurraren gainerat erortzera doha.

60 Hainitzek ez dute berehala ikusten, zer krima eta bekatu izan zaiteken, frutu batetarik jatea. Nahi dut, gauza bere baitan xoilki kontsideratuz; bainan bertzela agertzen zaiku Adameren bekatua, barnago eta hobeki bilhatzen badugu. S. Agustinek, hoben guziak, hoben handienak aurkitzen ditu Adameren eta Ebaren bekatuan, eta dio, hori izan dela aski erran ez daiteken bekatu bat: Ruina ineffabilis, et ineffabiliter grande peccatum.

Zenbat ongi, Jainkoaren ganik errezibitu zuten gure lehen burasoek! Nola eta zenbatetaraino izan ziren gaindituak! Bere ariman, bere gorphutzean, bizi huntako gauza, on, eder, zuzen guzietan, zer izan zezaketen gutiziatzeko?

Dohain eta on guziak bazituzten mundu huntan; eta bizi huntako zorionetik lekora, zeruan bethi-ereko zoriona. Zer eskergabetasuna, ongi egin horiek guziak ahanztea! Jainko ongi egile soberanoari, obedientzia ekharri nahi ez izaitea!

Hortik lehenik eskergabetasuneko krima.

Urguluaren krima ez da ttipiagoa. Ez zizaioten aski Adameri eta Ebari, Jainkoaren idurirat eginak izaitea; nahi izan zuten, berek Jainko batzuek bezala bilhakatu, sugearen hitz gezurtiaren arabera. Jainkoaren esku amultsutik izan dohain ederrak ez zizaizkoten aski, ez baziren Jainkoaren pareko egiten. Zer urgulu erro eta zoroa kreatura batean!

Bertze buru batetik oraino, zer laidoa, gure lehen burasoen bekatuan, Jainkoaren majestate eta handitasun soberanoaren kontra? Jainkoaren hitza bazterrerat emaiten dute, eta Aingeru gaiztoaren hitzari jarraikitzen dire. Erran zioten Jainkoak: Frutu hortarik jaten baduzue, hilen zarete. Eta debruak erraiten diote: Jainkoak enganatu zaituzte; jan zazue frutu hortarik, eta ez zarete hilen. Eta debruaren hitza dute sinhesten.

Esker gabe, urguluz betheak, eta Jainkoaren alderat inpioak, horra zer izan ziren gure lehen burasoak.

Izan ziren ere bihotz gabe bere ondokoentzat; ezen, berek merezitu duten zorte deithoragarrirat herrestatu gaituzte guziak. Hokien krima delakotz, Jainkoaren madarizione justua gizon guzien buruaren gainean da.

Manamendua eztia eta errexa zen; segidak ikaragarriak; gisa guzietan bekatua handia, nahiz materia ttipia, iduriz. Arrazoia du S. Agustinek dionean: ez daitekela erran zenbat handia izan den Adameren bekatua: Ruina ineffabilis et ineffabiliter grande peccatum.


HAMABI-GARREN KAPITULUA

Lehen bekatuaren ondorioak

61 Miñak eta deithoragarriak izan ziren lehen bekatuaren segidak.

Sentitu zituzten Adamek eta Ebak, frutu debekatutik jan zuten bezain laster. Ordu artino, graziaz eta inozentziaz beztituak ziren. Bekatu egin dute bai, ohartzen dire, biluziak direla; hegaldatu da hekien inozentzia ederra; aintzinean ez zuten deusez gorritzeko; hekien begiak, bihotzak bezala garbiak ziren; orai ahalkatzen dire. Ostoz estaltzen dituzte bere gorphutzak, eta badohazi, oian pean bere ahalkearen gordetzera. Bainan nola gordeko dire Jainkoaren begi zorrotzari?

Huna justiziaren orena. Entzun dezagun, Moisek, Jainkoaren argiekin iskribatu duen Geneseko Liburua:

«Jainko Jaunak Adame deithu zuen eta erran zion: Non zare?

Ihardetsi zion Adamek: Entzun dut zure boza Parabisuan, eta beldurtu naiz, biluzia naizelakotz, eta gorde naiz.

Erran zion Jainkoak: Nola jakin duzu biluzia zarela, non ez duzun jan, nik debekatu frututik?

Adamek erran zion: Laguntzat eman dautazun emazteak eman daut frutu hortarik, eta jan dut.

Jainkoak erran zion emazteari: Zertako egin duzu gauza hori? Emazteak ihardetsi zuen: Sugeak enganatu nau, eta jan dut.

Eta orduan, Jainko Jaunak erran zuen sugeari; gauza hori egin dukalakotz, madarikatua haiz, lurreko animale eta bestia guzien artean; herrestan ibiliko haiz sabelaren gainean, eta hire egun guzietan lurra izanen duk hire hazkurri eta janaria.

Etsaigua eta gerla emanen ditiat, hire eta emaztearen artean, hire arrazaren eta haren arrazaren artean; burua lehertuko dauk, haren oin zolak ausiki nahiko ditukan bitartean.

Erran zion ere emazteari; jasan gogorrak egorriko dauzkitzut haurrak zure sabelean garraiatzen ditutzularik; dolorean emanen diozute bizia, eta zure senharraren menean eta haren nausitasunaren pean izanen zare; harek manatuko dautzu.

Eta gero erran zion Adameri: Zeren zure emaztearen boza entzun duzun, eta jan duzun nik debekatu arbolaren frututik, lurra madarikatua izanen da, eta zure bizi guzian, lan hainitzen gostuz kenduko diozu zure bizitzekoa.

Arantzak eta elhorriak emanen dauzkitzu, eta lurreko belarra izanen da zure hazkurria.

Zure kopetako izerdiaren gostuz, janen duzu zure ogia denbora ethorri arteraino, zointan itzuliko baitzare lurrerat non hartua izan baitzare: Ezen herrauts zare, eta herrauts bilhakatuko zare.

Eta gero, Jainko Jaunak eman zuen Adame zorionezko Parabisutik kanporat, lanean har zadien hartua izan zen lur hartan. (Gen.)».

Horra gure lehen burasoen gaztigua, egia bera dakarken Moisen Liburuan errana den bezala.

62 Gauza guziak, ordutik, mudatuak dire. Bestiek eta animaliek ez dute gehiago, Adameren erregetasuna ezagutzen; zerua ez da hain argi ez hain ezti; lurra bere lore eta frutuetarik biluzia da, eta nigarrezko aran bat bilhakatua. Bazter guzietarik penak, jasan gogorrak, eritasunak, arimako eta gorphutzeko nahi gabeak, eta azken buruan heriotzea: horra handik aintzinat gizon bekatorosaren zortea. Jainkoak erran dio: «Herrauts poxi bat haiz, eta herrautserat behar haiz itzuli». (Quia pulvis es et in pulverem reverteris. (Genes. III, 19).)

Bainan dorpheagoa da oraino Adameren bekatuaren ondorioa. Gorphutzeko onak galdurikan ere, kontsolazione bilha zezaken arimako inozentziaren gozoan. Bainan ez; bekatu egitearekin, galdu zuen ere, kreatu zuenean Jainkoak eman zion saindutasuna eta bihotzeko garbitasuna. Horra nola, berehala egin zen Adameren eta Ebaren baitan, gaizkiaren ezagutza. Ordu-arte inozentziak beztitzen zituen; bekatu egin dute bai, ohartzen dire biluziak direla, eta ahalkez, oihan pean itzaltzen dire, Jainkoaren begieri ihes egiteko.

Frutu debekatuak ez zioten ongia, bainan bai gaizkia ezagutarazi.

Gisa hortan, hain nasaiki Jainkoak eman ziozkaten dohainez gabetuak izan ziren, edo bederen, dohain hek guziak kolpatuak eta flakatuak izan ziren hekien baitan. Hekien izpirituak, egiaren argi garbien orde, ezagutu zituen gezurraren ilhunbeak; bihotza eta nahia, hain errexki ongia maite zutenak, eta ongirat zohazinak, aurkitu ziren gaizkirat ekharriak; gorphutzak ezagutu zituen haragiaren errebolta eta gudu ahalkegarriak.

Zorigaitz horiek guziak baino handiagoa! Bekatuaz galdu zituen gizonak, zerurateko zituen zuzen guziak. Gorphutzaren hiltzea, bethi-ereko heriotzearen itxura zen. Horiek guziak, Fedearen argian eman ditu eta erakutsi Trenteko konzilioak.

Horra zer izan den Adamek eta Ebak egin zuten bekatuaren gaztigu garratza, bainan zuzena eta justua. Segidako kapituluan ikusiko dugu, zer izan diren bekatu horren segidak, hekien ondorioarentzat, erran nahi da, gutarik bakotxarentzat.


HAMAHIRUR-GARREN KAPITULUA

Lehen burasoen bekatuaren segidak hekien ondorioarentzat

63 Fedezko artikulu bat da, Adameren bekatua haren ondorio guziaren gainerat hedatu dela, eta guziak, Salbo Birjina Maria dohatsua, bekatu orijinalaz hobendun kontzebituak garela.

Klarki erakusten dauku Jaun Doni Paulok hitz hautaz: «Bekatua munduan sarthu da, gizon bakar baten medioz, eta bekatuaz, heriotzea; eta horrela heriotzea ethorri da gizon guzietarat, gizon bakar hartaz, zointan guziek egin baitzuten bekatu.» (Rom. V. 12) Apostoluaren hitz hoikien gainean finkatzen da Trenteko Konzilioa, erakaspen horren kontra dohazinen kondenatzeko (Concil. Trid. Sess. V, C. II).

Hitz horietarik ageri da, guziek gizon batean bekatu egin dugula, eta guziak hiltzerat kondenatuak garela, Adame gure lehen aitaren bekatuan sortzen garelakotz.

Argi handiagoan eta ederragoan oraino ezartzen du Apostoluak egia hori, Jesu-Kristo eta Adame bat bertzearen aldean emaiten dituelarik: «Hola nola, dio, gizon guziak izan baitire, baten bekatuaz heriotzerat kondenatuak; hala ere, baten justiziaz, izaiten dute gizon guziek bizia eta justifikazionea. Ezen, nola hainitz bilhakatu baitire bekatore, baten obedientzia eskasaz: hala hala, baten obedientziaz, hainitz justifikatuak izanen dire.» (Rom. V. 12.)

Gauza bera erakusten du, Korinthianoeri egiten zuen Epistolan: «Gizon batez ethorri zaikun bezala heriotzea, gizon batez ere ethorriko zaiku phiztea. Guziak hiltzen diren bezala, Adame baitan, guziak biziko dire berriz Jesu-Kristo baitan» (I. Cor. XV, 21-22.). Zer izan daiteke ere Dabid Errege-Profetaren hitz hau baino argiago: «Bekatuan kontzebitua izan naiz, eta ene amak, bekatuarekin eman daut bizia: Ecce enim in iniquitatibus conceptus sum et in peccatis concepit me mater mea» (Ps. L. 7.). Entzun dezagun Job Patriarka: «Ez da nihor bekatuaren zikinetik garbi, ez eta ere egun bat xoilki bizi izan den haurra» (Job. XV, 5.). Lekukotasun horiek guziak baino handiagoa, huna Jesu-Kristoren lekukotasuna bera: «Nisi quis renatus fuerit ex aqua et Spiritu Sancto, non potest introire in regnum Dei» (Joan. III, 5). «Nor eta ere ez baita berriz sortzen urean (erran nahi da bathaioan), eta Izpiritu Sainduan, ez daiteke sar Jainkoaren erresuman» . Ez othe dauku Jesu-Kristok aski agerian erraiten hitz hautaz, guziak, bekatuaz hilak sortzen garela, badugunaz geroz, guziek, bizi berri baten beharra, Jainkoaren erresuman sartzeko?

Luzegi laiteke Elizako Aiten lekukotasunaren hemen emaitea, gure Fedearen phondu horren gainean. Aipha detzagun xoilki bat edo bertze.

S. Athanasiok dio: «Legea hautsi duelakotz gizonen arrazaren Aitak, heriotzea jautsi da haren ondorio guzirat. Guziak bekatuan kontzebituak gare» (S. Athan. t. II, pag. 31. Edit. des Bénéd.).

«Jainko kreatzaile guziz on eta guziz justu baten botherearen pean dio S. Agustinek, ez letzazke, bere idurirat egin duen gizonak, hoin pena handiak jasan bizi huntan, ez balitz bekatu orijinalik» (S. Agust. contr. Julian IV, C. I). Beraz, S. Agustinen sentimenduan, bizi huntako jasan gogor guziak, bekatu orijinalaren ondorioak dire. Gauza bera dute erakusten S. Irenée, S. Hilario, S. Ciprien, S. Krisostomo, Origine, Tertuliano eta bertze guziek.

Bekatu orijinala, bere segidekin! hori da gure Erlijioneko mixterio handienetarik bat. Bainan, hori ukhatuz, zenbat bertze gauza, ilhunbetan geldi litezkenak, hala nola gizona, orai den bezalakoa, bere jaidura tzarrekin eta sofritzeekin, Inkarnazionea, Erospena, Eliza, Sakramenduak. Horiek guziak bekatu orijinalaren segidak edo sendagaia dire.

Kenduz bekatu orijinala, ez dugu deus konprenitzen ahal ez gure bizian, ez Erlijionean.

64 Izan dire erran dutenak ez ditezkela elgarrekin antola Jainkoaren justizia eta bekatu orijinala.

Ikusi dugu zer daukun Jainkoak erakutsi, bai Testamentu Zaharrean, bai Berrian, eta ere Elizaz eta Elizako Aitez. Bada ez dezake Jainkoak gezurra erakuts. Bertzalde, atrebentzia handia laiteke, Jainkoaren justizia soberanoa, gure justiziarekin neurtu eta pisatu nahi izaitea .

Asko ilhunbe eta duda heldu dire gauzak ez ontsa konprenitzetik. Ez dezagun bekatu orijinalarekin bat egin, bekatu aktuala, edo, orai eta gure nahiz egiten duguna. Ez dire gauza berak; ez dire ere gisa berean gaztigatuak. Batek zeruko sariaz gabetzen gaitu, bertzeak gaztigua merezitzen. Ez gare bertze bizian, gaztigatuak izanen, Adameren bekatua delakotz, bainan bai, gure libertateaz gaizki zerbitzatuz, gure nahiz egin ditugun bekatuentzat.

Gabetuak bagare, Jainkoak, Adameri, bere borondate xoilaz, eta batere bortxatua izan gabe, eman ziozkan dohain bereziez, hutsa ez da Jainkoarena, bainan bai Adamerena.

Emagun galtzen dituela aita batek bere on, aberastasun eta izaite guziak; utz ahal othe detzazke bere ondorioari? Ez; ez direnaz geroztik harenak.

Emagun oraino Prinze bat. Ez, justiziaz obligatua delakotz, bainan, bere amodio eta nahi on xoilaz, gainditzen du bere zerbitzari bat, ongi, aberastasun eta ohore guziez, erraiten diolarik: Deus ez dautzut zor; bainan niri leial egoiten bazare, horiek guziak, zuretzat bezala, zure haurrentzat izanen dire. Bainan, ene kontra altxatzen bazare, guziak aldiz galduak, zuretzat eta zure haurrentzat. Hori dakielarik, altxatzen da gizon hura bere Prinze eta ongi egilearen kontra; hunek kentzen badiozka bere ongi eginak, haurrentzat galduak badire denbora berean, nork erran dezake, Prinzea zuzen kontra dohala?

Horra nola, galduak izan diren guretzat, Adamek, Jainkoari leial egonez, haren debekuari obedituz, bere ondorioari uzten ahal zituen on eta dohain guziak.

Adameren baitan ginen guziak, lehen hazian aurkitzen diren bezala hartarik ilkiko diren landare, lore, frutu eta hazi guziak. Pozoindatua balinbada lehen hazia, nork ez du ikusiko, ondoko hazi guziak hartan pozoindatuak izanen direla? Guziek konprenitzen dute errexki gauza hau; nihork ez dezake bertzeri eman, berak duena baizen.

Umilki aithortzen dugularik, ez dugula, bekatu orijinalaren mixterio hau osoki konprenitzen ahal, adora dezagun Jainkoaren justizia. Bainan, erran dezagun ere oraitik, guziz ona eta urrikalmendutsua izatu dela Jainkoa guretzat, bere Seme bakarra eman daukunean, bekatu orijinaletik gure garbitzeko.

 


HIRUR-GARREN ZATHIA

JESU-KRISTO MUNDUAREN SALBATZAILEAZ

 

 

LEHEN KAPITULUA

Jainkoak agintzen du Salbatzaile bat

65 Kontsolazione eta bozkario handirekin hasten dugu hemen sinhesten duten bi-garren zathia, liburu huntako hirur-garrena: ezen, lehen zathian, preparazio bat bezala egin dugu, mintzatuz Erlijioneaz eta Fedeaz.

Eta orai, Jesu-Kristoz behar gare mintzatu. Jesu-Kristo, gizonaren zorigaitzaren eta desmasiaren erdian, gure esperantza, Jesu-Kristo gure Anaia, gure Salbatzailea, gure hazkurria, Elizaren Egilea eta Burua.

Ai! zer gauza eder eta miragarrien kontsideratzera gohazin! Jainkoak lagun gaitzala. Jesusek berak gida dezala, eskuetan dudan luma, ene amodioak galdegiten duen bezinbat; argi detzala ene irakurtzaileen izpirituak, bero hekien bihotzak.

O Jesus! Jesus gizon egin zarena, Jesus guretzat hil, eta gure hazkurri egin zarena, zu zare ene erakaspen eta ene amodio guzia! Egizu zutaz, ontsa eta amodioekin mintza nadien!

Jainkoak, bere justizian, eman zituenian gure lehen burasoak, lurreko parabisutik kanpo, ez zituen hargatik esperantzarik gabe utzi. Hekien bihotz minaren gau ilhunean eman zuen argi bat. Hitz bat erran zioten: Salbatzaile eta Erostaile bat ethorriko zaitzue.

Jainkoa baitan, bethi, urrikalmendua justiziarekin doha; eta erran behar da, Jainkoa baitan xoilki, urrikalmendu handiena eta justizia osoa aurki ditezkela, eta elgar besarka dezaketela, bat edo bertzea, kolpatua izan gabe; zeren, batasun osoan, perfezione guziak aurkitzen baitire Jainkoa baitan.

Orhoit gaiten, Jainkoak sugeari erran zion hitz huntaz: «Etsaigoak emanen ditiat, hire eta Emaztearen, hire eta haren arrazaren artean; lehertuko dauk burua, eta alferretan, haren zango zola nahiko duk ausiki». Erran gabe doha, Jainkoak egiten zuen mehatxu hau ez zela sugearentzat, bainan, sugearen itxura hartuz, gezurrez Eba enganatu zuen debruarentzat.

Sugearen eta debruaren etsai botheretsu eta bentzutzaile agindua zen emaztea, MARIA da. Haren arrazatik ilkiko den haurra, debruari azken kolpea emanen diona: JESU-KRISTO.

Iduri du hemen Jainkoak altxaraziz bere urrikalmendua gure bekatuez gorago, egiten duela gizonarentzat, bainan bertze molde batean, gezurrez sugeak Ebari eta Adameri agindu zuena: Ez zirela hilen, bainan Jainko batzuek bezala izanen zirela.

Debruak gezurrez agintzen zuen bethiereko bizi hura, gero egiazki emana izan zaiku. Biziaren egiazko arbolaren frutua, Jesu-Kristo gure Jauna, gure anaia eta gure Salbatzailea bilhakatuz, egin gare haren iduriko, erran nahi da, Jainko batzuek bezala.

Zoin den ederra hemen, S. Krisostomoren mintzaira: «Sugeak atxeman eta beretu zuen Eba: Mariak emanen du bere baimena, Gabriel Arkanjeluaren mandatuari; Ebaren erorikoak eman dauku heriotzea; Mariaren baimenak sor-arazten du Salbatzailea. Ebak galdu duena, Mariaz kobratua izanen da; Adame, bekatuaren gatiboa, Jesu-Kristoz erosia izanen da; Inkarnazioneak emanen dauku Satanek kendu zaukun esperantza» (S. Joan. Chrys. Hom. de Interd. arb.).

66 Nahiz ez zaikun guri Jainkoaren hitza osoki klaroa agertzen, Jesu-Kristoren Inkarnazionea ikusi aintzinean, ez da dudarik Adamek eta Ebak behar zen bezala hartu zutela. Ez da dudarik egiteko, Salbatzaile baten agintza, hitz horren orhoitzapen eztia, izan zirela hekien sustengua, esperantza eta bihotz altxagarria, bihotz-min eta nahi gabe dorphe guzien erdian.

Igurikitzen zuten Salbatzaile bat; eta bere baitan zakarketen esperantza hazkar hori, bere haurreri eta haurren haurreri utzi zioten. Erran daiteke, urrats bat ez daitekela egin Testamentu Zaharreko Liburuetan, Salbatzailearen edo Mesias aginduaren esperantza aurkitu gabe.

Ez du nahi izan Jainkoak bere agintza ahanztera utzi. Huna zer erraiten duen Abrahame Patriarkari, ikusten duenean fede handiko gizon Saindu hori, bere Seme bakar eta maitearen sakrifikatzera ekharria dela, Jainkoaren manuari obeditzeko: «... Lurreko jendetze guziak benedikatuak izanen dire, zure arrazatik ethorriko denaren baitan, zeren ene bozari obeditu izan baituzu» (Genes. XXII, 18.). Agintza bera, eta hitz bertsuetan egiten du Isaak Patriarkari: «Jendetze guziak benedikatuak izanen dire zure arrazatik ethorriko denaren baitan, zeren Abrahamek ene bozari obeditu izan baitu» (Ibid., XXV, 4-5.). Gisa berean mintzo zaio Jakoberi. Hitz berak laitezke hemen erraiteko. Sekulan beraz, ez zuen Jainkoak Patriarka Zaharren arimetan ilhuntzera utzi, Salbatzailearen orhoitzapena eta esperantza. Jainkoa bethi leial agertzen zaiku, hastapenean gizonari egin zion agintza kontsolagarrian; ez xoilki Juduen, bainan, Abrahameren fede eta sinheste hazkarra izanen duten guzien Saindutzaile eta Salbatzaile.

Lehen denboretako Patriarken ondotik eta geroago, ez zen ilhundu Mesias aginduaren esperantza. Moise, Dabid, eta erranen dut, Profeta guziak hartaz mintzo zaizkigu, eta hain ardura non, erran baititake, ez zutela bertze egitekorik, Jainkoaren xedetan, baizen, haren orhoitzapena, Israelgo populuan ezeztatzera ez uztea. Hanbat xehetasunekin, mintzatu izan dire Salbatzaile aginduaz, non haren bizia eta heriotzea aintzinetik erranak bezala baitziren. Erran zuten, Mesias Dabiden arrazatik sorthuko zela; Birjina bat izanen zuela amatzat eta Bethleeme izanen zela haren sor lekua.

67 Erran ere zuten aintzinetik, Ebanjelioa edo Jainkoaren berri ona gizoneri predikatuko zuela; bere erakaspena mirakuiluez bermatuko; adixkide batez saldua izanen zela hogei eta hamar diru pezentzat; bere dizipuluez utzia, akusatua, kondenatua eta bertze guziak, heriotzeraino.

Bai, ageri da hemen, Israelgo populuaren kargu berezia izan dela, Jainkoak Adameri egin zion Salbatzailearen agintza eta orhoitzapena arthoski atxikitzea, galtzera eta ilhuntzera utzi gabe.

Populu hura bera da orai, Mesias agindua ethorri dela, ezagutu nahi ez duena, nahiz, jadan gertatuak diren, Profetez haren liburuetan aintzinetik erran gauza guziak.

Nola daiteke hori? Mixterioa! Othoitz egin dezagun ilhunbetan direnentzat.

Kapitulu hau arras osoa izaiteko, behar nuke erran, errex laitekeena, Israelgo populua bezala, bertze guziak ere, bazter guzietan Salbatzaile baten igurikean zagozila. Bainan iduri zait aski erran dudala Eskualdunen fedearen argitzeko eta hazkartzeko, eta huntan baratzen naiz.


BI-GARREN KAPITULUA

Salbatzaile edo Erostaile baten beharra

68 Ikusi dugu gizona, bere inozentzian eta lurreko Parabisuko gozo eztian; ikusi dugu ondoan, bekatuan erortzen, eta bekatua delakotz, gorphutzeko eta arimako flakeza guzietarat sumetitua; gehiago eta dorpheago dena, zeruaren esperantzaz gabetua.

Eri handi bat da, lurraren gainean etzana, S. Agustinek dion bezala.

Bera sendatuko othe da? Aski hazkar izanen othe da bere ohetik altxatzeko? Edo, beharko othe da, heda dezon Jainkoak zeru goratik, bere esku urrikalmendutsua eta laguntzailea?

Ez; gizona ez daiteke bera bakarrik altxa bere eroriko dorphetik. Jainkoa gabe, ez daiteke senda bekatuak egin dion zauri izigarritik. Alferretan, nigar saminenak eta penitentzia garratzenak eginen ditu bere bekatuarentzat; ez da gai izanen, bera xoilki, bekatu horren borratzeko.

Zertako hori? Zeren zorra eta pagamendua, neurri eta izari berean izan behar baitire; hola du galdatzen justiziak; zeren, gizon kreatura ez deusak, Jainko guziz handiari egin zion laidoa mugarririk gabekoa izan baitzen.

Hanbatenaz da laidoa handiagoa, zenbatenaz laidoztatzailea aphalagoa baita eta laidoztatua handiago eta altxatuagoa. Bada hemen, bekatuaz laidoztatua izan dena Jainkoa da, erran nahi da, izate bat osoki handi, saindu eta perfeta; laidoztatzailea aldiz, kreatura bat, deus ez dena bere baitarik, eta dituen guziak Jainko handi haren ganik dagozkanak.

Nola beraz, bethe dezake bekatoreak bere ahal eta indarrez, saindutasun osoa ganik berexten duen lezea?

Zer estatutan kreatu zuen Jainkoak gizona? Erran dugu jadanik: justizian, inozentzian, naturalezaz goragoko estatu batean. Ez zuen berak merezitu ahal izan saindutasunezko estatu hori: Jainkoaren amodioaren dohaina zen. Are gutiago kobra zezaken bere indar xoilez, behin bekatuaz galdu zuen ondoan. S. Thomasek hainitz ongi erraiten du: «Hala nola ez baitzuen bere merezimenduez gizonak izan justizia orijinala, bainan bai Jainkoaren nahi on eta handitik, igual eta oraino hobeki erranen dut, ez zezakela, bekatu egin ondoan ez urrikiaz, ez bertze egintzez estatu hori merezi» (Opusc. II.).

Hitz batez erraiteko: Graziazko estatua naturalezaz goragoko dohain bat da; ez daiteke beraz hartarat hel, naturaleza xoilaren indarrez. Are gutiago oraino galdu ondoan kobra daiteke, naturalezaren indarrak berak, kolpatuak eta flakatuak direnean bekatuaz.

Sekulakotz beraz eroria da eta galdua izanen da gizona?

Hala izanen zen egiazki ez balu Jainkoak hartaz urrikalmendu izan. Bainan gizona urrikaldu zitzaion.

69 Hemen, gure Erlijioneko mixterio ederrenaren, eta bereziki maiteenaren kontsideratzera gohazi.

Bai: dio Jainkoak bere baitan, gizona hobendun eta hobendun handia da, bainan oraino ene haurra da: eta, ez mendekuzko bainan bakezko pentsamendu eta asmuak ditut harentzat (... Ego cogito super vos cogitationes pacis, et non afflictionis. (Jerem. XXIX, 11).).

Berak egin duen gizona, Jainkoak nahiko du salbatu.

Eta nola bada?

Trinitate Sainduko bi-garren presuna gizon eginen da; hartuko ditu guriak bezalako gorphutz bat eta arima bat, gure iduriko bilhakatuko da. Mixterio espantagarria, bainan, zoina gabe ez baitziteken gizona izan salbatua.

Bekatuak egin kaltea erreperatuko zuena, baitezpada, gizon behar zen izan. Gizona zelakotz bekatorea, haren arrazakoa behar zen ere erreparazionea eginen zuena. Gizona behar zen oraino, zeren gizonak xoilki, sofri, jasan eta paira baitezake, merezitzeko moldean (Erran gabe doha, ez daitekela hemen mintza, aingeru gaxtoez edo debruez. Sofritzen dute bainan gaztiguz, bortxaz, eta merezimendurik gabe.). Bainan ere, Jainko behar zen denbora berean, mundua salba zezaketen sakrifizioa eta bitartekoa osoki sainduak eta garbiak behar zirelakotz: Jainko ere, erreparoa izan zadien mugarririk gabekoa, bekatuak laidoztatu duen Jainkoa bera den bezala.

Salbatzailea, Erostailea ez balitz Jainko izan, ez zuen haren sakrifizioak aski merezimendu eta balio izanen; ez balitz gizon izan, ez zukeien sofri eta paira, ez eta ere Adameren bekatuaren karga har bere baitan.

Jainko eta gizon izan da Jesu-Kristo gure Jauna. Gizon zelakotz, guk bezala pairatu ahal izan du; eta Jainko bezala, bere satizfazioneari eman dio neurririk gabeko balio eta merezimendu bat. Horra zer zen gai, bakarrik, Jainkoaren justizia soberanoaren aphazegatzeko.

Bainan urtheak eta mendeak iraganen dire, Mesias, Salbatzaile agindua mundurat ethorri artino. Galduak othe ziren bada gizon guziak, iguripenezko denbora luze hortan? Ez dezagun horrelako asmurik izan. Ez du Jainkoak sekulan, bere kreatura ahantzi, eta denbora guzietan eman diozka salbatzeko bideak eta errextasun beharrak.

Mesias agindua lurrerat ethorri aintzinean, salbatu ahal izan dire, haren baitan sinhestea, fedea eta esperantza zuten guziak: bai eta ere, bere ahalean, eta nahi zuzen batekin, bethe izan dutenak Jainkoaren legea, ezagutzen zuten bezin batean. Jainkoa aita on eta juie ezti bat da; ez du, eman duen baino gehiago galdetzen.

Ez du nihork dudarik egiten Adameren eta Ebaren salbamenduaren gainean, zeren egin baitzuten penitentzia, eta arthoski atxiki bere baitan, Jainkoak agindu zioten salbatzailea baitako sinhestea eta esperantza.

Gauza bera erranen dut, Lege zaharreko hainbertze Patriarka eta Profeta sainduez; Salbatzailearen igurikitzean bizi ziren, bere othoitz khartsuenez deitzen zutelarik.

Bainan, oi gu, giristino katolikoak! gure aintzinekoak baino mila aldiz dohatsuagoak! Guk ez dugu xoilki Mesiasen esperantza; Mesias ethorria da, eta hura da Jesu-Kristo, gurekin, gutartean bere egoitza egiten duena.

Eskerrak gure Jainko guziz onari; bainan ere, orhoit gaitezen, zenbatenaz grazia eta argi gehiago izan baitugu, hanbatenaz ere kondu garratzagoa izanen dugula bihurtzeko.


HIRUR-GARREN KAPITULUA

Zer zen mundua Jesu-Kristo ethorri aintzinean

70 Ez zaiteken gizona zalba bere baitaz eta bere indar xoilez.

Obra hartako, Jainko Gizon bat behar zen.

Bainan, Inkarnazionearen argi eder eta distiantetan sarthu baino lehen, ikus dezagun aphur bat, zer zen mundua, Jainko-Gizona gure ganat ethorri aintzinean.

Horrela, hobeki oraino agertuko zaiku Salbatzaile eta argitzaile baten beharra.

Lau mila urthe ja baziren iraganak, gure lehen burasoak bekatuan eroriz geroztik.

Zoin deithoragarriak izan ziren bekatuaren segidak! Zer ustelduran erori ziren gizonak! Beldur ninteke egiazki, sobera zikin ene luma eta ene irakurtzaileen izpirituak, erraiten banu zenbatetaraino zen aphaldu gizona, eta zenbat desegin zuen bere baitan Jainkoaren itxura.

On da, hargatik, zerbeit erran dezagun, ikusteko zer bilhakatzen den gizona, Jainkoaren ganik urrundua eta Jainkoaz gabetua denean.

Ikusiz, zoin ziren handiak eta higuingarriak, gizonak bere baitan zakarzken zauriak, hobeki prezatuko dugu Salbatzaile baten ethortzearen ona eta beharra.

Bi populu izan ziren bereziki, denbora hetan aiphatuak; hek ziren Athenako eta Erromako populuak. Guzien artean argituenak bezala atxikiak dire.

Denbora, iduriz hain eder eta argitu hek ezagutzen dituztenez ez naiz segurki gezurtatua izanen, erraiten badut, pasione itsusienak, higuinenak eta zikinenak Jainkoztatuak bezala zirela. Jainkotzat adoratuak ziren, krima lohi, zikin eta tzar guzien egileak, eta, Erlijioneko egun hautatu batzuetan, etsenplutzat emanak.

Nola espanti ordutik Jainkotzat hartzen eta ezagutzen zituztenen etsenplueri, populuak jarraikitzen baziren? Erlijionea bera, bertuteari eta ongiari buruz jendeak gidatzeko orde, gaizkiaren erakasle bilhakatua zen.

Ez, ez naiz xehetasunetan sarthu nahi. Erranen dut xoilki hitz batez, lohikeria eta bertze hainitz krima ongi ikusiak eta ohoratuak zirela. Ez xoilki S. Agustin eta Elizako bertze Aitak, bainan Paganoetarik asko, gauza horietaz, ahalkerekin mintzo zaizkigu.

Jainko egiazkoa hain guti ezagutua eta ohoratua zen denboran, zer estimu izan zaiteken gizonaren biziarentzat eta arimarentzat?

71 Haurra ez deus batentzat idukia zen. Burasoek saltzen eta hiltzen zituzten bere haurrak. Legeak emaiten zion bothere hori aitari; eta, aski bihotz gabeak aurkitzen ziren, naturalezaren kontrako lege hartaz baliatzeko.

Errespetu gehiagoz inguratua othe zen bederen gizonaren bizia, populu hekien begietan? Ez; eta ikus daiteke oraino orai, eta gure begiez ikusi dugu, Erroman, Kolisea deitzen den leku bat, zointan, milaka hiltzen baitziren gizonak, bizioan usteldu populu baten jostagarritzat: hala nola orai jenden jostatzea gatik, hiltzen baitituzte zaldiak eta zezenak, zezen kurridetan.

Gizon gehienak, esklabo, erran nahi da, osoki bere nausiaren meneko ziren, adimenduaz gabetu bestia batzuek bezala: non persona, sed res; ez, presuna eta gizonak, bainan gauza batzuek, zoinetan bilhatzen baizituzten nausiek, bere gustuaren arabera, ahal bezinbat atsegin edo probetxu. Auguste Enperadoreak sei mila esklabo hil arazi zituen egun batez. Enperadore berak jakin zuen haren esklabo batek, kailla deitzen dugun hegastin bat, hil eta jan zuela; manatu zuen izan zadien kurutzefikatua. Bedius Pollion deitzen zen gizon aberats batek, urerat aurtikarazi zuen esklabo bat, arrainez jana izaiteko, zeren uste gabean baxera balios bat hautsi zion.

Hitz batez erraiteko: ez zen egiazko Jainkoa ezagutua; krima guziak adoratuak ziren; gizonaren bizia eta arima ez deusentzat idukiak; bizioaren usteldura bazter guzietan. Horra zer zen mundua, Salbatzailea ethorri aintzinean; eta mintzo naiz hemen, populu aiphatuenez eta argituenez; zer zaiteken bertzetan, errexki asmatzen ahal dugu.

Zato beraz, zato! Oi Mesias agindua, hain kartsuki Patriarkez eta Profetez gutiziatua, zato! Ez gaitezke zu gabe salba! Ilhunbetan, gaizkian, lohian pulunpatua dago mundua! Zato, ilhunbe hoikien erdian, zeruko argiaren emaitera, eta zikin guzien garbitzera: Rorate coeli desuper et nubes pluant justum; aperiatur terra, et germinet salvatorem!


LAUR-GARREN KAPITULUA

Jesu-Kristoren Inkarnazionea. — Anuntziazionea

72 Lau mila urtheren ingurua iragan zen, gizona bekatuan eroriz geroztik. Badakigu Jainkoak Salbatzaile bat agindu zuela, eta Salbatzaile horren orhoitzapena ez zela sekulan ezeztatu Juduen sinhestetan, ez eta ere populu paganoen artean, nahiz hautan, ilhunbehe gehiagoekin.

Jainkoak sugeari erran zion: Etsaigoak emanen tiat hire eta emaztearen artean, eta burua lehertuko dauk. Bada ethorria da agintza horren obratzeko orena.

Nazareth deitzen zen herri ttipi batean bizi zen Birjina gazte bat, saindua eta garbia. Hirur urthe zituen doidoia, Jainkoari egin zionean, Jerusalemeko tenploan, bere Birjinitatearen botua. Esposatu zen geroago Josepe deitzen zen, eta Dabid Erregearen arrazako zur langile bati.

Birjina haren izena zen Maria.

Khartsuki othoitzean zagolarik egun batez, agertzen zaio Aingeru bat erraiten diona: «Agur, graziaz bethea, Jauna da zurekin; benedikatua zare emazte guzien artean. Hitz horiek entzutearekin, deboilatu zen Maria, eta galdez zagoen bere baitan, zer bada agur horrek erran nahi zukeien. Ez dezazun beldurrik izan, zion erran Aingeruak, aurkitu duzu grazia Jainkoaren begien aintzinean. Huna non kontzebituko duzun eta Seme bat izanen, Jesus deituko duzuna. Handia izanen da, eta deitua Jainko guziz handi denaren Semea; eta emanen dio Jainko Jaunak, Dabid bere aitaren tronua: Erreginatuko du Jakoben arrazaren gainean, eta haren erregekoak ez du akabantzarik izanen».

Mariak erran zion Aingeruari: «Nola deiteke gauza hori, ez dudanaz geroztik gizonik ezagutzen? Ihardetsi zion Aingeruak: Izpiritu Saindua ethorriko da zure baitarat, eta Jainko guziz handiaren bertutea zure gainerat hedatuko da; horra zertako, zure ganik sorthuko den saindua, Jainkoaren Semea deitua izanen den... Erran zuen Mariak orduan: Huna Jainkoaren zerbitzaria; egina izan zaitala, zure hitzaren arabera. Eta Aingeruak utzi zuen». (Luc. Y. 26-38)

Birjina Mariak azken hitz hori erran zuen memento berean, obratu zen Inkarnazioneko mixterio adoragarria; Mariaren errai garbietan, gorphutz bat eta arima bat hartu zituen, bethi danik zen Jainkoaren Semeak. Hastetik, Jesu-Kristo baitan, gorphutza eta arima elgarri juntatuak izan ziren, eta hekieri Jainkotasuna. Eta horrela, memento berean, Jesu-Kristo izan zen, JAINKO eta GIZON (Catech. C. Trid.).

73 Mixteriozkoak dire hemen guziak. Ez dugu nahi behar izan konprenitu. Ixil gaitezen eta adora dezagun. Ezen, hemen, zenbat mixterio eder eta espantagarri! Trinitate Sainduko bi-garren presuna, Jainko gelditzen delarik, eternitate guzitik hala den bezala, gizon bilhakatzen da. Birjina Saindu eta garbi batek, Birjina gelditurik, bere erraietan kontzebitzen du, gizonik ezagutu gabe, Izpiritu Sainduaren mirakuilu espantagarri batez.

Horiek dire gure adimenduaz, eta gure asmu guziez goragoko gauza batzuek. Erran dezagun Nizeeko konziliuarekin: «Jesu-Kristo jautsi da zeruetarik guretzat eta gu salbatzea gatik; hartu du gorphutz bat Birjina Mariaren sabelean, Izpiritu Sainduaren bertutez eta gizon egin da.» (Symb. Nic.) Erran dezagun ere Joanes Apostolu eta Ebanjelistarekin: «Berbo Dibinoa gizon egin da eta gutartean egin du bere egoitza: Et verbum caro factum est et habitavit in nobis».

Nahiz Jainkoaren Semea, Trinitate Sainduko bi-garren presuna den bakarrik, gizon egin eta gure ganat jautsi dena, Trinitate Saindu guzia, hargatik, amodioaz, urrikalmenduaz eta gizonaren salbamenduaren nahiaz, agertzen zaiku mixterio adoragarri hortan.

Iduri zait, Nazaretheko etxe ttipian gertatu aintzinean, orai doidoia erran duguna (Ene irakurtzailek konprenituko dute errexki, ez dela Jainkoarentzat, ez aintzineko, ez geroko denborarik; Jainkoa, bethitik da, bethi da eta bethi izanen da; haren bethi-ereko bizia ez da egunez eta urthez neurtzen gurea bezala. Bainan behar gare mintzatu, gure mintzairaren arabera.), Jainko hirur presunek hitz egin bezala zutela elgarrekin zeruan.

Ene Semea, dio Aita Eternalak Berbo Eternalari, gizona eroria, galdua da; bekatuan da, ez daiteke bera salba; zure aiduru dago. — Ene Aita, dio Semeak, huna non naizen, lurrerat jaustera gizon eginez, aphaltze eta oinaze guzien jasaitera ekharria. Gizon hobendunak guri zor daukuna, nik pagatuko dut, gizon eginez. — Eta nik, dio Izpiritu Sainduak, eginen dut gauza miragarri hau, Birjina bat, Birjina gelditurik Salbatzailearen Ama izanen baita.

Hala egiten da. Jainko Aitak egortzen du Arkanjelu bat Mariari bere nahiaren erraitera; Izpiritu Sainduak egiten du Mariaren errai garbietan, gizonik gabeko konzepzionearen mirakuilua, eta ordu berean Berbo Dibinoa gizon egiten da: Et Verbum caro factum est.

74 Zoin handi agertzen zaikun Maria mixterio hortan! Jainkoaren manuz, bertze orduz, lurrerat jausten zirenean Aingeruak, graziaren ekhartzera ethortzen ziren. Hemen ez da horrela. Aingerua bera da, errespeturekin aphaltzen dena. Ez du grazia ekhartzen, bainan berak egiten du agur, Maria graziaz betheari: Ave gratia plena!

Berrogoi mendez, lurrak iguriki izan du Birjina garbi, Salbatzailearen Ama izan behar zen hori; eta huna non orai, Trinitate Saindua bera, errespetu handirekin bezala haren ganat heldu den. Bere gorteko Printze distiantenetarik bat egortzen dio, agur eder hunen egitera: Agur graziaz bethea, Jauna da zurekin.

Gehiago dena; iduri du Trinitate Saindua Mariaren baimenari beha dagola; Aingeruak ez du deus manatzen; dago zer ihardetsiko duen Birjina garbiak. Eta noiz eta ere Mariak, mixterioa konprenitu ondoan, erraiten baitu hitz hau: Huna Jaunaren zerbitzaria, egina izan dadiela zure hitzaren arabera, Aingeruak ikusten du bere mandatua egina duela. Munduak badu bere Salbatzailea.

Agur egin dezagun guk ere hemen Maria Birjinari; Jainkoaren Ama da oraitik. Oraitik ere hasten da erreparatzen lehen emazteak egin zuen kaltea, eta suge gaxtoaren garaitzen. Hala nola, dio S. Irenek, mundua izan baitzen heriotzerat kondenatua, Birjina baten hutsaz, izanen da Salbatua bertze Birjina baten bertuteaz: Quemadmodum morte adstrictum est genus humanum per Virginem, salvatur per Virginem. Gauza bera dio S. Agustinek: Emazte batek ekharri dauku heriotzea, Emazte batek emaiten dauku bizia; Ebak galdu gintuen, Mariak salbatzen gaitu: Per foeminam mors, et per foeminam vita; per Evam interitus, per Mariam salus.

Ebaren obedientzia eskasak galdu zuen mundua; Mariaren obedientzia osoak munduari Salbatzailea emanen dio: Huna Jaunaren zerbitzaria, egina izan bedi zure hitzaren arabera. Obedientziazko hitz hori izan da Salbatzailea Mariaren sabelerat jautsarazteko seinalea.


BORTZ-GARREN KAPITULUA

Maria bekaturik gabe kontzebitua

75 Ez gaitezen joan urrunago, Salbatzailearen Ama izaiteko, emazte guzien artean hautatua izan zen Birjina osoki garbiaren pribilejio berezi batez hitz bat erran gabe.

Zoin garbia, zoin Saindua behar zen izan, Jainko-Gizonaren amatasunarentzat berexia izaiteko! Bai, eta hemen agertzen zaiku, Mariak xoilki, gizon guzien artean izan duen pribilejio eta fagore berezia.

Hori da, Maria izan baita bekaturik gabe kontzebitua.

Erran dugu gorago, guziek Adameren baitan bekatu egin dugula, eta guziak bekatu orijinalaz hobendun sortzen garela.

Lege dorphe hori guzientzat egina da, salbo batentzat, eta bakar hura da, Maria Salbatzailearen Ama izan behar dena. Nork ez du errexki ikusiko Jesusek, bethi danik bere Ama izaiteko hautu zuena, nahi izan duela, aintzinetik, bertute, edertasun, pribilejio guziez aphaindu?

Ez da beraz guzientzat errana izan Jaun Doni Paulo Apostoluaren hitz hau: Lehen gizona baitan guziek bekatu egin zutela: In quo omnes peccaverunt (Ad. Rom. V, 12) Bertze guzientzat bai; bainan ez Mariarentzat.

Bazen bertze orduz, Asiako populuetan, lege ikharagarri bat, heriotzerat kondenatzen zuena, Errege egoiten zen tokirat joaiten zena, hartaz deithua izan gabe. Bada, Esther Erregiña, Israelgo populuko alaba zen. Ikusiz bere jendeki eta populuaren gainerat jaustera zohan zorigaitza, ausartzia izan zuen, Asuerus Errege eta bere senharraren aintzinean agertzekoa, hartaz deithua izan gabe. Ikustearekin ordean Erregea, bere majestate guziaz inguratua, urrezko alki baten gainean jarria, bihotza ttipitu zitzaion eta erori zen flakatua erregeren oinetan.

Hori ikustearekin Errege altxatu zen, joan zen bere espos maitearen ganat, bere besoetan sustengatu zuen eztiki, erraiten ziolarik: «Zertako beldur izan? Ez zare hilen; heriotzeko lege hori bertze guzientzat egina da, bainan ez zuretzat. Non morieris; non enim pro te, sed pro omnibus, haec lex constituta est.»

Mariaren itxura zen Esther Erregina. Mariak ere, bizian sartzearekin entzun du zeruko boza bat erraiten ziona: Ez, ez; bekatuaren legea ez da zuretzat egina, bainan bai, bertze guzientzat. Ez dezazun beraz beldur izan, oi! haur benedikatua. Ezen grazia aurkitu duzu Jainkoaren begien aintzinean: Ne timeas, Maria, invenisti enim gratiam ante Dominum. Bertze guziak bekatuaz goibelduak diren denboran, zu, osoki ederra eta garbia zare: Tota pulchra es, et macula non est in te.

Esther Erreginaz bertzalde, Maria bekaturik gabe kontzebituaren bertze asko itxura aurkitzen dire, Lege Zaharrean. Noeren arka, mundu guzia uhaldean pulunpatua zen denboran, salbo bakarrik egon zena; Moisek su pean ikusi zuen sasia eta hargatik ez erretzen, ez sunsitzen; baratze ontsa hetsi hura, «hortus conclusus» zointan ez baititake nihor sar gaizki egilerik, eta zenbat bertze itxura, Mariaren Saindutasun perfetaz mintzo zaizkigunak!

76 Nola zaiteken bertzela? Nola jasan zezaken, Jainko Seme, Gizon egin behar zenak, bere Amatzat hautatu zuena, memento bat ere izan zadien debruaren gatibotasunean?

Gure bihotzeko sentimendu guziak gauza horren kontra dohazi; eta ez dezakegu onhets den mendrena, eta memento batentzat ere, Maria bekatuaz zikindua izan zaitekela.

Jesu-Kristoren odolak behar zuen mundua erosi eta salbatu; bainan odol hura, Mariaren bihotz garbian behar zuen hartu. Zer egin du Jesu-Kristok? Bere Jainkozko bertutea altxarazi du odol harren ithurrirat, saindu eta garbi haren begiratzeko, debruaren pozoin guzietarik. Hori zor zion bere saindutasunari, zor zion ere, ordutik bere amari ekhartzen zion amodioari.

Ez gaitezen beraz hemen mintza bertze guzientzat egina den legeaz; egia da Maria Adameren haurra zela, bertze guziak bezala; hartu du bekatu orijinalaren zorra, bainan, Jainkoaren nahi batez, ez du hartu bekatuaren pozoina.

Jesusen Ama izan behar zen, Jainko gizon bati zohakon bezalakoa, osoki Saindua, osoki garbia. Ez gaitezen beraz beldur izan erraiteko: Jesusek gauza hori egin ahal eta nahi izan badu, Maria garbia izan da bere konzepzionean. Ahal izan duela, nork duda izan dezake, haren Jainkozko bothereaz gaizki pentsatu gabe? Eta nahi izan duela, nork orobat duda izan dezake, bere amarentzat izan behar zuen amodioa laidozki ukhatu gabe?

Eliza katolikoaren sinheste hori, aurkitzen dugu klarki, lurreko parabisuan Jainkoak sugeari erran ziozkan hitz hautan: «Etsaigoak emanen ditiat, hire eta emaztearen artean; harek lehertuko dauk burua, eta hik, alferretan nahiko duk haren zango zola ausiki».

Erraiten ahal balitz, Maria bekatu orijinalean kontzebitua izan dela, balaiteke beraz denbora bat, zointan, Maria debruaz bentzutua eta sugeaz ausikia izan baita. Satanek luke orduan erraiteko, Mariaren nausi izan dela, eta, Adameren bertze haur guziak bezala, bekatuaren ibai pozoindatuetan pulunpatu duela.

Bainan, zer laiteke orduan Jainkoaren hitz hau: Harek lehertuko dauk burua: Ipsa conteret caput tuum? Emazte baten medioz debruak lehen gizona tentatu zuen bezala, nahi izan du Jainkoak, debrua bera ere, emazte batez bentzutua izan zadien: Ut qui vicerat per foeminam, vinceretur per ipsam. (S. Bernard).

77 Asko eretikoek erran nahi izan dute, ez zuela nihork, hamabortz-garren mendea artino, gauza hortan sinhesterik izan. Errex litzaiket begietarat emaitea, S. Bonabentura hamahirur-garren mendean, hamekagarrenean S. Anselmo eta bertze hainitz. Gohazen oraino beherago. S. Ildefonsok dio, zazpi-garren mendean: «Birjina Saindua, bekatu orijinaletik salbo izan da» (Ildeph. De Virg. Mar.). Oraino lehenago, S. Jeromek dio: «Gizonen pozoinetik ez du deus izan Mariak» (D. Hieron. in Ps. LXXVII.). S. Agustinek, erran ondoan, gizon guziak Adameren bekatuarekin sortzen direla, ez du nahi aiphatua ere izan dadien Maria, bekatuaz den bezinbatean (S. Agust. L. de Nat. et Grat. CXXXVI). S. Anbrosiok dio: «Bekatu guzietarik garbi izan da Maria» (D. Ambr. In Ps. CXVIII).

Bertzalde, hori da Fedezko artikulu eta egia bat, Eliza katoliko guziaren baimenarekin eta bozkario handitan, Pio IXen Aita Saindu eztiak Eliza guziari adiarazi diona. Ederki beraz akabatuko dugu kapitulu hau, Pio IXen Buldan hartzen ditudan hitz hautaz: «Jainkoaren beraren ganik heldu dela erakaspena, erraiten daukuna: Birjina Maria guziz dohatsua, bere konzepzioneko lehen mementotik, Jainko guziz botheretsuaren grazia eta pribilejio berezi batez; Jesu-Kristo munduaren Salbatzaileak izan behar zituen merezimenduen bertutez, izan dela bekatu orijinaletik osoki begiratua; hori dela sinhestea, giristino katolikoek fede fermu eta hazkar batekin bethi atxiki behar dutena» (Pius IX. Bull. Ineffabilis Deus).

Horra Aita Sainduaren hitzak. Aita Saindua ez daiteke errebela ez gezurrerat lerra, Erlijioneko gauzez Eliza Katolikoari mintzo denean.

Gauza bat dugu beraz xoilki egiteko: fede bizi batekin sinhestea, jadan, gure bihotzak amodio handirekin onhesten zuen egia hau: Maria bekaturik gabe kontzebitua izan da.


SEI-GARREN KAPITULUA

Jesusen sortzea

78 Erran dugu nola obratu zen, Nazaretheko etxe xumean, Inkarnazioneko mixterio adoragarria.

Gabriel Arkanjelua ethorri zen Maria Birjina gaztearen ganat, Trinitate Sainduaren nahien mandatari. Jakin zuenean Mariak, Salbatzaile aginduaren Ama bilhakatuz, Birjina geldituren zela, eman zuen bere baimena. Ordu berean, Berbo Dibinoa, Trinitate Sainduko bi-garren presuna, egiazki gizon egin zen, erran nahi da, Birjina Mariaren sabelean hartu zituela, guriak bezalako gorphutz bat eta arima bat, Izpiritu Sainduaren obraz eta bertutez.

S. Anselmek erraiten du hitz eder hau: Jainkoa gizon egin da, gizona Jainkoaren herrunkarat altxatzeko: Deus tuus factus est homo ut homo fieret Deus. Gizon egin da, Jainko gelditzen zelarik; ez zaiteken bertzela, ez baita mudantzarik izaiten ahal Jainkoa baitan. Bainan, Jainko gelditzen zelarik, gizonaren naturaleza hain hertxiki hartu du bere ganat, non, bi naturaleza horiek, Jainkoarenak eta gizonarenak ez baitute presuna bakar bat baizen egiten. Theologalen erakaspenak eman nahi baginitu hemen, hainitz luze laiteke; eta bertzalde, Jesusen bizia, mirakuiluak, erakaspenak, heriotzea, phiztea ikusiz, den gutieneko dudarik gabe agertuko zaiku, Jainko eta gizon dela denbora berean.

Bederatzi ilhabete iragan ziren Inkarnazioneko mixterioa zeruaren eta Mariaren artean obratuz geroz, Nazaretheko etxe gordearen sekretuan. Orena ethorria da. Lau mila urthe hetan munduak igurikitzen zuena, Patriarkek eta Profetek hain othoitz kartsuekin galdegiten zutena, Jesus, Mariaren errai garbietarik ilkitzera doha, lili xuri eta eder bat bere landaretik ilkitzen den bezala.

Aspalditik erran zuen Profeta batek Jesus Bethleemen sorthuko zela. Bethleeme zen Judeako herri ttipi bat; eta Mariak Nazarethen zuen bere egoitza.

Bainan zer da Jainkoak egin ez dezakenik? Hala behar bada, bere hitzean xuxen aurkitzeko, mundu guzia mugituko du. Eta Erromako Enperadore pagano bat izanen da, berak ez dakielarik, Jainkoaren xede soberanoen zerbitzaria.

Denbore hartan, dio S. Luke Ebanjelistak, Auguste Erromako Enperadoreaz manua emana izan zen, haren botherearen pean ziren guziak kondatuak izan zitezen. Hartarakotz, joan behar zuen bakotxak bere familiaren edo arrazaren sor lekurat bere izenaren emaitera. Utzi zuten beraz Mariak eta Josepek, Nazarethen zuten egoitza, eta bideari eman ziren, Bethleeme deitzen zen Dabiden herrirat joaiteko; ezen, Dabide Erregearen odolekoak ziren.

Han zirelarik ethorri zen Salbatzailearen sortzeko oren Saindua. Jainkozko sortze bat izan zen. Hala nola baitire iguzkitik ilkitzen iguzkiaren arraioak, eta berina garbi bat barna joaiten, berina hura den gutiena goibeldu gabe, kontrarat distiadura berezi bat emaiten diotelarik, hala sorthu zen Jesus Maria ganik. Garbi bere konzepzionean, garbi, Jainko Semeak gizon bizia haren sabelean hartu zuenean, garbi eta bethi Birjina gelditu zen Maria, Jesus sorthu zenean.

79 Non sortzen da bada munduaren egilea eta nausia? Heia txar batean. Hiriko etxe eta ostatuetan, ez zen izan lekurik eta aterberik Maria eta Josepentzat (Quia non erat eis locus in diversorio. (S. Luc. II, 7).). Bortxatuak izan ziren, hiri inguruetan leihor baten bilhatzera. Horra zerk erran arazten dion gisa batean bederen, Jaun Doni Joanes Ebanjelistari: «Ethorri da bere etxerat, eta bereek ez dute errezibitu » (In propria venit, et sui eum non receperunt. (Joan Y, 11).).

Horra beraz, O Jainko guziz handia, zeruaren eta lurraren Egilea, gizon eta kreatura guzien Nausia! Horra zure palazioa eta gaztelua! Etxola txar bat leihortzat, lasto poxi bat ohetzat!

Bainan Jainkoak ez du deus bere zuhurtziaren xede bat gabe egiten. Horren egintza guzietan bada erakaspen bat.

Jautsi zen Jesus lurrerat bekatuaren borratzeko, bekatuak egin zaukun eta egiten daukun kaltearen erreparatzeko eta sendatzeko. Bada, urgulua, plazeren, atzeginen eta mundu huntako gauzen amodioa, horra zer diren bekatuen ithurri berezienak: Adame lehenaren urguluak galdu zuen mundua: Adame berriaren umiltasunaz izanen da salbatua. Iduritu zitzaion Ebari frutu debekatua ederra eta gustu onekoa zela; jan zuen, eta eman Adameri jatera (Vidit igitur mulier quod bonum erat lignum ad vescendum et pulchrum oculis, aspectuque delectabile; et tulit de fructu illius et comedit: deditque viro suo, qui comedit. (Genes. Cap. III, 6).). Jesus, gauza beharrenez berez gabetua agertzen zaiku, Ebak atseginarentzat zuen gutiziaren borratzeko.

80 Salbatzailea sortzen da beraz aphaltasun handienean, pobrezian, guziez ahantzia. Ez ditutzue entzunen, haren sehaskaren inguruetan, lurreko haurren sortzean entzuten diren bozkariozko kantu eta oihuak. Beha zazue, eta erran, eian izan daiteken aphaltze osoagorik. Ez ditu xoilki bere Jainkozko majestatea eta handitasuna itzaltzen, bainan oraino gizontasuna bera ezartzen, daiteken beherena.

Nola, bere pobrezia eta mortifikatze osoan, kondenatzen duen plazerentzat eta lurreko gauzentzat dugun amodioa! Zerua eta lurra egin dituenak, etxola txar bat du palaziotzat; urrea eta zilharra hitz batez lurraren erraietan eman dituenak, lasto poxi bat ohetzat, xatar erromes batzuek jauntzitzat.

Gauza beharrenez gabetua, hotzak dago, nigarretan dago.

Bai nigarretan dago, Jesus gure Salbatzaile amultsu eta adoragarria. Bainan detzagun altxa gure bihotzak. Erraiten dauku S. Bernatek, nigar egiten duela Jesusek, bainan ez, bertze haurrek bezala, edo gauza berarentzat: «Plorat quippe Christus, sed non ut coeteri, aut certè non quarè coeteri». Bertze haurrek egiten dute nigar flakezaz; hunek egiten du nigar arrazoiez, amodioz eta urrikalmenduz; bertzek egiten dute nigar bere miseriaren gainean; hunek, gure bekatuen gainean; bertzek nigar egiten dute, zeren berekin garraiatzen baitute bekatuaren pena; hunek, zeren heldu baita, bere nigarrez bekatuaren ezeztatzera eta bekatutik gure garbitzera.


ZAZPI-GARREN KAPITULUA

Jesusen sortzea — (segida)

81 Jesus Jainko Semearen sortze aphal eta umilha izan daiteken gauza espantagarrienetarik bat da, gure adimenduarentzat. Bainan orhoit gaitezen naturalezaz goragoko bizi batean garela hemen; eta hastapenean gare oraino; hobeki emana izanen zaiku, geroxago, ezagutzea eta adoratzea Jesusen ekharritasun Jainkozkoa gure alderat.

Jadan ikusi dugu. Izan zaiteken pobrezia handienean sorthu izan zen Jesus gure salbatzailea. Nahiz zerbeit erran dugun aintzineko kapituluan, behar gare barnago oraino sarthu mixterio hortan.

Nahi zuen Jesusek guzien gainetik, izan gu guzien anaia. Hartzen du hortarakotz gizon naturaleza, bere miseria guziekin, herbailenen eta errumesenen iduriko izaiteko. Gure konfientzia eta amodioa nahi zituen irabazi: hortarakotz ttipi eta flako egiten da. Gordetzen du bere Jainkotasuna, itzaltzen bere majestatea; haur ttipi haren baitan, ez da amultsutasuna eta amodioa baizen ageri: apparuit benignitas.

Isaias Profeta, Jainkoa ikusi ondoan bere gloriaren erdian, oihuz zagoen ikhararekin: «Voe mihi ... Regem Dominum exercituum vidi oculis meis: zorigaitz niri, zeren ikusi baitut ene begiez Jainko harmaden Erregea». Bainan guk zer beldur dugu izaiteko? Jesus agertzen zaiku amodioz eta graziaz beztitua, flako, nigarretan, eta gisa hortako itxurarekin non, beldurra baino hobeki, urrikalmendua baitu gu baitan sor-arazten.

S. Bernaten bihotza ezin zagoen gozoz eta amodioz, mixterio ezti hortaz orhoitzen zenean. Erraiten zuen: Jainkoa, bere majestatean eta handitasunean agertzen zaitanean, miresten eta laudatzen dut: Magnus Dominus et laudabilis nimis; bainan, zoin den Jainkoa maitagarri haur ttipi baten itxuran: Parvulus Dominus et amabilis nimis.

Bainan, aphaltzen bada Jainkoaren Semea, Inkarnazioneko mixterio adoragarri hortan, nola aldiz, gu, altxatzen gaituen! Gure anaia nahi izan da bilhakatu: Deus tuus factus est frater tuus: zure Jainkoa egin da zure anaia. Gizon eginez, gure iduriko egin da osoki, salbo bekatua, eta gure ganat aphalduz, bere ganat altxatu gaitu.

Ikus dezagun, zer eginbide dauzkigun emaiten, Jesu-Kristo Jainko-Gizonaren gure ganako ekharritasun horrek. Gurekin gizon egin nahi izan denaz geroztik bilhakatu behar gare harekin, Jainko batzuek bezala.

82 Hori nahi du. Jainkoa, dio S. Agustinek, gizon egin da, gure Jainkoztatzeko: Deus homo factus est, ut homo fieret Deus. S. Krisostomok gauza bera dio: Jainkoaren Seme maitea egin da gizon, gizonen haurrak Jainkoaren seme egitea gatik.

Har detzagun beraz, Jainkozko sentimenduak! Jesu-Kristoren anaiak gare, Jainkoaren haurrak eta zeruko erresumako premuak!

Zor zoriona! Bekatuaz ezinduak ginen, debruaz bentzutuak; ez zaiteken guretzat salbamendurik; ez ginduen Jainkoaren justizia garratza baizen igurikitzeko. Ethorri da gure ganat, Bethleemeko Haur eztia, bihotza amodioz eta urrikalmenduz bethea. Hilak ginen, Adameren bekatuaz, eternitateko biziarentzat, eta erran dauku: Heldu nitzaitzue, ni, biziaren emaitera; bizi zaizte ene biziaz, ezen zuen anaia naiz. Ikus zazue zuen iduriko egin naizela, zuek ene iduriko egitea gatik.

Oi! har dezagun esker onekin, Jainko Gizon eginak hedatzen daukun esku Salbatzailea. Handi egin gare, Jainko-Semearen Inkarnazioneaz; preza dezagun gure handitasuna, Elizako Aita batek erraiten daukun bezala: O homo! agnosce dignitatem tuam.

Jesu-Kristoren anaiak garenaz geroz Inkarnazioneaz, gure pentsamendu, sentimendu, hitz eta egintzetan, errespeta dezagun ahaidetasun saindu hori. Orduan, Jainkoa guretzat amodioz gizon egin den bezala, gu ere harekin, Jainko batzuek bezala eginen gare: Deus tuus factus est homo ut homo fieret Deus.

ZORTZI-GARREN KAPITULUA

Jesus Bethleemeko etxolan — Maria eta Josepe — Artzainen adorazionea — Errege Magoen adorazionea

83 Jesusen lehen adoratzaileak eta ere perfetenak izan ziren Maria eta Josepe. Nork erran dezake, zenbat amodio eta errespeturekin, Mariak bereziki adoratu zuen bere Jainko eta Semea, sehaskan lasto poxi baten gainean etzan zuenean! Zenbat amodio eta errespeturekin unkitu zituen bere ezpain garbiez, Jainko-Gizonaren eskuak!

O Maria! emana balitzaiku ahala, zure bihotzean irakurtzekoa! Ikusten ahal bagintu zure sentimenduak, zure amodioa! Zer amodioa! Zer bozkarioa! Bainan zer errespetua denbora berean! O Maria! sehaskan eman duzun haur ttipi hori, zure Semea da, eta denbora berean zure Jainkoa! Eta badakizu!!! O Maria egiazko amodioaren Ama eta mirail osoki perfeta, zure sahetsean ahuspez emaiten naiz; zurekin adoratzen dut zure Semea, ene Jainko eta Salbatzailea! Bainan irakuts diezadazu haren maitatzen, zuk maite zinuen bezala.

Eta S. Josepe! Mariaren Espos saindu eta garbia! Hura ere Jesusen sehaskaren oinetan zagoen, Mariaren aldean. Haren izpiritua deboilatu zuten duda guziak, aspaldion suntsituak dire. Badaki haren Esposa nahiz ama bilhakatu den, bethi garbi eta bethi Birjina egon dela. Eta Mariarekin adoratzen du mixterio ezin erranezkoa, bere umiltasunean espantitzen delarik hoin hurbildik mixterio horren lekuko izaiteko hautatu izaiteaz.

Ah bai! Etxola hura ttipia da eta errumesa; bainan, zoin den handia fedearen begietan, eta nola zeruko argiez distiatzen duen! Bethleemeko jendek, eta bazter herrietarik ethorri direnek ez dute asmatzen ahal han den gertakari Jainkozkoa.

Ez du nahiko, hargatik, Jainkoaren Semeak, luzeki gizoneri gordea egon dadien haren sortzea. Deithuko ditu laster Mariari eta Joseperi juntatuko diren adoratzaileak. Ezen gizonez ezagutua izaiteko, eta hekien salbatzeko ethorri da lurrerat.

Baziren tenore berean, Bethleemeko inguruetan, artzain batzuek bere artaldeen zain zagozinak.

Bet-betan Aingeru bat agertu zitzaioten; zeruko argi batek inguratu zituen eta eman ziren beldur handi batean.

«Eta Aingeruak erran zioten: Ez dezazuela beldur izan; huna non ekhartzen dautzuetan berri on bat, populu guziarentzat bozkario handia izanen dena.

Sorthu zaitzue, egun huntan, Dabiden hirian, Salbatzaile bat, Kristo zuen Jauna.

Eta huna zertarik ezagutuko duzuen; haur bat aurkituko duzue, xatarrez inguratua eta sehaska batean etzana» (S. Luc. Cap. II, 10-11-12.).

Denbora berean, Aingeruari juntatu zen zeruetako izpirituen oste handi bat, Jainkoa laudatzen zutela, eta huna zer zioten bere kantuetan: «Gloria in excelsis Deo et in terra pax hominibus bonae voluntatis (Luc. II, 13-14.). Gloria Jainkoari zeru goretan, eta bakea, lurrean, nahikunde ona duten gizoneri » .

Itzali zirenean Aingeruak, artzainek batek bertzeari erran zuten: Gohazen Bethleemerat eta ikus dezagun Jainkoak zer erran daukun, eta zer gertatu den.

84 Joan ziren beraz lehia handirekin; eta aurkitu zituzten Maria, Josepe, eta HAURRA sehaskan emana. Jainkoak argitu zituen hekien arimak; haur ttipi hortan ezagutu zuten Mesias agindua, eta belhauniko aphaldurik, adoratu zuten. Bere pobrezian emaiten ahal zituzten dohain ttipiak, haren oinetan ezarri ondoan, joan ziren Jainkoaren miresgarrien bere laguneri erraitera.

Zoin ezti, eta ttipientzat amultsu zaikun hemen agertzen gure Jainkoa eta Salbatzailea!

Ezen zoineri da lehenik agertzen? Nori lehenik agintzen du zeruko kantuak, bihotz ona duten gizonen bakea? Artzain pobre eta errumes batzueri. Bainan naski, bihotz garbi eta xuxenak baitzituzten. Bere bizitze aphal eta gordean, ez zituzten ezagutu aberastasunak, atsegin eta errextasun lanjerezkoak. Ikus detzagun hemen Jainkoaren probidentziaren bideak. Judeako aberatsak eta handiak urguluz betheak eta hantuak ziren. Heiek nahiko eta igurikitzen zuten, Errege botheretsu eta gloriaz inguratua izanen zen Mesias edo Salbatzaile bat. Aingeruek eman baliozkate Salbatzailearen seinaletzat, etxola txar bat, lasto poxi bat, xatar errumes batzuek, hekien urgulua aphalduko othe zen? Ez naski. Geroago, ez zuten Jesus ezagutu nahi izan, mirakuilu handienez erakustera eman zuenean bere Jainkotasuna. Nola beraz Mesias agindutzat ezagutuko zuten, ikustearekin aphaldua, eta mundu huntako ez deusenen herrunkan jarria? Zoin den bethi egia hitz hau: Jainkoak urgulutsueri kontra egiten du, humilak direneri aldiz emaiten du grazia. Gizonak deus ez dire; Jainkoari xoilki zaio zor ohore eta gloria: Gloria in excelsis Deo; gizonak bilhatu behar duena da bakea: pax hominibus bonae voluntatis; eta bake hori aurkitzen da bihotzeko umiltasunean eta garbitasunean.

85 Ez zen hargatik pobre eta ttipientzat xoilki ethorria Jesus, bainan guzientzat. Pobre eta aberatsak, ttipi eta handiak, guziak nahi ditu bere ganatu eta salbatu. Eta horra non artzainen ondotik, Errege Magoak heldu diren haren adoratzera.

Maria eta Josepe Bethleemen zirelarik oraino HAURRAREKIN, ager-arazi zuen Jainkoak zeruetan, ordu arte ikusia izan ez zen izar bat. Errege Magoek ikusi zuten Balaam Profeta mintzatu izan zen izar hura: konprenitu zuten, Jainkoaren argi batez, zer erran nahi zuen izar harek, eta Mesias sorthu zela.

Hirur ziren Errege hek: Gaspard, Melxior eta Balthazar. Izarra ikusi zuten bai, hari jarraikiz eman ziren bideari, Judeari buruz. Deus ez zen gai izatu hekien fede khartsuaren bentzutzeko: bide luzea; lanjer eta hirriskuak; denboraren dorphetasunak, oro mezprezatzen dituzte. Bazituzten, ez da dudarik, adixkideak, familiako lokarri eztiak, bere erresumetako jendeen kargua; deusek ez ditu baratzen. Ikusten dute Jainkoa mintza zaiotela; eta Jainkoa mintzo denean, nor nahi izan dadien behar du ixildu, eta haren hitzari jarraiki.

Iguzkia sortzen den aldetik ethorri ziren beraz Errege Magoak, Jerusalemeko hirirat. Harat hurbiltzearekin, izarra itzali zitzaioten. Bainan ez zen, hortako, hekien fedea ttipitu. Badohaz Herodes Erregearen ganat eta galdegiten dute: «Non da berritan sorthu den Juduen Erregea? Ikusi dugu haren izarra, iguzkia sortzen den aldean, eta ethorri gare haren adoratzera.

Hitz horiek entzutearekin, Herodes deboilatu zen eta harekin Jerusalemeko hiri guzia.

Bilarazi zituen Aphezen Aintzindariak eta populuaren Izkribak eta galdegin zioten, zoin lekutan Kristo behar zen sorthu.

Erran zioten: Bethleeme Judeakoan, ezen huna zer izkribatu duen Profetak: Eta hi, Bethleeme, ez haiz, Judeako hiri aiphatuen artean, ttipienetarik izanen; ezen, hitarik ilkiko duk Israelgo populua gidatu behar duen buruzagia.

Herodesek deithu zituen orduan ixilik Errege Magoak, eta galdegin zioten artha handirekin, noiz bada izarra agertu zitzaioten.

Bethleemerat egortzen zituelarik erran zioten: Zohazte, jakin zatzue ongi haurraren berriak; eta aurkitu duzuen ondoan, zatozte niri erraitera, ni ere joan nadien haren adoratzera.

Erregeren hitz horiek entzutearekin, eman ziren bideari; eta huna non beren aintzinean ikusten duten izarra; heldu zenean Haurra zen lekuaren gainerat baratu zen.

Izarra ikusi zutenean, bozkario handitan eman ziren.

Etxolan sartzearekin, ikusi zuten Haurra, Maria bere Amarekin, eta ahuspez emaiten zirelarik adoratu zuten. Agertu zituzten bere izan aberatsak, eta egin zioten urrearen, insentsuaren eta mirraren ofrenda.

Amets batean izan ondoan abisua, ez zitezen joan berriz Herodesen ganat, bertze bide batez itzuli ziren bere herrietarat.»

86 Uste izaiten ahal dugu geroago bere herrietan S. Thomasez bathaiatuak izan zirela.

Ohore handitzat dagoka Koloñeko hiriak, hekien Erreliken jabe izaitea.

Gutartean berean, Donibaneko herri eder eta giristinoak aspalditik badu debozione osoki berezi bat Trufaniako bestarentzat eta Errege Magoentzat.

Nondik ethorria den gauza hori, eta zer haste izan duen, ez dugu jakin ahal izan. Erran dezagun xoilki baduela jadan zenbeit urthe, Donibaneko eliza ederrean aurkitzen eta ohoratzen direla Errege Magoen erreliketarik zerbeit.

Zoin miresgarria agertzen zaikun Errege hoikien fedea eta obedientzia osoa! Ikusi dute izarra Salbatzailearen sortzea irakusten diotena: jarraikiko zaizko. Bainan bide asko egin beharko dute, eta menturaz lanjer eta hirrisku hainitzen erdian. Zer dohakote? Jainkoak deitzen ditu: Jainkoaren deiari jarraikiko dire.

Bainan ere, Jesus aurkitzearekin, Jainko haur ttipi eginaren oinetan eman zirenean, zer sari ezti eta handia! Nola benedikatu zituen Jesusek, eta kontsolazionez gainditu hekien bihotzak!

Sari eta bozkario saindu berak dagozka bethi Jesusek, nahikunde khartsu batekin bilhatzen duten arima guzientzat.

Errege Magoek bezala, bilha dezagun Jesus, zer nahi gertakarien, dorpheenen beren erdian. Aurkituren dugu, eta Errege Magoak bezala, Jesusen oinetan, gozo eztienez eta handienez gaindituak izanen gare.

Ofri detzagun heiek bezala, urrea, erran nahi da, amodio bero bat; insentsua erran nahi da gure othoitz khartsuak, altxa ditezen usain on baten pare, Jainkoaren tronuaren oinetarat; mirraren ofrendak aldiz seinalatuko du gorphutzeko jaidura tzarren bentzutzea eta hil-araztea.

Magoen adorazionearen orhoitzapena Elizak ohoratzen du Trufaniako phestan. Horra zertako deithua den oraino egun hori, Erregeen eguna.


BEDERATZI-GARREN KAPITULUA

Jesusen bizitze gordea Nazarethen

87 Ez da gure xedea Jesusen bizia xeheki kondatzekoa.

Ebanjelioak haren lehenbiziko urtheren gainean erraiten dituen asko gauzez ixiltzen garelarik, sar gaitezen Nazaretheko etxean, eta ikus dezagun Jesusek, Mariak eta Josepek han zaramakaten lanezko bizitze gorde eta saindua.

Ebanjelioak ez dauzkigu bi hitz baizik erraiten Jesusen biziko denbora hortaz: Et erat subditus illis (S. Luc. C. II, 51): «Obeditzen zioten Mariari eta Joseperi».

Bainan, Nazaretheko etxe ttipi hortan sartzen bagare fedearen begiekin, zer erakaspen ederrak aurkituko ditugun! Jesus, obedientzian aphaldua, kreatura batzuen aintzinean! Zer miraila, zer etsenplua guzientzat, bainan bereziki haurrentzat! Zerk gibela zezaken Jesus bere Jainkozko zuzenez baliatzetik? Jainko zen, eta beraz, bere baitan zuen Jainkozko botherea, bere baitan zituen ere zuhurtziaren eta saindutasunaren aberastasun guziak. Jainko zen; hari zen beraz iduriz, ez obeditzea, bainan bai manatzea.

Bainan, gizon bezala, ethorria zen guri bertute guzien erakustera. Gizon bezala, obeditzen du beraz, ez xoilki bere Aita Eternalari, bainan ere Amatzat hautatu duen kreatura garbiari eta S. Joseperi.

Ikhas dezagun hemen, obedientziazko bertutearen edertasuna. Zer da bekatua? Jainkoaren alderako obedientzia eskas bat. Adamek eta Ebak ez zuten nahi izan, Jainkoaren manuari obedientzia ekharri, eta horra nola galdu ziren eta guziak berekin galdu gintuzten. Jesus ethorria zen mundurat bekatuak makurtu zituen gauza guzien xuxentzera; hartarakotz, haren lehenbiziko lana izanen da obedientzia osoaren mirail perfeta izaitea, obedientzia eskasaz mundua galdua izan zen bezala.

Bekatu guziak, Jainkoari zor zaion obedientzia zuzenaren, eta hainitz aldiz denbora berean, Jainkoaz emanak diren autoritateen alderateko obedientzia eskasetik heldu dire. Familietako nahasmendu hainitz ez othe dire, hek ere ithurri beretik heldu? Zenbat haur ikusten diren, Jainkoak burasueri eman dioten nausitasuna ezagutzeko orde, bere buruen nausi eta gida izan nahi dutenak! Hortik hainitz makur, hainitz desmasia, eta menturaz, hainitz zorigaitz eta nigar khirats familietan. Ikas dezatela haurrek, Jesusi behatuz, burasueri buruz, aphalduak egoiten. Jesusek berak, nahiz Jainko zen, obedientzia pratikatu duenean Maria bere Amaren eta Joseperen alderat, nor izanen da aski atrebitua bertzela egin nahi izaiteko, Jainkoak egin duen. eta, naturalezak berak irakusten daukun lege bati, ez nahi izaiteko jarraiki?

88 Nazaretheko bizitze gordea bertze erakaspen bat zaiku oraino.

Erran dugu jadanik, pobreen, jende xehe eta langileen herrunkan nahi izan zuela Jesusek sorthu. Josepe, aita-ordetzat hautatu izan zuena, zur-gina edo zur lanetan hari zen gizon bat zen.

Lana da gizonaren bizi legea. Jainkoak gizona egin zuenean, eman zion lurreko Parabisuaren zaintzeko eta arthatzeko kargua. Geroago, Adameren bekatuaren segidan, lan dorphea, lan penatu eta nekatua eman zion gaztigutzat, erraiten ziolarik: «zure izerdiaren gostuz beharko duzu, egun bakotxeko zure ogia irabazi».

Jainko-Gizonak, nahiz saindutasuna bera zen, burua aphaldu zuen, Adameren bekatuaren kontra ekharria zen lege horren pean.

Guziak, Nazaretheko etxean, lanean bizi ziren. Maria, sukaldeko eta garbitasuneko lan xehetan; Josepe zur lanetan. Jesusek Maria eta Josepe laguntzen zituen.

Zer ikustate ederra zeruarentzat eta lurrarentzat! Oi langileak! Oi zuek, esku lanetik bizi zaretenak! Itzul zatzue begiak Nazaretheko etxe alderat. Ikus zazue Jesus bere esku lanean. Zuen Jainkoa da; bainan aphaldua, zuen iduriko egina, zuen anaia bilhakatu nahi arteraino: Deus tuus factus est frater tuus. Ez ahalke izan, ez, zuen langile estatuaz. Jainko batek, gizon egitearekin, beretzat hautatu duenean, nork izan dezake estatu hortaz ahalke?

Nazaretheko familia saindua agertzen zaiku ere, giristino familiaren mirail osoki perfeta bezala. Mundutik urrunduak, gordeak bezala bizi ziren Jesus, Maria eta Josepe, nahiz hargatik, bere hauzo lagunen alderat, arthoski ekharriak ziren karitatezko obra guzietan. Othoitzak, karitatezko obrek eta lanak zituzten beraz hekien egun guziak bethetzen.

Bainan bizitze aphal eta mundua gutitzat zagokan hortan, zer zeruko bakea eta zer zoriona! Zer elgarrentzateko amodioa! Hirur bihotz osoki garbi horiek ez zuten bihotz bat baizen egiten. Batek nahi zuena, bertzek nahi zuten; zeren guzien nahikundeak bertuteaz eta ongiaz gidatuak baitziren.

Familia giristinoek, heki jarraikiz, eta hek gidatzat hartuz, izan lezakete mundu huntan daiteken zorion handiena: esposek elgar garbiki eta sainduki maitatuz; haurrak bere burasoeri Jainkoaren amodioan sumetituak egonez; burasoek, bere haurretan ikusiz Jainkoaren kreaturak, zerukotzat eginak, eta zenbeit urtherentzat xoilki hekien eskuetan emanak. Zer bakea eta zer batasun laiteken horrela elgarren artean! Ez laitezke orduan ikus familietan, hain bihotz-min egin-garri diren eskatima, hasarreko eta nahi gabeak: espos batek bere lagunaren ganik deus ezin jasan; haurrak, bere burasoen nausitasun zuzenezkoaren kontra altxatuak; hitz batez, bakearen eta amodioaren leku eztia izan behar laitekena, ifernu bat bezala egina.

Familia giristinoak, nahi duzue zorionaz gozatu, mundu huntan izan daiteken bezin batean bederen? Har zazue etsenplu Nazaretheko familia sainduan.


HAMAR-GARREN KAPITULUA

Jesusen bizi publikoa edo ageria — Jesusen erakaspena

89 Bere biziko lehen hogoi eta hamar urtheak, eraman zituen Jesusek Nazaretheko etxean, bizitze gorde eta lanezko batean. Ethorri ziren denbora eta orena zoinetan hasi nahi izan baitzuen bere bizi ageria edo publikoa.

Bainan Ebanjelioaren predikatzeari eman zen baino lehen, Joanes Batistak lekukotasun bihurtu zion, egiazki Mesias agindua zela.

Denbora hortan berean, mortuan zagoen Jaun Doni Joanes Batista, Jordaneko ur hegian. Penitentzia gogorrenetan bizi zen bera, eta penitentzia bertzeri ere predikatzen zuen. Jerusalemetik eta Judeako bertze alde guzietarik heldu ziren jendeak haren ganat, eta Jordaneko uretan bathaiatzen zituen.

Nor zen bada bere Semearen aintzinean bezala, Jainkoak egorri zuen Joanes Batista hura?

Zakariasen eta Elizabethen haurra zen; Elizabeth zen aldiz, kusina hura, zoinaren ikustera eta laguntzera joan baitzen Maria. Bisita hortan, bere erraietan Mariak garraiatzen zuen Salbatzaileaz, Joanes Batista garbitua izan zen bekatutik, sorthu baino lehenago. Jainko Aitak bere Semearen deia eta mandatari bezala hautatu zuen: haur gazte zelarik oraino, joan zen deserturat eta han penitentzia dorpheetan bizi izan zen. Haren saindutasun handiaren aiphua entzunik, jende osteak joan ziren laster haren ganat eta huna zer erran zioten: «Ethorriko zaitzue ni baino handiago bat, eta ez dut merezi haren aintzinean ahuspez emanik ere, haren oinetako lokarrien laxatzea. Nik urean bathaiatzen zaituztet; harek Izpiritu Sainduan bathaiatuko zaituzte» (Matth. III, 11).

Hitz horietaz jadanik, lekukotasun bihurtzen zuen Joanesek bere Jainko eta Nausiari.

Egun batez, Joanesen ganat joaiten zen jende oste baten artean aurkitu zen Jesus. Joanesek bathaiatu zuen; bainan huna non Jesus uretik ilkitzen zelarik, zeruak idekitzen diren eta argi handi bat agertzen den; uso baten itxuran jausten den Izpiritu Saindua eta pausatzen Jesu-Kristoren buruaren gainean; eta boza bat entzuten da diona: «Zu zare ene Seme maitea, zointan eman baitut ene amodioa» (S. Marc. I, 11).

Jesusen bizitze publikoa hastera zohan. Joanes azken Profetak erakutsi zuen Mesias agindua bezala. Jainko Aitak aldiz, adiarazi zuen zeruko boza batez, haren Seme bakarra zela.

90 Joanesez bathaiatua izan ondoan, barur egin zuen Jesusek, berrogoi egunez eta berrogoi gauez. Horrela zen othoitzean eta mortifikazionean paratzen, Ebanjelioaren predikatzera eta erakustera.

Laster hautatzen ditu hamabi gizon pobre eta jakin gabe, bere lehen dizipulutzat izanen dituenak. Heiek izanen dire Jesusen hamabi Apostoluak.

Nehork ez du segurki igurikitzen eman detzadan hemen xeheki, Jesu-Kristoren erakaspen eta Jainkozko obra guziak. Liburu berezi bat behar laiteke hortako. Bainan erran behar duguna da, ez zuela behin ere munduak entzun erakaspen bat hain garbi eta hain saindua. Paganoetan izan ziren, jakintsun izpiritu handikoak, Sokrate, Platon, Aristote, eta bertze zenbeit oraino, bainan guti, ilhunbe beltzen erdian, argi poxi bat egin zutenak; hortarakotz, lan hainitz hartu behar izan zuten, Jainkoak hastapenetik gizonari eman ziozkan erakaspenetarik zerbeit bederen biltzeko. Bainan zoin flakoak, eta erran dezagun, zoin ez deusak diren hekien erakaspen ederrenak, Jesusen erakaspenen aldean!

Haste hastetik, eta hau da guzien prinzipioa eta burua, erakusten dauku nola behar dugun othoitz egin, eta berak lehenik, bere ezpain Jainkozkoez, erraiten du othoitz miragarri hau: Pater noster... Gure Aita... eta segidan heldu direnak, Apostoluez ardura errana ez da dudarik, eta mende guzietako giristinoek arthoski geroztik erraiten dutena. Gure Aita! Jainkoaren Semea behar zen hitz horien erraitera ausartatzeko eta gure ezpainetan emaiteko. Aintzineko mendeetan Jainkoa ezagutzen zutenek nausi batentzat zagokaten. Jesus da lehenik erraiten daukuna, Jainkoa ez dela xoilki gure Kreatzaile, Errege eta Nausia, dela ere, dela bereziki, gure Aita on eta amultsua.

Erakusten dauku ere Jesusek ez daitekela hil gure arima eta zertako garen munduan. Filosofo batek izkribatu zuen lehenago: «Heriotzean, oro akabo». Ciceron, paganuen artean izan den gizon jakintsun eta argituenetarik batek erran zuen: «Zerbeit badaiteke jasaiteko hiltzean; bainan hil ondoan, ez da, ez pena ez bozkariorik». Juduen artean berean, bethi-ereko bizia baitako sinhestea ilhuntzen bezala hasia zen eta baziren, Sabduzeendarrak deitzen zirenak, gorphutzen phiztea ukhatzen zutenak.

91 Bainan aldiz, zoin den klaroa eta argia, Jesusen erakaspena, geroko biziaren gainean! «Zer baliatuko zaio gizonari, erraiten dauku, mundua bereturik ere, arima galtzen badu?» (Matth. XVI, 16.). Eta oraino: «Ez izan beldur gorphutza hiltzen ahal dutenez, bainan ez arima; bainan izan zaite hobeki, arima eta gorphutza ifernurat egortzen ahal dituenaren beldur» (Matth. X, 28.). Zenbat ere mintzo den, arima zuzen eta justuak zeruan igurikitzen dituen zorionaz!

Klarki ere bere Apostolueri eta dizipulueri erakusten du, berritz oraino ethorriko dela mundurat, hilak phiztuak izanen direla, eta bakotxa juiatua bere eginen arabera. Inkarnazioneko, Erospeneko, Trinitate Sainduko mixterioak, gizonaren adimendu flakoak asma ez zezazkeenak bere erakaspen Jainkozkoetan gizoneri agertzen ditu; eta azkenean, Eliza, Elizaren autoritatea eta nausitasuna munduaren gidatzeko, gizonen argitzeko egian eta zeruko bidean; eta oraino, bekatuen barkamendua, Apostolueri eta hekien ondoko aphezeri emaiten zioten botherearen medioz.

Zer erakaspen miragarria eta zenbat den gizonen izpirituez goragokoa! Jainko bat izan zaiteken xoilki, horrela erakus zezakena.


HAMEKA-GARREN KAPITULUA

Jesusen erakaspena (segida)

92 Erakustaile soberano eta Jainkozko agertzen zaiku Jesu-Kristo, Jainkoari, gure arimari, bethi-ereko biziari dohazkoten gauzen gainean. Bainan zoin ongi ere erakusten daukun Jainkoaren, gure lagunaren eta bertutearen amodioa!

Gure arima ez da xoilki izpiritu eta adimendu bat egiaren ezagutzeko gai dena; bihotz bat da ere, maitatzeko egina.

Bada, Jesusek egiaren argiak gure izpirituari emaiten dituen bezala, gure bihotzari adiarazten dio zer behar duen maitatu eta zer legeri jarraiki.

Eta lehenik, galdegiten dio gizonari, ordu artino, paganoek bereziki asmatu ere ez zuten gauza, ukho egin dezan bere buruari. Hitz espantagarria! Bainan beha dezagun hurbildik. Zer zen gizonen zauri eta eritasun handia, Jesu-Kristo gure sendatzera ethorri zenean? Bere buruaren amodio sobraniozkoa eta errebelatua. Gizonak ez zituen egiazki maite ez Jainkoa, ez bere laguna, bainan xoilki bere burua. Urgulua, bizi huntako atseginak, jaidura tzar eta gaxto guzien sasiatzea, horra zer ziren haren biziaren gidariak.

Bertzelakoa da Jesusen erakaspena, eta ageri da hortarik ez dela mundu huntakoa.

Entzun dezagun, bere bizi publikoa hastean mendi sainduaren gainean egin zuen predikua. Ez zuten behin ere holakorik gizonek entzun.

«Dohatsuak, dio izpirituz pobre direnak, zeren hekientzat baita zeruko erresuma. (S. Matth. V, 3.)

Dohatsuak ezti direnak, zeren lurra beretuko baitute.

Dohatsuak nigarretan direnak, zeren kontsolatuak izanen baitire.

Dohatsuak, justiziaren eta zuzentasunaren gosea eta egarria dutenak, zeren hekien gosea eta egarria aphazegatuak izanen baitire.

Dohatsuak urrikalmendutsuak, zeren berek urrikalmendu ardietsiko baitute.

Dohatsuak bihotzez garbi direnak; zeren Jainkoa ikusiko baitute.

Dohatsuak, bakea maite dutenak, zeren Jainkoaren haurrak deituak izanen baitire.

Dohatsuak, justizia gatik persekuzionea pairatzen dutenak, zeren hekientzat baita zeruko erresuma.»

93 Zer erakaspen halto, saindu eta garbia! Izan othe daiteke ederragorik? Urgulua, atsegina, munduaren amodioa nausi ziren denboran, Jesusek erakusten du pobreziaren eta aphaltasunaren amodioa; mendekatu nahi dutenari, erraiten diote: Izan zaizte urrikalmendutsu; lohieri eta atsegin tzarrak bilhatzen dituzteneri: Izan bihotzez garbi, Jainkoa zeruan ikusteko.

Prediku miragarri hortan, mundu huntako gauzetarik gizonaren bihotza urrundu ondoan, emaiten dio Jesusek Jainkozko hazkurri bat. Zer nahi den, eta Jesus Jainko-Gizonak badaki, gure bihotzak hazkurri bat nahi du eta bilhatzen du. Horra zertako, amodiozko Jainko bat zelakotz, gure bihotzen beharrak ongi ezagutzen zituena, Jesusen lehen manamendua amodiozko manamendu bat izanen den: «Maitatuko duzue zuen Jainko Jauna, zuen bihotz guziaz, arima guziaz, izpiritu guziaz eta indar guziez» (Matth. XXII, 37.).

Eta manamendu ezti horren finkatzeko, erakusten dauku Jesusek, bere Apostolueri erakutsi zioten othoitzean, Jainkoa ez dela xoilki: Erregea, Nausia, Jauna, armaden Jainkoa, bainan dela guzien gainetik: Gure AITA!... PATER NOSTER!...

Huna Jesusen amodiozko bi-garren manamendua: «Maitatuko duzu zure laguna, zure burua bezala» (Matth. XXII, 39.). Zer errespetua gure lagunarentzat, Jesusen bertze hitz hautan: «Ez zatzuela bertzeak juia, eta ez zarete juiatuak izanen; ez zatzuela kondena eta ez zarete kondenatuak izanen». Huna gehiago dena: «Barkha zazue bertzeri eta barkhatua izanen zaitzue; nola pisatuko baititutzue bertzeak, eta hala hala, pisatuak izanen zarete» (Luc. VI, 37-38.) .

94 Ardura eta arthoski manatzen du beharretan direnen soleitzea: «Eman zazue eta zueri ere emana izanen zaitzue: Date et dabitur vobis» (Luc. VI, 38.). Zoin ederra oraino bertze hitz hau, eta zenbat, karitatezko obrak ohoratzen dituen: «Nork ere baso bat ur hotz emanen baitu beharretan direneri, ez du bere saria galduko».

Amodiozko erakaspen hori guzia emana da laburzki Jesusen hitz hautan: «Jainkoa, dio Jesusek, zeruko zuen Aita da, eta zuek guziak, elgarren anaiak» (Matth. XXIII, 8.). Hitz hori bezik ez balu ere erran, behar ginduke belhauniko eman, Jesusen oinen arrastueri musu emaiteko. Ez da sekulan gizon bat horrela mintzatu izan. Manamendu eta lege guzia hitz horietan da: Jainkoa gure Aita; horra zertako behar dugun harentzat izan, haur egiazkoen amodio bero bat; gu guziak elgarren anaiak eta Jainko Aita beraren haurrak; hortik elgarrentzat izan behar dugun amodioa.

Ez gare gauza premiatsuenez baizik mintzatu. Erran dugu aski hargatik, guzieri agerian emaiteko, Jesusen erakaspena gizonen erakaspenez goragokoa dela. Nihork, Filosofoen eta jakintsunen artean, ez du holakorik asmatu ere ahal izan.

Jesusen erakaspena ez da lurrekoa; zerukoa da. Jesus Jainko dela frogatzen du.


HAMABI-GARREN KAPITULUA

Jesu-Kristoren mirakuiluak. Frogatzen dute Jainko dela

95 Zer den mirakuilua, erran dugu jadanik liburu hunen hastapenean. Jainkoak badu, eta harek xoilki, mirakuiluen egiteko botherea eta indarra. Mirakuilua Jainkozko obra bat da, eta Jainkoaren zigilua bezala. Non eta ere beraz ikusten baitugu mirakuilua, erraiten ahal dugu: Jainkoaren eskua hemen da.

Eta erraiten badauku norbeitek: Jainkoaz egorria naiz; gehiago oraino: Ni, naizen bera, ni, zuen begiez ikusten nauzuena, Jainko naiz, Jainko Gizon egina: haren hitz eta erran bati munduko lege ezagutu guziek obeditzen badiote; eriak sendatzen baditu, mutu zirenak mintz-arazten, itsuak argitzen, hilak berak phizten, nork bada haren Jainkozko bothereaz duda izan dezake?

Horrelakoa izan zen Jesus. Konda ahal ez ditezken mirakuiluez, eta mirakuilu espantagarrienez, agertu izan zuen bere Jainkotasuna.

Entzun dezagun zer dion berak bere buruaz. Jaun Doni Joanes Batistak bere dizipuluak egorri zituenean, Jesusi galdegiterat, eian nor zen bada, eian Mesias agindua zen, zer ihardetsi zioten Jesusek? Hek berek ikusten zutelarik, egin zituen asko mirakuilu, eta ondoan erran zioten: «Zohazte orai, eta erran zazue Joanesi zer entzun eta zer ikusi duzuen: itsuek ikusten dute, mainku zirenak xuxen dabiltza, leproaz estaliak zirenak sendatuak dire; gorrek, elkorrek entzuten dute, hilak phiztuak dire, eta pobreeri Ebanjelioa predikatua da» (Luc. VII, 22.).

Judueri erraiten diote: «Joanesen lekukotasuna baino handiago bat badut zueri emaiteko... ezen, egiten ditudan obrek erakusten dute Aitaz egorria naizela» (Joan. V, 36.). Eta dio oraino: «Ez baduzue ene hitzetan sinhetsi nahi, sinhets zazue bederen ene obretan» (Joan. X, 38.).

Hitz horiek guzietarik ikusten ahal dugu, Jesusek egiten zituen mirakuiluak, berak emaiten dauzkigula, bere Jainkotasunaren ageri eta froga bezala. Ez zen bertzenaz horrela mintzatuko.

Jainkoak mundua kreatu zuenean, hitz bat xoilki erran zuen, eta kreatura guziak ez deusetarik eginak izan ziren: Dixit et facta sunt: mandavit et creata sunt. Gisa berean, manatzen du Jesusek, eta haren hitza obeditua da. Bere oinen ahalez gabetua den bat, nahi du bai sendatu? Erraiten dio: «Altxa zaite eta zabil». Eta hala egiten da. Nahi du bai hil bat phiztu, erraiten dio: Ilki zaite hobi hortarik: hila phizten da eta herioak uzten du bere bazka. Ez othe da hori Jainko gisa mintzatzea eta egitea? Nork, Jainkoak baizen, izan dezake biziari eta herioari manatzeko botherea?

96 Jesusek egin zituen hainbertze mirakuiluetarik, zenbeit bederen erran detzagun, hautatu gabe eta gogorat heldu zaizkigun bezala. Ikusiko dugu guzietan, haren Jainkozko indarra, eta haren ekharritasuna jasan-gogorretan ziren guzien alderat.

Guziez ezagutua da, Kana Galileako eztaietan egin zuen mirakuilua. Maria bere Amak othoizturik, ura ganbiatu zuen arnorat. Hori izan zen, bere bizi publikoa hastean, Jesusek egin zuen lehen mirakuilua: sinhetsi zuten ordutik dizipuluek hura baitan.

Egun batez, Jerusalemen zelarik bere dizipuluekin, buruz-buru egiten du bidean eskaile batekin. Eskaile hori itsua zen sortzetik. Galdegiten dute dizipuluek: «Nausia, nork egin du bekatu, hunek ala hunen burasoek, itsu hola izaiteko?

«... Jesusek ihardetsi zioten: Ez hunek ez hunen aita-amek, bainan gauza hola gertatzen da, Jainkoaren botherea hunen baitan ager dadientzat...

... Jesusek thu egin zuen orduan lurrerat, eta bere ago-gozoarekin basa edo lohi poxi bat nahasi ondoan, unkitu zituen hartaz itsuaren begiak eta erran zion: Zohaz Siloeko ithurrian garbitzera. Joan zen itsua, garbitu zen, eta ethorri berriz, bere begiez ungi ikusten zuela» (Joan. C. IX, 2-7.).

Bertze egun batez, heldu zaio aita doloratu bat erraiten diolarik: «Zato, Jauna, ene semea hil baino lehen». Eta Jesusek, han berean dagoelarik, erraiten dio: «Zohaz, zure semea sendatua da». Fidantzia oso batez bethea, badoha aita bere etxerat, eta bidean aurkitzen ditu bere zerbitzariak erraiten diotenak semea sendatu zaiola. Eta jakin izan zuen, Jesus mintzatu zitzaion oren berean gertatu zela gauza hori.

97 Huna ere hemen Jaire izena zuen gizon bat, eta zen Sinagogako buruzagietarik. Emaiten da Jesusen oinetan ahuspez, othoizten duelarik sar dadien haren etxean, zeren baitzuen alaba bakar bat, hamabi urthetan zena, eta hiltzera zohan. S. Luke Ebanjelistak xeheki kondatzen du, etxe hartarat zohalarik Jesus, jende oste handi batez inguratua, hamabi urthe hartan eri zen emazte bat sendatua izan zela, haren soinekoak unkitzearekin. Jesusek emazte harri erraiten ziolarik: «Ene haurra, zure fedeak sendatu zaitu, zohaz bakean», ethorri zen norbeit Sinagogako buruzagiari erraitera: Hil da zure haurra; utz zazu beraz Nausia bakean. Bainan entzun zuen Jesusek hitz hori, eta aitari erran zion: Ez izan beldur; izan zazu sinhestea, eta zure alaba sendatua izanen da.

Etxerat heltzearekin, ez zituen berekin sartzera utzi, baizen Piarres, Jakobe eta Joanes, eta nexka gaztearen aita eta ama. Nola, nigarrez bai-zagotzin guziak, haurraren hiltzea gatik, erran zioten: Ez egin nigar; ez da hila haurra, bainan lo dago. Burlatzen ziren, zakitelakotz hila zela. Bainan hartu zuen Jesusek haurraren eskua eta oihuz erran zuen: Haur gaztea, altxa zaite. Eta arima sartu zen berriz hilaren gorphutzean: xutik eman zen haurra berehala, eta manatu zuen Jesusek jatera eman zezoten (Luc. VIII, 41-45.).

Ez da deus osatzeko. Edo zoroa, edo fede gaxtokoa behar laiteke izan, Jainkozko bothere bat hemen ez ikusi nahi izaiteko.

Ez gaitezen hargatik hortan bara. Mintza gaitezen oraino Jesu-Kristoren mirakuiluetarik zenbeitez. Geroago eta hobeki, argi distiant baten erdian bezala, ikusiko dugu, Jainkozko obra horietan, gure Salbatzailearen Jainkotasuna. Denbora berean ere, agertuko zaizkigu, sofritzen zuten guzientzat zituen amodiozko eta urrikalmenduzko aberastasunak.

Nor ez da bihotzaren zolaraino unkitua izanen, ama alargun gaxo baten fagoretan egin zuen mirakuilu huntaz?

Jesus bazohan, dio Luke Ebanjelistak (Luc. VII, 41.), Naim deitzen zen hiri batetarat; eta dizipuluak jarraikitzen zitzaizkon, jende oste handi batekin.

Hirirat hurbiltzearekin, huna non hil bat ikusten duen lurrerat zaramatela. Hura zen ama baten seme bakarra, eta ama hura alharguna zen. Eta hiriko jendetze handi bat bazohakon segi.

Jesus Jaunak ikusten du ama doloratu hura, eta haren penaz unkitua erraiten dio: «Ez zazula nigar egin». Hurbiltzen da, eta bere eskuez hobia unkitzen du. Garraiatzaileak baratu ziren han berean.

Eta erran zuen Jesusek: Altxa zaite, gizon gaztea, manatzen dautzut. Hila altxatu zen, mintzatzen eman zen eta Jesusek eman zion bere amari.

98 Bainan Jesusek egin zituen mirakuilu guzietan handiena, edo hobeki erraiteko, begietarat gehienik dohana da Lazaroen phiztea (Le récit de ce miracle est traduit à peu près textuellement de: JÉSUS-CHRIST, par Mgr de Ségur.).

Lazaro zen gizon aberats bat, Jesusez hainitz maitatua, Martharen eta Maria-Madalenaren anaia. Bethanian zuen bere egoitza Jerusalemetik lau lekuetan, eta Salbatzailea eta Apostoluak joaiten ziren ardura haren etxerat.

Lazaro bada hartu zuen eritasun handi batek, eta haren arrebek, ikusiz lanjer handitan zela, egorri zuten Jesusi erraitera: «Jauna, zuk maite duzuna eri da».

Jesusek ihardetsi zuen: Eritasun hori ez da hiltzekoa: bainan gertatu izan da, Jainkoaren Semeak gloria izan dezan hortarik.

Jesusek hainitz maite zituen Lazaro eta haren arrebak, eta hargatik bi egun oraino egon zen aurkitzen zen lekuan; bi egun hoikien buruan, bere dizipulueri erran zioten: Joan gaitezen Judearat: Lazaro gure adixkidea loharkatua da; behar dut atzarri.

Bainan lo badago, sendatua da, zioten dizipuluek.

Eta Jesusek: Lazaro hila da, eta bozkariatzen naiz zuen gatik, zeren ez naizen han aurkitu, zuen sinhestea hazkar dadien amoreagatik.

Joan zen beraz Jesus, eta Bethaniarat heldu izan zenean, baziren lau egun Lazaro hila zela eta jadanik hobian ezarria.

Martha eta Maria jarririk zagozin bere etxean, penan eta nigarretan. Berekin zituzten ahaideak eta adixkideak kontsolatzera ethorriak.

Entzun zuenean Marthak Jesus hekien ganat bidean zela eta jadanik hurbildua, joan zen lehiarekin hari buruz eta erran zioen:

—Jauna, hemen izan bazinen, ez zen hilen ene anaia.

—Jesusek ihardetsi zioen: phiztuko da zure anaia.

—Badakit, zuen erran Marthak, phiztuko dela azken egunean.

—Bainan Jesusek: Ni naiz phiztea eta bizia. Ni baitan sinhestea duena, biziko da hil ondoan ere, eta ez da bethikotz hilen. Sinhesten duzu gauza hori?

—Marthak ihardetsi zioen: Bai, Jauna, sinhesten dut zu zarela KRISTO Jainko Biziaren Semea mundu huntarat ethorria. Eta joan zen bere aizparen bilha.

99 Ethorri zen Maria eta Jesusen oinetan ahuspez emaiten zelarik: Oi Jauna, ene anaia ez zen hilen, hemen izan bazinen.

Bihotza unkitua, Maria eta harekin ziren Juduak nigarretan ikusiz, erran zioten Jesusek:

Nun ezarri duzue? — Ihardetsi zioten: Zato, Jauna, eta ikus zazu. — Eta nigar egin zuen Jesusek.

Juduek erraiten zuten: Oi, zenbat maite zuen! Bertze batzuek zioten: sortzetik itsua zen bati begietako bixta bihurtu dio, zertako bada utzi du Lazaro hiltzera?

Joan zen Jesus Lazaro ehortzia zen tokirat; thonba harrian zilhatua zen, eta bertze harri batek hesten zion sartzea.

Aldera zazue harri hori, dio Jesusek. Bainan, Jauna, erraiten dio Marthak, usaintzen hasia da jadanik; huna orai lau egun hila dela.

Ez dautzut bada erran, dio Salbatzaileak, sinhesten baduzu, ikusiko duzula Jainkoaren gloria?

Harria eman zutenean sahetserat, Jesusek altxatu zituen begiak zerurat, eta erran zuen: «Ene Aita, eskerrak bihurtzen dauzkitzut, zeren bethi entzuten bai-nauzu; nik banakien; bainan erraiten dut populu hunentzat, sinhets dezan zutaz egorria naizela».

Eta oihu handi batekin: Lazaro, ilki zaite hobitik. — Eta hila ilki zen...

Nork izan dezake oraino dudarik Jesu-Kristoren Jainkotasunaren gainean? Gizon baten egintzak othe dire horiek guziak? Gizon batek, erran nahi dut, xoilki gizon den batek, mundu hau gobernatzen duten lege guzien kontra, hitz batez eriak sendatzen ahal othe ditu, eta hilak phizten?

Ez, ez; erran dezagun beraz berriz ere eta fede bizi batekin: Gauza horiek guziak mirakuiluzkoak dire, beraz, Jainkozko obrak. Jesu-Kristok egin ditu; beraz Jainko da Jesu-Kristo.


HAMAHIRUR-GARREN KAPITULUA

Jesusen urrikalmendua bekatoreentzat

100 Jainkoa amodioa da: Deus caritas est. Eta Jesu-Kristo da Jainkoa bera gizoneri agertu nahi izan dena. Ez dugu harritu behar amodioa eta karitatea balinbadire Jesu-Kristo baitan agertzen zaizkigun kalitate berezienak.

Amodioa, karitatea, horiek ziren egiazki Jesusen seinale ezin ukhatuzkoak. Ikusi dugu, nola laguntzen, sokorritzen, kontsolatzen zituen penan eta nigarretan zirenak, eriak sendatuz, itsuak argituz, elkorreri aditzea emanez, ama desolatuen nigarrak xukatuz, hilak phiztuz.

Haren amodio miresgarria hobeki oraino agertu zaiku, bekatoreen alderat duen ekharritasunean. Hekientzat ditu bere amultsutasun eztienak. Eta egiazki, ez othe zen bekatoreentzat guziz, jautsi lurrerat?

Huna zer dion berak S. Marken Ebanjelioan: «Sendo direnek ez dute sendatzaile beharrik, bainan bai eri direnek; ethorri naiz, ez justuen, bainan bekatoreen deitzera» (Marc. II, 17.).

Gauza bera dio S. Luken bortz-garren kapituluan: «Non veni vocare justos, sed peccatores» (Luc. V, 32.).

Zoin samurra ere zaikun agertzen, ungirat itzuli bekatoreentzat duen amodioa, erraiten duenean: «Bozkario handia izanen da, Jainkoaren aingeruen artean, bekatore bat ungirat itzultzearekin» (Gaudium erit coram angelis Dei, super uno peccatore paenitentiam agente. (Luc. XV, 10.). Joanes Apostoluak, hain ungi Jesusen Bihotzeko sekretu amultsuak ezagutzen zituenak, gauza bera dauku hitz eder hautaz erakusten: «Jainkoak ez du bere Semea egorri mundurat munduaren juiatzeko, bainan bai salbatzeko» (Non enim misit Deus Filium suum in mundum ut judicet mundum, sed ut salvetur mundus per ipsum. (Joan. III, 17.).

Nola ez dugu hitz hautan guzietan ikusiko Jesusek bekatoreen gainean zituen amodiozko eta urrikalmenduzko xede miresgarriak! Zoin eztiki, zoin amultsuki mintzo zaioten! Ez da mundurat ethorri sendoentzat, bainan bai erientzat, ez justuentzat, bainan bekatoreentzat. Gure hitz guziak baino hobeki eta gorago mintzaturen dire hemen Jesusen erakaspenak eta egintzak. Hainitzen artean hauta detzagun zenbeit Ebanjelio Sainduan.

101 Guziez ezagutua da haur errebelatuaren parabola edo alegia. Huna nola zaikun emana S. Luken Ebanjelioan, hamabortz-garren kapituluan. (Luc. XV, 11.)

Gizon batek, dio Jesu-Kristok, bazituen bi seme; eta gaztenak erran zion bere aitari: Aita, eman diezadazu, niri heldu zaitan ondoriotasuna. Aitak eman zioten bakotxari berea.

Handik zenbeit egunen buruan, seme gaztena, bere izan guziak bildurik, gan zen urrun, arras urrun, eta han bizitze tzar bat eramanez, guziak xahutu zituen.

Gertatu zen orduan gosete handi bat parrapio hetan, eta halako behar eta miserietan aurkitu zen, non, eman behar izan baitzen herri hartako gizon baten muthil, eta egorri zuen nausiak bere lur batetarat, xerri zaintzaile. Bozik janen zituen xerriek uzten zituzten ondarrak, bainan nihork ez ziozkan emaiten.

Sartu zen azkenean bere baitan eta erran zuen: Zenbat sehi ene aitaren etxean ogia dutenak nasaiki, eta ni hemen gosez hiltzerat noha. Joanen naiz beraz ene aitaren ganat eta erranen diot: Ene aita, bekatu egin dut zeruaren eta zure kontra; ez dut gehiago merezi zure semea deitua izaitea; bainan beha nazazu zure zerbitzarietarik bat bezala.

Utzi zuen beraz leku hura, eta joan zen bere aita ganat. Urrun zelarik oraino, ikusi zuen aitak, eta urrikalmenduz bihotza unkitua, hartu zuen bere besoetan eta musu eman zion. Semeak erran zion orduan: Ene aita, bekatu egin dut zeruaren kontra eta zure kontra; ez dut merezi zure semea deitua izaitea. Bainan erran zioten aitak zerbitzarieri: Ekhar zatzue berehala lehenago zituen jaunztekoak eta hetaz bezti zazue; emozue erreztuna errian, eta oinetakuak zanguetan. Hil zazue xahal gizena: jan dezagun eta phesta egin. Ezen ene seme hau hila zen eta phiztu da; galdua zen eta atzemana dugu.

Zoin ungi, ixtorio edo parabola eder huntan agertzen zaikun Jesusen urrikalmendua, bekatoros errebelatu, haren ganat itzultzen denaren alderat! Izan othe daiteke Ebanjelioko haur hori baino hobendunagorik? Esker gabe bat da; uzten du aitetan den hoberena, eramaiten ditu berari darraizkon ontasun guziak; eta guziak jan eta xahutu dituen ondoan, miseria handienaz joa eta gosiaz bortxatua, orduan da bakarrik bere aitaz orhoitzen. Balinbadoha bere aita ganat barkamendu eskatzera, urrunduko othe du aitak bere ganik, haren eskergabetasunaz eta bizitze tzarraz orhoituz? Ez, ez; besoak zabaltzen diozka; atxikitzen du bere bihotzaren gainean, berak lehenik barkamenduzko musua emaiten dio. Etxe guzia phestan da, eta haur errebelatu hobendunak lehenago zuen ohorezko herrunka hartzen du, deus gertatu izan ez balitz bezala. Oi Jesus! zoin zaren eztia eta ona bekatore zu ganat itzulten denarentzat!

102 Haur errebelatuaren ondotik, huna hutsean atzemana izan den emazte ezkonduaren ixtorioa. Ez daiteke deus izan kontsolagarriagorik.

Eskribanuek eta Farisauek herrestatu zuten emazte hobendun hura Jesusen oinetarat eta erran zuten Salbatzaileari: Nausia, emazte hau hutsean atzeman dugu. Moisen Legeak erraiten du harrikatua izan behar dela, eta zuk, zer diozu? Jesusek ihardetsi zioten: Bekaturik gabe denak zuen artean aurdik diozola lehen harria. Eta zaharrenetarik hasirik, emeki emeki, bat bertzearen ondotik, guziak joan ziren. Jesus gelditu zen bakarrik emazte hobendunarekin. Erran zioen: Non dire zure akusatzaileak? Ez zaitu nihork ere kondenatu? — Nihork, Jauna. — Ez zaitut bada nik ere kondenatuko; zohaz eta ez egin gehiago bekatu.

Zer erran Jesusen urrikalmenduaz Maria-Madalenaren alderat? Bekatoros handi bat zen, bere bizitze ahalkagarri eta desordenatuaz Bethania eta Jerusaleme eskandalisatu zituena. Iduri guzien arabera, eta erran daiteke, segurki ere, hura zen Lazaro geroago Jesusez phiztua izan zenaren eta Martharen arreba. Hura bera zen, Simon Farisauaren etxean, Salbatzailearen oinak bere nigarrez busti zituena, bere ileez xukatu eta usain onezko ur balios batez estali. Egun hartan berean, Jesus bere etxean zuen Simonek; espantitua zagoen gauza horiek ikusirik, eta zion bere baitan: Profeta bat baliz gizon hau, balakike nor den emazte hori, bekatoros bat dela. Jesusek ikusi zituen Simonen pentsuak eta mintzatu zitzaion. Ebanjelioan ikus daiteke ixtorio hori bere xehetasun guziekin. Azken buruan, amodio eta urrikalmenduekin itzultzen zelarik emazte bekatoros, bainan urrikitan sartuaren alderat, erran zioen: «Zure bekatuak barkatuak zaizkitzu». Eta Maria Madalena bekatoros handi et sobera aiphatua, Jesusen oinetarik altxatu zen eta ilki Simonen etxetik, barkatua, eta Jesusen amodioa eta bakea bihotzean.

Ausartzen banintz, erran nezake, Maria bekatoros penitentarentzat, hain ona nahi izan dela agertu Salbatzailea, nola Maria bere ama osoki garbi eta sainduarentzat.

Zer gauza miresgarria ikusten duguna egiazki, Kalbarioko mendiaren gainean! Jesus kurutzefikatua da. Haren oinetan da Maria, Ama eta Birjina doloratua; bainan haren oinetan da ere Maria-Madalena bekatoros konbertitua. Iduri du nahi dituela Jesusek bere begiak azken mementoan baratu, saindutasun konzepzionetik beretik kontserbatuaren, eta saindutasun penitentziaz kobratuaren gainean, bat eta bertzea gisa hortan bere amodioan besarkatzen dituelarik.

Maria Saindua eta Maria penitenta, biak Kurutzearen oinetan Jesus hiltzean! Zer erakaspena! Zer gozoa eta esperantza bekatoreentzat!

Bainan bada zerbeit oraino gehiago, eta iduri du nahi daukula Jesusek gisa guziz irakutsi, bekatoreentzat dela bereziki mundurat ethorria. Phiztu zenean eta ilki thonbatik, lehenik, eta bere Apostolu maiteeneri baino lehenago, Maria-Madalenari zaio agertu. Ez naiz mintzo Jesusen Ama Dibinoaz; nahiz ez daikun Ebanjelio Sainduak gauza hortaz deus erraiten, uste izan dezakegu bere Ama maitea nahi izan zuela lehenik kontsolatu. Zer nahi den, Maria-Madalena da lehenik aiphatua dena. Hortarik ikusten ahal dugu gorago jadanik erran duguna, zer amodio eta urrikalmendu, zer barkamendu errexa aurkituren duen Jesusen Bihotzean, urriki umil eta amultsu batekin haren ganat, Maria-Madalenak bezala, ihes egiten duen bekatoreak.

103 Barnago oraino bilhatzen badugu, ez othe dugu Jesusen egiteko moldean ikusiko haren Jainkotasunaren froga ageri bat! Nolakoa den mundua, nolakoak diren gizonak Maria-Madalenaren iduriko emazteentzat, aski badakigu. Ez dutela hekientzat estimurik. Konprenitzen dugu errexki; bainan ez dute ere urrikalmendurik; ikusi dugu jadanik Simon Farisauaren etsenpluaz. Hasarretua, erreboltatua zagoen, zeren gisa hartako emazte batek, haren etxean sartzeko, eta Jesusen oinetaraino ethortzeko ausartzia izan zuen. Jesusen sentimenduak aldiz, Jesusen hitzak, amodiozko, barkamenduzko sentimenduak eta hitzak dire: Zohaz bakean, barkatuak zaizkitzu zure bekatuak (Remittuntur tibi peccata. (Luc. VII, 48).).

Josepe zur-langilearen semetzat atxikia zena, haren laneko laguna izanen othe zen hitz horren erraitera ausartatuko zena? Nork uste izan dezake? Hirri eginen zuten guziek, ez balitz izan Jesusen hitzetan, Jainkozko urrikalmenduaren indar bat. Kontrarat espantitzen dire; ungi konprenitu gabe, badute hargatik suspitxa, badela hor, gizonaz goragoko zerbeit: «Nor da bada hau, diote, bekatuen barkatzeko? (Quis est hic, qui etiam peccata dimittit? (Luc. VII, 49).). Maria-Madalenak, ikusi zuen harek ungi. Entzutearekin Jesusen hitz hauk: «Zure fedeak salbatu zaitu: zohaz bakean» (Fides tua te salvam fecit; vade in pace. (Luc. VII, 50).), bakea eta barkatua zelako sinhestea jautsi ziren haren bihotzerat; hanbatetaraino non, ez baita herabe izanen Jesusi azken hatseraino jarraikitzeko.

Gutaz bezinbatean, erran dezagun kontsolazione handirekin: Bai, Jesus Jainko botheretsua da! Eman dauku ikustera bere mirakuiluez, bere Jainkozko egintza miresgarriez. Bainan ere sentiarazten dauku amodioekin, urrikalmenduaren Jainkoa dela, lurrerat ethorria bekatoreen deitzera eta galduak direnen Salbatzera: Propter nostram salutem descendit de caelo... Salvum facere quod perierat.


HAMALAUR-GARREN KAPITULUA

Erospeneko mixterioa. — Jesusen Pasionea

104 Fedearen eta ixtorioaren argi osoan ikusi dugu Inkarnazioneko mixterio adoragarria, erran nahi da Jainko bat, Trinitate Sainduko bi-garren presuna, gizon egina. Gizon itxuran eta izaitean agertu zaiku Jesus, bere sortze aphal eta umilian, lanezko bizitze pobrean, Mariaren eta Joseperen alderateko obedientzian. Gero betbetan, hogoi eta hamar urthez ixiltasunean gordea bizi izan zen gizon langile hura, agertu zaiku, bere ezpainetan zakarkela erakaspen bat osoki Jainkozkoa, filosofo handienen eta argituenen erakaspenak baino mila aldiz ederragoa eta garbiagoa. Ez aski mintzatzea, bere urrats bakotxean, mirakuiluak erain bezala zituen; hitz bat xoilki erraiten zuen, eta eriak sendatuak ziren; haren erranaren gainean, gorphutzeko balioaz gabetuak zirenak xutitzen ziren, eta bazohazin haren botherea eta bihotz ona laudatzen zutelarik: elkorrek aditzen zuten, itsuek ikusten, hilak phiztuak ziren; bekatore handienentzat ezti eta urrikalmenduz bethea zen, eta haren oinetarik altxatzen ziren kontsolatuak, Jainkoak barkatu ziotelako sentimendu gozoarekin.

Bai, nasaiki frogatu du Jesusek Inkarnazioneko mixterio adoragarria. Frogatu du Gizon eta Jainko dela denbora berean; Gizon agertu zaiku bere sortzean, aphaltasunetan, gorphutzeko flakeza eta sofritzeetan; Jainko aldiz, bere erakaspenean eta Jainkozko egintzetan.

Aintzinat joan behar gare orai Erlijionearen jakitatean, eta behar dugu ikusi nola eta zenbat pairatuz erosi gaituen Jesusek. Ezen badakigu; ez da xoilki Jesus ethorri gure argitzera, bainan ere bekatuaren zorra pagatuz, gizonen erostera. Eros eta salba gintzazken den gutieneko aphaltze batez; haren obra eta egintza guziak Jainko-Gizon baten obrak eta egintzak zirelakotz, bazuten mugarririk gabeko balio eta merezimendu bat. Bainan nahi dauku bere amodio ezin erranezkoa irakutsi, eta horra zertako, sofrikario gogorrenen gostuz nahiko gaituen erosi. Errespetu, amodio eta bihotz-min handirekin behar gare sartu Erospeneko mixterio doloragarri hortan.

Gorago ikusi ditugun hainbertze ungi eginen ondotik ikusten du Jesusek ethorria dela berak hautatu tenorea, azken esku kolpea munduaren Salbamenduaren obrari emaiteko. Berexiak ditu jadanik Apostoluak, predikatu duen zeruko erakaspena lurraren bazter guzietarat hedatzeko, eta menderen mende segitzeko, salbamenduzko lana, berek eta beren ondokoek; berexia ere, hekien buruzagi izaiteko, Petri Galileako arrantzalea.

105 Eta zer hari ziren Juduak denbora hortan? Zer ziren hekien gogoetak eta sentimenduak, hain nasaiki bere amodioaren frogak Jesusek emaiten ziozkaten orenean? Juduak, gehienak bederen, hotz eta itsumenduan zagozin. Alferretan erran zioten Jesusek: Ez baduzue sinhesterik ene hitzetan, izan zazue bederen ene egintzetan: erraiten dautzuete Jainkoaz egorria eta Jainkoaren Semea naizela. Bakar batzuek salbo, begiak argiari hesten zituzten. Ez zuten nahi sinhetsi hura zaitekela Mesias agindua. Bertze itxura batekin zuten bere asmuetan igurikitzen, erran nahi da, aberastasunez, indarrez, lurreko bothereaz inguratua.

Bainan hoztasunean balinbazagozin gehienak, asko etsaien arima beltzetan, herra eta jelosia ez zagozin loharkatuak, eta Jesus zeletatzen zuten, non eta zertan hutsean atzemanen zuten. Guzien artean, Farisauek, Eskribuek eta Aphezek bere botherea kordakatua ikusten zuten Jesusen erakaspenez eta mirakuiluez: eta atsegabe handirekin jasaiten zuten. Lazaroren phiztearen mirakuiluak guzien gainetik, espantitu zituen, eta ikusten zuten gero eta gehiago populua Jesusen baitan sinhestera eta hari jarraikitzera zohala. «Zer hari gare bada, zioten, huna non guziak jarraikitzen zaizkon» (Pharisaei ergo dixerunt ad semetipsos: Videtis quia nihil proficimus: ecce mundus totus post eum abiit. (Joan. XII, 49).). Ordutik sartu zen hekien izpirituetan Jesusen galtzeko asmua. Kaiphas urthe hartan aphez handi zenak erran izan zuen hitz hau, ez bere baitarik, bainan Jainkoaren argi batez: «On eta abantailos da, gizon bat hil dadien populu guzia salbatzea gatik» (Expedit vobis ut unus moriatur homo pro populo, et non tota gens pereat. (Joan. XI, 50).). Egia handia zion, bainan ez berak uste zuen moldean.

Jainko zenaz geroz, bazakizkien Jesusek pentsu eta gogoeta horiek guziak. Horra nola erran izan zuen bere dizipulueri: Badakizue Phazko phesta izanen dela bi egunen buruan, eta gizonaren Semea saldua izanen da, kurutzean emana izaiteko. Eta egiazki orduan berean bilhatzen zuten Aphezen buruzagiek eta Eskribuek, nola hilaraz zezaketen. Aitzakia bat behar zen. Aurkitu zuten Erlijionearen amodioaren itxuran. Baitezpada hil behar du Jesusek, zuten erran, Legearen eta Moisen Erlijioneko pratikak gutartean atxikitzea eta begiratzea gatik. Sinhetsarazi zuten hori populuari; ungiaren itxurarekin enganatu zuten, eta krima izigarrienerat emeki emeki ler-arazi.

106 Huna non, bere herraren eta xede beltzen laguntzaile heldu zaioten traidore bat, Judas. Jesusen hamabi Apostoluetarik bat, Judasek ez zuen naski Jesusen heriotzea nahi: bainan diruari sobretan estekatua zen, eta Jesus salduz, diruzko probetxu bat bilhatzen zuen. Pasione tzar baten segidak zoin diren deithoragarriak! Joan zen beraz Judas Aphezen buruzagien ganat eta erran zioten: «Zer nahi dautazue eman, eta nik zuen eskuetan ezarriko dut; arrimua egin zuten hogoi eta hamar diru pezentzat» (Et ait illis: Quid vultis mihi dare, et ego vobis eum tradam. At illi constituerunt ei triginta argenteos (Matth. XXVI, 15).).

Ethorri zenean eguna, zointan, Moisen legearen arabera, jan behar baitzen Phazkoko bildotxa, Petriri eta Joanesi erran zioten Jesusek: Zohazte Phazkoko aphairuaren arrimuen egitera, eta xehetasun guziekin erran zioten zer behar zuten egin. Joan zen bera, arrats-aldean, hamabi Apostoluekin, aphairua paratua izan zen etxerat. Nor, arimaren zolaraino mugitua izan gabe, orhoit daiteke, Jesusek bere Apostolu maiteekin iragan zuen azken arrats hortaz? Zer amodio ezin erranezkoa haren hitz guzietan! Zer othoitz khartsua bere Aita zerukoari, bai Apostoluentzat, bai gu guzientzat! «Oi ene Aita, zioen, ez zaitut xoilki haukientzat othoizten, bainan ere, ni baitan sinhestea izanen duten guzientzat» (Non pro eis autem rogo tantum, sed et pro eis qui credituri sunt per verbum eorum in me. (Joan. XVII, 20).). Othoitz hori guzia laiteke irakurtzekoa eta arthoski meditatzekoa. Irakur daiteke Jaun Doni Joanesen Ebanjelioan hamazazpi-garren kapituluan. Jesusen Bihotz Jainkozkoaren amodioa, hor, klarki eta itzalik gabe ageri da bere aberastasun osoan.

Ez da aski; bere othoitzari eta hitz amultsueri zohakoten zigilua emaiteko, zerbeit gehiago oraino eginen du. «Ene Aita, zion, nahi dut hoikien baitan izan, zu, ni baitan zaren bezala» (Ego in eis et tu in me. (Joan. XVII, 23).). Hortarakotz, bere eskuetan hartu zuen ogia, eta erran zuen: Hau da ene gorphutza, har zazue eta jan zazue. Hartu zuen gero arnoa eta erran: Hau da ene odola, edan zazue; eta nik orai egiten dudana, zuek ere egin zazue ene orhoitzapenetan. Hitz horietaz establitu zuen Jesusek Gorphutz Sainduko sakramendu adoragarria, egiazki obratzeko bere Bihotzaren gutizia khartsua, gurekin bat egitea, berak bere aitarekin bat egiten duen bezala (Ez gare hemen luzekiago mintzatzen amodiozko sakramendu hortaz, ez dohalakotz kapitulu hau hortarat, eta bertzalde, gure gogoa laitekelakotz, geroxago, bertze liburu bat sakramenduez egitekoa.).

107 Bere amodioaren seinale miresgarri horiek bere Apostolueri Jesusek emaiten ziozkaten denboran, han zen Judas traidorea, eta haren bihotza gogor egon zen. Salbatzaileak ez zuen gorde nahi izan bere bihotz-mina, horrelako gogortasuna eta esker gabetasuna ikusiz, eta erran zuen: Egiaz darotzuet, ni saldu behar nauena hemen da; mahain huntan jarria da. Badoha gizonaren Semea, bainan zorigaitz hura salduko duen gizonari. Hobe izanen zen harentzat, ez balitz sortu. Hitz horiek entzutearekin, asaldatu ziren Apostoluak, eta galdegiten zuten, zoin zen bada Nausia salduko zuena. Judasek hitz horiek entzun zituen bertzek bezala; bainan gogor egin zuen, ez zen Jainkoa ganat itzuli. Ez Jesusen hitz amodiozkoek, ez haren mehatxuek ez zuten unkitu ahal izan, abarizioak eta diruaren amodio sobraniozkoak beretua zuten bihotz hori. Gehiago dena, komunione tzarra egin zuen eta bere gogortasunean sorhaiotuz gan zen. Eta izan zuen harek ere bekoki ausarta, galdegiteko bertze Apostoluek bezala: Ni othe naiz, Nausia, zu saldu behar zaituena? Eta ihardetsi zion Jesusek: Erran duzu: hala hala da: Tu dixisti. Erran zion oraino: Egin gogo duzuna, egin zazu ahalik lasterrena (Quod facis, fac citius. (Joan. XIII, 27).).


HAMABORTZ-GARREN KAPITULUA

Jesusen pasionea. — Olibetako baratzea

108 Sartzera gohaz Jesusen pasioneko oren ilhunetan. Ai! bihotz-mingarri da dudarik gabe; bainan Jesusen pasionearen ixtorioa, ez othe da, giristino guzien gogoetan eta meditazioneen materia berezia izan behar? Ez gaitezen beldur izan, dio S. Bonabenturak, pentsatzea eta gogoan erabiltzea, gure Jainko Jaunak berak guretzat jasan nahi izan duena (Non debet nos toedere cogitare, quod ipsum Dominum non toeduit tolerare, (Med. vitae Christ.).). Erran dezagun ere, ungi ekharriak, eta hortaratuak balinbagare, hortan aurkituko dugula guziek, gure arimen ona: penetan direnek, kontsolazionea; desesperatuek, Jainkoa baitako fidantzia; bekatoreek, barkamenduaren esperantza; ephelek, arimako kharra; iustuek, Jainkoarentzateko amodio handiago bat, eta denbora berean, iraupenezko graziak eta indarrak.

Elgarretarat bilduak ziren Jesus galdu nahi zutenak, ikusteko zoin zen hartarakotz hartuko zuten biderik segurena. Judas traidorea ere, bere aldetik, bere gizonen biltzen hari zen. Erran daiteke handien eta ttipien herrak eta jaidura tzar guziak, ifernuko haize batez, sutan debruak emaiten zituela.

Eta bitima justu eta adoragarria hekien biderat bezala doha.

Ardura egiten zuen bezala, joan zen Jesus hameka Apostoluekin, Olibetako mendirat. Hantxe zen baratze bat Judasez ungi ezagutua, maite zuelakotz Jesusek, han othoitz egitea. Baratzean sartzearekin, berex hartu zituen berekin, Piarres edo Petri, Jakobe eta Joanes eta erran zioten: Ai! ene arima trixtatua da hil arteraino; egon zaizte hemen atzarriak enekin (Tristis est anima mea usque ad mortem; sustinete hic et vigilate mecum. (Matth. XXVI, 38).).

Joan zen Jesus bera urruntxago; ahuspez lurrerat emana, othoitzean zagoen bere Aitari: O ene Aita, ahal baditake, urrun dadiela jasaite gogor hau ni ganik; eta hargatik, egina izan dadiela zure nahia eta ez enea (Pater mi! Si possibile est, transeat a me calix iste; verumtamen non sicut ego volo, sed sicut tu. (Matth. XXVI, 39).). Othoitzean zagoen suharki, bere gizon naturalezaren flakezian, eta dolorezko hagonia hori hain gogorra izan zen, non, odolezko izerdi bat jauzi baitzitzaion gorphutz guzitik.

109 Zoin ungi Jesus, hagoniako otohitz hortan, agertzen zaikun Gizon, Jainko eta Salbatzaile! Gizon: naturalezak heriotzeari ihes egiten dio: Transeat a me calix iste: urrun dadiela ni ganik sofrikario hori; bainan Jainko-Gizon da, eta gizonen Salbatzaile behar da izan, eta gizonaren flakezak garaitzen ditu, obedientzia osoaren hitz hautan: hargatik, egina izan dadiela zure nahia eta ez enea. Arras ungi erraiten du S. Agustinek: Gizon bezala, urrundu nahi luke heriotzea, bainan Jainko bezala, ez du ahanzten bekatuaren kontra ekharri izan duen sentenzia lazgarria (Quasi homo mortem recusans, quasi Deus sententiam suam servans. (August. In 22 Luc.).). Heriotzeari ihes egitera ekharria den nahiak, irakusten du Gizona, heriotzea onhartzen eta azkenekotz manatzen duenak irakusten du Jainko-Gizona. Olibetako baratzean, Jesus agertzen zaiku ere Salbatzaile; ezen, gizontasunak hura baitan onhartzen badu Jainkoaren nahia, zertako? Zeren, dio Bedek, orhoitzen baita zertako egorria izan den (Reminiscens propter quod missus est, clamat; Non sicut ego volo, sed sicut tu. (in Marc. XIV).).

Ez othe dugu ere erraiten ahal, bere othoitzaren lehen hitzetan, Jesus mintzo zela Adame gure lehen aita bekatorearen izenean? Bainan itzaltzen da laster Adame bekatorea, eta agertzen da Adame berria, Adame justu eta osoki Saindua, lehenbizikoaren hutsa erosten duena. Adame bekatorearen flakezazko oihuaren ondotik, Adame Erostailearen baimenezko eta erreparazionezko hitza eta othoitza. Horra, munduaren salbamendukotzat hasten den sakrifizioa! Horra, ararteko soberanoa! Horra, Jainko-Gizon Salbatzailea: Reminiscens propter quod missus est, clamat: Non sicut ego volo, sed sicut tu.

Olibetako baratze hortan, Jesus gure irakustailea eta miraila da. Othoitzean oihuz dago, egia da, bere Aitari, bainan nola ekharria, haren nahiaren egitera! Guk bederen, zerbeit balinbadugu jasaiteko, gure bekatuez merezitua dugu. Zor bat dugu pagatzen. Jesus guziz Saindua, bekatu eta hobenik gabea zen; bainan, guk jasan beharrak berak jasanez, nahi izan dauku zeruko bidea irakutsi. Jesu-Kristo izan da, dio S. Agustinek, mediku urrikailmendutsu baten pare, zoinak, berak lehenik jasaiten baitu erremedio khiratsa, errexkiago har dezan gero eriak (Prior bibit medicus Jesus, ut bibere non dubitaret aegrotus. (August. Serm. 82, de Temp.).).

110 Olibetako baratzean Jesu-Kristok jasan zuen hagonia hori, heriotzearen, eta heriotzea aintzinean jasan behar zituenen beldurretik xoilki, heldu othe zen?

Dabid Errege Profetak bertze arrazoin bat emaiten dauku, bere hogoi eta bederatzigarren Psalmoan: «Zer probetxu izanen du ene odolak? (Quae utilitas in sanguine meo? (Ps. XXIX).). Horra, horra zerk Jesu-Kristoren arima aurtikitzen duen trixtezia eta ilhundura handi hortan. Jasanen ditut, erraiten ahal zuen, jasan ditezken guziak; gaxtagin bat bezala izanen naiz juiatua, kondenatua, azotatua, elhorriz khoroatua, kurutze ahalkegarriaren gainean itzatua; horiek guziak, bai, nahi ditut; amodioekin onhartzen ditut; bainan zer probetxu izanen dute, nik erosi nahi ditudanentzat? Quae utilitas in sanguine meo?

S. Anbrosiok dio, gehienik Jesus sofri-arazi zuena, eta trixtezia ilhun hartan haren arima pulunpatu, hau zela: aintzinetik ikustea, harek zenbat nahi jasan gatik, salbatu nahi zituen gizonetarik, hainitz eta hainitz, galduak izanen zirela bere gaxtakeriaz (Tristabatur quia nec malos perire volebat. (Ambros. in Luc.).).

Oi zoin doloragarria, eta kontsolazione gabea behar zen izan, Jesusen hagonia hori! Ethorri behar diren gizon eta jendeetan, ikusten du eskergabetasuna, haren amodioa mezprezatua, haren odola hainitzentzat alferretan ixuria, eta ifernua oraino zabal zabala idekia, haren pasioneaz baliatuko ez direnentzat; zeruko alderat itzultzen baditu begiak, han, bere Aita Eternala, bethi-danikako amodio batez maite duena, hartaz maitatua den bezala, eta orai juie garratz bat bilhakatua; bere ariman, gu guzien bekatuen karga jasan gogorra; arima osoki saindu, garbi eta amultsu hura, gizonen Erlijione eskas, inpiotasun, lohikeria, herra eta bertze krima eta zikinkeria guziez belztua eta hobendun egina, berak hala nahi duelakotz, guretzat Jainkoaren justizia soberanoa aphazegatzea gatik.

111 Bainan nola izan dezakegu atrebentzia, behar laiteken bezala, gauza horietaz mintzatzekoa? Jesus laiteke bakarrik gai, lan hortako, harek bakarrik, bere Saindutasun Jainkozkoan, konprenitu ahal izan duelakotz, zer den bekatua, zer laido dion egiten Jainkoaren majestateari, zer kalte izigarria gizonari.

Nahi izan gabe konprenitu, gure gogoeta eta asmu guziez gorago dena, sar gaitezen gu baitan. Guziak, bere gogoan, eta bihotzean garraiatzen gintuen Jesusek, Olibetako baratzean ahuspez emana zagoelarik. Maite gintuen, ezin erranezko amodio batez, eta nahi gintuen salbatu. Zoin lazgarri laiteken, beldur izaitea, guretzat erran ahal izan duela trixteziazko hitz hau: Zer probetxu izanen du hoikientzat ene odolak: Quae utilitas in sanguine meo?

Oi Salbatzaile amultsua! Oi, Jesus hagonian lurrerat eroria! Zure sahetsean ahuspez emaiten gare zurekin, gure bekatuez nigar egiteko; garbi zatzu gure arimak zure odolezko izerdian; salba gaitzatzu.


HAMASEI-GARREN KAPITULUA

Pasionearen segida. — Jesus Judasez etsaien eskuetan emana

112 Mila aldiz hil beharko zuen Jesusek, Olibetako baratzeko hagonian, ez balire bertzelakoak izan, bihotzean zituen amodiozko eta urrikalmenduzko xedeak.

Nahi zuen guretzat, gehiago eta azken bururaino pairatu, eta horra zertako, bere Jainkozko bothereaz bizirik dagoen oraino. «Bizi zaite beraz, Jesus maitea, dio Bossuet handiak; bizi zaite, baduzu bertze tormentarik oraino jasaiteko! Zerbeit oraino begira zazu zure bizitik, zuri buruz heldu diren Juduentzat, eta hekien buruzagi, Judas traidorearentzat. Aski eman duzu ikustera bekatoreeri, gai izanen zela bekatua bera, zuri heriotzeko kolpearen emaiteko (Bossuet, 3e Sermon pour le Vendredi Saint.).

Gorago jadanik erran dugu, Judasen, Eskribanuen eta Farisauen artean egina izan zen tratu infamoa. Bere Nausia saldu zuen Judasek, hogoi eta hamar diru peza xumeentzat. Hori zen, esklaboen prezio ttipiena. «Ah! arima beltzeko gizona, dio S. Agustinek, zer egiten duk? Jesu-Kristo Jainko dena, ahalkerik gabe saltzen duk diru poxi zikin batentzat! Bere bizia hiretzat emaitera zohak, eta baduk, hik, ausartzia, ez deus batentzat haren emaiteko» (D. August.).

Atxiki zuen Judasek, Jesusen etsaieri eman zioten hitza. Huna nun, Jesus bere othoitzetik altxatzen zelarik, baratzearen bertze buruan agertzen den Apostolu traidorea. Ez zen bakarrik. Jesusen heriotzea bilhatzen zutenek eman ziozkaten lagunak. Berekin bazuen gizon multzo bat, batzuek ezpatak, bertzek makilak eskuetan. Erran zioten: Nor eta ere besarkatuko baitut, hura da hartu behar duzuena (Quemcumque osculatus fuero, ipse est; tenete eum (S. Matth. XXVI, 48).). Hurbildu zen Jesusen ganat, besarkatu zuen, erraiten ziolarik: Agur Nausia. — Ene adixkidea, zion erran Jesusek, zertarat ethorri zare hunat? (Dixitque illi Jesus: amice ad quid venisti, (S. Matth. XXVI, 50).). O Judas, musu batez saltzen duzu gizonaren semea? (Juda, osculo Filium hominis tradis (S. Luc. XXII, 48).). Hitz ezti horiek ez zuten unkitu ahal izan Judasen bihotza: Gogortua eta itsumenduan eroria zen.

113 Zer ikusgarria! Jesusek, azken oreneraino, amodioz eta urrikalmenduz bihotza bethea, eta Judasek, Jesusen amodioari eta gonbidu eztieri bihotza hesten! Jesus, barkatzera ekharria, eta Judas, bere bekatuan gogortua egoiten! O Judas, Judas! Zer bada pentsatzen duk? Zer duk gogoan? Ez duk bada gehiago hi baitan, ez bihotzik, ez sentimendurik, eta amodioaren seinalea bera duk hartzen, heriotzeko kolpearen emaiteko? (Pacis argumento, mortem immitis? (S. Aug. Serm. 15 de Tempore).). Eta Jesusen hitz eztieri deus ez duk ihardesteko?

O bekatoreak! hel, hurbil zaizte; ikus zazue Jesus besarkatua Judasez, bildotx inozenta otsoaz, saindutasuna bekatuaz, amodioa herraz. Oi! zenbat Judas menturaz gutartean! Bainan ere, Judasen krima higuinaren aldean, ikus dezagun Jesusen Bihotza bethi barkatzera eta bekatorearen ongi hartzera ekharria. Zer nahi gisetakoak izan ditezen beraz gure flakezak, ez gaitu Jesusek, bere ganik urrunduko. Judasi barkatzera ekharria zenak, ez dauku barkagogorrarena eginen.

Huna beraz Jesus gaxtagin bat bezala hartua. Jerusalemeko karriketan herrestatua, eta populua ez da haren alde emaiten. Zenbat ongi izan duen populu horrek haren ganik! Urrats bakotxean, erran behar bada, aurkitzen du Jesusek eri bat sendatu duena, penetan zen bat, hartaz kontsolatua; bainan nor da, hetarik, orai orhoitzen dena, nork ungi egin dion? Hek berak dire menturaz, gehienik laidoztatzen dutenak. Zenbeit egun zuen doidoia, phesta eta bozkario handirekin errezibitu zuela Jerusalemeko hiriak. Deus ez zen orduan sobera hari ohore emaiteko. Haren oinen petan berduratzen zituzten erramu adarrak eta ostuak, eta bertze ferde-gailuak. Oihuz eta kantuz errepikatzen zituzten, Dabiden Semearen eta Jainkoaz egorria zenaren laudorioak: Hosannah Filio David!... Benedictus qui venit in nomine Domini. Eta orai, ez dute nahi ezagutu, ukhatzen dute; jarraikitzen zaizko, bai, bainan haren heriotzea galdegiteko. Oi eskergabetasun beltza, eta zoin gogorki hasten den pasionea Jesusen Bihotz samurrarentzat!

114 Jesus inozenta herrestatua da ahalge eta laido guzien erdian, juie batzuetarik bertze juietara. Bainan nihoren baitan, ez du justiziaren iduririk ere aurkitzen.

Pilatus hargatik, Erromaren izenean Judean gobernadore zena, ez zen hain gizon tzarra. Entseiu zerbeit egin zuen Jesusen jalgitzeko etsaien aztaparretarik. Kostuma zen, Phazko phestetan, presondegietan kondenatuak zirenetarik bat libratzekoa. Populuak behar zuen zoin izanen zen hautatu. Bada, bazen orduan presondegietan gizon hiltzaile bat, heriotzerat kondenatua izan zena. Barrabas zuen bere izena. Ez zuen Pilatusek, hobenik aurkitzen Jesus baitan, eta gogor zitzaion kurutzeko heriotzerat haren kondenatzea, Jesusen etsaiek eta populuak galdegiten zuten bezala. Uste izan zuen bide bat gelditzen zitzaiola Jesusen salbatzeko. Itzultzen da beraz populuari buruz, eta galdegiten dio: Zoin nahi duzue libro egor dezadan, Barrabas edo Jesus, Kristo deitua dena? Eta oihuz dagozi guziak: Ez Jesus, bainan Barrabas! Ez du gehiago hekien errabiak neurririk, eta bethi aintzinat oihuz hari dire: Izan dadiela kurutzefikatua! Izan dadiela kurutzefikatua!

Ez da gure xedetan sartzen, pasioneko gau doloragarri hartan, Jesusek jasaiteko izan zituen guzien xeheki erraitea. Herrak errotzen zuen jendetze batez burlatua, thuz estalia, sehi batez arpegian joa, azotatua, elhorriz koroatua, hirri-garriko errege bat bezala erabilia, eta azkenean esklaboen suplizio ahalkagarrirat, kurutzearen gainean hiltzera kondenatua.

Oi nola den aphaldua, ez deus batentzat atxikia, lurreko har baten pareko egina! Zoin garrazki borratzen duen bekatuan aurkitzen den urgulu madarikatua!


HAMAZAZPI-GARREN KAPITULUA

Pasionearen segida. — Jesus Jaun Doni Petriz arnegatua

115 Jesus bazterrerat utzia da guziez. Gehiago dena, populuak haren heriotzea galdegiten du. Alde guzietarik herra, errabia, nihondik ere, ez laguntza edo kontsolazionerik. Non dire bada dizipuluak eta Apostoluak? Jesus utzirik, guziak ihesari eman dire (Discipuli omnes, relicto eo, fugerunt. (Matth. XXVI, 56).).

Bainan Jaun Doni Petri bederen, bere Elizaren buruzagi izaiteko hautatu zuena, Jaun Doni Petri, hain haltoki hitz eman ziona, bertze guziek uzten bazuten ere, ez zuela harek utziko, hura bederen leial egon zaio?

Ez dezagun hola uste izan. Jaun Doni Petri bera izanen da Jesusen Bihotzari zauri miñena eginen diona. Hura izanen da ere, hobekienik ikustera emanen duena, zoin sinheste guti behar den izan, gizon flakoen agintzen gainean, bereziki, sobera fidantzia dutenean bere baitan. Mugarri gabekoak ziren, iduriz, Apostolu horrek Jesusentzat zituen amodioa eta nahi ona. Bertze guziak, zuen erran, flako gertatzen badire ere zure alderat, ni ez. Dudarik ez da, Jaun Doni Petri orduan, lañoki, eta, bere ustez, egiaz mintzo zela. Huna zer ihardetsi zion Jesusek: «Egiazki, egiazki erraiten dautzut; gau huntan berean, oilharrak bi aldiz kantatuko duen baino lehen, hirur aldiz arnegatuko nauzu». Bainan Petrik bere hitza erredoblaturik erran zion: «Zurekin hil behar banaiz ere, ez zaitut arnegatuko» (Et si opportuerit me simul commori tibi, non te negabo (S. Marc. XIV, 31).).

Bada, zer gertatu zen, hitz eta segurantza eder hoikien guzien ondotik? Joan zen Jaun Doni Petri Jesus herrestatua izan zen tokirat, eta han, hirur aldiz, galdegina izan zitzaion, eian ez zen hura ere, Jesusen dizipuluetarik. Hirur aldiz ihardetsi zuen, ez zuela ezagutzen, eta juramentu eta arneguz gauza bera segurtatu zuen. Oilharrak kantatu zuen orduan bi-garren aldikotz, eta Jesusek behatze bat xoilki egorri zion Petriri. Bainan, zoin tristea, amultsua eta ere urrikalmenduz bethea izan zen behatze hura! Bihotz-min handirekin orhoitu zen orduan zer erran zioen Jesusek; ilki zen kanporat, eta nigar egin zuen garrazki (Et egressus foras, flevit amare. (S. Matth. XXVI, 75).).

Zer erakaspena guzientzat Apostoluaren erortze deithoragarri hortan? Petriren erortzeak behar ditu justuak argitu, dio S. Agustinek (Error Petri doctrina justorum est. (S. August. Lib. 40. in Luc).). S. Krisostomek dionez, Petriren erortzeak irakusten dauku, zoin den flakoa gure naturaleza, Jainkoaz hazkartua ez denean (Intelligite quam sit imbecilla humana natura, cum Deus deserit. (Homil. 82, in Joan).).

116 Nola bada, erori izan da Apostolu handia hoin huts ahalkegarrian? S. Thomasek emaiten du arrazoin bat. Dio Theologal, guzien gainetik aiphatu, eta Dotor Saindu horrek: Jainkoak bere eskuetan dagokan erremediotarik bat, gizonen sendatzeko bere baitan duten fidantzia sobraniozkotik, dela, heiek uztea bekatu dorpheenetan erortzera (Pro superbiae remedio permittit Deus ruere hominem in aliqua peccata. (S. Thom. 22, quest. 162, art. 6).).

Theofilaktek emaiten dauku oraino, Petriren erortzearen bertze arrazoin bat: Erori zen Petri, zeren ez baitzen othoitzari jarraiki, Jesusek erran zioen bezala, eta ez baitzuen aski azartasun izan bere buruaren gainean. Arima hotz, alfer eta ephelek ikas dezatela hemen, zer indar duten heien kontra, debruaren amarruek (Horreamus considerantes quantum contra remissos valeant insidiae diaboli. (Thoph. in Luc.).).

Nahiz izanak zituen Petrik bere Nausiaren abisuak, ez zuen othoitzean bilhatu, tentazionearen bentzutzeko indarra. Uste izan zuen, aski hazkar izanen zela bere baitarik, eta ausartzia zoro batekin, joan zen lanjeraren erdirat. Jesus Jainkoak utzi zuen orduan bere indar xoilekin ikus zezan, eta ongi froga, zoin ziren ez deusak (Sed desertum dereliquit ut suam ipse intelligat imbecillitatem. (S. Chrys. Homil. 71. in Joan).).

Garrazki eta justuki kondenatzen dugu Petriren flakeza eta bihotz eskasa. Ez gaitezen hargatik gu baitan urgulutan eman. Hari gertatu zaiona, dio S. Bernatek gertatzen ahal zaitzu zuri ere, zeren gizon baitzare (Quidquid illi accidit et tibi accidere potest; quia homo es. (Med. C. 3).).

117 Ez othe dugu gu baitan frogatu S. Bernatek hemen erraiten daukuna? Jainkoaren graziaz, zorigaitz hortarik salbo izan bagare, ez othe dugu bederen gure inguruetan ikusten? Zenbat giristino, lehenik bertzez, bathaioko harrian, geroago, lehen komunioneko egunean, eta geroztik oraino, mila aldiz Jesusi erran diotenak: Ez zaitut sekulan arnegatuko, eta laster hitz eta egintza horiek ahantzi dituztenak! Jaun Doni Petri bekatuan erori zen, flakezaz, eta ere gizonen alderateko ahalkeaz. Neskato xoil baten aintzinean, ahalkatu zen Apostolu handia, Jesusen dizipulu izaiteaz! Izan zaiteken ohore handienaz gorritu zen, gauza tzar batez bezala.

Bada, fede epheleko, eta erran dezagun, fede hotzeko denbora huntan, ez othe da ardura, gauza bera gertatzen gure Eskual-Herri maitean berean? Gure Eskual-Herria bethitik aiphatua zen, Fedearentzat, Erlijionearentzat zuen amodio eta estakemendu suharrarentzat. Eta orai, gutartean ere, ez othe dute hainitzek, hitzez ez bada bethi, bederen obra onen eskasez, Jesu-Kristoren bandera beldurrez gordetzen eta itzaltzen? Hori da erraitea, ez dutela Jesus bere Nausi eta Erregetzat ezagutu nahi. Hori da, Jesus arnegatzea.

Bihotz eta kuraia eskasa! Huts handi eta ahalkegarria, eta asko denboretan, krima handia hala nola baita orai! Petriren hobena hanbatenaz handiagoa izan zen, zenbatenaz Jesus aphalduagoa eta pertsekutatuagoa baitzen.

Gauza bera da orai ere. Bai, orai ere, Jesus aphaldua, pertsekutatua, kurutzean emana da, Elizari, Aita Sainduari, Erlijioneari, Aphezeri, Eskoletako Fraide eta Seroreri, Ospitaletan Bixintxo Paulokoaren alaba saindu eta miresgarrieri, hitz batez erraiteko, haurren, erien, sofritzen duten guzien arimeri egina den gerla inpioaz.

Guziak, Eliza gure ama onaren haurrak gare. Ama on horrek bere haur guzien amodioa galdegiten du. Maita eta zerbitza dezagun, gure bihotz guziarekin. Baldin, zorigaitzez, gertatzen bazaiku gure Nausi, gure Jesus maitea ahanztea eta arnegatzea, egin dezagun laster nigar eta penitentzia Jaun Doni Petrirekin, eta harekin, ethorriko direnean bertze lanjer eta tentazioneak, erran dezagun: Hobe da, guzien gainetik, Jainkoari obeditzea, ezen ez, gizoneri.


HEMEZORTZI-GARREN KAPITULUA

Jesus kurutzefikatua

118 Zoin den adoragarria eta unkigarria, hemen kontsideratzera gohazin mixterioa!

Jainko-Gizon bat kurutzean itzatua, kurutzearen gainean, erran nahi da, esklabo infamotzat atxikiak zirenen heriotzeaz hiltzen! Jainko-Gizon bat, guziez trufatua eta burlatua, odola, haren zain guzietarik, kurutzea behera lurreraino joaiten! Eta hoikien guzien buruan, bera azken hatsa emaiten, amodiozko eta barkamenduzko hitz hau erraiten duelarik: Ene Aita! barka diozozute, zeren ez dakiten, zer hari diren!

Jesus hiltzearekin, Tenploko beloa urratu zen erdiz-erdi, gainetik eta behererat; lurra ikharatu zen; harrokak arraildu; hobiak ideki eta hil saindu batzuen gorphutzak phiztu. Bada, kurutzearen inguruan zagozin soldaduen aintzindariak, eta hekien soldaduak berak, gauza espantagarri horiek guziak ikustearekin, ikharetan eman ziren, erraiten zutelarik: «Egiazki hau Jainkoaren semea zen» (Vere filius Dei erat iste. (Matth. XXVII, 54).).

Jesus hil da kurutzearen gainean! Hil da Berbo Inkarnatua, Jainko-Gizon egina, ez Jainko bezala, bainan Gizon bezala. Bainan sofrikario horiek guziak, heriotzeraino, baitezpada behar othe ziren munduaren salbamenduarentzat? Ez, mila aldiz, ez. Jainko-Gizon zenaz geroz Jesu-Kristo, haren othoitz, aphalze, obra guziek bazuten neurririk gabeko balio bat. Oihu bat gure fagoretan, bere Aitaren urrikalmenduari, eta aski izanen zen gizonen salbatzeko.

Zertako beraz hoinbertze sofrikario? Zertako azote kolpeak, elhorrizko koroa buru fuinetan barna dohana, gorphutz guzia sarraskitan emana, kurutzeko heriotze ahalkagarria? Zertako horiek guziak? Ah! galdegin zazue Jesusen amodioari.

Jesusen Bihotzean behar ditugu bilhatu haren sofrikarioen arrazoinak. Amodioak du hil-arazi. Enetzat, ene gatik eman du bere burua, dio Apostoluak (), enetzat nahi izan da eman bere etsaien eskuetan. Ez bagintu maite izan, maite gintuen bezala, ez zen hilen. Alferretan eta debalde, gizonen errabia eta indar guziek bat eginen zuten haren kontra; hitz bakar batez, nahi izan balu, guziak sunsitzen ahal zituen. Aski eman zuen ikustera, Olibetako baratzean, noiz eta ere, bere etsai guziak lurrerat aurtiki baitzituen hitz hautaz: Ni naiz, zuek bilhatzen duzuen Jesus Nazarethekoa.

Beraz, nahi izan badu Jesusek sofritu, nahi izan badu hil, guri bere amodio handiaren erakusteko sofritu du, eta hil nahi izan da.

Bainan, amodio izari gabeko hori irakutsiz, nahi zuen ere, ez da dudarik, gurea irabazi. Amodioa, amodioaz pagatzen da. Ez othe dugu, gurea, Jesusi emanen? Harrokak arrailtzen direnean, iguzkia ilhuntzen, Jesusen heriotzeaz dolhua hartu nahi balute bezala; gu hotz, gogor eta esker gabe egonen othe gare bada? Behar ginduke orduan, beldur izan, Jainkoaz madarikatuak garela, Jesusen heriotzea guretzat alfer egon litekenaz geroz, gure faltaz eta gure nahi eskasa delakotz.

119 Nahi izan dauku ere Jesusek irakutsi zoin gauza izigarria den bekatua. Kurutzean da ikusten, egiazki, bekatuaren itsuskeria. Bai; iduri du, Jesusen gorphutz sakratua estaltzen duten mila zaurietarik, oihu handi bat ilkitzen dela, erraiten daukuna: Bekatorea! ez othe duk bada orai ikusiko zer den, hain arinki, hain errexki egiten dukan bekatu hori? Hire gatik, hire hutsak direlakotz nagok, ene Aitaren madarizionearen pean lehertua (Christus nos redemit de maledicto legis, factus pro nobis maledictum. (Ad Gal. III, 13).). Zer da beraz bekatua!

Bainan, zer den ere gure arima! Zer den haren balioa Jainkoaren begietan, prezio hortaz erosia izaiteko!

Lur huntako gauza ez deusetan hondatuak bizi gare, eta ez dakigu arimaren balioa prezatzen. Bainan, zer argia heldu zaikun kurutzearen gainetik! Oi, ene arima! altxa zaite mundu huntako gauza, iduriz baliosenak direnak baino gorago; igan zaite Kalbariorat; kontsidera zazu Jainkoaren Semea, ikus haren odola kurutzea behera jautsiz, Kalbarioko lurra gorritzen: horra, horra zenbat balio duzun (Erige te anima... tanti vales. (D. Aug. in Ps. 102, n.o 6).). Gu erosteko, gu beretzeko, ez du Jainko-Gizon batek uste izan sobera egin, bere burua hartaraino sakrifikatuz.

Orhoit gaitezen beraz, ez garela gure buruen nausiak. Bi aldiz Jainkoarenak gare: hartaz kreatuak eta eginak, hartaz ere erosiak (Non estis vestri. (S. Paul Y, ad Corinth. VI, 19).). Prezio handi bat pagatuak izan gare (Pretio empti estis. (S. Paul Y, ad Cor. VII, 23).).

Beraz, Jesu-Kristoren gauzak, haren zerbitzariak gare, bere odolaz erosi gaituenaz geroztik. Bainan Jesu-Kristoren zerbitzari izaitea ez da dorphe, eta ez da aphaltzea; errege izaitea da, partalier zeruko haren primantzan .

120 Bertze erakaspen bat oraino badakarkate Jesu-Kristoren kurutzeak eta heriotzeak, eta hau da: pairatzean, penen jasaitean, bere buruaren bentzutzean direla, bertutea eta zeruko bidea.

Ez dugu ahantzi behar Adameren bekatuaz geroz, ez garela hastapenetik Jainkoak eman gintuen estatu berean aurkitzen. Adameren bekatuarekin, sarthu dire gure arrazan, arimako eta gorphutzeko gaitz guziak; izpirituko ilhunbeak, pasionen gudu trixteak, eta askotan, ahalkagarriak, horra arimarentzat; gorphutzarentzat aldiz, lan dorphe eta nekatua, pobrezia bere segidekin, eritasunak, sofrikarioak eta guzien gainetik, heriotzea.

Lurreko parabisuan, inozentzian, Jainkoaren amodioan, bihotzeko bake osoan, behar ginduen bilhatu eta ardietsi bethiereko zoriona. Bekatuaz geroz, guduan, gerlan eta penetan behar dugu nekerekin merezitu eta irabazi: Violenti rapiunt illud. Jesusen amodioaren seinale handienetarik bat izan da, berak nahi izan baidauku lehenik, bidea erakutsi, kurutze dorphea garraiatuz eta haren gainean hilez.

Gure naturaleza herbailak erraiten badauku, guti onhesten duela Jesu-Kristoren hitz hau: «Norbeit nahi bada niri jarraiki, ukho egin dezala bere buruari, har dezala bere kurutzea, eta niri segi dadiela» (Si quis vult post me venire, abneget semetipsum et tollat crucem suam, et sequatur me. (S. Matth. XVI, 24). ) ez othe da, hitz garratz hori erraiten daukuna bera, bere kurutzearekin, bera gure aintzinean eta gure gidari ibili izan nahi dena?

121 Sofritu gabe, ez daiteke bertuterik, ez daiteke merezimendurik. Errex zena, Adamek bekatu egin aintzinean, orai dorphe bilhakatu zaiku. Gure jaidurak bekaturako itzuliak dire. Hekien kontra bortxatu behar gare, urean, gaiaren kontra igeriz dohan gizon batek bezala.

Eta bertzalde, osoki alferrak litezke gure entseiu eta harat hunatak, sofrikarioari ihes egin nahi bagindu ere; nahi edo ez, behar dugu, eta beharko dugu bethi sofritu. Gure biziaren legea sofritzea eta guduan izaitea da (Militia est vita hominis super terram. (Job. VII, 1).). Bizitzeko ditugun beharrek; gorphutzeko errenkura eta eritasunek; bihotzeko nahi gabeek; familietako desgraziek; adixkideen traidorekeriek; etsaien asperkundeek; hitz batez, mila eta mila gaitzek hersten eta inguratzen gaituzte, burdinazko presondegi batek bezala. Ez dugu zer egin, presondegi hortarik ilkitzeko. Alferretan gure indarrak higa gintzazke.

Zer egin beraz? Bihotz handi eta kuraiaz bethe batekin, itzul begiak Kalbarioko bitima handia ganat; ahuspez eman kurutzearen oinetan; ikus, Jesus gure Nausiak eta gidariak sofritu nahi izan duela, zeruko erresuman sarthu baino lehen.

Horrela eginez, eta bereziki Jesusen urratseri jarraikiz, ez bada amodioz, bederen pazientziarekin, bozkario eta fidantzia handirekin orhoituko gare Apostoluaren hitz huntaz: Si compatimur et conglorificabimur: Sofritzen badugu harekin, harekin ere izanen gare glorian.


HEMERETZI-GARREN KAPITULUA

Maria Kurutzearen oinetan. Eba Berria, lehen Ebaren hutsa erreparatzen duena

122 Jesusen pasioneaz, kurutzeaz eta heriotzeaz mintzatzean, nola ahantz dezakegu Maria, haren Ama Saindua? Maria hain hertxiki Jesusen pasionearekin bat egin duena, hain hertxiki ere eta handizki partalier izan dena Jesusekin, munduaren salbamenduzko obra miresgarrian.

Lehen gizonak eta lehen emazteak, izan zituzten bakotxak bere hobenak gizonaren galtzean. Jainkoaren xedetan sartzen zen, gizona eta emaztea elgarrekin izan zitezen orobat, Salbamenduzko mixterioan. Noiz eta ere beraz ethorriko baita urrikalmenduzko eta Salbamenduzko orena, Jainkoak nahiko du, izan ditezen, Adame berri bat et Eba berri bat, gizonen salbatzeko eta lezetik kanporatzeko.

Zer egin duen hortarakotz, Jesu-Kristo, Adame berri eta sainduak, goraxago ikusi dugu. Dezagun orai erran, zer egin duen Eba berriak edo Mariak, lehen Ebaren hutsa erreparatzea gatik.

Mariaren partaliertasuna ez zen segurki baitezpada beharra, munduaren salbatzeko.

Bainan, nahi izan du Jainkoak, gizonaren erorikoan, bere parte deithoragarria emazteak izan zuen bezala, izan zezan halaber, gizonaren erostean, bere parte salbamenduzkoa, eta horrela, emaztea ere izan zadien Mariarekin altxatua, eta bere ohorezko herrunkan berriz ezarria.

Zoin diren ederrak eta miresgarriak Jainkoaren xede eta egintza guziak!

Haste hastetik, eta lurreko parabisuan berean, Jainkoak Maria agindu zaukun. Eta gero, ilhunbe beltzen erdian, mendez-mende, Mariaren esperantza, izar ezti baten pare, distiarazi izan du, Israelgo populuaren eta bertze jendetzen bereen artean.

Ungi agertzen zaiku hemen Jainkoaren urrikalmendua. Heriotzearen legea bezain zaharra da salbamenduaren agintzazko hitza. Jainkoak kondenatu gaitu, egia da, justiziak horrela galdegiten zuelakotz. Bainan, denbora berean ere, sugeari erran zioen: Emazte batek lehertuko dauk burua. Eta emazte edo Eba berri horren orhoitzapena ez da behinere ezeztatu ez ilhundu. Ardura, hartaz Profetak mintzo zaizkigu.

Israelgo populuaren ixtorio guzia, Mariaren orhoitzapenaz bethea da. Hemen, Debora eta Judith Jainkoaren populuaren etsaien bentzutzaileak; hortxe, Esther bere anaiak salbatzen dituena. Eta, bertze zenbat itxura ezti eta kontsolagarri, Mariaren orhoitzapena eta esperantza bethi bizirik atxikitzeko! Hura da, goizeko alba eztia, iguzkiaren aintzinean heldu dena; lore edo lili ederra, arantzen eta elhorrien artean distiatzen duena; hura, Dabiden Dorrea, etsaien harmada guzien kontrako ihets leku segura, eta bertze hainitz holako, Testamentu Zaharreko liburuetan, klarki, agerian, Maria aintzinetik itxuratzen eta agintzen dutenak!

123 Bainan, gohazen kurutzearen oinetarat. Han zaiku egiazki eta bereziki agertuko Mariaren biziko mixterio eder eta handi hori.

Lurreko lehen baratze dohatsuan, arbola bat bazen, ekhartzen zuena mundua galdu duen frutua; bada ere Kalbarioko mendian, arbola saindu bat, mundua salbatu behar duen frutua dakarkena: Jesu-Kristo kurutzeari itzatua. Lehen baratze dohatsuan, Ebak hartu zuen eta jan frutu galkorra, eta eman Adameri; Kalbarioan, Mariak Jainko Aitari ofreitzen dio, eta munduari emaiten, bere erraietan garraiatu duen frutu saindu eta salbagarria. Ebaz erortzea, Mariaz altxatzea; Ebaz bekatua, Mariaz eta haren Semeaz barkamendua; Adamez eta Ebaz Jainkoaren justizia hasarretua, Jesusez eta Mariaz aphazegatua.

Zoin ederki mintzo zaizkigun Elizako Aitak, Erospeneko mixterio handian Mariak izan duen parteaz! Huna lehenik S. Krisostomo: «Ebak galdu zuena, Mariaz kobratua izan da» (Restauratur per Mariam quod per Evam perierat. (S. Chrys.).). S. Agustinek dio: «Bada hemen mixterio handi bat: hala nola, herioa sarthu baita munduan, emaztearen medioz, gisa berean ethorriko zaiku bizia, emazte baten medioz». Eta dio oraino Elizako Aita berak: «Emazte batez heriotzea, emazte batez bizia; Ebaz galduak, Mariaz salbatuak» (Per faeminam mors, per faeminam vita; per Evam interitus, per Mariam salus. (S. Aug. De symb. ad Catech. Serm. III, C. 4).). Entzun dezagun ere S. Anselmo: «Gizon baten obedientzia eskasaz, heriotzea munduan sarthu zen bezala, behar zen, gizon baten obedientziaz, bizia ere sarthu; gure galtzearen lehen hastapena emazte bat izan zen bezala, emazte batetik behar zen ere sarthu salbamenduaren emailea» (Oportebat, ut quedmadmodum, quod fuit causa nostrae damnationis, initium habuit a faemina, sic nostrae justitiae et salutis auctor nasceretur de faemina. (S. Ans. Cur Deus homo, C. III).).

124 Elizako Aiten erakaspen eder hori, Kalbarioko mendian zaiku bereziki bere egia osoan agertzen.

Bainan, nork erran dezake, zoin garratza eta doloragarria izan zen Mariarentzat, gure erospeneko obran, kurutzearen oinetan hartu zuen karga! Ez dezake nihork, urrundik ere asma Mariak zuen amodioa Jesusentzat. Maite zuen Jesus bere Jainko eta bere Seme bezala, erran nahi baita, bihotz osoki samur, garbi eta saindu hartan, aurkitzen zirela, denbora berean, eta elgar sustatzen zutelarik, izan ditezken bi amodio handienak: Ama hoberenaren amodioa Seme perfetenarentzat, eta bihotz sainduenaren eta perfetenaren amodioa bere Jainkoarentzat. Bada, maite dena gatik jasaiten diren sofrikarioak, amodioaren izari eta neurri berean dire. Zerbeit hortik juiatzen ahal dugu Mariaren sofrikarioen gainean, Jesus kurutzean hiltzen zelarik.

Eta hemen gehienik miretsi behar duguna, eta gure amodioa Mariaren alderat gehienik hazkartuko duena, hau da: Mariak ez duela martirio izigarri hori jasaiten, bortxaz eta bere gogoaren kontra, eta ezin bertzean. Ez, ez; gogo onez, amodioz egiten du bere Seme Dibinoaren biziaren sakrifizioa: hainbertze gaitu maite, eta hain ungi Jainkoak ikusterat emaiten dio, Jesusen heriotzeaz behar garela izan erosiak. S. Anselmek erraiten du gauza espantagarri hau: Jainkoaren xedekin eta nahiarekin, eta denbora berean, Semearen obedientzia osoarekin, hanbatetaraino bat egiten zuela Mariak, non, haren eskuen laguntza behar izan bazen, gu salbatzea gatik, Jesusen hiltzeko, laguntza hura emanen baitzuen.

Santa Mextildek erraiten du, Mariak bere Semearen sakrifizioa ofreitu duela ez xoilki kuraiarekin, Abrahame bere semea ofreitzera zohan bezala, bainan oraino bozkario batekin bezala, gu salbatzea gatik (Gaudens Filium suum pro mundi salute voluit immolari. (S. Mextild.).).

Oi! nola beraz maite izan gaituen Mariak kurutzearen oinetan! Ama zen, Seme maitagarrienaren Ama, eta guretzat eman izan du.

Errana da ama bat ez zaitekela kontsola bere semea galdurik. Haren penak eztitu nahiz, kondatu zion norbeitek, Abrahameri Jainkoak manatu ziola Isaak bere seme bakarra sakrifika zezon. Ai! ihardetsi zuen ama harek, ez zuen sekulan Jainkoak ama bati gauza hori galdeginen.

Bada, gauza hori, Jainkoak galdegin du Maria Jesusen Amari, eta Mariak onhartu du.


HOGOI-GARREN KAPITULUA

Maria Kurutzearen oinetan. — Gure Ama

125 Trinitate Sainduko bi-garren presuna gizon egin zen, eta, gizon bezala, kurutzearen gainean hil izan da, naturalezaz goragoko bizi bat gizonari emaiteko.

Bada, izanen du Mariak, mixterio huntan ere, bere obra ederra egiteko. Jesu-Kristo, Adame berria denak emaiten dauku, zeruko primantza berekin dakarken bizi berri hori, Adame lehenetik gorphutzeko bizia dugun bezala.

Kreazione eta sortze berri hortan, Maria gure Ama izanen da, kurutzearen oinetan. Ikusi dugu jadanik, zer bihotz on eta jenerosarekin partalier izan den Jesusen martirioan. Bada, martirio bat balinbada amatasuna, nor da, buru hortarik, Maria bezinbat ama izan denik? Bere ariman, bere bihotzean jasan izan ditu bere Seme Dibinoaren oinaze guziak; ez da Jesusen oinazetarik bat, Mariaren bihotzean bere oiartzun doloragarria izan ez duenik.

Bai, Mariak sofritzen zuen guretzat Jesusekin; eta, Jainkoaren begiez xoilki neurtua izan ahal ziteken martirio hortan, Jesusekin bizi berri bat eman zaukun (Erat magno dolore parturiens.).

Bazuen Adamek lagun bat, arimako heriotzea eman daukun bekatuzko mixterioan; badu ere Jesu-Kristok lagun bat, graziaren bizia emaiten daukun mixterioan. Populu berri bat, populu saindu bat sortzen da, ez xoilki Aitaren amodiotik eta Semearen sofrikarioetarik, bainan ere Amaren amodiotik eta sofrikarioetarik. Populu dohatsu horrek badu, Maria baitan, egiazko Ama bat, bainan biziarentzat; aintzineko populuak, Adameren obedientzia eskasetik eta Ebaren urgulutik sorthu izan zenak, izan zuen bezala Ama bat Eba baitan, bainan Ama bat heriotzearentzat (Ventura). Jesusen ondotik, Mariari esker dugu beraz izaiten gure bizi berria, naturalezaz goragoko bizia. Kalbarioko mendian, Jesusek bere thonba aurkitzen duen tokian, guk aurkitu dugu bizia; hura hiltzen da, gu egiazki sortzen gare.

Zoin eztia eta kontsolagarria den gure arimentzat amodiozko mixterio hori! Zer fidantzia behar daukun eman Maria baitan! Bainan ez da aski. Dudarik gelditzen balitz oraino gure izpirituetan, gorago erakatsi dugun dotrinaren gainean, Jesusen hitzak osoki kenduko dauzkigu.

Jesus kurutzeari itzatua da. Egin dio bere Aitari biziaren ofrenda, Adameren bekatuaren erreparazionetan, eta munduaren salbamendukotzat.

Jesusen kurutzearen oinetan da Maria, haren Ama osoki saindua, xutik, STABAT. Harek ere, bere bihotz doloratuan, Semearen ofrenda bera egiten du Jainkoaren justiziari. Han da ere Mariaren aldean, Jaun Doni Joanes Apostolua.

Azken hatsa aurtiki aintzinean, Mariaren alderat itzultzen ditu Jesusek begiak, eta erraiten dio Joanesez mintzo delarik: «Emaztea, horra zure semea» (... Dicit matri suae: Mulier, ecce filius tuus. (Joan. C. XIX, 26).). Erraiten du gero dizipuluari: «Horra zure ama. Eta ordu beretik hartu zuen dizipuluak Maria bere amatzat» (Deinde dicit discipulo: Ecce mater tua. Et ex illa hora accepit eam discipulus in sua. (Joan. C. XIX, 27).).

126 EMAZTEA, dio erraiten Jesusek Mariari; ez du gehiago bere AMA deitzen. Iduri du itzaltzen den dela bera, oren hartan, Mariaren Seme bezala; iduri du, nahi duela, ahantz dezan Mariak haren Seme osoki maitea dela, eta garraia dezan gu guzien gainerat, harentzat duen amodio guzia. Erraiten balio bezala: Oi Emaztea! enetzat duzun amodioak jasan-arazten dautzu ezin erranezko dolore bat; enetzat duzun amodio handi, soberano hori, zure bihotz guzia, zure arima guzia bethetzen duen amodio hori, nahi dut eta galdegiten dautzut, garraia dezazun ene Elizaren eta niri jarraikiko direnen gainerat. Hemen dire guziak Joanesen presunan. Ene orde emaiten dauzkitzut guziak; maita zatzu ni maite nauzun amodio beraz.

Oi! hitz eztiak guretzat! Oi amodiozko testamentu adoragarria! Maria Amatzat emaiten zaukuten hitz horiek erraitearekin, ideki zuen Salbatzaileak bere Bihotz amodioz suhartua; handik amodioaren su bat bezala ilki zen, eta jautsi Mariaren gainerat; inguratu bezala zuen, eta hobeki erraiteko, ezin erranezko indar batekin sarthu zen Mariaren bihotzean, ariman eta izaite guzian. Ordutik, bere amodioan, ez da gutaz bezik ohartzen; berritz ere eta mila aldiz jeneroskiago, egiten du guretzat bere Seme Dibinoaren biziaren ofrenda. Ikusiz, Jesusen heriotzeaz behar garela izan salbatuak, bere dolorea zehatzen du, eta nahi luke hil Jesusekin, bere haurtzat onhartu dituenen Salbamenduarentzat (Flagrabat beata virgo charitate, ut cum prole pro humani generis salute vitam profunderet.).

O Jesus! eskerrak dauzkitzugu dohain berezi eta miresgarri horrentzat. Gure Ama zen jadanik Maria, guretzat kurutzearen oinetan jasan zituen sofrikarioez. Bainan oraitik doblezka da gure ama, zure nahiaz eta zure manuz.

Hortan da, Maria baitan izan behar dugun fidantzia handiaren zimendua.

Jesusen Ama delakotz, Mariak badu bere Semearen bihotzean mugarririk gabeko bothere bat. Ez daiteke bertzela. Mariaren nahi guziak manuak dire Jesusentzat. Seme on batek entzuten eta ohartzen ditu bere amaren galde zuzen guziak. Bada, ez dezake Mariak deus bilha, baizen Jainkoaren gloria eta gure arimen ona. Horra zertako, Elizako Aitek erraiten duten, Mariak egin dezakela bere othoitzaren bothereaz, Jainkoak bere Jainkozko bothereaz egiten ahal duen guzia (Quod Deus imperio, tu, Virgo, prece potes.).

127 Eta bothere izari gabeko hori, guretzat eta gure onarentzat dagoka. Ezen gure Ama da, eta ama guzietan hoberena eta amultsuena. Aski garrazki erosi du kurutzearen oinetan gure Ama izaitea.

Gure Ama da Maria! oi pentsamendu ezti eta gure bihotza gozo eta bake handi batean eman behar duena! Gure Ama da! Eta guretzat egin duenaz geroz bere Seme bakarraren sakrifizioa, zer ez du egin nahiko, hainbertze gosta zaizkon haurren salbamenduarentzat ?

Eta orai, ez da gehiago kurutzearen oinetan. Akabatuak dire haren penak. Ez zaio gelditzen bere penetarik, gure alderat hartu duen amatasunaren orhoitzapena baizen.

Erran dezagun kapitulu hau akabatzean. Jesus, gure Salbatzailea kurutzean hil da guretzat; Maria, kurutzearen oinetan egin da gure ama eta gure arartekoa. Zer bozkario eta zer fidantzia gure arimentzat!

«O gizona, dut erranen S. Bernatekin, beldur hintzen Jainko Aita ganat hurbiltzeko? Haren boza entzutearekin, ikharaz joa, oihanean estali hintzen: Jesus eman dauk arartekotzat. Horrelako Aita baten aintzinean, zoin indartsua den horrelako Seme bat! Beldur izanen othe haiz ere haren ganat joaiteko? Hire anaia duk, hire idurikoa, hire flakeza guziak jasan nahi izan dituena, salbo bekatua... Bainan menturaz, anaia horren aintzinean ere beldurtzen haiz, zeren nahiz gizon den, Jainko baita ere. Nahi duk ararteko bat haren aintzinean? Hoa Mariaren ganat... Semeak onhartuko dik Amaren othoitza, eta Aitak Semearena» (S. Bern. in Nativ. B.M.V.)


HOGOI ETA BAT-GARREN KAPITULUA

Jesusen Phiztea

128 Jesu-Kristo, ez gizonen bothereaz, bainan berak hala nahi zuelakotz, hil zen kurutzearen gainean, erran nahi da, haren arima gorphutzetik berexi zela. Jainko bezala ez zaiteken hil; hil zen xoilki gizon bezala. Jainkotasuna, hargatik, heriotzea ondoan ere, bethi izan zen bai Jesu-Kristoren arimarekin, bai haren gorphutzarekin.

Ebanjelio Sainduan irakurtzen dugu, Josepe Arimathekoa, aberatsa eta aiphatua Juduen artean, gizon zuzena eta justua, joan zela Pilatusen ganat; eta Pilatusen baiarekin, eman zuen Jesusen gorphutza, baltsamatu ondoan, nihor oraino ehortzia izan ez zen harrizko thonba batean.

Jautsi zen haren arima Saindua ifernuetarat; ez, aingeru gaixtoen eta arima damnatuen ifernurat, bainan linboetarat. Han ziren, Jesus lurrerat ethorri, eta kurutzearen gainean mundua salbatu aintzinean hil ziren justuen arimak. Adameren bekatuaz geroz, ez ziteken nihor sar zeruan. Salbatzaleari zitzaion, zeruko athearen idekitzea, eta bera han lehenik sartzea. Ethorri aintzinean Erospeneko orena, justuen arimek Jesusen arima igurikitzen zuten linboetan; ez zeruan, Jainkoa ikusiz eta hartaz gozatuz; bainan bakean, oinazerik gabe, eta Salbatzailearen esperantzak emaiten zioten gozo ezti batean.

Zer bozkarioa Adame eta Ebarentzat, eta Abrahame, Isaak, Jakobe, Dabide, eta bertze hainbertzeentzat Jesusen arima leku hetarat jautsi zenean! Ordutik, linboak, Parabisu bat bezala bilhakatu ziren; ezen, dio S. Krisostomek, non eta ere baita Jesu-Kristo, han da zerua (Nam ubi Christus, ibi coelum. (D. Chrus. 2 n. 32).).

Eta, denbora hartan, zer hari ziren Jesusen etsaiak? Dudarik gabe bere bitoria madarikatuaz gozatzen? Ez; Jesusen orhoitzapenak berak ikharatzen zituen oraino. Badohazi Pilatusen ganat eta erraiten diote: Jauna, orhoitzen gare, bizi zelarik oraino, gizon gezurti horrek erran duela: Phiztuko naiz, hil eta hirur garren egunean. Mana zazu beraz haren thonba zaindua izan dadien hirur-garren eguneraino, ez dezaten dizipuluek, gorphutza handik altxa, eta gero erran populuari: Phiztu da hilen artetik. Erran zioten Pilatusek: Baditutzue begiratzaileak; zohazte eta egin zazue, zaitzuen bezala. Joan ziren beraz; thonba estaltzen zuen harrian eman zuten zigilua, eta soldadu begiratzaileak ezarri haren inguruan.

Bainan, bere herrak eta beldurrak egin arazten diozkaten urrats horiek guziak, alfer eta debalde izanen dire. Hobeki erraiteko, argi handiagoan emanen dute, Jesusen phiztearen mirakuilu gloriosa eta Jainkozkoa.

129 Soldadu Erromanoak ezarriak izan ziren beraz Jesusen thonbaren zaintzeko.

Bainan, huna non lur ikhara bat gertatzen den hirur-garren egunean; Jainkoaren Aingeru bat jausten da zerutik; bazterrerat emaiten du thonba hesten duen harria, eta jartzen da haren gainean. Haren arphegiak, dio Ebanjelistak, ximistaren pare distiatzen du, eta haren jauntziak elhurra bezin xuri dire. Hura ikustearekin, soldadu zaintzaileak hainbertzetarainoko ikharan eman ziren, non, hilak bezala erori baitziren ahuspez lurrerat. Jesus phiztua zen.

Bere indar xoilez, Jesus hiletarik phiztea da, gure sinhestearen eta Erlijionearen zimendu hazkarrena. «Ez bada Jesu-Kristo phiztu, zioen Jaun Doni Paulo Apostoluak Korinthianoeri, alferrak dire gure predikuak, eta ez deusa da zuen fedea» (Si autem Christus non resurrexit, inanis est ego praedicatio nostra, inanis est et fides vestra. (Prima Paul. ad Corint., XV, 14).). Hortakotz erraiten zuen S. Agustinek: «Ez da gauza handi bat, Jesu-Kristo hil izan dela sinhestea; Juduek, Paganoek, bekatoreek, guziek orobat sinhesten dute hil izan dela. Bainan, giristinoen sinhestea da, Jesu-Kristo phiztu izan dela. Eta hori da gauza handia, gure begietan» (S. August. in Ps. CXX.).

Erlijione Sainduaren etsaiek nahi izan dute mixterio espantagarri hori ukhatu; konprenitzen dugu errexki.

Bere indar xoilez hiletarik phiztea, hori da, dudarik gabe, Jainkozko obra bat: eta beraz, Jesu-Kristo phiztu bada, egiazki Jainko da.

Jainko bada, harek establitu dituen Erlijionea eta Eliza Jainkozkoak dire. Hor ez da duda biderik.

Froga dezagun beraz, egiazki Jesus phiztu dela.

130 Hil baino hainitz egun aintzinetik, eta behin baino gehiagotan, Jesus mintzatu izan zen bere phizteaz, bai bere adixkideri, bai etsaieri.

Erran zioten bere dizipulueri: «Bagohaz Jerusalemerat, eta han izanen naiz azotatua eta kurutzean emana, eta gero, hirur-garren egunean, phiztuko naiz » (Matth. XX; Marc; Luc.) .

Bertze egun batean, nola Eskribanoek eta Farisauek mirakuilu bat galdegiten baitzioten, ihardetsi zuen: Izanen duzue Jonasen mirakuilua; hura bezala, Gizonaren Semea egonen da lurraren pean hirur egunez eta hirur gauez (Sicut enim fuit Jonas in ventre ceti tribus diebus et tribus noctibus: sic erit Filius hominis in corde terrae, tribus diebus et tribus noctibus. (Matth. XII, 40).). Abisatuak ziren beraz aintzinetik, bai adixkideak, bai eta ere etsaiak.

Jainko bada egiazki Jesu-Kristo, ez bada enganatzaile bat, phiztu behar da. Hori zor dio hoin klarki eman duen hitzari. Bainan hori izanen da ere haren mirakuiluetarik handiena, eta haren Jainkotasunari azken zigilua emanen dioena.

Dezagun beraz ikus. Juduek, erran dugun bezala, eman zituzten artha handirekin soldaduak Jesu-Kristoren thonbaren inguruetan, haren zaintzeko. Horiek guziak gatik, hirur-garren egunean, ez da gehiago Jesus thonban aurkitzen. Eta harat joan zirenean emazte Sainduak, Aingeru batek erran zioten: «Ez zaiztela beldur izan, Jesus Nazarethekoa bilhatzen duzue? Ez da hemen... Phiztu da, berak erran zuen bezala. Zohazte berri horren emaiterat Petriri eta dizipulueri».

Jesus thonban emana izan zela, ez da hortan dudarik; guziek bazakiten. Soldadu Erromanoak han ziren. Hirur-garren egunean, ez da gehiago Jesus Thonban. Zer erran gauza ageri hoikieri kontra egiteko?

Erranen daukute, Jesusen gorphutza, gauaz Apostoluek ilki zutela thonbatik, eta berekin eraman, nihor ohartu izan gabe. Zer zorokeria! Zer! Apostolu hek, hain beldurtiak non, Jesusen Pasioneko orenean, guziak ihesari eman baiziren; Apostolu hek, zoinen artean iduriz guzietarik kuraiosenak, Jaun Doni Petrik, Jesus arnegatu baitzuen, aski kuraia izan dutela, soldaduen gathea zilhaturik, Jesusen gorphutza altxatzeko? Ez zen hori lan ttipia; denbora hainitz galdeginen zuen; ezen, thonba harri bizian egina zen; estaltzen zuen gaineko harria dorphea zen eta zigilatua. Apostoluek egin dutela lan hori, eta ez direla soldaduak batere ohartu eta ez nihorat mugitu? Nork hori sinhets dezake ?

131 Gehiago dena; irakurtzen dugu S. Mattheoren Ebanjelioan, Jesus thonbatik ilki zen ondoan «han zagozin soldaduetarik zoinbeit joan zirela hirirat, eta erran ziotela Aphezen Buruzagieri zer gertatu zen». Bildu ziren Aphezen Buruzagiak elgar ganat, populuko Zaharrekin, eta kontseilu baltsan atxiki ondoan, soldadueri eman zioten dirua ausarki emaiten ziotelarik: kondatuko duzue, Jesusen dizipuluak ethorri direla gauaz, zuek lo zinetelarik, eta haren gorphutza eraman dutela (Matth. XXVIII, 11-14.). Eta hola hola egin zuten. Hartu zuten dirua soldaduek, eta erran zuten irakutsia izan zitzaioten bezala. Bainan gezurra, bere saretan hartua ardura gertatzen ohi da.

Soldaduak! lo bazinezten, nondik bada jakin ahal duzue, dizipuluek Jesusen gorphutza eraman dutela? Eta, ez bazineten loharkatuak, nola ez ditutzue dizipulu flako eta kuraia gabeko hek ihesari eman, edo hobeki, eskuetan atxiki, zuen atzartasunaren lekuko izan zitezen?

Bainan zertako bara holako zorokerietan?

Jesusen phiztearen bertze ageri bat oraino badugu. Jesus agertu zen bere dizipulueri; mintzatu zitzaioten; jan ere zuen heiekin. Erranen othe du norbeitek, Apostoluak amets batez enganatuak izan zirela, edo gu enganatu izan gaituztela?

Bi gauza horietarik, ez bat ez bertzea ez dago xutik.

Hain zen flakoa oraino Apostoluen fedea, non ez baitzuten Jesus phiztu zela sinhetsi nahi izan, berek bere begiez ikusi arteraino. Nork ez daki Thomas Apostoluaren ixtorioa? Alferretan, hamar Apostoluek eta Emazte Sainduek erraiten diote Jesus phiztu dela, bere begiez ikusi dutela; bere dudan oraino tematzen da. «Non ez dudan neronek ikusten, eta haren zauriak ene eskuez unkitzen, ez dut sinhetsiko». Horra nola mintzo den. Bainan, hastapenean Thomasek izan zuen sinheste eskasa bera gure alde doha. Jesus ikusi zuen. Haren zauriak unkitu zituen, eta Jesusen oinetan emaiten zelarik erran zion: «Oi ene Jauna eta ene Jainkoa! Dominus meus et Deus meus (S. Joan XX, 28.).

132 Ez dire Apostoluak enganatuak ahal izan, hori gauza segura da. Jesus phiztua ikusi zuten, harekin jan, eta bere eskuez unkitu.

Bainan, Jesusen phiztea erakustean, gu enganatu othe gaituzte bada Apostoluek?

Bainan zertako eta zer irabazientzat?

Izpiritu Saindua hekietarat Mendekoste egunean ethorri zenetik, Judueri erraiten hari ziren, zuzen guzien kontra Jesus hil zutela, phiztu zela, eta horrela irakustera eman zuela bere Jainkotasuna. Gezurra bazioten, zer irabazi izan zezaketen? Deus ere; ez Jainkoaren, ez gizonen ganik. Jainkoaren aintzinean, hobendun izanen ziren, gezurti gisa, eta oraino hobendunago, gizon bat Jainkotzat adorarazi nahiz. Ez zuten ere gizonen ganik gaitzik bezik igurikitzen ahal.

Eta zer gertatu zen ere? Apostoluak presondegietarat aurtikiak izan ziren, pertsekutatuak, oinaze guzietan emanak, azkenean ixuri zuten bere odola, munduko botheretsu guzien kontra egia hau sustengatzeko: Jesu-Kristo Jainko da; Juduek hil dute, berak hala nahi zuelarik gu salbatzea gatik; bainan hilen artetik phiztu da, bere Jainkotasunaren ageria emaiteko. Gure begiez ikusi dugu, eta gure eskuek unkitu dute phiztu den ondoan.

Non dire, non litezke gizonak bere bizia emaiten dutenak edo eman lezaketenak, gezurraren finkatzeko? Egiarentzat, bai, nahi dut; bainan gezurrarentzat? Errokerietan handiena liteke.

Beraz, lekukotasun segurenak badire, Jesu-Kristo phiztu dela. Beraz Jainko da; eta beraz, haren Erlijionea Jainkozkoa da.


HOGOI ETA BI-GARREN KAPITULUA

Jesusen zerurat Igaitea

133 Nasaiki bethe eta konplitu du Jesusek munduaren Erospeneko obra handia. Ordu da beraz eman dezon bere Gizontasun sainduari, hainbertze oinaze eta aphaltzeez merezitu duen gloria. «Zuzen da haren izena altxatua, ohoratua izan dadien, izen guziez gorago» (Deus exaltavit illum et donavit illi nomen quod est super omne nomen. (B. Paul ad Philipp. II, 9).).

Phiztu zen ondoan, Jesus lurraren gainean egon zen oraino berrogoi egunez. Ardura agertu zen bere Apostolueri; heiekin jan zuen. Nahi zituen gisa hortan ezeztatu, haren phiztearen eta Jainkotasunaren gainean oraino izan zitezken azken dudak. Nahi zituen ere gero eta gehiago argitu bere erakaspen Jainkozkoan. Establitua zuen bere Eliza, eta Jaun Doni Petriri eman zioen haren aintzindarikoa; eta azkenean erran zioten, joan zitezen munduaren bazter guzietarat haren Ebanjelioa predikatzera: «Zohazte, eta predika zazue ene Ebanjelioa gizon guzieri eta bathaia zatzue». Agindu zioten Izpiritu Saindua egorriko ziotela, eta hekiekin eta hekien ondokoekin izanen zela munduaren akabantzaraino. Eraman zituen gero berekin Bethaniarat eta Olibetako mendiaren gainerat.

Azken aldikotz altxatu zituen eskuak hekien buruen gainean, benedikatzen zituelarik, eta dizipuluek ikusi zuten altxatzen zela lurretik, eta airetan joaiten zeruetarat. Laster sarthu zen hedoi distiant batean, eta hekien begieri gorde. Zeruko alderat itzuliak zagozkaten oraino begiak, noiz eta ere bi Aingeru agertu bai zitzaizkoten, xuriz aphainduak, erran ziotenak: «Galileako gizonak, zer gatik zagozte horrela zeruari beha? Zeruetarat igaiten ikusi duzuen Jesus hori bera handik berritz jautsiko da» (Quumque intuerentur in coelum eumten illum, ecce duo viri adstiterunt juxta illos, in vestibus albis, qui et dixerunt: Viri Galilaei, quid statis adspicientes in coelum? Hic Jesus qui assumptus est a vobis in coelum sic veniet quemadmodum vidistis eum euntem in coelum. (Act. Apost. C. I, 10-11).).

Jesus igan zen zeruetarat gizon bezala, gorphutz eta arima, bainan ez daiteke erran Jainko bezala igan zela zeruetarat, nahiz Jesu-Kristo baitan, Jainkotasuna bethi Gizontasunarekin juntatua zagoen. Jainkotasunaz, ez zuen zerurat igaiterik, ez zuenaz gerotik behin ere zerua utzi. Hargatik Jainkotasunaren botherea agertu zuen zerurat igaiteko mixterioan.

134 Mendi saindutik jaustearekin, joan ziren Apostoluak Jerusalemeko hirirat, alde batetik bihotza ilhun bere Nausi Dibinoa galdurik, bainan ere, bertze alde batetik bozkarioz gaindituak. Sarthu ziren, azken afaria Jesusekin egin zuten etxe berean, han othoitzean eta mundutik urrunduak igurikitzeko, Jesusek zerurat igaitean agindu zioten Izpiritu Saindua.

Asko erakaspen salbagarri baditugu hartzeko Jesusen zerurat igaiteko mixterioan. Eta lehenik nahi izan dauku Jesusek eman mixterio hortan, bere Jainkotasunaren froga berri bat.

Phiztea bezala, zerurat bere bothere xoilaz igaitea, Jainkoak bakarrik egin dezaken gauza bat da.

Flakoa eta ephela zen oraino Apostoluen fedea, eta handizki kordokatua izan zen, Pasioneko oren ilhunetan. Ikusi zuten bere Nausia etsaien eskuetarat eroria; burlatua, aphaldua ezin gehiago, lurreko har baten iduriko bilhakatua. Egia da, geroago haren phiztea jakin izan zutela; bainan ez ziren, bere begiez, heriotzearen gainean eraman zuen garaitiaren lekuko izan.

Ikustearekin, Jesus bere bothere xoilaz, eta berak lekuko zirelarik, lurretik zerurat igaiten zela, zer itzal edo duda geldi zaiteken oraino hekien izpirituetan? «Bai, dio S. Agustinek: zerurat igaitean Jesusek irakutsi du egiazki Jainko dela» (In Ascensione vere se esse Deum testatus est. (S. August. Serm. 6 de Ascens.).).

Bertzalde, zer zen zuzenago, hanbat aphaldua izan ondoan, gizon bezala, izan zadien ere orobat gizon bezala, guziez gorago altxatua? Hanbat sofritu zuen gorphutz hura izan zadien glorifikatua? Aphaldu da, dio Apostoluak, eta horra zertako Jainkoak altxatu duen (Propter quod et Deus exaltavit illum. (Philipp. II, 9).).

Bainan huna zerk behar dituen gure bihotzak goiti altxatu, bozkarioz eta kontsolazionez bethe. Jesus zerurat badoha, han guri toki baten egiteko. Beraren hitza da (Vado vobis parare locum. (Joan. XIV, 28).). On da Zuentzat, Apostolueri zioten erran, bai, egiazki on da, joan nadien. (Expedit vobis ut ego vadam. (Joan. XVI, 7).) Agindu duen bezala, zerutik egorriko du Izpiritu Saindua, mundua erreberrituko duen Izpiritua. Zeruan, bethi izanen da ere gure ararteko bere Aitaren aintzinean (Semper vivens ad interpellandum pro nobis. (S. Pauli ad Hebr. VII, 25).).

Eta zoin indartsua eta botheretsua haren arartekotasuna! Zenbat nahi handia eta garratza izan dadien Aitaren justizia, zer galde dezake gehiago, Jesus bere aintzinean emaiten zaionean, Kurutzea eskuan, bere oin eta esku zilhatuekin, burua arantzez koroatua, eta gorphutz guzia guretzat sarraskitan emana?

Hargatik ez dezagun utz gure bihotza esperantza faltso batez hanpatzera. Guri tokiaren egitera joan bada Jesus zerurat, gure arartekoa balinbada, orhoit gaitezen ere, ez garela harekin altxatuak izanen, non ez garen lehenik harekin aphaltzen, non ez dugun harekin sofritzen: Si compatimur et conglorificabimur.

Jesusek behar izan du aphaldu, pairatu, zeruko glorian sartzeko (Nonne haec oportuit pati Christum, et ita intrare in gloriam suam? (Luc. XXIV, 26).).

Bide bat bezik ez da zerurat heltzeko. Hura da Jesusek irakutsi daukuna: umiltasuna, obedientzia, bere buruaren zapatzea: hitz batez, Jesusen segidan kurutzea garraiatzea.


HOGOI ETA HIRUR-GARREN KAPITULUA

Zertako sinhesten ditugun azkeneko kapituluetan erakutsiak diren egiak. — Arima errebelatu, bainan zuzen baten ixtorioa, ardura gertatzen dena.

135 Liburu hunen egiten hari nintzen; doi-doia akabatuak nintuen Jesusen sortzeaz, heriotzeaz, phizteaz, zerurat igaiteaz mintzo diren kapituluak, ikustera ethorri zitzaitanean aspaldiko adixkide zahar bat.

Giristino legean altxatua izana zen. Haur-haurretik bere aita-ama onekin ikasi zuen, gizon guzien eginbide handi, erran daiteke bakarra, bertze guziak hortan sartzen direlakotz, hauxe dela: Jainkoa ezagutuz, maitatuz eta zerbitzatuz, bethi-ereko bizia ardiestea.

Bainan, harat hunat asko ibili zituen geroztik. Ez zuen Jainkoaren baitako sinhestea osoki galdu; ez zituen bere haurtasuneko eta lehen gaztetasuneko erakaspenak osoki arbuiatu eta ahantzi, ez; bainan zenbat zen haren fedea flakatua eta ilhundua! Duda tzar hainitz, Erlijioneko gauzen gainean, sarthu ziren haren izpirituan; Erlijioneaz burlatzen ziren asko liburu eta gazeta tzar irakurri zituen aspaldiko urthetan.

Atsegin eta amodio handirekin ikusi ginduen elgar; gure bihotzek ez zuten elgar behinere ahantzi. Haren harat hunatak, bozkariozkoak trixteziazkoak bezala entzun ondoan, ezen gizon guzien bizia horietaz egina da, erran nion ni ere ene aldetik zer hari nintzen, ene ustez Jainkoaren gloriarentzat eta arimen onarentzat; irakurri nihozkan, zuek Eskualdun maiteak, irakurri ditutzuen azkeneko kapitulu hauk.

Sumindu zitzaidan; nik, ene aldetik ez nuen amor eman nahi, Erlijioneko egien gainean, eta huna nola bat eta bertzea mintzatu izan ginen:

Harek

Bainan, ene adixkide zahar eta jaun maitea, gauza espantagarriak kondatzen ditutzu zure liburu hortan. Hoikien sinhesteko, gure adimenduari ukho egin behar ginduke. Hil bat, bere indar xoilez, thonbatik ilki dela, eta gero, zeruetarat altxatu; Izpiritu Saindua, geroago erran gogo duzun bezala, suzko mihi batzuen itxuran, Apostoluetarat jautsi dela, nork gauza horiek sinhets detzazke? Ez duzu zeren hori ni ganik iguriki.

Nik

136 Horietan guzietan ez da deus Jainkoaren bothereaz gorago denik, eta beraz, gure adimenduaz onhetsia izan ez daitekenik.

Zerua eta lurra egin dituenak, gizonari bizia eman dionak, ez da dudarik, gorphutz hil bati berriz ere bizia eman dezakela, eta gorphutz hura zeruetarat altxaraz. Bada, horiek gertatu dire Jesu-Kristo Jainko-Gizona baitan. Jesu-Kristo ez da xoilki gizon bat, bainan Jainkotzat ere dagokagu.

Harek

Egiazki Jesu-Kristo Jainko bada, ez dut deus erraiteko. Bainan, Jainko dela, nola frogatzen ahal duzu?

Nik

Frogatzen dautzut, bertze deus bilhatu gabe, zuk dudan emaiten ditutzun gauza horietaz berez; Jesu-Kristok egin dituen mirakuiluez, eta guzien gainetik, haren phizteaz eta zerurat igaiteaz. Aithortuko duzu horiek direla gauza batzuek, Jainko batek bakarrik egin detzazkenak.

Harek

Ez da hori ihardestea eta duda ber-beretan uzten nauzu. Gauza horiek gertatu balire egiazki, sinhets nezake, Jesus Jainko dela. Bainan gertatu direla, nork eta zerk emaiten daut segurantza?

Nik

Nork eta zerk? Bainan, Apostoluek eta hekien lekukotasunak.

Harek

Apostoluek? Nola nahi duzu hekien lekukotasuna onhar dezadan, bere fagoretan mintzo direnaz geroz?

Nik

Bere fagoretan mintzo direla, hori erraitea errexago da frogatzea baino. Zer nahi den, eta ez da hau gauza ttipia, Apostoluek heriotzea jasan izan dute, bere hitza sustengatzea gatik.

Zer abantail eta irabazi eder aurkitzen duzu gauza hortan?

Bainan gohazen emeki eta urratsez urrats. Apostolualk lekuko batzuek dire. Bada Apostoluen lekukotasuna gaitzesteko edo ukhatzeko erran behar laiteke, edo apostoluak berak enganatu izan direla, edo, nahi izan gaituztela enganatu.

Segitzen nauzu ene arrazoinamenduan? Ez othe da hola, bat edo bertzea?

Harek

137 Ungi segitzen zaitut, eta orai arte zure arrazoinamendua zuzena da.

Nik

Ungi da; uste dut ikustera eman, ezin ukhatuzko moldean: lehenik, Apostoluak ez direla berak enganatu, erraiten gaituzten gauzen gainean; bi-garrenekorik, ez gaituztela nahi izan enganatu; hirur-garrenekorik, nahi izan balute ere, ez zirela hortarat heldu ahalko.

Harek

Ikusten dut, hurbildik herxatzen nauzula; eta hirur gauza horiek agerian emaiten balinbaditutzu, ez dut deus gehiago izanen erraiteko.

Nik

Gohazen beraz. Diot lehenik ez direla Apostoluak berak enganatu. Emazu nahi bezain izpiritu ttipiak eta laburrak zituztela; bainan, erraiten dauzkiguten gauza handi hoikien gainean, ez zaitezken errebela; ez zezaketen uste izan ikusten zutela, ikusten ez zutena.

Gauza horietaz segurtatzeko, ez da, ez jakitate ez izpiritu handi beharrik. Begiak aski dire.

Egun batez, zenbeit ogi eta arrain bakar batzuekin, emaiten diote Jesusek jatera hirur mila gizoneri; bertze aldi batez eta mirakuilu beraz, bortz mileri. Hirur urthez Jesusekin bizi dire Apostoluak, eta egun bakotxean, erran behar bada, bere begiez ikusten dituzte sortzetik itsu zirenak, mutuak, elkorrak, hitz batez, eri suerte guzietakoak, haren ganat joaiten eta haren hitz baten ondoan sendatuak itzultzen.

Ez othe du Jesusek, Naimeko emazte alhargunaren semea, lurrerat hobian zaramakatelarik, hitz bakar batez phizturik, eman bere amaren besoetan?

Eta Lazaro beraz? Bazuen jadanik laur egun hila eta thonban emana zela, eta jadan usteltzen hasia zen. Bainan, bere Apostoluak han zituelarik berekin, ez othe dio Jesusek erran: Lazaro! ilki zaite thonbatik! Eta Lazaro altxatu zen eta ilki thonbatik. Horra, bertze hainitzen artean, zer dioten Ebanjelistek, zer seguratzen duten, bere begiez ikusiak bezala.

Zer? Ez othe zituzten bada begiak Apostoluek, bertzek bezala, gauzen ikusteko? Eta, laur egun hartan hila zen bat, Jesusen hitz baten gainean, thonbatik ilkitzen bada bizirik, bere begiek enganatzen othe dituzte?

Horra zer egin duen Jesusek hirur urthez, Apostoluek ikusten zutelarik. Engana zitezkela Apostoluak, gauza hoikien gainean, nor ausartuko da erraitera? Ez, ez; horiek dire gauza batzuek guzien begietarat dohazinak.

138 Zerbeit errenkura izanen duzu menturaz, Jesusen phizteaz. Bainan zertako? Ez zuten egiazki Apostoluek Jesus ikusi thombatik ilkitzean berean; bainan ikusi zuten geroago. Gauzen zolarat ganez, zer munta da horrek?

Ikusi zuten Apostoluek Jesus bere etsaien eskuetan, heriotzerat kondenatua, kurutzefikatua, eta azkenean, thonban emana.

Egia zen bezala, hekien ustean, Jesus egiazki hila zen.

Eta huna non agertzen zaioten hirurgarren egunean, erraiten diotelarik phiztu dela hilen artetik. Hekiekin hizkatzen da eta hekiekin jaten ere du. Berrogoi egunez badago hekien artean, eta Thomasek ez badu nahi izan sinhetsi bere lagunen errana, Jesusek uzten du bere eskuetako eta oinetako zaurien unkitzera. Gauza bera erranen dut Jesusen zerurat igaiteaz, Apostoluek eta bertze bortz ehun lekukoek ikusten zutelarik.

Nork erran dezake gisa hortako gauzen gainean enganatu direla, eta ez dutela ikusi bere ustez ikusten zutena?

Harek

Aithortzen dut horiek guziak direla begietarat dohazin gauza batzuek. Aithortzen dut, izpiritu den ttipiena dena ere ez daitekela gauza hoikien gainean enganatua izan.

Bainan, ez othe dire apostoluak gizon amarrutsu batzuek, bere onetan eta abantailetan gu enganatzea bilhatu izan dutenak? Ez othe dire horiek guziak hekien asmuak? Duda hori gelditzen zait oraino izpirituan.

Nik

Ikusiko dugu errexki ez dela horrela. Bainan gaua heldu da. Ez ba-zare egiaren beldur, ethorriko zare bihar tenore berean.

Horrela joan ginen bakotxa gure alde.


HOGOI ETA LAUR-GARREN KAPITULUA

Gauza beraren segida.

139 Ez zuen huts egin ene adixkideak. Egia lañoki bilhatzen zuen, eta biharamunean, etxerat ethorri zitzaitan erran tenorean. Nik, ene aldetik, atsegin handirekin berriz ikusi nuen; ezen, bezperan, elgarren ganik urruntzean, iduritu zitzaitan haren izpiritua jadanik egia ganat itzultzen hari zela.

Ez zautan deusen erraiteko astirik ere utzi, eta huna nola berehala bera mintzatu zitzaitan: Gogoan erabili ditut, zuk atzo erran hitzak. Ontsa ikusi dut Apostoluek erran dituzten gauzak, guziez errexki ikusiak ahal izan zitezkela. Ez daiteke beraz erran, zoroa edo fede tzarrekoa izan gabe, enganatuak izan direla. Eri baten sendatzea, hil baten phiztea, horiek dire gauza batzuek itsu ez direnek ikusten ahal dituztenak.

Ez dut beraz erranen, Apostoluak berak gauza hoikien gainean enganatu ahal izan direla. Bainan, hainitz pentsaketa izpirituan ibili dut gau huntan. Izpirituko hainitz borroken ondoan, galdegin diot ene buruari, eian, bere abantail edo irabazi zerbeiten bilhazeko, ez othe gaituzten gu, Apostoluek enganatu.

Nik

Bainan, plazer ba-duzu, zer irabazi izan zezaketen Apostoluek? Erran zioten Jesusek: Predika zazue ene Ebanjelioa. Bainan ere erran zioten: dizipuluak ez dire nausia baino gorago; ni, gaizki bilhatu naute, eta zuek ere gaizki bilhatuko zaituzte.

Eta hargatik, horren jakinean, Jesusen Ebanjelioa predikatzen dute. Izpiritu Sainduaz bethea izan den bezin laster, Jaun Doni Petri mintzo da populuari. Haltoki eta beldurrik gabe, Jerusalemeko jenderi erraiten diote zer krima izigarria egin duten, Jesus Nazarethekoa, Jainkoaren Semea hil dutenean. Ez diote egia itzaltzen: «Gaixtaginen eskuez hil duzue» (Per manus iniquorum affligentes interemistis. (Act. Apost. Cap. II; 23).). «Bainan phiztu du Jainkoak» (Quem Deus suscitavit. (Ibid. Cap. II, 24).).

Ez da hortan baratuko Apostoluen lekukotasuna. Jesu-Kristo predikatuko dute lanjer guzien erdian. Presondegiak, azote kolpeak, ezpatak, kurutzeak, guziak ezti izanen zaizkote Jesusen lekuko izaiteko.

Galdegiten dautzut orai: zerbeit irabazi othe dute Apostoluek gauza horietan? Ai! gizonak naturalki bizia maite du! Oinazeari eta heriotzeari ihes egiten du bere ahal guziez. Beraz, Jesusen mirakuiluak, haren phiztea, zerurat igaitea gezurrak izan baziren, zertako eta zerentzat ixuriko zuten Apostoluek bere odola? Zertako emanen zuten bere bizia gezur horiek sustengatzea gatik? Zer zen bada hortan hekien irabazia? Mundu huntan, biziaren galtzea, heriotzea; eta gezurrez hari baziren, bertze munduan, gisa hartako gezurtieri zor zaioten bethiereko zorigaitza. Ezen krima handienetarik izanen zen, Jesus gizon xoil bat izan bazen, Jainko bezala adorarazi nahi izaitea.

Zer erranen duzu, iguzkia bezain agerian diren egia horien kontra?

Harek

140 Ikusten dut, egiazki fede onean behar zirela izan Apostoluak, eta ez gaituztela nahi izan enganatu, bere biziaren gostuz. Nihork ez du, bere nahiz, gezurrarentzat bizia emaiten, deus irabazirik gabe, ez mundu huntan, ez bertzean.

Bainan horiek guzietarik, ez zait oraino gauza bat baizen agertzen; Apostoluak erroak eta zentzu gabeak zirela.

Nik

Zer? Apostoluak erroak eta zentzu gabeak zirela? Ah! egizu kondu! Erro hek beraz konbertitu ahal izan dute mundua; erro hek herrautsetan eman dituzte Jainko faltsoak: erro hek munduko jakintsun handienen erakaspenak kordokatu dituzte; erro hek irakutsi izan dute izan daiteken dotrina ederrena eta garbiena; pasione tzarrak eta atsegin lizunak nausi ziren tokitan, eman dute garbitasuna; urguiluaren orde, umiltasuna; lur huntako gauzen amodioaren orde, ikusten ahal ez diren bertze biziko gauzen amodioa eta esperantza. Ez, ez; erroek eta zentzu gabeek ez dezakete holako gauzarik asma ere, eta are gutiago egin. Eta bizkitartean, Apostoluek egin dituzte. Gauza miresgarri hori ez daiteke hitz huntaz baizen konpreni: Apostoluak egiazki, Jesu-Kristoren lekuko zinak ziren, Izpiritu sainduaz argituak eta gidatuak.

Harek

Ez dakit egiazki orai zer erran. Ikusten dut gu enganatuz, ez zezaketela deus irabazirik izan Apostoluek. Jesusen lekuko izaiteko bizia emanez, bere fede ona frogatu izan dute. Ez daiteke izan bere bizia emaitea baino lekukotasun handiagorik. Ez zirela ere erroak, ikusten dut orai. Hala izan balire, ez zituzten Jerusalemeko gizon argituek entzun nahiko, are gutiago Erro makoek. Jadan beraz ekharria naiz zurekin, Apostoluen lekukotasunaren onhartzera.

Nik

141 Ez dut bizkitartean oraino akabo. Erran behar dauzut, nahi izan bazintuzten ere Apostoluek bere denborako gizonak enganatu, ez zutela egin ahalko.

Apostoluek erraiten zituzten gauzak, Jesusen mirakuiluak, phiztea, zerurat igaitea, guziek edo hainitzek bederen ikus zetzazketen gauzak ziren. Hain ziren ere gertakari espantagarriak, non behar baitzituzten guzien begiak atzarri eta ernatu. Horra zer duen Jaun Doni Petrik predikatzen. Zer? Ez othe dire bada guziak haren erranen kontra altxatuko? Ez othe du Jerusalemeko populuak haltoki Apostolua gezurtatuko erraiten diolarik: Zer diozu, eta zertaz mintzo zare? Gutartean gauza horiek gertatu direla diozu? Gu ere hemen ginen, eta ez dugu deus holakorik ikusi.

Bainan, bertzela dohazi gauzak? Lehen predikuan, hirur mila presuna Jesusen Erliijoneari irabazten ditu Jaun Doni Petrik; bigarrenean, bortz mila.

Bainan, erroak eta zoroak doi-doia deitzen zintuen gizon horiek, nola gisa hartako gauza espantagarriak sinhets-araziko zituzten ez balire egiak izan? Nola sinhetsaraz, hainitzek aspaldiko urtheetan, eri ikusi duten gizon bat sendatua dela; hobian emaiten ikusi duten hil bat, phiztu dela, ez balinba-dire horiek hola? Gisa hortako gauzak ez ditu nihork nahi sinhetsi, eta arrazoin handirekin, froga handi eta dudan ezin emanezkorik gabe. Hortakotz diot, Apostoluek nahi izan ba lituzte ere bere denborako eta tokietako gizonak enganatu, ez zutela ahal izanen. Ikusiko duzu errexki.

Apostoluek prdikatzen zituzten gauzak, ziren bere baitarik miresgarriak eta espantagarriak. Bertzalde, populu guziaren begien aintzinean eginak bezala emanak ziren. Gezurrak ba-ziren, arras errex izanen zen beraz hekien kontrako frogaren egitea.

Froga horren egitea abantail handia izanen zen Juduentzat. Ezen, egiak balinbaziren Jesusen mirakuiluak; berek kurutzean eman zuten Jesus hura, bere indar xoilez thonbatik ilki balinbazen, gero igan zeruetarat, beraz Jesus Jainko zen, eta hek Jainko-Gizon baten hiltzaleak ziren.

Bat edo bertzea: edo gezurra zioten Apostoluek, edo Juduak hobendun eta hobendun handienak ziren. Egia bazioten Apostoluek konprenitzen dut Juduek sinhetsi dituztela eta konbertitu direla. Bainan gezurrezkoak balinbaziren Apostoluen erranak, hekien prediku eta segurantza guziak alfer eta debalde izanen ziren.

142 Gauza hori hobeki oraino ikustea gatik, etsenplu bat emanen dugu. Emagun, zu bizi zaren herrian gizon bat hil dela, thonban eta lur pean emana izan dela. Ikusi duzu, badakizu, badakite guziek. Huna non hirur edo laur egunen buruan, heldu zaitzun norbeit erraitera: Hila ikusi duzun gizon hura phiztu da eta agertu da bere adixkideri, mintzatu zaiote, jan du heiekin. Zenbat nahi ausartzia eman dezan bere hitzetan, ez duzu sinhetsiko, non ez dituen froga edo ageri segurak emaiten. Egiaz mintzo bada, froga dezala beraz bere errana; ez dire gisa hortako gauzak hala hula sinhesten. Gezurrez aldiz hari bada, zer nahi erran dezan ere, ez zaio nihor jarraikiko. Erranen dut gisa berean: Nahi izan bagintuzte ere Apostoluek enganatu Jesusen mirakuiluen, biziaren, phiztearen, zeruetarat igaitearen gainean, ez ziren sinhetsiak izanen. Eta bizkitartean, Jerusalemen berean, Juduetarik hainitz irabazi dituzte Jesusen Erlijioneari; mundu paganoa itzulikatu eta konbertitu dute. Nola bada daiteke hori? Arraintzaile pobre eta jakitaterik gabeko batzuez egiteko, hori, bertze mirakuilu guziak baino handiago bat litzaiket.

Harek

Aithortzen dut; egiaz bntzutua naiz, ez nioten gauza hoikieri gisa hortan artharekin behatu, eta ez nuen ere izpiritua hoinbertzetaraino hedatu.

Orai arte asko dudetan nintzen; sinhesten dut orai. Zorion handia zait ene haurtasuneko eta lehen gaztetasuneko fedea kobratzea. Ene adixkide zahar eta maitea, zer tenoretan konfesatuko nauzu bihar goizean?


LAUR-GARREN ZATHIA

IZPIRITU SAINDUAZ. — ELIZAZ. — SAINDUEN PARTALIERTASUNAZ. — BEKATUEN BARKAMENDUAZ. —

HARAGIAREN PHIZTEAZ. — BETI-EREKO BIZIAZ

LEHEN KAPITULUA

Izpiritu Sainduaz

143 Ikusi ditugu orai arte Trinitate Sainduko hirur presunetarik bia, bere Jainkozko ageriak emaiten. Ikusi dugu Aita, bere bothereaz mundua ez deusetarik kreatu eta egin zuenean. Agertu zaiku geroago, Berbo Dibinoa, Trinitate Sainduko bigarren presuna; amodiorekin adoratu dugu Bethleemeko heian, Nazaretheko etxean, bere bizi lanezko eta gordean; entzun dugu bere Ebanjelioa predikatzen; haren mirakuiluetan ezagutu dugu haren Jainkozko botherea. Gero oraino ikusi dugu kurutzearen gainean guretzat hiltzen; hirur-garren egunean, hilen artetik phizten, berak erran zuen bezala; azkenean, berrogoi egunen buruan, zeruetarat igaiten.

Orai kontsideratu behar dugu Trinitate Sainduko hirur-garren presuna, Izpiritu Saindua, zerurat igan baino lehen, Salbatzaileak bere Apostolueri agindu ziotena, eta menderen mende, Elizaren argi eta gidari izanen dena.

Adora dezagun hemen Aingeruekin Trinitate Saindua, erraiten dugularik: SANCTUS, SANCTUS, SANCTUS... JAINKO bakar bat eta hirur presuna: AITA, SEMEA eta IZPIRITU SAINDUA, eta hirurak Jainko: Deus Pater, Deus Filius, Deus Spiritus Sanctus. Hirurak Jainkozko naturaleza berean partalier, eta hargatik Jainko bakar bat (Et tamen non tres Dii, sed unus est Deus. (Symb. S. Athan.).).

Mendekoste egunean bereziki, eta bothere handienarekin, agertu da Izpiritu Saindua munduari, Jesu-Kristo zeruetarat igan eta hamar-garren egunean.

Jesu-Kristok agindu zioten Apostolueri bere Izpiritu Saindu kontsolatzailea, erraiten ziotelarik zagozila othoitzean haren aiduru.

Hala egin zuten Apostoluek. Elgarretarat bildu ziren Jerusalemeko etxe batean eta han othoitzean egon hamar egunez.

Eta huna non, Mendekoste goizean, zeru goratik harrabots handi bat jausten den, haize borthitz baten pare, etxe guzia bethetzen duena. Orduan berean, ikusi zituzten Apostoluek suzko mihi batzuek bezala, heietarik bat bakotxaren gainean pausatu zirenak, eta ordu beretik Izpiritu Sainduaz eta haren dohainez betheak izan ziren.

144 Ez dezagun uste izan hargatik, hemen lehen aldikotz agertzen zaikula Liburu Sainduetan, Izpiritu Sainduaren baitako sinhestea. Hainitz aldiz, Izpiritu Sainduaz mintzo zaizkigu Liburu Sainduak.

Mintzo banintz hemen, jakintsun fede gabekoeri, atsegin nuke eta errex litzaiket gauza hori luzeki agerian emaitea. Bainan mintzo naiz Eskualdun fedea duteneri, hekien gehiago argitzeko. Ez dut beraz hitz bakar bat baizen hartuko Liburu Sainduetan; bainan, hura, nihork ukha ez dezakena, Jesu-Kristoren hitza.

Huna zer zioten erran Jesu-Kristok bere Apostolueri, zeruetarat igaitean: Bathaia zatzue gizon guziak, Aitaren eta Semearen eta Izpiritu Sainduaren izenean (Baptizantes eos in nomine Patris et Filii et Spiritus Sancti. (S. Matth. XXVIII, 19).).

Jesu-Kristok, diote Elizako Aitek, hirur presuna aiphatzen ditu hitz hautan, eta hirurak herrunka berean. Jainko da beraz Izpiritu Saindua, Aita eta Semea Jainko diren bezala. Aitak eta Semeak dituzten bothere eta Jainkotasun beraz dohatua da. Horra zertako erraiten dugun: Sinhesten dut Izpiritu Saindua baitan, hala nola erraiten baitugu: Sinhesten dut Jainko Aita baitan... ... Jesu-Kristo haren Seme bakarra baitan; erran nahi da sinheste bera, konfientzia eta amodio bera dugula Trinitate Sainduko hirur presuna adoragarrien alderat.

Elizak sinheste hori ongi erakastera emaiten du, kantatzen edo bere aphezez erran arazten dituen Dabiden Psalmo guziak hitz hautaz akabatuz: GLORIA AITARI, GLORIA SEMEARI, GLORIA IZPIRITU SAINDUARI. Hirur aldiz ere erraiten du othoitz hau: KYRIE ELEISON: Jauna urrikal zakizkit. Hirur aldiz mezako sakrifizioan kantatzen du: SANCTUS, SANCTUS, SANCTUS: Saindua, Saindua, Saindua.

l45 Izpiritu Sainduaren obra berezia gure arimen saindutzea da. Horra zertako den deitua, ez xoilki Izpiritu Saindua, bainan ere Izpiritu Saindutzailea. Ez da dudarik Jainko Aitak eta Jainko Semeak saindutzen gaituztela. Bainan Izpiritu Saindua delakotz Aitaren eta Semearen arteko amodioa, eta Saindutasuna Jainkoaren amodioa delakotz, molde berezi batez emana zaio Izpiritu Sainduari, amodiozko eta Saindutasunezko Jainkoaren izena. Argitzen eta berotzen du gure arima. Bekatoreari, ezagun arazten dio bere zorte deithoragarria, eta, denbora berean, bihotza eztiki mugitzen eta unkitzen diolarik, ungirat deitzen du. Flakoeri, tentatuak direneri, emaiten diote indarra; justuetan, gero eta gehiago handitzen eta sustatzen du Jainkozko eta zeruko gauzen amodio eta atsegin saindua.

Izpiritu Saindua da, lurrerat Jesu-Kristok ekharri duen su Jainkozko hura, zointaz berak erraiten baitu: «Lurrerat ethorri naiz sua ekhartzera eta ene gutizia eta nahia da phitz dadien arimetan» (Ignem veni mittere in terram et quid volo nisi ut accendatur. (Luc. XII, 49).). Izpiritu Sainduaz ere, dio Jaun Doni Paulok, emaiten du gure bihotzetan Jainkoaren amodioa (Caritas Dei diffusa est in cordibus nostris per Spiritu Sanctum qui datus est nobis. (Ad Rom. V, 5).).

Zenbat Saindutasunezko mirakuilu egiten dituen amodiozko Izpiritu horrek! Saindutu zuen Jaun Doni Joanes-Batista bere amaren sabelean; bekatu orijinaletik begiratu zuen Birjina Maria, izan zadien harren, Jainko Gizonaren egoitza osoki saindu eta garbia. Harek egin zuen Birjina Mariaren sabel garbian Jesus Salbatzailearen gorphutza. Harek, saindutu, argitu eta sustatu ditu Apostoluak, eta, gizon flako eta ez deus batzuetarik egin munduaren konbertitzaileak, mehatxuez eta heriotzeaz beraz ezin bentzutuzkoak.

Datorla, datorla, gu baitarat ere amodiozko eta saindutasunezko Izpiritu hori. Konpreniaraz gaitzala zoin diren ez deusak mundu huntako gauzak, eta eman gaitzala zeruko gauzen amodioa!


BI-GARREN KAPITULUA

Elizaz. — Mundua konbertitua Jesusen Erlijionerat

146 Zerurat igan zenean, eta bere Apostoluen begietarik hedoi batean itzali zenean, ez zituen Jesu-Kristok mundua eta gizona Adamen bekatuak egin zioten zortearen etsimenduan utzi.

Lurrerat ethorri izan zen gure salbatzeko. Hil zen kurutzearen gainean, eta horrela gaindizki satifatu zuen bere Aitaren justiziari. Bainan ez da aski; mundu berri bat, mundu saindu bat egin nahi izan du, Adameren bekatuak pozoindatu izan zuen munduaren orde. Ekharri du lurrerat Jainkozko erakaspen bat, Lege zaharreko erakaspena baino ederragoa eta garbiagoa eta bereziki amultsuagoa. Establitu izan ditu Sakramenduak, bekatutik arimen garbitzeko, eta arimak gero eta gehiago saindutzeko.

Egin zuen beraz arimen zozietate edo biltzarre bat, haren erakaspena bethi atxikiko zuena, eta zointan emanen baitzituen saindutasunerat heltzeko argi eta laguntza segurak.

Hori deitzen dugu Jesu-Kristoren Eliza; haren Jainkozko obra lurraren gainean segitzen duena, eta, munduaren akabantzaraino segituren duena.

Eliza hortaz behar gare mintzatu.

147 Zer da Eliza? Huna zer dioen Belarmine Kardinale eta Theologale handiak: Eliza da, mundu huntan bizi diren gizonen zozietatea, bilkura edo biltzarrea, juntatuak elgarrekin fede beraren sinhesteaz eta sakramendu beren partaliertasunaz, bere artzain zuzeneri, eta bereziki, lurraren gainean Jesu-Kristoren Bikario eta orde den Aita Sainduaren gobernuari sumetituak.

Hitz bertsutan erraiten dauku, haurtasunetik ikasi dugun Baionako gure katiximak: «Eliza da fede dunen bilkuia, haren buruzagi diren Aita Sainduaz eta Aphezpikuez gobernatua».

Erran dezagun berriz ere, jadan erran duguna. Ez du Jainkoak sekulan gizona, bere ilhunbeetan utzi. Izan da denbora guzietan, Jainkoaren baitako fede egiazkoa eta sinhestea zuten arimen bilkuia, gure gorphutzeko begiez ezin ikusizkoa menturaz, bainan Jainkoak ikusten zuena. Bazen Patriarken denboran, eta oraino hobeki eta argi handiagoekin, Moisen legean.

Bainan zer ikustate ederra orai! Nola Jesu-Kristoren obra argi osoan agertzen zaikun! Norat nahi itzul detzagun begiak, bazter guzietan Eliza katolikoa ikusten dugu bere berrehun miliun fidelekin; denek sinheste bera; denek sakramendu berak errezebitzen; guziak juntatuak bere Aphezpikuen medioz, guzien buruzagi den Aita Saindu berari.

Bada hor egiazki gauza bat, Erlijione gabekoen beren begietarat dohana.

Bainan erranen dautet menturaz: Bai, ikusten dugu gauza hori; ezin ukhatuzkoa da. Nola ordean froga, sinheste bera, sakramendu berak, buruzagi bera dituzten gizon hoikien bilkura, Jesu-Kristoren obra, Jainkozko obra bat dela?

Ikus dezagun gauza hori, izpiritu laño eta bihotz zuzen batekin.

Jesu-Kristok erran zioten bere Apostolueri: Zohazte eta mundu guzian predika zazue ene Ebanjelioa. Ebanjelioa predikatzen hasi ziren Apostoluak, Izpiritu Saindua Mendekoste egunean hekien arimetarat jautsi zen bezin laster.

Jerusalemeko hirian predikatu ondoan, aintzinat segitzen dute Jesusek eman bidea. Munduaren zathi bat hartzen du bakotxak beretzat; guziek hargatik Jaun Doni Petri Eliza guziaren buruzagitzat ezagutzen dutelarik, Jesusen manuaren arabera.

148 Bazter guzietan eta jendeki suerte guzieri predikatzen dute, Jesus gaixtagin bat bezala bere etsaiez hartua izan dela, heriotzerat kondenatua, kurutze baten gainean itzatua; eta hiri handietan basa herrietan bezala, oihu hau adiarazten dute: Jesus kurutzearen gainean hil izan den hori, zuen eta gure Jainkoa da. Hura baitan sinhesten eta haren bathaioa hartzen duena, salbatua izanen da; bertzeak kondenatuak izanen dire.

Eta, gauza espantagarria! Arrantzaile ez deus batzuen erranaren gainean, mila eta milaka dire, gizon argituenen beren artean, Jesusen Ebanjelioan sinhesten dutenak eta haren bathaioa errezibitzen.

Osteka, bai Juduek bai Paganoek Jesusen legea besarkatzen dute. Nola eman, Jainkoaz kanpo, gauza horren arrazoina?

Ah! izan baziren Apostoluak gizon aberats, jakintsun eta argitu batzuek; izan balituzte bere eskuetan, munduak maite eta errexki onhesten dituen indarra eta botherea! Orduan bai... konprenitzen dut bere predikuez zerbeit ardiets zezaketela. Bainan badakigu; Apostoluak arrantzaile pobre eta erromes batzuek dire; ez dute ez jakitaterik, ez aberastasunik, deus, hitz batez, munduak gora dagozkan gauzetarik. Eta hargatik mundua konbertitzen dute. Nola daiteke gauza hori, baizen Jainkoaren indarraz?

Bainan, menturaz, Apostoluen erakaspenak gizonen flakeza eta jaidura tzarrak ferekatzen eta onhartzen baititu? Oi! zoin urrun garen hortarik!

Lohikerian, gorphutzeko atsegin tzar guzietan pulunpatuak bizi diren gizoneri, Apostoluek erraiten diote: Izan zaizte garbi; pratika zazue kastitatea; gerla egizue haragiaren jaidura aphal eta ahalgegarrieri. Bentzu zazue zuen burua: ezen Nausiak erran du: nork ere nahi baitu ene segidan ethorri, har dezala eta garraia bere kurutzea eta niri jarraik dadiela.

Bere zoriona lur hunen gainean bilhatzen duteneri erraiten diote: bizi hau iragankorra da; zer dire mundu huntako on eta atsegin guziak? Osto baten eta itzal baten pare; deus ere. Gure egiazko onak bethi-ereko bizian dire. Bainan, zeruko biziaren ardiesteko behar da bere burua garaitu, bere buruari bortxa egin (Regnum coelorum vim patitur, et violenti rapiunt illud. (Matth. XI, 12).).

149 Eta, gizonen jaidura tzar guziak errotik gaitzesten dituen erakaspen gogor eta garratz hori onhesten du munduak. Naturalezaren kontra da, bortxa egiten dio, ez da dudarik; eta halarik ere, ezin kondatuzkoak dire, hari jarraikitzeko, munduko on guzieri ukho egiten diotenak.

Hainitzek bere izaite guziak baltsan emaiten dituzte, bere anaia pobreen fagoretan; bertze hainitzek mundu huntako atsegin guziak ezagutu ondoan, bere gorphutza sofrikario eta penitentzia gogorreneri kondenatzen dute.

Zer? Erranen othe dautazue, munduko abantail guziez gabetuak ziren hamabi arrantzaile erromesek bere indar xoilez gauza hori egin ahal izan dutela? Hori laiteke gizonaren naturaleza guti ezagutzea.

Apostoluen erakaspenaren kontra ziren, gizonaren jaidura guziak eta ere jainko faltsoen erlijionea, hain errexa zena naturalezarentzat: erran dugu, liburu hunen hastean, krima itsusienak onhesten eta jainkoztatzen bezala zituela. Apostoluen erakaspenaren kontra ere, Erromako Enperadore eta aintzindariak, hitz batez, indarra eta botherea bere eskuetan zituzten guziak. Hargatik, heriotze ahalgegarri batez kurutzearen gainean hil izan den Jesusen izena predikatuz, garaitia eraman dute Apostoluek. Giristinoak hiltzen dire bere fedea eta sinhestea sustengatzea gatik; ibaika hekien odola ixuria da; bainan hekien odoletik sortzen dire giristino berriak: Sanguis martyrum, semen Christianorum.

Ez; ez da hori gizonek egin dezaketen gauza bat, eta Jainkoaren eskua hemen da.

Erran dezagun S. Agustinekin: Edo mundua konbertitu izan da Jesu-Kristoren eta Apostoluen mirakuiluez, eta beraz, Eliza Jainkozkoa da.

Edo mundua konbertitu izan da mirakuilurik gabe, eta hori laiteke mirakuilu guzietan handiena.


HIRUR-GARREN KAPITULUA

Martiren lekukotasuna

150 Apostoluek, eta gero ondoan, hekien dizipulu eta segitzaileek mundua itzultzen hari zuten Jesusen sinhesteari. Aberatsek eta pobreek, handiek eta ttipiek, bihotz onez eta gogo onez besarkatzen zuten, ordu artean munduak entzun ez zuen salbamenduko erakaspen garratza.

Mundua, denbora hartan, egiazko Jainkoaren ganik osoki urrundua zen. Erran daiteke ez zela Erlijione bat baizen: jaidura tzar guzieri bere bazka emaitea.

Ungia eta bertutea, garbitasuna, gazkirateko jaiduren orde emaitea, jadan obra eta mirakuilu handia zen, eta Jesu-Kristok establitu zuen Erlijionearen Jainkotasuna haltoki erakustera emaiten zuen.

Ez gare hortan baratu behar.

Huna bertze lekukotasun bat oraino, eta hunen indarra ez du naski nihork ukhatu nahiko. Hura da martiren, edo, Jesusen Erlijionearentzat eta Elizarentzat bere odola eman dutenen lekukotasuna.

Gauza osoki ageria da, Apostoluek predikatzen zuten Erlijione garbiak lurrerat nahi zituela eman, denbora hartan segituak ziren erlijione tzar eta faltso guziak.

Erlijione berri horrek asaldatu eta phiztu behar zuen ordutik, gorphutzen eta arimen nausi bere burua zagokatenen herra.

Hala hala ere gertatu zen.

Haste hastetik, Jesusen Erlijionea Juduez pertsekutatua izan zen. Zer ez zuten egin, Erlijione horren bere sehaskan berean ithotzeko?

Predikatzen hasi zirenean Apostoluak, erran ziotenean Judueri, kurutzean eman zuten Jesus hura Jainkoaren Seme Eternala zela eta bera Jainko, Aita Jainko den bezala, eman zituzten presondegietan. Nahiko zituzten ixil arazi. Bainan huna zer ihardesten zuten: Hobeago da Jainkoari ezen ez gizoneri obeditzea.

Elizaren lehen mendeko ixtorioak erraiten dauku nola bere bizia emanez eta bere odola ixuriz, Apostoluek Jesu-Kristori lekukotasun bihurtu zioten. Nork erran dezake, gero ondoan hirur ehun urthez, zer odol ibaiak ixuriak izan ziren eta zenbat mila eta miliun giristinoek heriotzea jasan zuten Jesu-Kristorentzat eta haren Eliza Sainduarentzat!

Aita Saindu, Aphezpiku eta Aphezek; aberatsek eta ethorki handikoek, hala nola jende arruntek eta pobreek, zaharrek eta gaztek, haurrek berek, hala nola Agnes birjinak, gogo onez, bozkario handirekin bere bizia emaiten zuten Jesu-Kristoren amodioa gatik.

151 Galdegiten zioten: Giristino zare? Bai, giristino naiz.

—Arnega zazu Erlijione berri hori; adora zatzu Erromak adoratzen dituen Jainkoak, eta bizia salbo izanen duzu.

—Giristino naiz, zuten erraiten, eta ez dut ezagutzen ez adoratzen Jainko bakar bat baizen, hirur presunetan. Aita, zeruaren eta lurraren Egilea; Semea, gure erosteko eta salbatzeko Gizon egin ondoan, kurutzearen gainean hil dena; Izpiritu Saindua, bere graziez hazkartzen eta saindutzen gaituena.

Giristino naiz! Hori zen, Erromako Enperadoreek gobernatzen zituzten bazter guzietan entzuten zen hitz ederra.

Hitz hori heriotzea zen, herrak eta errabiak asma zetzazketen tormenta izigarrienen erdian, bainan ere zer lekukotasun ederra eta gloriosa Jesu-Kristori eta Jesu-Kristoren Erlijioneari!

Espantituak zagozin paganoak. Giristinoek aldiz bozkarioekin bere triunfa kantatzen zuten: Eman gaitzatzue zathitan, zioen Tertulianok, phorroska eta leher gaitzatzue; zenbatenaz gehiago gutarik hilen baititutzue, hanbatenaz gehiago izanen gare; martiren odola, giristinoen hazia da (Cruciate, torquete, damnate, atterite nos; pluries efficimur, quoties metimur a vobis; semen est sanguis Christianorum. (Tertull.).).

Eta hain zen handia, Jesu-Kristorentzat hiltzeko giristinoek zuten karra, non Dioklezien Enperadoreak erraiten baitzuen: Zer egin dezakegu gizon hoikien kontra? Gogo onez eta bozik dohazi heriotzerat: illos libenter mori solere.

Eta zertako horiek guziak? zertako persekuzioneak, juiamenduak, heriotzerat kondenatzeak, tormenta izigarriak? Legeen kontra giristinoek zerbeit egin zutelakotz? Ez; giristino ziren; ez zuten nahi Jesu-Kristo bere Nausia, bere Salbatzailea eta Jainkoa arnegatu. Hori zen hekien krima guzia eta bakarra.

Hori othe da gauza bat naturala eta Jainkoaz kanpo konpreni daitekeena? Ez; ez da heriotzea hoin errexki jasaiten. Bada hemen zerbeit naturalezaz goragoko.

Orhoit gaiten Jesusek bere dizipulueri erran zioten hitz huntaz: Ene lekuko izanen zarete: Eritis mihi testes. Erran zioten oraino, izanen zirela, haren izena gatik azotatuak, presondegietan emanak, hitz batez, tormenta guzien hirrisku eta lanjeretan. Apostoluek badakite; eta hargatik bai hek, bai hekien dizipuluak leial eta hazkar dagozi bere Nausiari eta Jainkoari bihurtzen dioten lekukotasunean; eta mehatxueri hitz ederreri bezala, ez dute hitz hau baizen ihardesten: Jesu-Kristo kurutzean hil denaren dizipuluak gare: giristino gare: Christianus ego sum.

152 Eta hola hola hirur ehun urthez, eta oraino orai asko lekuetan. Bai, milaka izan dire, mende guzietan, giristinoak bere Erlijionearentzat hil izan direnak. Zertako? Galde diozozute bada.

Ez, hor hemenka bakar batzuek menturaz ikusi izan diren bezala, bere izpirituko arrazoinen eta asmuen sustengatzea gatik: hortan urguluak eta bere buruaren baitako fidantziak asko parte izan dezakete. Apostoluak hil izan dire, bere begiez ikusi dituzten gauzen segurtatzeko; Apostoluen ondokoak aldiz, haukien lekukoak izan dire menderen mende.

Gauza horiek ez badire egiak; Jesu-Kristok ez badu bere Jainkotasuna agerian eman mirakuilu espantagarrienez, nola konpreni hainbertze mila martiren sakrifizioa eta heriotzea? Errokerietan handiena izanen zen. Ez dezagun dudarik izan; Jainkoaren beraren eskua hemen da, Giristino Erlijionearen eta Elizaren Jainkotasuna martiren odolarekin izkribatzen duena: Digitus Dei est hic. Hori da lekukotasun eta froga bat, fede oneko gizon guziez onhetsia izanen dena. Ez du nihork hoin errexki, eta bereziki gezurrarentzat bere bizia emaiten. Gezurrian balinbaziren zer zuten iguritzeko gisa hortan hil izan direnek? Mundu huntan deus ere, baizen sofrikarioa eta heriotzea; bertze munduan, deus ez saritzat, bainan gezurrari zor zaion gaztigua.

Ez balinbazuten deus igurikitzen ahal mundu huntan ez bertzean, erro guzietan lehenak izanen ziren heriotzerat gisa hartan joanez, phesta batetarat bezala. Erro bat edo bertze gerta daiteke. Bainan ez, hirur ehun urtez, giristino guzietan erraiteko moldean, heriotzearen khar eta amodio hori.

Egia da, gorago aditzera eman dudan bezala, Erlijione faltsuetan ere izan direla, hor hemenka, gizon banaka batzuek, bere asmueri ukho egin baino lehen, bere bizia eman dutenak; bainan hain gutiak dire, non errexki konda baititazke.

Eman dezagun bi hitzez kapitulu hunen erakaspen guzia. Hirur ehun urthez, Apostoluek eta hekien ondoko giristinoek bere odola ixuri izan dute, Jesu-Kristoren eta haren Erlijionearen lekuko izaiteko. Bada, ez daiteke izan, bere biziaren emaitea baino lekukotasun handiagorik.

Zoin ederra eta bihotz altxagarria den, zeru goratik Martirek adiarazten daukuten oihu hau: Guk gure odolaz finkatu ditugun Eliza eta Erlijionea Jainkozkoak dire. Bertzela, erro batzuek izanen ginen. Eta ez; ez ginen erroak. Sofrikarioan eta heriotzean bilhatu dugun ona, orai aurkitu dugu eta hartaz gozatzen gare. Sofritu dugu Jesu-Kristorekin, harekin glorifikatuak izaiteko. Izan zaizte gure iduriko, gu Jesu-Kristoren iduriko izan garen bezala!


LAUR-GARREN KAPITULUA

Elizaren iraupena. — Eliza bethi bera da

153 Laster mudatzen dire gizonen obrak. Batek nahi duena eta egin izan duena, bertze batek ardura ez du onhesten eta desegiten du. Eta non da gizona bera erran dezakena, egun nahi duena ez duela bihar arbuiatuko?

Mudakorrak dire gizonen nahiak eta pentsamenduak.

Jainkoa da xoilki erran dezakena, Malakie Profetaren ahoz erraiten daukun hitz hau: «Ni naiz Nausia eta ez naiz mudatzen» (Ego Dominus et non mutor. (Malach. III, 6).).

Dezagun eman begi kolpe bat munduko kreazione miragarriari. Iguzkiak, ilhargiak, zeruko izarrek, Jainkoak hastapenetik eman diozkaten lege bera segitzen dituzte. Itsasoaren harat hunat iduriz nahasiek, lurreko landare, arbola eta loreek, bethi Jainkoaren nahi soberanoari obeditzen diote, hastapenetik emanak izan diren legeen arabera: horiek guziak Jainkoaren eskuen obrak dire, eta Jainkoaren izaitearen itxura flako bat bere baitan garraiatzen dute.

Bada gauza hori bera, eta mila aldiz hobeki oraino, gertatzen da Jainkoaz emanak zaizkigun erakaspenetan. Zertako? Zeren Jainkoa egia bera baita: Ego sum veritas. Egia bera delakotz, ez dezake bere erakaspenetan deus ere izan mudatzeko.

Erran behar dugu hargatik, Jainkoaren erakaspenak bethi handituz eta osatuz joan direla. Moisek eta Profetek Patriarkek baino argi gehiago izan zuten; eta aldiz, Jesusek ekharri daukun erakaspena zenbat den Profetenaz goragokoa! Bainan ez da behinere izan erakaspen bat bertzearen kontra dohana, Jainko bera baita bethi argitzen gaituena, eta ez baita hura baitan ez mudantza ez ilhunberik; baizik eta, argi osoa, berak nahi duen bezala ikustera emaiten daukuna, berak nahi duen neurrian eta denboretan.

Gizonen pentsamenduez eta erakaspenez, gauza bera erran othe daiteke? Gauza beren gainean, zenbat sinheste, bat bertzearen kontra dohazinak eta zenbat guduka! Erraiten badu batek mundua Jainkoaz egina dela, bertze batek dio ez dela mundua nihortaz ere egina, bainan bethitik dela. Batek erraiten badu, gure arima bethikotz egina dela, ez direla guziak heriotzean akabo, badela bertze bizitze bat, zorionezkoa onentzat, zorigaitzezkoa gaixtoentzat, huna bertze bat erranen daukuna, gorphutza hiltzearekin, ez dela deus gehiago gelditzen; azken hatsa emaitearekin, denak akabo, arima deitzen duguna ere, gorphutzeko bizia bezala.

Hanbat dire gizonaren argiak, ilhunbez inguratuak; hanbat, haren izpiritua laburra, bere burua beizik nausitzat ezagutu nahi ez duenean!

154 Ikusten dugunean beraz, dotrina bat, erakaspen bat, gizonen zozietate baten sinhestea, gerla, gudu eta gertakari guzien erdian, bethi bera eta mudantzarik gabe egoiten, erraiten dugu: Erakaspen hau ez da gizonena, Jainkozkoa da!

Bertze gauza guziak mudatzen diren denboran; sinheste eta erakaspen bat bertze sinheste eta erakaspen baten kontra; batzuek bertzekin gerlan; bat xoilki, hemezortzi ehun urthe hautan, bethi xutik, bethi bera, bethi buruzagi berekin, bethi hazkar eta mudantzarik ttipiena ere gabe, gudu eta gerla guzien erdian, ai! hori Jesu-Kristo Jainko Gizon eginaren obra da! Jesu-Kristoren eta haren Elizaren erakaspena da!

Horra zer dugun ikusten Eliza Katolikoaren ixtorioan.

Apostoluek bere odolaren lekukotasuna eman zuten Jesu-Kristoren Ebanjelioaren hitz bat ere kanbiatzera utzi izan zuten baino lehen. Hirur ehun urthez Aita Sainduek, Aphezpikuek, martirek bere odola ixuriz erran zuten: Hori da gure sinhestea eta azken hatseraino atxikiko dugu, zeren Jainkozkoa baita.

Martiren eta odol ixurtzearen denbora akabo da. Paganoek bere errabia higatu dute, Elizaren erakaspen sainduari den gutieneko kolperik ekharri ahal izan gabe.

Ez dire hargatik oraino Elizaren guduak akabo; bainan ez gaitezen lotsa. Eliza Jainkoaren obra da eta bethi bera egonen da, zeren Jainkoa bethi bera baitago eta ez baita kanbiatzen: Ego Dominus et non mutor.

Nork konda detzazke, Elizaren bi-garren mendetik lekora izan diren eresiak? Huna Gnostikak; gero Arius. Heldu dire ondotik Pelage eta Donat, eta bertze hainitz oraino Elizaren erakaspena pondu batean edo bertzean mudatzea bilhatzen dutenak. S. Agustinek dio, bazirela haren denboran, laur hogoi eta zortzi eresia edo Erlijione katolikoaren kontrako erakaspen, eta aithortzen du ez dituela oraino guziak ezagutzen.

Eresia hoikien ixtorioa hemen eman gabe, xoilki erran dezagun Elizaren erakaspenaren kontrako gezur baten ondotik bertze hamar sortzen zirela. Egia bethi bat eta bera da; bainan gezurrak hainitz alderdi ditu eta hainitz itxura hartzen ditu. Hori da gezurraren seinaletarik bat.

155 Eliza bere erakaspenean bethi bera dagon denboran, zertako eta nondik hoinbertze mudantza eretikoen erakaspenetan? Zeren, Elizaren erakaspena Jesu-Kristoren hitzaren gainean hazkarki finkatua den denboran, eretikoen erakaspenak gizonen asmu eta pentsuak baitire eta hainitz aldiz, gizonen pasionetan baitute bere hastea. Horra zertako diren hain mudakorrak, hala nola baitire, itsaso hegietan, harat eta hunat ur handiak ibiltzen dituen hare metak.

Zer ziren Photius, Luther, Kalbin, Henri VIIIna, Ingletarreko erregea, eta bertze asko bere urguluaren edo pasione zikinen asetzeko Elizatik urrundu direnak? Hauk eta haukien idurikoek zer galdegiten zuten? Bi hitz hauk xoilki Elizak onhets zetzan: Elizak orai arte erakutsi duena ez da egia. — Elizak orai arte debekatu duen gauza hori zilhegi da.

Bi hitz horiek erran baino lehen, nahiago izan du Elizak Europaren erdia bere galtzarretik atheratzera utzi. Bainan, Jesu-Kristok erakutsi egia, bethi oso, bethi garbi begiratu du; eta azkenean, bitoria eta trionfa egiarentzat eta fede garbiarentzat dire (Haec est victoria quae vincit mundum fides nostra. (I Joan. V, 4).).

Ez othe dauku horrek berak ikustera emaiten Eliza Jainkoaren obra dela? Gizonek ez dute ohi hola egitea. Zerbeit irabazi iragankor mundu huntan balinbadute, hartan baratzea laket zaiote, eta hala behar bada, bere sinhestea eta pentsamenduetan egun guziez mudatuko dire.

Bainan huna Jainkoaren egiazko lana. Badu hemezortzi ehun urthe eta gehiago, Jesu-Kristok erran ziotela Jaun Doni Petriri eta bertze Apostolueri: Zohazte eta bazter guzietan predika zazue ene Ebanjelioa; badu hemezortzi ehun urthe, bethi Ebanjelioa bera Aita Sainduek eta Aphezpikuek predikatzen dutela; hemezortzi ehun urthe, Credo edo sinhesten dut bera munduko bazter eta leku guzietan kantatua dela!...

Bai erran dezagun berriz ere goraki: Hori Jainkozko obra da. Mudakorrak dire gizonen erakaspenak, gizonak berak hala direlakotz. Jainkoarenak ez dire mudatzen, Jainkoa bethi bera eta egia bera delakotz: Ego Dominus et non mutor.


BORTZ-GARREN KAPITULUA

Ez da egiazko Eliza bat baizen

156 Jainkoa, bat da; behar dute beraz haren obra guziek bere baitan ekharri haren bakartasunaren seinalea; guzien gainetik seinale hori aurkitu behar dugu Jesu-Kristoren Elizan, zoina baita munduan egin dituen gauzetan miresgarriena.

Katiximan irakurtzen dugu: Ez da Jainko bat baizen eta ez daiteke izan gehiago. Gisa berean erranen dut: Ez da Eliza bat baizen.

Zertako bada hori? Zeren egiazko Eliza Jainkoaz xoilki establitua izan baititake, eta ez baitu Jesu-Kristok bat baizen establitu. Bertzalde ez daiteke Jainkoa bere buruarekin, edo egia egiarekin, gauza beraren gainean gerlan izan. Zoroa eta adimendu gabea laiteke beraz erran lezakena, badirela Erlijione, Eliza egiazko bat baino gehiago, baitezpada sinhetsi eta predikatu behar diren gauzen gainean, bat bertzearen kontra dohazinak.

Aintzineko kapituluetan erran dugu badela Eliza bat Jesu-Kristok berak establitu izan duena, zerurat igan baino lehen. Eliza hori Jainkozkoa dela frogatua izan da Apostoluen, Martiren eta bere iraupen mirakuiluzkoaren lekukotasunez. Eta ez da Eliza hori baizen.

Jesu-Kristoren hitza da: «Ez da izanen artalde eta artzain bat baizen». (Fiet unum ovile et unus Pastor. (Joan. X, 16).)

Nausi Dibinoaren ondotik, Jaun Doni Paulo Apostoluak erran du: «Ez da Jainko bat, fede bat, eta bathaio bat baizen» (Unus Dominus, una fides, unum baptisma. (Ephes. IV, 5).).

Erraiten dugu ere Jesu-Kristoren eta Apostoluaren segidan: Jesu-Kristoren Elizan ez da buruzagi bat baizik, fede edo sinheste bat baizik, eta sakramendu berak. Hirur gauza horiek horrela hartu nahi ez lituzkena, Eliza egiazkoaz kanpo laiteke.

1o Lehenik, Elizaren Buruzagia bakarra da, Aita Saindua, Jaun Doni Petriren ondoko zuzenezkoa, Jesu-Kristoz beraz lurraren gainean, bere Bikariotzat ezarria. Itzul detzagun begiak leku eta bazter guzietarat; ikus detzagun Europa, Asia, Afrika, Amerika eta itsaso zabalaren erdian diren munduko bertze zathiak; Giristino Katoliko guziek Erromari buruz dituzte begiak eta bihotzak itzultzen. Han da hekien arimen Aita, Aphezen Apheza, Aphezpikuen Aphezpikua, Katoliko guzien buruzagia.

157 Aphezpiku guziek haren ganik dituzte bere podoreak; haren ganik Ebanjelioa predikatzeko kargua; haren ganik ere Aphezen egiteko botherea. Hura gabe deus ez daiteke Jesu-Kristoren Elizan. Jesu-Kristoren Bikarioa eta haren ordaina da lurraren gainean.

Zoin ederki ageri den hemen Jainkoaren eskua! Nork bada, baizen Eliza egin duenak berak, atxik detzazke gisa hortan bazter guzietako jende eta populuak esku eta nausitasun beraren pean? Ez balitz nausitasun hori Jainkoak establitua, hain indartsua eta hain ongi obeditua othe laiteke?

Eliza ganik berexi diren populuek badituzte Errege eta Enperadore bezinbat buru: horra zertako, bakotxa bere alde dohan Erlijioneko gauzetan; horra zertako, hoinbertze artalde eta hoinbertze artzain, Jesu-Kristok bat bakarra nahi izan duen denboran.

Eliza bakarra da; eta Eliza katolikoan xoilki aurkitzen da bakartasunaren eta batasunaren seinale hau: Ez du buruzagi bat baizen, Aita Saindua.

2o Eliza katoliko guziak eta haren menbro guziek fede eta sinheste bera dute. Egia, bat da. Ez ditezke bi egia izan gauza baten gainean, gisa eta alderdi berean kontsideratua denean. Gorphutz bat, zoin nahi, kontsideratzen dugunean bere koloreaz den bezinbatean, ez daiteke hartaz egiazki erran, dela xuria eta beltza, denbora berean eta zathi berean; da xuria edo beltza, edo menturaz, ez bat ez bertzea; bainan xuria balinbada, ez da beltza, eta beltza balinbada ez da xuria.

Gisa berean Erlijioneko egien gainean. Etsenplutzat: egia balinbada Jesu-Kristo hilen artetik phiztu dela, ez daiteke kontrarioa egia izan; egia balinbada, penitentziako sakramenduak barkatzen dituela bekatuak, kontrarioa gezurra da eta hola bertze guziez.

Jesu-Kristo lurrerat ethorri da, dudarik gabe bere heriotzeaz gure erosteko, bainan ethorri da ere, egia eta zeruko bidea gizoneri erakusteko. Bethe ondoan berak lehenik, Jainkozko misione hori, eman diote horren kargua Apostolueri eta hekien ondokoeri, erranez: Zohazte eta argi zatzue populu guziak: Euntes docete omnes gentes. Eta joan dire Apostoluak, Jesusen erranaren gainean, munduaren bazter guzietarat, bere Nausiaren Ebanjelio bera eta CREDO bera guziek erakusten zutela. Eta Elizaren menbro zenbeit edo buruzagietarik zenbeit errebelatzera heldu bazen, Jaun Doni Petrik eta haren ondoko Aita Sainduek errezibitu dute botherea Jesusen ganik, errebelatuen bide zuzenean emaitekoa eta fedean bere anaien hazkartzekoa (Et tu aliquando conversus confirma fratres tuos. (Luc. XX, 32).). Eta horra zertako, hoinbertze mendeen buruan, bethi CREDO bera den oraino katoliko guzien gidaria eta Fedearen legea, munduko eliza guzietan, bethi hitz berekin kantatzen duguna.

158 Zer kontsolazionea katolikoentzat bere bizia eta eternitatea finkatzen ahal izaitea, sekulan mudatzen ez den sinheste eta fede beraren gainean!

Jainko bakar bat den bezala, eta buruzagi bakar bat dugun bezala, fede bakar bat ere: Unus Dominus eta una fides.

Gauza eder hori kontsideratu ondoan, zer erran Lutherez, Kalbinez eta mende guzietako bertze eretikoez? Berexi dire egia bethi garbi erakusten duen Elizatik, arbuiatu eta ukhatu dute Aita Sainduaren Nausitasun soberanoa; bakotxak nahi izan du Ebanjelioa esplikatu berari zitzaion bezala, eta orduan izan dire, hekien artean, gizon bezinbat sinheste. Ez da hori egiaren seinalea eta zigilua, bainan bai gezurrarena.

3o Eliza katolikoak mende eta leku guzietan sakramendu berak ditu bere haurren saindutzeko: zazpi sakramendu ezagutzen ditu, Jesu-Kristoz beraz establituak.

Ez dugu batasun bera aurkitzen Eretikoen erlijionetan, hala nola Protestanten artean. Batzuek gehiago, bertze gutiago sakramendu onhartzen dituzte. Nork du egia hekien artean? Eta nahasmendu horiek zer erraiten dute, baizen Jesu-Kristoren legetik ilki direla, eta bakotxa bere gogorat dohala? Dudatzeko da, guzietan lehena den sakramenduan berean, erran nahi dut bathaioan, sinheste bat eta bera othe duten Protestantek.

Errex da orai ikustea, Eliza katolikoan xoilki aurkitzen dela, Jesu-Kristok bere Elizari eman izan dioen batasuna, bere sinhestean, buruzagian eta sakramenduetan.

Horrek erran nahi othe du deus mudantzarik ez daitekela izan Eliza katolikoan? Bai; izan daitezke asko mudantza, bainan sekulan hirur gauza hoikien gainean. Aita Saindu bakar bat izan da eta izanen da bethi Eliza guziaren buruzagi; bethi sakramendu berak, bethi erakaspen bera fedezko gauzen gainean; erakaspen hori hargatik gero eta gehiago argitan emanez doha. Bainan konpreni dezagun ongi ez duela Elizak egia berririk asmatzen; Jainkoak erakutsi diozkan egiak ditu xoilki, denborarekin, gero eta klarkiago erakusten eta deklaratzen.

159 Bertze asko gauzetan izan ditezke eta badire ere mudantzak. Gauza horrek behar du izan ongi konprenitua. Jesu-Kristok eman dio Elizari bere erakaspena: hori ez da mudatzen. Bainan goraxago erran dugun bezala, denborarekin hobeki argitan emanez doha, beharren arabera: hala nola, eretikoek egia bat ukhatzen dutenean, edo duda zerbeit izpirituetan sortzen denean. Establitu ditu zazpi sakramendu: bethi berak dire, ez bat gehiago, ez bat gutiago. Buruzagi bat eman dio Elizari, lehenik Jaun Doni Petri eta gero haren ondoko zuzenak, Aita Sainduak; bethi hola doha.

Bai; bainan gauza horietaz kanpo, badute Aita Sainduek Eliza gidatzeko kargua, denboren eta tokien beharren arabera. Horra nola Elizako asko lege kanbiatzen eta mudatzen diren, fidelen beharrek eta onak galdegiten duten bezala. Elizetako ofizioak, Aphezen, Fraiden, Seroren jauntziak eta erregelak, horiek guziak dire gauza batzuek Aita Sainduaren gomendiorat eta juiamendurat osoki utziak direnak. Hala nola ere, barur eta mehe egunak, barur eta mehe egiteko moldeak, denboreri, lekueri, eritasuneri, jenden pobreziari eta beharreri behatuz kanbia ditezke; horiek ere dire gauzak, Elizako buruzagien zuhurtziari Jesu-Kristok utzi dituenak.

Horrela gertatzen da, Eliza Sainduak bertze orduz menturaz manatzen zuena, ez baitu orai manatzen. Aita Saindu batek bere autoritateaz manatu duena, bertze Aita Saindu batek, bothere beraz, kanbia, muda dezake, denboren edo lekuen beharrak ikusiz.

Bainan horiek dire giristino katolikoen gidatzeko erregela batzuek, Jesusen erakaspena eta sakramenduak bethi berak uzten dituztenak, eta Elizaren kalitate baitezpadakoeri unkitzen ez dutenak.


SEI-GARREN KAPITULUA

Elizaz kanpo ez da salbamendurik

160 Huna gauza bat hainitz premiatsua, ongi xehatu eta esplikatu behar duguna, ez dadien Elizaren erakaspena makur hartua izan, hainitzetan gertatzen den bezala.

Jesu-Kristo gizon egina, gu ganat jautsi da munduaren salbatzeko eta argitzeko. Zerurat bere gizontasunarekin igan baino lehen, Eliza bat establitu izan du, bainan bat xoilki, Egia bera zenari zohakon bezala. Ez da fede bat, eta bathaio bat baizen: Una fides, unum baptisma (Ephes. IV, 5.).

Jesu-Kristoren fedeaz eta Erlijioneaz kanpo, haren bathaioaz eta bertze sakramenduez bertzalde, nihork ez du zuzenik ez bothererik bertze erlijione baten erakusteko eta bertze sakramenduen establitzeko. Beraz, nork ere nahi baitu salbatu, behar ditu sinhetsi Jesu-Kristok erakutsi egia guziak, errezibitu haren bathaioa, eta egin harek manatzen dauzkigun bertze gaineratekoak.

Ordean, Eliza katolikoan eta hartan xoilki aurkitzen dire Jesu-Kristoren erakaspen eta lege guziak. Luzeki jadanik erran dugu gauza hori gorago.

Hortik egia hau: Elizaz kanpo ez dela salbamendurik, ez daitekenaz geroztik Jainkoaren zerbitzari izan, haren hitzari eta legeari jarraiki nahi ez dena: «Ez dezazuela uste izan, Jainkoa Aitatzat izanen duzuela, ez baduzue Eliza Amatzat». «Hala nola, dio S. Jeromek, urholdean hondatuak izan baitziren, Noeren untzian ez ziren guziak, gisa berean dire galtzen Eliza egiazkoan ez diren guziak». Gauza bera dio S. Krisostomok: «Jaun Doni Petriren eskuetan dire zeruko erresumako gakoak... haren fede bera duteneri, idekitzen diozkate zeruko atheak»...

Adimenduari berari bekhoz, zer da zuzenagorik? Zerurat behar gare heldu. Jainkoaren Semea ethorri da lurrerat, guri bidearen erakusteko; zerurat igaitean, bere Elizari utzi dio, gu bide hortan gidatzeko kargua. Nork izan dezake, portu hortarat kontrako bidez heltzeko asmu zoroa ?

Soldadu batzuek gare guziak; Jesu-Kristo da gure aintzindaria. Nola, soldadu ona izan daiteke, bere aintzindariaren manuen kontra eta bere buruaren alde dabilana? Jesu-Kristo da gure Nausia; nola izan dezakegu zerbitzari leialaren saria, ez bagare gure Nausiari jarraikitzen?

161 Erranen daut norbeitek: Erakaspen hori gogorra eta dorphea da. Zer? Ez daitekela nihor salbatua izan Jesu-Kristoren Elizaz kanpo? Nola orduan erraiten ahal dugu Jainkoa Aita on bat dela? Zer? damnatuak, ifernurat joaitekoak direla, Eliza katolikoan sorthuak eta bathaiatuak ez diren guziak? Damnatuak ere Protestanten eta Xizmatikuen artean altxatuak izan ondoan, erakutsia izan zaioten Erlijioneari fede onean jarraiki izan direnak?

Bainan ez; ez du sekulan Elizak holakorik erakutsi. Hola mintzo direnak, gezurrez jazartzen zaizkigu, edo ez dute Elizaren erakaspena ezagutzen.

Hek zer nahi erranikan ere, guk dioguna da, Jainkoa justua bezin ona dela, eta ez dela nihor galdua izanen, non ez den bere faltaz. Huna zer dion Elizak: Nor eta ere baitago egiazko Elizaz kanpo, bere faltaz, dakielarik gezurrean dela, edo bederen funski dudatzen delarik; nor eta ere baitago, nagitasun eta lazakeria handizki hobendun den batez, egiaren bilhatzeko lehia eskasez, berak hala nahi duelakotz, Eliza katolikoaz kanpo, gauza premiatsu horren gainean argitua izan nahi gabe; hura ez daitekela izan salbatua. Hura egiazki hobendun eta handizki hobendun da, ez duelakotz nahi Jesu-Kristoren bidea segitu edo bederen bilhatu.

Deus gehiago erran gabe, bere zorteak Erlijione katolikoaz kanpo sor-arazi dituen Eretikoez, zenbat Eskualdun mentura huntan gerta ditezkenak! Hor hemenka ibili izan dire; leku hainitz ikusi dituzte; diru bilha zabiltzalarik, bere haurtasuneko erakaspen sainduak ahantzi; hainitz gauza tzar Erlijionearen kontra entzun eta menturaz irakurri. Fedea emeki emeki ttipituz joan da hekien baitan; duda zenbeit hekien izpirituetarat ethorri: urgulu suerte bat hartu, ustez bederen, lehenagoko lagunez gorago emaitea zela, hekien fedeari ez jarraikitzea!

Oi! Eskualdun maiteak! Zenbat holako, Ameriketan edo bertze nonbeit, diru pixka bat bildu dutenen artean! Zenbat, uste dutenak bere burua altxa, arbuiatuz, ez bada bihotzez bederen kanpoz eta iduriz, bere haurtasuneko sinheste saindu eta kontsolagarria! Urguluak xoilki gidatzen baditu, oi! zenbat hobendun litezken Jainkoaren aintzinean! Zerbeit duda sartu othe da egiazki hekien izpirituetan, fedezko gauzen gainean? Hala bada, ez ditezke bake osoan izan. Bilha dezatela beraz lañoki, othoitzean, umiltasunean eta kontseilu onetan, bere haurtasuneko eta lehen komunioneko fedea eta sinhestea. Ez daitezela ahalge izan bere Aphezen erakaspenen entzuteaz eta hekieri jarraikitzeaz. Bere adixkide hoberenak dituzte.

Bertzela eginez, zer hirriskutan emaiten duten bere salbamendua! Hobeki erraiteko, zoin zoroki dohazin ifernurat, zeren ez baititazke, hek, fede on osoan izan!

162 Nola, asko denboretan eta bereziki azken denbora hautan, Eliza katolikoa gaizki bilhatua izan baita, hemen esplikatzen dugun erakaspenaren gainean, eman dezagun oraino zerbeit argi; ene iduriz. ez da alfer eta debalde izanen.

Salbatzailearen hitz garratz hauk irakurtzen ditugu Ebanjelio sainduan: «Zorigaitz hiri, Korozain, zorigaitz hiri, Bethtzaide, zeren zuen artean eginak izan diren mirakuiluak, Tirreko eta Sidoneko hirietan eginak izan baziren, aspalditik egina izanen baitzuten penitentzia!... Erraiten dautzuet hortakotz, juiamenduko egunean, Tir eta Sidon ez dire zuek bezin garrazki juiatuak izanen» (Vae tibi Corozain: vae tibi Bethsaida; quia si in Tyro et Sidone factae essent virtutes quae factae sunt in vobis, olim in cilicio et cinere poenitentiam egissent. Verumtamen dico vobis: Tyro et Sidoni remissius erit in die judicii quam vobis. (Matth. XI, 21-22).) .

Jesu-Kristoren hitz hauk ongi ikustera emaiten daukute, gutarik bakotxa juiatua izanen dela, ez gure sor lekuaren eta gure burasoen Erlijionearen arabera, bainan bai, Jainkoaz emanak izan zaizkigun argi, grazia eta laguntzen arabera.

Huna oraino Jesu-Kristoren bertze hitz bat ongi erraiten daukuna haren urrikalmendua hedatzen dela fede ona eta bihotz zuzena duten guzien ganat. Soldaduen aintzindari baten fedeaz mintzo zen Salbatzailea, eta hura zen paganoa: «Egiaz erraiten dautzuet ez dudala hoin fede handirik aurkitu Israelen berean. Hortakotz erraiten dautzuet hainitzak ethorriko direla, iguzkia sortzen eta gordetzen den tokietarik, eta ungi ethorriak izanen direla zeruko erresuman, Abraham, Isaak eta Jakobekin; eta erresumako semeak, hek izanen direla kanpoko ilhunbetarat aurtikiak: han izanen dire nigarrak eta hortz karraskak» (Amen dico vobis, non inveni tantam fidem in Israel. Dico antem vobis quod multi ab Oriente et Occidente venient, et recumbent cum Abraham et Isaac et Jacob in regno coelorum. Filii autem regni ejicientur in tenebras exteriores; ibi erit fletus, et stridor dentium. (Matth. VIII, 10-12).).

Hemen ere Jesusek erraiten dauku bakotxa juiatua, sariztatua edo gaztigatua izanen dela bere obren arabera.

163 Behar dire Elizan bi gauza kontsideratu: gorphutza eta arima. Elizaren gorphutzeko dire, bathaiatuak direlarik, Eliza egiazkoa ezagutzen eta haren fedea besarkatzen duten guziak. Hala nola gu guziak Eskual-Herrian, eta gutiz gehienak gure Frantzian. Bainan horietaz bertzalde, izan ditezke eta egiazki hainitz eta hainitz badire, gu bezala agerian eta kanpoz Elizaren menbro izan gabe, Eliza hori ezagutzen ez dutelakotz, hargatik Elizaren ariman direnak; erran nahi dut, fede onean eta bere ustez egian direlarik, bertze Erlijione bat segitzen eta pratikatzen dutenak. Uste dute ongi egin; eta segurki katoliko egin litezke, balakite bide tzarrian dabiltzala.

Arima zuzen eta fede oneko horiek, ahal bezain ongi, eta emanak zaizkoten argien arabera, segitzen badute Jainkoaren legea eta nahia; ekharriak badire, Jainkoak hekien ganik galdegiten duenaren egitera ezagutzen duten bezin laster; ihes egiten badute gaizkiari, jarraikitzen ezagutzen duten ongiari, segurki salbatuak izan ditezke. Badute hek gutiziazko bathaioa; bihotzez, egiazki Jesu-Kristoren Elizan dire, nahiz ez diren hala iduriz eta kanpoz.

Bethi egia izanen da hargatik, ez dela Elizaz kanpo salbatzerik; ezen fede oneko arima horiek guziak Elizaren haurrak dire, berek ez dakitelarik. Bere nahiaz, bere gutiziaz, Jesu-Kristorenak dire, ekharriak direnaz geroztik Jainkoaren nahiaren egitera ezagutzen duten bezinbatean. Ez; ez dire galduak izanen, bere sortzearen ixtripu batek Elizaren gorphutzaz kanpo eman dituelakotz. Zer nahi erranik ere gure etsaiek, hori da Elizaren erakaspena.

Gozo handi bat zaiku erraitea, iduriz gu ganik urrunduak direnetarik asko, arimaz eta bihotzez gurekin direla, gure anaiak, berek ez dakitelarik, eta Jesu-Kristoren odol salbagarriaren probetxuak ageri den baino urrunago hedatzen direla.

Horiek esplikatu eta ongi xehatu ondoan, egia gelditzen da bethi kapitulu hunen hastapenean erran duguna: Ez da egiazko Elizaz kanpo salbamendurik; erran nahi da, ez daiteke izan salbatua, egiazko Eliza ezagutzen duelarik hartan sartu nahi ez dena, ez eta ere, bere Erlijione faltsoaren gainean duda funtsezkoak dituelarik, umilki, fede onean, eta othoitzean, egia bilhatu nahi ez duena.


ZAZPI-GARREN KAPITULUA

Aita Saindua, Elizaren buruzagia

164 Bere Eliza establitu duenean Jesu-Kristok bilkura edo zozietate bat nahi izan du egin; bilkura bat, zozietate bat zoinaren menbro guziek gorphutz bat egiten baitute fede beraren sinhestean eta sakramendu beren partaliertasunean. Bainan, bilkura bat bada Eliza, behar zaio buruzagi bat; bilkura hortan, guziek fede, sinheste, dotrina bera dutenaz geroztik behar dute irakastaile bat, eta hura bakarra, Eliza bakarra delakotz, sekulan mudatzen ez dena bere erakaspenean.

Jesu-Kristo Jainko eta gizon den bezala, erran daiteke ere, lurrean establitu duen Eliza, Jainkoaren eta gizonen bilkura bat bezala dela. Jesu-Kristo da egiazki Elizaren lehen buruzagia. Hura da burua; gu guziak fede dunak, Elizaren gorphutza.

Bainan Jesu-Kristo bere gizontasun ageri zenarekin igan da zerurat. Utzi behar izan du beraz bere ordain bat Eliza katolikoaren buru izanen dena; buru bat ageri dena, zoinaren erakaspena izanen baita gure gidaria.

Hura da Jesu-Kristoren Bikarioa, AITA SAINDUA.

Aintzineko edo buruzagi hori gabe, desegina laiteke laster Elizaren batasuna. Bakotxa ber pentsueri jarraikiz, balitezke zalhu, buru eta gizon bezinbat sinheste eta Erlijione. Hori gertatu izan da Protestanten artean, ez dutelakotz buruzagi bat Jesu-Kristok emana, bethi Fedezko sinheste bera, Jainkozko botere batez erakusten ahal duena.

Gauza hau agerian da. Gorphutz bat ez daiteke bizi, arima berekin izan gabe. Ez da ere gorphutz oso bat izaiten ahal buru bat gabe. Gisa berean Elizaz; lurraren gainean bizi diren gizonen bilkura edo zozietateari baitezpada behar zaio buru bat, lurrean dena eta ageri dena.

Ederki erakusten dauku gauza hori, S. Thomas Dotor handiak: «Dudarik ez da, Jesu-Kristok ditu guziak egiten Elizan; harek du bathaiatzen, harek ditu bekatuak barkatzen; hura da egiazko Apheza kurutzeko aldarearen gainean sakrifikatua izan dena; haren bothereaz da, egun guziez haren beraren gorphutza gure aldareen gainean kontsekratua. Eta nola ez baitzen hargatik fidelen artean egoitekoa bere gorphutz ageri zenarekin, hautatu ditu bere Aphezak, haukien medioz sakramenduak giristinoeri emanak izaiteko. Arrazoin handirekin beraz, bere gorphutz ageria Elizari gordetzearekin, gizon bati eman behar izan dio, Eliza guziaz artha hartzeko kargua, haren izenean eta haren Bikario bezala» (S. Thom. Sum. Contr. Gentil. Lib. IV, C. LXXVI.). Ez daiteke ederkiago mintza.

Erran dezagun nola hautatu eta bere bothereaz dohatu zuen Jesu-Kristok Elizaren buruzagia.

Elizaren lehenbiziko buruzagia Jaun Doni Petri izan da.

165 Galdegiten zioten egun batez Jesu-Kristok bere Apostolueri, zer zen jenden ustea haren gainean, eta berek ere norentzat zagokaten: «Vos autem quem me esse dicitis?» Simon Petri, Izpiritu Sainduaz argitua, ez da dudarik, hurbildu zen Jesusen ganat, eta erran zion fedezko eta adorazionezko hitz eder hau: «Zu zare Kristo Jainko Biziaren Semea» (Tu es Christus, Filius Dei vivi. (Matth. XVI, 16).). Amodioekin erran zion Jesusek: «Dohatsua zare, Simon Joanesen semea, zeren ez baidautzute haragiak eta odolak erakutsi egia hori, bainan bai ene Aita zerukoak. Eta nik erraiten dautzut: zu zarela Piarres edo Petri (erran nahi baita harria), eta harri horren gainean jarriko dudala ene Eliza, eta ifernuko indar guziek ez dute deus egin ahalko haren kontra» (Beatus es Simon Bar-Jona; quia caro et sanguis non revelavit tibi, sed Pater meus qui in coelis est. Et ego dico tibi quia tu es Petrus, et super hanc petram aedificabo ecclesiam meam, et portae inferi non praevalebunt adversus eam. (Matth. VI, 17-48).).

Ez daiteke deus izan Jesusen hitz horiek baino ageriagorik.

Simon Piarres edo Petri hautatzen du Jesusek, zeren jadanik hautatua eta bertzetarik berexia baita Jainko Aitaz, hunek eman diozkan argi bereziez. Harek, harek lehenik, Apostolu guzien artean, ezagutu eta adoratu izan du Jesu-Kristoren Jainkotasunaren mixterioa. Eta hortakotz, bertze guzietarik berexten eta guziak baino gorago emaiten duelarik, erraiten dio Jesusek: Eta nik zuri erraiten dautzut, zu zarela HARRIA, Elizaren zimendua eta sustengua.

Jesu-Kristok, ikusi dugun bezala, izen berri bat eman zion Simoni. Deitu zuen Petri edo harria. Izen berri horren balioa hobeki agertuko zaiku, orhoitzen bagare, Jesu-Kristo bera, Profetez, harria edo harroka deitua izan dela. Ez othe dugu ikusiko hemen, Apostoluari izen bera emanez, bere orde osoki emaiten zuela? Bagintuzke hemen lekuko Origene, Tertuliano, Jerome, Krisostomo eta bertze hainitz Elizako Aita.

«Zertako bada, dio ere Franziako izkribatzaile batek, emana zaio Simoni Petriren (harriaren) izena? Zeren hori baitzen Jesu-Kristoren beraren izena» (L’Infailibilité par M. de S. Bonnet.)

l66 Ordutik, behar zion Jesusek bere Apostolu berexiari bothere osoa eman izpiritualeko gauzetan. Hola egin zuen: ezen huna nola mintzo zaion berehala: «Emanen dauzkitzut zeruko erresumako gakoak: zer eta ere estekatuko (edo kondenatuko) baituzu lurraren gainean, estekatua ere izanen da zeruan, eta zer eta ere barkatuko baituzu lurrean, barkatua izanen da zeruan» (Et tibi dabo claves regni coelorum. Et quodcumque ligaveris super terram erit ligatum et in coelis; et quodcumque solveris super terram erit solutum et in coelis.).

Iduri du, bere Jainkozko deretxo guziak ezartzen dituela Jesu-Kristok, Petriren eskuetan: zuk izanen ditutzu zeruko gakoak; zuk eginak ontzat atxikiko ditut; zuk barkatuak, barkatuko, eta zuk kondenatuak kondenatuko ditut.

Behin egin duena, ez du Jesusek guphidesten. Jaun Doni Petri bere ordain eman du, hala izanen da.

Nahi badugu oraino hobeki ikusi, dezagun idek Jaun Doni Joanesen Ebanjelioa, hogoi eta bat garren kapituluan. Jesu-Kristo phiztua zen ordukotz, eta dizipulueri agertu zen Tiberiadeko itsaso hegian. Bere Elizaren buruzagi izaiteko hautatu duenari galdegiten dio: Simon, Joanesen semea, maite nauzu bertze hauk baino gehiago? — Bai, Jauna, dio Petrik, badakizu maite zaitudala. Eta Jesusek erraiten dio: Bazka zatzu ene bildotsak: Pasce agnos meos. — Galdegiten dio berritz ere: Simon, maite nauzu? — Bai, Jauna, badakizu maite zaitudala. — Eta Jesusek berritz ere: Bazka zatzu ene bildotsak. — Hirur-garren aldikotz galde bera egiten dio Jesusek: Simon, Joanesen semea, maite nauzu? Eta orduan Apostoluak: Ah! Jauna, zuk, guziak dakizkatzuna, badakizu maite zaitudala. — Eta huna Jesusek orduan erran zion hitza: Bazka zatzu ene ardiak: Pasce oves meas (Joan. Cap. XXI, 15-17.).

Azken hitz horietaz, Jesu-Kristok ezartzen du Jaun Doni Petri Eliza guziaren buruzagi. Ezen, bildotsak dire giristino eta fede-dun guziak: Ardiak aldiz dire Apostoluak eta Aphezpikuak. Batzuen eta bertzen artzaina eta bazkatzailea egiaren erakaspenaz, Jaun Doni Petri izanen da: Pasce agnos meos... Pasce oves meas.

Horra Elizaren lehenbiziko buruzagia, lehenbiziko Aita Saindua.

ZORTZI-GARREN KAPITULUA

Aita Saindua ez daitekela errebela Erlijioneko gauzetan

167 Ikusi dugu, Aita Saindua da Elizako fidel guzien gidari eta Nausi izpirituala, hain egiazki nola Jesu-Kristo bera; ezen haren Bikarioa da, haren kargua du lurraren gainean. Aita Sainduari zaio Eliza guziari manatzea; erraitea, erakustea, zer behar den sinhetsi eta zer egin.

Aita Saindua Jesusen hitzaz, Elizaren zimendua denaz geroz, harek badu, fidelen eta Aphezpikuen egian argitzeko kargua, ez daiteke, bertze gizonak bezala, enganakor izan haren karguari baitezpada dohazin gauzetan. Zer bilhakatzen da etxe bat, zimendu faltsoa eta lerrakorra duenean? Laster, zimenduak eskastearekin, lurra behera joaiten da. Hala hala laiteke Elizaz, haren zimendua den Aita Saindua erorkorra eta enganakorra balitz Fedezko gauzetan.

Ez dezagun holako beldurrik izan. Fiador dugu Jesu-Kristoren beraren hitz hau: «Zu zare harria, eta harri horren gainean jarriko eta altxatuko dut ene Eliza, eta ifernuko indarrek ez dute garaituko» (Matth. XVI, 18).

Huna oraino Jesu-Kristoren bertze hitz bat. Othoitz egin dut zuretzat, dio Jaun Doni Petriri, ez dadien ttipi eta flaka zure fedea, eta zuk, konbertitu zaren ondoan, finka eta hazkar zatzu zure anaiak fedean (Ego rogavi pro te, ut non deficiat fides tua, et tu aliquando conversus, confirma fratres tuos. (Luc. XXII, 32).). Nork ez du ikusten, hitz hautaz oraino, Jaun Doni Petri dela bere anaien, erran nahi da, Apostoluen eta dizipuluen, fedean hazkartzeaz kargatua: Confirma fratres tuos. Eta ez dadien bera fedean errebela, Jesu-Kristok othoitz egin du harentzat: Ego rogavi pro te, ut non deficiat fides tua. Uste izan othe dezakegu Jesusen othoitza indar gabe izan dela?

Galdegiten dut orai, bai aintzineko kapituluan, bai huntan entzun ditugun Jesusen hitz hoikien ondotik: Aita Saindua, Fedezko gauzetan, eta gaizkiaren eta ungiaren erregelan, engana othe daiteke bera, edo engana othe gaitzazke? Ikusi dugu, Aita Saindua da Jesu-Kristoren ordaina eta Bikarioa munduan: Verum Christi vicarium. Eta harek, Jesu-Kristoren izenean eta haren autoritatez mintzo zaikularik, enganatzen eta gezurrezko bidetan gidatzen ahal gaituela? Erran behar ginduke orduan, Jesu-Kristok berak enganatu gaituela, Aita Saindua erakustaletzat eta gidaritzat eman daukunean; erran behar ginduke, Petrirentzat egin duen othoitza ez dela entzuna izan.

168 Jainkoaren nahia izan da, dio S. Agustinek, Jaun Doni Petri haren ordaina izan dadien Elizan. Jainko Aitak, bere Semea, Berbo Dibinoa egorri du lurrerat, izan zadien egiazko Erlijionearen iguzkia eta argia. Gisa berean, Jesu-Kristok, zerurat igaitean, lurrean utzi du Aita Saindua, egiazko Erlijionearen zimendu ageri dena, erakaspenaren ithurri garbia, Jainkoaren urrikalmenduaren minixtroa, sakramenduen emailea berak edo bertzez; hitz batez, Jainkoaren dohain guziak, Elizaren gidatzeko eta arimen salbatzeko eskuetan dituena.

Pio IXak erraiten zuen, urthe berri egun batez, Frantses armadako aintzindarieri: «Jainkoak hartu du Bikario bat lurrean, eta Bikario hura, ni naiz».

Egun batez, aphez saindu bat, mendian zabilarik, aurkitu zuen mutiko gazte bat eta galdegin zion: Badakizu zer den Aita Saindua? — Segurki, badakidala zer den Aita Saindua: Aita Saindua da Jesu-Kristo lurraren gainean.

Artzain gazte horrek Eliza katoliko guziaren sinhestea emaiten zuen hitz hortan. Bai, egia da: Aita Saindua, Jesu-Kristo bera da lurraren gainean; Aita Sainduarekin ez dena, ez daiteke Jesu-Kristorekin izan; Aita Saindua Eliza guziaren burua da: Totius Ecclesiae caput.

Nola, gure gorphutzean, burua baita zathi bereziena, nahiz ez den gorphutz guzia; gisa berean, Aita Saindua Elizan. Bera bakarrik ez da beraz Eliza guzia, bainan hura da burua. Haren ganik heldu dire guziak; erakaspenak, sakramenduen minixtroak, Izpiritu Saindua, salbamendua; ez, bere baitarik zerbeit duelakotz, bainan, zeren Jesu-Kristoren ordaina eta Bikarioa baita. Hari erraiten ahal dugu, erran behar dugu, Jaun Doni Petrik Jesusi erran zioen hitz hau: «Noren ganat joanen gare? Zuk ditutzu bizitze eternaleko hitzak» (Ad quem ibimus? Verba vitae aeternae habes. (Joan. VI, 69).).

Behar dugu hargatik hemen Elizaren erakaspena xehatu, eta ilhunberik utzi gabe, ungi esplikatu.

Dudarik ez dugu egiten, Erlijioneaz kanpoko gauzetan, Aita Saindua, bertze gizon guziak bezala, errebela daitekela; aithortuko dugu ere, gauza horietan, bertze hainitz gizon izan ditezkela eta badirela ere, hura baino argituagoak.

169 Jesu-Kristok Aita Saindua eman izan duenean, Elizaren erakaspenaren erakustaile eta argi ezin ilhunduzkoa, ez da gauza horietaz mintzatu nahi izan; hoikietan utzi du gizona, bere adimenduaren indarrez baliatzera, bere libertate osoan; nahiz bethi, bainan bertze molde batean, egia haren ganik heldu den; hura delakotz egiaren ithurria, eta mundua erregelatzen duten lege guziek haren baitan dutelakotz bere hastapena. Bainan, Eliza establitu duenean bilhatu duena, hau izan da: Elizaren ahoz gizoneri erakustea, zer behar duten sinhetsi eta zer behar duten egin, zerurat heltzeko. Guk xoilki dioguna, hau da beraz. Aita Saindua Eliza guziaren buruzagia da, fidelena bai eta ere Aphezena eta Aphezpikuena: Bazka zatzu bildotsak... Bazka zatzu ardiak: Pasce agnos... pasce oves. Harek du ere kargua, errebelatzen direnen bide zuzenean emaitekoa: Confirma fratres tuos.

Erlijioneko gauzetan beraz gidatzen gaituenean; zerbeit erakusten, ez, bertze gizon batek bezala, bainan Aita Saindu bezala; zerbeit manatzen daukunean, Elizaren buruzagi bezala, gure arimen onarentzat, Jainkoaren izenean mintzo delarik orduan ez daiteke errebela, ez dezake gezurra edo gaizkia erakuts, ez gaitzazke engana. Bertzela, Jesu-Kristo bera laiteke gure enganatzailea eta errebelatzailea, hertxiki manatu daukunaz geroz Aita Sainduari jarraikitzea.

Bainan, erranen dautazue, hori da Aita Sainduarentzat fagore, pribilejio bat, handia eta handia. Bai: pribilejio bat miresgarria, bainan ez haren fagoretan; gure fagoretan.

Jainkoak, bere Izpirituaz laguntzen badu Aita Saindua, guretzat egiten du. Eta erranen dut, Jainkoak hori zor diola bere justiziari. Jesu-Kristoren manuz behar ditugu Aita Sainduaren erakaspenak sinhetsi, behar dugu haren legeri obeditu, hitz batez, behar ditugu gure adimenduak eta bihotzak haren autoritatearen aintzinean aphaldu.

Hola denaz geroztik, guri dauku zor Jesu-Kristok, berak eman daukun buruzagi eta gidariak ez gaitzan erabil gezurraren eta gaizkiaren bidetan. Ez dugu beldurrik izaiten ahal. Jesu-Kristok othoitz egin du bere Bikarioarentzat, ez dadien sekulan ilhun haren fedea: Ego rogavi pro te ut non deficiat fides tua... Bethi gu bide onetan hazkartzeko kargua eman dio: Confirma fratres tuos.

Aita Sainduari jarraikiz, Jesu-Kristori berari gare jarraikitzen.


BEDERATZI-GARREN KAPITULUA

Sainduen partaliertasuna

170 Eliza familia bat da

Ongi ordenatuak diren familia guziek bezala, badu bere buruzagia; zeruan, Jesu-Kristo, buruzagi ageri ez dena, bere odolaz Eliza establitu eta finkatu duena; lurrean, Aita Saindua, Jesu-Kristoren Bikarioa eta lurraren gainean haren ordaina. Hori ongi ikustera emana izan da aintzineko kapituluetan.

Bainan, familia batean, familia hartako menbro guziek bat egiten dute. Familiako onak eta aberastasunak guzienak dire. Gisa berean Elizan.

Hori deitzen dugu Sainduen partaliertasuna. «Hainitz gare, zion Jaun Doni Paulok, gorphutz bat egiten dugunak, Jesu-Kristo baitan, eta batzuek bertzeen menbroak» (Multi unum corpus sumus in Christo, singuli autem alter alterius membra. (Rom. XII, 5).). Apostolu berak dio oraino: «Ez dadiela gerlarik izan gorphutz hortan, bainan menbro guziek elgar lagun dezatela» (Ut non sit schisma in corpore, sed idipsum pro invicem sollicita sint membra. (Corinth. XII, 25).).

Aita bera dugu guziek, Salbatzaile bera, Izpiritu Saindu bera, argitzen eta saindutzen gaituena. Guziak, Jesu-Kristok establitu duen Eliza beraren haurrak gare. Beraz, Elizako on eta abantail guziak, guzienak dire. Othoitzek, obra onek, merezimenduek, horiek guziek tresor eta aberastasun bat egiten dute, eta Elizaren haur guziak hortaz baliatzen ahal dire.

Ikus dezagun zer dohan, eta zer gertatzen den gure gorphutzean.

Hainitz menbro badire gure gorphutzean, bainan ez dute gorphutz bat baizik egiten. Menbro bakotxa ez da xoilki bere onarentzat, bainan gorphutz osoaren onarentzat. Begiek ez dute xoilki beretzat ikusten, bainan eskuak eta oinak argitzen eta gidatzen dituzte; oinak gorphutz osoarentzat dabiltza; gisa berean eskuez, belharriez eta bertzez.

Konparazione horrek ikustera emaiten dauku Elizan gertatzen dena. On guziak guzien probetxutan dire. Odol berak gorphutza biziarazten eta sustatzen duen bezala, gisa berean, Izpiritu eta bizi bera dabila Elizaren menbro guzietan.

Erran dugu, sinhesten dutean aurkitzen den, eta Elizak erakusten duen gauza hori deitzen dela Sainduen Partaliertasuna. Erran nahi othe du horrek, Elizaren menbro eta haur guziak sainduak direla? Ai! ez; badire hainitz gutartean, zoinen bizia ez baita Ebanjelioaren araberakoa, urrun da; hainitz badire bere giristino izena, bekatuan biziz, desohoratzen eta aphaltzen dutenak.

Hargatik, Elizaren sinhestean eta galtzarrean bizi direño, zilhegi zaiote, gehiago erranen dut, errex zaiote, nahi bezin bekatore handiak izan ditezen, Elizaren merezimenduetan partalier izaitea. Bekatuan direlarik ere, bertzen othoitz eta obra sainduak ez dire alfer hekientzat, ez dituzteño hautsi eta trenkatu, Elizari estekatzen dituzten lokarriak.

171 Erranen dugu laburzki, zoin diren Elizaren merezimenduetan parte ez dutenak.

1ik Erran gabe doha, Elizaz kanpo direla, lehenik, bathaiatuak izan ez direnak, nola baitire Paganoak, Juduak, Mahometanoak. Hek ez dute, ez dezakete den gutieneko ariarik izan Elizarekin. Jesu-Kristoren Elizaren athea, bathaioa da.

2ik Elizaz kanpo dire ere giristino arnegatuak deitzen ditugunak, erran nahi da, Fede katolikoa ezagutu eta pratikatu ondoan, sahetserat utzi eta arbuiatu dutenak. Horiek, berak eman dire Elizaz kanpo, eta hekien gainerat erortzen da Jesusen hitz garratz hau: «Norbeitek ni arnegatzen balinbanau, nik hura argenatuko dut ene Aitaren aintzinean» (Qui autem negaverit me coram hominibus, negabo et ego eum coram Patre meo. (Matth. X, 33).).

3ik Elizaz kanpo dire ere Eretikoak. Hek dire giristino bathaiatuak, egia da; bainan bere izpiritueri eta sentimendueri jarraikiz, Fedezko egien artean hautatzen dutenak, batzuek onhetsiz eta bertzeak ez. Ez ditezke hek Elizaren haurrak izan, Fedezko egia guziak Jainkozko erakaspen beraren gainean finkatuak direnaz geroztik. Ez gare hargatik hemen mintzo, nahi tzarrekoez baizen, eta ez, argi eta jakitate eskasez, uste gabean eta fede onean errebelatzen direnez.

4ik Xismatikoak: Elizaren sinhestea, baitezpada arnegatu nahi izan gabe, Eliza Katolikoa bere Amatzat, eta Aita Saindua buruzagitzat ezagutu nahi ez dutenak. Gure sinhestea, bere ustez bederen, atxiki nahi dutelarik, trenkatzen dute, Elizaren buruzagi den Aita Sainduarekin juntatzen gaituen esteka beharra eta baitezpadakoa. Burutik berexiak, ez ditezke Elizaren gorphutzeko menbro izan.

Ezti zaiku erraitea, urrikalmendu handiak izanen dituela Jainkoak bai Eretiko bai Xizmatiko fede onean bizi direnentzat. Horietarik hainitz onak izan ditezke. Ordutik, gorago erran dugun bezala, nahiz bere ethorkiak gezurrezko erlijione batean sorarazi dituen, bihotzez eta gutiziaz, Elizako arimaren menbro izan ditezke.

5ik Eskomunikoz joak. Hek dire, zerbeit bekatu edo krima handien gatik, Elizak bere galtzarretik kanpo eman dituenak. Bekatu berean direino edo hobeki erraiteko, eskomunikazioneko pena Elizaz altxatua ez deino, hek, zerbeit huts handien gatik, etxetik kanporat emanak izan diren haur batzuen pare dire. Bainan errex zaiote Elizaren galtzarrean sartzea. Umilki, urrikiekin barkamendu eska dezatela; Eliza, Ama Saindu eta amultsuak bere besoetan errezibituko ditu, eta Jainkoak barkatuko diote.

Sainduen partaliertasun eder horrek, non othe ditu bere mugarriak? Non baratzen da? Gure eta zeruko Sainduen artean, ba othe da batasunik, eta guk, gure aldetik, deus egiten ahal othe dugu, othoitzez eta obra onez, purgatoriotako lezetan pairatzen duten arima gaxoentzat?

172 Ah! bai; Sainduen partaliertasunak besarkatzen ditu zerua, lurra eta purgatorioa. Guziek bat egiten dugu Jesu-Kristo baitan: guduan oraino lur hunen gainean garenek, purgatoriotan, bere hutsen azken zorrak pagatzen hari direnek, eta ere, zeruan jadanik bere sariaz eta zorionaz gozatzen direnek.

Pentsamendu eder eta kontsolagarria! Bai gure eta Eliza guziaren sinhestea da, zeruko sainduak gutaz orhoitzen direla, guretzat othoitz egiten dutela eta gutaz artha hartzen. Hori izan da, mende guzietako Elizako Aiten, eta katoliko guzien sinhestea. Horra zertako zeruko Sainduak bethi othoiztu izan diren Jainkoaren adixkide bezala.

Guk aldiz, laguntzen ahal ditugu gure anaia purgatoriotan direnak. «Pentsamendu saindu eta salbagarria da, dio Izpiritu Sainduak, hilentzat othoitz egitea, izan ditezen bere bekatuetarik libratuak» (Sancta ergo et salubris est cogitatio pro defunctis exorare, ut a peccatis solvantur. (II Machab. XII, 46).).

Horra nola, elgarren anaiak garen guziak Jesu-Kristo eta Eliza baitan. Familia berekoak guziak, Jainko Aita beraren eta Eliza Ama beraren haurrak. Zeruko anaiek eskua hedatzen daukute, othoitz egiten dute guretzat, eta guk, purgatoriotan pairatzen dutenentzat. Gure obra onak, gure merezimenduak baliatzen zaizkote.

Hirur Eliza hautako menbro guziek, bat eginez elgarrekin eta Jesu-Kristorekin, baten laguntza galdegiten dugularik, eta bertzeari gurea emaiten, merezi dezagun, zeruko on eternalen partaliertasun oso eta perfeta, bethi-ereko batean eta zorionean.


HAMAR-GARREN KAPITULUA

Bekatuen barkamendua

173 Gizona erorkor eta bekatoros da.

Gutarik bakotxak erran behar du Dabid Erregeak zioena: «Ecce enim in iniquitatibus conceptus sum». Huna non bekatuan kontzebitua izan naizen. Eta oraino, Errege Profeta berarekin: Miserere mei Deus, secundum magnam misericordiam tuam: Urrikal zakizkit, Jauna, zure urrikalmendu handiaren arabera.

Bekatuan kontzebituak izan gare guziak, salbo Andre dena Maria, Jainko-Gizonaren Ama Saindua. Bainan geroztik, gutarik gehienetan, adimendua ethorri zaikun ondoan, zenbat bertze bekatu, gure flakezaz eta gure nahiz eginak! Badakigu, bekatuak gizona Jainkoaren ganik urruntzen, eta haren etsai egiten duela. Ezen, bekatua Jainkoaren kontrako errebolta bat da.

Bainan gogor eta hasarre egonen othe da Jainkoa, urrikitan sartzen den bekatorearentzat? Ez othe da harentzat izanen barkamendurik, eta Jainkoarekin baketzerik?

Bai; Jainkoa ona da eta urrikalmenduz bethea: Misericors et miserator Dominus. Eta bekatore penitentzia egiten duteneri, barkamendua merezitu diote Jesu-Kristok bere heriotzeaz. Kurutzearen gainerat igan baino lehen, zoin eztiki, gure gogoak eta bihotzak preparatzen dituen! Zoin ungi, Ebanjelio Sainduan agertzen zaikun, amodioz eta urrikalmenduz bethea den Salbatzaile bat bezala! Horra Samaritanoa! horra Maria Madalena; horra bekatu itsusian aurkitua izan den emazte ahalkatu eta umiliatua: barkatuak, eta bere bekatuetarik garbituak altxatzen dire haren oinetarik.

Jainkoaren Semea gizon egin aintzinean, ez da nihor izan bekatuen barkatzeko botherea beretu nahi izan duenik. Hori da gauza bat Jainkoak xoilki egin dezakena. S. Agustinek erraiten du, inpio batetarik justu bat egitea, gauza miragarriagoa dela, ezen ez, zerua eta lurra ez deusetarik ilkiaraztea.

Mundu huntan zelarik, bekatuak barkatzen zituenean Jesu-Kristok, Jainkozko eta osoki Jainkozko obra bat egiten zuen.

Bainan, ez zen Jesus bethi lurraren gainean egotekoa, eta zerurat igan baino lehen, nahi izan du Elizan utzi bekatuen barkatzeko botherea.

Huna zer erran zion Jaun Doni Petriri: «Emanen dauzkitzut zeruko gakoak... Lurrean barkatzen ditutzun guziak, zeruan ere barkatuak izanen dire» (Et tibi dabo claves regni coelorum. Et quodcumque ligaveris super terram erit ligatum et in coelis, et quodcumque solveris super terram erit solutum et in coelis. (Matth. XVI, 19).). Eta zerurat igan aintzinean, erran zioten oraino bere Apostolu guzieri, elgarrekin bilduak zirelarik: «Nik egortzen zaituztet, ene Aitak ni egorri nauen bezala; errezibi zazue Izpiritu Saindua; bekatuak barkatuak izanen dire, nori eta ere zuek barkatuko baititutzue, eta ez dire barkatuak izanen, nori eta ere ez baititutzue barkatuko» (Quorum remiseritis peccata, remittuntur eis; et quorum retinueritis, retenta sunt. (Joan. XX, 23).).

174 Erraiten baliote bezala: «Ni, ezarria izan naiz ene Aitaz, gizon guzien juie soberano; bada, nik egortzen zaituztet munduaren salbatzera eta juiatzera, ene Aitak ni egorri nauen bezala; ene Aitak eman dautan botherea, eta Jainko bezala ene baitarik dudana, emaiten dautzuet; ene urrikalmenduaren minixtroak egiten zaituztet; barka zatzue bekatuak: barkatuak izanen dire, zuek barkatzen ditutzueneri.

Bothere handia eta mirestekoa! Ez, gizon batzuen urguluarentzat emana, jakin dezagun ungi, bainan bekatore guzien onarentzat. Jainkoaren amodioaren eta urrikalmenduaren obra da. Eta ez da hemen izari, ez neurririk. Bekatu guziak, nahi bezin handiak, barkatuak izan ditezke. Jesusen hitzak, ez du nihor ez deus, kanpo uzten: «Bekatuak barkatuak izanen dire, zuek barkatzen ditutzueneri».

Elizari utzi dio beraz Jesu-Kristok bekatuen barkatzeko botherea. Bainan, guk gure aldetik, ez othe dugu deus egiteko, nahi badugu barkamendua izan?

Egia da Jainkoa barkatzera ekharria dela. Bainan ere, bihotzeko asko disposizione galdegiten ditu; guzien gainetik, bekatuaren herra, eta hartarik urruntzeko xede zina.

Bihotzak egin du bekatu; bihotza urrundu da Jainkoa ganik, kreaturari estekatzeko. Barkamenduaren izaiteko, bihotzak behar du beraz, kreaturen ganik urrunduz, berritz Jainkoa ganat itzuli. Bekatuaren herra, eta bekatuarentzateko urruntasun hori gabe ez daiteke izan barkamendurik.

Gauza hori agerian da. Nahi bezin ona eman dezagun eta izan dadien Jainkoa, ez dezake barkamendua eman eta bere adixkidantza bihur, bekatuan, eta beraz, debruaren zerbitzari egon nahi denari. Hori da ez daiteken gauza bat. Ez detzazke nihork bi nausi zerbitza, eta bereziki Jainkoa eta debrua: Nemo potest duobus dominis servire. Ona eta urrikalmendutsua da Jainkoa, bainan ere, zuzena eta justua. Haren amodioa berritz kobratu nahi duten bekatoreeri, galdegiten du bekatuaren herra. Justu eta zuzen da.

175 Bainan, zoin da, bekatuen barkamenduarentzat, Jesu-Kristok establitu duen moldea? Hura da penitentziako sakramendua.

Sakramendu horren minixtroak izan dire lehenik Apostoluak, eta hekien ondotik, Aphezak. Hekieri errana izan zaiote: Bekatuak barkatuak izanen dire, zuek barkatu ditutzueneri, eta ez, barkatu ez ditutzueneri. Gauza hau finkatzen dute S. Anbrosiok eta S. Krisostomok erraiten dutenean, Aphezak direla bekatuen barkatzeko botherea dutenak.

Sartu gabe hemen xehetasun handietan (Gure xedea da, bertze liburu bat egitea geroxago sakramenduez.) erran dezagun, Penitentziako sakramenduaren baitezpadako kondizione bat dela, bere bekatuen kofesioa edo aithorra. Jesu-Kristoren hitza dudan ezin emanezkoa da: «Errezibi zazue Izpiritu Saindua; bekatuak barkatuak izanen dire, zuek barkatzen ditutzueneri, eta ez dire barkatuak izanen zuek barkatzen ez ditutzueneri» (Joan. XX, 23.) .

Ageri da hitz horietarik, bai Apostoluak, bai hekien ondoko Aphezak, arimen juie Jesu-Kristok egin dituela. Bada, behar du jakin juie batek, nork duen barkamendua merezi, eta nork ez. Behar du jakin zeren gainean behar duen ekharri bere juiamendua. Hortarik ageri da, behar duela bekatoreak bere bihotza aphezari ideki, eta bere bekatuaren aithorra egin. Hori gabe, itsua laiteke aphezaren juiamendua. Ez duke hori nahi izan Jesu-Kristok. Eta horra zertako, Penitentziako sakramenduan, Aphezak juie eta bekatuen barkatzaile egiten dituelarik, galdegiten duen bekatoreeri bere bekatuen aithorra.

Kapitulu hunen hitz guzietarik ageri zaiku, ez duela Jainkoak bekatorea barkamenduaren esperantza gabe utzi. Urrikalmendutsua da Jainkoa, eta bekatore handiena bera nahi du salbatu.

Bekatoreak, zohazte beraz haren ganat; eta non aurkituko duzue segurki? Penitentziako sakramenduan; kofesio on eta laño batean.


HAMEKA-GARREN KAPITULUA

Haragiaren phiztea

176 Garen guziak hiltzeko sortzen gare. Adameren bekatuaz geroztik, guzientzat ekharria da lege dorphea: Guziek hil behar duzue: Statutum est hominibus semel mori.

Bainan ez gare osoki hiltzen. Gorphutzetik ilkitzearekin, arima sartzen da eternitatean. Arima ez da hiltzen.

Erran daiteke, heriotzea dela, gorphutzarentzat ere, denbora batetako lo bat bezala. Badoha lurrerat; lurrean hartua izan zen Jainkoaz hastapenean. Bainan ez doha lurrerat bethikotzat. Zenbat nahi zathitan barraiatua izan dadien, ilkiko da egun batez lurretik, eta, bere bizian laguntzat izan duen arimari juntatua izanen da. Hori da Elizaren sinhestea: Credo in resurrectionem mortuorum: sinhesten dut hilen phiztean.

Erlijione eta fede gabekoeri, garratz eta dorphe zaiote erakaspen hau. On litzaiokete, jaidura tzar guzien zerbitzari bizi ondoan, ez balitz bertze bizirik; gorphutza lurrari bihurtu ondoan, oro hortan akabo balire. Juiamenduak, bethi-ereko biziak, ikhara eta nahasmendu handitan emaiten ditu.

Bainan alferretan; hekien uste faltso eta nahi guziak, amets batzuek izanen dire. Arima ez da hiltzen, eta gorphutza bera, ez da denbora batentzat baizen izanen lurraren barnean.

Huna zer zion Jainkoak bere populuari Profeta baten ahoz: «Phiztuko dire zuen hilak» (Vivent mortui tui, interfecti mei resurgent. (Isaias. XXVI, 19).).

Nor ez da orhoitzen Job, gizon sainduaren ixtorioaz? Jainkoaren nahiaz, eta gizon saindu horren bertute eder eta handia agerian emaitea gatik, zilegi izan zen debruari, molde guziz haren tentatzea, gaizkirat lerarazteko. Garrazki joa izan zen bere izaite eta aberastasunetan, bere familian eta haurretan.

Gehiago dena, haren gorphutza zauri itsusi eta izigarri bat egina zen. Desmasia eta zorigaitz hoikien guzien erdian, huna zerk sustatzen zuen, eta altxatzen zioen bihotza: «Badakit, zioen, ene Salbatzailea eta Erostailea bizi dela, eta azken egunean, ni ere phiztuko naizela; beztitua izanen naiz berritz ere ene haragiaz eta begi haukiekin berekin, ikusiko dut ene Salbatzailea... sinheste eta esperantza hori ene bihotzean dakarzket» (Scio enim quod Redemptor meus vivit, et in novissimo die de terra surrecturus sum: et rursum circumdabor pelle mea, et in carne mea videbo Deum meum... reposita est haec spes mea in sinu meo. (Job, XIX, 25-26-27).).

Zoin den argia Testamentu berriaren erakaspena, haragiaren phiztearen gainean!

Huna lehenik, zer dion Jesu-Kristok berak: «Heldu da orena, zointan, hobien zolan direnek entzunen baitute Jainkoaren Semearen boza, eta, ungia egin dutenak, altxatuko dire, bizirat phizteko, eta aldiz, gaizkia egin dutenak, juiatuak izaiteko» (Venit hora in qua omnes qui in monumentis sunt, audient vocem Filii Dei. Et procedent qui bona fecerunt, in resurrectionem vitae; qui vero mala fecerunt, in resurrectionem judicii. (Joan. V, 28-29).).

Gisa berean mintzo zaiku Jaun Doni Paulo: «Hilak phiztuko dire, gehiago ez hiltzeko».

177 Adimenduak berak erraiten dauku, zoin zuzen den, gorphutza berritz arimari juntatua izan dadien, elgarrekin saristatuak edo gaztigatuak izaiteko. Hainitz aldiz, arima gorphutzaz zerbitzatu izan da, ongiaren egiteko; justu eta zuzen da, gorphutza izan dadien arimarekin sariztatua. Hala nola ere, hainitz gaizki egiten baitu arimak gorphutzaren medioz, eta gorphutzeko jaidura tzarrak direlakotz, zuzen baita, parte izan dezan gorphutzak gaztiguan, nola izan baitu bekatuan.

«Eta nahi baduzue eman dezadan arrazoin bat oraino handiagoa, eta Salbatzailearen majestateari hobeki dohakona, erranen dautzuet, Jainkoaren Semeak, arima bat bezin ungi, gorphutz bat hartu duela; gisa hortan, gizona, den bezala eta oso osoa, juntatu izan du bere Jainkozko presunari; zuzen zen beraz, haren botherea heda zadien gorphutzari, arimari bezala, eta gizona, den guzia, haren juiamenduari sumetitua izan zadien». Horra nola mintzo den Bossuet handia, azken juiamenduko predikuan.

Hori dohako egiazki, Jainkoaren justiziari.

Bainan, Jainkoaren justiziak gorphutzen phiztea galdegiten badu, erranen dut ere, gauza bera galdegiten duela haren amodioak.

Zer bada? Gorphutz hau, Jainkoak bere eskuez moldatu, eta bere hatsaz bizirat eman duena; gorphutz hau, bathaiako uraz eta konfirmazioneko olioaz kontsekratua; gehiago dena, Komunione Sainduan, Jesusen gorphutzaz eta odolaz hazia, ustelduraren bazka izanen dela bethikotz? Hori ez daiteke.

Beraz, phiztuko gare; Jainkoaren justiziak eta amodioak higual galdegiten dute.

Jainkoak, xoilki, ezagutzen dituen eguna eta orena ethorriko direnean, boza bat entzunen da, Jainko Semearen ahotik ilkitzen, erranen duena: Hezur ihartuak! Entzun zazue Jainkoaren hitza (Ossa arida, audite verbum Domini. (Ezech. XXXVII, 4).).

178 Hitz botheretsu hori entzunen denean, munduaren laur bazterretan, hilen hezur ihartuak, herrauts bilhakatuak, elgarretarat bilduko dire; lurraren erraiak, itsaso zabaleko lezeak, bizizko haize batez bezala mugituak izanen dire. Aspaldiko urthe eta mendeetan gordetzen zuten bazka, bihurtuko dute eta berritz argitan emanen: Jainkoaren izpirituak bilduko ditu gorphutz hilen ondarrak, eta bizitze berri bat emanen diote; arimak izanen dire lehen zituzten gorphutz bereri juntatuak: Adamen arraza guzia aurkituren da betbetan phiztua, eta juiamenduaren entzuteko bildua.

Inpioek, fede gabekoek erranen dautet: Nola daiteke, hainbertze mila eta mila zathitan, gure gorphutza barraiatua izan den ondoan, berritz gorphutz bera bilhaka dadien? Lurreko harren eta itsasoko arrainen bazka, landareen hazkurri, mila ganbiantza jasanak, nola, leheneko gorphutz bera molda daiteke?

«Zer diozu? dio Tertulianok, Jainkoaren bothereaz nahi zare dudatu? Ez deusetarik gure gorphutzak egin dituenak, ez detzazkela, bere gai berarekin berritz molda?»

Hori da mirakuilu bat, nahi dut; bainan kreazioneko mirakuilua baino ttipiagoa. Eta bertzalde, nor da, Jainkoaren bothereari izariak eta mugarriak eman nahi lituzkena?

Nahi duzue ikusi, zuen inguruetan, zuen begien aintzinean, gure gorphutzen phiztearen itxura bat? Nola, heriotzetik ilkitzen den bizia? Kontsidera zatzue arbolak eta landareak; neguan, elhurpean, hilak dute iduri; ferdetzen dire berritz primaderan, ostoz eta lorez estaltzen. Hazi bat emaiten dugu lurraren barnean: han, zenbeit egunen buruan usteltzen da. Nork erran lezake, hazi usteldu hartarik ilkiko dela laster, landare xut, ferde eta lerden bat, lorez lehenik, eta laster frutuz kargatuko dena?

Erran dezagun, akabatzean, Job Patriarkarekin: Oi ene Jainkoaren botherea! Badakit, sinhesten dut, phiztuko nauzula! Badakit, sinhesten dut, berritz ere, azken egunean, ene arimak eta gorphutzak bat eginen dutela! Oi ene Jainkoa eta ene Salbatzailea! Ene begi hautaz, berritz ikusiko zaitut! Hori da ene sinhestea, eta hori da ene esperantza!


HAMABI-GARREN KAPITULUA

Juiamendu jenerala

179 Hilak phiztuko dire egun batez, Jainkoaren bothereaz. Arimak juntatuak izanen dire bere gorphutzeri. Ez da deus zuzenagorik. Arimak eta gorphutzak, ungia edo gaizkia, elgarrekin egin dutenaz geroztik, zuzen da, elgarrekin izan ditezen sariztatuak edo gaztigatuak.

Gizon guziak phiztu diren ondoan, izanen da juiamendu jenerala eta publikoa.

Jesu-Kristo agertuko da bere Jainkozko bothere eta majestatean. Kontzientziak, arimak agerian emanak izanen dire. Gizon guzien begietarat emana izanen da liburua, zointan baitire izkribatuak bakotxaren egite on eta tzarrak. Ez da izanen obra bat, hitz bat, pentsu bat gordea egonen denik.

Zertako bada juiamendu publiko hori, gizon bakotxa jadan, heriotzeko mementoan juiatua izan denaz geroztik, eta haren bethiereko zortea finkatua?

Jainkoaren Probidentziak eta justiziak berdin galdegiten dute juiamendu hori. Zoin ardura ikusten dugun mundu huntan, Jainkoaren Probidentzia blasfematua, eta haren justizia, iduriz bederen itzalia!

Ez othe da zuzen, ager ditezen egun batez, bere argi osoan, eta guzien begietan?

Zoin ardura ikusten den ere justua, aphaldua, mezprezatua, oinen pean emana, eta askotan, gaxtagintzat atxikia, Jesu-Kristo bera izan zen bezala! Zenbat obra on, Jainkoaz eta aingeruz xoilki ikusiak, saririk izan ez dutenak bizi huntan! Zenbat gaxtagin ere aski amarrutsu eta ausartak, bere gaxtakeriak gordez, ohoreak, karguak menturaz, eta bere lagunen estimua ebasten dutenak?

Jesusek bere bizia eraman zuen, ongia egiten zuelarik: Pertransiit benefaciendo, eta bi ohoinen erdian hiltzera kondenatua izan zen. Zenbat arima on eta justu, bere ongi egin guzientzat, laidoa eta mezprezioa biltzen dutenak! Zuzen da, egun batez, guzien aintzinean, bakotxa ikusia izan dadien merezi duen bezala; justua ohoratua, gaxtoa aphaldua.

Bainan, bertze arrazoin handi eta eder bat ikusten dut oraino, juiamendu jeneralaren beharra esplikatzen daukuna. Jesu-Kristo, Jainkoaren Semea, Berbo Dibinoa, gizon egin da guretzat, guretzat aphaldu da. Kurutzean, gaxtagin bat bezala, bi ohoinen erdian emana izan da. Ez othe da zuzen, amodioz ez bada, bortxaz, errezibi dezan zor zaion ohorea eta adorazionea?

180 Lurrerat ethorriko denean, bi-garren aldian, gizonen juiatzera, belhaun guziak orduan, haren aintzinean aphalduko dire, eta agertuko da egiazki dena. Gizon eta Jainko, zeru-lurren adorazione guziak merezi dituena.

Orduan izanen da hautsia, guzien begietan, Pilatusen juiamendu zuzen kontrakoa. Orduan, pasioneko oren ilhunetan ikusi izan zen arphegi desegin hura, agertuko da bere distiadura guzian, eta Jainkozko edertasunean. Orduan egiazki, kurutze adoragarria, onen kontsolagarri, gaxtoen kondenazione izanen da; zeruak eta lurrak kantatuko dute laudoriozko kantika: Hosannah gloriazkoa, eternitate guzian, handik harat, ixilduko ez dena.

Gehienen ustea da, azken juiamendu hori mundu huntan berean eginen dela. Hola dio iduriz Credo edo sinhesten dutek: Inde venturus est judicare vivos et mortuos. Handik, erran nahi da, zerutik, ethorriko da bizien eta hilen juiatzera. Eta egiazki, ez du iduri, erreprobatuek eta damnatuek zerurat igan behar dutela, bere juiamenduaren entzutera; bertze buru batetik, ez othe da zuzen, sariek eta gaztiguek bere hastapena izan dezaten, non eta ere merezitu izan baitire, erran nahi da, lur hunen gainean? Erran dezagun ere, gure ustearen arabera, zuzen dela, Jesu-Kristo juiatzaile izan dadien, non eta ere bera juiatua izan baita: altxatua izan dadien, non izan baita aphaldua.

Uste izaiteko da beraz, Josafateko arana izanen dela, gizon guzien juiamenduaren lekua. Jerusalemen eta Olibetako mendiaren artean da, Kalbarioko eta Jesus zerurat altxatu izan zen mendieri hurbil. Iduri luke egiazki, leku hori osoki hortakoa laitekela, justuak partalier sar ditezen, Jesusen pasionearen frutuetan; eta ere, Jainko-Gizon egina, ohoratua eta Jainkotzat guziez ezagutua izan dadien, non eta ere izan baita umiliatua eta aphaldua.

Gure arimen onarentzat, entseia gaitezen ikustera, zer den gertaturen, juiamenduko egun handi hortan. Behar dugu guziek egun hortaz orhoitu, eta orhoitu arthoski.

Han izanen dire, juiamenduan, gizon guziak phiztuak eta elgarren ganat bilduak. Alde batetik, justuak, bere gorphutz distiaduraz eta gloriaz beztituekin; bertzetik, gaxtoak, bekatuak egin diozkaten gorphutz itsusi eta izigarriekin.

181 Huna non, betbetan, ikusten den Jainkoaren Semea, argiz egina eta inguratua den tronu baten gainean jarria, zeru goratik jausten, ezin erranezko gloria eta majestate batez beztitua. Haren aintzinean dathor Kurutze adoragarria, justuen kontsolazionea eta salbamendua, gaxtoen kondenazione ikharagarria. Aingeru oste handi batek inguratzen dute, gorte egiteko haren Jainkotasunari, eta justuak sar-arazteko zeruan, arima eta gorphutz.

Han dire debruak Jainko-Gizonaren oinetan (Egredietur diabolus ante pedes ejus. (Habacuc, III, 5).), bortxaz haren Jainkotasunaren ezagutzeko. Bainan ere, orenari beha dagozi, zointan, bere bazka ifernuko lezetarat herrestatuko baitute.

Ez da bilhatze luzen beharrik izanen. Betbetan, egintza eta pentsu guziak, urthez urthe, egunez egun, orenez oren, argitan emanak izanen dire. Gutarik batbederaren bizia izkribatua den liburua, idekia izanen da: Liber scriptus proferetur, in quo totum continetur, unde mundus judicetur. Gauza gordeenak agerian emanak izanen dire: Quidquid latet apparebit; zer ahalkea orduan, bere bizitze galdua, hainbertze artharekin, gorde izan duten bekatoreentzat!

Mundu huntan bizi zirelarik, izan dire menturaz, bere itxura enganakorra zelakotz, ohoratuak, ongi ikusiak, eta horra non agertzen diren orai egiazki ziren bezala: hobi, kanpotik xurituak, eta barnean ustelduraz betheak: Quidquid latet apparebit.

Eta nihorat ez, ihes biderik. Jainkoaren argia sartuko da arimen zolaraino, guziak agerian emaiten dituela, onen kontsolazionearentzat eta gloriarentzat, tzarren ahalkearentzat. Eta entzunen da gero Jesu-Kristo Juie Soberanoaren boza: Zatozte, erranen diote justueri, amodiozko arphegi ezti batekin, zatozte, ene Aitaren adixkide maiteak; zatozte, munduaren hastapenetik preparatua zaitzun erresumaz gozatzera. Bihotz garbi eta zuzenak, huna non ethorria den zuentzat, ene justizia amultsuaren egun handia; segi nazazue, ene heriotzeaz ideki dautzuetan zorionezko Parabisurat. Ene guduetan izan zarete; izan zaiztela ene gloria eta trionfan.

182 Bainan ere, zoin ikharagarria izanen den Jesusen arphegia, bere justizia garratzian itzuliko denean erreprobatuen alderat, erraiten diotelarik: Zorigaitz zueri! ikus zazue Bihotz hau, zuen ihes leku izaiteko zilhatua izan zena; ikus zatzue oin eta esku hauk, zuentzat kurutzeari itzatuak! Bilhatu zaituztet, eta zenbat amodioekin, eta ene amodioari ihes ibili zarete. Ene gonbidu eztiez, ene odolaz, ene heriotzeaz, zer egin duzue? Salbatu nahi zintuztedan; nahi izan duzue galdu. Zohazte beraz, zuek berek hautatu nahi izan duzuen bethi-ereko zorigaitzerat; zohazte ene begietarik urrun, madarikatuak, bethiko su lametarat: Ite, maledicti, in ignem aeternum.

Nor ez da ikharatua geldituren pentsamendu lazgarri hortan? Bekatoros trixteak, egin dezagun oihu, denbora deino, gure Salbatzaile amultsuari, Jesusen Bihotz urrikalmendutsuari.

O Jesus eztia! orhoit zaite, enetzat ethorri zarela zerutik lurrerat; ez nazazula galtzera utz azken egunean:

Recordare, Jesu Pie,

Quod sum causa tuae viae,

Ne me perdas illa die.

Ez dute merezi ene othoitzek, zutaz entzunak izaitea; bainan ona zare. Izan zaite ezti enetzat; ez nadiela erre, bethi-ereko suan:

Preces meae non sunt dignae:

Sed tu bonus, fac benigne,

Ne perenni cremer igne.

Azken egunean, o Jesus! entzun dezadala zure boza, zerurat justuekin deituko nauena:

Voca me cum benedictis.


HAMAHIRUR-GARREN KAPITULUA

Bethi-ereko bizitzeaz

183 Zer bilhakatuko da, juiamendu jenerala ondoan, gure arima berritz hartu duen gorphutzarekin? Joanen da, edo bethikotz zerurat, edo bethikotz ifernurat.

Adiarazi dugu jadanik; arima ez da hiltzen. Haren naturaleza eta izaitea, gorphutzaren naturalezatik osoki bertzerik dire. Gure gorphutza, hin batean, begiez ikusten ditugun bertze gorphutz guziak bezalakoa da: hala nola baitire animaliak, landareak eta lur hau bera. Horra zertako, galtzen duenean heriotzeaz, arimak emaiten dion bizia, usteldura bilhakatzen den, bertze gorphutz guziak bezala, eta, lurrarekin bat egiten duen.

Arimaren bizia, gorputzaren bizitik osoki bertzelakoa da. Baditu bothere edo ahal batzuek, gorphutzak ez dituenak; arimak nahi du, pentsatzen du, arrazoinatzen du, eta ungia maite du. Ez da nihor uste izan dezakenik, horiek guziak, gorphutz xoil batean izan ditezkela.

Izpiritu huts bat denaz geroz arima, ez daiteke bere naturalezaz, gorphutzaren zorte berari sumetitua izan.

Hortik, fedearekin eta gizon argitu guziekin, sinhesten dugu ez dela arima hiltzen. Uste dugu, eta fermuki sinhesten dugu, lur huntan, gorphutz hilkor hunekin daramakan biziaren ondotik, izanen dela akabantzarik izanen ez duen bertze bizitze bat; eta, haragiaren phiztearen ondoan, gorphutza bera, arimarekin partalier izanen dela bizitze hortan.

Nor da, bethi-ereko bizitze horren asmua, bere baitan aurkitzen ez duena?

Ezin bethezko leze bat bezala da gure arima, mundu huntan. Garraiatzen ditu berekin, nahikunde, gutizia, behar, pentsamendu, mundu hunek sasia eta aphezega ez detzazkenak.

Bertze kreaturek, lur huntan aurkitzen dute, bere behar eta gutizien bazka, eta kontentazeko errextasuna. Gizonak, ez. Zenbatenaz ere zorion baitu, eta hanbatenaz gehiago nahi du. Bere baitan dakarke, kreatzaileak berak eman dion sentimendu hau, zorion osoarentzat egina dela, eta ez du zorion oso hori aurkitzen mundu huntan. Bilhatzen baditu atseginak, laster asetzen dute; aberastasunetan igeri bada ere, ez diote aberastasun horiek bere bihotzeko hutsa bethetzen.

184 Zer erran nahi dute horiek? Baizen, Jainko gure egileak eman duela gu baitan, bethi-ereko zorion oso baten asmua eta gutizia? Beraz, edo enganatu gaitu Jainkoak, edo, zorion hori nonbeit aurki daiteke. Ez dugu mundu huntan aurkitzen; bainan, ez daiteke ere erran, Jainkoak enganatu gaituela. Bada beraz bertze bizitze bat, eta bizitze hartaz gozatzeko eginak gare. Heriotzea ez da gizonentzat azken hitza, ez eta ere lurra, azken egoitza.

Bertze froga bat oraino. Garraiatzen dugu guziek gu baitan, ungiaren eta gaizkiaren, bai eta ere, bati eta bertzeari zor zaion justiziaren ezagutza. Ungia eta gaizkia ez direla bat, badakigu. Badakigu ere, eta errexki aithortzen dugu, ungiari saria zor zaiola, eta gaizkiak gaztigua merezi duela. Hori da kontzientziaren oihua, denbora guzietan, eta populu guzietan.

Jendetze guzieri, nork eman ahal izan du sentimendu hori, baizik ere Jainkoak berak?

Bada, zer dugu ikusten? Gauza guziak ordena onean othe dire? Ungia, bertutea, bethi sariztatuak, gaizkia bethi gaztigatua? Zoin urrun garen, bizitze huntan, justizia zuzen hortarik! Zenbat tzar eta gaxto, altxatuak eta ohoratuak; eta zenbat on, aphalduak eta pertsekutatuak! Zenbat bertute gorde eta itzali, sekulan, gizonez ezagutuak, asmatuak izanen ez direnak! Eta hekien aldean, hainitz arima beltz eta hobendun, gizonen begieri arthoski hetsiak daudenak.

Hortik, hainitz gaxtagin ontzat atxikiak; eta hainitz on, kontrarat, gaizki ikusiak, gaxtotzat atxikiak, gizonen maleziaz, edo hekien justizia, enganatua, errebelatua izan delakotz.

Jesus, Saindutasuna bera zena, izan da heriotzerat kondenatua. Nork erranen du hobendun zela, eta gizonen justizia ez dela makur ibili? Erromako Enperadore krudelak, Neron, Kaligula eta bertzeak, Martiren odola ibaika ixurtzen zutenak, justuak othe ziren bada, eta Martirak hobendunak?

Ez da mundu huntan justizia osorik; eta, gure kontzientziak goraki galdegiten du, enganatzen ez den justizia batez, gauza guziak ordenan emanak izan ditezen, bertze bizi batean.

Bada Jainko bat, osoki justua; bada ere beraz, bertze bizitze bat.

Hori izan da populu, jendetze guzien sinhestea. Jainko on, botheretsu, zuzen eta zuhur bat ezagutu duten guziek, uste izan dute, onak eta gaxtoak, bere egintzen arabera juiatuko dituela, bertze bizi bathetako.

Sinheste hori aurkitzen da, ezagutzen ditugun populu pagano guzietan: Non omnis moriar; ez naiz, naizen guzia hilen, zion Erromako izkribatzaile batek. Hori da guzien oihua.

Egia da, ez dutela Paganoek ungi jakin ahal izan, zer daiteken bertze bizitze hori. Aurkitzen dire, hekien sinhesteetan, asko gauza, Erlijioneak, eta ere adimendu zuzen eta argitu batek onhetsi behar ez dituenak. Bainan, guzien gatik, eta, hekien pentsu zoro guzien erdian, egia handi hau gelditzen da xutik: Bada bertze bizitze bat; ez da gorphutzarekin, gizona osoki hiltzen.

Horren gainean, bertze gauzetan bezala, Jesu-Kristoz izan zaiku emana egia osoa.

185 Zerutik lurrerat ethorri denean, gizon egin denean, zer nahi izan du? Gizona, bethi-ereko heriotzetik libratu, zerua idekitzen diolarik. Haren Jainkozko erakaspen guzia, geroko biziaren gainean jarria eta finkatua da.

«Ni naiz, dio Jesu-Kristok, phiztea eta bizia. Ni baitan sinhestea duena, nahiz hila den, biziko da. Ni baitan bizi dena eta sinhestea duena, ez da bethikotz hilen» (Ego sum resurrectio, et vita; qui credit in me, etiamsi mortuus fuerit, vivet. Et omnis qui vivit et credit in me, non morietur in aeternum. (S. Joan. XI, 25-26).). «Nahi baduzue sartu bethi-ereko bizian, jarraik zaizte ene manamendueri» (S. Matth.). «Ene hitza entzuten duenak badu bizitze eternala: joanen da, heriotzetik bizirat. Hilek entzunen dutenean gizonaren Semearen boza, obra onak egin dituztenak, ilkiko dire bere hobietarik, bizirat phizteko. Obra tzarrak egin dituztenak, phiztuko dire bere kondenazionearentzat» (Et procedent qui bona fecerunt, in resurrectionem vitae; qui vero mala egerunt, in resurrectionem judicii. (S. Joan. 29).). «Eta juiamendu jeneralean, erranen diote justueri: zatozte, ene Aitaz benedikatuak zaretenak; sar zaitezte, bethitik preparatua izan zaitzuen erresuman» (Venite, benedicti Petris mei; possidete paratum vobis regnum a constitutione mundi. (S. Matth. XXV, 34).).

Zertako joan urrunago? Giristino Erlijione guzia, bertze munduko bizitze eternalaz mintzo zaiku. Hemen ez da, ez duda, ez ilhunberik. Badela bertze bizitze bat, zorionezkoa edo zorigaitzezkoa; zer behar dugun egin, bati ihes egiteko, bertzearen ardiesteko; guri horren erakusteko, ethorri da Jesu-Kristo lurrerat. Hortako ere establitu izan du bere Eliza Saindua.

Ikusten dugu; gure arimen gutiziek, bethi-ereko bizitze zorionezko bat galdegiten dute. Gure kontzientziaren galdea eta oihua da, bertze bizitze batean, oneri eta tzarreri bihurtua izan dadien bere egintzen arabera.

Populu guziek, paganoek berek, geroko bizitze horren baitako sinhestea izan dute.

Guziak baino ederrago agertu zaiku oraino, Jesusen beraren erakaspena.

Bai, bada bertze bizitze bat, eta ez du akabantzarik izanen. Hobeki oraino agertuko zaiku azken phondu hori, segidako kapituluetan.


HAMALAUR-GARREN KAPITULUA

Ifernua

186 Ifernua! Zer trixtezia, zorigaitzezko leku hortaz mintzatu behar izaitea? Bainan behar dugu, zenbat nahi dorphe zaikun.

Onen eta gaxtoen bethi-ereko zortea, ez daiteke bera izan. Ez dezake gauza hori onhets, Jainkoaren justizia soberanoak; errexki, gure adimenduak berak ikusten du, justuari saria zor zaiola, bainan ere, hobendunak gaztigua merezi duela.

Hala nola, geroago ikusiko dugun bezala, baita zorionezko leku bat, Jainkoaren amodioan hiltzen diren justuentzat, bada ere zorigaitzezko leku bat, azken oreneraino, Jainkoaren etsai egon nahi izan direnentzat.

Leku hura da, ifernua.

Egia horren gainean, ez dauku den gutieneko dudarik uzten fedeak.

Lege Zaharrean, Berrian bezala, ardura erakutsia zaiku. Huna zer dion Isaias Profetak: «Damnatuen bihotza ausikiko duen harra ez da hilen, eta hek erreko dituen sua ez da itzaliko» (Vermis eorum non moritur, et ignis eorum non extinguetur. (Isai. XXIV, 66).). Judithen Liburuan irakurtzen dugu: «Su bat emanen diote Jainkoak, eta har bat, hekien haragia ausikiko duena, eta bethi pairatuko dute» (Dabit enim ignem, et vermis in carnes eorum ut urantur, et sentiant usque in sempiternum. (Judith, XVI, 21).).

Bainan bertze zer lekukotasun behar dugu, Egia bera denak, guzien juie soberanoa izan behar denak, hitz hau erraiten duenean damnatueri: «Urrun zaizte ni ganik, madarikatuak, zohazte bethi-ereko surat» (Discedite a me, meledicti, in ignem aeternum. (Matth. XXV, 41).). Eta bertze hitz hau oraino: «Joanen dire gaxtoak bethiereko sofrikariotarat» (Ibunt hi in supplicium aeternum. (Matth. XXV, 46).).

Ez da bertzela mintzo Jaun Doni Paulo: «Damnatuek jasanen dute bethi-ereko heriotzearen gaztigua» (Paenas dabunt in interitu aeternas. (II. Thessal. I, 9).).

Bethi-ereko ifernua! horra gauza bat, gaxtoek jasan ez dezaketena. Aiphatzen entzutea bera, garratz eta gogor zaiote. Bainan zer da zuzenagorik eta justuagorik?

Zer? bizi huntan direino, mezprezatzen, eta oinen pean emaiten dute, Jainkoaren gu ganako onesgua eta amodioa. Badohaz bere bide tzarretan, Jainkoaren legea ostikaturik, haren gonbidu eztieri gor egonez. Eta horiek hola direlarik, ez duela Jainkoaren justiziak bere bide zuzena izanen?

Jainkoa ona da, diote; ez du nahiko, berak egin duen kreaturaren zorigaitza. Bai; dudarik gabe, Jainkoa ona dela. Bainan ona delakotz, ez othe da ere justua? Jainko ona eta urrikalmendutsua mezprezatua izan bada, azken oreneraino, ez othe du Jainko justuak agertu beharko? Nola onhar dezake, haren handitasun osoa eta Jainkozkoa, izan dadien ez deusentzat atxikia?

187 Ona dela Jainkoa diozu? Bai ona da. Eta ona delakotz, zer da egin ez duenik, gu, bide zuzenean atxikitzea gatik? Zenbat abisu, bai eztiak, bai garratzak, gure arimen irabazteko? Zenbat moldetarat erran daukun: «Egizu ungia, izan zaite giristino on, eta ezin erranezko zorion batez sariztatua izanen zare; bainan, gaizkia egiten baduzu, ene justizia bortxatzen duzu, zure gaztigatzera. Jainkoaren hitz on eta mehatxuzkoak alfer izan badire, noren falta izanen da? Nori beharko zaio jazarri? Jainkoari, edo gure itsumenduari?

Gaztigurik ez balitz bertze munduan gaxtoentzat, bestia errabiatuak baino ariagoak gintezke. Pasione tzarrek ez lukete gehiago zedarririk; laster ikus ginezake lurra, lohikeriaz, ohoinguez, gizon hiltzez estalia. Ez liteke justizia zuzenik. Gauza makur guzietan, hazkarrena nausi; hanbat gaxto flakoarentzat.

Jainko justu eta zuzen batek egin duen munduan, hori izan othe daiteke justiziaren azken hitza?

Nork onhets dezake, bere bizi guzia, Jainkoaren zerbitzuan, eta bere laguneri ungi egiten eraman dutenak; hala nola, San Bixintxo Pauloko bat, Jainkoaz ikusiak izan ditezkela, bertze bizian, ibaika bere lagunen odola ixuri dutenak bezala?

Orduan behar ginduke erran egiazki, ez dela, ez ungi, ez gaizkirik; ez justiziarik, ez Jainkorik.

Bainan bai; bada Jainkozko justizia bat. Onentzat saria den bezala zeruan, gaxtoentzat ere bada gaztigua, eta gaztiguaren leku bat: ifernua.

Hain da gauza hori zuzena, non, paganoek berek onhetsi izan baitute. Guzien sinhestea izan da, leku bat badela, zointan, bizi huntarik lekora, onak izanen baitire sariztatuak, eta bertze leku bat, zointan gaxtoak izanen baitire gaztigatuak.

Katoliko guzien sinhestearen arabera, gaztiguko leku hura, ifernua da.

188 Zer da ifernua? Zer dire ifernuko penak eta gaztiguak?

Lehena eta handiena, nahiz ez den orai gure izpirituetan ungi sartzen ahal, da Jainkoaz gabetuak izaitea.

Gure arimak, gose eta egarri du zorionaz. Gutizia hori ez daiteke Jainkoaz beizik sosegatua izan ahal; zeren, Jainkoaz beraz gozatzeko, eginak baikare.

Mundu huntan gareino, lur behere huntako gauzek abusatzen eta llilluratzen gaituzte; hainitzetan ere, emaiten daukute, aphur bat bederen, zorionaren itxura enganakorra. Bainan heldu da oren bat; lur huntako gauzetan zoriona bilhatu duen arima, gorphutzetik berexi da; eta orduan, mundu huntako on guziak galdurik, haren baitan egiten da leze bat, Jainkoak xoilki bethe dezakena.

Bainan, ez da han Jainkoa, leze horren bethetzeko. Bekatoros damnatuaren arima, bethikotz Jainkoa ganik urrundua da, eta hartaz madarikatua. Hegaldatu nahi luke, bere bake eta sosegua, hura baitan aurkitzeko. Bainan, bethi entzunen du hitz garratz hau: Hoa, ni ganik urrun, madarikatua! Eta hortan da harentzat ezin erranezko sofrikario bat.

Ai! orai badaki ungi, zoin den Jainkoa ederra, handia, maitagarria; badaki, zer zorion aurki zezaken hura baitan; eta, deus ez dezake gehiago. Badaki orai, galdu duela Jainkoa, Jainko guziz ona eta zorion soberanoa, eta hori, bere faltaz.

Desesperatzen du pentsamendu horrek. Zeruko erresuma bethikotz galdua izaitea, hori da, dio S. Krisostomok, sofrikario bat, su guziak baino mila aldiz dorpheagoa. Jakiteko ungi, zer zorigaitz den zeruaren galtzean, behar laiteke jakin, zer zorionetan diren zeruaz gozatzen direnak.

S. Piarres Krisologok, mintzo delarik Ebanjelioko aberats tzarraz, erraiten du: «Aberats tzarra, ifernuan gehiago tormentatua da, galdu duen zeruko zorionaren pentsamenduaz, ezen ez, jasaiten dituen sofrikarioez. Ifernuak baino gehiago oraino, zeruak erretzen du. Haren tormentetarik handiena da, zeruan ikustea, lurrean mezprezatu dituen pobreak».

Zorigaitzean, mundu huntan gareino, ez dugu konprenitzen eta pisatzen ahal, zoin den handia, bethikotz, eternitate guzikotz, Jainkoaz gabetua izaiteko sofrikario hori. Ez baitakigu, zoin den ona, ederra, maitagarria Jainkoa, eta zer zorion zaukan bere baitan, bere justu eta adixkideentzat. Bainan, ifernurat kondenatu bekatoreak, Jainkoa ikusi izan du juiamenduan, bere edertasun eta maitagarritasun osoan; bere faltaz, Jainko hura, bethikotz galdua izaiteak, eginen du, haren sofrikario handiena eta saminena.

189 Huna, ifernuko sofrikario bat, errexkiago konprenituko duguna: suaren sofrikarioa. Han da su bat bethi erretzen, eta bethi bizi uzten duena. Ez da su hura, mundu huntako suak bezalakoa, bainan su bat, Jainkoak bere justizian eta koleran phiztu eta buhatzen duena; gorphutzean eta ariman sartzen dena, gatza haragian, ustelduratik begiratzeko sartzen den bezala. Jesu-Kristoren beraren hitza da (Omnis enim igne salietur. (Marc. IX, 48).).

Badakit zer erraiten duten, bethi-ereko su hortan sinhetsi nahi ez dutenek. Nola daiteke su bat, bethi erretzen duena, bere bazka suntsitu gabe? Ihardetsiko diotet: Zer bada? Arima eta gorphutza ez deusetarik egin dituen Jainko botheretsuak, ez othe diozakete, Jainkozko bothere beraz, suaren sofrikarioa jasan-araz, bizia kendu gabe? Bizia emaiten eta kentzen duenak, bere nahi xoilaz, ez othe dezake bizia begira, kreatura batean, berak nahi duen bezala? Biziaren eta heriotzearen legeak, nork egin ditu baizen Jainkoak?

Ez dezagun, mugarririk eman nahi izan, Jainkoaren bothereari. Ausartzia handia eta inpioa laiteke. Erranen othe dautet ere, Jesu-Kristok enganatu gaituela, hitz hau erran duenean: Zohazte bethi-ereko surat: Ite in ignem aeternum.

Eta, bere ustez argituxago direnek erraiten badautet, arimak ez dezakela suaren pena jasan, izpiritu delakotz, erranan diotet: Urruntxago hedatu bazindute zuen jakitatea, ikasiko zinduten, azken buruan, arimak dituela pena guziak jasaiten; arima baita biziaren prinzipioa. Arimatik berexia den gorphutz batek, ez dezake deus jasan; jasaiten du, sofritzen du, arimarekin juntatua delakotz. Gorphutzaren medioz arimak sofritzen duena, zertako ez dio, Jainko osoki botheretsuak sofri-araziko, gorphutza arteko izan gabe? Horra nola, juiamendu jenerala aintzinean ere, ifernuan diren arima xoilek, suaren pena jasaiten duten.

Badire beraz ifernuan, bi pena damnatuentzat. Bat, Jainkoaz gabetua izaitea, eta bertzea, suan erretzea. Eta, egia dorphea eta garratza, bainan egia, zoinaren pentsamenduak lazten baikaitu: Pena horiek bethi-erekoak izanen dire; ez dute sekulan akabantzarik izanen.

Origenistek, bere buruzagi Origeneri jarraikiz, erran izan dute, noiz edo noiz, ifernuko penak akabatuko direla. Hori da eresia, edo, fedearen kontrako erakaspen bat, bortz-garren konzilio jeneralean Elizak kondenatu izan duena. Liburu Sainduek, Elizako Aitek, eta, mende guzietako Elizaren erakaspenak ez daukute dudarik uzten ahal, gauza horren gainean. Bertze deus gabe, aski litzaikuke Jesu-Kristoren hitz hau: Zohazte BETHI-EREKO surat: Ite in ignem aeternum.

190 Osoki ez bada, guti bat bederen, adimenduak berak ikustera emaiten dauku, bethi-erekoak izanen direla ifernuko penak. Zer estatutan sartzen baita gure arima bertze bizian, bethikotz finkatua da estatu hartan. Zer baita gizona hiltzean, halakoa izanan da ere, hil ondoan. Bekatuan, eta Jainkoaren herran balinbada, bekatuarentzateko esteka, bethi, hura baitan dago; bethi beraz, Jainkoaren justiziaren eta kolera zuzenaren pean izanen da.

Ez daitekenaz beraz bekatorea konberti, ez duenaz geroztik gehiago graziarik izaiten ahal, ez dezake eskain, Jainkoaren justiziari dohakon satifazionerik. Bethi beraz, bekatore dago, bethi hobendun, bethi zordun Jainkoaren justiziaren alderat. Haren urrikia bera, ez daiteke Jainkoaren amodioaz sustatua den urriki bat izan; bainan, desesperazionezko eta errabiazko sentimendu bat.

Bai; nahi dut Jainkoa ona dela, eta haren ontasunak ez duela mugarririk. Bainan, ez dauzkigu, abisuak, gonbidu eztiak, mehatxuak, ez eta laguntza nasaienak guphidetsi. Eta haren amodioaz, haren nahikunde onaz, burlatu bada gizona, azken oreneraino, nori behar da jazarri, baizen bere buruari, bere itsumenduari eta bihotzeko gogortasunari. Amodioa eta urrikalmendua mezprezatu dituen ondoan, uste othe du, bere justizia soberanoa Jainkoak ixil-araziko duela? Bada, juztizia horrek galdegiten du, bekatua, iraunen dueño, izan dadien gaztigatua.

Zoin zuzenki dion S. Gregorio handiak: «Nahiko zuten gaxtoek, bethi bizi lurraren gainean, aintzinat bethi bekatu egiteko. Nola ez baita izan mugarririk, bekatuarentzat eta gutizia tzarrentzat zuten nahian, galdegiten du Jainkoaren justiziak, ez dadien ere akabantzarik izan hekien gaztiguan» (D. Greg. M. Lib. XXXIV. Moral. cap. XIX.).

Oi! pentsamendu ikharagarria eta lazgarria! Bethi eta bethi, Jainko guziz on, eder, eta amultsuaren ganik urrunduak! Bethi, sekulan ttipitzen ez diren su lametan pulunpatuak! Hori dakigularik, nola egiten ahal dugu bekatu, eta nola, bekatuan egoiten ahal gare?

Ai! entzun dezagun eta ardura gogoan erabil Izpiritu Sainduaren abisu hau: Orhoit zaite heriotzeaz, juiamenduaz, ifernuaz, zeruaz, eta ez duzu bekatu eginen: Memorare novissima tua et in aeternum non peccabis.


HAMABORTZ-GARREN KAPITULUA

Zerua

191 Ifernuaz mintzatu ondoan, ordu da, pentsamendu gozoagoez deskantsa detzagun gure arimak. Ilki gaitezen suzko leze ikharagarri horietarik, zointan ez baitire entzuten, hortz karraska, madarizione eta errabiazko oihurik baizen. Ager dadiela gure begietarat, zeruko argi ezti eta kontsolagarria.

Zeruaz mintzatzen hastearekin, behar dugu berehala, gure ahal eskasa aithortu. Jaun Doni Paulo altxatua izan zen, Jainkoaren nahiaz, hirur-garren zeruraino. Ikusi zuen zeruko zorionaren itzal bat bezala, eta etzakien zer erran hartaz. «Begiak ez du ikusi, zion, beharriak ez du entzun, gizonaren bihotzak ez du sentitu, zer daukan Jainkoak preparatua, hura maite dutenentzat». (Oculus non vidit, nec auris audivit, nec in cor hominis ascendit, quae praeparavit Deus iis qui diligunt illum. (I. Cor. II, 9).)

Eta hargatik, arima khartsuen kontsolazionearentzat; ephelen sustatzeko; bekatuaz hilak direnetan, zeruaren gutizia phizteko, behar gare entseiatu, zeruko zorionaren asmu bat bederen emaitera.

Zer da bada zeru hura, zoinaren itzala bera ez baitugu aurkitzen ahal, mundu huntako gauza eztienetan eta ederrenetan, Jaun Doni Paulok dionez?

Zerua da leku bat, bizitze bat, zointan, denbora berean, ungi guziez gozatuko baikare (Status omnium bonorum aggregatione perfectus. (Boece).). Hobeki oraino hitz batez erraiteko, zerua da, Jainkoa den bezala ikusia, bere perfezione guziekin, eta maitatua amodio suharrenaz eta sainduenaz; gehiago oraino, Jainkoa den guzia gu baitan da zeruan (Ut sit Deus omnia in omnibus.). «Jainkoa da, dio Bossuetek, justuen argia, hekien jauntzi gloriosa; Jainkoa da, arimak bozatzen dituen bozkarioa; Jainkoa, hekien bizia; hekien eternitatea, bethi-ereko zoriona deskantsu osoan finkatzen duena».

Hori bera da Abrahame bere zerbitzariari Jainkoak erran zioena: Ni izanen naiz zure sari handia (Ego... Merces tua magna nimis. (Gentes. XV, 1).).

Lur huntan gareino, mirail batean edo bere itzalean bezala ikusten dugu Jainkoa; zeruan ikusiko dugu, bekoz-beko, den bezala, eta ezagutuko dugu, hartaz ezagutuak garen bezala (Videbimus eum sicuti est. (I Joan. III, 2).).

192 Mundu huntan diren Jainkoaren obrak ikusirik, gizon egiazki argituak, espantituak izan dire. Huna zer zion Linne jakintsunak: «Jainkoaren urhatsen seinale zenbeit aurkitu ditut, kreazioneko obretan; den ttipienetan ere, iduriz ez deusak, zer botherea! Zer zuhurtzia!» Zer izanen da beraz, zer llilluramendua, zer, arima justuaren zoriona, Jainkoa ikusiko duenean, ez, munduan utzi dituen bere edertasunaren arrastuetan, bainan, bekoz-beko, den bezala, itzalik eta ilhunberik gabe (Tunc autem cognoscam, sicut et cognitus sum. (I Cor. XIII, 12).)! Jainko Biziaren arphegia ikustea, dio S. Agustinek, hori da zorion soberanoa; hori da Saindu guzien eta Aingeru guzien bozkarioa; bizitze eternaleko saria, gure gloria, akabantzarik gabeko gozoa; hitz batez, hori da Jainkoaren Parabisua.

Jainkoa, den bezala ikusiz eta ezagutuz, maitatuko dugu, ezin erranezko amodio batez; ezen, nork ikus dezake on eta edertasun soberanoa, bere ahal guziez maitatu gabe? Gure bihotzak duen maitatzeko gutizia eta beharra, osoki sasiatua izanen da orduan. Deusek ez detzazke bethe mundu huntan, gure arimaren gutiziak. Jainkoaren edertasun eta ontasun soberanoarentzat egina den bihotza, ez daiteke kreatura flako eta erbailez sasiatua izan. Jainkoa da xoilki, gai dena, gure bihotzeko lezearen bethetzeko.

Gure zoriona osoa izanen da beraz zeruan. Gure izpirituak ikusiko du egia itzalik ez duena, eta gure bihotzak maitatuko edertasun goibelik gabekoa! Bethi eta bethi, Jainkoa ikustea eta ezagutzea den bezala, maitatzea, zorion hori galtzeko beldurrik gabe, horra zerua!

Arraina itsasoan, hegastina airean, arranoa iguzkiaren argian bezala, hala izanen gare Jainkoa baitan pulunpatuak. Jainkoa gu baitan, eta gu, hura baitan. Haren Bihotzeko aberastasunak gure bihotzetarat ixuriak: zer daiteke gehiago? Jaun Doni Paulo, hortaz orhoitzean, bozkarioz gainditua zen; S. Franses Xavier, zorion hortarik zerbeit sentitzearekin, oihuz zegoen Jainkoari: Aski, Jauna, aski!

193 Gorphutza bera partalier izanen da, zorion garbi eta saindu hortan. Gizona arima eta gorphutz da; arima eta gorphutz izanen da zeruan, azken juiamendutik lekora. Ez da izanen gorphutz glorifikatuarentzat, ez minik, ez pairatzerik, ez haragiaren flakezetarik deus. Orai dugun gorphutz hau bera izanen da, bainan glorifikatua, izpiritu bat bezala bilhakatua; beztitua izanen da hura ere, bere moldean, Jainkoa ganik arima ganat jautsi den argiaz.

Eta, zorion ezin erranezko horri bere gaindia emanen diona, hau izanen da: bethi-erekoa izanen baita, eta ez baitu izanen sekulan akabantzarik. «Eternitate guzian biziko dire justuak» (Justi autem in perpetuum vivent. (Sap. V, 16).). «Nik emaiten diotet bethi-ereko bizia, dugu irakurtzen Jaun Doni Joanesen Ebanjelioan» (Ego vitam aeternam do eis. (Joan. X, 28).); eta oraino bertze hitz hau: «Joanen dire gaxtoak bethi-ereko penetarat, eta justuak bizitze eternalerat» (Et ibunt hi in supplicium aeternum, justi autem in vitam aeternam. (Matth. XXV, 46).).

Orhoit, oi! orhoit gaitezen, zerua dela gure egiazko egoitza, eta, zer nahi gostarik ere, harat behar garela heldu.

194 Gure pentsu, gutizia, esperantza guziak dohazila zerurat. Ez gaitzala deusek ere errebela zeruko bidetik. Jarraik gaitezen Jesu-Kristori; gure Salbatzailea eta gure gidaria da. Sinhets detzagun fermuki, eta gure fedea deusez kordokatzera utzi gabe, Jesu-Kristoren erakaspen guziak. Sinhestea ez da aski; eman detzagun obretan.

Horrela egiten badugu, Jainkoa bera izanen da gure saria zeruan; Jainkoa ikustea, ezagutzea, maitatzea; bethi eta bethi, menderen mende, akabantzarik gabe, Jainkoa gozatzea, zer zoriona!

Izan dadiela gutarik bakotxarena! Halabiz!

 

 

 

 

 

 

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

Atzera