EUSKERAREN

BERRI ONAK

eta ondo eskribitzeko,

ondo irakurtzeko, ta ondo

itzegiteko Erreglak:

kura jaun,

ta eskola maisu zelosoai

Jesus-en Konpañiako Aita Agustin

Kardaberaz-ek eskeñtzen, ta

dedikatzen dieztenak.

1761. Urtean.

bear dan bezala.

Iruñean Librugille Antonio Castilla-ren etxean.

 

Irakurleari, berri onak

Erroman, erriaren errenta andi eta fama ere andiagoarekin, ondo itzegiten ikasteko, edo Elokuenziaren eskolak aurreneko iriki zituena, Marco Fabio Quintiliano izan zan. Au, autore andi askok diotenez, jaiotzaz edo bere jatorriz, gure Españako semea omen zan. Eskola oiek, konseju aundiaz ta berariaz, Erromak para zituen, gazte alperrak galdu ta munduaren desonragarri izango ziranak, ondo azi ta Erromaren onragarri izan zitezen. Eskola orietan ogei urtetan maisu onek Erretorika jende gazteai itxit ederki erakutsi zien: eta ikasle edo dizipulo señalatu asko atera zituen: eta, besteen artean, Plinio bigarren edo gazteena bat izan zan. Ciceron-en urrengoa Quintiliano esan edo kontatu oi da: eta onek, ark baño ere obeto gauzaren batzuek begiratu, ta len baño molde obean ta argiroago agertu edo utzi zituen.

Ogei urteak ainbeste jenderi erakasten igaro, eta, Marcelo Victorio bere adiskide laztanaren erreguz, onen semearentzat, amabi libru, munduan txit estimatuak, orañ "letra ederrak" deriztenak, ondo ikasten asitzeko, egin zituen. Orietan, maisu agudo ta suabe paregabe onek, antziñako autore erretoriko, poeta eta beste gizon andi lenagoko guzietan ikusi ta ikasi zuena, iñork bestek ez bezela, moldaturik eman zigun: eta gazte bat aurtasunetik nola ondo azi bear dan, A, B, C,-tik asi ta gizon prestu, txit jakintsu edo biribill egiñ arteraño, "letra eder" guzien ikasteko bide ta lezioak begien aurrean klaro ifintzen ditu.

Orañ bada, irakurle kristaba: baldin Quintilianok, Marcelo bere adiskide kutunagatik, ta Geta aren semea mundurako ondo azitzeagatik, amabi libru, ainbeste erregla ta lezio banaka argituaz, atera bazituen, guk gure Jaungoiko guzien Aita maiteagatik ta animen salbazioagatik, zer ez degu egin bear? A! Batetik bestera asko dijoa! Gure intenzioaren aldean arenak zer ikusi etzuen. Ark lurrerako, guk zerurako: ark giza arterako, guk Aingeru arterako umeak ondo azitzea nai degu: eta guzia, ez guretzat, baizik Jainkoaren gloriarako izan dedin. Baña ori, edo al deguna egiteko, goragotik edo antziñagotik asi ta ur garbia bere jatorrizko iturritik artu bear degu: ta euskararen berri beste izkeretatik nolabait atera bear degu.

 

I

BESTE IZKUNDEEN ALDEAN

EUSKARA

Noiz eta nondik edo nola gure euskera onontz etorri zan, nork daki? Zerutik, edo Jaungoikoagandik, gizonen asmazio gabe, orien gañeko gauza bezala etorri zala, Euskerak berak bere era eder ta armonia paregabean ondo seguru esaten edo adierazotzen du. Beste izkunde edo lengoajeak, nork daki nastu ta batera ta bestera nola ibilli diran: Euskera, Jainkoak nai-ta, menditarte oietan beti nasgabe, beti garbi, beti seguru beregan gorde izandu da.

Txantxetan esan oi da, edo Euskaldunak esan oi dute, Jaungoikoak Paradisuan Adan gure Aitari euskeraz "Adan, non zera?" esan ziola. Euskera Jainkoaren gauza bezala, arako ta edozeñ lekutarako diña bazan, Jainkoak ala nai izan balu. Baña gauza ziertoa da, Jaungoikoaren izketa, Paradisuan ta gero ere, hebreoz izandu zala. Fedeak Eskritura sagraduan esaten digu, munduaren asieran, gizon guzien izkunde ta lenguajea bat eta bakarra zala: "Erat autem terra labii unius, et sermonum eorumdem." (Gen. 11.) Gure Aita Cornelio A Lapidek, Eleizako Doktore ta interprete santuakin kontra atera, ta dio lengoaje edo izkunde ori hebreo zala, ta onek berak milla ta zortzi eun ta geiago urte bakarrik mundu guzian iraundu ta serbitu zuen, aurrenetik Babel-ko Torretzarra asi arteraño: orduan lengoajeen naspilla izandu zan: ta arrezkero ere nasgabeko hebreo garbia usantzen zala, dio gure Corneliok.

Heber Jaungoikoaren gizon ta Abraan santuaren asabaerena, edo irugarren aitonak, Abraan, Isaak, Jakob ta bere ondorengoakin, Jainkoaren fede ta Paradisuko lengoaje santua gorde zuten. "Heber vir sanctus... a quo orti et dicti sunt Hebraei, qui primigeniam Paradisi linguam Hebraeam cum vero Dei cultu soli retinuerunt." (Cornel. in c. 10. Gen.) Eta au berau leku askotan dio. Babel-ko Torrea asi arteraño lengoaje hebreo bakarra ta guziak aditzen zutena zan: eta, ango beargilleai gogoa kentzeko, Jainkoak izkera berriak eman ziezten: batari griegoa, besteari latiña, ta orrela: guztitan berrogei ta amabosteraño, dio gure Corneliok, ta orrekin guziak nastu, elkar ezin aditu eta gizonak munduan banatu ziran: oiek berrogei ta amabost familia ziran. (Corn. In c. 11.)

Antziñako izkera zarren artean, guzien lenen, aurreneko ama ta asiera bezela, hebreoa beti kontatzen da, ta onegandik Syriaca, Caldeoa ta Arabigoa sortu ta jaio zirala: Latiñetik Italiako, Ungriako, Frantziako ta Españakoa, eta besteak orrela: "Hebraica matrix et genitrix, et Syriacae, Chaldaicae, Arabicae: Latina Italicae Valachicae, Gallicae, Hispanicae, etc" (Corn. Hic.) Baña euskerak, gaztelaniak bezala, aidetasun orren urkoa, nola dan umeakin amarena, ta latiñaren ume nola datekean, edo nondik batak bestearen antza duen, probatzea, orren erraz ezta.

Dana dala, antziñatik, orañ bezala, griego ta latiña beti estimatuenak izandu dira: eta, baldin latiñak eta griegoak berak itz, boz edo berba asko euskaratik artuak badituzte, ondo klaru Aita Larramendik erakusten duen bezala, euskera aiekin batean edo lenago zan señalea, eta izkunde lenen edo aurrenekoetatik bat euskara zala. Nola nai, zierto da, latin ta griegoak, batak bestea apañtzeko, elkarri eskua eman ta lagundu diotela, ta, lengoaje guzien artean, aurreskua beti artu ta eraman dutela. Gizon jakintsuen artean beti ibiltzean oien zori ona egon da. Munduaren partetik agirienetan jakin dan geiena, griegoz ta latiñez eskribitu izan da: eta, ainbeste libru ondo eskribitzeko ta oriek bear bezala irakurtzeko, esan edo itzegiteko, bietan erregla on asko eman dira.

Antziñako filosofo lenenak, erretorikoak ta, are geiago dana, Eleiza-gizonik andienak, misurik jakintsuenak, Espiritu Santuaren argiaz gidatuak, beren zeruko libruak lengoaje bietan eskribitu zituzten: ala Ignaziok, Polikarpok, Justinok, Klementek, Tertuliano, Origenes, Zipriano, Laktanziok ta beste eskritore santuak. Eleizako lau Dotore griego, Atanasio, Basilio, Gregorio Nazianzeno ta Krisostomok, nola lau latino, Anbrosio, Jeronimo, Agustino ta Gregorio anaiak, ta oien ondorengo guziak. Au dudarik gabe ditxa andia da.

Izkunde estimatu oiek biak ere beren oreñak edo tatxak bazituzten len; baña gero, asko-jakiñen artean oi dana, egunoro ta obeto polikitu ta apañduaz biak joan dira. Orañ dakuskuna da, jakintsuen ta jakinzaleen izkera edo lengoajeak latiña ta griegoa dirala: ta latiñaren estimazioa are andiago da, zeren Eleizaren izkera santa dan, eta gure Fedeko libru sagradu guziak latiñez daukatzigun.

Gure euskerak bazter oietan orrelako gizaseme andien patu onik izan eztu. Baña latin ta griegoak asko-jakiñen ditxa ta gloria ori izan badute, bere modura marabilla txikiago ezta, baizik miragarrizko prodijio andiago, euskera, soll-soll, bakarrik edo nik eztakit nola, bizirik ainbeste sekuletan egon dan ta dagoen: añ berez ta beregan, añ argi ta garbi, bere erio ta arerio guzien damu gorri gaixtoan badere. Alere asko, egieki, euskera galdu da. Baña ori ezta euskararen, ezpada euskaldunen desonra: bada oiek polikitu, apañdu eta edertu bearrean, lotsari gabe berak beren nagitasunez itxustu, larrutu ta desegin izan dute.

Baña, gure probetxo on askoren animak salbatzeko, euskarak burua jasotzea Jainkoak nai du: gure baserrietan jende prestuak dirauten artean, euskarak iraungo du. Esan oi dana: oiei lepoa ebaki edo bizia kendu gabe, euskara ezin utzi edo kendu diteke. Jaungoikoaren borondate jakiña da, aren fede ta legeko misterio ezkutatu ta dotrina sabaltzeko bear dana, sazerdote jaunen ministerio sagraduetan, euskeraz baizik emen egin ta esan bear ez dala. Ta lengo aitzakiarik orañ edolarik ez dute askok: bada Aita Manuel Larramendik, neke gogor ta estudio esan al baño andiagoarekin, ezin izango ta ezin egingo zana bere Artean egiñik, eziñak ta nekeak lazki garaitu zituen, ta ori ta bere iztegi edo dizionarioa, maisuak bezala, eman dizkigu.

 

II

EUSKERAREN IZKERAK

EDO DIALEKTOAK

Itsu-itsuan askok esan oi du, euskera asko dirala, edo erri bakoitzean bere euskara dala; baña zer dioten ez dakite. Ezta ori egia: euskera bat da. Euskara bat onetan, egia da, dialekto edo izkera asko dirala. Autore grabeetan askotan irakurten det griegoan bost dialekto ziradela: Atikoa, Aelikoa, Dorikoa, Jonikoa ta Komuna edo guziena. Onela bada, Frantzian, Nafarroan, Bizkaian, Araban ta Gipuzkoan, beren izkerak, bakoitza bere erara dira: ta ori gauza berria ezta.

Onen gaiñean ere A. Larramendik, Artean ta Iztegian, guzia edo geiena, besteak ez bezala, erregla seguruakin erakusten du, baldin euskaldun jakintzalerik bada, eta oiek, Jainkoaren gloriari ta animen onari begiratuaz, orietan dakartzien abisoak ondo ikusteko pena edo neke puska bat artzeko gogoa badute: baña lastima da: libruak irakurten ta mesede edo onegiña ezagutu ta estimatzen baño, ezker gaiztoak ematen errazago da. Nere animako sentimentu edo miña da, etsaiak alde onetatik animetan egiten duen kaltea, ta, neke gutxi bat ez lau egunean artzeagatik, nagitasunez libru onak utzi ta asko beren jakineztasun edo ignoranzia itsuan betiko geratzea. "Noiz artean, —Dabid santuarekin esan dezaket— noiz artean, gizasemeak, orren biotz pisua izango dezute? Zergatik banidade edo utsa asmatzen ta gezurra billatzen dezute!" (Psal. 4.)

Dialekto edo itzera oien gañean soseguz pensatzen duenak gauza miragarri ta ezin ukatuko dan bat aurkituko du, eta da, euskaldun bakoitzak izkera zeñ era ta armonia ederrean gordetzen duen, edo dezakean. Nafarroan len ta oraiñ, bertako ta are geiago Frantziako libruen sokorruaz, nolerebait errazago beren izkera gorde izan da; baña orrelako lagun gabe, alde oietan eta Bizkaian beren izkeran zeñ ederki iraun duten ikusteak, txit arritzen nau, ta edozeñ admira dezake: eta marabilla au ondo ikusi, entzun ta aditu gabe, ezin, ala fede, sinistu liteke.

Ainbeste milla anima edo gizon ta andrerekin igaroko ogei ta ainbeste urteetan Probinzia oietan Mixioetan jardun bear izan det: eta egunoro ta geiago admiratu izan nau guzietako ta, ez gutxiago, Bizkaiko itzegiteko era ta armoniak. Besteak bezeñ ondo, ta gauzaren batzuetan bearbada obeto, izkeraren legeak an gordetzen dituzte. Guziok Señorioko, Nafarroako ta emengoa ondo bageneki, añ ederki batean, nola bestean ta iruretan, boz, itz edo berbaz usatu ta jokatuko genduke.

Gauza bi alere onen gañean ziertoak dira. Bata, Bizkaitarrak berak, askok beñtzat, gure dialektoan berenean baño predikatzea naiago dutela: eta Bizkaiko predikadore asko gurean predikatzera oitu edo egin dirala. Bestea da, an, ta emen ere, nik ez dakit nola, baña gizon geienak moldekaiz ta gogorkiago, eta andreak berenez poliki ta emekiago itzegiten dutela. Baña orregatik, ya dakus edozeñek, ala gizaseme nola emakumeetan, euskera beti bat eta berbera dala. Gisa onetan edo bestean itzegitea, ferian edo dendan erosten dan gauza ezta: bakoitzak bere dialekto edo izkerari jarraitu ondo: oitura, usu ta kostunbrea ala da, ta aurrera ere ala izango da.

 

III

ONDO ITZEGITEKO TA ESKRIBITZEKO

MOLDE EDO ARTEA

Eskribitzen asi baño lenago munduan itzegiten zan. Baña ondo itzegitea ta ondo eskribitzea, guzia bat edo berbera deritzala, dio Quintilianok: "Mihi unum, atque idem videtur bene dicere, ac bene scribere." (L. 12 C. 10.) Onetarako lenengo artea edo erreglak eman zituena, elokuenziaren Aita, edo ederki itzegiteko moldea atera zuena, Isocrates izan omen zan. (Quint. L. 2 c. 15.)

Gramatika edo molde au da: "Ars emendate loquendi et scribendi." Esan nai du: solezismo, barbarismo, uts edo falta, gezur ta oker gabe, zuzen ta beren lekuan ondo itzak esatea edo eskribitzea: eta onetan Isocrates txit argi, zorrotz ta dilijentea izan omen zan: Latinez itzegitea, ta arte edo gramatikaz edo onen erreglaz batean itzegitea, ezta guzia bat, dio Quintilianok: "Aliud esse latine, aliud grammatice loqui." (Lib. 1. cap. 6.) Ori bera orañ: erdaraz edo euskeraz itzegitea, eta arte edo gramatikako erreglakin ondo itzegitea, ezta guzia bat: eta bat eta berbera da arrazoia.

Ondo ta bear bezala eskribitzen ta itzegiten ikasi dutenak, Isocrates baten ta gero Ciceron ta Quintilianoren alegin bizi ta berezkirozko aien dilijenziai asko zor die: ori erreglakin erakusteko, A, B, C, edo alfabetoko letra guziak banaka ikusi, begiratu ta esaminatu zituzten. Berealakoan edo beñgoan guzia idoro etzuten, ta utsak betetzea ta sobrak kentzea asko kosta zitzaien: griego ta latiña ondo jantzi ta apañtzeko, edergarri asko billatu ta beren alegin guztia egin zuten.

Gero, edo onontzago, orañ milla ta laureun urte bezala, Eleizako Eguzki argi eder San Agustin bat onetarako bere lezio ta erreglak gramatikako libru bat eskribitu, ta gazteai A, B, C-tik asi ta erakusten jarri zan. Maisuen maisu andi San Agustin bat onezaz dediñatu etzan, ta onra anditzat artu zuen neke au, Jainkoaren gloriarako ta animen onerako. Zergatik bada, euskaldunak orrezaz dediñatu bear dute? Onetan, neke gogorraz, Aita Larramendi batek jardun zuen, ta, berak dion bezala, ez bakarrik gure probinzia guztiz noblearen, ezpada Jainkoaren gloriagatik ta animen salbazioagatik, ta ori Elizako euskaldun maisu, konfesore ta predikadoreetan obeto seguratu ta errezago egiteko. Au bere marabillazko gramatikan egin zuen: obra on andia au, zerzaz pagatuko diogu?

Bizkaian, baita emen gure artean ere, sazerdote jaun asko ikusi ditut eskoletan obra on ori zelo ta arreta andiaz egiten: obra obeagorik errientzat ezin, ala fede, umeak ondo azitzea baño, egin dezakee. Argatik, maisu ta guraso umeai erakutsi bear dienak, ori ondo egiteko erreglak bearrago dituzte. Seme ta alabak txikitatik eskolan erdaraz ta euskaraz, edo guztitara, oitu bear dira, ta arrazoi gabeko lotsa beltz gaiztoa pisatu ta kentzera. Bestela, zer lotsa gaizto itsusiagorik, euskaldun galtzadun edo gizon egin bat, lau errengloi euskeraz ezin irakurririk, ez atzera ta ez aurrera, lotu-ta ikustea baño? Ta ori guzia, zergatik? Añ asia ta erraz lau egunean libru bat irakurtzen ez ekin edo jarduteagatik. Lau eguneko ejerzizio piska batekin seguru, erdaraz bezala edo aisago, euskeraz irakurtzera egingo zera: egin ta irakurri, ta nekerik ta lotsarik eztago.

Emen guraso ta maisuak falta andi bat erremediatu bear dute, ta gure euskerari orañdaño baño mesede geiago egiñ: jendeen artean beste lenguajerik euskera baño ditxa gabeagorik ezta ikusi, ta, gure jatorrizko edo jaiotzako izkera ez balitz bezala, ta euskaraz itzegitea pekaturik aundiena balitz bezala, giza artetik kendu ta lurpean ondatu nai dute, ta eskoletan sortija edo siñaleakin, azote ta kastiguakin, eragotzi nai dute: Zer erakeria itsuagorik au baño? Euskaldun prestuak, ez arren orrelako ofensarik zuen lenengo ta beti bear dezuten euskerari egin. Zuen juizioa non da? Euskalerrietan nola gauza onik izango da?

Araban nebillen batean, ango adiskide ta Erregeren guardietako kapitan baliente batek beñ esan zidan: "Aita: nola Euskalerrietan umeen aziera ona ta bear dan dotrinarik izango da, baldin euskera ondatzeko alegiñ guziak egiten badira, ta gure mutiltxo edo aurrai bildur ta azoteakin euskeraz itzegitea eragozten bazaie? Oiek berak gero edo eleizagizon edo etxajaunak izan bear dute. Eta, guraso edo kurak diranean, nola, egin premia dan bezala, beren etxe edo ergoienetan (erri txikiai onela Araban deitzen diete) dotrina erakatsi ta konfesatuko dute? Nola beren familietako artu-emanak ta beste bear diran gauzak ondo aditu ta zuzenduko dituzte? Ikusten deguna da: gazteak latin gramatika ikasten dutenean, naiz Gaztelaniaz, naiz Frantzesez, naiz Euskeraz itzegiten dute, ta ori eragozten ez diete. Gramatikako maisu famatu bat gure egunean izan zan, latin gauzak ere euskaraz erakusten zituena: ta franzes euskaldunai gramatikako erreglak euskaraz adirazi ta erakusten diezkate. Ala, ez eskolan ta ez gramatikan, euskara beñere utzi bear ezta."

Soldadu jaun onek arrazoi andia zeukan. Al datekean disparaterik bidegabeena da, euskera gazteai debekatu ta, madarikatua balego bezala, kastigatu ta eragoztea. Eskolan bertan erakatsi ordu onean, ta erdaraz jardun dezatela; baña gero libre, naiz eukseraz naiz gaztelaniaz: orrekin bietara egingo dira. Bestela Gaztelara gazteak badijuaz; an burla ta lotsa andien kostuan badere, erdaraz ikasten dute: ta nola euskera kendu zieten, ta jarduten ez duten, beren erri edo etxeetara biurtzean, alde guzietara barregarriak oi dira: ta egiaz esan oi da: gaztelania ez ikasi ta euskera bai aztu. Gero emen lotsa andiaz dakuskuna: ez itz egiteko ta ez elkar aditzeko erdarazko ta euskarazko naspilla moldakaiz eta nazkagarri bat entzun oi da.

Bedeika nik dakidan maestra estimagarri errespeto andiko bat, bere grazia onarekin ta kastigu gabe ume inozente sei urtekoai ere, euskeraz, erdaraz ta latinez berdin, txit trebetasun andiaz ta ederki lotsarik gabe irakurten erakasten diena. Ojala ori bera maisu guziak egiten balute: mutil mutu lotu motel gutxiago errietan izango litzake. Baña utsegitean, oiei sosgeuz ta grazia onean, nola ondo irakurri edo esan bear duten, adirazi bear zaie, eta ez bildur ta ikarakin. Oitu bear dira, ez emengo izkeran bakarrik, ezpada edozeñ dialektotan, eta Frantzia edo Nafarroako edo Bizkaiko libruetan ondo ta trebe irakurtera. Onetarako diran erreglak ondo gordetzen badira, edozeñ euskera txitez beraa, suabe eta gozoa ertengo da: eta deadar, izu ta golpe gabe, ezpada onez, egun gutxian ondo esanzan, ederki ta nai bezala, irakurtera gure txikiak eta andiak egingo dira. Au gauza ziertoa da.

 

IV

ONDO ESKRIBITZEKO ERREGLAK (*)

(* Aita Cardaberaz-ek emen diona konprenituko bada, arek bere liburuak erderazko ortografiaz idatzi zituala gogoan artu bear da.)

Ondo irakurteko, lengo ondo eskribitu bear da: ta nola ondo eskribitzeak, asko laguntzen duen, ala gaizki eskribitzeak, ondo irakurtea asko eragozten du. Ta ondo eskribitzea, zer da? Orthographia griegoz, ta latiñez, "Recta scriptura, vel scientia recta scribendi": zuzen edo bear bezela eskribitzeko jakindea, dio Quintilianok. (Lib. 1 cap. 7.) Juiziozko maisu, Jainkoaren zelua duenak, erraz dakus, euskeraren gramatikak zeñ arrazoi andiaz nai ta eskatzen duen, eskola-mutillak baño eskola-maisuak ori obeto jakin bear dutela, bear diran letrakin ondo eskribitzeko erreglak berak obeto ikasi ta aurrai arretaz edo kontuz erakusteko.

Usadio txarrai berneak ebaki, esan oi da: ta alferrikako letra asko utzi ta, itzez esaten edo aoz pronunziatzen dana garbiro eskribituaz, obeto ta errazago azertatuko da: onetara oitu ta egin, ta gogotik ekin, ta laster lau egunean orretara egingo zera. Bata ta bestea oiturak dakar: oiturak dakar erraztura. Askok, ez bear dan ta itzegiten dan gisa, ezpada burugabe ta nola nai eskribitzen dute, ta argatik nekez ta gaizki irakurten da. Gauza zierto ta egia bera da, juizioa duenarentzat, euskeraz eskribitzea ta irakurtea erdaraz ta latiñez baño askoz errezago dala. Euskerak beste lengoajeak baño erregla gutxiago, gutxiago eta askoz errezagoak ditu. Egia au, nai badezu, laster argiro ikusiko dezu.

Latin ta griegoak ere, Ciceron ta Quintilianok diotenez, lenago tatxa asko zituzten: gero, oarkari jakintsu oien bien erreglakin gauza askotan polikituaz, beren era eder edo primorean geratu ziran. Baña nola? Ezin kontatu alako erregla ta abisoakin. Bedeika gure euskera! bego deritza: zer du zer ikusi? Onetan pribilejiatua da: erregla gutxi, baña seguruagoakin kontentu da.

A, B, C-ko letretatik maisu orien ta San Agustin baten gisa, guk ere euskeran asi bear degu. Munduan lendabiziko letrak asmatu edo idoro zituztenak, Cadmo ta Evandro izandu omen ziran. Latiñean amasei letra jakiñak ziran: gero besteak billatu, ta orañ bear dituenak baditu: euskeran orobat ikusten da. Besteren batek, nik baño osasun ta leku geiagorekin euskerazko gauzak obeto moldatu artean, erraz ta ondo eskribitzeko urrengo erregla oiek zuk gorde itzazu:

1 Erregla: A, e, i, o, u: bost letra oiei bokalak derizte. Boakalak esan nai du, aoz bera esateko, beste letren bearrik ez duena, eta bera bakarrik berez esaten dana. Bost letra oriez euskera txit asko baliatzen da.

2-en erregla: A, B, C, edo alfabetoko beste letrai konsonanteak derizte: esan nai du, ez berez edo bakarrik, baizikan bokalakin batean aoz esaten diranak.

3. Konsonanteen artean batzuek semibokalak, besteak mutuak dira. Mutuak, edo aoz esateko ots gutxi egiten dutenak, zortzi oiek dira: B, c, d, g, k, p, q, t. Semibokalak, edo aoz esateko bokalen gisa diranak beste zortzi oiek: F, l, m, n, r, s, x, z. Oiek aoz esaten dira, efe, ele, eme, ene, erre, ese, ekis, zeta.

4. San Agustin-en lenengo lezioa da itz edo dizioen asiera, edo nola asi bear diran ta zer letrakin. Euskera, latiña bezala, letra geienaz baliatzen da, ezpada K, R, eta X-az.

5. R edo r-az asitzen dan itz, boz edo berbarik euskerak berak ez du, eta au euskeraren erregalia andia da, bada R edo r errea bere garraztasunagatik zakur-letra esan oi da. Euskerazko Dizionario edo itzen bokabularioa egingo balitz, letra R, r, oso ta bizi utzi bearko litzake. R, r, erreari aoz esaten asitzeko, E edo A aurretik beti erantsi bear zaio: ala arrazoia, errosarioa, erreka, ta orrela asitzen dira beti.

6. K. Letra onen edo griegoaren kaparen bearrik batere euskerak ezertako ez du: orren lekuan c edo q baditu: K letra onekin euskeraz ezta zer eskribitu.

7. X, x. Ekis au euskeraz berez iñoiz bear eztu: ta ori ez usatzea aurrentzat obe da: g edo gea orren lekuan badegu: ta esaten dan bezala eskribitu bear da: egenploa, egerzizioa, egerzitua ta besteak: egsaminadorea, egsaminatu, naiz esaminatu s batekin ondo esaten ta eskribitzen da.

8. H, h. Atxea letra dan edo ez, autoreen artean eztabaida andiak dira. Naiz letra naiz aspirazioa dala, edo beemenziaz soñu gogorra ematen duena, emen gure euskeran ta Bizkaian, atxe ori alferrikako edo serbitzen ez duen gauza da. H ori izketan batzuek Ge, besteak Jota egiten dute. Guk orrelako aspirazio begemente edo behementerik usatzen ez degu. Abrahan esateko, Abrajan diote. Ken ortik: gure euskera suabe eztizkoarentzat soñu ori ezta.

9. Cha, che, chi, cho, chu, euskerak txit askotan du: ta ementxe, ta onetantxe bai atxea ondo datorrela. Achaz, Achim, Ezechiaz, Joachim, ta Eskritura sagraduko Hebreoen orrelako izenak, ch orren, c edo q bakarraz eskribitzeko euskeraz, aurrentzat obe da: Acaz, Aquin ta Joaquin: ta libru berrietan Joaquin dator.

10. Q, q. Onen berririk antziñakoak etzuten, ta qu zer zan etziekiten: ta gero ere nekez artu zan. Quintilianok (L. 12. C. 10) zion, qu esatean, beste letra edo silabak latzak eta gogorrak biurtzen zirala. Latinak u erantsi zion, eta bere erregla du: "U sequitur post q semper, semperque liquescit." Biz ordu onean, edo gorde beza; baña alako u edo letrarik ezpalitz bezala, beti jan, utzi, urtu, edo desegin bear da eskribitzen dan u ori. Latinari euskerak jarraitzen dio onetan: ca, que, qui, co, cu, esaten dan bezala eskribitzen du.

11. J, j. Jota euskerarena ezta, baizik erdaratik artu edo etorria. Euskalerrietan len ia, ie, io, iu esaten zan: ta orañ ere Bizkaian askotan esaten da: ian, iauna, monîa, ta ez jan, jauna, monja; au erantsia da.

12. U, u, bokala deritzana, euskerak usatzen du; baiña V, v, latiñez konsonante deritzana berez gutxi bear du. Euskerazko itzetan, orren lekuan, B, b, esateko ta eskribitzeko errazago ta obeago du. A. Larramendik ondo dio, euskerazko itzak beren jatorrizko sustraietan ez v, ezpada B, b, dutela: bat, bi, baliente, beemente, bera, beraa, suabea, gobernatu, ta besteak. Ori bera izengañetan edo apellidoetan, Etxabe, Etxeberria, Mendizabal, Zubimendi, Zabala ta Cardabera, bere Dizionarioan dakar, eta orrela besteak; guzia be arekin: eta aurrentzat irakurten ta eskribitzen ikasteko, erregla au askoz obea da.

13. N, n: ene fuerteari berez duen indarra kentzeko, euskerak du ña, ñe, ñi, ño, ñu; erdaraz Año, daño, dueño, Señor duen ta dion bezala. Askok aurretik i bat usatzen du; baña i ori utzi, ta orobat edo berbera da; baña, baño, beñ, gañean. Aiño, daiño, dueiño, Seiñor eskribitzen ezta: baiña, baiño, beiñ, zertako? Obe da baña, baño, etc.

14. S, s, fuerteari bere indarra kentzeko, erregla ori bera gorde bear da: euskerak ña, ñe, ñi, duen bezala, aoz esateko ta eskribitzeko du sa, se, si, so, su: eta onela x edo ekisaren bearrik ez du. Auge, orige, onelage, orrelage, Eleja, gajoa ta beste onelakoak, indarra kendu ta errezago dira: ause, orise, asea, Elesa, gasoa. Bizkaian onelako asko da, emen ere bai. Oñatin azeria, edo aizaria, aseria, edo asaria diote, eta orrela eskribitu bear da. T, t, fuertearekin ori bera egin diteke. Nafarroan ta emen ere t suabeago egiteko tt bi orobat eskribitzen dituzte: Atta, gutti, egitteko, dittut, dittugu, etc., ta, te, ti, anbat da. Tata, aur bati esateko, ta, ta, edo tta tta suabeago esaten edo egiten da.

15. Ele edo ll biñaka indarra kenduaz dizio edo itzen erdia askotan ditugu; itzen asieran: llilluratu, llillura, edo begiak illuntzea, lloba ta llobaidea, besterik ez dakit ote dan. Euskeraren gauzaren batzuen gañean, A. Larramendi bera ere, erakusten dituen gauza ta erreglaren batzuez kontentu ez oi da: ala beñ baño geiagotan berak esan dit: eta, Aita Manuel batek au dionean, besteok, zer esango degu? Ala Probinzian nola Nafarroan, eta are geiago Bizkaian, itzegiteko edo aoz esatean, itz asko laburtzen dira, baita letra asko trukatu ere: b, d, f, p, t, bata bestearen lekuan: ala bekatua, pekatua; farrez, barrez; ifiñi, ipiñi, ibeñi; ofizio, opizio; alferrik, alperrik; ezda, ezta; ezdet, eztet, eztezu, eztu; ta orrela beste asko, baña jakiñak ta errazak. Uso ta kostunbreak guzia erakusten du.

 

V

ONDO ITZEGITEKO BESTE ERREGLAK

Edozeñ lengoajetan itzegiteko, aoz esan edo pronunziatu, guztia bat da: eta aoz esaten dan bezala eskribitzea, eta eskribitzen dan bezala guztia irakurtea, erregalia aundia da. Au beste izkundeak ez dute; baña euskerak bai.

Letra biñakakoen gañean erregla segurua: ll bi eta rr bi, bere dizio edo itzen erdian euskerak txit askotan ditu: ta geienean berez, oriek biak bakarrik bai, ta beste biñakako letrarik batere eztu. Latiñak puntuan beñ bb bi, cc bi, ff, gg, mm, nn, pp etec, biñaka ditu: Abbas, accuso, addo, etc. Orobat gaztelaniak: Acción, lección, etc. Euskerak, naiz birekin naiz batekin: Leccio edo lecio, erdaratik irakurteagatik, esaten ta eskribitzen du. Latinak orretan bere erreglak baditu. Euskera ariñago ta aisago dabill, ta esan dan abisoa bai, baña besteen nekerik ta bearrik eztu.

Itz edo dizioren batzuetan, nola diran —esannai, eginnai, jannai, joannai—, nn bi, batean dirala dirudi; baña orrela eskribitu arren, edo lasterka batean aoz esan arren, biñaka itz batean ez dira, ezpada bitan: esan nai, egin nai, eta orrela besteak.

Beste erregla jakiña: b ta p, aren aurretik m eskribitu bear dezu, ta ez n: ala ambat, zembat, amparoa, ampolla, ta orrela besteak esan ta eskribitzatzu.

Askorentzat nekea dirudi; baña juizioa duenak nekerik batere eztu, esaten dan bezela eskribitzean: tza, tze, tzi, tzo, tzu; tsa, tse, tsi, tso, tsu. Euskalduna bazera, alerik oartu gabe, ta alakorik ezpalitz bezala, neke gabe, zuk itzegitean, or eskribitu dan bezala, beti esaten degu. Aita Larramendik arrazoiaz ta ederki diona: tza edo tsa orretan, t eta z, edo t eta s ori, urrengo bokalarenak dira, ta, zuk aoz biziro esanaz, edo t eta z, edo t eta s, golpe batean bezala, pronunziazio edo esaera grazioso edo soñu onekoa egiten da.

Ta, egiak balio badu, beste lenguajeen aldean, ori ta orrelako beste itzak eskribitzea edo esatea, zer neke da? Otza, biotza, otsa, otsoa edo stringo, strangulo, strictura, structura, edo orrelako spectroak esaten, errezago zeñ da? Zenbat errazago da eskribitzea ta irakurtea: Atsa, aberatsa, atsoa, atsegiña, otsa, otsoa, utsa; atza, atzegin, atzo, otza, artza, artzaia, utzia, ta beste onelakoak. Nola itzegiten, ta neke gabe esaten dituzun, ala egun bian eskribitzera ta irakurtera oriek eta orrelako, aisa ta nekerik alerik gabe, egingo zera, ta erdaraz edo latiñez baño errazago. Apaiz asko txit erraz eskribitzera nere konsejuz egin dira; zu gutxiago etzera, ta bearbada obligazio geiago dezu.

Zure Jaungoikoarekiko dezun obligazio au ondo ezagutu, ta orri ondo erantzun nai badiozu, aren onrari, zure onari ta Jaunaren borondatea egiteagatik, anima askoren probetxuari bear bezala begiratu nai badiozu, besterik bear ezta, ta besterik eskatzen ez dizu, ezpada fede ta gogo onaz borondatea puska bat, eta egun gutxiago neke ariñ bat: asitzea kostako zaitzu ta, bereala, orañdañoko mamu izugarri ta egiazko iduripenak, eskuaz bezala, kendu ta aienatuko dira. Orañ euskeraren Gramatika ederra ikustera goazen.

 

VI

EUSKERAREN ARTE EDO GRAMATIKA

Munduak ikusi duen mirari andi edo marabilla guztizkoetatik bat, dudarik gabe, Arte au da. Onek, ez gizonen, ezpada Aingeruen beargaia zirudien; eta orañ egiñik begiz ikusi, ta alere ezin datekeana dirudi. Jainkoaren milagrozko obra bezala da; ta libru au eskuetan iñoiz ere artzen ez det (ta asktoan artzen ta irakurten det, ta geiago ta obeto, al banu, nai nuke) miretsi ta Jainkoa alabatu gabe. Berari milla esker, zeren Aita Larramendiri berezkirozko bear ziran argi andiak eman ziozkan, gramatikak dituen bazter guziak ondo barrendu, eta bere Arte preziosoan euskaldunai agertzeko. Lan aundi onetan, ez gizon baten, ezpada askoren burnigita edo muellerik sendoenak eten, urratu ta desegin zitezkean.

Alabantza guzien gañeko ta neke guzien eragiñen ta izugarrien au ondo ezagutzeko, gramatikaren parte ta erregladi guzien berri ondo jakin bear da: eta Artea, eskuetan artu orduko, utziaz, ezer egiten eztegu: beñ ez eze, askotan soseguz ta kontuz irakurrita ere, barrendik ondo aditzeak lana ta errua du. Au neke andia da. Juizioaz justizia egiteko ta arrazoiaz sentenzia emateko, gauza edo kausa lenago ondo ikusi, aditu ta ezagutu bear da, ta orretako, Jainkoaren argiaz, euskerari, dan bezala, begiratu ta egiari leku eman. Jainkoak arren itsuak argitu ta mutuak eskatu ditzala; gure artean askok ondo premia daukate. Bestela, Jauna, alper da Maria makillatu etc. Euskaldun alper ajolakabeai esan dakieke: Astoaren aorako eztia eztala, baña bai belarra.

Gauza ziertoa da, gramatikak dituen zortzi parteak, esamenik al datekean estuenaz, maisuen maisuak bezala an ematen dituela. Zortzi parte oiek Latiñez dira: "Nomen, Pronomen, Verbum, Participium, Praepositio, Adverbium, Interjectio, Conjunctio": ta Euskarak orrela beste zortzi ditu: "Izena, Ortizena, edo Prononbrea, Verbo edo Eraskitza, Partizipio edo Partartzea, Preposizio ordean Posposizioa du edo Beitematea, Verboari darraizkana edo Adverbioa, Interjezio edo Ezartea, ta Konjunzio edo Itsaskida, zeren parte bata bestearekin lotutzen duen.

Zortzi parte oiek bakoitza bere lekuan Arteak ederki adierazotzen ditu: ondo irakurriaz ta gogotik ekiñaz, erraz aditzen dira. Oriek guziak, uso ta kostunbreaz jakiñak dira euskaldunen artean, ta Arte gabe edo berez. Latiñak cum preposizio edo aurretik dijoan bezala, euskerak kin posposizio edo ondorengoa txit asko usatzen du. Orren lekuan Bizkaian gute gaz. Eskola-mutil bi beñ batean, euskeraren gañean, beren eztabaidetan ikusi nituen. Bata Bizkaitarra, ta bestea Gipuzkoarra zan. Beren modura aserretu ziran, ta ezin besterik egin, ta deadarrari biak eman zioten: Bizkaitarrak deadar: Kin, kin, kin; ta Gipuzkoarrak: Gaz, gaz, gaz: eta ondo aspertu ziranean, bereala pakeak egin zituzten.

Beste parteak, Berboaren aldean zer ikusirik eztute. Onen konjugazioa edo erabidea guzia bat da, ta berari dagozkion denboretan itzegiteko banaka erabiltzea esan nai du. Orren jirabuelta ta era askotako ainbeste aldaera miragarriaz, iru dialektoetan zer armoniazko musika gozoaz ta eskualdi zeñ zabalaz berboa batetik bestera darabillen ta jokatzen duen ikusi edo entzuteak, zora dezake kristaba: eta A. Larramendik onetan bere buruari ta alegin guziai gañez eragin zien. Konjugazio oiek iskilimia paregabea dira: eta euskeraren marabilla, ta nekea esan diteke onetan dagoela.

Neke puska da: I.— Zeren tza, tze, tzi, esateaz gañera, askotan itz batean oriekin izka, izki, ozka ta orrelakoak arkitzen diran: Esan giñizkitzuten, egin giñizkitzuten ta oriek bezala. II.— Itz batean euskerak askotan lau gauza, edo persona bi, berboa ta gauza esaten ditu, ta txit luze egiten da: janizangiñizkitzuten. Obe da bakoitza apartatzea ta eskribitzea: jan izan etc. Orrela irakurteko begiak ez dira izutuko. III.— Los, las, erdaraz bezala euskerak eztu, ta ala euskaldunak askotan utsegiten dute: artikulo oriek euskerak berboan daramazki. Erdararekin euskera ez aide ta ez bernaje da. Bere era edo gramatikaren parteak usatzeko moduan latiñaren antz geiago du: ta ikusten degu, euskaldun gazte askok, gaztelaniaz baño lenago, latinez, ta obeto ikasten dutela. Euskerak neke oiek beste lengoajeak berenak bezala baditu ere, bere alibio ta erregaliak ere baditu.

 

VIII

EUSKERAZKO GRAMATIKAREN

ERREGALIAK

Zer dion ez dakienak, nai duena esango du, baña juiziozko jakintsuak, dudarik gabe, egia ezagutu ta aitortuko du. Besteen aldean euskerak erregalia ta pribilejio andiak ditu: I.— Jenero ta preteritoen naspilla edo iskanbillarik, besten gisa, euskerak ez du. Ainbeste erreglarekin gazteen buruak tormentatu, eta geroenean, zer probetxu? Beti kezka, beti arazoa: ta, betiko ejerzizio ezpada, bereala oriezaz aztu. II.— Izen edo nominatiboetan, zer lanak ez dira? Latinak onela, griegoak ala. Bedeika gure euskera: bere sei kasoetan erregla jakin ta errazak beti beren oñean firmeak ditu.

III.— Ori bera bere gramatikaren beste parte guzietan seguru gordetzen du: eta au, euskera lasterrago eta errazago ikasi ta ondo itzegiteko bentaja andia dala, edozeñek dakus. IV.— Latiñez Superlatiboa ta euskeraz Guzizko edo Txitezko izena deritzana, guk era bitan degu. Bata itz batekoa eta bestea bikoa. Itz birekin egiten danak adberbio oiek: txit, txitez, guziz edo guztiz daramazki: txit ona, txitez santua, guztiz ederra, guziz galanta. Itz bateko Superlatiboa, izen bakoitzari en, bere ondoren erantsiaz, egiten da: onena, santuena, ederrena, galantena. Jaungoiko onena andiena, Deus O. M. latinak bezala, esan diteke: baita gizonen andiena, guzien gogorrena: guzietatik txikiena: baita, guzien artean santuena ere. Ederrisimo, galantisimo ta onelakorik euskerak ez du.

Egia da, A. Larramendik bere dizionario edo iztegian aldareko sakramentu guziz santuagatik, latiñetik santisimoa dakarrela: ta uso ta kostunbreak, Trinidade santisimoa ta Ama Birjiña Santisima, euskera bezala egin duela. Alere, sakramentu guziz santua ta Ama Birjiña txitez santa, añ ederki da. Ama Birjiña, euskaldunak diona, Jainkoaren amaren epiteto, titulo edo osansi ta alabanzarik ederren adiena da, zeren Jainkoaren Amak bai, ta bestek pribilejio ori ez duen. Euskaldunak konturik egin ez dute, ta ez arreteman edo aplikatu, ezen euskerak berez edo berariazko izen andigarri edo titulo ederrak, ta beren izenai erantsi ta txit egokiro, Jainkoari, Ama Birjiñari ta santuai ondo dagozkienak baditu. Ara nola.

Jaungoikoari, ta aren atributo edo perfezio esanezgarri edo inefableai dagozkienak dira: Jaungoiko guziz ona, altu, jakintsu, santu, justu, betikoa: guziz aberats, eder, gozo, ugari, liberal, ongille, eman-nai, emallea: Aita maite, maitagarri, maitetsu, urrikaltsu, beraa, piadoso, amorosoa, etc.

Jesuristori dagozkionak dira: "Jesus gure Bide, Egia ta Bizitza, Zeruko atea, gure Jaun ta Jabea: gure animen Artzai ona, gure Redentore, Salbadore, Bitarteko ta Maisua: gure Aitarik onena, Anai nagusi, Aide ta Adiskide laztana: gure bideko Gida, Lagun ta Kapitan, edo Burua: Grazia guzien jatorrizko iturria, gure biotzaren Bizitza ta Biziaren Biotza, Graziazko Biziaren Anima, Animaren Espirituaren izan ta substantzia: munduaren Argia, Justiziazko Eguzkia. Anima garbien esposa maite, Jainkozko modura enamoratua: gure Osasun ta Ondasun guztia ta Gloria bizia."

"Salomon paketsu ta Pakegillea, Konseju andiko Aingerua; Sazerdote andi, Pontifize edo Aita Santu betikoa: Aita Eternoaren Ontasunaren antz edo imagiña egin-egiña, aren Gloriaren Edertasuna, ta aren substanzia edo egiazko Izatearen itxura: birtute guzien asiera, doai guzien Jarlekua, Arri bizia, Argi ederra, Iturri ugaria, Ur gozo bizia, ta jakindea ematen duena: Arkantoi bietatik bat egin zuena. Bildots kulpa gabea, ta Arkume munduko kulpak kentzen dituena." Oiek ta Eskritura Sagradutik ateratzen diran beste onelako izen ta titulo eder asko dira: ta euskaldunentzat gauza berria badirudi ere, Eleizako, Dotrinako ta Jaunaren, eta santen alabantzarako, latiñez bezala, euskeraz baliatzeaz lotsatu bear ezkera. Noizbait asi bear da, ta beste lengoajeak bezeñ arrazoi berdiñ edo andia, ta deretxo jakin egiña degu guk edo euskerak.

Onela Ama Birjiñaren, Aingeru ta santuen izen berai ederkien datozkienak, santuetan Jainkoa bear bezala alabatzeko, atera edo egin bear dira. Bidez emen guraso ta maisuai erregutzen diet, beren etxe ta errietatik deserritu ta gaistoen itzkuntzak onda ditzatela. "Jesus demonioa" ta onelako beste itzkuntza eta ezkontza infernuko itsusiak, euskaldun ondo azi diranen aoan zeñ gaizki diruditen! Jaungoiko gizon egiazko, gure salbadoreak duen izenik andien, adoragarrien ta gozoena, ta, San Pablok dion bezala, izen guzien gañeko izena da JESUS, eta, Espiritu Santuaren grazia gabe, bear bezala, JESUS ezin esan, ezagutu ta adora diteke, ta askok maña gaiztoa artu ta orrela itzegitean Jauna ofenditzen dute.

Beste askok, gizon bat ezertako edo askotan gaia dala, edo agudo bat dala, esateko, gaztelaniatik artu ta balentiaz bezala "ori, edo urlia demonio bat da" diote. Jojou! A zer alabantza, etsairik andienaz bat egitea! Eta onela izkuntza gaistoaz askok gala egiten dute. Onelako esaerak kristau euskaldunetatik aienatu bear dira, ta kristabari dagokion juizioaz itzegin bear da.

Substantibo edo berez bakarrik esaten dan izena, ta adjetibo edo beste izenari erantsi ta darraiona, dirade, ta usatzen ditugu: Jaungoiko santu andia: ta itzoro Jaungoiko dibinoa esan biar ez da, zeren izen biak bat esan nai duten: Substantibo berekiko izenak erantsi ta elkarrekin batean esatea, euskeraren pribilejioa da, orañ urrenean A. Larramendik esan zidan bezala. Ta ala: zalbide edo zaldibidea, gurdibidea, oñ bidea esaten da: ta orobat: kristaubide, kristau fede, kristau lege, kristau dotrina ta kristau bizitza.

Diptongo ta triptongorik euskerak bere itzak irakurte edo eskribitzean eztu, ta errazago ikasteko au ere errgalia da: iru dialektoetan sinkope edo itzak-laburtze txit asko ditu. Azkenik asenta dezagun, ondo itz egiteko bear diran gramatikaren parte guziak euskarak usatzen dituela, ta banaka gora-bera ta aldaera guzietan, berariazko izkerarik egokien guziak, legerik zorrotzen guztien damu gorrian bada ere, ta beste izkerak ez bezalako neurri justu ta simetria egiñ-egiñean, era guzietara ditu, ta euskaldunak dakizki ta darabiltzki.

A baña, —dio norbaitek—, euskerak naigatik latiñ edo gaztelaniaren itzegiteko eleganzia edo edertasun ta erretorika edo elokuentziarik berez ez du! Ola, adiskidea, oriek ere baditugu? Ai gizagaxoa! Zer diozu? Gaitzak eragin al dizu? Ala fede, zer gaitz andiagorik, jakiñ-ez itsua baño? Ignoranzia edo jakin-ez triste onetan euskaldun asko aurkitzen dira, ta orrek gañez eragin ta itsu-itsuan zer dioten ere ez dakite. A dontsua! Erretorika zer dan badakizu? Non edo zertan dagoen ezagutzen ote dezu? Ara bada ikusi ezazu.

 

VIII

EUSKERAZKO ERRETORIKA

NOLA DAN

Erretorika zer da? "Ars vel doctrina bene dicendi." Quintilianok (lib. 2. C. 15.) dionez, ondo itzegiteko Arte edo dotrina da. Erretorikaren arte onek, ondo itzegiten erakusteko erregletan, bere edergarri edo itzaldiaren apaindurak, tropo ta figurak deriztenak, ditu: oiek itzen aldaera edo batetik bestera aldatzeko moduak dira. Tropoak, autoreak diotenez, berez itzetan, ta figurak gauzetan aldaera ori egiten dute, edo berenezko sentidurik beste batera mudatzen dira. (Quintil. Lib. 9. c. 1.) Tropo edo aldaera, batzuetan itz batean, metafora deritzana bezala, egiten da: besteetan, itz askotan edo itzaldi osoan, alegoria deritzana bezala.

Figurakin itzak mudatzea, Artearen erreglakin ta ederkiro beren lekuan itzak ifintzea da. (L. 9. c. 1.) Figura batzuek itzetan, besteak sentenzietan dirade. Diran guzien kontu, banaka ta txit ederki Ciceronek ematen du: (3. de Orat.) Eta au da lengoaje guzietako erretorika, ta onen erregla jakin guziak lege oietan sartzen dira. Euskaldun askoren jakineztasun edo errore itsua txit andia da, ta uste dute, erretorika ta onen erreglak ta armonia ederra, latiñarentzat baizik, edo euskerarentzat ez dirala.

Jakizu bada: I.— Erregla oriek euskeran, beste lengoaje guzietan bezala dirala, ta gure izkeran tropo ta figura diran guziak añ ederki datozela, nola latiñean ta beste edozeñ izkundetan: ta arrazoiaren argia buruan duen gizonek euskerari au ezin ukatu dio. Jakizu II.— Artezko edo erreglakiko erretorika baño izatezko edo bakoitzak bere naturalezako duen erretorika lenago dala. Argatik Quintilianok añ argiro esan zuen: (L. 2. C. 17.) "Omnia quae Ars consummaverit, a Natura initia duxisse." Arteak bere erreglakin akabatzen duen guzia, naturalezatik edo berezko izatetik asitzen dala. (L. 3. c. 2.) "Initium dicendi dedit natura, initium Artis Observatio." Itz egiteko asiera Naturalezak, Artearen asiera oarrak edo obserbazioak eman zuela. (L. 2. C. 19.) "Natura etiam sine doctrina multum valebit; doctrina nulla sine natura esse poterit." Arte edo dotrinak bere gaia naturalezatik edo berez bear duela; bestela ezer balioko ez duela, edo ezer izango ez dala.

Arte gabeko edo berezko erretorika naturala nola dan, obeto erakutsiko dizute, estudio ta eskola gabeko emakume bik: bat Gipuzkoarra, bestea Bizkaitarra, zeñai kontu grazioso bi ziertuak, orañ esango ditudan bezala, igaro zitzaien.

Andre Donostiarraren Erretorika

Beste errekardari asko oi dabiltzan bezala, au batetik bestera bere gauzak saltzen edo tratuan zebillen. Erri batean, ala bearrez, galai gazte batekin topatu zan: eta ikusi ta ezagutu zueneko, abegor txit gozo ta agasajo txit andiak egiten asi zitzaion: "Ai au enkontrua! Ziña ta bedeika! Au galaia! Au joia preziatua! Auxe bai gure Donostiako semea degula!" Onela beste milla edertasun gazte orri esan ziozkan.

Arako beren tratu-gauzetara etorri zirenean, orra non gure galaiak eskeñi txarren bat egin, ta bear etzan moduren bat errekardariari erakutsi, ta biak aserratu ziran: ta tortilla goitik bera irauli, ta andrearen beletak jirabuelta ariñ eman, ta gaztearen kontra biurtu, besoak gerrian ifiñi ta desaire guziak esaten asi zitzaion: "Nere jende onak, zer ikusi bear ote degu? Zer eskeñi degu au, edo nork egin digu? Oni begira: au nongoa ote degu? Onen patxadari begira! Ea: ken orpoetatik, koartoan bosteko estanpa: ken gure begietatik: ez guri beñtzat orrelakorik. Au nor degu? Gu español puru-puruak. Au nongoa dan ez dakigu. Gure aita ta amak frantzesak ziran: baña gu español garbiak, San Bizenteko Pontean bateatuak. Jende onak: au zer degu? Ken ortik! Ai au kontua! Deabruak ikusi du golillarekin astoa."

Eta onela beste gauza asko, edo aora zetozkionak ausardia andiarekin esan, eta galai oi lotsaturik utzi zuen: eta estudiantea bazan ere, bere legeak eta erretorika andrearenak ondatu ziozkan, ta bereak eta geiago aditu, ta geiagoren bildurrak ixillik iges egin erazo zion.

Andre Elorrioarraren Erretorika

Au, ontzia bela batean bezala, bere ibikiakin zebillen errespeto andiko bat zan. Eta zeren kontuak, nere gustoko, ta berezko ango euskeraren grazia andia duen, Bizkaitarra banintz bezala aien gisa kontatuko det.

Bizkaiko abade jakitun batek bere lloba bat erriko etxandera baten seme bakarragaz ezkondu gura eben. Baia andreak ikusirik abadeak eskintzen eutsan dotea, bere etxaguniteari eta onek zituban obligaziñoai erantzuteko adiña etzala, al egian modurik onenean eskusau iakan. Orregatik bere sazerdote iaun onek beti dote laburra opa eutsan, gero geituteko ustez; eta adietan emon gura izan eban bere llobeak zituban aide aberatsak, eta aetatik uste zituban urrezko mendiak edo ondasunak, eta etorkizun onen errezkada luze bat txito ederto kontadu eutsan.

Etxandera zindoak epe galantagaz guztia entzun, eta azkenean sezerdoteari modu onetan esan eutsan: "Eta, Jauna, zure mesedeak etorkizuna bazau?" "Ez, andrea." "Bakizu etorkizuna zelangoa dan? Zuria ala baltza dan?" "Ez, andrea." "Etorkizunagaz ian, edo edan bozu, edo beragaz bizi izan bazara?" "Ez, andrea." "Bada, Jauna, etorkizunaren barri obagorik eta segurubagorik ezpozu, zu geldi zaite zeureagaz, eta ni bere banoa neureagaz." Eta orrenbestegaz abade iakitun ori ill otza legez gogortu ta mututurik andreak itxi eban.

Orañ bada izenezko euskaldun ta sustanzia gabeko aizez beteak, esadazute: nondik Donostiar ta beste Bizkaitar onek izkunde dontsu eta erretorika añ bizi ta egokia ikasi zuten, edo nork erakatsi zien? Ez egieki zuen burutik, edo zuen erreglakin, baizikan Jainkoaren doaiez, berenez, edo naturalezaz. Lenago esan det, ta orañ berriz diot, euskeraz, erdaraz edo latiñez itzegitea, ta bear diran erreglakin ondo itzegitea, guztia bat ez dala. Orañdik urte bi ez da, au neronek, soldadu batekin igaro zitzadan egiazko lanze batean, gusto andiarekin ikusi nuela:

Soldadu Baten Izkera Preziosoa

Nadasti Jeneral zarra, ta gerra bizi oietan Prusianoaren persegidore latza serbitu zuen txit doai oneko soldadu bat topatu nuen: bera Turkiaren ondokoa, ta latiñez bere izkundean bezala jarduten zuena; baña latin bat añ graziosoa, non da bera aditzea(k) atsegin andi bat ematen zidan. Estudiorik zuen galdetu, ta etzuela esan zidan. Sazerdote, askotan ta luzaro nerekin latiñez itzegitera oitu batek eta nik, gure erreglakin latiñez itzegiten, eta guztia aditzen zigun. Baña bera, estudio eta erreglarik gabe, añ askatu, añ trebe zegoen, non aditzera txit ondo ematen zan: puntuan beñ solezismo ta barbarismo galantak botatzen zituen, baiña alakorik ez balitz bezala, farra egin ta eragiten zigun.

Argia ikusten badezu badakutsu, kristaba, soldadu ark latiñik libruetan ikasi etzuela, baña orregatik latiñez itzegiten zuen. Ori ark bereztarra edo jaiotzako izkera zuen; guk ez. Zer falta zitzaion bada? Artea, edo onen erreglak. Gure Izarrizko arrinabar edo jaspe ederrakin emen Loyolan gertatzen dana. Arri andi bat arrobitik badakarte. Maisu Iberok erdi bi egitea agintzen du: erretablorako bear duen puska bata, bere erreglak eman, ta berdinditzea, landutzea ta leundu edo bruñitzea agintzen du, ta ispillu baten gisa txitezko ederra geratzen da: beste puska moldakaitza landu ta polikitu gabe, bere artan geratzen da, edo an datza.

Orra bada gizon asko nola diran. Guziak gaiak dira, baña asko izkunde eder edo elokuenziaren erreglakin landu ta bruñituak bezala: beste asko erregla gabe beti moldakaitzak geratzen dira. Gizon gai ori landu ta leunduko bada, maisuaren erreglakin lan egin, ekin ta ekin bear da. Au edozeñ lengoajetan, ikusten dan bezala, orobat da Erretorikaren Artea naturalezari laguntzeko da: berezko izkundea bakoitzagan moldatzeko ta polikitzeko da: itzak noiz era onetan, noiz bestean, noiz estutu edo gutxitu, noiz lasaitu edo zabaldu: noiz goratu, noiz beratu, noiz luzatu, noiz laburtu erakusteko erreglak dira. Euskerak beraz itzkera añ bizi, añ gozo, añ apañdu ta ederrak nola beste edozeñ lengoajek ditu. Baña oriek ondo dakizkiena nor da?

Orañ eun urte apaiz bat Ernañin omen zan, bere ustez euskaraz ondo zekiena: urte asko da apaiz zar bati aditu niola, antziñako apaiz ori aize banoz betea oi zegoela, ta alabatzen zala, lau boz edo itz oiek: atomo, eclipse, hoguera ta horizonte, iñork ere euskeraz emango etziozkala. Aizezko arrotasuna. Apaiz orrek gutxi zekien, ori baño ez bazekien. A. Larramendik, oriek eta askoz meago ta gaitzagoak bere dizionarioan ederki dakartzi. Lausoa edo ela da Atomoa; Argea da Eclipse, edo argigabea; Sukarra edo suak egitea da Hoguera; Marboilla da Horizonte.

Zenbat ere zan apaiz ori, ez latiñez, ez erdaraz, izen egokiagorik euskerazko oiek baño: aidea, geidea, idea, edo kidea ta adiskidea, etzituen berak emango: eta era onetan orien lagun edo antzeko asko ditu euskerak.

Latiñak, cognatus, proximus, coetaneus, amicus, dio. Gaztelaniak, pariente, progimo, coetaneo, amigo. Baña euskerak: Aidea, Geidea, Kidea, Adiskidea.

Emen bidez esateko egunen izenak, ta urteko ill bakoitzaren izenak, Bizkaian ta emen diran bezala, esan nai ditut. Emen Gipuzkoan dira: Igandea, astelena, Asteartea, Asteazkena, Osteguna, Ostirala, ta Larunbata. Bizkaian orren egokiak eztira: Domeka, Astelena, Martitzena, Eguaztena, Egubena, Egubakoitza, edo Barikoa, ta Zapatua.

Urteko illen erdiak izen bana, besteak biña ta iruna dute. Lenengoan da Illbeltza. 2: Otsalla. 3: Martxoa edo Martia. 4: Aprilla. 5: Maiatza, Ostaroa, Orrilla. 6: Garagarrilla, Bagila, Erearoa. 7: Uztailla, Garilla. 8: Agorrilla, Abustua, Abostoa. 9: Burulla, Iralla, Agorra. 10: Urria, Urrilla, Bildilla. 11: Azaroa, Azilla, Zemendilla. 12: Abendua, Lotazilla.

Urtearen lau denborak dira: Uda berria edo Eralora. 2.a Uda. 3.a Udazkena edo Udatzena. 4.a Negua.

 

IX

KRISTAU DOTRINAREN ERRETORIKA

Onen gañean A. Larramendi aserrezko dago, eta arrazoi andiarekin, maisuak bezala, puntu bearren au erakusten du. Bere iztegiaren aurrenean edo prologoan, lezio jakiñ eta erregla errazak eman zituen: eta oriek ondo gordetzen badira, gure euskera txit beraa, suabe ta gozoa ertengo da. Euskerak, beste lengoaje askoren aldean, bentaja andiak ta esan diran pribilejioak ditu, ta gramatika justu edo egiñ-egiñaren orazio edo itzaldiaren zortzi parteak txit ederki usatzen ditu, ta bakoitza bere lekuan zuzentzeko erregla seguru ta errazak ditu.

Orregatik añ laster ta añ erraz euskera A. B. Recio batek ikasi zuen: ori bera gero A. M. la Portak, ta A. F. Beliciak ta beste askok. Onetarako, edo erraz ta ondo ikasteko, itzegiteko ta eskribitzeko, euskerari besteen aldean asko laguntzen dio, besteak bezala, letra asko edo itzen erdiak ez jatea(k), baizik, libruan dagoen bezala, guzia aoz esateak. Naspilla gabe ta garbiago da onetan euskera: eta izkera obeto egiña edo perfezio geiago duena, ori da. Esan dan guzia euskerak orobat Jaungoikoaren gauza altu andietan, nola emen beko edo bestelako jakiñetan, bere erreglakin osoro ta ederki gordetzen du. Ta ori da, ta ez besterik, egiazko erretorika edo elokuenzia egiñ-egiña bera.

Gaberdi illun batean ta arantzaz alde guztietatik beterikako bide batean bezala, euskara edo euskaldunak zebiltzan: ta A. Larramendi, berari bakarrik zegokion ausardi justuaz, beargai edo irteziñ onetan sartu zan. Gizon baten ezeze, askoren diña zan egitekorik gaitzen onetan, berariazko ta berezkirozko Jaungoikoaren argi ta doai gabe, Aita Manueli berari esan izan diodan bezala, ez berak ta ez bestek ezin gauz onik egingo zuen. Alere bere edadearen lorean guzia benzitu ta guzia egin zuen.

Baña lan gogor onetan A. Manuelek artu zituen neke latz eta garratzak gure Probinzia guziz noblearen gloriagatik bakarrik izan etziran: gorago ta altuago begiratzen zuten. Esan nai det, beñ ta berriz berak dion bezala, Jaungoikoaren onrari ta animen onari begiratzen ziola, ta ori aren neke guzien azken fiñ eta koroa izan zala: gure Jainkoaren lengoaje bizi bakar au animen salbaziorako landu ta polikitzea: onetan bere alegiñaz alegindu edo esmeratu zan, ta Jaunaren dotrina ta legea bear bezala erakusteko bide zuzen segurua berak agertu ta argitu zuen.

Zeruko maisu edo Jesukristo beraren egiteko jainkozkoa da zeruko bide edo dotrina, fedea ta legea, ez dakitenai ondo erakustea: Jaungoikoa ezagutu ta amatu dezaten argia ta eskua ematea, egiazko ta zeruko erretorikaren erregla ederrakin au egiteko, urrengo abisoak maisu euskaldunak gorde bear ditu.

I da: Nolako erreberenziaz dotrina

artu bear dan.

Jaungoikoaren itza ondo ikasteko ta erakusteko, esan ta entzun bear da. Baña nola? Au bear bezala ezagutu, pisatu ta esaminatzeko, ni sator itsua naiz, ta besteak nere lagunak: zeruko urregille, lapidario edo artisjakin linzeagoa bear degu: beste Agustin bat edo maisuen dotore, dotoreen maisu ta Eleizako zeruaren Eguzki argi eder, munduko ikasle guzien Erakaslerik jakintsuena: onek iñork ez bezalako lezioak ematen dizkigu, ta Jainkoaren Itzak zenbat balio duen erakusten digu. Ta San Agustin batek zer dio?

Leku batean Santuak dio, Jainkoaren Itza ta dotrina zeruko arririk ta perlarik preziatuenak ta urrezko zirzilluak bezala dirala. (Hom. 26 ex 50.) Beste sermoi batean Jainkoaren Itza ta Jesukristoren Gorputza balio ta estimazio berdin batekoak egiten ditu: ta argatik dio: "Quanta solicitudine" nola erreparo ta erreberentzia al dan andienaz Jesukristoren Gorputza komulgatzean artzen degun: "tanta solicitudine observamus ne verbum Dei quod nobis erogatur, dum aliud aut cogitamus aut loquimur, de puro corde deperiat": ala, ta neurri artan bertan Jainkoaren Itza artu, entzun ta gorde bear degula. Ta Kristoren Gorputza errespeto gabe artzen duenak baño, Jainkoaren Itza arreta gabe artzen duenak kulpa gutxiago ez duela.

II da: Dotrina erakusteko nola

prestatu bear dan

Ala Bizkaian nola emen, zelo andiko sazerdote jaun ta animen artzai lezio au ondo artzen dutenak dirala badakit. Oien beren dotrina, itzaldi edo sermoiak euskeraz eskribitzen dituzte. Ala fede, nekea da; baña neke guziak amorioak benzitzen du. Itzez esan edo erakatsi nai dutena, kontuz onela eskribitzea askorentzat txit erazko konbeni dan bidea da. Bakoitzak bere errikoakin itzegin oi duen bezala, bere erara lenago paperean ezarri, kontuz etxean nai bezala irakurri, ta gero pulpituan, errespeto andiagoaz, errazago, gogotikago ta biziroago, esango du.

Gaztelako Eleiza askotan agindurik dago, ta gizon jakintsuak ere libru edo paperik pulpituan esan ta dotrina erakusten dute. Munduko esamesak oñperatu, ta gure euskaldunak ere au egitea obe litzake: obeto milla bider esan, ta frutu geiago aterako litzake. Onela guziak berdiñ ta guzien nekea arinduko litzake. Onetan nik dakusdana, ta juiziozko persona aditu askok diona da, Jesusen Biotzeko platika edo dotrinak txit ederki irakurten, gustoz ta debozioz entzuten dirala. Gauza argiago ta obeagorik oriek baño pulpituan esaten ez dala, askok senti dute ta esan oi dute. Ori guziak txit klaro ta kontentuz aditzen dute: lezioa egiten duenak paperetik errazago irakurten du. Pakez ta soseguz beti dotrina, ta al bait ere aserratu gabe, obeto aditu ta biotzetan sartuko da; eta ori euskerarik al dan jakiñen ta klaruenean.

Gure fede ta lege santuak, ta Jainkoak naien dituen dotrina-gaiak edo asuntoak, eta enzule edo auditorioak bearren dituenak, dirade geiena konfesio ta komunio gaizki egindakoen gañean: eta ori, bear dan esamen konzienziakoaren faltaz edo lotsaz, ta maliziaz pekatuak ez ondo esanaz, edo penitenziak ez kunplituaz, biotzeko damu ta are askoz geiago egiazko proposituaren faltaz, nola pekatuen bidetik ez aldegiñaz, konfesio ta komunio asko txit gaizki egiten diran.

Batzuetan, nola ondo konfesatu ta frutu andiaz komulgatu bear dan: nola Jaunari graziak eman, ta zer denbora artan eskatu bear zaion: zer fede, errespeto ta debozioaz mezatan, Santisimoaren aurrean ta eleizetan egon bear dan. Besteetan, juramentu, birau ta maldizio, ezin-ikusi, aserre, gorroto ta etsaiai ez barkatu naiaren gañean, edo gaitz iriztez, edo deseozko pekatuen gañean: ejenplo gaizto edo beatztopa ta eskandalo, tabernako jokoko egoera luze ta edaleen griña itsu, aragizko gusto itsusi, jolas edo ibillera torpe, itzketa edo deseo galduen gañean; eta bakoitzari berea ostu edo gaizki kendu edo artua, aldian puska badere biurtzeko obligazio estua, ta orretara bereala asitzeko bideak.

Dotrinaren puntu txit bearrak dira, umeak Jainkoaren bildur santuan azitzeko legeak: guraso ta familia-buruak oriek ondo zuzentzeko, eta umeen gurasoakiko amorio, obedienzia ta errespetoaren oblizioak: dotrina ikasi ta erakustea, konfesatzera bialtzea, lagun onakin ibilli ta goiz etxeratzea, etxeko pakea, ta elkar ondo artu ta ikustea: bere ta etxekoen estura, gaitz edo nekeak pazienziaz ta Jainkoaren izenean ondo eramatea: nola orietan, Jaunaren erregalo ta gorañtzi gozoetan bezala, aren borondatea egitea, Jesus onaren zerurako bide erreal segurua dan: nola gure ditxa guzia, gure borondate ukatu, autsi, ta ez ori, ezpada Jainkoarena egitean dagoen: bakoitzak bere estadu ta bizi-moduko gurutze ta karga amorez egunoro artu ta Kristori gogotik jarraitzean dagoen. Eta au Jesus beraren dotrina, egunoro bearren deguna, ta egunoro erakatsi ta predikatu bear litzakena da.

Onetako gai guziz Jainkozkoa da, San Juan dizipulo amatuak egunoro ta beti aoan ta biotzean zekarren dotrina: "Jainkoaren umeak elkar ama ezazute": nola karidade onezaz Lege santu guzia kunplitzen dan, ta Jainkoaren alaba estimatuen ta maiteena nola geide edo projimoaren amorio au dan: zuretzat nai dezun guztia zure projimoari zuk egitea: ta zuretzat edo zuri iñork egitea nai ez dezuna, zure geideari ezertan zuk ez egitea, nola Jainkoak eman dizun neurri ta erregla bakar justuena dan. Zure lagun urkoarentzat zuk beti biotz beraa idukitzea, ta animarako ta gorputzerako al dezun on guzia ari egitea, Jainkoaren zeñ marka ederra dan, ta Jainkoaren Biotzaren antzekoa nola zurea ortik egiten dan.

Azkenik, nola miserikordiazko obra, limosna ta besteak pobreai Jainkoaren izenean edo amorez egitea, zerurako ondasun andiak biribillatzea, ta Jesusen Biotzean gordetzea dan: eta, bere Ebanjelioan dion bezala, azken juizioko egunean, miserikordiazko obra oietatik, bear bezala egin edo ez egiñetik, onai ta gaiztoai zeruko edo infernuko sentenzia Kristok nola emango dien. Orduan, guzientzako Juezaren pagabide edo aranzel berdin justua, miserikordia izango da.

Guzien Errege ta Juez oni nai dakiola, gure probinzia guziz noble onen buruak bere antzera egin, ta miserikordiaren balioa ondo ezagutzeko, bere argiaz zuzendu ta erri jakinenetan animen onerako onelako miserikordiazko etxe onak jasotzera animatzea. Oietan pobren gorputzetako alibio ikusten danak, ez du zer ikusi aien animetan egiten dan onarekin. Milla bider orietako miserikordiazko miserikordiazko obra espiritual andiak, korporalak baño geiago balio dute.

A Jaun prestuak! "Miserikordia nai det ta ez sakrifizioa", dio guzien Jabeak ta Juezak. Miserikordiaren eske dabil Kristo, ta ez beretzat, baizik zuentzat. (Matth. 12.) A, ta zenbat anima galdu miserikordiaz irabazten diran! Orregatik pobreak zuen artean beti, Kristok dionez, izango dituzute. Erri-bestekoai beren libertade eskekoa kenduko etzaie. Baña orien artean zenbat dabiltza, ta nork daki nola ta zer legetan? Ez dotrinarik dakiten, ez ezkonduak ala bestelakoak diran, non da noiz konfesatzen diran: Erriko ta Eleizako buruen kezka, ta oriekin ezin buruatua; zeren batetik bestera igeska dabiltzan. Ta zenbat, Sakramentu ta konfesio gabe, gaizki bide orietan illik topatzen dira?

Neke puska da errietan orretarako bide seguruak edo errentak arkitzea. Alere miserikordiak guzia berdintzen du. Erri askotan orañ egiten dan limosnaz, zierto da pobre asko bizi dirala. O Jaunak! Eta zenbat zeruko bendizio ugari eder andiak pobreen orazioetatik zuen animetan, etxe ta errietan ikusiko diran!

Eta ona non dotrina-gai edo asuntorik bearrenak esan ditugun: eta Espiritu Santuak, Trentoko Konzilioan nai dituen gaiak, gaitzetik iges egin ta onari jarraitzeko, oietara datoz. (Ses. 5. C. 2.) Orien berri ematea igande ta jai andietan: "Diebus saltem Dominicis et Festis solemnibus... cum brevitate, et facilitate etc." Askotan, ta laburtxo, ta erraz adituko dan izkeran nai du. Noizean beñ ejenplotxo bat kontatzea, urrezko iltze batekin bezala, dotrina gure euskaldunen biotzetan jositzea da. Pekatuen kontra aserre-aldiren bat iñoiz bear badere, baña guzia pekatarien amorez, guzia pakez, pazienzia ta espirituko suabidadez beterik, San Pablok dionez: "Argue, obsecra, increpa in omni pacientia, et doctrina" (2. Tim. 4.) "Instruite in spiritu lenitatis". (Gen. 6.)

Konfesore ta predikadore jaunak, Maisuak bezala, begien aurrean idukitzea nai nuke, gure jendetxo onak, agitz geienetan birtuteen edertasun ta amorez, pekatuen itsustasun ta gorrotoaz baño, Jainkoagana erakartea obe dala. Lenengo bide seguruago ta prestuago baizik ezta: ta birtuteai jarraituaz, obeto ta errazago orien kontrako pekatuetatik iges egiten da: bide onetatik lasterrago ta frutu geiago anima onetan egingo dute.

Jainkoaren dotrina bear dan fede ta debozioaz esateko, lenagotik ondo pensatu, begiratu, ikusi ta ikasi bear da; eta ori, latin edo gaztelaniarik munduan ez balitz bezala. Au egiten duen euskaldunak, nere kontu, dotrina ondo, eskribitu, ikasi, esan ta adierazoko duela. Latin edo gaztelaniatik euskerara biurtu nai bada, ori ondo biurtzeko edo traduzio onaren legeak gorde bear dira: eta ez itzak berak, ezpada oriek esan nai dutena, edo orien sentidua ondo pisatu, ta euskeraz nola ondo esango dan kontuz konsideratu, ta ori eskribitu bear da.

Beste izkerak bezala, gureak ere bere itzaldi egoki txit biziak, berezko ta berariazko ederrak ditu. Baña erdarak era batera, ta euskerak bestera. Onek era postpositibo, ta ark prepositiboan. Esan nai du: gaztelaniak beti aurretik dakarrena, euskerak azkenerontz beti botatzen duela: eta itzak beren lekuan, gaztelaniaren kontra ifintze orretan, euskeraren era eder, aire edo txiste guzia dago. Bestela itzez itz erdaratik euskarara biurtzen badezu, txit itsui, doakabe edo moldakaitz irtengo da, eta mutillak esan oi dutena: "comer aviamos echo nosotros: bien que está, Padre", eta "a ti la lengua que no te saque pues". Itzez itz biurtzea orra zer dan. Eta edozeñ lengoajetan orobat da.

Lenago ondo prestatuta ere, Jainkoaren itz santua bear dan errespetoaz artzean lana dago. Ciceron tristea, lurreko onragatik, bere erretorika guziaz, zeñ ere zan, ta lenago alegiñ guziaz prestaturik zeñ ere zegoen, alere Erromako Jaunen aurrean itzaldia asitzeko, utsegiteko bildurrak beti, berak dionez, artzen zuen. Jaungoikoaren lege ta dotrina, Ciceron-en egitekoen aldean, zeñ gauza mea, preziatua ta andia dan, edozeñek dakus. Latin usia puska bat duen gizon juiziozkorik nor da, erdaraz edo euskeraz sermoi bat irakurri ta beste gabe, latiñez pulpituan predikatuko duenik? Itzoro galdu ta trabukatuko litzake. Bada euskerazko erretorika berbera da, ta erregla ta lege berdiñak dira. Probetxoai erakasi bear zaien Jaunaren dotrina, ez banoan, ezpada benerazio guziaz artzeko gauza da.

III.— Dotrina galdetzeko ta esateko

modua

Dotrinaren puntutxo oiek eskribitzen nagoela, ill berri triste bat etorri da, edo sazerdote J. D: Ignazio Iturbe, igaro dan egunean nola uste gabe ta bat-batean ill-otza gelditu dan: Jainkoak bere glorian duela. Onek, Billa-erreal-ko Bikario zala, jai-egun guzietan dotrina egin edo esplikatu oi zuen, ta txit atsegin andiaz askotan aditu izan nuen. Onen jarduera santu edo ejerzizio era guzietara ederra ta erraza zan, eta onela egiten zuen.

Eleizan zeuden guziak berarekin batean belauniko jarri, soseguz boz altuan ziñatu, kontrizioko aktua egin, ta entzunleak esertzen ziran: era onetan bera pulpituan zutik zegoela, eskolan bezala ta paperetik, kartillako orazioak berak klaru esan, ta tonu artan esanaz, guziak erantzun edo esaten zituzten: Aita G., Abe M., Salbea, Kredo ta Artikuloak, Legeko ta Eleizako Mandamentu, Sakramentu ta miserikordiazko obrak. Zer jarduera edo praktika ederrago ta bearragorik oriek guziok ta kontriziozko aktua egitea baño? Orrekin lotsa ta bildur gabe guziak berdin: txiki ta andi, gazte ta zar, gizon ta andreak, betiko esanaz, erdi lotan bazeuden ere, nai ta nai ez bezala, guzia ondo ziekiten.

Ejerzizio eder onen ondoren, dotrinaren puntu berariazko bat berak azaltzen edo esplikatzen zuen: ez luze ta ez labur, bere neurri onean; baña bere euskera klaru, egoki ta errikoai akomodatu ta zegokienean: texto edo latiñik batere gabe, aserre edo inkietaziorik alerik gabe. Ala auditorio guzia aoak txabalik, txit gustoz ta debozioz egon oi zan. Au berau egiten duten beste Artzai onak badira. Ojala guziak berdin onela beren eleizetan egiten badute. Oriek jakinde edo estudio andirik ez idukiarren, marabilla aundiak orien paperetik ikasiko lirake.

IV:— Dotrina galdetzeko modua.

Espiritu Santu, egun oietan etorri zanak, gure biotzak emen argitu ta bere amorez zuzen ditzala. Puntu onetan, nola Euskalerrietan era edo manera jakiñik ta guzientzat berdiñik orañ artean izan eztan, egokiro itzegitea erraz ezta. Gure itzaldi ta izkera geienetan uts egiten degu: ta orañgoa ezta. San Agustin batek zion: "Multa improprie loquimur, pauca proprie; intelligitur tamen quid velimus". Esan nai du, gauza asko ez-egokiro ta gutxi egokiro, ondo ta bear bezala, esaten ditugula: alere elkar edo zer esan nai degun aditzen degula. Jakintasun bere parerik munduan ikusi etzuenak, edo Agustin batek añ umilkiro ta ederkiro au badio, besteok zer esan dezakegu?

Animen kargudun edo dotrinako esaminadoreai lastima andia diet: eta gure jende jakin-ez gaxoakin pazienzia zabala bear da, eta au baño ere prudenzia andiagoa nai da, pobretxoai txit beren erara galdetu ta badere, bearren dan dotrina ondo aditzen duten ikusteko, edo dakitena nolerebait ateratzeko. Ondotxo bada, ta suabero artu ta gauzarik errazen ta jakiñenetatik galdetzen asi bear da; orrela animatu, ta lasterrago ta zuzenago ikasi dutena erantzungo edo esango dute.

Bestela gogorki estu edo txorrotzegi artzen badira, lotsatu, bildurtu ta ebakiko dira ta gauz onik egingo eztute. Ziekiten dotrina-puska bera ere, nastu ta oker edo gaizki esango dute; ta bear dana dakiten edo ez, orduan ta orrela esaminadoreak juiziorik ezin egin dezake. Eskusatu, bada, arren, Jaunak, eta geienean alde batera jende itsu gaxoai ondo ez datozkien galde edo preguntak utzi: seguru ez dakizkite, ta orien premia edo jakin bearrik ez dute. Emen era betera guziai dotrina galdetzeko erregla laburtxo bat edo ejenploa falta da.

Kura jaun guzien biotzak Espiritu Santuak argitu, berotu ta giatu ditzala, beren ejenplo ta dotrinarekin anima asko salbatzeko. Amen.

Onen ondoren librutxo bi laster aterako dira. Bata, "A. S. Ignazio-ren Ejerzizio-en gañean afektoak, beren ejenplo ta dotrinakin".

Bestea: "Ondo iltzen ikasteko ta ondo iltzen laguntzeko ejerzizioak".

Azkenik, Jainkoak nai badu, A. Astete-ren Dotrina Kristiana edo Kristau Dotrina, gure euskera garbian; baña emen usatzen dan izkerarik jakiñenean; uste ta alegin guziaz ondo limaturik, eta Probintziako ta Bizkaiko gure euskaldun onenak, ta Teolojiako maisu askok urrezko librutxo oni dagokion estimazioak, txit ondo ta kontuz ikusi ta begiraturik.

Aita Mendiburu-ren zelo andiak Nafarroako erara libru eder probetxuzko asko atera dituen bezala, Jainkoaren ontasunari eskatzen diot, Bizkaiko biotz nobleren bati ango era ta dialektoan zeruko dotrina ta ejenploen libruak ateratzeko, arren argi, zeloz ta gogoz bete bat eman diozala. Alper alperrik leiatzea da: animen onerako, Bizkaiko, Nafarroako ta Gipuzkoako iru dialektoetan eskribitzea, guztiz premiazko ta gauza txit bearra da. Gure izkera, beste bien erdikoa bezala, Nafarroan, baita Bizkaian ere, geiena aditzen da. Baña ez Nafarrak Bizkaikoa, ta ez Bizkaitarrak Nafarrena aditzen dute: ta bata besteagandik urruti ta bakoitza bere bidetik dabill. Jainkoak guziak zuzen ditzala bere gloriarako. Amen.

 

Bertsio informatiko honen egilea: Aitor Arana Luzuriaga

Atzera