Laugarren Irakurgaia

1. Amabi Apostoluen aukera


 

Jesusek igerri zien galdu nai zutela, eta ordu au etorri baño lenago autu nai izan zituen bere lege santa bere ordez ondoren nork erakutsiak, bizi zan bitartean bere ondoan ondo ikasita. Jerusalendik irten eta Kafarnaumera joan zan. Aukera au egiteko, gau batean mendira igo zan otoitz egitera; bada, lan andi guzietan aurretik prestaera au beti zeraman. Biaramonean goiz, ikasleai otsegin zien; eta oien artetik amabi autu, eta Apostoluak deitu zien. Oiek ziran Simon Pedro eta onen anaia Andres, Santiago andia eta Juan anaiak, Felipe, Bartolome, Mateo, Tomas, Santiago gaztea, Judas Tadeo, Simon eta Judas Iskariote gero saldu zuena.

Gauza arrigarria! Gizon argal ez-jakin batzuek Jesusek bere ordekotzat aututzen ditu mundu guzia bere legera ekartzeko, bere Elizari oña emateko, bere izena mundu guzian zabaltzeko. Baña, amabiak zer ziran ain lan andirako? Batzuek arrantzale sareak zabaltzen baizik etziekitenak, besteak nekazale eskolatu gabeko itsuak; guziak jende beenekotik ateratuak, izen gabeko iñor uts ezertan ere aintzakotzat artzen etziranak. Oiek bada, aututzen ditu gizonaren berezko griña txar guziai, deabruari eta munduari gerra emango dien lege andia erakusteko; baña Jainkoak autuak dira, eta au asko da gauzarik miraritsuenak eta arrigarrienak egiteko.

Jesusek autu zituenean esan zien: Zoazte, eta mundu guziari esan zaiozute Jainkoaren Erreinua badatorrela; zoazte, ez oraindik ordea jentillen artera, ez eta samariarren errietan sartu ere; ezpada Israelko ardi galduetara: eriak sendatu, illak biztu, legenardunak garbitu eta gaizkiñak kendu itzatzute. Eskualdi au doan artu dezute, eta doan erabilliko dezute. Bidean ez ezer eraman, ez urrerik, ez zillarrik, ez zizkuetan dirurik, ez zakutorik, ez bi janzirik, ez oñetakorik, au da, soñean zeramazkitenak besterik; bada, lana egiten duenak, saria edo jornala merezi du.

Edozein errietan sartzen zeratenean, galdetu ezazute ea erri artan diña zein dan. Etxe onetan zaudete, etxetik irten bitartean. Sartzen zeratenean, esango dezute: Pakea etxe onetan. Eta etxeak merezi badu, pakea sartuko zaio, bestela zeroi itzuliko zatzute; eta norbaitek ez bazaituzte artzen edo zuen itzak aditzen, aren etxetik edo erritik irtetean, oñetako autsak astindu itzatzute. Egiaz esaten dizutet, Sodoma eta Gomorra atzen juizioko egunean ez dirala ain gogorkiro artuko, zein etxe edo erri hura.

Erakutsi oiek, esan diteke zuzentzen zirala Jesus bera bizi zan arterañoko; baña geroagorako ere eman nai izan ziezten, esanaz: Bialtzen zaituztet ardiak otsoen erdira bezala; izan zaitezte kontuzkoak, sugeak bezala; eta doblez gabeak, usoak bezala. Gizonetatik gorde zaitezte; bada erabakileku edo tribunaletara eramango zaituztee, sinagogaetan azotatuak izango zerate eta eraentzalle edo gobernadore, eta erregeen aurrean nigatik ipiñiak.

Orduan ez pensatzen egon nola edo zer itzegingo dezuten; bada, zer-esanak emango zazkizute; zuek etzerate itzegiten dezutenak, ezpada zuen bitartez itzegiten duen Aitaren Espiritua. Anaiak anaia eriotzara eramango du, eta aitak semea, eta semeak gurasoen kontra jaikiko dira eta ilerazoko dituzte, eta zuek guziok nere izenagatik gorrotatuak izango zerate; baña atzeneraño irauten duena, salbatuko da. Uri batean esetsi edo persegituak bazerate, bestera zoazte. Egiaz esaten dizutet, ez dituzutela Israelko uri guziak onduko gizonaren Semea datorren arteraño. Ikaslea maisua baño geiago ez da; morroia ere ez nagusia baño. Ikasleak asko du maisua bezala izatea, eta morroiak ere bai nagusia bezala. Baldin etxe-nagusia edo familiako buruari Belzebub deitu bazioten, etxekoai zer deituko ez diete? Baña ez ezergatik ikaratu; bada, ez da gauza ezkutaturik agertuko ez danik, eta isillik jakingo ez danik. Nik isillik esaten dizutedana, zuek agirian esan ezazute, eta belarrira esan zazutena, tellatuetatik erakutsi ezazute. Ez gorputza iltzen dutenai bildur izan, zeren anima il ez dezaketen. Bildur izan zatzakio anima eta gorputza Infernura bota ditzakeanari. Zer bada, ez dira bi arditgatik bi txori saltzen, eta ala ere oietatik bat bakarra ere zuen Aitaren baimena gabe lurrera eroriko ez da? Zuen buruko illeak zenbatetuak dira, eta esku hura gabe bat bakarra ere galduko ez da. Ez ikaratu, bada, zeren txori askok baño geiago balio dezuten. Gizonen aurrean aitortzen nauena, nik ere nere Aita Zeruetakoaren aurrean aitortuko det; baña gizonen aurrean ukatzen nauena, nik ere nere Aita Zeruetakoaren aurrean ukatuko det.

Ez uste izan pakea dakardala, au da, munduak paketzat daukana, ez; pake orrekin ez nator, ezpada ezpatarekin, au da, pake ona eta txarra berezitzen dituen nere itzaren ezpatarekin. Nator banakatzera semea aitagandik, alaba amagandik, erraña amagiarrabagandik, zeren gizon leialaren etsaiak bere etxekoak izango diran. Bere aita eta bere ama ni baño maiteago dituena, nere diña ez da; eta bere semea eta alaba ni baño maiteago dituena, nere diña ez. Eta bere gurutzea artuta, ez darraikidana nere diña ez da. Bere bizia gordetzen duenak, galduko du; au da, bere biziari niri baño geiago nai dionak, anima galduko du, eta bere bizia nigatik galtzen duenak, anima gordeko du. Zuek artzen zaituztenak, ni artzen naute; eta ni artzen nauenak ni bialdu ninduena artzen du. Profeta bat profetatzat artzen duenak profetaren saria artuko du; eta justu bat justutzat artzen duenak justuaren saria artuko du; eta nere ikasleetan txikienari baso-ur bat bakarra ematen dionak, ez du ikaslearen saria galduko. Oiek eta onelako beste gauza asko esan ziezten, bera bizi zan artean eta gero zer egin bear zuten erakusteko.

Itzaldi au eginda, Jesus menditik beeratu zanean eri eta gaizkindun askorekin arkitu zan, guziak sendatzeko eskatzen ziotela. Guziai mesede au egin ondoan, eseri zan, eta mendian lenagoko egonaldi batean erakutsitako zortzi zorionak edo bienabenturantzak berritu ziezten. Gero bereala jendea nor bere aldera bialduta, Kafarnaumen sartu zan, bere Apostoluakin zerbait artu eta atsedetera.
 

2. Amabi Apostoluak biñaka bialduak


 

Emendik amabi Apostoluak biñaka bialdu zituen Jainkoaren Erreinua erakustera, eriak sendatzera eta gaitzkiñakbotatzera. Berak beste ikasle batzuek laguntzat artu zituen, bere ondoan geroko ikasi zezaten. Aukera au eginda, Naim-era lenbizi joateko asmoa artu zuen. Erriko atera zanean, topatu zuen ama alargun baten seme bakar illoian zeramatena. Jesusek ama negarrez ikusita esan zion: Ez negarrik egin. Illoizaleak gelditu ziran. Orduan Jesus illari alderatu zitzaion, eta esan zion: Gaztea, jaiki zaite. Jaiki eta itzegiten asi zan, eta amari eman zion. Guziak arritu ziran, eta deadar egiten zuten: Profeta andi bat sortu zagu, eta Jainkoak bere Erriari begiratu dio.

Egun oietan San Juan Bauptista oraindik itxian zeukaten, eta bere ikasleak joan zitzaiozkan, Jesusek egiten zituen mirariak esatera. San Juanek gogoz eta poz andiarekin aditu zituen; baña igerri zien, bear zan adiña sinismen Jesusgan oraindik etzeukatela, eta biri agindu zien Jesusgana joanda galdetzeko: Zu zera etorri bear dana, edo besteren baten zai egongo gera? Jesus jende askok inguratua zegoan San Juanen ikasleak galde au egin ziotenean; eta etzien ezer erantzun; baña bai asko eri sendatu, gaizkin bota eta itsu argitu. Gero esan zien: Zoazte, eta Juani esaiozute zer aditu eta ikusi dezuten: itsuak dakustela, errenak dabilzala, sarnatiak garbitu dirala, gorrak aditzen dutela, illak biztu dirala eta beartsuai Ebanjelioa adierazten zaiela.

Bereala San Juanen aldeko itzaldi luze bat egin zien, zeñetan, beste gauza askoren artean, erakutsi zien umiltasuna zein andia eta ederra dan. Aditzalleak txit gogoz egon zitzaiozkan, eta fariseoai besteri ez bezala ukitzen zien itzketa bazan ere, oietatik Simon zeritzan batek, batere atsekaberik artu gabe, esan zion aren etxera bazkaltzera joateko; eta Jesusek Simonen eskeñtza au aintzat artuta, joan zitzaion; maiean jarri zan, fariseo asko inguruan zituela; eta onela zeudela, gertatu zan gauza bat, emen zearo ezarritzea dagokana.
 

3. Maria Magdalenaren ondutzea


 

Naimgo erri onetan bizi zan Maria zeritzan andre galdu bat. Maria Betanian jaioa eta guraso aberatsen alaba zan. Iru senide ziran, Lazaro, Marta eta Maria. Gurasoak ilda, ondadea iru senideak, nork bere zatia, artu zuten. Lazaro eta Martari Betanian zituzten ondasunak erori zitzaiozkaten, eta Mariak artu zuen Magdalengo gaztelua, zeñaren bidez Magdalena deitzen zaion. Maria Magdalena egun batzuetan bere senideen ondoan egon zan; bitarte onetan senideak igerritzen zioten bere bizitasun argia eta munduaren begietan agertu nai geiegikoa; beragatik asko nekatzen ziran Jainkoaren bildurrean idukitzeko; baña alperrik.

Magdalenak senide on oien ondoko izaera txit gogokoa iñolaz ere etzuen, eta aiek utzita Magdalengo gaztelura joan zan bizitzera. Senideen itzaletik aldegin zuenean, bereala arkitu zan galai zoro askok ondo itzegiten ziotela; eta neskatx buru-arin onen eresi guzia, bere gorputza andade bat egiñik erakustea zan. Egun oietan alderdi onetara ere Jesusek egindako mirarien otsa zabaldu zan. Lazaro eta Marta Jaunari bertatik jarraitu zitzaiozkan, baita arreba zoro argatik eskatu ere. Jesusek, bekatarien billan mundura etorriak bezala, biotzean ukitu zion. Jesusek Naimen predikatzen zuen, eta Magdalenak aditurik Jesusgatik esaten ziran gauza andiak, joan zitzaion aditzera, eta biotz osotoro aldatuarekin itzuli zan: bere gaiztakeriaren damu min bat artu zuen, eta bertatik Jesusi jarraitzea ere bai. Onetarako galdetu zuen non egongo ote zan, eta esan ziotenean erriko andizki geienakin Simonen etxean bazkaltzen zala, joan zan; eta begiratu gabe, ez zer esango zuten, ez zer iritziko zioten, bazkaltokian sartu zan; eta arpegiz-arpegi Jesusi begiratzeko biotz gabe, aulki atzean jarri zitzaion, auzpeztu zan eta negarrari eman zitzaion; Jesusen oñak malkoakin busti zituen, buruko illeakin leortu ziozkan, muñ egin zion eta berekin zeraman balsamu usai gozokoarekin igortzi ziozkan, eta bere utsegite eta gaiztakeria guzien barkazio eske jarri zitzaion.

Etxeko nagusi Simon Fariseoak beregan zion: Baldin au profeta balitz, balekike emakume au bekatari bat dala. Jesusek Simonen esan isillari igerrita, esan zion: Gauza baten galdez nagokizu. Bereala erantzun zion: Jauna, esazu. Gizon batek bi artzeko zeuzkan: batak seieun erreal zor ziozkan, eta besteak irurogei erreal; baña zerekin zorra kendu etzutelako, artzekodunak biai barkatu zien. Bi oietatik nork geiago nai izan bear dio? Simonek erantzun zion, aren iritzian zorrik andiena zuenak. Ondo diozu, Jesusek esan zion; eta Magdalenari begira jarrita, esan zion: Emakume ori dakusu? Zure etxean sartu nintzan, eta urik ere etziñidan eman oñak garbitzeko; baña onek negar-malkoz busti eta illeakin garbitu dizkit. Zuk olioarekin ez didazu burua igortzi; baña onek oñak balsamuz egin dizkit. Beragatik esaten dizut bekatu askoak barkatu zaiozkala, zeren asko maitatu zuen.

Bitartean Magdalena buru makurtuarekin zegoan barkazio eske, eta Jesusek esan zion: Zure bekatuak barkatu zazkizu. Maiean zeudenak esan oni asko iritzita, asi ziran esaten: Au zein da bekatuak barkatzeko? Nork, Jainkoak bestek, bekatuak barkatu ditzake? Egiaz, Jesusi arteraño etzitzaion bekatuen barkazio eske iñor jarri: batzuek billatu izan zuten makiak zuzentzeko, besteak itsuak argitzeko; oiek ezkabiak garbitzeko, aiek illak biztutzeko; eta guziak gorputzeko eritasun eta gaitzak kentzeko. Iñork ez, ordea, animako zauriak sendatzeko; argatik ikusten zeudenak arritu ziran, aditu zutenean bekatuak barkatzeko eskubidea bere buruari ematen ziola. Gauza oiek buruan zerabilzkiten bitartean, Jesusek oñetan zegokion Magdalenari berriz ere begira jarrita, esan zion: Zure sinisteak salbatu zaitu, pakean zoaz.

Egundaño etzan barkazio osoagorik eta aldaketa obeagorik ikusi. Jaungoikoaganako amorioa mundurakoaren lekuan sartu zan, eta biotz andi hura sutu zuen. Lazaro eta Martak berri onekin txit poz andia izan zuten. Magdalena bereala joan zitzaien; esan zien zer gertatu zitzaion; eta gero Jesusgana itzulita, etzuen Maisu onegandik geiago aldegin.
 

4. San Juan Bauptistaren eriotza


 

Bazkari gogoangarri onen ondoren Jesusek amabi Apostoluai deitu zien, eta guziak elkarrekin zebilzan. Baña Jesusek laster izan zuen albista bat, txit min eman ziona. Herodes, errege egiten zuenak, bere jaiotegunaren oroipenean andizki askorekin bazkari andi bat egin zuen, eta San Juan Bauptistaren galmena bazkari onetatik etorri zan. Herodias, Herodesen emazte ordekoak, zeukan bere egiazko senar utzi zuenagandik izandako alaba txit eder egokia; eta onelako bazkarietan emakumeak ez bazuten ere lekurik izaten, Herodesek Herodiasi esan zion, alaba al zan ondoena apainduta jan-tokira bialtzeko. Begiak zoratzeko eran ipiñi zuen, eta aurkeztu zan. Herodes eta gañerakoen aurrean txit askatasun andiarekin dantzatu zan; eta Herodesen biotza ain beretu zuen, non esan zion nai zuen gauza eskatzeko, eta emango ziola: ala bear bazan, itz ziñeztuaren azpian erreinuaren erdia ere agindu zion. Alaba dantzaria gelatik irtenda, ama Herodiasi joan zitzaion galdetzera ea erregeari zer eskatuko zion. Herodiasek etzuen utzi nai bere bizitza gaiztoaren salati San Juan Bauptista galtzeko zetorkion ain era ona; eta alabari esan zion ez beste gauzarik eskatzeko, ezpada Juanen burua. Dantzariak bereala Herodesi joan, eta belarrira esan zion Juan Bauptistaren burua platera batean eman zizaiola.

Herodesi etzitzaion eskaera au ondo erori, Juani nai ziolako; baña etzuen bear adiña biotz izan arestian emandako itza jateko, eta lege guziak naiago izan zituen autsi, bein esana ukatu baño. Bere morroi bati agindu zion, itxian zegoan lekura joanda lepoa ebakitzeko; eta serbitzari onek, nagusiaren esana gogorkiro egiñik, burua, odola zeriola, Herodesi eraman zion, onek neskatx dantzariari eta alabak amari eman eta santu andi aren eriotzarekin dantzari ergel baten gora-beerak eta arinketak saristatuak izan ziran. Iru oiek ere etziran sari gabe geratu. Zegokien patu gaiztoak laster artu zituen. Urte gitxiren epean Kaligula enperadoreak Herodesi erregetza kendu zion eta Leon Franziakora erbestetu zuen, eta emen il zan. Herodiasi etzion alakorik agindu; baña bere galaiarekin ibilli nai izan zan, eta gisa berean Leonen il zan. Alaba dantzaria ibai izoztu batera erori, eta ormak lepoa ebaki zion. San Juan Bauptistaren ikasleak Maisuaren gorputz illa kontuz jasota, Samariako uri Sebaste-n lurpetu zuten. Burua ere ontzi batean ipiñi zuten, eta geiena orain Erroman dago.
 

5. Bost ogi eta ezkalu birekin bost milla gizon bazkatuak


 

San Juan Bauptistaren ikasleak ill-berri onekin Jesusi joan zitzaiozkan, Jesusenak ere beren misio-aldia eginda Jesusgana itzuli ziran egunetan. Nori bere albistak aditurik, Jesus guziakin batela batean sartuta, Betsaidako eremu bateronz joan zan. Jesus eta bere lagunak itsasoz orduko beste jendetza andi bat ere leorrez eta oñez joan zan, Jesusi geldituko zala igerri zioten tokira. Jesus guzien erdian jarri zan, eta Zeruko lege santa erakusten zien, eta gaxoak sendatzen zituen. Onela ziardun arratsalde batean, ikasleak esan zioten: Jauna, eremu soll batean gaude; illuntzera dijoa; eta jende au bialdu ezazu zer jana billatu dezan. Ez ori, Jesusek erantzun zien; ez dira joango: zuek jaten eman zaiozute. Eta Feliperi esan zion: Oientzat ogia non erosiko degu? Itz oiekin Felipe arritu zan, zeren oraindik etzuen uste ogiak ugaritzeko eskubidea Jesusek zuenik; eta erantzun zion: Berreun errealbiko asko ez dira ogi-zerratxo bana erosteko; ala ere, joango gera erostera, eta emango diegu. Zenbat ogi dauzkazute? Jesusek galdetu zien. Bost garagar-ogi eta bi ezkalu mutiko batek zeuzkanak arkitu zituzten. Baña onenbeste lagunentzat oiek zer dira? Andresek zion. Jende guzia Jesusek zelaiean saldoka esererazo zuen; eta gizon utsak bost milla ziran, beste ainbeste emakume eta aurrekin. Jesusek ogi eta ezkaluak eskuan artuta, Aita Betikoari eskerrak eman ziozkan, bedeinkatu zituen, eta Apostoluai agindu zien jendeari zabaltzeko. Ematen asi ziran, eta naiko guzia jateko adiña ogi eta arrai bost ogi eta bi ezkaluetatik sortu zan. Gero agindu zien ogi eta arrai-puskak biltzeko, eta amabi saski bete zituzten.

Mirari berri au ikusi zutenean arriturik, osotoro sinistu zuten Jesus Mesias zala. Baña nola bizi ziran lurreko errege baten izenean Mesias etorriko zalakoan, ipiñi nai izan zioten koroa buruan, eta errege-zigorra edo makilla eskuan, eta erregetzat ezagutu. Jesusek igerri zien gogoan zer zerabilten; eta illuna gañean zalako aitzakian inguruko errietara bialdu zituen, gaua egitera. Gisa onetan jendea beregandik bialtzen zuen bitartean, Apostoluai agindu zien ontzian sartuta Betsaidaronz abiatzeko, eta Genesareteko itsas-adarra igarotzeko.
 

6. Jesusek itsas aserretuan Apostoluak gordetzen ditu


 

Jesus bakarrik arkitu zanean mendira igo zan eta otoitzari eman zitzaion. Apostoluai itsasoa aserretu zitzaien, eta gau guzian ondatzeko zorian ibilli ziran, eta amar orduan arraunakin nekatuta, etzuten ordu beteko biderik egin. Jesusek ikusi zituen nola zebilzan, eta aurkeztu zitzaien. Sarreran izutu ziran, iratxo edo duenderen bat zalakoan; baña Jesusek esan zien: Ez ikaratu, Ni naiz. Jauna, Zu bazera, Pedrok esan zion, zeregana artu nazazu. Jesusek esan zion: Atoz. Pedro ontzitik irtenda urean Jesusgana zijoala, aizeak artu eta ondatzera egin zuen, eta deadar egin zion: Jauna, gorde nazazu. Jesusek eskua luzatu, eta bere ontzira artu zuen, esanaz: Siniste gitxiko gizona, zertako zalantzan jarri zera? Esan bazion bezala: Nere eskubidearen berri etziniekien? Pedro Jesusen oñetan auzpeztu zan, eta esan zuen: Jainkoaren Seme egiazkoa Zu zera. Itsasoa gelditu zan, eta beste neke gabe ur-ertzera joan ziran.

Jesus lurrera zanean, bereala, zekusaten guziak ezagutu zuten, eta zebillen leku guzietan eri eta makiak bidean ipintzen ziozkaten eta eskatzen zioten, arren, besterik ez bazan ere, soñekoaren ertzari ukitzen uzteko, eta au iristen zutenak sendaturik gelditzen ziran. Onetan zebillela, jai-bezpera batean Kafarnaumera joan zan. Aurreko egunetan errege egin nai zutenak, igerri ziotenean aldegin ziela, eske abiatu eta uri onetan arkitu zuten, eta asi zitzaiozkan espasunak agertzen; baña Jesusek esan zien zein lan zoroa zan arekin egin nai zutena, eta alako asmoari uzteko.
 

7. Animako janariaren gañean Jesusen itzketa


 

Zuek billatzen nazute, esan zien, ez egin ditudan mirariakgatik, ezpada jaten eman dizutedalako. Nekatu zaitezte, bada, ez bereala aitzen dan janaren ondoren, ezpada gizonaren Semeak emango dizuten eta beti iraungo duenagatik. Eta, zer egingo degu au irabazteko? galdetu zioten. Jesusek erantzun zien bera zala Zerutik jatsitako ogi bizi, betiko bizitza ematen zuena, eta berari sinisteko. Baña, au gogor egiten zitzaien, eta menturatu ere baziran galdetzera ea zer egiten zuen beren sinismen osoa ari emateko. Egia da, esaten zioten, bost ogirekin egun batean bost milla gizon bazkatu dituzula; baña gure aita Moisesek ere berrogei urtean seieunda geiago milla lagun eremuan manarekin bazkatu zituen. Bai, ala da, Jesusek erantzun zien; baña Moisesek emandako mana, Zeruko ogi egiazkoaren irudipena edo antza baizik etzan: hura jandakoak il ziran. Zeruko ogi egiazkoa Zerutik jatsi eta munduari bizia ematen diona da. Ni naiz ogi bizia. Ni artzen nauenak betiko bizitza dauka. Aditzalleak esan zioten: Jauna, ogi orretatik beti iguzu; eta Jesusek erantzun zien: Bizitzako ogia ni naiz; nigana datorrenak, goserik izango ez du, eta nigan sinisten duenak, egarririk ere ez. Juduak gaizki-esaka asi ziran, esan zuelako "Bizitzako ogia naiz", eta zerasaten: Zer? au ez da Joseren seme, bere ait-amak ezagutzen diozkaguna? Gaizki-esate orri utzi zaiozute, Jesusek esan zien. Iñor nigana ezin datorke, ni bialdu ninduen nere Aitak ez badakar. Egi-egiaz esaten dizutet, nigan sinisten duenak betiko bizitza duela. Ni naiz ogi bizi, Zerutik jatsia. Iñork ogi onetatik jaten badu, betiko biziko da. Jakizute, Nik munduagatik emango dedan ogia, nere aragia dala.

Juduak orduan elkarri zerasaten: Nola onek bere aragia jaten eman dizaguke? Juduak uste zuten, beste edozein aragi bezala, Jesusek berea eskeñtzen ziela. Egi-egiaz esaten dizutet: gizonaren Semearen aragia ezpadezute jaten eta odola edaten, ez dezute bizitzarik izango. Betiko bizitza, nere aragia jaten duenak eta nere odola edaten duenak du; eta atzeneko egunean nik biztuko det. Bada, nere aragia da egiazko janaria eta nere odola egiazko edaria, eta nere aragia jaten duena eta nere odola edaten duena nigan dago, eta Ni argan nago. Oiek eta onelako beste gauza andi Aldareko Sakramentu Santua adierazten zuten asko erakusten ziezten, egun aietan egiten zituen itzaldietan, esanai mirariakin indarra emanaz. Ala ere, asko ziran sinisten etziotenak; batez ere, eskriba eta fariseoak ikusi ere ezin zuten, eta begietatik kentzeko bideak egiten zebilzan. Jesusek igerri zien zer asmo zerabilten, eta aldegin zuen. Baña noranai zijoala, gaxo, elbarri eta makiz beti inguratua zegoan, eta guziai osasuna emanda, agintzen zien ez, arren, barreatzeko, galdu nai zuten aiek jakin etzezaten. Jesusek baziekien galduko zutela; baña ordua etzan artean bete; argatik kontuan ipintzen zituen, geiago sutu etzitezen.
 

8. Esku-txangu baten jai-eguneko sendatzea.


 

Baña fariseoak etzuten iñork ezer esankizunik, nondik galdu zezaketen billatzeko. Gauzarik onenetatik ere artzen zuten Jesusgatik gaizki itzegiteko oña. Ara sinisbide bat. Jai-egun batean Jesus Elizan sartu zan, eta eskriba eta fariseoak begira zegozkion, an arkitzen zan esku-txangudun bat sendatzen ote zuen, jai-eguna zalako erasotzeko. Jesus lan artara baño lenago galdetu zioten ea zillegi edo ondo zan jai-egunean sendatzea. Galdera au bere gatzarekin zan; baña Jesusek aien barrun galduai igerri zien, eta ezer erantzun gabe, elbarriari esan zion zutitzeko eta guzien erdian jartzeko. Onela zegoala, esan zien: Zillegi da jai-egunean on edo gaitz egitea? Bizia gorde edo kentzea? Zuetatik zeñek, jai-egunean zulora ardi bat erortzen bazaio, ez dio eskua luzatuko andik ateratzeko? Gizona zenbat geiago da ardia baño? Zillegi da, bada, jai-egunean on egitea; eta begiratu zorrotz bat gizon itsutu aiei eginda, esku-txangudunari esan zion eskua luzatzeko, eta sendatu zitzaion. Aien biotzak mirari argi onekin bigundu bearrean, ezaguturik berak bakarrik asko etzirala Jesus galtzeko, Herodesen adiskideetara lagun eske joan ziran. Bitartean Jesusek Galileako itsas-ondoko ordekaetara aldegin zien. Onara ere ezin esan adiña jende jarraitu zitzaion, eta joandako gaxo eta elbarri guziak sendatu zituen.
 

9. Gizon gaitzkindun itsu eta mutuaren sendatzea


 

Andik laster Kafarnaumera itzuli zan, eta bereala eraman zioten gizon gaizkindun itsu eta mutua. Emen ere eskriba eta fariseoak inguratu zitzaiozkan arestian aitatu dan asmo galgarriarekin; baña oien bildurrak etzuen Jesus gizon errukarri ari on egitetik atzeratu. Begien itxi-idiki batean gaizkiña kendu, begiak argitu eta mingaña askatu zion, eta guziak arriturik geratu ziran.

Bakarrik eskriba eta fariseoak ausardia izan zuten esateko, deabruen buru Beelzebuben izenean eta eskuarekin mirari aiek egin zituela; baña Jesusek erantzun zien aien itsutasunari zegokion eran, gauza asko eta andiak erakutsiaz, aientzat alperrik bederik.
 

10. Beste miragarrizko sendatzeak


 

Egun oietatik batean eskriba eta fariseoakin elean ziarduela, Ama eta aide batzuek Nazaretetik Kafarnaumera joan zitzaiozkan ikustera, eta elkarrekin guziak egon bat emen eginda, Nazaretera joan ziran. Jakinduri argia itzketan eta esku andia sendaketan erakusten zituen; baña jainkozko doai oiek nazaretarrentzat ezer etziran, Jose eta Maria beren errikoen semea zala oroitzean: beragatik etzuten aintzakotzat artzen, eta Jesusek aldegin zuen bere Lege santa beste errietan erakustera. Lanbide onetan zebillela, bein batean Kanango emakume bat bidera irten zitzaion, oska: Jauna, Dabiden Semea, erruki nazazu: alaba deabruak artuta daukat. Jesusek ez-aditu egin zion; baña emakumea leiatzen zitzaion, berriz eta berriz esanaz: Jauna, Dabiden Semea, erruki nazazu. Emakume onen negarrakin Apostoluak kupituta, Jesusi esan zioten: Jauna, emakume ori isiltzen ez da, eta bialdu ezazu. Jesusek erantzun zien: Ni ez naiz etorri Israelko ardi galduak biltzera baizik. Emakumeak ikusirik Apostoluak ere etzutela ezer iritsi, Jesusi oñetan auzpeztu zitzaion, esanaz: Jauna, balia zatzakit. Jesusek esan zion: Semeen ogia txakurrai ematea on ez da. Ondo diozu, emakumeak erantzun zion; baña txakurkumak ere nagusien maietik eroritako ogi-apurrak jaten dituzte. Orduan Jesusek esan zion: O emakumea! siniste andikoa zera: zure naia egin bedi. Eta ordu berean alaba sendatu zan. Ama bereala etxera joan zan, eta alaba gaizkiñik gabe arkitu zuen.

Sendatu onen ondoren, or-emen ibilli andiak eginda, mendi batean jarri zan atsedeten. Beste eri eta gaxo askoren artean gor-mutu bat eraman zioten: beatzak belarrietan sartu ziozkan, eta istuarekin mingaña igortzi zion, eta zeruronz begiak ipiñita esan zion: Efeta. Eta bereala belarriak garbitu eta mingaña askatu ziran, eta aditzen eta itzegiten asi zan. Egikera au gogoan duela, Eliz-Ama Santak bataiatzean belarriak istuz egiten ditu.
 

11. Zazpi ogi eta ezkalu batzuekin lau milla gizon bazkatuak


 

Mirari au eta beste asko eginda gero, ikasleai esan zien: Jende onek biotza erdiratzen dit; iru egun oietan nerekin dira, eta zer janik ez dute. Nik ez nituke baraurik bialdu nai, bidean desmaiatu ez ditezen. Eta, nola eremu onetan arkituko degu, ikasleak esan zioten, oiek guziak asetzeko adiña ogi? Etzirudien, illabete gitxiz onara amar milla eta geiago lagun bost ogi eta bi ezkalurekin Betsaidako eremuan bazkatzen ikusitakoak, galde au egingo zutenik; baña aien sinistea oraindik epela zan. Jesusek, itzik ere itzuli gabe, galdetu zien ea zenbat ogi zeukaten, eta erantzun zioten zazpi ogi eta ezkalu banaka batzuek zeuzkatela. Jesusek bereala jendea lurrean esererazo zuen. Ogi-ezkaluak artuta, bedeinkatu zituen, ikasleai eman ziezten, eta oiek jendeari; eta lau milla gizon, kopuru onetan emakume eta aurrak sartu gabe, ase ziran; eta ondarrakin zazpi saski bete zituzten. Gero ontzi batean sartuta, Magedako alderdira Jesus bere Apostoluakin joan zan. Emen ere itsu bat argitu zuen, eta bereala Zesareako Filipora aldatu zan.
 

12. San Pedrok Jesusen jainkotasuna aitortzen du


 

Emen Jesusek, bere Apostoluakin bakarrik jarrita, galdetu zien: Gizonaren Semea nor dala diote? Esaten bazien bezala: Beren gogoa nerekin baño zuekin obeto agertuko dute; zuek aien itzketak aditzen diozkazute. Zein diote, bada, Ni naizala? Bat ez datoz, Apostoluak erantzun zioten. Batzuek Juan Bauptista, besteak Elias, besteak Jeremias eta besteak anziñako profeta biztutako edo aien antzekoren bat zerala diote. Eta zuek, zein naizala diozute? Onelako gauzaetan Pedro beti nabarmentzen zan, eta erantzun zion: Zu zera Kristo Jainko biziaren Semea. Zorionekoa, Simon, Jesusek esan zion; bada, ez aragiak, ez odolak ori erakutsi dizu, ezpada Nere Aita Zeruetakoak; eta nik diotsut zu zerala Pedro (zeñak arria esan nai du), eta Nere Eliza arri onen gañean jasoko dedala, eta Infernuko ateak onen kontra ez dutela garaituko. Zeruko giltzak Nik emango dizkizut: zuk lurrean lotzen dezuna, Zeruan lotua izango da, eta zuk lurrean askatzen dezuna, Zeruan askatua izango da. Esan gogoangarri onen ondoren zorrotz agindu zien, hura bizi zan artean ez esateko Pedrok zer aitortu zuen. Ordutik kontuan ipiñi zituen, zer neke eta eriotza gogorraren begira zegoan. Ordutik Jesus asi zitzaien bere ikasleai esaten zein konbeni zan Jerusalenera joatea, eta emen zar, eskriba eta apaiz-buruen aldetik neke gogor latzak igarotzea, iltzea eta irugarren egunean biztutzea. Itzketa onekin Pedro txit arritu zan, eta bazterrera otseginda, Jesusi esan zion: Ez orrelakorik, Jauna, ez: Zeruari nai ez dakiola, zuk diozun ori zuri gertatu dakizun; ori zuri ez dagokizu. Pedrok oraindik ere etziekien Jesusen Elizak zer zimendu izan bear zuen, eta ondo etzeritzan Jaunak alako nekeak eta humiltasunak eramatea; eta Jesusek, begira-begira jarrita, zorrozkiro esan zion: Ortik ken zatzakit, nere etsaia; bada, gogoa ez Jainkoaren gauzaetan, ezpada gizonenetan daukazu.

Itzketa au Apostoluakin izanda, ikasle eta gañerako jendeak berekin zituela, Zesarearonz abiatu zan, eta bidean esan zien: Nere ondorean etorri nai duenak, bere burua ukatu eta gurutzea artu beza, eta berraikit, zeren bere bizia gorde nai duenak, anima galduko duen; baña bere bizia nigatik eta Ebanjelioagatik galdutzen duenak gordeko du. Gizonari, mundu guzia beretzeak zer balio dio, bere anima galtzen badu? edo, gizonak zeren truke bere anima emango du? Nerekin eta nere esanakin lotsatzen dana, gizonaren Semea ere, bere Aitaren glorian aingeruak lagun dituela datorrenean, lotsatuko da, eta orduan nori bere irabazia emango dio. Egiaz diotsuet, emen badirala gizonaren Semea bere Erreinuan ikusi gabe illko ez diranak. Batzuek badiote Jesusek itzegin ziela denboraz gertatu zan bestiruditze edo transfigurazioaren, besteak illen artetik biztutzearen eta askok zerura igotzearen gañean; baña geienai deritzate orain bereala esango dan bestiruditzeagatik onela itzegin ziela.
 




Bostgarren Irakurgaia

1. Taborko mendian Jesusen bestiruditzea edo transfigurazioa


 

Zesareako ingurumaietan bere legea erakusten zebillen egun oietatik batean, Taborko mendi ondora alderatu zan, eta emen agertu nai izan zan bere edertasun eta anditasun guzian. Bere Pasio eta eriotzaren gañean Apostoluai itzegin zienetik seigarren egunean, Pedro, Juan eta Santiago ez, beste guziak mendiaren oñean utzita, iru Apostolu aiekin tontorrera igo zan, eta beti bezala otoitzari eman zitzaion, eta iru Apostoluak loakartu zituen. Bitarte onetan Jesusen gorputzak beste antz eder bat artu zuen. Arpegiak eguzkia zirudien, eta soñekoak distiatuak eta elurra bezain zuri jarri ziran. Jesusen albo bietan Moises eta Elias agertu ziran, eta Jesusekin itzketan ziarduten. Milla eta bost eun urte baziran Moises il zala, eta bederatzi eun Elias gizonen begietatik ezkutatu zala: baña Jainkoaren esana egiteagatik, zeuden lekuak utzita emen agertu ziran. Iru Apostoluak esnatu ondoan, begietako miragarri hura ikusi zutenean batetik, eta beren maisu andiak Jerusalenen laster igaroko zituen neke, oñaze eta gurutzeko eriotzaren gañean itzegiten aditu ziotenean bestetik, arri egiñik geratu ziran, itzegiteko ere kemen gabe. Pedrok bakarrik biotza izan zuen esateko: Jauna, on da gu emen izatea: iru bizi-leku dagizkigun, bat Zuretzat, bestea Moisesentzat eta irugarrena Eliasentzat. Pedrok onela ziardun bitartean, odei eder batek irurak estali zituen, eta ots bat irten zan. Apostoluak ots onekin are geiago izutu, eta auzpez jautsi ziran. Orduan Jesusek ukitu zien, esanaz: Ots gora, ez izutu. Alde guzietaronz begiratu zuten; baña Jesus besterik etzuten ikusi, eta Jesus ere len-lengo izaeran. Menditik beeronz abiatu ziran, eta Jesusek agindu zien zer ikusi zuten ez iñori esateko, alik eta illen artetik bera biztutzen zan arteraño, eta isillik, beste lagunai ere esan gabe, gorde zuten.
 

2. Jesusek gaizkindun Apostoluak ezin zutena sendatzen du


 

Menditik zelaiera iru Apostoluakin jatsi zanean, igotzean utzitako jendea ugaritua arkitu zuen. Oien artean aita bat aurkeztu zitzaion, esanaz seme txit aldi gaiztoak egiten zitzaiozkana zeukala, batean urera, bestean sutara erortzen zala eta, arren, arzaz errukitzeko. Jauna, esan zion, Zu emen etzendelako zure ikasleai erakutsi diet; baña ez dute ezer egin. Zure seme ori ekartzu, Jesusek esan zion. Alderatu zitzaionean, deabrua, lenago bezala, asi zitzaion lurrera botaka, eta bitsa zeriola aztarriaka zebillen. Orrela noiz ezkero dago? Jesusek aitari galdetu zion. Txikitatik, aitak erantzun zion. Jesusek deabruari agindu zion irteteko, eta bereala iges egin zuen; baña iltzer bezala utzita. Orduan Jesusek eskutik artuta aitari sendaturik eman zion. Apostoluak min zuten aien esanera deabruak ez iges egitearekin; eta Jesusi, baztertu zanean, isillik galdetu zioten ea aiek sendatu eziña zertan zegoan. Zuek, erantzun zien, ez dezute zuen sinismen gitxiz deabrua bialdu; bada, fede bizi bat bazendute, eta mendi oni esan "Emendik aronz oa", aldatuko litzake. Esan ere bazien, onelako deabruak otoitz eta barauakin baizik etzirala bialtzen.
 

3. Jesusek bere eriotza eta biztutzearen gañean Apostoluai itzegiten die


 

Bere ikasleai gauza oiek onela erakutsi ondorean, Zesareara joanda, emendik Kafarnaumeronz abiatu zan. Jerusalenera alderatzen zan, eta uri doakabe onetan zer gertatuko zitzaion gogoratzeak izutu eta alderagin bear zien; baña Aitaren naia egitera etorri zan, eta ezerk ere atzeratzen etzuen. Bidean amabi Apostoluai berriz eta berriz bere eriotzaren gañean itzegiten zien. Gizonaren semea gizonen eskuetan ipiñia izango da, zion, ilko dute eta iru egunen buruan biztuko da. Apostoluak etziran Maisuaren esanetan sartzen. Eriotza ain lotsagarria izango zuenik etzien gogoak ere ematen, zeren baziekiten zein eskualdi andikoa zan, bere burua gordetzeko, nai izan ezkero; eta ilda geroko biztutzea nola zitekean ezin igerri zioten. Itzketa onetan biotz txit illakin Kafarnaumen sartu ziran.
 

4. Petxa-pagatzea


 

Petxa-biltzalleak bereala Pedrori esan zioten: Zuen Maisuak petxak pagatzen ez ditu? Bai, Pedrok erantzun zion. Eta Jesusgana joan zan, gai onetan itzegitera. Baña Pedrok itzik ere atera baño lenago, Jesusek igerri zion zer zeraman, eta galdetu zion: Lurreko erregeak norgandik petxak artu bear dituzte? Semeetatik edo atzeetatik? Atzeetatik Pedrok erantzun zion; beraz, semeak zor ez dute, Jesusek esan zion. Jesus Jainko zanetik errege guzien erregearen Semea zan, eta gizatasunetik Dabid Erregearen odolekoa; beragatik etzuen petxarik zor. Ala ere, zer esanik izan ez dezaten, Pedrori esan zion: Itsasora zoaz, amua bota eta atzitzen dezun arraiari aoa idiki zaiozu, eta peseta-biko bat arkituko diozu. Pedrok ala egin zuen, eta diru onekin petxa pagatu, eta Maisuagana poz andiarekin itzuli zan.
 

5. Apostoluen arrokeria beeratua


 

Guziak elkarganatu ziranean, Jesusek galdetu zien ea bidean zer itzketa ekarri zuten. Etzioten itzik irauli; lotsatzen ziran, alabañan, Mesiasen Erreinuan nor geiena izango ote zan elean etorri zirala esaten; eta Jesusen galderatik ezagutu zuten, itzketa guzia igerri ziela. Aditu izan zioten ilda irugarren egunean biztuko zala, eta uste zuten bere Erreinua orduan ipiñiko zuela, eta Apostolu danak nork bere burua lenengo mallan ikusi nai zuten, eta Jesusi galdetu ere bazioten nor lenengo izango zan. Baña Jesusek aien andinaiari zegozkion erakutsiak eman ziezten, esanaz: Lenengo nai duena, atzeneko izango da. Gero aur bat artu, eta erdian ipiñi zien, esanaz: Baldin aur egiten ez bazerate, Zeruko Erreinuan zer egiñik ez dezute izango. Aur oietatik bat nere izenean artzen duenak, Ni artzen nau. Begira oietatik iñor ezer utsean beñere iduki ez dezazuten: bada, oien Aingeruak nere Aita Zerukoaren arpegia Zeruan beti dakuste.

Onela beren arrokeria eta andinaia arpegira eman zien, geroz umillak izan zitezen; baña Jesusen esan guziak asko izan etziran, Apostoluen andinaia bear adiña beeratzeko, eta osotoro kendu ere etzan, Espiritu Santuak geroago argi egin zien arteraño.
 

6. Eskandaloaren gañeko itzketa


 

Itzketa onetan ziardutela Juanek, guzien izenean itza artuta, Jesusi esan zion: Jauna, bat ikusi degu, zure izenean deabruak botatzen, eta eragotzi diogu, gu bezala ez darraikizulako. Esan au Juani Jesusek txit gaizki artu zion, eta agindu zion ez berriz alako eragozpenik ipintzeko Jainkoa gloriatu nai zuen iñori; eta emendik oña artuta gaitzbide edo eskandaloaren gañean itzegin zien, esanaz: Nigan sinisten duten oiei gaitzerako bidea ematen dienak, obe luke errota-arri bat lepotik lotuta, itsasora botako balukete. Ai munduaren zorigaiztokoa gaitzbideakgatik! Bekaturako bideak izan bearrak dira, bai; baña, ai oiek dakarzkien gizonaren zorigaiztokoa! Jesusek bere Apostolu eta ikasleai esan oiekin erakutsi nai izan zien, ona egiteko eragozpena eta gaiztorako bidea besteri emateak zein ikuskizun andia dakarren, ez bata eta ez bestea egin zezaten.

Gero berriz esan zien: Gizonaren Semea galduak salbatzera dator. Zer iritzitakoak zerate? baldin eun ardi dituen bati bat galtzen bazaio, larogeita emeretziak basoan utzita, galdu bakar aren eske abiatzen ez da? Eta arkitzen badu, onekin geiago poztutzen da, beste larogeita emeretzi ezkutatu etzitzaiozkanakin baño. Onela, bada, zuen Aitak ez du nai txikitxo oietatik bat ere galdu dedin.
 

7. Lagun urkoari barkatzearen gañeko itzketa


 

Beragatik zure anaiak zure kontra gaizki egin badu, gaiztorako bidea zuri emanaz, zoazkio eta buruz burulotsa eman edo erreprenditu ezazu; aditzen badizu, zere anaia irabazi dezu; baña enzuten ez badizu, lagun bat edo bi artu itzatzu, bi edo iruk agiria eman dezaten. Baldin oiei aditzen ez badie, Elizari esaiozu; eta baldin Elizari ere aditu nai ez badio, Jainko egiazkoa ezagutzen ez duen fedegabekotzat artu ezazu. Egiaz esaten dizutet, zuek lurrean lotutzen dezuten guzia, Zeruan lotua izango dala, eta lurrean askatzen dezutena, Zeruan askatua izango dala.

Orduan Pedrok, Jesusi ondora joanda, esan zion: Jauna, nere anaiak zenbat aldiz niri gaizki egingo dit, eta nik barkatuko diot? zazpi aldiz? Jesusek erantzun zion: Ez zazpi aldiz, baita irurogeita amar aldiz zazpitan ere, esan onekin aditzera emanaz beti-beti barkatu bear zaiola. Gero Jesusek esan zion: Zeruko Erreinuak dirudi bere serbitzariai kontuak artu nai ziezten erregea. Au asi zan kontuak eskatzen, eta aurkeztu zioten amar milla talentu, au da, irureunda amasei milloi eta zortzieun milla erreal bezalatsu, zor ziozkan morroi bat. Zor andi au zerekin kendu edo pagatu morroiak etzuelako, erregeak agindu zuen serbitzari au, bere emazte, hume eta gauza guziak saltzeko, eta ari zor zitzaiona emateko. Orduan morroiak, oñetan jarrita eskatzen zion, arren, leku emateko, eta dana pagatuko ziola. Erregea errukitu zan, eta ez leku eman, ezen zor guzia barkatu ere zion, eta joaten utzi zion. Andik irtenda zijoala, topatu zuen, oni beroni eun denario, au da, berreun erreal bezalatsu, zor ziozkan morroi-lagun bat, eta lepotik itsatsita, itotzeko zorian zeukala, esaten zion: Nere artzekoa edo zor didakana indak. Lagun zorduna auzpez jarri zitzaion, eta eskatzen zion leku piska bat emateko, eta guzia pagatuko ziola; baña eperik eman nai izan etzion, eta itxian sartu zuen, zorra kitatu arteraño. Beste lagunak eginbide onekin txit atsekabetu ziran, eta nagusiari joan zitzaiozkan, zer gertatzen zan salatzera. Nagusiak serbitzari gogor oni otseginda, esan zion: Serbitzari gaiztoa, nere artzeko guzia nik barkatu nikan, erregutu idakalako; eta i ere ire lagunaz errukitu bear ez intzakan, ni izaz errukitu nindukan bezala? Erregeak, osotoro aserretuta, borreroen eskuetan ipiñi zuen, zor guzia kitatu arteraño. Nere Aita Zerukoak zuekin ere au bera egingo du, baldin nork bere anaiari utsegiñak biotz-biotzetik barkatzen ez badiozka.

Itzketa onetan luzaro Kafarnaumen jardunda, Jesus bere Apostolu eta ikasleakin Jerusaleneronz abiatu zan.
 

8. Irurogeita amabi ikasleen aukera


 

Bidean zijoala, amabi Apostoluak bere ondotik ez uzteagatik, irurogeita amabi ikasle autu zituen, eta ingurumaiko errietara biñaka bialdu zituen, eskubide andiak emanik, bere ordez legea erakustera, esanaz: Lan asko, eta beargilleak gitxi dira. Eta agindu zien denbora jakiñean itzultzeko. Egun oietan jai-egun batean sinagogan bere Apostoluakin sartu zan, eta lege-jakintsu batek galdetu zion ea Zeruko Erreinua irabazteko zer egin bear zan. Jesusek erantzun zion, Legeak erakusten zuena: au da, gauza guzien gañean zere Jaun eta Jainkoa amatuko dezu lenengo, eta zere burua bezala zere lagun urkoa gero. Ori egia da, jakintsuak esan zion; baña jakin nai litzake lagun urkoa nor dan. Jesusek orduan antz-esate edo parabola bat ipiñi zion.

Jerusalendik Jerikoronz gizon bat zijoala, lapurrak bidera irtenda, zeraman guzia kendu, elbarritu eta erdi-illa utzirik, aldegin zuten. Apaiz bat bide berean sortu zan, eta ezertan artu gabe bideari jarraitu zitzaion. Lebita bat berebat eldu zan, eta au ere begiratu gabe aurrera joan zan. Samariako bat alderatu zan eta eria ikusi zuenean errukitu zitzaion; zauriak edo ebakiak olio-ardoakin igortzi, paxakin lotu eta astoan arturik, ostatura eraman zuen, eta gauean kontu egin zion. Iru oietatik, zein uste dezu lapurren eskuetan eroritakoaren lagun urkoa dala? Lege-jakintsuak erantzun zion: Errukitu zana. Bada zoaz, eta ori egizu, Jesusek esan zion. Erantzuera onekin jakintsua utzi zuen zer esan etziekiela. Itzketa au aditzen zegoan emakume batek, deadar egin zuen: Zorionekoa Zu sortu ziñan sabela eta edan ziñituen bularrak.

Fariseo eta jakintsuak bazebilzan onelako galde asko Jesusi egiten, itzetan atzitzen ote zuten ikusteko; baña Jesusek, Jakinduri utsa dan bezala, etzien ezertan ere gaizki esateko biderik ematen. Ikusirik beren beste egin al guziak alperrik zirala, uste izan zuten jan-otordua izango zala zertanbaitean erortzeko garairik onena, eta fariseo baten etxean bazkari bat eskeñi zioten. Jesusek baziekien zertako zan; ala ere, aintzat artu zien, joan zitzaien, eta maiean zeudela zabaldu ziozkaten sare eta amu guziak desegin ziezten, eta erakutsi zien agertu nai zuten ontasun guzia, on-irudi uts bat baizik etzala, eta lotsaturik utzi zituen, lotsakorrak baziran.
 

9. Amar sarnadunen sendatzea


 

Egun oietatik batean, Judearonz zijoala, Samariako alderdian amar gizon sarnati edo lepraz josi irten zitzaiozkan; eta alderatu ere gabe, otsegin zioten: Jesus Maisua, guzaz erruki zaite. Jesusek esan zien: Zoazte eta apaizai aurkeztu zatzakiete; eta apaizetara baño lenago garbituta geratu ziran. Amar aietatik bat, berez samariarra, txit sendatua ikusi zanean, itzulita Jesusi auzpeztu zitzaion, eta oñetan muñ egitez eta eskerrak ematez etzan nekatzen. Orduan Jesusek galdetu zion: Amar ez dira sendatu? Beste bederatziak non dira bada? Etzan Jaunari nork eskerrak eman, atze bat baizik? Ea gora, oraindik auzpez zegoan samariarrari Jesusek esan zion, eta zoaz; bada zure sinismenak sendatu zaitu.

Bazkari eta sarnati oien sendatzearen ondoren laster, arestian aitatutako irurogeita amabi ikasle aiek beren egitekotik itzuli ziran, eta beren lanaren berriak Jesusi eman ziozkaten.
 

10. Fariseoen Jesus galdu naia


 

Jerusaleneronz bidean Jesus bazerraikion, eta jai batean sinagogan sartuta erakusten edo predikatzen ziarduela, emezortzi urtean gaxo zetzan emakume bat sortu zan. Jesusek otseginda, ukitu zion, eta bereala sendatu zan. Fariseoak etzioten lanbide au Jesusi onean artu, jai egunean egin zuelako. Baña bere jakinduri ezin geiagokoarekin aien esan txar eta aitzaki guziak ezereztu eta desegin zituen. Jerusalenen sartu zan, eta zerraizkionai beti erakutsi onak egiten ziezten, eta guziak arriturik uzten zituen. Fariseoak au ezin eraman eta gizonak bialdu ziozkaten eskuak ezartzera; baña oraindik etzan onetarako ordua bete, eta Jesusek esan zienarekin ezer egin gabe itzuli ziran. Bialtzalleak su bizian jarri ziran etzeramatelako, eta batzarra egin zuten il bear zala erabakitzeko; baña Nikodemus Jesusen alde irten, eta aldi onetan lanbide ari gerorako utzi zioten, ez ordea galtzeko amuak botatzeari.

Jesus bazebillen egunez Elizan erakusten, eta gauez Olibeteko mendian otoitz egiten. Goiz batean Elizan erakusten ziarduela, eskriba eta fariseoak eraman zioten emakume, bere senarra ez beste batekin atzitu zutena. Jende guziaren erdian ipiñita, Jesusi esan zioten: Moisesen legeak agintzen du onelako emakumeak arrikatzeko; zuk zer diozu? Jesusek itzik ere esan gabe, makurtu eta beatzarekin lurrean eskribatzen zuen. Fariseoak ikusirik etziela ezer esaten, leiatzen zitzaiozkan, galdetuaz ea zer zion. Jesusek burua jaso, eta esan zien: Zuen artean bekatu egin gaberik bada, arria bota bizaio; eta berriz ere makurtu, eta lurrean eskribatzeari zerraikion. Jesusen esana aditu zutenean, guziak bat-banaka irten ziran, emakumea jendearen erdian utzita. Orduan Jesusek emakumeari galdetu zion: Zure salatiak non dira? Etzaitu iñork kondenatzen? Ez, Jauna, emakumeak erantzun zion, lotsaturik eta malkoak zeriozkala. Ezta nik ere, Jesusek esan zion. Zoaz, eta ez berriz bekaturik egin. Zer Jesusen biguntasuna, eta bekatariak irabazteko eresia!
 

11. Jesusek itsua argitzen du


 

Gertaera onen ondoren Jesus Elizatik irtenda bidean zijoala, jaiotzatik itsu zetorren batekin topoz-topo egin zuen, eta bere ikasleak galdetu zioten: Maisua, nork bekatu egin du, au itsu jaiotzeko? berak edo gurasoak? Jesusek erantzun zien: Ez onek eta ez bere gurasoak bekaturik izan dute: itsu jaio da, Jainkoaren mirariak agertu ditezen. Eguna dan artean, bialdu ninduenaren lan miragarriak egin bear ditut. Gaua badator, eta orduan iñork ezin ezer egin dezake. Munduan nabillen bitartean, munduaren argia naiz. Au esanda, lur piska bat eskuan artu, istua bota eta orea egin zuen; eta ore onekin begiak igortzi ziozkan; eta esan zion: Zoaz, eta Siloe-ko putzuan garbitu zaite. Itsua garbitu zan, eta begiak argitu zitzaiozkan.

Mirari onen otsa bereala zabaldu zan, eta eskriba eta fariseoak aserre bizian sartu ziran, eta gezurtatu naiez zebilzan, baña alperrik: zenbat eta naiago ukatu, anbat geiago agertzen zan. Alde guzietatik jendeak zijoazkion ikustera, elkarri ziotsatela: Au ez da etxe ondoetan eskean egoten zana? Bai, batzuek zioten; ez, aren antzeko bat da, besteak zioten. Baña itsuak deadar egiten zuen: Ni naiz; eta bera ikusitakoan, sinisten zuten. Baña, nola begiak argitu zazkitzu? galdetzen zioten. Jesus deritzan gizon ark, erantzuten zien, loia eginda, begiak igortzi zizkidan, eta esan zidan: Siloeko putzura zoaz, eta garbitu zaite. Joan nintzan eta orain dakust. Fariseoetara eraman zuten, eta aitormen bera egin zien. Jai-eguna zan Jesusek sendatu zuenean; eta fariseoak emendik artzen zuten Jesusgatik gaizki itzegiteko bidea, esanaz jainkozkoa danak jai-egunik autsi ezin dezakeala. Beste askok berriz zioten ea gizon gaizto batek alako mirariak egin zitzakean. Despita onetan ziardutela, berriz ere itsuari galdetu zioten ea zer zeritzan. Profeta da, erantzun zien. Gero gurasoai galdetu zieten ea aien seme itsu jaioa hura zan. Nola bada orain dakus? Guk badakigu, erantzun zuten, au gure semea dala eta itsu jaio zala: baña ez dakigu orain nola dakutsun; berari galde: urteak baditu. Gurasoak onela itzegiten zuten, juduai bildur zitzaieztelako, zeren agindua zeukaten Jesus aitortzen zuena sinagogatik bota zedilla. Itsu argituari gero deitu zioten, eta egiak esan zieztelako, beren artetik kendu zuten. Orduan Jesusek ikusita, galdetu zion: Jainkoaren Semeagan sinisten dezu? Zein da ordea, itsuak erantzun zion, zein da, nik argan sinistu dezadan? Jesusek esan zion: Ikusi dezu, eta zurekin itzketan dagoana da. Sinisten det, Jauna, erantzun zion, sinisten det Jainkoaren Semea zaitudala; eta auzpez jarrita adoratu zuen.
 

12. Fariseoen buruaren etxeko bazkaria


 

Biaramonean Jerusalendik irten zan, eta egun gitxi batzuetara fariseoen buruak bazkaltzera etxera eraman zuen, ezertatik eldu ote zitzaiokean ikusteagatik. Eriak bereala ziekiten Jesus nondik nora zebillen, eta ur-miña zeukan gizon bat joan zitzaion bazkaltzen zuen etxera. Jai-eguna zan, eta esankizunik izan etzezaten, maikoai galdetu zien ea jai-egunean sendatzea zillegi zan. Guziak elkarri begira jarrita, etzioten itzik erantzun. Orduan gaxoa artu, sendatu eta bialdu zuen. Gero fariseoai esan zien: Zuetatik nork, asto edo idi bat jaiean putzura erortzen bazaio, bereala atera gabe uzten du? Etziekiten zer erantzun, eta lotsaturik gelditu ziran. Jesusek lanbide onekin erakutsi zien mirari egiteak jai-egunari etziola ezer kentzen, lenago ere bein baño geiagotan esan izan zien bezala.

Etxe onetan zegoala, beronekin batean afaltzera deituak izan ziranai igerri zien, maiean leku goenenekoakartzen zituztela, eta oietatik bati, besteak aditu zezaten, esan zion: Eztaien batzuetara otsegiten zatzunean, ez beñere mai-buruko eserlekua artu, zu baño lenagokoren bat an arkituta, zu eta au eztaietara eraman zaituztenak, gelan sartzen danean, esan ez dizazun: Oni leku egiozu; eta atzeneko aulkira lotsa gorrian jatsi bearrean ikusi etzaitezen. Kontrara, deitua zeranean, zoaz eta atzeneko aulkian eseri zaite, eraman zinduenak etorrita esan dizazun: Adiskidea, gorago zoaz; eta orduan, guzien aurrean onratua izango zera: bada, goratzen dana beeratua izango da, eta beeratzen dana goratua.

Gero berriz eztaigilleari itza emanda, esan zion: Bazkari edo afari bat ematen dezunean, ez dizaiezula deitu zure adiskideai, ez zure anaiai, ez zure aideai, ez zure auzoai aberatsak badira, oiek ere beren aldian zuri otseginda ordaindu etzaitzaten; ezpada, janen bat eman nai dezunean ots egin zaiezu beartsu edo pobreai, argal edo ezinduai, errenai eta itsuai, eta zorionekoa zu, zeren oiek zuri trukean zer emanik ez duten; eta justuen biztueran saria emango zatzu. Jesusek emen ez ditu gaizki artzen aide eta adiskideak elkarrekin maitaro egiten dituzten eztai-jan neurrizkoak eta billera onak, ezpada etxeen ondagarri eta kalteko diran geiegikoak.

Onen ondoren Jesusek ipui au esan zien: Gizon batek afari andi bat ipiñi zuen, eta askori deitu zien edo konbidatu zituen. Afal-ordua zanean morroi bat bialdu zuen deituai esatera zetozela, bada guzia prest edo ipiñia zegoala. Guziak asi ziran aitzakiak ematen. Lenengoak esan zion: Baserri bat erosi det, eta au ekustera joan bearra daukat; ontzat, arren, eraman zadazu. Bigarrenak esan zion: Bost uztar-idi erosi ditut, eta oien probara edo nola egiten duten ikustera noa; ontzat, arren, eraman zadazu. Besteak esan zion: Emaztea artu det, eta ezin noake. Morroia etxera itzuli zan, eta nagusiari esan zion zer gertatu zan. Orduan nagusiak, aserre bizian sartuta, esan zion: Erriko plaza eta karrikaetara bere-bereala zoaz, eta ekarzkidazu agiri diran beartsu, argal, itsu eta erren guziak. Morroia joan zan; topatu guziak etxera eramanda, maiean ipiñi zituen; eta nagusiari esan zion: Zuk agindua egin det, eta oraindik toki geiago ere badago. Nagusiak esan zion: Bide eta estrataetara zoaz, eta agiri diran guziak sar-erazo itzatzu, etxea bete dedin. Egiaz diotsuet, lenago deitutako gizonetatik batek ere nere afaria ez duela ukituko.

Orra zer epai izugarria Jesusek gizon afari emalle aren aotik eman zuen, bere dei amoriotsuai belarriak itxita, legea zintzo ez gordetzeko aitzaki billan dabilzan bekatarien kontra. Baserria erosi zuenak andinaiekoak adierazten ditu; uztar-ididunak diruzaleak, eta ezkonduak aragikoi edo lujuriotsuak, iru gaitz Jaunaren Eztai betikoetan eseri gabe zenbat anima gaxo uzten dituztenak.
 

13. Seme ondatzallearen parabola


 

Jan ondoan Jesus etxetik irten eta bere ikasleakin Galilearonz joan zan. Jendeak bereala inguratu zuten, eta asi zitzaien esaten zein poz andia bekatari baten ondutzearekin Jainkoak artzen zuen. Eta au obeto adierazteko, beste gauza askoren artean esan zien seme ondatzallearen parabola edo ipui au. Gizon batek bi seme zituen, eta gazteena aitari senipartearen eske jarri zitzaion. Aitak bi anaiai, nori bere zatia eman zien, eta gazteena berearekin urrutietara joan, eta gauza guziak ondatu artean gaiztakeriatik gaiztakeriara ibilli zan. Denbora onetan, alderdi aietan gosete andi bat sortu zan, eta seme ondatzalle oni ere ukitu zion. Bere burua ezer gabe ikusi zuenean, jango bazuen, morrontzan jarri zan, eta nagusiak txerri-zai ipiñi zuen. Ain izaera errukarrira iritsi zan, non txerriai emandako ezkurrak ere pozik jango zitukean; baña etzion iñork ematen, eta berak ere eskurik etzuen, txerriai kenduta jateko. Kontuan jauzi zan, eta zion: Zenbatek nere aitaren etxean ogia naroro jango dute, ni emen goseak iltzen naukan bitartean! Nere aitari joango natzaio, eta esango diot: Aita, gaizki egin det Zeruaren kontra eta zure aurrean. Ez naiz zure semetzat idukitzeko diña: zure morroitzat artu nazazu. Au esan, eta bideari ekin zion. Etxera alderatu ere baño lenago aitak ikusi zuen. Aita onari, semea erreki artan ikustearekin biotza erdiratu zitzaion, eta bidera irtenda, besoak egotzi eta laztandu zuen. Ai, ene aita maitea! seme lotsaz beteak, malkoak zeriozkala, deadar egin zuen: Ai, ene aita biotzekoa! gaizki egin det Zeruaren kontra eta zure aurrean. Zure semearen izenik ere merezi ez det. Aita amorioz beteak bereala morroiai esan zien: Zoazte, eta soñekorik onena ekardazute; janzi, erraztuna beatzean sartu eta oñetakoak ipiñi zaiozkazute. Txal guri-guri bat il, eta bazkaria prestatu ezazute; bada, seme au illa zan, eta biztu da; galdu zan, eta agertu da; eta guziak maiean jaten jarri ziran.

Seme zarrena garai onetan kanpoan zan, eta etxe-ondoratuta ain poz andiko soñuak aditu zituenean, morroi bati galdetu zion ea zer zan. Erantzun zionean zer gertatzen zan, aserretu zitzaion, eta etxean sartu ere nai etzuen. Baña aita oartu zanean esan zion, arren, sartu zedilla. Semeak orduan bere espak agertu ziozkan, esanaz: Onenbeste urtean egin dizut agindu guzia, ezertan ere utsegin gabe, eta antxume bat egundaño eman ez didazu, nere adiskide eta lagunakin arratsalde-gosari bat gozoro egin dezadan. Orain etorri zatzu seme gaizto andre galduakin bere gauza guziak ondatu dituen ori, eta txal gizen bat ilerazorik, ongi-etorria egin diozu. Begira, ene semea, aitak esan zion: zu beti nerekin zaitut, eta nere gauza guziak zureak dituzu; bada, txit bidezkoa da, guk bazkari bat egin eta poztutzea etorri zakunean zure anaia ilda zegoana, eta biztu dana; galdua zana, eta agertu dana.

Ara emen bekatari baten irudi mene-menetakoa. Seme ondatzalleak adierazten digu, bekatuan sartu eta itsututako bekatari ezeri ere begiratzen ez diona, bere gogo gaiztoak asetzearren. Seme aitagana itzuliak erakusten digu, bekataria, bere bekatuak ezagutu dituenean, zer biotzekin itzuli bear dan, eta zein ondo Jainkoak artua izango dan. Berri txit pozgarria bekataririk andienentzat ere! Jainkoa, alabañan, prest daukate, egiaz damututa badijoazkio, beso zabalakin artzeko.
 

14. Aberats saiearen parabola


 

Fariseoak ondasunetara ere txit etziñak ziran, eta Jesusek gai onetan ere erakutsi nai izan zien zein gaitzki egiten zuten, diru-zaleegiak izatea; eta esan zien aberats saiearen parabola edo ipui au. Gizon aberats bat zan eun me-mez eta sedaz txit ederki apaindutzen zana, eta mai guziz ona egunoro zeukana. Eta eskale bat, berriz, Lazaro zeritzana, zauriz alde guzietatik josia, aberats aren etxe atarian egoten zan, aren maiko apurrak jango zitukeanean. Baña iñork ezer ematen etzion: txakurrak bakar-bakarrik zetozkion, eta zauriak miazkatzen ziozkaten. Eskalea il zan; eta aingeruak Abrahamen ondora eraman zuten. Aberatsa ere il zan eta infernura amildu zan. Emengo su garretan zetzala, aberats zorigaiztoko onek zeruronz begiratu zuen, eta Abraham eta onen alboan Lazaro ikusi zituen. Orduan deadarrari eman zitzaion, esanaz: Aita Abraham, nizaz erruki zaite, eta Lazaro bialdu zadazu, bere eskuko beatza urean bustita, nere mingaña zerbait oztu dezan; bada, emen kiskaltzen natza. Abrahamek erantzun zion: Oroitu zaite, zure bizian ondasunak izan ziñituela, eta Lazarok nekeak; orain, emen Lazaro atsegiñetan dago, eta zu or garretan. Onezaz gañera, zuen eta gure artean leize andi, emengoak orrera edo orkoak onara aldatzea eragozten duena dago. Au ezin badateke, aberatsak esan zion, benik-bein, aita Abraham, arren, Lazaro bialdu ezazu nere aitaren etxera; bada bost anaia ditut, eta esan dizaien emen zer gertatzen dan, aiek ere suzko leku onetara ez datozten. Moises eta profetak badituzte, Abrahamek erantzun zion, aditu bizaiete. Aberatsak esan zion: Ez, aita Abraham: baldin ildakoetatik bat badijoakie esatera, penitenzia egingo dute. Moises eta profetai aditzen ez dietenak, Abrahamek erantzun zion, ilda biztutakoari ere ez diote adituko.
 

15. Fariseo eta publikano erregutzalleen parabola


 

Jesus etzan aspertzen zerraizkionai ondo erakusten, eta lanbide onetan ziarduela, Jaunari erregutzeko eta eskatzeko dan premiaren gañean itzegin zien. Lenago ere gai bera askotan jo izan zuen; baña esan al guzia geiegi etzeritzan. Esan zien beingoan eta bitan iritsi ez arren, etsi bear ez dala, eta ez aspertu ere, bada, eskatzen zaiona ematea zenbat aldiz luzatzen badu, gure onagatik dala. Esan ere zien, umiltasun andiarekin eskatu bear zaiola; eta fariseoak berez ain arroak izanik, esan zien ipui au.

Bi gizon Elizara joan ziran erregutzera, bata fariseoa zan, eta bestea publikanoa. Fariseoak, zutik jarrita, beregan zion: Jauna, eskerrak ematen dizkizut, ez naizalako beste gizon lapur, bidegabekeriak egiten dituzten, beren bizi-laguna ez bestearekin dabilzanen antzekoa, publikano au dan bezala. Astean bi aldiz barautzen det; amarrenak osoro egiten ditut. Publikanoa, berriz, urrutitik begiak jasotzeko ere biotz gabe bular-joka zegokion, esanaz: Jauna, kupidaz begira zadazu, ni bekatari andi oni. Orain bada, Jesusek esan zien, mene-menetan diot, Elizatik etxera publikanoa joan zala garbitua, eta ez fariseoa, zeren goratzen dan gizona, beeratua izango dan, eta beeratzen dana goratua.
 

16. Zakeoren umiltasuna


 

Joan-etorri oietan Jesus zebillela, Zakeo zeritzan publikanoen andizki txit aberats batek Jesus ikusi nai zuen; baña gizon txikia zalako, ezin zuen. Jesusekin zebillen jendearen aurretik joanda, basa-piku batera igo zan, Jesus andik igarotzean ikusteko. Jesus alderatu zan, eta piku gañean ikusi zuenean, esan zion: Zakeo, beera atozkit; bada gaur zure etxean ostatuz gelditu bear naiz. Zakeo bereala jatsi zan, eta poz andiarekin etxean artu zuen. Juduak bereala gaizki-esaka jarri ziran, Jesus publikano baten etxean sartu zalako. Baña onetarako biderik izan etzezaten, Zakeo zutik zegoan, bere umiltasun eta beeratasuna adierazteko; eta zion: Nere ondasunen erdia bearrean daudenai ematen diet; eta iñori kalterik egin badiot, lau geiagorekin ordaintzen det. Orduan Jesusek esan zion: Etxe onetara ona gaur etorri da, zeren au ere Abrahamen umea dan; bada, gizonaren Semea etorri da galdua billatzera eta salbatzera.
 


Seigarren Irakurgaia

1. Jerusalendik Betaniara Jesusen joanera


 

Gertaera oien ondoren bereala, Jerusalenera joan eta Eliz-pestak ziralako egun batzuek emen igaro zituen, geiago eta geiago erakusten; baña alde batetik asko beretzen bazituen, bestetik hura ezin ikusi zutenak ere, endamas eskriba eta fariseoak, su bizian sartzen ziran, eta arrikatzeko asmoak artu ere bazituzten. Baña Jesusek oraingoan ere etzien galtzen utzi; eta Jerusalendik irtenda, Jordanen jaiotaldeko Betaniara joan zan, eta iru illabete urrean emen egin zituen, bere bizia emateko ordua bete zai. Bitarte onetan joan zitzaiozkan Jerusalengo asko, bere erakutsi on eta mirariakin argitu zituen eta sinistu ziotenak. Oietatik geienak San Juan Bauptistaren ikasle izanak ziran, eta Jesusgana osotoro jarriak, beren maisu zanak Jesusgatik esandako guzia gertatzen zalako. Emen ere baziardun eriak sendatzen eta erakutsi onak ematen: baña asmo garbiko askoren artean, ezin ikusi zuten fariseoak ere inguratzen zitzaiozkan, nola zertanbaitean atzituko ote zuten, beste egiteko gabe.

Asmo onekin bereala itzegin zioten, batek bere emaztea noiznai uztearen gañean, esanaz Moisesek ere esku-aldiau eman izan zuela. Jesusek erantzun zien, aien biotz gogorrai begiratuta, eskubide au Moisesi emanerazo zitzaiola; baña ezkontza gizonen asieratik betikoa zala, eta aurrera ere ala bearko zala, bizi-laguna beñere uzteko esku gabe. Bada, zion, bein Jainkoak bat egin zituenak, gizonak ezin banakatu ditzake.

Gero aur batzuek eraman ziozkaten, eskuakin ukitu eta oiekgatik erregutu zezan. Apostoluak aur-zaien kontra aserretu ziran, eta atzeratu nai izan zituzten; baña Jesusek lanbide au etzien Apostoluai ontzat artu, eta esan zien: Aurrai utzi zaiezute datozkidan; bada Zeruetako Erreinua oiena da. Eta besarkaturik, bedeinkatu zituen, eta bialdu. Gero aurren erru-eza edo inozenziari zenbat nai zion adierazteko, esan zien: Nere Ebanjelioa aurtxo batek bezain argi eta garbi artzen ez duena, Jainkoaren Erreinuan sartuko ez da.

Egun oietatik batean, erri batetik bestera zijoala, gazte aberats bat oñetan belaunikatu zitzaion, eta galdetu zion: Maisu ona, zer egingo det betiko bizitza irabazteko? Zeruan sartu nai badezu, Jesusek erantzun zion, aginduak gorde itzatzu. Zer agindu? gazteak galdetu zion. Iñor ez dezu ilko, Jesusek erantzun zion; iñoren ezkontzarik ez dezu loituko; ez dezu ostuko; ez dezu ez danik iñorgatik esango; ez dezu bide ez danik egingo; zure aita-amak onratuko dituzu; eta lagun urkoa, zerori bezala maite izango dezu. Ori guzia beti-beti egin det. Zer geiago egin bear det? Jesusek begiratu zion eta amatu zuen, Ebangelio Santuak dio. Bereala esan zion: Obea izan nai bazera, zoaz, dezun guzia saldu, beartsuai eman eta nerekin atoz. Itz oiekin gaztea estutu zan, eta biotz txit eroriarekin aldegin zuen, zeren ondasun andien jabe zan. Gazte hura, ez dirudi ain illa geratu zala bere ondasunak uzteko miñez, ezpada onetarako bear adiña indarrekin arkitzen etzalako. Onegatik Jaunaren aurrerako zer ikusirik etzuen, zeren eskatzen ez duen bizitza onena, ezpada ona; eta bere ondasunak ondo eta zuzen erabilliaz, au egiteko asmoarekin, guziak utzita Jesusi jarraitzeko adiña indar arkitzen etzitzaion ezkero, bere etxera itzuli zan.
 

2. Aberastasunen gañeko itzketa


 

Jesusek emendik oña arturik, ondasunen eta oiek zeuzkatenen gañean itzegin zien. Zein gaitz izango da aberatsak Jainkoaren Erreinuan sartzea! esan zien. Ikasleak esan onekin arritu ziran; baña Jesusek bere itzketari baziardun, esanaz: Gamelu bat jostorratzaren begitik igarotzea errazago da, aberats bat Zeruetako Erreinuan sartuko dan baño. Ikasleak geiago eta geiago arriturik, elkarri ziotsaten: Nor salbatu al diteke? Orduan Jesusek adierazo zien, Jainkoak aberatsari erakutsiko diola ondasunakin zer egin bear duen, eta oietan biotza geiegi sartu gabe, nola bizi bear dan, aiek betiko ondamenerako bideak izan ez dakizkion.

Pedro besteak baño beti biziagoak esan zion: Jauna, ara emen gu, gauza guziak utzita garraizkizunok: guzaz zer izango da? Mene-menetan diotsuet, Jesusek erantzun zien, niri jarraitu zatzazkitenok, munduaren atzenean gizonaren Semea bere gloriako jarlekuan esertzen danean, zuek ere amabi aulkitan eseriko zerate, Israelko amabi Tribuak juzgatzeko. Eta bere etxea, edo senideak, edo gurasoak, edo emaztea, edo semeak edo lur-bazterrak nigatik uzten dituenak, baten truke eun artuko ditu, eta gero betiko bizitza.
 

3. Langilleen parabola


 

Juduak beren buruak ontzat, eta gañerako guziak gaiztotzat idukitzeko griña zuten, eta Jesusek parabola au esan zien. Zeruetako Erreinua, goizean goiz bere mastirako langilleen eske irten zan etxeko buruaren antzekoa da. Langilleak arkitu zituenean, bakoitzari erreal biña eskeñita, bearrera bialdu zituen. Berriz ere bederatziak aldean irten zan, eta berebat esanda, bialdu zituen. Geroago ere irten zan, eta plazan geldi arkitu zituenai esan zien: Nere mastira zoazte, eta bidezkoa dana emango dizutet. Berriz eta berriz ere amabiak eta arratsaldeko irurak inguruan irten zan, eta plazan topatu zituenai esan zien: Emen egun guzian alperkerian zertan zaudete? Erantzun zioten: Nork otsegiñik ez degulako gaude. Zoazte, bada, zuek ere nere mastira, esan zien.

Eguzkia sartu zanean, nagusiak maiordomoari agindu zion, langilleai otsegin eta atzenekoetatik asita lenengoetarañoko guziai beren alogera edo jornala emateko. Atzena joandakoak erreal-biko bana artu zutenean, lenengoak uste izan zuten, alogera andiagoa emango zietela; baña guziak berdin egin zirala ikusi zutenean, nagusiaren kontra gaizki-esaka zerasaten, esanaz: Atzeneko oiek lanean ordu bete baizik egin ez dute, eta egun guziko nekea eta eguzkia artu degunokin bat egin dituzu. Nagusiak bati erantzun zion: Adiskidea, bear ez danik egiten ez dizut. Erreal-biko bat emateko geratu ez giñan? zuk zerea ar ezazu, eta zoaz; bada, nik oni zuri ainbat eman nai diot. Edo nerearekin nai dedana egin ez dezaket? edo zure begia gaiztoa da, ni ona naizalako? Atzenekoak lenengo, eta lenengoak atzeneko izango dira. Deituak asko dira, esleituak, ordea, gitxi. Itz oiek juduentzat itz ikaragarriak ziran, eta gu kristauentzat ere berebat dira, eta egin al guzian nekatzera ipiñi bear gaituzte, gure salbazio, ain galbide andian dabillena, irabazteko.
 

4. Jesusek bere eriotzaren gañean Apostoluai itzegiten die


 

Jesusen ilbearra urreratzen zan; eta Betanian bi illabete eta erdi arestian aitatu diran gertaeraetan eginda, artu zuen Jerusaleneronz abiatzeko asmoa. Uri doakabe onen izenak Apostoluak txit izutzen zituen, zeren gogoan zeukaten lenagoko aldietan ere Jesus zein gaizki ikusia eta artua izan zan. Jesusek, bada, bildur oni igerritzen zion, eta zerraikion jende artetik Apostoluak aterarik, iñoiz lenago ere bezala, esan zien: Ea, Jerusalenera bagoaz, eta gizonaren Semeagatik profetak esandako gauza guziak egingo dira. Ipiñia izango da apaiz-buruen, eskriba eta fariseoen, eta erriko zarren eskuetan, zeñak erabakiko dute il dedilla. Gero jentillai emango diete, il dezaten. Oiek berriz isekatu, txistuz bete, zeatu, gurutzean josi eta ilko dute. Baña irugarren egunean biztuko da.

Juduak uste zuten Mesias lurrera zetorrenean, mundu guziko erregetzat jarri eta erri guziak mendean idukiko zituela; eta Apostoluak ere, oraindik uste berean zeuden. Eta Jesusi aditu ziotenean, ilda irugarren egunean biztuko zala, pensatu zuten erreinaldi andi hura orduan asiko zala. Au gogoan arturik, Juan eta Santiago Apostoluen ama bere bi semeakin Jesusi urreratu zitzaion, agur egiñaz eta zerbaiten eske. Zer nai dezu? Jesusek galdetu zion. Jauna, amak erantzun zion, nik nai dedana da, Zuk nere bi seme oiek zure Erreinuan bata eskuian eta bestea ezkerrean artu ditzazula. Jesus semeai begira jarri zitzaien, eta esan zien: Ez dakizute zeren eske zaudeten. Edan dezakezute nik edango dedan edakaia edo kaliza? Esaten bazien bezala, nik eramango ditudan oñaze eta miñak eramateko adiña indar eta biotz izango dezute? Badezaguke, erantzun zioten. Bai, Jesusek esan zien: Nere kaliza edango dezute, baña niri ez dagokit nere eskuian edo ezkerrean artzea, nere Aitak prestatuta daukaenai baizik. Bi aien kontra beste amar Apostoluak aserretu ziran; baña Jesusek esan zienean gizona zein argala eta ezjakiña dan, eta nola bear ez diran gauza asko eskatzen dituen, paketu ziran.
 

5. Itsu baten argitzea


 

Itzketa onetan bidean zerbait luzatu zuten, eta Jerikora alderatu zanean, bide ondoan eskean egoten zan itsu batek jendeari galdetu zion: Or zer dezute? Jesus Nazaretekoa dijoa, erantzun zioten. Itsuak bereala deadarrari eman zion: Jesus, Dabiden Semea, nizaz erruki zaite. Aurretik zijoazenak isilerazo nai zuten; baña itsuak geroago eta ots andiagoarekin esaten zuen: Jesus, Dabiden Semea, nizaz erruki zaite. Jesus gelditu zan, eta itsuari, aurrean artuta, galdetu zion: Zer nai dezu nik egin dizazudan? Argitzea, Jauna, erantzun zion. Ikusi ezazu, Jesusek esan zion, zure sinismenak sendatu zaitu. Itsua argitu zan, eta Jesusi besteen artean jarraitu zitzaion.
 


Zazpigarren Irakurgaia

1. Lazaroren gaitza eta eriotza, eta biztutzea


 

Jesus Jerikon sartu zan, eta errian eta auzoetan bere erakutsi onak ematen zebillela, gaztigatu zioten, Marta eta Mariaren anaia Lazaro Betanian txit gaizki zetzala. Jesusek Lazaro txit maite zuen, eta albista au artu zuenean esan zuen: Gaitz au iltzeko miña ez da, ezpada Jainkoaren gloriarako, eta beraren bitartez Jainkoaren Semea goratua izan dedin. Baña Jesus etzan beste egun bian Jerikotik Betaniaronzako irten, eta Lazaro ordu gitxiren buruan il zan.

Betaniaronz abiatuta, bidean zijoala bere ikasleai esan zien: Lazaro gure adiskidea lo datza, eta Ni esnatzera noakio. Lo badatza, Apostoluak erantzun zioten, gaitzik ez dauka. Jesusek berriz esan zien: Lazaro il da, eta pozik nago an ez nintzalako, sinistu dezazuten.

Betaniara urreratzen zan, jakin zuenean illik eta lurpeturik lau egun zirala. Progu-etxean judu asko batu ziran, Marta eta Mariari damuan edo miñean laguntzera, eta anaia aztuerazotzera. Martak lenengo jakin zuen Jesus zetorrela, eta bidera irtenda negarrez esan zion: Jauna, Zu emen izan baziña, gure anaia etzan ilko; baña badakit Zuk eskatu guzia Jainkoak egingo dizula. Zure anaia biztuko da, Jesusek esan zion. Badakit, Martak erantzun zion, badakit il guziak biztuko diranean, nere anaia ere biztuko dala. Biztutzea eta bizitza Ni naiz, Jesusek esan zion, eta Nigan sinisten duena, il bada ere, biztuko da. Nigan bizitzen dana eta sinisten duena, sekulan ez da ilko. Au sinisten dezu? Bai, Jauna, Martak erantzun zion, sinistu det Zu zerala Jesu Kristo, Jainko biziaren Seme mundura etorri zerana, Zugan sinisten dutenak salbatzera.

Mariak etziekien Jesus zetorrenik, eta Martak isillik esan zionean Jauna an zala eta deitzen ziola, zegoana zegoan lekuan utzita, Jesusi bereala bidera joan zitzaion, eta oñetan auzpezturik, negarrez esan zion: Ai Jauna, zu emen izan baziña, etzan nere anaia ilko. Etxera poztutzera joan zitzaiozkan juduak, ikusi zutenean etxetik bat-batetan irteten, ondoren jarraitu zitzaiozkan, gorputz-illa zetzan tokira negar egitera zijoalakoan. Baña oiek ikustera orduko, hura Jesusen oñetan auzpez zetzan, eta negarrari eman zioten. Jesusek bata eta besteak negarrez ikusi zituenean, barruna illundu zitzaion, eta nastu zan. Non ipiñi zenduten? Jesusek galdetu zien. Atoz, Jauna, eta ara emen, erantzun zioten. Guziak obira edo sepulturara joan ziran, eta Jesusek ikusi zuenean negar egin zuen. Orduan juduak esan zuten: Ara zenbat nai zion. Baña baziran esan zutenak: Jaiotzatik itsu zetorrena argitu zuen onek, ezin zezakean bere adiskide au bizirik gorde? Esan onekin Jesusen biotza are geiago il zan; bada itz oietan, dirudienez, esan nai zuten, edo itsua etzuela argitu, edo Lazarori bizia gordetzeko eskubiderik etzuela, eta naiz batarekin, naiz bestearekin, Jesusi bidegabekeria andia egiten zitzaion.

Jesus, bada, joan zan obira, zeña zan lur-zulo arri andi batekin estalitako bat. Arri ori kendu ezazute, Jesusek esan zien. Jauna, kiratsa dario, Martak esan zion; bada, lau egun dira il zala. Marta, Jesusek erantzun zion, ez dizut esan, sinisten badezu, Jainkoaren gloria ikusiko dezula? Orduan Jesus, begiak zeruronz ipiñirik, Aitari itzegiten asi zitzaion: Aita nerea, eskerrak ematen dizkizut, aditu didazulako. Baniekien, bai, beti aditzen didazula; baña esan det, inguratzen nautenak sinistu dezaten Zuk bialdua naizala. Guziak zekusten lur-zuloan arrak gora-beera zebilzkion gorputz-illa, eta zer gertatuko ote zan jakin naiez zeuden. Jesusen ikasle, mirariak ikusten ain oituak, lenagoko guzien azkarria ikusteko ustea zuten. Lazaro zanaren bi arrebak ere larri ziran. Adiskideak, ikusiko zana lenbait-len ikusi nai zuten. Orduan Jesusek ots andi batekin esan zuen: Lazaro, atoz kanpora. Eta berealaxe obitik irten zan. Esku-oñak lotuta zeuzkan, arpegia zapi batekin estalia eta gorputza maindire batean bildua. Jesusek agindu zuen askatzeko, eta Lazaro zutik osasun betean jarri zitzaien.

Begira zeuden judu askok sinistu zuten Jesus Mesias egiazkoa zala, eta eskriba eta fariseoai joan zitzaiezten, Lazaro nola biztu zan eta Jesusek onekin egindako guzi-guzia esatera. Berri au bazan eskriba eta fariseoak, besterik izatera, ezagueran sartzeko adiña; baña sinisgogorregiak ziran, eta Jesusen kontra su biziagoak artu zituen.
 

2. Jesus iltzeko asmoak artzen dira


 

Ikusirik egunoro eta argiro egiten zijoan mirariak ezin ukatu zitezkeala, eta bildurturik geldi utzi ezkero, denbora gitxiren epean jende guzia beretuko zuela, batzarrean bildu ziran, lenbaitlen eskuak egotzi eta galtzeko bideak artzera. Zertan gaude? batzarrean elkarri esaten zioten. Gizon onek mirari asko egiten ditu, eta pakean uzten badiogu, guziak sinistuko diote, eta erromarrak etorriko zazkigu, eta gure bazter eta jende guzia artuko digute. Denbora onetan Anasen sui Kaifas apaiz nagusi egiten zuenak esan zien: Zuek ezer ez dakizute. Konbeni da gizon bat iltzea, erriagatik eta jende guzia galdu ez dedin. Itz oiekin aldeaurrez esan edo asmatu zuen, nola Jesus gu guziokgatik ilko zan. Batzar onetan, bada, erabaki zan Jesus il zedilla, eta agindu zuten, Jesus nondik nora zebillen ziekienak batzar edo tribunalari berri eman zizaiola.

Jesus bitartean Lazaro, Marta eta Mariaren etxetik irtenda, egun erdiko bidean, Efrengo urira joan zan. Emen egin zituen astelenetik ostiral arteko egunak, bere ikasleai erakusten eta Jerusalenen igaroko ziran gauza arrigarriak ikusteko prestatzen. Ostiralean ostera Betaniara itzuli zan; baña etzan Lazaroren etxean larunbat illunabarreraño sartu. Iru senide zorioneko aiek beren Jaun eta Ongillea beren artean berriro ikusi zutenean, zer egin etziekiten, artutako mesede andi ari zegozkion esker onak emateko. Bereala afari eder bat prestatu zuten Simon Lepratsuaren etxean, eta maiean jarri ziran Jesus bere Apostoluakin, eta Lazaro biztu-berria ikustera joan zitzaiozkan bere adiskide askorekin. Mai-serbitzoan, beti bezala, Marta zebillen, eta Maria aurkeztu zan libra bat okendu garbi ontzi eder batean zuela. Jesusi aurrean auzpeztu zitzaion; oñak okenduz aurrena igortzi, eta gero bere buruko illearekin leortu ziozkan, eta etxe guzia usai gozoz bete zan.

Lanbide au gaizki artuko zuenik etzirudien izango zala, batez ere noiz eta nori egiten zitzaion begiratu ezkero; baña izan zan bat, eta au Apostoluen artean, ontzat eman etzuena. Judas Iskariote apostolu eskergabeko saldu ark esan zuen: Zertako okendu au salduta, artuko ziran irureun erreal-biko beartsu pobreai eman etzaiezte? Judasek zeraman Jesus eta Onekin zebilzanen artu-eman guzia; eta iñoren gauza zalea izanik, aren eskuetaratzen zanetik zerbait isillik beti gordetzen zuen, eta orain ere griña berak espa hura ateraerazo zion, ez beartsuai laguntzeko gogoak. Jesus, Judasek ondo edo gaizki itzegin zuela erabaki gabe, Mariaren alde irten zan, eta esan zuen: Utzaiozute; bada nerekin lan ona egin du. Beartsuak zerokin beti izango dituzute, ez ordea Ni. Onek zezakeana egin du. Nere gorputza obirako lendanaz igortzi du. Egi-egiaz esaten dizutet, Ebanjelioa erakutsiko dan leku guzietan, mundu guzian, emakume onek nerekin egin duena ere bere oroipen onerako esango dala.

Apaiz-buruak ernegatzen zebilzan, Lazaro biztua izan zan ezkero, Jesusi are jende geiago eta eresi andiagoan zijoakiola ikustearekin; eta artu zuten Lazaro iltzeko asmoa. Baña, zer itsumena! Gaitzak illa biztu zuenak, ez ote zezakean gizonak illa biztu? Lazaro berak illarekin Jesusi lenagoko eskubidea kenduko ote zioten? Ezagutu zuten nonbait, zorakeria andi bat izango zala, edo beren buruak geiago agertzea baizik etzutela iritsiko; beintzat, asmoa artu bazuten ere, il gabe utzi zioten.
 

3. Erramu eguneko Jesusen joanera Jerusalenera


 

Jesusek bazekusan zein gorroto andiarekin begiratzen zioten, eta gorroto au beragandik mesedeak artutakoetara ere zabaltzen zala; ala ere, etzitzaien oraingoan ezkutatu. Iltzeko eguna bazetorren, eta biaramonean, Eliz-Ama Santak orain Erramu-Eguna deitzen dion egunean goiz, Betaniatik bere ikasleakin irten zan, eta Betfaje zeritzan Olibeteko mendi ondora eldu zanean, bere bi ikasleri esan zien: Zoazte or aurrean ikusten dezuten etxadi orretara, eta arkituko dituzute lotuta asto-eme bat, eta asto-kume iñor oraindik igo etzaiona. Askatuta ekarzkidazute, eta iñork ezer esaten badizute, erantzungo diozute: Jaunak bear ditu; eta bereala utziko dizute ekartzen. Ikasleak joan ziran, eta Jesusek esan bezala guzia gertatu zan. Isaiasen bitartez anziñatik esana zan: Siongo alaba, ez ikaratu, ara emen zure Erregea umiltasun guziarekin astotxo baten gañean jarria.

Ama-humeak eraman ziozkaten; Apostoluak beren soñekoak txalmatzat ipiñi ziezten: Jesus aurrena amari, eta gero humeari igo zitzaion, eta guziak Jerusaleneronz abiatu ziran. Jerusalendik eta inguruko errietatik jendetza andiak batu zitzaiozkaten; eta Jesusek zeraman bidean, batzuek beren kapak lurrean zabaltzen zituzten; besteak adar ostodunakin bide-ertzak apaintzen zituzten, eta guziak erramu edo olibo ostoak eskuan zeramazkiten, eta andi-txiki guziak deadar egiten zuten: Hosanna Dabiden semea, au da, Dabiden semea, gorde ezazu. Bedeinkatua izan bedi Jainkoaren izenean datorren Israelko Erregea. Hosanna filio David, benedictus qui venit in nomine Domini.

Fariseoak, Jesus ain onratua ikusirik, esaten zuten: Ez dakusute ezer aurreratzen ez degula? mundu guzia berari darraikio! eta batzuek Jesusi albora joanda, esan zioten: Maisua, zure ikasle oriek isilerazo itzatzu. Oriek isilduko balira, Jesusek erantzun zien, arriak itzegingo lukete.

Jesusentzat txit pozgarria zan ainbeste jende beragana jarri eta agur onak egiten ziozkatela ikustea; baña une berean, Jerusalenera alderatuago eta biotza illunagotutzen zitzaion, zeren baziekien egun gitxiren buruan uri doakabe artan gertatuko ziran gauza ikaragarriak. Jerusalen txit maite zuen, eta bere biotz guzia argan zeukan, eta ikustera zanean, negarrari eman zitzaion, esanaz: Ai, Jerusalen, Jerusalen, gaur bederik ezagutuko bazendu zerk on egingo dizun! Baña zure begiak itsutuak daude, eta badator eguna, zure etsaiak inguratu eta alde guzietatik estutuko zaituztena, zure paretak lurrera ezarri, zure semeak il, eta guzia ondatuko dutena, arria arriaren gañean utzi ere gabe, zeren ezagutu ez dezun, ondo ikusi nai izan zaituzten ordua.

Zispuruz eta negarrez Jesus bazijoan, eta uri zorigaiztoko artan sartu zanean, guziak azoratu ziran, eta Jesusekin zijoazenai galdetzen zieten: Zein dakarzute? Orrelako andiustean datorren ori zein dezute? Au Jesus Nazareteko profeta da, erantzuten zuten. Jesus, gelditzerik ere egin gabe, Elizaraño joan, eta Eliz-atarian astotxotik jatsi zan. Begien aurrean jarri zitzaion lenbiziko agirakagarria edo aserrerazo ziona izan zan, orazioko etxea saldu-erosietarako leku egiña arkitzea; eta bere predikuaren asieran bezala, orain ere arpegira eman zien, zein gaizki egiten zuten leku santuan artu-emanetan jarduten.

Saldu-erosleen kontra ain aserretua Jesus ikusi arren, onen bear ziran elbarri, itsu eta gisa guzietako beste eri gaxoak bazijoazkion osasun eske, eta guziak sendatzen zituen. Aur eta gaztetxoak ere inguratu zuten, otsegiñaz: Hosanna Dabiden semea. Apaiz-buruak eta eskribak, ikusirik egiten zituen mirariak, eta aditurik gazte oien bedeinkazioko otsak, sutu ziran, eta esan zioten: Ez dezu aditzen, oiek zer dioten? Bai, Jesusek erantzun zien, aditu det. Eta zuek ez dezute irakurri Profetak diona: Txikitxoen eta bularreko aurren aotik zure alabantza artu zenduen? Esan oni zer erantzunik izan ez, eta isillik aldegin zuten. Oien lekuan, eta oiek baño biotz obeagoko greziar batzuek sortu ziran, eta beren erritar Felipe Apostoluari esan zioten Jesus ikusi nai zutela, eta Jesusgana berekin eraman zituen, eta Elizan sartuta Jesusi aditzen egon ziran.
 

4. Gal-aziaren parabola


 

Jesusek, bada, itzaldia onela asi zuen: Etorri da ordua, gizonaren Semea gloriaztua edo altxatua izango dana; baña onekin gertatuko da gal-aziarekin gertatzen dana. Gal-azia erortzen danean, iltzen ezpada, bakarrik dago; baña iltzen bada, ugaritzen da. Gizonaren Semearekin au bera gertatuko da. Au esatearekin batean gogoratu zitzaion zetozkion iltura edo tormentuen eraman-bearra, eta otsegin zuen: Nere barrua estua dago eta, zer esango det? nori itzegingo diot? Zugana, Aita nerea! zugana nator nere esturasun guzien erdian. Gorde nazazu datorkidan ordu ikaragarri artatik; baña ez orrelakorik, Jainko nerea, Ni ez naiz etorri ilturai iges egiteko, ezpada Zuri eskeñtzeko. Artu zadazu bada, Jauna, egingo dizudan ofrenda, eta zure Izen guziz Santua altxa ezazu. Atzeneko itz oiek esan orduko, Zerutik irten zan ots bat, ziona: Altxatu det, eta altxatuko det. Ots au batzuek turmoi-soñutzat artu zuten; besteak Jaunaren Aingeruaren itz-otsa zala zioten. Baña Jesusek esan zien: Ots au ez nigatik, ezpada zuekgatik izan da, ezagutu dezazuten Jainkoaren Semea naizala. Mundua orain neurtu edo juzgatuko da; mundu onetako agintaria orain kanpora botako da, eta lurretik jasotzen nautenean guzia neretuko det. Itz oiekin aditzera eman nai izan zien, Ebanjelio Santuak dio, gurutzean ilko zala. Orduan juduak esan zuten: Guk gure legean aditu izan degu, Kristok beti iraungo duela, eta Zuk, nola diozu gizonaren Semea gurutzean jasotzea konbeni dala? Gizonaren Seme ori nor da? Oraindik ere zuen artean argi piska batek badirau, Jesusek esan zien, eta argi onek dirauen bitartean ibilli zaitezte, illunak itsumustuan artu etzaitzaten. Illunpean dabillenak ez daki non dabillen; argia dezuten artean, argiagan sinistu ezazute, argiaren humeak izan zaitezten. Esaten bazien bezala, etzitzatela galdu aien artean egingo zituen egun banakak, bada hura il ezkero sartuko zitzaien illunak etziela onik egiten utziko. Ala gertatu zan: Juduak orduko argiari etzioten lekurik eman nai izan, itsutu ziran Egia ezagutzeko, eta gaur dan egunean ere itsutasun onek jende zorigaiztoko argan badirau. Itzaldi onen ondoren illuntzean Jesus bere Apostoluakin Elizatik irtenda, Betaniara Lazaro eta bere bi arrebaen etxera itzuli zan.
 

5. Masti-jabearen parabola


 

Beste egun batean goiz Jesus bere Apostoluakin Jerusalenera joan zan, eta Elizan, leku santuari ez dagozkion gauzak egiten zituztenen kontra bere espasunak berrituta gero, ipiñi zien parabola bat, garbiro adierazten zuena bere laster il-bearra, eta zein bidegabe ilko zuten. Ara parabola. Etxejaun batek masti bat eginda esiz itxi zuen; gero dolare bat eta etxea egiñik, maizterrai beren gañ eman zien, eta urrutietara joan zan. Mats-biltzeko egunak alderatu ziranean, morroiak bialdu zituen errenta eske; baña maizterrak morroi bat elbarritu, bestea il eta irugarrena arrikatu zuten. Nagusiak, berriz ere, lenak baño morroi geiago bialdu zituen, eta maizterrak oiekin ere berebat egin zuten. Orduan masti-jabeak esan zuen: Zer egingo det? Nere seme maitea bialduko diet, eta au ikusita, lotsatuko dira. Maizterrak seme au ikusi zutenean, elkarri esan zioten: Nagusiaren oñordekoa da, ots, il dezagun, eta bere ondadea guretzat izango da. Maizter gaiztoak eldu zioten, eta mastitik aterata, il zuten. Orain, bada, masti-jabea datorrenean, maizterrai zer egingo die? Gaiztoak galduko ditu, eta errenta zuzenago pagatuko dioten beste maizter batzuei mastia emango die.

Eskribak, fariseoak, apaiz-buru eta erriko agintariak Jesusi laster igerri zioten, itzketa au guzia beren asaba profetak il izan zituztenakgatik, eta orain Jainkoaren Semea bera il naiez zebilzan berakgatik zala; baña Jesusi zerraikion jende andiaren bildurrez, etzuten biotzik izan eskuak ezartzeko.
 

6. Errege-semearen eztaien parabola


 

Parabola onen ondoren esan zien beste bat are lotsagarriagoa. Zeruetako Erreinua semea ezkontzeko eztaiak prestatu zituen errege baten antzekoa da. Guzia zuzendutakoan, morroiak bialdu zituen, lendanaz esanda zeudenai etortzeko gaztigatzera; baña etziran etorri nai izan. Berriz ere morroiak bialdu ziezten esatera: Maia ipiñita dago, idi gizen eta egaztiak il dira, eta gañerako gauza guziak prest daude, eta eztaietara atozte. Orduan ere gaztigua etzuten ezertan artu; bata sorora eta bestea bere egitekoetara joan ziran, eta gañerakoak morroiai eskuak egotzi eta farragarri asko egin ondoren, il zituzten. Erregea albista onekin aserretu zan, eta gizon armadunak bialduta, iltzalleak ondatu eta erriari su emanda, auts egin zuen; eta morroiai esan zien: Eztaiak prestatuta daude; esan zitzaienak etziran etortzeko diña. Bidegurutzetara zoazte, eta dakusuten guziari esango diozute eztaietara etortzeko. Morroiak joan ziran, eta arkitu zituzten on eta gaizto guziakin itzuli ziran, eta maia bete zan. Erregea sartu zan maiean zeudenak ikustera, eta eztai-janzia gabe bat arkitu zuenean, esan zion: Adiskidea, nola onara eztai-soñekoa gabe etorri zera? Etzion itzik erantzun. Orduan erregeak bere serbitzariai esan zien: Esku eta oñak lotuta, bota ezazute kanpoko illunetara, non negarra eta orz-karraskotsak baizik izango ez dan.

Emen bukatu zuen parabola, zeñarekin erakusten digu asko ez dala Elizan sartzea, au da, kristau egitea; graziazko soñekoa ere iduki bear degula, salbatuko bagera: eta soñeko au, Jainkoak betiko eztaietara deitzen digunerako beñere kendu gabe gorde bear dala erakusteko, Jesusek ipiñi zuen beste parabola, Eliz-Ama santak ain sarriro Meza Santan irakurtzen digun au.
 

7. Amar birjiñaen parabola


 

Zeruetako Erreinua ezkon-berriai, kriseluak eskuan zituztela, bidera irten zitzaiezten amar birjiñaen antzekoa izango da. Amar birjiña oietatik bost zoroak ziran, eta beste bost zintzoak. Zoroak etzuten berekin oliorik artu; baña zintzoak bai. Esposoaren etorrerak luzatzen zuelako, birjiñak logaletu ziran, eta geroenean loak bota zituen. Gauerdian izan zan ots bat, ziona: Begira, esposoa badator eta bidera irten zatzazkio. Orduan birjiña guziak jaiki eta asi ziran kriseluak zuzentzen; baña zoroak zintzoai esan zieten: Zuen oliotik iguzute, bada, gure kriseluak itzaltzen zazkigu. Eta zintzoak erantzun zuten, esanaz: Zoazte saltzen dan tokira, eta bear dezutena erosi ezazute, guk zuei emanda, gero zuek eta gu batere gabe geratu ez gaitezen. Zoroak olio-erosten ziran bitartean, esposoa etorri zan, eta prest zeudenak eztaietara onekin sartu ziran, eta atea itxi zan. Beste birjiñak gero etorri ziran, esanaz: Jauna, Jauna, idiki zaguzu; baña esposoak erantzun zien: Zin-ziñez esaten dizutet, ezagutzen etzaituztedala. Esnai egon, bada, zeren ez dakizuten zein egun eta zer ordutan deituko zatzuten.

Parabola onek aditzera ematen digu, obra onen olioarekin prestatuta beti egon bear gerala, Jainkoak beste mundura deitzen digunerako. Itzketa oni zerraikiola beste parabola bat ere esan zien. Ara zer.
 

8. Talentuen parabola


 

Gizon aberats batek artu zuen urruti batera joateko asmoa, eta morroiak beregana eramanda, bere dirua eman zien, zeritzan neurri batean. Bati bost talentu eman ziozkan, eta talentu bakoitzak ogeita amaika milla seieunda larogei erreal bezalatsu balio zituen. Beste bati bi, eta besteari bat, eta bere bidean joan zan. Bost artu zituenak irabazian ipiñi, eta beste bost atera zituen. Bi artu zituenak ere, berebat beste bi irabazi zituen. Baña bat bakarra artu zuenak, lurrean zulo bat egin eta gorde zuen. Denbora luzearen buruan, nagusia etxera zan, eta morroiai kontuak eskatu ziezten. Bost artutakoak beste bost eraman ziozkan, esanaz: Jauna, bost talentu eman ziñizkidan, eta ara gañera beste bost irabazi ditudanak. Txit ondo, morroi on eta leiala, nagusiak esan zion; zeren gitxian leiala izan zeran, asko emango dizut: zure Jaunaren pozean sar zaite. Bi artu zituena ere joan zitzaion, eta esan zion: Jauna, bi talentu eman ziñizkidan, eta ara emen, gañera beste bi irabazi ditudanakin. Txit ondo, morroi on eta leiala, nagusiak esan zion; zeren gitxian leiala izan zeran, asko emango dizut: zure Jaunaren pozean sar zaite. Talentu bat bakarra artu zuena ere joan zitzaion, eta esan zion: Jauna, badakit gizon zorrotza zerala, erein etzenduan lekuan segatzen dezula, eta banatu etzenduen tokian biltzen dezula; eta bildurrez, zuk eman ziñidan talentua lurpean gorde nuen: orra non dezun zere-zerea. Morroi gaizto alperra, nagusiak aserrez esan zion, zuk baziñiekien, diozunez, nik erein ez dedan lekuan segatzen dedala, eta banatu ez dedan tokian bildu: beragatik, nere dirua irabazian ipiñi bear zenduen, obariarekin nere-nerea orain nik artu nezan. Kendu zaiozute, bada, talentu ori, eta amar dituenari eman; zeren daukanari emango zaion eta ugaritu: baña ez daukanari, daukala uste duen hura ere kenduko zaion. Orain morroi alper au bota ezazute kanpo illunera, negar eta orz-karraskots lekura.

Jesusek parabola onekin aditzera eman zigun, nork bere doaiakin, asko dituena bezala gitxikoa ere, bere eta besteren salbazioa irabazten nekatu bear dala; eta, ai nagi-alperraren errukarria, ezpadu dezakean guzia bere aldetik egiten! Zein estu Jainkoak kontuak artuko diozkan!
 

9. Atzen juizioaren gañeko itzaldia


 

Oraindañokoan Jesusek antz-irudi edo parabolaetan aditzera ematen zuen, munduaren atzenean guziok neurtzera etorriko dala; baña orain garbiro eta argiro gai onen gañean itzegin zuen. Gizonaren Semea, esan zien, bere anditasun guzian, aingeru guziak berekin dituela datorrenean, bere aulki edo tronoan eseriko da, eta jende guzi-guziak bere ondora bilduko dira. Batzuek besteetatik banakatuko ditu, artzaiak antxumeen artetik ardiak bezala, eta ardiak, au da, onak bere eskuian ipiñiko ditu, eta antxumeak, au da, gaiztoak ezkerrean. Orduan gizonaren Semeak eskui-aldekoai esango die: Atozte, nere Aitaren bedeinkatuok, munduaren asieratik prestatuta dagokizuten Erreinura; bada gose nintzan, eta jaten eman ziñidaten; egarri nintzan, eta edaten eman ziñidaten; arrotza nintzan, eta etxean artu ninduzuten; billosa nengoan, eta estali ninduzuten; gaxo nentzan, eta ikusi ninduzuten; itxian, eta ikustera etorri zintzazkidaten. Orduan onak esango dute: Jauna, noiz, ordea, gosetua ikusi zindugun, eta jaten eman? edo egarritua eta edaten eman? noiz arrotza izan, eta etxean artu, edo larrugorrian, eta janzi? Edo noiz gaxo ikusita, edo itxian zendela, ikustera joan gintzazun? Juezak erantzungo die, esanaz: Egi-egiaz esaten dizutet, nere anaiatxo oietatik bati egiten ziñiotenean, niri egin ziñidaten.

Orduan ezker-aldekoai ere esango die: Nigandik zoazte, madarikatuok, deabru eta bere aingeruentzat prestatuta dagoan su betikora: bada gose nintzan, eta etziñidaten eman jaten; egarri nintzan, eta etziñidaten eman edaten; arrotza nintzan, eta ez ninduzuten etxean artu; billosa nengoan, eta ez ninduzuten estali; eri eta itxian, eta ez ninduzuten ikusi. Eta berak ere erantzungo dute, esanaz: Jauna, noiz ikusi zindugun gosetua, edo egarritua, edo arrotza, edo larrugorrian, edo eri edo itxian, eta ez giñizun lagundu? Juezak esango die: Txikitxo oietatik bati egin etziñiotenean, niri ere etziñidaten egin. Eta oiek su betikora joango dira, eta onak betiko bizitzara. Esan ikaragarria! Epai izugarria! baña gertatuko dana. Emen gogoan artu bear degu, Jesusek onerako edo gaitzerako bere epaia emateko, etzituela gauza andi edo bekatu agiri-agirikoak aitatu, ezpada guk aintzakotzat ere, menturaz, artzen ez ditugunak, nola diran zerbaiten bearrean daudenai laguntzea edo ez laguntzea. Beragatik, etzagu iñoiz ere aztu bear, gure bizitzako on eta ez-onak zein zearo eta zuzen neurtuak izango diran.
 


Zortzigarren Irakurgaia

1. Jesusen Pasioa


 

Eldu gera Jesusen bizitzaren zatirik gogoangarrienera. Munduan igaro zituen egun eta orduak zein baño zeinik etzuten; ala ere, esan diteke atzeneko orduetan egindako gauza andiak eta ez-adituak lengo guzien azkarriak zirala. Oraindaño Jainko gizonaren bizitza ikusi degu; emendik aurrera Jainko gizonaren eriotza ikusiko degu. Orain artean, zebillen leku guzietan, erakutsi onak ematen, Zerurako bidean nola ibilli bear dan esaten, gizonari ona eta ona egiten ikusi degu; gaurgero gizonagandik eta gizonagatik billaukeriarik beltzenak, penarik andienak eta eriotzarik lotsagarriena artzen ikusiko degu. Baña geiago luzatu gabe, sallari garraizkion.
 

2. Jesusen salmena


 

Ordua bazetorren, eta Jesusen betiko etsaiak, Kaifas apaiz nagusiaren etxean batzarrea egin zuten; eta erabaki zan Jesus Nazaretekoa atzitzeko eta bereala iltzeko. Lenago ere au bera erabaki izan zan, ordua bete etzalako egin ez bazuten ere; baña oraingoan artu zuten nolabait galtzeko asmoa. Bi eragozpen aurrean jartzen zitzaiezten: batetik, jendeari bildur zitzaiozkan, zeren asko eta asko ziran Jesusi txit ondo nai ziotenak, eta bildur onegatik guzia isillik eta astegunean, iñor oartu gabe, egin nai zuten; bestetik, guzia naierara egiteko denbora neurtua zeukaten. Batzarra asteazken goizean egin zuten, eta Pazkoa ostiral arratsaldean asten zan, eta bitarte onetan Jesus atzitu, auzi-antza moldatu eta gañerako guzia prestatu nai zuten, Pazkoa asi baño lenago iltzeko. Eta nondik eta nola asiko ziran ezin asmatuz zebilzala, gitxiena uste zezaketen lekutik, erarik onena agertu zitzaien.

Denbora onetan Jesus egunez Jerusalenera joan, eta Elizan erakusten edo predikatzen ziardun, eta gauerako Olibeteko mendira igo eta erregu-aldi luzeak egiten zituen. Egun aietatik batean Betanian, Simon Lepratsua zeritzanaren etxean bere ikasleakin afaltzen zegoala, Maria, Lazaroren arrebak, lenagokoan okendu gozoa oñetara bezala, oraingoan burura bota zion. Judasek etzion ontzat artu, naiago zuelako okendua salduta onen dirua artu, gero beretzat zer gorde geiago izan zezan. Gañerakoan, beste lenagoko afarian gertatu zana bera oraingoan ere gitxi-gorabera gertatu zan. Emen esan ziran itzetatik Judasek, nonbait, ezagutu zuen Jesus laster ilko zala, eta ikusirik berekin zebilzanai zer utzirik etzuela, bere diru-nai zorigaiztokoarekin Satanasi biotzean leku eman zion eta artu zuen bere Maisu ona galtzeko eske zebilzkion etsaiai saltzeko asmoa. Barrun gaizto onekin Betaniatik irtenda Jerusalenera joan zan; eta oraindik batzarrean ziardutela sartu zitzaien, eta esan zien: Zer eman nai didazute, eta nik eskura eman edo entregatuko dizutet? Berealaxe ogeita amar diru zillarrezko eskeñi ziozkaten. Ogeita amar diru oiek, batzuen iritzian, oraingo irurogei erreal balio zuten; besteak, berriz, berreunda ogeita amasei erreal eta erdi diote; baña dana dala, ezertan artzea ere merezi etzutenak, beintzat, ziran, eta gauza uts onen truke Jesus saltzeko itza Judasek eman zien. Itz oiek elkarri emanda, Judas Betaniara itzuli zan, ezer egindako antz gabe. Beste Apostoluak oartu ere etziran Judas kanpoan izan zanik; bada, apostolu galdu onek or-emenak bereala eta isillik egin zituen.
 

3. Pazkoarako prestamena


 

Pazkoako arkumea urte artan ostegun arratsaldean jan bear zan; eta Apostoluak au gogoan zeukatela, ostegunera iritsi ziranean, Jesusi alderatu zitzaiozkan eta galdetu zioten: Non nai dezu Pazkoa jan dezagun? Jesusek Pedro eta Juan bialdu zituen, esanaz: Urira zoazte, eta topatuko dezute lusull edo pegarra urarekin dijoan gizon bat, eta ondoren zoazkiote, eta sartzen dan etxeko nagusiari esango diozute: Maisuak au dio: Afaltokia non da? Nere ikasleakin Pazkoa non jango det? Nere denbora alderatu da. Pazkoa nere ikasleakin zure etxean egitera noa. Orduan afaltoki eder-eder bat erakutsiko dizute, eta bear dan guzia emen presta ezazute. Pazkoa au egiten zan arkume erre, letxuga min, legami gabeko ogi eta ardoarekin.

Gauza guziak zuzendu zituztenean, Jesus bere Apostoluakin Jerusalenera joan zan, eta illunabarreko zazpiretan gitxi-gorabeera maiean eseri zan, bere Apostoluak alboetan zituela. Jaten eta edaten lanotasun guziarekin ziardutela, Jesusek guziai begiratu zien, aitak bere humeai bezala, eta esan zien: Opa-opa nuen Pazkoa au zuekin egitea, il baño lenago; bada, egiaz esaten dizutet, ez dedala berriz jango, Jainkoaren Erreinuan jan dezadan artean. Au esanda, ardoz edanontzi bat bete zuen, Aita Eternoari eskerrak eman ziozkan, eta bere Apostoluai luzatu zien, edan zezaten. Andik laster, alako berri tristerik uste ezin zezaketenean, Jesusek esan zien: Nerekin emen jaten duen zuetatik batek salduko nau. Guziak larritu ziran, eta galdetzen zioten: Jauna, ni naiz? Plateran eskua nerekin sartzen duena da ni salduko nauena, Jesusek esan zien; eta gizonaren Semea badijoa, esanik eta erabakirik dagoan bezala. Baña, ai, gizonaren Semea salduko duenaren zorigaiztokoa! Obe izango zuen sekulan jaio ez balitz! Apostoluak are geiago larritu eta ikaratu ziran, eta asi ziran elkarri galdezka, zein aien artean izango zan onelako gaiztakeria egingo zuena. Judasek, ez jakin eginda, izan zuen biotza Jesusi esateko: Maisua, ni ote naiz? Apostolu billau onek nonbait gogoan etzeukan Jesusi etzitzaiola ezer ere oartzaka egiten, eta jakin nai zuen aren asmo gaiztoai igerri ote zien; baña erantzuera ikaragarri au artu zuen: Zuk esan dezu. Jesusekin Judasen arteko itzketa au isillik noski izan zan; beste Apostoluak, beintzat, geroago ere etziekiten.
 

4. Jesusek Apostoluai oñak garbitzea


 

Afaria bukatzera zan, eta Jesusek adierazo zien gauza andi batzuek buruan zerabilzkiela. Izatez ere alaxe zan; bada, iñori gogoak ere eman ezin zizaiokean miraria egitera zijoan: mundutik irten bear zan orduetan bere Gorputz eta Odol biziak uztera zijoan; Aldareko Sakramentu guziz santua ipintzera zijoan, baña bere burua umiltasunik gogoangarrienera lenago beeratuta.

Jesus maietik jaiki zan, gañeko bere soñekoa kendu, eta esku-zapi edo toaja batekin gerria lotu zuen; ontzi batera ura botata, prestatu zan Apostoluai oñak urarekin garbitu eta zapiarekin leortzeko. Umiltasunaren andia Zeru-lurren Jabearentzat! Apostolu guzien buruari bezala Pedrori bereala asi zitzaion; baña Apostoluak, txit arriturik, otsegin zuen: Zer! Zuk, Jauna, niri oñak garbitu? Nik egiten dedana, Jesusek erantzun zion, zuk orain ez dakizu; gero jakingo dezu. Ez, Jauna, ez, Pedrok esan zion; egundaño ez dizut, Zuk niri oñak garbitzen utziko. Bada Nik ez garbitzera, Jesusek esan zion, ez dezu nerekin zer egiñik izango. Pedro larritu zan, eta esan zion: Jauna, garbitu zazkidazu oñak ez ezen, esku eta burua ere. Jesusek esan zion: Garbi dagoanak, oñak beste garbitukizunik ez du; bada guzia garbia dago, eta zuek garbiak zaudete, guziok ezpada ere. Esan au zeñentzat edo zeñegatik zan, Judasek igerri zion, baña etzan aren biotz arrizkoa biguntzeko adiña izan; eta bere Maisu andi salduta zeukanari utzi zion oñ asko aldetatik zikin aiek garbitzen, damutasunaren antzik ere eman gabe.

Guziai oñak garbitu ondoren, esku-zapia utzita, soñekoa artu zuen eta maiean eseri zan, eta esan zien: Dakusute, zuekin zer egin dedan. Jauna eta Maisua deitzen didazute, eta egia diozute: ala naiz. Orain, bada, baldin Nik zuen Jaun eta Maisu naizan onek, oñak garbitu badizkizutet, zuek ere elkarri garbitu bear diozkazute, zeren erakutsi dizutedan, Nik zuekin egin dedan bezala zuek ere elkarrekin egin dezazuten. Egi-egiaz esaten dizutet: morroia ez da nagusia baño geiago; bialdua ere ez, bialtzallea baño. Au zintzo aditu eta egiten badezute, zorionekoak izango zerate. Zuekgatik ez diardut: badakit zeintzuek autu ditudan; ezpada bete ditezen Eskriturako itz oiek: Nerekin ogia jaten duenak orpoa nere kontra jasoko du. Bertatik eta aldeaurrez, gertatuko dan baño lenago esaten dizutet, gero gertatzen danean sinistu dezazuten Ni naizela Mesias, Jainkoaren Semea. Egi-egiaz esaten dizutet: nik bialtzen dedana artzen duenak, Ni nerau artuko nau, eta Ni artzen nauenak, Ni bialdu nauena artuko du.
 

5. Apostolu saltzallearen kontrako Jesusen espak


 

Umiltasun ezin geiagoko erakutsi onen ondoren, Jesus prestatu zan guganako bere amorio neurrigabea agertzeko. Bere Gorputz eta Odol guziz santuak Aldare Santuan utzi nai zizkigun, baña Apostolu dollor saltzalle bati ematera zijoala gogoratzeak zerbait atzerasan zuen, eta esanerazo zion: Egiaz esaten dizutet, ene Apostoluak, zuetatik batek nere etsaien eskuetan ipiñiko nauela. Irugarren aldia zan Jesusek espasun berak Apostoluai iragarri zieztela. Eta Pedrok ezin eramanik ain biotz gaiztoko gizona aien artean agertu gabe egotea, jakin nai izan zuen nor ote zan, lagun artetik benik-bein bereala kentzeko, besterik ezin egin bazitzaiokean ere. Jesusen eskuitik Pedro eta ezkerretik Juan zeuden. Pedrok guzien burutzat autua zan aldetik bazirudien Jesusi beste bitarteko gabe galdetuko ziola; baña uste izan zuen Juan Apostolu maitea zala, Jaunari alako galde bat egiteko egokiena, eta oni galderazo zion. Juan Jesusen saietsean zetzan, eta era oberik artarako ezin zitekean. Juanek galdetu zion, bada, eta Jesusek erantzun zuen: Nik ogi-puska bat bustita ematen diodan hura da: eta ogi-zerra bustita, Judas Iskarioteri eman zion.
 

6. Aldareko Sakramentu guziz santuaren ipiñera


 

Afari jakiña eginda gero, Apostoluak begira zeuden Jesus noiz jaikiko zan, noranai jarraitzeko; baña Jesusek egin asmo zuen sekula guzian gogoan izango dan lan andi hura, Aldareko Sakramentu guziz santuaren ipintzea. Legami gabeko ogia bere eskuetan artu zuen; Aita Eternoari eskerrak eman ziozkan; bedeinkatu zuen, eta ebakita, bere Apostoluai eman zien, esanaz: Artu, eta jan ezazute: AU DA NERE GORPUTZA, ZUEKGATIK EMANGO DANA. Au nere oroipenean egizute. Gero edanontzia ardoarekin artu zuen; Aita Eternoari eskerrak berebat eman ziozkan; bedeinkatu zuen, eta Apostoluai eman zien, esanaz: Emendik guziok edan ezazute; AU DA, BADA, TESTAMENTU BERRIKO NERE ODOLA, ZUEKGATIK, ETA ASKOGATIK BEKATUEN BARKAZIORAKO ISURIKO DANA. Au egiten dezuten guzian, nere oroipenean egingo dezute.

Itz oiekin, bada, Jesusek ipiñi zuen Sakramentu adoragarri au, zeñetan utzi zizkigun bere Gorputza gure janaritzat, eta bere Odola gure edaritzat. Apostoluai eman zien au bera egiteko eskubidea; baita beren ondorengo edo ordekoak uztekoa ere: eta eskubide onen bitartez Elizak beti izan ditu, dauzka eta izango ere ditu apaiz, ogia Jesusen gorputz, eta ardoa Jesusen odol izatera aldatu dezaketenak.
 

7. Jesus Jerusalendik Getsemanirako bidean


 

Jesusek, afari gogoangarri au eginda, bere Apostoluakin batean eskerrak eman zituen, israeldarrak oitura zuten era eta itzakin. Judas Iskariotek isillik aldegin zuen, bere saldukeriari buru ematera. Eta Jesus beste amaika Apostoluakin afaltegitik eta Jerusalendik irtenda, Olibeteko mendironz abiatu zan. Mendi au Jerusalendik gitxi-gorabera milla pausora zegoan, bitartean Josafateko zelaia zuela. Bere albo batean zegoan Getsemaniko alderria, eta Aita Eternoarekin bere itzaldia egiteko Jesusek autu zuen baratza. Apostoluak Jesusekin bazijoazen, baratza artan ain argaltasun andia agertuko zuten uste gabe, gai au bidean bein eta birretan Jesusek jo bazien ere. Zuek guziok, esan zien, gaur arratsean okerrerako bidea nigandik artuko dezute; bada esana da: Artzaia joko det, eta ardiak sakabanatuko dira. Berri mingarri au gozotzeko, bereala esan zien: Ni biztuta gero, Galileara zuek baño lenago joango natzazute. Itz oiek aditutakoan, Pedro, bere bizitasunez, nonbait aurreratu zan zerbait erantzutera; beintzat, Jesusek berari itza emanda, esan zion: Simon, Simon; ara non Satanasek artzatu nai zaituzten, garia artzatzen dan bezala; baña Nik zugatik erregutuko det, zure sinismen edo fedeak utsegin ez dezan, eta zuk, zure anaiaetara itzulita, fedean sendotuko dituzu. Pedrok erantzun zion: Jauna, beste guziak zugandik gaitzerako bidea artuko balute ere, nik benik bein etzaitut utziko. Egiaz esaten dizut, Jesusek esan zion, egiaz esaten dizut arrats onetan berean ollarrak bi aldiz jo baño lenago, iru aldiz ukatuko nazu. Apostoluak etzion Jesusen esanari bildurrik artzen, eta bere irmotasuna iragarri naiez, esan zion: Jauna, ni prest nago presondegira zurekin joateko eta iltzeko; eta ala bear bada, zurekin batean ilko naiz, eta ez nik zu sekulan ere ukatu. Beste Apostoluak ere berebat esan zuten.

Getsemaniko baratzaronz bazijoazen, eta Jesusek Zedrongo ibai bizia igaro zuenean, baratzan sartu baño lenago, Apostoluai begira jarrita, esan zien: Zizku, zaku eta oñetako gabe predikatzera bialdu zinduztedanean, ezeren ez-izanik edo utsaldirik izan zenduten? Ez Jauna, erantzun zioten. Bada orain zizkua eta zakua dituenak, saldu bitza, eta ez dituenak, bere soñekoa saldu eta ezpata erosi beza: konbeni da, alabañan, nerekin bete ditezen aspaldian esandako itz oiek: Gaiztoakin bat egin zuten. Jauna, Apostoluak esan zioten, ara bi ezpata emen. Asko da, Jesusek erantzun zien; eta bideari jarraitu zitzaiozkan.

Baratzan sartu zanean esan zien: Emen zaudete, eta erregutu ezazute, tentazioan erori etzaitezten, Nik, aurreraxeago joanda, nere otoitz-aldia egin dezadan bitartean. Pedro, Santiago eta Juan Apostoluak berekin artuta, barruragotu zan, eta otoitzari eman zitzaion. Tristuraz bereala bete eta ikaraz jarri zan; eta iru Apostoluai esan zien: Nere anima tristuraz iltzeko zorian dago. Emen zaudete, eta kontu egizute. Arrikada bat bidean aldegin zuen, eta auzpez arpegia lurrean zuela, orazioan jarri zan, eta Aita Eternoari onela itzegin zion: Ene Aita, zuretzat eziñik ez da; egizu kaliza au nigandik kendu dedin; baña ez bedi egin nik nai dedana, ezpada zuk gogo dezuna. Eskaera au eginda, bere iru Apostoluetara itzuli zan, eta lo arkitu zituen, eta Pedrori esan zion: Ordu betean ere nerekin esnai ezin egon izan zerate? Kontuan zaudete bada, eta erregutu ezazute, tentazioan erori etzaitezten. Espiritua prest dago, baña aragia argala. Berriz ere Jesus bakartu zan, eta Aitari erregutzen zion, esanaz: Ene Aita, kaliza au kendu ezin baditeke nik edan gabe, zuk nai dezuna egin bedi. Apostoluetara itzuli zan, eta lo arkitu zituen; baña oraingoan etzien ezer esan, eta irugarren aldian bakartu zan, eta Aita Eternoari erregu bera egin zion.
 

8. Judas eta juduak Jesusen billan


 

Orduan Zeruko Aingerua aurkeztu zitzaion sendotzera; baña Jesus auzpez arpegia lurrean ipiñita zetzan, eta odolezko izerdi otzak eman zion lurra bustitzeraño, eta Aita Jainkoak nai zuena egitera jarri zan. Aingeruak aldegin zuen; Jesus bere otoitz-alditik jaiki, eta Apostoluetara itzuli zan, eta guziak lo arkitu zituen, eta esan zien: Ots, jaiki zaitezte eta erregutu ezazute, tentazioan erori etzaitezten. Goazen. Badator gizonaren Semea bekatarien eskuetan ipiñia izango dan ordua. Badator ipiñiko nauena. Itzketa onetan ziarduela, Judas agertu zan. Saltzalle gaizto onek baziekien Jesus eta bere Apostoluak askotan egoten ziran lekua, eta ara joan zan gizon armadun askorekin, zuzi-argiak eskuetan zeramazkitela. Beste lagun geiagoren artean bosteun soldadutik seieunera berekin bazituen. Jende au guzia erriko agintari edo kargudunak Judasi eman zioten, Jesus errazago eta seguruago atzitu zezaten. Judasek jakin bear zuen onelako prestamen bearrik etzala, iges egin nai etzuen bat eskuratzeko, eta iges egin nai izan ezkero, oiek eta gizonak artu zitzakean beste guziak alper-alperrik zirala. Bein baño geiagotan ikusi izan zuen, galdu nai zuten bere etsai txarren aldetik, berak zekustela ere, iges egiten; aditu izan ere bazion, ordua bete artean, arekin etsaiak etzutela zer-egiñik izango: baña anziñatik esana zan: gaiztoakin bat egin zuten; eta esan au bete bearra zan.

Jesus Judasi bidera irten zitzaion. Judas ere bazijoan, bere gizonak ondoren zerraizkiola. Oiek esanak zeuzkan, laztanduko zuen hura Jesus Nazaretekoa zala, eta bereala eskuak ezarrita kontuz eramateko. Judas, jendeari aurreratuta Jesusi alderatu zitzaion, eta musu eman zion, esanaz: Agur Maisua. Adiskidea, Jesusek esan zion, zertara zatoz? Gizonaren Semea laztan batekin etsaien eskuetaratzen dezu? Itz oiek, Judas ez beste edozeñen biotza bigunduko zuten; baña apostolu billau hura gogortua zegoan amorezko esanak aditzeko, eta damutasunaren arrasto txikienik ere etzuen eman.

Jesus amaika Apostoluakin bere etsaietara urreratu zan, eta galdetu zien: Nor billatzen dezute? Jesus Nazaretekoa, erantzun zioten. Ni naiz, Jesusek esan zien; eta Ni naiz au esan orduko, nagusi-morroiak, agintari eta soldaduak, eta Judas berak elkarren gañean atzez lurra jo zuten. Jaiki ziran, eta asiera gaiztoa ezagutu bearrean, beren asmo galdua aurrera zeramaten; eta Jesusek berriz ere galdetu zien: Nor billatzen dezute? Jesus Nazaretekoa, lenago bezala erantzun zuten. Esan dizutet Ni naizala, Jesusek esan zien; eta nere billan zatozten ezkero, nerekin datozen oiei utzi zaiezute joaten.

Apostoluak ikusirik Jesusi eskuak ezartzera zijoazkiola, galdetu zioten: Zer egiten degu? Ezpataz joko ditugu? Eta Jesusen erantzueraren begira egon gabe, Pedrok berekin zeramana zorrotik aterata, apaiz nagusiaren morroi Malko zeritzanari belarria kendu zion. Jesusek Malko beregana eramanerazo zuen, eta belarria bere lekuan ipiñita, sendatu zion. Malko eta besteak mirari onetatik ezagutu zezaketen nor zan galdu nai zutena; baña alperrik izan zan, aiek beren asmo txarrai uzteko. Pedrori gero esan zion: Ezpata ori zorrotu ezazu; bada, ezpataz besterik iltzen duena, ezpataz ilko da. Uste dezu Nik nere Aitari eskatu ezin dizaiokedala, eta bialduko dizkidala aingeruzko amabi lejio edo samalda ere baño geiago, gorde nazaten? (Lejio bakoitzak sei milla ditu). Baña nik au egitera, nola beteko litzake Eskrituraren esana, dionean, Ni iltzea konbeni dala? Zer! Nere aitak prestatutako kaliza edango ez det? Jende orri utzi zaiozute etorri dakidan. Itz oiek esaterako, soldadu-agintaria bere soldaduakin eta gañerako guziak alderatu zitzaiozkan, eta Jesusek esan zien: Ezpata eta makillakin zatozte ni arrapatzera, lapur bat banintz bezala! eta Elizan egunoro zuekin egon izan banaiz ere, etziñidaten eskurik ezarri! Egunoro zuei erakusten niarduen, eta ez ninduzuten artu; baña orain da zuen ordua, eta illunaren eskualdia.

Apostoluak itz oietatik igerri zioten, atzitzen uztera zijoala, eta guziak iges egin zuten. Orduan soldaduak eta besteak Jesusi eldu zioten, eta bereala lotu-lotu egin zuten. Baña, zer balioko zuten etsai txar oien lotura guziak, Sansonek beste denbora batean filistindarrenak baño aisago, nai izan ezkero, eten eta urratu zitzakean Jesusentzat? Lotutzen utzi zien, gizonaren onerako konbeni zalako.
 

9. Jesusen Getsemanitik Jerusalenera eramanera


 

Getsemaniko baratzatik irtenda Jerusaleneronz Jesus lotuarekin zijoazela, ikusi zuten mutil gazte bat, bere soñekoaren gañetik maindire bat zuela, eta oni ere eldu zioten, Jesusen ikasleren bat izango zala pensatuta, baña maindirea eskuetan utzita iges egin zien, eta Jesus bakar-bakarrik, bereetakorik iñor ere gabe, etsaien artean gelditu zan.

Jesus galtzeko lanbidean zebilzan guziak Jerusalenen zai zeuden, Jesus noiz eramango zuten, oi zan auzi-legea edo prozesoa jaso eta iltzeko epaia edo sentenzia emateko. Urte artako apaiz nagusi Kaifas zan; eta aginduta zeukan, Jesus atzitzen zuten bezain laster, Kaifas beraren aitagiarraba Anas lenago apaiz nagusi izandakoari eramateko. Anasek Jesus bere aurrean ikusi zuenean, galde batzuek eginda, bereala Kaifasi bialdu zion, apaiz nagusi zan aldetik zeritzana egin zezan. Onek ordurako batzarrea bilduta zeukan, eramaten ziotenean bereala zer egin bear zitzaion erabakitzeko.
 

10. Jesus Kaifasen etxean


 

Pedro eta Juan, beste Apostoluakin batean bildurrez iges eginda, berera ziranean, Jesusi bazerraizkion; baña urrutitik, soldaduak ezagutu eta arrapatu etzitzaten. Ikusi zutenean Jesus Kaifasen etxean sartu zutela, Juanek etzuen bildurrik izan atea jo eta otsegiteko, zeren Kaifas eta onen etxekoen ezaguna zan, eta morroiak ere atea bereala idiki zioten. Pedro, etxean ezaguerarik etzuelako, atarian egon zan, Juanen bitartekotzaz eskarazean sartzen utzi zioten arteraño. Bi Apostoluak elkarrekin barrura pozik joango ziran, Jesusi zer egiten zioten ikustera; baña Juanek iritsi etzuen, berekin batean laguna sartu zedin; eta Pedro eskarazean soldadu eta apaiz nagusiaren morroiakin gelditu zan. Udaberria zan, eta oraindik otz egiten zuen, batez ere gauetan, eta eskarazaren erdian sua zeukaten, berotzeko. Pedro ere, bere zorigaitzean, su-ondoratu zan, zer erabakitzen ote zuten ikusi artean.

Kaifas bera lenen-lenengo Jesusi asi zitzaion galdezka bere ikasle, eta erakusten zituen lege eta gauzaen gañean. Nik, Jesusek erantzun zion, munduari agiri-agirian itzegin diot. Nik Elizan eta sinagogaetan, non juduak biltzen diran, erakutsi izan det, ezer ere isillik esan gabe. Zertako niri galdetzen didazu? Niri aditu didatenai galdetu zaiezu, ea zer esan diedan. Berak dakite zer esan dedan. Erantzuera au txit bidezkoa eta egia garbi-garbia bazan ere, apaiz nagusiak bekosko beltza ipiñi zion. Orduan onen morroi batek Jesusi masalleko bat eman zion, esanaz: Apaiz nagusiari orrela erantzuten diok? Morroi zital txar oni Jesusek bere ontasun guziarekin esan zion: Gaizki itzegin badet, esan zadazu zertan; eta ondo itzegin badet, zergatik jotzen nazu? Zer negargarria Jesusen arpegi ederrean eskutzar zikin ats hura ikustea! Ai nola Aingeruak begiak estaliko zituzten ez ikusteagatik! Apaiz nagusiak berak ere etzuen onean eraman bear, morroi txar bat batzarre-lekuan eta ainbesteren aurrean ala ausardiatzea; baña Jesusi edozeñek nai guzia egitea zan aren eta bere lagunen pozik andiena.

Jesusen galtzalle oiek lekuko edo testiguak billatu zituzten, Jesusgatik etzan gauza andiren bat esan zezaten, baña ezer ere atera ezin izan zuten beren asmo galduak edertzeko; bada lekukoak bat etzetozen. Geroenean lenago beste asko alperrik artuta, eraman zituzten bi gezurti, esan zutenak: Guk gerok aditu diogu esaten: Jainkoaren Eliza ondatu dezaket, eta iru egunean berriztu ere bai. Aditu ere badiogu: Nik ondatuko det eskuz egindako Eliza au, eta iru egunean altxatuko det beste bat eskuz egin gabea. Lenengoak bezala, oiek egia esaten etzuten. Eliza au ondatu ezazute eta iru egunean berriztuko det, Jesusek esan izan zuen, bai; baña bere gorputzagatik, zeñari Elizaren izena askotan ematen zion. Itz oiekin, bada, esan nai zuen il zezatela; baña irugarren egunean biztuko zala, gero ikusi zan bezala.

Kaifas apaiz nagusiak ezagutzen zuen lekukoak esandako guzia ezer etzala egin nai zutena edertzeko; eta ikusirik, berriak artzera, bere alde zerbait esan bearrean, bearbada izan zitezkeala egia garbiro agertu, eta lotsatuta utziko zutenak, lan oni laga zion. Ala ere, gauza andiren batzuek Jesusen kontra esan zituztelako antzean juez-aulkitik jaikita, Jesusi esan zion: Ez diezu ezer erantzuten zugatik esan dituzten gauza oiei? Jesus isillik zegoan. Orduan Kaifasek esan zion: Jainko biziaren izenean agintzen dizut esan zaguzula, Kristo Jainkoaren Semea Zu zeran. Jesusek igerritzen zion, galdera oni zegokion erantzuera ematea bizia kostako zitzaiola; baña zana zan bezala esan bear zuen, eta erantzun zion: Ni naiz, zuk zerorrek diozu. Eta egi-egiaz esaten dizutet, emendik gitxi batera ikusiko dezute gizonaren Semea Jainkoaren eskuian esertzen, eta zeruko odeietan etortzen. Kaifasek itz oiek aditutakoan, soñekoak urratu zituen eta deadar egin zuen: Blasfematu du; añenekoa bota du. Zertako degu iñork esan bearra? Añenekoa aditu dezute: Zer deritzazute? Batzarrekoak ito-itoka erantzun zioten: Iltzea merezi du.

Kaifasek epai au poz guziarekin aditu zuen, eta Jesusek ere bai pazienziarik andienarekin. Au erabaki ezkero, beren gogoz berealaxe ilko zuten; baña Jainkoak aututa zeukan ordua, batetik, bete etzan; eta bestetik, batzarreak erabakia erromarren izenean agintzen zuenak ontzat eman bearra zan; eta au biaramonerako utzita, nor bere etxera atsedetera joan ziran, goizean goiz elkarganatzeko itzean.

Kaifasen etxeari kontu-artzen zeuden Soldaduai Jesus eman zieten, goiz artean gordetzeko, eta eskarazera jatsi zuten, gau mingarrien hura bereakin igarotzeko. Pedro Apostolua an arkitzen zan, arestian esan dan bezala, arañoko baimena Juanek iritsi ziolako. Bere Maisua soldadutzarrak erdian zekartela ikusi zuen; baña ez-ezagutu egin zan, ari ere zerbait egin edo preso artuko zuten bildurrez.
 

11. Pedroren ukamena


 

Soldaduak eta morroiak su ondoan zeuden, eta Pedro ere bai aiekin batean berotzen. Neskame atezaia an sortu zan eta Pedrori galdetu zion: Zu ere preso onen ikaslea etzera? Ez naiz, Pedrok erantzun zion; eta Pedrok itz oiek esan orduko, ollarrak jo zuen. Andik gitxi batera apaiz nagusiaren neskame bat agertu zan; eta Pedrori begira-begira jarrita, esan zion: Zu Jesus Nazaretekoarekin ziñan. Pedrok ukatu zion, esanaz: Ezagutzen ez det, eta zer diozun ere ez dakit. Ordu beteren buruan, Pedrok belarria kendutako Malkoren aide zan apaiz nagusiaren morroi batek esan zion: Zu baratzan arekin batean ikusi etzindudan? Dudarik gabe aietakoa zera; bada galilearra zera, eta zure itzkuntzak berak agertzen zaitu. Orduan Pedro asi zan juramentuaren azpian ezetz, ezetz esaten, eta ezagutzen zuela ere ukatzen. Onetan ziardutela, ollarrak bigarren aldian jo zuen; eta Pedro oroitu zan, ollarrak bi aldiz jo baño lenago, Jesus iru aldiz ukatuko zuela Jesusek esana. Ollar-soñu au bakarrik asko zan Pedrok ezagutzeko, zein gaizki egin zuen, gizon zirzill aien bildurrez Jesus ukatzen. Bai, baña are geiago argitu zuen, Jesus onak denbora onetan egin zion begiratuak. Ollar-otsa belarrian sartu zitzaion; baña Jesusen begiratuak biotzean ukitu zion: eta bere gaizki-egiñaz damututa, apaiz nagusiaren etxetik bereala irten zan; negarrari eman zitzaion, eta Jainkoagandik bere bekatuaren barkazioa iritsi zuen.
 

12. Jesusen gaueko neke portitzak


 

Pedrok bere ukamena negar-malkorik samiñenakin garbitzen zuen bitartean, soldaduak, morroiak eta beste serbitzariak, Jesus beren kontura artuta, gau negargarri artan guzian zer burla eta farrak egin, eta zer penak eman ziozkaten, eta zenbat erakutsi zioten ezin diteke esan. Batzuek istu eta karkaxaka, besteak ukabilka zerabilten, eta askok begiak estali eta eskutzarrak masallaetan ezartzen ziozkaten, esanaz: Asma zaguk, Kristo, nork jo aukan. Jesusek itzik ateratzen etzuen; eta isillik uzte onek berak su geiago ematen zien biotz gabeko gizon gaizki-azi aiei. Nagusien gogoko berri morroiak bazuten; baziekiten aien atsegiñik andiena egin-al guzian Jesus penatzea zala, eta gau guzia onetan igaro zuten.
 


Bederatzigarren Irakurgaia

1. Ostiral goizeko Batzarrea


 

Biaramon goizean apaiz-buru edo sazerdoteen prinzipeak, erriko kargudunak, eskribak eta gañerakoak batzarrera bildu ziran. Jesus eskarazetik bereala igoerazo zuten. Egitera zijoazenari edergarri bat emateko, lenagoko arratsean itzegindako guzia berriztu zan; eta nola Jesus iltzeko, ezin asmatu zuten bere burua Jainkoaren Seme egiten zuela beste aitzakiarik, galdetu zioten: Kristo bazera, argiro esaguzu. Esango banizute, Jesusek erantzun zien, sinistuko ez didazute, eta galdetuko banizute, erantzungo ez didazute, eta askatu ere ez. Baña gizonaren Semea Jainkoaren poderearen eskuian laster eseriko da. Beraz zu Jainkoaren Semea zera? esan zioten. Bai, ondo diozute, Jesusek erantzun zien, ondo diozute, Jainkoaren Semea Ni naizela. Zer geiago bear degu? juezak deadar egin zuten. Guk gerok bere aotik esaten aditu diogu. Orduan soldaduak Jesus artuta, batzarre-gelatik Judeako buru egiten zuen Ponzio Pilatoren etxera eraman zuten.
 

2. Judasen urkamena


 

Judas Apostolu gaiztoak, ikusirik Jesus iltzera zijoazela, bere saldukeria ezagutu zuen, eta apaiz-buru eta kargudunai salmentako ogeita amar diruakin Elizara joan zitzaien, esanaz: Gaizki egin det oben-kulpa gabeko on baten odola salduarekin. Apaiz eta kargudunak erantzun zioten: Guri zer zagu, zuk ondo edo gaizki egin badezu? Zuk zerorrek ikusiko dezu; eta diruak artu etziozkaten.

Judasek, bere okerra iragarri zion argiari zerraikiola, Pedrok bezala Jaunari barkazio eskatu bazion, zorionekoa izan zitekean; baña lenago Jainkoaren zuzentasunari egindako bidegabekeria, orain bere errukimentu baztergabeari berriztuta, etsi zuen arentzat barkaziorik etzala; ernegatu zitzaion. Elizan diruak bota ziezten; eta soka batetik zinzilika jarrita, bere burua urkatu zuen, errai guziak lurrera zeriozkala. Eriotza ikaragarria, eta parerik ez duena!

Apaiz-buruak Judasek Elizan botatako diruak jaso zituzten, eta esan zuten diru hura etzala Korbonan (au da, Elizako dirutegian) gorde bear, odol-trukekoa zalako. Gauza onen gañean gero batzarrea egin zuten, eta erabaki zan eltzegille baten soroa erosteko, erromes edo peregrinoen gorputz-illak lurpetzeko izan zedin, zeñari deitu zitzaion Hazeldama, au da, odolaren soroa.
 

3. Jesus Pilatoren etxean


 

Jesusen etsaiak iltzeko sentenzia emanda gero, nai zuten Pilato Judeako gobernadore len aitatu danak ere ontzat eman zezan. Pilato onek bere erabaki-lekua edo tribunala Jerusalenen zeukan, eta onengana Jesusekin joan ziran. Pilato berez artara jarriko ez bazan ere, txit bildurtia zan. Baziekien eskriba, fariseo eta besteak Jesusekin nola zebilzan; baña pensatzen zuen ezin-ikusiak zerabilzala, eta argana joan zai zegoan, arrazoi-bidera ekartzen nekatzeko.

Jesus goiz-goizean eraman zioten, eta soldaduak auzi-gelan edo audienziako salan Jesus sartuta, judu etsai salatzalleak etxe-atarian gelditu ziran, jentil baten etxean sartuta, beren eliz-lanetarako kutsutu zitezen bildurrez. Etxeak atari aldera baranda bat zuen; eta Jesusi barrunen galde andirik egin gabe, barandara irtenda, Pilatok salatzalleai itzegin zien, esanaz: Gizon onen kontra zer esankizun dezute? Gaitzgille biurria ezpalitz, ez giñizun ekarriko, erantzun zioten. Orain bada, Pilatok esan zien, baldin gaitzgillea dala badakizute, artu eta zuek zerok juzgatu ezazute, zeron legeak dion gisan. Ez, erantzun zioten, guri ez dagokigu iñor iltzea. Jesusek askotan esan izan zuen, gurutzean ilko zala; baña eriotzaera au israeldarretan iñori ematen etzitzaion; beragatik Jesusek esaten zuen jentillen eskuetan ipiñiko zutela, gurutziltzatu zezaten. Aurrez-esan au Pilatoren etxean asi zan betetzen. Juduak nai zuten Jesus gurutzean il zedin, baña Pilato jentillak aginduta; eta igerririk onek alako gauzaren asmorik etzerabillela, judu salatzalleak iskanbilla andi bat jaso zuten. Jesusi gauza asko egozten ziozkaten; baña guzietan andienak bi. Guk gerok, zerasaten, guk gerok gizon au arkitu degu jende guzia nasten, eragotziaz petxa edo tributoa Zesar-i pagatzea, eta erakutsiaz bera Kristo Erregea dala. Salatzalle aien esanak Pilato etzuten itsutu edo engañatu: ala ere, egozten ziozkaten gauzak ain pisuak izanik, aintzat artu bearrean ikusi zan.

Atarian zeudenai utzita, gelara itzuli zan, eta Jesusi isillik galdetu zion: Juduen Erregea zu zera? Zuk diozu, Jesusek erantzun zion: baña, zuk zerez galdetzen dezu, edo bestek nigatik ori esan dizu? Zer bada! Pilatok esan zion, ni judua al naiz? Zure jendeak eta apaizak nere eskuan ipiñi zaituzte. Zer egin dezu? Esan det Errege naizela, Jesusek erantzun zion; baña nere Erreinua mundu onetakoa ez da: mundu onetakoa balitz, nere serbitzariak gerra egingo lukete, juduai eman ez nazaten; baña nere Erreinua emengoa ez da. Beraz Zu errege zera? Pilatok esan zion. Zuk diozu, Jesusek erantzun zuen; zuk diozu, Ni Errege naizela. Ni mundura onetarako etorri naiz, egiaren sinismena emateko, zeren egiatik datorren guziak nere otsa aditzen duen.

Egia zer da? Pilatok galdetu zion, eta zer eranzuten zion begira egon gabe apaiz-buru eta jendeari aurkeztu zitzaien, esanaz: Nik gizon onengan okerrik arkitzen ez det. Orduan indar andiagoarekin zerasaten: Erria nastua dauka. Pilatok isillerazo zituen; eta jendea zerbait paketu eta onera zanean, Jesusi esan zion: Ez dezu ikusten, zenbat gauza egozten dizkizuten? Jesus isillik zegoan, eta itzik ere trukatzen etzion, Pilato bera ere arritzeraño. Onek Jesus, ezer egin gabe, pozik bialduko zukean, zeren bere uste guzian ikuskizunik etzuen; beragatik oben-kulpa gabeko baten odolarekin kutsutu nai etzuen. Baña juduak Pilatoren uzkurtasunari igerri zioten, eta pensaturik beste iskanbilla berri batekin Pilato ipiñiko zutela, bildurra utzita, aiek naia egitera, berriro zerasaten: Zuk ez dakizu gizon ori nor dan. Ori Galilean asi zan lege berri nasleak erakusten; gero Judeara etorri zan zabaltzen, eta atzenik Jerusalenen bertan ere lan berean jardun du.
 

4. Pilatok Herodesi Jesus bialtzen dio


 

Pilatok Galilearen izena aditu zuenean, uste izan zuen lanbide gogaikarri artatik bere burua gordetzeko erarik onena agertzen zitzaiola; eta galdetu zuen ea Jesus Galileakoa zan. Erantzun zioten Galileako uri Nazaret zeritzanean jaioa zala. Uri onetan Jesusek bizitzarik geiena egin zuen, eta bere Ama Maria guziz santa eta bere aita-ordeko San Jose ere jatorriz, Isai anziñako asabaren odolekoak bezala, eta askoren iritzian jaiotzaz ere, emengoak ziran: beragatik juduak Jesus Nazaretekotzat zeukaten, Belenen jaioa bazan ere. Pilatok bada, ikusirik Galileako agintari edo gobernadore Herodesen mendekoa zala, eta jakiñik Herodes, ala bearrez, egun aietan Jerusalenen arkitzen zala, Jesus ondo lotuta kontu-artzalleakin etxera bialdu zion, eta salatzalleak ere ondoren jarraitu zitzaiozkan.

Herodes, izen-goitiz Antipas zeritzan au zan, Jesus jaioberrian ainbeste aurtxo ilerazo zituen Herodes zarraren eta Kleopatra jerusalendarraren semea. Antipas onek, bere anaia Filiporen emazte Herodias emazte-ordetzat artuta, itzketako-bide andiak ematen zituen, eta zeraman bizitza lotsagarri onegatik San Juan Bauptistak esaten ziozkanak ezin eraman zituelako, Jesusen berri-emalle andi hura ilerazo zuen, lenago esan dan bezala.

Herodes ain oitura galduetako gizon lotsagarri oni, bada, eraman zioten Jesus ona, zeñaren ikusteak Herodesi txit poz andia eman zion. Aspaldian eresi onekin bizi zan, zeren aditu izan zuen gauza arrigarriak egiten zituela, eta uste zuen berak zekusala ere zerbait egitea. Jesusi zerraikion jendea, batez ere apaiz-buru eta eskribak, etziran aspertzen Herodesen aurrean berriz eta berriz salatzen; baña oien ots-iskanbillak alde batera utzita, Jesusi asi zitzaion galdeak egiten. Herodes, ikusirik bere aurrean miraririk egin ez ezen, erantzun ere nai etziola, su biziak artu zuen, aintzat ez artzeagatik erantzuten etziolakoan, eta bere soldaduakin batean iseka eta burlaka eraso zion, eta eroa bazan bezala soñeko zuri bat janzita, Pilatogana itzuli zuen.

Herodes eta Pilato arteraño aserre izaten ziran, eta Pilatok Herodesi Jesus bialdu ziolako, lengo elkar ezin-ikusi guziak utzita, biak adiskidetu ziran: baña Pilato gelditu zan Herodesi ezarri nai zion Jesusekikoa bere gañ zuela. Pilatoren etxera Jesus itzuli zuten, bada, Herodesenera eramandako iskanbilla eta triska berakin. Soldaduak sartu zuten len idukitako auzi-gela edo pretorioan, eta salatzalleak atarian gelditu ziran. Pilatok gero apaiz-buru, kargudun eta gañerakoai itzegin zien, esanaz: Zuek gizon au ekarri ziñidaten erriaren galtzalletzat, eta dakusute nola zuen aurrean galdeak eginda, zuek egozten diozuten utsegiterik arkitzen ez diodala; eta are geiago dana, Herodesek ere, berez judua eta zuen legean ondo ikasia izanik, il-gai egiten duen gauzarik topatu ez dio. Ez esan oiekin, ez lengo egin alakin iritsi zuen Jesusi pakean uztea, eta beste bide bat gogoratu zitzaion, alperrik bedere.
 

5. Jesus utzita Barrabasen aukera


 

Juduak erromarren mendean jarri ziran lenbiziko urteetatik eskatu zuten, eta iritsi ere bai, Erromako enperadoreak bere izenean agintzera Judeara bialtzen zuen eraentzalle edo gobernadoreak, beren gaiztakeriakgatik iltzeko itxian zeudenetatik juduak berak aututzen zuten bat, Pazkoaz libratu zezala, israeldarrak Moisesek Egitotik atera zituelako oroipenean. Pilatok baziekien erriko andizkiak ezin-ikusiak zeramazkiela Jesus galtzera, eta etsirik zegoan oietatik barkaziorik iritsiko etzuela; eta oiei utzita, erriko jende beeari itzegin zion, ezaguerara errazago ekarriko zituelakoan; baña ustea uts irten zitzaion. Oiturari zerraizkiola, etxe ataritik Pilatori oska jarri zitzaiozkan, iltzeko zegoan bat askatzeko. Beste askoren artean itxian arkitzen zan Barrabas zeritzan gizon gaizto, iskanbilla-naste batean gizon bat il zuena. Pilatok Jesus eta Barrabas aukeran ipiñi ziezten, Barrabas utzita Jesus libratzeko eskatuko ziotelakoan: baña ordurako andizkiak jendea irabazita zeukaten.

Pilato, gauza au erabakitzeko, juez eser-aulkian zegoala, emazteak bialdu zion mandatari batekin itzegitera aldegin bearrean arkitu zan. Emazteak mandatari onen bidez esaten zion: Ez gero justu orrekin ikuskizunik artu; bada, gaur ametsetan gauza asko burura orregatik etorri zaizkit. Gaztigu onek zer pensatu andirik Pilatori eman etzion, zeren bera ere aitzaki billan zebillen justu hura libratzeko. Mandatariarekikoa eginda, juez-aulkira itzuli zan, eta Jesus bere ondoan artuta, iskanbillan ziardun jendeari galdetu zion: Zein nai dezute eman dizazutedan? Barrabas edo Jesus, Kristo deritzana? Pilato emaztearen gaztigua artzen zan bitartean, apaiz-buru eta kargudunak jendearen erdian sartuta, ibilli ziran esaten ez iñola ere eskatzeko Jesus libratu zedilla, zana zala Jesusekin aukeran ipintzen ziena. Pilatok aotik itza atera bezain laster, indarka zerasaten: Barrabas askatu ezazu; Barrabas iguzu. Zer pena Jesusentzat, Barrabas bezain gizon biurri bati naiago izatea! Eta zer egingo diot Jesus, Kristo deritzanari? Pilatok galdetu zien. Gurutziltzatu bedi, guziak erantzun zuten. Baña zer gaitz egin du? Pilatok esan zien. Deadar biziagoakin esaten zuten: Gurutziltzatu bedi. Pilato berriz ere leiatzen zitzaien, Jesus libratu naiez; baña geroago eta miñago zerasaten: Gurutziltzatu ezazu, gurutziltzatu ezazu. Crucifige, Crucifige. Irugarren aldian Pilatok esan zien: Zer gaitz, ordea, onek egin du? Nik ilerazotzeko biderik ez diot arkitzen. Kastigatuko det, bada, eta utziko diot joaten. Baña berean ziarduten, gurutzean il zedilla oska.

Pilatok ikusirik iskanbilla geiago jasotzea baizik ateratzen etzuela, ura artu eta eskuak garbitzeari eman zitzaion, esanaz: Justu onen odolean, ni beintzat, ez naiz kutsutzen: or konpon. Erri guziak erantzun zion: Orren odola gure eta gure humeen gañ izan bedi. Orduan Pilatok agindu zuen Barrabas itxitik ateratzeko, eta eman zien. Jesus, berriz, itxian sartu zuen gurutziltzatu zedin, oraindik ere libratu ezin bazezakean.
 

6. Jesus azotatua


 

Erromako legeak agintzen zuten, gurutzean il bear ziranak lenago azotatuak izan zitezela. Pilatok pensatu zuen kastigu-modu au Jesusi ematea, onela ikusita, iltzeko zerabilten asmoari utziko ziotelakoan. Baña erruki-ustean egindako lanarekin, aien biotzak samurtu ez, eta Jesusi penarik izugarrienak eman ziozkan. Bere soldaduai agindu zien atarira eraman eta azotez zeatzeko, il ez beste guzia egin arteraño, eta gero beregana itzultzeko. Soldaduak etzuten nagusiaren agindua aditu besterik nai, bereala ekiteko. Atarira jatsi zuten: soldadu guziak erdian artuta, soñekoak kendu ziozkaten, jende lotsagabe-tzar aren aurrean larru gorri-gorrian ipintzen zutela. Pillare bati lotuta, azotez zeatu zuten, ezur guziak agertu eta gorputz guzia aragi bizi-bizi egiteraño, odola alde guzietatik txirrian zeriola. Ain andiak eta latzak izan ziran Jesusen aldi onetako oñaze-miñak, non ez lumaz ezarri ditezkean, ez irakurri, bazter guziak negar-malkoz busti gabe. Ala ere, Jesusek ez itzik atera zuen, ez zizpuru bat aditu zitzaion.

Soldadutzarrak baziekiten Jesusi Juduen Erregea esaten ziotela, eta farragarri andiagorako gorputz odoldua oial gorrizko mantu zar batekin estali zioten; arantza zorrotzezko koroa buruan janzita, zapaldu zioten, arantzak ondo-ondora sartzeraño. Eskuiko eskuan errege-zigortzat kañabera bat ipiñi zioten, eta burla egiteagatik, belaunikatuta, esaten zuten: Agur Juduen Erregea. Istuz eta karkaxa nazkagarriz arpegia betetzen zioten; beren eskutzarrakin masallan, eta eskutik kañabera kenduta, beronekin buruan jotzen zuten.

Burlaz ondo beteta, burutik oñetaraño odolezko itsaso bat eginda, pretoriora itzuli zuten, eta Pilato berriz ere barandara irten zitzaien, eta esan zien: Kanpora atera eta erakustera noakizute, ezagutu dezazuten nik onengan arkitzen ez dedala zergatik il. Bereala agertu zuen Jesus, arantzazko koroa buruan, kañabera eskuan eta eskutzar zikin aiekin egindako ubeldu andiak arpegian zituela, eta soñeko gorri zar urratuaren zuloetatik zauriz eta odolez betetako aragi bizi-bizia agiri zuela; eta esan zien: Ara emen gizona. Ecce homo, esaten bazien bezala: Errege izan nai duela zuek salatzen dezuten gizona, ara emen. Begira ezazute, eta esan, orain dakusuten eran, gizon onek zer bildur eman dizaiekean naiz juduai, naiz erromarrai.

Pilatok etzuen onela ere ezer aurreratu. Apaiz-buru eta besteak Jesus ikusi zutenean, deadar egiten zuten: Gurutziltzatu ezazu, gurutziltzatu ezazu. Baña Pilatok esan zien: Artu, eta zerok il ezazute; bada, nik zergatik iltzekorik topatzen ez diot. Guk legea degu, erantzun zioten, eta onek dionez il bearra da, Jainkoaren Seme egin dalako. Pilatok itz oiek aditu zituenean, ikara geiago artu zuen. Arteraño egotzi izan ziozkatenak aintzakotzat artu etzituen, baña Jainkoaren Semearen aitamena aditu zuenean, nastu zan. Bereala pretoriora itzuli zan, Jesus berekin zeramala, eta isillik galdetu zion: Zu nongoa zera? Jesusek ezer erantzun etzion. Pilatok orduan esan zion: Niri ez didazu itzegiten? ez dakizu Zu gurutziltzatzeko edo askatuta bialtzeko eskualdia badedala? Nigan esku-biderik izango etzenduke, Jesusek erantzun zion, goitik eman ez balitzazu; beragatik zure eskuetan Ni ipiñi nauenak zuk baño bekatu andiagoa du. Esan nai zion: Egia da Ni iltzeko eskualdiarekin zaudela; baña eskualdi au Jainkoagandik datorkizu, eta aren aurrean ikuskizun andia izango dezu, bide gabe ilerazotzen banazu. Juduak zu baño errudunagoak dira, Ni, ezin ikusiz eta didaten gorrotoz zugana ekarri nautelako; baña zuk ere zer-ikusia badezu, aien gaiztakeriari zure baimena eman ezkero.
 

7. Jesus iltzeko Pilatoren agindua


 

Pilatok ordutik are eresi geiago artu zuen Jesus libratzeko; baña Juduak otsegiten zioten: Baldin orri orrela uzten badiozu Zesar-en adiskidea etzera; bada, errege egiten dana Zesar-en kontra dijoa. Itz oiek aditutakoan, Jesus gelatik atera zuen, eta Pilato bera, Greziako itzkuntzan Litostrotos eta Hebreakoan Gabata zeritzan leku goratu batean juez eser-aulkia ipiñita, eseri zan, eta juduai esan zien: Ara emen zuen erregea. Juduak deadarka erantzun zioten: Ken, ken ori ortik, eta gurutziltzatu ezazu. Zuen erregea gurutziltzatuko det? Pilatok esan zien; eta apaiz-buruak erantzun zioten: Guk Zesar beste erregerik ez degu. Esan onekin Pilato osotoro larritu eta ikaratu zan; eta agindu zuen Jesus gurutzean il zedilla, eta bereala etsai amorratuai eman zien.

Pazkoa asitzeko ordua bazetorren, eta zerbait luzatu ezkero, etzeukaten Pazkoaren ondorengo zortzi egunetan iltzerik; eta bildur ziran, bitartean atzerapenen bat sortu zedin. Goizeko bederatziak ziran Pilatoren epaia edo sentenzia irten zanean, eta Pazkoa asitzen zan eguzkia sartzean edo arratsaldeko seietan. Bitarteko denboran Jesus gurutziltzatu, il, gurutzetik kendu eta lurpetu bear zan.

Pilatok il zedilla agindu bezain laster, etxe-atarian zeuden jendeak, eskriba eta fariseoak buruan zituztela, ateetara joan ziran, ain aier zitzaiozkan Jesus artzera. Jesus eskalleran beera burlazko soñeko zar urratuarekin bazetorren, eta iltzera eraman bear zuten soldaduak, beren kontura artu zutenean bereala, gogortasunik ikaragarrienarekin, soñeko zar hura eranzi zioten, jariotu zitzaion odolarekin gorputz larrutuari itsatsita zeukalako, soñekoarekin batean aragi puska andiak kentzen ziozkatela. Zer miña ene Jainkoa! Zer pena! Lengo bere soñekoa jazten diote; bera il bear dan gurutze-tzar, anziñakoak diotenez bost kana luze eta iru kana zabal zana, sorbaldan ezartzen diote; eta zama pisu izugarri onekin abiatzen dira Kalbario edo Golgotako mendira, zeñak esan nai du buru-ezurra.

Elizako guraso askoren iritzian, izen au eman zitzaion Adanen buru-ezurra an topatu zutelako: bada, bigarren Adan onek autu zuen eriotza menderatzeko eta gizon guziak erosteko il-lekutzat, eriotza mundura ekarri eta jende guzia onen mendean ipiñi zuen lenengo Adan zetzan lekua.
 

8. Kalbariorako joanera


 

Kalbarioko mendira igotzeko Jerusalen guzia ibilli bear zan, eta ibar edo balle txiki bat igarota gero, igo.

Beragatik Jesus oraindik ere jerusalendarren ikuskarritzat agertu bear zan. Ikusi izan zuten gauza onak erakusten, jaiotzatik itsuak argitzen, ogeita emezortzi urtean elbarri bizi ziranak sendatzen, lau egunean ilda zetzatenak biztutzen; ikusi izan zuten Mesiasen izenean Elizan agintzen, Anas, Kaifas, Herodes eta Pilatoren etxera lotuta eramaten. Gurutzea sorbaldan zuela Kalbarioko mendira igotzea beste zer ikusirik ia etzuten; eta au ere etorri zitzaien. Jesus Jerusalengo karrika guzietatik barrena bazijoan; baña atzeneko arratsean soldadu giza-txarrak erakutsi ziotenarekin, eta goizean emandako azoteakin odol-ustu zutelako, pauso asko eman baño lenago aiekatuta, gurutzearen pisuak lurrera ezarri zuen.

Lenengo eroriko onetatik nolabait, nekez bedere, jaikita laster, bere Ama guziz santa, Apostolu San Juan eta emakume on batzuekin, bidera irten zitzaion. Zer pena ikusi onetan Amak eta Semeak izango zuten, ezin esan diteke. Nork adierazo bi biotz maitagarri aiek elkarri esango ziozkaten amodiozko itzak!

Pauso negargarri onetatik bereala, Beronika zeritzan emakume on bat Jesusi alderatu zitzaion, eta arpegiko izerdi-odolak zapi batekin garbitu ziozkan, eta Jesusek lanbide on onen saritzat bere arpegi ederraren antza zapian utzi zion. Jakintsuak diote Beronika au zala Jairoren alaba biztutzera Jesus zijoala, mantuaren ertzari ukitu utsarekin aspaldian nozitzen zuen odol-miña sendatu zitzaion emakumea.

Jesus, bere gurutze-tzarra sorbaldan zuela bazijoan, eta uritik irteeran bigarren aldian lurrera erori zan. Aren etsaiak ikusirik lurrean zetzala, Kalbarioko mendira baño lenago ilko zitzaien eta gurutzean josita ikusiko etzuten bildurrak artu zituen. Orduan Alejandro eta Ruforen aita, Simon zeritzan Zireneko seme edo jatorri bat bere bas-etxetik zetorren, eta uriko atean sartzean, artu zuten gurutzea eramaten Jesusi laguntzeko. Zein zorionekoa Simon zirinear Jainkoak bere Semeari gurutzea eramaten laguntzeko autu zuena! Zein kristau ditxa artan arkitu naiko ez litzake! San Markos Ebanjelariak ain anditzat artu zuen, non ez bakarrik Simonen izena eta erria dakarzki, baita semeena ere, mundua mundu dan artean Simon Zirinekoaren izenak iraun dezan.

Simon onek ematen zion laguntzarekin Jesus zerbait bizkortu zan bideari jarraitzeko, eta bazijoan eskriba, fariseo, kargudun eta apaiz-buruak jendetza ezin esan alakoarekin orpoz orpo zerraizkiola; bada, pauso batean ere begietatik uzten etzuten. Jesusek, nork galdu asko bazituen ere, txit ondo nai ziotenak ere bazituen, endamas Israelko emakumeen artean. Oietatik zenbait ondoren zijoazkion, beren Ongille ona erreki artan ikusita negarrez urtutzen. Jesusek bide-ertz batean ikusi zituen, eta esan zien: Jerusalengo alabak, ez niri negarrik egin, ezpada zuek zerokgatik, eta zeron humeakgatik: zeren egunak badatoz esango dutena: Zorionekoak emakume agorrak, eta aurrik artu ez duten erraiak, eta eznerik eman ez duten bularrak. Orduan mendiai asiko zaiezte esaten: Atozte gure gañera, eta muñatsai, estali gaitzazute: zergatik eze, baldin arbola ezean au egiten badu, igartuan zer egingo du? Baldin Aita Eternoak uzten badu bere Seme guziz santuari bekatariakgatik au egiten, bekatari berai, zer egingo die?

Emakume on aiei etorkizun negargarriak ikusteko prest egon zitezela onela adierazota, Kalbariora bazijoan; baña mendiaren aldatsera zanean, gurutzearen pisuarekin berriz ere lurrera jauzi zan. Ain aula eta kemengabea zegoan! Jaiki nai eta ezin jaiki ibillita, geroenean jaiki zan, eta mendi-gaña iritsi zuen. Jesusen lotsa geiagorako bi lapur gaizto ere igo zituzten, Jesusekin batean iltzeko.
 

9. Jesus gurutziltzatua


 

Soldatu-tzar gogorrak soñekoak kendu ziozkaten, bere zauri guziak irugarren aldian berritu, eta soñekoarekin batean oni itsatsitako aragi-puskak kentzen ziozkatela, eta ipiñi zuten, egindako idikietatik odola txirrian zeriola. Gorputz guzia onela larrututa, gurutzean etzanerazo zuten; eskuak eta oñak iltze-tzarrakin josi ziozkaten; eta zutituta, lendanaz eginda zeukaten zuloan gurutzea kolpez sartu zuten, gorputz guziari dardarazo izugarria eman, eta zauri guziak berritzen ziozkatela; eta Jesus zeru-lurren Jabea gurutziltzatua airean agertu zan, lapur bi ezker-eskuitik zituela.

Urkamendian iltzen zituztenai ematen zieten mirra deritzan argizagi-antz batekin nastutako ardoa, onekin erdi-loan jarrita, zeramazkiten penak ariñago egin zekiezten. Soldaduak Jesusi eskeñi zioten mirrarekin nastuaz gañera beazunarekin ondo mindua; baña Jesusek mirra eta beazunaren garraztasun miña artzeagatik aoan sartu, bai; baña edan nai izan etzuen, kordea galdu etzezan, zeramazkien neke-oñazeak beren indar guzian artzeagatik.

Amabien inguruan gurutziltzatu zuten, eta gurutzean itzik ere atera gabe luzaro egon zan, biotz amodiozko ark gizonagatik zenbat begiratzen zuen ezagutzeko siñale berri bat eman zuen arteraño. Barkatu zaiezu, ene Aita, zeren ez dakiten zer egiten duten: ain eriotza miña ematen ziotenakgatik Aita Eternoari esan zion. Esaera estimagarria, aztu bear ez dana, gure etsai edo etsai-ustekoen kontra zerbait egiteko gogoak erasotzen digunean! Eskaera onen ondoren aietatik batzuek barkazioa iritsi zuten, gaizki-egiña ezagutu zutelako, eta danak iritsi bear zuten, su-arri guziak baño biotz gogorragoak izan ez baziran, eta beren itsumenean iraun nai izan ez bazuten.

Gurutzetik zinzilika zegoala, alde guzietatik neke-oñaze eta penak besterik etzetorkion. Gurutzearen aurrera begiratzen du, eta dakus jende gogor hura, iseka eta farra baizik egiten ez diola: an dakuski apaiz-buru, kargudun, eskriba eta fariseoak, lagun berriak billatzen, eman ziozkaten baño ere pena geiago emateko. Atzeraxeago begiratzen du, eta dakuski gizon eta emkume asko negarrez, eta oien artean bere Apostolu eta ikasle leialak. Gurutzearen oñean dakus bere Ama maite maitagarria, penaz eta naigabez josirik; baña negar-malko gabe, dakielako Semearen eriotzak Jainkoaren naia betetzen duela. Gurutzearen alboan dakus San Juan bere Apostolu kutuna, eta Amaren betiko laguna; an dakuski Maria Kleofasen emaztea eta Maria Magdalena, zerraizkion emakume guzietatik leialena eta iraunkorrena. Zeruronz begiratzen du, eta laguntzeko antzik ere ematen ez dio. Lurrera begiratzen du, eta soldadu-tzarrak dakuski, kendu ziozkaten soñekoak beren artean zabaltzen, eta bere Ama maite Maria guziz santaren esku ederrak egin zioten gañeko janzi jostura gabekoa, norentzat geldituko zan txotx egiten. Nor ikuskarri onen begira jarri, begiak negarrezko iturri bi egin gabe? Nork gogora ekarri dezake, biotza osotoro erdiratu gabe? O ene Jesus maitea! O ene Jabe gozoa! Nork gurutzetik jatsi zintzakean, eta Zure Ama biotzekoari besoetara eraman, odol-kutsu guziak bere estalkiarekin kendu eta garbitzeko! Baña ez; ezin diteke. Aita Eternoak aginduta dauka, eta lurrekoak erabaki dute, Zuk zure atzeneko asnasa gurutzean eman dezazula.

Pilatok agindu zuen, Jesusi buru gañean ipintzeko txartel bat, esaten zuena: Jesus Nazareteko, Juduen Erregea. Juduak itz oiek irakurri zituztenean, Pilatori joan zitzaiozkan eta esan zioten, itz aiek kenduta, ipintzeko berak esaten zuela: Juduen Erregea naiz. Pilatok erantzun zien: Bein eskribatua, eskribatua izan bedi.

Pilatogandik nai zutenik iritsi etzutenean, Jesusi berriro eraso zioten, arpegiko keñu, buru-makurketa eta beste farragarri asko egiñaz. Adizak, esaten zioten; Jainkoaren Eliza ondatu, eta iru egunean berritzen dekan orrek, ere burua libratu ezak. Jainkoaren Semea baaiz, ortik jatsi adi. Gero elkarri ziotsaten: Besteak libratu zituen, eta Jainkoaren Autua bada, bera ere libratu bedi. Apaiz-buru, eskriba eta kargudunak ere burlaz zioten: Besteak libratu zituen, eta bera ere libratu bedi. Israelko Errege bada, gurutzetik jatsi bedi, eta sinistuko diogu. Uste guzia Jainkoagan zeukan; Jainkoaren Semea naiz, zion, eta orain libratu beza, maite badu. Juduen Erregea baaiz, eskuetatik joan akigu, judu zatarrak otsegiten zioten. Atzenik eskui-ezkerretan ipiñi ziozkaten lapurrak ere, besteak bezala, isekatzen zuten; eta biak añenekoka ziarduten. Baña, o Jaunaren gogoan dauden gauzak zein ondogabeak diran! Bata gurutzean Jaunagana itzuli, eta bestea bere gaiztoan gogortzen dira. Bata barkazio eske, eta bestea gaizki esaka dagokio. Zer berdin-eza batagandik besteaganakoa!

Bi oietatik batek Jesusi esaten zion: Kristo baaiz libratu gaitzaguk i erori eta gu. Baña besteak lagun gaizki-itzegiña agirakatzen edo erreprenditzen zuen, esanaz: Zer? i urkamendian agoala ere, Jainkoari bildurrik artzen ez diok? Guk zeramakagun patua txit bidezkoa eta gure gaiztakeriai dagokiena dek; baña onek gaitzik egin ez dik. Eta Jesusi, berriz, esaten zion: Jauna, zure Erreinuratzen zeranean, nizaz oroitu zaite. Bai, gaur Zeruan nerekin izango zera, Jesusek erantzun zion.

Eguerdiko amabiak aldean ziran, eguzkia bete-betean eta zerua odeitxo bat ere gabe garbi-garbi arkitzen zala, mundu guzia illunantz batek estali zuenean. Illuntasun au, oi ez bezalakoa zalako, guziak miragarritzat jo bear zuten; baña aintzakotzat ere artu gabe, soldaduak, juduak eta gañerako guziak, Jesusen adiskideetarañokoak Kalbarioko mendian zeuden. Maria guziz santa, arestian esan dan bezala, Semearen gurutzearen oñean zegoan, ezin esan ere ditekean adiña penatua. San Juan Apostolu maitea ondotik kendutzen etzitzaion. Maria Kleofas eta Maria Magdalena ere mugitzen etziran.

Jesusen iltzeko ordua betetzer zanean, bere Ama maiteari gurutzearen oñera begiratu zion, eta Juani albora; eta Amari esan zion: Emakumea, orra or zure semea; Ecce filius tuus. Zer trukaera negargarria Maria Birjiña guziz santarentzat! Ikaslea Maisuaren lekuan, Juan Jesusen lekuan, Zebedeoren semea Jainkoaren Semearen lekuan ematen zaio. Gero Apostoluari esan zion: Orra or zure ama: Ecce Mater tua. Eta ordutik Apostoluak Maria amatzat artu zuen. Itz oiekin gu guziok, Apostolu maite aren buruan, Maria guziz santaren mantupean, humeak amarenean bezala ipiñita, Aita Eternoari atzeneko itzak esan bear ziozkan; eta arratsaldeko iruak alderatu ziranean, ots andi batekin esan zion: Eli, Eli, lama sabacthani, au da: Ene Jainkoa, Ene Jainkoa, zergatik utzi nazu? Itz oiek aditu zituzten ango batzuek uste izan zuten, Eliasi deitzen ziola, etziekitelako Eli Eli-k, Siriako itzkuntza izanik, zer esan nai zuen; eta elkarri ziotsaten: Begira gauden, Elias ote datorkion libratzera.
 

10. Jesusen iltzea


 

Jesusek baziekien, zer gauza ziran oraindik betetzaka; eta Eskritura santan aldeaurrez esana: "Nere egarrian ozpiña eman zidaten" gertatu zedin, esan zuen: Egarri naiz. Ozpin-ontzi bat an arkitu zuten, eta begira zeudenetatik batek arroki edo esponja ozpiñetan busti zuen, eta makilla luze bati erpiñean ipiñita, aora eman zion, eta Jesusek ozpiña artu zuen. Ondoren beste ots bat egin zuen, esanaz: Guzia egiña dago; eta atzen-atzenean bere Aita Eternoari esan zion: Ene Aita, nere espiritua zure eskuetan uzten det; eta burua makurtuta, Jesus il zan.

Arratsaldeko iruak ziran, Jesusek bere gañ artutako gure erospen edo erredenzioko lana osobete eta egin zanean. Orduan gure zorrak kitatu zituen; baña, zein garesti! Esan degu, bere odol guzi-guziaren truke. Eskerrak eta eskerrak eman dizaiozkagun, bada, gugatik ainbeste neke-pena artu zituen Jainko gizonduari. Ordu onetan berean gauza guziak adierazo zuten gertakari andiren bat izan zala. Mundu guzia bildurrak artu zuen: eguzkia illundu zan; Elizaren erdian zinzilika zegoan oiala erdibitu, eta ainbeste lengo gizaldietan itxita egoten zan leku guziz Santua agertu zan; arriak zarrakatu ziran, lurra dardaratu zan; obiak edo sepulturak idiki ziran; eta izatea duten gauza danak beren erara negar egin eta naigabea erakutsi zuten, guzien Egille Jesus gurutzean il zanean.

Ainbeste mirari ez-aditu oiekin, esan zitekean juduak beren gaiztakeria ezagutu, eta Jainkoaganonz noizbait itzuliko zirala; baña arrokeriaz beteak eta berekoiegiak ziran, batez ere buru egiten zutenak, bein ateratako itza jateko eta gaizki egin zutela aitortzeko. Ala ere, Kalbarioko mendian baziran ezagueran sartu ziranak. Jesusi kontuartzeko joan ziran soldaduen agintari edo zenturionak aditu zuenean Jesusek atzeneko asnasa ematean egindako deadarra, oartu zanean bere oñ-azpiko lurra ikaratzen, arriak zarrakatzen, obiak idikitzen eta onelako beste mirari asko egiten, larritu zan; eta otsegin zuen: Au Jainkoaren Semea zan, bai. Soldaduak ere, nagusiari zerraizkiola, aitortu zuten Jesus Jainko egiazkoa zala. Juduetatik ere askok ezagutu zuten zein gaizki ibilli ziran, Jesusi ainbeste erakusten, eta arri egiñik etxera itzuli ziran, bular-joka, Jaunari barkazio eskatuaz.
 

11. Jesus illa gurutzetik jatsitzeko prestamenak.


 

Lanbide artan buru egiten zutenak nai guzia iritsitakoan, Pilatori joan zitzaiozkan, eta eskatu zioten agindu zezala gorputz-illak gurutzetik kentzeko, Pazkoako egun andia sartu baño lenago. Pilatok baiezkoa eman zien, eta bere aginduz soldaduak Kalbariora igo ziran, eta lapur biai bernazakiak autsi ziezteen, bereala il zitezen; baña Jesus ikusi zutenean il zala, autsi etziozkaten; eta soldadu batek lanza luze batekin eskuiko saietsa idiki zion, eta odola eta ura irten ziran.

Gauza guzietan Jaunaren esku miragarria zebillen, eta etzan ezer ere benturara eta ustekabean egiten. Soldaduak aginduak zijoazen Jesusi bernazakiak austeko, eta illa egon arren, agindua egin gabe uzteko eskurik etzuten; bestetik, egon bear etziran atzerago illari austeko, biziai baño. Anziña-anziña esanai egiztamena eman bear zitzaien. Moisesek Pazkoako bildotsagatik esan izan zuen: Ezurrik batere autsiko ez diozute. Lanzaz saietsa idikitzea ere, ezeri ez zitxokala egin etzan: bada, juduakgatik aldeaurrez esan zan: Begiratu zioten zulatu zutenari.

Soldaduak gisa onetan, Jainkoak profetaen bitartez lendanaz adierazotako gauzak egiten zituzten bitartean, Jose zeritzan Arimateako gizon on prestu, eta sanedrin edo batzarre nagusikoetatik bat, Jesusen kontrako lanetan ikuskizunik izan gabea eta isillean Jesusi jarraitzen zitzaiona, Jesus il bezain laster Jerusalenera ito-itoka joan zan, eta Jaunaren gorputza Pilatori eskatu zion. Pilatok il-berri au artuta bereala agindu zuen emateko. Jose baimen onekin era berean korrika Kalbariora itzuli zan, gorputz-illa obiratzera. Beste askoren artean, Nikodemo berez judua, fariseoen burua, Israelko maisua eta Jose bezala batzarre nagusikoa; Nikodemo, gau batean bere galdeak egitera Jesusi joan zitzaiona, eta Jesusekin itzegin ezkero, isillik bedere, oni jarraitu zitzaiona, eta batzarrean Jesusen alde txit gogorkiro itzegin zuena ere Kalbariora joan zan, mirraz eta zabila deritzan belar min batekin egindako eun libra okendu berekin zituela, Jaunaren gorputz-illa igortzitzeko.

Jose eta Nikodemok iltzeak gurutzetik atera eta gorputza jatsi zuten, eta Ama Maria guziz santari magalera eman zioten. Zer Ama maite onen orduko biotz-erdiratzea, bere Seme biotzekoa besoetan artu zuenean! Begira-begira jarri zitzaion, eta zekusan buru guzia muñetaraño arantzaz josia, arpegia ezarri ziozkaten istu eta karkaxa zikiñakin tortikatua, saietsa lanzaz idikia, esku-oñak iltze-tzarrakin zulatuak, gorputza ainbeste milla azoterekin larrutua eta odoldua; itz batean, burutik oñetarañoko guzia zauri bat egiña. Nork adierazo Amaren orduko miña! Ez, ez dezake Amak berak bestek neurtu, gisa artan Seme Jainkoa ikusteak biotz biguñ ari eman zion eta Simeon zarrak lendanaz esandako ezpatada zorrotza. Eta are andiagoa artu zuen bi gizon on aiek besoetatik kendu ziotenean, obiratzeko.
 

12. Gorputz illaren obiratzea


 

Josek eta Nikodemok, bada, onek eramandako okenduarekin gorputz-illa ondo igortzi, eta Josek erositako maindire berri batean bildu zuten; arpegia izerdi-zapi batekin estali zioten, eta gorputza maindirearen gañetik paxatu edo paxaz ondo lotu zuten, gauza oiek guziak Nikodemoren okenduarekin lenago enbasatuta, juduak gizon andien gorputz-illakin egiten zuten bezala.

Obia bear zan, eta arkitu zuten gurutzetik ogeita amasei kanara zegoan baratza batean, non Josek arri bizi-bizian eraginda zeukan bera eta bere etxekoak lurpetzeko; baña arteraño iñor ipiñi etzan, edo iñorekin erabilli gabeko berri-berria zan. Jose eta Nikodemok gorputz-illa baratzara eraman eta obi onetan ipiñi zuten, burua eguzkiaren sartalderonz zuela; eta obia ar-losa andi batekin estalita, baratzatik irten ziran, biztutzeko eman zien itza gogoan zutela. Jesusekin Galileatik etorritako emakume on piadosa aiek, aresti ezkero esaten gatozen lanbide oietan guzietan begirik kendu etzuten, ez aldegin ere alik eta gorputza obiratuta, baratzatik irten ziran arteraño; baña beste guziak atzenean joan arren, Maria Magdalena eta Maria Santiago gaztearen amak aldegin nai izan etzuten, eta gorputz-illaren aurrean eserita geratu ziran. Emen Jaunagan pensatzen zeudela, gogoak eman zien berak ere gorputza berriro igortzitzea, eta Jerusalenera okendu eske jatsi ziran; baña okendua erosi eta beste gauzak prestatzen zebilzan bitartean, Pazkoa-jaia sartu zan, eta onek zirauen artean alako lanak egitea, legez ez bazan ere, oituraz debekatua zalako, ondorerako utzi bearra izan zuten.

Ostiraleko eguzkia sartzearekin larunbata asten zan, eta apaiz-buru eta fariseoak Pilatori joan zitzaiozkan, esanaz: Jauna, oroitzen gera gezurti ark esan zuela: Iru egunen buruan biztuko naiz. Beragatik agindu ezazu, gorputz-illa sartu dan obiari kontu artzeko, berari zerraizkion ikasleak gauez joan, gorputza ostu eta jendeari esan ez dizaioten: Illen artetik biztu zan; zeren utsegite berri au lenagokoa baño andiagoa izango dan. Gordetzalleak badituzute, Pilatok erantzun zien, zoazte eta kontu egin zaiozute, dakizuten bezala.

Juduak soldadu-samalda bat beti izaten zuten Elizari kontu artzeko, eta Jainkoak gauzak zuzendu zituen juduen soldadu oiek berak gorputz-illa zantzeko, eta ez Pilatorenak, gero biztutakoan juduak esan etzezaten, Jesusen ikasleak Pilatoren soldaduakin elkar artuta, gorputz-illa eraman zutela; argatik ondo etorri zan Pilatok bere soldaduak ukatzea, eta erantzutea berak ere bazituztela. Juduak neurri au eta beste geiago artu zituzten, beren ustez, gezurren bat asmatuta, Jesus biztu zala onen adiskideak esan etzezaten. Iru egunak baño lenago obira joan ziran, ar-losa jasota an ote zetzan ikustera; an zegoan, berriro estali zuten eta sillua markatu zioten, iñork erabiltzen bazuen ere, ezagutu zedin, eta beren uste guzi-guziko kontu-artzalleak ipiñi zituzten, eta gogoak eman zien gañerako guzia, ezeri barkatu gabe, egin zuten, berenarekin irtetearren; baña itsu aien asmakari guziak alperrik izan ziran, eta egia garbiro agertu zan.
 


Amargarren Irakurgaia

1. Jesusen biztuera


 

Jesu Kristo gure Jaunak askotan esan izan zuen ilda irugarren egunean biztuko zala. Arteraño erakutsitako gauza guziai sinismen osoa emateko zimendua au zan, eta esana egiztatu zuen.

Ostiral arratsaldeko iruetan il zan; eta bere gorputza arratsalde berean obian ipiñi zuten: ona emen lenengo eguna, zati bat osoaren ordez artuta. Biaramonean, zeña larunbata zan, egun guzian egon zan: ona emen bigarren eguna. Igande goizean obitik irten zan: eta ona emen irugarren eguna, lenengoa bezala zatia osoaren ordez artuta.

Il zan ordu bere-berean anima guziz santa jatsi zan Abrahamen Senoa zeritzan eta arteraño ildako on guziak arkitzen ziran lekura. Oiek aspaldietan beren Libratzalle andiaren zai zeuden, eta ikusi zutenean Jainkoaren Semea zijoakiela, argi eder batek artu zituen, eta asi ziran betiko zorionekoak izaten; artan diraute, eta sekula guzian iraungo ere dute. Igande goizeraño emen egon zan, eta goiz onetan obian zetzan gorputzari itzuli zitzaion, eta gurutzean galdutako bizia beretuta, obia estaltzen zuen ar-losa portitza ez autsi eta ez kenduta, sillua ere zana zan bezala utzirik, gorputza animarekin batean irten zan, gorputz gloriotsuaren doai eder guziak berekin zituela.

Kontu artzen zeuden soldaduak ezerzaz ere oartu etziran, alik eta lurrikara andi baten otsarekin aingeru bat Zerutik jatsi, obi gañeko ar-losa irauli eta onen gañean eseri zan arteraño. Aingeruaren arpegiak tximista zirudien, begiak txingarrak, eta soñekoa elurra baño zuriago zan. Soldadu kontuartzalleak, aingeru onen ederra eta argia ezin eramanik, atzerontz jauzi ziran, ilda bezala; eta zerbait berera ziranean, osotoro izututa, andik iges egin zuten.

Maria Magdalena eta Maria Santiago gaztearen ama, orainago esan da Jerusalenen geratu zirala Pazkoa-eguna igaro artean, gero bereala Jesusen gorputz-illa okenduz egiteko: eta asmo on oni zerraizkiola igande goizean goiz baratzaronz abiatu ziran, beste emakume on asko, eta oien artean Juana, Herodesen kontu-eramalle Chusas-en emaztea, eta Maria Salome Santiago zarrenaren eta Juanen ama berekin zituztela. Larunbat guzia nola bakarrean eta iñorekin itzegin gabe igaro zuten, etziekizkiten Jesusen obiari kontu artzearen gañean juduak erabilli zituzten lanak.
 

2. Pedro eta Juanen joanera obira


 

Jakin-ez onetan bazijoazen; Maria Magdalena, lagunak atzean utzita, besteak baño lenago obira alderatu zan, eta obia estaltzen zuen ar-losa zearkatua ikusi zuenean bereala pensatu zuen Jaunaren gorputza norbaitek ostua izango zala; baña aingerurik oraindik ikusi etzuen. Bere-bereala Jerusalenerako bideari eman zitzaion, baratzaronz abiatu zanean berekin artutako lagunak aren itzuleraz oartu ere gabe. Jerusalenen Pedroren etxean sartuta, oni eta Juani esan zien: Jauna obitik eraman dute, eta ez dakigu non utzi duten. Bi Apostoluak berri au aintzat bertatik artu zuten; eta ezaguturik zein konbeni zan garbiro jakitea, Maria Magdalena emakume men eta egititzat bazeukaten ere, bere eresi onagatik utsegin zezakean, edo artean illun zegoalako gauza bat beste iruditu zizaiokean bildurrez, biak obiaronz abiatu ziran, beren begiakin ikustera. Biak elkarrekin bazijoazen ere, Juan, gazteagoa bezala, Pedro baño lenago eldu zan, eta makurturik, obiaren zoruan edo solairuan ikusi zituen gorputza bildutako maindirea eta lotutako paxak, baña obian sartu etzan. Gero bereala Pedro ere eldu, eta obian Juan baño lenago sartu zan. Juanek bezala maindirea eta paxak ikusi zituen; baita ere arpegia estaltzeko ipiñi zioten izerdi-zapi, Juanek ikusi etzuena, baztertxo batean. Ez Jauna bera, ez Aingerua ikusi zituen; baña bai, baratza soldadu kontu-artzalle gabe, arri-estalkia azpikoaz goora iraulia, obia utsik, il-janzia zoruan eta izerdi-zapia aldamenean: eta gauza oiek guziak argiro adierazo zioten eta sinistu zuen Jesus biztu zala. Juan ere gero sartu zan, eta Pedrok bezala guzia ikusi zuen, eta biak poz andiarekin Jerusalenera itzuli ziran.
 

3. Jesus Maria Magdalenari agertzen zaio


 

Maria Magdalena aiei orpoz orpo baratzaraño jarraitu zitzaien, baña aiekin Jerusalenera itzuli nai izan etzan, bere Jaun maitea obiratutako lekua uzteko miñez, eta obiaren sarreran negarra zeriola geratu zan. Obiaren barrura aldian-maiz begiratzen zuen; baña ezer ikusten etzuen. Geroenean agertu zitzaiozkan zuriz janzitako bi aingeru, bata obiaren buru aldetik eta bestea oñetan eserita, eta esan zioten: Zergatik negar egiten dezu? Zeren nere Jauna kendu duten, eta non utzi duten ez dakidalako negarrez nago, erantzun zien.

Itzketa onetan ziarduela, atzeronz begiratu zuen batean, Jesus zutik ikusi zuen, ez ordea ezagutu. Emakumea, zertako negar egiten dezu? noren billan zabilza? Jaunak galdetu zion. Maria Magdalenak uste izan zuen, itzegiten ziona baratza zaia edo hortelanoa zuela, eta esan zion: Zuk kendu badezu, esan zadazu non utzi dezun, eta nik eramango det. Au esanda, berriz ere obira begira jarri zan, gorputz-illa an ikusten bazuen bezala; bada burutik ezin kendu zuen. Orduan baratza-zaia zalakoak, baña Jaun egiazkoak esan zion: Maria. Itz bakar onekin Maria Magdalenak ezagutu zuen Jauna zala, eta poz eta atsegiñez beterik, deadar egiten du: Ene Maisu maitea!!! Auzpeztutzen zaio, atsegiñeko negar malkoakin bustitzen diozka Simonen etxean bekatuen damu eta miñez garbitu izan ziozkan oñ guziz santu aiek. Artuta muñ egin nai die, baña Jesusek esaten dio: Ez ukitu; esaten bazion bezala: Asko da; ezagutzen det zenbat nai didazun. Oraindik leku dago: Nere Aitagana orain bereala ez noa. Zu nere anaiaetara (Apostoluetara) zoaz, eta esaiezu biztu naizela, eta emendik gitxi batera igoko naizela nere eta zuen Aitagana, nere eta zuen Jainkoagana.

Jesus gorde edo ezkutatu zitzaion, eta Magdalena berriz ere Apostoluetara Jerusalenera korrika jatsi zan, eta esan zien: Jauna ikusi det; au eta au esan dit. Zer gertatu zitzaion zearo esan zien; baña Pedro eta Juan, arestian berak ikusi zutenarekin jartzen baziran ere Magdalenaren esanak sinistera, beste Apostoluak eta ikasleak txit biotz illunakin eta negarrez arkitu zituen, beren maisu ona biztu zala ezin sinistuz. Nik neronek ikusi ditut, esaten zien, bi aingeru eder, bata obiaren buru aldetik eta bestea oñetan eserita. Nik neronek Jauna ikusi det, eta itzegin dit. Baña esan oiek artzen ziozkaten bere itsumenak eta eresiak erasandakotzat.
 

4. Maria Magdalenaren lagunai Aingeruak itzegiten die


 

Maria Magdalenak or-emen guziak txit denbora gitxian egin zituen, bada eguzkia agertzerako bigarren aldian Jerusalenera itzuli zan. Onekin batean goizean goiz obiaronz irtendako lagunak Mariaren ibillien berririk etzuten, Mariak aietatik aldegin eta beste bide batetik atzera eta aurrera ibilli zalako; eta lagun oien bideko ardura eta jardun guzia zan, gorputz-illa nola okenduz igortziko zuten; eta elkarri ziotsaten: Nork obia estaltzen duen arri andi hura kenduko digu? Baratzan sartu ziran eguzkia agertuta gero, eta arria iraulita ikusteak poz andia eman zien. Idikita zegoanean, bereala sartu ziran; baña ondoraño jatsi etziran, galai gazte baten antzeko aingeru zuriz janzi bat eskuian ikusi zutelako, eta larritu ziran. Ez ikaratu, Aingeruak esan zien: Zuek Jesus Nazareteko gurutziltzatua billatzen dezute: biztu zan; emen ez dago. Atozte, eta ikusiko dezute Jauna ipiñi zuten lekua. Bereala zoazte, eta aren ikasle eta Pedrori esaiezute biztu dala, eta Galileara beren aurretik dijoakiela, eta agindu izan zien bezala an ikusiko dutela. Aingeruak esanda, obiaren ondora emakumeak jatsi ziran; begiratu zioten, baña il-janzia eta izerdi-zapia besterik arkitu etzuten. Arri egin ziran Jaunaren gorputza ikusi etzutenean, eta Aingeruak esanak ezer gitxian artuta, uste izan zuten, Magdalenak bezala, norbaitzuek ostua izan zala.

Emakume on oiek negarrari eman zitzaiozkan, eta naigabetuenak zeuden denboran bi gizon txit ederki janzitako aldamenean jarri zitzaiezten, zeñak ikustearekin lotsatu ziran, eta begiak beeratu zituzten, eta gizonak esan zieten: Zertako zabilzate illen artean bizi danaren billan? Biztu da, emen ez dago. Oroitu zaitezte nola Galilean esan zizuten: Konbeni da gizonaren Semea izan dedin bekatarien eskuetan ipiñia, gurutziltzatua; eta irugarren egunean biztutzea. Orduan gogoratu zitzaiezten Jesusek esandako itzak, eta sinistu zuten Jauna biztua zala.

Poz onekin Jerusaleneronz bazijoazen, eta Jesus bidean bere lenagoko antz-antzean agertu zitzaien, eta esan zien: Jainkoak gorde zaitzatela. Bereala ezagutu zuten, auzpeztu zitzaiozkan, eta oñetatik elduta adoratu zuten. Onetan ezin aspertuz ziarduten, eta Jesusek esan zien: Ez ikaratu; zoazte eta nere anaiai esaiezute Galileara joateko: an ikusiko naute. Itz oiek esatearekin batean, Jesus ezkutatu zan, eta emakumeak bereala Jerusalenera joan ziran.

Ordurako, Magdalenak zabaldutako albistarekin Apostoluak eta ikasle asko Pedroren etxean bilduta zeuden; emakumeak sartu ziran eta esan zieten gertatu zitzaioten guzi-guzia. An arkitzen ziranak poz andiarekin aditzen zituzten oien esanak, Maria Magdalenarenak, Pedro eta Juan Apostoluenak; baña uzkurtasun-antz bat erakusten zuten, beren begiakin ikusi gabe osotoro sinisteko. Jesusek bizi zala askotan esan izan zien, biztuta gero Galilean ikusiko zutela. Orain Jesusek berak eta Aingeruak emakume on aiei au bera esan zieten, eta beren gogoa osotoro betetzeko, erabaki zuten Galileara joatea.
 

5. Soldadu kontu-artzalleak nagusiai esaten diete zer gertatu zaien


 

Lurrikara eta Aingeruaren aurketarekin izututa, igesi joandako soldaduetatik batzuek eguzkia agertu zanerako elkargana bildu ziran; eta Jerusalenera itzulita, apaiz-buruai esan zieten zer gertatu zitzaien. Gau illunean lurrikara bat izan zan, zioten; eguzkia bera baño aingeru argiago bat, obia estaltzen zuen ar-losa irauli, eta gañean eseri zan. Aren begiak tximistak ziruditen, eta egin zigun begiratua ain zorrotza izan zan, non erdi-illak atzeronz erori giñan. Orduan, nork bere egin alean, iges egin genduen, eta ara emen gu, oraindik ere ikara osotoro kendu gabe; baña sinits-sinits eginda Jesu Kristo biztu dala, eta aren gorputza obian ez datzala. Guri zegokigun, zuei dana dan bezala esatea, eta zuei dagokizute gai miragarri onetan zer datekean jakitea.

Soldadu aiei adituta, bereala apaiz-buru eta kargudunak batzarreatu ziran, gauza onen gañean itzegitera. Argirik asko bazuten, Jesus orainago il zutena biztu zala ezagutu eta sinistutzeko; baña gogor zeuden beren gaizki-egiña aitortzeko, eta guzia gezurtatzeko asmoak artu zituzten. Baña, nola ukatu eta isillik gorde zezaketen beren soldaduak berak esaten eta aitortzen zutena? Dirutza andi bat emango diegu, zioten, zer ikusi duten esan gabe isillik egon ditezen, eta barreatu dezaten lo zeutzala, Jesusen ikasleak gauez etorri eta gorputz-illa ostu zietela. Apukoaren lotsagarria! Zer? lo dautzan batzuek dakarzkiguzute lekuko edo testigutzat? San Agustinek batzarrekoai burlaz esaten die. Apaiz-buru eta kargudunen asmakari au egiaren antz gabea bazan ere, soldaduak diruagatik pozik barreatu zuten, eta juduak gaur dan eguneraño sinismen uts onetan bizi oi dira.

Berez esana dago, berri onekin Jesusen ikasle lapur ziralakoen kontra juduak su biziak artuko zituela, eta oien bildurrez egongo zirala. Arratseraño, beintzat, ezkutuan egon ziran, eta illundu zuenean guziak, nor bere aldetik, Galilearonz abiatu ziran. Ordu gitxiren buruan, Tomas izen goitiz Didimo zeritzana ez, beste Apostoluak elkarrekin arkitu ziran, eta oiekin batean beste ikasle asko ere bai, eta guziak gela batean sartuta, jarri ziran, batetik juduen bildurrez eta bestetik Jesusek ikusiren bat emango zien uste oso-osoan.

Ordu pozgarri onen begira zeudela, bi ikaslek atea jo zuten, eta ezagunak ziralako, idiki zieten. Bi oietatik bat zan Kleofas, askok diotenez, Santiago gaztearen aita, eta bestea, batzuen iritzian, Zefas. Bi ikasle oiek Jerusalendik eguerdian irten ziran bi orduko bidastian zegoan Emaus zeritzan gaztelu edo alderrian illunabartzean sartzeko asmoarekin. Itzketa guzia egun aietan Jerusalenen gertatutako gauzaen gañean zeramaten, eta elkarri galdeak egiten ziardutela, Jesus urreratu zitzaien, eta oiekin batean zijoan; baña begiak lausotu zitzaiezten, Jesus ezagutu etzezaten. Jesusek esan zien: Zer itzketa da bidean daramazuten ori? eta ain triste zerk zauzkate? Kleofasek erantzun zion: Zu bakarra zera Jerusalenen, egun oietan an gertatu dana ez dakizuna? Zer? Jesusek galdetu zien. Bidanteak erantzun zioten: Itzegin degu Jesus Nazaretekoaren gañean, zeña izan zan gizon Igarlea, Jainkoaren eta erri guziaren aurrean egin eta esanetan esku andikoa: eta nola gure apaiz-buru eta kargudunak eriotzako sentenzia eman eta gurutziltzatu zuten. Guk uste genduen bera izango zala Israel erosi edo erredimituko zuena, eta gaur da irugarren eguna gauza oiek gertatu zirala. Egia da, gure emakume batzuek aztoratu edo airean ipiñi gaituzte, zergatik ezen, gaur goizean eguna baño lenago obira joan dira, eta gorputz-illa arkitu ez dutenean, etorri zazkigu esanaz ikusi dituztela Aingeruak, zeñak esan diete bizi dala, eta gureetatik batzuek obira joan ziran, eta guzia arkitu zuten emakumeak esan bezala; baña Jauna etzuten topatu. Orduan Jesusek esan zien: O zoro eta biotz nagikoak, profetak esan guziak sinisteko! Zer bada! konbeni etzan Kristo iltzea, eta bere glorian onela sartu zedin? Eta agertu zien Moises eta beste profetak argatik esandako guzia. Onetan ziardutela, Emausera alderatu ziran, eta Jesusek aurrera zijoalakoa egin zien; baña eskatu zioten aiekin gelditzeko, esanaz: Gurekin gelditu zaite, bada berandu da; eta eguna badijoa. Geroenean bi aiekin batean etxean sartu zan. Maiean eserita zeudela, Jesusek ogia artu, bedeinkatu eta ebaki zuen, eta ematen zien. Biak artu zioten, eta jan zuten. Orduan begiak argitu zitzaiezten eta Jauna ezagutu zuten, eta ezkutatu zitzaien.

Bakarrik arkitu ziranean, elkarri ziotsaten: Gure biotzai etzizekaten, bidean itzegiten eta Eskritura Santak erakusten zizkigunean? Au esanda, maietik jaiki eta Galileara joan ziran, zer gertatu zitzaien esatera, eta arkitu zituzten Apostoluak eta besteak, ziotela: Jauna egiaz biztu da, eta Simoni agertu zaio. Ez dakigu Apostoluak emen aitatzen duten agerkera au Simon Pedrori Jaunak noiz egin zion; baña uste izaten da beste Apostoluai baño lenago agertu zitzaiola. Emausko bi aiek gero bereala zearo esan zieten bidean igaroa, eta nola Jesus ogia ebakitzen ezagutu zuten.
 

6. Jesusen agerkera Apostoluai


 

Igande edo astearen lenengo egun onen gaua aurrera zijoan, eta Apostolu eta ikasleak, juduen bildurrez etxeko ateak ondo itxita zeudela, Jesus etorri eta guzien erdian jarri zitzaien. Lenbizian ikaratu ziran, eta uste izan zuten espiritu edo antz uts gaiztoren bat zala; bada, etzeritzaten, gorputz egiazkorik ate itxietan sartu zitekeanik, eta Jesusek esan zien: Pakea zuekin. Zertako larritu zerate eta gogorazio bildurtiai leku eman diezute? Ez ikaratu. Ni naiz; eta ikusitakoan, adoratu zuten. Baña aien artean baziran batzuek osotoro oraindik sinisten etzutenak, eta Jesusek esan zien: Begira nere esku eta oñai, eta Ni nerau naiz. Ukitu eta ikusi espirituak aragi eta ezurrik ez duela, Nik dauzkadala, dakusuten bezala. Au esanda, eskuak, oñak eta saietsa erakutsi ziezten. Baña oiek guziak ikusi arren, uzkur zeuden sinisteko; uste zuten, alabañan, pozak begietan ipintzen zien irudipenen bat zala; eta Jesusek esan zien: Zer janik badezute? Ezkalu erre bat eta ezti-abaraska bat eman ziozkaten. Jesusek jan zituen; eta ezagutu zezaten ezkalu eta eztia berez ziran eran jan zituela, kondarrak eman ziezten, jan zitzaten.

Gauza oiek guziak Jesusek ain zearo eta banaka egin zituen, uzkurtasun guziari utzita, bete-betean sinistu zezaten egiaz biztu zala; eta gero esan zien: Zuekin nenbillenean au esan nizuten: Moises, profetak eta Salmoak nigatik aldeaurrez esandako guzia egin bear zala. Orduan eman zien Eskritura Santari igerritzeko, edo zer esan nai zuen ezagutzeko argia, esanaz: Onela eskribatua dago, eta onela konbeni zan, Kristo il eta irugarren egunean illen artetik biztu zedin, eta bere izenean penitenzia eta bekatuen barkazioa jende guziarentzat, Jerusalendik asita, predikatu zitezen. Gauza oiek guziak zuek zerok ikusi eta aditu dituzute. Itzketa au eginda, Jesus ezkutatu zitzaien, eta urrengo iganderaño berriz agertu zitzaienik ez dakigu.
 

7. Jesusen berrizko agerkera Apostoluai


 

Igande batetik besterañoko zortzi egunak Apostoluak eta ikasleak, juduen bildurrez, ezkutuan egin zituzten, beren Maisu maitea berriz ere agertuko zitzaielako ustean; eta ala gertatu zan. Lenengo igande gau artan Tomas beste Apostoluakin arkitu etzan Jesus agertu zitzaienean, eta aste bitartean lagunak ikusi zutenean bereala esan zioten Jauna ikusi zutela; baña Tomasek erantzun zien: Nik ez badakust aren eskuetako iltze zuloa, eta nere beatza an eta eskua saietseko idikian sartzen ez baditut, sinistuko ez det. Apostolu onek asko eskatzen zuen; baña Jesusek guzia egin zion.

Bigarren igandean, au da, biztu zanetik zortzigarren egunean, Apostoluak eta ikasleak elkarrekin, ateak itxita, ezkutuan zeuden, Tomas berekin zutela, eta Jesus lenagokoan bezala sartu zitzaien, eta erdian jarrita, esan zien: Pakea zuekin. Gero Tomasi esan zion: Zure beatza emen sar ezazu, eta begira nere eskuai, eta zure eskua indazu, eta nere saietsean sar ezazu eta etzaite izan sinisgogor, eta bai siniskor. Tomasek, noski, biotzik izango etzuen eskurik luzatzeko eta ukitzeko ere, Jesusek ain zorrozkiro itzegin zionean. Bakarrik itz oiek esan zituen: Ene Jauna, eta ene Jainkoa!!! Eta Jesusek esan zion: Ikusi nazulako, Tomas, sinistu dezu. Zorionekoak ikusi etzutenak eta sinistu zutenak; zan esatea: Zu baño zorionekoagoak izan ziran ikusi gabe sinistu zutenak. Au esanda, Jesus ezkutatu zitzaien.
 

8. Jesusen irugarren agerkera Apostoluai


 

Egun onen ondoren laster bein batean agertu zitzaien Pedro eta Santiagori; beste bein amaika Apostoluai, elkarrekin zeudela; eta beste askori, berriz, Tiberiadesko itsas-ondoan, onela: Simon Pedro, Tomas, Natanael (zeña batzuek diote Bartolome zala), Zebedeoren seme Santiago eta Juan, eta beste bi ikasle elkarrekin arkitzen ziran; eta Simon Pedrok esan zien: Arrantzara noa. Gu ere bai zurekin, lagunak erantzun zioten. Guziak itsasora urreratu, eta ontzian sartu ziran; baña gau guzian sareakin ibillita, ezer ere arrapatu etzuten. Eguna argitu zanean, Jesus ur-ondoko erriberan aurkeztu zan; baña ezagutu etzuten; eta esan zien: Semeak, zer janik badezute? Ez, erantzun zioten. Sarea ontziaren eskuira bota ezazute, eta arkituko dezute, Jesusek esan zien. Bota zuten eta ezin jaso-al arrai sartu ziran (eunda berrogeita amairu puska). Orduan Juan, Jesusen Apostolu maiteak Pedrori esan zion: Jauna da. Pedro, au aditutakoan, azpiko janziaren gañetik mantua gerrian bilduta, itsas-urean abiatu zan, lur-leorrean bazijoan bezala, Jesusi oñetan jartzeko eresiarekin. Bitartean beste Apostolu eta ikasleak ere ur-ertzera bazetozen sare arraiez betea ontzian zutela; bada, arrantza miragarria egin zuten tokitik ur-ertzera eunen bat kanako bidea zegoan. Pedro, bere agur atsegiñezkoa Jaunari egin zionean, lagunetara itzuli zan; sareari bere arrai guziakin eldu zion eta lurreratu zuen, pisu andikoa izan arren batere urratu gabe. Leorrera ziranean ikusi zuten su-brasa bizi bat, onen gañean arrai bat erretzen, eta aldamenean ogi bat. Atozte eta jan ezazute, Jesusek esan zien. Joan zitzaiozkan, eta etzan ziran, oitura zuten bezala, jateko; baña iñor benturatu etzitzaion galdetzera: Zu nor zera? jakiñik Jauna zala.

Irugarren aldia zan Jesus Apostoluai, elkarganatuta zeudela, agertu zitzaien oraingoa. Lenengo egunean amarri agertu zitzaien; bada, Judas saltzallea ordurako urkatua zan, eta Tomas agiri etzan. Andik zortzigarrenean amaikai, Tomas barrunen zala; eta oraingoan Tiberiadesko ondoan. Emen agertu zitzaien bada, ez bakarrik arrigarrizko arrantza egin eta ikusteko, baita beste gauza gogoangarri asko eta andiak egin eta erakusteko ere.
 

9. San Pedro Elizaren buru egiña


 

Jan ondoan Jesusek Simon Pedrori galdetu zion: Simon, Juanen semea, oiek baño zuk maiteago nazu? Bai, Jauna, badakizu maite zaitudala, Pedrok erantzun zion. Bada nere arkumeak bazka itzatzu, Jesusek esan zion. Berriz ere galdetu zion: Simon, Juanen semea, maite nazu? Bai, Jauna, badakizu maite zaitudala, Pedrok erantzun zion. Bada nere arkumeak bazka itzatzu, Jesusek esan zion. Irugarren aldian Jesusek galdetu zion: Simon, Juanen semea, maite nazu? Berriz eta berrizko galde onek Simon Pedrori barruna illuntasunez bete zion. Bere ustean biotz-biotzetik maitatzen zuen; baña iru galde oiek gogoraerazo ziozkaten Kaifasen ezkarazeko iru uko-aldiak, eta bear ainbat maite etzuen bildurrak ematen zion; eta tristura andi eta biotz illarekin erantzun zion: Jauna, Zuk gauza guziai igerritzen diezu. Zuk dakizu, nik maite zaitudala. Bada, nere ardiak bazka itzatzu, Jesusek esan zion.

Itz gitxi oiekin Jesusek Pedro poztu zuen, eta galdeak eman zioten miña gozotu zion. Oiekin bere Elizaren buru egin zuen: eta Pedroren kontura utzi zituen, ez bakarrik arkumeakin adierazten zituen kristau beekoak, baita ardiakin adierazotako artzai eta apaiz andiak ere. Itz oiekin egin zuen artzai guzien Artzai, obispo guzien Obispo, eta lurrean bere Ordeko eta gu guzion Buru. Gero esan zion kargu onek zer lanak eta nekeak erakarriko ziozkan; baita eriotza bera ere atzenean. Egi-egiaz esaten dizut, zion, gaztea ziñanean, zerorri gerrilotzen ziñan, eta nai zenduen lekura zinjoazen; baña zartuko zeranean, eskuak luzatuko dituzu, bestek gerrilotuko zaitu eta nai ez dezun tokira eramango zaitu. Itz oien ondoren esan zion: Darraidazu. Pedro abiatu zan; atzeronz begiratu eta ikusi zuen Juan ere zerraikiola. Pedrok baziekien Jesusek apostolu maite oni zein asko nai zion, eta galdetu zion: Jauna, onek zer? esaten bazion bezala: Zuk agindu didazu zuri jarraitzeko; eta, au nerekin etorriko da? Jesusek etzuen jakin-nai onetatik Pedro atera nai izan, eta erantzun zion: Orrela nai det, ori geratu dedin, Ni natorren artean: zuri zer zatzu? Zuk darraidazu. Itz oietatik oña artuta, beste lagunen artean barreatu zan Juan ilko etzala; baña Jesusek Pedrori esan etzion Juan ilko etzanik; ezpada orrela nai zuela geratu zedin, Jesus etorriko zan arteraño. Jesusek, oraindik bizi zala, bi anaia Santiago eta Juan esanak zituen, berak edango zuen kaliza, aiek ere edango zutela; eta Jesusek itz au jan nai etzuen, eta itzketa hura izan zan Pedro Juan baño lenago ilko zala adierazteko. Oiek eta onelako beste gauza aso esanda, Jesus ezkutatu zitzaien.

Andik laster beste egun batean amaika Apostoluak eta bosteun ikasle baño geiago elkarrekin Galilean zeudela, Jesus agertu zitzaien; baña agerkera onen gañean Ebanjelariak beste berririk ematen ez digute. Onen ondoren beste bein batean Santiago gazteari agertu zitzaion; baña onen gañean berebat isillik daude, agertu zitzaiela baizik esan gabe.
 

10. Jesusen agerkera Maria guziz santari


 

Baña agerketa guzietan pozik andienekoa eta maitagarriena dudarik gabe izan zan bere Ama guziz santari Semeak egin ziona. Ebanjelariak esaten ez digute Semea Amari agertu zitzaionik, ez noiz, ez zenbat aldiz: baña sinismen oso-osoan egon bear gera, lenen-lenengo Amari agertu zitzaiola, eta biztu zanetik Zerura igo arteko munduan egin zituen berrogei egunetan sarri eta maiz elkar ikusi zutela, eta itzketa luzeak egiten zituztela. Munduko kriatura guzietan lenengoa zan, eta Semeak maiteen-maiteena zuena eta bere amorioaren siñalerik bizienak ematen ziozkan, txit askotan agertuaz, eta Zeruan sartuko zan bitartean, lurrean izan zezakean zorion guzi-guzia emanaz. Baña atzeneko agerketara eldu gaitezen.
 

11. Jesusen atzeneko agerkera Apostoluai


 

Gizonaren salbazioko lanari buru emateko denbora betetzer zan: eta Jesusek Apostoluai agindu zien, biztu zanetik berrogeigarren egunean Jerusalenen biltzeko. Ala egin zuten; eta esan zien: Zeruan eta lurrean eskubide dana eman zat. Zoazte bada, eta jende guziai erakutsi zaiezute, Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean bataiatuaz; agindu dizutedan guzia gordetzen erakutsiaz. Zoazte mundu guzitik barrena, eta kriatura guziari Ebanjelioa predikatu zaiozute. Sinisten duena eta bataiatzen dana salbatuko da: baña sinisten ez duena, kondenatuko da. Ara Ni emen munduaren atzeneraño zerokin non beti nazuten. Sinisten dutenak siñale oiek emango dituzte: deabruak nere izenean botako dituzte, itzkuntza berrietan itzegingo dute, sugeak kenduko dituzte; eta gauza ilgarriren bat edaten badute, gaitzik egingo ez die; eskuak eriai ipiñiko dieztee, eta sendatuko dira. Mirari oiek guziak Elizaren asieran, Fedea oñ onean ipiñi artean, egiten zituzten: bada, landare berri bat ipintzen danean, sustraiak egin, lurrean indarra artu eta azi artean, erregatzen edo urarekin laguntzen zaion bezala, San Agustinek dio, Elizaren asi-berrian ere mirari oiek egin bear izan zirala, kristauen biotzetan fedeak erroak eman zitzan, eta sendotu zitezen, etorriko zitzaiezten erasoai eta galbideai gogor egiteko.
 

12. Konfesioko Sakramentu Santuaren ipintzea


 

Jesusek atzeneko afari gogoangarrian Aldareko Sakramentu guziz santua ipiñi zuenean, bere Apostoluai eman zien eskubidea aren Gorputza eta Odola donekidatzeko edo konsagratzeko; baita ere erakutsi zien, legea mundu guzian zabaltzeko berez eta berak aututzen zituzten ondorengoen bitartez. Orain Aingeruai ere eman izan etzien eskubidea gizonai emateko, esan zien: Pakea zuekin. Ni nere Aitak bialdu ninduen bezala, Nik ere zuek bialtzen zaituztet. Au esanda, aizeman edo asnasa bota zien, esanaz: Espiritu Santua ar ezazute. Zuek bekatuak barkatzen dieztezutenai, barkatuak geratzen zaiezte; eta zuek barkatzen ez dieztezutenai, barkatu gabe geratzen zaiezte. Arnasa zorioneko onekin bere Eliza santan, sazerdoteen eskuetan, utzi zigun bekatuak barkatzeko eskubide, bein ere bear adiña andizkatu ezin ditekeana, zeñaren bitartez Zeruko ateak idiki ditzakegun.
 

13. Jesusen Zerura igotzea


 

Jesusek iritzi zionean bere aldetik guzia egiña zegoala, eta Espiritu Santua etortzea beste zer egiñik etzala, Jainkoak erabakita zeukan denbora bete zanean, prestatu zan Zerura itzultzeko, eta eskeñi izan zuen bezala, Espiritu Poztutzallea bialdu, eta bera bere Aita Jainkoaren eskuitik betiko geratzeko. Onetarako Apostolu eta ikasleak Jerusalenen bilduta zeuden tokian, guziakin jan ondoan, esan zien: Nere Aitaren Eskeñia zuei bialtzera noa. Zuek Jerusalenen egon zaitezte, Aitak nere aotik eskeñi dizutena datorkizuten bitartean; bada, Juanek urarekin bataiatzen zuen; baña zuek egun gitxiren buruan Espiritu Santuan bataiatuak izango zerate. Orduan an ziranak galdetzen zioten: Jauna, Israelko Erreinua orduan berrituko dezu? Apostoluak oraindik ere uste zuten Jesusek Israelen erreinu bat ipiñi, eta lurreko erregeen antzean anditasun guziarekin berak aginduko zuela, eta itsumen onetatik irten etziran, alik eta Espiritu Santuak bere etorrerako egunean argitu zituen arteraño. Zuei ez dagokizute, Jesusek esan zien, jakitea, Aitak bere eskuan ipiñi zituen denbora eta mementoak; baña Espiritu Santuaren indarra artuko dezute, eta orduan lekuko edo testigu izango zatzazkit Jerusalenen, Judean, Samarian, eta munduaren araurrenean ere.

Jesusekin arkitzen ziran bere Ama guziz santa, amaika Apostoluak eta ikasle asko, eta guziak berekin artuta, eguerdi aurrean Jerusalendik irten zan, Betaniatik barrena Olibeteko mendira joateko. Bide askoz gogoangarri dan mendi onetara amabietarako igo ziran. Jesusek eskuak jasota bedeinkatu zituen, eta ez-arian ez-arian Zeruronz abiatu zan. Zekusten, nola donario ederrean eta anditasun guziarekin igotzen zan, alik eta odei argi eder bat erdian jarrita, txit ezkutatu zitzaien arteraño. Orduan Infernu guzia garaitu zuen munduaren Salbatzallea Zeruetan sartu, eta Aita Jainkoaren eskuian betiko eseri zan. Eskritura Santak ez digu esaten, baña sinismen osoan gaude, Jesu Kristok Zerura berekin eraman zituela Adangandik asita, arteraño Jainkoaren grazian ildako Abrahamen senoan zeuden zorioneko guziak; bada, Zeruan lenago iñor ere sartu etzan.

Zer ikuskarri ederra eta maitagarria an ziran zorioneko aientzat! Zer poza Maria guziz santarentzat bere biotzeko Seme-Jainkoa, etsai guziak menderatuta, bere betiko Aitaren ondora itzultzen ikustea! Zer atsegina Apostolu eta ikasleentzat beren Maisu ona, esan izan zien guziari egiztamena emanda, garailari igo zala pensatzea! Poz eta atsegin onekin alde batetik, eta lurrean berriz elkar ikusiko etzuten miñez bestetik, eraman zuen bidera begira ezin aspertuz zeudela, zuriz janzitako bi aingeru gizon antzean aurkeztu zitzaiezten, esanaz: Galileako gizonak, zertako zaudete Zeruronz begira? Zerura igotzen ikusi dezuten Jesus au etorriko da, Zerura igotzen ikusi dezuten gisa berean. Au aditu zutenean Jerusalenera itzuli ziran, eta etxe-ganbara batean sartuta, orazioan jarri ziran eta itxedon zuten, Espiritu Santua noiz etorriko zitzaien begira.

Oiek dira, bada, Jesusek egin zituela Ebanjelariak esaten diguten agerketak; baña badakigu etzizkigutela, ez oien eta ez beste gauza askoren berri guziak osotoro utzi: bada, San Juan, lau Ebanjelarietatik batek, eta Jesusekin geien-geiena itzegin eta ibilli zanak, bere Ebanjelioaren atzeneko itzetan esaten digu, baldin Jesusek egin zituen gauza guziak bat-banaka eskribatuko balira, egin bearko lirakean liburuak, mundu guzian kabituko ez lirakeala.
 
 
 
 

 

«««Aurreko atala

  


 
 
 

Bertsio informatiko honen egilea: Blanca Urgell.

Atzera