BI SAINDU HESCUALDUNEN BIZIA:

SAN INAZIO LOIOLACOARENA
ETA
SAN FRANZIZCO ZABIERECOARENA

Non quœras quis hoc dixerit;
sed quid dicatur attende.
(IMIT., CAP. V. 2.)

Ez galda nor den errailea;
bainan errana har ongi gogoan.

BAYONAN,
LAMAIGNÈRE ALHARGUNAREN IMPRIMERIAN,
Chegarayco carrican, 39 numeroan.
1867.


BI HITZ

Liburu hunen geiac bilduac izan dire Ribadeneiraren, Buhursen, Rorbakren, eta gehienic Doriñaken obretan. Bortz pharte ditu:

Lehen Phartean:

San Iñazio mundutar eta gerlari.

Bigarrenean:

San Iñazio escale eta peregrin.

Hirurgarrenean:

San Iñazio ikhasle eta eracutsle.

Laugarrenean:

San Iñazio Jesusen Compainiaren altxazaile.
San Franzizco Zabieren combersionea.

Bortzgarrenean:

San Iñazio Jesusen compainiaren buruzagi.
San Franzizco Zabieren lanak.

Ikhustearekin bi Hescualdun, mundua, debrua, eta beren burua garrhaiturik, lorios zerurat igaiten, zombat Hescualdun lehiatuco othe gare heier jarraikitzerat? Agian anhitz! Agian guziac!


LEHEN PHARTEA

San Iñazio gerlari eta mundutar

I.

Don Beltramo Oñez Loïolaco Jaunac Bizcaitarra zuen Andrea doña Marina Saez de Licona, etxe handi batetaco alaba.

Zazpi seme eta hirur alaba bazituzten, sorthu zitzaiotenean Iñazio 1491an Loïolaco jauregian. Zortzi garren seme batez erdi zela ilkhustearekin, doña Marinac zerurat altchatu zituen begiac, gero bere senharrari behatzen ziola erran zion:

«Seme haü ez da agian bertze semeac bezala gerla-gizon atheraco, eta bere amarekin agian lakhetu zaio.

«Hunec behar bada, ihardetsi zion senharrac, escolaco gustua elkharrico du.

«Amen othoï!, egin zuen andreac; badut hatic beldurra bertzeac iduria atheraco den.»

Haurra bathaiatu zuten Azpeitiaco Eliza nausian, Iñazio eman zioten izena.

Amac beldurra zuen bezala, haur haurretic su gehiago zakarren Iñazioc harmetaco liburuetaco baino. Gerlariac entzuten zituenean gerlaz mintzatzen, phizten zitzaion odola eta orduan haren ametsa zen armadetan egun batez lorioski agertzea.

Don Beltramoren ahaide hurbil batec, Naïeraco dukiac itsutuki maïte zuen Iñazio; haren baithan oro maïte zituen, haren begi ernea, haren copeta arraïa, haren izpiritu idekia, haren bihotz suharra. Haren aldarte gachtoentzat berentzat maiz bazuen laudorio bat, bethi estacuru bat.

«Biba zu! egiten zion iloba ttipiari. Espainia guzian ez da zu bezalaco gerla-gizonic izanen.

«Oi! ihardesten zion tristeki doña Marinac; zerentzat hola harrotzen duzu haur horren burua? Hoimbertze semetaric ez othe dut bada batto neurekin atchikico? Premua jadanic gerlan da eta bertze seme guziac gerlarat abian!»

«Nigar egiteco arrazoin ere baduzu, zioen senharrac; bainan andre maitea, Frantzian bai eta Espainian ere aitoron seme batec odola zor du herriari.»

Doña Marinac mundu haü utzi zuen Iñazio zer bilhakatuco zen ikhusi gabe.

Haur hori ezarri zuten Abilaco ondoan, izeba baten escuetan zoinac altchatu baitzuen ama baten artharekin.

Zoimbait urtheren buruan Naïeraco dukiac sarrarazi zuen erregeren gortheco escolan.

Ferdinan erregeari anhitz agradatzen zitzaion Iñazio. Gorthe guziaren aitzinean laudorio egiten zion bere jite onaz, bere izpirituaz, bere edertasunaz. Erregeren adichkidantza handizki prezatzen zuen Iñazioc; bere buruaren aski jabe zen hatic adichkidantza hortaz balentriaric ez egiteco eta horrela bekhaiztienac berac ichilic zagozcan.

Escolac akhabatu eta Iñazio gorthean gelditu zen, Noïzetic noïz gerlarat bazohan osebaren lagun; bainan laster itzultzen zen gortherat eta azkenean han fincatu zen.

Norbaitekilacoa bazagocan gorthean. Norbait hura erregeren odoleco andre bat zen, Iñaziori begi onez behatzen ziona. Iñazioc bere aldetic ez zion begi gachtoz behatzen eta andre harren contra hitz bat edo bertze nabaditzen zuenean gaizki-errailea ezpatarat deitzen zuen barkhuric gabe.

Dembora hartan Carlos bortzgarrena jarri zen Ferdinan zenaren ordain. Erresumaz campo asco lekhuetan bazuen gerla eta erresuman berean ere asco herri baziren libertate zaharra harmac escuan galdatzen zutenac. Zuhurtziac manatzen zion beraz Carlosi tropa segurrac han hemen atchik zitzan aitzindari segurren pian.

Naïeraco dukia tropa hetaric baten aitzindari zen. Egun batez gortherat heldu dire Napleseco armadaren berriac eta jakiten dute Loïolaco semec han indar handiac egiten dituztela. Iñazio orduan bere bizi funtsgabecoaz ahalgetzen da eta bere oseba Naïeraco dukia othoizten du zombait soldado eman ditzon gerlarat heiekin juaiteco. Gerlarat juanez, gerlan bere indarra eracutsiz nahi luke Iñazioc maite duenaren bihotza hobelki hatzeman. Oseba Jaunac cargu handi bat emaiten dio bere armadan eta Iñazio urruntzen da gorthetic garrhaitzari itzultzecotan. Hogoi eta sei urthe zituen.

Egun hetan, Castillanoac Bizcaian sarthuric Naïeraz nagusitzen dire. Ondotic badohacote Naïeraco dukia eta Naïera setivan ezartzen du. Berekin du Iñazio. Castillanoec ez dire nihoren beldur; jan edana badute ausarki; luze juan behar du setioac.

Zer gizon den han du eracusten Iñazioc. Egun guzietaco gudu eta guduchketan Iñazio bethi barne, Iñazio bethi buruan. Armada guzian ez da nihor ezpata harc bezala dabilanic; nihor ez da curaïez, jakitatez, indarrez hari hurbiltzeco denic. Azkenean, soldadoer erraiten diote ethorri dela hirian sartzeco orena. Bere hitzaz berotzen ditu, sutatzen ditu, badoha bera aitzin aitzinean, murrailer gora lehen igaiten da eta hiria hartzen du. Bitoriari darraicon saria uzten du bere soldadoer eta armada guziac miresten du haren borthiztasuna guduan, haren jenerostasuna bitorian. Iñazio Loïolacoari ez zitzaizkon guti eder gerlari lagunetaric ukhaiten zituen laudorioac. Gauza batez zen bakharric khechu; bere bitoriaren copletan ezartzeaz maite zuenari igortzeco. Hala egiten ohi zuten dembora hartaco gerlariec.

Castillan bakeac egin eta Iñazio zombait egunen itzuli zen gortherat non ez baitzuen orotaric agurric eta agurric baïzic ukhan.

II.

1521an, Maïatzeco egun batez, chimichtaren pare iragaiten da zaldidun bat Iruñaco carriketan eta gobernadorearen etchean sartzen. Zaldidunaren ahotic non zer berri den jakin duenean, gobernadoreac chichtu batez ekharrarazten du muthil bat, mezu batzu emaiten diotza eta erraiten dio:

«Ez othoi demboraric gal»

eta cadera batean jartzen da, ukhondoac mahain baten gainean, escuac buruari lothuac, buruan mila gogoeta. Horrela dagoelaric, norbaitec emeki emeki idekitzen du gambaraco athea, gambaran sartzen da eta aitzinatzen gobernadorearen ondoraino. Gobernadorea bethi bere buruari lothua zagon eta nihorri ez zen ohartzen.

«Jauna, erraiten dio Iñazioc, deithu nauzu, huna ni.

«Ontsa da, ihardesten dio Naïeraco dukiac, lo dorphe batetaric atheratzen balitz bezala. «Gauza batzu baditut zuri erran beharrac. Jar zaïte aphur bat, iloba maitea. Badakizu gure erregeac Noïonen zer hitzeman zuen. Hitzeman zuen Nafarroa sei ilhabeteren buruan itzulico zuela bere nausi zuzenari Henri Albretecoari. Gure erregeac hitza jan du. Bainan ene iloba maitea, gure jendekiac erregerentzat ichurtzen du odola errege makhur ala zuzen dabilan behatu gabe. Orena huna ethorria Espainiari, Frantziari, eta erregeri eracusteco zure arbasoen odolecoa zarela.

«Jauna, erraiten dio bizi bizia Iñazioc, ez dut bertze gogoric erregeren zerbitzatzea baïzic.

«Zure ahotic hori nahi nuen entzun, iloba maitea; doidoïa berria ukhan dut Frantses armada hurbiltzen ari dela Cunde Lesparre aitzindari. Henri Albretecoac Jakinic Nafarroco tropac oraino Castillan direla, armada bat igortzen du gure contra bere ondoriotasunean sartzeco. Bada huna nola iduritu zaitan behar dugula jokhatu. Ni Castillarat juanen naïz sokhorri bilha. Arte huntan gazteluco gakhoac zuri uzten darozkitzut; gazteluco eta hirico aitzindariec elgar adituco duzue; heïer ere erranen diotet gauzac nola diren. Burgoserat Juanen naiz, don Frederiki hartuco diotzat bere troparic hoberenac eta demboraric galdu gabe hunat ekharrico. Orai beraz, iloba maitea, zuri nago, eta esperantza dut Naïeran izan zarena izanen zarela Iruñen.

«Oseba Jauna, Naïeran ez nuen egin egin behar nuena baïzic, orobat eginen dut Iruñen eta ezpata escuan dudano ez naüte Frantsesec urrhats batez gibelarazico.»

Oseba ilobac horrela mintzo direlaric, muthil batec mezutzen dio Gobernadoreari hirico Jaunec sala handian iguricatzen dutela. Gobernadorea sartzen da salan, Iñazio escutic. Biltzarreari erraiten dio etsaia nola hurbiltzen ari den eta etsaiaren contra zer chede hartu duen. Hitz haütaz akhabatzen du:

«Jaunac, fida naiz Iñazioz egin dudan hautua ez duzuela gaitzetsico.»

Biltzarre guziac ihardesten dio:

«Gobernadore Jauna, ez zinezaken hautu hoberic egin.»

Handic bi oren gabe Gobernadorea Burgoseco bidean zen.

III.

Bazakien Iñazioc Nafartarren berri. Bazakien anaïa batzu bezala iguricatzen zituztela Frantsesac eta beldur zen haren soldadoac, gehienac Nafartarrac, Frantsesen alde itzul ziten. Ikhusten zuen galdua zela Frantsesec oseba aintzintzen balimbazuten. Bainan zer nahi gertha zadin buruan ontsa sartua zuen etsaiari ez zuela amorric eginen.

Iñazioc beldurra zuen bezala Frantses armada bozcariorekin hartu zuten Nafartarrec. Bide guzian ez zuten Frantsesec egitate onic baïzic ukhan. Mendecoste bezperaco Iruñepean ziren eta berheala setioan ezarri zuten hiria.

Ikhustearekin nihondic ez zaïola sokhorriric heldu hirico Jaunec Iñazio othoizten dute sartzerat utz ditzan Frantsesac, ez dela indarretan Frantses armadari ihardokitzeco. Tropetaco aitzindariec erraiten diote:

«Zure oseba Jauna ez diteke tenoreco ethor. Zerentzat behar du odolac alferretan ichuri?»

Populuac dio:

«Henri Albretecoa da gure erregea! Bakea, bakea Frantsesekin! idek, idek atheac cunde Lesparri!

«Biba Henri Albretecoa! diote Nafartar soldadoec. Biba Nefarroco erregea! biba Frantses armada!»

Gazteluco buruzagiac ere solhas berac ditu. Iñazio da bakharric ideia contraco dena. Grinarekin ikhusten ditu hirico atheac Frantseser idekiac. Badoha orduan gaztelurat; han nahi du etsaia iguricatu, han bere indarra etsaiari eracutsi. Iñazio bero bezain gazteluco buruzagia hotz. Hau tropetaco aitzindari zaharrenekin jausten da Frantsesetarat, Frantsesekin hautsi-mautsi baten egiteco. Iñazio ere jausten da. Nahi du ikhusi Frantsesec zer condizionetan escainico duten bakea. Cunde Lesparre ez bide zabilan ahamen ttipiaren ondotic. Halere bakearen gatic oro on hartzen ditu gazteluco buruzagiac. Iñazio orduan coleran altchatzen da. Gazteluco buruzagia eta Cunde Lesparre behatze batez erdiratzen ditu eta ondo hartan diren aitoron seme batzuer erraiten diote:

«Jaunac! gaztelua behar badut ere bakharric begiratu bakharric begiratuco dut. Zerentzat dakharregu ezpata gerrian? Norc nahi du niri jarraiki?

«Nic nic! diote betan asco aitoron semec.

«Ontsa hola! dio Iñazioc. Gerla gerla etsaiari! guazen gaztelurat eta eracuts dezagun ez garela hiltzearen beldur. Biba Espainiaco erregea!

«Biba Loïola! biba gure erregea! diote Iñaziori darraizkonec.

Iñazio soldado bakhar horiekin sartzen da gazteluan eta etsaia han iguricatzen du. Aphez baten escasian gerlaco lagun bati cofesatzen da, hiltzerat baloha bezala. Frantsesec suia hasten dute biharamun goïzean, argi urratzean. Bihotzdunenac abiatzen dire murrailer gora. Iñazioren ezpata han khausitzen dute murrailac baino borthitzago. Artilleriac murrailac joiten ditu arrabots ikharagarri batekin. Ez da ikharatzen Iñazio eta bere ezpataz jin guziac garbitzen ditu. Frantses armadaco aitzindariec miresten dute hoimbertze curaïe eta holaco gerlaria zeren ez den Frantsesa deithoratzen dute.

Artilleriac noïzbait gazteluco murrailla zilhatzen du; harri batec colpatzen dio Iñaziori ezkerreco zangoa eta bomba batec hausten dio escuinecoa. Lorioski erortzen da bere lagunen erdian.

Iñazioren lagunac Iñaziorekin zerbait, Iñazio gabe gauza guti, lotsatzen dire. Harmac uzten dituzte eta gazteluco gakhoac Frantseser emaiten.

Frantsesec arthatzen dute Iñazio haren colpeari eta izenari dohacoten bezala. Cunde Lesparre ikhusterat juaïten zaio eta laudorio handiac egiten diotza haren contra egin dituen indarrez.

«Jauna, erraiten dio Iñazioc, zure escuco naiz eta halere uzten darotazu ezpata.

«Zu bezalaco gizon bat, ihardesten dio Cunde Lesparrec, ez da seculan garrhaitua; libro zare eta guc ez zaitugu atchikico zure colpeac galdatzen duen dembora baïzic. Arte huntan emaiten darotzut ene adichkidantza eta galdatzen zurea.

«Arras gogotic, dio colpatuac Cunde Lesparri escua tincatzen diola, eta ene alderat hoin ona zarenaz geroz grazia bat nahi nezaikezu galdatu.

«Mintza zaite Jaun maitea! Ahal dudan guzia eginen dut zuretzat.

«Nafarroco Gobernadorea ene oseba da. Iruñe bidean da zuen guducatzerat heldu. Othoizten zaitut jakinaraz dezozun hiria eta gaztelua galdu baditut ere ohorezki galdu ditudala.

«Bai segur ohorezki galdu ditutzu»

eta colpatu maitea amodiorekin besarcatzen du.

Zombait egunen buruan, barberrer iduritu zitzaiotenean hirriscu handiric gabe lekhuz aldara zitekela, Cunde Lesparrec erran zion:

«Gerlaco lagun maitea, orai adio behar dugu elgarri erran. Loiolaco jauregian hobeki arthatuco zaituzte. Aithor darotzut zure uzteac bihotza hausten darotala eta ez nukela nahi gure ezpatac berriz elgarrekin khurutza diten.»

«Nic ere ez nuke nahi, Cunde Lesparre; bainan gure erregen arteco makhurrec hala ekhartzen balute, ez nezake nic entzun ohorearen eta egimbidearen botza baïzic.

«Atheraldi ederra hori, Loïola maitea. Ez dut nic ere ahantzico Frantziaco erregen atheraldi haü: Egizac egin behar ducana; gerocoac gero.»

Bi gerlariec elgar besarcatu zuten eta aphur baten buruan Loïolarat zeramaten Iñazio ohe baten gainean.

IV.

Iñaziori bihotzic amultsuena eracatsi zion bere anaïa Garziac, Loïolaco premu Jaunac. Herrico barberrec, colpeac ikhusi eta erran zuten escuineco zangoa gaizki lothua zela.

«Hola utziz, diote, zango hortan bethi oïnhaze ukhanen du eta maingu geldituco da.

«Eta maingu ez gelditzeco, zer egin behar dut? dio Iñazioc. «Jauna, maingu ez gelditzeco zauri hetsia behar liteke berriz ideki, hezurra aldaratu, haragiac hezurrari berriz josi eta lothura erreberritu.

«Hola balimbada, dio gerlariac, horra ene zangoa; berheala has zaitezte, ez dut maingu gelditu nahi.»

Hasten dire. Oïnhazeric minenac jasaiten ditu auhen bat aurthiki gabe. Bainan biharamunean sukharrac erretzen ari zuen eta sukharra oren guziez borthiztuz zitzohacon.

«Jauna, erraiten dio eriac barber bati, arras gaizki eta nahi nuke girichtino on gisa hil. Zer diozu?

«Jauna zure adinean ez da berheala etsitu behar.»

Eriac badu entzunic aski. Munduco gauzac utziric bazterrerat, Eternitateari buruz jartzen da.

Izitua bere anaïaren hoin aphal ikhusteaz, Garziac barberrari erraiten dio:

«Zer diozu ene anaïaz?

«Ah Jauna deus onic ez. Ez badu berheala onerat emaiten, ez dut uste bihar artio iraunen duen.»

«Egun da Jondoni Petri eta Jondoni Pauloren bezpera, dio Garziac nigarrez, galda diozegun Iñazioren sendatzea. Iragan urthean Iñazioc copla batzu ezarri zituen Jondoni Petriren ohoretan. Agian orai orrhoituco zaio!»

Arrats irian sacramenduac hartu zituen Iñazioc ahaide adichkiden nigar auhenen erdian.

Gaü erditan, azken hatsa noïz aurthikico zuen beha zaudelaric, gozoki lokhartu zen eta ametsetan ikhusi Jondoni Petri sendatzerat heldu zitzaiola.

Atzartu zenean hirriscuz campo zen. Sukharrac uztearekin eta indarrac itzultzearekin khendu zioten zangoco lothura. Orduan ohartu ziren hezur hautsiaren phuscac makhurtu zirela, bat bertzearen gainean jarri zirela eta zainac haimbertzetaraino bildu non zango hura bertzea baino anhitz laburrago gelditzen baitzen. Harritu ziren guziac. Iñazio Loïolacoa, gizon ederra! Gortheco Andren Jaioa! Armadaco lorea! Maingu! Zer lastima!!!

«Belhaunaren pean ez dut nahi trumpiloric, dio Iñazioc barberrer. Trumpilo horrekin zer itchura nukena! Phica zazue haragia hezurreraino eta hezurretic khen ezazue behar den guzia.»

«Iñazio Jauna! Ezin jasanac dire holaco oinhazeac. Hezurrac behar luke tresnez phicatu.»

«Phicatu behar badu phica zazue.»

«Bainan Jauna orai artean jasan dituzunac deusere ez dire jasan behar zinuzkenen aldean.»

«Hori ene egitecoa da; zuen egitecoa da niri trumpilo horren nolezpait ekhentzea. Tresna bat egizue zango hori bertzearen heinerat ekharrico duena; ez dut maingu gelditu nahi.»

«Jauna badakigu ez zarela beldurti; bainan galdatzen darocuzuna martiriozko tresna bat da. Othoi, othoi Jaüna.......

«Jaunac, berriz ere diotzuet ez dudala maingu guelditu nahi. Non tutzue tresnac? Zuec balimbazarete, ni banaiz.»

Garziac bere egin ahalac egin zituen lan hortaric Iñazioren gibelatzeco.

«Premu Jauna, premuari zor dudan errespetu guziarekin erranen darotzut ez dela errech hogoi eta hamar urthetan ukho egitea gortheari, armadari, munduco atsegin guzier.»

«Iñazio maitea zaude gurekin; gurekin ontsa bizico zare.»

«Ene adinean! ez premu Jauna. Hartu dudan urrhatsari sobera atchikitzen dut. Jasan behar ditudan oïnhazeac balire ere miletan borthitzago, guziac jasan nitzazke. Ez naü oinhazeac izitzen, maingu gelditzeac naü izitzen.»

Iñazioren nahirat erori behar ukhan zuten. Lanaren errechkiago egiteco barberrac Iñazioren estecatzen hasi ziren.

«Ni esteca! ni esteca erho bat edo haur bat bezala! Ez dut ez geldiric egoïteco esteca beharric.»

Hezurraren phicatzen abiatzean colorez khambiatzen da barberra.

«Harrazu curaïe, diotso Iñazioc, emazu hor gorphutz hil baten gainean ari bazine bezala.»

Luze iraun zuen lanac eta luze martirioac. Halere oïhu bat ez zuen egin Iñazioc; colorez choilki ez zen khambiatu.

Lana akhabatu zenean Garziac erran Iñaziori:

«Zer bihotzaren jabe zarena, anaia maitea. Zure hezurra phicatzen ikhusi duzu bertze batena izan balitz bezala. Nindagon neure buruarekin ez othe nuen zuc baino gehiago sofritzen.»

«Premu Jauna, handitchu hura nahi nuen baitezpada khendu; ez nuen harekin hambat argituco gorthean.»

Lan horren ondotic barberrec burdinezco tresna bat ezarri zioten zangoaren luzatzeco. Tresna hori luzaz behar zuen geldi geldia atchiki.

Ohe zeruari so, gorthea zabilan gogoan eta gorthean utzi zuen andrea, zoinari agradatzeco haimbertze pairatzen baitzuen. Iduritzen zitzaion gorthean zabilala, hatz-behatzac oso, gorthe guziaz goraiphatua eta maithatua. Hatic dembora bazohan eta ohean eneatzen hasi zen.

Zerbaitetan behar duela dembora iragan, muthil bati manatzen dio gerlaz eta amodioz mintzo den liburu zerbait ekhar dezon.

Muthila heldu zaio bi liburuekin.

«Jauna horra zer hatzeman dudan.»

«Zer? nic jostagailu bat galdatu eta elizaco liburu batekin heldu zaizkit? Burutic juan zare?»

«Jauna! bertzeric ez da.»

«Zohazi, bertze zerbait galdezozu premu Jaunari; errozu nic egorri zaitudala.»

«Jauna galdatu diot; bertzeric ez omen du.»

Liburu hec ziren Jesu-Christoren bizia eta Sainduen lorea.

«Bertzeric ez bada, dio Iñazioc, hauc iracur ditzagun.»

V.

Iñazioren gambaran sartzen zen guziez, Garziac liburutan khausitzen zuen Iñazio.

«Sainduen bizia agradatzen zaizu beraz, anaia maitea?»

«Bai Jauna. Gerlariec egundaino egin ez dituzten gauzac khausitzen ditut sainduen bizian. Hatsarrean ez nintzan bero bero, bainan orai gogotic iracurtzen dut.

«Hobe anaia maitea; zuretzat ontsa eneagarri zen deus ere egïn gabe egoitea.»

«Liburutan hasiz geroz ez naiz haimbertze eneatzen. Behazazu hatic, premu Jauna; nic oïnhaze hauc jasaiten ditut gortheco andren begietan deus gal beldurrez, eta sainduec hoimbertze eta gehiago jasan dute Jaincoaren amoreagatic. Beren penitentziez seculaco zoriona irabazi dute. Eta ene irabazia zer izanen da? Adichkide zombaiten laudorioac, andre zombaiten behatze eztiac. Eta andre hec atchotu direnean? Eta ni chahartu naïzenean zer geldituco zait?»

«Mundua hola dabila bethi, Iñazio maitea. Zure egitecoa da ez saindu bilhacatzea liburu hortaco sainduac bezala, bainan bethi ohorezki bizitzea zure odolari eman zaion bezala.»

«Ideia bereco gare, premu Jauna. Ez nago segur mundua uztecotan. Ni saindu bilhaca! Nola nahi duzu nitaric saindu bat athera dadin?»

Sainduen bizia iracurriago eta ederrago zitzohacon. Heien obra handiac bi hiruretan iracurtzen zituen eta izkiribuz ezartzen. Artetan haü erraiten zuen bere buruari:

«Zerentzat ez dut eginen sainduec egin dutena? Sainduen nombrean asco badire ni bezain familia handicoac; badire ere erregen odolecoac eta erregeac berac. Zerentzat ez dut bilhatuco hec bilhatu dutena? Orai gozatzen dute munduac eman ez dezaken zorion bat, zorion haren galtzeco beldurric gabe. Zorion hura ardietsi dute munduari ukho eginez, othoitzean eta penitentzian biziz. Nic maite ditudan gauzac hastiatu dituzte, nic hastio ditudanac maithatu. Norc othe du arrazoin? Hogoi eta hamar urthetan naiz, aitoron seme handi, munduan aitzinatzeco behar diren guziac baditut... bainan ene zangoa tresna huntaric athera eta berriz laburtzen bada, horra non beharco dudan adio erran gortheari, adio munduari. Zainetaco makhur bat, edo colpe bat, edo eritasun bat aski balimbadire munduco urrhatsaren galarazteco, zer ari naiz munduari jarraikiz.

Gaüaz eta egunaz borroca ari zen gogoeta horiekin eta bertze haüekin:

«Agertzen ez banaiz zer erranen dute gorthean? Usteco dute irriegingarri bilhacatu naizela eta ahalgeac nagocala gordea; edo usteco dute Iruñe nic galdu dudala; mendratuco naüte, erranen dute ihes nabilala. Aho mihitan horrela ibilia banintz!»

Orduan bere ezpatari behatuco zion eta gaizki erraileari gerruntzetan barna gogotic sarthuco zion.

Dembora jin dembora juan, gogoetac jin gogoetac juan. Egun batez bere buruari galdatzen dio ez othe litekenez ordu harat edo hunat egiteco.

«Ene baitan badire bi borondate; batac ongirat nerama, bertzeac gaizkirat; batac zerurat, bertzeac ifernurat. Gogoan erabiltzen ditudanean bizitze saindu baten ondorioac, bake gozo batec bethetzen naü. Gogoa alhatzen dudanean munduco gauzetan, khechuz ezin nagoke. Zerentzat hoimbertze duda muda? Sainduec egin dutena eginen dut.»

Dembora hartan zangoa hobeki izanez camporat agertzen hasi zen. Bainan onic ez zuen liburutan eta othoitzean baïzic. Gaü guziez jeikitzen zen bildutasun gehiagorekin othoitz egiteco.

Gaü batez, bihotz guzia Jaincoaren amodioaz hartua, belhaunico erortzen da Andre-dena Maria baten aitzinerat. Andredena Maria othoizten du onets dezan haren Seme dibinoari bere buruaz egiten dion escaintza; armadetaco mintzairean hitzemaiten dio haren banderari jarraikico dela, haren erran guzier behatuco dela, bizian eta hilean semearen eta amaren gizona izanen dela.

Dembora berean arrabots ikharagarri bat entzuten da jauregian, jauregia zimenduetaraino khordocatua da. Iñazioren gambaraco pareta nahiz arras lodia arrailatzen da. Orduco arraila ageri da oraino. Ez zen lur ikhara. Arrabotsa jauregian entzun zuten bakharric, deusere ez zuten auzoèc nabaditu. Bertzeric ezin eta debruac dudaric gabe nahi izan zuen Iñazio etchearen pean lehertu. Hala uste dute anhitzec.

Aspaldian ohartua zen Garzia Iñazioren khambiamenduari. «Iñazio maitea, erraiten dio egun batez, ene arrangurac behar darozkizut erran. Zure khambiamendua hain da handia non ez bainaiz zure gainean beldurric gabe. Gorthea, armada, ohoreac, atseginac, oro utzi dituzu, eta zer egin gogo duzun ez dautazu salatzen. Beldur naiz zure gogo beroac urrunegi ereman zaitzan.»

«Ez premu Jauna ez, ez nau ene gogoac urrunegi eremanen, ez izan ene gainean holaco beldurric.»

Aphur bat solastatu ziren oraino, bainan Iñazioc bethi hoberenac barnean.

Ondoco gaüean, othoitzean zagoelaric, andredena Maria agertu zitzaion argiz inguratua, Jesus haurra besoetan. Ez zitzaion mintzatu, bainan ikhuste miragarri horrec bihotza bethe zion ezin erranezko atsegin batez. Iduritu zitzaion graziac, garbitu ziola, berritu ziola arima eta handic harat ez zuen gogoèta lizun bat ere ukhan.

Iñazio estacuru bilha zabilan Loïola aldebat uzteco; Loïolan egoitza luzatuz beldur zen anaiac sobera erran.

«Premu Jauna, erraiten dio egun batez, orai sendatuchea naiz, eder da dembora, Nabarreterat nahi nuke juan oseba dukiaren ikhusterat.»

«Enganatzen nauzu, Iñazio! Nabarretez bertzeric baduzu zuc gogoan.»

«Ez anaïa maitea, egiaz mintzo nitzaizu, Nabarreterat noha.»

«Nabarreterat zohazi, bainan handic noretaco bidea hartzen duzu? Badakit nihorc ez bezalaco ideiac dabilzazula buruan. Zerentzat ez darotazu zure barneco berri erraiten? Maite zaituen anaia bati ez othe dezakezu erran zer escualde hartzen duzun? Munduari ukho egin nahi duzu, badakit. Bainan zure arimaren arthatzeco zer traba khausitzen duzu Loïolan? Jaincoa ez othe da lekhu guzietan? Sainduen etsempluec lilluratu zaituzte. Nahi othe zinduke sainduec bezala herrestan bizi?

Ichil ichila zagon Iñazio.

«Nic errana hala ez bada, dio Garziac, zerentzat ez dautazu ihardesten?»

Iñazio bethi ichilic zagon.

«Zure buruaren jabe zare; bainan ene anaia, ene anaia maitea, ez bazare Nabarretetic itzultzen, beldurra dudan bezala, behingotz uzten bagaituzu, hitzemadazu Loïolaco izena bethi ohorezki ekharrico duzula eta ez dugula zutaz ahalgetzecoric ukhanen.

«Premu Jauna, hitzemaiten dauzut ohoreari bethi hurbildanic behatuco diotala. Egia erran dauzut, Nabarreterat noha osebaren ikhusterat; eri nintzalaric ikhusten izan zait; zor diot nic ere ikhusterat juan nakion.»

«Aski azcar othe zare mendiz mendi holaco bide baten egiteco?»

«Bai premu Jauna bai, ez naü bide horrec izitzen; Nabarreteracoan Oñaten baratuco naiz arrebaren etchean.»

«Hola denaz geroz arrebaren etcheraino lagunduco zaitut, eta handic muthilekin juanen zare osebaren etcherat.»

Biharamunean bi anaïac, muthilac ondotic, Oñaterat jautsi ziren. Adioac oheratecoan egin zituzten, Iñazioc goizic behar zuelacotz jeiki. Gaüaz jeiki zen nihor ohartzen ez zelaric eta gaüa iragan zuen Andredena Maria Arrancuzacoaren elizan. Argia gabe Oñaten harat zohan bi muthilekin.

Loïolatic atheratzean sos bat ez zuen berekin hartu. Osebaren etcherat zenean, zor batzu bazituela orrhoitu zen eta bakhotchari nahi lioke berea itzuli. Osebaren etchean zordun bati khendu zion hartze zahar bat, hartze haren pharte batez estali zituen bere zorrac eta gaineratecoaz erosi Andredena Maria bat. Andredena Maria haü berekin ekharrico du bethi; ez baitu hemendic harat bertze andreric ukhanen.


BIGARREN PHARTEA

San Iñazio escale eta peregrin

I.

Ez zuen Nabarreten dembora handiric eman. Han erran zioten muthiler:

«Zohazte orai Loïolarat, eta ene anaïa Jaunari errozue ez nuela gehiago zuen beharric.»

Mont-Serrateco bidea hartu zuen bere chede sainduac behar zituela hango Andredena Mariari gomendatu. Bidean dohalaric, zaldi ederrean, aitoren seme jaunzturan, ezpata sahetsean, puñala gerrian, zaldidun bat hatzemaiten du erraiten diona:

«Agur Jauna agur! atsegin nuke zurekin bide egitia.»

«Nic ere bai zurekin, diotso Iñazioc. Mahometanoa ahal zare? hala dio ezic zure arropac.»

«Bai Jauna hala naiz. Girichtinoec bakean uzten gaituzte orai Aragoneco eta Balentziaco lurretan. Urrun ari zare, Jauna?»

«Igualadarat lehenic eta gero Mont-Serraterat.»

«Ah, naski beïlarat zohazi Jesusen amaren caperarat?»

Beïlarat noha Birjina guziz sainduaren caperarat» dio bizi bizia Iñazioc.

Orduan ezta bada ukhan zuten elgarren artean: Mahometanoac Maria ez dela Birjina gelditu haur ukhan ondoan; Iñazioc Maria bethi Birjina egon dela, haur ukhan aitzinean, ukhaitean ete ondoan. Samurtzeraino hizcatzen dire. Mahometanoac azken arrazoina haü emaiten dio:

«Zin egiten dut Jesusen ama ez dela Birjina gelditu!»

Eta bere zaldiari bi sista emanic aitzina hartzen du. Burro hori entzutean zeinatzen da Iñazio, othoitz labur bat egiten du eta gero hunela derasa bere buruarekin:

«Atrebitu gachtoa! nola laidostatu duen ene Nausi soberanoaren ama! eta ni Andredena Mariaren soldadoa, nic hori jasan behar dudala! nic laido hori mendecatu gabe utzico dudala! Ez ez, Mahometano horri behar nitzaio jarraiki eta, puñala zintzurrean, behar diot aithorrarazi zeru lurren erregina thonarik gabea dela.»

Abian da bere ustez. Betbetan gogoèta haü heldu zaio:

«Zil othe zait Andredena Mariaren ohoretan gizon baten hiltzea? Ez dakit, Jaincoa mintzatuco da. Zaldia utzico dut bere gisa. Nic hartu behar dudan bidea uzten badu eta Barzelonaco bide handia escun hartzen, gizon hori bi erdi eginen dut. Ezker hartzen badu, Jaincoac lagun dezala.»

Eta abiatzen da Mahometanoaren ondotic. Igualadarat deraman bide chendrarat denean, zaldiac uzten du errege-bidea eta bide-chendra hartzen. Iñazioc bere baithan egin zuen Andredena Mariac ezpata ukhaldiz bertzeric galdatzen zuela naski.

Mont-Serraterat ethorri bezain sarri, aphez baten oinetarat erori zen eta bizi guzico cofesioa egin zion. Aphez hura, berthute handicoa, Frantsesa gertatu zen. Zombait egun iragan zituen Iñazioc penitentziaric garratzenen erdian bere hutsac nigar auhenetan deithoratzen zituela.

Cofesioa akhabatu ondoan grazia ardietsi zuen Mont-Serrateco caperan gau baten iragaiteco, Jesusen eta Mariaren oinetan. Martchoaren 24a zen.

Arrats irian heldu da caperaco atherat. Han asco pobreren artean bat ikhusten du bertzeac baino errumesago. Hari hurbiltzen da, lekhu gorde baterat eremaiten du eta erraiten dio:

«Adichkidea, gauza bat nahi nuke zure ganik: ene arropac har ditzazun eta zureac eni eman.»

Escaintza horrec harritzen du pobrea eta naski gaizki entzun duela, edo Iñazio burutic juan zombait dela, ez dio ihardesten.

«Ez naiz batere burlaz mintzo, dio Iñazioc, botu bat egina naiz.

«Hola balimbada, dio pobreac, trucada eginen dugu.»

Eta Iñazioc khentzen ditu bere soineco ederrac eta jaunzten pobrearen phildac; eta pobreari escua emaiten diola:

«Adichkidea, erraiten dio, zuc egin grazia ez zait seculan ahantzico.»

Lehenagoco demboretan, aitoron seme batec nahi zuenean armadan sarthu, gau bat behar zuen iragan; chutic, gerlari arropan, harmac escuan, eta behar zuen zin egin jende flacoaren alde jarrico zela, bethi, non nahi, eta noren nahiren contra.

Orrhoitzapen hori gogoraturic, Iñazioc Jaincoarentzat nahi du egin gerlariec munduarentzat egiten dutena.

«Zer naiz ni, dio bere buruari, Jaincoaren eta Birjina Sainduaren soldado bat baïzic? Beraz heïen armadan sarthu baino lehen behar ditut gerlari izpiritual baten egimbideac gogoan arthoski erabili. Gaua behar dut harmetan iragan.»

Caperan sartzen da ezpata eta puñala gerrian. Othoitzean iragaiten du gaua bere bekhatuac auhendatuz, bere bekhatuen gainean minki nigar eginez, Jesusi eta Mariari hitzemanez heien zerbitzuan bizico dela, heien zerbitzuan hilen dela. Argi alderat khentzen ditu ezpata eta puñala, present uzten diotza Birjina Mariari eta lehen mezan comuniatzen du saindu baten kharsutasunarekin.

Martchoaren hogoi eta bortza zen; beren eguna zuten beilariec. Beilariec ezagut beldurrez, Iñazio goizic athera zen Mont-Serratetic. Bere zaldi ederra comentuco Jaun aphezer utziric, oinez abiatu zen, makhila handi bat escuan, chacutto bat haren puntan, buru has, gorphutza oïhal lodiz estalia, gerria calamuzko zinta batez inguratua, oin bat hutsic, bertzea eri zuelacotz espartin char batekin.

Iñazioc Jerusaleme zuen gogoan eta bethi Jerusaleme. Bazakien milaca girichtinoc odola ichuri zutela Turcoer Jerusaleme khendu beharrez. Eta hura, Jesusen eta Mariaren soldadoa, nola zagoken agertze bat bederen Jerusalemerat egin gabe? Bainan Barzelonaco portua izurriteac hetsia zagocan; untziric ez ziteken sar ez athera. Izurritea jabaldu artean, Manrezan egon zadin contseilatu zion Franses cofesorrac. Dembora hartan herri ttipi bat zen Manreza, Mont-Serratetic urruntchago. Dominicanoec bazituzten han comentu bat eta ospitale bat. Hura zen Iñazioc behar bezalaco tokia. Han eraman zezaken bizitze gorde eta saindu bat, Jaincoa baizic lekhucoric gabe.

II.

Manreza bidean gibeletic hatzeman zuten Mont-Serrateco beilari batzuec, bi gizon gaztec eta lau andrec. Andre hetaric bat doña Iñes Pascale zen, Barzelonatic Manrezarat izurritearen ihes ethorria, eta Manrezatic Mont-Serraterat ardura zohana. Oharturic Iñazio, urricalmendurekin behatzen diola andre horrek:

«Andrea, erraiten dio, hurbil naiz zombait ospitaletaric?»

«Peregrin Jauna, ospitaleric hurbilena Manrezacoa da, gu gauden herricoa. Nahi bazare gurekin ethorri idekico darotzugu ospitaleco athea eta gure artha onac gogotic emanen darozkitzugu. Zuc nahi duzun urrhatsean juanen gare.»

Solas hori on hartua dela ikhusiric, andreac berriz erraiten dio:

«Peregrin Jauna, gu aise gabiltza oïnez, zu nekhatua zare, nekez dabilazu escuineco zango hori; igain zite othoi mando huntarat.»

«Esker mila andrea, bideac ez nau oraino arras aurthiki.»

Iñazioren urrhatsean dohazilaric betbetan agertzen da zaldizco bat; Iñaziori heldu zaio eta erraiten dio:

«Jauna egia da soineco aberats batzu eman dituzula Mont-Serrateco pobre bati?»

«Bai Jauna eman diotzat, egia da.»

«Jauna huna zer den. Auzo-aphezac pobre haren errana ez nahiz sinhetsi, preso ezarri du ni itzul artean.

«Ah, dio gure sainduac,, zer nahigabea eman diotana pobre gaicho hari!

«Jauna, ez hartaz arranguraric ukhan, zombait orenen buruan libro izanen da.»

Eta jin bideaz juan zen.

Egitate horren berri entzutean, doña Iñesec eta haren lagunec elgarrekin ihardoki zuten peregrin hura, itchura tchar baten pean, Jaun handi bat eta saindu handi bat zitekela.

Doña Iñesec ospitaleraino lagundu zuen eta ospitaleco buruzagiari ontsa gomendaturic utzi zuen. Ospitalean sartzean chedetan zen Iñazio naturalezari gerla egiteco Espainiaco etsaier egin zuen bezala. Joztetazko bizi baten orrhoitzapena penitentziaric garratzenetan nahi zuen itho.

Orai artean distiatzen zuen haren buruac, orai ez da orraztatzen ere. Orai artean hein ederrean zagocan bizarra, orai nola nahi uzten du. Orai artean churi ziren haren escuac, garbi haren azcazailac, orai ez diote behatze bat ere emaiten. Orai artean gortheco mintzairea zuen, orai jende chehearen mintzairea. Orai artean asco muthil bazituen, bera jartzen da orai erien muthil. Erien zauriac garbitzen eta lotzen ditu, eta naturalezac arranguraric egiten badio, belhaunico jartzen da erien oinetan eta heien zaurier musu emaiten diote. Ez da hortan baratzen; orai artean athorra mehea ekharri du, orai zilizio garratz bat. Belhar luze eta latz batzuez egiten du gerrico bat, larru arrasean ezartzen duena. Azotea hartzen du egunean hiruretan. Ogiric beltzena janharitzat; ogi hura athez athe escatzen du bere urguluaren zaphatzeco. Meza egun oroz entzuten du Dominicanoen elizan. Zazpi oren iragaiten ditu othoitzean, bethi belhaunico. Lurrean etzaten da, burua harri bati edo taüla bati contra. Lo chorta bat egin orduco jeikitzen da eta othoitzean hasten. Igandetan Dominicano aphez bati cofesatzen da eta comuniatzen du. Igandetan ogiaz bertzalde berdagailu zerbait jaten du, bainan hautsa emanic, gormandiza egin beldurrez.

Horrela bizi zen gure saindua Santa Luziaco ospitalean, Manrezaco hiri ttipian. Nihorc ez zezan ezagut, escale errumesenaren itchura hartu zuen, halaco gisan non guziec trufan baitzabilaten. Camporat atheratzen zenean haurrac ondotic zitzohazkon, zer nahi izen-goïthi emanez. Eske zabilanean, athe guzietan irri egin behar zioten bere bilo nahasiaz, bere bizar luzeaz, bere soineco bitchiaz. Irri horiec ez zitzaizkon eder, bainan bere buruarekin hau zerasan:

«Jende haüc trufatzen naute, bainan enetzat ez dute herraric, ez naüte gaizki bilhatzen. Guazen beraz aitzina. Ez gaüde jasanic zeru lurren erregeac guretzat jasan duen bezembat.»

Demboratic demborara Mont-Serraterat bazohan; lakhet zuen hango Andredena Mariarekin eta aphez Frantsesarekin, zoinac baitzion zerbait handi atheraco zela Iñazio. Juaiten ere zen Billadordizeco beilarat, ospitaleco eriec artea uzten ziotenean.

Hatic Mont-Serraten eta Manrezan noizbait jakindu zuten pobre gisa zabilan peregrina Jaun handi bat zela, Mont-Serraten pobreac salhaturic eta Manrezan doña Iñesec eta haren lagunec, nahiz batzuec eta bertzec segeretua agindu zioten Iñaziori. Hori jakinez geroz ez zuten Iñaziorentzat egitate onic baizic. Contseilu galdez ere heldu zitzaizkon. Haren hitzaz argituac, haren berthutez hunkituac, asco bekhatoros beren baitan sarthu ziren eta bizitze berri bati lothu.

Debrua ez dago seculan lo. Jaincoaren bidetic zeïharrazi nahiz gogoèta haü eginarazten dio Iñaziori:

«Bihotzen hunkitzeco holaco indarra balimbadu ene hitzac, zer ongia egin nuken gorthean!. Gorthean ene hitza prezatua ziteken..... Zokho huntan zer ari naiz! Oro philda eta traste, nor behatuco da ene hitzari? Eta gero, Loïolaco izena, ene arbasoer hambat gostaïa, nic zer dretchoz dabilat oïnen pean?»

Gogoèta horrec deboilaturic ezartzen du. Lazten dute ile nahasi harc, bizar luze harc, azcazail beltz heiec, soineco itsusi harc. Ogi beltzac izitzen dio barnea; eri baten ikhusteac okhaztatzen du.

Iñazioc ezagutzen du debruzko gogoèta bat dela. Laster egiten du erietarat; besarcatzen ditu, amulsuki arthatzen ditu, eta debrua urrundu artean, ez da bere erietaric urruntzen.

Manrezaco jendea ez da orai Iñazioz nola nahi mintzo. Urgulutan berriz sar beldurrez, toki gordeago bat Dahi luke orai Iñazioc.

III.

Uztailaren akhabantzan, erretzeco bero batez athera zen Iñazio ospitaletic. Belhaunico jarri zen harrizco khurutze baten oinetan, herrico jendec zeruco harana deitzen duten toki batean, Cardoneroco eta Lobregateco urec elgar joiten duten tokitic hurbil. Belhaunico dagolaric, ohartzen da mendi harritsu bati. Chutitzen da, abiatzen da mendiari gora, eta harrocaz harroca, lapharrez laphar, izerdiz suntsitua, escuac eta oinac larrutuac, igaiten da norapait eta han khausitzen du harpe batean bere goaraco atherbea. Atherbe haü hogoi eta hamar urrhats luze da, hamar urrhats largo eta bertze haimbertze gora; zola eta bazterrac harri zorrotzez ditu; argi zirrinta bat heldu zaio Mont-Serrateco aldetic; gaineratecoan ilhumbe osoa. Hura hartu zuen Iñazioc bere egoitzatzat. Han bakhar bakharra, gau osoac iragaiten zituen othoitzean, egun osoac jan ez edan gabe, gorphutza odoleraino azotatuz, bulharrac harri batez joz. Hoimbertze garraztasunec ethendu ziotzaten indarrac. Egun batez, Billadordizeco beilatic itzultzean, aldi chartua erori zen harpearen ondoan. Han hatzeman zutenec Santa-Luziaco ospitalerat ereman zuten. Aldi-chardura juaitearekin, sukharra lothu zitzaion.

Eritasun hartan botz bat iduritu zitzaion zioena:

«Berrogoi eta hamar urtheren bizia baduc oraino, eta hoimbertze garraztasun nola jasan ditzazkec hoimbertze urthez?»

Debrua zabilala ezaguturic, Iñazioc ihardetsi zion:

«Hic zer dakic noïz artio bizico naïzen? eta behar banu ere berrogoi eta hamar urthez hola bizi, zer liteke Eternitatearen aldean?»

Bertze behin debruac, urgulutan sarrarazi nahiz, gogorat ekharri zïotzan Manrezan praticatu zituen berthuteac, bere bekhatuen borratzeco Manrezan egin zituen barurac, othoitzac, beïlac, nigarrac.

«Dohacabea ni! erran zuen Iñazioc. Bekhatuzko bizitze baten aldean, zer da zombait ilhabeteren penitentzia?»

Eta urricalmenduzko Jaincoa othoizten zuen eman zezon, ez berthuten saria, bainan bekhatuen barkhamendua; eta erizainari erranarazten zion:

«Iñazio, orrhoit hadi hire bekhatuez. Jakizac hi bezalacoac Ifernurat dohatzila eta ez zerurat.»

Sukharrac noizbait utzi zuen, bainan debruac ez oraino; nahi luke Iñazio etsimenduan erorrarazi. Iñazioc, urgulutan sar beldurrez, bethi gogoan zabiltzan bere bekhatuac. Azkenean orrhoitzapen horrec mila dudaz, mila arrangura gachtoz, bethetzen dio arima. Arrangura du cofesio jeneralaz; ontsa ala gaizki egin othe duen; naski gaizki egin duela; gauza batzu ez dituela aski cheheki erran, bertze batzu mendratu, bertze batzu ahantzi. Bekhatuaren itzala ez duten gauzac bekhatu mortal dagozca. Dembora iraganaz bezala, oraicoaz ere arranguretan da; gogoètac, hitzac, obrac, oro bekhatu zaizko. Obraric hoberenari zerbaitetan hatzemanen dio makhurra, chedean bederen.

Bera itsu eta nihondic ez argiric heldu. Haren othoitzer, haren aühener hetsia iduri du zeruac. Igande guziez mahain saindurat hurbiltzen da comuniatzeco chedearekin, bainan beldurrac gibelarazten du. Amodiozco Jaincoan ez dacusa juje garratz bat baizic. Arima bethi ilhun, bethi agor, azkenean Jaincoaren misericordiaz etsitzen du eta bere burua hil behar duela abiatzen da. Badoha gambaraco leihorat, lurra aski behera den behatzen du diolaric:

«Nor bizi diteke hola?»

Betbetan phentsamendu haü heldu zaio:

«Zer ari naiz? berriz ere Jaincoaren damustatzen? Eta nic Jaincoa maite!! maite ene bihotz guziaz!!»

Nigarretan erortzen da belhaunico.

«Ene Jaincoa! ene juje soberanoa! badakizu ene atsecaben berri, othoi hel zakizkit!»

Orduan orrhoitzen da saindu bat nola egon zen jan ez edan gabe Jaincoaren ganic grazia bat ardietsi artio.

«Hala egonen naiz ni ere, dio Iñazioc, eta Jaincoa behar bada urricalduco zait.»

Eta zortzi egun oso iragaiten ditu ez jan ez edan gabe. Hori jakitearekin cofesorrac berheala manatzen dio barur egitea utz dezan. Cofesorrac errana egiten du, eta sumetitu sari, Jaincoac itzultzen dio barneco bakea, eta atsegin gozoenez bethetzen dio bihotza.

Bainan bi egunen buruan berriz ere itzaltzen bezala zaio Jaincoa eta atsecabe berec hersten diote arima. Orduan cofesorrac manatzen dio ez dezan gehiago aipha bekhatu iraganez, ez dadin hetaz orrhoit ere, eta Iñazioc obedientzian khausitzen du bake bat, gehiago galduco ez duena.

Bertzen argitzeco horrela behar zituen bizitze izpiritualaren goiti-beheitiac ikhasi: orai atseginean, sarri atsecabean; orai argian, sarri ilhumbean; orai zeru goihenean, sarri ifernu zolan; orai guziac lore, sarri guziac arrantze.

Hola biziz ez zuen Iñazioc dembora handiren biziric. Haren adichkidec elgar aditu zuten, eta Iñazioren ganic ardietsi, zombait egun iragan zitzan hetaric baten etchean, indar berrien hartzeco.

IV.

Adichkide horren etchean sobera ontsa izanez, itzuli zen Santa-Luziaco ospitalerat. Bere amodioaran seinhaleac orduan eman ziotzan Jaincoac. Egun batez, Dominicanoen eliza-athean Andredena Mariaren othoitz batzuetan ari delaric, haren izpiritua betbetan zeruraino altchatua da eta emana zaio Trinitate Sainduaren ikhustea. Itzali denean ikhusgarri miragarria, elizan sartzen da Iñazio, eta bere ezagutzan, bere bihotz guzia ichurtzen du Salbatzailearen bihotzerat. Elizatic elkhi eta, mundu guziari Trinitate Sainduaz mintzo da, mundu guzia choratzen du. Carrican, alhorretan, etchetan Trinitate Saindua du bethi mihian, eta haren bihotzeco garrac argitzen eta berotzen ditu aditzailen bihotzac; eta Iñazio ichildu edo urrundu denean, aditzailec erraiten dute:

«Elizaco aitaric ez da egundaino Trinitate Sainduaz hoin garbiki, hoin garsuki mintzatu.»

Bertze egun batez Jesu-Christo agertzen zaio aldareco Sacramendu Sainduan.

Bertze behin, Cardoneroco erreca ondoan, lurreco gauzen seindimendua galtzen du, fedezco egien ezagutza garbi eta oso bat emaiten dio Jaincoac, eta eracusten dio egia heiec elgarrekin duten ahaïdegoa eta batasuna.

Demboraren buruan erraiten ohi zuen:

«Elizaco liburu guziac gal balite ere, enetzat ez liteke deus galduric.»

Erraiten ere zuen:

«Fedezco egiac hain sinhets errech zaizkit non, Ebanjelioan ez khausituric ere, heientzat ichur bainezake odola.»

Santa-Luziaco ospitalean haren gambarac toki berezi bat bazuen capera barneari datchicola.

Ebiacoitz batez harat igorri zion Jaincoac garaiticaco amets bat zortzi egun iraun zioena. Zortzi egun hetan ez zuen deusic hartu, ez zen bere lekhutic higitu; hila zela uste zuten. Folsutik ezagutu zuten bizi zela oraino. Naski aldichartua zagola asco bihotz phitzgailu ekharri ziotzaten; halere hila bezala zagon. Sinhetsiric orduan Jaincoac zagocala bereturic, bakean utzi zuten, zer gertha ere hatic begia haren gainean atchikiz. Atzarri zenean, ez zuen nihorc erranen lo gozo bat egin zuela baizic, eta begiac zabaltzen zituela, erran zuen:

«O Jesus! o Jesus!»

Zortzi egun hetan zer iragan othe zen Iñazio Loïolacoaren eta amodiozco Jaincoaren artean? Nihorc ez du egundaino jakin, nahiz hatic uste izaiteco den Etserzizio Izpiritualac eta Jesusen compainia amets hartaric athera direla. Berari galdatzen ziotenean, bakharric haü ihardesten zuen:

«Nic erran dezakedan guzia da Jaincoa osoki ona dela ene alderat.»

Zeruaz argitua izan arren, ez zen gutiago behatzen Jaun Aphez Frantsesaren erraner, berthutean aitzinatuago eta bere buruaren beldurrago zelacotz. Jaun Aphez Frantsesac ardura erraiten zuen:

«Zeruco gauzetan jakintsun handi bat da Iñazio. Egun batez Elizaren jaioa izanen da. Jondoni Paulo berria, mundua inharrosico du, eta hari esker, pagano urrunenecoec entzunen dute Jaincoaren hitza.»

Saindutzat zagocaten nechcatcha batec zion:

«Elizaco saindu handienetaric bat izanen da Iñazio eta hortaracotz ez zuen haren izena errespeturekin baizic aiphatzen.

Oroc zioten Jaincoaren gizona zela, arimen salbamendutan Jaincoaren izpirituaz bethea.

Arimen salbamendua bihotzean zuen berac ere:

«Ez da aski, zuen erraiten, zeru lurren Jauna maitha dezadan, ez da aski salba nadin, bertzer ere behar dut Jaincoa maitharazi, bertzeac ere behar ditut salbatzen lagundu.»

Eta gar saindu batekin hasten da mintzatzen eta haren hitza bihotzetan sartzen da. Auzo herriac berac heldu dire haren entzuterat, eta errechkiago entzun dezaten, harri baten gainetic mintzatzen zaiote. Calamuzco gerricoa utziric, burdinezco bat dabila orai luze eta dorphe. Egun guziez egiten du barur, egun guziez azotea hartzen odoleraino. Behatzea bethi ezti, begithartea desegina, begiac sarthuac, Saindu baten itchura dakharre.

Zombait ilhabete lehenago, Manrezaco hiria ez zen nihonden hoberena; egimbide guzietan lazo, sacramenduetarat lehiaric baterez, fedea doidoia bizi. Iñaziori esker, bertze itchuraric du orai Manrezac. Jaincoac berac eracatsi molde batez, gachtoac ontzen ditu, onac ongian fincatzen eta zerucotzat gauzaric handienen egiterat ekhartzen. Molde hura izkiribuz ezartzen du eta ezagutua da Etserzizio Izpiritualen izenean. Hoimbertze garraztasunez ahuldua, ez zuen gehiago ez loric, ez janic. Eritu zen azkenean, eri charthu. Nigarric baizic ez zen Manrezan, hain zuten oroc maite! hain zuten bihotzean aberatsec eta pobrec! Hirico jaunec aldizca zaindu eta arthatu zuten, don Andres Amiganten etchean. Sendatu zenean, bizitze eztiago bat manatu zion Cofesorrac. Montserrateco phildac utzi behar ukhan zituen, sotana chuhail baten hartzeco. Hartu ere zituen capa bat eta ponet bat zeru colore.

Entzunic izurritea baratuche dela Barzelonan, Barzelonerateco abiadura hartzen du, handic urez Lur Saindurat juaiteco. Salbatzaileac bere sortzeaz, bere predicuez, bere miraculuez, bere odolaz, santificatu duen lurra nahi du baitezpada ikhusi. Lur Sainduan nahi du Salbatzailearen urrhatser jarraiki; khurutzea Salbatzailearen ondotic kharreatu; Turcoer Salbatzailearen hitza predicatu; ahalgea, trufac, atsecabeac, oinhazeac, Salbatzailearekin jasan; Salbatzailearen biziari eratchiki bere bizia, Salbatzailearen heriotzeari bere heriotzea.

Berri hori arras barna hartu zuten haren adichkidec. Chede horren haren burutic khentzeco alfer izan ziren othoitzac eta nigarrac. Bideco lagun bat bederen nahi zioten harrarazi, ziotelaric:

«Ez dakizu ez latin, ez italiano; harrazu beraz lenguaia horiec dazkien norbait, bertzenaz galduco zare.

«Lagunetaco escainiric ere Cordueco dukiaren semea, ez nezake har. Lagun bat hartuz ene behar ordu guzietan hari nindagoke, gose naïzenean jateco, hotz naïzenean berotzeco, erortzen naïzenean chutitzeco. Jaincoaren gainean fincatu behar eta lagunaren gainean finca ninteke, Jaincoa maithatu behar eta laguna maitha nezake. Ez, ez; ez dut nihor nahi, edo hobeki erraiteco hartzen ditut hirur lagun: Fedea, Esperantza eta Caritatea. Fedeac eracutsico daut bidea, Esperantzac emanen hazcurria, Caritateac indarra.»

Guziec bazakiten diruric ez zuela; guziec escaini zioten dirua, sos zombait bederen har zitzan bideco gastuentzat. Arditic ez zuen hartu, Jaincoa aski aberats zela haren bideco gastuen egiteco.

Manrezatarren nigarrec hautsi zioten bihotza. Orori bere orrhoitzapena eta bere othoitzac agindu ziotzaten eta oïnez abiatu zen, liburuac besapean, makhila escuan, sakelac arhin, bere burua gomendatuz ihiziac hazten eta liliac aphaintzen dituen Jaincoari.

V.

1523co Garizuman fama handico predicari batec jendetze handia biltzen zuen Barzelonaco eliza nausirat. Doña Isabel Rosello haren aditzaile jarraikienetaric bat zen. Doña Isabel, andre aberatsa eta berthutezcoa, ez zen aspaldian bizi Jaincoarentzat eta bere senharrarentzat baizic, zoina, bistaz gabetua, bethi bere andrearen beharretan baitzen.

Egun batez, predicu demboran, doña Isabelen begiac aldarerat itzultzen dire; aldareco mailac bethi bezala haurrez betheac eta haurren artean gizon bat. Gizon hori arrotza da, arruntac ditu soinecoac, aingeru batena du itchura. Gorphutza eroria, begithartea sarthua, coloreac hits; edo bideac aurthikia da, edo penitentzia handi zombait egina. Gizon gaicho hori, peregrin arropan, nondic heldu othe da? Non othe dabila? Norat othe doha? Ba othe du hirian ezagunic?

Gogoèta horietan dagoelaric, argi churi-min batec inguratzen du arrotzaren burua, eta doña Isabeli botz batec erraiten dio ez dadin elizatic elkhi peregrin hari mintzatu gabe. Bainan botz horri ez aski fida izanez, etcherat itzultzen da arrotzari hitzic erran gabe, eta senharrari salhatzen dio elizan zer ikhusi duen eta bere ustez zer entzun duen:

«Saindu bat da, eta zuri ontsa bazaizu muthil bat igorrico diot ethor dadin gurekin bazcariterat.»

«Arras ontsa zait eni, dio senharrac. Atseginic handiena nuke haren ahotic zerbaiten entzutea. Igorrozu, igor muthil bat.»

Orducotz jende gehienec eliza hustua zuten; peregrina han zagon oraino othoitzean. Nausiec galdatzen zutena laster ezagutu zuen muthilac, eta beharrirat juanic othoiztu zuen jarraic zakion. Elizatic atheratzean, erran zion:

«Peregrin Jauna, ene nausiec mezutzen darotzute, egun heiekin bazcaritea ez dutela gaizki hartuco Jaincoac eta Biryina Mariac.»

«Ongi ethorri zarela, ihardesten dio arrotzac; zure nausien zerbitzari naiz, jarraikitzen nitzaizu.»

Senhar emazteac choratuac atchiki zituen Jaincoaz eta Jaincozco gauzez. Haren mintzaire garbiac, haren solhas ederrec, haren atheraldi zuzenec, goraki zioten ez zela peregrin hura hala hulaco jendetaric. Ezin ausartatuz nongo seme den galdatzerat, doña Isabelec galdatzen dio norat dohan:

«Lehenic Errumarat, Andrea.»

«Eta noïz zohazi, Jauna?»

«Italietarat abian den untzian.»

«Ah! chuhurra balimbaduzu zangoric ez hartan sar! Hartan sarthuz zureac egin luke. Zohazi gure Jaun Aphezpicua dohan untzian; Jaun Aphezpicua ene oseba da eta zurekin juaitea atsegin izanen du.»

«Nahiz untzi-capitainarekin hitzartua naizen, dio Iñazio Loïolacoac (ezic hura zen) iguricatuco dut zombait egun eta zure oseba Jaunaren untzia hartuco dut.»

«Esperantza dut, dio etcheco Jaunac, egun horiec gurekin iraganen ditutzula?»

«Jauna, ihardesten dio Iñazioc, ezin nagoke zuen etchean; bertze egoitzaric ez dut ospitalea baizic; ospitalean baduket zer egin, eriekin.»

«Bederen, dio doña Isabelec, utzico gaituzu zure bideco gastuen egiterat?»

«Esker mila, esker mila! Jaincoac saristatuco ditu zuen escaintza onac. Nahi dut capitainac urriric har nezan, Jaincoaren amoreagatic.»

Deusere ezin harrarazi zioten. Doña Isabelen ahoz Jaincoa bera mintzatu balitzaio bezala, Iñazio lasterrez juan zen untzirat bere hatuen bilha. Untzi hura, portutic athera bezain sarri, tempestac hatzeman zuen, eta bere jende eta ontasun guziekin itsasoan ehortzi.

Jaun Aphezpicuaren untzico capitainac urriric hartu zuen peregrin saindua, ez zuelacoan hatic untzian eskeric eginen. Bada chede zina hartua zen Iñazio bere biziaren esketic atheratzeco. Chede horren ez haustea gatic esketic bildu zituen untzian behar zituenac. Carricaz carrica ibili zen, chacutto bat bizcarrean, ukhanac hartuz, hemen ogi puchca bat, han ardit bat, eta emaile guzier ezagutza handi bat eracatsiz.

Horrela zabilalaric, etche baten aitzinean khausitu zuen aire handitaco andre bat. Bertze gucier bezala amoina escatu zion hari ere:

«Zu eske! erraiten dio andreac; horrela ibiltzeco ez zare ahalge? Uste duzu ez den ageri ez zarela eske ibiltzeco sorthua? Badakit bai zer zaren zu. Haur prodigoac bezala iretsi duzu zure ontasuna eta hartaco zabiltza orai athez athe, zure jendekiaren izena oinen pean dabilazula.»

Mintzatzerat uzten du Iñazioc, hitzic ihardetsi gabe. Burua eta begiac aphal, iduri du hobendun bat bere jujearen aitzinean.

Dona Zepilla, ezic hala deitzen omen da gure andrea, berriz ere hasten zaio:

«Dohacabea! Norat zohazi?»

«Lehenic Errumarat, andrea.»

«Errumarat juanez ez zare onthuco. Non zaude?»

«Ospitalean, andrea.»

«Nola deitzen zare?»

«Andrea, ez dut ihardesten galdeitza horri.»

«Banuen bai beldurra: gizon tchar bat zare; ez duzu deus merezi, ez dautzut deus emanen.»

«Aithor dut, Andrea, ez dudala deus merezi, bekhatoros handi bat naizela; esker mila erran daroztatzun egia guziez.»

Eta andreari agur handi bat eginic, juan zen bere bidean.

Doña Zepillac seme bat bazuen bere izaite guzia errecari behera igorriric munduz mundu zabilana. Iñazio ikhustearekin semea jin zitzaion bururat, eta ustez hura iduri zombait zen, lothu zitzaion lapharra bezala. Escalearen hitz ezti eta sainduec argitu zuten, eta gehiagoco arrazoinic gabe haren gaizkitzeaz urriki handia ukhan zuen. Arrats hartan berean ospitalerat igorri zion limosna handi bat, othoizten zuelaric barkha zitzon haimbertze ahapaldi gachto, eta Jaincoari gomenda zitzan hura eta haren semea.

VI.

Iñazio sartzen da untzian, untzico behar dituen guziekin: chacuttoan aski ogi, chahacoan aski ur. Sos batzu ere baditu. Sos hec berekin ekharriz pobrezia colpa lezake; mariñeler emanez, meriñelec sobera ontsa ekhar lezakete; geroco atchikiz Probidentziari gaitzi lakioke; uzten ditu beraz itsas hegian, nahi duenac har ditzan. Haize-alde untzia bortz egunez sarthu zen Gaètan; eta gure peregrina, demboraric galdu gabe, oinez abiatu zen Errumarat.

Arrats irian, jende multzo bat khausitzen du ostatu bateco suphasterrean. Jaincoaren izenean galdatzen diote jan puchca bat eta gaü hartaco atherbea. Jaterat ukhaiten du eta barrukirat igortzen dute etzaterat. Aitoron semea barrukian sartzen da, hoin aphal jausteaz Jaincoa benedicatzen duela. Gaü erditan heiagora batzu entzuten ditu barruki gainetic.

Sokhorrirat juaitean, emazteki bat khausitzen du deboilatua giza tzar bat ondotic. Emaztekiaren eta gizonaren artean sartzen da, gizonari mintzatzen zaïo Jaincoaz eta Jaincoaren gaztiguez; haren botza entzuna da eta emaztekia libro utzia.

Iguzkia jeiki gabe, bidean zen gure saindua. Hiri ttipi batetarat arratsa gabe ezin heldu izanez, capera batean iragan zuen gaüa. Goizean goiz, han zen, hirico athean; bainan sartzerat utzi baino lehen, galdatu zioten osagarriaren baimena. Italia gainean izurritea ari zelacotz, nihor ez zuten sartzerat uzten, osagarriaren baimenic edo lekhucotasunic gabe. Baimenic ez ukhana gatic, ukhan balu bederen gizon sendo baten itchura, baditeke athea idekico zioten. Bainan hura zenarekin, begithartea desegina, burua dilindan, hechur eta larru, casatu zuten khotsudun bat bezala.

Herrichca baterat jo zuen handic, barneco min batec setiatua, zango escuina herrestan. Han baratu ondoan hatsaren hartzeco dembora, berriz bideari lothu zen eta Erruman sarthu, Erramu egunean 1523an. Erruman iragan zuen Aste Saindua eta Aita Sainduaren ganic ardietsi Jerusalemerat juaiteco baimena.

Jerusalemerat juaitetic ezin gibelarazi zuten Español batzuec, bainan nahi eta ez harrarazi ziotzaten zazpi urrhe. Errumatic atheratzean zazpi urrheac eman zituen pobrer eta hutsic abiatu zen Benizerat. Khotsudun baten itchura zuelacotz, nihor ez zitzaion urricaltzen, nihorc ez zion atherberic eman nahi. Hortaracotz gaü osoac campoan iragaiten zituen, zerua atherbe. Gaü batez, galdua zabilaric, ez jakin norat itzul, belhaunico erori zen, Salbatzaileari sokhorri galdez. Salbatzailea agertu zitzaion, bihotza atseginez bethe zion eta hitzeman trabaric gabe sartuco zela Benizen.

Benizerat orduco ilhuna zuen. Ospitaleac hetsiac izanez, jauregi batetaco lorioan etzan zen, harriaren gainean. Marco Antonio zen jauregi hartaco jauna. Jaun hori, doidoia lokhartua, hitz haüc atzarri zuten:

«Ene zerbitzaria hire lorioco harrian eta hi ohe gurian!»

Jeiki zen berheala, ideki zuen athea eta peregrina zangopetan hatzemanic barnerat sarthu zuen eta ontsa arthatu.

Gure saindua sobera ontsa ekhartzen zuen Marco Antonioc. Marco Antonio utziric Hescualdun marchant baten etcherat juan zen. Hunec ezaguturic nor zen, diru escaintzac egin ziotzan; bainan alferretan. Bertzeric ez zuen galdatzen Iñazioc Jerusalemerat urriric juaitea baizic:

«Khondu emazu, erraiten zioten; Turcoec Rodese hartuz geroz, itsaso guzia beretu dute; egun oroz untzi ihizin dabiltza, eta harrapatu girichtinoac, edo hiltzen dituzte, edo gathibo eremaiten.»

«Ez naiz nihoren beldur, zion Iñazioc. Jaincoa alde badut, oro alde ditut. Itsasoz bertz’alderat juaiteco, ez dut azkenean untzi beharric, taüla batec eramanen naü.»

Marco Antonioc eta Hescualdun tratulariac capitain baten ganic ardietsi zuten Iñazio urriric har zezan bere untzian.

Untzian sarthu zen Uztailaren 14an. Asko elhe lizun bazerasaten untzi hartan. Iñazioc ichilarazi nahi ukhan zituen larderiarekin mintzatuz. Larderia saindu hori ezin barkha zezoten, eta harroca baten gainerat aurthiki behar zutela abiatu ziren. Betbetan itsas colpe batec haizatu zuen untzia harroca bidetic eta Zipreco islarat ereman.

«Jaincoa alde badut, erran zuen Iñazioc, oro alde ditut.»

VII.

Ziprerat jautsi eta berheala, hartu zuen bertze untzi batec, eta Jafarat ereman Agorrilaren azkeneco. Buruilaren lauan Jerusalem zen.

Salbatzaileac zaphatu lurra zaphatzean, gure Erospeneco lekhuac ikhustean, ezagutzaz eta bozcarioz gaindi egin zion bihotzac. Manrezan adiarazi zion Jaincoac arimen salbatzerat deithzen zuela eta hortaraco lagunac emanen ziotzala. Bainan noiz behar zuen hasi, non behar zuen hasi, norekin behar zuen hasi, ez zakien oraino. Lur Saindua bethi eta bethi gogorat heldu zitzaiolacotz, Lur Saindua harentzat lokharri maite bat zelacotz, iduritu zitzaion bere egoitza han behar zuela fincatu, han behar zuela paganoer zeruco erresuma predicatu.

Badoha beraz Aita Franzizcano baten ganat, emaiten dio gomendiozco letra bat Erupatic berekin ekharria, eta erraiten dio:

«Ene gutiziaric handiena liteke Jerusalemen egoitia. Othoi ardiets diezadazu grazia hori.»

«Anaia maitea, ihardesten dio Francizcanoac, ni deusere ez naiz hemen; Aita Buruzagiari behar diozu galde hori egin. Orai Bethlemen da, itzultzecoa da laster. Ni zure alde jartzearekin, uste dut zerbait eginen dugun.»

Aita Buruzagia ethorri denean, badohaco Iñazio bere galdearen egiterat.

«Zure gutizia, ihardesten dio Aita Buruzagiac, laudagarria da, bainan ezin onhets dezaket. Pobrea da gure comentua, eta hemengo jendea chuhurra. Haimbertze Anaia Franzizcano hortaracotz igortzen ditut gibelerat, hemen ezin haziz; bihar dohatzi peregrinen untzian.

«Ene Aita, erraiten dio Inazioc, zure comentuari ez naiz ardit bat gostaco eta ez darotzut laguntza izpiritualic baizic galdeginen.»

«Anaia maitea, comentuaz baino arrangura gehiago nukhe zutaz. Zombat peregrin ez da Turcoen escuetarat erortzen? Batzu hiltzen dituzte, eta gathibo deramatzatenac guc behar ditugu erosi. Bertze egitecoric ez duzu beraz Eruparat itzultzia baizic.»

«Ene Aita, ez heriotzearen beldurrac, ez gathibotasunaren beldurrac, ez nezakete lekhu saindu huntaric urruntaraz. Ni hemendic urrunt nindezaken gauza bakharra liteke, Jaincoaren damustatzeco beldurra.»

«Geroztik zohazi berheala; ezic ene borondatearen contra hemen egonez Jaincoa damusta zindezake. Huna Aita-Sainduaren arrasta bat, zoinac escumicoz joiten baititu, ene nahiaren contre Lur Sainduan baratzen direnac.»

«Adio beraz, ene Aita.»

Gau hartan Franzizcanoac ohartu ziren etchetic falta zutela Iñazio; muthil bat igorri zuten bilha. Muthilac, Olibetaco mendiaren zolan hatzemanic gaizkitu zuen, jo zuen eta gachtagin bat bezala aitzinean ekharri. Muthilaren egitate gachtoec guti hunkitzen zuten Iñazio, Salbatzailea agertu baitzitzaion mendiaren zolan. Bidean harekin heldu zen eta haren ikhusteac eta entzuteac ezin erranezco contsolazionez bethetzen zion bihotza. Lur Saindua biharamunean utzi zuen, bere ustez berriz itzultzecotan.

Untziac bi ilhabete eta gehiago eman zituen urean, eta Urtharrilaren azkena zuen Benizerat ethorri orduco.

Hotz handiac ziren. Bertze soinecoric ez zuen Iñazioc Manrezan eman ziotena baizic, dena ere philda tchar bilhacatua. Capa bat ere eman zioten Manrezan; zer egin othe zuen capa hura? Aparachu hortan hatzeman zuen Benizeco Hescualdunac. Hamabortz urrhe harrarazi ziotzan, eta oïhal bero batetaric estomaca gaineco. Herritarrari eskerrac emanic, oinez abiatu zen Espainia alderat.

Han harat zohan Iñazio erdi buluzia, jana escatuz, hotzez ikharan, elhurrez elhur, mendiz mendi. Sartzea egin zuen Ferrareco eliza nausian. Nahiz itchura hitsa zuen, pobre bat hurbildu zitzaion amoïna escatzen ziola. Orrhoituric hamabortz urrhe bazituela, Hescualdunac emanac, bat eman zion pobreari. Pobrea jauzteca juan zen urrhearen laguner eracusterat. Hauc ere ethorri ziren eta urrhec zirauteno bakhotchari bat eman zuen Iñazioc. Agortu zirenean, elizatic athera zen eta pobrer urricalmendurekin erran zioten:

«Ene anaaa maiteac, arditic ez dut gehiago; nintuenac oro eman darozkitzuet.»

Eta heien ondotic bera abiatu zen eske. Orduan pobreac hasi ziren:

«Saindu bat da! saindu bat da!»

Oihu hori entzutearekin, lekhuac hustu zituen, ez nahi bezain laster.

Dembora hartan Frantziac eta Espainiac gerla zuten; heien tropec Lombardia guzia bazagocaten. Egun batez soldado español batzuen arterat erortzen da gure saindua. Ustez barrandari zombait den, lotzen zaizco eta estecatzen dute. Espaiñolec ezagut beldurrez, bere buruari gizon traste baten itchura emaiten dio Loïolaco semeac. Soldadoen galdeitza guziac ihardetsi gabe uzten ditu. Biluzten dute, ez othe dakharren mezu galgarri zombait bere philda tcharren artean. Deusere ez hatzemaitearekin, biluzia baderamate tropetaco aitzindari baten ganat:

«Nongo zare? erraiten dio aitzindariac. "Nondic heldu zare?»

Iñazioc ez du ihardesten.

«Norat zohazi?»

«Generat.»

«Barrandari zombait zare?»

«Ez »

«Zoin herritacoa zare? Zertan zabiltza hemen.»

Iñazioc ez du ihardesten:

«Gizon haü zozoa da, dio aintzindariac soldadoer, nola hartu duzue zozo haü barrandari batentzat? Utzazue bere bidean.»

Gibeleratecoan, thira biraca ibiltzen dute soldadoec, irriz eta trufaz jokhatzen zaizco. Laido horiec oro Jaincoaren ohoretan jasaiten ditu Iñazioc. Capitain bat hatic urricaltzen zaio, eta othoruntza batez eta gaü batez atchikitzen du bere egoitzan.

Urruntchago khausitzen du Frantses campadera. Hemen ere nahi luke gaizki ikhusia izan, gaizki ekharria izan, Jaincoaren loriaco zerbait pairatu. Bainan Jaincoac bertzela nahi du.

«Nondic heldu zare?» galdatzen dio aitzindari batec.

«Lur Saindutic heldu naiz.»

«Norat zohazi?»

«Generat eta handic Espainiarat.»

«Zer jende zare?»

«Hescualduna.»

«Ah Hescualduna zare? ez izan beldurric, adichkidea, ontsa ekharrico zaitugu. Ni ere sortzez Hescualduna naiz, eta ez dut nic herritar bat nola nahi uzten.»

Frantsesekin zombait egun on iraganic eta indarrac berrituric, oinez abiatu zen Generat, eta handic urez Barzelonarat.


HIRURGARREN PHARTEA

Eracusle eta Ikhasle.

I.

Zerutic jakina zen Iñazio apostolu berri batzuen buruzagi izan beharra zela, eta Apostolu heïen geiac escoletaric athera behar zituela. Bainan escola handiric ez zuelacotz, khasu guti egin zezoten beldur zen. Jakintsun handi zen Jaincozco gauzetan, bainan hortan baratzen zen haren jakitate guzia. Zer eginen du beraz? Hogoi eta hamar urthetan hasico da latinaren ikhasten. Iñazio behar zen lan horri lotzeco; ezic liburuac hastio zituen, ezin ikhus zitzazken: bainan Jaincoaren loriac hala galdatzen baitu, urtheac eta urtheac ez zaizco sobera izanen liburuen erdian.

Barzelonarat jaustean, badoha doña Isabelen eta doña Iñesen ikhusterat, eta zer chedetan den aïphatzen diote. Doña Isabelec bere gain hartzen diotza escolaco gastu guziac, eta doña Iñesec gambara bat emaiten dio bere etchean, escol etchetic urrunegi delacotz ospitalea. Jeronimo Ardebaloc urriric escaintzen dio bere escola, eta demboraric galdu gabe, berheala hasten da liburuetan.

Bainan debruarekin behar zuen oraino mataca aldi bat egin. Escolan sarthu orduco haren gogo gucia Jaincoaren ganat zohan. Jaincoa eta Jaincozco gauzaric baizic ez zuen ikhusten. Escolan sarthu orduco, zeruco atsegin eta argi guziac harekin ziren. Nausiac zer zion ez zuen batere entzuten, eta liburua zabal zabala, lo zagon haren escuetan.

«Nondic heldu da bada haü?» dio noiz bait bere buruari. «Othoitzeco aldi dudanean, edo cofesatzeco aldi, edo comuniatzeco aldi, edo azotearen hartzeco aldi, neure gogoaren arras jabe naïz; badakit arras ontsa zer ari naizen; bainan escolan sar nadin, ez naiz gehiago neure buruaren jabe; atsegin izpiritualec zoratzen naute, horditzen naute, zeruco lorian banintz bezala, eta horrela gal dire enetzat nausiaren erran guziac. Ah! ainguru onaren itchuran ainguru gaïchtoac nabila. Behar nitzaio mendecatu.»

Biharamunean escolaco nausia othoizten du Itsasoco Ama Birjinaren elizarat lagunt dezan. Han, oïnetarat erortzen zaio, dioelaric:

«Nausia! zure alderat hobendun naïz, eta handizki hobendun. Orai artean ihes egin dut lanari, alfer bat izan naiz; zure erraner batere ez dut behatu; othoi barkha diezadazu. Noiz bait ohartu naïz debruac nindabilala; bada ez dut debruarentzat barkhuric. Zeru lurren Erregearen eta Erreginaren aitzinean agintzen darotzut bi urthe osoz zure escolari jarraikico naizela, eta othoizten zaitut bermaraz nezazun haur tchar bat bezala, haur bat bezala mehatchatuz, haur bat bezala gaztigatuz.»

Nausia mutu zagon; Iñazio escutic hartu zuen eta Eliza athean bi besoez besarcatu.

Handic harat ez zuen Iñazioc izpiritu barraïaduraric ukhaiten; nausiaren erran guziac buruan sartzen zituen.

Escolac uzten zion dembora, othoitzean iragaiten zuen edo obra onetan, lagunaren alderat bethi amultsu, bere alderat bethi garratz.

Doña Iñesen semea noiz nahi juaiten zitzaion athe chilotic barrandatzerat. Bethi othoitzean hatzemaiten zuen, besoac khurutzean, ahuspez lurrerat, edo begiez zerurat. Ikhusten ere zuen aingeru bat bezala airean, eta argiz inguratua.

«O Jaincoa!» entzuten zion erraiten «ene amodioa! ene zoriona! zu behin ezagutuz geroz, nola atrebi zure damustatzerat? Oh! zoin ona ahal zaren ni jasaiten nauzunean, ni hain bekhatoros handia!»

Doña Iñesec eta haren semeac alferretan othoiztu zuten heïen mahainean jar zadin. Bere jana esketic nahi izan zuen bethi bildu. Oroc maite zutelacotz, handic eta hemendic asco phuchca ukhaiten zuen. Phuchcaric hoberenac pobrentzat zagozcan, tcharrenac beretzat. Hor- gaizkitu zuen behin doña Iñesec.

«Andrea, ihardetsi zion Iñazioc, Jesu-Christo gure Jauna heldu balitzaizu zerbaiten galdez, ez othe zinezoke zuc ere duzun hoberenetic eman?»

Jaincoac noiz nahi igortzen ziotzan bere amodio bizienaren seinhaleac. San Hieronimoren comentuco Elizan sarthu zen batez, comentuco serorec ikhusi zuten lurra galduric airean zagola, zerafin bat iduriago gizon bat baino. Gauza bera behin baino gehiagotan gerthatu zitzaion, Aingeruen comentuco elizan. Hori ikhusiric, comentuco serorec gutizia eracutsi zuten sainduarekin elhe egiteco. Sainduac etzuen gaitzetsi seroren galdeitza, agian haren solhasec zerbait on ekharrico zutela.

Aingeruen comentuco serorac beren aitzinecoen kharsutarsuna ahantziric, lazotarsun galgarri batean eroriac ziren. Serora hec Iñazio nahi zuten ikhusi, ez khambiatu beharrez, bainan Iñazio ikhusgarri bat zelacotz. Iñazioren berri jakinac ziren; nongo seme zen, gorthean zoin maithagarri izana zen, gerlan zoin borthitz, adinic ederrenean munduari nola ukho egina zen. Berri horiec beraren ahotic nahi zituzten chehekiago entzun.

Gure saindua juan zitzaioten aphez saindu bat lagun harturic. Serora batzu borthizki larderiatu zituen; adiarazi zioten serora batec othoitzean eta berthutean behar duela bizi; hala bizi izan zirela heien aitzinecoac, eta Jaincoac eta munduac ez zutela oraicoetaric gutiago iguricatzen.

Ez zen alferretan mintzatu. Haren hitzaz herchatuac, gogoetac egin zituzten serorec, comentuco atheac hetsi zituzten munduari, eta jenden elhebideac ichilarazi bizitze saindu eta gorde batez.

Serora heïen enganatzaileac hasarratu ziren Iñazioren contra, eta mendecatu behar zitzaizcola hitzartu zuten.

Egun batez Aingeruen comentutic etcheracoan, Iñaziori eta aphez sainduari bi moro, bidera atheraric, makhil ukhaldica hasi zitzaizcoten. Aphez saindua hil gogorra erori zen. Iñazioc colpeac hartu zituen moroer batere jazarri gabe; contrarat, ezagutza gal artean ez zen baratu habendunentzat othoitz egitetic. Eïherazain batec hil hurrana alchatu zuen, eta mandoaren gainean doña Iñesen etcherat ekharri. Barreatu zenean gachtoac zituela colpeac eta nekez sendatuco zela, osteca abiatu ziren ikhusleac. Haren gainean nigar egiten zutener erraiten zioten:

«Zerentzat egiten duzue nigar? enekin bozcaria zaitezte jasaiteco ditudanez.»

Zilizioa khen arazi zion bere cofesorrac. Doña Iñesen semea jabetu zen zilizio hartaz, eta ez zion behin ere itzuli nahi ukhan, ziolaric:

«Hau izanen da ene ondocoer utzico diotedan orhoitzapenic ederrena.»

Berrogoi eta hamahirur egun eman zituen eri, eta sendatzen hastearekin lehengo urhats guziac hartu zituen.

Lehembizico agertzea Aingeruen comenturat egin zuen.

«Ez da hori zuhurtzia, erran zion doña Iñesec, berriz ere makhur bidean jartzen zare.»

«Ene zoriona, ihardetsi zion Iñazioc, liteke Jaincoaren loriacotzat hiltzea.»

Bainan ez zuen gehiago hirriscuric. Urrikia sarthu zen moroac igorri zituenaren bihotzean. Carricaren erdian egin zion Iñaziori bere crimaren aithormena.

«Huna zure oinetan zure etsaï izana. Erribera deitzen naiz. Othoi barka diezadazu! Herraz eta mendekioz itsutua hil nahi zintudan. Zure caritate handiac erdiratu daut bihotza. Bizi banaiz, zuri esker bizi naiz. Gal nindezakezun eta ez nauzu galdu.»

Iñazioc alchatu zuen, zioelaric lehen colpean barkhatu ziola eta ez zela geroztic baratu harentzat othoitz egitetic.

Erribera bertze bat bilhacatu zen eta girichtino on higatu.

Bertze behin, Belloco carrican iragaitean, etche batetaric nabaditzen ditu garrasia batzu. Zer othe den sartzen da etche hartan. Gizon bat dacusa anaïaren contra auzi bat galduric, bere burua urkhatu duena eta jende multzo bat heïagoraz eta nigarrez haren inguruan. Iñazioc berheala trencarazten du urkha bilhurra. Gorphutzari maïna frango emanarazten diotza, balimba ez dela hila. Maïna guziac alferretan, hila baita. Indarric handiena egiteco du oraino Iñazioc. Belhaunico jartzen da, urricalmenduzco Jaincoa othoizten du arima dohacabe hari aski bizi eman dezon aphez bati bere bekhatuen erraiteco. Iñazioc othoitza akhabatzean hila phizten da, begiac zabaltzen ditu eta aphez bat galdatzen du. Cofesatzen da, ardiesten du bekhatuen barkhamendua eta hitzen da.

Escola ttipiac bi urthez egin zituen Iñazioc. Filosofiaren egiteco Alcala aiphatu zion escolaco nausiac eta haren erranean Alcalarat abiatu zen.

Doña Iñesen semea othoizca badohaco:

«Othoi, othoi, ardiets diezadazu zure lagun ethor nadin, zurekilaco izan nadin.»

«Ez, ene Juan maitea! Jaincoac ez du nahi eni jarraic ziten. Jaincoac munduco zagozca. Andre bat ukhanen duzu berthute handicoa; anhitz haurren aita izanen zare. Haurretaric nahi gabe handiac jasan ondoan, ontasun guziez buluzia geldituco zare. Ez hatic lotsa, Juan maitea; jasaiteco horiec Jaincoa goretsico dute eta zure arimaren ona ekharrico.»

Eta khurutzefica bat soinetic khentzen duela, erraiten dio: «Zure eta zure amaren ganic ez dut egundaino artha onic baizic ukhan. Ene biziac dirauno, iraunen du ene ezagutzac. Deusere gabe naiz eta hatic ez zinduzket orhoitzapen bat gabe utzi nahi. Huna khurutzefica ttipi bat, bidetan ene laguna, guduetan ene indarra, atsegabetan ene atsegina.»

Don Juanec khurutzefica besarcatzen du eta heriotzearaino berekin ekhartzen.

Iñazioc erran bezala gerthatu ziren guziac.

Bertze gizon gazte batzu ere nahi zitzaizcon jarraiki, hirur hartu zituen bakharric: Calisto, Artiaga eta Caseros. Barzelonatic athera zen egunean, nigarric baizic ez zen Barzelonan.

II.

Iñazio Loïolacoa Alcalan sarthu zen Agorrilaren hastean 1526an. Hiri sartzean, lehen jinari galdatzen du limosna. Martin Olabe urricaltzen zaio eta diru pheza bat emaiten dio. Limosna hori demborarekin saristatuco du Jaincoac, horren egilea Iñazioren compainiarat deithuz.

Gure sainduac Antezunaco ospitalean hartu zuen bere egoitza, eta escolec ez zutelacotz oraino bi hilhabete hartan hasi behar, pobren eta erien ondotic abiatu zen.

Hura zagon ospitalean, gizon gazte bat bazen gorphutza eri, bainan arima eriago. Artharic amultsuenac emaiten ziotzan Iñazioc, eta iduritu zitzaionean gizon gaztearen bihotzean aski barna zela, galdatu zion bere berri.

Frantzesa naiz, ihardetsi zion eriac, bainan Espaïnian hazia. Neure aitzinecoa don Martin Cordobacoa dut, Nafarroco aintzindari berria, harekilacoa naiz. Harekin nindohan Iruñerat, noiz eta, hemen iragaitean, norbaitekin ezpatarat athera bainaiz eta colpatua erori.»

«Jaün maitea, harrazu curaie; agian zauri hortaz baliatuco da Jaincoa zauri handiagoren sendatzeco.»

Jaincoac entzun zuen Iñazioren othoitza. Hambat dembora gabe, bere baithan sarthu zen gizon gaztea, eta sendatu zenean, batu zen Iñaziorekin, Iñazioren bizitze sainduan eta obra on guzietan phartelier.

Bere dembora guzia arimer emaitea gatic, ikhasi behar zituenac nahi ukhan zituen berheala ikhasi. Hortaracotz suharki hasi zen filosofiaren, fisicaren, teolojiaren ikhasten. Bertzec aldi aldizca deramatzaten lanac, Iñazioc sail batez nahi ukhan zituen egin. Urrikitu ere bai. Lan borthitz eta soberakin horrec buru guzia zoratu zion eta liburuentzat higuïntza berri batez bethe. Gogoa hoztua eta deboilatua liburuac aphur batentzat hetsi zituen. Bertzalde ere zerutic jakina zen Jaincoac Alcalarat ekharri zuela ez liburutan artzeco, bainan bere arimaren eta bertzerenen arthatzeco.

Beraz othoitzac uzten zion dembora iragaiten zuen eriekin, pobrekin, haurrekin, bakhotchari bere beharren araberaco sokhorria emanez; catichima eta predicua ospitaleco sala handian egiten zituen. Escoletaco gizon gazter zen gehienic aïher; hec nahi zituen bide tcharretaric athera eta bide onean ezarri. Jaincoac benedicatu zituen haren indarrac. Arte laburric barnean, gizon gazte hec bertze batzu bilhacatu ziren. Heïen bizitze berria, bakhar batzuena salbu, guzien mihian laudagarria zen. Lehenetaric ziren sainduaren predicuetarat, eta igande guti huts eginen zuten mahain saindurat hurbildu gabe.

Cargudun handi baten fama entzuten du Iñazioc, izurrite bat dela arimentzat. Cargudun hori izen handi baten eta fortuna handi baten jabe da; bere buruari agur egiten eta eginarazten duena. Bainan ez haren izena, ez haren izana, ez dire traba bat izanen gure sainduarentzat. Haren arima behin irabazi balimbadu, ikhusten du bertze anhitzenac irabaziac direla. Jaincoa baithan confidentziaz bethea, behar du beraz indar bat egin. Joiten du haren gambaraco athean, funtsezco gauza batez nahi liozkela bi hitz erran. Cargudunac, ustez zerbaiten eske ethorria den, idekitzen dio athea eta sartzerat uzten du.

«Jauna, erraiten dio Iñazioc, bihotzaren gainean badut gauza bat zuri erran nahia, zuri erran beharra; gauza bat zure ethorkizunarentzat premiatsu dena, eta badakit zure adichkide guzietan bat ez dela zer hirriscutan zaren ohartarizico zaituenic.»

«Zer da bada? Mintza zaite.»

«Zer den Jauna? Ez zare bada ohartzen zure omena galdua dela Alcala guzian, eta zure arima seculaco galbidean dela?»

«Escale tcharra! zerc ekharri zaitu eni horrela mintzatzera?»

«Jauna, caritateac ekharri naü zuri galdatzerat, Jaincoac ez othe zaituen munduan ezarri zure arimaren galtzeco eta bertzerenaren galarazteco baizic. Zertan zintezke, berheala behar bazinu juje hasarretuaren aitzinerat agertu.»

«Erho bat zare, zoazkit aitzinetic edo muthiler har arazten zaitut.»

«Jauna, ez othoi hoin gora mintza. Zure carac emaiten daut zure barneco berri; graziac herchatzen zaitu eta ez nauzu segur hitz on bat gabe igorrico.»

Sainduaren azken hitzetan nigarrari emaiten da hobenduna, gal bidean dela aithortzen du, khambiatuco dela hitzemaiten, eta azkenean Iñazio othoizten afariten geldi dakion. Iñazio gelditzen da harekilaco solaser dembora gehiagoren emaitea gatic. Hobenduna ez da hortan baratzen. Bere coleran botza altchatu baitu etche guciac entzuteco gisan, etche gucia bilarazten du eta erraiten diote: «Saindu bat da nic oinen pean ezarri dudan escalea. Hunec eni egin darotan ongia ongi guziez goragocoa da.»

Combersione horrec arraots handia egin zuen Alcalan, eta anhitz bekhatoroser begiac zabaldu ziotzaten.

Hatic jendea mintzo zen, herrestan zabilan pobre batec hoimbertze gizon gazte nola beregana zitzazken; gehiagoco itchuraric gabe hoimbertze bihotzetan nola sar ziteken; gehiagoco maithaguneric gabe hurbildu guziac nola lilura zitzazkeen:

«Sorgina balitz, zion batec.»

«Baditeke hala den, zion bertze batec; ezic izpiritu guzien horrela itzultzeco, sorgina behar da izan.»

«Holaco jender ez da seculan fidatu behar, zion hirurgarren batek. Norc daki ez othe den heretico bat? Norc daki ez othe den Luterren dizipulu gorde bat, gezurrez gure bethatzerat ethorria?»

«Behar bada ihes dabilan gachtagin zembait, zion laurgarren batec.»

Eta elgar horrela berotzen zuten. Erraitecoric baizic ez zuten haren contra. «Zerentzat sotana zuhail hori? Zerentzat chapel zuhail hori? Bera ikhasterat ethorria, eta nola ari ditake bertzer eracusten?»

Solhas horiec jenden errespetua, eta amodioa galarazi ziotzaten haimbertzetaraino, non, egun batez, Doña Justeco caloïñe batec comuniatzeco utzi baitzituen hura eta haren lagunac, zerasalaric:

«Ez dire gauza sainduac nori nahiri emaiten.»

Hitz horiec ahotic athera orduco, caloïñea ezin erranezco laztura batec hartu zuen eta berheala borzer eman zioten communiatzerat. Orduan barnea hain zitzaion boztu, non, begitharteari behera, atseginezco nigarrac baitzariozcon. Halere Iñazioren contraco elhec Toleda jo zuten, urrunago eta handiago. Heresiaren gainean begia zagocatenec don Alonzo Mecchia igorri zuten non zer othe zen jakiterat. Don Alonzoc nihor ohartu gabe gauzac hurbildanic ikhusi eta, Alcalaco bicario jeneralari erran zion:

«Gizon horren baithan deus gachtoric ez dut hatzeman: horrec eracusten duena egia garbia da, horren bizitzea saindu batena da; gizon horren ezagutzeco ez dut berari mintzatze beharric. Nihor atheratzen bazaio contra, zu jar zaizco alde.

«Ni itzultzen naiz horren berri onekin.»

Bicario jeneralac ez zituen haren erran guziac ontsa hartu. Ahal ttipicoa bide zen bicario jeneral hura. Munduari eracusteco deusetaco ez denic ez dela, Iñazio ekharrarazi zuen bere aitzinerat eta erran zion:

«Asco solhas aditu dut zure gainean: jakitateric ez duzu eta haurrer ari zare catichima eracusten; ez zare aphez eta predicatzen duzu. Elizaco aintzindarier izan zare salhatua; zure hitzac, zure obrac, ikhertu dituzte eta deus erraitecoric ez dute hatzeman. Gero ere beraz predica dezakezu. Bainan bada gauza bat, gehiago ikhusi nahi ez dautzudana. Zerentzat ekhartzen duzue bortzec colore bereco, joste bereco arropa bat? Ez dut erraiten, fraile bazinete. Arropa hori ez zait agradatzen. Orai artean bezala elgarrekin bizitzecotz, arropa hori beharco duzue utzi eta oïnetacoac hartu.»

Iñazioc, hitzic erran gabe, Calistori eta Caserori soineco ilhun bat har arazi zioten; Juan bere chuhailarekin gelditu zen; eta gure sainduac eta Artiagac beltza jaüntzi zuten; eta bortzac oinetacoekin jarri ziren.

III.

Jaun gazte bat, itchura aberatsecoa, goiz batez harat hunat zabilan Dona Justeco eliza aitzinean; haren urhats khechuac erran nahi zuen aspaldian norbaiten beha zagola. Eliza hartaric noizbait athera zen gizon bat. Eliza athean escatu zuen, bildu zombait ardit, khurutzearen seinalea egin eta othoitzean ari zela handic itzali. Jaun gaztea ondotic jarraiki zitzaion; etche tchar batean sarthu zen escalea. Jaun gaztea carrica izkin batean jarri zen, etche tchar hari buruz. Hemen oraino luzaz iguriki zuen; escalea noizbait athera zen; jaun gazteac zohala utzi zuen eta bera sarthu zen etche hartan; ganherreraino igan zen, burdin tchar batec zagocan athe bat ideki zuen eta han causitu emazteki bat oinhaze minenen erdian.

«Emaztekia, nahi nuke jakin hemendic orai athera den gizonac zer duen izena!»

«Jauna, ez dakit.»

«Ez dakizu beraz nor den?»

«Ez, Jauna. Ez dakit nic haren caritatearen eta saindutasunaren berri baizic. Gorphutzean eta ariman harc soleitzen nau. Ez da gizon bat, saindu bat da, aingeru bat da. Haren gainean ez dezaket nic bertzeric erran, behin ere ez dut haren deithuraric entzun. Nic dakidan guzia da Iñazio duela bathaioco izena.»

«Aski jakinic badut; berriz ethortzen deneco, horra ene izena eta ene egon tokia; erranen diozu ene moltsa bethi idekia izanen zaiola, eta behar duen guzia han har dezan bere pobrentzat.»

Bi egunen buruan, escalea ethorri zen emazteki eriaren ikhusterat.

«Jauna, erran zion eriac, heren-egun ethorri zait jaun gazte bat, eta paper hau utzi du zuretzat, diolaric zure escuco dagocala pobrentzat behar duzun diru guzia.»

Escaleac paperra hartzen du eta hitz hauc iracurtzen: «Don Martin Saèz, Azpeitiarra.»

«Arreba maitea, erran zion eriari, orai beretic Jaincoaren escurat uzten zaitut; nic deus ez dezaket gehiago zuretzat.»

Iñazio Loïolacoac ahaide hurbil baten izena leithu zuen; bere burua ikhusten zuen ezagutua eta ez zuen nehola ere don Martinekin gerthatu nahi: beldur zen, beldur herriaren eta odolaren amodioac gaïna har zezan oraino haren bihotzean. Don Martini beraz gordetzerat egin zion.

Dembora guzia obra onetan zeraman, eriac ikhusiz, pobreac sokhorrituz, haurrac argituz, gazteria bere chede onetan borthiztuz, noiz eta aphirilaren hemeretzian, 1527an hirico muthilac lothu baitzitzaizcon, ziotelaric:

«Zure preso hartzeco manua dugu.»

Iñazio Loïolacoac hitz bat athera gabe, bere burua utzi zuen eremaiterat.

Berria barreiatu zenean preso zela, goiz arrats ez zen jendea haren presondegian athertzen, eta guziac hunkituac itzultzen ziren haren saindutasunaz, Jaincoarentzat haren amodio kharsuaz, etsaientzat haren caritate miragarriaz.

«Jaincoaren maithatzea, zion bethi presonerac, Jaincoaren maithatzea, Jaincoarentzat zerbaiten jasaitea, horra, horra desterru huntaco zorion bakharra, zorion egiazkoa.»

Don Jorje Nabera, escoletaco nausietaric bat, ardura juaiten zitzaion ikhusterat. Egun batez escolaco orena huts egin zuen harekin sobera egonic; destenorea zela ohartu zenean, laster egin zuen escolarat eta escolan sartzean erran zuen:

«Berantegi heldu naiz, Jondoni Paulo zephoetan ikhusiric.»

Escolaco dembora guzia ez zen ichildu Iñazioren laudorioetaric.

Iñazio bere adichkidec argitu zuten haren predicuen eta obren gainean ikhertze berri baten egiten ari zirela, gaizki bilhatzen zutela, horiec oro nahaskeria tzar batzu zirela, eta gauza horren ithotzeco, hec eginen zituztela behar ziren urhatsac.

«Ene auzia, ihardetsi zioten Iñazioc, Jaincoaren beraren auzia da. Jaincoari nago; harc badakike zer egin. Esker mila zuen eskentza onaz; ene sokhorria gorago danic iguricatzen dut.»

Egia gezurretic berechi zenean, bicario jenerala arrasta hunekin ethorri zitzaion presondegirat:

«Lebembizicoric: Iñazioren eta haren lagunen inozentzia ezagutua izan da.»

«Bigarrenecoric: Hemendic harat, escolan dabiltzanen arropa beharco dute ekharri.»

«Hirurgarrenecoric: Liburu sainduetan ez direlacotz oraino trebe, populiari mintzatzea ez dire haïzu izanen.»

Arrasta hori entzun eta Iñazioc erran zion:

«Manatu darocuzunean ez ginezan bortzec soineco bera ekhar, behechac hartu ditugu; orai bertze soineco bat manatzen darocuzu; hori ezin egin dezakegu, ez baitugu zertaz eros eta caritatez bizi baigare.

«Zuc ezin egin badezakezu, ihardetsi zion bicario jeneralac, nic eginarazico dut zuretzat.»

Eta Luzena deitzen zen gizon gazte bat othoiztu zuen, berekin Iñazio harturic, eske bat egin zezan, Iñaziori soineco baten erosteco.

Beretzat edo bertzentzat eske zabilanean, bere hauturat zabilen Iñazio; bainan bertzec harentzat eske egitea, eta eske egileari carricaz carrica bera jarraikitzea, zer seindigarria haren odolarentzat! Horra khurutzea bere dorphetasun guzian. Ekharrico du Iñazioc arranguratu gabe.

Eske zabiltzalaric, Lopez de Mendoza pilotan ari zela hatzeman zuten bere etcheco corroilan. Luzena hurbildu zitzaion sainduarentzat zerbaitto eman zezon. Behatze bihurri batekin hartu zuen Lopesek, nahi ez zuen zerbait entzuna baitzen sainduaren ahotic, eta erran zion:

«Zer! zu bezalaco gizon batec holaco gizon batez urricaldu behar duela! Erre nadila, ez badu horrec erretzea merezi!...»

Jaincoaren tronuraino igain zen arnegu hori. Lopezen adichkider handizki damutu zitzaioten. Batetic bertzerat berheala barreatu zen, hiriaren itzulia berheala egin zuen, guzier laztura bat emaiten ziotela.

Zombait orenen buruan hirico muthil batec Alcalaco carriketan khantatzen du seme bat sorthu zaiola erregeri. Arratsean, Lopez bi muthilekin badoha etche goihenerat, sorthu berriaren ohoretan tiroca aartzeco. Tiroca ari direlaric, bolbora meta baten gainerat erortzen da phindar bat; jauzten da bolbora arraots ikharagarri batekin: malurtu othe da nihor? Lopezen arropac sutan dire, Lopez bera sutan da, suia dariola marrascaz jausten da, bere burua phutzu batera aurthikitzen du eta han hiltzen da.

Iñazioren obrari traba sobera egiten zioten Alcalan. Zer escualde har Jaincoari galdatu zion, eta zombait egunen buruan, Balladolirat zohan, han khausituco zuela don Alonzo de Fonseca, Toledaco Archapezpicua, eta bere erran beharrac hari erranen ziotzala.

IV.

Alcalatic athera baino lehen, gure sainduac soineco berria utzi zuen eta chaharra jauntzi. Traste hortan agertu zen Toledaco archapezpicuaren aitzinerat. Aita baten hihotza eracutsi zion archapezpicuac, laudorioac egin ziotzan bere khar sainduaz; Alcalarat itzultzetic gibelatu zuen, Salamancan hobeki izanen zela, bai bere escolari, bai bere obra oner jarraikitzeco; eta bidearen egiten laguntzeco, amoina on bat eratchiki zioten bere hitz oner.

Salamancarat ethorri zenean, batere ez zuen gogoac escolarat laguntzen. Barnetic erraiten zion botz batec, ez zuela Jaincoac harat deitzen, bertze norapait deitzen zuela. Bainan norat? Ez zakien. Jaincoaren borondatea ezagut artean, aphez Dominicano bati eman zion bere arimaren artha, eta gaizki bizi zirener hasi zen zeruco bidearen eracusten. Ahal zuen guziez mintzo zen, non nahi, nori nahiri, campoan, barnean, agerian, bakhartasunean, eta hamabortz egunez haimbertze herrebes chuchendu zuen, haimbertze arima sendatu, haimbertze indar egin, non asaldatu baitzen jende guzia.

«Gisa dea, zioten ascoc, aphez ez den batec, escale batec, predica dezan? Jakintsun handi balitz bezala, arimac argi ditzan? Horren erranetan ez othe da egiaric baizic? Elizaco aintzindariec behar lukete gauza hori ikhusi, hetarat behar liteke gauza hori heldu.»

Egun batez, bere cofesorrac comenturat ekharrarazten du, dioelaric zer arrazoinez. Comentuan entzunac dire haren hitza zoin den botheretsua eta jakin nahi lukete hitz harc erraitecoric othe duen. Bazcal ondoan caperarat baderamate, zer sinhestetaco den han eracuts dezan. Bere cofesorra hasten zaio, eta guzien izenean erraiten dio:

«Atsegin dut zure gainean holaco gauzen entzuteaz; zure predicuez laudorio handiac dituzte jendec. Bainan entzuten ahal bazintugu, handiago liteke oraino gure atsegina. Lehenic galdatuco darotzut zer escola egin duzun eta zer ikhasi duzun.»

«Ene aita, escolan arras guti ibili naiz, eta aithor dut deus ez dakidala.»

«Gehiagoco escolaric gabe nola bada zure predicuec holaco indarra ukhan dezakete?»

«Ez dut nic predicuric egiten; Jaincoaz mintzatzen naiz bakharric, Jaincoa zombait arimer maitharaz othe dezakedan.»

«Zeren gainean mintzo zare gehienic?»

«Berthutearen eta bekhatuaren gainean; berthutea behar dela maithatu eta bekhatua hastiatu.»

«Horiec dire gauza batzu, dio buruzagiaren ondocoac, jakitatea galdatzen dutenac, eta jakitate escasa denean lo utzi behar direnac. Diozu escolaric ez duzula. Izpiritu saindua mintzo zaizu beraz? Hori hala balimbada, erran behar darocuzu, ez darocuzu gorde behar.»

Iñazio Loïolacoa durduratzen da. Haren zainetan lehengo odoletic bada oraino chorta bat, eta odol harc noizetic noiz irekitzen baitio, aphur bat ichilic egon ondoan galde egileari erraiten dio:

«Hobe dugu naski hortan baraturic.»

«Ez, ez; ez gare hortan baratuco; egiguzu predicu bat, chuchen ala makhur mintzo zaren jakin dezagun.»

«Ez dut gehiago hitzic atheraco, elizaco aintzindariec manaturic baizic.»

«Zer! heresiac horrembertze herecha egiten duen demboran, zuc ez darocuzula zure sinhestea agertuco? Zure sinhestea garbia balimbada, zerentzat zaude ichilic? Garbia ez balimbada, nola atrebitzen zare predicatzerat?»

Iñazioc ez du ihardesten.

«Eta bertzalde, nondic du zure lagunac planta gabeco arropa hori?»

Iñazioren laguna Calisto da. Soineco labur bat dakharre, hambatenaz irriegingarriago zembatenaz bera baita luzeago. Calistoc ihardesten du:

«Jauna, ene soinecoa irriegingarria da, badakit. Bainan gizon gaicho bat hatzeman dut erdi estalia eta ene soinecoaren erdia hari eman dut.»

Sinhesten ez balu bezala, gain beheraco behatze bat egiten dio Calistori; gero Iñaziori mintzo zaiola:

«Zure sinhestea, amodioz ez balimbada, beharco duzu bortchaz agertu.»

Hitz horiec aïre samur batekin erran ondoan atheratzen da bere lagunekin, Iñazio eta Calisto caperan utziric. Comentuco athe guziac hesten dituzte; heldu dire gero Iñazioren bilha eta gambera bat emaiten diote. Hirur egun iragaiten ditu comentuco frailekin, gambera ikhuslez bethea, Jaincoaren izen saindua bethi mihian, Jaincoaren borondate saindua bethi bihotzean. Laugarren egunean, fedearen tribunaleco muthil bat Iñazioz eta Calistoz jabetzen da eta presondegirat aurthikitzen ditu. Han dire gachtagin handienekin nahas mahas, usainez eta zikhinez nihor ezin dagoken lekhu batean. Bata bertzeari estecatzen dituzte gathe labur batekin. Heien zangoec elgar joiten dute, ez ditezke higi elgar zaurthu gabe; baten oinhazea bien oinhazea da, baten martirioa bien martirioa. Gau guzia Jaincoaren laudoriotan iragaiten dute. Biharamunean alde guzietaric heldu zaiote jendea, ohekin, jatecoekin, presondegian zilhegi diren eztitasun guziekin.

Egun batez don Franzizco de Mendozac erraiten dio: «Gathibotasun hau zoin garratz ahal zaizun eta burdina hauc zoin dorphe!

«Ez, Jauna; gathibotasun hau balitz ere garratzago, Jesu-Christorentzat bihotz onez jasan nezake; burdina hauc balire ere dorpheago, Jesu-Christorentzat bihotz onez ekhar nitzazke.»

Emazteki saindu batec mezutzen dio haren jasaitecoec zaurtzen diotela bihotza; Iñazioc berheala ihardesten dio:

«Andrea! ez dakizu beraz zer loria darraicon khurutzeari. Ez ni urricari izan, dohatsu dagocat ene burua. Ene gutizia da gehiagoren eta gehiagoren pairatzea, hala ontsa bazaio ene nausi soberanoari.»

Hogoi eta hirurgarren egunean athera zituzten presondegitic, eta tribunalerat ereman, arrasta hunen entzuteco:

«Iñazioren bizitzea eta sinhestea erraitecoric gabe dire. Iñazio eta haren lagunac populuari mintza ditezke; hatic, teolojia non ez duten lau urthez egiten, debecatua zaiote chehatzea zertan datzan bekhatu mortala eta zertan beniala.»

«Arrasta hori on hartzen dutelaric, badohazke.»

Iñazio Loïolacoac ihardetsi zioten:

«Zuen peco izanen naizen demboran, ez dut arrasta hori hautsico.»

Bekhatuaren naturaz ez mintzatzea traba handia zitzaion gure sainduari. Bertze nombait ongi gehiago eginen zuela, abiatu zen handic. Lagunec mila othoitz egin zioten han geldiarazi nahiz, bainan alferretan:

«Jaincoac bertze norapait deitzen nau, zuec bazagozkete hemen. Elgarretaric berechia gatic, izpirituz eta bihotzez gauden bethi elgarrekin, eta Jaincoac lagunt gaitzala guziac, zoin gure urrhatsetan.»

Gaizkitu zuten adichkidec, hetaric urrunduz gabetzen zituela bere berthutez, bere contseilu zuhurrez; ezin khordocatu zuten haren chedea. Barzelonarat abiatu zen, bera oinez, liburuac astotcho baten gainean.

Iñazio berriz ikhustean, alegrantzian sarthu zen Barzelona; guti behar zuen iraun alegrantzia harc, Iñazio lekhutzerat zohalacotz, ez choilki Barzelonatic, bainan Espainiatic. Haren atchikitzeco zer ez zuten egin Barzelondarrec? Bainan Jaincoac zeraman tokirat juan zen, behatu gabe batzuen othoitzer, bertzen nigarrer.

V.

Parisen, latin carricaco etche batean, anaïac bezala bizi ziren gizon gazte arrotz batzu. Entzunic espantutan Pariseco escolen berri, Pariserat ethorriac ziren jakitatearen bilha, eta gastu gutiago ukhaiteco, elgarrekin jarri ziren etche eta gambara berean.

1528an Otsaïlaren azkentsuan, gizon gazte hetaric bat, bertziac escolan direlaric, sartzen da gambara hartan; presan egiten du paket ttipi bat, diru untzi bat sartzen du paketaren barnean, eta besapean gorderic badoha lasterca.

Haren lagunac etcherat direnean, miresten dute haren ez han khausitzea.

«Horra zoimbait egun, dio batec, ez dela Diego escolarat ageri; beldur naiz ez othe den makhur abiatu.

«Baditeke, dio bigarren batec; zombait dembora huntan nekez emaiten du solhasa, eta lehen zenetic khambio da.

«Ene adichkideac, dio hirurgarren batec, ez dezagun nihor juja, ez badugu guhaurec jujaturic izan nahi.»

Gau hartan ez zuten Diegoric ikhusi, ez zuten ikhusi biharamunean, eta biharamun agoan ere. Laugarren egunean jakin zuten Parisetic athera zela. Orduan Diegoren alde jarri zenac, bere laguner erran zioten:

«Ezin nagoke gehiago zuekin, sosic gabe naiz; ez dut gambara sariric.»

«Eta Jauna, norat nahi zare juan?»

«Jondoni Jakico ospitalerat; han urriric hartuco naute.»

«Escola uzten duzu beraz?»

«Ez, ez nago escola uztecotan; egun guciez ethorrico naiz Monteguco escol-etcherat.»

«Bainan, Jauna, iguzkia athera gabe ez zitezke ospitaletic athera, eta iguzkia sarthu gabe behar zare ospitalean sarthu. Bertzalde, zure juan jinetan ospitaletic escolarat, escolatic ospitalerat, zombat dembora ez zindezake gal? Zaude gurekin, antholatuco gare nolezpait; guc eginen dugu zuc bezala eta zuc eginen duzu guc bezala.»

«Ez, adichkide maiteac, bertze Español bat harturic hobeco duzue; harc bere emaitza ekharriz, ttipiago izanen dire zuen gastuac; banoha ospitalerat.»

«Iñazio jauna! zaurtzen darocuzu bihotza; othoi zaude gurekin.»

Heïen othoitz guziac alfer izan ziren.

Espaïniatic atheratzean, adichkide batzuec erran zioten Pariseco jendea arrotzentzat chuhur zela, eta othoiztu zuten urthe batetaco behar zuen dirua heien escutic har zezan. Iñazioc, bere oren guzien escolari emaitea gatic, ukhanac hartu zituen. Bidea hatic oïnez egin zuen dembora garratz batez, elhurrez elhur, mendiz mendi, bide guzian amoïna escatuz, Barzelonatic Pariseraino.

Ikhusi dugun bezala, Espaiñol batzuekin gerthatu zen Parisen; bere dirua atchikitzerat eman zion hautaric bati, eta hunec, diruaren erdia erhokerietan chahatu ondoan, bertze erdia ebatsi zion eta harekin ihes juan.

Bere laguner ez nahiz bizcarkin izan, eta galdu zuen diruaz hitz bat aiphatu gabe, juan zen Iñazio Jondoni Jakico ospitalerat.

Handic egun guziez bazohan Monteguco escol-etcherat. Haratecoan eta hunatecoan, bideco jender escatzen zuen amoina, eta ordainez amoina izpirituala emaiten zioten. Eske horrec doïdoïa emaiten zion bizitzecoa eta galarazten dembora handia.

Aphez saindu bati entzunic Flandresen bazirela Español anhitz, ahalgoz eta borondate onez beteac, Flandreserat juan zen bere herritarretaric zerbait ahal zukenez. Amberzen, Pedro Quadrato tratulari gazte baten etcherat jautsi zen. Pedroren escutic amoina handi bat hartzean, begirat behatu zion Iñazioc eta erran zion:

«Don Pedro, nitaz hoimbertze urricaldu zarena, nic zer diotan orhoit zaite. Jaincoac ene bidez ordre berri bat emanen du bere elizari eta zuc egun batez ordre hartaco etche bat altchatuco duzu zure sorth-herrian.»

Brugen, bere mahainean jarrarazi zuen jakitate eta berthute handitaco gizon batec, Luis Bibesec. Choratua Iñazioren solhasez, Luis Bibesec bere adichkider erran zioten:

«Gizon hau egiazco saindu bat da, demborarekin ikhusico duzue ordre berri baten buruzagi jartzen.»

Flandreseco Espaiñoletaric ez zuen Iñazioc escaintza onic eta egitate onic baizic ukhan.

«Ez zaitela eske ibil, ziotsoten guziec, behar duzun guzia helduco darozugu Pariserat.»

Pariserat itzuli zenean, berriz sarthu zen Jondoni Jakico ospitalean eta Monteguco escolarat berriz abiatu. Bizitzecoa badu orai eta dembora gehiago eman dezake escolari eta caritatezco obrer.

Jaincoac ezagutarazi zion ordre berriaren zimenduac Parisen behar zituela aurthiki, compainia berriaren lehembizico soldadoac Parisen behar zituela hautatu.

Bere gogoraco bi gizon gazter, Don Peraltori eta Don Amatori, eginarazi ziotzaten etserzizio izpiritualac. Bihotzez Jaincoaren maithatzea, bihotzez munduaren hastiatzea, horra zer zakharreten bethi etserzizio izpiritualec.

Escoletaco nausi batec ere, Don Juan de Castroc, etserzizioac egin zituen, Iñazio eracusle, eta berthutean ez zen guti aitzinatu. Handic laster, Don Peraltoc eta Don Amatorec, zituztenac salduric eta pobrer emanic, Iñazio hartu zuten buruzagi, eta philda tchar batzuez estaliac, Iñaziorekin jarri ziren Jondoni Jakico ospitalean.

Adichkidec eta ahaidec ahal zituztenac eta ahal ez zituztenac egin zituzten heien hotzarazteco; bainan bihotza hetsi zuten batzuen larderiari, bertzen enganiozco hitzer.

VI.

Aire handitaco jaun gazte bat ethortzen da arrastiri batez Jondoni Jakico ospitalerat, diolaric:

«Doidoia hemen sarthu den gizon bati nahi nituzke bi hitz erran. Ezagut errecha da; soineco zuhail bat dakharre eta biloac dilindan.»

«Ah! zuc saindua galdatzen duzu; hemen ezic hala deitzen dugu. Zato, Jauna, zato; non den eracutsico darozut.»

Sainduaren gambararat denean, ez dio sainduac atze bati baino begitharte gehiago egiten.

«Don Iñazio, ez nauzu ezagutzen?»

«Zer? ez othe dut bada ezagutzen Juan de Madeba?»

«Don Iñazio, nahigabe handiric emaiten duzu zure jendekiari. Zure jendekia aphaldua dagocazu zure bizitzeco moldeaz eta eske ibiltzeco duzun thema gachtoaz. Ez da hori zure sortzeari eman dena. Jendec zer nahi duzu erran dezaten zure etchecoez? Erranen dute edo zure haztecoric ez dutela, edo zure alderat bihotz gabe direla; gezurra batean eta bertzean; ezic Español guziec badakite ontasunez eta bihotzez zoin diren aberats Loïolatarrac. Bertze gauza bat oraino: zure ethorkiaco jaun bat, zure ahalgoaco jaun bat, ez diteke amoinaz bizi, amoinaz gabetzen dituen pobren alderat hobendun bilhacatu gabe.»

«Baditeke arrazoin duzun, Don Juan; jakinen dut gauza hori, eta anartean eskerrac darozkitzut ene jendekiari dakharrezun amodioaz.»

Biharamunean, galdeitza hau egiten du Iñaziok Sorbonaco escolari:

«Munduari ukho egin duen jaun gazte bat esketic bizi ditekhea, Jaincoa damustatu gabe?»

Guziec izkiribuz ihardesten dute:

«Ez da hortan bekhaturic, ez eta bekhatuaren itzalic ere.»

Juan de Madebari badakharro arrasta hori, dioelaric:

«Argitu nahi izan zaitut, ez baitezpada ene buruaren garbitzeco, bainan Jesu-Christoc goretsi duen berthute bat ez dezazun zuc aphalets.»

Juan de Madebac, erraiteco hoberic ez ukhanez, bakean utzi zuen eta hitzeman zion ez zuela nihorri haren izenic salhatuco.»

Iñazioren etsaiac ez zauden geldiric; ahal guziac egin zituzten Iñaziori bere lagunen khentzeco. Ezin bertzez, azkenean huna zer buru jo zuten. Goiz batez, hirico muthilac harmetan sarthu ziren ospitalean, hirur gizon gazteac altchatu zituzten eta zoin beren etchetarat ereman. Han, enganioz eta mehatchuz herchatuac atchiki zituzten, Iñazioren contra hitz bat edo bertze atherarazi nahiz. Enganioec eta mehatchuec nihor ez zuten irabazi; hirur gizon gazteac ez ziren ichildu Iñazioren berthuter lekhucotasunic laudagarrienaren bihurtzetic.

Gero ere etsai berac haütatuco ditu eta sutatuco ifernuac jenden omenean Iñazioren galarazteco.

Horien guzien artetic letra bat heldu zaio Iñaziori, Diegoc igorriric. Letra hartan Diegoc aithortzen diotza bere hutsac, bere ohointza, bere gastuac, bere tzarkeriac; mezutzen dio, Espainiarat itzuli nahia, errumesiac eta eritasunac dagocatela Ruanen, eta othoizten du Espainiarat itzultzeco egin dezon zerbait laguntza.

Gure sainduac entzuten du hobendun urrikituaren oihua. Adichkide bati non zer den erraiten dio, sar-athera bat egiten du Dominicanoen elizan eta Ruanerat oinez abiatzen da, Diego behar duela ariman eta gorphutzean soleitu. Baruric doha eta, zalhuago juaiteco, onthutsic khenduric bere oinetaco dorpheac, othoiztuz Jaincoa onhets ditzan haren akhidurac eta izerdiac, eta baliaraz Diego gaichoari. Bozten zaio bihotza, agian aski amoina bilduco duela, Diegori escu ukhaldi on baten emaiteco.

Lehembizico arratsean, ospitale batean galdatzen du arrats hartaco atherbea. Ohe baten erdia escaintzen diote, eta Iñazioc batere mainaric gabe hartzen du, nahiz escale zikhin bat den bertze erdian.

Naturalezari zaphaldi baten emaitea phesta zaio gure sainduari.

Bigarren arratsean, lastoan etzaten da; han bederen ez du lagunic. Hirurgarren arratseco Ruanerat heldua da, bere hura hatzemaiten du, maiteki besarcatzen du, eta segurtatzen dio aspaldian ahantzia duela haren hutsa. Biharamunean, argia gabe jeikiric, eske bat egiten du Diegorentzat; urriric ardiesten dio Espainiarateco untzia, eta letra batzuetan beroki gomendatzen du Espainiaco bere ahaide, adichkider.

Hola mendecatzen dire sainduac.

Arte hortan, bazter nahasten ari ziren Iñazioren etsaiac. Fedearen tribunalerat heldu zuten beldurtu behar zela Iñazioz, escoletaco gazteria galtzen ari zuela eta sorginkeria zerbaitez ilusitua zagocala.

Fedearen tribunaleco buruzagia Matiu Ori da. Bere aitzinerat deitzen du Iñazio. Bainan Iñazio nihon ez da ageri, nihorc ez dezake hatzeman; hortic mila elhepide.

Batzuec diote:

«Min zuen, min barnean; ihes egin du erre zezaten beldurrez.»

Bertzec diote:

«Zer egin da saindutasunezco itchura hura? Ikhusi duenean ez zezakela gehiago bere burua gorde, itzali da urkha zezaten beldurrez.»

«Horrec erran nahi du, diote bertze batzuec, soberakinac sobera direla eta Jaincozco gauzetan ez lukela gizonac barnegi sarthu behar.»

Parisen utzi duen adichkideac mezutzen dio haren gainean zer derasaten. Mezu hori ukhan bezain sarri husten du Ruane, Pariserat itzultzen da nihon baratu gabe. Bideco izerdiarekin eta errhautsarekin agertzen da Matiu Oriren aitzinerat, eta erraiten dio non eta nola jakin duen haren contra derasatenen berri. «Jauna, hemen naiz orai; ene burua nahi nuke garbitu, zuc nahi baninduzu entzun.»

Matiu Oric laster ezagutzen du nor diren hobendunac eta nor ez. Bere estimuarekin Iñaziori emaiten dio bere amodioa, eta haren etsaiac igortzen ditu zinezco airaldi bat emanic.

Iñaziori ez ziotzaten hatic bere lagunac itzuli; mila asmu tzarrez atchiki zituzten beren nausi maitearen ganic urrun. Geroago, Juan de Castro San Brunoren comentuan sarthu zen. Don Peralto Lur Saindurat juan nahiz ibili zen; bainan Aita Sainduaren ganic baimenic ezin ukhanez, Espainiarat itzuli zen. Don Amatoreren berriric ez dakigu.

Escola bidean dembora handia galtzen zuelacotz, athera zen Iñazio ospitaletic, eta Santa Barbaraco ondoan jarri. Santa Barbaraco escol-etchean filosofia has orduco, hogoi eta hemezortzi urthe bazituen gure sainduac.

VII.

Santa Barbaraco filosofac igande egunetan elgarretarat biltzen ziren, arrazoinca arrazoinamenduan trebatzeco. Biltzarre hetan, nausiac lekhuco eta khitzicatzaile, elgar berotzen zuten eta laneco gostu handia hartzen. Biltzarre hec huts egiten zituen Iñazioc, igande zelacotz. Asteco sei egun emaiten zituen filosofiari; ez zitzaion sobera igandearen Jaincoari emaitea. Egun hartan escolaco lagun zombaiti Jaincoaz mintzatzen zitzaioten, Jaincoa maitharazten zioten, bekhatu bidetic urruntzen zituen eta sacramenduetarat hurbilarazten.

Anhitz dembora gabe, filosofiaco nausi batec, Jaun Peñac, khambio handi bat khausitzen du bere escolieretan. Non zer den jakin duenean, Iñazio deitzen du, eta aire samur batekin erraiten dio:

«Bi hutsez hobendun zare. Lehen hutsa da gure biltzarretarat ez ethortzea; bigarren hutsa da zure lagunac ethortzetic gibelatzea. Bertze arrangura bat ere badut: ez baduzu nahi, nahi ez duzuna ikhusi, zure egitecoac eginzkitzu eta bertzerenac utz.»

«Jaun Peña, zure biltzarretarat ethor ninteke, bainan elizaren manua da igande egunac sainduki iragan ditzadan; ene lagunec ere uste dut arrazoin bera duten.»

«Gauza hori zuc eman diozute burutarat; zure lagunac ez ziren gauza horri berac ohartuco. Chuhurra balimbaduzu, nic erranaz orrhoit zite.»

Jaun Peñac bietan, hiruretan, egin ziotzan arrangura berac, bainan alferretan. Arima baten irabaz-bidea zacusanean, ez zuten Iñazio nihoren erranec izitzen.

Iñaziorekin burutziaric ezin eginez, eta hatic bere parra nahiz iragan, Jaun Peña badoha escol-etcheco aintzindariaren ganat eta samurraren samurrez gorri-belztua:

«Jauna, erraiten dio, igandetaco gure biltzarreac erortzerat dohatzi; atzar ordu dugu. Partida Iñazio dugu, escale arrotz hori; bertze lanic ez baitu gizon gazten ilusitzea baizic.»

«Arrazoin duzu, dio coleran escol-etcheco aitzindariac, . Lehen ere Amatore eta Peralto galdu darozkigu. Matiu Oriri haimbertze erran nion errumes tchar hori preso ezar zezan; bainan Matiu Ori gezurrez hantu zuen eta saindu bat zela sinhetsarazi zion.»

«Zombait ilhabete huntan, dio berriz ere Jaun Peñac, ene escola husten ari da. Zombatec ez dute mundua bethicotz utzi? Bertze zombat, igandetan gureac zirenac, ez dabiltza orai Iñazioren ondotic, elizaz eliza, predicuz predicu, buru guzia ilusionez zoratua. Ez da bada deithoragarri bazterrac hola nahas ditzan tresna tchar horrec?»

Aitzindaria gogoetetan egoiten da aphur bat; gero Jaun Peñari erraiten dio:

«Jaun Peña, egia diozu; ez dugu gehiago holacoric jasan behar. Zuri nago, bihar escolan sartzen denean, salaco gaztigua emana izan dakion.»

Egun hartan Jaun Peña eta haren escualdeco batzu ikhusi zituzten elgarri beharrirat mintzatzen. Nausiac berac mezuca baizic ez ziren elgarrekin mintzo; seinhale nombait zerbait bazela.

Escolatic elkhitzean, adichkide min bat heldu zaio Iñaziori:

«Iñazio Jauna, erraiten dio, solhas bat entzun dut laztu nauena. Ez othoi gehiago Santa Barbaraco escolarat juan.»

«Zerentzat ez, ene adichkidea?»

«Zeren salaco gaztigua baitagocate zuretzat.»

«Zer da salaco gaztigua?»

«Zer den? ahalge ere banaiz erraiteco. Seculaco desohorea eratchikia zaio gaztigu horri.»

«Adichkide maitea, othoi hobeki argi nezazu. Gaztigu hori zertan datza?»

«Jauna, ez dautzut gordeco. Hobenduna salan sarthu denean, escol-etcheco athe guziac hesten dituzte, escolierac ezkilen errepican biltzen dire eta salaren inguruan jartzen. Nausiac ethortzen dire azote bedera escuan, hobenduna batec bertzearen ondotic joiten dute, eta izen-goithi bat hain itsusia emaiten diote, non ezin agert baititeke gehiago jenden arterat.»

«Eta gaztigu hortaz zerentzat naiz mehatchatua?»

«Guri egin darocuzun ongiarentzat.»

«Ah! beraz Jaincoaren loriacotzat da. Eginen ditut horren gainean neure phentsaketac.»

«Othoi! othoi! Jauna, ez gehiago harat itzul. Ordainez bazohazke Bobeseco escol-etcherat; Franzizco Zabierecoa entzunen duzu han; ez duzu harekin deus galduco, jakitate handico gizona egiten dute.»

«Adichkide maitea, Jaincoarekin ihardokico dut zer egin.»

Bi adichkideac hartan behechi ziren, escuac elgarri emanic.

Gure sainduac eskerrac bihurtu ziotzan Jaincoari jasaiterat zohan laidoaz, eta kharsuki othoiztu zuen ez zezan laido horrec, ez haren loriari, ez arimen Salbamenduari, calteric ekhar. Biharamunean, Jaincoaren amoreagatic ahalge guzien jasaiterat ekharria, badoha Santa Barbaraco escol-etcherat. Athea idekitzean farrasta bat egiten dio bihotzac, desegiten zaio begithartea; gaztigu horren contra oldartzen da haren izpiritua, jauzten haren odola. Hatic, begiac eta bihotza berheala altchatzen ditu zerurat, eta zaphatzen du, garrhaitzen eta ithotzen odolaren mintzoa. Gudu horren ondotic botz bat entzuten du dioena, Jaincoac onhetsi duela haren sacrifizioa; laidostatua izaiteco orde, izanen dela goraltchatua; Jaincoaren loria eta arimen ona goraltchatze horrec behar dituela ekharri.

Orai badaki zer egin. Sartzen da; atheac hesten dituzte haren gibelean. Deuseren beldurric gabe, badoha escol-etcheco buruzagiaren gambararat, bi hitz behar diotzola erran.

«Buruzagia, erraiten dio, gaztiguric borthitzena enetzat dagocazu, Jaincoac zeren lagundu dituen ene ahal ttipiac. Ez balu gaztigu horrec Jaincoaren loria mendratu behar, ez nuke horrentzat Salamancaco burdinentzat baino beldur gehiago. Jakina naiz zer dagocazuen enetzat, eta aitzina ethorri naizenaz geroz, ikhusten duzu ez nabilala gaztigu horren ihes. Bainan hori da gauza bat niri bezala bertze anhitzer behatzen zaiotena; horri eratchia zaio anhitz arimen salbamendua. Hortaracotz, zuri nago, Jauna, zuzen othe den gehiagoco arrazoinic gabe gaztigu horren emaitea? Zuri nago, Jesu-Christoren ezagutarazteac eta maitharazteac gastigu hori merezi othe duten? Zuri nago, zilegi othe zaizuen ene horrela aphaltzea eta beltzea bekhatoros zombaiten ene ganic urruntzecotan?

Buruzagiac ez du hitzic ihardesten; nigarrez dago. Aphur baten buruan, escutic hartzen du Iñazio eta salarat eremaiten du. Han daude nausiac azoteac escuan, han escolierac nausien inguruan. Nausiec azotea altchatzeracoan, buruzagia nigarrez erortzen da Iñazioren oinetarat, dioelaric:

«Jauna! barkha, othoi, zure contra hoin arhinki ekharri dudan arrasta. Barkha, othoi, zuri eta zutaz Jaincoari egiterat nindohan damu izigarria. Urriki dut, urriki bihotzaren erditic!»

Chutitzen da gero, Iñazioc escua emanic, eta han diren guzier erraiten diote:

«Hemendic aitzina saindu bat bezala ekharria izan bedi Iñazio gut’artean. Nic hala dagocat eta nahiz ez duen berac holacoric entzun nahi, diot saindu bat dela.»

Orduan ichildu ziren Iñazioren contraco elheac. Jaun Peña bera barkhamenduscatu zitzaion. Moseralo eta Balho, escolaco bi nausi, Iñaziorekin adichkide handi jarri ziren. Escol-etche guzian ez zen aiphu Iñazioren saindutasunaz baizic, eta Iñazioren jakitateaz ez zuen laudorio tcharra egiten doctor Marzialec, zionean:

«Jaincozco gauzetan, Pariseco doctor guziac baino jakintsunago da Iñazio.»

VIII.

Iñazio Loiolacoa Frantsesari ohartua zen, eta Frantsesean aski trebe ere bai, Frantsesen arterat agertzeco. Ez zuen guti erran nahi gure sainduarentzat, zoinac amodio berean sartzen baitzituen Frantsesac eta Españolac, eta batzuer eta bertzer Jaincoa nahi baitzioten ezagutarazi eta maitharazi.

Egun batez, Elizaco cargudun baten etcherat behartzen da. Cargudun hau bere egimbidetan lazoscoa, billartean ari dela khausitzen du. Partida akhabatu denean, cargudunac makhila bat escaintzen dio Iñaziori, jokha dadin haren contra.

«Jauna, ez dut joco hori ezagutzen, phondu baten egiten ez nakike.

«Has zaite, has, nic eracutsico dautzut; gero erranen duket saindua ere jocoan artzen dela.»

Garaitico phentsamendu batez argitua, Iñazioc erraiten dio:

«Arico naiz, Jauna, ez hâtic zerbait hirriscatu gabe. Galtzen badut, ilhabete batez zure muthil jarrico naiz. Irabazten badut, gauza bat manatuco dautzut on handia eginen dautzuna.»

Ichpicho hori irriz hartzen du cargudunac eta hasten dire, edo hobeki erraiteco hasten da gure saindua. Begia, escua, makhila hain dabiltza chuchen, non partida guzia aralde batez baiterama.

Carguduna, Iñaziori so, harritua:

«Lehembizico jokhaldian nola egin ahal du joco hori?... Ah! Jaincoa dabila, Jaincoa, ene ondotic, ni bizitzez khambia nadin.»

Iñaziori galdatzen dio zer den haren irabazia. Iñazioc manatzen diotza etserzizio izpiritualac. Manatu bezala ilhabete oso batez egiten ditu, bere baithan sartzen da, bertze bat bilhacatzen da eta berthuteric ederrenez ohoratzen du bere apheztasuna.

Gizon gazte bat, Iñazioc erroitzetic atheraia, berriz erroitzerat eroria zagon. Handic haren altchatzeco alfer ziren fedearen mehatchuac, alfer adichkidetasunaren botza, alfer othoitzic kharsuenac. Sainduec, nahi duten grazia hura ardietsi artio, ez diote zeruari bakeric emaiten. Hirur egunetaco barur bat hartu zuen Iñazioc; hirur egun hec aldaren oinetan iragan zituen, jan ez edan gabe, lo ihitzic egin gabe, othoitzez Jaincoari arima dohacabe hura bere graziaz hunki zezan. Haimbertze auhener eta othoitzer saria zor zioten Jaincoac. Onerat eman zuen gizon gazteac eta zin zinez. Iñazioren goara bizi izan zen, bide zuzenetic behin ere zeihartu gabe.

Arimaren calte handitan, norbaitekilacoa bazagocan gure sainduaren adichkide batec. Saindua ez zen othoitzetic baratzen; othoitzac adichkideari lokharri hura hauts zezan, othoitzac zeruari arima itsutu hura argi zezan. Haren othoitz guzier elkhorrarena egiten zuten, bai adichkideac, bai zeruac. Arrats guziez hiritic bazohan hobenduna, bihotzac norat zeraman. Iñazio Loiolacoaren caritateac sobera khar zuen adichkide baten hortan uzteco. Haren arimaren irabaztecotan guti lakioke bere odol guziaren ichurtzea.

Negua zen; hotza borthitza. Ur gehienac hormatuac ziren, hala nola Biebreco ura, zoina zubi ttipi batean iragaiten baitzuen hobendunac, ohi zuen tokirat juaiteco.

Arrats batez badoha gure saindua zubi hartarat; erdi buluzia jauzi egiten du urerat, horma hausten du, eta han, lephoraino horman sarthua, Jaincoa nigar auhenetan othoizten du pietate har dezan haren adichkideaz. Bere tenorean jiten da adichkidea. Zubi puntarat denean harritua baratzen du. Urean dacusa Iñazio, uretic entzuten du haren botza:

«Zohazi, zohazi, arimaren galtzeco hirriscuan, zohazi Ifernuac zeramatzan tokirat! Ni zure adichkidea, ni hemen egonen naiz zure atsegin lizunen auhendatzen. Zohazi bada! nic hemen iguricatuco zaitut, hemen khausituco nauzu gaur, bihar, etzi, egun guziez. Hemen egonen naiz Jaincoac zure arimari bizia, edo ene gorphutzari heriotzea eman artio.»

«Ez, ez, dio nigarretan hobendunac, ez, ene adichkide maitea, ez naiz urrunago juanen! ez naiz juanen, ez orai, ez gero; akhabo da.»

Zinezkoa izan zen haren urrikia, utzi zituen ezic ibilpide gachto guziac.

Ospitalean ere bazuen Iñazioc zer egin. Eriac arthatzen zituen, hilac ehorzten eta lanic aphalenetarat jautsiz naturaleza zehatzen. Nahiz jarria zen ospitaleco lan gehiener, eritasun batzuer ezin iarriz zagon oraino, eta hortan ere nahi zuen garrhaitu bere burua.

Jakiten du egun batez gizon khotsudun bat ekharri dutela ospitalerat. Khotsudun horri emaiten diotza artharic amulsuenac. Eriac erraiten dio baduela bertzalde zauri itsusi bat. Zauri hori garbitzen eta lotzen dio gure sainduac, eta solhasic gozoenez borthizten dio bihotza. Betbetan bihotza escasten zaio berari... laztura batec hartzen du Iruñeco eta Naieraco gerlaria... khotsa banindeza!... Hortaric gudu ikharagarri bat graziaren eta odolaren artean, gizonaren eta sainduaren artean... Graziac garrhaitzen du odola, sainduac gizona. Gurtzen da Iñazio eta khotsuduna maiteki besarcatzen du bere bihotzaren contra. Etsaia ez da lurreraia baizic, behar du lehertu. Hortaracotz, egun guziez itzultzen da ospitalerat, bihotz guzia ichurtzen du erien bihotzetarat, khotsudunen bihotzetarat bereziki, eta emeki emeki, beldur guziez gorago jartzen da haren berthutea.

Iñazio Loïolacoari ez zaio aski escolari jarraikitzea, arimen irabaztea, erien arthatzea, barurean eta othoitzean bizitzea; bertze egiteco handi bat badabila gogoan.

Jaincoaren borondatearen berri jakina da. Badaki jo duela armada berriaren altchatzeco orenac, eta armada hortaco lehen soldadoac ezagutu nahia da. Badaki armada hori elizaren jaioa izan beharra dela eta armada horren etsaiekin izartu nahia da, armada horren guduac eta bitoriac ikhusi nahia da.

IX.

Parisen, escoletaco nausi guzien artean ethorkizunic ederrenecoa, Nafartar bat zen, filosofiaren eracutsle Bobeseco escol-etchean. Haren berri entzunic, ikhusterat juan zitzaion Iñazio. Haren mintzaire garbiac, haren itchura begicoac, haren jakitate hedatuac, ispirituco eta gorphutzeco haren dohain ederrec choratua atchiki zuten, eta behin baino gehiagotan erranarazi zioten:

«Zer apostoluaren geia!»

Handic harat, oren on baten beha zagon Nafartarrekin solhasean sartzeco.

Franzizco Zabierecoa aitaren aldetic Garaztarra zen, amaren aldetic Baztandarra. Jatsuco Jauna zuen aita, Azpilcuetaco andrea ama. Zabiereco jauregian sorthu zen, Aphirilaren 17an 1506an. Zabierecoa deitzen dugu, Zabiereco jauregia bere erorkia zuelacotz; Jatsuarra deithuco ginuen bertzenaz.

Ttipi ttipitic ikhasteco gutizia handi bat eracutsi zuen Franzizcoc, eta hemezortzi urthetarat zenean, aita amec Pariserat igorri zuten escola handien egiterat. Jaun Peñaren escolier sarthu zen Santa Barbaraco escol-etchean, eta etche berean hatzeman zuen bera iduri lagun bat, adin berecoa, thalendu berecoa, ez hatic sorterro berecoa. Hura zen Piarres Lefebre, Geneba aldecoa, Billareteco laborari pobre baten semea. Arzain ibilia zen haurrean. Haren pietatea eta hartze ona miretsiric, burhasoec auzo herrico escola batean ezarri zuten. Ikhusi guziac ikhasi zituen Piarresec. Orduan, latina hasarazi zion oseba fraile batec, eta zombait demboraren buruan Pariserat igorri zuen, Santa Barbaran filosofiaren egiterat. Franzizcoc eta Piarresec han hatzeman zuten elgar eta ezagutzac berheala egin elgarrekin. Etche berean jarri ziren, mahain berean, gambara berean. Filosofia elgarrekin hasi zuten, elgarrekin akhabatu; eta gero ere, Bobeseco nausigoa ardietsi zuenean Franzizcoc, elgar ezin utzi zuten, eta lehen bezala elgarrekin bizi ziren batasunic handienean.

Iñazio Loïolacoac laster beretu zuen Piarres, bainan Franzizco nihondic ez zezaken bil. Iñazio zombatenaz amultsuago, Franzizco hambatenaz bihurriago; Iñazio bethi Franzizcoren ondotic, Franzizco bethi Iñazioren ihes; Iñazio bethi Jaincoaz Franzizcori, Franzizco bethi munduaz Iñaziori; Iñazioren errankizun sainduer Franzizcoc bethi irri eta trufa. Piarresi anhitz pena zitzaion ikhustea alde batetic haimbertze caritate, bertzetic haimbertze hoztasun; alde batetic haimbertze solhas gozo, bertzetic haimbertze atheraldi idor.

Saindua hurbilagodanic ikhusiz irriac sarthuco direlacoan, Franzizcori erraiten dio egun batez:

«Ontsa nahi nuke Iñazio hirurgarren hartu gure gambararat.»

«Zuc hala nahi baduzu, ihardesten dio Franzizcoc, hala nahi dut nic ere. Gauza bat behar diogu hatic hitzemanarazi.»

«Zer bada, Franzizco?»

«Egunaz ez bada, gauaz bederen ichilic utzico gaituela.»

«Ez dut uste, Franzizco, lo egitetic baratu nahico gaituen.»

«Baditeke; bainan on da jakin dezan ez dugula gauaz haren erasiaren beharric.»

Irri bat egin zion Piarresec. Bere adichkide maitearen saindu baten escuetan ikhusteac handizki boztu zion barnea, eta bihotzaren zolan eskerric handienac eman ziotzan Jaincoari.

Hirurac batetarat zirenean, Iñazioren erranac egundaino baino alferrago; Franzizco bethi bere hartan. Mila aditzailen laudorioez lilluratua, nola entzun zitzazken bertze munduco solhasac?

«Zer ari da gizona, erraiten zion Iñazioc, mundu guzia irabaziric ere, arima galtzen badu?»

«Zer ari da gizona, ihardesten zion Franzizcoc, golz arrats predicaturic ere, ez badu nihor combertitzen?»

Etsiarazico zion bertze bati, Iñaziori ez zion etsiarazten. Franzizcoren elhe batzuetaric iduritu zitzaion Iñaziori, egun ez bazen bihar, bihar ez bazen etzi, escuratuco zuela. Hortacotz, eztiki jokhatzen zitzaion, larderia gachtoric gabe, ile alde ahal bezembat; Franzizcoren naturaleza mimberac hala behar bide zuen.

Juan de Madebarekin gerthatu zen batez, Franzizcoc aiphatu zion gambaraco hirurgarren lagunaz, bertziac ez bezalacoa zela, bizitze garratz bat zeramala eta ontsa jakin nahia zela nor othe ziteken.

Juan de Madebac ihardetsi zion:

«Zer? Egun oroz ikhusten duzu eta ez dakizu nor den?»

«Ez, ez dakit; egundaino ezin erranarazi diot.»

«Loïolaco seme gaztena da... erregeren gortheco lilia, Naïeraco hirian lehen sarthu dena, Iruñen hain lorioski erori dena... Bere jendec haimbertze egin diote eta egiten, ez dadin ibiltzen den bezala ibil, escale baten hatu guziekin, mundu guziaren irriegingarri...»

Gambaraco laguna nor zuen entzutean, harritu zen Franzizco. Bere anaietaric jakina zen Iñazio Loïolacoaren berri; Iñaziorekin egonac ziren gorthean, harekilacoa bazagocaten eta bertzalde Loïolaco eta Zabiereco familiac bethidanic elgarrekin bat ziren. Etchean sartzean, Iñaziori galdatu zion Loïolatarra zenez. Iñazioc aithortu zion hala zela. Oi! orduan Franzizcoren urrikia, Iñaziori hala jazarriric! Iñazioz jostagailu bat eginic! Handic harat ez zuen aski laudorio Iñaziorentzat; haren eztitasuna, haren umiltasuna, haren caritatea, mihian zituen bethi. Haren berthuteac goresten zituen arren, ez zuen oraino imitatzeco gogoric. Jaincoaren graziaz higitua zen Franzizco, inharrosia zen, herchatua zen, bainan ez zen garrhaitua.

Erroac barna dituen arbola bat ez du edozoin haize-colpec lurreratzen. Bihotz suhar batean munduco lokharrien hausteco, lan behar da eta dembora. Iñazioc ez zuen Franzizco bere itzalac baino gehiago uzten. Setiatua zagocan batean behatze ezti batez, bertzean hitz sarkhor batez, ardura hitz hautaz:

«Zer ari da gizona mundu guzia bereturic ere, arima galtzen badu?»

Hitz horiec entzutean, frangotan bere lana utzico zuen Franzizcoc eta gogoetatua egonen zen, hats beherapen batzu aurthikitzen zituela.

Liburu zabaldu batean bezala iracurtzen zuen Iñazioc Zabieren bihotzean. Bazakien bihotz hartaco guduen berri; ikhusten zuen graziac eta munduac han zabilaten borroca, eta graziaren dei amulsua laguntzen zuen bere othoitzen eta obra onen indarraz.

Iduritu zaionean jo duela hambat antsiarekin iguricatu orenac, juaiten zaio eta ausartzia saindu batekin erraiten dio:

«Ene adichkidea! ona baita zure bihotza! aberatsa baita zure bihotza! Zure bihotza damu da munduarentzat, soberakina da munduarentzat. Zure bihotz zabala ezin ase dezake munduac. Gauza horri uste dut zuhoni ere ohartua zaren, ezic zombait egun huntan zure begiac galdu du bere arraitasuna, eta bereziki egun arras gogoetatua iduritu zaizkit. Ez zare, segur, arranguraric gabe.»

«Bai, Iñazio, baditut arrangurac, bainan badakizu zertaz? Zu gaizki bilhatu izaiteaz. Zuzen contraco elhe eta obrac higuin ditut; bada ni zuzen contra jazarri nizaizu; hortaz dut urriki. Ene ethorkizunaz den bezembatean, ez dezoket adioric erran. Hunkitua naiz enetzat duzun amodioaz, handiesten dut zure saindutasuna; bainan gogoac ez nau laguntzen zuri jarraikitzerat.»

«Franzizco maitea, lehen erranac behar darozkitzut beraz berriz ere erran. Gizona zer ari da mundua irabaziric ere, arima galtzen badu? Zure ambizionea ederra da; bainan zerua bilhatzen duen ambizionea ez othe da ederrago? Bertze biziric ez balitz oraicoa baizic, zuc zenduke arrazoina. Bainan oraico bizia ez balimbada khe bat baizic, geroco bizia balimbada egiazco bizia, ez othe da erhokeria oraicoaren ondotic ibiliz gerocoaren galtzea? Mundurat agertu diren gizonic aiphatuenac, aberatsenac, munduaren arabera dohatsuenac, non dire orai, Franzizco? Gozatu dire ontasunez, gozatu atseginez; hiltzean zer gelditu zaiote? Eternitatean sartzean zer hatzeman dute? Zer ari da beraz gizona mundu guzia bereturic ere, arima galtzen badu?»

«Jakintsun bilhacatuz, jakintsunaren aiphamena kharreatuz, ez othe niteke salba?»

«Behar bada bai, behar bada ez. Zuc dakizuna da, Jaincoac nahi duela haren amoreagatic mundua utz dezazun.»

«Mundua utz!!! Eta idea hertsi batzuetan sar!!!»

«Hertsiac, Franzizco? Eternitatea hartzen dute idea horiec, hartzen tuzte mende iraganac eta iragaitecoac. Munduaren ideek hedadura gehiago othe dute?

«Saindutasunaz zuc duzun idea ez da ene goaraco; ahalgegarri zait; ezic manatzen dautzu eske ibiltzea, soineco tchar baten ekhartzea, laido guzien barkhatzea. Oh! ez, ez; ez naiz seculan idea hortaco izanen.»

«Franzizco! ahalgegarri deitzen duzu arima altchatzen duena? Arimari hegalac emaiten dituena? Salbatzaileac hitzez eta obraz gomendatu darocuna? Salbatzaileari jarraikitzeac, arima aphaltzetic urrun, arima edertzen du eta zeruraino altchatzen; zuzenegi da zure izpiritua gauza horren ez ikhusteco. Zabier maitea, galdeitza bat eginen dautzut; zure izpirituari nago, zure bihotzari nago. Zer da hobe? Arimaren zorion eternaletan maite denaz orai gabetzea, ala arimaren zorigaitz eternaletan maite denaz orai gozatzea? Zer diozu? Zer da zuhurrago?»

Franzizcoc ez du ihardesten; haren begithartea khambiatua da, haren escua ikharan dago Iñazioren escuan, guducan ari da haren bihotza.

«Zure ichiltasunac ez du guti erran nahi; hortan gauden egun. Segur naiz bihar zuhaürec erranen dautazula: Zer ari da gizona mundua irabaziric ere, arima galtzen badu?»

«Ez dut biharrerat utzi nahi, garrhaitua naiz, aithortzen dut. Bainan ez ditzazket guziac utz... ez ditzazket.»

«Gaur iduritzen zaizu ez dezakezula; bainan zure naturalezaco gizon bat ez da bide erditan baratzen. Egia behin ezagutuz geroz, begiric ez du haren ikhusteco baizic, mihiric hartaz mintzatzeco baizic, bihotzic haren maithatzeco baizic, indarric haren zerbitzatzeco baizic.»

Franzizcoc ez dio ihardesten. Iñazio jeikitzen da, gambaran egiten ditu zombait urrhats; gero behatzen dio bere adichkide maiteari, zoinac iduri baitu harat edo hunat egiterat dohala. Heien begiec noiz bait elgar hatzemaiten dute eta behatze batez aski erraiten dute elgarri. Bat bertzearen besoetarat erortzen dire bi Hescualdunac, biac bozcariozco nigarretan, Jaincoari eskerrac bihurtzen dituztela, batec irabazi handi bat eginic, bertzeac bere burua irabazterat utziric.

Etserzizio izpiritualac bacantzen hastean egin zituen Zabierec, Iñazio eracasle. Izpiritua bilduago atchikitzeco, carrica ichil batean jarri zen, arraots guzietaric urrun. Debruari sobera jasan zitzaion Zabieren galtzea Iñaziori ez mendecatzeco.

Migel Nabarroc Zabier maite zuen, batetic maithagarria zelacotz, bertzetic zorren estaltzen laguntzen zuelacotz. Ohartu zenean Iñazioc beretzen ari zuela, mila gezur ekharri ziotzan Iñazioren contra. Bainan haren gezur tzarrac gaitzhartu zituen Zabierec eta ichilarazi ere zuen. Bekhaizkoz eta mendekioz itsutua, chede izigarri bat hartu zuen orduan Migelec.

Piarres etcherat juana izanez, eta Zabier etserzizio izpirueletan sarthua, hiruren gambara bakharric zagocan Iñazioc. Horri oharturic, gauherditan juaiten da Migel santa Barbaraco escol-etcherat, khordazco zurubi bat galtzarpean, puñala papoan. Sainduaren leihorat aurthikitzen du zurubia. Zurubiari gora igaiten da, leihoan da, leihoaren hausterat doha, ihurtzuriaren pare entzuten duenean botz hau:

«Norat hoa, dohacabea? Zeren egiterat hoa?»

Harritua, zain guziac ikharan, hatsa doidoia hartzen duela, aztaparca lotzen da leihoari, inharrosten du, idekitzen du, erortzen da Iñazioren oinetarat, aithortzen dio bere crima eta barkhatua zaio.

Nihorrekin ez zelacotz hitzartua, Migelec errechki ezagutu zuen, Iñazioren eta haren artean Jaincoa sarthu ahal izan zela bakharric. Egiazcoa zen beraz haren urrikia; ez hatic iraupen handicoa, gero agerico den bezala. Etserziziotaric atheratzean saindu bat zen jadanic Franzizco, Iñazioren bozcarioa zen. Orducotz Iñazioc bazuen Piarresen hitza Lur Saindurat juanen zela; urrhats beraz aiphatu zion Franzizcori ere:

«Nausi maitea, ihardetsi zion Franzizcoc, besarcatzen zuelaric, ene arimaren aita zare, norat nahi jarraikico nitzaizu. Hilean eta bizian zuri nago.»

X.

1533co udan, eguerdi gain batez, bi zaldizco gazte, bidez akhituac, bideco errhautsaz churituac, Pariseco athetan tricatzen dire, san Migeleco carrica non den? San Migeleco carrican harat dohatzilaric, zaharrenac erraiten dio gaztenari:

«Horra! horra!»

Eta zalditic jautsiric, laster egiten du itchura hitseco gizon baten ganat.

«Jauna, erraiten dio, zure ondotic nabila. Ez zare zu Don Iñazio Loïolacoa?»

«Bai, Jauna, hura naiz.»

«Ezagutu zaitut, nahiz ez zintundan behin ere ikhusi. Alcalan eta Salamancan haimbertze entzun dugu zutaz, eta hain gare saindu bilhacatu nahiac, non zure othoitzterat ethorri baicare, har gaitzazun zure dizipuluen nombrean.»

Horrela mintzo zena Diego Lainez zen, Almazandarra, eta haren laguna Alfonzio Salmeron, Toleda ondocoa. Lehenac hogoi eta bat urthe zituen, bigarrenac hemeretzi; bata eta bertzea cosco onecoac eta Alcalaco escoletan beren heineco guti hatzeman zutenac. Hetan bietan laster ikhusi zuen Iñazioc bi apostoluren geia. Maiteki besarcatu zituen, eta etserzizio izpiritualac eginarazi ziotzaten. Etserziziotaric athera ziren bere chede onetan borthiztuac eta berthute berriz bereginduac.

Filosofiaco demboran, ezagutza hertsiac egin zituen Iñazioc Simon Rodrigues Portugues batekin. Rodrigues, berthute eta jakitate handitacoa, goizic ohartu zen Iñazioren izpirituco hedadurari, eta fidantza oso batekin eman ziotzan, bai bere bihotza, bai bere arimaren gidamendua. Aiphatu ere zion behin baino gehiagotan Lur Sainduaz, Lur Saindurat juaiteco eta paganoen argitzeco zuen gutiziaz. Iñazioc ezaguturic Rodrigesen bihotzeco kharra Jaincoac phiztu khar bat zela, etserzizioac eginarazi ziotzan eta hartu zuen bere banderaren pean.

Bandera beraren pean jarri zen Bobadilla deitzen zen bat. Bobadilla, Iñazioren caritateaz hunkitua, lehenic haren erraner behatzen hasi zen. Etserzizioac gerochago egin zituen, eta hetaric atheratzean maite zuen erraitea, bakeric gozoena zor zioela Iñaziori eta nahi zitzaiola heriotzeraino jarraiki.

Escolan zabiltzanetan, bat bazen gure sainduac aspaldian begistatu zuena, eta nehola ere bil ez zezakena. Hura zen Geronimo Natale, Maiorcacoa. Natalec aphez egiteco gogoa bazuen, bainan ez Iñazioren armadan sartzecoa. Natale bildu nahiz ibili ziren Piarres eta Laïnez ere; Natalec etsiarazi zioten, harentzat charma guti baitzuen Iñazioren bizi modu garratzac. Iñazioren cofesora ere, Don Manuel, bethi eta bethi ari zitzaion Iñaziori jarraikitzeaz. Ichilarazi nahi zuenean, Natalec ihardesten zion:

«Zerurat juaiteco behar othe dut baitezpada Iñaziori jarraiki? Abia zite zu lehenic, Don Manuel. Harrazu Iñazio Loïolacoaren bandera; jauntz zazu harc bezala soineco urratu bat; ibil zite hura bezala athez athe, chacutto bat bizcarrian; zohazi harekin lepradunetarat: hitz batez jarraic zazkio, eta orduan zerbait eginen dut behar bada, nic ere.»

Ez du halere etsitzen Iñazioc. Egun batez, eliza baterat eremaiten du Natale, eta han, Salbatzailearen aitzinean, othoizten du utz dezan aldebat mundua, sar dadin bide hertsian eta lotsaric gabe sar dadin. Iñazio bero bezain, Natale hotz. Othoitz bera kharsuago egiten du berriz ere. Oraicoan Iñazioren hitz sarkhorrec Natale hunki dute nigarretaraino. Bainan nigarrac sartzen ditu, borthitzarena egiten du, eta Iñaziori Ebanjelioco liburua eracusten diola, erraiten dio:

«Liburu hau aski dut; hobeagoric ez baduzu, ez naiz zure ondotic abiatuco. Bertzalde, nic dakita zure eta zure lagunen berri? Nic dakita zer egin gogo duzuen? norat juan gogo duzuen? Nahiago dut beraz neure gisa bizi.»

Eta Iñazio uzten du orai eta seculaco.

Handic zombait urtheren buruan, aphez bat jin zitzaion Iñaziori, burua eta begiac aphal, othoi, othoi, bere comenturat har dezan. Aphez hura... Natale zen.

Iñazioren lagunec ez zakiten oraino batec bertziaren berri. Bakhotchac uste zuen bakharra zela, Iñaziorekin Lur Saindurat juan beharra. Elgarren berri jakiteco eguna hurbildu zenean, Iñazioc bakharzca othoiztu zituen sar ziten beren baithan, eta, barurean eta othoitzean, Jaincoari argi berriac galda zitzaten. Etserzizio hortaric landa, holaco eguna, holaco orena eman zioten haren etchean aurkhitzeco; egun bera, oren bera guzier. Hitzartu bezala ethorri zitzaizcon, eta elgar ikhusteaz handizki bozcariatu ziren. Zazpi ziren, eta zazpiac zer gizonac! Jakitearekin bandera bereco soldado zirela, nigarrari eman ziren bozcarioz.

Lur Sainduaz mintzatu zitzaioten Iñazio: Lur Sainduaren ikhustea bihotz erdiragarri zela; Paganoac zirela Lur Sainduaren jabe; Lur Saindurat nahi lituzkela bere indarrac erakharri; han bere jasaitecoez Jaincoaren izena goretsi; han bere nekhez, bere predicuez fedea hedatu, bere odolaz fedea zigilatu.

Iñazioren hitzaz berotuac, guziec betan erran zuten:

«Lur Saindurat! Lur Saindurat!»

Guziec hartu zuten chedea heriotzeraino beren nausiari jarraikitzeco. Elgar besarcatu zuten eta elgarri hitzeman anaiac bezala bizico zirela elgarrekin.

Gero hitzartu zuten, escolac akhabatu eta Benizerat bilduco zirela, Benizetic Lur Saindurat juaiteco, baldin urthe batic barnean juaiten ahal baziren; urthe bateco ephea iraganez geroz, Lur Sainduraco urrhatsa utzico zutela, eta ordainez Errumarat juanen zirela, Aita Sainduari beren buruen escaintzerat. Chede kharsu horiec hotz ez ziten, Andre dena Maria Agorrilacoa behechi zuten biltzarre berri batentzat. Biltzarrea egin zuten Monmartreco comentuan, martiren caperan. Piarresec eman zuen meza; egun hetan ukhana zen ordena saindua. Comuniatzerat eman baino lehen, lagunetarat itzuli zen, ostia saindua escuetan zagocala, eta ostia saindua lekhuco, guziec, bakhotchac bere aldian, egin zituzten garbitasunezco eta pobreziazco botuac. Hitzeman ere zuten Lur Saindurat juanen zirela, eta juan ahal ez bazitazken, beren buruac Aita Sainduari escainico ziotzatela; ez zutela Elizan carguric hartuco, eta lan guziac urriric eginen zituztela.

Botu eta agintza horien ondotic, hain kharsuki comuniatu zuten non, demboraren buruan ere, Rodrigesec baitzion ez zuela egundaino halaco zorionic jastatu.

Escolac akhabatu artean, elgar behar zuten ardura ikhusi; zeruco gauzez elgarrekin ihardoki; igande eta phesta egunetan sacramenduetarat hurbildu; urthe guziez beren botuac berritu, anaiec bezala elgar maithatu; guziec ez egin bihotz bat eta arima bat baizic.

Jesusen compainia sorthua zen.

Aspaldian barneco min batec chahutzen ari zuen Iñazio.Halere ez zituen, ez laburtzen bere othoitzac, ez ttipitzen escolaco lanac, ez gutiago arthatzen eriac, ez gutiago larderiatzen bere gorphutza.

Ez zen guti miresteco bere burua haimbertze akhituz, bere buruaren hain etsai izanez, nola irauten ahal zuen, nola ahal zagoken chutic. Noizbait hatic medicuetarat behar ukhan zuen, eta medicuec herrico airea manatu zioten. Bere lagun maiten uzteac erdiratzen zion bihotza; bainan ezaguturic hala zela Jaincoaren borondatea, ez zen bihurtu medicuen erranari.

Bere laguner aita on baten solhasac atchiki ondoan, eta Piarres, aphez zelacotz, buruzagitzat utzi ondoan, oinez abiatu zen Hescual herrirat. Lagunec, urricalduric, zaldi bat erosi zioten, hechur eta larru, bazohakela bai haren gainean, pobreziazco botuaren hausteco beldurric gabe.


LAURGARREN PHARTEA

Jesusen compainiaren altchazaile.

I.

1535an Aphirilaren ondarrean, iguzkia etzateracoan, Jaun zaldizco bat, muthilac ondotic, Andoaineco ostaturat jausten da. Bizcaïaco hiri ttipi bat da Andoaine. Ostalerra heldu zaio, diotsola:

«Ongi ethorri zarela Ekibarreco jauna! ostatua zurea da eta ostalerra zure manuco.»

Ostalerra harat hunat dabilalaric zaldien edanarazten eta phusken antholatzen, Ekibarreco Jaunac erraiten dio:

«Dembora eder hunekin baduzu jende, Antonio?»

«Holache, Jauna, holache; ez nahi bezembat.»

«Hambat gachtoago, Antonio, zure etchea bethi jendez bethea nahi nuke ikhusi.»

«Oh! orduan sobera ontsa gintezke; egun ez zait ethorri gizon gaicho bat baizic; urrundanic heldu dela; philda tchar batzu soinean; zaldi tchar bat azpian; hescuaraz mintzo, hescualdun garbiena bezala. Nago hatic, hatu horien pean, aitoren-seme bat othe den.»

«Zerc emaiten dauzu beldur hori, Antonio?»

«Zerc emaiten dautan? Nahiz escale arropan den, eta nahiz haren zaldia larreco hobea den bideco baino, Jaun handi baten itchura khausitzen diot. Ez othoi samur, Jauna; bainan haren begirantzac ez du batere zureari zorric. Urrundanic heldu omen da, nola deitzen den ez du erran... Gizonac ikhusi ditut nic lehenere; jakizazu hemen zerbait badela.»

«Gerthatzen ez denic ez da, Antonio; noïz artio da zure etchean?»

«Bihar artio, Jauna.»

«Ikhusi nahi nuke.»

«Jauna, aski duzu igaitea. Gain gaineco gambaran da, eta nor den, zer ari den, athe artetic ikhusico duzu.»

Igaiten da; arrotza ikhustearekin, bozcarioz jauzi egiten du, eta, lasterca jautsiric, Antoniori erraiten dio:

«Zure arrotza arras ongi ezagutu dut. Jaun handi bat eta saindu bat; ez dut hatic nahi nihori salha dezazun, bertzenaz urrikituco zaizu.»

«Jauna, ez dut nihori salhatuco; bainan noïz artio behar dut neuretzat atchiki?»

«Zure ostatua hustu duen artio.»

Eta Ekibarreco Jauna, zaldirat igainic, badoha chimichtaren pare. Gaua da; Loïola inguruan trompeta batec atzartzen ditu Oïharzun lokhartuac... «Nor heldu othe zaicu tenore huntan?...»

Afariaren erdirat Ekibarreco Jauna erortzen zaiote:

«Berri handia, adichkide maiteac, berri handia!! Guziac nahi zaituztet besarcatu, berri handia! Iñazio ikhusi berri dut.»

Izen horrec guziac mututzen bezala ditu; nihorc ez du haren bozcariozco oïhuer ihardesten.

Berriz ere dio:

«Bai, ene adichkide maiteac, bai, Iñazio oraintche ikhusi dut Andoainen!»

«Iñazio hoin hurbil! Iñazio Andoainen! Ba othe ditake?»

Betan mintzo dire guziac eta anhitz dire; ezic suerteac hala ekharriric, Iñazioren anaiec eta bertze asco ahaidec egun hetan Loïolaco aldi dute.

Ekibarreco Jaunac khondatzen diotzate haren eta ostalerraren arteco solhasac; goïti nola igain den, athe chilotic nola behatu duen:

«Ene bozcarioa Iñazio ezagutzean! Belhaunico zagon saindu bat iduri, aingeru bat iduri; miraculuac egin ditzan batere ez dut arrotz khausituco; saindu bat dela diotenec egia diote. Ez darotzuet hatic gordeco arras khambiatua dela; mehe da arras eta desegina, eta Barzelonan zabilan soïneco berarekin.»

Bozcalentzia handia da jauregian; elgarren artean berheala ihardokitzen dute Sainduaren alderat nola jokha. Hastean, hitzartzen bezala dire, anaïac, ilobac, ahaideac, auzoco jaun gazteac, beren jauzturaric ederrenean biderat atheraco zaizkola. Bainan Garziac gibelatzen ditu, erranez:

«Ene anaiari, badakit, gaitzituco zaizco hoimbertze ohore. Phestamuac barnean egin ditzagun; hortaz ez du erraitecoric ukhanen; choilki, hemen dugun jaun apheza othoiztuco dut Andoainerat ager dadin, eta Iñaziori erran dezon haren jiteac zombatetaraino bozcariatzen gaituen.»

Anaietaric batec erraiten dio:

«Eta Iñazio mendiz heldu balitz, jaun aphezac huts egin liro.»

«Arrazoin duzu, ene anaia; hortaracotz jaun apheza berheala bidean jarrico da, Andoainen berean etzanez, han hatzeman dezan Iñazio; eta baldin anaia maite harc nahiago balimbadu mendiz ethorri, mendirat igorrico ditut muthilac, etsai guzietaric begira dezaten. Azpeitiaco jaun aphezer eta jauner ere adiarazico diotet hor dela; berec ikhusico dute zer egin.»

Hitzartu bezala egin zuten.

Biharamunean Iñazio meza entzun eta zaldirat igaiterat dohalaric, hor agertzen zaio Loïolaco apheza:

«Iñazio jauna! zure ganat igorria naiz zure mezutzerat, Loïolaco Jaunac, haren semec, haren anaiec, ahaide eta adichkidec, bozcariorekin eguricatzen zaituztela. Jauregian dire guziac; haraino nahi zintuzket lagundu.»

«Mila esker, jaun apheza, zure escaintza onaz; ene zaldia zureari ezin jarraic bailiteke, hobeco duzu jin bideaz juanic. Nic baitakit mendi hautaco berri, mendiz juanen naiz bakhar bakharra.»

Jaun apheza thematuche zen bere escaintzan, bainan Iñazio ere gogortu zen bere erranean, eta biac bi bidetaric juan ziren, jaun apheza bide handiz zaldi ederrean, Iñazio mendiz zaldi tcharrean.

Mendiz abiatu eta laster, harmetan athera zitzaizcon gizon batzu. Iñazioc erran zioten:

«Nongoac zarete, gizon maiteac?»

«Jauna, Loïolaco muthilac gare; nausiac igorri gaitu bidearen zuri eracusterat eta gaichtaginetaric zure begiratzerat.»

«Ene anaiac sobera artha du nitaz; zuec beraz, adichkide maiteac, bazohazkete aitzina; aurkhintze hauc ikhusi naute lehen ere, eta bakharric ibiltzeco ez naiz nihoren beldur.»

Gure sainduac Azpeitian behar zuen iragan. Azpeitiarat hurbiltzean, Azpeitiarrac ikhusten ditu bi lerrotan jiten, jaun aphezac eta herrico buruzagiac aitzinean. Ongi ethorria dela, diotsote guziec, eta handizki bozcariatzen direla haren ber-ikhusteaz. Jende oste haren artean, Iñazioc laster badacutsa bere anaia, arrebac. Anaia arrebec mila othoitz egiten diote Loïolarat ethor dadin, Loïola haren escuco dela, Loïolan hura izanen dela bakharric nausi, bertze guziac haren muthil.

«Ene aiten egoitza utziz geroz, ihardesten diote sainduac, bertze egoitzaric ez dut, erien eta pobren egoitza baizic. Madalenaco ospitalerat noha.»

Eta erien eta pobren egoïtzan sartzen da, athean utziric bere ahaideac, ahalgez hurtuac.

II.

Etcherat itzuli eta, Loïolaco Jaunac bere anaier erran zioten:

«Ez badezakegu Iñazio etcherat ekharraraz, eta baitezpada ospitalean behar balimbadu egon, bederen nahi dut ospitaleco eriac eta escaleac baino hobeki ekharria izan dadin. Jadanic manatu dut ohe bat ekhar dezoten, eta egunean bietan igorrico diotzat gure mahaineco jakiric hoberenac.»

Aphur baten buruan, Loïolaco muthilec ohe guri bat bazakharraten gure sainduaren gambararat eta afari on bat. Afari on hura ikhustean, boztu zen sainduaren bihotza eta muthiler erran zioten:

«Ongi ona baita ene anaaa! eta zuec adichkide maiteac, ongi onac baitzarete! Atsegin hartuco dute ene eri maitec! Zeruco Jainco Jaunac sarista dezala zuen caritatea.»

Eta berehala erier eman zituen jateco guziac; herresa puchca bat baizic ez zuen beretzat atchiki. Arratsean, othoitz luze baten ondotic, odoleraino azotatu zuen gorphutza; goiz alderat etzan zen lurraren gainean. Jeiki eta zangopilaturik ezarri zuen ohea, alegia ohean etzan. Egunaz, herri guzian ibili zen eske, haurrac othoiztuz ethor ziten haren catichimarat eta burhasoac othoiztuz ethor ziten haren predicurat, ospitaleco elizan predicatuco zuela. Iñazio eske dabilala entzunic, Loïolaco Jaunac laster egiten du Azpeitiarat; hatzemaiten du bere anaïa, othoizten du utz dezan eskea eta ez dezan bere jendekiari holaco ahalgeric eman.

«Anaïa Jauna, ihardesten dio gure sainduac; zeru lurren nausia pobre bizi izan da; hari jarraikiz ez ahal nabila makhur.»

«Diote ere predicatu nahi duzula. Jakizazu, Iñazio maitea, eske ibiliz mundu guziaren irriegingarri bilhacatuco zarela, eta nihorc ez zaituela entzun nahico. Bertzalde, ez zare aphez, eta hemengo aphezec ez dute zure beharric predicatzeco; berac aski mintzo dire.»

«Anaïa Jauna, norat nahi juan nadin, jendea ez achola khausitzen dut salbamenduco urrhatsaren gainean. Hori heldu da erlijioneco egien ez jakitetic. Hortaracotz, norat nahi juan nadin, orotan Jaincoaren hitza adiarazico dut.»

«Bainan nihor ez da zure entzuterat ethorrico. Ez duzu zeren has.»

«Haurttobat baizic ez ethoriric ere, jende oste bati bezala mintzatuco nitzaio, eta ene erranac ontsa hartzen baditu, ez da ene lana arras galdua izanen.»

Loïolaco jaunac bazuen entzunic aski.

Herrico aireac phiztu zuen Iñazio. Azcartzearekin, behin ere baino garrazkiago jazarri zion bere buruari; janharitzat ogi beltza eta idorra, ohetzat taula edo lurra, athorratzat larrua jaten zion ziliziobat, gerricotzat burdinezco gathe bat.

Haurrer egiten zuen catichimaz bertzalde, predicua egiten zuen igande guziez, phesta egun guziez eta astean hiruretan. Haste hastetic mundu bat abiatu zen haren entzuten. Bihotz guziac beretzen zituen bere lañotasunaz, bere amultsutasunaz, bere behatze eztiaz, bere solas gozo eta sarkhorrez.

Predicu alkhian lehembizico aldian jarri zenean, huna nola mintzatu zen:

«Ene anaïa maiteac, neure ustez seculacotz utzi zintuztedan; bainan contzientziaco arrangura batzuec ekharri naute zuen arterat. Aspaldian erraiten zarotan botz batec, gazte zoro agertu nintzen tokian behar nuela agertu zentzatua, urrikitan sarthua. Gure Jainco jauna egun oroz othoizten dut eta nigar auhenetan othoizten, ahantz ditzan ene gaztetasuneco urtheac. Zuer ere, herritar maiteac, barkhamendu galdatzen darotzuet, eta othoizten zaituztet zuen othoitzetan Jaincoari gomenda nezazuen. Eta zuetaric zoimbait eni behatuz gaizki abiatu balimbadire, othoizten ditut kambia diten eta beren bekhatuez urrikituric Jaincoaren ganat itzul diten. Zuen arterat ethortzeco bertze arrazoin bat ere banuen. Huts batean ni gerthatu, eta huts hura bertze baten gain juan zen, bertze bati jasanarazi zioten. Hari nahi nioke orai berea bihurtu; hari egin calteaz nahi nuke orai barkhamendu ardietsi.» Eta aditzailetaric bat errhiaz eracusten zuela «ene hartzeduna zu zare, calte zuri egin darotzut. Baratze batean frutuac ebatsi zintuela, presondeguia eman zarozuten eta amanda. Ez zinen zu hobenduna, ni nintzen. Ni iduri batzuekin, ni sarthu nintzen baratzean eta frutuac ebatsi. Huts hori nehola ere nahi nuke orai estali. Hartaracotz, ene ontasunetan hartuco dituzu bi etchalde; bata egin darozudan caltearentzat, bertzea eman darotzudan ahalgearentzat; eta urrikiric minenarekin barkhamendu eske nagozu.»

Jende guzia nigarrez zagon. Bertze orduz ikhusi zutena hain azcar, hain eder, hain lorios, hain agur nahia, hain laudorio gose, ikhustea orai hain umil, hain ezti, hain amultsu, bere buruaren hain etsai, desegina, hurtua; entzutea orai haren gaztetasuneco hutsen aïthormena, bihotz erdiragarri zen.

Loïolaco Jauna ez zen gutienic hunkitua. Ohartzen hasi zen berthute bat dela umiltazuna, Jaincoaren hitzari indar handia emaiten diona.

Hambat dembora gabe, Hescual herrico zokho guzietaric, jauregi, hiri, herri, mendietaric, Azpeitiarat abiatu zen jendea, Iñazio ikhusi eta entzun beharrez. Jendea elizetan ezin cocatuz, campoan predicatzen zuen Iñazioc, eta bulharrac nahiz ez zituen azcar-azcar, urrun adiarazten zuen. Egundaino ez zuten cofesional ingurutan haimbertze jende ikhusi. Sainduaren hitzaz argituac eta hunkituac, adizailec berehala nahi zuten bizitzez khambiatu, contzientzia nahi zuten berehala garbitu. Aphez zombait ere, beren egimbidetan lazosco zirenac, ernarazi zituen haren hitzac, jococo suja herri hetan ematu eta itho bezala zuen.

Andren aphainduraz hain garrazki mintzatu zen, non andreac, nigarretaraino hunkituac, neurrirat jautsi baitziren, eta dembora luzaz neurrian egon.

Mendecoste aitzineco egunetan, manamenduen gainean mintzatu zen. Asco girichtino, ordu artean gaizki bizi zirenac, orduan bere baithan sarthu ziren, eta geroztic penitentziazco eta berthutezco bizi bat ereman zuten, bekhatutic eta bekhatuzco bidetaric urrun. Sacramendu sainduaren confreria bat ezarri zuen Azpeitian, eta pobre ahalgedunen arthaz cargatu. Chede hortarat dirutze bat aski handia utzi zion herrico aitzindari bati.

Ezarri ere zuen eguerdian eta arratsean ezkilen joiteco usantza, eguerdian othoitz egin zezaten bekhatu mortalean zirenentzat, eta arratsean hilentzat; eta usantza hori gal ez zadin, urthean hoimbertzecobat segurtatu zion ezkila joileari.

III.

Iñazio Loïolacoac, erran dugu, catichima egiten zuen haurrer. Catichima hartarat urrundic heldu ziren haurrac, eta haurrekin burrhasoac. Haur heien artean bat bazen Martin de Alarzia deitzen zena, itchuchia eta motthela.

Egun batez, jende oste baten aitzinean, Iñazioc galdeitza bat eginic, durduzatzen du Martin, eta jende guzia irriz hasten da. Sainduac irri egiler erraiten diote:

«Haur huntaz irri egiten duzue? gaizki hori; ezic itchuchia badu ere gorphutza, ederra du arima, eta egun guziez edertuz juanen zaio. Apheztuco da Martin, eta demborarekin herria ohoratuco du bere berthutez eta obrez.»

Sainduac errana gerthatu zen.

Ama batec zortzi urthetaco haur bat ekhartzen dio, dioelaric:

«Jauna! othoi, othoi, haur hau benedica zazu, eta Jaincoari galda ez nezan huntaz gabe, bakharra baitut!»

Haurrari behatze bat egin eta, Iñazioc amari erraiten dio:

«Andrea, ez duzu zeren izit. Haurra frango ukhanen du zure semeac, eta mundu hau zaharturic utzico du.»

Hamabortz haur ukhan zituen, eta lauetan hogoi urthetan hil izan zen.

Emazteki bat ekhartzen diote laur urthe hartan debruac hartua.

«Jauna, sobera zare ona dohacabe huntaz ez urricaltzeco; othoi senda zazu!»

«Ez naiz aphez; ez dut escuric debruen gainean.»

«Jauna, galdatzen darotzuguna da emazteki hau benedica dezazun eta Jaincoari gomenda; zure caritateari hori dugu bakharric galdatzen.»

Iñazioc othoitz labur batez eta khurutzearen seinhale batez khentzen dio debrua.

Horren berria usu barreatu zen.

Bertze emazteki bat ekhartzen diote, gachtoac badituela harc ere.

«Gachtoric ez du, dio Iñazioc, bainan gachtoec asaldatzen diote izpiritua, eta hortaric heldu dire hunen gorphutzeco ikharac.»

Eta khurutzearen seinhale batez sendatzen du.

Ganzaraco herrian, emaztetto bat bulharretaric galdua, hiltzerat zohan. Iñaziori badakherrote, othoi benedica dezan. Iñazioc ihardesten du ez dezakela benedizioneric eman, ez delacotz aphez. Othoizten dute berriz ere, beren othoitzez herchatzen dute eta azkenean garrhaitzen. Jende multzo bat lekhuco, eria benedicatzen du eta sendaturic etcherat igortzen. Ondoco astean, zare bat fruturekin ethorri zitzaion, eskerren bihurtzerrat.

Ospitaleco eri batec ardura ukhaiten zuen erorteco mina. Egun batez, gaitzac hartzen du Iñazioren aitzinean. Iñazioc, urricalduric, Jaincoari galdatzen dio eri haren sendatzea, eta escua ezartzen dio copetaren gainean. Escuaz hunkitu orduco gaitzac uzten du.

Hori ikhusiric emazteki batec bertze bati erraiten dio:

«Ah! ausarta ahal banindadi sainduari mintzatzerat! ene beso hila segur phitz lezake. Bainan gogoac erraiten daut, bera ohartu gabe ere, miraculuac egin ditzazkela. Hortcheco eri horri khendu dion oihala behar dut escuratu.»

Eta eri bat eracusten du zoinaren minac lothu berri baititu Iñazioc.

Oïhal zikhindua escuratzen du emaztekiac, eta beso hilaren gainean ezarriric baderama churitzerat. Urerat deneco, phizten zaio beso hila, eta bertzea laguntzen du churiketaren egiten.

Jaincoac nahi izan zuen hoimbertze eri sendatu zituena bera eri zadin. Etchecoec phentsa ahal guziac egin zituzten etcherat bildu nahiz; ezin bildu zuten. Ospitalean berean haren arthatzea, hori ardietsi zuten bakharric. Guziac heldu zitzaizcon, nor bere aldian.

Bere bi cusi, Doña Maria Oriolacoa eta Doña Simona Alzagacoa, erizain dituen gau batez, Iñazioc othoizten ditu bakharric utz dezaten. Gambaratic atheratzean, Doña Mariac ondoan ezartzen dio argi bat.

«Esker mila, Doña Maria, ez dut argiric nahi; hilazu edo zurekin ereman.»

«Eta argi behartzen bazare, cusi maitea?»

«Argi behartzen banaiz, ez nau Jaincoac ilhumbean utzico.»

Doña Mariac argia hiltzen du eta bere ahizparekin atheratzen da.

Gure saindua othoitzean jartzen da berheala, eta bi oren baino gehiago badu othoitzean dagola, amodiozco auhenez Jaincoarekin ihardokitzen duela, noiz eta ere bi cusiac, ustez sukharrac dabilan, lasterca baitohazco eta khausitzen baitute argiz inguratua, zeruetaco dohatsu bat iduri. Iñazioc adiarazten diote, Jaincoarekin dagonean sobera zaizcola lekhucoac, eta othoizten ditu ez dezaten nihon barrea ikhusi dutenaren berri.

Bainan Jaincoac nahi zuen berri hori barrea zadin, eta Loïolatarrec jakin zezaten, gehiago ohoratzen zituela escalearen saindutasunac beren khuntza zahar eta ontasun guziec baino.

Sendatuche zen gure saindua. Italiarat abian zela zion, eta bere aiten etchean zangoric ez zuen oraino sarthu. Haren ekharraraztea etsitu zutenean anaiec, jauregico andreac erran zioten:

«Bakharric juanen naiz coinataren mintzatzerat, eta haimbertze eginen diot non ardietsico baitut jauregirat ethor dadin.»

«Ah! ihardetsi zion senharrac, ez dakit zure othoitzec gurec baino indar gehiago ukhanen duten!»

Biharamunean, badoha coinataren ganat. Lehenic, ezti, eztia erraiten dio ez lukela herritic juan behar bere ahaidegoa sorth-etchean ikhusi gabe, aita amac hil diren egoitzan sar-jalgi bat egin gabe.

«Coinat maitea, ez naiz Loïolan sarthuco, enetzat berriz munduan zartzea bailiteke.»

Orduan ahuspez lurrerat eroriric:

«Coinat maitea!. Anaia maitea! erraiten dio nigarrez: grazia hori escatzen darotzut ez neure izenean, ez bertze ahaiden izenean, bainan Jesu-Christo gure jaunaren izenean, haren Pasione Sainduaren...

«Bai, bai, arreba maitea, Jesu-Christo gure Jaunaren Pasionaren izenean haraco naiz, gaur berean han ikhusico nauzu.»

Gau hartan juan zen Loïolarat, ahaide guziac han ikhusi zituen, guzier Jaincozco solhasac atchiki ziotzaten, eta gero anaier erran zioten:

«Gizonac bere urrhatsetan, Jaincoaren loria, eta bakharric hura, behar luke bilhatu. Chede hortarat, anaia maiteac, galde bat eginen dautzuet, ene ustez entzunen duzuena.»

Entzunen zutela zioten guziec, jakin gabe ere zeren galdatzerat zohan.

«Galdatzen dautzuet, igande guziez hamabi ogi eman ditzazuen hamabi pobrer, hamabi Apostoluen ohoretan.»

Premu jaunac guzien izenean ihardetsi zion:

«Anaia maitea, helduden igandetic beretic hasico gare zuc erranaren egiten.»

Gure sainduac Loïolan iragan zuen gaua; ez zen hatic etzan, guriegi baitzen etcheco ohea. Argia gabe berriz ospitalean zen.

Italiarat juaiteco dembora hurbildua zuen. Bazohala jakin zutenean, Azpeitiaco jaun aphez eta cargudunac, herrico eta auzo herrietaco populuac othoizca jarri zitzaizcon han bara zadin. Ezin garrhaitu zuten heien othoitzec eta nigarrec.

«Ezin nagoke gehiago Azpeitian. Azpeitian, zuen guzien erdian, guziac ahaide edo adichkide, munduaren erdian aurkhitzen naiz, eta nic mundua eta munducoac utziac, seculacotz utziac. Adio beraz, jende maiteac, banoha Jaincoac neraman tokirat.»

Loïolaco premu Jaunac ez zezaken ikhus Loïolatar bat, anaïa maite bat, oinez bideari lotzen, escale bat bezala.

«Iñazio maitea, erran zion, Azpeitian egon zaren demboran ene erraner guti behatu zare, ene gatic nahi duzuna egin duzu. Bainan egun, ene escutic beharco duzu zaldi bat hartu, eta zure sortzeari eman zaion bezala, muthilac ondotic beharco zare juan.»

«Premu Jauna, ez naizelacotz oraino azcar-azcar, gogotic hartuco dut zaldi bat; enea ezic, bideco on ez izanez, ospitaleari utzi diot kharreuntzaco; bainan ez dut muthil beharric.»

«Iñazio maitea, jendec zer erran ere, ez zitezke hemen bakharric ibil. Iruñeraino edo Sanguesaraino ethorrico gare zure lagun. Zure anaïer egiozute, othoi, atsegin hori.»

«Hola nahi duzunaz geroz, anaïa Jauna, hola eginen dugu.»

Anaïec ekharri zuten Iruñe ondoraino. Han, anaïer adioac eginic, eta urrunago ez ziten ethor othoizturic, bakharric sarthu zen Iruñen eta bere peco zaldia lehen jinari saldu. Iruñetic, oinez izan zen Zabiereco jauregian, Almazanen eta Toledan, Franzizcoren, Lainezen eta Salmeronen egitecoen chuchentzen. Toledatic Balentziarat jo zuen, Balentziatic urthe akhabantzaco Benizerat, akhitua, lehertua, ezindua; urean eta leihorrean, demboraren eta gizonen aldetic anhitz jasaiteco ukhanic.

IV.

Ikhusi dugu Iñazioc eta haren lagunec nola egin zuten, 1537co lehen egunetan Benizen elgar hatzemaiteco. Geroztic, emendatuac ziren, jakitate eta berthute handitaco hirur gizon gaztez: Claude Lejaï, Ichtebe Brouet eta Juanes Codure. Horc hirurec Andredena Marietan egin zituzten botuac, eta bertzec ere orduan berritu lehen eginac. Bederatzi ziren beraz Benizeraco: Franzizco Zabierecoa, Piarres Lefebre, Diego Lainez, Alfonse Salmeron, Simon Rodriges, Nicolas Bobadilla, Claude Lejaï, Ichtebe Brouet, eta Juanes Codure. Hazaroaren hamabortzian, 1536an, abiatu ziren Parisetic, guziac oinez, arropa luze bat soïnean, makhila escuan, othoitzeco liburua besapean, arrosarioac lephotic, chacutto bat bizcarrean liburuz eta paperrez bethea. Bideac eta bideac zituzten egiteco; ezic, bertze funteretan gerla zelacotz, Lorrenan harat juan behar zuten, Alemanian barna, Suisan barna. Bazohatzin, bideco nekheac alegeraki jasanez, noiz eta ere Zabier gelditzen baitzaiote, eta nigarra begian erraiten baitiote ez dezakela gehiago urrhatsic egin.

«Zer duzu bada, anaïa maitea? eri behar zare izan.»

«Bai, eri naiz.»

«Banuen beldurra, dio Piarresec, zure itchurac ez zion bertzeric. Nondic duzu min?»

«Sukhar puchca bat dut... Ez niteke urrunago juan. Zohazte ni gabe, ni ondotic ethorrico naiz.»

«Zer? Guc zu hemen utz? Gu zu gabe aitzina juan? Ez, ez; herri huntan edo auzoan bilhatuco darotzugu medicu bat, guziec arthatuco zaitugu, ez gare zu utziric nihorat juanen.»

Medicuaren izena entzutean lazten da Zabier, eta Piarresi erraiten dio:

«Ez, othoi, medicuric ekhar; othoizten zaituztet utz nezazuen hemen eta zohazten aitzina.»

Piarresec ez dio bakeric emaiten non zer gaitz duen aithorrarazi artino. Azkenean huna zer duen jakiten:

Hoincari eta jauztecari bezala aiphatua zen Franzizco Parise guzian. Laudorio bat baino gehiago entzuna zagon bere membro zalhoinez, bere urrhatsaire ederraz, bere itchurantza begicoaz, bere gorphutz azcar eta lerdenaz. Laudorio hec on hartu zituelacotz, heien ondotic ibili zelacotz, azpiac ezarri zituen khorda mehe batzuez tincaturic, eta haimbertzetaraino hantu zitzaizcon non ez baitzen gehiago khordaric ageri. Haimbertze bidetan, hitz bat athera gabe, jasan zituen oinhazeric minenac.

Eri maitea herriric hurbilenerat baderamate, eta berheala badakharrote medicu bat. Medicua haratzean, erretzeco sukhar bat jauzten zaio eriari. Ikhertu duenean:

«Nic, dio medicuac, deus ere ez dezaket. Khorda horiec ezin khen ditzozket, biziaren hirriscuan baizic. Zerbait egitecotz, Jaincoac behar du egin.»

Medicua hitzean hartzen duela:

«Arrazoin du medicuac, dio Franzizcoc bere laguner, Jaincoac baizic ez nezake senda. Othoitz dezagun beraz Jaincoa, eta Jaincoac saristatuco du gure fedea eta entzunen gure othoitza.»

Arratsa da othoitzean hasi direnean. Gozoki lokhartzen da eria, gau guzia lo derama. Biharamuneco, khordac eroriac dire, hanturac hertuac, eta Zabier egundaino bezain azcar eta zalhu. Eskerric kharsuenac Jaincoari bihurtu ondoan, berriz lothu ziren bideari. Alemanian, jasaiteco anhitz ukhan zuten hereticoen aldetic. Bainan heien egitate gachtoac arranguratu gabe jasan zituzten, arima borthitzer dohacoten bezala.

Benizen sarthu ziren Urtharrilaren zortzian, 1537an. Bere lagun maiten ikhustean, handizki bozcariatu zen Iñazio, maiteki besarcatu zituen, eta heien bideco berriac entzutearekin nigarrari eman zen. Lur Saindurat igorri baino lehen nahi zituen Iñazioc Errumarat igorri, Aita Saindua ikhus zezaten. Bainan elhurte zelacotz, Benizen atchiki zituen ospitaletaco erien zain eta arthazaile. Franzizcori behechi zion ezin sendatuzcoen ospitalea.

Nahiz ez duen Franzizcoc egundaino zauri bat hunkitu, nahiz ikhusteac berac izitzen duen, ikhasia da hatic bere naturalezari manatzen, eta ardura gogoan dabila Iñazioren erran hau:

«Orhoit zite Franzizco, berthutean aitzinatzeco behar dela naturaleza guducatu, naturaleza garrhaitu, eta garrhait bide bat ez dela seculan galtzerat utzi behar.»

Bada, garrhait bide bat ona heltzen zaio. Eri bat bada ospitalean, nihorc ezin hurbildua, nihorc ezin ikhusia. Jaincoari indar eta bihotz galdaturic, badoha Franzizco eriaren ganat; hurbiltzen zaio. Usainac okhaztatzen du... Iñazioren errana gogoraturic, belhaunicatzen da eriaren aitzinean, besarcatzen du eria, mintzatzen zaio Jaincoaz, phizten eta borthizten dio bihotza. Hatic, membro zaurthua agertzean, ttipitzen zaio barnea, oraino mintzo baita naturaleza. Zer nahi gostaric ere, garrhaitzari nahi du athera saindu gazteac; badaki ezic begira dagocala zeru guzia. Hurbiltzen da beraz zauriari; bere begitharte ederra, bere ezpainac, ekhartzen ditu zauriaren gainerat; musu emaiten dio zauriari... urrunago doha... zauriari mihiaz khentzen dio bere phozoina.

Zaphaldi on bat eman dezola gizonac bere naturalezari, eta naturalezac iphizta guti bilhatuco dio. Hala egin zuen Franzizcoc, eta ez zuen guti irabazi; ezic naturaleza bizi zenez ere, ez zen gehiago ageri haren baithan.

Eriekin trebatu zirenean, Errumarat igorri zituen Iñazioc, Lur Saindurat juaiteco baimenaren Aita Sainduari galdatzerat. Hec zer gizon ziren, laster ezagutu zuen Aita Sainduac, zoina baitzen Paulo hirurgarrena. Choratua heien solhasez, jeiki zen bere alkhitic eta gora-gora erran:

«Oh! zombat atsegin dudan hoimbertze jakitateren eta modestiaren elgarrekin khausitzeaz!»

Turcoekin gerla mehatchuac zirelacotz, Lur Saindurateco baimenic ez zioten eman; bainan libro utzi zituen, nahi zutenean eta nahi zuten Aphezpicuaren escutic, ordena sainduac har zitzaten.

Errumaracoan hec zer ikhusi zuten, iracurtzeco da aita Bartoliren liburuan: hirur egun oso nola iragan zituzten ahamenic jan gabe; nola etzaten ziren campoan, zerua atherbe, lurra ohatze; Rabenaco ospitalean nola ez zuten ukhan guzientzat ohe bat baizic, ohe zikhin bat, bi nekhatuenec hartu zutena; Anconaco hirian nola ikhusi zuten Zabier onthuts, larruraino bustia, goseac amicatua, fruta saltzale bati frutu baten escatzen; Erruman nola urricaldu zitzaioten Español bat, eta jauregi baterat eremanic zoin ontsa arthatu zituen.

Benizerat itzuli eta, Jondoni Juaniz hartu zuten ordena, Arbeco aphezpicuac emanic.

Aldarerat igan baino lehen, berrogoi egunetaco barur bat egin zuten. Bizenzeco comentu erori batean iragan zituzten berrogoi egun hec. Azken gerlac ez zion comentu hari, ez athe bat, ez leiho bat utzi. Iguzkiac, euriac, hotzac, beroac, zeruco haize guziec, joiten zuten. Hantche jarri ziren saindu maiteac, ahal zuten bezala; ohetzat lastoa, alkhitzat harria; edaritzat ura, ahurrean dena ere; janharitzat ogi hutsa; batere jan gabe ere egon bide ziren zombait egun. Gorphutzari khendua arimari emana zen. Comentu hartaric athera ziren Jaincoarentzat amodio berri batez betheac, arimen salbamenduarentzat khar berri batez sustatuac. Aldarerat igaitean, zerurat dohatzin aingeru batzu iduri zuten. Meza emaite guzian bozcariozco nigarretaric ez zen baratu Zabier.

Lur Saindurat juaiteco dembora ethorria zuten eta harat juaiteco bazuten aski su. Bainan gerlatea zelacotz ezin juan zitezken. Lur Saindurateco urrhatza galtzearekin, Errumaratecoa behar zuten hartu, hala ziren hitzartuac Parisen. Aita Sainduari behar zituzten beren buruac escaini, haren manupeco jarri, harc erran lanac egin, errech baziren errech, borthitz baziren borthitz; harc igorri lekhurat juan, hurbil bazen hurbil, urrun bazen urrun.

Escaintza hori, berac nahi zuen Iñazioc Errumarat ekharri, Piarres eta Lainez bideco lagun harturic. Arte hartan Zabierec eta Bobadillac Bolonian behar zuten predicatu, Rodrigesec eta Lejaïc Ferraren, Brouetec eta Salmeronec Sienan, Codurec eta Diego Hozezecoac Paduan. Compainian sarthu berri bat zen Diego.

Elgarretaric behechtean, hitzartu zuten anaïec bezala maithatuco zutela elgar; elgarrentzat othoitz eginen zutela; Jesusen compainia deithuco zirela; buruzagi bat izendatu artean bakhotcha izanen zela asteca buruzagi; buruzagiaren erraner sumetimendu oso bat ekharrico zutela; hitz batez, ez zutela oroc eginen bihotz bat eta arima bat baizic. Gero, elgar maiteki besarcaturic, adio eta adio elgarri erranic, hartu zuten zoin zoinec beren escualdea.

V.

Gure saindua Errumarat abiatu zen, oinez, bethi bezala, eta egunean eguneco ogia escatuz.

Paduatic atheratzean, irri-carcailaz jokhatu zitzaion abere-zain bat. Lainezec, haren trufac ezin jasanez, Iñazio othoiztu zuen bizichago egin zezan urrhatsa abel-zainaren gibelerat uzteco. Iñazioc ihardetsi zion:

«Zerentzat behar dugu gizon hori irri egitetic baratu?»

Errumatic ez urrun, Estortaco elizan sartzen da, zeruticaco botz batec harat deithuric. Belhaunico erortzen da eta othoitzean hasten. Bere arimaren bothere guziez, bere bihotzaren kharsutasun guziaz, Jesu-Christo gure Jaunari gomendatzen dio bere obra handia. Jesu-Christo gure Jauna nigarretan othoizten du, compainia chumea bere gerizaren pean har dezan. Othoitz hortan dagolaric, argi eder bat agertzen zaio, eta argi hartan Jainco Aita bere Seme dibinoarekin.

Jainco Aitac, Iñazio eta haren lagunac ezartzen ditu bere escu botheretsu eta urricalmendutsuaren pean, eta Semeari erraiten dio, Iñazio eracusten diola:

«Nahi dut zure zerbitzari izan dadin.»

Semeac bere behatze eztienarekin, bere botz amulsuenarekin, compainiari erraiten dio:

«Erruman, zuekin izanen naiz.»

Eta gero Iñaziori:

«Nahi dut ene zerbitzari izan ziten.»

Ikhusgarri horrec ezin erranezco zorion batez bethe zion bihotza, eta ez balitzaio itzali, han berean hilen zen bozcarioz eta amodioz.

Erruman sarthu ziren Hazila akhabatzean 1537an. Aita Sainduac atsegin handirekin ikhusi zituen eta berheala eman zioten lana. Piarres eta Lainez nausi izendatu zituen Sapientzaco escol-etchean, eta Iñaziori manatu zion Erruma guzian predica zezan.

Piarresen eta Lainezen mintzaire ederrac, heien berthute miragarriec, heien jakitate hedatuac mundu bat biltzen zuten heien alkhien ingururat. Iñazioc bere hitz sarkhorraz, bere Etserzizio Izpiritualez, handien eta chumen artean, aberatsen eta pobren artean, izpirituric itsutuenac argitzen zituen, bihotzic gogorrenac hausten, hormatuenac berotzen, loharcatuenac atzartzen; aditzaile guziac Jaincoaren amodioaz, bekhatuaren herraz bethetzen.

Iñazioc Monte-Casineco comentuan jakin zuen haren lagunetaric bat, Diego Hozezecoa, gaitz handi bat hartua zagola; jakin ere zuen, garaitico botz batec erranic, hartaric hilen zela. Handic laster, eri maite harentzat othoitzean zagolaric, haren arima ikhusi zuen aingeruz inguratua, eder eta dohatsu zerurat igaiten.

Bertze egun batez, meza haste batean, aphezac confiteorreco hitz hauc: «Et omnibus sanctis» erraitean, saindu oste bat ikhusi zuen Iñazioc, eta heien erdian Diego Hozezecoa, bertze guziac baino distirantago.

Padueco plaza handian, predicu garratz eta hunkigarri bat egin zuen Diegoc, Ebanjelioco hitz hauen gainean: «Zaude atzarria eta othoitz egizu, ez dakizu ezic, ez eguna, ez orena.» Predicua akhabatzean sukhar borthitz bat jauzi zitzaion eta ospitalerat ereman zuten. Ezaguturic egunac eta orenac harentzat jo zutela, adichkide bati bezala behatu zion herioari, irri arphegian, atsegina bihotzean. Beltzarana zen Diego, eta aski itsusia. Herioac hain larruaire ederra eman zion, non bere lagunec berec doidoia baizic ez baitzezaketen ezagut, itchura berri hartan.

Soldado berriz emendatzen ari zen compainia. Compainia hori, nahi zuken Iñazioc Elizaco ordre bezala ezagutarazi; hori zen haren ametsa. Elizaren buruzagi calitatean, Aita Sainduari zitzohacon ikhustea ordre berri baten beharric bazuenez Elizac; Aita Sainduari zitzohacon ordre berriaren altchatzea, balimbazacusan Eliza lagunt zezakela bere obrez, ohora bere berthutez. Azken hitzac, bai edo ezac, Aitaren Sainduaren ganic behar zuen athera. Jaincoaren ondotic Aita Sainduaren escuan zelacotz compainiaren ethorkizuna, bere lagun guzier mezutu zioten Iñazioc Errumarat ethor ziten, betan indar egiteco. Hec Errumarat ethorri bezain sarri, Nizerat juan behar ukhan zuen Aita Sainduac, egiteco handi batzuez Frantziaco eta Espainiaco erregekin. Arte hartan, ezin zagozken alfer gure sainduac. Erruman berean ukhan zuten lana, bakhotchari berea Iñazioc emanic. Errumaco populuari laster hatzeman zioten bihotza, baitzuten aski jakitate jakintsunener mintzatzeco, aski umiltasun ttipienen neurrirat jausteco. Jaincozco gizonac zirela zioten goraki heien fede biziac, heien caritate kharsuac, heien hitz salbagarriac, bertzentzat heien eztitasunac, berentzat heien garraztasunac.

Untzian dohatzinec, garbi denean zerua, maltso itsasoa, alde haizea, bozcariozco khantuez inharrosten dute untzia. Capitaina hatic bazterretic dagoke, begia eta barnea goibel, zeru zolan, nombait, ikhusi baituke lanho bat, emeki emeki hedoi bilhacatuco dena; eta sarri, suia eta ihurtzuria erraietan, untziari jazarrico zaiona. Iñazioc, nombait zerbait nabadituric, laguner erran zioten:

«Hedoi bat oiesa lehertzerat doha gure gainean, eta ez dacusat nihon atherberic. Bainan gomenda gaiten Jesu-Christo gure Jaunari, eta Estortaco elizan agindu darocun bezala, alde jarrico zaicu.»

VI.

1538an Erruman predicatzen zuen Agustin Piemontecoac, mintzazaile eder bezala Italia guzian aiphatuac. Erruman, osteca bazohan jendea haren entzuterat. Haren hitzac beharria choratzen zuen arren, agor uzten zuen bihotza. Ez zuen eginarazten, ez urrhats bat gutiago bekhatuan, ez urrhats bat gehiago berthutean. Zertan egiten zuen huts, Iñazio eta haren lagunac ohartu ziren lehenic; lorepean, hec ikhusi zuten lehenic heresiaren eztena.

Agustini juaiten zaio Iñazio, eta bakhartasunean erraiten dio, haren iduriz hirriscu handitan ezartzen duela aditzailen fedea. Agertua dela ikhustearekin, Agustinec ihardesten dio:

«Zu eta zure lagunac nahasi zar batzu zarete. Zer? ene zapeta zolac bezembat ez jakin, eta zuec behar nauzue ni escolatu? Zer zarete zuec? Ene hutsen ondotic ibiltzia baino hobeki egin zinezakete escolan ibiltzia. Erruma guzia choratua dagoca ene hitzac; erraiteco duenic nihor ez da zuec baizic.»

Handic harat, sesuric ez du ukhanen Agustinec, Iñazio eta haren lagunac ichilarazi artean. Harenac egin duela ikhusten du, ez badu Iñazio jenden omenean galtzen. Ifernua alde baitu, egin diro zerbait.

Egun batez, predica alkhirat igainic, hunela mintzatzen da:

«Zuetaric bakhotchac, anaïa maiteac, atzarria behar du egon, ardi larrua dakharren otso baten contra. Zer mintzo naiz ardiz? Atzainaren itchura dakharre. Munduz mundu dabila, bere iduri batzu ondotic. Nihon ezin cocatuz, Errumarat ethorria da, eta Erruman, Jaincoaren arthaldean, zer sarraskiac egiten dituen, Jaincoac berac daki. Gezurric gachtoena, egiaren itchura dakharren gezurra da. Parisetic, Alcalatic, Benizetic, orotaric, ihes dabila Iñazio, gaztiguen beldurrez. Errumaco hiriac gutiago atchikitzen othe du bere fedeari, bertze hiriec baino? Erruman berean, bere herritar batzuec, haren gezurrer ohartu diren bezain laster, bazterrerat utzi dute.»

Biharamunean, bertze solhasic ez da Erruman Agustinen atheraldiaz baizic. Orai, guziac jakinac dire Iñazio Loïolacoa gezurti bat dela; Parisen, Alcalan, Benizen, gezurti batentzat dagocatela. Nihor ez zaio gehiago hurbiltzen, nihorc ez dio elheric emaiten; izurriteaz baino lotsago dire Iñazioz.

Horiec oro Migel Nabarroren nahaskeriac ziren. Parisen gerthatu zitzaionaz harritua, sarthu bezala zen bere baithan, eta othoiztu ere zuen Iñazio bere ganat har zezan. Hartu zuen Iñazioc, utzi ere bai; ez baitzitzaion iduritu hartaric deus onic athera zitekela. Iñazioc uztea gaitzitu zitzaion, eta bethi bekhaizcor, bethi herracor, zin egin zuen noiz edo noiz mendecatuco zitzaiola. Errumarat jo zuen eta han hatzeman Agustin. Gezurrez hantu zuen hau, eta buruco ezarriric, Erruma guzia asaldarazi Iñazioren contra.

Tempesta horri ihardokitzeco, badu Iñazioc Estortaco elizan entzun duenaren beharra: «Zuekin izanen naiz» erran zion Jesu-Christoc. Hitz horrec zagocan chutic. Errumaco athe guziac hetsiac zituen, salbu tribunalecoa; han zezaken bakharric adiaraz bere botza, garbi bere burua; harat deitzen du beraz Migel Nabarro. Ethortzen da Migel, burua goraric, escua altchatzen du ez dela haren ahotic egiaric baizic atheraco, eta nombaitic lekhucotasun hau atheratzen du:

«Bai Alcalaco tribunalean, bai Parisecoan, bai Benizecoan, heretico eta gachtagin dagocate Iñazio. Gaztiguen ihes ethorria da Errumarat. Ene lekhucotasuna ez da hala hulacoa; Iñazioren contraco arrastac neure beharriez entzunac ditut.»

Migel jarri denean, Iñazioc sakelatic atheratzen du letra bat, eracusten dio Migeli eta ezti eztia erraiten dio:

«Ezagutzen duzu izkiribu hau, Migel?»

«Bai, ezagutzen dut, enea da.»

«Beraz, Migel, ene contra athera dituzunac gogoaren contra athera dituzu. Huna ni hurbildanic ikhusten ninduzun demboraco letra bat.»

Iñazioc iracurtzen du letra.

Letra hartan, Migelec erraiten zion adichkide bati, egun guziez ikhusten zuela Iñazio, miragarriac zirela haren berthuteac eta laudorio guziz goragocoac.

Uste gabeco eta ezin ukhatuzco letra horren entzutean, durduzatzen da Migel; ahalgez hurtua, zerbait nahi luke erran eta ez dezake; haren ahotic ez da atheratzen murmurica bat baizic.

Iñazioc auzia irabazia zuen. Erruman bazakiten orai, ez zela Iñazio, ez heretico, ez gachtagin, etsaien mihian baizic.

Egun hetan, eta batere elgar aditu gabe, Erruman suertatu ziren Juan de Figeroa, Matiu Ori eta Gazpar de Doctis, Alcalan, Parisen eta Benizen Iñazio beren tribunalerat deithu zutenac, eta Iñazioren hitzac eta obrac arthoski ikhertu ondoan, Iñazio saindu batentzat utzi zutenac. Heien lekhucotasun laudoriozcoac argi berri bat ekharri zion Errumaco tribunalari, eta azken uztarra eman Iñazioren etsaier. Lekhuac hutsarazi ziotzaten Migeli. Agustin, aphez arropa utziric, Genebarat juan zen, eta han, fin gachto egin. «Zuekin izanen naiz» erran zion Jesu-Christoc gure sainduari.

VII.

Frututic ageri da arbola, obretaric gizona. 1538co azken egunetan gosetea sarthu zen Erruman, ikharagarrico gosetea. Pobrec carriketaraino herrestatzen zituzten beren buruac, eta hantche zagotzin, luze-luzea, hotzez eta gosez hil hurranac, agian norbait urricalduco zitzaiotela. Iñazioc eta haren lagunec begi ukhaldi batez izartzen dute gaitz handi horren eta beren egimbidearen hedadura, eta gaitz handia guducatuco dute, eta beren egimbidea betheco. Berenetic ez dute emanen, ez baitute; jotzen dute beraz aberatsen athea. Bati khentzen diote urrhea, bertzeari zilharra, bati berokia, bertzeari asekia, bati huntaric, bertzeari hartaric, zerbait orotaric, eta gisa hortan, beren etchean berean lau ehun pobrer emaiten diotzate atherbea eta jana. Neurriric ez du heien caritateac. Carricaz carrica dabiltza, zokhoz zokho, hatzeman pobre guziez urricalduz, batzu besoetan, bertziac sorbaldetan hartuz, eta gauza den tokirat eremanez. Laur mila pobre baino gehiago athera zuten horrela herioaren aztaparretaric. Hoimbertze caritatez, izpiritu guziac, bihotz guziac, beretu zituzten. Erruma guzian ez zen aiphu aita onen berthutez baizic. Aita onac nombait ager ziten, harat zohan jendea lasterrez, aberatsec beren errespetua, pobrec beren ezagutza, guziec beren amodioa, eracusten ziotela. Aita Sainduaren bihotza, zaurthua batetic bere populu maitearen jasaitecoez, bozcariatzen zen bertzetic holaco gizonen ukhaiteaz.

Manrezatic hunat gogoan dabilan egiteco handia, Iñazioc orai behar du obratu; Jesusen compainia orai behar du Elizaco ordre bezala ezagutarazi. Othoitzaz eta baruraz zerua alde ezarri ondoan, Aita Sainduari ekhartzen diotza Compainiaco legeac; lege miragarriac, gizona dakharratenac bere buruari osoki ukho egiterat, eta aski indar emaiten diotenac Jaincozco bizi batez bizitzeco; lege miragarriac, munduari hambat jakintsun, Elizari hambat langile, zeruari hambat saindu eman eta emaiten dituztenac; lege miragarriac, buruzagia eta pecoa batasunic hertsienean atchikitzen dituztenac, buruzagiac Jesu-Christoren membroa duelacotz bere pecoan ikhusten, eta pecoac Jesu-Christo gure Jauna bera bere buruzagian; lege miragarriac, hirur mende huntan hunkitze beharric ukhan ez dutenac, eta gudu guzien artetic Jesusen Compainia bethi oso, bethi garrhaitzari athera dutenac. Lege horiec, iracurtze eta ikhertze arthots baten ondotic, miragarri khausitzen ditu Aita Sainduac. Bainan, Elizaren buruzagiari dohacon zuhurtziarekin, Iñazioren galdea ez du berheala hautesten; gauzac nahi ditu zohitzerat utzi; ordre berriaz bertzec ere zer dioten nahi du jakin, arrazoinac alde eta contra nahi ditu entzun, guzien argiac nahi ditu bildu; eta noiz bait, Elizan duen bothere guzizcoaz, Jesusen Compainia Elizaco ordren nombrean sartzen du, hitz hauc erraiten dituelaric:

«Jesusen Compainia ez da gizonen obra, Jaincoaren obra da.»

Compainia ez zagoken buruzagiric gabe. Buruzagia, berec behar zuten beren artean hautatu. Biltzarre egiten dute. Jaincoaren ganic hautu on bat ardiesteco, ez dire hirur egunez othoitzetic baratzen. Laugarren egunean, gorderic izkiribatzen dituzte botzac eta zigiloaren pean ezartzen. Hautu hori Jaincoac onhets dezan, bertze hirur egun badagotzi othoitzean, eta laugarren egunean urratzen dute zigiloa. Botz guziac batentzat dire... Iñazio Loïolacoarentzat.

Bere botza, huna nola eman zuen Iñazioc:

«Ene botza emaiten dut gehien botz biltzen duenari, ni campo. Compainiac nahi balimbadu hatic norbait izenda dezadan, izendatuco dut.»

Botzen berri jakitean, bozcarioac argitzen ditu guzien begitharteac, zabaltzen guzien bihotzac, salbu gure sainduarena. Ihurzuriac joa iduri du gure sainduac.

«Anaïa maiteac, diote bere laguner, ez niteke ni holaco carga baten pean jar; hauta zazue ni ezbezalaco bat. Ez othe dakizue gazte demboran zoin zoroa izana naizen? eta oraico ene ahalgoa zoin ttipia den? Izpiritu Saindua, berriz ere, eta kharsukiago, othoitzazue argi zaitzaten, eta ni utziric, hobeago bat eracuts dezautzuen.»

Ez adituarena nahi dute egin Iñazioren lagunec; bainan Iñazioc adiarazten diote zin zinez mintzo dela, eta Izpiritu Sainduari bere argiac berriz escaturic, berriz badohatzi botzetarat. Bigarren hautua, lehena bezalacoa. Horren contra ere badu erraiteco gure sainduac. Aita Laïnez chutitzen da orduan, eta guzien izenean erraiten dio:

«Ene aita, egizu Jaincoaren borondatea; bertzenaz, bakhotcha gure escualde bagohatzi. Ez nic, ez ene lagunec, ez dugu bertze buruzagiric ezagutuco Jaincoac eman darocuna baizic.»

«Carga horren pean jarri baino lehen, cofesora nahi dut mintzatu, ene berriac cheheki nahi diotzat erran: lehenago zer nintzen, orai zer naizen, lehenago zoin bekhatorosa, orai zoin ezdeusa; eta gero, harc nahi duena eginen dut; nahi badu zuen buruzagi jar nadin, jarrico naiz.»

Cofesoraren mintzatzerat uzten dute, ezin bertzez. Aita Teodosio zuen cofesora, San Frantsesen ordreco aphez saindu bat. Iñazioren ariman arthoski iracurtu duenean, aita Teodosioc erraiten dio:

«Zure anaïec zutaz egin duten hautua, Izpiritu Sainduaren beraren hautua da. Heier jazarriz, Izpiritu Sainduari jazartzen zare.»

Hitz horiec entzutean, auhen bat egiten du Iñazioc; ez da hatic bihurtzen cofesoraren erranari, eta buruzagi izendatua da Bazco astehartean, Aphirilaren hemeretzian, 1541an.


BORTZGARREN PHARTEA

San Iñazio Jesusen Compainiaren Buruzagi.
San Franzizcoren lanak

I.

Hautu hori Jaincoaren goaracoa zela, laster eracatsi zuen miraculu batec.

Iñazio campoan zen batez, debruac hartu zuen haren muthil Hescualdun bat. Lurrerat aurthikitzen zuen, hamar gizonen indarren contra han atchikitzen zuen, eta gorphutz guzia uspelez bethetzen zion. Uspel baten gainean egiten bazioten khurutzearen seinhalea, handic bazitzohacon uspela, bainan bertze nombait agertzeco.

Josteta hori dacusan batec debruari erraiten dio:

«Ago, ago, Iñazio ethor dadin! Harekin jostatuco haiz!

«Ez aipha izen hori, dio debruac gizon gaztearen ahoz; ez dut munduan etsai handiagoric.»

Etcherat denean, jakiten du Iñazioc muthilaren berri; hartzen du escutic, baderama bere gambararat, eta han, othoitzean hasiric, lekhu eginarazten dio debruari, eta khentzen berriz jiteco mina.

Aphirilaren hogoi eta bian, Jondoni Pauloco elizarat bildu ziren Compainiaco membro guziac. Han, bata bertzeari cofesatu ondoan, Iñazioc eman zuen meza. Comuniatzerat eman baino lehen, lagunetarat itzuli zen, eta escuan zagocalaric ostia saindua, hunela egin zituen Compainiaco botuac:

«Nic, Iñazio Loïolacoac, Jainco guziz botheretsuaren aitzinean, Andre dena Mariaren aitzinean, zeruco gorthearen aitzinean eta zuen aitzinean, hitzemaiten dut: garbitasuna, pobrezia eta obedientzia begiratuco ditudala. Bertzalde, sumetimendu oso bat hitzemaiten dut Aita Sainduari. Hitzemaiten ere dut, gazteriaren altchatzeaz artha berezi bat hartuco dudala.»

Botu berac egin zituzten bertzec ere, eta gero Iñazioren escutic comuniatu zuten. Eskerrac bihurtu ondoan, barnez egin zuten elizaren ingurua, aldare guzietan othoitz egiten baratuz. Aldare nausirat zirenean, Iñazio besarcatu zuten guziec, eta escuan eman zioten musu, haren manupeco zirela seinhale. Heien barneco bozcarioari nigarra goihendu zitzaion, eta han ziren jendec ere, amodiozco eta sumetimenduzco seinhale heien ikhustean, nigarrac ezin atchiki zituzten. Aita Coduri hitz hau altchatu zioten:

«Zorionaren bizitasunac ithotzen ari nau.»

Nausitasuna hartzean, ez zuen San Iñazioc handigoaric hartu. Lehen urrhatsa sukhalderat egin zuen: muthila lagundu zuen sukhaldeco lanen egiten, eta jatsa harturic etche guzia garbitu zuen. Zombait demboraz, etcheco lanic arruntenetan ari izan zen; gero, berrogoi eta sei egunez, egin zuen catichima, Santa Maria Estradacoaren elizan. Gazte, zahar, aberats, pobre, cardinale, printze, guzietaric biltzen zen catichima hartarat. Bihotzetic mintzo zelacotz, bihotzerat zohan haren hitza. Aita Laïnezec dio, Iñazioren catichima entzuten zuten bekhatoros guziec, nigar auhenetan egiten zutela bere hutsen aithormena. Aita Ribadeneirac dio, catichimaren egitean suzco zerafin bat iduri zuela Iñazioc, eta mintzatzetic gelditu ondoan ere izarrac bezala distiatzen zuela haren copetac. Catichima guziac hitz hautaz akhabatzen zituen:

«Gure bihotz guziaz, gure indar guziez behar dugu gure Salbatzaile Jauna maithatu.»

Buruzagi jarriz geroz, huna nola zeraman eguna. Lehembizico lana othoitza egiten zuen; othoitzaren ondotic meza saindua. Zerbait egitecoc camporat deitzen zutenetan, lagun bat harturic atheraco zen. Ikhusterat heldu zitzaizcon guzier, bethi elhe ona emaiten zuen, bethi grazia ona egiten. Bihotzic erienac, ascotan behatze batez sendatzen zituen. Bazcal eta bere anaietarat agertuco zen, eta heiekin ihardokico zuen, edo zeruco gauzez, edo Compainiaco gora beherez. Buruzagiari dagozcon egitecoac, hala nola letren iracurtzea, letrer ihardestea, arrats-alderat uzten zituen. Afal ondoan, bakhotchari emanen zion bere biharamuneco lana. Berant etzaten zen, arrosarioac escuan bethi. Lokhuma bat egin zueneco jeikico zen, eta hasico zuen meditazionea. Chutic hasten zuen meditazionea; gurtzen zen aphur baten buruan, Jaincoa ikhusiric bezala; belhaunicatzen zen gero, eta oren osoac belhaunico iragaiten zituen, batere higitu gabe, begiac zorionezco nigarrez bustiac. Mezaren emaiteco oren bat ez zuen sobera; bere burua ahanzten zuen Jesusekin. Mezaren emaiten ari zen batez, Aita Nicolasec su gar bat ikhusi zion buruaren gainean. Ustez su zuen, laster egin zuen su hiltzerat. Ez zen su lothua Iñazio, haren begithartea zen su garrac bezala argitzen eta distiatzen zuena.

San Iñazioren gambarac eta comentuco elizac murrua arte zuten; murrua urrarazi zuen, Salbatzaile dibinoa bethi bere menean ukhaiteco. Haren gambaran deus ikhusgarriric ez zen: ohe bat, cadera bat, mahain bat, Eskritura Sainduac, mezaco liburua eta Jesu-Christoren Imitazionea, zoina deitzen baitzuen liburuen perla. Othoitzic laburrenac, hala nola Anjelusac, hola nola Jaincoaren edo Jesusen izen sainduac, sutan ezartzen zuen haren bihotza. Zombait aldiz, berac ez nahiric ere, nigarra nausitzen zitzaion eta oïhuz hasten zen:

«Oh! lurra gauza ezdeusa baita zeruaren aldean.»

Gorphutzari hain guti emanez, arimari haimbertze, miraculu zen haren biziric egoitea; hala zitzaion berari ere. Lurreco khantuec zeruco khantuez orrhoitarazten zuten; choratua bazagon khantu eder bati. Liliec adichkide zuten; lilien usain gozoa eta aphaindura Jaincoaz mintzo zitzaizcon, Jaincoarentzat amodioz eta ezagutzaz bethetzen zioten bihotza. Oficio sainduco edo zoin hitz su lama bat zen, haren bihotza erretzen zuena; bere baitharic atheraia, Jaincoa baithan galdua, haimbertze nigar egiten zuen, non begiac eritu baitzitzaizcon. Itsu zadin beldurrez, ofizioco liburua khendu zion Aita Sainduac.

II.

Portugaleco erregeac, Juanes hirurgarrenac, entzunic espantutan Iñazioren eta haren lagunen berri, Iñaziori bere lagunetaric sei galdatu ziotzan, Ebanjelioaren argia Indietarat ekhartzeco. Iñazioc ihardetsi zion hamar zirela guziac, eta sobera lan zela Erupan Indietarat seien igortzeco; igorrico ziotzala hatic biga, berthute eta jakitate handitacoac.

Simon Rodriges eta Nicolas Bobadilla hautatu zituen lehenic; bainan Bobadillari sukhar gachto bat lothuric, Zabier hautatu zuen haren ordain. Berri horren ekhartzean, Zabieri erran zion:

«Zeruaz deithua zare Indien combertitzerat. Ene ahoz Aita Saindua zaizu mintzo, eta Aita Sainduaren ahoz Izpiritu Saindua. Combertitzeco emanac zaizkitzu, ez zombait herri, ez zombait erresuma, bainan mundu bat, Erupa baino zabalago den mundu bat; ez zuen gutiago behar zure khar handiac. Zohazi beraz, anaïa maitea, zohazi Jaincoac deitzen zaituen tokirat, eta bazter guziac erre zatzu zure bihotza erretzen duen su dibinoaz.»

Ezin erran diteke berri horrec zer atsegina egin zion Zabieri. Ametsetan jakina zen paganoen apostolu higatu beharra zela; bainan bere ethorkizunaz hobeki segurtatzearekin eskerric handienac eman ziotzan Jaincoari, eta aita Iñaziori ihardetsi zion norat nahi juaiterat zagola.

Adioac, egun hartan berean, egin behar ukhan zituen Aita Sainduari eta Aita Iñaziori. Aita Sainduac, behech harturic, bere bihotza zabaldu zion, eta luzaz atchiki zuen, apostoluez elhe eta elhe: apostoluec zer bizia ereman zuten, zer indarrac egin zituzten; harc ere apostoluen urrhatser behar zuela jarraiki, bizi bera behar zuela ereman, indar berac behar zituela egin. Azken besarca emaitean, bothereric hedatuenac eta benedizioneric aberatsenac eman ziotzan.

Erruma utzi zuen, Martchoaren hamabortzean 1540an, sotana larrutu bat soinean, capa chahar bat bizcarrean, othoitzeco liburua besapean. Leihorrez egin zuen Lizbonaraco bidea, Portugaleco embachadorearen lekhaio.

Zabiereco jauregian jakinac ziren Indietaco urrhatsa ukhan zuela Franzizcoc, Portugaleco erregeac Lisbonan iguricatzen zuela, eta Lisbonarat Iruñen gaindi juan beharra zela. Guziec uste zuten sor lekhuaren eta ama chaharraren ikhusterat baztertuco zela. Ahaidego guzia, esperantza horrec bildu zuen Zabiereco jauregirat.

Amac, egun guziez muthil bat igortzen zuen Iruñerat, semearen berriketa; eta muthila hutsic ethortzean, amac hats beherapen batekin erraiten zuen:

«Bihar, behar bada, jakinen dugu zerbait; gauden begira.»

Eta begira zagon, eta dembora bazohan, eta semeric ez zen ageri. Gain gaineco gambararat igainic, Iruñe aldeco bideari so so egoiten zen, noiz ikhusico zuen semea.

«Hamazazpi urthe badu ez dudala ikhusi, zion bere semer; halere, ethor baladi, segur ezagut nezake.»

«Bai, ama, bai, ihardesten zioten semec, ezagut zinezake oraino.»

«Pedro Ortizec igorri daut, ene semea bethi eder dagola; ontsa mehe dela hatic, zeren eta haür maite hura saindu bat baita, eta bere gorphutza azoteaz joiten omen baitu.»

Azken orrhoitzapen horrec bihotza hausten zion; begiac behar zituen orduan nigarrez busti; gero hatic, Jaincoari altchatuco zion bihotza eta erranen zuen:

«Egia da Jaincoarena dela! guzia Jaincoarena... Ez da gehiago enea.»

Noiz bait hurbildu zen Portugaleco embachadorea, eta, Nafarroan sartzean, Franzizcori erran zion:

«Aita Franzizco, ez gare Iruñetic urrun, han egonen naiz zure begira.»

«Ene begira, Jauna?»

«Bai, Aita Franzizco; phensu dut ezic, Zabiererat nahico duzula juan jin bat egin.»

«Ez, Jauna; ez naute Zabieren ikhusico.»

«Nola ez? Jakizazu, aita maitea, Erupa behar bada seculacotz uzten duzula.»

«Baditeke seculacotz uzten dudan.»

«Bada, hoimbertze urthe badu ez ditutzula etchecoac ikhusi; zure ama ona chahartua da gaichoa.»

«Horiec guziac hala dire, Jauna. Bainan ez nau Jaincoac Zabiererat deitzen, Indietarat deitzen nau.»

«Ene Aita, miresten dut zure berthutea; erranen dautzut hatic zure amac iguricatzen zaituela, eta sobera atsecabe eman zinezokela ikhusterat ez juanez. Ene aita maitea, zure amaren gatic, bakharric haren gatic, zohazi, othoi, Zabiererat! Ama chaharrari egiozu, othoi, atsegin hori!»

«Atsegin horri, Jauna, adioric erdiragarriena larraikioke. Ene ama guziz maitearentzat, ene ahaide guziz maitentzat eta enetzat, hobe da, ez dezagun elgar ikhus zeruan baizic. Zeruan, zeruan, gure biltzarrea izanen da adioric gabecoa! Zeruan deusec ez du histuco, deusec khirestuco gure zoriona.»

Embachadorea, bere ustez, bertze zerbaiten erraiterat zitzohacon; ohartu zen Franzizco eta erran zion:

«Naizen guzia, ditudan guziac, Jaincoari eman diotzat; ez ditzazket gibelerat har; ez dut gibelerat hartzeco, ez dretchoric, ez gogoric.»

Orduan ichildu zen embachadorea, eta ez ziren Iruñen gelditu, bizigailuen hartzeco dembora baizic.

Handic zembait orenen buruan, Franzizcoren berri galdez ethorri zen Zabiereco muthila. Ezin jakin zuen, ez norat hartu zuten, ez gaua non iragan gogo zuten; gisa hartarat jokhatu baizen embachadorea, Franzizcori atsegin egiteagatic. Jakin zituen hatic Franzizcoren bertze zombait berri: ontsa ekhartzen zela, guziz amultsua eta guziz maithagarria zela; norat nahi juan zadin aise agerico zela, ez zela hura edo zoin etchetaco, edo zoin herritaco seme, bainan aitoron seme handienetaric zela, Hescualdun garbienetaric zela.

«Nic laster ezagutu dut» zion Iruñeco ostalerrac, zoina loriostua baitzagon Zabiereco seme bati atherbea emanic. Amari berria behar zen ekharri; ez baitzen errech. Bere semec ekharri zioten. Ama zen, bainan ama girichtinoa. Bihotza erdiratua, sarthu zen caperan, ahuspez erori zen zurezco khurutzefica handi baten oinetarat, eta bihotzez egin zion Jaincoari hambat maite zuenaren sacrifizioa.

III.

Lisbonarat zenean, mila escaintza ukhan zuen; etchea escaintzen zion batec, mahaina bertzeac, dirua bertzeac. Franzizcoc ospitalea hartu zuen egoitzatzat, eta ogi hutsa janharitzat. Lisbonan iragan zituen egunac, ez zituen alfer iragan. Hiri guzia pecoz gain itzuli zuen bere predicuen eta berthuten indarraz; gortheco jaunac berac erakharri zituen zortzitic cofesatzerat eta comuniatzerat.

Untzian sarthu zen, Aphirilaren zazpian, 1541an. Bere gambara eta bere mahaina escaini ziotzan capitainac; bainan guritasun guzier ukho egina zen gure saindua, eta pobren ogia baizic ez zuen nahi jastatu. Ezin erran diteke untzi hartan zombat ongi egin zuen, han zer lanac ibili zituen. Bere contseilu zuhurrez untzitic casatu zituen joco beroac, aharrak, hizcuntza gachtoac, elhe lizunac eta untzietan ikhusten ohi diren behar eztenkeriac. Igande guziez egiten zuen predicua masta handiaren ondotic, eta catichima egun guziez, ahantzia zutener edo behin ere ikhasi ez zutener; othoitza, guziec tenore berean; cofesioa, guziec beren egunetan.

Eriac zituen oroz gainetic maite; eriekin zuen lakhet; bera medicu, bera erizain, bera aphez. Untzi hartan haimbertze jende bazelaric, guzien bihotzac irabazi zituen, guziekilacoa egiten zuelacotz. Izurrite batean agertu zen bereziki haren caritatea; erien izerdiac berac chukhatzen zituen, zauriac berac lotzen, oihalac eta lothurac berac garbitzen. Izurriteco dembora guzian, bera eri izana gatic, han zabilan, gau eta egun, gambaraz gambara, ohez ohe, eri batetic bertzera. Heien gorphutzez baino artha gehiago zuen oraino heien arimez, eta heriotze saindu baten egiten laguntzen zituen, azken hatseraino heien ondoan egonez. Eriac ere ezin zagozken hura gabe, haren galdea zuten bethi:

«Aita non da? Aita non da? Ah! Aita hemen baginu gutiago oinhaze ginuke!»

Eta Aita ethortzearekin, bihotza phizten zitzaioten eta oinhazea lokhartzen.

Maiatzaren seian 1542an, ethorri zen Goarat, zoina baitzen dembora hartan Indietaco hiri nausia. Ohi zuen bezala, ospitalerat jautsi zen. Meza eman eta, erientzat ibilico zen eske; erien ondotic presuneretarat zohan; erier eta presunerer artha berac emaiten zituen, amodio bera eracusten. Arrats aldetan, hirico carrica guziac joiten zituen, chilintcha bat escuan, burhasoen eta nausien othoizteco, catichimarat igor zitzaten haurrac eta sehiac. Nahiz girichtino hiria, hiri galdu bat zen Goa. San Franzizcoren catichimec eta predicuec jende guzia bere baithan sarrarazi zuten, eta injustiziaric, lohikeriaric eta herraric baizic ez zen lekhuan, laster erreginatu zuten justiziac, garbitasunac eta caritateac. Franzizcori, orduan eman zioten apostoluaren izena.

Goaco jaun aphezpicuaren bicario jenerala erraiten dio egun batez:

«Ene Aita, hasi Comoronetic, eta Manaarreco islaraino bazinuke zer egin. Palabarrac deitzen dituzte hango populuac; arrantzale pobre batzu dire, moroec lehertuac dagozcatenac, eta moroen contra Portugesen laguntza ukhaitea gatic, girichtino bilhacatu direnac. Bainan girichtinoarenic ez dute izena baizic, eta aphez galdez daude, girichtino egiazco nahiz bilhacatu.»

«Jauna, banoha beraz.»

«Ene Aita, zu zarenarekin, uste dut heien artean zerbait egin dezakezun; ez darotzut hatic gordeco hango jendea nihonden pobrena dela, eta hango lurra, iguzkiaz kiscailia, nihonden agorrena dela.»

«Ez naute, ez lurrac, ez iguzkiac izitzen. Jaincoac Indietarat deithu nauenean, bazakien Indien eta ene berri, Jaincoa baithan dut ene esperantza, eta banoha.»

Egia erran zuen bicario jeneralac; Palabarrec ez zuten girichtinoaren izena baizic. Franzizco hasten zaiote predicatzen; haren hitzac, paganoac eta girichtinoac argitzen eta hunkitzen ditu, girichtino guziac cofesatzen dire eta bizitzez khambiatzen. Berrogoi mila paganoc bathaioco ura hartzen dute, eta beren fede bizian, zurezco eta harrizco jaincoac phorrocatzen dituzte, eta Jainco egiazcoaren laudorioac errepicaz khantatzen. Apostoluaren bizimodu garratzac, haren berthute miragarriec, haren miraculu nombre gabecoec ez dute guti laguntzen haren hitz botheretsua. Bertze janic ez du irrisa baizic; egunean hirur oren lo, lurraren gainean dena ere.

Trabancoreco erregeac, apostoluaz laudorio handiac entzunic, libertatea igorri zion haren lur guzietan fedearen predicatzeco. Apostolua lur hetan agertu orduco, mintzatzen hasi orduco, populuac osteca erori ziren haren oinetarat. Ilhabete bakhar batez, hamar mila pagano bathaiatu zituen. Urthea gabe, berrogoi eta bortz eliza bazituen egiazco Jaincoac. Herri baterat zohanean, Franzizcoc ordoki baterat biltzen zuen jendea, gizonac eta emastekiac behech ezartzen zituen, eta bera, arbola baten gainerat iganic, handic minzatzen zitzaioten. Hura mintzatzetic baratu eta, jende guzia lasterca bazohan jainco faltsuen chehatzerat, heien temploen aurthikitzerat.

Apostoluaren indarrez asaldatzen da Ifernua. Auzoco errege bat, debruac harturic, armada batekin sartzen da Trabacoreco lurretan, girichtino berrier, edo fedea, edo bizia behar diotela khendu. Hori jakitean, ahuspez lurrerat erortzen da Zabier, eta othoitz hau egiten dio Jaincoari:

«Orrhoit zaite, Jauna, urricalmenduzco Jaincoa zarela. Ene arthalde maitea begira zazu, othoi, otso errabiatu horien sarraskitic; girichtino berriec ez dezatela doluric ukhan beren bihotzac zuri emanic, eta Ifernuac ez dezala irriric egin zure haurrac garrhaituric.»

Othoitz horren ondotic chutitzen da, eta darraizcon girichtinoer erraiten diote:

«Jarraic niri, gurekin da Jaincoa.»

Eta gerlari bat bitoriarat bezala, badoha apostolua, khurutzefica escuan, etsaien biderat.

Etsaien aitzinerat denean, baratzen da, eta khurutzefica altchaturic, botz ikharagarri batekin erraiten diote:

«Bara hor! Jainco bizi denaren izenean, bara hor! ez urrhatsic egin aitzina!»

Etsaiac harritzen dire; ez dezakete egin, ez aitzinerat, ez gibelerat.

«Zohazte bada aitzina! diote gibelean direnec.

«Ez dezakegu, ez harat, ez hunat egin, diote aitzinean direnec; gizon bat dugu traba; suia dohaco begietaric.»

Armadaco borthitzenac armadaren bururat heldu dire. Ikhusi dutea bada Apostoluaren begia? Higi ahala higi ihes abiatzen dire, eta armada guzia heien ondotic. Trumilca dohatzi, buruz gainca dohatzi; beren harriduran elgar phochulatzen dute, elgar aurthikitzen, elgar lehertzen, elgar funditzen. Armada guzia chahutzen eta errhausten da.

Bitoria horren berri laster jakin zuten Trabancore guzian; etsaien biderat heldu zelaric jakin zuen erregec. Garrhaitzaria deithu zuen bere ganat; armada guziaren aitzinean besarcatu zuen, eta erran zion:

«Ni deitzen naute Trabancoreco errege handia. Hemendic harat, zu deithuco zaituzte ene anaïa, eta Trabancoreco aita handia.»

Erregeren egitateac uzcurrenac lehiatu zituen fedearen besarcatzerat.

Bere nekhe guziac ahanzten zituen Franzizcoc, ikhustearekin paganoen gutizia, paganoen egarsua, egiaren ikhasteco, paganoen jarraikitasuna othoitzari, paganoen sumetimendua Elizaren manu guzier. Itsas hegi guzia argitu zuen, nihon trabaric khausitu gabe.

Coilaneco jendea khausitu zuen bakharric gogor eta herrebes. Haimbertze dembora bazuen zeruco erresumaz mintzo zitzaiotela, eta banaca batzuec baizic ez ziren haren oinetarat erortzen. Heien gogortasunac eta itsumenduac atsecabez bethetzen zioten bihotza. Egun batez, paganoer alferretan mintzatu ondoan, su garretan bezala jartzen da haren begithartea, eta nigarra dariola Jaincoari erraiten dio:

«Jauna! bihotz guziac zure escuan dire; gogorrenac guri ditzazketzu. Jauna, zure seme dibinoaren odolaz othoizten zaitut, miraculu hori egin dezazun egun gure artean.»

Itzultzen da gero paganoetarat, eta erraiten diote:

«Ez duzue ene hitza sinhetsi nahi? sinhesteco zer behar duzue? zer nahi duzue? Atzo gizon bat ehortzi duzue hemen nombait. Zohazte haren hobirat, ikherrazue hil ala bizi den, eta hila balimbada, ekharradazue.»

Multzoan badohatzi; gorphutza hobitic atheratzen dute, eta Franzizcori badakharrote, diotelaric:

«Bai, bai, hila da; usaindua ere da!»

Franzizco belhaunicatzen da; aphur bat badago othoitzean; jeikitzen da gero, eta batere durduzatu gabe, hilari erraiten dio:

«Jainco bizi denaren izenean, phitz badi; eta hire phizteac erran dezala, nic predicatzen dudan hitza Jaincoaren beraren hitza dela.»

Hila phizten da, eta osagarriz eta indarrez bethea jeikitzen.

Paganoac, beren bozcalentzian, batzu nigarrez hasten dire, bertzeac khantuz; guziac Franzizcoren oinetarat erortzen dire eta bathaioa galdatzen diote, goraki aithortuz bertze Jaincoric ez dela aita handiaren Jaincoa baizic.

IV.

Trabancoreco erresumatic Meliapurrerat juan zen, San Thomasen thombarat, San Thomasen arartecotasunaz jakiteco Jaincoac norat deitzen othe zuen. Meliapurre guziac famaz ezagutzen zuen aita handia. Heldu zela entzutearekin, jende oste bat juan zitzaion biderat. Apostolua berheala lothu zen lanari, zer egin bazela idurituric. Haren hitzac bekhatorosic handienac hunkitu zituen eta beren hutsen aithortzerat erakharri. Errankizun bat bazen, Franzizcori ihardokitzen zuten guziec heriotze gachtoa egiten zutela, eta etsempluric ikharagarrienac erakhartzen zituzten errankizun horren alde. Hortaracotz, gutiac ziren, hura entzunez geroz, bekhatuan gogortzen zirenac; baziren hatic bakhartto batzu, eta Jazinto Portugues aberats bat, Franzizcoren ezagun chahar bat, hetaric bat zen.

Eguerdi batez, bazcariterat juaiten zaio Franzizco. Jateco artetic, elhe eta elhe emaiten dio Jazintori; choratua atchikitzen du bere solhas maithagarriez, bere atheraldi arrai eta izpiritutsuez; bainan bere egitecoric handienaz, bere arimaren salbamenduaz, ez dio hitzic aiphatu.

Franzizcoc gisa hortan uztearekin, gogoetatzen da Jazinto:

«Ez zait Franzizco salbamenduaz mintzatu... zerentzat ez? Ah! naski, ez baitu nitaric deus onic iguricatzen! naski, ene arima galdua baitagoca!»

Phentsaketa horrec izitzen du, lazten du, harritzen du. Gogo guzia deboilatua, badoha Franzizcoren ganat:

«Ene Aita, izitu nau zure ichiltasunac; nitaz etsitu otheduzu?»

«Ez, Jazinto maitea, ez; zertaric iduritu zaizu etsitu dudala?»

«Ene Aita, ene etcherat ethorri zare, eta ene arima dohacabeaz hitzic ez darotazu erran.»

«Deus irabazico othe nuen? Entzunen othe ninduzun? Uste ukhan dut ichilic egoitea nuela hoberena.»

«Ah! ene aita maitea! ichiltasun hori zait, hori, gaitzitu! horrec dait, horrec, barne guzia nahasi. Zurekin bazcalduz geroz, ez da enetzat soseguric, ez da enetzat bizitzeric, ez da nihon ene zorigaitzaren parecoric. Ene aita maitea! oraino asti balimbada, othoi urrical nakizu!»

«Jazinto maitea, asti zinduke oraino, bazinduke oraino Jaincoaren ganat itzultzeco dembora; bainan sacrifizio handiric behar zinuke egin.»

«Ene aita maitea, zer nahi eginen dut; salbatzecotan, zuc erranac oro eginen ditut.»

Bizi guzico cofesioa eginarazten dio Franzizcoc, eta Jazinto, bertze gizon bat bilhacatua, berthute guzien pratican bizitzen da.

Miraculu egiteco dohainac ez zuen nihoiz uzten.

Benedito Cabralec orrhoitzapen bat galdatzen dio, itsasoan sartzeracoan.

«Deus ere ez dut, ihardesten dio Franzizcoc, ez dezakezut eman arrosario hauc baizic; ukhazu hautan sinheste, eta ez zare gaizki helduco.»

Itsasoan sartzen da Benedito. Harroca batzuen contra phorrocatzen da untzia, mariñel guziac ithotzen dire. Benedito, arrosarioac escuan, gomendatzen da Andre dena Mariari; ezagutza galtzen du, eta berac ez dakiela nola, bere burua hatzemaiten du Negapataneco hirian.

Mendoza, bertze Portugues bat, Franzizcori heldu zaio untzi bat galdu duela.

«Ene izaite guzia untzi bat nuen, eta ohoinec ebatsi darotate Comorineco hegian. Itsasorat jauzi egin dut heriotzearen beldurrez, eta igerica athera naiz Meliapurrerat. Ene aita ona! ikhusten duzu zoin urricaltzecoa naizen!»

«Pobre hutsa naiz ihardesten dio Apostoluac. Ah! balimbanu zerbait! zoin gogotic eman nezaikezun! Bainan, ez esperantza gal, zabalduco da zuretzat Jaincoaren escua.»

Eta sakelac ikhertzen ditu; cornadoric ez du hatzemaiten. Jaincoari bihotz altchatze bat egiten dio eta sakelac berriz ikhertzen ditu, eta escuac diruz betheac, Mendozari erraiten dio:

«Jaun maitea, horiec zuretzat, zeruac igortzen darozkitzu.»

Berrogoi eta hamar urrhe pheza baziren.

Meliapurretic izkiribatu zuen Jesusen Compainiari:

«Hiri hau uzten dut, Malaca alderat juaiteco; harat deitzen nau Jaincoac. Ez badut untziric, taula baten gainean noha; Jaincoa da ene untzia, Jaincoa ene izarra. Jaincoaren ondotic, zuer nago, anaïa maiteac.»

Malacan sarthu zen Buruilaren hogoi eta bortzian 1545an. Girichtino hiria zen Malaca, bainan lazotasunic handienean eroria, berthuteari aspaldian ukho egina. Entzun duten bezain laster aita handia ethorri dela, ospitalerat jautsia dela, jendez bethetzen da ospitaleco plaza, jende guzia aita handiaren galdez, aita handia behar dutela ikhusi, aita handiaren ahotic hitz bat edo bertze behar dutela entzun. Agertzen da aita handia, eta haren hitz zombaitec nigarrez hasarazten dute jende guzia. Sartzen da gero haurren artean, izenic galdatu gabe, bakhotcha deitzen du bere izen egiazcoaz, phestatzen ditu eta benedicatzen. Haurrec ere beren moldean eracusten diote beren amodio; bulharrecoec, amen besoetaric haren besoetarat jauzi eginez; ttarrotuec, sotana hegalean edo escuetan musu emanez. Ikhusgarri horren aitzinean, plaza guzia nigarrez dago, bozcarioz. Ospitalerat itzultzean, alde guzietaric oihu egiten diote:

«Aita handia! aita handia! othoi benedica gaitzazu!»

Eta aita handiac benedicatzen ditu, eta othoizten ahal bezain nombre handian bil diten haren predicurat.

Biharamunetic beretic abiatu ziren. Jendea elizetan ezin cocatuz, campoan predicatzen zuen apostoluac. Haren predicuez argituac eta hunkituac, bekhatorosac haren oinetarat erortzen ziren, bulharrac joiten zituztela eta bekhatuac nigarretan deithoratzen. Arrainic larrienac gibel egon ziren hastean; bainan hec ere bere asmu sainduez bildu zituen Franzizcoc, eta hetaric bati entzuten zioten:

«Hiri huntaco buruzagi aita Franzizco da; ezic bere ditu bihotz guziac.»

Malacan bezembat miraculu nihon ez zuen egin. Eri bati, hitz altchagarri zombait erran ondoan, escua hartzen dio, eta horra eria sendatua. Berheala berria barreatzen da, aita handiaren hunkitzea aski dela, zer nahi gaitzetaric sendatua izaiteco. Orduan, arranguraric duten guziec aita handiaren ganat nahi lukete heldu, eta escua ez badezokete, bederen sotana hunkitu. Zorion hori duten guziac, sendatuac itzultzen dire. Bidearen erdian baratzen dute, eriac ekhartzen diotzate, othoi hunki ditzan, othoi benedica ditzan; eta heien othoitzez eta nigarrez hunkitua, eriac hunkitzen ditu, benedicatzen ditu, eta gaitz guzietaric sendatzen. Eria camporat ezin ekharria denean, aita handia barnerat sarrarazten dute. Aita handiac erier manatzen du jeiki diten, ibil diten, eta eriac jeikitzen dire, ibiltzen dire.

Egun batez, ama bat heldu zaio, alaba galduric nigar marrasketan.

«Ama dohatsua, erraiten dio apostoluac, zohazi, zure alaba bizi da.»

«Ene aita! hirur egun badu ehortzia dela!»

«Zohazi, idecazu hobia, eta zure alaba biziric hatzemanen duzu.»

Laster egiten du ilherrirat, idekitzen du hobia eta bere alaba bizi eta azcar hatzemaiten.

Amboinen, Ternaten, Monoian ez zuen Zabierec, ez gutiago lan erabili, ez gutiago ongi egin. Paganoen izpirituac bere hitzaz eta miraculuez joiten zituen, eta bihotzac bere saindutasunaz irabazten. Jaincoaren semearen izenean eta Jainco semeac bezala, naturaleza guziari manatzen zion. Eriac sendatzen zituen, hilac phizten, haizeac jabaltzen, itsasoa ematzen. Arrainec berec haren muthil zirela iduri zuten. Fausto Rodrigesec huna zer dion:

Amboinetic Baranurerat juaitean, dembora oiestu zitzaioten, itsasoa samurtu, eta untzia galtzeco hirriscuan jarri; etsitu zuten mariñelec. Franzizcoc escuan hartu zuen bere khurutzefica, eta, itsaso samurrean sartzerat zeramalaric, itsasoac ereman zion. Franzizcoren nigarrac khurutzefica hura galduric! Bere miraculuen obratzailea, bere bidetaco laguna, bere bihotz altchagarria, bere ontasun guzia, khurutzefica hura zuen. Halere, haizea eta itsasoa nolezpait garrhaituric, osoric sarthu ziren Baranuren.

Leihorrerat denean, lagun bat hartzen du Franzizcoc, eta Talamorat abiatzen da, itsas bazterrez. Berrehun bat urrhats egin duteneco, ihizi bat badacusate itsasotic atheratzen. Zer dakharre astaparretan? Franzizcoren khurutzefica. Franzizcori buruz heldu da, chuchen chuchena haren ganat doha, haren oinetan baratzen da. Franzizco belhaunicatzen da bere khurutzearen hartzeco, adoratzen du, amodiorekin besarcatzen du, eta ihizia, bere lana eginic, itsasorat itzultzen da.

V.

Bethi lan gose zen aita handia. Arimen salbatzeco sua bethi amatuz zohan haren bihotzean.

Entzunic Jesu-Christoren izena ezagutzecoa zela oraino Japoneco erresuman, Japonerat hartu zuen. untzi batec heldu zuen Cangozinaco hirirat, zoina baitzen Sazumaren peco. Sazumaco buruzagiac, aita handiaren aiphamena entzunic, baimena eman zion haren peco ziren herri guzietan fedearen predicatzeco. Cangozinaco hirian, gehienec ezagutu zuten eta besarcatu fedea. Fedearen frogac begien aitzinean zituzten.

Itsas hegian dabilan batez, arrantzari batzuer so baratzen da Franzizco. Arrantza tcharra dute; sarea hamarretan aurthikitzen dute urerat, eta hamarretan hutsa altchatzen. Etcherat hutsic dohatzilaric, Franzizcoc erraiten diote:

«Zerentzat etsitu duzue, haur maiteac?»

«Aita maitea, ez da egun arrain aro. Bertzalde, arrain guti da itsaso huntan, eta ez dugu lehen aldia hutsic gohazila.»

«Hots, ene haurrac, berriz aurthicazue sarea.»

«Bainan, Aita maitea, haimbertze aldiz aurthiki dugu, eta bethi alferretan.»

«Ez etsi, ez etsi; harrazue Jaincoa baithan confidantza, eta aurthicazue sare hori urerat.»

Urerat aurthikitzen dute sarea, eta trencatu hurrana altchatzen, hain da arrainez bethea. Biharamunean, ondoco egunetan, gauza bera gerthatzen zaiote. Handic harat, guzia arrain zen Cangozinaco ura.

Alaba galduric heïagoraz dagon pagano bati, hitz hautaz bihurtzen dio bere alaba:

«Zohazi, zure alaba bizi da.»

Badoha paganoa, bainan hasarre Franzizcoren contra, ustez burlatu duen Franzizcoc; ez baitu egundaino hil phizteric entzun. Etcheracoan, hor heldu zaio alaba, eta besarca lothuric:

«Ene Aita, erraiten dio, bazindaki zer gerthatu zaitan. Hila nintzen; bi debruc suzco leze batetarat ninderamaten, noiz eta begitharte ezti eta ederreco gizon batec athera bainau heien aztaparretic, eta zure besoetarat ekharri.»

«Ene alaba! ene alaba! bai hila hintzen. Bainan girichtinoen aphezac phiztu hau, bere Jaincoaren izenean. Haren Jaincoac ditin holaco indarrac. Guazen, ene alaba, guazen eskerren bihurtzerat.»

174 175

Eta aita alabac apostoluaren ganat badohatzi. Apostolua ikhustean, nechcatoa oihuz hasten da:

«Horra, horra, ni debruen escutic athera nauena! Hori da! hori da!»

Eta aita alabac apostoluaren oinetarat erortzen dire, eta apostoluac, fedezco egiez argitu dituenean, bier emaiten diote bathaioco ura.

Predicu baten ondotic, pagano bat carrica bethean jazartzen zaio, mehatchua eta elhe tzarra dariola.

«Aï zure mihia!» egiten dio apostoluac, nigarra begian; eta mihia harrez estaltzen zaio, eta usteldua erortzen.

Firandoco eta Amanguchico erresumec apostoluaren hitza hartu zuten, lur agortu batec euri gozo bat bezala. Handiec eta chumec, pobrec eta aberatsec, lehia bera zuten fedeaz argituac izaiteco. Dohain bat hain ederra, hain aberatsa, zagocaten fedea, non, bertze dohain guzientzat, biziarentzat berarentzat ere, esker guti baitzuten haren aldean. Demborac erran zuen, heien fedea zoin zen bizia, zoin zen borthitza, jazarri zitzaizcotenean burreboen tresna lazgarriac. Girichtino berri eta kharsu heien erditic izkiribatzen zuen Franzizcoc Aita Iñaziori:

«Jaincoaren eta Elizaren haur bilhacatzen direnac, hastean ehunca khondatzen nituen, eta orai milaca. Lanez lehertua naiz; ene gorphutza izerdi uharretan da, eta ene bihotza atsegin uharretan.»

Franzizcoc, Jesuista Hescualdun bat bazuen berekin, Fernandez deitzen zena. Egun batez, Fernandez jende oste bati mintzo delaric, giza tchar bat hurbiltzen zaio, eta begitharterat thu egiten dio. Fernandezec hartzen du mocanesa, chukhatzen du begithartea, eta aitzina minzatzen da, giza tcharrari beltzuri bat ere egin gabe.

Fernandezen berthutea handizki miretsi zuten paganoec, aitoron seme batec bereziki, zoina berheala girichtino bilhacatu baitzen, eta geroago Jesusen compainian sarthu.

Dembora hartan, letra bat jin zitzaion Zabieri, othoi Goarat itzul dadin, asco gauzen chuchentzeco bazutela han haren beharra. Bere lan handiac utziric, Goarat juaiteco chedetan ethorria zen Figenerat, noiz eta Bungoco erregeac bere gortheco Jaun batekin mezutzen baitio, haren ikhusteco gutizia handitan dela, eta atsegin hori egin nahi balimbadio, Fucheoco palazioan iguricatuco duela. Zabierec ihardesten dio, atsegin hori biharamunean berean eginen diola. Figenen diren Portugesec ez dute Zabier bakharric juaiterat utzi nahi; hec ere harekin behar omen dute juan; ohore handitan behar omen dute lagundu; paganoer behar omen diote eracatsi, zer errespetua, zer amodioa, zor zaizcoten girichtinoen aphezer... Portugesen prestamuec ikharatzen dute Zabieren umiltasuna; bakharric nahi luke juan; bainan nahi badu eta ez badu, erdian hartzen dute Portugesec, eta bi lerrotan jarriric, guziac buru has, jaunzturaric aberatsenetan, urrhe eta zilharra dariotela, aireric ederrenaz joz, trionfan baderamate Fucheoco palaziorat. Fucheon sartzean:

«Horra! horra! diote mila botzec, horra aita Franzizco! Horra Indietaco aita handia!»

Carricac, atheac, leihoac, teilatuac, jendez betheac dire, guziac bozcalentzietan aita handiaren ikhusteaz.

Erregeren palaziorat ethorri denean, erregec hirur agur egiten diotza Franzizcori, Franzizcoc hirur agur erregeri. Gero erregec, escutic harturic, bere tronuan jarrarazten du, eta, gorthe guziaren aitzinean, egiazco Jaincoaz mintzarazten. Bazcariteco, bere aldean ezartzen du, eta haren solhasez choratua eraiten dio:

«Zeruan ere gero, elgarren ondoan behar dugu guc biec jarri, eternitate guzian gauza eder hautaz mintza giten.»

Palazioco athean berean hasten da populuari mintzatzen, eta populuac lehia eta bozcariorekin entzuten du haren hitza. Jenden ospetic pagano aphez bat atheratzen da, girichtinoen apheza behar duela gezurrean hatzeman. Haren galdeitza guzier hain garbiki, hain zuzenki, hain bitorioski ihardesten du Franzizcoc, non aphez paganoa mundu guziaren aitzinean Franzizcoren oinetarat erortzen baita, egiari aithor emanez, eta orai artean sinhetsi eta eracatsi dituen gezurrac deithoratuz.

Beren aphezaren aithormenaz argituac, bortz ehun paganoc berheala galdatzen dute bathaioa.

Bozcario handia apostoluarentzat! Hura arimen egarri bezain, arimac haren hitzaren egarri. Egun guziez Elizari sortzen zaizco populu berriac, beren ama berriarentzat ezagutzaz eta amodioz betheac. Zeruco aitaren landan handiac dire lanac, bainan lan handietaco sorthua da Zabier; gauac egun eginez, lan guzier ihardokitzen du berac, lan guziac garrhaitzen ditu berac.

Fucheoco hiriari deusec ere ez zezoken haimbertze atsecabe eman, nola Franzizco galdu behar zuelaco berriac. Goarat abian zela jakitearekin, girichtino berriac, errege buruan, milaca juan zitzaizcon, agian beren othoitzez eta nigarrez atchikico zutela. Aita handiac adiarazi zioten, Jaincoaren borondatea zela Goarat itzul zadin, bainan izpirituz eta bihotzez bethi heiekin egonen zela, eta arte laburric barnean igorrico ziotzatela compainiaco zombait aphez.

VI.

Franzizco sarthu zen untziac San Migel zuen izena, eta untzi capitainac Eduard de Gama.

Sei egunen buruan dembora khambiatzen da, itsasoa samurtzen, zerua belzten; egunac ez du iguzkiric, ez gaüac izarric. Tempestaren erdian, ilhumben erdian, aitzina badoha San Migel, emeki bada emeki, nekhez bada nekhez, noiz eta ere haize zirimola batec bidea hautsarazten baitio eta galarazten. Chalupa urean da hamabortz gizonekin, capitainaren iloba hamabortzgarren. Gau minean, uhin batec trencatzen diotza lokharriac, eta hosto bat bezala baderama untzitic urrun. Hamabortz gizonen deïhadarra entzutearekin, capitainac oïhu egiten du: Sokhorri!! sokhorri!! eta bera sokhorri beharretan, badoha bertzer sokhorri emaiterat. Betbetan itsas zolatic atheratzen da ur mendoï bat, botheretsu eta muthiri, eta orro ikharagarri batekin untziaren aldean lehertzen da. Untzia hordi bat bezala dabilalaric, ez erorico bai erorico, bertze uhin batec erraietan joiten du, eta erroz gora aurthikitzen. Mariñelec, nigar marrasketan, adio diote untziari, adio biziari.

«Ez lotsa, untzia!... Franzizco dakharrec!» Ordu artean ez da agertu Franzizco; orduan agertzen da eta othoitz hau egiten du:

«Jesus, gizonen salbatzailea! Jesus, ene arimaren amodioa! Zure zauri adoragarrien izenean, hel zakizkigu!»

Untzia orducotz urpe egina, goïti heldu da, bera eta bere gizon guziac oso. Uhinac eztitzen dire, hedoïac barreatzen, zeru chaharra agertzen. Untziac badaki orai zer aurkhintzetan den, eta beldurric gabe badohake bere bidean.

«Zer egin othe da chalupa?» dio noizpait capitainac.

Mariñelac khorder gora igaiten dire, behatzen dute, deus ez da nihon ageri.

Triste da capitaina, iloba galduric; triste jende guzia, batzuec beren jendeac, bertzec beren adichkideac galduric.

Franzizco hurbiltzen zaio capitainari, eta erraiten dio: «Ez nigarric egin, Eduard maitea, ethorrico da chalupa.»

«Oh! ene Aita! akhabo da, akhabo! haren ethortzea miraculu liteke!» Othoitzean hasten da Franzizco. Bi orenen buruan capitainari erraiten dio.

«Ageri da deus, Eduard maitea?»

«Ez, ene Aita, ez da deus ageri.»

Othoitzerat itzultzen da. Arratsalde aphalean capitainari erraiten dio: «Ageri da deus, Eduard maitea?»

Khorder gora igaiten da capitaina; behatzen du, luzaz behatzen du, begiac akhitu artean behatzen du, eta, etsitu duenean, jausten da, diolaric:

«Ene Aita, ez da deus ageri, gainean zerua baizic, beherean itsasoa baizic.»

Arrats irian capitainari erraiten dio:

«Hea bada, ez denez deus ageri?»

Capitaina igaiten da berriz ere, ez zerbaiten ikhusteco esperantzan, ezic esperantza guzia galdua du, bainan Franzizcori atsegin egitea gatic. Capitainarekin batean igaiten dire mariñelac; untziaren cachco cachcorat igaiten dire; nihon ez dute deus ikhusten ura baizic, eta bethi ura.

Etsituric jautsi direnean, haurtto batec oïhu egiten du:

«Chalupa!!... Chalupa!!...

Chalupacoec eta untzicoec elgar besarcatzen dute, nigarrez daude elgarren besoetan. Betan mintzo dire guziac, batzu bertzeac baino gorago; ezin erranezkoa da heien bozcarioa...

Orduan capitainac erraiten diote:

«Utzazue ene iloba bakharric mintza dadin; eta zuc, ene iloba, erraguzu nola athera zareten biziric.»

«Nola athera garen, oseba Jauna? Bainan ez dugu den gutieneco hirriscuric ukhan. Gurekin ginuen Zabier, eta untzirat harc ekharri gaitu.»

«Aiei!! Aiei!! dio capitainac oïhu samin batekin; ene iloba burutic aldaratu da, tempestac burua jo dio.»

«Zer diozu, ene oseba? Zerentzat diozu burutic juan naizela?»

«Bainan, ene iloba maitea, Zabier ez zen chalupan, untzian zen, gurekin zen.»

«Gurekin zen! gurekin zen! diote botz batez chalupan zirenec, hari zor diogu bizia! hari zor dugu zuen hatzemaitea!»

Untzian diren guziec juramentu egiten dute Zabier heïekin zela, eta Zabierec salbatu dituela; chalupan ziren guziec ere juramentu egiten dute Zabier heïekin zela, eta Zabierec salbatu dituela. Beren ezagutzan, guziec goresten dute Jainco guziz botheretsua eta guziz urricalmendutsua, zoïnac nahi izan baitu Zabier dembora berean aurkhi zadin chalupan eta untzian, batean eta bertzean zirenen salbatzeco.

Arte hortan othoitzean zagon Zabier, gambara gorde batean. Agertu zenean, oïnetarat erori zitzaizcon guziac, eskerric handienac bihurtzen ziotzatela. Zabierec erran zioten: «Eskerrac ez eni, bainan Jaincoari, zoina baita bakharric ongi guzien egilea.»

VII.

Goaco makhurrac chuchentzen ditu Zabierec.

Compainiaco aiten eta anaïen erdian horra Zabier, aita bat bere haurren erdian bezala, gorphutza hautsia, arphegiac sarthuac, eta berrogoi eta bortz urthetan ilea churi churia egina. Ez othe luke lana utz ordu? Palabar herriec, Trabancorreco erresumac, Comorinec, Moreco isla handiac, Molukeco islec, Japoneco erresumec entzun dute haren botza. Mendiac eta zelhaiac, itsasoac eta oihanac, hiriac eta bortuac, jendeac eta ihiziac, zerua eta lurra, heziac atchiki ditu bere miraculuez, espantituac bere lan gaitzez. Ez othe da engoitik lanez ase? Nahiz hescualduna den, haren zangoac ez othe dire engoitic akhitu?

Zabierec ez du seculan lan eginari behatzen, bethi lan egitecoari; seculan gibelerat, bethi aitzinerat.

Erresuma bat badacusa ehun miliun pagano dituena, Chinaco erresuma. China guzia nahi luke khurutzearen oïnetarat ekharri. Ez dezagun uste izan orduan ere sasiatua litekela gure apostoluaren khalda; gure apostoluac mundua bezain zabal du bihotza. Haren ametsa da, China combertitu ondoan, Tartarian barna, Ziberiaco elhurretan barna, Rusian barna, Alemanian barna, guzietan Jaincoaren hitza predicatuz, Pariserat ethortzea, eta Parisen lagun berriac eginic, munduz mundu arimen ondotic berriz abiatzea.

Aphirilaren hamabortzean, 1552an egin zituen adioac Goatarrer, eta hazilaren lehentsuan jautsi zen Zanzianerat. Isla bat da Zanziane, Chinatic hurbil. Oh! Franzizcoren bozcarioa Chinaco hegiac ikhustean! Bere ustez escuan dagoca jadanic China guzia. Iduritzen zaio China guzian Jaincoa ikhusten duela ezagutua, maithatua, goraiphatua; iduritzen zaio mila populu ikhusten dituela, debruaren gatheac hautsiric, Elizaren haur bilhacatzen; iduritzen zaio heien nombreaz eta berthutez Elizaren bihotza ikhusten duela boztua, Elizaren khorona edertua.

Graziaren orenac ez bide zuen Chinarentzat oraino jo.

Zabieri sukhar borthitz bat lotzen zaio, hiltzeco sukharra; iphar haize batez hormatua, sukharraz errea, oinhazez josia, eztitasun guzietaz gabetua, hamahirur egun iragaiten ditu itsas bazterrean, etchola tchar batean. Lurra eta lurreco amentsac utziric, gogo guzia zerurat itzultzen du. Ez da baratzen erraitetic:

«Jesus, Dabiten semea, urrical nakizu.»

Edo: «O Trinitate guziz saindua!»

Edo: «Zeruco Erregina, orrhoit zaite ene ama zarela!»

Abenduaren bian, ortzirale egun batez, begiac nigarrez betheac, eta bere khurutzeficaren alderat amodiorekin itzuliac, hitz haüc erraiten ditu:

«Zuri nago Jauna! zuri behaturic ez baitzait urrikituco.» Eta dembora berean atsegin gozoenac bethetzen dio bihotza, izarra bezala argitzen du haren begitharteac, eta azken hatsa eztiki emaiten du. Berrogoi eta sei urthe zituen oraino.

Bizia khentzean ez zion Jaincoac khendu gizonen laguntzeco indarra. Guziec badakite, Nafarroan bereziki, zoin den botheretsua San Franzizco Zabieren arartecotasuna.

Zabiereco jauregian bada zurezco khurutzefica bat, Franzizco hil zen urthean ortzirale guziez odola ekhartzen zuena, Franzizcoren atsecabeac salbatzailearen atsecabe izan balire bezala. Ikhusgarri horrec, dembora hartan, ukhan zuen hambat lekhuco, eta bereziki Iruñeco Jaun Aphezpicua eta Iruñeco buruzagi Jaunac, zoinec beren lekhucotasuna izkiribuz utzi baitarocute.

Haurrean, anhitz atchikia zen Franzizco khurutzefica hari; amac ere atchikitzen zion anhitz; lakhet zuen haren oinetan egoitea, hari bere semeaz mintzatzea; haren oinetaric bethi azcarrago jeikitzen zen, beretzat eta semearentzat grazia berriac ardietsiric.

Khurutzefica hura, berinez hetsia dagocate, ohico tokian, capera chaharrean. Orduco odolaren nigarrac ikhus ditzazkezu egun ere, khurutzeficari aldarearen gainetic behatuz.

VIII.

Jesusen compainia egun guziez azcartuz eta emendatuz zohan. Egun guziez norc edo norc, eta maiz Aitoren seme batec hela egiten zuen comentuco athean. Haraz geroz, escu onetan ziren, Iñaziori aditzen baitzitzaion gizonetan. Gizon batec zer naturaleza zakharren, eta naturaleza hari nola behar zen jokhatu, behatze batez ikhusia zuen. Horra zergatic, buruzagi zuhurrari dagocon bezala, batzuen alderat idor zen, bertzen alderat ezti; batzuen alderat garratz, bertzen alderat urricalmendutsu; batzuer mehatchua, bertzer balacua; batzuer larderia, bertzer lausengua. Guzier plegu berri bat emaiten zioten, guziac berthutezco bidean sarrarazten zituen, eta emeki emeki saindutasunic gorenerat helarazten. Ez mihi gachtocoric, ez buru gachtocoric, ez zuen comentuan ikhusi nahi; caritatezco eta sentimenduzco lege hori garratzegi khausitzen zutenac, comentutic campo ezartzen zituen, nongo nahico seme izan ziten. Gehiago prezatzen zuen obedientzia umiltasuna baino ere: Hobendun batec belhaunico galdatzen bazion barkhamendu, eta Iñazioc chuti zadin erran eta, ez bazen berheala chutitzen, han uzten zuen bere belhaunen gainean, eta handic bazohan, ziolaric:

«Zer du balio umiltasunac, ez balimbada obedientziaren araberacoa?»

Egun batez, Jaun handi batekin solhasean zagolaric, comentuco anaia bat ethorri zitzaion mezu batez. Buruaz kheinu egin zion Iñazioc cadera bat har zezan, bainan bere buruzagiari eta Jaun arrotzari errespetua gal beldurrez, ez zen jarri. Iñazioc manatu zion orduan cadera hura buruaren gainera ezar zezan, eta buruaren gainean atchic zezan, Jaun arrotza handic juan artio.

Anaia erientzat neurri gabecoa zen haren amultsutasuna. Ez chollki bazohan heien ikhusterat, heien arthatzerat, bainan ezin zagokelacotz bethi heiekin, heien berriac egun guziez jakiten zituen, cheheki eta egunean ardura. Eritasun funtsezcoric zenean, begia bazagocan erizainen gainean, eta heien hutsic chumeenac borthizki larderiatzen eta gaztigatzen zituen.

Bi gizon gazte, comenturat ethorri bezain sarri, eritasunac hartu zituen. Erizaina Aita Iñaziori juan zitzaion, eriteia iadanic bethea zela, eta eri berriec hirico ospitalerat juan beharco zutela.

«Ez, ez, ihardetsi zion Aita Iñazioc; ez dut nahi nihorat juan diten. Jaincoarentzat mundua utzi dutenec, ez othe dute bada, gure etchian, atherbe bat khausituco? Bethea balimbada eriteia, har ditzatela gure gambarac.»

Bertze behin, aita eri bati manatua izan zitzaion erremedio bat kharioa, eta comentua azken sosetan zen.

«Khario bada, khario, dio Aita Iñazioc, erremedioac behar du ekharri; guc gosea ikhusico badugu ere, ez dut nahi gure eriac deuseren escasian egon diten.»

Gogoetatuac ikhusten zituenean bere eri maiteac, arhintzeco khantu eder bat adiarazico zioten. Gogoeta hitsen contra sinheste handia zuen khantu ederretan.

Gauherditan sar athera bat egiten zuen eriteian, gauzac chuchen othe ziren. Eri batec lothura bat makhurtu zukeelaco arrangura bera, aski zuen ohetic jeikitzeco.

Bere haurrac bezala maite zituen compainiaco membro guziac, eta guziac hari zagotzin beren aitari bezala. Haren manuac, haren erranac, haren nahicundeac berac, sacratuac ziren heientzat. Zombaten bihotzac ez zituen hitz batez argitu eta sosegatu?

Egun batez, Laurentz Maggi juaiten zaio ezin dagokeela gehiago comentuan, garratzegi zaiola comentuco bizia:

«Ontsa da, ihardesten dio Iñazioc; choilki, gauza bat nahi nuke hitzeman dezadazun.»

«Bai, ene Aita, guziac hitzemanen darozkitzut, salbu comentuan egoitea.»

«Laurentz maitea, ez darozut hori galdatzen; galdatzen darozudana hau da: Gaur, lehembizico loaren ondotic, zure ohean jarrico zare, agonian bazine bezala, arrasta eternalaren entzuterat bazinoatzi bezala. Gero phentsaketa hau eginen duzu: Hartan banintz, nola nahi nuke bizia iraganic, Jaincoaren zerbitzuan, ala munduaren zerbitzuan? Galdeitza horri ihardetsi dukezun ondoan, atheraco zare comentutic.»

Biharamunean, Iñazioc Laurentz ikhustearekin:

«Laurentz maitea, uzten gaituzu beraz?»

«Ene Aita, ene Aita, ihardesten dio Laurentzec, zurekin ez banintz, othoitz zindezaket zure ganat har nezazun. Jaincoaren deia nihoiz ere ez dut, gau huntan bezain samin, nabaditu.»

Eta Laurentz nigarrez dago aita Iñazioren oinetan, barkha dezon othoi iragan lazotasuna, onhets ditzan othoi haren urrikia eta chede sainduac.

Comentu guziaren jakinean egin zuen miraculu batec, ez zuen gutitu, haren baithan zuten sinhestea.

Anaia Batichta, comentuco cozinerra, gizon laño bat zen, fede oneco gizon bat. Sukhaldeco suia ifernucoaz mintzo zitzaion, eta orduan herra saindu bat hartzen zuen bekhatuarentzat; orduan ere gogorat heldu zitzaizcon gaztetasuneco bekhatuac, eta heien borratzeco nahi zituzken mila heriotze pairatu. Bekhatuen orhoitzapen biziegiac burua jo zion azkenean. Penitentzia salbagarri bat egin ustez, suian sarthu zuen escua, eta erretzerat utzi. Etche guzia hartu zuen erre usainac, eta aita ministroa lasterca sukhalderat jautsarazi. Orducotz, anaia Batichta, egin zuen lanaz urrikitan, belhaunico zagon, barkhamendu eske. Aita ministroac gauza zen bezala salhatu zion Aita Iñaziori, ziolaric burutic juan zela anaia Batichta, eta comentua behar zitzaiola berheala hutsarazi. Gauza bera zioten bertze aitec ere. Aita Iñaziori bertzela iduritu zitzaion eta erran zioten: «Gaztigu baino urricalmendu gehiago merezi du anaia Batichtac. Haurkeria bat egin du, egia da; bainan ez dut uste huts handi bat egin duen.»

Eta othoitzean jarri zen. Gau guzia ez zen othoitzetic baratu, Jaincoari galdez senda zezon, othoi, anaia Batichta. Arte hartan, lo zurrungan zagon anaia Batichta, eta biharamunean jeiki zen sendatua arras, egundaino erreduraric ukhan ez balu bezala.

IX.

Etcheco lanez bertzalde, campoan ere lan handiac zabiltzan gure sainduac. Judu anhitz bazen Erruman. Gure sainduac argituric, anhitzec egia besarcatu zuten, eta bertze anhitzec aithortu zioten ahaiden beldurrez zaudela girichtino bilhacatzeco. Bere etche-cantoin bat eman zioten ihes-lekhutzat, eta heien hazteco eta bizitzeco, carricaz carrica, athez athe, ibili zen eske. Bainan judu combertituen nombrea emendatuz zohan, eta etche-cantoina ez zohan handituz. Obra handi eta maite hori ez nahiz hasia utzi, Errumaco iaunic aberatsenac obra hortan barne sarthu zituen; jo zuen eta ideki heien bihotzetaco athea; hec eman diruaz ihes lekhu bat handia erosi zuen, eta ihes lekhuaren ethorkizuna arrandez segurtatu.

Bertze etche bat altchatu zuen Iñazioc, jaberic ez zuten haurrentzat. Etche hura bizi da oraino, bai eta etche hartan Iñazioren orhoitzapena. Urthe guziez, San Iñazioren bestetan, etche hartaco haurrac dire Errumaco aita Jesuiten beretter.

Bethi alhan zen gure sainduaren izpiritua. Beren bizi beharrarekin, anhitz nechcato gazte ikhusten zituen makhur hartzen. Heier ideki zioten Santa Catalinaco comentua. Berthutea eta lana han ikhasten dituzte nechcato gaztec, eta ez dire handic atheratzen edo ezcontzeco, edo serora juaiteco baizic, gogoa nola duten.

Iñazioc obra on bati zimendua eman zionean, buruzagitzat hautatzen ohi zion, obraren ethorkizunaz ihardets zezaken norbait; cardinale bat, edo cargudun handi bat, edo jaun aberats bat.

Nechcato gaztentzat egin duena nahi luke orai emazteki galduentzat egin; heier ere nahi liokete leihor bat ideki. Chede horrec laudamen guti ukhaiten du Iñazioren adichkidetaric; ezin obratuzkoa dagocate. Ez da hargatic lotsatzen Iñazio. Badaki Jaincoarentzat ari dela, badaki Jaincoa goizchago edo berentchago helduco zaiola.

Andre Español batec, doña Leonorac, hitzemaiten dio emazteki hetaric zombait hartuco diotzola bere jauregian. Hitz horren gainean abiatzen da Iñazio salbatu nahi dituen arimen ondotic. Entzuna da haren botza; emazteki hec beren lokharriac hautsiric, carricaz carrica Iñaziori jarraikitzen zaizco, doña Leonoraren etcheraino.

Nahiz bertze lanic baduen, eta nahiz oinhazez josia den, aste guziez itzuli bat edo bertze egiten du ardi errebelatu heien ondotic. Egun batez norbaitec erraiten dio:

«Ez da zuretzat hambat gisa emazteki horien artean ager ziten. Bertzalde, horietaz hartzen duzun artha, alferretan hartzen duzu; iraupenic ez dute horien chede onec; urrhats ohia nekhez uzten dute holaco kreaturec.»

Sainduac ihardesten dio:

«Bakhotcha beiratzen ahal badut bekhatu mortal bakhar batetaric, ez dagozcat galduac, ez ene nekheac, ez ene dembora.»

Doña Leonoraren etchean zokho guziac bethe dire: ez da gehiago bat bakharraren lekhuric. Oraintche da Probidentziaren orena. Sosic ez du Iñazioc, bainan esperantza badu. Jaincoari sokhorri galdez dagoelaric, aita Codaze berri on batekin heldu zaio; comentuco langilen aitzurrac obra zahar bat jo du, harriric ederrenez egina.

«Jaincoac eskerrac dituela! dio Iñazioc: berheala salazu ehun luisen harria.»

Ehun luisena saltzen du aita Codazec.

Diru hori escuan badoha Iñazio emazteki galduen obran sinhesteric ez zuten Jaun batzuetarat, eta erraiten diote:

«Obra horri lotzeco guziac uzcur izan zarete; ni lotzen naiz, nic ekhartzen dut lehen harria: zuer dago, jaunac, bigarrenaren ekhartzea.»

Uzcurrenac berotzen dire; alde guzietaric dirua heldu zaio; Santa Marthaco comentu zaharra erosten du; hango gakhoac andre saindu batzuer uzten ditu, eta Otsailaren hamaseian, 1542an han sartzen dire emazteki urrikituac, cardinale bat buruzagi eta ararteco.

Obra horri asco traba egin zion izpiritu gaichtoac. Hirico gizonic tzarrenac comentuco atheac hautsi nahiz ibili ziren, eta atheac ezin hautsiz, harrica chehatu zituzten berinac. Gizon hetaric bat urrunago juan zen. Fama athera zuen Aita Iñazio eta haren lagunac heretico gorde batzu zirela, Parisetic ethorriac, fedearen tribunalac izituric.

Hoimbertze bidegin zuen gezurrac, non Iñaziori zuhur iduritu baitzitzaion gezurtiaren ichilaraztea, jujen aitzinerat deithuz. Jujen aitzinean, saindutzat ezagutua izan zen Jesusen compainia, eta gezurtia bere gaztiguaren ukhaiterat zohan, ez balu Iñazioc, bera ararteco jarriric jujen escuetaric athera. Ezagutzaz bethea, gizon hura Iñazioren adichkide min bilhacatu zen, eta compainiaren ongi egile handi.

X.

Gure sainduari ardura entzuten zioten, borondateari behar litekela ukho egin; gorphutzic ez balitz bezala behar litekela gorphutzean bizi: izpirituz eta bihotzez Jaincoari behar litekela josia egon. Ardura mihian zuen, ez litekela deusez khechatu behar, bekhatuaz baizic; gainerateco makhur guzien chuchentzea Jaincoari behar litekela utzi. Bertzer erraitea eta berac egitea, gauza bera ziren gure sainduarentzat; deusec ere ez zezoken khechamendu bat eman. Dugun ikhus:

Lephoan bazituen handitchu batzu, lothuric zabiltzanac. Lotzaileac egun batez, lana ontsa baino hobeki egitea gatic, lothura josiric ezartzen dio beharriaren ondoan. Lana egintche duenean, Aita Iñazioc botz ezti batekin erraiten dio:

«Anaia Juanes, beha zazu ez othe darotazun beharria josi?»

Behatzen du eta beharria josia hatzemaiten. Haimbertze orratz sistetan atch bat ez zuen egin gure sainduac.

Gure saindua hirico etche batetarat deitzen dute. Han dagoelaric jaun batzuekin, egiteco izpiritualez mintzo, hats bahituric heldu da comentuco muthil bat, Aita Iñazio berheala nahi lukela ikhusi, berheala nahi liozkela bi hitz erran. Sarrarazten dute.

Bere mezua egin duenean, Aita Iñazioc erraiten dio:

«Ontsa da, bazohazke.»

Eta muthila badoha, eta Aita Iñazio hasi solhasari lotzen da. Akhabatu duenean, jaunetaric batec erraiten dio:

«Ene aita, comentuco anaia hura ontsa khechu zabilan; zerbait berri tchar othe zuen?»

«Batere, batere, dio gure Sainduac; zor bat da, comentuac tenorean pagatu ez duena, eta orai, hartzedunac dabiltza hor, comentuco phusken ondotic. Oheac eremaiten badituzte, taularen gainean etzanen gare. Othoiztu ditut liburuac utz ditzauzkuten; bainan hec ere eremaiten badituzte, Jainco onac lagunt gaitzala, hec eta gu.»

Biharamunean, Aztali, Errumaco jaun gazte batec, moltsa bat urrhe igortzen zion, aski eta sobera bere zorretaric atheratzeco.

Ardura beharretan zen comentua; ezic, comenthuan sarthu nahi zuten guziac hartzen zituen Iñazioc, nondic eta nola hazico zituen batere buruari eman gabe. Hau zion bethi:

«Gauza handien egiteco, ez da aski buruz eta besoz azcar izatea, Jaincoa behar da alde ukhan. Jaincoari buruz dagonac, egiten du anhitz gauzer buruz.»

Eguberri egun batez, sukhalderat jausten da, eta cozinerrari erraiten dio:

«Egun gero, escolierer behar diozute bazcari on bat eman.»

«Bazcari on bat!!! dio cozinerac, ez dugu eta ogiric ere; okhinaren ganic ezin ukhan dezakegu, ez dela bethi urriric emaiten arico.»

«Ez badezakezu okhinaren ganic ukhan, Jaincoaren ganic ukhanen duzu. Zoazi mercaturat; handic ekharrazu bildots eta gauza, eta zor hori bego Jaincoaren gain.»

Biharamunean, bortz ehun luis hunki zituen, Aita Sainduac igorriric.

Etche berri baten egiten ari zen, hiritic campo, toki eder eta ideki batean, compainiaco membro zaharrec eta flacoec aire ona han har zezaten. Aita batec erraiten dio: «Zerentzat lothu zare lan berri horri? Zerentzat ez duzu zure dirua behar ordu handiago batentzat atchiki?»

Iñazioc ihardesten dio:

«Diru guziac baino maiteago dut zuetaric edo zoinen osagarria.»

Egun batez, ez zen comentuan, ez ogiric, ez arnoric, ez diruric, ez egurric. Egun hartan, orga bat egurrekin heldu da norbait, comentuco atherat. Athezainac athea idekitzen du, eta orgac hustu eta, athea berriz gakhotzen. Gibelerat itzultzean, zer ikhusten du? Escaratz guzia sacu ogiz eta barrica arnoz ihaurria. Ogi hec, arno hec, nondic sarthu ziren? Norc igorri zituen? Segeretua, balimbazakien ere, beretzat atchiki zuen gure sainduac.

Bertze egun batez, Aita Polanco heldu zaio erraiterat, langile batzu pagatzeco dagozcala, diruric ez ukhanez. «Zaude aphur bat, ihardesten dio sainduac, Jesu-Christori mintza nakion.» Eta gambaraco athea hetsiric, othoitz bat egiten du. Othoitza akhabatu duenean, ekharrarazten ditu Aita Laïnez, Christofo de Madrid eta Aita Polanco, eta begitharte arrai batekin erraiten diote: «Ez naizen arren, ez profeta, ez profeta seme, hitz darotzuet norbait urricalduco zaicula.»

Haimbertzenarekin, bi moltsa diru heldu zaizco, bi Jaun aberatsen emaitzac.

Ondoco egunetan ere nombaitic heldu zitzaioten beharraren araberaco sokhorria.

Aita Polancoc ez zuen beraz ustegabean erraiten:

«Iñazioren hitza, urrhea da.»

XI.

Bi Aita Jesuista Mazeratan aurkhitzen ziren, ihautirico azken egunetan, 1555an. Jakiten dute muthico gazte batzuec egun hetan plaza bethean josteta tzar bat egin gogo dutela. Heier hitz baten erraitea, alfer liteke. Elizatic oihu egiten dute beraz, Sacramendu Saindua egun hetan agertua atchikico dutela, eta populua othoizten dute, lehiarekin ethor dadin Sacramendu Sainduaren adoratzerat. Jendez bethetzen da eliza. Aita Jesuistec predicatzen dute, anhitzen bihotzac hunkitzen eta khambiatzen dituzte, eta egin dutenaren berri igortzen diote Aita Iñaziori.

Berri hori jakitean, bozcarioz nigar egiten du Aita Iñazioc, ikhusi baitu obra horren gibelondo salbagarria; compainiaco etche guzier berheala manatzen diote, ihautirico azken hirur egunetan, Sacramendu Saindua ageriric atchic dezaten, eta egun hetaco laidoen erreparazionetan, amultsuki gorthe egin dezoten.

Gauza beraz gerochago aiphatzen diote Aita Sainduari eta Cardinaler; heien laudamena ardiesten du, eta berrogoi orenetaco othoitzec Eliza guzian hartzen dute.

Zombat holaco obra sainduer ez du hastapena eman San Iñazioc? Haur ohacoac galduen, ume churchen eta judu combertituen biziteiac, emazteki galduen iheslekuac, entraeleco nechcatoen gidamendua, seminarioac, escol-etche Errumanoa, escol-etche Alemana, San Iñazioren burutaric dire. Beha dezagun gero hirur mende huntan, Aita Jesuistec egin dituzten indarrer, eta ikhusico dugu elizac eta munduac zombat dioten zor Iñazio Loiolacoari.

Iñaziori ttipituz zitzohazcon indarrac. Hurbildua zacusan hiltzeco orena, eta oren dohatsu hura gutizia saindu batekin iguricatzen zuen.

Aita bat edo anaia bat entzuten zuenean geroco gauzez mintzatzen, erraiten zion:

«Zure zerurat juaiteco orenac oren guziez jo dezake; nola beraz, bihotz min bat gabe, aipha dezakezu geroco gauzez?»

Halere, gogotic zagon bere desterruaren luzatzerat, Jaincoarentzat zerbaiten egitecotan.

Galdeitza hau egin zion behin Aita Lainezi:

«Zer zinduke nahiago? Berheala zerurat juan, ala, Jaincoarentzat lanean ariz, arimaren galtzeco hirriscuan bizi?»

«Oh! nic berheala zerurat juan! Segurretic, Aita Iñazio, segurretic!»

«Eta nic, ihardetsi zion gure sainduac, bertzela egin nezake. Orai zerurat juaiten ahal, eta balimbanaki hemen egonez Jaincoarentzat zerbait egin nezakela, Jaincoa othoitz nezake, ene arimaren hirriscuan, hemen utz nezan, eta guzien buruan ez dut uste, Jainco bat hain onarekin, hain hitzecoarekin, hain aberatsarekin, galtzeric banuken.»

Hiltzea gogoan zuen bethi, mihian ardura. Bere laguner erraiten ohi zioten:

«Hil baino lehen hirur gauza nahi nituen ikhusi: Compainia Elizaco ordre bezala ezagutua, Etserzizio Izpiritualac Aita sainduaz hautetsiac, eta Compainia bere urrhatsari jarria. Hiruac ikhusiric hilen naiz.»

Bere flakeziaren gainerat, sukhar malet bat jin zitzaion, eta ohean jarri zen.

Eri izana gatic, bere egiteco guzier bazagocan buru. Bethi bertzez zen orrhoit, bethi bertzez mintzo, bethi bertzez arrangura, eriez bereziki. Bere burua, bazenez ere, ez zuen aiphatzen; hortaracotz, ez zen nihor ohartu, zen bezain, eri zela.

Ortzegun batez, Uztailaren hogoi eta hamarrean, comunione kharsu baten ondotic, aita Polanco ekharrarazten du eta erraiten dio:

«Arras ttipi naiz; Aita Sainduari noiz nahi erraiten ahal diozu nola naizen, eta bere benedizione saindua othoi igor dezadan. Erranen ere diozu, lurrean bezala, othoitz eginen dudala harrentzat zeruan ere, Jainco guziz onac enetzat balimbadagoca zerua.»

«Ene Aita, ihardesten dio Aita Polancoc, ez dut uste oraino hain ttipi zaren; medicuec diotenaz, flakezia hori garrhaituco duzu oraino.»

«Aita Polanco, ttipi naiz arras, hatsa baizic ez dut.»

«Zure mezua eginen dut beraz, Aita Iñazio; bainan lanez ithoa bainaiz egun, ez othe dezaket mezu hori biharrerat utz?»

«Zuri nola zaizun, Aita Polanco; ni zuri nago.»

Hitz ederra, eracusten darocuna zoin zen umila Loiola handia, bere borondateaz zoin biluzia, bertzen erranerat zoin ichuria.

Aita Polanco biharamun artio gelditu zen, Aita Sainduaren ganat juaiteco. Medicua hatic orduan berean ekharrarazi zuen; eta galdatu zion zertan khausitzen zuen eria.

Medicuac ihardetsi zion: «Eria hala halatsu da; bihar ethorrico naiz berriz, eta gaitzagoric khausitzen badiot, erranen dautzut.»

Arratsean, Aita de Madrid eta Aita Polanco eriaren ikhusterat badohatzi. Uste baino hobeki khausitzen dute, burua oso, izpiritua chuchen eta erne. Egiteco premiatsu batzuez mintzatzen zaizco. Heien arrazoinac entzuten ditu, phizatzen ditu, eta osasunean bezambat zuhurtziarekin ihardesten diote. Gambaratic atheratzen dire sartzean baino alegerago, elgarrekin ihardokiz behingo gizon badela oraino Aita Iñazio. Aita Iñazioc eder begia zuen.

Biharamun goizean, Aita hec berac sartzen dire eriaren gambaran. Agonian da... ez du nihor deitu... erizain bat gabe iragan du gaua, bakhar bakharra! «Zuri nago» erran zion bezperan Aita Polancori.

Aita Polancoc laster egiten du Aita Sainduaren ganat. Aita de Madrilec, ustez aldichardura bat duen, salda hurrupa bat escaintzen dio:

«Ez dut orai beharrik, erraiten dio eriac, ezti eztia.»

Aita Sainduac, antsia bihotzean, nigarra begian, igortzen dio bere benedizione saindua. Benedizione hortaz borthiztua, Iñazio Loiolacoac escuac khurutzatzen ditu, bere behatze ederra zerurat altchatzen du, Jesusen izen Saindua aiphatzen du, eta haren arima, gorphutza utziric, zerurat hegaldatzen da. Uztailaren 31a zen 1556an, Aita Sainduac Etzerzizio Izpiritualac onhetsi zituen urthe buruan.

Iñazioren hil berri jakitean, nigar egin zuen Errumac, Aingeru begirale bat galdu zuela; nigar Jesusen Compainiac, aita galdu zuela; nigar Hescual-herriac, bere liliric maitena eta ederrena galdu zuela.

Bainan Loiola galtzearekin lurrean, zer arartecoa ez dugu irabazi zeruan?

 

 

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

Atzera