Amaikagarren irakurgaia

1. Judasen lekurako San Matias autua


 

Jesu Kristo gure Jauna, lan guziak lurrean eginda Zerura igo zanean, berak emandako legea eta au gordetzearekin irabazi ditekean betiko zoriona mundu guziari erakusteko karguarekin Apostoluak gelditu ziran. Apostolu oiek, bada, orañago esan dan bezala, Espiritu Santuaren zai edo ustean Jerusalenen zeuden. Bitartean zekusten, Judas saltzallea urkatuta, onen aulkia utsik zegoala; eta emen eseri zedin, artu zuten amabigarren Apostolu bat aututzeko asmoa. Onetarako San Pedro, guzien buru bezala, eunda ogeiren bat lagun elkarrekin zeudela, guzien aurrean jaiki zitzaien eta esan zien txit konbeni zala, Jesusekin asieratik atzeneraño ibilli izan ziran ikasleetatik bat aututzea, Judasen aulkian eseri zedin, eta zorigaiztoko ark galdutako Apostolutza artu zezan. San Pedroren iritzia guziak ontzat artu zuten, eta bereala bi izentatu zituzten, Jose Barnabas, izengoitiz Justua zeritzana, eta Matias, biak gizon zuzen eta Jainkoaren bildur andikoak. Gero Jainkoari eskatu zioten, guzien biotzak ezagutzen dituenak bezala, iragarri zizaiela bi aietatik zein aututzen zuen Judasen lekuan esertzeko. Eskari onen ondoren txotx egin zuten, eta Matiasi erori zitzaion; eta arteraño ikasle baizik etzana, ordutik Apostolutzat artu zuten, eta Apostoluen amabiko kopurua osotu zan. Eta dira: San Pedro, San Juan, Santiago, San Andres, San Felipe, Santo Tomas, San Bartolome, San Mateo, Santiago gaztea, San Simon, San Judas Tadeo eta San Matias.
 

2. Espiritu Santuaren etorrera


 

Israeldarrak beste jai-egunen artean txit ardura andiarekin gordetzen zuten, Pazkoatik berrogeita amargarren egunean, Jainkoak Sinaiko mendian bere legea erakutsi zieneko oroipenean egiten zan Pentekostesko pesta. Jesus Zerura igo zanetik amargarren egunean Maria guziz santa, Apostoluak, ikasleak eta len esan diran emakumeak prestatu ziran jai-egun au al zan ondoena gordetzeko; eta nork bere aldetik Jainkoari erregutzen eta bear ziran beste gauzak egiten ziardutela, goizeko bederatzietan aditu zan aize-bolada baten antzeko ots bat-batetako bat, zeuden etxe guzia mugitzen zuena. Ots onen ondoren bereala airean agertu ziran suzko mingañ-antz batzuek eta bakoitzari berea, gañean guziai jarri zitzaien. Orduan guziak Espiritu Santuz bete ziran, eta onek erakusten zien neurrian, itzkuntza askotan itzegiteari eman zitzaiozkan.

Egun aietan Jerusalenen arkitzen ziran, pesta au egitera eguzkiak argi egiten duen leku guzietatik etorritako Abrahamen ondorengo gizon on asko. Baita ezin esan adiña jentill pesta ikustera bildu ziranak ere, zeintzuetatik askok Moisesen legea artu izan zuten. Len aitatu dan Zeruko otsa Jerusalen guzian adituta, jende guzia inguratu zitzaien, eta arriturik geratu ziran, nork bere itzkuntzan aditzen zietelako; eta elkarri ziotsaten: Au zer da? Itzegiten diguten oiek guziak Galileakoak ez dira? Nola, bada, guziok, nork bere jaiotzako itzkuntzan aditzen diegu? An arkitzen ziran partoak, medoak eta elamitak, Mesopotamian eta Kapadozian, Ponton eta Asian, Frigian eta Panfilian, Egipton eta Libiako bazterretan bizi ziranak, Erromatik joanak, judu eta proselitoak, kretes eta Arabiakoak, eta guziak, nori bere itzkuntzan esaten bazitzaiozkan bezala, Jainkoaren mirariak aditzen ziezteen; eta guziak arritzen ziran, esanaz: Onek zer esan nai du? Baña ala ere, baziran batzuek burlaz esaten zutenak, ardoz beteak zeudela.

Eskriba eta fariseoak beren setan gogor zeuden. Len esaten zuten, Jesusek mirariak deabruaren eskuz egiten zituela; eta orain, berriz, dakustenean Apostoluak onela itzegiten, diote eskubide au ardoak ematen diela. Itsumenaren negargarria! Baziekiten Abrahamen humeak, oraziorako ordu jakin bat arteraño, baraua austen etzutela, eta ala ere, beren begiakin zekuskizaten mirariak ukatzen zituzten, edo gaiztoago dana, edanari egozten ziozkaten.
 

3. San Pedrok lenengo sermoiarekin iru milla gizon Jesusentzat irabazten ditu


 

San Pedrok etzuen isillik utzi nai izan gaizkiesale aien erausi txar au, eta beste Apostolu eta ikasleak inguruan zituela, zutik jarrita, jende guziari itzegin zion, esanaz: Judeako gizonak, eta zuek Jerusalenen bizi zeratenok, kontuz aditu zadazute esatera noakizuedana. Nere lagun oiek ordituak ez daude, ez, zuek uste dezuten bezala: oraindik bederatziak dira, eta ezer artu ez dute. Zuek ikusi eta aditzen dezuten au Joel Profetak anziñatik esana da. Gero esan zien Jesus, ainbeste mirari eginaz aien artean ibilli eta atzenean gurutziltzatu eta il zutena, illen artetik biztu zala. Au an ziran guziak ziekitela, beren begiakin ikusi zutelako. Jesus au zala egiazko Mesias, profetak adierazoa, eta aiek itxedoten zutena. Oiek eta onelako beste gauza asko San Pedrok esanak aditu zituztenean, Jesusgan sinistu zuten, eta lenengo itzaldi edo sermoi onekin San Pedrok iru milla lagun irabazi zituen, eta bereala bataiatu ziran, eta bizitza on eta Jainkoaren txit bildur andikoari ekin zioten.
 

4. San Pedrok jaiotzatik elbarri bat sendatzen du


 

San Pedrok lenengo sermoi onekin bere egitekoari ain asiera ona emanda gero, Eskritura Santak aitatzen digun lenengo miraria, erren baten sendatzea izan zan. Jaiotzatik oñak elbarriak zituen erren bat, Elizako ate ederra zeritzan batean, bestek ipiñita egoten zan, Elizara zijoan jendeari amoina edo limosna eskatzen. Juduen oiturari zerraizkiola, Jesusen Apostoluak eta ikasleak ordu jakiñetan Elizara igotzen ziran, otoitz-aldia egitera. Bein batean San Pedro eta San Juan arratsaldeko iruetan bazijoazen, eta gizon elbarriak ikusi zituenean Elizan sartzen, besteai bezala limosna eskatu zien. Pedro Juanekin batean begira jarri zitzaion, eta esan zion: Begira zaguzu. Elbarria begira-begira jarri zitzaien, zerbait emango ziotelakoan. Pedrok esan zion: Urre eta zillarrik ez daukat; baña dedana ematen dizut: Jesu Kristo Nazaretekoaren izenean altxa zaite, eta zabilza. Eta eskuiko eskutik artuta, jaikitzen lagundu zion. Ordu bere-berean orgatillak eta oñazpiak sendotu zitzaiozkan, eta salto bat eginda zutik jarri zan, eta ibilliari eman zitzaion, eta aiekin batean Jauna alabatuaz Elizan sartu zan. Elbarri onek berrogeita geiago urte zituen, eta Eliz-atarian eskean ainbeste aldiz ikusi izan zutelako, guziak ezagutzen zuten, eta orain sendatuta bere ongillearen eskutik zekusatenean, jendetza andia inguratu zitzaion.
 

5. San Pedrok bigarren sermoiarekin bost milla gizon irabazten ditu


 

San Pedrok ainbeste jende bere aurrean ikusi zuenean, etzuen ain era ona itzegiteko galdu nai izan, eta esan zien: Israelko semeak, zerk orrela arritzen zaituzte? eta zergatik zuen begiak gugan dauzkazute, guk gure eskuz edo poderez gizon au ibillierazo bagendu bezala? Abraham, Isaak eta Jakoben Jainkoak glorifikatu du bere Seme Jesus, zuek bere etsaien eskuetan ipiñi eta Pilatoren aurrean ukatu zendutena, eta onek libratu bear zala esan arren, zuek nai izan etzendutena. Zuek, bada, Santua utzita, gizon-iltzalle bat eskatu zenduten. Zuek il zenduten biziaren Egille au, Jainkoak illen artetik biztu zuen: onen lekuko edo testigu gu gerok gera, eta onen izenean, zuek elbarri ezagutu dezuten gizon onen oñak sendotu dira, eta zuen aurrean sendatu da. Jainkoak bere profetaen bitartez esana zeukan Jesu Kristo ilko zala; ala gertatu da. Orain bada, gaizki egiñaren damua ar ezazute, eta ondu zaitezte, zuen bekatuak barkatuak izan dakizkitzuten. San Pedro gisa onetan itzegiten luzaro aritu zitzaien, eta gizon utsak, emakume eta aurrak gabe, bost milla Jesusentzat irabazi zituen, eta bataiatu ziran.

Jesusen biztutzearen gañean Apostoluak ain argiro itzegiten zuela eta ainbeste jende beretzen ikusita, Elizako kargudun eta apaizak, illen biztutzea sinistu nai etzuten saduzeo batzuekin batean aztoratu ziran, eta iskanbilla andia sortu zuten. Illunabarra zan, eta auzi-legea asteko lekurik etzutelako, jendea sakabanatu eta bi Apostoluak itxian sartu zituzten, biaramonean Anas, onen sui Kaifas eta gañerakoak batzarrean bildu, eta zer egin bear zitzaien erabakitzeko asmoan. Biaramonean goiz batzarre guziaren aurrera Apostoluak eraman zituzten, eta galdetu zieten ea noren eskuz edo izenean erren elbarri hura sendatu zuten. San Pedrok Espiritu Santuz beterik esan zien, aiek gurutziltzatu zuten eta Jainkoak illen artetik biztu zuen Jesu Kristoren izenean eta eskubidearekin an zekusaten gizon hura sendatua izan zala. Jesus au zala, aiek utzi bazuten ere, salbazioko zimenduaren arria, eta beste izenik zerupean etzala zeñaren bidez gizonak Zerua iritsi dezakean.

Batzarreko jaunak baziekiten, eskolatu gabeko gizon ezjakiñak zirala; baita egun gitxiz lenago zein argaltasun eta bildur andia erakutsi zuten, beren Maisuari aldegiteraño; eta orain zekuskizatenean alako jakinduriarekin eta ain irmotasun biziarekin itzegiten, arritu ziran. Begietan zeukaten zein eskualdi andikoak zirala esaten zien maki sendatua, eta zer egin ezin asmatuz ziardutela, batzarretik atera zituzten, eta berak gelditu ziran gai onetan itzegiten. Zer egingo degu? elkarri ziotsaten. Ezin ukatu diteke mirari andi bat egin dutela: Jerusalen guziak badaki; baña errian geiago barreatu ez dedin, agindu dizaiegun Jesu Kristoren izenean ez iñori berriz itzegiteko. Batzarrera berriz eraman zituzten, eta debekatu zitzaien Jesusen izenean berriz itzegitea eta erakustea. Baña Apostoluak erantzun zieten, esanaz: Zuek zerok esazute, bidezago dan zuei aditzea, Jaunari baño: bada, gu ezin gaudezke ikusia eta aditua esan gabe. Berriz ere lena bera agindu zitzaien, eta bialdu zituzten gaitzik egin gabe, makiaren sendatzea ikusita Jauna alabatzen zuen jendearen bildurrez.

Apostoluak, batzarretik irtenda, beren lagunetara joan ziran, eta zer gertatu zitzaien esan zieten. Guziak Jaunari eskerrak ematen jarri ziran; eta etsirik, batzarreak orduan ezer egin izan ez arren, luzaro pakean utziko etziela, Jaunari eskatu zioten bere izen santua erakustera zijoazen oiei mirariak egiteko eskubidea emateko; eta eskari onetan ari zirala, Jainkoak adierazo zuen aditu ziela. Zeuden etxea ikaratu zan, eta etxeko guziak Espiritu Santuaren doaiez bete ziran.
 

6. Lenengo kristauen biziera eta lurreko gauzaen utzimena


 

Geroz Apostoluak txit irmotasun biziarekin erakusten zuten Jesus illen artetik biztu zala, eta onen lege santa zabaltzen zijoazen, esanak egin miragarrizkoakin egiztatzen zituztela. Jesus Jainkotzat askok aitortzen zuten, eta kristaututzen ziran, eta bizitza on eta txit jainkozkoari ematen zitzaiozkan. Lenbiziko kristau zorioneko aiek biotzak Zeruronz jaso, eta lurreko atsegin guziak ezeretzat zeuzkaten. Oien gogoak etziran betetzen agindua egin utsarekin; onena zala zeritzatena egiten zuten. Beren ondasun guziak Apostoluen eskuetan ipintzen zituzten, eta oiek persona bearren artean zabaldu eta guzien ez-izanak estaltzen zituzten, eta zure eta nere gabe bizitzen ziran, Jesusen ez-izan edo pobrezari zerraizkiola. Batzuek onela ikusten ziranean, besteak ere artzen zuten dana utzi eta Jesusgana jartzeko gogoa. Oien artean lenengo mallan ipintzea merezi duena, Jose zeritzan Txipreko bat izan zan. Jose onek, zeñari Apostoluak Bernabe izena eman zioten, lur-erlo andi bat zuen, eta salduta, onekin artutako dirua Apostoluai eraman zien, beartsuetan zabaldu zezaten, eta bera ezer ere gabe uts-utsik gelditu zan. Eliz-gizon beenekoa edo lebita zan, eta Apostoluak laguntzat artu zuten, eta Apostolu deitzen ere zaio.
 

7. Ananias eta Safiraren kastigua


 

Onen ondoren, Eskritura Santak beste bat aitatzen digu, ez ordea ain oso bere gauzai utzi naiekoa. Ananias zeritzan batek, bere emaztearekin elkar artuta, soro bat saldu zuen, Bernabek bezala, dirua Apostoluai emateko asmoan. Baña, zer egin zuen? Deabruari leku eman zion; eta zati bat gordeta, bestea Apostoluai eraman zien, guzia zeramalako irudian. Espiritu Santuak argituta, San Pedrok jakin zuen, eta Ananiasi esan zion: Zertako Satanasi leku eman diozu, dirua gordeta, Espiritu Santuari gezurra sartzeko? Zer bada? Soroa saltzen ez bazenduen, zurea etzan? Eta saltzen bazenduen, dirua ere zurea etzan? Esaten bazion bezala: Nork beartu zaitu soroa saltzera eta onen dirua iñori ematera? Iñork ez. Zertako, bada, zati bat gordeta, munduaren begietan guzi-guzia eman-irudia egin nai izan dezu? Ori Jesusen serbitzari oso batentzat ez da. Gero esan zion ez gizonai, ezpada Jainkoari gezurra sartu nai izan ziola. San Pedrok au esaten ziarduela, Ananias erori eta bereala il zan. Begira zeudenak ikaratu ziran, eta gazte batzuek gorputz-illa jasota eraman zuten, eta lurra eman zioten. Andik iru bat ordura Safira emaztea agertu zan, senarrari gertatu zitzaionaren berri gabe, eta San Pedrok galdetu zion: Emakumea, esan zadazu: soroa onenbestean saldu dezute? Bai, Safirak erantzun zion: nere senarrak zuri eman dizunagatik saldu degu. San Pedrok esan zion: Zergatik elkar artu dezute Jaunaren Espirituari gezurra esateko? Ara or atean, zure senarra lurpetu dutenen oñak, eta zu ere eramango zaituenak. Safira bereala erori, eta il zan. Gazteak sartu ziran, eta ikusi zutenean illa zetzala artu eta eraman zuten, senarraren ondoan lurpetzera.

Bi kastigu gogor oiek bereala barreatu ziran, eta guziak izu-ikara andiak artu zituen. Oiezaz gañera asko ziran Apostoluak egiten zituzten gauza arrigarriak, batez ere San Pedrok, zeña nondik nora zebillen jakinda, eri eta gaxoak oietan ipiñita kaleetara zeramazkiten, aren itzalak ukitu zizaien eta gaitz guzietatik sendatu zitezen. Bazter-errietatik ere jendea eri eta gaizkiñak zeuzkatenakin Jerusalenera samaldaka zijoan, Apostoluak ikusi ezkero sendatuko zituzten uste oso-osoan, eta nai guzia iristen zuten.
 

8. Apostoluak itxian sartzen dituzte, eta Aingeruak ateratzen ditu


 

Mirari oiek ikusita, Jerusalen guzia laster kristautuko zan, baldin buru egiten zutenak besterik izan balira; baña Jainkoaren bildur gabeko gizonak ziran, eta jendearen aldaketa on au eraman ezinda, artu zuten Apostoluai galerazotzeko asmoa. Onetarako Apostoluai bein batean eskuak ezarri ziezteen eta itxian sartu zituzten, biaramonean auzi-legea egiteko, baña Jaunaren Aingeruak gauez ateak idiki, eta esan zien Elizara joan eta salbazioko bidea erriari erakusteko. Aingeruaren esan onekin Apostoluak goizean Elizara joan ziran, eta erakusten ziarduten. Bitarte onetan batzarrea bildu zan, eta Apostoluak itxian zeuzkatelakoan morroiak eske bialdu zituzten; baña bereala itzuli ziran, esanaz presondegiko ateak itxiak eta kontuartzalleak atean arkitu zituztela; baña iñor barrunen ikusi etzutela. Batzarreko jaunak albista onekin elkarri begira jarri ziran, zer gertatu ote zan ezin pensatuz. Onela luzaro egonkizunik etzuten izan, bada berriemalle bat joan zitzaien esatera, aurreko egunean itxian ipiñitako gizonak jendeari erakusten Elizan ziardutela.

Orduan buru-aurkiak Elizara joanda, batzarrera berakin batean eraman zituzten begiramen guzian eta bear etzanik bidean egin gabe, egiten zituzten mirariakin biotzak irabazi ziozkaten jendeari bildur zitzaiozkalako. Batzarrean sartu ziranean apaiz nagusiak esan zien: Agindu giñizuten orren izenean ez erakusteko, eta zuek gure esana ezertan artu gabe, Jerusalen guzia zeron erakutsiakin bete dezute; eta gizon orren odola guri egotzi nai diguzute. San Pedrok bere lagun guzien izenean, aurrekoan bezala, erantzun zien gizonak esana baño Jainkoarena lenago zala: Jesus, aiek gurutziltzatua, Jainkoak biztu zuela, eta onen izenean baizik bekatuen barkazio eta salbaziorik etzegoala. Itz oiek aditu ziozkatenean, aserretuta, ortzakin karraska-otsak egiten zituztela jarri ziran, eta iltzeko gogoak ere ematen zien. Baña batzarreko bat Gamaliel zeritzana, gizon aditua eta errian txit asko zezakeana, fariseoa bazan ere, jaiki zan, eta Apostoluak gelatik aterata, batzarrekoai gizon zintzo eta argiari dagokion eran itzegin, eta atzenean esan zien: Zertako orrela nekatzen zerate? Baldin gizon oriek darabilten lana gizonena bada, berez eroriko da; baña Jainkoarena bada, alperrik gogor egingo diezute. Eta zuen egin-al guziakin mundu guziaren aurrean zerok Jainkoaren etsai agertzea baizik egingo ez dezute, eta, zer gauza ikaragarriagorik au baño? Gamalielen esanai ondo iritzi zieten; baña Apostoluakganako gorrotoa osotoro utzi etzuten, iltzeko zerabilten asmotik atzeratu baziran ere.

Batzarrera berriz eramanda, guzien aurrean lotsa geiagorako, azoteak eman ziezteen, eta Jesusen izenean ez berriz itzegiteko aginduta, bialdu zituzten. Batzarrekoak, iñolaz ere, uste zuten ain azote farragarriak artutako gizonak etzirala benturatuko lege berri bat erakustera eta, artaratzen baziran ere, aditzalle eta ikaslerik etzutela izango; baña utsegin zuten.

Apostoluak batzarre-gelatik txit poz andiarekin irten ziran, Jesusen izenean eta Jesusgatik zerbait eramateko zoriona izan zutelako. Apostolu guziak ikasleakin bildu ziran, eta atseden ere gabe zebilzan, bein Elizan, bein etxeetan, Jaunaren legea erakusten, eta Ebanjelioa zabaltzen. Batzarrean egin nai izan zitzaien azotezko isekak etzien beren ikasleetatik bat bakarra ere kendu, eta ez atzeratu; egunetik egunera are geiago zerraizkion; eta ikusirik amabi Apostoluentzako adiña baño lan geiago sortzen zitzaiela, egiteko batzuetarako lagun jakiñak aututzeko asmoak artu zituzten.
 

9. Zazpi diakonoen aukera


 

Jesu Kristo Zerura igo zanetik seiren bat illabetean Apostoluak berak, ongilleak ematen ziezteen gauzak, kristau beartsuen artean zabaltzen zituzten; baña kristauak askotu ziranean, neke egiten zitzaien guziai berdin eta bear bezala begiratzea, Apostolutzako beren lan andienai utzi gabe. Bitartean hebrearren eta greziarren artean despita bat sortu zan. Greziakoak esaten zuten, oien emakume alargun beartsuak etzirala ain ondo begiratuak eta lagunduak nola Hebreakoenak; eta beti gaizki-esaka erausian ziarduten. Despita oni asieratik zañak ebakitzeko, Apostoluak ikasle guziak batera bildu zituzten, eta esan zieteen autu zitzatela beren arteko zazpi gizon birtutetsuenak, Espiritu Santuz beteak eta jakintsuenak, artu-eman oien kontua izan zezaten, berak otoitzari eta predikuari beteroago eta arazo gitxiagorekin emateko. Apostoluen esana guziai ondo erori zitzaien, eta bereala autu zituzten Esteban, gizon fede andikoa eta Espiritu Santuz betea, Felipe, Prokoro, Nikanor, Timon, Parmenas eta Nikolas Antiokiatik joan berria. Apostoluak otoitz eginda, eskuak ipiñi ziezteen, eta diakono egin edo Ebanjelioz ordendu zituzten.

Langille berri oiekin Jesu Kristoren ikasleak eta jarraitzalleak egunetik egunera ugaritzen ziran, batez ere Jerusalenen, eta besteen artean Aaronen jatorriko apaizak ere, Moisesen legea utzita, Jesusena artzen zuten. Baña zazpi langille berrietatik geiena bere jakinduri, itzegiteko argiarekin eta mirarietarako eskualdiakgatik agertzen zana San Esteban zan. Onen izena eta lanak barreatu ziran. Sinagogako jakintsu-usteko batzuek jaiki zitzaiozkan, berarekin eleatu eta kontra egitera; baña ezer egin ezin zuten, eta laster isiltzen zituen. San Estebanen egin-al guzia zan erakustea Jesu Kristo Jainko egiazkoa dala; eta emendik oña arturik, abiatu ziran San Esteban iltzeko asmoan. Lekuko edo testigu gezurti batzuek irabazi zituzten, esan zezaten Jainkoaren eta Moisesen kontra blasfematzen aditu ziotela. Eskuak bereala ezarri ziozkaten, eta batzarrera eramanda, esan zioten zer gauzak egozten zitzaiozkan. Andizki eta jende asko bildu ziran, zer erantzuten zuen edo bere burua nola garbitzen ote zuen ikusi naiez. San Estebanek bazekusan galdu nai zutela, eta erioa gañean zuela; baña bere barrunari bazizekan Jesusen amorez eta Jesusen izenean zerbait igaro bearra zuelako pozez. Laster ezagutu zan Jainkoak begiratzen ziola; bada, arpegia ain ederra eta argia bat-batetan jarri zitzaion, non begira zeudenak uste izan zuten aingeruren bat zekusatela. Orduan apaiz nagusiak galdetu zion ea ezarri zioten gaiaren gañean ezer esan bearrik zuen.
 

10. San Estebanen eriotza


 

San Esteban, Espiritu Santuaren argiz beterik, asi zitzaien itzegiten. Esan zien, aien lenagokoai, Abrahamgandik asita, Jainkoak zer mesedeak egin ziezten eta Jainkoarekin zer erantzupide izan zuten; Jainkoak esanak artu bearrean, zer egin izan zioten; eta atzenean esan zien: Zuek, gizon burugogordunak eta biotz gaiztoak, Espiritu Santuari beti gogor egiten diozute, zuen asabak egin izan zioten bezala. Zein profetari zuen asabak bizia barkatu zioten? Aiek Kristoren berri-emalleak il zituzten, eta zuek Kristo bera il dezute. Au aditu zutenean aserre bizian sartu eta ortzakin karraska-oska jarri ziran. San Estebanek laster igerri zien zer egitera zijoazkion, baña zetorkion il bearrak etzuen atzeratzen, eta ditxarik andienekotzat zeukan Jesusgatik bizia galtzea, lenbaitlen Zeruan elkar ikusteko. Eresi onekin begiak zeruronz jasota, esan zuen: Ara non dakuskidan zeruak zabal-zabalik, eta gizonaren Semea Jainkoaren eskuian zutik. Juduak ez geiago aditzeagatik belarriak estali zituzten; iskanbilla andi batekin gañean ezarri zitzaiozkan, eta gogortasun guziarekin Jerusalendik aterata, arrika eraso zioten. Lekuko edo testiguak ziran kastiguera au ematen oituraz lenbiziko asitzen ziranak, eta arazo gitxiagorekin egin zezaten, beren kapak Saulo zeritzan gazte baten oñetan ipiñi zituzten. Gorputz guzia laster mallatu eta urratu zioten; odol guzia arri-zuloetatik bazerion; eta bere buruari igerri zionean indarrak aitu zitzaiozkala eta iltzera zijoala, esan zuen: Ene Jaun Jesus, nere espiritua ar ezazu. Jesus bere Maisuak, iltzalleakgatik Aita Jainkoari gurutzean esandako itzak, arria arriaren urrena zetorkion estuenean ere, gogoan zeuzkan, eta atzeneko asnasaetan belauniko jarrita, begiak zeruronz zituela, deadar egin zuen: Jauna, bekatu au aintzat artu ez dizaiezula, arren. Eta itz oiek esan orduko, il zan.

Jesusen etsaiak bildur andia ematen bazuten ere, aren izenean ezer egiten zutenentzat, Jerusalenen arkitu ziran gizon on eta Jainkoaren bildurrekoak, etorkizun guziak aztuta, San Esteban lenengo martiri onen gorputz-illa artu, garbi-garbi egin eta okenduz ondo igortzita, negar min eta progu andiarekin lurpetu zutenak. Urreneko arratsean Gamalielek gorputz-illa isillik artuta, Jerusalendik zazpi orduko bidean zeukan soroan, obi berri batean ipiñi zuen, non Gamaliel bera, bere seme Abibon eta Nikodemo, Jesus gurutzetik jatsi zuenarekin batean geroago lurpetua izan zan.
 


Amabigarren Irakurgaia

1. Elizaren esetsia edo persekuzioa


 

San Estebanen eriotzarekin Elizaren nekeak asi ziran. Arteraño Jerusalenez aterako leku guzietan kristauak eramankizun andi gabe pake onean bizi ziran. Jerusalenen ere, Apostoluai bein azoteak eman baziezten ere, Jesusen izena ez berriz aitatzeko agindu utsarekin, geiago gabe, utzi zituzten, eta Jesusen etsaiak zerbait gogoan iduki arren, etziran txit agertzen; eta Apostoluak ere Jesusen legea, isill edo agiri, erakusten ziarduten. Baña San Estebani bizia kentzera bein jarri ziranean, estalki guziak bota zituzten eta argiro asi ziran kristauaren zantzuko guzia galdu naiez, eta Jerusalenen irazekitako sua inguruetara zabaldu zan.

Apostoluak, ikusirik kristauak zein irrisku andian arkitzen ziran ain gozoz artutako Jesusen legea galtzeko, egin-al guzian nekatzen ziran sendotzeko, ezeri ere barkatu gabe. Esetsi edo persekuziorik gogorrena nola Jerusalenen jaiki zan, pensatu zuten, asi-berri artan berak emen egotea onena zala, guziai arpegi emateko; eta beren lekuan arestian aitatu diran langille berri San Esteban zanaren sei lagunak eta beste asko Judea guzira eta inguruetara zabaldu zituzten, eta oiek beren erakutsi eta bizitza onarekin, eta egiten zituzten mirariakin lenak bizkortu, eta asko berri kristaututzen zituzten.

Felipe, langille oietatik bat, Samariako alderdira joan eta Ebanjelioa erakusten baziardun, bere esanai mirari askorekin lagunduaz. Samariako uri Siken-en bizi zan Simon zeritzan bat, bere sorgintza eta gezurrakin jende guzia beretu zuena, eta gizon anditzat zeukatena; eta "Jainkoaren bertutea" deitzen ziotena. Sikendarrak orain Feliperi aditutakoarekin Jesusgan sinistu zuten, eta gizon-emakumeak eta zar-gazteak bataiatu ziran; atzenik Simon berak ere Feliperen esanai ezin arpegi eman izan zien, eta bataiatu zan.
 

2. San Pedro eta San Juanen joanera Samariara


 

Felipek diakono utsa zalako, beste sakramentuak ezin eman zitzakean, eta bataiatu berri aiei eman naiez, batez ere Konfirmazioko Sakramentua, zeñaren bitartez kristauai Espiritu Santua eta onekin mirariak egiteko eskua zetorkien, Jerusalenera Apostoluai gaztigatu zien Samariak Jainkoaren esana artu zuela eta on izango zala Apostolu batzuek joan, eta Sakramentu sendogarri au ematea. San Pedro bera, eta San Juan bere lagun kutuna joan ziran, eta eskuak gañean ipiñita, andi-txiki guziak konfirmatu zituzten.

Simon, arestian aitatuak, ikusirik Apostoluak eskuak ipintzearekin Espiritu Santua zetorrela, eskatu zien ari ere eskubide hura eman zizaiotela zerbait diruren truke. San Pedro aserretu zitzaion, eta esan zion: Zure dirua zure galmen izan bedi, Jainkoaren doaia diru-truke ematen dala uste izan dezulako. Gero iragarri zion zein barru galdukoa eta biotz gaiztokoa zan, eta bere gaizki-egiñaz damutu zedilla, eta Jaunari barkazio eskatzeko. Simonek baiezko itza eman zion; baña, inolaz ere, bere gaiztakerian il zan, bere utsegiteak ezagututa, Jaunaren bidean jarri gabe. Simon onegandik dator Simonia deritzan eta Elizak ain zorrotz debekatzen duen lurreko gauzakgatik animakoen salmenta. Hereje guzietan lenengoa Simon au bera da.

Samariarrai Konfirmazioko Sakramentua emanda, bi Apostoluak Jerusalenera itzuli ziran, Jesusen legetik ain urrutik zebilzan jende aiek Jesus Jainkotzat ezagutu zutelako txit poz andiarekin.
 

3. Etiopiarraren bataioa


 

Apostoluak aldegin zutenean bereala, aingeru bat Feliperi agertu zitzaion eta esan zion Jerusalendik Gazaronzko bidean barrena eguerdi-aldean joan zedilla. Bidean jarri zan, eta bereala topatu zuen gizon bat, Kandaze-ren izenarekin emakumeak bakarrik agintzen zuten alderdi bateko erregiñaren ministro eta ondasun guzien kontuartzallea. Etiopiar au noizbait jentilla izan bazan ere, ordurako Moisesen legea artua zan; beragatik Jerusalengo Elizan Jainkoa adoratzen izanda, etxeronz bere gurdian eserita zijoan, Eskritura Santa irakurtzen. Felipe, Jainkoak ala iragarrita, gurdira alderatu zitzaion, eta ezaguturik Isaiasen liburua irakurtzen zuela, esan zion: Igerritzen diozu irakurtzen dezun orri? Etiopiarrak umiltasun guziarekin erantzun zion: Nik nola igerri dizaioket, nork erakutsi ez badet? Gero esan zion, gurdian sartu eta aren ondoan esertzeko. Irakurtzen zuen Eskritura Santak au zion: Ardia bezala, il-tokira eraman zuten; eta bildots bat motxallearen aurrean bezala, isillik egon zan, itzik ere atera gabe. Etiopiarrak Feliperi galdetu zion ea Isaiasek hura zeñgatik zion: bere buruagatik edo besteren batgatik? Felipek, emendik aria artuta, esan zion profeta aren esana nola bete zan Jesus Nazaretekoaren eriotzan, zeñaren berri, uste zuen, etiopiarrak berak Jerusalenen egondako egunetan izango zuela. Gero erakutsi ziozkan Ebanjelioari dagozkion gauzak, eta zer egin bear dan betiko bizitza iristeko. Itzketa onetan zijoazela ur-ondo batera eldu ziran, eta etiopiarrak Feliperi esan zion: Ara ura emen, zerk eragozten du ni bataiatzea? Baldin biotz-biotzetik sinisten badezu, Felipek esan zion, bataiatua izan zaitezke. Etiopiarrak erantzun zion: Sinisten det Jesu Kristo Jainkoaren Semea dala. Orduan gurdia geldierazo zuen, biak urera jatsi ziran, eta Felipek bataiatu zuen. Uretik igo ziranean, Espiritu Santuak Felipe artu zuen, eta etiopiarrak berriz ikusi etzuen. Gurdian sartuta, bere bideari jarraitu zitzaion poz andian eta artu zuen Jesusen Ebanjelioa bere alderdian erakusteko eresi biziarekin. Felipek bere burua Azoto filistindarren urian arkitu zuen, eta emendik asita inguruetako erri guzietan erakusten ibilli zan, Zesareako bere errira joan zan arteraño.
 

4. Saulo kristauen etsaia


 

Jerusalendik zerbait urrutian zeuden alderdietan kristauak, oraindik ere, pakean eta neke andi gabe bizi ziran, eta Jerusalendik zabaldutako langilleak Ebanjelioaren aziak sosegu guziarekin erein eta aboztu onak iristen zituzten; ez ordea Jerusalenen, non kristauen odola txirrian zijoan, eta martiri askok zerua irabazten zuten. Jesusen etsai odol-zaleak onean ezin eraman zituzten urrutietatik zetorzkien Jesusen aldeko berriak; eta guzien artean gogortasunik andiena agertzen zuena, orañago aitatu dan Saulo zan.

Saulo, gazte bizi ezerk bildurtzen etzuena eta ezergatik ere oña atzeratzen etziekiena; berez argia, iztun ederra, jakintsua, bere bizieran ezertan ere maixiatukizun gabea, Moisesen legean ondo ikasia, berak zintzo gorde eta besteai gorderagiteko txit kontu andikoa zan; beragatik bere erlejioko guziak txit asko nai zioten, eta bere esanera zeuzkan. Profetaen esanak ondo aratuak edo errejistratuak zituen, eta oietatik igerritzen zion Mesiasen etorrerak etzuela luzatuko; baña beste juduak bezala, lurreko erregeen antzeko anditasunean etorriko zalakoan zegoan; eta Jesusgan onelako aztarnarik nola etzuen ikusten, ezin sinistu zuen Mesias egiazkoa zala, eta ekin zion berri au ematen eta sinisten zuten guziai gogor egin eta galdutzeari.

Sauloren gogoa asetzen etzan San Estebanen iltzalleai lagundu izanarekin; ez Jerusalenen bizi ziran beste kristauak egin-al guzian nekatu eta penatzearekin: kanpokoai ere aier zitzaien; eta apaiz nagusiari eskatu ziozkan bear ziran baimen eta eskubideak, alderdi guzietara, batez ere Damaskora, joanda, arrapatzen zituen kristau guziak Jerusalenera eramateko. Apaiz nagusiak gauza gogokoagorik etzuen; eta Saulori argibide guziak eman ziozkan, ziona egiteko.

Saulo Jerusalendik aserre bizian irten zan, eta Damasko ondora eldu zanean, zeruko argi batek inguratua arkitu zan; eta lurrera erorita, ots bat aditu zuen esaten ziola: Saulo, Saulo, zertako jazartzen edo persegitzen nazu? Saulok bereala esan zion: Nor zaitut, Jauna? Ni naiz Jesus, ain aier zu zatzaiona, Jesusek erantzun zion; zuretzat akullua ostikatzea gogorra da. Saulo txit larritu zan, eta galdetu zion: Zer nai dezu, bada, nik egin dezadan? Urira zoaz, Jaunak esan zion, eta an esango zatzu zer egin. Sauloren lagunak arri egiñik zeuden, otsa aditu, bai, eta iñor etzekustelako.
 

5. Sauloren ondutzea eta lenengo lanak


 

Saulo jaiki zan, eta begiak zabalduta, ezer ikusten etzuen. Orduan lagunak, eskutik artuta, Damaskora sartu zuten. Iru egunean egon zan ezer ikusi, jan eta edan gabe. Bitarte guzia igaro zuen Jaunari erregutzen, bere gaiztakeriak ezagutzen, oien barkazioa Jaunari eskatzen, eta Jaunak aginduko zion guzia egiteko prestatzen. Denbora onetan Damaskon arkitzen zan Ananias zeritzan Jesusen ikasle bat, zeñari Jaunak agindu zion Saulogana joateko. Ananiasek baziekien Saulo kristauen zein etsai gogorra zan, eta uzkur zegoan; baña Jainkoak esan zionean Saulo jentillai eta erregeai bere izena eramateko autu zuen bat zala, agindua egitera jarri zan. Iru egunen buruan Saulori ere iruditu zitzaion Ananias zeritzan bat zijoakiola, eta eskuak gañean ipintzen ziozkala. Esan eta egin: Ananias, Jaunak esan bezala joanda, Sauloren etxean sartu zan, eta eskuak gañean ipiñita, esan zion: Saulo anaia, onara zenekarren bidean agertu zitzatzun Jaun Jesusek bialdu nau, zure begiak argitu ditezen, eta Espiritu Santuz bete zaitezen. Au esan orduko, Sauloren begietatik ezkamaren antzeko zerbaitzuek erori ziran, begiak argitu zitzaiozkan; jaiki zan, eta bereala bataiatua izan zan. Zerbait janda bizkortu zan, eta ondorengo egun batzuek Jesusen ikasleakin Damaskon egin zituen. Ananias, Jaunak agindua zintzo eginda, etxera itzuli zan, eta Saulo gelditu zan Jaunari eskerrak eta eskerrak ematen, gorputzeko argiarekin batean animan ere argitu zuelako.

Saulok bere burua kristautua ikusi zuenean, Ebanjelioa egin-al guzian, ezeri ere barkatu gabe, erakusteko asmoa artu zuen. Bereala asi zan Damaskoko sinagoga edo juduen elizaetan predikatzen Jesus Jainkoaren Semea zala. Aditzen zioten guziak arriturik, esaten zuten ea hura etzan Jesusen izena erakusten zutenak galdutzen Jerusalenen zebillena, eta Damaskora ere emengoak ara eramateko apaiz nagusiaren eskubide guziakin etorri zana. Oiek zenbat geiago esan eta arrituagotu, Saulok anbat biziago erakusten zuen, Jesus zala Mesias egiazko Jainkoaren Eskeñia.

Damaskoko juduak onean ezin eraman izan zuten, orañago beretakoa zan gizon argi onek Jesusen alde ala itzegitea; eta dudatzaka Saulo iltzeko asmoa artuko zuten, benik-bein Damaskotik joan zan Arabiara, Ebanjelioaren berririk arteraño zabaldu etzan alderdira. Emen iru urte igarota, Damaskora itzuli zan, damaskoarrak utzi zituenean baño samurragoak eta Ebanjelioa artzeko prestatuagoak arkituko zituelakoan; baña bere usteak uts irten zitzaiozkan. Juduak ezaguturik Saulo bezain gizon argiaren esanak zein itzal andikoak ziran, batzarrea eginda agindu zuten il zedilla. Damaskoko eraentzalle edo gobernadoreagandik bereala iritsi zuten uriko ateetan kontuartzalleak ipintzea, isillik iges egin etzezan. Saulok ibilli oien berriak artu zituen. Urian ziran Jesusen ikasle andientsuakin gai onetan itzegin zuen, eta uri-bazterreko etxe batera joanda, saski batean leiotik lurrera gauez jatsi zuten, eta galdu nai zutenen eskuetatik iges egin zuen.

Saulok eta San Pedrok elkar oraindik ezagutzen etzuten, eta Jesusen ordeko oni zor zion begirunea erakusteko, eta ezagutzeko zeukan eresiarekin, Damaskotik aldeginda Jerusalenera joan zan. San Pedrori bereala aurkeztu zitzaion; Jainkoak egin ziozkan mesede andien eta bere ibilli guzien berri eman zion, eta San Pedrok aita on bati dagokion begibitartearekin artu zuen. Emen etzuen San Pedro eta Santiago gaztea beste Apostolurik ikusi, gañerakoak ordurako, noski, Judeara zabalduak ziralako, Ebanjelioa erakustera. Jerusalenen amabost egun bakarrak egin zituen; bitartean ala jentillai nola juduai Jesusen gañean itzegiten zien, lenagoko bere utsegiteen ordez; eta atzenerako juduak, arpegi ezin emanik, iltzeko asmoa artu zuten.

Saulo bere biziaren gora-beeragatik Jerusalenen egongo zan, Ebanjelioa geiago eta geiago erakusten, baña jentillen Apostolutzarako Jainkoak autua zan, eta adierazo zion, galdu nai zutenetatik aldegin zezala. Adiskideak igerri ziotenean bazijoakiela, Zesarearaño lagundu zioten, eta Tarsora bialdu zuten, bere aide, adiskide eta ezagunen babesean juduen aierkunetik obeto gorde zedin.
 

6. Ebanjelioaren aurrerapenak


 

Bitartean Ebanjelioak Judean, Galilean eta Samarian irabazi andiak ateratzen zituen, eta kristauak pake onean bizi ziran. Au gogoan zeukala, San Pedrok esetsi edo persekuzioa, surik bizienean zirauenean Jerusalendik aldegin ez bazuen ere, orain zerbait itzaltzera egin zanean, artu zuen alderdi aietan jira bat emateko asmoa. Jerusalendik irtenda, Judea, Galilea eta Samariako erririk andienak ikusi zituen, Jesusen Ordeko lurrean eta guzien aita zan aldetik erakutsi onak ematen zieztela; eta atzenean joan zan Lida zeritzan urira. Emen baziardun, aspertu ere gabe, guziai Jesusen legea erakusten; eta eri oatuta zeudenak ere San Pedroren itz onak aditu gabe gelditu etzitezen, etxez etxe zeramaten, eriak ere, besteak bezala, poz au izan zezaten. Lanbide on onetan zebillen bein batean joan zan, zortzi urte gorputz erdi-illarekin oian zeramazkien gizon Eneas zeritzanaren etxera; eta esan zion: Eneas, Jaun Jesu Kristok sendatzen zaitu; jaiki zaite, eta zere oia tolestatu ezazu. Eneas jaiki zan eta oia tolestatu zuen, ikusi zezaten egiaz sendatu zala. Ezin sendatu zitekean eritzat zortzi urte aietan zeukatenaren bat-batetako sendatze au zabaldu zan uri eta Sarona-ko ballera guzian, eta danak kristau egin ziran.
 

7. San Pedrok Tabita biztutzen du


 

Mirari andi onen otsa iritsi zan Lidatik bi orduko bidera zegoan Jope zeritzan uri larri batera ere. Jopen zan emakume alargun bat, Tabita zeritzana, Jesusen ikasle txit ona, bertutetsua eta persona bearrai on egiten beti ziarduena, eta pobre guziak amatzat begiratzen ziotena. Tabita il zan, bere mesedetu guziak negarrez utzita. Atzeneko progurik andienarekin lurpetzeko gorputza garbituta, okenduz ondo igortzi zuten eta gela eder batean ipiñi zuten, eta bere on-egindako asko inguruan jarri zitzaiozkan.

Jopeko kristauak jakin zutenean San Pedrok Lidako eriarekin zer egin zuen, bi mandatari bialdu ziozkaten, esatera Jopera, arren, bere-bereala joan zekiela. San Pedrok gaztigu au artu zuenean bereala, zertako zan esan ez bazioten ere, bideari ekin zion. Gelan sartu zan, eta arkitu zuen andre-alargun samalda andi bat, Tabita zanak egin izan ziezten soñekoak negar-malkoz bustitzen zituztela. San Pedrori, ikusi orduko, asi zitzaiozkan erreguka, arren, aien guzien ongille andi hura biztu zezala. San Pedrok guziak gelatik kanpora bialdu zituen, eta bera bakar-bakarra gelan geldituta, gorputz-illaren ondoan belaunikatu zan, eta Jainkoari otoitz-aldia eginda gero, Tabita zanari begira jarri zitzaion, eta esan zion: Tabita, jaiki zaite. Begiak bereala zabaldu zituen eta, San Pedro ikusita, eseri zan. San Pedrok eskua eman zion, eta jaiki zan. Gero Jesusen ikasle eta andre negartiai otseginda, Tabita biztua eta sendatua eman zien. Biztutze miragarrizko au Jope guzian barreatu zan, eta gitxi batzuek ez besteak Jesusgan sinistu zuten, eta kristau egin ziran. Poz onekin ondorengo egunetan San Pedro Jopen egon zan, Simon zeritzan larru-ontzalle edo kurtidore baten etxera biltzen zala.
 

8. Kornelio eta bereen bataioa


 

Jopeko kristau berriai kontu artzen San Pedrok, iñori utzi gabe, berez ziardun bitartean, Zesareako urian are ots andiagoko langai bat Jainkoak prestatzen zion. Uri onetan zegoan Italiako lejioa esaten zitzaion soldadu-samalda baten buru egiten zuen Kornelio zeritzana (edo eun soldaduzko konpañia baten kapitana). Kornelio txit ona eta Jainkoaren bildur andikoa zan, eta etxekoak ere berebat ziran. Persona bear asko estaltzen zituen, eta otoitz-aldi luzeetan egoten zan. Bein batean arratsaldeko iruen aldean iruditu zitzaion aingeru batek itzegiten ziola, esanaz: Kornelio, zure otoitz eta limosnak Jainkoaren aurrera igo dira. Mandatariak Jopera bialdu itzatzu, eta Simon larru-ontzallearen etxean bizi dan Pedro, era berean Simon deritzanari gaztigatu zaiozu zugana etortzeko. Berak esango dizu zer egin. Aingerua ezkutatu zitzaionean, Korneliok Jainkoaren bildurreko bi morroi eta soldadu bat Jopera bialdu zituen. Biaramonean Jopera ozta urreratu ziran denboran, San Pedro amabien inguruan etxeko ganbarara igo zan otoitz egitera. Gosetu zan, eta zerbait jateko asmoa artu zuen. Jana maneatzen ari ziran bitartean, korde gabe jarri zan, eta onela zegoala iruditu zitzaion ikusten zuela Zerua idikia, eta zapi bat lau ertzetatik lotuta ontzi baten gisan Zerutik lurrera zetorrela. Ontzi onetan zetozen lurrean dabilzan lau oñeko bizidun guziak eta aireko egaztiak; eta aditu zuen ots bat ziona: Jaiki zaite, Pedro, il eta jan ezazu. Pedrok erantzun zuen: Ez nik orrelakorik, Jauna, bada gauza loirik egundaño jan ez det. Berriz ere otsegin zitzaion, esanaz: Jainkoak garbituari ez zuk loia esan. Itz oiek iru aldiz aditu zituen; eta atzenean zapizko ontzia Zerura itzuli zan. San Pedro kordera zan, eta irudipen onek zer esan nai ote zuen ezin igerriz ziarduela, Korneliok bialdutako iru gizonak atean otsegin zuten, galdez Simon, Pedro zeritzana, an bizi ote zan. Jainkoak San Pedrori biotzera esan zion nola zijoazkion, eta gizonai bidera irtenda, esan zien aiek billatzen zutena huraxe zala, ea zer nai zuten. Erantzun zioten, Kornelio gizon on eta Jainkoaren bildurreko eta juduen artean izen andikoari Aingeruak agindu ziola, hura bere etxera eramateko eta zer esaten zion aditzeko.

San Pedrok ostatuz bere etxean artu zituen, eta biaramonean Zesarearonz abiatu zan, iru mandatariak eta Jesusen ikasle batzuek lagun zituela. Bigarren egunean eldu ziran Zesareara, non Korneliok bere aide eta adiskideakin itxedoten zion. San Pedro etxeko ateetara zanean, Kornelio aurreratu zan, eta oñetan auzpezturik, agur egin zion. San Pedrok esan zion: Jaiki zaite; bada, ni ere gizona naiz. Eta biak sartu ziran aide eta adiskideak zeuden gelan. Guziak San Pedrori aditzeko eresi andiarekin arkitzen ziran, eta Apostoluak au ezagututa, bereala asi zitzaien Jesu Kristoren gañean itzegiten: erakutsi ziezten Ebanjelioari dagozkion gauza andiak, eta bere itzaldiari oraindik buru eman baño lenago, Espiritu Santua, guziak zekustela, aditzalle guzietara jatsi zan, eta asi ziran itzkuntza askotan itzegiten eta Jaunaren berri andiak ematen. Au ikusita, Jopetik berekin eramandako lagunak arritu ziran, ez anbat berai, judu kristautuak izanik, etorri zitzaielako, zenbat Kornelio eta onen aide eta adiskide jentill ziranai: bada, uste izaten zuten jentillak Jesu Kristoren Elizan sarrerarik etzutela edo, benik-bein, Moisesen legea lenago aitortu bear zutela, eta gero Jesusenean sartu. Baña San Pedrok, Jesu Kristoren ordekoak bezala, erakutsi zien Jesusek beregana edozein artzen duela, naiz judua izan, naiz jentilla, bada Jaunarentzat guziak berdiñak dirala. Eta Jopeko bere lagunai agindu zien, Kornelio eta gañerakoak bataiatzeko. Kristau berri oiek San Pedrori eskatu zioten egun batzuek aiekin egin zitzala, eta poz au eman zien; baña luzaro egon gabe, bere egitekoak beste lekuetara deitzen ziotelako, Zesareatik irten zan.

Zesareakoakikoa eginda, San Pedro Jopen artutako lagunakin Jerusaleneronz abiatu zan. Alderatu baño lenago, beste Apostoluak eta judu kristautuak jakin zuten jentillak ere Jainkoaren itza artu zutela; eta Jerusalenen sartu orduko eraso zioten, ea zertako jentillakin bat egin zan, oien etxean sartuaz eta oiekin janaz. San Pedrok esan zien Aingeruarekin zer gertatu zitzaion eta, onen esanera Zesareara joanda, itzegiten ari zitzaiela, nola Espiritu Santua argiro jatsi zan; eta atzenean bizi-bizi esan zien, ea hura nor zan Jainkoari neurriak artzeko edo lan au eragozteko. Guziak isildu ziran, itzik ere geiago trukatu gabe; eta Jauna alabatzen zuten, esanaz: Beraz, Jainkoak guri bezala jentillai ere eman die Jesu Kristogan sinistea, penitenzia egitea, bataiatzea eta betiko bizitza irabaztea. Onenbestez zapaldu zan jentillen deiaren gañean sortutako despita guzia.
 


Amairugarren Irakurgaia

1. Ebanjelioaren irabaziak Antiokian


 

San Esteban ilda ondoren kristauen kontra sortu zan gerra eta esetsi gogorragatik, or-emen zabaldutako Jesusen ikasle txipre eta zirinear batzuek Antiokiara joan ziran, eta aditu zutenean Kornelio bere aide eta adiskideakin Zesarean bataiatua izan zala, eta nola San Pedrok erabaki zuen jentillak ere kristautzara artu zitezkeala, Ebanjelioa erakusteari eman zitzaiozkan, ez bakarrik juduai, batzuek lenago egin izan zuten bezala, baita jentillai ere, endamas juduakin ezer aurreratu ezin zala zekustenean, eta asko ipintzen zituzten bataiatzera; bada, uriko buruak ere gogorrik egiten etzuten, ikusirik lanik gitxiena ematen zutenak eta oitura zuzenenetakoak kristauak zirala.

Antiokiako berriak Jerusalenen San Pedrok laster izan zituen, eta pensatu zuen ainbeste jendeko uri batek bere ardura eta ajola guzia eskatzen ziola. Beste Apostolu eta ikasle bikañtsuakin gai onetan itzegin zuen, eta erabaki zan San Bernabe Antiokiara bialtzeko, ango eginkizunen buruan jarri zedin eta obispotzako lanak egin zitzan; bada, beste lenagoko erakusleak oraindik obispo etziran.

Aukera obeagorik ezin zitekean. Animaen artzai bati dagozkion doai on guzietakoa zan, eta berez Txiprekoa izanik, Antiokiako itzkuntzan txit trebatua eta argia. Sartu zaneko, bere erri Txipreko eta Zirineko erakusle aiekin itzegin zuen; eta gauzak nola zeuden jakindun bereala egin zan; eta obispo etor-berriak eta lenagoko erakusleak elkar artuta, ezin esan adiña persona Jesusgana ipiñi eta bataiatu zituzten, alako moduan non, urte bete igaro orduko pensatu zuen lagun baten bearrean arkitzen zala; eta anziñako adiskide Saulori begiak bereala ezarri ziozkan. Saulok bere erri Tarson ziardun Ebanjelioa erriko eta inguruetako juduai erakusten. San Bernabe Tarsora joan zitzaion, eta elkarrekin itzeginda, Antiokiara biak itzuli ziran.

Saulok arteraño etzien juduai baizik Ebanjelioa erakusten; baña bein San Pedrok erabaki zuen ezkero jentillak ere, juduak bezala, artu bear zirala eta bataiatu, asi zan jentillai ere erakusten, eta bi Apostoluak Antiokian urte betean egin zuten lanarekin ainbeste lagun, batez ere jentilletatik beretu zituzten, non Jesusen jarraitzalleak kristauak deitzen, lenbizi emen asi ziran. Antiokiaren izena urrutietara zabaldu zan, eta alde guzietatik jendeak zijoazen ango kristauak ikustera.

Oien artean Agabo zeritzan bat ere joan zan. Agabo au profeta zan, eta Jainkoak ala argituta, esan zuen mundu guzia gosete izugarri batek artu bearra zala. Berri onekin Antiokiako kristauak ain jainkozkoak eta ongilleak batetik, eta ondasunez ere beste zenbat lekutan baño obeto bizi ziranak, bestetik, izanik, erabaki zuten nork bere al zezakeanarekin Judeako anaiai laguntzeko. Oietatik geienak persona bearrak ziran, dala beren izan guziak Apostoluai eman ziezteelako, dala San Esteban ilda ondorengo esetsi gogorrean guzia galdu zutelako. Apostoluak, beren kontura kristau ongilleak utzitako ondasunakin esturasun jakiñak estaltzen zituzten; baña goseteak zekarzkienetaraño iritsiko etziran bildurrak eman zien: argatik antiokiarrak aitatu dan lanbide artara aurreratu ziran. Zerbait ondo bildu zanean, Jerusalengo eta inguruetako diakono eta zarrai Saulo eta San Bernaberekin bialdu ziezteen, gosetea zetorrenean beartsuak estali zitzaten.
 

2. Santiago zarrenaren eriotza


 

Bi Apostolu oiek Judean egiteko onetan erriz erri zebilzan denboran Herodes Agripa Galileako erregea, Jesusen jaiotzan aurrak ilerazo zituen Erodesen billoba edo semearen semea, Jerusalenera Pazkoa aurrean joan zan, gosetea asi baño lenago, Jesusen jaiotzatik berrogeita irugarren urte inguruan. Herodesek Galileako kristauai etzien gaitz andirik egiten, eta epel-epelean, ezer ez baziran bezala, begiratzen zien, bururik oiekgatik asko berotu gabe. Baña sinagogako jaunak kristauetara gorroto bizian zeuden, batez ere Apostoluetara, eta pensatu zuten Herodesen etorrerak era ona ematen ziela, ain aier zitzaietenak ondatzeko. Herodesi bereala itzegin zioten, esanaz txit konbeni zitzaiola kristau guziak galdutzea; bada, lanbide onekin juduen gogoak beretuko zituela, eta erromarren aldetik esturasunik iñoiz bazetorkion, berak lagunduko ziotela. Herodesi, gizon bat edo geiago odol otzean ilerazo arren ezer etzitzaion, eta jarri zan juduak eskatzen ziotena egiteko. Ez dakigu denbora onetan Jerusalenen zenbat Apostolu arkitzen ziran. Guziak batean irteten etziran, eta guziak elkarrekin egon ere ez; baña gitxienaz San Pedro bera, Santiago zarrena, onen anaia San Juan eta Santiago gaztea Pazkoako egun oietan emen zeuden. Herodesek lau oiekin nai guzia egin zezakean, naiz guziak batean, naiz banaka illaz: eta inolaz ere banaka iltzeko asmoarekin, Santiago zarrena artu zuten, eta ordu gitxiko auzi-lege bat eginda lepoa ebaki zioten, eta Jesusgatik bere bizia Apostolu guzietan lenengo galdu zuena au izan zan. Martiri andi onen gorputz-buruak bilduta, kristauak progu andiarekin lur eman zioten.
 

3. Santiago zarrena Españara etorri zalako berriak


 

San Estebanen eriotzatik Santiagorenera bitartean Jesu Kristoren Apostolu eta ikasle andienak mundu guzian zabaldu ziran, Ebanjelioa erakustera: eta Eskritura Santak esaten ez badigu ere, jakintsu geienen iritzian, eta ezin ukatu ditekeana da, Santiago zarren au gure Españara etorri zala, eta Ebanjelioaren lenbiziko berriak Apostolu onek gure asabai erein zieztela. Alderdi au guzia ibillita gero, Jerusalenera itzuli zan, zazpi ikasle Torkuato, Tesifonte, Segundo, Indalezio, Zezilio, Hesikio eta Efrausio berekin zituela, zeñak Apostoluak obispo eginda, berriz Españara bialdu zituzten, Santiagok asitako lanari kontu artu eta aurreratzera. Zazpi ikasle oiek berekin ekarri zuten beren maisu Santiagoren gorputz-illa, eta urte askoan ezkutuan egonda, gaur arkitzen da Santiago deritzan Galiziako uri batean. Españarrak beren bitarteko edo patroitzat anziña-anziñatik dute, eta txit jaiera edo debozio andia diote, promesean bide luzeetan agur egitera joaten zaiozkala.
 

4. San Pedro itxian sartua eta Aingeruak libratua


 

Herodesek ikusirik Santiago il izanarekin juduai zer poza eman zien, San Pedro ere iltzeko asmoa artu zuen. Kristau guzien buru au galdu ezkero, uste zuen juduak edozeñ esturasunetan bere alde izango zituela. Pazkoa bereala asten zan, eta geroko utzi gabe, eskuak ezarri ziozkaten eta itxian ipiñi zuten, Pazkoa ondoan bereala iltzeko. Amasei soldaduk kontu egiten zioten; oietatik bi albo bietan eta beste bi atean zituela, eta ordutik ordura aldatzen ziran, begietatik beñere kendu gabe. Au guzia gizon bakar bat gordetzeko asko ez bazan bezala, burnizko bi katerekin bi eskuak lotu ziozkaten; baña gizonen egin-al guziak Jainkoarentzat ezer etziran.

Kristauak jakin zutenean San Pedro itxian zeukatela bereala iltzeko, bildu ziran Jainkoari eskatzera, arren, bizirik gorde eta galdu nai zutenen mendetik atera zezala. Soldaduak kontu artzen bezala, kristauak ere txandaka otoitz egiten eta beren aita onagatik erregutzen ziarduten, ordurik ere utzi gabe. San Pedro ainbeste kontuartzalleren erdian arkitzen bazan ere, lo etzan zan, biotzeko lasatasun guziarekin, eta laster eman nai zioten eriotzaren kezka andi gabe. Onela zetzala, il asmo zuten bezpera arratsean aingeru bat itxian edo karzelan sartu zan, eta guzia argi-argi egin zuen. San Pedrori ondora joan zitzaion, eta saietsean jota esnatu zuen, esanaz: Azkar jaiki zaite. Eta eskuetako kateak erori zitzaiozkan. Gero esan zion: Gerrikoa lotu ezazu, eta abarkak janzi itzatzu. San Pedrok ala egin zuen. Berriz esan zion: Kaparekin estali zaite, eta darraidazu. San Pedro itxitik irtenda, Aingeruari ondoren bazijoakion; baña egiten zuena egiaz zanik ezagutu gabe; bada uste zuen irudipen uts bat zala. Lenengo eta bigarren kontuartzalleak edo guardiak igaro zituzten, eta Jerusalenen sarreran zan burnizko atera urreratu ziranean, berez idiki zitzaien, eta emendik etxadi edo barrio batera joan ziran, eta Aingerua ezkutatu zitzaion. San Pedro orduan korderatu zan, eta esan zuen: Oraintxe dakit, bai, Jainkoak bere Aingerua bialdu didala, eta Herodesen eskutik eta juduen begitangotza guzietatik atera nauela.

San Pedro bereala joan zan Maria Kleofas zeritzan emakume alargun on baten etxera. Emakume au, Jesusek bere aurretik bere erakutsiak artzeko bideak prestazera bialdu zituen irurogeita amabi ikasle aietatik Juan Markos zeritzan baten ama zan. Onen etxean, bada, kristau on asko bilduta zeuden, San Pedrogatik Jainkoari erregutzen, Apostoluak atea jo zienean. Roda zeritzan neskatxo bat atera jatsi zan, nor ote zan ikustera; eta ezagutu zuenean San Pedro zala, atea idikitzeko beta gabe, lasterka igo zitzaien, esanaz: Pedro atean dago, Pedro atean dago. Sinistu etzioten, esanaz burutik jauzi zala. Baña neskatxoaren leia ikusirik, esan zuten aren Aingerua izango zala. San Pedrok bitartean ate-joka ziardun, eta geroenean atea idiki zioten; eta ikusi zutenean Pedro zala, aien biotzak zer poza eta atsegiña artu zuten ezin esan diteke.

Gertatu zitzaion guziaren berriak eman ziezten; atzenean esan zien, Jainkoak aditu zituela egin ziozkaten erreguak eta negarrak; eta errukiturik, aingeru baten bitartez esturasunetik atera eta bere seme maiteen erdian, zekusaten bezala, ipiñi zuela. Agindu zien, Jerusalenen zan Apostolu bakar Santiagori eta beste anaiai esateko zer gertatu zitzaion; eta bere gogoz jende on arekin egongo bazan ere, berriz atzitu etzezaten, egunsentia baño lenago aldegin zuen, eta Antiokiaronz abiatu zan. Kontu artzen zioten soldaduak ezertzaz ere oartu etziran, eta biaramonean karzelan iñor gabe arkitu ziran. Zer egin ote zien edo zer gertatzen zan ezin igerriz aztoratuta zebilzala, artu zuten itxian zeukatelakoa urkamendira eramateko erregearen agindua; baña Herodesek jakin zuenean San Pedro gabe arkitzen zirala, zer-ikusi edo kulpa gabeak baziran ere, bere-bereala ilerazo zituen, eta juduai onela adierazo nai izan zien, aiek gogo zutena egiteko zer eresiarekin ibilli zan.
 

5. Herodes kastigatua


 

Asko luzatu baño lenago, gizaxo aiei egin ziena eta Apostoluari nai izan zionagatik Jainkoaren esku zorrotzak jo zuen. Tiro eta sidondarrakin aspaldian aserre bizian zebillen, eta debekatuta zeukan, bere mendetik bi uri aietara jan-gauzarik eramatea. Oiek ere estu ziran, zer-jana sortu ezin zutelako; eta errege Herodes zerbait urreratu zitzaienean, gogoak eman zien adiskidetzeko egin-alean saiatu bear zirala. Beste lan guzien aurretik, erregearen gela-zai Blasto irabazi zuten, beren esankizunak aditzeko adiña leku eman zizaien, eta iritsi zien. Herodes gauza guzietan txit arroa, eta bere burua iñor ez bezalako iztuntzat jotzen zuena zan: eta Tiro eta Sidon inguru aietan bi erri aberatsenetako mandatariak zetozkionerako prestatu zan, errege bati zegokion janzi eta beste edergarri guziakin. Mandatariak jende askoren aurrean artu zituen, eta beren eskariak egin ziozkatenean, asi zitzaien itzegiten, eta aditzalleak esan zuten: Jainkoak itzegiten digu, eta ez gizonak. Herodes lenaz gañera, esan onekin arrotu zan; baña bere andiuste guzian zegoala, aingeru bat jatsi zitzaion, gorputza bat-batetan zauriz bete zion, oñaze min-miñak artu zuten; eta ar zikin nazkagarriz josita, lotsa gorrian esan zien: Ara emen zuen Jainkoa iltzen; eta egun gitxiren buruan il zan.

Herodesen eriotzarekin kristauen etsaiak zerbait oztu ziran, eta Jesusen Eliza asko zabaltzen zan, bada Apostoluak eta artarako ipiñitako langilleak isildu gabe zebilzan Palestina guzian, batez ere Judean eta Jerusalenen bertan, non arteraño ainbeste esetsi eta neke eraman izan zuten; eta leku guzietan Jesusentzat irabazi andiak ateratzen zituzten: eta pake-aldi onetatik asita geroko ogeita lau bat urtean Palestina guzian zer esan berezirik etzan ikusi. Eta kristauak pake andian bizi izan ziran. Beragatik emengo berriai erabat utzita, Antiokiako Elizari eta jentillen Apostolu Saulori garraizkion.
 


Amalaugarren Irakurgaia

1. Jentillai Ebanjelioa erakustera Saulo eta San Bernabe bialduak


 

Saulo eta San Bernabek Antiokiako kristauak, orañago esan dan bezala, Judeako beren kristaukideentzat oparo emandako limosnak zabaldu zituztenean, Antiokiara itzuli ziran, eta Ebanjelioa erakusten ziarduten, zeñak len eta gero ainbeste jende beretu zuten, ezen San Pedrok Elizaren asieran leku jakinik artu gabe, batera eta bestera, premiarik estuenak deitzen zion lekura ibilli bazan ere, Jesu Kristoren Ordeko edo Aita Santuaren aulkia zazpi urtean emen iduki zuen, Jesusen jaiotzatik berrogeita irugarren urtean gitxi-gorabeera mundu guziaren erri-buru zan Erromara aldatu zuen arteraño, non bizi izan zan, geroago esango dan bezala.

Bein batean, bada, obispo eta beste eliz-gizon asko elkarrekin Jainkoa serbitzen eta alabatzen zeudela, Espiritu Santuak esan zien: Saulo eta Bernabe berezi edo apartatu itzatzute nik eman nai diedan lanerako. Bereala barautu eta otoitz eginda, eskuak ipiñi ziezteen, eta bialdu zituzten Espiritu Santuak zeramazkien lekura, Ebanjelioa jentillai erakustera. Egun au ezkero Saulok buru egiten zuen, eta San Bernabe bigarrena zan. Lenengo Seleuziara joan ziran, Juan Markos berekin zutela; gero itsasoz Txipreko erri-buru Salaminara, eta emen asi ziran sinagoga edo juduen elizaetan predikatzen, eta oiek aditzen etzietenean, geienean gertatzen zitzaiena, jentillai itzegiten zieten. Salaminan aldi batean nekatuta, Pafosera aldatu ziran.
 

2. Sergio Pabloren bataioa


 

Pafosen bizi zan Erromako prokonsul Sergio Pablo zeritzana. Berez gizon ona eta egia jakin naiekoa zan, eta Apostoluen berriak izan zituen ezkero, beren aotik aditzeko eresi andiarekin bizi zan; baña bere zorigaitzean, etxean zeukan morroi bat, Elimas zeritzana, txit biurria eta deabruarekin elkartuta sorgintzan oi zebillena. Apostoluak Sergiok bere aurrera eraman, eta Jainkoaren gauzak erasaten ziezten; baña morroiak beti atzeratzen zuen, aietara jarri etzedin. Saulok orduan Elimasi aurkez aurke jarrita, esan zion: O gizon gezurtia eta dollorra! Deabruaren semea! Onaren etsaia! Jainkoaren bide zuzenai arazoak ipintzez aspertzen etzerana! Ara non Jainkoaren eskuak jotzen zaituen, eta aldi baterako itsutzen zeran. Elimas bat-batetan itsutu zan. Sergiok Jesusen legea osotoro artu zuen; bataiatu zan; eta geroztik Sauloren txit adiskide andia eta maitea izan zan. Batzuek diote, San Pablok Saulo bere lengo izena utzita, Pablorena artu zuela bataiatu zanean: baña jakintsu geienen iritzian, Elimasekin gertatutako mirari eta Sergioren aldaketa onetatik asi zan Pablo deitzen, erromarren itzkuntzari obeto zegokiolako, eta Eskritura Santak ere izen au lenbizi orain aitatzen du, eta onekin geroz deituko diogu.
 

3. San Pablo eta San Bernaberen ibilliak


 

Pafostik Panfiliako Perge-ra itsasoz joan ziran, Pafosen kristaututako asko berekin zituztela. Juan Markosek emen aldegin zien; bada arkitzen etzan, dirudienez, bear adiña biotz edo espiriturekin, aiek izango zituzten neke eta ibillikizunai arpegi emateko; eta bere ama Kleofasen ondora Jerusalenera bialdu zuten. Pergetik bideari jarraitu zioten Pisidiako Antiokiaraño. Emen juduak beren jai-egunean sinagogara biltzen ziran, eta oiekin batean Jainko egiazkoa aitortzen zuten jentill asko ere bai. Bi Apostoluak ere sartu ziran, eta sinagogako buru egiten zutenak beren liburu oituak irakurri zituztenean, San Pablori, gizon argi eta iztun ona igerrita, leku eman zioten, esanaz zerbait itzegin zizaiela. San Pablok isillik egoteko eskuarekin keñu eginda, jarri zitzaien itzegiten, Jainkoak aien asaba eta gurasoai denbora guzietan egindako mesedeen gañean, nola beti begiratu izan zien bere Erri autuari bezala, eta atzenean bere Seme bakarra bialduta, artu nai izan ez ezen, gurutziltzatu eta il zuten. Baña berak irakurtzen zituzten profetak alde-aurrez esan bezala, biztu zala, eta onen lege Zerurako bide bakarra erakustera zijoazkiela. Geroenean esan zien kontuz ibiltzeko, bada arteraño iñork ezer esan ez bazien ere, gaurgero aitzaki eta apukorik ezin ipiñiko zutela.

San Pabloren itzaldi au aditu zutenean buru-makurtuta zer pensatu andiak gogoan zituztela, etxeetara itzuli ziran, urrengo jaiean aditzeko asmoan, baldin berriz itzegin nai bazien. Apostoluai ostaturaño askok lagundu zieten, ikasbide berriak aditzeagatik, eta Apostoluak ere egin-al guzia egiten zuten, erakusteko eta artzen zuten Jesusen legean irauteko. Urrengo jaiean uri guzia sinagogan bildu zan San Pablori aditzera; baña judu gogor buru egiten zutenak ainbeste jende ikusi zutenean, aserretu ziran, eta Apostoluai gaizki-esaka eta añenekoakin eraso zieten. Orduan San Pablo eta San Bernabek esan zieten: Konbeni zan zuei lenengo Jainkoaren itza erakustea; baña ezertan artzen ez dezuten ezkero, jentilletara goaz, Jainkoaren aginduari garraizkiola. Aditzen zuten jentillak txit poztu ziran, eta Jainkoa askok bertatik aitortu eta alabatu zuten. Juduak, kontrara, aserre biziagoan sarturik, atseden etzuten Apostoluak andik bialdu arteraño. Oiek ikusi zutenean zer iskanbilla jaso zan, oñetako autsak astindu, eta Ikoniora aldatu ziran.

Ikonion ere, Antiokian bezala, sinagogara joan ziran, eta Jesu Kristoren legea zerua irabazteko zein premiazkoa eta bearra dan ain argi eta garbi erakutsi zuten, ezen judu eta jentill asko kristau egin ziran. Urte erdi bat eta geiagoan emen egon ziran; bitartean judu sinisgogorrak eragozpen andiak ipintzen ziezteen, nai zituzten guziak irabazteko; baña esanak mirariakin egiztatuta, arrigarrizko aldaketak egiten zituzten. Geroenerako Jesusen etsaiak iskanbilla latz bat sortuta, arrika emateko asmoa artu zuten. Apostoluak igerri zietenean zer zerabilten, iges egin zuten, eta Listra eta Derbe-ra joan ziran. Emen ere beren betiko lanari ekin zioten, Ebanjelioa erakutsiaz eta mirariak egiñaz.

Listran zan gizon bat jaiotzatik elbarria, eta bein ere oñez ibilli etzana. Egun batean bere burua eraman-erazo zuen San Pablok predikuan ziardun tokira, eta eseri zan. Apostoluak ikusirik zein arduraz eta kontuz aditzen zuen, esan zion jaiki zedilla, eta zutik jartzeko. Elbarria bereala jaiki zan, eta ezagutu zanean oñez ibiltzeko adiña, pozez saltoka abiatu zan. Begira zeudenak arriturik, deadarka asi ziran, esanaz: Ez gizonak, ezpada gizonen janzian Jainkoak jatsi zazkigu. Eta San Bernaberi bere ederragatik Jupiter, eta San Pablori bere itzketa argiagatik Merkurio deitzen zieten. Jupiter jainko gezurrezkoaren apaiza Apostoluai bereala joan zitzaien zezen eta loreakin ofrendak egitera. Apostoluak, aien itsumen negargarria ikusita, soñekoak urratu zituzten, eta jende artera sartuta, otsegiten zuten: Gizonak! Zer egiten dezute? Gu ere, zuek bezala, gizon ilkorrak gera, erakutsi nai dizutegunok, ez dala Jainko egiazko zeru-lurrak, eta itsasoa, eta oietan diran gauza guziak egin zituen bat bakarra baizik. Guzien Egille oni, bakar-bakarrik, ofrendak eta adorazioak zor zaiozka. Esan oiek eta onelako beste askorekin atzeratzen zituzten, Jainkotzat adoratu naiez zebilzkien ez-jakin itsu aiek; eta nekerik andienean zebilzan unean, irten-bide ustez-uste gabekoa sortu zitzaien.

Pisidiako Antiokian eta Ikonion jazarri edo persegitu zituzten juduak, aditu zutenean zenbat kristaututzen zituzten, Apostoluetarako gorrotoari zerraizkiola, Listrara joan ziran, eta adoratzen utzi naiezeko elean estuena ziarduten denboran, Antiokiakoak eta Ikoniokoak oska asi ziran, Pablo eta Bernabe deabruakin bat eginda engañatzen zebilzan gizon gezurti batzuek zirala, eta ikusi ziezteen mirariak ere gaizkiñen laguntzarekin egin zituztela. Listrarren biotzak esan oiekin alako moduan trukatu zituzten, non itzetik ortzera jarri ziran Jainkotzat zeuzkatenai arrika ematera. San Pablo bereala iltzat eman zuten, eta erritik kanpora aterata, bazter batean utzi zuten. Bere ikasleak etzitzaiozkan aurretik kendu, eta igerri ziotenean oraindik asnasa bazuela, berotuaz eta beste sendagarriakin lagundu zioten zuzpertzen eta bizkortzen, eta errira isillik sartuta, biaramonean San Bernaberekin batean Derbes-era joan zan, non bereala asi zan berriz ere Ebanjelioa erakusten. Derbesdik Pergesera aldatu ziran; eta emen ere lagun asko kristautu zituzten: eta jira guziak eginda, bi urteren buruan itzuli ziran Siriako Antiokiara, nondik aitatzen gatozen misio au egitera irten izan ziran. Antiokiako apaiz eta beste kristau guziak batera bilduta, eman ziezteen urte bi aietan izandako gora-beera guzien berriak; eta antiokiarrak aditu zutenean zer irabazi andiak Jesusentzat atera zituzten, txit poz andia artu zuten; eta are andiagoarekin beren artean Apostolu on aiek luzaroago idukiko zituzten; baña Jerusalenera joateko asmoa artu zuten. Ara zergatik.
 

4. Zirkunzisioa bearrekoa zan edo ezeko despita


 

Jesusen ikasle eta jarraitzalleen artean despita andi bat sortu zan, Moisesen legeak agintzen zuen zirkunzisioaren gañean. Judu kristautuak zioten, Jesusen legea artu nai zuten guziak, aurrena zirkunzidatu bear zirala eta Jerusalendik Antiokiara joandako ikasle batzuek ere iritzi oni zerraizkiola, erakusten zuten jentill kristautuak ezin salbatu zitezkeala, Moisesen legeak agindua egin etzutelako. San Pablok, San Bernabek, eta oiekin beste askok kontrara zioten, zirkunzidatu bearrik etzutela. Batzuek eta besteak elkarrekin itzketa luzeak eginda, jarri ziran Jerusalenera joan, eta emengo Apostolu eta ikasle bikañenakin ezda-baida au ikusteko eta erabakitzeko. Antiokiako jentil kristautuen aldetik bi Apostoluak joan ziran, Tito San Pabloren ikasle maitea irugarrena berekin zutela. Jerusalenen bildu ziran San Pedro guzien burua, gertuena izaten ziran beste Apostoluak, apaizak, eta Jesu Kristo ezagutu zuten ikasle zarretatik ere asko. Elizaren lenbiziko batzarre edo konzilio onetan, nork bere iritzia, guziak eman zuten, beren alde arkitzen zituzten argibide eta sinisgarriakin. San Pablok esaten zuen, zirkunzidatu bearrik etzala zeraman iritziarekin utsegitera, Jainkoak etziola ainbeste mirari agirikorekin lagunduko, eta bere lanak ontzat emango. Guzien iritziak adituta, San Pedro Jesu Kristoren Ordeko eta Espiritu Santuaren argituari zegokion, norenari jarraitu bear zitzaion erabakitzea. Eta zutik jarrita, esan zien: "Anaiak, badakizute, Jainkoak antziñatik agindu zuela, jentillak nere aotik Ebanjelioa aditzeko eta sinisteko. Eta biotzak ikusten dituen Jainkoak au egiztatu du, Espiritu Santua, guri bezala, aiei ere emanaz: eta biotzak fedearen bitartez garbitu ezkero, aiek eta gu berdinak gera. Zertako orain egotzi nai diezute gure gurasoak eta guk ezin eraman izan degun uztarria? Uste degu, bada, salbatuko gerala, aiek salbatu ziran bezala." Aditzalle guziak isildu ziran; San Pedrok erabakia ontzat eman zuten, eta auzia bukatu zan. Bereala Judas eta Silas gizon elduenak autu zituzten Antiokiara bialtzeko, auzia erabaki zala esatera, eta erabaki au eskribuz ezarrita eman zitzaien.

Batzarrearen bi mandatari oiek, San Pablo eta San Bernaberekin batean, Antiokiara joan ziran; eta ain ondore negargarriak izan zitzakean despita, guzien gogora zapaldu zalako berria zer poz eta atsegiñekin ango kristauak artu zuten esatea, erraz ez da. Egun asko elkarri erakusten eta poztutzen egin zituzten, eta gero Silas Antiokian geldituta, Judas Jerusalenera itzuli zan.
 

5. San Pablo eta San Bernabe banakatzen dira


 

San Pablok eta San Bernabek beste lagun askorekin Antiokian baziarduten Ebanjelioa erakusten eta zabaltzen. Baña San Pablori gogoak eman zion, ordurako egin zituzten langilleak Antiokiarako asko zirala pensatuta, lenago ibillitako tokietara joatea, artu izan zuten legean nola zirauten edo zenbat aurreratzen zuten ikustera. San Pablok bere lagun San Bernaberi eresi au agertu zion, eta San Bernabe ere artara jarri zan: baña gauza batean berdin etzetozen. San Bernabek berekin eraman nai zuen Juan Markos bere lengusua; baña San Pablok erantzuten zion, hura eramatea ondo etzetorkiela; baziekiela, alabañan, nola Panfilian utzi zituen, eta amaren ondora Jerusalenera joan zan. Lenagoko ibilli eta nekeai arpegi emateko gorputzik izan etzuela, eta orain ere lena izango zala. San Bernabek bere lengusuagan beste usterik zuen; eta bi Apostoluak jarri ziran, nor bere aldetik ibiltzera, edo obeto esateko, Jainkoaren eskua zebillen, despita onen bitartez bata batera eta bestea bestera joanda, Ebanjelioa geiago zabaldu zezaten. San Bernabe Juan Markosekin Txiprera joan zan, eta jende guzia Jesu Kristoren legera ipiñi zuen. Andik Italiara aldatu zan, non lan berean zerbait denboran jardun zuen, on andiak eginaz; eta gero bere erri Txiprera itzulita, berri-emalle edo historiadore askoren iritzian, Jesusen etsaiak sortutako iskanbilla batean arrika il zuten. Iltzalleak gorputz-illa erre nai izan zuten; baña Juan Markosek urrengo arratsean isillik artuta, Jesu Kristoren martiri bati zegokion proguarekin lurpetu zuen. Gero denboraren denbora gorputz-ill au, bere eskuz eskribatutako San Mateoren Ebanjelioa bularrean zuela, arkitua izan zan.

San Pablok laguntzat artu zuen Jerusalendik Antiokiara joandako mandatari Silas arestian aitatua, zeñak, ordurako obispo bazan ere, San Pabloren agindura joatea ez egokitzat etzeukan. Biak, bada, Antiokiatik irtenda, Sirian eta Zilizian ibilli ziran, kristau berriak egiten eta lenak fedean sendotzen. Ikonio, Derbe eta Listrara ere joan ziran, eta emen arkitu zuen Timoteo zeritzan kristau gazte bat aita jentillaren eta ama berez judua, baño bataiatuaren semea. Timoteo onegatik San Pablori txit berri onak eman ziozkaten, eta bertatik laguntzat artu zuen juduai Ebanjelioa erakusteko, lenago Tito jentillai erakusteko bezala. Bazter oietatik aldatu zan, Silas, Tito eta Timoteo zerraizkiola, Asia txikienenetik barrena Mazedoniara. Lukas bere aidea ere, askok diotenez, bidaje onetan batu zitzaion; Eskritura Santak, beintzat, lenbizi orain aitatzen du San Pablorekin zebillela. Bitarte onetan, Filipon beste askoren artean kristau egitera ipiñi zuen Lidia zeritzan merkatari ots andiko bat.
 

6. San Pablo azotatzen dute


 

Beste batean Jainkoari otoitz egitera zijoazela, San Pablok ikusi zuen neskatx bat ondoren zerraikiena, esanaz: Gizon oiek salbazioko bidea erakusten diguten Jainkoaren serbitzariak dira. Neskatx onek ondorengo egunetan ere au bera egiten zuen; baña deabrua zan, errukarri aren barrunen sartuta, ala itzegiten zuena; eta neskatx gaxo aren izaerak biotza erdiratuta, Apostoluak deabruari Jesu Kristoren izenean agindu zion gorputz artatik irteteko, eta bereala iges egin zuen.

Neskatx onek deabrua berekin zuela, aztikeria eta sorgintza asko egiten zituen, eta bere nagusiai irabazi andiak ematen ziezten, eta nagusiak orain zekusatenean San Pablok deabrua kendu ezkero irabazia ere galtzen zitzaiela, iskanbillatu ziran, eta San Pablo eta Silas atzituta, erriko buruetara eraman zituzten, esanaz erria nastutzen zebilzan eta lege berriak ipiñi nai zituzten judu aztoratzalle batzuek zirala. Erriko buruak, erromarrak izanik, juduen izena aditu utsarekin aserretzen ziran, eta atzealdetik soñekoak urratuta ezurretaraño azotez ebaki eta itxian sartu zituzten, eta amabiari agindu zioten kontu egiteko. Amabiak bereala barrunagoko ziega illun batean sartu, eta oñak zepoan zituztela ipiñi zituen.

Gauerdian San Pablo eta Silas otoitzean zeudela, lurrikara batek etxe guzia zimenduetaraño dardaratu zuen, ate guziak idiki ziran eta zepo guziak askatu zitzaiezten. Amabiak au ikusita, iges egin ziotelakoan bere burua il naiez abiatu zan; baña San Pablok ots andi batekin esan zion etzezala alakorik egin, an zeudela. Amabiak, berera zanean, argia biztu zuen; itxi edo karzela guziai begiratu zien, eta danak an arkitu zituen: eta ezaguturik San Pablok eta Silasek beren otsakin gorde zutela bere burua galtzetik, oñetan auzpez jarri zitzaien, eta esan zien ea zer egin bear zuen salbatzeko. Erantzun zioten, Jesusgan sinisteko, eta bera eta etxeko guziak salbatuko zirala. Azoteak egindako zauriak amabiak bereala garbitu ziezten; eta bera eta etxeko guziak bear ziran ikasikizunak San Pablo eta Silasgandik artuta bataiatuak izan ziran. Etxera eraman zituen eta jaten eman zien.

Biaramonean Erriko buruak amabiari gaztigatu zioten itxian zeuzkanai joaten uzteko. Albista au San Pablori eman zionean, Apostoluak erantzun zion: Zer? gu erromarrak izanik, arrotzak bagiña bezala agiri-agirian azotatu eta itxian sartu gaituzte, eta orain gu isillik bialdu? Ez, berak betozkigu, eta berak atera gaitzate. Tarsoarrak noizbait egindako mesedeen batzuekgatik, erromarren eskualdi guziak zituzten, eta San Pablo angoa zalako beartu nai izan zituen aitortzera, ari eta bere lagunari lotsa hura ematen zein gaizki egin zuten. Esan eta egin, ikuskizunen bat gero izan zezaten bildurrez, San Pablori joan zitzaiozkan eta eskatu zioten, arren, erritik irten zedilla. Itxitik irtenda, joan ziran Lidiaren etxera, non arkitzen ziran lagun guziak naigabe andiarekin, eta beren maisuari zer gertatuko ote zitzaion kezkatan; baña ikusi, eta nola ibilli ziran aditu zutenean, txit poztu ziran.

Filipon Lukas eta Tito inolaz ere utzita, San Pablo Silas eta Timoteorekin Tesalonikara joan zan. Emen ere sinagogan sartuta, egiten zituen predikuakin asko eta asko bereganatzen zituen, eta kristau egiten ziran, bai juduak eta bai jentillak. Baña San Pablok zenbat irabazi, judu sinistu nai etzutenak anbat gorroto geiago artzen zioten. Atzenean, jendearen artean iskanbilla andi bat jaso zuten, eta il naiez abiatu zitzaiozkan; baña Jason zeritzan ikasle baten etxean isillik gordeta, gero gauez Berea-ra iges egin zuten. Tesalonikarrak jakin zutenean auzo-erri Berean zebilzala, joan ziran; jendea asaldatu zuten; baña San Pablok ordurako Berean ikasle maite asko egin zituen, eta oiek, itsas-ontzi batean artuta, isillik Atenasera eraman zuten, eta Silas eta Timoteo Berean gelditu ziran. Orain ez dakigu, edo ezertarako leku gabe bat-batetan irten zalako, edo aierrena Apostoluari zitzaiozkalako, edo beste zergatik San Pablo bakarra joan zan.

Atenasek denbora artan gizon jakintsu, eta gauza berriak eta ez-oituak aditu naieko asko zituen; baña ordu berean jainko gezurrezkoetara txit etziñak ziran: bada, edozeñek bere gogokoen bat jainkotzat artu eta adoratu zezakean; beragatik Atenasen bakarrik jainko geiago ezagutzen ziran, gañerako Grezia guzian baño. San Pablo ikusi zutenean, Jesus aientzat Jainko berria, eta Jesusen Ebanjelioa berebat ez oitua erakusten, agertu zioten gauza oien gañean itzketa eta jardun-aldi batzuek elkarrekin egiteko eta eleatzeko eresia. Asi ziran, eta San Pablok, Espiritu Santuaren eskolan ikasiak bezala, gauza guzietan bereala isiltzen zituen. Askok sinistu zioten eta kristautu ziran, zeñaen artean San Dionisio Areopagita eta Damaris emakume ots andikoa.

Atenastik Korintora joan zan. Emen ere arkitu zituen judu gogor galdu nai izan zutenak; baña bai jentill sotil, Jesusgana jarrita txit poz andia eman ziotenak ere. Antiokiatik irten zan ezkero, Korinton bezain egonaldi luzerik beste erritan egin etzuen; bada urte bat eta erdian egon zan, Elizari hume on asko ematen ziozkala, eta oietatik bi, Akila eta bere emaztea, isillik utzi bear ez diranak.

Jesu Kristoren jaiotzatik berrogeita bederatzigarren urtea zan San Pablo Korintora joan zana. Klaudio Erromako enperadoreak urte onetan agindu zuen judu guziak Erromatik irteteko. Akila zeritzan bat Priszila bere emaztearekin arkitu zan Erroma utzi bearrean, eta Korinton sartu zan, San Pablo ere ara iritsitako egunetan. Ezaguerak bereala artu zituzten, eta adiskide egin ziran. San Pablok laster igerri zion zein biotz onekoa zan, eta bear ziran gauzak erakutsita, kristau egin zuen. Akilaren etxean ostatuz jarri zan, eta onekin batean soldaduentzat larruzko estalpeak egiten bere ogia irabazten zuen, iñor nekatu gabe bizitzeagatik. Jai-egunetan sinagogara joan, eta judu eta jentillai Jesu Kristoren gañean itzegiten zien; baña jentillak baño juduak beti gogorragoak arkitzen zituen, erakutsia sinisteko. Neke onetan ziarduela, Timoteo eta Silas Berean gelditu ziranak etorri zitzaiozkan, eta biotza txit zabaldu eta lasatu zitzaion; bai oiek bere ondoan ikustearekin, bai tesalonikarrak fedean zein sendo eta oituraetan zein kontuzkoak bizi ziran esan ziotelako.
 

7. Sinagogako buru Krisporen bataioa eta beste garaipenak


 

Bein batean, besteetan bezala sinagogara joan zan, eta Jesus Mesias egiazkoa zala juduai erakusten ari zala, ain sinisbide argiak eman ziezten, non zer erantzun etzutela ipiñi zituen; eta besterik eziñean, Jesu Kristoren kontra añenekoak botatzen edo blasfematzen asi ziran. Sinagogan ziran jentillak juduen esan oiekin gaiztorako biderik artu etzezaten, San Pablo guzien aurrean jaiki zan eta bere soñekoak astinduta, esan zien: Zuen odola zuen gañ izan bedi, nik zer ikusirik ez det, eta jentilletara bertatik noa. Juduak, Jainkoaren mandatari onek egindako kiñadarekin, batere malmetitu etziran; eta Apostolua sinagogaren ondoan bizi zan Tito jentill on baten etxera bere-bereala ostatuz aldatu zan, Akilarekin, jaiotzatik judua zalako, ez egoteagatik. Ala ere, sinagogako buru Krispok bere etxekoakin sinistu zion; Titoren etxera guziak joan zitzaiozkan, eta bataioa artu zuten. Oien ondoren beste asko ere Jesusgana jarri ziran, eta bataiatu zituzten. Irabazi andi oiek ikusita, San Pablori eman zion juduak aztoratuko ziran bildurrak, eta beste errietatik bezala iges egin bearra izango ote zuen kezkak; baña bildur eta kezka oietan zebillela, Jainkoak ametsetan esan zion ez ikaratzeko, isildu gabe itzegin zezala: Berak lagunduko ziola, eta iñork gaitzik egingo etziola. Korinton bere aldeko jende asko zuela. Jainkoaren gaztigu pozgarri onekin baziardun Ebanjelioa geiago eta geiago erakusten eta kristauak ugaritzen, Jainkoak beste asmorik artzen zuen bitartean. Geroenean irten-bearra etorri zitzaion, orain esatera goazenaren bidez.

Erromarrak Akaia guziko buru Galion egin zuten, eta Korintora bizitzez joan zanean bereala, juduak asi ziran San Pablo galtzeko bideak prestatzen. Eskuak ezarri ziozkaten, eta Galioni aurkeztu zioten esanaz gizon ark jendeai erakusten ziela, aien lege eta oiturak agintzen zuten ez beste era batean Jainkoa adoratzen. San Pablo asi zan itzegiten; baña Galionek eragotzi zion, eta juduai esan zien, baldin gaiztakeria andi batekin joan bazitzazkion, adituko ziela, agintean dagoanari dagokion eta bear duen bezala; baña espa guziak juduen lege eta gauzaen gañean ziran ezkero, aien beren egitekoa zala, eta aien lanetan sartzera etzijoala; eta onenbestez bere aurretik kendu zituen. Juduak etzuten alako erantzuerarik artu uste, eta su bizian sartu ziran; eta oni errekin geiago emateko, San Pablo ere triska edo bullizian ezkutatu zitzaien. San Pablori Galionen aurrera Sostenes berez judua baña Jesu Kristoren ikasle egiñak lagundu zion; eta Apostoluak iges egin zuela zekusatenean, Galionen beraren aurrean Sostenesi eraso zioten, eta kolpatu zuten. Gero aien eskuetatik nola ere bait aldeginda, San Pablo topatu zuen, eta onen ibilli eta neke guzietan lagun izateko itza eman zion.

Egun batzuetan, isillik bedere, Korinton oraindik egon zan, eta ango kristau askok oñ onean irauteko gauza guziak zuzendutakoan, itsasoz Efesora joan zan, Akila eta Priszila berekin zituela. Efesoarrak luzaro iduki nai izan zuten; baña San Pablok erantzun zien, aldi artan ezin gelditu zitekeala, eta Akila eta Priszila bere ordez utzita, geroago itzultzeko itzean, Asia txikieneronz abiatu zan, len-lenago ibilli izan zituen errietan, eta kristautu zituenak ikusteko asmoarekin. Ikasbide berriak guziai eman ziezten, eta lenago artutako fedean sendotu zituen, eta Efesora itzuli zan.

San Pablo, orañago aitatu dan bezala, Efesotik irtenda laster, ara joan zan Apolo zeritzan alejandriar bat, jaiotzaz judua eta gero kristau egiña. Gizon argia, iztun ederra eta Eskritura Santaetan ondo ikasia izanaz gañera, Jesusen legea zabaltzeko txit eresi andikoa zan, eta juduakin ere elea latzak izaten zituen. Berezko gogo on oni zerraikiola, San Pablok bere lekuan utzitako Akila eta Priszilarekin elkartuta, Apostolua Efesora itzultzerako legean txit ondo trebatu asko zeuzkaten, eta San Pablo etorri zanean, bataiatuak izan ziran.

San Pablo Efeson iru urte urrean bizi izan zan, irten-aldiak auzoetara egiten zituela. Bitarte onetan jendearen arrigarrizko aldaketak egin zituen, eta ezin esan diteke zenbat lagun kristautu ziran. Ain jakinduri andiarekin itzegiten zien, non bein aditzea asko zan, Ebanjelioko legea artzeko eta kristau egiteko. Esanai mirariakin laguntzen zien; bada berak erabillitako soñeko, zapi edo gerrikoarekin eriai ukitze utsaz gaitz guziak sendatzen ziran.
 

8. Judu konjuratzalleen kastigua


 

San Pablok lanbide onetan ziardun bitartean, juduak ere bazebilzan beren aldeko zerbait egin naiez, eta onek beronek San Pabloren itzari indar geiago eman zion. Zekusten, gaizkiñak zeuzkatenak San Pablori bazijoazkion, eta San Pablok Jesusen izenean agindu irteteko, bereala iges egiten zutela. Juduak ere bazituzten exorzistak edo gaizkiñak botatzen zituztelakoa egiten zebilzanak; eta ikusirik San Pablok zer egiten zuen, oiek ere asi ziran Jesusen izenean agintzen irten zitezela. Eszeba apaiz-buruaren zazpi seme ziran egiteko onetan erriz erri ibiltzen ziranak. Bein batean gaizkindun bati beren itzketa-mordolloan asi zitzaiozkan, eta ezer iristen etzutenean, Jesusen izenari otsegin zioten; baña gaizkiñak erantzun zien: Jesus ezagutzen dikat; Pablo nor dan bazekiat, baña, zuek zer zerate? Au esanda gaizkinduna itsasi zitzaien, eta ain abarrakituta utzi zituen, non larrugorrian eta zauriz beterik etxetik doi-doi irten ziran. Berria Efeso guzian judu eta jentillen artean barreatu zan, eta guziak Jaunari bildur andia artu zioten, eta Jesusen Izen santua altxatua zan. Onen ondoren askok sinistu zuten, eta bataiatu ziran: eta bataioak arterañoko bekatuak osotoro barkatzen baziezten ere, lotsa geiagorako San Pablori joan zitzaiozkan gaizki-egin guziak aitortzera, lenagokoen damu miñ-min eta berriz ez egiteko itzarekin, eta au biotz-biotzetik ziotela iragarritzeko, argibide ezin obeagoa eman zuten. Aietatik asko ziran liburu gaiztoetan ikasita sorgintzan zebilzanak, eta erri guziaren agirian eta begietan liburu danak erre zituzten. Zer ikasbide ederra lenbiziko kristau zorioneko aiek munduari eman zioten, eunda berrogei milla erreal balio zituzten liburu galgarri guziak ain oparo erretzearekin! Ai au ondorengoak egingo balute!
 

9. Demetrio zillargilleak Efeson sortutako iskanbilla


 

Efesoarren prestutasunak San Pabloren biotza zenbateraño zabalduko zuen, zer esanik ez da; baña atsekabez laster bete zitzaion. Asia guzian txit ots andikoa zan, Diana jainko gezurrezkoak Efeson zuen eliza, eta jendetza andiak urrutietatik zijoazkion adoratzera, eta etxerakoan zeramazkiten zillarrez egindako elizatxo batzuek Dianaren irudia erdian zutenak. San Pablok asperzaka beti ziardun idolo edo jainko gezurrezko guzien kontra itzegiten, eta ezer utsak zirala erakusten: eta jendeak uzten zion zillarrezko eliza oiek erosteari, zerekin zillargilleai irabazia kentzen zitzaien. Demetrio zeritzan zillargille bat, langille asko artuta eliza oiek egiten aritzen zan, eta igerri zionean San Pabloren erakutsiak etziola bere irabazian onik egiten, langilleak bildu eta esan zien, baldin erakusle ari artan uzten bazitzaion, denbora gitxiren barruan etzuela aien eskuko lanik iñork erosiko, eta zer-jan gabe arkituko zirala; eta bere irabaziagatik zebillela uste izan etzezaten, eta San Pabloren kontra geiago sututzeko, esan zien, Diana andiaren eliza iñork ezertan artu ez, eta laster lur-joko zuela. Demetriok opa zuen bezala, langilleak aserre bizian sartu ziran, eta zerasaten: Efesoko Diana andia! Efesoko Diana andia! Erri guzia aztoratu eta nastu zan.

Guziak bereala biltoki edo teatrora joan ziran, bidean topatu zituzten San Pabloren lagun Gaio eta Aristarko berekin zeramazkitela, iñolaz ere, maisuaren ordez erantzun zezaten. San Pablok jakin zuenean, joan nai izan zan; baña adiskideak utzi etzioten, naspilla artan zerbait egin zizaioten bildurrez. Jesusen Ebanjelioak bezala, Moisesen legeak ere Jainko bakarra besterik adoratzea debekatzen zuen; eta juduak larritu ziran, Dianaren aldekoak aien kontra aztoratuko ziralakoan, eta beren odoleko Alejandro iztun andia bialdu zuten, gai artan egitekorik izan etzutela esan eta sinisterazotzera; baña asaldatuak jakin zutenean hura ere judua zala, gogorrago zerasaten: Efesoko Diana andia! Efesoko Diana andia! Alejandrok ezer iritsi etzuen, eta ordu bian deadarka iraun zuten. Geroenean, uriko sindiku prokuradorea sartu zitzaien, eta isilltzeko kiñua eginda esan zien paketu zitezela, iskanbilla geiago ipiñi gabe: ez gizon aiek zer ikusirik zutela, ez iñork Dianaren elizan bear etzanik egin zuela; eta Demetriok eta onen langilleak esankizunik bazuten, uriko kargudunak antxe zeudela eta batzarrean erabakiko zala. Itzketa onekin isildu ziran, eta nor bere aldera joan zan.

San Pablori ondo etzeritzan Efeson luzaroago egotea. Kristau asko baziran ere, bildur zan gaiztoak beste iskanbilla berriren bat sortu zezaten: eta garagarrillaren lenengo egunetan Pazkoa Espiritu Santuko inguruan Efesotik irtenda, joan zan Mazedonia, Tesalonika, Berea eta Filipoko Elizak ikustera, Lukas lau urtez lenago Filipon utzia bere lagun zuela; eta oietako kristauak arkitu zituen txit pake andian, eta lenago eman izan ziezten ikasbideetan txit sendoak eta Jainkoaren bildur andikoak; baita zuten guzia beartsuai emateko ere biotzik onenakin. San Pablok onelako prestamena ikusita, aurreratzen zituen obra on eta Jainkoaren ain gogokoa egitera, batez ere Jerusalenen bizi ziran senide errukarriakin, bada oiek ez-izanik negargarrienean arkitzen ziran, non eta nola irabazi izan gabe, eta juduak egunetik egunera gogorrago eta eutsiago agertzen zitzaieztelako.
 


Amabostgarren Irakurgaia

1. San Pabloren joanera Jerusalenera


 

Ibilli onetan sei illabete egin zituen, eta bildu zuenarekin Jerusalengo anaia errukarriai laguntzen prestatu zan; baña etsaia ere lo etzetzan, eragozten ote zitzaion egin-alak egiteko. Eman ziozkaten limosna ugarien gañean iñork gaizpensatu etzezan, diruaren eramantzalle artu zituen Bereatik Sopatro, Tesalonikatik Aristarko eta Segundo, Derbetik Kaio eta Efesotik Tichiko eta Trofimo, guziak, nor bere erriak lanbide artarako autuak; eta Korinton elkarganatu ziran, emendik itsasoz irteteko asmoan. Juduak jakin zutenean nola San Pablo zijoan, eralle edo gizon-iltzalle batzuek ontzian sartu zituzten itsasoan iltzeko edo, au ezin bazan, San Pablo lurreratuko zan tokietara beste batzuek bialdu zituzten, atzitzen zuten lekuan il zezaten.

Zer zerabilten San Pablok igerri zien, eta lagunak aurrera ontzian bialduta, bera San Lukas adiskide maitea berekin zuela Mazedoniatik barrena abiatu zan, eta Filipora eldu zanean gelditu zan, Pazkoako sei egun emen egiteko. Gero itsasoz bost egunean Troade-ra joan zan, non arkitu zituen aurrera bialdu zituela arestian esandako lagunak. Troaden zazpi egun zeramazkien, ango kristauai atsegin ematen; eta San Pablo bere gogoz luzaroago egongo bazan ere, Jerusalenera iritsi nai zuen Pazkoa Espiritu Santukoa baño lenago, eta apirillaren ogeita batgarrena irteteko izentatu zan. Troadeko kristauak jakin zutenean San Pablo eta onen lagunak zein egunetan irteten ziran, bezperan jendetza andia bildu zan Apostolua ostatuz zegoan etxera, atzen agur egitera, eta komunio santa goizean artzeko asmoan. Apostolua asi zitzaien onetarako zegozkien erakutsiak egiten, eta onetan ziardutela, ez-arian eta oarzaka, gauerdia eldu zan. Argi asko zeuden irazekiak, ez ainbat gauagatik zenbat artzera zijoazen Sakramentu Santu Aldarekoagatik.
 

2. San Pablok Eutikio illa biztutzen du


 

Eutikio zeritzan gazte bat San Pablori aditzen leio gañ batean jarri zan, eta predikuak luzatuta, loakartu zuen, eta irugarren bizitza edo endanatik atarira erori, eta il zan. Zorigaitz onek guziak atsekabetu zituen: ikustera lasterka joan ziran, baña ilda arkitu zuten. Lurrak eskualdirik etzuen il hura biztutzeko, eta San Pablok zeruari eskatu zion. Apostolu andi au uste oso-osoan mutil illaren gañean etzan zan, eta jaikita, esan zuen: Iñor larritu ez bedi: gorputz onek anima berekin dauka. Eutikio bereala biztua jaiki zan. Mirari berri onekin guziak arritu ziran. San Pablok esan zien Jainkoari zer eskerrak zor ziozkaten. Gero Komunio Santa eman zien, eta goizean goiz prestatu zan irteteko.

San Pablo Troadetik Ason-go portura zijoala, Eutikioren guraso eta etxekoak berarekin bidera irten zitzaiozkan eskerrak ematera. San Pablok txit begitarte ona egin zien; eta iñolaz ere Eutikio geroz bere ongilleari jarraitu zitzaion, seguru esaten ez bazagu ere. Asongo portuan itsasoan sartuta, bostgarren egunean Miletora iritsi ziran, eta lurra egin zuten. Emendik gaztigatuta, Efesoko obispo, apaiz eta zarrak beregana eraman zituen: esan zien zer neke eta eramankizunak zetozkion, batez ere Jerusalenera zijoanean; baña etzala atzeratuko, zeren Jainkoak agindua egiten zuen. Aiek ere nork galduak izango zituztela, eta kontuan ibiltzeko, iru urtean eman izan ziezten ikasbideaz aztu gabe. Atzenean esan zienean menturaz berriz ikusiko etzutela, negarrari eman zitzaiozkan. Gero, ordua bete zanean ontzian sartuta Tirora iritsi ziran, Troadetik irten ziranetik amalaugarren egunean. Tirotik aldatu zan, ogei urtez lenago galdu nai izan zuten juduai iges egiteagatik utzitako Zesareara, non arkitu zuen San Felipe, Apostoluak beren laguntzat artu zituzten zazpi diakono aietatik bat, zeñaren etxean ostatuz jarri zan.
 

3. Agabo profetak San Pabloren Jerusalengo nekeak adierazten ditu


 

Emen atsedeten zeudela, Jerusalendik joan zitzaien Erromako enperadore Klaudioren denboran zetorren gosetea aldeaurrez asmatu zuen profeta Agabo, lenago aitatu dana. San Pablori urreratu zitzaion; gerrikoa kendu zion, eta onekin bere esku-oñak lotu zituen, guziak zekustela, eta deadar egin zuen: Ara Espiritu Santuak zer dion: gerriko onen jabea juduak Jerusalenen onela lotuko dute, eta jentillen eskuetan ipiñiko dute. San Felipe eta gañerako an ziran guziak erregutu zioten, Jerusalenera, arren, ez joateko; baña San Pablok erantzuten zien, esan eta erregu aiekin etzutela ezer aurreratzen; bada prest zegoala Jesusen izenagatik Jerusalenen lotua izateko ez ezen, iltzeko ere. Ikusirik etziotela oñik atzeraerazotzen, esan zuten: Jainkoak nai duena izan bedi.
 

4. San Pablo Jerusalenen


 

Zesareatik Jerusaleneronz irten zan, berekin zeramazkiela lenagoko lagunak, eta berriro batu zitzaiozkan beste ikasle asko, zeñaen artean Nason zeritzan txiprear, Jesusen anziñako ikasle bat ere bai. Onen Jerusalengo etxea zan ango kristauen eliza, eta San Pablo eta bere lagunak ere ostatuz emen jarri ziran. Jerusalengo kristauak txit arrera on eta pozgarria egin zieten. San Pablo biaramonean Jerusalengo obispo Santiagori joan zitzaion ikustera, eta emen zar guziak bilduta, itzaldi gozo bat egin zuten. San Pedro an etzan, Aita Santutzako lanetan kanpoan izan, edo ordurako Erromara aldatua zalako. Zortzi urtez lenago San Pablok arterañoko bere lanak esan izan ziezten, eta orain gerozko guzien berriak eman, eta Jainkoak Asian, Frigian, Galazian, Mazedonian eta Grezian bere bitartez egindako gauza arrigarriak, zenbat jendetzari Jesusen legea erakutsi eta bataiatu zituen, zearo esan zien. Eta zar beneragarri entzuleak Jainkoari eskerrak eman eta altxatzen zuten. Baña San Pablori Espiritu Santuak barrunen esana betetzera zijoan.

Lenengo ikusi au Santiago eta besteai emanda, ondorengo egunetan etxez etxe ibilli zan, eraman zuen limosna-dirua persona bearrai ematen, erri ongille aietatik artutako mandatari edo diru-eramalleak beti berekin zituela, ezer esateko biderik izan etzedin. Pentekostes edo Primiziaetako Pazkoa zeritzana egitera Asiatik etorritako judu Jesusen legea artu nai etzuten batzuek San Pablo ikusi zuten etxez etxe nola zebillen, Trofimo berez jentilla lagun zuela: eta gero berriz Elizan ikusi zuten bein batean eskuak ezarri ziozkaten, zerasatela: Israelko semeak, lagundu zaguzute: Au da erriaren, legearen eta leku santu onen kontra erakusten non-nai dabillen gizona. Gañera jentillak ere onara ekarri ditu. Trofimorekin etxez etxe ikusi zutelako, uste izan zuten Elizan ere berekin zuela; argatik zioten leku debekatura jentillak eraman zituela; baña gezurra zan. Ala ere, uriko jende guzia asaldatu zan, eta Elizara bilduta, San Pablori eldu zioten, Elizatik kanpora atera zuten kolpez iltzer uzten zutela, eta ateak itxi zituzten, berriz sartu etzedin, aren odolarekin Eliza ez loitzeko aitzakitan. Bereala il nai izan zuten; baña Elizari kontu artzen zioten erromar soldaduen agintari Lisias jendearen iskanbilla adituta zijoakiela oartu ziranean, utzi zioten. Orduan Lisiasek San Pablo bi katerekin lotuerazo zuen; eta galdetu zuen ea gizon hura nor zan edo zer egin zuen. Batzuek bat, besteak bestea erantzuten zioten, eta ikusirik ezer garbirik ateratzen etzuela edo iskanbilla hura zertatik sortu zan ezin jakin zala, agindu zuen gaztelura eramateko. Onen eskalleraren lenengo mallara orduko, judutzar asko bildu ziran, zerasatela: "il ezazu, il ezazu" eta soldaduak elduta, eraman bearrean arkitu ziran. Gazteluko atera iritsi ziranean, San Pablok Lisiasi esan zion: Itz bi esaten utziko didazu? Lisiasek galdetu zion ea Greziako itzkuntzan al zekien, edo ez al zala iskanbilla izugarri bat orañago jaso, eta lau milla lapur lister eremura eraman zituen ijito hura? San Pablok erantzun zion, berez judua eta Tarsoko semea zala; baña jendeari itzegiteko baimena eman zizaiola. Lisiasek eman zion, eta eskalleraren goeneneko mallan jarrita, jendeari itzegiten asi zitzaion, eta Hebreako itzkuntzan ziarduela zekusatenean, are ardura geiagorekin jarri zitzaiozkan.

Kristauak jazarri edo persegitzen zituenetik asita, arterañoko bere bizitza guzia esan zien; eta aditu ziotenean, arako Jainkoaren itza jentillai erakustera bialdua zala, lenago isillik egon bazitzaiozkan ere, deadarrari eman zioten, tribunoari eskatzen ziotela gizon galgarri hura ilerazotzeko, eta kapak bota eta autsa airean banatzen zuten. Au ikusita, tribunoak agindu zuen gazteluan sartzeko eta azoteak emateko, jakin zedin ea zergatik ots aiek aren kontra juduak ateratzen zituzten; gero abe bati ualakin ondo lotzeko, erromarrak mendeko edo esklaboakin egin oi zuten bezala. Soldaduak prestatu ziran nagusiak agindu guzia egiteko; eta asitzera zijoazen unean, San Pablok kapitanari esan zion: Erromar bat bide onez azotatu dezakezute zergatik esan edo ikusi gabe? Kapitana bereala tribunoari joan zitzaion esatera, begira zezala gizon arekin zer egiten zuen, bada erromarra zala ziola. Tribunoa San Pablogana joan zan, eta galdetu zion ea erromarra zan. Bai, San Pablok erantzun zion. Orduan tribunoak esan zion: Nik izen ori diru askoren truke erosita det. Ni bada jaiotzatik naiz, Apostoluak erantzun zion. Geiago gabe, burlazko kastigu hura ematera zijoazkion guziak isill-isillik aldegin zuten, eta tribunoa bera ere txit larritu zan, lotu eta azotatzeko agindu zuena erromarra zala aditutakoan.

Tribunoak biaramonean juduen batzarrea bilduerazo zuen, eta San Pablo, lotura guziak kenduta, aurkeztu zien, aren kontra zer esankizun ote zuten ikusteko. San Pablo asi zitzaien itzegiten, eta nai etzuten gauzaren bat esan zuelako, masallako bat eman zioten. Gero batzarreko Jaunak erdiratu ziran, batzuek San Pabloren alde, eta besteak kontra. Guziak itzegiten zuten, eta elkarri ezin ezer adierazo zioten. Atzenerako aserre latza sortu zan; eta San Pablo bertan galduko zuten, baldin tribunoak, bere soldaduakin artuta, gaztelura itzuli ez balu.
 

5. Jainkoak San Pablori itzegiten dio


 

Urrengo gauean Jainkoa San Pablori agertu zitzaion, eta esan zion ez bildurrik izateko: Jainkoaren Izena Jerusalenen erakutsi zuen bezala, Erroman ere erakutsi bear zuela. Esan onekin San Pablo bizkortu zan, ez anbat irrisku gogor artatik ateratzen zan usteagatik, zenbat aren Izen santua eta legea Erroman erakusteko aututzen zuelako. Baña irrisku berri batean, eta Jainkoak esana egia zala pensatzeko bidean laster arkitu zan.

Juduak ikusirik tribunoak gazteluan gordetzen zuela ain aier zitzaiozkan Apostolua, berrogeita geiago lagunek promestu edo boto egin zuten, San Pablo bizi zan artean ez ezer jateko, ez edateko. Promes gogorra zan, eta San Pablo bereala ez iltzera, goseak eta egarriak asko galdu bear zituen. Eta, nola il gazteluan gordeta zegoana? Ezin au bazekusten, eta apaiz-buruai esan zieten, tribunoari eskatzeko batzarrean berriro ikusi zitzatela San Pablori egozten zitzaiozkan gauzak; eta gaztelutik batzarrera zeramaten bitartean, berak bidean ilko zutela. Zer sare ondo zabaldua! baña Jainkoaren eskuarentzat indargabekoa. Aien asmo guziak, bada, kea bezala desegin ziran.

San Pabloren arreba bat Jerusalenen bizi zan, eta onen seme batek jakin zuenean bere osabarekin zer egiteko zebilzan, osabari gaztelura joan zitzaion eta jakiñean ipiñi zuen. San Pablok bereala zenturion edo kapitan baten bitartez illoba tribunoagana bialdu zuen; eta esan ziozkan juduen barau, eskaera eta beste lan guziak, eta zer asmo zerabilten, eta bere eskuetatik ez, arren, San Pablo uzteko. Tribunoak guzia aditu zion, eta isillik gorde zezala illobari esanda, kapitan biri agindu zien, bere-bereala prestatu zitzatela berreun soldadu oñezko, irurogeita amar zaldizko berreun aiotzekin, eta abere bat San Pablorentzat; bada arratseko bederatzietan irten bear zirala, San Pablo segurantza guziarekin Zesareako eraentzalle Felixi eramatera. Gauza guziak zuzenduta, Zesarearonz irten ziran. Tribunoak Felixi txartel batean gaztigatu zion juduakin gertatu zitzaion guzia, eta bialtzen ziola, alde biai aditu ondoan, zeritzana egin zezan. Onetarako salatzalleai ere esan zien, zer esanik bazuten, Zesareara joateko. San Pablorekin zijoazenak Zesareara iritsi ziranean, Felixek Apostolua ipiñi zuen Herodesek egindako etxe galant batean, kontuartzalleak ondoan zituela, salatzalleak zetozenean auzia ikusteko.
 

6. San Pablo Zesarean


 

Bost egunen buruan Ananias apaiz-burua eta beste kargudun batzuek, Tertulo iztun ots andikoa berekin zutela, aurkeztu ziran Felix eraentzalleagana. Onek salatzalleak eta salatua bildu zituen; Tertulok San Pabloren kontra egin-al guzian itzegin zuen. Gero gobernadoreak San Pablori agindu zion, zer erantzunik bazuen, esan zezala. Felixek bi aldekoai aditu zien, eta garbiro ezagutu zuen juduak San Pabloren kontra zekarzten espa guziak ezer etzirala; baña juduai atsekabe osoa ez emateagatik, esan zien donarioz pensatuko eta erabakiko zuela. Bitartean agindu zuen San Pablo itxian idukitzeko; baña begiramen guziarekin, bear etzanik egin gabe; eta iñor bereetakorik ikustera bazijoakion, sartzen uzteko.

Andik egun batzuetara Felix bere emazte Drusilarekin San Pablori joan zitzaion, itxian zegoan tokira. Jesusen legeko gauzaetan itzaldi luze bat elkarrekin egin zuten; baña San Pablo asi zitzaionean zerbait esaten zuzentasun, garbitasun eta Jainkoari egunen batean guziok eman bearko diogun kontu estuaren gañean, Felix izutu zan, eta etzion geiago itzegiten utzi, esanaz beste batean itzketa hura berrituko zutela. Felixi gai aietan asko ukitzen zitzaion, argatik alako gauzarik aditu nai etzuen. Berriz eta berriz ere elkarganatu ziran; baña Felix biguntzen etzan, ez zeukan bidegabeko itxi artatik Apostolua ateratzeko, ez onek erakusten zion legera jartzeko. Juduakin izan zuen itzketatik Felixek igerri zion Jerusalenera persona berriai dirua eramatera joana zala, eta oraindik txit ustua izango etzalakoan, eraentzalle diru-zale ark San Pabloren esanai, itz-bitarteak sartu eta geroko epea ematen zien, itxitik ateratze-truke ezer eskeñtzen ote zion ikusteko. Bi urte onetan igaro ziran, itxian zeukana ez lotu, ez askatu egin gabe, agintean bere ondorengotzat Porzio Festo joan zitzaionean.

Esan zitekean Felixek agintea uztean, San Pablori nai zuena egiteko eta noranai joateko eskubidea emango ziola, bere etsaiak egozten ziozkaten gauzaetatik garbi zegoala ziekien ezkero; baña dirurik iritsi ezin izan zuenean, juduakin ere osotoro autsi nai izan etzuen, Erromara zetorrenean bere alde izateko ustean.
 

7. San Pablok Zesargana gañdeitzen du


 

Festok bere egiteko berria Zesarean artuta, irugarren egunean Jerusalenera joan zan. Apaiz-buru eta judu andizkiak bereala aurkeztu zitzaiozkan San Pablo Jerusalenera bialdu zezan eskearekin, bidean ilerazotzeko asmoan. Jainkoaren eskua, lenago bezala orain ere bere Apostolu onekin zan. Festok erantzun zien, San Pablo Zesarean zegoala, eta onen kontra zer esanik bazuten, ara joateko eta adituko ziela. Jerusalenen zortzi edo amar egun eginda, Zesareara itzuli zan. Biaramonean Festo erabaki-leku edo tribunalean eseri zan eta San Pablo erakarri zuen, eta Jerusalendik jatsitako juduak bereala asi zitzaiozkan gaiztakeria eta gaiztakeria egozten; baña egiak zirala sinisterazotzeko ezer agertu gabe. San Pablok batere malmetitu gabe erantzuten zuen, ezertan ere ukitu etziela ez juduen legeari, ez Elizari, ez Zesar-i. Orduan Festok galdetu zion, juduakikoa obeto egiteagatik, noski, ea Jerusalenera igo nai zan, eta egozten ziozkaten gauzai aren aurrean erantzun. San Pablok esan zion, Zesar-en tribunalean zegoala, eta emen juzgatua izan bear zala. Juduai gaitzik egin ez diet, esaten zuen, zuk zerorrek obeto dakizun bezala, eta ezer egin badiet edo iltzeko biderik zerbaitekin eman badet, ara ni emen prest. Baña dioten gauzarik ez badidate arkitzen, iñork ez dauka ni oiei uzteko eskubiderik. Zesargana gañdeitzen edo apelatzen det. Orduan Festok bere konsellariakin itzeginda esan zion: Zesar-i deitzen diozu? Zesargana joango zera. Cesarem apellasti! ad Cesarem ibis.
 

8. San Pablo Erromara ekartzeko prestamenak


 

Egun batzuen buruan San Pablo Italiara ekartzeko prestamenak egiten zebilzan bitartean, Galileako errege Agripa eta onen arreba Berenize Zesareara joan ziran, Festori ongietorria egitera, eta itzak itzbidea emanda, Festok Agripari esan zion, San Pablorekin juduen artean zer gertatzen zitzaion. Nik neronek ere gizon orri aditu nai nion, erregeak esan zion: eta biaramonean ikusteko gelditu ziran.

Agripa eta Berenize anai-arrebak ordu jakinerako tribunalean aurkeztu ziran, anditasun guzian, eta erriko andizki eta persona bikañ danak lagun zituztela. Festok bereala San Pablo erakutsi zien, esanaz: Ara emen gizon au, zeñaren bizi eske judu guziak Jerusalenen jarri zitzazkidan, baña nik ezer topatzen ez diot iltzeko. Zesargana joan nai du, eta bialtzera noa; baña nere nagusi enperadoreari zer esan ez dakit. Zuek itzegiozute, eta gero erakutsiko didazute zer esan bear diodan: bada, ondo ez deritzat gizon bat lotuta edo preso bialtzea, zergatik bialtzen dedan esan gabe.

Errege Agripak San Pablori esan zion itzegiteko. Apostoluak etzuen galdu nai izan aurkeztutzen zitzaion ain era ona, bere ikasbidea edo dotriña agertzeko. Erakutsi zien, bada, ezin ukatu zezaketen moduan, Jesu Kristo juduak il zutena dala Jainko-Seme eta Mesias egiazkoa. Profetaen anziñako esan guziak onegan bete zirala. Au ondo ezagutu, eta lenagoko bizitza utzirik, Jesusen Ebanjeliora jarri zala. Esan zien mirarizko bere itsutzea, argitzea eta gertatu zitzaion gañerako guzia. Festok, jentilla zalako, etzion San Pabloren itzketari igerritzen, eta esan zion: Zuk buru guzia nastua daukazu. Ez, Festo, ez, San Pablok erantzun zion. Nik diodana egia garbia da. Aditzen dagokidan erregeak ondo daki, eta egiztatu nazake, zeren gauza oiek gertatu diran ez bazter isill batean, ezpada Jerusalenen, Judean eta Palestina guzian; eta Moises eta profetak eskribatuta utzi zizkiguten. Gero, Agripari itza emanda, esan zion: O errege Agripa! Zuk profetai sinisten diezu? Badakit, bai, sinisten diezula. Orduan Agripa larritu zan, eta San Pablok bere esanakin geiago estutu etzezan, esan zion: Gitxigatik kristau egiten ez nazu. Ai, bada, ori egingo bazendute zuk eta aditzen didazuten beste guziok! San Pablo isilldu zanean, erregea, arreba, Festo eta gañerakoak jaiki ziran, eta elkarri esan zioten etzitzaiola iltzeko ez ezen, itxian idukitzeko ere biderik ezertan arkitzen; eta Agripa erregeak Festori esan zion, baldin Zesargana joateko konturik aitatu ez balu, nai zuena egiteko eskubidea eman zizaiokeala; baña barreatu zan ezkero, Zesargana bialdu gabe ezin utziko zala.
 

9. Zesareatik Erromarako San Pabloren bidajea


 

Gauza guziak biderako zuzenduta, illabeteren barruan Festok San Pablo beste preso batzuekin Erromara itsasoz bialdu zuen, Julio zeritzan euntari edo kapitan erromar bat kontuartzalle zuela. San Pablok berekin zeramazkien, Jerusalenen eskuak ezarri ziozkaten ezkero beti lagun izan zuen San Lukas eta limosna-diruaren eramalle aietatik bat, Aristarko zeritzana. Juliok laster ezagutu zuen San Pablogandik beste presoetarako berdin-eza, eta iñori ez bezalako begirunea agertzen zion. Bidean itsasoak txit aldi gaiztoak izan zituen: itotzeko zorian askotan arkitu izan ziran, eta esturasunik latzenean, "oraintxe itoko gera" esanaz zebilzanean, Jainkoak San Pablori iragarri zion ontzia porrokatu eta ondatuko zala, bai; baña ontzian zijoanik iñor ere galduko etzala. Berri onekin guziak bizkortu ziran, eta ontzi erdi-autsiari egin-alean lagunduaz, Maltako kostara alderatu ziran, eta arroka bat jota ontzia galdu zan; baña ontziko berreunda irurogeita sei lagunak, batzuek igeri, besteak ol-puskaetan, sei illabeteren buruan lurrera bizirik irten ziran.
 

10. San Pabloren Maltako sarrera


 

Maltarrak, errukarri aien errekia ikusita, txit arrera ona egin zieten. Su on bat bereala eginda, leortzen eta berotzen ipiñi zituzten. Onetarako San Pablo ere besteakin batean bazebillen egurra suari inguratzen eta artu zuen sorta-egurrean suga bat zegoan, eta suaren beroarekin bizkortu zanean, eskutik eldu zion; eta zinzilika jarri zitzaion. Maltarrak ala ikusi zutenean, elkarri ziotsaten: Gizon au, noski, gizon-iltzalleren bat da; beintzat, itsasoaren aserreari iges egin orduko, orain bizia kendu nai dio. San Pablok eskua astindu, eta sugea sutara bota zuen. Maltarrak uste izan zuten aurrena puztu edo anditu, eta gero bereala ilko zala. Luzaro begira egon zitzaiozkan, eta zekusatenean pozoniak ezer egin etziola, lenagoko usteak trukatu, eta esan zuten jainkoa zala. San Pablok bereala kontra egin zien, esanaz Zeru-lurrak egin zituen Jainkoa baizik etzala, eta au bakarrik adoratu bear zala. Geroztik ugarte edo isla artako sugeak pozonirik ez dute.

Ugarteko buru edo prinzipe Publiok bereak zituen itsasotik irtenda lurra artu zuten bazterrak. San Pablori sugearekin gertatu zitzaiona jakin zuen, eta etxean ikusteko eresia agertu zuen. San Pablo bere bi lagun San Lukas eta Aristarkorekin joan zitzaion; iru egunean emen txit ondo egon ziran; eta Publiok aiekin egindako onaren saria, Jainkoak laster itzuli zion. Publiok aita aspaldian sabelzardun edo beerakoarekin eta berotasun edo kalenturarekin gaxo zeukan. San Pablo sartu zitzaion ikustera; otoitz egin zuen; eskuak gañean ipiñi ziozkan, eta bertatik sendatu zan. Mirari au ugarte guzian barreatuta, eri eta elbarri guziak San Pablori zeramazkioten, eta guziak sendatzen zituen: eta gorputzeko gaitzak ez ezen, animakoak ere kentzen ziezten. Miragarrizko sendatze oiekin jende guzia beretu zuen, eta danak bataiatu ziran.
 

11. Maltatik Erromarako San Pabloren irteera


 

Maltarren atsegiñik andiena izango zan beren ongille eta animako maisua berekin luzaro idukitzen; baña San Pablo autua zan mundu guziaren erri-buru Erroman Ebanjelioa erakusteko, eta aronz irteteko denbora bazetorkion. Bitartean ugartear esker onekoak biderako bear zuen guzia oparo prestatu zioten. Julio kapitanak ontzia artu zuen eta Maltatik apirillaren erdian irtenda, irugarren egunean itsasoz Puzol-era joan ziran, emendik Erromara leorrez joateko asmoan. Lenbiziko kristauak Puzolen arkitu zituzten, eta San Pabloren berriak ordurako bazituztelako, txit arrera ona egin zioten. Oraindik kateakin lotuta zijoan, eta begiramen guziarekin muñ egiten zieteen. Puzolen zazpi egun egin zituen, ango kristauak mesede au eskatu ziotelako; oien ondoren Erromaronz irten zan. Erromako kristauak artu zutenean San Pablo urreratzen zitzaien albista, batzuek emezortzi leguan, besteak amaikan bidera irten zitzaiozkan. Zer arrera egin zioten, ezin esan diteke; eta San Pablok bere bi lagun maiteakin Jainkoari eskerrak eman ziozkan. Gañerakoak ere, Jainko egiazkoaren legea oraindik ikasi gabeak baziran ere, beren erara eman nai izan ziozkaten, ain ito-bide andietatik itsasoan gorde eta ainbeste laguntza lurrean eratu zieztelako.
 

12. San Pablo Erroman


 

Jesu Kristoren irurogeita batgarren urteko maiatzaren asieran Erromara iritsi ziran; eta Julio kapitan, bidean ain ondo begiratu izan zionak, Erroman ere berebat egin nai izan zuen. Zeramazkien beste preso guziak itxira edo karzelara eramanda, San Pablo kanpoan utzi zuen, soldadu bat beste kontuartzalle gabe, zeñarekin izaten zan bi adiskide elkarrekin bezala; baña bere kateakin beti, bada oiek kentzen etziozkaten.

San Pablo orduko, Festo Zesareako eraentzalleak Erromako Enperadoreari bialtzen ziozkan San Pabloren berriak iritsi ziran. Ark oni esaten zion, juduak egozten ziozkaten gauzak indar gitxikoak zirala: gizon prestua zala; bere iritzia asko ez ezen, errege Agripari ere erakutsi ziola, eta biak bat zetozela; eta Zesargana apelatu ez balu, an bertan askatuko zuela. Berri oiek alde batetik, eta bidean gertatutako gora-beera miragarri, Juliok eta gañerako bide-lagunak esandakoak bestetik, jende guzia San Pabloren alde eta ikusteko eresian ipiñi zuten. Pretorio edo auzi-gelan bereala aurkeztu zan; bere burua garbitu zuen; baña bertatik libratzea bazegokion ere, utzi nai izan etzioten, Jerusalendik etortzeko ziran salatzalleak eldu arteraño: eta dala oien etorrerak luzatu zuelako, dala erromarrak gauza betaz eta donarioz artu zutelako, San Pablok, beintzat, bi urte bere kateakin igaro zituen; ala ere oiek eragozten etzioten Ebanjelioa leku guzietan erakustea. Berak naiena zuen tokian ostatuz jartzeko baimena eman zioten, eta autu zuen lanik geiena egin zezakean lekua.

Erromara iritsita irugarren egunean judu andientsu eta bikañenai gaztigatu zien, aren etxera joateko eta esango ziela zergatik Zesargana apelatu zuen, adierazo nai ziezten beste zenbait gauzarekin. Joan zitzaiozkan; esan zien, Jerusalenen gezurrezko gauzak egotzi ziozkatelako Zesargana apelatu zuela; ez juduen kontra emateagatik, ezpada bere burua garbitzeko. Etzezatela pensatu, kate aiekin bazekusten ere, gaitzgilleren bat zala, ez. Zeramazkiela Israelen itxedoten zuen Mesias predikatzen zuelako. Juduak erantzun zioten, ezer etziekitela. Gero, berriz ere, beste egun batean goizetik arratseraño itzegin zien Jesu Kristoren Erlejioaren gañean, begien aurrean ipintzen zieztela, onek bere alde zituen profetaen esan eta beste sinisbide guziak. Askok ondo artu zioten, eta kristau egin ziran: baña geienak gogor agertu zitzaiozkan, eta esan zien, juduai eskeñtzen zitzaien salbazioko bidea jentillai emango zitzaiela, aiek baño obeto oiek artuko zutelako. San Pablo Apostoluaren ibilli, oraindaño aitatu ditugunak, San Lukas Ebanjelariak Apostoluen egintza-en izeneko liburuan dakarzki: eta gerozkoak Eskritura Santak esaten ez badizkigu ere, ezin ukatu eta zalantzan ipiñi ere ditezke, sinisbiderik argienak ezeretzat jo gabe. Au bera diot, emendik aurrera ezarriko degun gañerako guziagatik.
 


Amaseigarren Irakurgaia

1. San Pabloren kateetatik libratzea. Gure Españarako etorrera


 

Erroman bi urtean egon zan, aitatu dan bezala, enperadorearen tribunalak libratzeko agindu zuen arteraño. Bitartean on andiak egin zituen. Asko joaten zitzaiozkan ikustera, eta bere jakinduri ez-oituarekin guziak arritzen zituen, eta Jesu Kristoren Ebanjeliora jarri eta kristaututzen ziran. Itzez erakutsi ezin zien urrutikoai, eskribuz gaztigatzen ziezten bere kartaetan irakurtzen ditugun Zerurako ikasbide andiak.

Bi urteren buruan kateak askatuta, noranai joateko eskubidean jarri zanean, ibilli andiak egin zituen, berak lenago ipiñitako Elizak ikusten eta berriak ipintzen. Gure Españara ere denbora onetan etorri zan. Emen eta ibilli zan leku guzietan Ebanjelioa erakutsi eta zabaldu zuen, ezin esan-al jentill Jesu Kristorentzat irabazten zituela. Atzenerako Erromara itzuli zan. Neron enperadore gogor aren etxean ere kristau asko egin zituen; oien artean Neron beraren emazte-ordeko emakume galdu bat; baña Jainkoaren ain gogoko lan oiekin Jainkoaren etsai guzien gorrotoa irazeki zan; eta arterañoko neke guziak bere odolarekin sillatzeko bidea bazetorkion.

San Pablok, Erromara itzuli zanean, emen arkitu zuen San Pedro, Apostolu guzien burua, lurrean Jesusen ordekoa eta lenengo Aita Santua. San Pabloren gañean zearo itzegiten asi giñanean esan zan, bere aulki nagusia zazpi urtean Antiokian iduki zuela, eta andik Erromara aldatu zala. Esan eta egin: bere bizileku jakiña au zuen; baña, mundu guzian zabaltzen zijoan Elizaren kontua bere gañ zeukanak bezala, ibilli-bear andiak izan zituen. Eguzkiaren sortaldera joan zan, eta eguzkiaren sartaldera etorri ere bai; eta badira jakintsuak diotenak, gure Españan ere izan zala, Ebanjelioa erakutsi zuela, eta emen bere ondorengo obispo eta apaizak utzita, Erromara itzuli zala. Gure erresuma edo erreinu au izanik erromarren mendeko bazterrik bikañenena, gizonik andienak bere semeetan zituena eta ondasunik aberatsenakin erromarrai laguntzen ziena, badirudi, guzion Aitaren ardura andian alderdi au ere sartuko zala, eta gure asaba eta anziñako emen bizi ziranak ikusi naiko zituela.

Gai onetan dana dala, beintzat, bere egitekoetan zebillenean, Jainkoak iragarri edo adierazo zion laster il bearra zala, eta berri onekin Erromara itzuli zan. Bizitzan kristauai erakutsi izan ziezten egiak, ilda gero ere gogoan iduki zitzaten, bi karta txit ikasikizun asko eta andikoak eskribatu zituen.
 

2. San Pedro eta San Pablo elkarrekin Erroman


 

Bi Apostolu andiak, bada, elkar artuta Ebanjelioa erakusten baziarduten, Neron munduan izan dan gizon biotz gogorrenekoak biak galtzeko asmoak artu zituenean. Ara zergatik. Simon Mago, lenago iñoiz aitatua, Samariatik Erromara etorri zan, bere erakutsi gezurrezkoak eta sorgintzak zabaltzera. Neron berez izanik gaiztakeria guzietara etzina eta griñatua, Simonekin txit adiskide egin zan, eta bere atseden-aldi guziak onen sorgintzak aditzen eta ikusten igarotzen zituen. Beste gezur askoren artean, Neroni sinisterazo zion zeruetaraño igoko zala, zeñaren bitartez erakutsi nai izan zuen Jesu Kristok ez ezen, ark ere au egiteko eskubidea bazeukala; artarako uste zuen deabruak lagunduko ziola.

San Pedro eta San Pablo bi Apostoluak zekusten, baldin igo-irudi edo antz bat ere egiten bazuen, asko itsutu eta beretuko zituela: eta otoitz-barauakin berak prestatu, eta gezurti ark indarrik izan etzezala Jainkoari eskatzeko kristauai esanda, igo bear zan tokira joan ziran. Simon goronz abiatu zan; baña bereala erorita, bi ankak autsi zitzaiozkan. Sendatzeko asmoan aldameneko etxe baten goeneneko bizitzara eraman zuten, eta ikusirik bere eskeñi eta esan guziak gezurtatu zitzaiozkala, bere burua leiotik bota eta il zan.
 

3. San Pedro eta San Pabloren eriotzak


 

Apostoluen kontra lenagoko aserre guzia Neroni irazeki zitzaion. Katez ondo lotuerazota, bederatzi illabetean itxian iduki zituen. Emen ere geldi eta alperrik egon etziran. Beren kontu-artzalleetatik bi, Prozeso eta Martiniano, itxian zeuden beste berrogeita zazpi lagunekin Jesusentzat irabazi eta bataiatu zituzten. Geroenean agindu zan il zitezela; eta biak beren odolarekin bizitza sillatu zuten. San Pedro gurutzean buruz beera josita il zan, eta San Pablo lepo moztuta, garagarrillaren ogeita bederatzigarren egunean. Bi Apostolu gogoangarri oien ikasleak eta adiskideak kontu andia izan zuten, al zan progu onrotsuenarekin gorputz-illak gordetzeko, eta orain Erroman dautza. San Pedroren emazteak, senarrak baño ere lenago Jesusgatik bizia galdu zuen. Apostolutzan asi baño lenago izan zuen alaba Santa Petronilla ere berebat il zan.
 

4. Beste Apostoluen berriak


 

Gañerako Apostolu, San Juan ez besteak ere, nor bere alderdian edo Ebanjelioa erakusten ibilli ziran tokietan Jesusen izenean odola isuri, eta illak izan ziran. Bakarrik San Juan zartuta berez il zan, baña onek ere bizitzan Jesusgatik martirioa artu zuen. Efeson bizi zan lekutik Domiziano enperadoreak Erromara eramanerazo, eta olio irakiñetan sartu zuen; baña frijituta irtengo zala uste zutenak arriturik gelditu ziran, len bezain larminz eder leunekoa, eta akatsik ere egin gabe irteten ikusi zutenean. Geroz ere urte batzuetan bizi izan zan; eta atzenean Jesusen beste Apostolu guzien ondoren, zartuta beste gaitz gabe, eun urtekoa Efeson il zan, eta adiskideak progu andiarekin lurpetu zuten.

Jesusen langille andi oiek, bada, mundu guzira zabaldu zuten beren Maisu Jainkoagandik artutako legea, eta ala asieran nola gero infernu guzia jaiki izan bada ere, osotoro kendu eta galdu naiez, Jainkoaren itzaren indarrak etsai guziak azpiratu izan ditu, eta sinismen osoan gaude, aurrera ere mundua mundu dan artean iraungo duela.
 

5. Jesusen Ama guziz santaren atzeneko berriak


 

San Juanen eriotzarekin mundutik ezkutatu ziran Jesusekin itzegin, ikasi eta ezagutu zutenak. Orain itzegin bear degu, aspaldian aitatu ez dan Apostolu guzien Amandre, Jesusen Ama eta zeru-lurren Erregiña Maria guziz santaren gañean.

Lenago esan da, Jesus zerura igo zanean, Maria guziz santa Apostoluakin batean Olibeteko menditik Jerusalenera itzuli zala, Espiritu Santuaren etorreraren zai egotera. Jatsi zanean, bere Esposari bezala begiratu zion, zegozkion doai eder guziakin apaintzen zuela. Gertaera onen ondoren, Maria guziz santa Jerusalenen San Juan Apostoluaren etxean bizi izan zan. Zein bizitza ona eta jainkozkoa egin zuen, zer esan ez da. Ordu guziak otoitz edo orazioan zeramazkien, Seme Jainkoarekin, lurrean ibilli zan bitartean mingañez bezala, zerura joan ezkero biotzez itzegiten zuela. Kristauak begirunerik andiena zioten. Apostoluak beren nekeen poza, jakinkizunen argia eta eginbearretarako indarra Ama maitagarri onegan zeukaten. Semearen lekuan Ama andi oni gauza guzietarako begiratzen zioten, eta oni esan gabe ezer ere egiten etzuten. Amarren bat urte Jerusalenen igaro zituen, eta Jesusen etsaiak kristauen kontra jaikita Apostoluak Jerusalendik irten bearrean arkitu ziranean, Maria guziz santa seme-ordeko San Juanek Efesora eraman zuen, eta aldi batean emen bizi izan zan. Gero, berriz ere Jerusalenera itzulita, Markosen ama Mariaren etxean bizi izan zan, San Juanek begietatik beñere utzi gabe, egin-al guzian laguntzen ziola.

Geroenean Maria guziz santak jakin zuen noiz ilko zan. Jerusalengo kristauai gaztigatu zien, eta zetzan oitxoaren ingurura bildu zitzaiozkan, atzeneko itz gozoak aditu, eta munduan betiko agur egitera. Santo Tomas ez, beste Apostolu guziak, ordurako munduan sakabanatuak baziran ere, bere gelan bat-batetan aurkeztu zitzaiozkan, berak baizik iñork etziekiela. Jesusen beste ikasle asko ere an arkitu ziran: eta Ama maitagarriak biotz-biotzetik guziai esan zien, Jesusen legea zabaltzen nekatu zitezela, eta berak bere Semearen ondotik lagunduko ziela. Jesus, ezin esan-ala aingeru ederrekin inguratuta agertu zitzaion, eta anima zorion guzien gañean zorioneko hura zerura bere ondora eraman zuen. Atzeneko asnasa eman bezain laster, zetzan gela miragarrizko argiz bete zan, eta begira zegozkionak aditu zituzten zeruko aingeru guziak beren Erregiñari kantatzen ziozkaten soñu gozoak. Bereala belaunikatu ziran, eta begirune guziarekin oñ santuetan muñ egiten zioten, negar-malkoz bustitzen ziozkatela.

Jerusalenen eta ingurumai guzian barreatu zan, eta alde guzietatik ikustera zijoazkion eri, elbarri eta gaxoak artuta, eta iñor ere sendatzaka gelditu etzan. Guziak beren deboziozko gogoak agintzen ziena egindakoan, gorputz-illa illoi eder batean ipiñita, Getsemaniko errira Apostoluak sorbaldan eraman zuten, beste guziak eskuetan argiakin ondoren zerraizkiela. Gorputz-illa obi galant batean ezarrita, arlosa batekin estali zuten. Geroko egun batzuetan Apostoluak ondotik kendu etzitzaiozkan, eta zeruko Aingeruakin txandaka progua egiten zioten. Santo Tomas begira etzan Maria guziz santa il zanean, ez obian ipiñi zutenean ere: eta berri au artu zuenean korrika joan zan, proguko egunak betetzerako. Eskatu zuen, Jainko gizon egiña bederatzi illabetean sabelean iduki zuen zorioneko gorputz hura ikusten, arren, uzteko. Eskaera au ontzat artu zioten; obia idiki zuten, eta arkitu ziran gorputz-illa gabe, il-janzi edo meztidura utsakin, zeñak ematen zuten usai gozoak inguru guzia lurrindu zuen. Ikusketa onekin guziak arritu ziran, eta pensatu zuten gizontzeko Jainkoak autu izan zuen gorputz beñere loitu gabea, eriotzak dakarren usteltasunak ere ukitutzaka garbi-garbi gorde nai izan zuela, eta anima eta gorputza bat eginda, bere Ama maitagarria ilda irugarren egunean Zeruko gloriara bere ondora eraman zuela. Au sinistu eta aitorturik, gure Eliz-Ama santak aboztuaren amabostgarren egunean egiten du Jainkoaren Ama zerura igo izan zaneko eliz-pesta edo Asunpzioa. Iltze au noiz edo zein urtetan gertatu zan ez dakigu; baña bai San Pedro eta beste Apostolu batzuek oraindik bizi zirala; bada, arestian aitatu dan gisan, begira arkitu ziran. Guziok, bada, poztu gaitezen, bekatarien Ama au Seme Jainkoaren ondoan gure bitarteko nagusi daukagulako, zeñaren erreguz betiko zoriona iritsi dezagun.

Amandre andi onen eta Apostoluen gañerako berri guziak ematea luzaroko lana litzake, eta nere sallari atzena ematera noa israeldarren edo juduen erri doakabearen ondamen negargarriarekin.
 


Amazazpigarren Irakurgaia

1. Juduen izaera


 

Jesu Kristo gure Jaunak juduai askotan esan izan zien, Jerusalen eta Israel guzia zein patu negargarriaren begira zeuden, bere garaiean Egia sinistu eta Argia ikusi nai etzutelako; eta Jesusen aldeaurrezko esanak betetzeko ordua bazetorren. Ogeita amar urte eta geiago zeramazkiten beren belarriakin aditu izan ziotenetik; baña Jaunaren aserrea obra onakin itzali, eta aren ezpata zorrotza penitenzia egiazkoarekin atzeratu bearrean, egunetik egunera gaiztoagotutzen ziran. Mesias egiazkoa illarekin utsegiterik izugarrienean bein erori ezkero, adimentua illundu eta borondatea okertu zitzaien. Ez beren erlejioko lanetan, ez munduko gobernuari zegozkionetan gauza zuzenik egiten zuten. Onela bizi zirala, Jainkoaren zigorrada urreratzen zitzaielako aztarna eta zanzua, Erromatik zijoazkien eraentzalleetan zekusten. Oiek, zein baño zein gogorragoak sortzen zitzaiezten. Kuspidio Fado, Tiberio Alejandro eta Bentidio Kumanio, Ponzio Pilatoren ondorengoak, bidegabeko eskaera eta ondasun-gose ezin asearekin ondatzen zituzten eta ernegatzeko zorian jarri ziran. Onezaz gañera Kaligula enperadorea ere leiatu zitzaien, bere irudi bat Jerusalengo Elizan ipiñi, eta jainkotzat adoratu zezaten. Ikusirik zer ezin bizian arkitzen ziran eta zer gogortasunarekin agintzen zieten, berak ere gogor egiten asi ziran. Juduak Jesusekiko lanetan bezain elkar beste gauzaetan artu izan balute, esango zan berenarekin irten zitezkeala; baña zorigaitz geiagorako, gai askotan bat etzetozen; eta atzenerako kanpoetara irten, eta nor bere erara legearen begiramen gabe eta iñoren aginte gabe, gogoak ziona egiñaz bizitzen ziran. Erromarretatik ez-bearren bat zetorkienean asten baziran arpegi ematen, beren buruak galdu eta bazter guziak juduen odolez gorritzen zituzten, zala erromarren ezpatak isurita, zala elkarrekin aserretzen ziralako. Baña negarbide oiek guziak gerokoen asiera txiki bat baizik etziren; bada bete-betean erori bear zitzaien, Jainkoaren Semearen odola eskatu zutenean beren buruai egotzitako biraua; eta geroko oien berriak asi ziran agertzen.
 

2. Ondamenaren adiragarriak


 

Jesu Kristoren jaiotzatik irurogeita bostgarren urteko apirillaren zortzian, Pazkoa egiten zan egunean Jerusalengo Eliza egunez bezain argi gauerdian jarri zan. Eguzkiaren sortaldeko atea izanik ogei gizonek doi-doi mugitzen zuten bronzezko txit pisua, eta morrollo sendo eta burnizko balanka alboetan ondo sartuakin itxia, berez idiki zan. Andik berrogeita geiago egunera, maiatzaren ogeita batean, Jerusalenen eta ingurumai guzien gañean suzko ezpatak, gurdiak eta armadunak ziruditen asko agertu ziran. Ondorengo Pazkoa Espiritu Santuko egunean juduen apaizak Elizan sartuta, iñor ere barrunen etzala, aditu zuten ots andi bat, esaten zuena: Emendik irten gaitezen, emendik irten gaitezen.

Arrigarrizko gertaera oiek pensakizun andia ematen zieten; baña are geiago izutu eta ikaratzen zituen Ananoren Seme-Jesus zeritzan gizon arrotz batek, zeña Tabernakuloen pesta egitera joanda, asi zitzaien esaten: Ai Eliza, Eliza; sortaldeko otsa, sortaldeko otsa; lau aldeetako otsa; ai Eliza, ai Jerusalen! Jesu Kristoren irurogeita bigarrenean asita, lau urtean jardun zuen Jerusalengo karrikaz karrika itz oiek bakarrak esaten, egunez eta gauez isiltzaka. Betiko ots oiekin kargudunai gogaitutzen zien, kastigatzen zuten isillik egon zedin; baña alperrik. Luzinio eraentzalleagana eramanda, onek azotez zeaerazo zuen ezurrak agertzeraño; baña batere esparik agertzen etzuen, eta kolpe bakoitzean zion: Ai Jerusalen zorigaiztokoa! Galdetu zion nongoa zan edo nondik zetorren, eta ots aiekin zer esan nai zuen, eta itzik erantzuten etzion, eta beti bere soñuan ziardun. Noizbait aspertuta, erotzat utzi zuten, eta bazebillen, iñorekin itzegin gabe; ez gaitz egiten ziotenagatik kejatzen zan, ez on egiten ziotenai eskerrak ematen ziezten. Bitartean erromarrak ikusirik juduak etzietela nai luketean bezain sotilltasun andia erakusten aien mendean bizitzeko, eta lenagoko urteetan elkarrekin izandako autsi-osoakgatik, artu zuten osotoro eskuetaratzeko asmoa. Soldadu-talde andiak bialduta, Jerusalen inguratu zuten. Gauzak onela zeudela, Ananok bere otsakin baziardun. Geroenean deadar andiagoak egiteari eman zitzaion, esanaz: Zorigaiztoko Eliza, zorigaiztoko Jerusalen, zorigaiztoko Erria! Atzenean otsegin zuen: Ai nere zorigaiztokoa! eta itz oiek esatearekin batean, erromarrak kanpotik botatako arri andi batek azpian artuta, plastatu edo zapaldu zuen, eta lau urtean oska ibillita gero il zan.

Ez Ananoren otsak, ez aireko suzko gizon eta beste adiragarriak izan ziran, juduak beren ondamen-bidetik ateratzeko adiña. Oraingoan erromarrakikoa zerbait egin zuten, eta garaipen onekin are geiago arrotu ziran, eta guziak menderatzeko ustea artu zuten. Agripa erregea bitarteko sartu zitzaien, erromarrakin juduen arteko pakeak egin naiez: baña igesi bialdu zuten. Gero Masadako gazteluan indarrez sartuta, kontu artzen zioten soldadu erromar guziak il zituzten. Eleazar, apaiz nagusiaren semeak denbora berean debekatu zuen enperadoreagatik len egiten ziran ofrendak berriz egitea; eta lanbide onek zekarzkien ondoreak ezagutzen zituztenak leiatu bazitzaiozkan ere Eleazar lan artatik ateratzeko, aditzen etzitzaien. Batzuek eta besteak despitatu ziran; geroenean Eleazar-en aldekoak geiago zezaketen: Jerusalengo er-goenaz eta Antoniaren gazteluaz jabe egin ziran. Urian arkitzen ziran erromarrak dorre batzuetan sartu bearra izan zuten; baña egun gitxiren barruan zer-jana aitu zitzaielako, menderatu ziran gaitzik ez egiteko itzean, juduak laster autsi bazuten ere, bada eskuratuta bereala il zituzten. Bidegabekeria au Zesareako erromarrak aditu zutenean, asaldatu ziran, eta ogeita geiago milla judu il, eta bizirik utzitako banakak ere itsas-ertzetara bialdu zituzten.
 

3. Juduakin siriarren arteko despita, eta aien galmena


 

Juduak eta siriarrak elkarrekin txit oker lenagotik zebilzan; eta orain Zesarean egindako ilkintzaizugarria ikusi zutenean, juduak Siriako bazter guzietan zabaldu ziran, erriak eta etxeak erre, eta arrapatzen zituzten personak illaz. Siriarrak ere prestatu ziran gogor egiteko. Juduetan baziran lanbide oiek ontzat artzen etzituztenak, eta siriarrai jendetza andia batu zitzaien, lege gabe zebilzan gizon-odolzaleen mendetik iges egiteagatik. Siriarrak, zala iguitzen zituztelako, zala oien itzetan sinismen osorik etzutelako, lagun berri oiek mendi-baso batera bialdu zituzten eta denbora asko baño lenago amairu milla judu emen il zituzten. Oietatik bat Simon zeritzana eta Siriara joateko geiena nekatu ziranetakoak, ikusirik bere lagunak erreki onetan iltzen, ernegatzen jarrita, esan zuen: Nik eriotza ondo irabazia det; baña ni neroni dagokit artzea. Gero bere etxekoai begira jarrita, aitari lenengo ille zurietatik itsatsi zion, eta ezpataz josi zuen. Urrena amari au bera egin zion. Gero bere emazte eta humeak il zituen; eta atzenean, oraindik odola zerion ezpatarekin, besoa goratuta bere burua josi zuen, eta il zan. Gisa onetan Sirian iltzen ziran bitartean, Egipton ere bazter guziak odoletan zeuden. Alejandrian bertan ainbeste judu il zituzten, ezen berrogeita amar milla gorputz-ill pilla batean arkitu ziran.

Bitarte onetan juduak Siriako eraentzalle Zestio Gallorekin Jerusalenen ekin-aldi latz bat izanda, igesi bialdu zuten: zerbait jende galdu, eta kalte asko egin zioten. Orduan juduak arroturik, Jerusalengo pareta edo murruak arabatu eta sendotu zituzten; Judeako gazteri guziari armak bialdu ziozkaten, eta prestatu ziran erromarrai, il edo bizi, arpegi emateko. Jerusalenen bizi ziran kristauak, Jerusalengatik Jesusen aurrez-esanak gogoan zeuzkatela, Pella zeritzan erritxo batera joan, eta bizitzez jarri ziran.
 

4. Vespasianoren joanera Jerusalen aldera


 

Erromako enperadore Neronek jakin zuenean Zestiok Jerusalenen izandako ez-bearra edo desgrazia, eta juduak zein arro jarri ziran, Zestioren lekurako Vespasiano bialdu zuen. Gerrari adietu eta argi onek irurogei milla gizonekin Galilea guzia, Jotapatako erria ez bestea, bereala menderatu zuen. Eun milla judu Josefo buru zutela Jotapatan sartu ziran, gogor egiteko asmoan; baña berrogei egunean itxian idukita, Vespasianok artu zuen; bitartean erdiak eta geiago barrunen il ziran. Gañerakoak arzulo batzuetan gordeta, atzenean elkar il zuten. Josefo, Vespasianoren prestutasunaren berria izanda, aurkeztu zitzaion, eta bizirik gelditu zan. Jotapata artu ondoren ibilli batzuek egin zituen, jende guzia bere mendera ekartzeko, eta Jerusaleni ekin baño lenago etsai guziak garbitzeko. Lan oietan zebillela, Erromako gora-beerakgatik, aurrerakoari utzi bearrean arkitu zan.

Neron enperadore arri guziak baño biotz gogorragoko hura bere lasaikeria eta beste biurrikeriakin guzien begitan jarri zan; eta agintea eta bizia kentzera zijoazkiola igerri zionean, Jesusen irurogeita zortzigarren urteko garagarrillaren bederatzian, ganibita batekin bere lepoa ebakita, ogeita amabi urtekoa il zan. Onen ondoren agintea eskutik eskura luzaro ibillita, atzenean Vespasiano, Judeako gerran zebillena, enperadore egin zuten. Bereala Erromara etorri zan agintea artzera, eta bere lekuan eta ordez utzi zuen, lendanaz an zebillen gerrari Tito bere semea.
 

5. Jerusalen Titok setiatua


 

Oiek onela, eta Jerusalengo juduak gauza askotan bat etzetozelako eta guziak agindu nai zutelako, elkar iltzen zebilzan, eta izaerarik mingarrienean arkitzen ziran, Jesusen irurogeita amargarren urteko udaberrian Titok setiatu zuenean. Pazkoako egunak ziran, eta pesta au egitera ain jendetza andia bildurik, jakintsuak diotenez, millatan milla, edo milloi bat eta bosteun milla lagun barrunen baziran, zenbate onetan Moisesen legeaz kanpoko eta aurrak sartu gabe.

Ainbeste jenderekin batetik, eta elkarren arteko egunoroko despitakin bestetik, igerri diokegu erri itxi bat nola arkituko zan. Ala ere guzien etsaitzat zeuzkaten erromarrai gogor egiteko bat egiten ziran. Judea eta alderdi aietako jende guziak osotoro sinistuta zeuden, mundu guzia menderatuko zuen gizon bat denboraz aietatik sortuko zala; eta itsumen onekin andi eta txikiak, zar eta gazteak, gizon eta emakumeak prest zeuden atzeneko odol-tantaraño isurtzeko. Uria alde guzietatik ondo irmotua zan; gizonaren eskuak geiago ezin ziokean egin: iru pareta sendo edo murru lodirekin itxia zan; unetik unera dorre txit goratuak zeuzkan. Eliza bera ere mendi-gañ batean zegoan, gaztelu baten antzean eta, onen gordelari bezala, Antoniaren gaztelua. Onezaz gañera lurpeko bide asko zituen, isillik irteteko eta sartzeko, nondik etsaietara itsumustuan noiznai joan zitezkean. Oiek guziak ondo pensatuak eta egiñak ziran; baña ainbeste jendek barrungo janak laster ezkutatu zituzten, eta gosetea bereala asi zan.

Apirillaren amalauean, zeña Pazkoa eguna zan, Eleazar eliz barruan zegoanak ateak idiki zituen, eta Giskala, eliz-ataria gordetzen zuena, Eleazar-ekin bat etzetorrelako, bere jendearekin bat-batetan sartuta Eleazar-en jende geiena ondatu zuen, eta len atariaz bezala, gero barrunez jabe egin zan. Beren arteko despita oien berriak artu zituenean, noski, Tito seieun zaldizkorekin urreratu zan uria ikustera; baña gitxigatik galdu etzuten, eta nekez bederik, iges egin zien.

Andik amabost egunera, maiatzaren iruan, lenengo pareta zulatuta erromarrak sartu ziran, eta uriaren ifarralde Zedrongo ibarrerañoko guzia menderatu zuten. Bost egunen buruan bigarren paretari eraso zioten, eta jende askoren truke bederik, artu zuten. Emen jendeari zerbait atseden ematen Tito jarri zan; eta jende galtze geiago ez ikusteagatik, barrungoak ere aspertuta egongo ziralakoan, bialdu zien beren erritar Josefo, Jotapatatik bizirik irtenda Vespasianori aurkeztu zitzaiona, ondo esanez umillatzen ote zituen ikustera; baña alperrik: garaipenarekin irten eta mundu guziaren jabe egiteko profeta gezurti batzuek ematen ziezteen usteak, Joseforen esanak baño indar geiago zuten, eta Josefo ondo-esalea ezer egin gabe itzuli zan. Ez goseak, ez suak, ez uriaren zati andi bat etsaiaren mendean egoteak beren uste zorotik ateratzen zituen.
 

6. Jerusalengo gosetea


 

Titok ikusirik onez-onean ezer egiterik etzegoala, agindu zuen iru egunen barruan uri guzia pareta sendo batekin inguratzeko. Bi legua luzeko pareta eskatzen zuen; ala ere ordu esanerako egin zan, or-emen gaztelutxoak zituela. Eta itxitu berri onekin jan-gauzak barrunera sartzea eragotzi zuten.

Goseteak lenengo egunetik kalte andiak egiten zituen; baña atzeneko lanbide onekin lenagokoen azkarria sartu zan. Gari eta beste jan-gauzarik aspaldian etzan saltzen; zerbait zeukanak isillik gorde bearra zuen; bestela gogorrago bat etxean sartuta kenduko zion. Bat bazekusten gizentxoa edo arpegi betekoa, edo kolore onekoa, bereala eraso, eta arrapatu guzia kentzen zioten, iltzen ez bazuten ere. Ate bat itxita ikustea asko zan, zerbait jateko bazegoala pensatzeko; puskatzen zuten, eta etxekoak beartzen zituzten dana agertzera. Emakumeak illeetatik arrastaka eta aurrak ostikopean zerabilzkiten, ogi-zerra bat ateraeragiteagatik. Uriko aberatsenak beren lurrak gari-bikor batzuekgatik saltzen zituzten, gero etxean ezkutuan ogia eginda edo gal-ale gordiña jateko. Edozein apukogatik etxeetan sartu, personak il eta zegoana berekin zeramaten. Okellura joanda, zimaurrik likitsenak, ubal-puska zarrak, belar ustelduak jaten zituzten. Aide maiteenak, adiskide kutunenak elkarri erasotzen zioten, zer-janen bat zuela igerri ezkero. Iñori ere barkatzen etzitzaion, amorratzen zerabilzkien gosea zerbait kentzearren. Baña zenbaterañoko gosea sartu zan jakiteko, Maria zeritzan emakume batek egiña aditzea asko da. Emakume au etxe oneko alaba eta guriro azia zan. Bere zorigaiztoan, beste asko bezala Pazkoa egitera Jerusalenen sartu zan, eta zeraman guzi-guzia bereala kendu zioten. Miñaren miñez askoak esan ziezten, aserrerazota il zezaten; eta ikusirik ala ere iltzen etzutela, bularreko bere aurra eskuetan artuta, esan zion: Zorigaiztoko aurra, zertako zaitut? ez-izan izugarri oietan izateko? goseak iltzeko edo etsairik gogorrenen eskuetan jartzeko? Au esanda, lepoa ebaki zion, eta burrunzian erreta erdia jan zuen, eta gañerakoa berrizko gorde zuen. Besteak aragi errearen usaia artu zuten; etxean sartu zitzaiozkan, eta ezpata bularrean ipiñi zioten, zeukana eman zizaien. Nik zati bat gorde dizutet, esan zien, eta aur erdi-jana aurrera ekarri zuen. Au ikusi zutenean aldegin nai ziotelako, esan zien: Jan dezakezute, bai; bada, ez emakume bat baño begiratuagoak, ez ama bat baño biguñagoak izango zerate. Arri egiñik iges egin zuten. Gertaera izugarri ez-aditu au uri guzian barreatu zan, eta barrungoak ez ezen, kanpokoak ere ikaratu ziran. Onela bete ziran Jesusek esandako itz oiek: Etorriko da eguna, zorionekotzat artuko dana aurrik izan ez duen emakumea, eta eznerik eman gabeko bularra.
 

7. Jerusalengo izurritea


 

Goseteari izurritea lagun etorri zitzaion: biak egunoro zeramazkitenak ainbeste ziran, non etxeak eta karrikak gorputz-illez beteak zeuden, kiratsa zeriela. Jendeak karrika eta plazaetan arrastaka bezala zebilzan, eta bat-batetan illotzak erortzen ziran. Gorputz-illak asieran gobernuaren kontura uritik ateratzen zituzten: ate bakar batetik bi illabete eta erdian ateratuak eunda amabost millataraño igo ziran, barrundik kanpora iges egindako illoizale eta zulogilleai pagatzeko kontua zuen batek Tito berari esan zionez. Beste batzuek zioten, ate guzietatik ateratuak seieun milla bazirala. Geroenean, onela ere ezin burutu zutelako, uriko pareta-gañetatik kanpora bota edo etxe utsetan montoiak egin, eta txit betetzen ziranean ateak isten zituzten. Tito ere nazkatzen zan, bazter guzietara zijoan kirats eta usai zikiñarekin; eta biotza erdiraturik, esaten zuen Jainkoak baziekiela ez-bear eta negarbide guziak uri doakabe argandik zetozela.

Jerusalendar batzuek gosetea sortu zanean, asi ziran kanpora irtenda belarrak biltzen, gosea zerbait elikatzeko. Tito oartu zanean zaldizkoak bialduta, atzitzen zituztenak gurutziltzatzen zituzten, iseka eta farragarri asko, berak Jesusekin egin izan zuten gisan, eginda. Eta baziran egunak, bosteun onela iltzen ziranak, barrungoak ezagueran sartu zitezen. Beste asko, berriz, eskuak, sudurrak eta belarriak kenduta, barrunera itzultzen zituzten: baña lanbide eta kastigu oiekin juduak biguntzen etziran menderatzera. Erromarrak lenago errukitu ziran, eta barrundik igesi zijoazkienak artzen asi ziran; eta etorri orduko jaten ematen zieten; baña barrun otzarekin eta txit eroriak zetozelako, janak berak bota eta illik uzten zituen. Igeslari aietatik askok, erromarretan aurkeztutakoan, zeramaten dirua kentzeko bildurrez jan, eta gero sabeletik zijoakiena zandu eta aratuta, dirua arkitzen zuten. Kanpoko soldaduak oartu ziran juduak zer egiten zuten; bereala barreatu zan Jerusalendik iges egindakoak sabelak urrez beteak zeuzkatela, eta diru-gose onekin, batez ere arabia eta siriarrak, igesi zijoan bat ikusi orduko sabela idikitzen zioten; eta gau bat bakarrean bi milla onela il zituzten. Titok jakin zuenean bereala zorrotz debekatu zuen berriz alakorik egitea; ala ere, isillik bederik, zenbait galdu zituzten.
 

8. Jerusalen Titok artua, eta Elizaren erretzea


 

Geroenean Tito prestatu zan Jerusalenen indarrez sartzeko. Ekinaldi latzak egin zituzten, eta noizbait, jende asko bat eta bestekoa galduta, urian sartu ziran. Oraindik ere juduai Eliza eta Eliz-inguruko bazter andiak gelditzen zitzaiezten: Eliza bi pareta edo murru lodirekin inguratua zan, Antoniaren gaztelua babes zuela: baña azoraturik zebilzan, beren legeak agindutako sakrifizio, anziña-anziñatik beñere utzi gabe egiten zetozena, ezinean zeudelako; bada uztaillaren amarrean apaiz eta beste sakrifikatzalle gabe arkitu ziran. Lanbide onetan zekusten profetak esana bete-betean erori zitzaiela, ala ere aien begiak zabaltzen etziran; eta uste zuten Elizaren sendoa, inguruetako pareta lodiak eta gaztelu nai bezala egindakoa asko zirala, etsaien eraso guziai arpegi emateko.

Juduai apaizik ez izanak ematen zien azoramena gogoan zutela, erromarrak erasotzera jarri ziran. Lenengo pareta-aldiak odol askoren truke artu zituzten, eta su eman ere bai. Bigarren endanakoak artzeko asmoan, eskallerakin igo ziran; baña juduak gogor eginda, atzeratu zituzten. Orduan Titok bigarren endanako ateai aboztuaren zortzian su eman zien, eta garrak Eliz-atarira sartuta, eliz-inguruko baranda edo galeriai irazeki zitzaien, eta egun eta arrats osoan erretzen egon ziran. Titoren eresi guzia Eliza erretzaka gordetzekoa zan, eta suak zirauen bitartean, soldaduak itzaltzen aritu zituen, barrunera zabaldu etzedin, gero indarrez sartzeko asmoan. Biaramonean lanbide onetan asi ziran; baña juduak sekulan baño bizkorrago eta gogorrago agertu zitzaiezten, eta atzeratu bearrean arkitu ziran. Orduan soldadu batek bere lagunen besoburuan jarrita, illeti bat leiotik barrunera sartu zuen, eta eliz-barru guzia bat-batetan su eta gar jarri zan, eta alde guzietatik bazizekan, jentillak berak ere arritu, eta lurrez gañeko gauza zala aitortzeraño. Tito egin-al guzian berez eta bestez bazebillen itzaltzen; baña zenbat soldaduk egiten etzuten, suari lagundu, errekiñak eman eta naspilla geiago ipiñi baizik. Zekusten Elizaren paretak kanpoko aldetik urrez estaliak zeudela, eta uste izan zuten barrunen ere ondasun andiak izango zirala; beragatik, alde batean itzaltzen bazan, bestean sortzen zan. Geroenean Titoren egin-al guziakgatik Eliza gogoangarri, bere parekorik munduan izan ez duena erre eta kiskaldu zan Jesu Kristoren irurogeita amargarren urteko aboztuaren amarrean, Salomonek egindako lenengoa Nabukodonosor-ek errea izan zan egun bere-berean. Soldadu garailariak aserre bizian sartu ziran, eta iñor ere bizirik utzi etzuten, eta bazter guziak gorputz-illez beteak ikusten ziran. Baña beste zorigaiztoko askoren artean begitangoenak ziran profeta gezurtien esanak sinistuta, garaituko zutelakoan uritik Elizara igotako sei milla gizon, emakume eta aur, zeñak an bertan il zituzten, eta Eliza guzia plei-plei aldarearen berdiñeraño gorputz-illez bete zuten. Jende setatsu aren buru egiten zuten Juan de Giskala eta Simon de Giorak, ezpatak eskuan zituztela jende artetik bidea eginda, Siongo mendira edo Jerusalenen lekurik goenenera igo ziran, eta emen, oraindik ere, gogor egiteko asmoa artu zuten. Titok bizia eskeñi zien, bereala menderatzen bazitzaiozkan; baña nai izan etzuten, beren emazte eta humeakin baso-mortura joateko itzean baizik. Titok etzien eskaera au ontzat artu. Aserretu zan; bet-erria edo Jerusalengo zatirik beeneneko guziari su eman zion; bereala auts egin zan; eta er-goena ere indarrez artzeko, aboztuaren ogeitik agorraren zazpiraño, bear ziran prestamenak egin zituen. Egun onetan eraso zion, eta biaramonean sartu ziran. Juduak etsi zutenean galduak zirala, batzuek lurpe eta karkabaetan edo zimaurtegietan gorde ziran; eta besteak erromarren eskuetan bizia galdu zuten; bada etzan iñor ere bizirik gelditu, eta gauza guziak, sartuta bereala ondatu zituzten. Eguzkiaren sartaldeko murru eta iru dorre bakarrak beren oñean gelditu ziran, ondorean oroitgarri izan zitezen. Gero juduak ondasunak lurpean gordeak izango zituztelakoan, Titok Jerusalengo oru edo lur guzia goldez egin eta aretu zuen; eta lanbide onekin bete-betean egiztatu zan arria arriaren gañean Jerusaleni utziko etzitzaiola Jesu Kristok esana. An ondatu ziran ondasunak, neurririk etzuten; ala ere topatu zana ain asko eta ugari izan zan, non alderdi aietan urrearen balioa erdira jatsi zan. Lurpe eta karkabaetan sartu ziranetatik bi milla persona, goseak edo elkar ilda arkitu zituzten. Giskala eta Giora, ainbeste ondamen egiteko bideak eman zituztenak, zer-jana aitu zitzaienean erromarren eskuetan jarri ziran. Lenengoa itxi batean betiko sartu zuten. Bigarrenak egun asko baño lenago bere gaiztakeriak urkamendian nozitu zituen.
 

9. Jerusalenen artu-ondoreak


 

Ezin esan diteke gerra galgarri onetan zenbat judu il ziran. Beraren berriak utzi zizkigun Josefok dio, Jerusalengo setioak iraun zuen bitartean, milloi bat eta eun milla illak izan zirala; eta oiei batutzen bazaiezte Judeako beste errietan denbora onetan il ziranak, milloi bat irureunda ogeita amazazpi millara igotzen zirala, zenbate onetan ez-jakin asko sartu gabe. Eun milla atzeman edo prisionero ere artu zituzten, zeñak salmentan ipiñi arren, ozta erosleak izan zituzten, iñork ere ezertan etzeuzkalako.

Ain ots andiko garaipen onen ondoren auzoetako jendeak Titori aurkeztu zitzaiozkan, oitura zuten bezala koroak eskeñtzera, ainbeste etsai menderatzeko zoriona izan zuelako; baña artu nai izan etziezten, esanaz Jainkoak autu bat baizik izan etzala, erri doakabe bere Jainkoaren iltzalleari zegokion zigorrada emateko.

Titok Jerusalen ondatuari kontu artzen soldadu batzuek utzita, urreneko negua Zesarean igaro zuen. Gero Erromara etorri zan, non bere aita Vespasianok garailari andi bati zegokion ongietorriarekin artu zuen. Titoren lekuan Luzilio Baso joan zan, Judeako kondar guziakikoa egitera, zeñak Herodion eta Makerunte-ko gazteluak menderatu zituen. Baso ilda, Publio Silbak ordaindu zuen. Masadako gaztelu, ezin artu zitekealakotzat zeukatenari eraso zion: eta barrungoak etsi zutenean aienak egin zuela eta luzaroago ezin gorde zitezkeala, erabaki zuten, aurrena emakumeak eta aurrak iltzeko; eta gizonak, berriz, atzena zein geratuko zan txotx eginda, elkar il zuten; eta atzenekoak, guziai ilda ote zeuden begiratuta, bera nork illik etzuela zekusanean, gazteluari su eman zion, eta bere burua ganibitaz il zuen. Biaramon goizean erromarrak sartu ziran; baña gorputz-ill montoiak baizik arkitu etzuten: eta Judea guziko jaun eta jabe onekin gelditu ziran. Enperadorearen aginduz juduen lur guziak saldu eta emanak izan ziran. Gerra galgarri au sortu eta su eman izan zioten buru-aurki batzuek Egiptoronz iges eginda, Alejandrian eta beste tokietan beren erritarrak aztoratu eta asaldatu naiez ibilli ziran; baña laster galdu zituzten, eta Judean ezkutuan gordetako gitxi batzuek baizik, bizirik gelditu etziran. Oien ondorengoak geroztik or-emen sakabanatuak bizi dira, iñon ere erririk egin gabe, arrotzak eta er-bestekoak bezala.

Orra Jakoben jatorriko israeldar, beren Jainkoa ainbeste mirari egiten ikusi, eta bere esku oparoetatik ain mesede andiak artu izan zituzten esker-gaiztoko aien patu zorigaiztokoa, ain luzaro itxedoten zuten eta argiro erakutsi zitzaien Mesias egiazkoa ezagutu nai ez, eta gurutziltzatuta il zutelako. Orra Jerusalen ospatsu, bere Jaunaren odolez gorritutakoaren atzen doakabea. Orra parerik gabeko Eliza gogoangarri ain ondasun andiak bere erraietan zeuzkana eta mundu guzia arritzen zuenaren ondamen negargarria. Au guzia Jaunaren Profetak anzina-anziñatik adierazoa zan. Orain gertatu guzia Jesusek juduai berai aldeaurrez esana zan: eta Jainkoak gauzak zuzendu zituen bere esanak egiztatzeko eran, mundu guziak ezagutu zezan, Jesu Kristo Belenen jaioa, Nazareten azia, Judean erakusten ibillia, Jerusalenen gurutzean illa, irugarren egunean Biztua eta berrogeigarrenean Zerura igoa, dala Mesias eskeñia, Patriarkak opatua, profetak adierazoa, Jainko egiazkoa, zeñaren legea dan Zerurako bide bakarra, eta guziok ibilli bear gerana.
 

TESTAMENTU BERRIKO KONDAIRAREN ATZENA.

«««Aurreko atala
 
 
 
 
 
 

Bertsio informatiko honen egilea: Blanca Urgell.

Atzera