Lenengo Irakurgaia

1. Mesiasen eskeñera


 

Jaungoikoak asieran zeru-lurrak gizonaren serbitzorako egin zituen; eta gizona Jainkoaren serbitzorako; baña gizona bere Egillearen kontra bereala jaiki zan, eta ordutik Zeruari aserrerazo zion eta zerekin pakeak egin etzuela arkitu zan. Jainkoa errukitu zan, eta Bitartekotzat bere Semea eskeñi zion, eta onen bitartez jarri zan barkazioa iristeko bidean. Jainkoak, gero ere, mesede andiak egiten ziozkan; baña onek guziak aztu, eta bere gaiztakeriakin Jainkoa beartzen zuen kastigu gogorrak bialtzera. Atzenerako gizonak ain gaiztotu ziran, non Jainkoa ipiñi zuten beretzat Erri bat aututzera. Erri au prestatu zuen eskeñitako Bitarteko andia bere odoletik eman zezan. Erakutsi ziozkan etorkizunak, zer egin eta nola bizi; eta eraman zuen Bitarteko andi onek gizonak erosi eta erremediatu bear zituen lekura. Erri autu au, ainbeste mirari eta gauza arrigarri ikusita gero, jartzen da errege arrotz baten mendean; eta izaera onek adierazten zuen lau milla urte aietan eskeñita zegoan, Patriarka Santuak itxedoten zioten eta Profetak erakusten zuten Mesias munduan agertzeko denbora.
 

2. Mesiasen berri-emalle Juan Bauptista


 

Egunak betetzer ziran Jainkoaren Semea gizon egiteko, munduari Erremediatzallea emateko eta arterañoko Profetaen berri onak egiztatzeko; baña Jainkoak aginduta zeukanez, aurretik izan bear zuen berri-emalle bat, bideak garbituko ziozkana eta gizonai aditzera emango ziena. Berri-emalle au zan Zakarias eta Isabelen seme Juan, zortzieun urtez lenago Isaias Profetak eremuan otsegiten duena, eta Malakias Profetak, Isaiasgandik irureun urtez geroago, Jaunaren Aingeru bere aurretik bidea prestatzera bialdua deitu ziotena.

Zakarias eta Isabel Aaronen jatorrikoak ziran; beragatik Zakarias apaiza zan, eta Jerusalengo Elizan bere txandak Jainkoaren serbitzoan egiten zituena. Guraso zorioneko oiek Judako basoetan Jainkoaren txit bildur andian bizi ziran, baña aurrik etzutelako atsekabearekin. Zakarias Jerusalenera jatsita, Elizan inzensua aldarean prestatzen ari zala, Aingeru San Gabriel aldarearen eskuiko aldean agertu zitzaion. Zakarias izutu zan, eta Aingeruak esan zion: Zakarias, ez ikaratu; bada zure erreguak adituak dira, eta emazte Isabelek emango dizu seme bat, Juan deituko diozuna. Atsegin artuko dezu, eta bere jaiotzan asko poztuko dira, zeren Jaunaren aurrean andia izango dan. Ez du ardorik, ez beste edari orditzekorik artuko, eta amaren sabeletik Espiritu Santuz betea izango da. Israelko seme asko Jaunagana ekarriko ditu. Oiek eta onelako beste berri asko adituta, Zakariasek Aingeruari esan zion: Zertatik berri oni igerriko diot? Ni zarra naiz, eta emaztea egunetan txit eldua da. Aingeruak orduan erantzun zion: Ni Gabriel Jainkoaren aurrean nagoana naiz, eta zuri berri on au ematera nator: zu mututurik geratuko zera, eta nik esan guzia bete bitartean ez dezu itzik izango, sinistu nai izan ez didazulako.

Jendea Zakariasen Eliz barruan inzensua ipintzeko lekutik ez irteteari luzetsita zegoan, eta irten zanean ikusi zuten mututua eta zer gertatu zitzaion, keñuz baizik ezin adierazo ziela. Zakarias etxera joanda, Isabel laster aurdun egin zan, eta zarzaroan onela jarri zala esaten uzkurtasun edo lotsa-antz bat zeukalako, bost illabete ezkutuan egin zituen.
 

3. Jainkoaren gizon-egitea


 

Bitartean Maria guziz santa, San Joakin eta Santa Anaren alaba parerik gabea, Israelko Birjiña, egunetik egunera zijoan ontasunean aurreratzen eta, lurreko batek dezakeneraño, Jainkoaren semea bere erraietan artzeko prestatzen. Eldu zanean mirari ez-ikusi au eta Jainkoaren eskuetatik irtendako lanik andiena egiteko egun, lau milla urte aietan mundua begira zegokiona, Jakoben ondorengo alaba bat, birjiñatasuna galdu gabe, ama egin eta Jainkoak, jainkotasuna utzi gabe, gizatasuna artu bear zuena, San Gabriel Aingerua Mariari joan zitzaion Nazaret zeritzan Galileako errira, non bizi zan San Joserekin ezkonduta. Bere otoitz edo orazio-lekuan bakarrean zegoala, Aingerua sartu zitzaion, eta diosal au egin zion: Agur, Maria, graziaz betea, Jauna zurekin da, andre guzien artean bedeinkatua

er, Isabelek sabelean zeukan aurra saltoka asi zan, eta amak pozez beterik otsegin zuen: Andre guzien artean bedeinkatua zera, eta zure sabeleko frutua bedeinkatua da. Nondik datorkit nere Jainkoaren amak ikusteko zorion au? Begira, bada, zer gertatu zadan. Zure diosala aditu orduko, erraietan daukadan aurra pozez saltoka asi zat.

Mariak orduan Jaunaren gloriarako esan zituen Magnificat deritzan kanzio eder aren itzak, esanaz: Nere animak Jauna altxatzen du, eta nere barruna Jainko nere Salbatzallearekin poztutzen da, zeren bere serbitzariaren txikitasuna ikusi duen; gaurtik aurrera, bada, adin guziak zorionekoa deituko naute, altsua dan, eta gizalditik gizaldira bere errukimentua bildur zaiozkanetan zabalduko duen guziz Santuak, nigan gauza andiak egin dituelako. Itz oiek esanda, isildu zan. Mariak Isabelen etxean iru illabete egin zituen, sabelean zer zeukan Zakariasi eta besteri esan gabe; baña Isabelek, Jainkoak ala adierazota, baziekien, beragatik bere ondoan luzaroago iduki nai izan zuen; Maria, ordea, Nazaretera itzuli zan.
 

5. San Juanen jaiotza


 

Andik laster Isabelek semea egin zuen: alderdi guzian barreatu zan; eta guziak jaiotza miragarri onekin poztu ziran. Zortzigarren egunean aur jaio-berria zirkunzidatzera aide eta adiskideak bildu ziran; eta despita sortu zan, zer izen emango zitzaion. Aide guziak, aitari bezala, Zakarias deitzea nai zuten; baña ama, Aingeruak esanik zeukalako, leiatzen zan Juan ipintzeko. Ezin erabakiz zeudela, aitari esan zioten keñuz bedere adierazo zezala zer izen ematea nai zuen. Oltxo bat artuta, ipiñi zuen: Izena Juan du; eta guziak arriturik geratu ziran. Ordutik itzegiten asi zan ainbeste illabetean mutututa egon zan Zakarias, eta esan zuen Benedictus deritzan kanzio ederra, zeñetan esan zituen Mesias eta onen berri-emalleari zegozkien geroko gauza asko.

Bereala ezagutu zuten Juan jaio-berria Jainkoak doaiez janzia zala, eta gurasoak ere txit kontu andia izan zuten aziera ona emateko. Urte asko baño lenago eremura joan, eta bizitza latz eta nekezkoarekin prestatu zan, Mesias ondoren zetorkionaren berriak munduari ematera irten bear zanerako.
 

6. Mariaren bizitza Nazareten


 

Maria guziz santa, Isabelgandik irten ezkero, bere erri Nazareten bizi zan bere senar Joserekin batean, lurrean al ditekean bizitzarik obena eta jainkozkoena egiñaz, sabelean zeraman semea noiz jaioko zitzaion begira. Baña ordua betetzerako, naigabe min bat izan zuen, eta Joseri ere zer pensatu andia eman zion. Illetan aurrera zijoan, eta San Josek ere, naitanaiez, igerri zion nola zegoan. Senarrak baziekien garbia edo birjiña zala, eta zekusanez, etzan. Emazteak etzion esan nai Jainkoak isillik egin ziozkan mirariak, eta Jaunaren eskuetan utzita zeukan langai au zegokionean adieraztea. Senarra, legez eta bidez, ezin bizi zitekean ezkontzako leialtasuna autsi zuelako emaztearekin, eta San Jose au egin bearrean arkitzen zan, emaztearen egoerari begiratu ezkero, Jainkoaren lana zala jakin gabez; baña denbora berean ezin zuen alako gauzarik bere emaztearen ontasunean sinistu. Zalantza edo duda onetan luzaro egonda, erabaki zuen isillik aldegitea, zergatik zijoan iñori esan gabe.
 

7. Aingeruak Mariaren izaera Joseri agertzen dio


 

Asmo oietan zebillela, Jainkoaren Aingeruak San Joseri ametsetan esan zion etzedilla ikaratu: emazteak sabelean zeukana, Espiritu Santuak egiña zala; eta jaiotzen zan semeari, Jesus deitutzeko. Esnatu zan, eta lengo kezka guziak utzi, eta jarri zan Jainkoari eskerrak ematen, emazte ain zorionekoaren jabe egin zuelako. Emazteari, lengo berezko ontasun eta doai ederraz gañera, berri paregabe au artu zuen ezkero, zein begi onakin begiratuko zion esatea, erraz ez da.
 

8. Jose eta Mariaren joanera Belenera


 

Anziña-anziñatik esana zan, munduaren Salbatzallea, ez Nazareten, ezpada Belen zeritzan Judako urian jaioko zala, eta Jainkoak gauzak zuzendu zituen, aurrez-esan au betetzeko eran. Erromako agintari Zesar Augustok agindu zuen bere mendeko guzien izenak, nori bere aurrekoak nondik zetozkion, erri artan artzeko: eta Zesar Augustoren mendekoa Nazaret izanik, eta San Jose eta Maria guziz santa Belengo jatorriak, beren anziñako asaba Dabiden aita Isai emen jaioa zalako, onara bearrean arkitu ziran. Juda eta Galileako etxe-jaun edo familiaetako buru guziak bidean zijoazen, nork bere lekuan izena uzteko. Senar-emazte zorioneko oiek ere, besteak bezala, Beleneronz abiatu ziran. Maria aurgiteko bete-betea zegoan; ala ere ogeita amar leguako bidea txit ondo egin zuten. Baña Belenera eldu ziranean, ostatu gabe arkitu ziran. Etxe guziak ordurako beteta zeudelako, iñon etzuten etxaleorrik topatu, eta atzenean estalpe batean gelditu ziran. Leku egokia zeru-lurren Jabea jaiotzeko! Baña gurutzean gizonagatik il nai izan zan Jainkoaren Semeak estalpe txar bat jaio-tokitzat aututzea, mirestekoa ez da.
 

9. Jesusen jaiotza


 

Munduaren asieratik lau milla urtera, eta Zesar Augustoren agintearen berrogeigarreneko abenduaren ogeita bostgarren egunean gauerdian Maria guziz santa estalpe onetan aurgiten jarri zan, eta munduari eman zion bederatzi illabete aietan bere errai garbietan zekarren Jainkoaren Semea. Emakume parerik gabeko onek etzuen besteak bezalako sumiñik eta oñazerik izan; beragatik aurtxoa eskuetan artu, zapitxoetan bildu eta seaskarik etzuelako ganbela batean ipiñi zuen. Berri pozgarri au laster barreatu zan. Belengo inguruan zebilzan artzai batzuei Aingerua agertu zitzaien, eta esan zien: Ez ikaratu; berri on batekin natorkizute. Jakizute, Dabiden urian munduaren Salbatzallea gaur jaio zatzutela. Ara nondik igerriko diozuten. Zapietan bilduta, ganbela batean aur bat arkituko dezute. Itz oiek esan orduko aingeru-samalda bat ingurutu zitzaien, eta guziak asi ziran esaten: Gloria Jaunari goietan, eta pakea gizon biotz onekoai lurrean. Gloria in excelsis Deo et in terra pax hominibus bonae voluntatis.

Artzaiak arri egin ziran, eta zerbait berera ziranean, elkarri esan zioten: Belenera goazen, eta eman zagun albista dakuskun. Korrika joan ziran, eta estalpe batean arkitu zituzten Maria guziz santa eta San Jose, aur jaio-berria ganbelan zutela. Belaunikatu ziran, Jainkotzat ezagutu zuten, eta zeramazkiten eskuerakutsi biotz onekoak emanik, ardietara itzuli ziran, eta aditu eta ikusi guzia bereala zabaldu zuten.
 

10. Jesusen Zirkunzisioa


 

Legeak agintzen zuen zortzigarren egunean semeak zirkunzidatzeko. Aur Jainko au agindu onen azpian etzegoan, kulpagabeko garbi-garbia zalako; baña odola isurtzen lenengo egunetatik asi nai izan zan. Zortzigarren egunean, bada, zirkunzidatu zuten, eta eman zioten Aingeruak amari erakutsitako izen Jesus, zeñak Salbatzallea esan nai du. Izen gozoa! Izen maitagarri, beti aoan erabilli bear gendukeana! Izen zoragarri, gure illuntasunak argitu, naigabeak poztu, nekeak arindu, negarrak leortu eta gaitzak sendatzen dituena!
 

11. Iru Erregeen adorazioa


 

Berri pozgarriak Belen inguruan ez ezen, urrutietan ere barreatu ziran. Eguzkiaren sort-aldeko iru erregeri izar eder batek adierazo zien Jesus jaio zala, eta izarrari zerraizkiola, Jerusalenera eldu ziran Zirkunzisiotik bost egunen buruan, eta galdetu zuten: Juduen Errege jaio-berria non da? Bere izarra sort-aldean ikusi degu, eta adoratzera gatoz. Herodes, Jerusalengo Errege egiten zuena, Erri guziarekin batean, albista onekin izutu zan, eta apaiz nagusi eta lege-jakintsuak bildurik, galdetu zien ea Kristo non jaio bear zan. Judako Belenen, erantzun zioten. Iru Erregeak bereala artuta, galdeak egin ziezten, izarra noiz agertu zitzaien jakiteko, eta esan zien Belenera joanda aurra billatu zezatela, eta gero argana itzultzeko; bada, berak ere adoratu nai zuela.

Iru Erregeak Herodesi agur eginda Jerusalendik irten ziranean, berriro agertu zitzaien urian sartutakoan ezkutatu zitzaien izar eder, lenago bidea erakutsi ziena. Oni bazerraizkion aurra zetzan estalpe gañean jarri zitzaien arteraño. Bereala igerri zioten, billa zebiltzana non zegoan. Estalpean sartu, eta arkitu zuten Zeruetako Errege Aurtxoa zapi txar batzuetan bilduta, ama gaxtea eta aita-usteko gizon eldu bat beste lagun gabe. Zetzan pobrezari begiratu gabe, Jaunak emandako argiarekin aurra Jainkotzat ezagutu zuten; auzpez jarri zitzaiozkan eta urrea, inzensua eta mirra eskeñi ziozkaten. Lan au egin zutenean, etxeronz abiatu ziran, eta aingeru batek esan zien, Jerusalenera gabe, beste bide batetik etxera itzultzeko.
 

12. Maria guziz santaren Eliz-sartzea


 

Errege oiek ikusi au emanda gero, aurgite ondoko berrogei egunak igaro artean Belenen egon eta Jerusalenera igo ziran, legeak agintzen zuen bezala, amaren garbitzea eta semearen aurkeztea, edo berebat dana, eliz-sartzea egitera. Onelako bearrik ez batak eta ez besteak zuten, zeren ama txit garbia eta birjiñatasuna, ez len eta ez gero, autsi gabea zan, eta semea gizon egin zan unetik zegoan Aita Betikoari eskeñia; baña egin nai izan zuten gañerakoai erakusteko. Ama guziz santak aurra besoetan zeraman, eta eliz-atera ziranean, apaizari ofrendan bi usakume eman ziozkan. Beartsua edo pobrea zalako, etzion arkumerik eskeñi; baña an zeraman munduko bekatuak kentzera zetorren Bildots garbia. Elizan sartu orduko, Simeon zar, gizon on eta Jainkoaren bildurrekoak ezagutu zituen, ez munduko berririk zuelako, ezpada Zeruak argi egin ziolako. Aurra besoetan artu, begiak zeruronz jaso eta otsegin zuen: Noiznai orain emendik eraman nazazu, zeren zure ona ikusi dedan. Au zion, Jainkoak esanik zeukalako, Israelko Poza ikusi gabe etzala ilko. Simeonek onetan ziardun bitartean, Ana Profetiza an agertu zan. Emakume on onek larogeita lau urte zituen, eta senarrarekin zazpi urte eginda alargundu zan ezkero, Elizatik aldegin gabe bizi zan, egunez eta gauez Jainkoa barau eta orazioakin serbitzen zuela. Munduaren Salbatzallea an zekusanean asi zan Simeonekin batean Jauna alabatzen. Simeonek aurra amari itzulita, bere lekura joan zan. Ana ere bai, esanaz Mesias mundura etorri zala.

Lanbide au Elizan lagun gitxiren artean igaro bazan ere, bereala otsa barreatu zan, eta Herodesek aditu zuen. Errege onek aur au iltzea beregan erabakita zeukan, sort-aldeko iru Errege edo Mago aiek adierazo zioten ezkero; argatik esan zien itzuli zekizkiola ikusita gero: baña agertu etzitzaiozkanean, uste izan zuen gezurretan ibilli zirala eta lotsaz beste alde batetik itzuliko zirala. Orain otsa berriro zabaldu zanean, pensatu zuen ari ez esateagatik iges egin ziotela, eta su eta gar egiñik, agindu zuen bi urte ezkero Belen eta ingurumai guzian jaiotako aur seme guziak iltzeko, Aur Jainkoa ere besteakin batean atzituko zuelakoan; baña gizonaren alegiñak Jainkoarentzat indargabeak dira.

Familia santa au, eliz-lanak egin zituenean, ez Belenera, ezpada Nazaretera itzuli zan: eta emen aingeru batek San Joseri bereala ametsetan esan zion: Aurra eta bere amarekin Egiptora zoaz, eta nik esan artean, an zaude: bada Herodes aurraren billan abiatuko da, iltzeko. Berri onekin San Jose, ama-semeak artuta, Egiptora joan eta Herodes il artean an izan zan.
 

13. Aur kulpagabeen iltzea


 

Arestian aitatu dan erregearen agindu gogorra Belen eta inguruan erruki gabe egin zan, bi urtez beeko aur guziak illaz. Aitaen deadarrak, amaen aieskak, senideen garraxiak, aideen negarrak batean ziran; baña alperrik: aur gaxoai zerien odolak bazter guziak gorritzen zituen. Herodes, agindu gogor au eman zuen erregeak, zegokion saria artu zuen. Gaizkitu zan. Gorputza usteldu zitzaion, arrak zeriozkala eta bizirik jaten zutela. Bere kirats lizunak etzion iñori ere alderatzen uzten; eta atzenean ernegazioan luzaro onela egonda, il zan.

Herodes ilda bereala, Aingeruak San Joseri esan zion, aurra eta ama arturik Israelera itzuli zedilla; bada, aurra galdu nai zutenak il zirala. Egipton egon ziran Jesus zazpi urteetara iritsi bitartean. Orduan Israeleronz abiatu ziran; baña San Josek jakin zuenean Herodesen lekuan Arkelao semea jarri zala, ikaratu zan eta, Aingeruak esanda, Jerusalen aldea utzirik Nazaretera joan zan, eta beren bizilekua emen artu zuten.
 

14. Jerusalengo Elizan semearen geratzea


 

Nazareten bizi zirala, Jerusalengo Elizara urteoro oituraz joaten ziran, Pazkoako pesta egitera. Aurrak amabi urte zituenean besteetan bezala joan ziran: eta eliz-gauzak egiten zazpi egun igarotakoan, Nazareteronz gurasoak itzuli ziran. Uste zuten aurra berekin zutela; baña, egun bateko bidea egin ezkero, oartu ziran semea etzeramatela. Badirudi gurasoak zerbait zabartu zirala, semea gabe irteten; baña lan artan Jainkoa bera zebillen. Erromeri oietan gizonak samalda batean eta emakumeak bestean ibilli oi ziran. Ah, orain ere au egingo balitz! Aurra oraindik gaztea izanik, batzuen eta besteen artean joan zitekean. Aitak uste zuen amarekin zala, eta onek aitarekin; eta illunabarrean bildu ziranean, kontuan jauzi ziran semea ez batarekin, ez bestearekin zala; eta, atsekabeturik, aide eta adiskideen artean galdez asi ziran, eta arkitzen etzutenean, Jerusalengo bideari eman zitzaiozkan. Irugarren egunean Elizan topatu zuten, jakinsuen erdian eserita, egiten ziezten galde eta ematen ziezten erantzuerakin guziak arritzen zituela. Ai ene semea! ama espatsuak ikusi orduko esan zion: Zergatik gurekin batean etorri etzatzagu, naigabe andi au guri eman gabe? Etziniekiten, Jesusek erantzun zien, nik nere Aitaren lanak egin bear ditudala? Jesus Elizatik irtenda, irurak Nazaretera joan ziran, eta ogeita amar urte bete artean, emen gurasoen mendean bizi izan zan. Bitarte luze onetako aur onen beste berririk ez degu: bada, Ebanjelio Santuak gai onetan ez digu ezer esaten, gurasoen mendean egon zala baizik. Zer umiltasuna, senar-emazte beren eskuko lanaz irabazitako ogiarekin bizi diranen esanera dagoan zeru-lurren Egille eta Jabearena! Zein egoki eta argiro erakusten digun gizonagatik ezereztu zala!
 
 

Bigarren Irakurgaia

1. San Juanen predikua


 

Munduaren Salbatzalleak bere lan andia asitzeko denbora eldu zanean, bere berri-emalle San Juan Bauptistak ere bereari ekin bear zion. Jesusek ogeita bederatzi urte eta sei illabete zituen, eta San Juanek ogeita amar urte, au, aspaldian eremuan zeraman bizitza isilla eta bakarra utzita, asi zanean jendea penitenziako bidetik prestatzen Jauna artzeko. Eginkizun onetarako San Juan baño erazkoagorik arkitzea, erraz etzan. Eremu bakarrean gamelu-illez eotako soñeko zatar batekin gorputza estaltzen zuen; larrapote edo mendi-langostak eta bas-eztia janaritzat, eta ur piska bat edaritzat zituen: eta urte askoan onela bizitu zan, Jainkoak aren kontura ipiñitako lanbide andia, denbora zanean egiteko.

Eremutik irtenda, Jordango ibai ondora jatsi zan, eta guziai otsegiten zien bekatuak uzteko eta Jaunagana itzultzeko. Jerusalen eta inguruetatik jendeak samaldaka zijoazkion ikustera eta aditzera; eta onen bizitza gogor eta latzak guziak arriturik uzten zituen; eta egiazko damuarekin agertzen zitzaiozkanak bataiatzen zituen, ez Jesusek gero ipiñitako bataioarekin, ezpada onen antza baizik etzuenarekin, eta aldaurrez adierazteko Jesusek geroago munduari emango ziona.

Gizon andi onegan zekusten ontasuna ain andia izanik, uste izan ere bazuten Mesias zala, eta mandatariak joan zitzaiozkan galdetzera ea Mesias zan. San Juanek erantzun zien etzala, ez. Ni Mesias ez naiz, zion. Niri darraikit ni baño geiagokoa, zeñaren oñetako lokarria askatzeko gai ere ez naiz. Nik urez bataiatuko zaituztet; baña ark Espiritu Santuarekin bataiatuko zaituzte. Oiek eta onelako beste esan askorekin erakusten zien Mesias alderatzen zitzaiela.
 

2. San Juanek Jesus bataiatzen du


 

San Juanek lanbide onetan sei illabete zeramazkien, eta Jesus Nazaretetik irtenda aurkeztu zitzaion bataio eske. San Juanek etzuen Jesus egundaño ikusi; ala ere, aurkeztu orduko ezagutu zuen. San Juan uzkur zegoan Jesus bataiatzeko, eta gogor egiten zion, esanaz: Zer? Zuk ni bataiatu bear, eta Zu bataio eske niri zatozkit? Baña Jesusek esan zionean: Nik diodana, zuk egizu; bada, ala konbeni da; bereala Jesusen esanera jarri zan, eta Jesus bataiatu zuen. Au egindakoan, Zeruak idiki ziran; Espiritu Santua uso baten antzean gañean jarri zitzaion, eta aditu zan ots bat, ziona: Au da nere Seme maitea, zeñagan nere atsegin guzia dedan. Jesus bataioa artuta baso illun batean sartu zan, eta bakar onetan berrogei egun eta berrogei gau otoitzean egin zituen, ezer ere jan eta edan gabe.
 

3. Deabruak Jesus tentatzen du


 

Berrogei-aldi onen ondoren deabrua alderatu eta tentatzen asi zitzaion. Jainkoaren Semea bazera, esan zion, arri oiek ogi egin itzatzu. Jesusek erantzun zion: Gizona ogiak bakarrik ez du bizi, ezpada Jainkoaren aotik datorren itzak. Etzion onenbestez utzi. Deabruak artu, Jerusalenera eraman eta Elizaren galyurrean ipiñi zuen, eta esan zion: Jainkoaren Semea bazera, ortik beera zoaz: bada, eskribaturik dago, Aingeruak zuri kontu artzeko daudela, arririk jo ez dezazun. Baita ere eskribaturik dago, Jesusek erantzun zion: Ez dezu zere Jaun Jainkoa tentatuko. Deabruak etzuen oraindik ere etsi. Muñats goitu batera eraman zuen; munduko erreinu guzien edertasuna erakutsi eta esan zion: Au guzia emango dizut, baldin auzpez jarrita adoratzen banazu.

Lanbide oiek guziak deabruak egin zituen, Jesus Jainko egiazkoa zan edo ez jakiteko. Lenbizikoetan Jesusek gozotasun guzian erantzun zion; baña aditu zuenean adoratu zezala esaten, ezin geiago eramanez, esan zion: Satanas, begietatik ken akit. Eskribatua zeagok: Ere Jaun eta Jainkoa adoratuko dek, eta au baizik serbituko ez dek. Deabruak orduan iges egin zuen, eta Aingeruak etorrita Jesusi jaten eman eta lagundu zioten.

Jesus gero Galileako uri Kafarnaumera joan zan, eta au bizilekutzat artu zuen. Emendik irteten zan bere ondo-esanak egitera eta Eskritura Santak erakustera. Ain jakinduri andiarekin galdeak egin eta erantzuten zien, non asi ziran Mesias zala esaten; baña osotoro sinistetik atzeratzen zituen, ezer gabeko gizon guraso bear batzuen semea zala ikusteak; eta etzitzaiozkan txit jartzen. Irteera oietatik batean ibai-ondo batera joan zan, eta San Juan Bauptistaren bi ikasle Andres eta Juan Ebanjelista alderatu zitzaiozkan, eta bere maisuari utzita, itzik esan gabe, zerraizkion. Jesusek galdetu zien ea zeren eske zebiltzan. Jauna, non bizi zera? esan zioten. Atozte eta ikusiko dezute, Jesusek erantzun zien. Aldameneko erri txiki batera joan, eta berarekin geratu ziran. Elkarrekin egindako itzaldiak, biak ipiñi zituen gañerako guziari lagata Jesusekin ibiltzera eta alegin guzian lagunak egitera.

Andresek lenbiziko topatu zuena, Simon bere anaia zan; eta esan zion: Badakizu Mesias arkitu degula? Biaramonaren zai egon gabe, bertatik Simon Jesusi joan zitzaion, eta Jesusek ikusi orduko bere Elizaren Buru gero izango zan Apostolu andi hura, esan zion: Zu Jonasen seme Simon zera; zuri Zefas, au da, Pedro deituko zatzu. Biaramonean guziak Galilearonz zijoazela, Felipe topatu zuten, eta Jesusek esan zionean: Nerekin atoz, joan zitzaion. Andik laster Felipek bere adiskide Natanaeli Mesiasen berria eman zion, eta Natanaelek ere Jesusi jarraitzea erabaki zuen. Jesus gisa onetan zijoan ikasleak egiten, oraindañokoan atoz uts bat esatea beste gabe; baña andik irugarren egunean erakutsi nai izan zuen bere esku altsuak zenbat zezakean.
 

4. Kanako eztaiak. Jesusen lenengo mirari agirikoa


 

Kana zeritzan Galileako erri batean ezteiak egiten ziran, eta Maria guziz santa eta bere semea eztei oietara deitu zituzten. Ordurako San Jose senar doatsua illa zan: beragatik, batzuek diote ama zorioneko au Nazaretetik Kanara bizitzaz aldatu zala; besteak Nazaret iru orduz apart egiten zanean oraindik bizi zala. Gai onetan dana dala, benik bein dala aidetasunez, dala bere ontasunagatik, guziak ondo begiratua eta ikusia zalako, nai izan zuten ara eraman. Semearen izena ere ordurako barreatu zan, eta bere ikasleakin deitu zioten. Jan edanak ugari ipiñi bazituzten ere, atzenerako ardoa aitu zitzaien, eta ezkon-berriak txit lotsa andian arkitzen ziran. Amak semeari belarrira esan zion: Ardorik ez daukate. Eta, zuri eta niri zer dijoakigu, o emakumea? semeak erantzun zion. Nere ordua oraindik ez da bete. Jesusek ordurako erabakita zeukan zer egin; baña etzion esana amari bereala egin nai izan, gañerakoak ardoaren ez-izanaz oartu zitezen, eta egingo zuen miraria obeto ezagutu zezaten. Semearen erantzuerak etzuen ama isildu. Mai-serbitzariai esan zien, Jesusek agindu guzia egin zezatela.

Juduak apaletan ontzi andi batzuek idukitzen zituzten, garbiketak egiteko. Jesusek jan-tokian ikusi zituen sei ontzi ogeita bostna pitxar ardo kabitzen zituztenak, eta morroiai esan zien urez betetzeko. Gero agindu zien mai-buru egiten zuenari eramateko. Onek edan zuen; eta bereala asi zan esaten, sekulan iñork edandako ardorik obena baño obea zala. Ikusi zuten morroiak ontzietara ura bota zutela, eta ur hura, Jesusen esanera, ardo egin zala zekusatenean, guziak arritu ziran, eta Jesusi begirune edo begiramentu txit andia artu zioten; eta au izan zan Jesusek agirian egindako lenbiziko miraria, edo beintzat munduak artakotzat artu zuena.
 

5. Jesusen igoera Jerusalenera


 

Kanatik Kafarnaumera jatsi zan. Emen egun batzuek eginda, Jerusalenera joan zan, Pazkoa egin bear zuten egunetan. Jesusek etzuen uri onetan arteraño bere burua agertu. Baziekien etzutela beti-beti ondo artuko; baña asi nai izan zan, zein zan munduari erakusten. Elizara bere ikasleakin igota, ikusi zituenean eliz-atarian idi, ari eta usoak sakrifizioetarako saltzen, eta diru-trukatzeko maiak ere bazeuzkatela, aserretu zitzaion, soka bat artu zuen eta guziai kolpeka eraso zien, eta salkari eta saltzalle guziak andik kendu zituen, ziosala: Ez nere Aitaren etxea sal-etxe egin.

Jerusalenen egon zan Pazkoako egun oietan, mirari asko eta andiak egin zituen: argatik asko eta asko jarri zitzaiozkan berari jarraitzera; bada, egiten zituen gauza arrigarriak sinisterazotzen zieten egiazko Mesias zala. Oien artean bat zan Nikodemo zeritzan lege-jakintsu eta Sanedrin zeritzan batzarrekoa. Gizon andi au Jesusi gauez isillik joan zitzaion esatera: Badakigu Jainkoagandik etorritako Maisua zerala; bada, zuk egiten dituzun mirariak, ezin ditzake Jainkoa berekin ez duenak. Mene-menetan esaten dizut, Jesusek erantzun zion, berriz jaiotzen ez danak, Jainkoaren Erreinua ez duela ikusiko. Nikodemok itz oiek azaletik artu zituen, eta esan zion: Gizona bein urteetan aurreratu ezkero, nola amaren sabelera itzuli diteke jaio-berritzeko? Mene-menetan esaten dizut, Jesusek erantzun zion: Ura eta Espiritu Santuarekin jaio-berritzen ez dana, ezin Jainkoaren Erreinuan sartu diteke. Nikodemo, bere jakinduri guziarekin ere, etzan gauza oiek bear bezala aditzeko edo igerritzeko gai. Jesusek esan zion jaiotza berri au bataioaren bitartez egingo zala; eta egon ziran itzaldi luze onetan, Jesusek beste gauza asko ere Nikodemori erakutsi ziozkan; zeñak adituta, uzkurtasun guzia utzirik, osotoro jarri zan Jesus Mesiastzat amoriorik bizienarekin ezagutzera, eta onen lege santa gau eta egun erakustera.

Gizon andi au beretuta, Jesus Jerusalendik irten zan, eta bazter-errietara bere ikasleakin joan. Emen Jerusalenen baño jende sinistkorragoa arkitu zuen. Bere erakutsi on eta amoriozko ondo-esanakin asko irabazten zituen; eta gogoz eta menaz jartzen zitzaiozkala igerritzen zienak, bere ikasleai bataiatu erazotzen ziezten: eta Sakramentu santu bataioko onek asiera emen izan zuen.
 

6. Samariako emakumearekin Jesusen itzaldia


 

Egiteko oietan egun batzuek igarota, Galilearonz abiatu zan. Bidean, Jakob anziñakoak bere seme Joseri emandako lurretik urrean zegoan, Sikar zeritzan Samariako erri bat. Emengo putzu-ondo batean eseri zan, bideak easan eta egarritua. Ikasleak jan billan errira joan zitzaiozkan bitartean, emakume bat ur eske etorri zan, eta Jesusek esan zion: Edaten indazu. Samariar emakume onek erantzun zion: Nola zu judu orrek ni samariar oni ur eske zagozkit? Juduak eta samariarrak erlejioko gauza askotan bat etzetozen; beragatik elkarrekiko artu-eman eta adiskidetasun andi gabe bizi ziran; eta emakumeak au guzia gogoan zuela gisa onetan erantzun zion. Baña etzuen ezagutzen norekin ziardun; eta Jesusek esan zion: Ai, ene emakumea! Baziñieki nork esan dizun "edaten indazu", zuk zerorrek menturaz eskatuko ziñioke, eta ur bizia emango lizuke. Samariar lenago baño ere arrituagoak, Jauna, esan zion, ura txit bean dago, eta zerekin aterarik ez dezu: ur bizi ori, bada, non dezu? Zer? Gure aita Jakob bere semeakin emen edan eta guri ura utzi ziguna baño geiago zera? Jesusek erantzun zion: Ur au edaten duena, berriz ere egarrituko da; baña nik emandako uretik edaten duenak, ez du egundaño egarririk izango. Ur ori indazu, emakumeak esan zion, berriz egarritu ez nadin eta onara etorri bearrik izan ez dezadan.

Jesusek eskaera oni ezer erantzun gabe, esan zion senarragana joateko eta biak itzultzeko. Senarrik ez det, erantzun zion. Alaxe da, senarrik ez dezu, Jesusek esan zion. Bost izan dituzu, eta orain daukazuna zurea ez da. Erantzuera au emakume arentzat txit miña zan, zeren senartzat etzana zeukan, eta bere bizitza gaiztoa arpegira ematen zion. Ala ere, ontzat artu zuen, eta esan zion: Jauna, zu profeta zera, noski. Bere biziera asmatu ziolako profetatzat artu zuen, eta bere egitekoen gañeko galde asko egin ziozkan. Jesusek biotz andiarekin erakutsi zion zer egin, eta atzenean esan zion hura zala Mesias aspaldian itxedoten zutena. Emakumeak etzuen biotzik izan geiago ezer erantzuteko, eta geratu zan zer egin etziekiela.

Onetan zeudela, errira jan eske joandako ikasleak itzuli ziran, eta Jesus ikusi zutenean, oi ez bezala, emakume batekin itzegiten, arritu ziran; baña etzan iñor benturatu galdetzera ea zergatik emakume arekin itzketan zegoan. Emakumeak, Jesus bere ikasleakin utzirik, aldegin zuen, errikoai esatera Mesias ikusi zuela. Bitartean ikasleak Jesusi esan zioten: Maisua, jan ezazu. Baziekiten, alabañan, zein auldua utzi zuten, errira joan ziranean. Baña Jesusek erantzun zien: Nik, zuek ez dakizuten zer-jana daukat. Au aditutakoan ikasleak elkarri esaten zioten, emakume ark zerbait jaten ekarriko ziola. Etzuten, bada, uste, Maisua lurreko gauzaetatik zerukoetara igotzen zala, eta igerri etzioten zer janari zan aitatzen ziena. Nere janaria, zion, bialdu nauenaren naia egitea da.

Itzketa onetan Maisu-ikasleak ziarduten bitartean, emakume samariarra errian oska zebillen: Atozte eta ikusiko dezute, egin ditudan gauza guzi-guziak asmatu dizkidana. Ots onetara erriko asko Jesusi joan zitzaiozkan, eta erreguz Sikar-era eraman zuten, eta bi egun igaro zituen jende guziari erakusten eta asko bereganonz ipintzen.
 

7. Jaun baten semearen sendatzea Kafarnaumen


 

Sikardik Kanara joan zan, eta emen zegoala, Kafarnaumgo jaun bat aurkeztu zitzaion, eskatzera gaxo zeukan seme bat sendatzera, arren, joateko. Etzuen nonbait uste Jesusek urrutitik, etxera joan gabe, sendatu zezakeanik; benik-bein, joateko eskatzen zion. Baña Jesusek bere esku andia erakusteko, esan zion: Zoaz, zure semea bizi da. Aita pozez etxeronz abiatu zan, eta morroiak bidera irtenda, esan zioten semea sendatu zala; eta egin ziezten galdeakin igerri zion, Jesusek "zure semea bizi da" esandako ordu bere-berean, gaitzak semeari aldegin ziola. Mirari onekin aitak bere seme eta etxeko guziakin Jesus Mesiastzat ezagutu eta aitortu zuen.
 

8. San Juan Bauptista itxian sartua


 

San Juan Bauptista arestian utzi degu Judean erakusten; baña nork gaizki ikusi izan zuelako, aldegin bearrean arkitu zan eta, Judea utzirik Galileara joanda, Salimgo eremu bakarrean jarri zan. Emen bere bizitza on eta erakutsiakin jende guzia berari begira ipiñi zuen. Herodes alderdi artako tetrarka edo agintariak ere asko nai zion; baña profeta andi onen esanak ezin eramana biotzean laster sartu zitzaion. Ara zergatik.

Filipo, Herodes onen anaia, Judeako tetrarka Aristobuloren alaba Herodiasekin ezkonduta zegoan. Herodes hura emakume onezaz lilluratu zan eta anaiari kenduta emaztetzat berak artu zuen. San Juanek etzion pakean uzten, esanaz: Zure anaiaren emazte ori ezin dezakezu zeretzat iduki. Herodesek gaztigu au aditzen bazion ere, etzuen aintzat artzen; bai, ordea, Herodiasek. Emakume lotsa gaiztoko onek San Juanen esana onean ezin eramanik, galtzeko asmoak artu eta era zai zebillen. Herodesek, batetik, bazekusan jendeak San Juani zenbat nai zion; bestetik, emazte zalakoak, hura begietatik kendu naiez erasotzen zion; eta atzenean agindu zuen itxian sartzeko.

Orañago esan dan miragarrizko sendatzearen ondoren, Jesus Kafarnaumgo sinagoga edo elizara joan, eta arkitu zuen gizon bat gaizkiñak zituena. Jesus, jendeari bere erakutsiak ematen ziarduela, deabruak gizon aren aotik otsegin zuen: Jesus Nazaretekoa, utzi zaguzu; gurekin zer egiteko dezu? gu galtzera zatoz? Badakit zein zeran: Jainkoaren Santua zera. Jesusek esan zion: Gizon orregandik oa. Eta gaizkiña bereala irten zan, oju izugarriak egiñaz. Begira zeudenak arriturik zioten: Au zer da? Deabruai agintzen die, eta oiek aren esana egiten dute.

Mirari oien otsera, kafarnaumtarrak inguratzera zijoazkion; baña jai-eguna zalako luzatu zuten, eta bitartean Jesus bere ikasle batzuekin Pedroren etxera joan zitzaien. Pedroren amagiarraba miñez oatua zetzan, eta Jesusek, aurrean jarrita, gaitzari agindu zion aldegiteko, eta eria sendatu zan, eta Jesus eta onen ikasleai bazkaltzen berak eman zien. Jai-eguna joan orduko, gaxo, elbarri, itsu, mutu, gor eta beste miñantzik zeukan guzia Jesuseronz abiatu zan osasun billan, eta guziak sendatu zituen. Jesusek, ikusirik hura ikusteagatik artzen zituzten nekeak, esan zien ez iñora ibiltzeko, bada erri andietara ez ezen, bazter-errietara ere joango zala, eta poz onekin etxeetara itzuli ziran.
 
 

Irugarren Irakurgaia

1. Zortzi Zoriontasunak agertuta


 

Andik egun batzuetara bazijoan bere bizilekura, beste ezin esan ala jende zerraikiola, eta ikusirik berari aditzeko zein eresi andiarekin zebiltzan, mendi-muño batera igo zan, eta guziak aditzeko eran eserita, egin zien Zortzi Zoriontasunen Sermoia deritzana, onela esanaz:

1. Zorionekoak gogozko beartsuak, bada zeruko Erreinua oiena da.
2. Zorionekoak asaldatzen ez diran mansoak, bada lurraren jabe dira.
3. Zorionekoak negar egiten dutenak, bada poztuak izango dira.
4. Zorionekoak zuzentasunaren gose eta egarri diranak, bada atsegin andiak artuko dituzte.
5. Zorionekoak biotz-beraak, bada errukituak izango dira.
6. Zorionekoak biotz garbikoak, bada Jainkoa ikusiko dute.
7. Zorionekoak paketsuak, bada Jainkoaren semeak deituko zaie.
8. Zorionekoak zuzentasunagatik nekeak daramazkitenak, bada zeruko erreinua oientzat izango da.
 

2. Jesusek Apostoluai aurrena, eta besteai gero bere ikasbideak ematen diezte


 

Salbatzalleak baziekien zer eramankizun gogorren begira egongo ziran Ebanjelioaren erakustzalle eta Jaunaren ministroak; argatik atzeneko zoriontasunean onela itzegin zien. Gero au obeto erakusteko, bere apostolu eta ikasleai esan zien: Zorionekoak izango zerate, gizonak gorrotatzen zaituztenean; beren artetik bota, eta edozein gauza zuen kontra darasatenean. Egun artan poztu zaitezte, zeren zuen saria zeruan andia izango dan. Baña zuen egitekoan kontuz zabilzate; bada, lurreko gatza zerate, eta gatzak gazitasuna galtzen badu, zerekin gazituko da? Ezertako ere gero balio ez du, kanpora bota eta ostikopean ebalitzeko baizik. Munduaren argia zerate. Mendi-tontorrean dagoan erria ezin ezkutatu diteke; eta argia ez du iñork biztutzen lakari-pean ipintzeko, ezpada zutargi edo kandeleroan, etxeko guziai argi dakien. Zuen argiak gizonen aurrean onela argi egin bear du, zuen obra onak dakuskiten eta zuen Aita zeruetan dagoana gloriatu dezaten.

Gero esan zien: Ez uste izan natorrela legea eta Profetak kentzera; etorri naiz, ez kentzera, ezpada betetzera; bada, egiaz esaten dizutet, zeru-lurrak dirauten bitartean, nere legeari tilde bat ere kenduko etzaio, eta guzia egin bearko da. Nere aginduetatik txikiena ere austen duena, eta gizonai onela erakutsi, Zeruetako Erreinuan txikia deituko da; baña nere aginduak erakutsi eta gordetzen dituena, Zeruetako Erreinuan andia deituko da. Are geiago diotsuet: Eskriba eta fariseoak baño zuzenagoak ez bazerate, Zeruetako Erreinuan sartuko etzerate. Eskriba eta fariseoak azaletik zuzenak ziran; au da, gauza agirikoetan on-irudia egiten zuten; baña Zeruan sartuko dana, barrunen ere garbia izan bear da, eta bekatu ezkutukorik ere ez egin. Gero esan zien: Aditu zenduten anziñakoai esan zitzaiela: ez dezu ilko. Nik berriz diotsuet: bere lagun urkoaren kontra aserretzen dana, juiziora eramana izango da; burlaka edo siñuka dagokiona, batzarrearen aurrera joan bearko da; eta buru-gabea edo zoroa deitzen diona, infernuko suaren diña izango da.

Zure etsaiarekin ondo jarri zaite bidean zeran bitartean, onek juezaren aurrera eraman eta, juezak bere morroiai emanda, itxian sartua izan etzaitezen: bada, egiaz esaten dizut, atzeneko ardita pagatu arteraño, andik irtengo etzerala.

Aditu zenduten anziñakoai esaten: Iñoren bizi-lagunarekin nastuko etzera; bada, nik esaten dizutet, emakume bati begiratzen dionak kutiziatzeko, bere biotzean bekatu egin du. Jesusek emen gurari gaiztoen kontra itzegin nai izan zien, eta garbitasuneko doaia autskorra bezain bearrekoa izanik Zeruan sartzeko, esaten die, munduko gauza guziak lenago galdu bear dirala hura baño. Baldin eskuiko zure begiak, dio, gaiztorako bidea ematen badizu, atera ezazu; bada, obe dezu begi bakarrarekin Zeruan sartu, birekin betiko sutan baño; eta zure eskuiko eskuak bekatura bazaramazki, ebaki ezazu; bada, obe dezu alderdi bat galtzea, zure gorputz guzia infernuko sura bialzea baño. Lurreko gauza guziak lenago galdu bear dira, anima baño; eta Jesusek emen erakutsi nai izan ziena, au zan. Gero esan zien: Esan izan zan: baldin iñork bere emaztea uzten badu, aldekigoa edo banakatutako agiria eman bizaio; baña nik esaten dizutet: bere emaztea, leialtasuna galdu diolako ez dala, uzten duenak, ezkontza loitzeko bidea ematen diola; eta onela utzitakoa artzen duenak, berea ez dana artzen du.

Denbora batean, emazteak ezkontzako leialtasuna austen zutenean, legeak eragozten etzuen, agiria emanda, uztea; eta beste gizon batekin ezkondu zitekean, eta senar utzitzallea ere bai beste emakume batekin. Baña Jesusek eskubide au osotoro kendu zuen, eta ezkontza bere lenengo oñera itzuli zuen, eta erakutsi zigun bein lotua ezin askatu ditekeala. Bizi-alarguntza ere, desleialtasuna ez, beste edozein bidegatik egitea debekatzen du, eta onela banakatuai zorrotz agintzen die ez besterekin ezkontzeko, lena bizi zaion bitartean.

Askotan aditu izan dezute anziñakoai esan zitzaiela: Gezurrezko juramenturik egingo ez dezu, eta Jaunari itz emana beteko dezu; baña nik esaten dizutet: iñola ere juramenturik egingo ez dezute, ez zeruagatik, zeren Jainkoaren eserlekua dan; ez lurragatik, zeren bere oñ-lekua dan; ez Jerusalengatik, zeren Errege andiaren uria dan; ez zuen buruagatik, zeren ille zuri edo beltz bat egin ezin dezakezuten. Esan ezazute bada, bai, bai, ez, ez: itz oiezaz gañerakoa okerretik dator.

Juramentua, bear dan bidez egin ezkero, ona da; baña artara oitua juramentu gezurrezkoetan txit erraz eta askotan erori ditekealako edo beste alderen batetik utsegin dezakealako, esaten da okerretik datorrela; argatik Jesusek eskatzen du bear-bearrean baizik ez egiteko.

Legeak agintzen dituen gauzaen gañean onela itzeginda gero, asi zitzaien borondatezkoak erakusten. Oiek egitera kristaua beartua ez dago; ala ere, oiek diotena egitearekin, Jainkoaren aurrerako txit asko irabazten da. Aditu dezute esaten, Jesusek esan zien, begia begiagatik, ortza ortzagatik; baña nik esaten dizutet gaizki egin dizunari ez gaizkiarekin ordaintzeko, ezpada batek eskuiko masallan jotzen bazaitu, ezkerrekoa eskeñtzeko; eta iñork auzia ipiñi nai badizu eta barrungo janzia kendu, kanpokoa ere utzi zaiozu; eta batek beartzen bazaitu zamatuta milla pausoan joatera, bi millan zoazkio. Eskatzen dizunari eman zaiozu, eta ordañetan zuk zerbait ematea nai duenari ez arpegia itzuli.

Gero esan zien: Aditu zenduten esaten: Zure lagun urkoa maite izango dezu eta etsaia gorrotatuko dezu; baña nik esaten dizutet: zuen etsaiak maite izan itzatzute; gorroto dizutenai on egin zaiozute, eta galdu nai zaituztenagatik erregutu ezazute, Aita Zerukoaren semeak izan zaitezten, zeñak eguzkiaren argia on eta gaiztoai bialtzen die, eta euria zuzen eta biurriai datorkie; zergatik ezen, baldin maite zaituztenak maite badituzute, zer ordañen begira zaudete? Publikanoak ere au bera egiten ez dute? Eta zuek senideai bakarrik diosaltzen badiezute, zer bestek baño geiago egiten dezute? Jainko egiazko gabeko jentillak ere ori bera egiten ez dute? On osoak edo perfektoak izan zaitezte bada, Zeruko zuen Aita dan bezala.

Nork bere etsaia edo gaizki egin diolakoa maite izatea aldats egiten da; baña Jesus zuzenak ala agindu zigun, eta berak aurrena erakutsi zuen, galdutzen zutenakgatik bere Aita Eternoari erregutuaz.

Egiten diran gauza onak, munduari on-irizteagatik bakarrik egiñak izan ez ditezen, gero esan zien: On egitera zoaztenean, begira ezazute gizonak ontzat idukitzeagatik egin ez dezazuten; bada, onela egiten badezute, saririk Zeruetako zuen Aitagandik artuko ez dezute. Amoina edo limosna ematen dezunean, ez aurretik soñurik joerazo, gaitz-estali edo hipokritak eliza eta karrikaetan egiten duten bezala, gizonak onratu ditzaten; bada, egiaz esaten dizutet oiek beren saria artu zutela. Baña zuk amoina ematen dezunean, ezkerrak ez beza jakin eskuiak egiten duena, zure limosna ezkutuan egon dedin; eta zure Aita ezkutu guziak dakuskienak ordainduko zaitu. Erregutzen dezutenean etzaiteztela izan, ikusiak izan ditezen Elizan zutik edo leku agirietan jartzen diran hipokritaen antzekoak. Egiaz esaten dizutet oiek beren saria artu zutela. Baña zuk, gelan sartu eta atea itxita, Aitari isillik erregutu zaiozu, eta isillikako guzia aditzen duen Aitak ordaña emango dizu. Erregutzen dezutenean ez asko itzegin, asko itzegin ezkero adituak izango dirala uste duten jentillak bezala. Ez oien antzekoak nai izan; bada, zuen Aitak badaki, eskatu ere baño lenago, zuek zer bear dezuten.

Bi moduz orazioa egin diteke, isillik eta agirian edo itz egiñaz; bakarrean eta lagunakin. Jesusek emen orazio isilla eta bakarrekoa aitatzen du; baña ez da uste izan bear, agirikoa eta lagunakikoa debekatzen duela; bada, berak beste aldi batean esaten zuen: Zuetatik bi lurrean bildutzen badira, eskatzen dutena Zeruetako nere Aitak emango die; zeren bi edo iru nere izenean zeraten tokian, an izango nazuten.

Jesusek etzien esaten, nola eta zer itzakin erregutu bear zan, eta ikasle batek eskatu zion erakusteko. Jesusek orduan esan zien: Onela erregutuko dezute: Aita gurea, zeruetan zaudena, zure izena santuro erabilli bedi; zure Erreinua gugana betor; zure naia, zeruan bezala, lurrean ere egin bedi. Gure egunoroko ogia gaur iguzu; gure zorrak barkatu zazkiguzu, guk gure zordunai barkatzen dieztegun bezala; utzi ez dizaguzu tentazioan erortzen; ezpada gaitzetik gorde gaitzatzu. Ala izan bedi.

Nola erregutu bear zuten erakutsita ondoren, barauaren gañean itz egin zien, esanaz: Barau egiten dezutenean, ez arpegi itun edo tristea ipiñi, gaitz-estali edo hipokritak barautzen dutela gizonai adierazotzeko egiten duten bezala. Egiaz esaten dizutet oiek beren saria artu zutela. Zuk, bada, barautzen dezunean zere burua igortzi eta arpegia garbitu ezazu, gizonak jakin ez dezaten barautzen dezula, ezpada zure Aita isilla dakienak; eta onek saria emango dizu.

Ez ondasunak bildu lurrean, non erdoiak eta sitsak ondatzen dituen, eta lapurrak ostutzen dituzten. Bildu itzatzute zeruan, non ez erdoiak jaten dituen, ez sitsak galdu, eta nondik lapurrak ez ateratzen dituzten, ez ostu. Pensa ezazu, zure ondasunak dauden lekuan zure biotza ere daukazula.

Emen Jesusek erakusten du lurreko gauzaetara ez dala geiegi etzin bear, eta oietan biotza daukana Jaunaren deiai gor egingo zaiela; argatik dio gogozko beartsuak zorionekoak dirala.

Jana eta janziagatik ere itzegiten die, esanaz: Zure begia zure gorputzaren argi-ontzia da; zure begia argia bada, zure gorputz guzia argia izango da; baña zure begia illuna bada, zure gorputz guzia ere illuna izango da. Begira ezazu, bada, zure argi ori illundu ez dedin. Zure begia lurreko gauzaetan itsutzen bada, nola zerukoak ikusiko ditu? Iñork ezin bi nagusi serbitu ditzake. Edo bata maite izango du, eta bestea gorrotatuko du; edo bata gordeko du, eta bestea ezer gitxian idukiko du. Ezin Jainkoa eta dirua serbitu ditzakezu. Orregatik esaten dizutet, ez ardura geiegirik artzeko animako janaz eta gorputzeko janziaz.

Anima ez da janaria baño lenago, eta gorputza janzia baño? Zeruko egaztiai begira: ez dute ereiten, ez itaitzen, ez ganbaraetan bildutzen, eta zuen Aita Zerukoak jaten ematen die. Zuek aiek baño lenago etzerate? Zuetatik nork bere gorputza beso bat geiago luzatu dezake? Eta, zertako janziaren orrenbat ardura? Begira nola larra-lirioak, ez lanik egin, ez iruten duten; ala ere, Salomon bere anditasun guzian etzan ain ederki janzi, zein da aietatik bat. Orain, bada, gaur jaio eta biar labe sutuari emango zaiozkan belarrak ain ederki jazten baditu, zenbat geiago ez du egingo zuekin, fede gitxiko gizonok? Etzaiteztela, bada, larritu esanaz: Zer jan edo zer edango degu, edo zerekin estaliko gera? Onelakoen billan jentillak dabiltza. Baña zuen Aita Zerukoak badaki zuek gauza oien bear zeratela. Jainkoaren Erreinua eta zuzentasuna lenengo billa itzatzute, eta hura guzia emango zatzute. Biaramonean ardurarik ez artu, zeren biarko egunak berea ekarriko duen. Egunean eguneko nekea asko da.

Salbatzalleak gero esan zien: Ez iñor juzgatu, zerok juzgatuak izan etzaitezten; bada, bestegatik egiten dezuten juzgua, zuekgatik ere egingo da; eta besterik neurtzen dezuten kanarekin, zuek ere neurtuak izango zerate. Zertako, bada, zure anaiaren begian lastoa dakusu, eta zure begiko aga ez? Edo nola zure anaiari esaten diozu: Ots, begiko lasto ori kenduko dizut, zurean aga bat daukazula? Gaitz-estalia! Zure begiko aga lenengo kendu ezazu, eta orduan zure anaiaren begitik lastoa kentzea pensatuko dezu.

Gauza santak txakurrai eman ez dieztezutela, ez eta zuen perlak txerrien aurrera bota ere, ostikopetu ez ditzaten eta, zuetaronz itzulita, triskatu etzaitzaten. Eska ezazute, eta emango zatzute; billa ezazute, eta arkituko dezute; jo ezazute, eta idikiko zatzute: bada, eskatzen duenak, artzen du; billatzen duenak, arkitzen du; eta jotzen duenari, idikitzen zaio. Zuetatik zein gizon da, semeak ogia eskatuta, arria emango diona? Eta arrai edo ezkalu bat eskatzen badio, suge bat emango diona? Zuek, bada, gaiztoak zeratelarik, baldin badakizute eman zazkizuten ondasunetatik zuen semeai ematen, zenbat obeto zuen Aita Zeruetakoak eskatzen dutenai emango diezte? Ala bada, gizonak zuei egitea nai dezuten guzia, zuek ere aiei egiezute: orra legea eta profetak.

Ate estutik sartu zaitezte, zeren ondamenera daraman atea andia dan, eta bidea zabala; eta asko dira emendik sartzen diranak. O zein ate estua dan, eta bide mearra bizitzara daramana, eta zein gitxi diran topatzen dutenak! Profeta gezurrezko edo falsoakin kontuz zabilzate: ardiz janzita datorkizute; baña beren barruan otso amorratuak dira. Beren frutuetatik ezagutuko dituzute. Menturaz elorriak matsik ematen du, edo larrak pikurik? Ala bada, arbola onak frutu onak ematen ditu, eta txarrak gaiztoak. Arbola onak ezin frutu gaiztorik eman dezake, ez eta arbola txarrak onik ere. Frutu ona ematen ez duen arbola, ebaki eta suari emana izango da. Beraz, beren frutuetatik ezagutuko dituzute.

Zeruetako Erreinuan ez dira "Jauna, Jauna" dioten guziak sartuko; zeruetan dagoan nere Aitaren naia edo borondatea egiten duena bakarrik zeruetako Erreinuan sartuko da. Zerua ez da itz utsakin irabazten, ezpada Jaunaren aginduak gordetzearekin. Askok egun artan esango didate, Jesusek dio: Jauna, Jauna, ez giñituen etorkizunak zure izenean asmatu edo profetizatu, deabruak zure izenean bota, eta mirari andiak zure izenean egin? Nik orduan esango diet: Begietatik ken zakizkit gaiztoa egin dezutenok, zeren beñere ezagutu etzinduztedan. Nere esanak aditu eta gordetzen dituena berdinduko da bere etxea arkaitz gañean egin zuen gizon zintzo argi batekin. Euria egin zuen, ibaiak anditu ziran, aizeak irten ziran, etxea indar guziarekin jo zuten, eta erori etzan, arkaitz gañean egiña zalako. Baña nere esan oiek aditu eta gordetzen ez dituena, bere etxea are gañean egin zuen gizon zoroaren antzekoa izango da. Euri-jasa erori zan, urak azi ziran, aizea irten zan, etxea indarrez jo zuen, eta erorita auts egin zan.

Jesus, itz oiek eta onelako beste asko aldi luzean esanda, isildu zan, eta aditzalleak arriturik zeuden erakusten ziezten zeruko gauzakin, eta agintea zeukanaren antzean itzegiten zielako: eta gerozkoan beti-beti berari jarraitzeko asmo biziarekin geratu ziran.
 

3. Soraioaren sendamena


 

Menditik jatsita Kafarnaumeronz zijoala, legenardun edo soraio bat bidean belauniko jarri zitzaion, ziosala: Jauna, nai badezu, garbitu nazakezu. Jesus errukitu zan; eskua luzatu zion, esanaz: Nai det; eta bereala garbitu zan. Orduan Jesusek esan zion: Begira, ez iñori esan; apaizari zoazkio, eta Moisesek agindutako eskeñia edo ofrenda egizu.

Jesusen iñori ez esateko aginduari begiratu gabe, soraio onek bereala barreatu zuen zer gertatu zitzaion, eta guziak are arrituagoak eta Jesusganonz etziñagoak jarri ziran; eta soraio bakarrean bizi bearrean arkitzen zana, gero gizonen artean bizitzen asi zan.
 

4. Zenturion-en mutillaren sendamena


 

Jesus Kafarnaumera joan zan; eta emen arkitzen zan euntari edo zenturion baten morroi elbarri ezin ibilli eta iltzer zan bat. Nagusiak jakin zuenean Jesus ara zala, judu zar batzuek bialdu ziozkan, etorri eta sendatu zezala esatera. Mandatariak esan zioten mesede au, arren, egiteko: bada txit asko zor ziotela. Joango natzaio eta sendatuko det, Jesusek erantzun zien. Etxera alderatu zitzaiozkanean, euntariak Jesusi adiskide batzuek bialdu ziozkan, esatera: Jauna, ni diña ez naiz Zu nere etxean sartu zaitezen; argatik ez natzazu bidera irteten; bada, zure esan uts batekin nere morroia sendatuko da.

Euntari onen humiltasunarekin Jesus arritu zan, eta lagunai esan zien: Ez det Israelen onenbeste sinismen arkitu. Gero euntariari esan zion: Zoaz, eta zuk sinistu dezun bezala, egin bedi. Eta morroia ordu berean sendatu zan.

Gertaera onen ondoren, bere ikasleak arrantzara, oi bezala, joan ziran batean, Jesus ere erregu-aldia eginda, Genesareteko itsas ondoan arkitzen zan, aren billan zebillen jende andia inguruan zuela. Ur-ertzean bi batela iñor gabe ikusi zituen, mariñelak sareak garbitzeagatik lurrera irten ziralako. Bat Pedrorena eta bestea bi anaia Juan eta Santiagorena ziran. Jesusek, Pedroren ontzian sartuta, jendeari erakusten luzaro jardun zuen; eta itzaldiaren ondoren Pedrori agindu zion itsasoan barrunago eramateko.
 

5. Miragarrizko arrantza


 

Itsas-zabalera ziranean, Pedrori esan zion sareak bota zitzala. Pedrok erantzun zion: Jauna, gau guzian ezer atzitu ez degu; baña zuk diozun ezkero, zure izenean zabalduko ditugu. Ala egin zuten, eta ainbeste arrai sarean nastu ziran, non austen zitzaien. Arrantza andi au ikusirik, beste ontzira otsegin zuten, eta biak arraiez bete zituzten. Ikasleak txit arritu ziran, eta Pedrok esan zion: Jauna, nigandik aldegin ezazu; bada bekatari bat naiz. Pedrok etzuen uste Jesusen ondoan egoteko diña zanik; argatik onela itzegin zion. Ez ikaratu, Jesusek erantzun zion; gaurtik aurrera ez arraien, ezpada gizonen atzitzalle izango zera. Ontziak baztertu, morroiak bialdu eta zuten guzi-guzia utzita, Jesusi jarraitu zitzaiozkan, ez geiago uzteko asmo biziarekin, eta Kafarnaumera joan ziran.

Kafarnaumen egun batzuek eginda, Jesus bere ikasleakin arratsalde batean Genesareteko itsas-bazterrera berriz ere joan zan, jendetza andia ondoren zuela. Bidean lege-jakintsu batek noranai jarraitzeko eresia agertu zion; baña Jesusek esan zionean arekin zebillenak zer bizitza neketakoa egin bear zuen, atzeratu zan. Beste bati bereala Jesusek berak otsegin zion: Jarraidazu. Erantzun zion: Jauna, pozik jarraituko natzazu; baña zure baimenarekin aita lurpetzera noa. Illai utzi zaiezu illak lurpetzen, Jesusek esan zion, eta zuk Jainkoaren Erreinua erakutsi ezazu. Beste batek esan zion: Jauna, zurekin joango natzazu; baña utzi zadazu nere etxeko gauzai beren eraena ematen. Jesusek erantzun zion: Goldeari eskua ezarri eta atzera begiratzen duena, Jainkoaren Erreinurako egokia ez da. Itzketa onekin adierazo zuen lurreko gauzak ez diotela Jainkoaren legea erakutsi nai duenari biotza beretu bear.

Itsas-bazterrera zanean Jesus bere ikasleakin ontzian sartuta, beste ontzi asko ondoan zituela, beste alderonz abiatu zan. Itsasoa aserretu zitzaien, eta ondatzeko zorian jarri ziran. Jesus lo zetzan, eta ikasleak esnatuta esan zioten: Maisua, gorde gaitzazu, bestela galduak gera. Gizon sinismen gitxikoak, zerk ikaratzen zaituzte? Jesusek esan zien. Itsasoari agindu zion gelditzeko, eta eznetan jarri zan. Beste ontzietakoak ere irrisku berean arkitu ziralako, arriturik, zioten: Nor da itsasoa eta aizeak bere esanera ipintzen dituen au? Ongille andi oni eskerrak nola eman ezin asmatuz, itsas-adarra igarota, Gerasako ondoan lurra egin zuten.
 

6. Bi gaizkindunen sendamena


 

Jesusi lenbiziko aurkeztu zitzaiozkanak bi gaizkindun izan ziran. Bi errukarri oiek basoetan edo lurpeetan, abere basatien gisan, bizi ziran. Biak iltura edo tormentu andiak zeramazkiten, endamas batak, zeña egunez mendietan garraxika eta gauez lurpean orruka oi zegoan; arri zorrotzakin aragiak ebakitzen zituen; askotan lotu nai izaten zuten, baña kate eta ubalak bereala etentzen zituen. Gizaxo au, bada, Jesus ikusi orduko, joanda auzpez oñetan jarri zitzaion. Espiritu loia, Jesusek esan zion, gizon orregandik irten adi. Deabruak deadar egin zuen: Zer det nik zurekin zer ikusi, Jainko andiaren Seme Jesus? Gizon onek zeuzkan deabruak asko ziran, eta alegin guzia egin zuten ez gizon ari uzteko; baña Jesusek atzenean agindu zien irteteko, eta larrean zebilzan txerri-samaldan sartu, eta itsasoan ondatu ziran. Txerrizaiak, izu-ikara egiñik, nagusietara joan ziran eta zer gertatu zitzaien esan zieten. Beste lagunari ere deabrua berebat irten zitzaion, eta biak jarri ziran Jaunari eskerrak ematen. Ingurumaikoak mirari oiek jakin zituztenean, Jesus ikustera joan ziran, eta bere almen eta eskubide andiak zabaldu zituzten. Bakarrik gerasarrak erakutsi zuten esker gaiztoko billaukeriarik beltzena. Ain mirari andiak egiten zebilkien Ongillea beren artean iduki nai-eza biotz dollor aietan sortu zan. Bildu ziran eta, Jesusi gelditzeko esan bearrean, eskatu zioten lenbait-len begietatik kendu zekiela. Munduaren Salbatzalleak eratzen zien zorionak poz baño, txerriak itsasoan ondatuak min geiago ematen zien; eta bildur ziran, baldin gero ere Jesusek aiekin baziardun, onelako beste gauzaren bat egingo ziela; argatik nai zuten bereala aldegin zezan. Jesusek, bada, utzi zituen eta Kafarnaumeronz irten zan, Gerasakorik iñor ere etzerraikiola. Gaizkindun bi sendatutako aiek bakarrik jarraitu nai izan zitzaiozkan; baña Jesusek agindu zien beren lekuan egoteko. Lurreko ondasun ustelakgatik Jauna uzten dutenen zer irudi mene-menetakoa gerasarrak begietan ipintzen diguten!
 

7. Eri baten sendamena


 

Kafarnaumen Pedroren etxera joan zan; eta emen, Galilea, Juda eta Jerusalendik bildu zitzaiozkan batzuekin bere legearen gañean itzegiten ziarduela, guziak isildu zituen gauza bat gertatu zan. Jesus ikusirik eri guziak sendatzen, lau gizonek elbarri bat andaetan zeramaten, Jesusi erakusteko asmoan; baña egin-al guziakin ezin ziran atetik sartu, jende asko bildu zalako. Tellatura igo, eta zulo batetik zinzilika Jesusen oñetaraño jatsi zuten. Jaunak, eri aren uste osoa eta laguntzalleen on egin naia ikusita, esan zion: Sinistu ezazu, semea, zure bekatuak barkatu zazkizu. Eserita zeuden lege-jakintsu, eskriba eta fariseoak beregan zioten: Zein da onela itzegiten duen au? Nork, Jainkoak bestek, bekatuak barkatu ditzake? Jesusek igerri zien barrunen zer zerabilten, eta esan zien: Errazago zer da, "bekatuak barkatu zazkizu" esatea, edo oiean datzana irakori, oia artu eta ibillierazotzea? Jakin ezazute, bada, gizonaren Semeak bekatuen barkatzea eskuan duela. Eriari esan zion: Jaiki, oia artu eta etxera zoaz. Eriak ala egin zuen, osotoro sendaturik. Jende ez-jakin guzia arritu zan, eta otsegin zuen egundaño ez-ikusitako gauzak zekuskitela. Eskriba eta fariseoai ere mirari onek begiak garbitu bear ziezten; baña biotzak gogortuak zeuzkaten, eta etzuten egia ezagutu nai izan.
 

8. Mateori Jesusen deia


 

Pedroren etxetik itsas ondora joan zan, eta ikusi zuenean Mateo aulkian eserita, alkabala edo erregeak ipiñitako petxak biltzen, esan zion: darraidazu. Ots onetara gauza guziak utzita, Jesusekin joan zan. Mateok bere etxean bazkari bat bereala prestatu zuen; eta maiean zeudela, fariseoak ikasleai esan zioten: Nola zuen Maisuak bekatariakin jaten du? Petxa-biltzalle oiek publikano edo bekataritzat zeuzkaten; argatik oiekin Jesusek jateaz miresten ziran. Jesusek esan zien: Sendatzallearen bear gaxoa da, ez osasuna daukana. Ni etorri ez naiz justuen billan, ezpada bekatariak ontzera.
 

9. Jairoren alabaren biztutzea


 

Bazkalondoan Jesus bere ikasle eta San Juan Bauptistarenakin, oiek egin ziozkaten galde batzuen gañean ziarduela, Jairo Sinagogako nagusia joan zitzaion, eta eskatu zion aren etxera, arren, joateko, iltzer utzi zuen alaba sendatzera edo, ordurako illa bazan, biztutzera. Jesus jaiki zan; eta Jairorekin zijoala, amabi urtean odol-jarioz bizi zan emakume gaxo bat jende artetik sartu zitzaion eta soñekoan ukitu zion, esanaz: Baldin soñekoari ukitzen badiot, sendatuko naiz; eta ordu berean gaitzak utzi zuen. Miñantz au zeukanik ezin iñorekin batu zitekean, eta langai artan isillik ibilli zan; ez ordea Jesus oartu gabe, zeñak esan zuen: Nork ukitu dit? Emakumeak igerri zion ezagutu zuela, eta aitortu zuen. Orduan Jesusek esan zion: Zure uste onak sendatu zaitu; pakean zoaz, eta bizi zaite.

Emakume onekin itzketan ziarduela, Jairori alabaren il-berria etorri zitzaion. Aitak, lege dan bezala, min zuen, baña Jesusek bereala poztu zuen, esanaz: Sinistu ezazu, eta zure alaba biziko da. Eta etxeronzko bideari eman zitzaiozkan. Alderatu ziranean, Jesusek Pedro, Santiago, Juan eta illaren gurasoak berekin arturik, etxean sartu zan eta negarrez zeudenai esan zien: Orrela zer dezute? Neskatxa ez ilda, ezpada lo datza. Gelan sartu zan, eta eskutik artuta esan zion: Neskatx, jaiki zaite. Bereala jaiki eta ibilliari eman zion. Jesusek gurasoai agindu zien ez iñori esateko zer egin zuen; baña bazter guztietara laster barreatu zan.
 

10. Bi itsuren argitzea


 

Mirari oien ondoren Jesusek, Kafarnaumdik irtenda, Jerusaleneronz bidea artu zuen, jende andiazerraikiola. Bidean eskean zeuden bi itsuk, oartu ziranean Jesus an zala, deadar egin zioten: Dabiden Semea, erruki gaitzazu. Jesusek ez-aditu egin zien; baña etsi etzuten. Gaua egin bear zuen etxeraño jarraitu zitzaiozkan eta jendea sakabanatu zanean, berriz ere joan zitzaiozkan erregu berarekin, ziotsatela: Dabiden Semea, erruki gaitzazu. Jesusek, begira jarrita, esan zien: Uste dezute nik on ori egin dizazutekedala? Bai, Jauna, erantzun zioten. Jesusek orduan bere eskuak begietan ipiñi ziezten, esanaz: Zuen sinismenari dagokiona egin bedi. Eta biak argitu ziran. Esan zien ez iñori esateko; baña etxetik irten orduko, asi ziran barreatzen.

Itsu oiek argituta bereala, gaizkiñak zeuzkan gizon mutu bat eraman zioten. Jesusek, geroko begira egon gabe, deabrua kendu zion, eta gizona asi zan itzegiten. Guziak arritu ziran, eta zioten egundaño etzala Israelen alakorik ikusi; baña baziran Jesusen egin miraritsu oiek ezin eraman zituztenak. Eskriba eta fariseoak, arrokeriaz beterik, benturatu ziran esatera Jesusek deabruarekin parte arturik mirari aiek egiten zituela. Jesusek igerri zien zer zioten; baña etzien orduan aintzakotzat artu, eta Jerusaleneronz bazijoan, esan diran mirari, eta onelako beste asko bidean egiñaz.
 

11. Ogeita emezortzi urtean eri zanaren sendatzea


 

Jesus Jerusalenen sartu zan pesta andi bat egiten zan egunean. Jerusalenen arkitzen zan putzu bat Piscina probatica zeritzana. Putzu onetara urtean bein Aingerua jatsi eta ura erabilli ondoan lenengo sartzen zana, gaitz guziak sendatuta gelditzen zan. Beragatik, putzu inguru guzia eri eta gaxoz estalia egon oi zan, Aingerua zetorrenean elkarren leiean sartzeko. Ogeita emezortzi urte aietan an arkitzen zan gizon elbarri bat Jesusek ikusi zuen oiean zetzala, eta galdetu zion ea sendatu nai zan. Eriak erantzun zion: Jauna, iñor ez daukat, ura mugitzen danean lenengo sartu nazan, eta asi orduko, bat edo bat sartzen da. Jaiki zaite, Jesusek esan zion, zure oia artu, eta zoaz. Eria bereala sendatu eta oia sorbaldan zuela joan zan.

Mirari au egindako eguna jai-eguna zan; eta eskriba eta fariseoak emendik artu zuten gaizki itzegiteko oña. Berak etzuten mirariak egiteko eskubidea bestek izatea ezin, alabañan, eraman zuten. Etziekiten nork egin zuen; baña, ikusirik Jesusek egindako beste asko, zain txarrak bereala eman zien, au ere Jesusek egiña zala. Lenbizian, eriari eraso zioten, esanaz jai eguna zalako, oia ezin eraman zezakeala. Baña onek erantzun zien, sendatu zuenak esan ziola oia artuta joateko; esaten bazien bezala, ogeita emezortzi urteko gaitza ain aisa kendu didanak, zuek baño obeto daki jai-egunean au edo ori egin ditekean. Orduan galdetu zioten: Nor da, oia artuta joateko esan dizun gizon ori? Etziekien nor zan, eta Jesusek isillik aldegin zuen.

Eri sendatua, oia etxean utzita Elizara joan zan, Jainkoari eskerrak ematera. Jesus eta eria, ustez-ustekabe, an arkitu ziran, eta Jesusek esan zion: Begira, sendatua zaude, eta ez geiago okerrik egin. Orduan ezagutu zuen Ongillea nor zan. Bereala eskriba eta fariseoai joanda esan zien sendatzalle Jesus izan zuela. Berri onekin artu zuten Jesus esesi edo persegitzeko gogo geiago. Jesusi arpegira eman zioten zertako jai-egunean gauza hura egin eta eriari oiarekin joateko agindu zion; baña Jesusek, aien berri ondo ziekienak bezala, erantzun zien eta bere egiña garbitu zuen.
 
 



Hurrengo atala »»»


 




Bertsio informatiko honen egilea: Blanca Urgell.

Atzera